HIRUGARREN ZATIA

        »Nolanahi ere, erreginarekiko lotura berri horrek nire gogoa asetzen eta betetzen bazuen ere, berezko isuri ezin garaituzko bat sentitzen nuen Theminesko anderearen aldera. Iruditu zitzaidan hark ni maitatzeari utzi ziola, eta zuhurra izan banintz, harengan igar zitekeen mudantza hura baliatuko nukeen nire bihotzeko mina sendatzeko, baina harenganako nire amodioa bikoiztu besterik ez zen egin, eta hain gaizki nintzen jokatu, erreginak berak ere izan baitzuen atxikimendu hari buruzko ezagutzarik. Haren herrikideek berezkoa dute jeloskortasuna, eta printzesa hark, agian, uste baino sentimendu biziagoak zeuzkakeen nire alde. Baina azkenik, ni maitemindurik nintzelako esamesak hain biziki kezkatu eta goibeldu zuen, ezen ehun aldiz baino gehiago uste izan bainuen galdua nintzela haren ondoan. Ordea, jokabide adeitsua erakutsi, begiramenezko hitzak eduki eta gezurrezko zinak eginaren poderioz, azkenik lasaitu nuen, baina ez nukeen luzaz atzipeturik edukiko, baldin eta Theminesko anderearen mudantzak ez banindu, nire nahien kontra, harengandik urrundu. Ikusarazi zidan ez ninduela gehiago maite, eta hain konbentzitua nintzen horretaz, beharturik sentitu bainintzen hura gehiago ez oinazetzera eta bakean uztera. Zenbait denbora geroago, galdu dudan gutun hori idatzi zidan. Gutun horren bidez jakin nuen hark bazuela arestian aipatu dizudan beste emakume horrekin izandako hartu-emanaren berri, eta halaber, horixe zela haren mudantzaren arrazoia. Harrezkero, nola ez bainuen nire arretak nori eskaini, erregina aski pozik agertu zen nirekin. Baina harengana ditudan sentimenduek ez didatenez eragozten bestelako atxikimendu batzuk ere izan ditzadan, eta inor ez denez bere borondatez maitemintzen, Martiguesko andereaz zaletu nintzen, zeina lehendik ere sobera maitatu bainuen, dofin erreginaren alaba hori Villemontaisko andereño zen garaian, hain justu. Badut arrazoirik sinesteko ez didala beltzuri handirik. Agertzen diodan zuhurtzia, zeinaren arrazoi guztiak ez baititu ezagutzen, gogokoa du. Erreginak ez du inolako susmorik gai horri buruzkoan, baina badu beste bat, ez hargatik gutxiago gogaikarria. Martiguesko anderea dofin anderearen etxean egoten denez beti, ohi baino askozaz ere maizago joaten naiz hara. Erregina, printzesa horretaz maitemindu naizelakoan dago. Dofin anderearen mailak —erreginaren maila bera baitu hark ere—, eta beraren aldean daukan edertasun eta gaztetasunak, halako jeloskortasuna diote sortu, ez baitezake ezkuta bere errainaren aurkako amorru eta gorroto hori. Lorraineko kardinalak, zeinak, ene iduriz, aspaldidanik irrikatzen baititu erreginaren graziak eta ongi ikusten baitu berak bete nahiko lukeen leku bat betetzen ari naizela ni, erregina eta dofin anderea adiskidetzeko estakuruaz baliaturik, elkarren artean izan dituzten ika-miketan parte hartu du. Ez dut zalantzarik egiten erreginaren saminaren benetako zioa zein den ezagutu duela hark, eta uste dut era guztietako zorigaitzak opa dizkidala, hori egiteko asmorik duenik inori agertu gabe. Eta horretantxe daude gauzak, mintzo natzaizun garai honetan. Zerorrek juzka ezazu nolako ondorioa ekar lezakeen galdu dudan gutun horrek, zeina, nire zorigaitzerako, sakelean sartu baitut, Theminesko andereari itzultzeko. Erreginak gutun hau ikusten baldin badu, iruzur egin diodala jakingo du, eta halaber, berari Theminesko anderearekin iruzur egiten nionarekin batera, Theminesko andereari ere iruzur egiten niola beste batekin. Zerorrek juzka ezazu zer burutapen ekar diezaiokeen horrek niri dagokidanean, eta jada ba al duen nire hitzetan inoiz fidatzerik. Ez badu gutun hau ikusten, aldiz, zer esango diot? Badaki dofin anderearen eskuetan utzia dutela. Uste izango du Chastelartek dofin erreginaren idazkera ezagutu duela eta gutuna harena dela; irudituko zaio jeloskortasun hori eragin duen pertsona agian bera datekeela. Azken batean, badu zer pentsaturik aski, eta nik ere badut pentsakizun horietatik zertaz goganbehartua. Guztiarekin ere, kontuan izan Martiguesko andereak zeharo hunkiturik naukala une honetan, eta dofin andereak, ziurrenik, orain berriki idatzia uste duen gutun hori hari erakutsiko diola. Beraz, berdin gaitzituko zaizkit bai munduan gehien maite dudan pertsona, eta bai munduan begirune gehien zor diodan pertsona ere. Zerorrek ikus, horren ondotik, ea ez al dudan arrazoirik gutun hori zeurea dela esan dezazun erregutzeko, eta dofin anderearen eskuetatik kentzera joan zaitezen eskatzeko, arren.»

        — Argi dakusat —esan zuen Nemoursko jaunak—, ez dagoela egoterik zu zaudena baino estuasun handiagoan, eta aitortu beharra dago ongi ere merezi duzula. Salatu izan didate maitale desleiala naizela eta amodio asko izan ditudala aldi berean, baina halako abantaila hartu didazu, ez bainintzateke ausartuko zuk abiarazi dituzun gauza horiek burutan hartzera. Nola otu dakizuke Theminesko anderea zuri atxikirik edukitzea, erreginari hitz emana zinelarik? Agian uste al zenuen, erreginari hitz eman eta iruzur egin zeniezaiokeela? Italiarra da, erregina gainera, eta beraz, susmoz, jelosiaz eta urguiluz betea. Eduki duzun asturu onak, zure jokabide zintzoak bainoago, estutzen zintuzten loturetatik askatu zaituelarik, beste batzuk jo dituzu begiz, eta uste izan duzu ezen, gortearen erdi-erdian egonagatik ere, Martiguesko anderea maita zenezakeela, erregina horretaz ohartu gabe. Lehen urratsak egin izanaren lotsa ezabatuko dion arretarik jada ezin diezaiokezu sobera erakutsi. Amodio suharra dizu erreginak, zure zuhurtziak niri kontatzea debekatu dizu, eta nireak, zuri galdetzea. Baina finean, maite zaitu, mesfidantza dizun arren, eta egia ez duzu zure alde.

        — Zuri al dagokizu ni horrenbeste gaitzespenez nekaraztea? —eten zion bidamoak—. Eta zerorrek bizi izan duzunak ez al dizu nire akatsak barkatzeko motiborik ematen? Aitortzen dut, halere, errua nirea dela, baina saia zaitez, otoi, nagoen amildegi honetatik ni ateratzen. Iruditzen zait on litzatekeela baldin dofin erreginarengana joango bazina berriro, hura esnatu bezain laster, gutun hori berriro eskatzera, zerorrek galdu izan bazenu bezala.

        — Lehenago ere esana dizut —berrekin zion Nemoursko jaunak— egin didazun proposamen hori ez-ohikoa dela hein batean, eta nik ditudan nahiek zailtasunak sor diezazkidaketela horretan, baina are gehiago, baldin gutun hori zure sakeletik erortzen ikusi badute, zail iruditzen zait niretik erori denik sinestaraztea.

        — Uste nuen esana nizula —erantzun zuen bidamoak— gutun hori zerorrenetik eroria bailitzan azaldu diotela dofin erreginari.

        — Nola! —eten zuen supituan Nemoursko jaunak, orduantxe jabetu baitzen gaizkiulertu hark nolako ondorio txarrak ekar liezaizkiokeen Clevesko andereari buruzkoan—. Dofin erreginari esan al diote ni izan naizela gutun hori erori zaiona?

        — Bai —ihardetsi zion bidamoak—, halaxe esan diote, bai. Zure eta nire zerbitzariak bion jantziak zeuden pilotalekuko aretora horien bila igorri genituenean, erreginen zerbitzuko hainbat gortegizon hantxe zeuden, eta horrek eragin du, hain zuzen, gaizkiulertu hori. Gutun hori erori den orduko, gortegizonek lurretik jaso eta ahots goran irakurri dute. Batzuek uste izan dute zurea zela, eta besteek nirea. Chastelartek esan dit, arestian berari eskatu diodanean —berak hartu baitzuen—, dofin erreginari eman diola zurea balitz bezala, baina bestetik, erreginarekin horretaz mintzatu direnek, nirea dela esan dute, tamalez. Hala, bada, aise egin ahal izango duzu nik desio dudana, eta nagoen larrialdi honetatik atera ahal izango nauzu.

        Nemoursko jaunak betidanik biziki maite izan zuen Chartresko bidamoa, eta Clevesko anderearekin zuen ahaidetasunagatik, are maitagarriagoa zitzaion. Haatik, ezin zitekeen delibera halako arriskurik hartzera, zeren Clevesko andereak, gutun hura entzutean, hartan parte leukakeen gauza balitz bezala hartuko bailuke. Gogoeta sakonean murgildu zen, beraz, eta bidamoak, gogoeta horren gaia igarriz edo:

        — Argi ikusten dut —esan zion— zure maiteñoa eta biok liskartuko zareten beldur zarela, eta are izango nuke motiborik sinesteko dofin erregina bera dela zure maiteño hori, baldin eta Anvilleko jaunari diozun bekaizgo urriak ez balit pentsakizun hori ezabatuko. Baina, nolanahi ere den, bidezkoa da ez dezazula zure atsedena nirearen karietara sakrifika, eta bitartekoak eskaini nahi dizkizut zure maiteñoari gutun hori niri zuzendua dela, eta ez zuri, froga diezaiozun. Hona hemen Amboiseko anderearen eskutitz hau; Theminesko anderearen adiskidea da bera, eta berari fidatzen dizkio nigana dituen sentimendu guztiak. Eskutitz horretan, Theminesko andereak idatzi eta nik galdu dudan gutun hori eskatzen dit. Nire izena ageri da eskutitzean, eta hor idatzirik dagoenak inolako zalantzarik gabe frogatzen du eskatzen didan gutun hori eta aurkitutakoa bera direla. Zeure eskuartean jartzen dut eskutitz hori, eta baimena ematen dizut zure maiteñoari ere erakusteko, zeure burua zuritu dezazun. Lehiaz eskatzen dizut ez dezazula unetxo bat ere gal, eta gaur goizean bertan joan zaitezela dofin anderearen etxera.

        Nemoursko jaunak halaxe agindu zion Chartresko bidamoari, eta Amboiseko anderearen eskutitza hartu zuen. Alabaina, haren xedea ez zen dofin erregina ikustea, bazuelako zerbait lehenago egin beharrekoa. Dudarik gabe uste zuen Clevesko anderearekin mintzatua izango zela ordurako gutun hartaz, eta eramanezina zitzaion, bihotz-bihotzetik maitatzen zuen pertsona hark motiborik edukitzea berak besteren bat maite zuela sinesteko.

        Clevesko anderearen etxera joan zen, beraz, esna egon zitekeela uste zuen ordu batean, eta esan zion ez liokeela bera ikusteko ohore hura halako ezordutan eskatuko, baldin eta munta handiko gai batek ez balu hartara hertsatu. Clevesko anderea ohean zen oraindik, gauean izandako pentsakizun tristeek artean ere gogoa mingosten eta aztoratzen ziotelarik. Guztiz harritu zen Nemoursko jaunak beraren galde egiten zuela esan ziotenean. Asaldura hark, ordea, ez zuen durduzarazi, eta deblauki ihardetsi zuen gaixo zegoela, eta ezin zitekeela berarekin mintza.

        Ezezko horrek ez zuen printzea samindu. Clevesko anderea jelosturik egon zitekeen une hartan hoztasun agerbide bat edukitzea ez zen aieru txarra. Clevesko jaunaren logelara joan zen, eta emaztearenetik zetorrela esan zion hari, eta arrunt atsekabetua zegoela harekin hitz egiterik izan ez zuelako, zeren Chartresko bidamoarentzat oso garrantzitsua zen gai bati buruz hitz egin nahi izan baitzion. Hitz bitan adierazi zion Clevesko jaunari zeintzuk ziren gai haren ondorioak, eta Clevesko jaunak berehala eraman zuen emaztearen logelaraino. Ilunbean egon ez balitz, Clevesko andereak nekez ezkutatu ahal izango zuen bere asaldura eta harridura, Nemoursko jauna gelara sartzen ikusi zuenean, beraren senarrak gidaturik. Clevesko jaunak azaldu zion gutun bati buruz hitz egin nahi ziotela, beharrezkoa zutela beraren laguntza bidamoaren interesak defendatzearren, Nemoursko jaunak eta biok ikusiko zutela zer egin zitekeen, baina bera, bere aldetik, erregeren etxera zihoala, bila etorri baitzitzaizkion.

        Hortaz, Nemoursko jauna bakarrik geratu zen Clevesko anderearen aldamenean, desio zuen bezala.

        — Galdetzera natorkizu, Madame —esan zion—, ea dofin andereak ez al dizun deus esan Chastelartek atzo haren eskuetan utzi zuen gutun bati buruz.

        — Zer edo zer esan dit, bai —erantzun zuen Clevesko andereak—, baina ez dakit gutun horrek zer duen ikusteko nire osabaren interesekin, eta ziur esan diezazuket han ez dela haren aipamenik egiten.

        — Egia da, Madame —ekin zion Nemoursko jaunak berriro— han ez dela haren aipamenik egiten. Halere, hari zuzendua dago, eta garrantzi handikoa da gutun hori dofin anderearen eskuetatik ken dezazun.

        — Zaila zait ulertzea —erantzun zuen Clevesko andereak— zergatik ardura zaion gutun hori inork ikustea, eta zergatik eskatu beharra dagoen haren izenean.

        — Baldin niri entzuteko nekerik hartu nahi baduzu, Madame —esan zuen Nemoursko jaunak—, berehala agertuko dizut egia, eta bidamo jaunarentzat hain munta handiko gauzak jakingo dituzu, ezen ez bainizkioke Clevesko printze jaunari berari ere fidatuko, baldin haren laguntzaren beharrik ez banu zu ikusteko ohorea izan nezan.

        — Nago, ezer esateko nekerik hartuagatik ere, alferrikakoa izango zaidala oro —ihardetsi zuen Clevesko andereak, mintzaera aski lehor batez—, eta hobe zenuke dofin erreginaren bila joango bazina, eta, itzulinguruka ibili gabe, zuzenean azalduko bazenio gutun horrekiko duzun interesa, zeren esan baitiote zerori zarela gutun horren jatorria.

        Clevesko anderearen gogoan zekusan sumindura hark inoiz sentituriko atseginik nabarmenena eragin zion Nemoursko jaunari, eta gai hura zuritzeko zeukan larritasunaz dudarazi zion.

        — Ez dakit, Madame —ekin zion— zer esan ahal izan dioten dofin andereari, baina nik ez dut ezein interesik gutun horretan, zeren bidamo jaunari zuzendua baitago.

        — Sinesten dizut —ihardetsi zion Clevesko andereak—, baina kontrakoa esan diote dofin erreginari, eta hari ez zaio egiantzekoa irudituko bidamo jaunaren gutunak zure sakeletik erortzea. Horrexegatik, non eta ez duzun nik ez dakidan arrazoiren bat dofin erreginari egia ezkutatzeko, gomendatzen dizut hari aitor diezaiozula.

        — Hari ez diot deus aitortu beharrik —iharduki zion—. Gutun hori ez da niri zuzendua, eta hori sinestarazi nahi diodanik inor baldin badago, hori ez da dofin anderea. Baina, guztiarekin ere, Madame, honetan guztian bidamo jaunaren etorkizuna jokoan dagoenez, onets ezazu, arren, are zure jakinminarentzat duinak diren zenbait gauza ezagutzera ematen badizkizut.

        Clevesko andereak, bere isiltasun hartan, argi erakutsi zuen entzuteko prest zegoela, eta Nemoursko jaunak azaldu zion, ahal izan zuen laburren, bidamoaz jakin berri zuen guztia. Gauza horiek guztiak benetan harrigarriak eta arretaz entzutekoak izan arren, Clevesko andereak hain soraioki zituen aditu, bazirudien ez zituela egiazkotzat hartzen, edo ez zitzaizkiola axola. Haren gogoak halaxe iraun zuen, harik eta Nemoursko jaunak, esan berri zuen guztiaren egiaztagarri, Amboiseko andereak Chartresko bidamoari idatziriko eskutitza aipatu zion arte. Clevesko andereak bazekienez andere hura Theminesko anderearen adiskide zela, egiantz izpi bat igarri zuen Nemoursko jaunak esandakoan, eta horrek pentsarazi zion gutun hura agian ez zegoela hari zuzendua. Pentsakizun horrek bat-batean uxatu zion, bere borondatearen aurka, ordu arte agertu zuen soraiotasuna. Printze hark, bere buruaren zurigarri zen eskutitz hura irakurri ondoren, Clevesko andereari eskaini zion irakur zezan, eta bide batez esan zion, aztertuz gero, idazkera hura norena zen ezagut zezakeela. Clevesko andereak ezin ziezaiokeen ukorik egin, eta gutun hura harturik, burualdea aztertu zuen Chartresko bidamoari zuzendua al zen ikusteko, eta oso-osorik irakurri zuen, eskatzen zioten gutuna eta eskuartean zuena berak al ziren jakiteko. Nemoursko jaunak, gainera, horretaz konbentzitzeko egoki iruditu zitzaion guztia adierazi zion, eta nola egia atsegin batek aise konbentzitzen baikaitu, Clevesko andereari sinestarazi zion berak ez zuela zerikusirik gutun harekin.

        Hala, bada, Nemoursko jaunarekin batera hasi zen bidamoaren arrisku eta estuasunaz gogoeta egiten, haren jokabide gaiztoa gaitzesten, hari laguntzeko bideak bilatzen. Clevesko anderea harriturik geratu zen erreginaren portaerarekin. Nemoursko jaunari aitortu zion berak zeukala gutuna, eta azkenik, Nemoursko jauna errugabea zela uste izan zuen orduko, izpiritu ireki eta lasai batez besarkatu zituen hasieran aditu ere nahi izan ez zituen gauzak. Elkar harturik adostu zuten gutun hura ez zegoela zertan dofin erreginari itzulirik, Martiguesko andereari eman ziezaion beldurrez, izan ere, hark, Martiguesko andereak, ezaguna baitzuen Theminesko anderearen idazkera, eta aise igarriko baitzuen, bidamoarengan zuen interesagatik, hari zuzendua zela. Iruditu zitzaien orobat ez zegoela zertan dofin erreginari fidaturik erreginarekin —haren amaginarrebarekin— zerikusia zuen oro. Clevesko anderea, gai hura osabarekin loturik zegoelako aitzakiaz, atseginez onartu zuen Nemoursko jaunak fidatzen zizkion sekretu guztiak gordetzea.

        Printze hark bidamoaren gurariez hitz egiten segituko zukeen, eta Clevesko anderearekin mintzatzean sentitzen zuen askatasun hark bultzaturik, ordu arte inoiz ez bezalako ausardia batez jokatzera menturatuko zatekeen, baldin eta Clevesko andereari ez balitzaizkio etorri esatera dofin erreginak berarengana joateko manatzen ziola. Nemoursko jauna, beraz, erretiratzera hertsatua izan zen. Bidamoaren bila joan eta hari adierazi zion, bera utzi eta gero, egokiagoa iruditu zitzaiola lehenik beraren iloba Clevesko andereagana zuzentzea, zuzenean dofin anderearengana joatea baino. Ez zitzaion arrazoirik falta izan berak egindakoa bidamoak ones zezan, eta hartatik emaitza on bat iguriki zezan.

        Bien bitartean, Clevesko anderea azkar-azkar jantzi eta dofin erreginaren etxera joan zen. Haren gelan sartu orduko, printzesa hark hurbiltzeko agindu, eta honela esan zion ahapetik:

        — Badira bi ordu zure zain naukazula. Inoiz ez naiz egia mozorrotzeko hain larriturik egon nola egon bainaiz gaur goizean. Atzo eman nizun gutun horri buruzko zurrumurruak entzun ditu erreginak. Uste du Chartresko bidamoa dela erortzen utzi duena. Zuk badakizu baduela interesen bat harengan jarria. Gutun hori bilatzeko agindu du, eta Chastelarti ere eskatu dio. Hark esan dio niri emana zidala. Nigana etorri dira eskatzera, erreginari jakinmina piztu dion gutun polit bat zelako aitzakia jarriz. Ez naiz ausartu zuk zenuela esatera. Uste izan dut, baldin zure eskuartean jarri nuela esan banio, berehala imajinatuko zukeela zure osaba bidamoa zatekeela horren kausa, eta haren eta nire artean kidetasun handia zegokeela. Iruditu zait atsekabez pairatzen duela hark niri sarritan bisita egitea, eta horregatik esan diot atzo neramatzan jantzietan zegoela gutuna, baina arropategiko giltzariak jada irtenak zirela. Emaidazu gutun hori oraintxe —gaineratu zuen—, hari bidal diezaiodan, eta nik ere irakur dezadan, hari bidali baino lehen, idazkera ezagutzen al dudan ikusteko.

        Clevesko anderea, uste zuena baino are larritasun handiago batean aurkitu zen.

        — Ez dakit, Madame, nola egingo duen berorrek —ihardetsi zuen—, zeren Clevesko jaunak, zeinari emana bainion irakur zezan, Nemoursko jaunari itzuli baitio, goizean goiz etorri eta itzultzeko erregutu ondoren. Clevesko jauna laxoki mintzatu da berak zeukala esan dionean, eta halaber, Nemoursko jaunak itzultzeko egin dizkion erreguei amore emateko ahuldadea izan du.

        — Inoiz aurkitu naizen estuasunik handienean jarri nauzu —berrekin zion dofin andereak—. Oker egin duzu gutun hori Nemoursko janari itzuliz, neronek eman nizulako, eta zuk ez zenuelako zertan inori errendaturik, nire baimenik gabe. Zer nahi duzu erreginari esatea? Eta zer pentsa lezake hark? Uste izango du, itxura guztien arabera, nirea dela gutun hori, eta badagoela zerbait bidamoaren eta bion artean. Ez diogu sekula sinestaraziko gutun hori Nemoursko jaunarena denik.

        — Atsekabetua nago oso —erantzun zuen Clevesko andereak— berorri sortu diodan estuasunaren kariaz. Argi dakusat zeinen larria den, baina hobena Clevesko jaunarena da, eta ez nirea.

        — Zeurea da —iharduki zion dofin andereak—, zerorrek eman diozulako gutun hori. Munduan ez dago beste emazterik, dakizkien gauza guztien isilmandatua senarrari egingo dionik.

        — Uste dut oker egin dudala, Madame —apaldu zitzaion Clevesko anderea—, baina saia bedi nire hobena konpontzen, eta ez gaitzesten.

        — Oroitzen al zara, gutxi gora-behera, zer dioen gutun horrek? —galdegin zion dofin erreginak.

        — Bai, Madame —ihardetsi zuen— oroitzen naiz, behin baino gehiagotan irakurria baitut.

        — Hala baldin bada —ekin zion dofin andereak—, esku ezagungabe batek hura berridatz dezan lortu behar duzu berehala, eta nik erreginari igorriko diot. Hark ez die erakutsiko lehendik ikusia dutenei, baina hala egingo balu ere, nik beti defendatuko nuke hori dela Chastelartek eman didana, eta hura ez litzateke ausartuko kontrakorik esatera.

        Clevesko anderea ados etorri zen egiteko horretan, hainbatenaz gehiago zenbatenaz pentsatzen baitzuen Nemoursko jaunaren bila norbait igorriko zuela benetako gutuna berreskuratzera, hitzez hitz hura kopiarazi eta idazkera ere haren antzera berregin zezaten, eta hartara uste izan zuen segur limurtuko zutela erregina. Etxera joan zen orduko jakinarazi zion senarrari nolako estuasunean zegoen dofin anderea, eta Nemoursko jaunaren bila norbait bidaltzeko eskatu zion. Bila joan eta hura berehala iritsi zen. Clevesko andereak bere senarrari arestian esan zion guztia hari berriro azaldu eta gutuna eskatu zion, baina Nemoursko jaunak ihardetsi zion Chartresko bidamoaren esku utzia zuela ordurako, eta hainbeste poztu zuela hura berreskuratzeak eta iragan arriskutik urrun egoteak, ezen bet-betan bidali baitzion Theminesko anderearen adiskideari. Clevesko anderea estuasun berri baten aurrean aurkitu zen, eta azkenik, ongi hausnartu ondoren, gutuna buruz berregitea erabaki zuten bien artean. Gela barruan giltzapetu ziren lan hori burutzeko. Inor ez zedila sar manatu eta Nemoursko jaunaren zerbitzariei joateko esan zieten. Misterio eta isilmandatu giro hark ez zuen nolanahiko lilura sortzen printze harengan, ez eta Clevesko anderearengan berarengan ere. Senarraren presentziak eta Chartresko bidamoaren interesek uxatu egin zizkioten nolabait bere barne-ausikiak. Nemoursko jauna ikustearen atsegina baizik ez zuen sentitzen, eta inoiz sentitu gabeko zorion garbi eta nahasgabe bat zuen barrenean. Poz horrek sekulako gogo-alaitasuna eta askatasuna piztu zion, Nemoursko jaunak inoiz ikusi ez zion bezalakoa, eta horrek, bikoiztu egin zion Clevesko anderearenganako amodioa printzeari. Nemoursko jaunak ordu arte ez zuenez hain une atseginik sekula bizi izan, areagotu egin zitzaion bere berezko bizitasuna, eta Clevesko andereak gutuna gogoratzen eta hura berridazten hasi nahi izan zuenean, printzeak, hari zinez lagundu behar bidean, beren egiteko hartan geldiuneak eginez gauza dibertigarriak esan besterik ez zuen egiten. Arraitasun horrek berak kutsatu zuen Clevesko anderea, eta hala, biak bakarturik denbora luzea zeramatela, bi aldiz etorri ziren dofin erreginaren partetik Clevesko andereari esatera presa zedin, artean gutunaren erdia egin gabe zeukatelarik.

        Nemoursko jauna oso pozik zegoen hain atseginak zitzaizkion une haiek luzatuz zihoazelako eta ordurako ahantziak zeuzkalako bere lagunaren interesak. Clevesko anderea ere ez zen aspertzen ari, eta berak ere ahantziak zeuzkan osabaren interesak. Azkenik, goizaldeko lauetan doi-doia amaitu zuten gutuna, baina hain zegoen gaizki antolatua, eta kopiarazi zuten idazkera hark hain antza gutxi zuen antzeratu nahi izan zutenarekin, ezinbestekoa baitzen erreginak egia argitzeko inolako ahaleginik ez egitea, benetako egia zein zen jakin ez zezan. Hala bada, ez zuten hura engainatzerik lortu, nahiz eta beren ahal guztiak egin zituzten gutun hura Nemoursko jaunari zuzendua zela sinestarazten. Konbentziturik zegoen, ez bakarrik Chartresko bidamoarena zela, baizik eta dofin erreginak ere bazuela hartan parterik, eta halaber, bazegoela halako kidetasunen bat haien bien artean. Pentsakizun horrek hainbesteraino bizitu zion printzesa harenganako gorrotoa, ez baitzion sekula barkatu, eta Frantziatik kanporarazi arte, atzetik jarraika ibili zitzaion beti.

        Chartresko bidamoaz den bezainbatean, hondamendira eraman zuen erreginak, eta, zela Lorraineko kardinala beraren izpirituaren jabe egin zelako, edo zela gutun haren inguruko abenturak —zeinak ikusarazi baitzion tronpatua izan zela— bidamoaren beste iruzurren berri ere jakiteko bide eman ziolako, egia da harrezkero Chartresko bidamoak ez zuela erreginarekin zintzoki adiskidetzerik izan. Lotura hura hautsi egin zen beraz, eta azkenik, Amboiseko matxinadan betiko galdu zuen erreginak, hartan nahasturik agertu baitzen bidamoa.

        Gutuna dofin andereari igorri ondoren, Clevesko jauna eta Nemoursko jauna joan egin ziren. Clevesko anderea bakarrik geratu zen, eta maiteñoaren presentziak eman ohi duen zorion horrek abandonatu orduko, amets batetik bezala itzuli zen lurrera. Harriduraz zekusan nolako aldaketa miragarria gertatu zen bezperako arratsean eduki aldartearen eta orduan zeukanaren artean. Gogora etorri zitzaion nolako garraztasunez eta hoztasunez jokatu zen Nemoursko jaunarekin Theminesko anderearen gutuna hari zuzendua zela uste izan zuen bitartean, eta halaber, garraztasun hari nolako baretasunak eta eztitasunak jarraiki zioten, gutun hura Nemoursko jaunari ez zegokiola sinetsi bezain laster. Eta pentsatzen zuenean nola gaitzetsi zion bere buruari, are krimen bat balitz bezala, bezperako egunean errukiak berak bakarrik pitz ditzakeen sentiberatasunezko agerbideak Nemoursko jaunari eman izana, eta nola ikusarazi zizkion, arestiko garraztasun horrek hartaraturik, harenganako maitasunaren benetako froga ziren jelosiazko sentimenduak, ez zuen bere burua ezagutzen. Pentsatzen zuenean, gainera, Nemoursko jaunak bazekiela haren maitasunaz oharturik zegoela bera, eta ezagutza hori izan arren, ez zela hargatik harekin okerrago jokatzen, ez eta bere senarraren aurrean ere, baizik eta, aitzitik, ez ziola lehenago inoiz halako ontasunez begiratu, eta bera zela Clevesko jaunak haren bila norbait bidali izanaren arrazoia, eta orobat, afalostean egonaldi berezi bat igaro zutela elkarrekin, bada, horrekin guztiarekin nolabait ere uste izan zuen bazegoela kidetasunen bat Nemoursko jaunaren eta beraren artean, baina halaber, munduan iruzurrik egitea gutxien merezi zuen senarrari iruzur egiten ziola, eta ahalketurik zegoela bere maitalearen beraren begietara hain estimu gutxiko gauza bezala agertuz. Baina, gauza horietatik guztietatik jasangaitzena, gaua zein egoeratan igaro zuen oroitzea zen, baina baita ere, Nemoursko jaunak beste batzuk maite zituela eta bera tronpaturik zegoela pentsatzeak eragindako oinaze zorrotza.

        Ordu arte ezezagunak izan zitzaizkion mesfidantzaren eta jelosiaren barne-ausiki hilgarriak. Nemoursko jauna maitatzetik nola libra zitekeen besterik ez zuen ibili gogoan, eta hark besteren bat maita zezakeelako beldurrik oraindik ez zuen sentitu. Gutun hark sortu zizkion susmoak ezabatuak izanagatik ere, begiak zabalarazi zizkioten tronpatua izan zitekeelako arriskuaz, eta lehenago inoiz izan ez zituen mesfidantza eta jelosiazko sentipenak sorrarazi zizkioten. Harriturik geratu zen artean ez zuelako inoiz ere pentsatu zeinen egiantz gutxiko gauza zen Nemoursko jauna bezalako gizon bat, zeinak betidanik halako arintasuna agertu baitzuen emakumeekiko, atxikimendu iraunkor eta benetako bat edukitzeko gauza izan zitekeela. Iruditu zitzaion kasik ezinezko gauza zela haren amodio grinaz pozik egotea.

        — Baina pozik egon nintekeen arren —zioen bere baitarako—, zer egin nahiko nuke? Jasan nahiko nuke halakorik? Errendatu nahiko nioke berari? Lotuko al nuke neure burua halako amodio atxikimendu batekin? Desohoratuko nahiko al dut Clevesko jauna? Nahiko al diot neure buruari ere laido egin? Eta finean, nahiko al dut amodioak dakartzan barne-ausiki krudel eta oinaze mingarrietara menturatu? Neure gogoaren kontra naraman amodio batek guztiz gainditurik eta garaiturik nauka. Hartzen dudan deliberamendu oro alferrik da. Atzo pentsatzen nuena gaur ere berdin pentsatzen dut, baina ordea, atzo erabakitakoaren guztiz kontrakoa egin dut gaur. Ezinbestekoa da landara joan nadin, eta baldin Clevesko jauna hori eragozten edo horren arrazoiak jakiten setatzen bada, menturaz min egingo diot, bai eta neure buruari ere, horiek azalduz.

        Delibero hura hartu eta etxean geratu zen arratsalde guztian, eta ez zen dofin anderearengana joan bidamoaren gutun faltsu harekin zer gertatu zen jakitera.

        Clevesko jauna itzuli zenean, emazteak esan zion landara nahi zuela joan, ondoezik sentitzen zela eta egurasteko premia zuela. Clevesko jaunak, zeinaren begietara hain eder agertu baitzen, ez baitzuen sinesten ahal haren eritasuna larriegia izan zitekeenik; lehendabizian barre egin zuen bidaia hura egiteko proposamenaren gainean, eta ihardetsi zion ahantzia zukeela, noski, printzesen ezteiak eta zaldun-gudua egitekoak zirela, eta ez zitzaiola denbora gehiegi geratzen apaintzeko, gainerako emakumeen handitasun berberaz agertu nahi bazuen haietan. Senarraren arrazoiek ez zioten asmoa aldarazi. Eskatu zion ezen, hura erregerekin batera Compiegnen zen bitartean, onets zezala bera Coulommiersera joatea, Paristik egun beteko bidean zegoen etxe eder bat baitzeukaten han, ardura handiz eraikiarazi zutena. Clevesko jaunak ontzat eman zuen, eta Clevesko anderea hara joan zen, itzulera azkarregirik ez egiteko asmoz, eta errege Compiegne aldera abiatu zen, non ez baitzen egun batzuk baizik egongo.

        Nemoursko jaunak damu handia hartu zuen, zeren eta, itxaropenak berretu zizkion afaloste txoil atsegin hura igaroz geroztik ez baitzuen Clevesko anderea berriro ikusterik izan. Sosegurik uzten ez zion ezinegon batez desiratzen zuen hura berriz ikustea, hainbesteraino ezen, errege Parisa itzuli zenean, bere arreba Mercoeurko dukesaren etxera joatea erabaki baitzuen, hura ere landan baitzegoen Coulommierstik oso hurbil. Bidamoari proposatu zion berarekin batera joan zedila, eta hark gogo onez onartu zuen proposamena. Clevesko anderea ikusteko eta bidamoarekin batera haren etxera joateko itxaropenaz egin zion proposamen hura Nemoursko jaunak.

        Mercoeurko andereak amultsuki egin zien harrera, eta haren pentsamendu bakarra, haiek dibertiarazi eta landako plazer guztiak erakustea izan zen. Oreina lasterka ehizatzera joan ziren egun batez, basoan galdu zen Nemoursko jauna. Itzultzeko hartu behar zuen bideari buruz galdezka ari zelarik, Coulommierstik hurbil zela jakin zuen. Coulommiers hitza aipatu orduko, deusetan pentsatu gabe eta beraren asmoa zein zen jakin ere gabe, trosta bizian joan zen adierazi zioten alderantz. Basora iritsi, eta, halabeharrak gidaturik, arta handiz egindako bideetan barrena abiatu zen, ustez eta gaztelurantz zuzentzen zirenak. Bide horien amaieran pabilioi bat aurkitu zuen, zeinaren behealdea areto itzel bat baitzen, aldamenean bi gelatxo zeuzkalarik. Gelatxo batek, ohol-hesi bakar batez bereizirik zegoen lorategi batera ematen zuen, eta besteak, berriz, parkeko zumardi luze batera. Pabilioi hartara sartu zen, eta haren edertasunari begira geratuko zatekeen, baldin parkeko zumardi hartatik Clevesko jaun-andereak, zerbitzari kopuru handi batekin batera, etortzen ikusi izan ez balitu. Clevesko jauna han aurkituko zuenik inondik ere espero ez zuenez, erregeren aldamenean utzi baitzuen, bere lehen mugimenduak ezkutuan jartzera bultzatu zuen. Lorategira ematen zuen gelatxoan sartu zen, handik baso aldera irekita zegoen ate batetik irteteko asmoz. Baina ikusi zuenean Clevesko anderea eta haren senarra pabilioiaren aitzinean esertzen zirela, haien zerbitzariak parkean geratu zirela, eta zerbitzari haiek ezin zitezkeela berarengana iritsi, non eta Clevesko jaun-andereak zeuden tokitik igarotzen ez ziren, ezinezkoa izan zitzaion printzesa hura ikusteko plazerrari uko egitea eta senarrarekin zuen elkarrizketa entzuteko jakinminari gogor egitea, zeren bere aurkarietarik beste edonork baino jelosia handiagoa sortzen baitzion hark.

        Eta hala entzun zuen nola esaten zion Clevesko jaunak bere emazteari:

        — Baina zergatik ez duzu Parisa itzuli nahi? Nork atxiki zaitzake landan? Aspaldian gogoko duzu bakardadea, halako eran, ezen harriturik eta atsekabeturik bainauka, elkarrengandik urruntzen gaituelako. Are ohi baino goibelago zaitut ikusten, eta beldur naiz nahigabeturik egoteko arrazoiren bat izan dezazun.

        — Ezerk ez du nire arima asaldatzen —erantzun zuen doi bat aztoraturik—, baina gorteko zalaparta hain da handia, hainbeste jende izan ohi da zure etxean, ezinezkoa baita nire gorputza eta nire arima ez gogaitzea eta atseden bila ez abiatzea.

        — Atsedena —iharduki zion— ez dagokio zure adineko pertsona bati. Deusek neka ez zaitzakeen egoera batean zara, bai etxean eta bai gortean ere, eta gehiago beldurtzen nau nigandik urrun ez ote zaren gustorago sentitzen.

        — Bidegabe handia egingo zenidake baldin halako pentsakizuna bazenu —ekin zion, geroz eta larriagoa zen asaldura batez—, baina otoi eskatzen dizut hementxe utz nazazula. Zu ere hemen gelditzeak arras poztuko ninduke, baldin nirekin bakarrik geratuko bazina eta zugandik ia inoiz urruntzen ez den jende saldo amaigabe horri begitarterik ez egiteko ontasuna bazenu.

        — Ene Madame! —egin zuen oihu Clevesko jaunak—, zure doinu eta hitzetan igar dezaket baduzula ezezaguna zaidan arrazoiren bat bakarrik egotea desiratzeko. Zein den azal diezadazula galdatzen dizut.

        Luzaz premiatu zuen arrazoi haiek azal ziezazkion, nahiz ez zuen hartara behartzerik lortu, eta senarraren jakinmina biziagotzen zuen modu batean defendatu ondoren, isiltasun sakon batean geratu zen, begiak behera apaldurik, eta gero, supituan, hizketan hasi eta hari beha jarririk:

        — Ez nazazu behartu —esan zion— aitortzeko indarrik ez dudan gauza bat aitortzera, nahiz sarri izan dudan hori egiteko asmoa. Soilik pentsa ezazu zuhurtziak ez duela nahi nire adineko emakume bat, bere jokabidearen jabe dena, gortearen erdian egon dadin.

        — Zer pentsarazi nahi didazu, Madame? —egin zuen oihu Clevesko jaunak—. Ez nintzateke halakorik esatera ausartuko zu iraintzeko beldurrez.

        Clevesko andereak ez zuen deus ihardetsi, eta isiltasun hark bete-betean baieztatu zion senarrari orduantxe pentsatu berri zuena:

        — Ez didazu deus esaten —muzindu zitzaion—; beraz, horrek esan nahi du ez nabilela oker.

        — Ea, bada, Monsieur —erantzun zion haren belaunetara makurtuz—, inork bere senarrari sekula egin ez dion aitortza egingo dizut, zeren nire jokabidearen eta nire sentimenduen garbitasunak horretarako kemena ematen baitit. Egia da badudala arrazoirik gortetik urrun egoteko, eta nire adineko pertsonek zenbaitetan aurki ditzaketen arriskuak nahi ditudala saihestu. Inoiz ez dut nire ahuleziaren frogarik erakutsi, eta ez nintzateke beldurrez egongo halakorik erakusteko, baldin gortetik erretiratzeko askatasuna emango bazenit, edo Chartresko anderea nire aldamenean edukiko banu oraindik, portaera egokia eramaten laguntzeko. Hartzen dudan deliberoa denik eta arriskutsuena izan arren, pozik dut hartzen, zure duin izaten jarrai dezakedalako. Mila barkamen eskatzen dizkizut baldin desplazer zaizkizun sentimenduak baditut, baina nire ekintzek ez zaituzte gaitziaraziko bederen. Pentsa ezazu, egin dudana egiteko, beharrezko dela senarrarekiko inork inoiz izan duena baino are adiskidetasun eta estimu gehiago edukitzea. Gida nazazu, erruki zakizkit, eta arren, maite nazazu oraindik, ahal baduzu.

        Clevesko jaunak, hizketaldiak iraun zuen bitartean, burua eskuen artean bermaturik eduki zuen, adimendua galdurik, eta ez zitzaion bururatu emaztea zuzpertzerik. Solasa amaitu zuenean, senarrak harengan landatu zituen bere begiak, eta ikusi zuen bere belaunetara makurturik zeukala, begitartea malkoz beterik eta hain edertasun miresgarriz, oinazez hilko zela uste izan baitzuen, eta hura besarkatuz, eta zegoen lekutik altxaraziz:

        — Urrikal zaitez zerori ere nitaz, Madame —esan zion senarrak—, ni ere duin bainaiz halakorik merezi izateko. Barka iezadazu baldin eta atsekabe bortitz batek astintzen nauen lehen une hauetan ez badiot ihardesten, egoki litzatekeen eran, zurea bezalako portaera bati. Munduan izan diren emakume guztien artetik zerori zaitut estimu eta miresmenez duinena, baina aldi berean, inoiz izan den gizonik dohakabeena sentitzen naiz. Ikusi zintudan unetik bertatik zuganako maitasuna piztu zenidan. Zure zorroztasunek eta zure jabetza edukitzeak ez dute hura iraungitzerik lortu, eta oraindik ere lehengoan dirau. Ezin izan dut inoiz zuregan maitasunik ernarazi, eta argi dakusat beste batengana edukitzeko beldurrez zaudela. Nor da, Madame, beldur hori sorrarazi dizun gizon dohatsua? Noizdanik duzu atsegin? Zer egin du hark, zuk gogoko izan dezazun? Zein bide hautatu du zure bihotzera iristeko? Zure bihotza hunkiezina zelakoan kontsolatu nintzen, aldez, hura hunkitu ez izanaz. Halere, nik egiterik izan ez dudana erdietsi du besteren batek. Aldi berean sentitzen dut hala senarraren jelosia nola maitalearena, baina ezinezkoa da senar batenik edukitzea zurea bezalako jokabide bat ezagutuz geroztik. Sentimendu hori zintzoegia da zugan erabateko segurtasuna izan dezadan, eta are zure maitale gisa ere kontsolagarri zait. Nire alde izan duzun fidantziak eta zintzotasunak ez dute preziorik; aitortza horretaz ez naizela baliatuko uste izateko adina estimatzen nauzu. Arrazoi duzu, Madame, ez naiz horretaz baliatuko, eta ez zaitut horregatik gutxiago maitatuko. Emazte batek bere senarrari inoiz eman dion leialtasun frogarik handiena emanez dohakabe bilakatu nauzu, baina, Madame, buka ezazu eta azal iezadazu nor den saihestu nahi duzun hori.

        — Arren eskatzen dizut ez diezadazula galdetu —ihardetsi zuen—. Deliberaturik nago ez esatera, eta uste dut zuhurtziak ez duela nahi zuri haren izenik aipatzea.

        — Ez beldurrik izan, Madame —berrekin zion Clevesko jaunak—, mundu gehiegi ezagutzen dut, eta badakit, beraz, senar batenganako begiruneak ez digula galarazten haren emazteaz maitemindurik egotea. Maitemindurik daudenei gorroto behar zaie eduki, baina ez dugu haietaz arranguratu behar. Madame, berriro ere galdatzen dizut, otoi, azal diezadazula jakin gogo dudan hori.

        — Alferrik premiatzen nauzu —ihardetsi zion emazteak—. Sobera indar badut esan behar ez dudana isiltzeko. Egin dizudan aitortza hori ez dizut ahuldadez egin; adore gehiago behar baita egia hori aitortzeko, ezkutatzen ahalegintzeko baino.

        Nemoursko jaunak ez zuen elkarrizketako hitzik galtzen, eta Clevesko andereak esan berri zuenak ez zion haren senarrari baino jelosia gutxiago sortzen. Hain zegoen itsutuki hartaz maitemindurik, uste baitzuen mundu guztiak zeuzkala harekiko sentimendu berberak. Egia zen, bestalde, aurkariak ugari zeuzkala, baina zirenak baino askoz gehiago ere imajinatzen zituen, eta gogoa galtzen zitzaion Clevesko andereak aipatu nahi izan zuen haren bila. Sarri askotan uste izan zuen Clevesko andereak gogoko zuela bera, baina une hartan, hain ezdeusak iruditzen zitzaizkion gauzetan funtsatzen zuen juzku hura, ez baitzezakeen imajina halako maitasun bortitza sorraraz zezakeenik, Clevesko andereak hain ohiz kanpoko erabakietara jo behar izateko. Hain zegoen bere baitatik kanpo, ez baitzekien kasik zer ari zen ikusten, eta ezin ziezaiokeen Clevesko jaunari barka emazteak ezkutatzen zion izen hura esatera behar hainbat hertsatu ez izana.

        Clevesko jaunak, halere, bere ahal guztiak egin zituen hura jakitearren, baina horretara alferrik premiatu ondoren:

        — Iruditzen zait —ihardetsi zuen emazteak— pozik egon behar duzula nire zintzotasunaz. Ez iezadazu gehiago galda eta ez iezadazu biderik eman egin berri dudanaz damu nadin. Ziurtatzen dizut —eta ziurtasun hori aski behar zenuke— nire ezein ekintzek ez diola inori nire sentimendurik agertarazi, eta inork ez didala sekula ezer iraingarririk esan.

        — Ene, Madame! —iharduki zion bat-batean Clevesko jaunak— ez dakit sinets diezazukedan. Oroitzen naiz nolako bihotz-hersturak astindu zintuen zure potreta galdutako egunean. Norbaiti eman diozu, Madame, norbaiti eman diozu hain maitea nuen eta lege onez neuri zegokidan potret hura. Ez duzu zure sentimenduak ezkutatzerik izan. Maite duzu, eta hark badaki. Zure bertuteak libratu zaitu gainerakotik oraindainokoan.

        — Ba ote liteke —egin zuen oihu printzesak— nirea bezalako aitortza batean asmo ezkutukoren bat dagoenik pentsatzea, inolako arrazoirik hori egitera behartzen ez ninduenean? Fida zaitez nire hitzetan, oso prezio garestian ordaintzen baitut eskatzen dizudan fidantzia hori. Sinets ezazu, otoi, ez diodala inori eman nire potreta. Egia da ikusi nuela nola hartzen zuen norbaitek, baina ez nuen inoren begietara agertu nahi izan halakorik ikusten nuenik, artean sekula esatera ausartu ez ziren gauzak esango zizkidaten beldurrez.

        — Zein bidetatik erakutsi dizute maite zaituztela —ekin zion berriro Clevesko jaunak—, eta zer froga eman dizute amodio horretaz?

        — Libra nazazu, arren —ihardetsi zion—, halako xehetasunak berresan beharraren neketik, zeren horiek antzeman izanak nerau ere ahalketu eta neure ahuldadeaz etsiarazi bainau, ongi baino hobeto.

        — Arrazoi duzu, Madame —gaineratu zuen senarrak— bidegabeki jokatu naiz. Antzeko gauzak eskatzen dizkizudanean, uka iezazkidazu aldi oro, baina ez zakizkit, halere, bekaiztu, halakorik galdatzen badizut.

        Une hartan, zumardian geratuak ziren hainbat zerbitzari Clevesko jaunarengana hurbildu eta jakinarazi zioten aitoren seme bat etorri zela beraren bila, erregeren partetik, arratsean Parisen izan zedin agindua ematera. Clevesko jauna, beraz, hertsatua izan zen abiatzera, eta ez zion emazteari deus esan ahal izan, salbu eta biharamunean hara joateko otoizten ziola, eta zinez erregutu zion sinets zezan, bera nahigabeturik egon arren, halako samurtasuna eta halako estimua ziola, ezen pozik egon behar baitzukeen horretaz.

        Printze hura partitu ondoren, bakarrik geratu zen Clevesko anderea, eta egin berri zuena hausnartzen hasi zenean, hain izuturik gelditu zen, nekez imajina baitzezakeen egia zenik. Iruditu zitzaion bera urrundu zela senarraren bihotzetik eta estimutik, eta bera bakarrik amildu zela sekula irtengo ez zen leize hartara. Bere buruari galdegiten zion ea zergatik egin zuen hain gauza adore handikoa, eta kontsideratu zuen bere baitatik sentitu zuela hartarako isuria, kasik horretarako asmorik izan gabe. Halako aitortza baten berezitasunak, zeinaren adibiderik ez baitzuen beste inon aurkitzen, arrisku guztiak ikusarazi zizkion.

        Baina pentsatzen zuenean ihespide hura, litekeenik bortxazkoena izan arren, Nemoursko jaunaren aurka defenda zezakeen bakarra zela, iruditzen zitzaion ez zuela zertan damuturik, eta ez zuela inondik ere gehiegi arriskatu. Gau guztia zalantzaz, kezkaz eta beldurrez beterik eman zuen, baina azkenik, baretasuna gailendu zitzaion ariman. Leialtasunaren lekukotza hura hain ongi merezi zuen senarrari eman izana kontsolagarri zitzaion, zeren hark estimu eta laguntasun handia agertu baitzion, eta are horren frogak ematen baitzizkion, ikusirik nolako begirunea erakutsi zuen beraren aitortza entzutean.

        Nemoursko jauna, bien bitartean, hain nabarmenki hunkitu zuen elkarrizketa hura entzundako lekutik irten eta basoan barnatu zen. Clevesko andereak potretaz esandakoak bizia itzuli zion, horrexek ikusarazi baitzion hark ez ziola beltzuri handirik. Poz horren mendera abandonatu zen lehenik, baina ez zuen denbora asko egin, noiz eta ohartu baitzen, eta etsia hartu, Clevesko anderearen bihotza hunkitu zuela zekien bezala, ez zuela sekula gehiago horren agerbiderik jasoko, eta ezinezkoa zela hain ohiz kanpoko ihespidea baliatzeko gauza zen pertsona batengandik maitasunik igurikitzea. Nolanahi ere, atsegin handia sentitu zuen halako erabaki larria hartzera behartu zuelako. Ohoretzat zeukan beste emakume guztietatik hain desberdina zen emakume hark bera maitatzea. Finean, mila aldiz zoriontsu eta mila aldiz dohakabe sentitu zen une berean. Gauak basoan harrapatu zuen ezustean, eta zailtasun handiak izan zituen Mercoeur anderearen etxerako itzulbidea aurkitzen. Eguna urratzearekin batera iritsi zen. Estuasun gaitzak izan zituen etxetik kanpo atxiki zuen arrazoiari buruzko kontuak ematen, baina larrialdi hartatik ahal zuen ongien irten, eta egun hartan bertan itzuli zen Parisa, bidamoarekin batera.

        Printze hura hain zegoen amodio grinaz beterik eta hain harriturik aditu zuenarekin, zuhurki ez jokatuz gero arruntean egin ohi den hutsa egin baitzuen, nola baita hitz orokorren bidez norberaren sentimenduez mintzatzea eta norberaren abenturak izen asmatuen azpian mozorrotzea. Itzuli zenean, amodioari buruzko elkarrizketari heldu zion berriro, eta maitatua izateko duin den pertsona batez maitemintzeak zekarren plazerraz esan ahal guztiak esan zituen. Amodio grina horren ondorio bitxiez hitz egin zuen, eta finean, Clevesko anderearen jokatzeko moduak sortu harridurari bere baitan ezin eutsirik, bidamoari kontatu zion, pertsona hura nor zen aipatu gabe, noski, eta berak hartan parterik zuenik esan ere gabe, baina hain sutsuki eta halako miresmenez zion kontatu, ezen bidamoak aise susmatu baitzuen printze hari zegokion historia zela hura. Lehiaz hertsatu zuen aitortzera. Esan zion aspaldidanik zekiela amodio grina ezin eutsizko bat zuela, eta ez zela bidezkoa bere bizitzako sekretua fidatu zion gizon bati hainbesterainoko konfiantzarik ez agertzea. Nemoursko jauna, ordea, maiteminduegia zegoen bere maitasuna inori aitortzeko. Betidanik ezkutatu zion bidamoari, gortean gehien maite zuen gizona izan arren. Ihardetsi zion lagun batek kontatu ziola abentura hura, eta zin eginarazi ziola hartaz ez zuela hitzik aipatuko, bidenabar sekretu hura gordetzeko eskatzen ziolarik mesedez. Bidamoak segurtatu zion ez ziola inori haren gainean deus esango, baina Nemoursko jauna ordurako damutua zen hainbeste gauza kontatu izanaz.

        Bien bitartean, Clevesko jauna erregeren bila joan zen, bihotza heriozko oinaze batek erdiratzen ziolarik. Senar batek sekula ez du izan emaztearenganako halako amodio bortitzik, ez eta sekula hainbeste estimurik ere. Jakin berri zuenak ez zion harenganako estimua ezabatzen, baina ordu arte izan zuenaz oso bestelako bat sortu zion. Gehien kezkatzen zuena, ordea, hari laket izaten nork asmatu zuen jakiteko desioa zen. Nemoursko jauna etorri zitzaion lehenik gogora, gortean zeuden gizonik maitagarrienetako bat zelako, eta halaber, Guiseko zalduna eta Saint-Andre mariskala, gustagarri izaten saiatu ez ezik, oraindik ere arreta ugari eskaintzen zizkioten bi gizon zirelako, eta ondorioz, hiru horietakoren batek izan behar zuela sinestera etorri zen. Louvrera iritsi zenean, erregek bere aretoan sarrarazi zuen, eta esan zion bera hautatu zuela Madameri Espainiarako bidaian lagun egin ziezaion, inork ez zuelako berak baino hobeto burutuko eginbide hura, eta inork ez ziolako hainbeste ohore egingo Frantziari nola Clevesko andereak. Egoki zen legez jaso zuen Clevesko jaunak hautapen haren ohorea, eta iruditu zitzaion beraren emaztea gortetik urrunduko zuen gauza bat izan zitekeela, haren jokabidean aldaketarik agertarazi gabe. Alabaina, irteera eguna oraindik oso urrun zegoen, aurkitzen zen estuasunaren irtenbidea izan zedin. Bet-betan idatzi zion Clevesko andereari, arestian erregek esandakoaren berri izan zezan, eta berriro jakinarazi zion biziki desiratzen zuela Parisa itzul zedin. Hark agindu bezala itzuli zen emaztea, eta elkar ikusi orduko, sekulako tristezia batek hartu zituen bi-biak.

        Clevesko jaunak, munduko gizonik prestu eta duinenak bezala hitz egin zion:

        — Ez daukat inolako kezkarik zure jokabideari buruzkoan —esan zion—. Uste duzuna baino indar eta bertute gehiago duzu. Etorkizunaren beldurrak ere ez nau atsekabetzen. Nik eman ezin izan dizkizudan sentimenduak beste batengana dituzula jakiteak, horrexek bakarrik nau atsekabetzen.

        — Ez dakit zer ihardetsi —esan zion Clevesko andereak—. Ahalkez hiltzen naiz zurekin mintzatzean. Ez nazazula, otoi, halako solasaldi krudelen bidez gogaitu. Zuzen ezazu nire jokabidea, eta saia zaitez inor ikus ez dezadan. Horixe da eskatzen dizudan guztia. Baina onar ezazu, arren, ez diezazudala gauza baten gainean hitz egin, zeina ez baitzait iruditzen zure duin denik, eta are niretzat ere duingabea baita.

        — Arrazoi duzu, Madame —ihardetsi zion—. Gehiegi baliatu naiz zure eztitasunaz eta zure fidantziaz, baina urrikal zaitez ipini nauzun egoeraz, eta pentsa ezazu ezen, esan didazun guztia gorabehera, izen bat didazula ezkutatzen, zeinak bizitzen uzten ez didan jakinmin bat sorrarazi baitit. Ez dizut eskatzen, beraz, jakinmin hori ase dezazun, baina ezin naiteke gera esan gabe, bekaitza behar diedala ene iduriz agertu Saint-Andreko mariskalari, Nemoursko dukeari eta Guiseko zaldunari.

        — Ez dizut deus ihardetsiko —esan zion Clevesko andereak, ahalke gorriturik— eta ez dizut inolako biderik emango, nire erantzunen bitartez zure susmoak gutxitu edo baiezta ditzazun, baina niri beha jarririk, horiek argitzen ahalegintzen baldin bazara, mundu guztiaren begietan agertuko den larrialdia sortuko didazu. Jainkoaren izenean —segitu zuen— onar ezazu ez dezadala inor ikus, edozein eritasunen aitzakiapean.

        — Ez, Madame —iharduki zion—, berehala igarriko baitute estakururen bat litzatekeela, eta gainera, zerorri baizik ez dizut fidatu nahi. Horixe da nire bihotzak gomendatzen didan hautabidea, eta arrazoiak ere halaxe aholkatzen dit. Duzun aldartea ikusirik, baldin aske uzten bazaitut, sekula ezartzen ahal nizkizukeenak baino are muga estuagoak ezarriko dizkizut.

        Clevesko jauna ez zebilen oker: emazteari aitortu konfiantzak are gotortzenago zuen Nemoursko jaunaren aurka, eta ezein hertsapenek lor zitzakeenak baino are erabaki latzagoak hartzera bultzatzen zuen. Louvrera eta dofin erreginaren etxera joan zen beraz, ohi zuen bezala, baina hainbesteko arduraz saihesten zituen Nemoursko jaunaren presentzia eta begiak, ia osorik ezabatu baitzion maite zuelako usteak printze hari zemaion poza. Nemoursko jaunak ez zuen printzesa haren ekintzetan deus ikusten kontrakoa sinestaraziko zionik. Jada ez zekien hari aditutako hura amets bat besterik ez ote zen, izan ere, hain egiantz gutxiko gauza zeritzon. Oker ez zebilela segurtatzen zion gauza bakarra Clevesko anderearen tristezia mugagabea zen, nahiz printzesa hark bere ahal guztiak egiten zituen hura ezkutatzearren. Menturaz, behako eta hitz adiguritsuek ez zuketen Nemoursko jaunaren amodioa hainbeste sutuko nola egin baitzuen jokabide zurrun hark.

        Clevesko jaun-andereak erreginaren etxean ziren arrats batez, norbaitek esan zuen jendartean zurrumurrua zabaldua zela erregek beste jaun handi bat izendatuko zuela, Madameri Espainiako bidaian lagun egiteko. Clevesko jaunak bere emaztearengan zeuzkan begiak finkaturik, noiz eta ere gehitu baitzuten jaun hura ziurrenik Guiseko zalduna edo Saint-Andre mariskala izango zela. Igarri zuen beraren emazteak ez zuela zirkinik ere egin bi izen horiek entzutean, ez eta bidaia hura berarekin egin zezaketelako proposamena aditu zuenean ere. Horrexek sinestarazi zion bi haietako inor ezin zitekeela izan emaztea goganbeharturik zeukan pertsona, eta, bere susmoak argitu nahirik, erreginaren gelan sartu zen, hantxe baitzen errege. Zenbait denbora barruan egin ondoren, emaztearen ondora itzuli eta ahapetik esan zion arestian jakin zuela Nemoursko jauna izango zela berekin Espainiara joango zena.

        Nemoursko jaunaren izenak, eta bidaia luze batean egun oroz bere senarraren presentzian hura ikusteko arriskuan egon beharraren pentsakizunak, halako aztoramena eragin zion Clevesko andereari, ez baitzuen hura ezkutatzerik izan, eta horri beste era bateko arrazoiak bilatu nahirik:

        — Printze horrena oso aukera gogaikarria dateke zuretzat —ihardetsi zuen—. Ohore guztiak partekatuko ditu, eta nago, besteren bat aukera dezaten ahalegindu beharko zenukeela.

        —Ez da loriak sortua, Madame —ekin zion Clevesko jaunak— Nemoursko jauna nirekin etortzeko duzun beldurra. Horrek eragin dizun atsekabeak beste arrazoi bat du. Zure atsekabe horrek jakinarazi dit, hain zuzen, beste edozein emakumek zure egoera horretan edukiko lukeen zorionagatik jakingo nukeena. Baina ez beldurrik izan; esan berri dizudana ez da egia, asmatu egin baitut lehendik sobera nekien gauza batez segurta nendin.

        Hitz horiek esan eta irten egin zen, emaztearengan zekusan aztoramen itzel hura beraren presentziak larriagotu ez zezan.

        Nemoursko jauna une horretan sartu zen, eta berehala igarri zuen zein egoeratan zegoen Clevesko anderea. Harengana hurbildu eta ahapeka esan zion ez zela ausartzen berarekiko begirunez galdetzera zerk bilakatu zuen ohi baino pentsakorrago. Nemoursko jaunaren ahots doinuak, ordea, bere onera ekarri zuen, eta, hari beha, hark esan ziona aditu ere gabe, bere baitako pentsakizunetara bihurturik eta senarrak haren ondoan ikus ez zezan beldurrez, zera esan zion:

        — Jainkoarren! Utz nazazu bakean!

        — Ene, Madame! —ihardetsi zuen— gehiegitan zaitut bakean uzten. Nola kexa zaitezke orain? Ez naiz ausartzen zuri hitzik esatera, ez naiz ausartzen zuri behatzera ere, eta dardarak nagoela baizik ez naiz zuregana hurbiltzen. Zer egin dut nik esan didazun hori merezi izateko, eta zergatik nahi didazu sinestarazi parterik dudala zure nahigabe horretan?

        Clevesko andereari zinez damutu zitzaion Nemoursko jaunari bide eman izana bere bizitza osoan sekula baino argiago azal zedin. Hantxe utzi zuen erantzunik eman gabe, eta etxera itzuli zen, gogoa inoiz baino aztoratuago. Senarra berehala ohartu zen haren gogo-asaldura handitua zela. Argi ikusi zuen emaztea beldur zela gertatuaz mintza zekion, eta kabineteraino jarraiki zitzaion atzetik.

        — Ez nazazula saihestu, Madame —esan zion Clevesko jaunak—, desplazer zaizunik deus ez dizut esango eta. Barkamena eskatzen dizut baldin arestian ustekabea eman badizut. Nahikoa penaturik bainago jakin dudanaz gero. Gizon guztietarik Nemoursko jaunari nion beldurrik handiena. Badakit nolako arriskutan zaren, baina izan zaitez zeure buruaren jabe niganako amodioaren kariaz. Ez dizut senar baten modura eskatzen, baizik eta zugandik zorion guztia jasotzen duen gizon baten modura, zeinak zure bihotzeko kuttunak baino are maitasun samurragoa eta bortitzagoa erakusten baitizu.

        Clevesko jauna hunkitu egin zen azken hitz horiek esatean, eta kosta egin zitzaion bukatzea. Emazteari ere zirrara eragin zioten, eta, negar-malkotan urtuz, halako samurtasun eta oinaze batez besarkatu zuen senarra, ezen berearen egoera bertsua sorrarazi baitzion hari ere. Luzaz egon ziren besarkaturik, ezer esan gabe, eta bereizi zirenean ere, ez zuten elkarrekin hitz egiteko indarrik izan.

        Amaitu zituzten Madameren ezkontzarako prestakizun lanak. Albako dukea ere etorria zen harekin ezkontzera. Gisako ekitaldi batean egin zitezkeen ospakizun eta handitasun guztiekin egin zioten harrera. Erregek harengana bidali zituen Condeko printzea, Lorraine eta Guiseko kardinalak, Lorraineko dukeak, Ferrarakoak, Aumalekoak, Bouillongoak, Guisekoak eta Nemourskoak. Aitoren seme ugari eta anitz handikien morroi, denak berdin jantzirik, ziren bilduak. Errege Louvreko ate nagusian geratu zen Albako dukearen zain, bere zerbitzuko berrehun aitoren semeekin, eta haien guztien buru, kondestablea. Duke hura erregana hurbildu zelarik, oinetan muin eman nahi izan zion, baina erregek hori eragotzi, eta beraren aldamenean joan zedin agindu zion erreginaren eta Madameren egoitzetara iritsi arte, zeinari Albako dukeak opari ezinago ederra ekarri baitzion bere jaunaren partetik. Berehala, erregeren arreba Margueriterengana joan zen, Saboiako jaunaren konplimenduak egitera eta egun gutxi barru hura ere han izango zela hari segurtatzera. Jaialdi handiak antolatu zituzten Louvren, Albako dukeari eta harekin batera etorria zen Orangeko printzeari gortearen edertasunak erakusteko asmoz.

        Clevesko andereak ez zuen ausardiarik izan hara joateari uko egiteko, hori egiteko irrikaz egon arren, beldur baitzen senarrari gaitzituko ote zitzaion, hark hara joan zedila preseski galdatu ondoren. Nemoursko jauna han izango ez zela jakiteak deliberarazi zuen, beste ezerk baino gehiago, hara joatera. Izan ere, Nemoursko jauna Saboiako jaunaren bila joana zen, eta, printze hura iritsiz geroztik, haren aldamenean egon behar izan zuen beti, ezteietako ospakizunei zegozkien gauza guztietan laguntzeko. Horregatik ez zuen Clevesko andereak ohi bezain sarritan topatu printze hura, eta beraz, nolabaiteko atsedena aurkitu ahal izan zuen.

        Chartresko bidamoak ez zuen ahantzi Nemoursko jaunarekin izandako elkarrizketa. Printzeak kontatu abentura hura harena baizik ezin zitekeela izan gogoan iltzaturik geratu zitzaion, eta hainbesteko arduraz behatzen zion, egia jakingo baitzukeen ziurrenik, baldin eta Albako dukearen eta Saboiako jaunaren iritsierak ez balu halako aldaketarik eta halako durduzadurarik sortu gortean, zeren horrek eragotzi egin baitzion bestela argitu ahal izango zuena ikustea. Hura argitzeko gogoak eramanik, edo agian, maite dugun pertsonari zerbaitetaz dakigun guztia azaltzeko dugun berezko isuriak bultzaturik, gauza da ekintza gogoangarri hura errepikatu ziola Martigues andereari, hots, emazteak senarrari beste batenganako amodioa kontatzen zioneko hura. Segurtatu zion Nemoursko jauna zela, hain zuzen, amodio bortitz hura sorrarazi zuena, eta erregutu zion printze hura zelatatzen lagun ziezaiola. Martigues anderea asko poztu zen bidamoak esan ziona jakin zuenean, eta Nemoursko jaunari zegozkion gauzei buruz batez ere dofin anderearengan betidanik igarri zuen jakinminak, are gehiago adoretu zuen abentura horretan sakontzera.

        Ezkontzaren ospakizunetarako hautatu zutena baino egun batzuk lehenago, dofin erreginak afari bat eman zuen bere aitaginarreba erregearen eta Valentinoisko dukesaren ohoretan. Clevesko anderea, apaintze-lanetan arduraturik ibili baitzen, ohi baino beranduago joan zen Louvrera. Hara zihoalarik, aitoren seme bat topatu zuen, dofin anderearen manuz beraren bila zetorrena. Gelan sartu zenean, printzesa hark, etzanda zegoen ohetik, oihukatu zion beraren zain egon zela sekulako larriminez.

        — Uste dut, Madame —ihardetsi zion Clevesko andereak— ez diodala eskerrik zor egonarri horregatik, zeren, zalantzarik gabe, beste zerbaitek sortua izango baitu, ez bederen ni ikusteko gogoak.

        — Arrazoi duzu —iharduki zion dofin erreginak—, baina halere, esker ona agertu behar zenidake, zeren pozik jakingo duzula ziur dakidan abentura baten berri emango baitizut.

        Clevesko anderea belauniko jarri zen haren ohearen aurrean, eta bere zorionerako, egun-argiak ez zuen aurpegian jotzen.

        — Badakizu —esan zion erreginak— Nemoursko dukeak ageri duen mudantza hori zerk sortua den jakiteko irrika biziz garela; nago badakidala zein den horren zioa. Harri eta zur utziko zaituen gauza bat da, gorteko pertsonarik ederrenetako batez baitago itsutuki maitemindua eta arrunt zaletua.

        Hitz horiek, zeintzuk Clevesko andereak ezin baitzitzakeen berari zuzenduak bezala har, zeren ez baitzuen uste inork zekienik berak printze hura maite zuela, aise imajina litekeen oinaze bizi bat eragin zioten.

        — Nik, ordea —erantzun zuen—, Nemoursko jaunaren adina eta gorpuzkera duen gizon batengandik harridura sor dezakeen deus ez dut ikusten horretan.

        — Izan ere, ez da hori —berrekin zion dofin andereak— harritu behar zaituena, baizik eta jakitea Nemoursko jaunak maite duen emakume horrek ez diola inoiz maitasun horren agergarririk eman, eta bere amodio horren jabe ez izateko beldurrak senarrari aitortzera bultzatu duela, hark gortetik urrun eraman dezan. Eta Nemoursko jaunak berak kontatua da esaten ari natzaizuna.

        Clevesko andereak, lehenik, oinazea nozitu zuen abentura hartan parterik ez zuela pentsatzean, baina dofin anderearen azken hitzek etsipenean amilarazi zuten, nahi baino parte handiagoa zeukala jakin baitzuen. Ez zuen ihardesterik izan eta burua ohearen gainean bermaturik eduki zuen, erreginak hizketan segitu zuen bitartean, Clevesko andereari esaten ari zitzaion hartan guztian hain arduratua, ez baitzen ohartu haren estuasunaz. Clevesko anderea doi bat bere baitara bihurtu zenean:

        — Historia horri ez deritzat inondik ere egiantzekoa, Madame —ihardetsi zion—, eta gogo onez jakingo nuke nork kontatu dion berorri.

        — Martiguesko andereak jakin du Chartresko bidamoaren ahotik —azaldu zion dofin andereak—. Zuk badakizu hartaz maitemindurik dagoela. Sekretu bat bailitzan fidatu dio, Nemoursko jaunak berak kontaturik jakin baitu hark. Egia da Nemoursko dukeak ez diola dama horren izenik aipatu, eta ez diola aitortu ere bera zenik hartaz maitemindua, baina Chartresko bidamoak ez du horri buruzko zalantzarik egin.

        Dofin erreginak hitz horiek esatez amaitu zuenean, norbait hurbildu zen ohe ondora. Clevesko anderea bizkarrez zegoen, halako jarreran ezen ezinezkoa baitzitzaion hura nor zen ikustea. Baina ez zuen zalantzarik egin, dofin andereak bozkario eta harridura aire batez zera oihuztatu zuenean:

        — Hara! Hementxe dugu bera. Horixe galdegingo diot.

        Clevesko andereak, haren aldera itzuli gabe ere, ongi baino hobeto zekien Nemoursko dukea zela, eta izan ere, bera zen. Clevesko anderea dofin anderearengana lehiaz hurbildu, eta ahapetik esan zion ongi begiratu beharra zegoela abentura hura hari aipatzetik, Chartresko bidamoari isilean fidatu ziolako eta haien artean etsaigoa pitz zezakeen gauza zelako. Dofin andereak irribarrez ihardetsi zion zuhurregia zela, eta Nemoursko jaunarengana itzuli zen. Gaueko festarako jantzia zetorren, eta hain berezkoa zuen xarmaz baliaturik, hitza hartu eta:

        — Uste dut, Madame —esan zuen— beldurrik gabe pentsatzen ahal dudala ezen, sartu naizelarik, niri buruz ari zinetela solasean, berorrek niri zerbait galdetzeko gogoa zuela eta ezetz zioela Clevesko andereak.

        — Egia da —erantzun zuen dofin andereak—, baina behingoagatik ez dut berarekiko izan ohi dudan etorkortasun bera izango. Zugandik nahi nuke jakin ea benetakoa den kontatu didaten historia bat, eta ea ez al zauden gorteko emakume batez maitemindua eta zaletua, zeinak arta handiz ezkutatzen baitizu bere maitasuna eta are bere senarrari ere aitortu baitio.

        Clevesko anderearen estuasuna eta aztoramena, imajina litekeen oro baino harantzago zihoan, eta Herio aurkeztu izan balitzaio egoera hartatik ateratzeko, atseginez onetsiko zukeen. Baina Nemoursko jauna are aztoratuago zegoen, egoterik baldin badago. Batetik, dofin andereak gorrotorik ez ziola sinesteko motiborik izan zuenez, eta bestetik, printzesa hark, gortean zeuden pertsona guztien artetik, konfiantzarik handiena Clevesko andereari zionez —baina hark ere hein berean zionez dofin andereari—, hitz haiek, Clevesko anderearen aurrean esanik, pentsakizun bitxien hain nahaste ikaragarria zioten sortu, ezinezkoa izan baitzuen bere aurpegiaren eiteari eustea. Beraren erruz Clevesko anderea nolako estuasunean zegoen ikusteak, eta hark bera gorrotatzeko zeukan bidezko arrazoiaren pentsakizunak, halako izu-ikara eragin zioten, ihardetsi ezinik geratu baitzen. Dofin andereak, zeinen harriturik zegoen ikusirik:

        — Begira, begira iezaiozu —esan zion Clevesko andereari— eta juzka ezazu abentura hori ez al den berarena.

        Guztiarekin ere, Nemoursko jauna, lehen aztoramen hartatik bere baitara bihurtuz, eta halako estualdi arriskutsutik irten beharraren garrantziaz jabeturik, bere gogoaren eta bere aurpegieraren jabe egin zen bet-betan:

        — Aitor dut, Madame —esan zuen— nagoena baino harrituago eta nahigabetuago ezin litekeela egon Chartresko bidamoak erakutsi didan desleialtasunagatik, zeren, nire lagun baten abentura isilgordean hari fidatu diodalarik, kontatu egin baitu berak. Mendeka ninteke —segitu zuen, irribarrez, dofin andereak eduki berriak zituen susmoak ia guztiz ezabatu zizkion ahots-doinu bare batez—. Ez dira hala-holako gauzak fidatu dizkidatenak, baina ez dakit, Madame —gehitu zuen— zergatik egin didan berorrek abentura horretan nahasteko ohorea. Bidamoak ezin esan dezake afera hori niri dagokidanik, kontrakoa esan baitiot nik. Gizon maitemindu baten entzutea ongi egokitzen ahal da nirekin, baina ez dut uste, Madame, berorrek gizon maitatuarena eman diezadakeenik.

        Printzea pozik azaldu zen, aspaldi batean dofin andereari agerturikoa gogoraziko zion zerbait esan ahal izango ziolako, eta hark zeuzkakeen pentsakizunak gogotik aldarazi ahal izango zizkiolako. Dofin andereak ongi aditu uste zuen hark zioena, baina, deus ere ihardetsi gabe, haren estualdiari gogor egiten jarraitu zuen.

        — Nire adiskideari diodan laguntasunak, Madame —ihardetsi zion Nemoursko jaunak—, eta hark bizia bera baino maiteagoa duen gauza bat inori azaltzeagatik egin diezazkidakeen bidezko gaitzespenek, aztoraturik naukate. Hark, ordea, hitz erdika baizik ez dit kontatu, eta ez dit aipatu bere maiteñoaren izena. Munduko gizonik maiteminduena eta urrikalgarriena dela baizik ez dakit.

        — Maitatua delarik —ekin zion dofin andereak—, hain urrikalgarria deritzazu?

        — Berorrek ere maite dutela uste al du, Madame? —iharduki zion—. Eta benetako amodio isuria duen pertsona batek bere senarrari halakorik aitor diezaiokeela ere benetan uste al du? Pertsona horrek, dudarik gabe, ez du maitasuna ezagutzen, eta berari dioten atxikimenduari nolabaiteko esker-erakutsia baizik ez dio agertu. Nire adiskideak ezin erna dezake inolako itxaropenik, baina, bere zorigaitzean, zoriontsua da bederen, bera maitatzeko beldurra sortu duelako harengan, eta ez lioke bere lekua aldatuko munduko maitalerik dohatsuenari.

        — Zure adiskide horrek —esan zuen dofin andereak— aise konpli dezakeen amodioa sentitzen du, eta hasia naiz sinesten ez zarela zeure buruaz ari. Gutxik egin du, gainera —jarraitu zuen—, nerau ere ez bainaiz Clevesko anderearen iritzira etorri, zeinak esaten baitu abentura hori ezin daitekeela egiazkoa izan.

        — Ez dut uste, benetan diot, egia izan daitekeenik —gaineratu zuen Clevesko andereak, zeinak ez baitzuen artean hitzik egin—, eta egia izango balitz ere, nola jakin liteke halakorik? Itxura guztien arabera, ez dirudi emakume batek, hain gauza harrigarria egiteko gauza izanik ere, hori inori kontatzeko ahuldadea edukiko lukeenik, eta jakina, haren senarrak ere ez luke inondik ere kontatuko, zeren osterantzean ez bailitzateke izango emazteak berarekiko izandako jokaeraren duin.

        Nemoursko jauna, Clevesko andereak senarrarekiko zituen susmoak ikusirik, poztu egin zen horiek berretuz. Ongi zekien hura zela garaitzeko zeuzkan aurkarietatik beldurgarriena.

        — Jelosiak —erantzun zuen—, eta esan zaiguna baino gehiago jakin nahi izateak, arduragabekeriak eginarazi diezaizkioke senar bati.

        Clevesko anderea bere indarraren eta bere adorearen muga-mugan zegoen, eta, nola ez baitzuen elkarrizketa hura denbora luzeagoan jasaten ahal, ondoezik zegoela esateko puntuan zen, noiz eta, beraren zorionerako, Valentinoisko dukesa sartu, eta errege iristear zegoela esan baitzion dofin andereari. Erregina hura, beraz, bere kabinetan sartu zen janzteko asmoz. Clevesko anderea dofin anderearen atzetik joatekoa zenean, Nemoursko jauna hurbildu zitzaion.

        — Neure bizia emango nuke, Madame —esan zion— une batez zurekin mintzatzearren, baina esan nahi dizkizudan gauza garrantzitsu guztien artetik, deus ez zait hain garrantzitsua iruditzen nola baita zuri eskatzea, otoi, sinets dezazula, dofin anderearekin zerikusia izan dezakeen zerbait esan baldin badut, berari ez dagozkion arrazoiengatik esan dudala.

        Clevesko andereak Nemoursko jaunari aditzen ez ziolako iduri egin zuen. Hantxe utzi zuen hari begiratu ere gabe, eta errege sartu berriari jarraiki zion. Jendetza handia zegoenez gero, soinekoarekin nahaspilatu eta behaztopatu egin zen. Hala, estakuru hura baliatu zuen luzaroago egoteko indarrik ez zuen leku hartatik irteteko, eta zutik egon ezin zuelakoa eginez, etxera joan zen handik.

        Clevesko jauna Louvrera joan zen, eta harriturik geratu zen beraren emaztea han ez zegoela jakin zuenean. Hark izandako ezbeharra jakin bezain azkar etxera itzuli zen, haren berriak ezagutzera. Ohean etzanik aurkitu zuen, eta jakin zuen haren ondoeza ez zela larriegia. Emaztearen ondoan une batzuk eman ondoren, ohartu zen hain tristezia latz batek kolpatu zuela, harriturik geratu baitzen.

        — Zer duzu, Madame? —esan zion—. Iruditzen zait, kexatzen zarenaz gainera, baduzula beste oinazeren bat.

        — Izan nezakeen nahigaberik handiena sentitzen dut —erantzun zuen—. Nola baliatu zara erakutsi dizudan fidantzia erabatekoaz edo, hobeki mintzatzera, eroaz? Ez al nuen merezi sekretua gordetzerik? Eta ez merezi arren ere, ez al zintuen zure interesak horretara hertsatzen? Inola ere esan behar ez dizudan izen bat jakiteko gogoak halako sekretu bat inori fidatzera eraman al zaitzake, izen hori zein den argitzeko xedez? Jakinmin horrek bakarrik eragin bide dizu halako arduragabekeria krudela burutzea, zeinaren ondorenak izan zitezkeen deitoragarrienak izan baitira. Abentura hori gauza ezaguna da, oraintxe kontatu baitidate, nahiz ez dakiten ni naizenik abentura horretan lehen interesatua.

        — Baina zer diozu, Madame? —ihardetsi zion—. Zu eta bion artean gertatua kontatu dudala salatzen didazu, eta hori guztia gauza ezaguna dela esaten didazu? Ez dut neure burua zurituko inori halakorik kontatu izanagatik, ez baitzenidake sinetsiko. Zalantzarik gabe, zeurea balitz bezala hartu duzu besteren bati buruz esan dizutena.

        — Ene, Monsieur! —berrekin zion—. Munduan ez dago nirea bezalako beste abenturarik. Ez dago gauza bera egin dezakeen emakumerik. Halabeharrak ezin dezake halakorik asma, inori ez zaio sekula halakorik bururatu, eta pentsakizun hori nire gogoan baizik ezin zitekeen sortu. Dofin andereak arestian kontatu dit abentura hori guztia. Chartresko bidamoak esan diolako daki, eta hark, berriz, Nemoursko jaunak esanik.

        — Nemoursko jauna! —egin zuen oihu Clevesko jaunak, haren suminaldia eta etsipena islatzen zuen keinu batez—. Nola! Nemoursko jaunak ba al daki zuk maite duzula eta nik ere badakidala?

        — Nemoursko jaunarengan dituzu begiak finkaturik, beste inorengan bainoago —iharduki zion—. Lehen ere esan dizut ez dizudala zure susmoen gainean deus erantzungo. Ezezaguna zait Nemoursko jaunak ba ote dakien abentura horretan dudan partea eta zuk hari egozten diozuna. Baina, zernahi gisaz ere, hark Chartresko bidamoari kontatu dio, eta lagun batek esanik zekiela ere esan dio, nahiz ez dion pertsona horren izenik eman. Nemoursko jaunaren lagun horrek zurea ere behar du izan, eta segur, horri fidatuko zenion, gauzak argitze aldera.

        — Ba al dugu munduan halako isilmandatua egin nahiko geniokeen lagunik? —ihardetsi zion Clevesko jaunak—. Eta nahiko al genituzke susmo horiek argitu, geure buruari ere ezkutatu nahiko geniokeen hori norbaiti agertzeko prezioan? Pentsa ezazu zerorrek, Madame, norekin zaren mintzatu, zeren egiazkoagoa baitirudi sekretu hori zerorri itzuri izana, niri baino. Nonbait, ez bide duzu aski kemen izan aurkitu zaren estuasun hori zeure kabuz jasateko, eta zure kontzientziaren aringarria bilatu duzu traditu zaituen isilmandatariren bati azalduz.

        — Ez nazazu gehiago nekarazi —egin zion oihu—, eta zerorrek egin duzun hobena niri salatzeko bezain bihozgabea ez zaitez izan. Zinez susma al dezakezu halakorik nigandik? Zuri hitz egiteko adorea izan dudalako, beste edonori hitz egiteko ere gauza izan behar al dut?

        Clevesko andereak bere senarrari egindako aitortza hura hain zen haren zintzotasunaren agerbide nabarmena, eta hain sendoki ukatzen zion inori fidatu ziola, Clevesko jaunak ez baitzekien zer pentsatu. Bestetik, segur zen berak ere ez ziola inori deusik esan. Ezin zitekeen halakorik asma, baina halere, gauza ezaguna zen. Beraz, bietako batek esana behar zuen izan, baina halere, oinaze larriena sortzen ziona, sekretu hura norbaiten esku zegoela eta, itxura guztien arabera, berehala barreiatuko zela jakitea zen.

        Clevesko andereak gauza berak kontsideratzen zituen gutxi gora-behera, eta hari ere ezinezkoa iruditzen zitzaion senarra hartaz mintzatu izana, baina bai eta ez mintzatu izana ere. Jelosiak senar bati arduragabekeriak eginaraz diezaizkiokeela eta horren inguruan Nemoursko jaunak esan zionak hain zehatz azaltzen zuen Clevesko jaunaren egoera, ez baitzuen sinesten ahal halabeharrez esandako gauza zenik, eta egiantz horrek hertsatu zuen sinestera Clevesko jauna baliatu egin zela berarengan jarri fidantziaz. Bata zein bestea hain zeuden beren pentsakizunetan arduraturik, luzaz egon baitziren elkarrekin mintzatu gabe, eta lehendik hainbatetan esanak zituzten gauza berberak esateko baizik ez zuten urratu isiltasun hura, eta, hala gogoz nola bihotzez, inoiz baino elkarrengandik urrunago eta asaldatuago geratu ziren.

        Aise imajina liteke zein egoeratan igaro zuten gaua. Clevesko jaunari, berak miresten zuen emakume hura beste baten amodioaz hunkiturik zegoela ikusi beharraren zorigaitzak pairamen guztia ahitu zion. Ez zitzaion kemenik gehiago geratzen, eta ez zuen uste horretarako indarrik aurki zezakeenik, beraren ohorea eta omena hain bortizki laidoztatuak zeuden afera batean. Ez zekien zer pentsatu emazteaz. Ez zekien zein jokabide behar zion harrarazi, ez eta nola jokatu behar zuen berak ere. Alde guztietarik amildegiak eta leize ilunak baizik ez zituen ikusten. Azkenik, asaldura eta egonezin ikaragarri baten ondoren, ikusirik aurki Espainia aldera behar zuela abiatu, dohakabezko egoera hari buruzko susmoa edo ezagutza emenda zezakeen deus ez egitera deliberatu zen. Clevesko anderearen bila joan zen, eta esan zion kontua ez zela elkarren artetik sekretuari nork huts egin zion argitzea, baizik eta biek behar zutela ahalegindu kontaturiko historia hura funtsik gabeko esamesa baizik ez zela sinets zezaten, zeinetan berak ez baitzuen inolako parterik; bere esku zuela Nemoursko jaunari eta gainerakoei horretaz konbentziaraztea; amodioa aitortzen zion gizon bati eduki behar zaion zurruntasunaz eta hoztasunaz behar zuela harekin jokatu; jokabide hartaz baliaturik, aise ezabatuko ziola beraren alde amodiozko isuri bat sentitzen zuelako ustea; orobat, ez zeukala zertan atsekabeturik pentsa zezakeen guztiagatik, zeren eta, aurrerantzean bere ahuldadearen inolako agerbiderik ematen ez bazuen, aise desegingo baitzitzaizkion pentsakizun guztiak, eta beharrezkoa zela, batez ere, Louvrera eta gainerako bilkuretara joatea, ohi zuen moduan.

        Hitz horiek esan ondoren, Clevesko jaunak emaztea utzi zuen, haren ihardespenaren zain egon gabe. Emazteak oso arrazoizkoa zeritzan senarrak esan zion orori, eta Nemoursko jaunaren aurka piztu zitzaion hegigoa zela kausa, uste izan zuen gauza erraza izango zela hura azken burura eramatea, baina zaila iruditu zitzaion, haatik, ezkontzako ospakizun guztietan lasaitasunezko begitarte batez eta baretasunezko aldarte batez agertzea. Alabaina, nola dofin anderearen ezkon-soinekoaren isatsa eraman behar baitzuen, eta nola egiteko hartarako beste anitz printzesa baino nahiago izan baitzuten, ez zeukan modurik, zarata handirik egin gabe eta horren arrazoiak bilatzera inor gogatu gabe, hari uko egiteko. Halatan, bere kabuz ahalegin bat egitea erabaki zuen. Gainerako egun osoa eman zuen horretarako prestatzen eta asaldatu zuten sentimendu guztiei ateak zabaltzen. Bere kabinetan isolatu zen. Bere gaitz guztietarik, Nemoursko jaunaz kexu izateko motiboa izan eta, halere, hura desenkusatzeko inolako bitartekorik aurkitu ezinak kolpatzen zuen bortxarik handienaz. Dudarik ez zegoen abentura hura Nemoursko jaunak kontatu ziola Chartresko bidamoari, hark halaxe aitortu baitzuen, eta ezin zezakeen zalantzan ere jarri, Nemoursko jauna mintzatu zitzaion moduagatik, hark ez zekienik abentura hura berari zegokiola. Nola desenkusatzen ahal zuen hain moldakaizkeria nabarmenetik? Non zegoen printze haren zuhurtzia txoil beregainekoa, hainbeste hunkitu zuena?

        — Zuhurtasunez jokatu da —zioen bere baitarako— dohakabea zela uste izan duen bitartean, baina zorion baten —zorion ziurgabe baten— pentsakizunak suntsitu egin dio zuhurtzia hori. Ezin izan du imajinatu norbaitek bera maita zezakeenik, besteek hori jakitea nahi izan gabe. Esan zezakeen guztia esan du. Nik ez diot aitortu maite nuenik; berak du igarri, eta besteei dizkie bere susmoak ikusarazi. Ziurtasuna eduki izan balu, modu berean jokatuko zen. Haren loriaren goresgarri zena ezkutatzeko gauza izango zela sinestea izan da nire hobena. Gainerakoetatik hain desberdina neritzon gizon horren erruz beste emakumeak bezala aurkitzen naiz, nahiz horien irudiko izatetik aski urrun nagoen. Zorionez bete behar ninduen senar baten bihotza eta estimua galdu ditut, eta amodio ero eta bortitz bat izan duen pertsona bati bezala begiratuko didate laster guztiek. Amodio hori sentiarazi didanak ere badaki, eta hain zuzen ere, zorigaitz horiek saihesteagatik jarri dut arriskuan nire atsedena eta nire bizitza osoa.

        Gogoeta triste horien ondoren, uharka isuri zitzaizkion negar-malkoak, baina gainezkaturik zeukan oinaze hura zitezkeenetatik mingarriena izanagatik ere, ederki zekien hura jasateko adina indar edukiko zukeela, baldin Nemoursko jaunak gogobeterik utzi izan balu.

        Printze haren gogoa ez zegoen lasaiago. Chartresko bidamoari mintzatzean egin zuen arduragabekeriak eta horren ondorio krudelek, bihotz-herstura hilgarria sortu zioten. Clevesko anderearengan ikusiriko asaldura, kezka eta atsekabeaz ezin zitekeen oroitu gainditurik sentitu gabe. Ezin zitekeen kontsola abentura haren gainean hainbat gauza esan izanaz, eta berez hitz ederrak zirenak, une hartan zantarrak eta moldakaitzak iruditzen zitzaizkion, zeren hitz horiek Clevesko andereari aditzera eman batzioten Nemoursko jaunak bazekiela amodio bortitz hura sentitzen zuen emakumea bera zela, eta sentitu ere, beraren alde sentitzen zuela. Nemoursko jaunak desira zezakeen gauza bakarra printzesa harekin solasaldi bat izatea zen, baina iruditu zitzaion, desiratu baino gehiago, beldurra eduki behar ziola.

        — Zer esan diezaioket? —egin zuen oihu Nemoursko jaunak bere baitarako—. Joango al natzaio esatera jadanik ongi baino hobeto ezagutzera eman diodana? Azalduko al diot badakidala berak maite nauela, maite dudala esatera sekula ausartu ez naizen honek? Deblauki mintzatzen hasiko al natzaio nire amodioaz, itxaropenek ausart bihurtu duten gizona naizela haren begietara agertzeko? Harengana hurbiltze hutsa ere pentsa al dezaket? Eta ausartuko al naiz nire behakoa jasan beharraren estuasunean jartzera? Nola zuri dezaket neure burua? Ez dut aitzakiarik, ez naiz duin Clevesko andereak beha diezadan, eta beraz, ez dut igurikitzen hark niri behatzerik. Nire erruz ez diot bitarteko hoberik eman nire aurka defenda zedin, salbu eta berak nahien zituenak eta menturaz alferrik bilatzen zituenak. Nire laxokeriak galarazi dit munduko pertsonarik maitagarrienak eta estimagarrienak ni maitatzeak sortuko lidakeen zoriona eta loria, baina, baldin zorion hori, hark sofritu gabe eta nik hari oinaze hilgarririk eman ere gabe, galduko banu, kontsolagarri litzaidake, eta une honetan gehiago sentitzen dut hari egin diodan mina, ezen ez harenaren aldean neure buruari egin diodana.

        Nemoursko jauna luzaz egon zen bere buruaz nahigabetzen eta gauza berak pentsatzen. Clevesko andereari hitz egiteko gogoa etengabe zetorkion burura. Horretarako baliabideak aurkitzea irrikatzen zuen, idaztea ere pentsatu zuen, baina azkenean, egindako hobenaren ondoren, eta hark bide zeukan aldartea kontuan izanik, iruditu zitzaion egin zezakeen gauzarik onena haren nahigabe eta isiltasunarekiko begirune sakon bat erakustea zela, ikusaraztea ez zela ausartzen haren aurrean agertzera, eta itxarotea denborak, halabeharrak eta hark zion amodio isuriak zerbait egin zezaten beraren alde. Halatan, Chartresko bidamoak agertu desleialtasunagatik gaitzespenik ez egitea erabaki zuen, haren susmoak sendoago bilakatuko ote ziren beldurrez.

        Madameren biharamuneko ezkon-agintzak eta hurrengo eguneko ezteiek hain zeukaten arduraturik gorte osoa, ezen Clevesko andereak eta Nemoursko jaunak aise ostendu baitzuten beren tristura eta asaldura jendearen aurrean. Dofin andereak iragaitzaz baizik ez zion aipatu Clevesko andereari Nemoursko jaunarekin izan zuten elkarrizketa, eta Clevesko jaunak ontzat eman zuen gertatutakoaz bere emazteari deus gehiago ez esatea, halako moldez, ez baitzen aurkitu imajinatu zuen bezain estuasun larrian.

        Ezkon-agintzak Louvren egin ziren, eta oturuntzaren eta dantzaren ondoren, erregezkoak gotzaindegira joan ziren lotara, usatu ohi ziren bezala. Goizean, Albako dukeak, zeina guztiz arruntki beztitzen baitzen beti, urrez bordaturiko soineko bat jantzi zuen, suzko gorri, hori eta beltz kolorez nahastua, oro harribitxiz estalia, buru gainean koroa itxia zuelarik. Orangeko printzea, arrandia handiz jantzia eta segizio guztia atzetik jarraika zuelarik, eta orobat espainiar guztiak, haiek ere beren zerbitzariekin batera, Albako dukearen bila joan ziren Villeroi hotelera, hantxe hartu baitzuen ostatu, eta launakako ilaratan jarririk, hantxe abiatu ziren gotzaindegiari buruz. Iritsi bezain laster, elizara joan ziren ordenan. Errege zihoan Madamerekin, zeinak ere itxia baitzeraman koroa, soinekoari Montpensierko eta Longuevilleko andereñoek eusten ziotelarik. Erregina zetorren horien atzetik, koroarik gabe, alabaina. Jarraian dofin erregina, Madame erregeren arreba, Lorraineko anderea eta Nafarroako erregina heldu ziren, eta printzesek zeramatzaten haien soinekoak. Erregina eta printzesa guztiek soineko bikainez jantziak ekarri zituzten beren alabak, haiek zeramatzaten kolore berberez, halako moduz, ezen, beren soinekoen koloreak ikusirik, garbi ezagut baitzitekeen nor noren alaba zen. Eliza barruan atonduriko mailadira igo eta ezkontz ospakizunak egin zituzten. Berehala gotzaindegira itzuli ziren afaltzera, eta bostak aldera, jauregiari buruz abiatu ziren, hantxe egingo baitzuten oturuntza. Bertara etor zitezela eskatu zieten Parlamentuari, Gorte Nagusiei eta Udalari. Errege-erreginek eta printze-printzesek marmolezko mahai baten inguruan bazkaldu zuten jauregiko areto handian. Albako dukea Espainiako erregina berriaren aldamenean eseria zegoen. Marmolezko mahaiaren mailen oinetan, eta erregeren eskuinera, mahai bat zegoen enbaxadore, artzapezpiku eta ordenako zaldunentzat, eta beste aldean, berriz, beste mahai bat Parlamentuko jaun guztientzat.

        Guiseko dukeak, urre frisatuzko soineko batez jantzirik, ospakizun buruaren zerbitzua bete zuen erregerentzat, Condeko printze jaunak ogiketariarena, eta Nemoursko jaunak, berriz, edarizainarena. Mahaiak jaso ondoren, dantza hasi zen. Beregaineko ballet-saio eta ikuskizunek eten zuten une batez dantzaldia, baina berehala heldu zioten atzera dantzari, eta azkenik, gauerdia iragan zelarik, errege eta gorte guztia Louvrera itzuli ziren handik. Clevesko anderea triste egonagatik ere, edertasun paregabe baten gisa agertu zen une oro Nemoursko jaunaren begietara. Printze hura ez zen ausartu harekin mintzatzera, ospakizunetako anabasak horretarako bitarteko ugari eskaini zizkion arren, baina halako tristezia eta harengana hurbiltzeko halako beldur begirunetsua erakutsi zion, jada ez baitzitzaion Clevesko andereari hain hobendun iruditzen, nahiz ez zuen hark deus ere esan bere burua zuritzeko. Berdin jokatu zen hurrengo egunetan, eta egun horietan ere, jokabide horrek eragin berbera sortu zuen Clevesko anderearen bihotzean.

        Azkenik iritsi zen zaldun-guduaren eguna. Erreginak, berentzat apailatu zituzten galeria eta mailadietara hurbildu ziren, eta lau lehiaburuak gudazelaiaren mutur batean azaldu ziren, zaldi eta zaldi-mutil kopuru amaigabearekin, Frantzian inoiz egin den ikuskizunik handiosena osatzeko prest.

        Erregek zeramatzan kolore bakarrak zuria eta beltza ziren, Valentinoisko andere alargunaren ohoretan betiere. Ferrarako dukea eta haren segizio guztia kolore hori-gorriz zihoan. Guiseko jauna, aldiz, kolore zuri-gorriz agertu zen. Hasieran inork ez zekien zein izan zitekeen kolore haiek eramatearen kausa, baina gero oroitu ziren emakume eder batenak zirela, hura ezkongai zela maite izan zuena, eta oraindik ere maite zuena, nahiz ez zen ausartzen hala agertzera. Nemoursko jaunak kolore hori-beltzak zeramatzan. Alferrik ahalegindu ziren horren arrazoiaren bila, baina Clevesko andereari ez zitzaion gaitz izan asmatzea: oroitu zen haren aurrean kolore horia gogokoa zuela esan izanaz, eta damu zuela ilehoria izatea, ezin zezakeelako halako kolorerik soinean eraman. Printze hark uste izan zuen nabarmendu gabe ager zitekeela kolore harekin, zeren, Clevesko andereak halako kolorerik soinean ez zeramanez, ezin igarriko baitzuten hari zegokionik.

        Sekula ez du inork halako trebetasunik erakutsi nola agertu baitzuten lau lehiaburu haiek. Erresumako zaldunik onena errege izan arren, ez zen jakiten ahal haien artetik nori eman lehentasuna. Nemoursko jaunak berezko xarma bat agertzen zuen bere ekintza guztietan, are Clevesko anderea baino pertsona ezaxolatuagoak erakar zitzakeena. Hura gudazelaiaren mutur batetik agertzen ikusi orduko, Clevesko andereak neurriz gaineko zirrara sentitu zuen bere barrenean, eta printze haren lasterkaldi bakoitzean zail zitzaion bere poza ezkutatzea, hark bere lasterkaldia arrakastaz burutuz gero.

        Ilunabar aldera, ekitaldi guztiak amaitzear zirenean eta jendea erretiratzeko prest, erregek nahi izan zuen, Estatuaren patu gaiztoak horretara bultzaturik, lantza bat gehiago hautsi. Agindu zion Montgomeryko kondeari, zeina izugarri trebea baitzen, gudazelaira hurbil zedin. Kondeak hertsatuki eskatu zion egiteko hartatik desenkusa zezala, eta otu zitzaizkion arrazoi guztien aitzakia jarri zion, baina erregek, amorratzeraino haserratzeko puntuan, halaxe nahi zuela jakinarazi zion fermuki. Erreginak agindu zuen esan ziezaiotela erregeri lasterketa gehiago ez egiteko eskatzen ziola, zeren, hain ongi jokatua zelarik, kontent egon beharko baitzukeen, eta beraren ondora itzul zedila otoizten zion. Erregek ihardetsi zuen harenganako maitasunagatik nahi zuela lasterka egin eta guda-esparruan sartu. Erreginak, orduan, Saboiako jauna bidali zuen harengana berriro, itzul zedila bigarren aldiz erregutzera, baina alferrik izan zen den-dena. Lasterka egin zuten, lantzak apurtu ziren, eta Montgomeryko kondearenaren izpi batek erregeri begian eman eta hantxe geratu zitzaion sartua. Printze hura lurrera erori zen kolpearen ondorioz, eta ezkutariak eta Montgomeryko jauna, gudazelaiko buruetako bat baitzen, harengana joan ziren bizkor-bizkor. Harriturik geratu ziren hura zauriturik ikustean, baina errege ez zen txoil harritu. Deus gutxi zela esan zuen, eta Montgomeryko kondeari barkatzen ziola. Aise imajina liteke zer nolako asaldura eta zer nolako nahigabea ekarri zuen halako ezbehar zorigaiztokoak, alaitasunerako behar zuen egun batean. Errege bere ohera eraman zuten, eta medikuek haren zauria ikusi bezain laster, oso larria zela iritzi zioten. Kondestable jauna orduantxe oroitu zen erregeri egin iragarpenean nola esan zuten gudu berezi batean hilko zutela, eta ez zuen dudarik egin iragarpen hura beteko zela.

        Espainiako erregeak, Bruselan baitzen une hartan, istripu haren berri jakin orduko bere medikua bidali zuen, aipu handiko gizona bera, baina hark ere etsipena eman zion.

        Gorteak, hain erdibitua eta hain interes kontrajarriez betea, halako gertakari handi baten bezperatan bizi zuen aztoramena ez zen nolanahikoa; halere, mugimendu oro ezkutuan gordetzen zuten, eta itxura guztien arabera, erregeren osasuna zuten kezka bakar. Erreginak, printzeak eta printzesak ez ziren kasik haren gelaitzinetik irteten.

        Clevesko andereak, jakinik han egon beharra zuela, Nemoursko jauna ere hantxe ikusiko zuela eta bere senarrari ezin ziezaiokeela ezkuta hura ikusteak sortzen zion estuasuna, eta ezaguturik, halaber, printze haren presentzia hutsak justifikagarri bilakatzen zuela beraren begietara eta aldez aurreko erabaki guztiak suntsitzen zizkiola, gaixo iduri egiteko deliberoa hartu zuen. Gortea arduratuegi zegoen haren jokabideaz ohartzeko eta haren eritasuna aizuna ala benetakoa zen argitzeko. Haren senarrak bakarrik ezagut zezakeen egia, baina ez zuen nahigabetzen hark jakiteak. Horrela, beraz, etxean geratu zen, gortean prestatzen ari zen aldakuntza handiaz ardura gehiegirik hartu gabe, eta bere pentsakizunek osoki beretua zutenez gero, askatasun osoa sentitu zuen pentsamendu horien mendera etortzeko. Mundu guztia zegoen erregeren etxean. Clevesko jauna ordu jakin batzuetan etorri ohi zen berriak ematera. Emaztearekin betidanik izan zuen portaera bera gorde zuen, eta bakarrik zirenean soil-soilik agertzen zen doi bat hotz eta uzkur. Clevesko jaunak ez zion gertatutakoaz berriro hitzik egin, eta Clevesko andereak ere ez zuen behar adina indarrik izan, eta ez zitzaion egoki iruditu ere, elkarrizketa hari berrekin ziezaioten.

        Nemoursko jauna, zeinak Clevesko anderearekin mintzatzeko unetxo bat aurkitzea igurikitzen baitzuen, txoil harritu zen, eta samindu, hura ikusteko atsegina izan ez zuelako. Erregeren eritasuna hain larria izaki, zazpigarren egunean medikuek etsipena eman zioten. Bere heriotzaren ziurtasuna irmotasun handiz jaso zuen, eta hainbatenaz miresgarriagoa zen, zenbatenaz zorigaiztoko istripu bategatik galduko baitzuen bizia, adinaren lorean galdu ere, zoriontsu, bere jendeek miretsia eta maitasuna zion emakume batez bera ere itsutuki maitemindua. Heriotzaren bezperan, bere arreba Madamearen eta Saboiako jaunaren arteko ezkontza ospatu zuen, zeremoniarik gabe. Aise juzkatzen ahal da zein egoeratan zen Valentinoisko dukesa. Erreginak ez zion baimenik eman errege ikus zezan, eta artean bere esku zeuzkan erregeren zigiluak eta koroaren harribitxiak eskatzera etorri zitzaizkion, erreginak hala manaturik. Dukesak errege hila al zegoen galdegin zien, eta haiek ezetz erantzun ziotenez:

        — Oraindik ez dut jaberik —ihardetsi zuen—, eta inork ezin nazake behartu haren konfiantzak nire eskuetan utzi duena itzultzera.

        Tournellesko gazteluan erregek azken hatsa eman orduko, Ferrarako dukeak, Guiseko dukeak eta Nemoursko dukeak Louvrera gidatu zituzten erregina ama, errege semea eta haren emazte erregina. Nemoursko jauna zihoan erregina amari lagun egiten. Oinez abiatu zirenean, erregina ama urrats batzuk atzera itzuli, eta erregina bere errainari esan zion hari zegokiola lehen lekuan joatea, baina argi ikus zitekeen konplimendu hartan garraztasuna zegoela, onginahia baino gehiago.

© Mme. de Lafayette

© itzulpenarena: Mikel Hoyos Sein

"Mme. de Lafayette / Clevesko Printzesa" orrialde nagusia