HITZAURREA

 

 

1

 

        Desberdinak gara, begi bistan dago, katalanak eta euskaldunak. Desberdinak diren bezala Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa; desberdinak, landareak eta lurrak, koloreak eta zeruak, musikak eta hitzak, jendea, batez ere jendea. Harritu egiten gaitu Kataluniak, katalanak ere Euskal Herriak harritzen dituen modura. Raimonen irudia datorkit burura, Euskal Herriko berde koloreak liluraturik eta itsuturik geratu baitzen. «Non sartzen duzue hainbeste berde?», galdetu omen zion lagun gipuzkoar bati. Egia da euskaldunok berdeaz gain beste kolore asko ezagunak ditugula, ikusiak eta dastatuak baditugula, baina berdea bihurtu dugu ezaugarri nagusi, gorriarekin eta zuriarekin nahasian. Sentikorrak garelako, agian; ikur hori behintzat zabalduxea dugu bazterretan. Sentikorrak pinturan, sentikorrak bizitzan, sentikorrak kantatzen dugunean, sentikorrak kontatzen dugunean, sentikorrak poesian, sentikorrak amodioan. Sentimenduaren argi-ilunek bizi gaituzte. Min edo tristeziari sentimendu deitzen diogu gainera, berez gutxitxo balira edo. Sentimenduz sentimendu estropozo eginez goaz aurrera, edo uste hori dugu buru-muinetan ongi sarturik. Min-herria, herri-mina.

        Horretan ere desberdinak dira katalanak. Lleidako lur joriak zeharkatu eta mundu berri baten atarian gaude. Usain sarkor lehorra; koloreak bata besteari segi-segika; galsoroak eta mahats-soroak errenkadan; buganbila eta jasmina paretetan limurian; zelaiak olibondoz, laranjondoz, limoiondoz ondo jantziak. Mediterraneoaren urdin biguina. Zeruaren argia. Dena da, itxura batera, emeagoa, leunagoa, beragoa begi-belarrientzat. Zentzumenen pizgarri eta betegarri. Horregatik dira katalanak agian, egiten dutena egiten dutela, atseginzale. Badute non atsegin hartu: pinturan, eskulturan, arkitekturan, musikan, eta poesian, noski, poesian batez ere. Desberdinak garelako, agian, miresmenez, bekaizkeriaz ere bai batzuetan, begiratu diegu katalanei. Egia da, poesia katalanak itzala du gure artean. Galdetu besterik ez dago Xabier Leteri, zer den poesia katalana berarentzat. Airea bezain beharra, seguruaski. Hala ere, ez dugu elkar nahi adina ezagutzen. Postaz eta hitz egiten duten maitaleak gara. Urrutikoak, urrutiminez urtuak.

        Tradizio handiko poesia dugu katalana. Gaztelaniaren lehen aztarnak sumatzen hasi baino mende erdi lehenago ezagunak ziren katalanarenak. Ez da buruberokeria, kalentura gau baten ondorengo asmakizun ilustratua. Menéndez Pelayok idatzia baizik: «Lengua ciertamente grandiosa y magnífica, puesto que no le bastó servir de instrumento a los más pintorescos e ingenuos cronistas de la Edad Media, ni dar carne y vestidura al pensamiento espiritualista de aquel grande metafísico del amor que tanto escudriñó en las soledades del alma propia (Ramon Llull-i buruz ari da), ni le bastó siquiera dar leyes al mar y convertir a Barcelona en otra Rodas, sino que tuvo otra gloria mayor y bien malamente olvidada por sus panegiristas: la de haber sido la primera, de entre todas las lenguas vulgares, que sirvió para la especulación filosófica, heredando en esta parte al latín de las escuelas mucho antes que el castellano y muchisimo antes que el francés.»

        Esan beharra ere badago, jendea ahazkorra baita, Katalunia, hizkuntza eta kultura arloan, ez dela guk ezagutzen duguna bakarrik. Orain Frantzia den horren lur eremu handi batean ere katalana baitute mintzaira. Katalunia Mediterraneon barrena zabaltzen hasi zenean, 1150.ean gutxi gorabehera, zabaldu zen bertan Provenzako poesia-era. 1164.ean, Alfons II.a Aragoiko errege egin zen eta bi urte geroago, Provenzako Raimon Berenguer II.a, lehengusua, hil zenean, beronen lurraldeak hartzeko politikari ekin zion. Lan hori medio, sarri bisitatu zituen Arles, Tarascón, Niza, Montpellier, Carcasona, Aix, Marseilla hiriak, poesiagune garrantzitsuak orduan. Provenzera erregearen mendeko askoren hizkuntza bihurtu zen, eta erregea bera koblatan hasi zen Provenzako erara. Linda M. Paterson historialariak aipatzen duenez, XII. mendean 31-38 koblakari zeuden Katalunian, provenzeraz kantatzen zutenak. 1412.az geroztik, Fernando I.a Kataluniako Errege egin zenean, poetak gazteleraz kantatzen hasi ziren. Gertakari politikoek hizkuntzaren edo poesiaren aurrerabidean zer ikusirik ez dutela esango dute gero?

        Koblakarien artean ezagunak dira, beraien lanak gureganaino iritsi izanagatik, Guilhem de Berguedá, Guilhem de Cabestany edo eta Cerverí de Girona. Era berean aipagarria da Berenguer de Palol. Poesia katalana berez sortu zen, latina mila zatitan hautsi eta desegin zen mundu hartan. Datu batzuk orain, argigarri izan daitezkeenak. Poeta katalanek Petrarcaren eragina jaso zuten, baina muzin egin zioten hark erabilitako sonetoari. Danteren bihozkadak berenak egin zituzten, baina ez zuten onartu hark erabilitako terzetoa. Garai bateko poetek (Ausias March tartean izanik) koblakarien estiloko ahapaldiak erabili zituzten: bi kuarteto, ABBA CDDC, endekasilaboak Ausias Marchenean. Luzea denboran, antza, provenzeraren eragina.

        Orain arteko guztia idatzi badut, ez da izan neure burua nabarmentzeko, poesia katalanaren garrantzia azpimarratzeko baizik. Etxeparek bere liburua argitaratu baino askoz lehenago hasia zuten katalanek beren bidea. Iritsiak ere bai, zenbaitzuen ustetan, gailurrera, Ausiak Marchen bidez (1397-1459). Urrezko Aroa, nonbait. Gero, mendeetako iluna.

 

 

2

 

        Reinaxensak «berpizte» esan nahi du. Eta broma bat balitz bezala hasi zen dena.

        Zazpi urte zeramatzan Madrilen Buenaventura Carlos Aribauk, bankagizon katalan baten etxean lanean. Halako batean, nagusiaren urtebetetze eguna iritsi eta Aribauri oda bat idaztea bururatu zitzaion, nagusi eta patroiaren omenez. «Gaspar Remisari Oda, bere urtebetetzean» zen aipaturiko poemaren izenburua, nahiz eta «Aberriari Oda» gisa iritsia den guregana. Poema txiki horrek, sei ahapaldi baino gehiago ez, arnasa eman zion belaunaldi oso bati; berak bakarrik puztu zituen katalan itsasontziaren mastoihalak.

        Gero, denetik egon zen. Askok eta askok gazteleraz idazten segitu zuten: Torres Amat gotzainak, López Solerrek, Juan Cortadak, Arolasek, Manuel de Cabanyesek, Balmesek, Piferrerrek, Quadradok, Eduardo Asquerinok, Coll y Vehik... Baina hazia botata zegoen. Eta hazi horretatik sortu ziren Verdaguer eta Maragall, esaterako. Indarrez sortu ere, loreen eztanda izan balitz bezala. Hala iruditu zitzaion Leopoldo Alas 'Clarin'i behintzat: «Mientras la mayor parte de nuestras capitales de provincias mandan a Madrid casi toda la fuerza intelectual y artística de su genio..., Barcelona, que no parece España, florece en letras.» Bitxia egiten zaigu gaur gero «que no parece España» leloa. Adierazgarri da.

        Denbora aurrera joango da, beti bezala, eta gu harrapatuko gaitu, Gerardo Markuletak itzuli dituen poeta katalan hauen aurrean. Modernoak bainoago, garaikideak dira, eta bere horretan hartu behar da hitza, izan ere, Maragall (1860-1911) modernoa baitzen, Gaudi arkitektua bezain moderno, zalantzarik ez, Wagner bezain ere bai. Bartzelonako burgesak, txiki eta handi, ez al ziren Liceo-ra joaten, opera entzutera? Viena eta Parisen ondoren, ez al zen Bartzelona izan modernismoa sakonen errotu zen hiria? Nietzcheren itzultzaile, Unamunoren lagun min, gainera, hori guztia zen Maragall. Bilboko idazleak igo zuen aldareetara ia, «el más grande poeta, acaso, de la España del siglo XIX». Estetika berria sortu zuen eta estetika horri jarraikiz, etorri zen Ors-ek deitu zuen «noucentisme» izeneko mugimendua. Gure garaikideen denboraldia, alegia.

        Datu batzuk, poesia modernoaren bilakaera ulertzen laguntzen dutenak. Pompeu Fabrak ortografia-normalizaziorako arauak proposatu eta handik urte gutxira, 1914.ean, Institut d'estudis catalans erakundeak onartu egin zituen. 1918.ean Fabraren Diccionari ortografic-ean hartu zuen gorputza. Egina, katalanaren normalizaziorako bidea.

        Josep Carnerrek (1884-1970), Els fruits saborosos idatzi zuen 1906an, poeta lasai, igalizale, ironikoaren emaitza. Gero, Bella terra, bella gent satira gozo-mingotsez erregosia. Beste liburuak: Nabi (1941), Jonasen gaia hartzen duena; Llunyania (1951).

        Carles Riba (1893-1959). Klasikoa, inondik inora. Gutxik eman omen diote bere hizkuntzari berak katalanari eman ziona. Greziazale (Grekera-irakasle izan zen Bartzelonako Autonoman. Odisea itzuli zuen), poeta alemaniarren jarraitzale, baita Valeryrena, Ribaren poesia ez da ulertzen Hölderlin (Ribak Hölderlinen hainbat poema itzuli zituen, Versions de Hölderlin libururako), Keats, Novalis irakurri gabe. Areago, irakurri ondoren, Valeryren antza handia duela konturatzen gara. Liburuak: Primer llibre d'estances (1919), Segon llibre d'estances (1931), Elegies de Bierville (1942), Del joc i del foc (1946), Salvatge cor (1953), Esbós de tres oratoris (1957).

        J. V. Foix (1893-1987). Poesia ezagutzabidetzat jo zuen. Liburuak: Gertrudis (1928), Krtu (1932), Sol i de lot (1913-1927), Les irreals omegues (1948), On he deixat les claus? (1953), Diari, 1918 (1956), besteak beste. Sonetagile aparta izan zen, Quevedoren tamainakoa bai, soneto batzuetan.

        Joan Salvat Papasseit (1894-1924). Euskal irakurleak badauka, dagoeneko, poeta honen antologia eder bat eskura, Koldo Izagirrek paratua bera, ohar eta informazio asko dakartzana. Nahi duenak badaki nora jo. Ez gero esan gaztigatu ez zaizuenik!

        Pere Quart (Joan Oliver; 1899-1986). Poesia interesgarria egin zuen, poesiari buruz zituen iritziak bezainbeste. Esaterako: «Poeta batzuek profetatzat dituzte beren buruak. Erromako Aita Santua eta Petain mariskalaren modura hitz egiten dute, 'gu'ka, alegia.» «Poeta pedantea da, berez». Hala ere, poesiaren zentzu sakratuan jarria zuen sinesmena. Pere Quart-entzat poesiaren helburua edertasuna zen. Liburuak: Les decapitations (1934), Oda a Barcelona (1936), Bestiari (1937), Salo de tardor (1947), Terre de naufragus (1956), Vacances pagades (1960), Circumstàncies (1968), besteak beste.

        Salvador Espriu (1913-1985). Euskarara itzulita dagoen poeta dugu. Poesia-liburuak: Cementeri de Sinera (1946), La pell de Brau (1960), besteak beste. Narratzaile eta antzerkigile, poetaz gain.

        Joan Vinyoli (1914-1984). Liburuak: Primer desenllac (1937), De vida u somni (1941), El callat (1956), Circulos (1979).

        Gabriel Ferrater (1922-1972). Bere poesia Les dones i els dies izeneko liburuan bilduta dago. «Amaitugabeko poema», liburu barneko zatia hain zuzen, da ezagunena. Poesiaren doinua aldarazi zuen Katalunian. Gaia ere bai, emakumeak eta denboraren joana ziren Gabriel Ferrater poeta kezkatzen zutenak. Sakontasunaren ordez, elkarrizketa ekarri zuen poesiaren mundura; metaforaren ordez, narrazioa; horiek izan ziren Gabriel Ferraterren emaitzak, Carles Ribaren gerizapean otoitz egiten zuen lorategi sakratura. Poeta bat blujinak jantzita, zioten kritikariek. Hala ere, kritikariek baino kultura handiagoa zuen Ferraterrek. Bere poesia kulturalista da neurri batean, baina ez haizez beteriko kulturaren isla gandutua. Poesiaz beste egin eta, handik gutxira, bizitzaz ere bai, gazte jendearen artean jarraitzaileak lortuak zituenean. Bizitzaren ironiak, edo ironiaren bizitzak.

        Vicent Andrés Estellés (1924-1993). Poeta gazteengan eragin handia izan duen poeta. Era guztietako poesia landu zuen: soziala, erotikoa, narratiboa.

        Hona iritsita, amaiera jarri beharko nioke sarrera moduko testu honi, baina idazteari zaletasuna hartu diodanez, aurrera joko dut, kontu batzuk baitauzkat eta oraindik esateko.

        Gerardo Markuletak paraturiko hau antologia da. Horrek esan nahi du antologia egileak bere gustuko edo bere sokako poetak hartu dituela, bere gustuko poemak itzuli dituela, bere irizpide soila duela lagun eta gogaide. Aipaturiko bederatzi poeta katalanen poemak dakartza, txukun itzulita, iruzkina zilegi bazait. Falta dira, hala gertatzen da antologietan, bat edo beste, gure senak (edo senyak) sartuta behar luketela esaten badigu ere. Nik neuk izen batzuk dauzkat, abespeluan botatzeko, hala behar izanez gero: Pere Gimferrer, Narcis Comadira, Francesc Parcerisas, Joan Margarit, Salvador Oliva, Joan Brossa, artista, poeta.

        Hurrengoan, agian.

Felipe Juaristi

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Zenbait poeta katalan / Antologia" orrialde nagusia