HITZAURREA
Bizitza
Marie-Madeleine de la Vergne —horixe baitzen Madame de La Fayetteren ezkondu aurreko izena— 1634. urtean jaio zen nobleziako familia on batean. Bere gazte denboran, garaiko idazle asko ezagutu zituen (Voiture, Chapelain,...), sarritan etortzen baitziren bere etxera amaren adimenaren eta edertasunaren bila. Aita, bitartean, ingeniari militarra lanbidez, gerran zebilen Richelieuren armadarekin. 1649. urtean hil zitzaien, eta horrek, aldaketa larriak ekarri zizkion familiari; René-Renaud de Sévigné izeneko handiki bat ama alargunaren etxera etortzen hasi zen, eta antza denez, Marie-Madeleine, ordurako ezkontzeko adinean zelarik, itxaropenak egiten hasia zen zaldun haren sarritako bisitaldiak zirela eta. Zaldun gaztearen asmoak, ordea, haren amari zuzenduak ziren, eta beraz, Marie-Madeleinek nahigabe handia hartuko zuen ziurrenik, jaun hura beraren amarekin ezkondu zenean.
Marie-Madeleineren bi ahizpa gazteenak komentu batera bidali zituzten, zeren, maila oneko familia izan arren, ez baitzeukaten hiru alabentzako doteak biltzeko aski baliabide. Marie-Madeleineri, hiruetatik ahizpa zaharrenari, heziketarik onena ematen saiatu zen ama, eta aita artean bizi zelarik letren aldeko isuria agertu zuenez, Gilles Ménage gorteko abade jakintsu eta saiatuaren ardurapean utzi zuen. Horrela, bada, Marie-Madeleinek bere garaiko gainerako emakumeek baino kultura handiagoa jaso zuen, baina hori ez zen aski bizitzan garaile irteteko, eta beraz, gizarteko harremanetan ere aurrerapenak egiten ahalegindu zen. Lehenik, erreginaren ohorezko andere-lagun izan zen, eta gero, Chailloteko komentuan onar zezatela lortu zuen. Angelique de La Fayette zen komentuko ama nagusia, eta hantxe bizi ziren, bizimodu bakartuan, Ingalaterrako errege Charles I.aren alarguna eta Henriette haren alaba. Marie-Madeleine haien guztien adiskide egin zen berehala.
Angelique de La Fayettek neba alargun bat zuen. Anaia horrek gaztelu bat, izen bat eta fortuna bat zeuzkan, eta osagai horiek nahikoak izan ziren ezkontza on bat burutzeko. Hala, bada, Marie-Madeleine de la Vergne egun batetik bestera Madame de La Fayette bihurtu zen, 1655. urteko otsailaren 15ean. Izen berri horren laguntzaz eta Ingalaterrako Henriettek zion adiskidetasunari esker, zabal-zabalik aurkitu zituen gorteko harremanetan sartzeko ateak.
François de La Fayette haren senarrak nahiago zuen bere lur-eremuetako bakartasuna eta lasaitasuna, hirietako iskanbila eta atsegin mundutarrak baino, eta horrela, bera eta bere emazte gaztea Auvergneko gazteluan finkatu ziren, hiritik urrun. Madame de La Fayette Parisa joaten zen tarteka, senarrak zeuzkan zenbait auzi konpontzera, eta azkenik, hiriburuko bizimoduak gehiago erakartzen zuelako, edo ezkontza hartatik jaiotako bere bi seme-alaben etorkizuna segurtatu nahi zuelako agian, kontua da Parisen bizitzen jarri zela 1657. urtean, senarrarengandik bereizirik. Noizean behin bakarrik etortzen zen senarra, baina halere, beti izan zituen harekin adiskidetasunezko hartu-emanak.
1665. urte aldera La Rochefoucald ezagutu zuen, eta elkarren lagun handiak izan ziren, hura 1680. urtean hil zen arte. Badirudi La Rochefoucaldek asko lagundu ziola idazle bezala zeuzkan doaiez bere burua konbentzitzen. Min gehiago egin zion La Rochefoucalden heriotzak, senarrarenak baino (hiru urte geroago gertatua). Halere, Madame de La Fayette ez zen erraz amore ematen zuten horietakoa, eta doluzko lehen uneak iragan ondoren, Ménage izeneko bere miresleetako bat ondora ekarri, eta literatur zaletasunari ekin zion berriro. 1693. urtean hil zen, berrogeita hemeretzi urte zituela.
Obra
Clevesko Printzesa 1672. urtean idatzi zuen, nahiz ez zen 1678. urtera arte argitaratu. Ez da bere lehen lana, ez eta bere lehen elaberria ere. Lehendik badauzka bi narrazio idatziak: Montpensierko Printzesa (1662) eta Zaïde (1669). Azken hori, Segrais delako batek izenpetua dator, eta dirudienez, harekin lankidetzan idatzi zuen. Clevesko Printzesa gure elaberri hau ere izenik gabe eman zuen argitara. Elaberri honen 1678ko argitaraldian liburugileak ohar bat egiten dio irakurleari, eta bertan esaten zaigunez, ez du egilearen izenik aipatu nahi izan, hain zuzen ere, beldur zelako izen horrek liburuaren arrakasta murriz zezan, nahiz esaten duen, halaber, historia horrek irakurleen onespena eta merezimendua jasotzen badu, emango duela ezagutzera nor den egilea.
Beraz, elaberri hori egilearen izenik gabe argitaratu zen, Madame de La Fayetteren aurreko narrazioekin gertatu bezala. Agian, garai hartako goi mailako gizartearentzat elaberrigintzak zuen balio eskasean bilatu beharko litzateke horren arrazoia, izan ere, azpigenerotzat baitzeukaten orduko pentsalariek, eta gainera, Madame de La Fayetterenean, elaberriak idaztea bateraezina zen haren gizarte mailarekin; gehienez ere, denbora-pasa gisa har zitekeen, baina argitaratzeko asmoz idaztea, hori maila beheragoko jendeei zegokien lanbidea zen. Baina, baliteke, beharbada, egileak bere izena isildu izanaren benetako arrazoia, haren emakume izatean oinarriturik egotea, oso gaizki ikusia baitzegoen, batez ere gizonezkoen artean, emakume bat idazten aritzea, eta horren erakusgarri dira ondoko adierazpenak:
«Emakume batengan, iruditzen zait ez dagoela gauza hain higuingarririk, nola idazle gisa aritzea». (Chapelainek Balzaci idatzitako gutun batean)
«Aspaldi da mintzatua naizela beste sexuaren sasi-jakituria horrezaz, eta aspaldi ere esan dut, atseginagoa zitzaidala emakume bizardun bat jakintsu iduri egin nahian dabilena baino». (Balzacek Chapelaini eman erantzunean)
Madame de La Fayettek zenbait aholkulari izan zituen: Ménage, Segrais, Huet, La Rochefoucauld..., baina Clevesko Printzesa idatzi zuenean, azken hori bakarrik eduki zuen aldamenean, eta badirudi, haren laguntza ere izan zuela obra hori idazteko orduan.
Elaberri honek, argitara eman bezain laster, berebiziko arrakasta lortu zuen. Mercure Galant izeneko garai hartako egunkari batek, argitaratzailearekin edo egilearekin hala adostu ondoren, liburuaren atalkako argitarapena iragarri zuen, eta geroago, inkesta bat zabaldu zuen bere irakurleen artean, elaberri honetan ageri den «aitortza» bati buruzko beren iritziak eman zitzaten. Aitortza horretan, emazteak beste norbait maite duela adierazten dio bere senarrari, eta egunkariak bere irakurleei egindako galdera honakoa izan zen: «Zer egin behar luke emazte batek horrelako edo halako egoeran aurkituz gero?».
Horrekin batera, beste bi argitalpen agertu ziren, elaberri honi nolabaiteko zabalkundea ematen eta interesa pizten lagundu zutenak: XXX Markesaren gutunak Clevesko Printzesaren gaiaren inguruan (izenik gabea, baina itxura guztien arabera, Valincourtek idatzia), eta Clevesko Printzesaren kritikari buruzko elkarrizketak (ustez Charnes abadearena, aurreko kritika horri erantzun nahirik). Azken bi lan hauek eta egunkariko inkestak izugarri lagundu zioten elaberriaren arrakastari, eta denbora luzean, bilera-aretoetako hizketagai nagusienetako bat izan zen.
Clevesko Printzesa maitasun historia bat da, baina halaber, maitasun historia baten inguruan dabiltzan beste hainbat maitasunen historia. Maitasuna, senar-emazteen arteko lotura-hitzarmen horretan lekurik ez duen sentimendu bat bezala agertzen zaigu, eta ezkontza, aberastasun batzuk edo familiaren izen ona segurtatzeko itun bat besterik ez da. Maitasunaren alderdi on eta txar guztiak azaltzen zaizkigu, baina maitasuna, batez ere, oinaze eta atsekabeen iturri da, jelosia sortzaile eta mendeku eragile; amodioak eragiten dizkigun sentimenduak, sentimendu ziurgabeak eta zalantzakorrak baitira, aurkaesanez beteak, batetik gure arrazoiak gauza bat esaten digulako, baina bestetik, gure sentimenduek beste zerbait egitera bultzatzen gaituztelako, eta pertsonaren baitan arrazoiaren eta sentimenduen artean gertatzen den barne-borroka saihestezin horretan datza elaberri honetako pertsonaien bizitzaren garraztasuna.
Baina bestetik, nobela historikoa ere bada. Henry II.aren eta François II.aren erregealdi bitarteko garaian kokatzen da historia, eta Madame de La Fayettek, orduko gertaerak eta pertsonaiak ez ezik, pertsonaia horien bizimoduak eta gorteko jaialdi eta festak, dantzak eta zaldun-guduak ere, ongi baino hobeto azaltzen dizkigu. Letra handiz idatziriko historia handi horren hariari jarraituz, printze eta printzesa haien eguneroko bizitzako xehetasunetan ere barnatzen da, kontakizunari bizitasuna eta edertasuna emanez.
Mikel Hoyos Sein
© Mikel Hoyos Sein