EZKONTZA À LA MODE

 

        Geltoki aldera zihoala, Williamek atsekabezko zizta min bat nabaritu zuen, txikientzat ezer ez zeramala oroitzean. Ume gaixoak! Haiek pagatu behar. Agurtzera etortzean haien lehenbiziko hitzak: «Zer ekarri, aitatxo?», eta bera esku hutsik. Goxoki batzuk erosi beharko zizkien geltokian. Baina horixe bera egin zuen aurreko lau larunbatetan; betiko kutxatila berdinak ikusteak aurpegia erasan zien.

        Eta Paddyk esan zuen:

        — Lehengoan zinta gorria zuen nireak.

        Eta Johnnyk:

        — Nirea beti arrosa da. Ez zait arrosa gustatzen.

        Baina zer egin behar zuen Williamek? Ez zen erraza erabaki bat hartzea. Garai batean bai, taxuzko jostailu denda batera taxian joan eta zerbait aukeratuko zien bost minututan. Baina orain ja bazituzten Errusiako jostailuak, Frantziako jostailuak, Serbiako jostailuak... bazter guztietako jostailuak. Urtebetetik gora zen Isabelek astoak, moto zaharrak eta bestelakoak zokoratu zituela, «arras sentimentalak» eta «haurrak hezteko guztiz desegokiak» zirelako.

        — Oso garrantzitsua da —azaldu zion Isabel berriak—, hasieratik zaletasun zuzenak hartzea. Gerora denbora asko aurreratzen da horrela. Izan ere, ume gaixoek haurtzaro guztia mustro hauei begira pasatzen badute, gutxi fida hazten direnean Royal Academyra joan nahi izatea.

        Eta Royal Academy bisitatzeak berehalako heriotza balekar bezala hitz egin zuen...

        — Ez dakit ba —esan zuen Williamek astiro—. Nik beren adina nuenean, muturrean korapiloa egindako eskuoihal bati helduta oheratzen nintzen.

        Isabel berriak begiratu zion, begiak kizkur, ezpainak erdibituta.

        — Ene, William! Sinesten dizut, bai! —eta barre egin zuen, era berri hartan.

        Bada goxokiak izan beharko zuten, pentsatu zuen Williamek goibel, taxi gidariarentzat diru xehe bila sakelak miatzerakoan. Eta han ikusi zituen neska-mutilak kutxatilak besteri eskaintzen —ume ikaragarri eskuzabalak ziren—, eta Isabelen lagun xarmantak haiek hartzen, zalantza handirik gabe...

        Eta fruituak? Geltoki barruko saltegi baten inguruan ibili zen. Meloi bana edo? Hori ere banatu beharko ote zuten? Edo pina bat Padentzat eta meloi bat Johnnyrentzat? Isabelen lagunak ez ziren, baldinbaitere, bazkalorduan umeen gelara sartuko ezkutuan. Halere, meloia erosterakoan, Williamek ikuspen beldurgarri bat izan zuen: Isabelen poeta gazte haietako bat xerra bat miazkatzen, auskalo zergatik, umeen gelako ate atzean.

        Bi zorro trakets haiekin lehiatu zen trenerantz. Nasa gainezka zegoen eta trena bertan. Ateak itxi eta ireki zebiltzan, danbaka. Lokomotorreko txistu hots ozenarekin jendea txundituta zebilen, batera eta bestera presaka. Williamek zuzenean jo erretzaileen lehen klasera, maleta eta zorroak kokatu, eta barruko sakelatik agiri pilo handi bat ateraz, txokoan zapla eseri eta hasi zen irakurtzen.

        «Gure bezeroa seguru dago... Prest gaude berriz aztertzeko... gertatuko balitz...» A, horrela bai ongi. Bere ile zapaldua atzeraka berdindu eta Williamek hankak luzatu zituen bagoiko solairuan. Gutxitua zeukan besteetako sastada motela bularrean. «Geure erabakiari dagokionez...» Arkatz urdin bat atera eta astiro azpimarratu zuen paragrafo bat.

        Bi gizon sartu, bere hanken gainetik pasatu eta beste puntan jarri ziren. Mutil gazte batek golf makilak goiko txokora bota eta aurrean eseri zen. Trenaren balantza ezti batekin abiatu ziren. Williamek gora begiratu eta geltoki bero, argia ikusi zuen irristan joaten. Neska musu-gorri bat igaro zen bagoietatik lasterka; haren imintzio eta deiek bazuten estuasunezko eta etsipenezko zera bat. «Histerikoa», pentsatu zuen Williamek geldoki. Ondoren, langile koipetsu muturbeltz batek, nasaren muturretik, barre iduri egin zion bazihoan trenari. Eta Williamek bere artean: «Hori bizimodu nazkagarria!», eta berriro itzuli zen agirietara.

        Berriro burua altxatu zuenean soroak ageri ziren, eta abereak zuhaitz ilunen gerizpean. Ibai zabal bat —ur axalean umeak biluzik plisti-plasta— azaldu eta ezkutatu zen. Zeruak distira zurbila zuen, eta txori bat nabigatu zen aldez alde, bitxi bateko orban iluna bezala.

        «Ikertu ditugu gure bezeroen posta txostenak...» Irakurritako azken esaldi haren oihartzuna entzun zuen bere baitan. «Ikertu ditugu...» Williamek esaldi horri heldu nahi izan zion, baina alferrik zen; erditik apurtu zitzaion, eta soroa, zerua, txori marinela, ura, dena ari zen esaten: «Isabel.» Horixe bera gertatzen zen larunbat arratsaldero. Isabelekin elkartzeko bidean zihoala hasten ziren ametsezko elkartze haiek. Geltokian zegoen hura, beste guztiengandik bazter samarrean; kanpoko taxi irekian eserita; lorategiko atakan; belar txigortuan oinez; atean, edo hallean bertan.

        Eta haren ahots argi, gardenak zioen: «William da»; edo «Kaixo, William!», edo «Hemen da William.» Berak esku hotz hura ukitzen zion, masaila hotz hura.

        Isabelen freskura bikaina! Mutil koskorretan ez zegoen halako gozaturik: euri jasaren ondoren lorategira lasterka irten eta arrosategia bere burura astintzea. Orain, berriz, Isabel zuen arrosategi, hostoa bezain leun, txinpartari eta hotz. Eta bera, berriz, mutil koskor hura. Baina orain ez zegoen ez lorategira irtenik, ez barrerik, ez astindurik. Berriro hasi zitzaion ohiko sastada motela bularrean. Hankak goratu, agiriak baztertu eta begiak itxi zituen.

        — Zer duzu, Isabel? Zer duzu? —esan zion xamur. Etxe berriko logelan zeuden. Isabel aulki pintatu batean zegoen eserita; aurreko apain-mahaiaren gaina kutxatila beltz eta berdez betea zegoen.

        — Zer esan nahi duzu, William? —eta aurrera makurtuz masailen gainera jausi zitzaion ile argi eder hura.

        — O, badakizu! —Gela ezezagunaren erdian zutik, bera ere ezezagun sentitu zen. Orduan, Isabel jiratu eta aurrez aurre jarri zen.

        — O, William! —hots egin zuen erreguka, ileko eskuila airean zuela—. Ez zaitez mesedez izan horren zozoa eta... tragikoa. Beti ari zara esaten, adierazten edo aipatzen, aldatua nagoela. Zer eta oso jende jatorra ezagutu dudalako, eta gehiago irteten naizelako, eta oso gustura nagoelako guztiarekin, badirudi nik... —Isabelek ilea atzeratu eta barre egin zuen— elkarrenganako amodioa apurtu edo dudala. Erabat absurdua da —ezpaina hozkatu zuen—, eta erotzekoa, William. Baita etxe berri hau eta gogo txarrez ametitu dizkidazun mirabeak ere.

        — Isabel!

        — Bai, bai, egia da neurri batean —esan zuen Isabelek bizkor—. Gaizki irizten diezu. O, badakit bai. Argi antzematen dut —esan zuen goxo—, eskaileretan gora zatozenero. Baina ezin genuen bizitzen jarraitu beste zulo zaztar hartan, William. Gutxienez praktikoa izan zaitez! Umeentzat ere ez zegoen lekurik eta!

        Bai, egia zen. Goizero epaitegitik zetorrenero, atzeko salan topatzen zituen umeak Isabelekin. Lehoinabar larrua sofaren bizkarrera botata zaldi gainean zebiltzan, edo dendetan jolasten Isabelen lan-mahaia saltoki gisa zutela, edo Pad txikia sutondoko tapiz gainean eserita jo eta ke arraunean kobrezko su-pala txiki batekin, eta Johnny berriz piratei tiroka kurrikekin. Iluntzero bizkarrean igotzen ziren, banaka-banaka, eskailera meharrean gora, amona zahar lodiarengana.

        Bai, agian etxe zulo zaztarra zen. Etxe zuri txiki bat errezela urdinekin eta leihoko lore ontzian petuniekin. Atean bertan esaten zien Williamek lagunei: «Ikusi dituzue gure petuniak? Berebizikoa da Londres batean, ezta?»

        Baina gauzarik txoroena, gauzarik harrigarriena, Isabeli ez zion inondik inora igarri ez zegoela pozik, ez behintzat bera bezain pozik. Ene, hura itsukeria! Garai haietan gutxi pentsatzen zuen hark ezin zuela eraman hain etxe txiki eskasa, amona lodia umeak gaizki ohitzen ari zela, bakardade gorrian zegoela, irrika bizian jende berria, musika eta film berriak noiz azalduko. Festa hartara joan ez balira Moira Morrisonen estudioan... Bazihoazenean Moira Morrisonek esan ez balu: «Zure emaztea salbatuko dut, zeurekoia. Titania txiki bakan bat bezala da»... Isabel Parisera joan ez balitz Moirarekin... Eta abar eta abar.

        Trena beste geltoki batean zen. Bettingford! Jainko santua! Hamar minututan helduko ziren. Williamek poltsiko barrura sakatu zituen berriro agiri guztiak; pareko gizon gaztea aspaldi desagertua zen. Orain beste biak irten ziren. Arrats apaleko eguzkiak erdiz erdi jotzen zituen emakumeak, kotoizko soinekoekin jantziak, eta umeak, eguzkiarekin erreta ortutsik. Eguzkiak galda bizian argitu zuen hosto zakarreko lore horixka sedatsu bat, haitzezko gain batean hedatua. Haizeak, leihotik zalapartan, itsas usaina zuen. Betiko talde hura ote zuen Isabelek asteburu honetan ere?, egin zuen Williamek galdera.

        Eta beren lehengo oporrez oroitu zen, laurak batera, baserriko neska batek, Rosek, haurrak zaintzen zituela. Isabel jertsearekin eta ilea txirikordaturik; hamalau urtekoa ematen zuen. Ene, berari berriz nola harrotu zitzaion sudurreko azala! Eta haiek jateak, haiek loak lumazko ohe izugarri hartan beren oinak elkarloturik... Williamek ezin izan zuen gorde irribarre lehor bat, bere sentimenduen berri baleki Isabel nola izutuko zen pentsaturik.

 

        — Kaixo, William!

        Geltokian zegoen hura, lehen pentsatu bezala jendeagandik bereiz, eta —jauzi egin zuen Williamek bihotzak—, bakar-bakarrik.

        — Kaixo, Isabel! —Williamek adi-adi begiratu zion. Hain eder zegoela iruditu eta zerbait esan behar ziola pentsatu zuen—: Oso itxura onekoa ikusten zaitut.

        — Bai? —esan zuen Isabelek—. Ba ez naiz oso ongi sentitzen. Goazen, berandu iritsi da-eta zure tren zahar hori. Kanpoan dago taxia. —Isabelek oso goxo jarri zion eskua besoan, txartelen gizonaren ondotik—. Denok etorri gara zure bila —esan zuen—. Gozoki dendan utzi dugu Bobby Kane, ondoren jasotzekotan.

        — O! —esan zuen Williamek. Momentuz ezin izan zuen besterik esan.

        Eguzki galdan zegoen taxia zain, Bill Hunt eta Dennis Green alde batean zabal etzanda, kapeluak aurpegi gainera okertuta zituztela, eta bestean Moira Morrison, marrubi erraldoi baten antzeko txano batekin, gora eta behera saltoka.

        — Izotzik ez! Izotzik ez! Izotzik ez! —ari zen oihuka, alai.

        Eta Dennisek kapelu azpitik gehitu zuen:

        — Arrandegian erosi beharko.

        Eta Bill Huntek, agerira etorriz, gaineratu zuen:

        — Arrain eta guzti.

        — Hau amorrazioa! —kexatu zen Isabel. Eta herri guztian izotz bila ibili zirela azaldu zion Williami, bera zain zegoen bitartean—. Dena ari da pikutara joaten, gurinetik hasita.

        — Gurinez igurtzi beharko dugu gorputza —esan zuen Dennisek—. Beldurrik gabe eman ukendua buruan, William.

        — Aizue —esan zuen Williamek—. Nola eseri behar dugu? Hobe izango dut gidariaren aldamenean jartzea.

        — Ez, Bobby Kane dago hor —esan zuen Isabelek—. Zu eseri Moira eta nire artean.

        Abiatu zen taxia.

        — Zer duzu zorro arraro horietan?

        — Moztutako buruak! —esan zuen Bill Huntek, kapelu azpian hotzikaraz.

        — O, fruituak! —Isabel asko poztu zen, itxuraz—. Zu bai azkarra! Meloi bat eta pina bat. Ze ondo!

        — Ez, itxaron —esan zuen Williamek irribarretsu. Baina berez urduri zegoen—. Umeentzat ekarri ditut.

        — Ene bada! —Isabelek barre egin eta besoa laztandu zion—. Oinaze batean jarriko lirateke horiek janda. Ez —ttaka jo zion eskuan—, hurrengoan ekarriko diezu zerbait. Ni ez nago neure pinari uko egiteko.

        — Bihotz-gogorra! Utzidan usaintzen! —esan zuen Moirak. Otoi eginez luzatu zituen besoak, Williamen aurretik—. O! —Marrubizko txanoa erori zitzaion: oso ahul entzun zen.

        — Andereño bat pina batez maitemindua —esan zuen Dennisek, taxia leihosare marraduneko denda txiki baten atarian gelditzean. Handik atera zen Bobby Kane, besoak zorro txikiz beteta.

        — Ea goxoak diren. Koloreagatik aukeratu ditut. Badaude tartean biribil batzuk itxuraz zerutiarrak. Eta begiraiozue nougat honi —hots egin zuen aztoratua—, begiraiozue! Ballet txiki perfektu bat da!

        Baina dendaria azaldu zen orduantxe.

        — O, ahaztuta nengoen. Ordaindu gabe daude —esan zuen Bobbyk, beldurtu itxurarekin. Isabelek billete bat eman dendariari eta Bobby txoratzen zen berriro—. Kaixo, William! Ni gidariaren aldamenean. —Eta burua agerian zuela, erabat zuriz jantzia, alkandoraren besoak sorbaldaraino goratuta, salto egin zuen bere lekura—. Avanti! —hots egin zuen...

        Tea hartu ondoren bainatzera joan ziren denak, baina William etxean geratu zen, txikiekin bakeak egiteko. Baina lo zeuden Johnny eta Paddy, moteldu zen argitasun gorri arrosa, saguzarrak hegan, eta haiek artean bainutik itzuli gabe. William eskaileretan behera zihoala, neskamea pasatu zen sarreratik lanpara batekin. Salaraino segitu zion hari. Gela luze bat zen, horiz margotua. Williamen pareko horman norbaitek gizon gazte bat pintatu zuen, berezkoa baino handiagoa, hankokerra, bitxilore zabal bat eskaintzen ziola andre gazte bati, beso bat oso motza eta bestea oso luze eta mehea. Aulkietan eta sofa gainean zapi zerrenda beltzak zeuden zintzilik —zipriztin handiz estaliak, arrautza hautsienak bezalakoak—, eta noranahi begiraturik zigarrotxo puntaz betetako hautsontzi bat ageri zen. Besaulkietako batean eseri zen William. Gaur egunean, eskuaz saihets barrenak aztertu eta ez zen topatzen hiru hankako ardirik edo behi adarmotzik edo Noeren Arkako uso gizenik. Liburu azal-mehe haietako bat harrapatzen zen, kedarrez zikindutako olerkiekin... Sakelan zeraman agiri mordoaz oroitu zen, baina nekatua eta gosetuegia zegoen irakurtzen hasteko. Atea zabalik zegoen; hotsa zetorren sukaldetik. Etxean bakarrik baleude bezala ari ziren neskameak hizketan. Halako batean, barre zantzo ozen bat zabaldu zen, eta horrekin batera «Ix!» bat, ozena hau ere. Berarekin gogoratu ziren. Altxatu eta ate biko leihotik irten zen lorategira, eta hango ilunpean zutik zegoela entzun zituen bainu-hartzaileak, bide hondartsuan gora zetozela; haien ahotsek isiltasuna urratu zuten.

        — Erabil dezala Moirak bere abildadea.

        Moirak orduan hasperen tragiko bat.

        — Asteburuetan gramofono bat eduki behar genuke, «Mendiko Neskatxa» aditzeko.

        — O ez! O ez! —entzun zen Isabel hoska—. Williamekin oker jokatzea da hori. Jatorrak izan zaitezte berarekin, umeak! Bihar iluntzera arte besterik ez da geratuko.

        — Utzi neure kontu! —hots egin zuen Bobby Kanek—. Ni oso iaioa naiz jendeari kasu egiten.

        Lorategiko ataka zabaldu eta itxi zen. William terrazara agertu zen; ikusi zuten.

        — Kaixo, William! —Eta Bobby Kane, eskuoihala astintzen, belardi txigortuan salto eta zilipurdika hasi zen—. Lastima da zu ez etorria. Zoragarria zegoen ura. Gero denok taberna txiki batera joan eta pattarra edan dugu.

        Besteak ja etxean ziren.

        — Aizu, Isabel —deitu zion Bobbyk—, nahi duzu nik gaur gauean nire Nijinskyren soinekoa janztea?

        — Ez —esan zuen Isabelek—, ez gara orain aldatzen hasiko. Gosetuta gaude. William ere gosetuta dago. Etorri, mes amis. Hasteko, sardinak.

        — Topatu ditut sardinak. —Moirak esan eta sarrerara etorri zen lasterka, ontzi bati goian eusten ziola.

        — Andereñoa sardina ontzi batekin —esan zuen Dennisek itzaltsu.

        — Eta, William, zer berri Londresen? —galdetu zuen Bill Huntek, whisky botila bati kortxoa ateraz.

        — O, ezer gutxi aldatu da Londres —erantzun zuen berak.

        — Londres zahar ederra —esan zuen Bobbyk bihozkoi, sardina bat zulatuz.

        Baina laster ahaztu ziren Williamekin. Moira Morrisonek zalantza zuen, ea zer kolore hartzen duten hankek ur azpian.

        — Nireak dira zurbilenak, txanpinoi kolore zurbila.

        Billek eta Dennisek sekulako jatea ari zuten. Isabel, berriz, basoak betetzen, eta platerak aldatzen, eta pospoloak bilatzen, zoriontsu irribarrez. Halako batean esan zuen:

        — Ze ondo, Bill, hau margotuko bazenu.

        — Margotu zer? —esan zuen Billek ozen, ahoan ogia galkatuz.

        — Gu denok —esan zuen Isabelek—. Mahaian. Liluragarria izango litzateke hemendik hogei urtera.

        Billek begiak kizkurtu zituen, janaria txikitzen.

        — Ez dago argi egokirik —esan zuen elkor—. Oso horixka. —Eta jaten jarraitu zuen. Eta bazirudien horrekin ere txoratu zuela Isabel.

        Afalondoko nekearekin aho zabalka aritzea besterik ez zuten egin, oherako ordua heldu zen arte...

 

        Hurrengo arratsaldean taxiaren zain zegoen momentua arte, Williamek ezin izan zuen Isabelekin bakarrik egon. Sarrerara maleta jaistean, Isabel, besteak utzita, beragana joan zen. Makurtu eta maleta jaso zuen.

        — Hau pisua! —esan zuen, barre txiki, behartu bat eginez—. Utzi eramaten! Atakaraino.

        — Ez, zer dela eta? —esan zuen Williamek—. Baita zera ere. Eman.

        — O, utzidazu mesedez —esan zuen Isabelek—. Gogoa dut.

        Elkarren ondoan joan ziren, isilik. Williamek ez zuen orain ezer esatekorik sentitzen.

        — Horratx —esan zuen Isabelek, garaipenez maleta lurrean uzterakoan, eta urduri begiratu zuen bide hondartsura—. Oraingo honetan ez dakit ikusi zaitudan ere —esan zuen arnasa estututa—. Zer laburra den, ezta? Iritsi berria zarela iruditzen zait. Hurrengoan... —Taxia agertu zen—. Ea behar den bezala kasu egiten dizuten Londresen. Pena izan da umeek eguna kanpoan pasatu izana, baina halaxe antolatu zuen Neil andereñoak. Min ona edukiko dute zu gabe! Gizagaixoa, berriro Londresera itzuli beharra. —Taxiak jira hartu zuen—. Agur! —Isabelek musu txiki bat eman zion presaka; ondoren, joan zen.

        Soroak, zuhaitzak, hesiak igaro ziren jarioan. Huts eta itsu tankerako herrixka astindu eta geltokiko aldapa gora erraustu zuten. Hantxe zegoen trena. Williamek zuzenean jo erretzaileen lehen klasera, txokoan zapla eseri, baina oraingoan bakean utzi zituen agiriak. Betiko hozkada motel haren gainean besoak gurutzatu, eta bere artean gutun bat idazten hasi zen Isabeli.

 

        Berandu iritsi zen posta, ohi bezala. Denak etxe aurrean zeuden, eserleku luzeetan jarrita, kolorezko eguzkitakoen azpian. Bobby Kane soilik zegoen belardian, Isabelen oinetan. Sargori zegoen, laino; eguna abaildua zegoen, bandera bat bezala.

        — Zeruan ba ote da astelehenik? —galdetu zuen Bobbyk ume batek bezala.

        Eta Dennisek xuxurlatu zuen:

        — Zerua astelehen luze bat izango da.

        Baina Isabeli ez zitzaion burutik joaten zer gertatu zen afariko izokinarekin bezperan. Arrain maionesa egiteko asmoa zuen bazkarirako, baina orain...

        Moira lo zegoen. Lo egotea zen haren azken aurkikundea. «Zoragarria da. Begiak itxi eta kito. Xarmagarria da».

        Postari zahar musu-gorria bide hondartsutik agertu zen trizikloan tirriki-tarraka, eskulekuek arraunak ematen zutela.

        Billek liburua baztertu zuen.

        — Gutunak —esan zuen pozez, eta denak zain jarri ziren. Baina postari bihozgabea... Zitala mundua! Bakarra zegoen, lodikote bat Isabelentzat. Ezta egunkari bakar bat ere.

        — Eta gainera Williamena —esan zuen Isabelek arrenkuraz.

        — Williamena... hain agudo?

        — Ezkontzako agiria bidaliko zizun, oroigarri kuttun bezala.

        — Denek izaten dute ezkontzako agiria? Mirabeen gauza zela uste nuen nik.

        — Hori orri pila! Ikusi! Andereñoa gutuna irakurtzen —esan zuen Dennisek.

Ene Isabel maite, bihotzekoa. Orri pila bat zegoen. Irakurri ahala, hasierako harridura itolarri bihurtu zitzaion Isabeli. Zer arraiok bultzatu zuen William...? Hura gauza bitxia... Nondik nora...? Nahasirik sentitu zen, gero eta urduriago, baita beldurtua ere. Williamen ero joera bat. Ba ote? Absurdua zen, noski, absurdua izan behar zuen, barregarria.

        — Ha, ha, ha! Ene bada! —Zer egin orain? Eserlekuan bizkarra atzeratu, eta Isabel barrez hasi zen eutsi ezin arte.

        — Esaiguzu —zioten besteek—. Esan zer idazten dizun.

        — Desiratzen nago —karraskatu zuen Isabelek. Bizkarra zuzendu, gutuna txukundu eta haiek zeuden aldera astindu zuen—. Etorri hona —esan zuen—. Zoragarria da eta entzun ezazue. Maitasunezko gutun bat da!

        — Maitasunezko gutun bat! Hori kutixia!

Isabel maite, bihotzekoa. Baina hasi orduko, haien algarak eten zuen.

        — Segi, Isabel, sekulakoa da.

        — Berebizikoa.

        — O, segi ezazu, Isabel.

Jainkoak guarda, maitea, ni traba bat izatea zure zorionean.

        — O! O! O!

        — Ix! Ix! Ix!

        Eta Isabelek aurrera segitu zuen. Denak beren onetik aterata zeuden bukaerarako: Bobby piririka zebilen belardian, ia zotinka.

        — Bere horretan utzi behar didazu, oso-osorik, nire liburu berrirako —esan zuen Dennisek tinko—. Kapitulu osoa emango diot.

        — O, Isabel —egin zuen Moirak hasperen—, zu besoetan hartzea aipatzen duen zati xarmant hori!

        — Nik beti uste izan dut dibortzio garaiko beste gutun horiek asmatuak izaten direla. Baina honen ondoan ez dira ezer.

        — Utzidazu. Utzi neure kasa irakurtzen —esan zuen Bobby Kanek.

        Baina, haien harridura!, Isabelek gogor atxiki zion gutunari. Utziak zituen barreak. Denei begiratu zien bizkor; zeharo nekatua zirudien.

        — Ez, orain ez. Orain ez —toteldu zuen.

        Eta haiek ezertaz ohartzerako, ihesi sartu zen etxera, sarreran barrena, goiko logelara. Ohe ertzean eseri zen.

        — Zer arrunta, zirtzila, zatarra, narrasa! —esan zuen Isabelek bere golkorako. Hatz koskorrekin begiak estutu eta gorputzari eragin zion batera eta bestera. Eta berriro ikusi zituen, lau ez baizik laurogei, barreka, imintzioka, sinuka, eskuak luzatzen, berak Williamen gutuna irakurtzen zien bitartean. O, zer gauza higuingarria egin zuen! Nola egin zuen berak hori! Jainkoak guarda, maitea, ni traba bat izatea zure zorionean. William! Isabelek burkoan estutu zuen aurpegia. Baina iruditu zitzaion logela hits hark ere bazekiela bera nolakoa zen: exkaxa, ahula, ilauna...

        Ahotsak heldu ziren laster beheko lorategitik.

        — Isabel, uretara goaz denok. Etorri!

        — Zatoz, Williamen emazte fin hori!

        — Berriro dei diezaiogun joan baino lehen, berriro deitu!

        Isabelek bizkarra zuzendu zuen. Orain zen momentua, orain erabaki behar zuen. Haiekin joan ala bertan geratu, Williami idazten. Zer egin, zer? «Zirt edo zart egin behar dinat». O, baina zalantza egitea ere! Horixe, idazten geratuko zen!

        — Titania! —egin zuen Moirak txilio.

        — Isabel?

        Ez, zailegia zen. «Orain... orain joan eta gero idatziko zionat Williami. Beste noizbait. Gero. Orain ez. Baina idatziko zionat, noski», pentsatu zuen Isabelek presaka.

        Eta, era berri hartan barrez, lasterka jaitsi zituen eskailerak.

 

 

© Katherine Mansfield

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Mansfield / Lorategiko festa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus