KANTU LEZIOA
Etsipenean erorita etsipen hotz eta samina bihotz barru-barruraino sartutako labana zital bat bezala, Meadows andereñoa, toga eta birreta jantzita eta batuta txiki bat eskuan zuela, bizi-bizi zihoan musika aretora igarobide hotzetan zehar. Adin guztietako neskak, freskurarekin musua gorrituta, eta udazken goiz eder batez eskolara lasterka etortzeak dakarren zirrara alaiz gainezka, han zebiltzan presaka, saltoka, zalapartaka; ikasgela barruetatik ahots errepika arin bat iristen zen; txintxarri hots bat aditu zen, txori antzeko ahots batek hots egin zuen: «Muriel». Eta orduan eskailera aldetik sekulako danbatekoak iritsi ziren. Norbaiti soinketako pisuak erori zitzaizkion.
Zientziako maistrak Meadows andereñoa gelditu zuen.
Egun on hots egin zion bere hizkera gozo, itxurati harekin. Hotz dugu gaur. Negua dirudi.
Meadows andereñoak, bere baitako labanari helduta, gorrotoz begiratu zion zientziako maistrari. Hura bai emakume gozoa, zurbila, eztia bezalakoa. Ez zen harritzekoa izango, ile horixka haren kizkur artean erle bat topatzea itsatsita.
Zakarra, bai esan zuen Meadows andereñoak lehor.
Besteak bere irribarre azukretsu hura egin zion.
Izoztua ematen duzu esan zuen. Zabal-zabal egin zituen bere begi urdinak; isekazko argi bat agertu zen haietan. (Zerbait igarri ote zuen?)
O, hainbeste ere ez esan zuen Meadows andereñoak eta, lehengo irribarrearen ordainetan, zientziako maistrari imintzio bizkor bat egin eta aurrera jarraitu zuen...
Lau, bost eta seigarren gelak musika aretoan zeuden bilduta. Gortzekoa zen hango zarata. Taulada gaineko pianoaren ondoan zegoen Mary Beazley, Meadows andereñoaren kutuna, akonpainamenduen jotzailea. Atrila jiratzen ari zen. Meadows andereñoa ikustean, abisuzko «Ixx! Aizue!» ozen bat esan eta andereñoa, eskuak mahuka barruetan atxikirik, batuta besapean, erdiko korridoretik etorri, mailadia igo, bat-batean jiratu, letoizko atrila hartu, bere aurrean tinkatu, eta bi takateko zorrotz eman zituen batutarekin, isiltasun eske.
Ixo, mesedez! Bizkor! eta inorengan erreparatu gabe, begiradarekin zeharkatu zuen itsaso hura, flanelazko blusa koloretsuak, aurpegi eta esku arrosak gora-behera, tximeletazko txibistak buruetan dar-dar, eta musika-liburuak zabalik. Ongi asko zekien zer ari ziren pentsatzen. «Meady zaputzean dago». Pentsatzea zuten bada! Betileek dar-dar egin zioten; burua astindu zuen, desafioka. Zer axola zion umemoko haien pentsamenduak hilzorian odolusten zegoenari, bihotza bi puska eginda halako gutunarekin...
...«Gero eta argiago nabari dut: gu bion ezkontza akats bat izango litzateke. Ez da maite ez zaitudalako. Nik emakume bat maita dezakedana hainbat maite zaitut, baina, egia esateko, ezkontzen diren horiek ez bezalakoa naizela atera dut ondorioa, eta familia bat sortzearen ideiak zera sortzen dit,...» eta «nazka» hitza arin-arin ezabatu eta «damua» zegoen gainean idatzia.
Basil! Meadows andereñoa piano aldera hurreratu zen. Eta Mary Beazleyk, une harexen zain, burua makurtu zuen; masailetan behera erori zitzaizkion ile kizkurrak, xuxurlatu zuenean:
Egun on deizula, andereño eta, eman baino areago, krisantemo hori eder bat seinalatu zion andereñoari. Aspalditik zetorren lorearen erritu txiki hau, ikastaldi eta erdi edo. Lezioaren parte bat zen, pianoa irekitzearen pare. Baina goiz honetan, hura hartu beharrean, gerrikoan jarri eta Maryrengana makurtuta esan beharrean: «Eskerrik asko, Mary. Zer ederra! Ireki ezazu hogeita hamabigarren orria», hura izua Maryrena andereñoak krisantemoa batere aintzat hartu ez, diosalari erantzun ez, eta ahots izoztu batez esan zionean:
Hamalaugarren orria, mesedez, eta ongi markatu azentuak.
Hura txunditzea! Begietan malkoak agertu arte gorritu zen Mary, baina andereñoa joana zen atrilera; areto osoan zabaldu zen haren ahotsa.
Hamalaugarren orria. Hamalaugarren orrian hasiko gara. «Lantua». Honezkero jakin behar zenukete. Dena osorik egingo dugu, zatika ez baizik osorik. Eta sentimendurik gabe. Soil-soil kanta ezazue, ezkerreko eskuaz doinua eramanez.
Makila altxatu zuen; bi aldiz jo zuen atrila. Han hasi zen Mary hasierako akordearekin; han hasi ziren ezker esku guztiak airea joka, eta ahots gazte, goibelen korua:
Bizkor! Ai, bizkor ihartzen da pozaren arrosa;
Laster da udazkena negu beltz.
Arina! Ai, arina da musikaren doinu airosa
Badoa belarri ernetik ihes.
Jainko santua, lantu hura baino garratzagorik! Nota bakoitza intziri bat zen, zotin bat, hasperen goibel latz bat. Andereñoak toga zabalaren besoak goratu eta esku biekin hasi zen zuzentzen. «... Gero eta argiago nabari dut: gu bion ezkontza akats bat izango litzateke...» eraman zuen doinua. Eta ahotsek negar egin zuten: Arina! Ai, arina. Zer deabruk idatzarazi zion gutun hura? Zerk eraman zuen horretara! Ez non eta ez han. Hark azken gutunean haritz keztatuko apal bat aipatzen zuen, «gure» liburuentzat erosia, eta «sarrerarako esekileku txiki dotore bat» ere ikusi zuela, «erpinean zurezko hontza bat, atzaparretan hiru eskuila dituena kapeluentzat». Zer barrea hura irakurrita! Gizona izan behar, kapeluentzat hiru eskuila behar direla pentsatzeko! Belarri ernetik ihes, kantatu zuten ahotsek.
Berriro esan zuen andereñoak. Baina oraingoan zatika. Sentimendurik gabe atzera.
Bizkor! Ai, bizkor. Lehenaz gain, kontraltoen goibeltasunak hotzikara handitzen zuen. Ihartzen da pozaren arrosa. Azke- neko etorri zenean, Basilek arrosa bat zeraman paparrean. Oso egoki zegoen, janzki urdin argi hura eta arrosa gorri ilun harekin! Hark ere bazekien, bai. Jakingo ez zuen! Lehenbizi ilea igurtzi zuen, gero bibotea; irribarre egitean hortzek distiratzen zioten.
Eskolako zuzendariaren emazteak afaltzera gonbidatu nau berriro ere. Istilu gorria dut. Ezin arratsalde bakar bat ere neure buruari eskaini leku horretan.
Ezin diozu ezetz esan?
Bai baina, nire posizioko gizon bati jendearekikoa izatea komeni zaio.
Musikaren doinu airosa, egin zuten ahotsek intziri. Sahatsak, leiho garai estuen bestaldean, haizetan zebiltzan. Galduak zituzten hostoen erdiak. Eusten zioten txikitxo bakanak, arrainak amuan bezala bihurritzen ziren. «...Ezkontzen diren horiek ez bezalakoa naizela...» Ahotsak isilik zeuden; pianoa zain.
Ederto esan zuen andereñoak, baina oraingoan ere hain doinu berezi, elkorrean non neska gazteenak erabat beldurtzen hasi ziren. Ikasi dugunez, orain sentimenduarekin egingo dugu. Ahal duzuen sentimendu guztia jarri. Hitzak gogoan izan. Erabili zeuon irudimena. Bizkor! Ai, bizkor hots egin zuen andereñoak. Lantuaren sarreran, forte ozen, indartsu bat. Eta gero bigarren lerroan, negu beltz, kanta ezazue beltz, tartetik haize hotza balebil bezala. Beltz! esan zuen, hain izugarri non Mary Beazleyk dar-dar egin baitzuen bere aulkian. Hirugarren lerroak crescendo bat izan behar du. Arina! Ai, arina da musikaren doinu airosa. Gogor ekiteko azken lerroko lehen hitzari, Badoa. Eta ondoren, belarri ernetik hitzetan, hasi makaltzen... itzaltzen... ihes xuxurla ahul bat besterik ez den arte... Nahi hainbat moteldu azken lerroa. Ea bada.
Berriro bi takateko arinak; besoak jaso zituen berriro. Bizkor! Ai, bizkor. «...eta familia bat sortzearen ideiak zera sortzen dit, nazka...» Nazka idatzi zuen. Ezkontzeko hitza erabat hautsita zegoela esatea bezala zen. Hautsia! Ezkontzeko hitza! Jendea nahikoa harritu zen ezkontzeko hitz harekin. Zientziako maistrak hasieran ez zuen sinetsi. Baina bera harritu zen gehien. Berak hogeita hamar urte. Basilek hogeita bost. Miraria izan zen, erabateko miraria, gau guztiz ilun hartan elizatik etxera zihoazela hari entzutea, «Aizu, nola edo hala, gustukoa zaitut». Eta hark ostruka-lumazko larrukiaren muturretik heldu zion. Badoa belarri ernetik ihes.
Berriro! Berriro! esan zuen andereñoak. Sentimendu gehiago, neskak! Ea beste behin!
Bizkor! Ai, bizkor. Neska zaharrenak gorri-gorri zeuden; gazteenetako batzuk negarrez hasi ziren. Euri zipriztin handiek astindu zituzten leihoak, eta sahatsen marmarra ere aditzen zen, «...ez da maite ez zaitudalako...»
«Baina, laztana, maite banauzu», pentsatu zuen andereñoak, «berdin zait zenbat den. Oso gutxi maite nahi banauzu ere». Baina bazekien ez zuela maite. Ez zen bada hura arduratu «nazka» hitza ezabatzeaz, berak irakur ez zezan! Laster da udazkena negu beltz. Eskola ere utzi beharko zuen. Kontua zabaltzen zenean, ezingo zien aurre egin zientziako maistrari edo neskei. Norabait ezkutatu beharko zuen. Badoa. Hasiak ziren ahotsak makaltzen, itzaltzen, xuxurlatzen... aienatzen...
Bat-batean atea zabaldu zen. Urdinez jantzitako neska koskor bat milika joan zen korridorean zehar, burumakur, ezpainei hozka, eta zilarrezko zirgilo bati eragiten bere ukondo txiki gorrian. Mailadian gora etorri eta andereñoaren aurrean geratu zen.
Zer dugu, Monika?
Arren, andereño esan zuen neska koskorrak hats-bahi, Wyatt andereñoak zurekin egon nahi du irakasle gelan.
Ongi esan zuen Meadows andereñoak. Eta neskei dei egin zien: Zuen ohoreagatik, isilik mintza zaitezte ni ez nagoen bitartean.
Baina etsiegi zeuden ezertarako. Gehienak sudurrari zintzaka.
Igarobideak isil eta hotz zeuden; oihartzun egiten zuten Meadows andereñoaren urratsekin. Idazmahaian zegoen zuzendaria. Une batez ez zuen gora begiratu. Beti bezala ari zen, lepoko txibistan katigatutako betaurrekoak askatzen.
Eseri, Meadows andereñoa esan zuen oso jator. Ondoren gutun arrosa bat hartu zuen ohar-paperen gainetik. Zuretzat telegrama hau iritsi berri delako hots egin dizut.
Telegrama niretzat?
Basil! Bere burua hil zuen, iritzi zion. Eskua luzatu zuen, baina Wyatt andereñoak telegramari eutsi zion pixka batean.
Ez ahal da ezer txarra izango esan zuen, jatortasun behartu batez. Meadows andereñoak berehala urratu zuen.
«Ez aintzat hartu gutuna zoroa ote nengoen erosi dut esekilekua Basil», irakurri zuen. Ezin zituen begiak telegramatik kendu.
Ez ahal da larritasun handikoa izango esan zuen Wyatt andereñoak, gorputza aurreratuz.
O, ez, mila esker, Wyatt andereñoa gorritu zen bera. Ez da ezer txarra. Zera da eta barre txiki bat egin zuen barkamen eske, nire senargaia, esanez... esanez... eten bat egon zen.
A bai! esan zuen Wyatt andereñoak. Eta beste eten bat. Ondoren: Hamabost minutu geratzen dira zure klasea bukatzeko, ezta, Meadows andereñoa?
Bai, andereño. Zutitu eta korrika txikian joan zen ate aldera.
O, zaude unetxo bat esan zuen Wyatt andereñoak. Esan beharra dut ez zaidala ongi iruditzen nire irakasleek telegramak jasotzea eskola orduan, ez badira albiste latzak, heriotzaren bat argitu zuen Wyatt andereñoak, edo istripu larriren bat edo. Albiste ona bada, andereño, itxaron dezake.
Esperantzaren, maitasunaren, zorionaren hegoak jantzita, Meadows andereñoa ziztuan joan zen musika aretora, korridorean zehar, mailadian gora, piano aldera.
Hogeita hamabigarren orria, Mary esan zuen, hogeita hamabigarren orria eta krisantemo horia hartuz ezpainetara eraman zuen, irribarrea gordetzeko. Ondoren neskengana jiratu eta batuta astindu zuen. Hogeita hamabigarren orria, neskak. Hogeita hamabigarren orria.
Hemen gatoz lorez gainezka,
Saskiak leporaino fruitu eta zintaz,
Ospatzeko...
Ixo! Ixo! egin zuen oihu Meadows andereñoak. Oso gaizki! Penagarri! eta irribarre egin zien neskei. Zer gertatzen zaizue? Gogoan izan, neskak, zer ari zareten kantatzen. Erabili zeuon irudimena. Lorez gainezka. Saskiak leporaino fruitu eta zintaz. Eta Ospatzeko isilune bat egin zuen. Itxura samin hori gabe, neskak. Beroa, zoriona, grina entzun behar da. Ospatzeko. Berriro. Bizkor. Denok batera. Ea ba!
Eta oraingoan andereñoaren ahotsa entzun zen beste ahots guztien gainetik, betea, sakona, sentimendu biziz.
© Katherine Mansfield
© itzulpenarena: Anton Garikano