5. kapitulua
BRUCK AN DER LEITHA-TIK SOKAL HERRIRANTZ

Lukax tenientea ernegaturik zebilen 11. infanteria-konpainiako bulegoan. Konpainiaren barrakoiko zulo ilun bat zen, korridoretik uholez banatua: mahai bat, bi aulki, ontzitxo bat petrolioarekin, eta etzalekua.
Vanek sarjentu kontularia zeukan aurrean, zutik. Soldata-zerrendak osatu eta troparen sukaldeko kontua eramaten zuen. Konpainia osoaren finantza-ministroa zen, eta han egun osoa eman ez ezik, lo ere egiten zuen.
Ate ondoan infanteriako soldadu gizen bat zegoen, bizarra Everest bezain handia zeukana. Baloun zen, tenientearen sehi berria, bizitza zibilean Txesky Krumlov aldeko errotari.
— Otsein bikaina aukeratu didazu benetan —mintzatu zitzaion Lukax tenientea sarjentu kontulariari—. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, sorpresa maitagarri horrengatik. Lehendabiziko egunean ofizialen sukaldera bazkari bila bidali eta hara non erdia jan zidan.
— Isuri zitzaidan —esan zuen digante lodiak.
— Isuri? Isuri zopa edo saltsa isuri zitekek, baina ez haragi errea Frankfurteko erara. Izan ere halako zati bat besterik ez hidan ekarri, txiki-txikia. Eta non jarri huen sagar-tarta?
— Nik...
— Ez ukatu gero: jan egin huen.
Lukax tenienteak azken hitzak halako seriotasunaz eta hain ahots zorrotzaz esan zituen, non Balounek, badaezpada ere, bi pauso egin baitzituen atzera.
— Sukaldean galdetu diat zer geneukan gaur bazkaritako. Eta bazegoan zopa gibel-bolekin. Non sartu dituk bola horiek? Bidean jan dituk, hori duk egia biribila. Gero behikia luzokerrarekin zegoan. Zer egin duk horrekin? Jan ere bai. Bi zerra Frankfurteko erreki. Eta xerra erdia besterik ez duk ekarri, ezta? Eta non sartu dituk bi sagar-tarta zatiak? Haiekin pipa bezala bete haiz, urde zatar hori. Esan, non jarri duk sagar-tarta? Lupetzan erori zaiala? Doilorra halakoa! Erakutsiko al didak lupetzako zein tokitan dagoen? Berehala txakur bat etorri dela korrika, une egokian etorri ere, oratu eta eraman egin duela? Arranopola, buruko mina izango duk hik nire muturreko bat hartuta! Eta oraindik ukatzen duk, urde horrek? Badakik nork ikusi hauen? Aurrean daukaan Vanek rechnungsfeldvébl-ak Sarjentu kontulariak. Nigana etorri eta hara non esan didan: «Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, zure Baloun urde hori bazkaria jaten ari zaizula. Leihotik begiratu dut eta han zegoen bera, behatzak txupatzen, aste osoan jan ez balu bezala». Aizu, Sie Rechnungsfeldwebl, ez ote zenuen niretzat beste astakilo bat aukeratzerik izan, eta ez gizontxo hau?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, gure konpainia osoan Balounek zirudiela gizonik zintzoena. Memeloa denez, ez du fusil-ariketa bat ere gogoratzen, eta eskuan fusil bat jarriko bagenio, hondamendiren bat egingo luke. Azken tiro-ariketan, albokoaren begian tiro egitekotan egon zen. Nik uste nuen lan hau bederen egin zezakeela.
— Eta beti bere jaunaren bazkari guztia jan —esan zuen Lukaxek—, berea aski ez balitzaio bezala. Gose ote haiz?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, beti izaten naizela gose. Inork ogia soberan daukanean, zigarreten ordainetan trukatzen diot, eta oraindik gutxi da niretzat. Nerau izatez nauk horrelakoa. Beti pentsatzen dut asebeterik nagoela, eta bai zera: handik lasterrera, jan aurretik bezalaxe, marruka hasten zait sabela. «Hara», diot nik neure artean, «putakume hori berriro ari duk deika». Batzuetan uste dut benetan berdinduta nagoela, ez zaidala gehiago kabitzen, baina ezta hurrik eman ere: norbait jaten ikusten badut, edo usain hori nabaritzen badut, eta hutsik daukat berriz ere sabela, erratza pasatu banu bezala. Berriro hasi zait sabela bere eskubideak aldarrikatzen, eta nik iltzeak irentsi ere egingo nituzke. Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, arrantxo bikoitza jatea eskatu nuela; hori zela eta, Budeiovitseko errejimenduko medikuarekin izan nintzen, eta horrek, eskatutakoaren ordez, ziegara bidali ninduen hiru egunerako, egunero katilutxo soil bat lupulu zopa errezetatuz. «Irakatsiko diat, zital horri, gose izaten. Hator hona berriro ere, eta ikusiko duk nola irteten haizen hemendik pika bezain argal!». Nik ezin dut, teniente jauna, jaki goxorik ikusi: jaki arruntek ere xaxatzen naute, berehala adurra daridala. Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, arrantxo bikoitza jasotzea eskatzen dudala. Haragirik ez badago, patatak gutxienez, haragi-bolak, saltsa pixka bat. Holakoak beti egoten dira soberan...
— Aski duk, entzun ditiat hire ateraldi lotsagabe horiek, Baloun —erantzun zuen Lukax tenienteak—. Inoiz entzun duzu, Sie Rechnungsfeldwebl, hau baino lotsagabeagoa den soldadu baten berri? Jaten dit bazkaria, eta hori gutxi balitz bezala, arrantxo bikoitza jaso nahi du. Emango diat belarrondoko bat, Baloun, jateko gogoa emango diana. Sie Rechnungsfeldwebl —bueltatu zitzaion Vaneki—, eraman ezazu Weidenhofer kaboarengana, sukalde ondoko patioan bi orduz lotu dezan, gaur gauean gulaxa banatzen dutenean. Altuera dexente batean lotu dezala, oin puntetan egoteko moduan, gulaxa lapikoan nola egosten den ikus dezan. Eta ardura zaitez sukaldean gulaxa banatzen duten arte munstro hori lotuta egoteaz. Adurra jario behar zaio, harategi baten ondoan usnaka ari den txakur gosetu baten modura. Esaiozu sukaldariari haren arrantxoa ere bana dezala!
— Zure agindutara, teniente jauna. Hator, Baloun!
Irteten ari zirenean, Lukax tenienteak ate ondoan geldiarazi zituen, eta Balounen aurpegi izutuari behatuz, garaile itxuran oihu egin zuen:
— Ederra egin duk, Baloun! On egin diala! Eta halakorik berriro eginez gero, epaimahai militarraren aurrera bidaliko haut batere errukirik gabe.
Vanekek, itzuli eta, Baloun lotua zela iragarri zuenean, Lukax tenienteak esan zuen:
— Zuk ezagutzen nauzu, Vanek. Barkatu, baina badakizu holako gauzak gogoz kontra egiten ditudala. Lehenengo eta behin: dakizunez, txakur bati hezurra hartzen zaionean, purrustaka hasten da. Ez dut neure inguruan halako gizon dongerik eduki nahi. Eta bigarren: Baloun lotuta egote horrek esangura moral eta psikologiko handia dauka konpainia osoarentzat. Azken bolada honetan, gizontxo horiek konpainiara heldu eta bihar edo etzi frontera joango direla dakitenean, gogoak ematen diena egiten dute.
Lukax tenienteak oso nahigabeturik zirudien, eta ahots isilez jarraitu zuen:
— Dakizunez, nachtübung-etan Gaueko praktikak, azukre-fabrikaren ondoko einjährigfreiwillingenschule Boluntario eskola-aren kontra egin behar izan genituen maniobrak herenegun. Lehenengo eskoadroia errepidean zebilen isilka, neuk gidatzen nuelako, baina bigarrena, ezkerrera jo eta azukre-fabrika miatzera patruilak bidali behar zituenak txangoan balego bezala jokatu zuen, kantatzen eta zorua ostikoz jotzen, kanpamenduan ere entzuteko moduan. Gero, eskuineko hegaletik, hirugarren eskoadroia ingurumariak ikuskatzera joan zen, harik eta gugandik hamar minutura zegoen baso batera heldu zen arte: gizonak erretzen ari zirenez, suzko puntuak ikus zitezkeen, urruntasuna gorabehera, iluntasunean. Eta laugarren eskoadroia, atzeguardia osatu behar zuena, batek jakin nola gertatu zen, baina bat-batean gure abangoardiaren aurrean agertu zen, eta nik, etsaiak zirelakoan, erretiratu behar izan nuen neure atzeguardiaren erasoarengatik. Horrelakoa da jarauntsi dudan 11. konpainia. Ze etekin atera dezaket haiengandik? Nola jokatuko dute benetako erasoaldi batean?
Lukax tenienteak, bien bitartean, bildurik zeuzkan eskuak, martiri-aurpegia jarrita eta sudurraren punta luzatu zelarik.
— Ez kezkatu, teniente jauna —lasaitua eman nahi izan zion Vanek sarjentu kontulariak—. Ez hautsi burua kontu horrekin. Ni hiru aldiz izan naiz frontean, eta guztietan batailoi osoa suntsituta, itzuli behar izan dugu berregingo bagenuen. Eta konpainia guztiak berdintsuak ziren: bat ere ez zen zurea baino pittin bat hobea, teniente jauna. Txarrena bederatzigarrena zen. Horrek ofizial guztiak, kompaniekomandant-a eta guzti, arrastatu zituen preso erortzera. Ni, ordea, salbatu egin nintzen, errejimenduko biltegira joan nintzelako gure konpainiarentzako ron eta ardoaren bila. Eta ez al dakizu, teniente jauna, aipatu dituzun azken nachtübung-etan, Nezidersk lakuraino heldu zela gure konpainia setiatu behar zuen einjährigfreiwillingenschule-a? Aurrera eta aurrera egin zuen goiza urratu arte, eta aurretik zihoazen patruilak lupetzaraino heldu ziren. Eta Sagner kapitain jaunak zuzentzen zuen. Agian Xoproneraino helduko ziren, eguna argitu ez balu —jarraitu zuen isilpeko ahotsez sarjentu kontulariak, zeinak, halako pasadizoen zale izanik, buruz baitzekizkien antzeko gertaera guztiak—. Eta badakizu, teniente jauna —esan zuen ahopean, keinuka— Sagner kapitain jauna gure batailoiko komandante izango dela? Hasieran, Hegner Goi Agintaritzako ofizialak zioenez, uste zen zeu izango zinela komandantea, gure ofizialik zaharrena izateagatik, eta gero dibisiotik brigadara heldu zen albistea Sagner kapitain jauna zela izendatua.
Lukax tenienteak ezpainak ausiki eta zigarreta bat piztu zuen. Bazekien horren berri eta sinetsirik zegoen bidegabekeria bat gertatzen ari zitzaiola. Sagner kapitainak bi aldiz egina zuen salto haren gainetik, baina ez zuen hau besterik esan:
— Baina Sagner kapitainak zer ...?
— Horrek ez dit poz handirik ematen —esan zuen, ahapeka, sarjentu kontulariak—. Hegner ofizialak behin kontatu zuen nola gerra hasieran Sagner kapitainak, Montenegro aldean, bere burua nabarmentzeko, bere batailoiko konpainiak banan-banan arrastatu zituen gotorleku serbiarretara. Guztiz alferrikakoa izan zen, eta han infanteriak ez zuen lapiko tapakitzat ere balio izan, ze artilleriak ez bestek atera zitzakeen serbiarrak harkaitz haietatik. Batailoi osotik ez ziren laurogei gizon baino gelditu. Sagner kapitain jaunak karranpa izan zuen eskuan, gero, ospitalean, beherakoa ere bai, eta berriro agertu zen Budeiovitseko errejimenduan, eta atzo kasinoan kontatu omen zuen frontera joateko irrikan dagoela, bertan batailoi osoa utziko zuela, baina gailendu eta signum laudis delakoa emango ziotela; Serbiako aferagatik errieta egin ziotela, baina oraingoan, edo batailoi osoarekin eroriko zela, edo teniente-koronel izendatuko zutela, baina batailoiak orro egin behar zuela. Nik uste dut, teniente jauna, halako arriskua geuri ere dagokigula. Arestian, Hegner ofizialak kontatzen zuen ez zarela ondo moldatzen Sagner kapitain jaunarekin, eta honek zer egingo eta gure 11. konpainia lekurik ikaragarrienetara bidaliko zuela lehendabiziko erasoa egitera.
Sarjentu kontulariak hasperen egin zuen:
— Nire aburuz, honelako gerra batean, hainbeste armada eta halako fronte luzea daudenez, maniobra egoki batekin gehiago lortuko litzateke eraso etsiekin baino. Hori Dukla herrian ikusi nuen, 10. konpainian nengoenean. Orduan aise moldatu ginen: Nicht schießen Ez tirorik egin agindua heldu zen, errusiarrak hurreratu arte tiroka has ez gintezen. Tiroketarik gabe har genitzakeen preso, baina orduko hartan «burdinazko euliak» geneuzkan ondoan, ezkerreko hegalean, eta kadete tentel horiek hainbeste beldurtu ziren errusiarrak hurbiltzean, ze elurretatik behera amildu ziren txirrista batetik bezala, eta guk brigadarantz erretiratzeko agindua jaso genuen, errusiarrek aise hautsi zutelako ezkerraldea. Egun hartan non eta brigadan nengoen, kompanieverpflegungsbuch Konpainiako intendentzia-ean argibideak jasotzeko, ezin nuelako gure errejimenduko biltegia topatu. Eta halako batean 10. konpainiako lehendabizikoak brigadara heltzen hasi ziren. Gauez ehun eta hogei ziren heldutakoak; besteak, erretiratzean galduta, elurretatik behera jaitsi omen ziren errusiarren gotorlekuetara, txirrista batetik bezala. Ikaragarria izan zen, teniente jauna, errusiarrek Karpatoen gainalde zein behealdeetan zeuzkaten gotorlekuak. Eta gero, teniente jauna, Sagner kapitain jauna...
— Emadazu bakea Sagner kapitain jaunarekikoekin —esan zuen Lukax tenienteak—, nik hura guztia ezagutzen dut, eta ez pentsa hurrengo oldar edo erasoan ere errejimenduko biltegian izango zarenik, kasualitatez bezala, ron eta ardoaren bila. Abisatuta nago ikaragarri ematen diozula zurrutari, eta zure sudur gorria ikusten duenak berehala ikusten du nor daukan aurrean.
— Karpatoetatik da kontua, teniente jauna. Han edan behar izaten genuen, ze arrantxoa hotz heltzen zitzaigun hara, gora, lubakiak elurretan geneuzkan, ez zen zilegi sua piztea, eta horregatik ronak ez bestek laguntzen zigun zutik irauten. Niregatik izan ez balitz, beste konpainia batzuetan bezala gertatuko zen, alegia, ronik ez eta jendea izoztu egiten zela. Gure konpainian, ordea, denok geneukan gorri sudurra, baina horrek desabantaila bat izan zuen: batailoitik agindu bat heldu zen, soldadu sudur gorriek ez bestek patruilatzekoa.
— Orain amaitua da negua —bota zuen nabarmen tenienteak.
— Rona, teniente jauna, frontean ardoa bezain alferrikakoa izaten da edozein urtarotan. Nolabait esateko, umore ona eragiten du. Erdi katilukada ardo edo litro laurden bat ronekin jendea nornahirekin borrokatuko da. Zein astakirten ari da ate joka? Ez ote du atean «Nicht klopfen! Herein!» Ez ezak deitu! Sar hadi! irakurri?
Lukax tenientea aulkian eserita bueltatu zen aterantz, eta ohartu zen atea poliki eta isilka irekitzen ari zela. Eta isilka ere, 11. konpainiako bulegora sartu zen Xveik soldadu ona, jada atean agurka, eta seguruenik baita «Nicht klopfen!» iragarkiari so ate joka ari zenean ere.
Haren agurrak bat egiten zuen haren aurpegi alai eta arduragabearekin. Lapurretaren jainko greziarra zirudien, Austriako infanteria- soldaduaren uniforme latzez jantzitakoa.
Xveik soldadu onaren begiradak besarkaturik eta musukaturik sentitu zenean, Lukax tenienteak begiak itxi zituen une batez. Agian halako gozamenaz begiratuko zion aitari seme iriole, galdu, eta berriro aurkituak, aitak, semearen omenez, burruntzian arkume bat erre zuenean.
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, berriro nagoela hemen —bota zuen atetik Xveikek hain ganora zintzoaz, non Lukax tenientea ziplo etorri baitzen bere onera. Schröder koronelak Xveik berriro haren ardurapean utziko zuela iragarri zionetik, Lukax tenienteak, bere kolkorako, egunero geroratzen zuen enkontru hori. Goizero esaten zion bere buruari: «Gaur ere ez duk etorriko. Barrabaskeriaren bat egingo zian, eta ez diate askatzen».
Eta aieru hauek guztiak Xveikek euren benetako neurrira eraman zituen bere sarrera maitagarri eta xaloarekin.
Xveikek, orduan, Vanek sarjentu kontulariari so egin zion, eta berokiaren poltsikotik zenbait paper aterata, irribarre atseginez luzatu zizkion:
— Apal-apalik jakinarazten dizut, rechnungsfeldvébl jauna, eman behar dizkizudala errejimenduko bulegoan idatzi dizkidaten paperok.
Xveik aske eta lagunkoi mugitzen zen 11. konpainiako bulegotik barrena, Vaneken lagunik minena balitz bezala, baina sarjentu kontulariak hitzokin erreakzionatu zuen:
— Jar itzazu mahai gainean.
— Ondo egingo duzu, Sie Rechnungsfeldwebl, Xveikekin bakarka uzten banauzu —esan zuen Lukax tenienteak hasperenka.

Vanek irten eta ate atzean gelditu zen, bi horiek kontatu behar zutena entzuteko. Hasieran ez zuen ezer entzuten, zeren Xveik eta Lukax tenientea isilik baitzeuden. Biak denbora luzean egon ziren elkarri begira, beha. Lukaxek hipnotizatu nahi balu bezala so egiten zion Xveiki, oilasko bati oldartzeko prest dagoen oilar batek legez.
Xveikek, betiko moduan, bere begirada heze, samurrarekin egiten zion so Lukax tenienteari, hauxe esan nahi balio bezala: «Berriro gaude elkarrekin, nire lagun maitea. Aurrerantzean, ez gaitu ezerk bananduko, gizona».
Eta tenienteak denbora luzean hitzerdirik ere esaten ez zuenez, Xveiken begiek samurtasun minberaz adierazi zuten: «esan ezak zer edo zer, ogi puska horrek, hitz egin ezak!»
Lukax tenientea, isiltasun trabagarria eten nahian, bere hitzetan ironia dexente jartzen ahalegindu zen:
— Ongi etorri, Xveik. Eskerrik asko bisitagatik. Bisitari ederra daukagu gero!
Alabaina, aurreko egunetako amorruari eutsi ezinik, ukabilkada ikaragarria jo zuen mahaian. Tintontzi batek saltatu eta soldata-txostenean isuri zen tinta. Aldi berean, Lukax tenienteak, salto bat eginik, Xveiken aurrez aurre jarri eta, oihu egin zion:
— Astolapiko hori! —eta bulego estu hartan batetik bestera hasi zen, Xveiken aurretik beti ere tu eginez.
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna —esan zuen Xveikek, oharturik Lukax tenienteak ez ziola ibiltzeari eta paper zimurtu pila ertz batera jaurtitzeari uzten, eta mahaira behin eta berriz zihoala paper gehiagoren bila—, zegokion tokira eraman nuela gutuna. Zorionez Kakonyi andrea topatu nuen, eta esan dezaket emakume oso polita dela, negarrez baino ikusi ez banuen ere.
Lukax tenienteak, subofizial kontulariaren etzalekuan eseri eta, ahots erlatsez oihu egin zuen:
— Noiz bukatuko da hau guztia, Xveik?
Xveikek ez entzuna eginez bezala erantzun zuen:
— Gero ustekabe ezatsegintxo bat izan nuen han, baina neure gain hartu nuen guztia. Egia da ez zidatela sinetsi andre horrekin posta-trukean ari nintzenik, eta horregatik nahiago izan nuen itaunketan gutuna irenstea, aztarnarik ez uzteko. Gero, halabeharrez (ezin da bestela esplikatu), borroka txiki, ñimiño batian nahasi nintzen. Handik ere onik atera eta errugabea nintzela ezagututa, regimentsraport-era bidali ninduten, eta dibisioko epaitegian ikerketa osoa gelditu zuten. Errejimenduko bulegoan bi minutuz izan nintzen, koronel jauna heldu arte. Irain egin zidan pixka batean, eta baita esan ere berihala zure aurrera, teniente jauna, azaldu behar nuela mandatari gisa. Eta agindu zidan zuri aditzera emateko berihala joan behar duzula harengana, fronterako bidaia dela eta. Ordu erdi baino gehixeago pasatu da harrezkero, baina koronel jaunak ez zekien errejimenduko bulegora eramango nindutenik, ezta han ordu laurden bat izango nintzenik ere, ze denbora horretan guztian soldata atxiki egin didate, eta errejimendutik kobratu behar nuen, eta ez konpainiatik, ze errejimenduko atxilotutzat hartua nintzen. Hor dena daukate nahasita eta korapilatuta, zoratzeko moduan...
Ordu erdi lehenago Schröder koronelaren aurrean egon beharko zuela entzun zuenean, Lukax tenienteak, azkar jantzirik, honela esan zuen:
— Xveik, berriz ere eskapada ederra egin dut zuri esker—. Hain ahots etsiaz eta esperantzarik gabeaz mintzo zen, non, ziztu bizian atetik irteterakoan, hitz adiskidetsuok oihukatuz lasaiarazi nahi izan baitzuen Xveikek:
— Baina koronel jaunak itxaron dezake. Dena dela, ez dauka zereginik.
Tenienteak alde egin eta berehala, Vanek sarjentu kontularia bulegoratu zen.
Xveik aulkian eserita zegoen, burdinazko tximinia txikiaren barrura atetxo irekitik ikatz zatiak sartzen. Tximiniari kea eta kiratsa zerizkion, eta Xveikek bere dibertsioari ekin zion, Vaneki erreparatzeke. Honek une batez behatu zion Xveiki, baina gero, atetxoari ostikada bat joz, handik ospa egin zezala esan zion Xveiki.
— Rechnungsfeldvébl jauna —esan zuen Xveikek duin—, utzidazu jakinarazten ezin dudala zure agindua bete, kanpamendutik bertatik ospa egiteko borondaterik onena edukita ere, goragoko aginduen mendean nagoelako. Izan ere, mandatari nago hemen —esan zuen harro-harro eginda, hauxe gaineratuz—, Schröder koronel jaunak konpainia honetara lotu nau, Lukax tenientearen agindutara. Beronen sehia nintzen, baina neure adimen berezkoagatik mandataria izatera heldu naiz. Teniente jauna eta biok aspaldiko ezagunak gara. Zer zinen bizitza zibilean, rechnungsfeldvébl jauna?
Vanek sarjentu kontularia Xveik soldadu onaren auzo- edo familia- itxurako tonuarekin hain zegoen zurturik, non, Xveiken mendeko balitz bezala, honela erantzun baitzuen, konpainiako soldaduen aurrean oso gustura erakusten zuen duintasunari muzin eginik:
— Kralupyko Vanek botikaria nauzu.
— Nik ere botikaria izateko ikasi nuen —esan zuen Xveikek—, Pragako Perxtyn auzoko Kokoxka delako jaun batekin, eta egun batian nahasi eta sotopeko gasolina upela erre nion, eta bera sumindu egin zen. Bota egin ninduen eta gremioak ez ninduen inon ere onartu, eta hala, gasolina upela ergel harengatik, ez nuen ikasketa bukatzerik izan. Behientzako sendabelarrik ere egiten duzu?
Vanekek ezezko keinua egin zuen buruaz.
— Gurean behientzako sendabelar bat egiten zen, santuen iruditxo bedeinkatuak eta guzti. Gure nagusia, Kokoxka jauna, gizon oso fededuna zen, eta behin irakurri zuen Done Pelegrinusek puztuta zegoen ganaduari laguntzen ziola. Hori dela eta, Smichov auzoan, Done Pelegrinusen iruditxoak inprimarazi eta Emausko elizan bedeinkarazi zituen 200 urrezko txanponen ordainetan. Eta gero, behientzako gure sendabelar horren paketeetan jartzen genituen. Sendabelar hau ur beroarekin nahasten zitzaion behiari, baldetik edaten ematen zitzaion, eta aldi berian Done Pelegrinusen aldeko otoitz bat errezitatzen zitzaion, Tauchen jaun dendari gureak osatutakoa. Izan ere, Done Pelegrinusen iruditxoak inprimatuta zeudenian, beste aldian otoitzen bat inprimatu beharra zegoen. Horregatik, gauez Kokoxka zahar gureak Tauchen jaunari deitu eta esan zion goizerako otoitzen bat osatzeko sendabelarraren irudirako: hamarretan dendara heltzerako inprimatzeko prest egon behar zuela, behiak otoitzaren zain zeudela eta. Bitako bat: otoitz eder bat osatu eta urrezko txanpona irabazi, ala bi asteren buruan denda utzi. Tauchen jaunak gau osoa eman zuen izerditan, lokartu ezinik, eta goizian denda irekitzera heldu zenerako, ez zeukan ezer idatzita. Sendabelarraren santu horren izena eta guzti ahaztuta zeukan. Orduan, Ferdinand otseinak atera zuen estutasunetik. Honek denetik zekien. Ganbaran kamamila lehortzen genuenian, berak, sartu eta zapatak erantzita, merkantziarekin egiteko trikimailuak erakusten zizkigun. Nik, gaztetan, karitatearen mojek ere baino botika gehiago neuzkan etxian, dendatik ekarriak. Eta Ferdinand horrek Tauchen jaunari lagundu zion, esanez: «Emadazu hori, Tauchen jauna, gainbegiratzeko». Berihala Tauchen jaunak garagardo bila bidali zuen, eta garagardoa ekarri aurretik, Ferdinand otsein gureak, erdia prest eduki eta, errezitatu zigun:
Zeruko erresumatik nator
zorioneko kondaira ekartzera.
Behiak, txahalak, idi guztiek
gatza bezala behar dute
elorriotik askatuko dituen
Kokoxkaren sendabelarra.
Gero, garagardoa bukatu eta aindurrinezko tindagaia miazkatutakoan, azkar segitu eta berehalakoan burutu zuen, ederki burutu ere:
Done Pelegrinusek asmatua da,
urrezko bi txanponetan paketea.
Done Pelegrinus, salba ezak hire sendabelarra
gustura jaten duen gure ganadua.
Nekazari eskertuak oda batekin omenduko hau,
Done Pelegrinus, salba itzak gure behiak...
Gero, Kokoxka jauna heldu zenian, Tauchen jauna harekin joan zen denda-ostera, eta irten zenian urrezko bi txanpon erakutsi zizkigun, ez bat, aginduta zeukan bezala, eta erdibana egin nahi zuen Ferdinand jaunarekin. Baina Ferdinand otseina gutiziak menderatu zuen. Ezetz, edo dena, edo ezer ez. Hortaz, Tauchen jaunak ezer eman ez eta bi txanponekin gelditu zen: eraman ninduen aldameneko biltegira, masailekoa eman zidan, eta esan zidan beste ehun halako emango zizkidala otoitzaren egilea bera ez zela esatera ausartzen banintzen, eta Ferdinand otseina nagusiarengana kexatzera joanez gero, esan behar nuela Ferdinand otseina gezurtia zela. Estragoi-ozpinez betetako ontzi baten aurrian zin egin behar izan nuen. Eta gure otseina behientzako sendabelarrarekin mendekatzen hasi zen. Ganbarako galdara handietan egiten genuen nahasketa, eta otseinak, ahal zuenetan, sagu-gorotzak ekarri eta sendabelarrarekin nahasten zituen. Gero kaletik zaldi-gorotzak bildu, etxean lehortu, motrailu batean hauts bihurtu, eta gero Done Pelegrinusen iruditxoak zeuzkan behientzako sendabelarrean botatzen zituen. Eta ez zen horrekin konforme geratu: galdaretan txiza eta kaka egin, eta dena nahasten zuen, galderetakoa zahi-purearen antzeko izaki...
Telefonoak jo zuen. Sarjentu kontulariak entzungailuraino salto egin eta, gaita txarrean, eseki egin zuen:
— Errejimenduko bulegora joan behar dut. Hau ez zait batere gustatzen.
Xveik berriro gelditu zen bakarrik.
Handik gutxira, berriro jo zuen telefonoak.
Xveik ulergarri eta ulertzaile izaten saiatu zen:
— Vanek? ... Errejimenduko bulegora joana da... Nor dago hariaz bestaldian?... 11. konpainiako mandataria... Nor dago hor?... 12. konpainiako mandataria?... Kaixo, lagun... Nola dudan izena?... Xveik. Eta hik?... Braun. Ba ote daukak ahaide bat, Braun, Karlin auzoko Pobrezni etorbideko kapela-egile?... Ezetz?... Ez duala ezagutzen?... Nik ere ez diat ezagutzen; baina behin, handik tranbian nenbilela, iragarkiak atentzioa eman zidaan. Zer dagoen berri?... Nik ez zekiat ezer... Noiz joango garen? Oraindik ez zidak inork joatekorik aipatu. Nora joan behar dugu?
— Frontera, zozo hori.
— Oraindik ez diat horren berri entzun.
— Mandatari ederra haiz hi gero. Badakik hire tenienteordea...?
— Tenientia duk nirea...
— Berdin ziok. Hire tenientea, beraz. Joan ote da koronelarengana?
— Bai, koronelak deituta.
— Begira orduan: gurea ere joan duk, eta 13. konpainiakoa ere bai, konpainia horretako mandatariarekin hitz egin berri diat telefonoz. Niri ez zaidak horrenbesteko presa gustatzen. Eta badakik kontserbak paketatzen ari diren?
— Nik ez zekiat ezer ere.
— Ez egik tontoarena. Zuen rechnungsfeldvébl-ak jasota zaukak bagoi-bisa, ezta? Zenbat leku daukazue?
— Ez zekiat.
— Ez haut jan behar, ergel hori. (Entzun daiteke nola telefonoko gizonak aldamenekoari diotson: «Franta, heldu beste entzungailuari, begira zein mandatari ergela daukaten 11. konpainian»). Aizak, lo hago, ala? Orduan, erantzun ezak hire kideak galdetzen dianean. Horrenbestez, oraindik ez dakik ezer? Ez ukatu. Ez ote du zuen rechnungsfeldvébl-ak esan kontserbak banatuko zaizkizuela? Ez duala harekin halako gauzez hitz egin? Tentela halakoa. Bost axola diala? (Irria entzuten da). Astolapikoa haiz hi gero. Zerbait dakianean, hots egiguk 12. konpainiara, tontolapiko horrek. Nongoa haiz?
— Pragakoa.
— Azkarragoa izan beharko huke... Eta beste gauza bat: noiz joan da zuen rechnungsfeldvébl-a bulegora?
— Deitu berri ziotek.
— Hara, eta hasieran ezin huen esan. Gurea ere oraintxe joana duk. Han zer edo zer ari duk mamitzen. Hitz egin duk biltegikoekin?
— Ez.
— Jainkoarren! Eta Pragakoa haizela diok? Ez haiz ezertaz arduratzen. Nondik habil egun osoan?
— Orain dela ordubete heldu naiz dibisioko epaitegitik.
— Hori beste gauza bat duk, lagun: gaur bertan joango natzaik ikustera.
Xveikek pipa pizterakoan, berriz ere jo zuen telefonoak:
— Ez izorratu gehiago telefonoarekin —pentsatu zuen Xveikek—, ez dizuet hizpide gehiagorik emango eta.
Telefonoak, ordea, errukirik gabe jotzen segitzen zuenez, Xveikek, kokoteraino, entzungailua hartu eta telefonotik oihu egin zuen:
— Nor dago hor? Hemen Xveik, 11. konpainiako mandataria.
Xveikek Lukax tenientearen ahotsa ezagutu zuen erantzunean:
— Zer ari zarete hor denok? Non dago Vanek? Jar dadila telefonora berehalakoan.
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, arestion jo duela telefonoak.
— Aizu, Xveik, ez daukat zurekin hitz asperturik egiteko astirik. Telefono-elkarrizketak, armadan, ez dira berriketan aritzekoak edo inor bazkaltzera gonbidatzekoak. Telefono-elkarrizketak argiak eta laburrak izan behar. Telefono-elkarrizketetan «apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna» ere uzten da bazter. Galdetzen dizut, beraz, Xveik: hor dabil Vanek? Berehala jar dadila telefonora.

— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ez dabilela hemen. Orain dela gutxi, ordu laurden bat edo, deitu diote errejimenduko bulegora joateko.
— Hara noanean zurekikoak konponduko ditut, Xveik. Ezin zara laburrago mintzatu? Orain entzun arretaz esango dizudana. Uler ezazu ondo, eta ez esan gero telefonotik gaizki entzuten dela edo antzeko aitzakiarik. Berehala, entzungailua eseki orduko...
Eten da komunikazioa. Telefonoak jo du berriro. Xveikek entzungailua hartu, eta irain pilo bat jautsi zaio:
— Astolapikoa, birigarroa, zitala. Zer ari zara? Zergatik eten duzu komunikazioa?
— Zuk zeuk esan duzu entzungailua esekitzeko.
— Ordubete barru etxean izango naiz, Xveik, eta gero prest egon... Joan zaitez berehala barrakoira eta topa ezazu sarjentu bat, Fuchs, esaterako, eta esaiozu berehala hamar gizon hartu eta haiekin biltegira joateko, kontserben bila. Errepika ezazu: zer egitera joan behar du?
— Hamar gizonekin biltegira joan, konpainiarentzako kontserben bila.
— Bazen garaia! Lehenengo aldia da tentelkeriarik esaten ez duzuna. Nik, bitartean, Vaneki deituko diot errejimenduko bulegora, hura ere biltegira joateko. Bitartean barrakoira heltzen bada, dena utz dezala eta azkar joan dadila biltegira. Eta orain eseki ezazu entzungailua.
Xveikek Fuchs sarjentua ez ezik gainontzeko ofizialak ere bilatu zituen, luzaro bezain alferrik. Sukaldean zeuden, haragia hezurretatik marraskatzen, eta Baloun loturik ikusteaz gozatzen: errukitu zirenez, hankak lurrean tinko jartzen utzi zioten, baina, hala ere, ikuskizun interesgarri bat eskaintzen zien. Sukaldarietako batek saiheski bat ekarri eta ahoan sartua zion, eta Baloun digante bizardunak, loturik, eskuak mugitu ezinean, arretaz mugitzen zuen hezurra ahoan, hortz eta hortzoien laguntzaz kulunkatzen zuela, oihaneko gizonaren aurpegieraz haragia marraskatzen zuen bitartean.
— Zuetako nor da hemen Fuchs sarjentua? —itaundu zuen Xveikek, azkenik aurkitu zituenean.
Fuchs sarjentuak ez zuen egokitzat hartu bere burua aurkeztea, ikusirik infanteriako soldadu arrunt batek harengatik galdetzen zuela.
— Aizue —esan zuen Xveikek—, zenbat aldiz galdetu behar dut? Non ote dago Fuchs sarjentua?
Fuchs sarjentuak pauso bat aurrera egin zuen eta, duintasunez beterik, modu posible guztietan hasi zen irainka, bera sarjentu jauna zela, ez zela «Non dago sarjentua?» esan behar, baizik eta «Apal-apalik galdetzen dut: non dago sarjentu jauna?», bere tropako norbaitek «Ich melde gehorsam» Zure baimenarekin ematen dut aditzera esaten bazuen, muturreko bat hartzen zuela berehalakoan.
— Lasai, lasai —esan zuen Xveikek hitzetik hortzera—. Joan zaitez oraintxe bertan barrakoira, hartu han hamar gizon, eta haiekin joan korrika biltegira, kontserben bila.
Fuchs sarjentua hain zegoen zurturik, non ez baitzitzaion «Zer?» besterik atera.
— Zerik ez —erantzun zuen Xveikek—. Nerau hamaikagarren konpainiako mandataria naiz, eta hitz egin berri dut telefonoz Lukax teniente jaunarekin. Eta esan du: «Biltegira, hamar gizonekin, korrika». Ez bazoaz, Fuchs sarjentu jauna, berihala bueltatuko naiz telefonora. Teniente jaunak zu ez beste joatia nahi du. Alferrikakoa da horretaz mintzatzia. Lukax teniente jaunaren esanetan, «telefono-elkarrizketak labur eta argiak izan behar». «Fuchs sarjentua joango da» esaten bada, bera joango da. Halako agindu bat ez da telefonozko berriketa bat, norbait bazkaltzera gonbidatzea bezala. Armadan, batez ere gerra garaian, delitua da berandu ibiltzea. Eta, zuk agindua emandakoan Fuchs sarjentua berihala ez badoa, dei egidazu berehala, ni harekin konpontzeko. Fuchs sarjentuaren aztarnarik ere ez da geldituko». Zuek ez duzue teniente jauna ezagutzen.
Xveikek garaile antzera begiratu zien ofizialei, zeinak haren agerpenagatik benetan harriturik eta lur jota baitzeuden.
Fuchs sarjentuak zerbait ulertezina gurguratu zuen, eta pauso azkarrak eginez alde egitean, Xveikek garrasi egin zion:
— Orduan hots egin diezaioket teniente jaunari telefonoz, dena behar bezala dagoela esateko?
— Berehala izango naiz hamar soldadurekin biltegian —adierazi zuen barrakoitik Fuchs sarjentuak, eta Xveik, txintik ere atera gabe, Fuchs sarjentua bezain zurturik zeuden ofizialen taldetik irten zen.
— Hasi da kontua —esan zuen Blazek kabo txikiak—. Goazen janaria paketatzera.
Xveikek, 11. konpainiako bulegora itzuli zenean, ez zuen berriz ere pipa pizteko astirik izan, zeren berriro jo baitzuen telefonoak. Lukax tenientea zen ostera ere:
— Nondik nora zabiltza, Xveik? Hirugarren aldiz ari naiz deika, eta inork erantzun ez.
— Zure esana bete dut, teniente jauna.
— Joan dira?
— Jakina joan direla, baina oraindik ez dakit han izango diren. Joan behar dut hara berriro?
— Aurkitu duzu Fuchs sarjentua, beraz?
— Bai, teniente jauna. Hasieran «zer?» esan dit, baina azaldu nionean telefono-elkarrizketak laburrak eta argiak izan behar direla...
— Hitz asperturik ez, Xveik... Vanek ez da oraindik itzuli?
— Ez, teniente jauna.
— Ez egik oihurik telefonotik. Badakizu non egon litekeen madarikatu hori?
— Ez dakit, teniente jauna, non egon litekeen Vanek madarikatu hori.
— Errejimenduko bulegoan izan da, eta inora alde egin du. Uste dut kantinan edo dagoela. Joan zaitez, hortaz, Xveik, haren bila, eta esaiozu biltegira lehenbailehen joateko. Eta beste gauza bat: aurki ezazu berehala Blazek kaboa, eta esaiozu berehala aska dezala Baloun hori, eta Baloun niregana bidal ezazu. Eseki ezazu entzungailua!
Xveik benetan arduratsu jokatzen hasi zen. Blazek kaboa aurkitu eta jakinarazi zionean Baloun askatu behar zuela tenientearen aginduz, Blazek kaboak gurguratu zuen:
— Kinka larrian daudelako beldur dira.
Xveik askapena ikustera joan zen, eta Balouni lagun egin zion bidean, zeren Vanek sarjentu kontularia aurkitu behar zuen kantinarako bidea ere baitzen hura.
Balounek Xveiki haren salbatzailea balitz bezala begiratu eta etxetik jasotako janari guztia erdibana egingo zutela agindu zion.
— Nire etxean laster egingo dute txerri-boda —mintzatu zen Baloun malenkoniatsu—. Nolakoak gustatzen zaizkizu txistorrak, odoldunak ala odolgabeak? Esan, bada, nik gaur gauean etxera idatzi behar dut eta. Nire txerriak ehun eta berrogeita hamar bat kilo izango ditu. Burua bulldog batena bezalakoa dauka, eta halako txerriak izaten dira hoberenak. Inork ez die muzinik egiten. Oso arraza ona da, eta iraunkorra gainera. Gantza zortzi atzamarren zabalerakoa izango da. Etxean nengoenian, nik neuk egiten nituen odolkiak, eta lehertu arte betetzen nituen neure tripotxak. Iazko txerriak ehun eta hirurogei kilo zeuzkan. Baina aurtengoa —zioen beroturik, Xveiken eskua gogor tinkatuz elkarrengandik banantzerakoan— patata hutsekin hezi dut, eta sor eta lor nengoen nola gizentzen zen ikusita. Urdaiazpikoak gatzunian jarri nituen, eta halako zati handi bat, patatazko bolekin, azarekin eta txintxortekin, jan nazazukoa da. Gero, garagardotxoa edaten da. Ze zoriontasuna. Baina gerrak hori guztia kendu digu.
Baloun bizarduna, ozta-ozta hasperen eginik, errejimenduko bulegorantz irten zen, Xveik kantinara zuzentzen zen bitartean, ezki luzeen arboladitik gaindi.
Vanek sarjentu kontularia, bien bitartean, kantinan zegoen, alai eserita, Goi Agintaritzako sarjentu adiskide bati konta kontari, ea gerra baino lehen zenbat irabazi ahal zen esmaltezko pinturak saltzen.
Goi Agintaritzako sarjentua pot eginda zegoen. Goizean Pardubitseko baserritar bat heldua zen, kanpamenduan semea zeukana, eta goiz osoan hiriko taberna guztietara gonbidatu zuen Goi Agintaritzako sarjentua, eta, gainera, sos dexenterekin eroskeria egin. Orain sarjentua eserita zegoen, gehiago edateko gogorik ez zuelako etsirik, zertaz mintzo zen jakiteke, eta esmaltezko koloreei buruzko solasa gorabehera batere suspertu ezinik. Bere ideiak buruan bueltaka erabili eta zerbaiti buruz zehaztasunik gabe hitz egiten ari zen, esanez Trevon eta Pelhrimov artean trenak beharko zuela izan.
Xveik sartzean, Vanek berriz ere saiatu zen Goi Agintaritzako sarjentuari zenbakitan azaltzen zenbat irabazten zen kilo bat porlanezko pinturarekin. Goi Agintaritzako sarjentuak, guztiz bere onetik aterata, honela ihardetsi zuen:
— Itzulbidean hil zen. Gutunak baino ez zituen utzi.
Xveiki beha, begikoa ez zitzaion gizontzat hartu zuen, antza, eta irainka hasi zitzaion, sabel-hiztuna deitzen ziola. Xveik Vaneki hurreratu zitzaion, zeina barrendik bustita ez ezik, txit atsegin eta maitagarri ere baitzegoen.
— Rechnungsfeldvébl jauna —iragarri zion Xveikek—, berihala joan behar duzu biltegira. Bertan Fuchs sarjentua daukazu zain, hamar soldadurekin batera. Kontserba-anoak banatuko dira. Korrika joan behar duzu. Teniente jaunak birritan deitu du.
Vanekek barreari eman zion:
— Zoratuta egongo nintzateke, maitia. Neure burua madarikatu beharko nuke, nire aingeru. Denbora soberan dago, ez dago inon ere suterik, ene haurtxoa. Lukax tenienteak, frontera nik beste konpainia bidaltzen dituenean, hitz egin ahal izango du, eta ez dio inori alferrik gogait eragingo bere korrika joan behar horrekin. Errejimenduko bulegotik jaso dudan aginduaren arabera, fardela egin eta berehala joan behar dugu biderako anoak banatzera, bihar abiatuko gara eta. Eta zer egingo eta hona etorri naiz kopa bat ardo edatera. Oso gustura nago hemen eserita, dena pasatzen utziz. Kontserbek kontserbak izaten segituko dute, eta anoak anoa. Nik teniente jaunak baino hobeki ezagutzen dut biltegia, eta badakit nolako berriketak darabiltzaten ofizial jaunek koronel jaunarenean. Koronel jaunak bere fantasian irudikatzen du biltegian kontserbak daudela. Gure errejimenduko biltegian sekula ez genuen kontserbarik izan erreserbarako, eta noizbehinka jasotzen genituen brigadatik, edo gurekin harremanak zituzten beste errejimendu batzuetatik mailegatzen genituen. Benexoveko errejimenduari, esaterako, hirurehun kontserba baino gehiago zor dizkiogu. Kar, kar. Nahi dutena esan dezatela beren berriketetan. Presarik ez. Gutarrak hara heltzen direnean, biltegiko arduradunak berak esango die zoratuta daudela. Konpainia batek ere ez du biderako kontserbarik jaso, ezta, kaiku hori? —zuzendu zitzaion Goi Agintaritzako sarjentuari. Hau, ordea, lo zegoen, edota eldarnio batek jota, zeren erantzun baitzuen:
— Oinez zihoala, euritako bat zeraman irekita buru gainean.
— Hobe duzu —jarraitu zuen Vanek sarjentu kontulariak— dena pikutara bidaltzea. Gaur errejimenduko bulegoan esan badute bihar abiatuko garela, hori ezin du haur txiki batek ere sinetsi. Bagoirik gabe joan gaitezke? Nik geltokira deitu dut. Han ez daukate bagoi bakar bat ere libre. Hala gertatu zen fronteratutako azken konpainiarekin ere: bi egun eman genituen geltokian, zain, norbaitek, gutaz errukitu eta, trena noiz bidaliko. Eta gero ez genekien nora joango ginen. Koronelak ere ez zekien, Hungaria osoa zeharkatuta geunden, eta inork ez zekien ezer, Serbiara ala Errusiara ote gindoazen. Geltoki bakoitzean dibisioko Agintaritzarekin hitz egiten zen zuzenean. Eta gu, hutsaren hurrengo. Azkenik Dukla herri aldera heldu eta han boladu bat bezala hautsi gintuzten, eta atzera egin genuen, berrantolatzeko. Horregatik, presarik ez. Denborarekin, dena argituko da, ezergatik presaka joan gabe. Jawol, nochamol Jakina, beste behin. Gaur ardo ezin hobea daukate hemen —segitu zuen mintzatzen Vanekek, Goi Agintaritzako sarjentuari honako hau farfuilatzen entzun ere egin gabe:
— Glauben Sie mir, ich habe bisher wenig von meinem Leben gehabt. Ich wundere mich über diese Frage Sinets iezadazue: oraindik ez dut asko ulertu neure bizitza. Horrek harritu egiten nau.
— Zergatik kezkatu behar dut alferrik batailoiaren abiatzearekin? Aurreko konpainiarekin fronteratu nintzenean, dena bi orduan egon zen prest. Gure batailoiko beste konpainia batzuek, ordea, bi egun eman zituzten prestakuntzan. Baina gure kumpaniekomandant-ak, Prenosil tenienteak, morroi oso dotoreak, horrek esan zigun: «Presarik gabe, mutilok», eta dena haize alde joan zen. Trena abiatu baino bi ordu lehenago hasi ginen fardela prestatzen. Hobe duzu esertzen bazara...
— Ezin dut —esan zuen pairamen ikaragarriz Xveik soldadu onak—. Bulegora joan behar dut, inork deitzekotan.
— Orduan joan zaitez, laztana, baina bizitza osorako gogora ezazu ez dela zure aldetik parte onekoa, eta benetako mandatari batek ez duela inoiz egon behar beharrezkoa deneko tokian. Ez duzu hainbesteko adorez zerbitzura joan behar. Benetan ez dago zatarragorik zerbitzu guztiak bere gain hartu nahi dituen mandatari burugabe bat baino, maitia.
Baina ordurako Xveik ate atzean zegoen, bere konpainiako bulegora azkar-azkar abiatuz.
Vanek bakarrik gelditu zen, zeren, ezbairik gabe, ezin baitzitekeen esan Goi Agintaritzako sarjentuak lagun egiten zionik: erabat bildurik zegoen bere baitan, ardo-edalontzia laztantzearekin batera, gauza bitxi eta lokabeak zehaztasunik gabe aipatzen zituelarik, txekieraz eta alemanez:
— Askotan pasatu naiz herri honetatik, munduan zegoela susmatu ere egin gabe. In einem halben Jahre habe ich meine Staatsprüfung hinter mir und meinen Doktor gemacht Seihilabeteko ikastaroan Estatuko azterketa gainditu eta doktoretza lortuko dut. Elbarritu zahar bihurtu naiz, eskerrik asko, Luzia. Erscheinen sie in schön ausgestatteten Bänden Ale ederretan argitaratuko dira. Agian bada zuen artean norbait hori gogoratzen duena.
Sarjentu kontularia tarrapataka ari zen martxa militarren bat joz, baina ez zuen luzaro aspertu behar izan, zeren atea ireki eta ofizialen jangelako sukaldari Jurajda sartu eta aulki bati atxiki baitzitzaion.
— Guk gaur —farfuilatu zuen— biderako koñaka biltzeko agindua jaso dugu. Ron upela hutsik ez zegoenez, hustu egin behar izan dugu. Eta baita lortu ere. Sukaldeko lana hankaz gora gelditu da. Gaizki kalkulatu ditut anoak, koronel jauna etorri, eta ez da harentzat ailegatu. Horregatik hor ari dira arrautzopil bat prestatzen. Barregarria, ezta?
— Abentura ederra! —adierazi zuen Xveikek, zeren ardoa edan ahala gustukoagoak izaten baitzituen beti pasadizo onak.
Jurajda sukaldariak, haren aurreko lanetik espero zitekeen bezala, filosofatzeari eman zion. Izan ere, soldadu sartu aurretik, okultismoari buruzko aldizkari bat eta «Bizitza eta Heriotzaren Misterioak» izeneko bilduma plazaratzen baitzituen.
Armadan, errejimenduko ofizialen sukaldean eman zuen izena, eta haragia oso maiz erretzen zitzaion India zaharreko «sutra» izeneko tratatuen itzulpena, hots, «Pragnâ-Paramitâ» («Jakitura Ezagutarazia») irakurtzeari ematen zionean.
Schröder koronelak begiko zeukan, errejimenduko bitxitasun gisa, zeren eta, zein ofizial-sukalde harropuztu daiteke sukaldari okultista bat edukitzeaz? Gizon horrek, bizitza eta heriotzaren misterioetan barneratzen zenarekin batera, jende guztia harritzen zuen xerra edo ragout ederra prestatuz. Haragi hura hain zen gozoa, non behin, Komarnotik hurbil, Dufek teniente zaurituak, hilzorian, Jurajdari deitu baitzion behin eta berriz.
— Bai —esan zuen hitzetik hortzera Jurajdak, ia-ia aulkian eserita egon ezinik, ron kiratsa urrutitik ere nabaritzen zitzaiolarik—. Gaur, koronelarentzat jatekorik gelditu ez eta patata egosiak jarri genizkionean, «gaki» egoeran erori zen. Badakizu zer den «gaki»? Izpiritu gosetuen egoera. Eta esan nuen: «Ba ote daukazu nahikoa indar, koronel jauna, txahal-giltzurrunik zuretzat ez gelditzea eragin duen patuaren zoritxarra gainditzeko? Karman aurreikusita dago gaur, koronel jauna, arrautzopil eder bat jango duzula afaltzeko, txahal-gibel egosiarekin batera». Lagun maitea — segituan esan zion, ahapeka, sarjentu kontulariari. Aldi berean, nahi gabe, eskua higitu eta bere aurreko mahai gainean zeuden kopa guztiak bota egin zituen.
— Fenomeno, izaki eta gauzen ez-izatea da —esan zuen pentsakor sukaldari okultistak, ekintza horren ostean—. Formazio militarra ez-izatea da, eta ez-izatea formazio militarra. Ez-izatea ez da ezberdina formazio militarrarekiko; formazio militarra ez da ezberdina ez-izatearekiko. Ez-izatea dena formazio militarra da; formazio militarra dena ez-izatea da.
Sukaldari okultista isiltasunaren janzkeran bildu zen, eta burua esku batean bermaturik, mahai bustia behatu zuen.
Goi Agintaritzako sarjentuak, ez hanka ez buru ez zeukan zerbaiti buruz dibagatzen segitu zuen.
— Garia sorotik desagertu zen. In dieser Stimmung erhielt er Einladung und ging zu ihr Gizonak egoera horretan gonbita jaso zuen eta emakumea ikustera joan zen. Izpiritu Santuaren jaia udaberrian izaten da.
Vanek sarjentu kontulariak mahaian tarrapataka segitu zuen. Edan eta, noizean behin, gogoratzen zuen hamar gizon eta sarjentu bat biltegian zeuzkala zain. Hori gogoratzearekin batera, bere artean irribarre egin eta eskua astintzen zuen beti.
Geroago 11. konpainiako bulegora itzuli zenean, Xveik telefonora aurkitu zuen.
— Formazio militarra ez-izatea da, eta ez-izatea formazio militarra da —adierazi, eta, jantzita, etzalekuan etzan eta lokartu egin zen berehala.
Eta Xveikek telefonora eserita segitzen zuen, zeren bi ordu lehenago esan baitzion Lukax tenienteak koronel jaunarenean berriketan ziharduela etengabe, telefonoaren ondotik alde egin zezakeela esatea ahaztuz.
Gero Fuchs sarjentuak deitu zion, esanez alferrik itxaron ziola, hamar gizonekin, sarjentu kontulariari, eta, gainera, jakin zuela biltegia itxita zegoela. Azkenean norabait alde egin zuen, eta hamar gizonak, banan-banan, beren barrakoira itzuli ziren.
Batzuetan Xveik dibertitu egiten zen entzungailua hartuz eta entzunez. Sistema berriko telefono bat zen, armadan sartu berria, eta abantaila bat zuen: nahikoa argi entzun zitezkeela linea guztiko telefono-elkarrizketa arrotzak: biltegiak artilleriako kuartela madarikatzen zuen, zulatzaileek posta militarra mehatxatzen zuten, eta tiro-eremu militarrak fusil-departamentuari garrasi egiten zion.
Eta Xveik, jo eta ke telefonora...
Koronelaren bulegoko bilera luzatzen ari zen.
Schröder koronelak landa-zerbitzuaren teoriarik berrienak garatzen zituen, mina-jaurtigailuen garrantzia azpimarratuz.
Ez nondik eta ez handik mintzo zen: nola zegoen frontea bi hilabete lehenago hegoalde eta ekialdean, unitateen arteko komunikazio etengabearen garrantziaz, gas pozoituez, aireplano etsaien kontrako tiroketaz, fronteko troparen horniduraz. Eta, ondoren, armadaren barneko harremanetara pasatu zen. Ofizialen eta tropen arteko harremanez hasi zen mintzatzen, gertaera politikoez, eta nola soldadu txekiarren ehuneko berrogeita hamar «politisch verdächtig» Susmagarri politikoak ziren.
— Jawol, meine Herren, der Kramarsch, Schneider und Klófatsch Bai, jaunok, Kramarsch, Schneider eta Klófatsch (politikari txekiarrak).
Bien bitartean, ofizial gehienek pentsatzen zuten noiz utziko zion agureak zentzugabekeriak esateari, baina Schröder koronelak hizketan segitu zuen batailoi berrien eginbehar berriez, errejimenduko ofizial eroriez, zepelinez, zaldieriaren kontrako barrikadez, bandera-zinaz.
Azken hau entzutean, Lukax tenienteak gogoratu zuen batailoi guztiak zin egin zuenean ez zuela Xveik soldadu onak zinean parte hartu, zeren garai hartan dibisioko epaitegian baitzegoen, preso.
Eta bat-batean, barrea etorri zitzaion. Hain zen barre histerikoa, non ondoan eseritako zenbait ofiziali kutsatu baitzien. Gertaera horrek atentzioa eman zion koronelari, zeina hizketan hasi berria baitzen tropa alemaniarrek Ardenetatik erretiratzean hartutako eskarmentuaz. Ez hanka eta ez buru hitz egin ondoren, honela bukatu zuen:
— Jaunok, hau ez da barre egitekoa.
Gero denak ofizialen kasinora erretiratu ziren, zeren Schröder koronelari telefonoz deitu baitzioten Brigada Agintaritzatik.
Xveik lo-kuluxka egiten ari zela, halako batean telefonoak jo zuen.
— Kaixo —entzun zuen—, hemen errejimenduko bulegoa.
— Kaixo —erantzun zuen—, hemen 11. konpainiako bulegoa.
— Denborarik galdu gabe gero —entzun zuen ahots bat—, lapitza hartu eta idatz ezak. Jaso ezak telefonograma: «11. Marschkumpanie...»
Ondoren esaldi batzuk etorri ziren, kaos bitxi batean nahasiak, zeren aldi berean 12. eta 13. konpainietako norbaitzuk ere mintzo baitziren, telefonograma zeharo galdu zelarik hots zurrunbilo hartan. Xveikek ez zuen hitz bat bera ere ulertu. Azkenik lasaitasuna itzuli, eta Xveikek ulertu ahal izan zuen:
— Aizak, aizak, irakur ezak eta ez denborarik galdu gero.
— Zer irakurri behar dut?
— Zer irakurri behar duan, babalore horrek? Telefonograma!
— Zein telefonograma?
— Kaxuen zotz! Gorra haiz ala? Diktatu diadana, ergela halakoa.
— Nik ez diat ezer entzun, beste inor ari zuan hortik hizketan.
— Aizak, zer uste duk astakirtena haizen horrek, hirekin denbora galtzeko moduan nagoela? Jasoko duk telefonograma, bai ala ez? Badauzkak lapitz eta paperik? Ez dauzkaala, astolapiko horrek? Itxaron behar dudala aurkitzen dituan arte? Hauek dituk hauek soldaduak! Orduan zer? Prest hago? Bazuan garaia! Arropaz aldatu behar izan duk horretarako ? Tira, entzun ezak: «11. Marschkumpanie». Errepika ezak!
— 11. Marschkumpanie.
— «Kumpaniekommandant». Apuntatu duk? Errepika ezak!
— Kumpaniekommandant!...
— «Zur Besprechung morgen» Biharko batzarrean..... Listo? Errepika ezak!
— Zur Besprechung morgen...
— «Um neun Uhr. Unterschrift» Goizeko hamarretan. Sinadura. Badakik zer den «Unterschrift», txotxoarmario horrek? «Sinadura» duk. Errepika ezak!
— Um neun Uhr. Unterschrift. Badakik—zer—den—»Unterschrift», txotxoarmario—horrek?— «Sinadura»—duk.
— Ergel hori! Orduan, sinadura: Schröder koronela, astakirten hori. Badaukak? Errepika ezak!
— Schröder koronela, astakirten hori.
— Ongi, txoriburu hori. Nork jaso du telefonograma?
— Neuk.
— Jainkoarren, nor da «ni» hori?
— Xveik. Besterik?
— Jainkoari esker, ez. Baina Behia izena izan beharko huke. Zer dago hor berri?
— Ezer ez. Dena berdin.
— Pozik, ezta? Gaur zuetako norbait lotu omen ditek.
— Teniente jaunaren sehia baino ez, arrantxoa jan ziolako. Badakik noiz abiatuko garen?
— Motel, hori galdera hori! Agureak ere ez zekik. Gabon! Zorririk al daukazue hor?
Xveik, entzungailua esekirik, Vanek sarjentu kontularia iratzartzen hasi zen. Honek, bere burua sukarturik defendatuz, sudurreko bat jo zion Xveikek astindu zuenean. Gero ahoz behera etzan eta etzalekuan zegoen guztiari ostikoa jo zion.
Halarik ere, Xveikek Vanek iratzartzea lortu, eta honek, begiak igurtzi, ahoz gora jarri, eta izu-ikaran galdetu zuen zer gertatzen zen.
— Askorik ez —erantzun zuen Xveikek—. Aholku eskatu nahi nizuke, besterik ez. Orain telefonograma bat jaso dugu, Lukax teniente jaunak bihar bederatzietan koronel jaunarekin bildu behar duela. Eta orain ez dakit zer egin. Berehala joan behar natzaio jakinaraztera, ala bihar goizean? Duda-mudatan egon naiz luzaro, zu iratzarri ala ez, lasai asko ari zinelako zurrungaka, baina gero pentsatu dut: «Hobe diat aholku eskatzea, badaezpada ere...».
— Jainkoarren eskatzen dizut, utzidazu lo egiten —kexatu zen Vanek, ingurumari guztirantz aharrausika—, joan zaitez hara bihar goizean, eta ez nazazu iratzar!—. Beste aldean etzan eta berehala hartu zuen loak.
Xveik berriro telefonoratu, eseri, eta kuluxka egiten hasi zen mahai gainean. Telefono hotsak iratzarri zuen, ordea.
— Mesedez, 11. konpainia?
— Bai, 11. konpainia. Nor da?
— 13. konpainia. Aizak, hi, zer ordu da? Ez zaukaat zentralarekin komunikatzerik. Aspaldi ez zatozek ni ordezkatzera.
— Beste horrenbeste gertatzen zaiguk guri ere.
— Hortaz, gu bezala zaudete. Badakik noiz abiatuko garen? Hitz egin duk errejimenduko bulegoarekin?
— Han piperrik ere ez zakitek, guk bezala.
— Ez zaitez zakarra izan, andereño. Bilduta dauzkazue jada kontserbak? Gutarrak hara joan dituk eta ez ditek ezer ekarri. Biltegia itxita zegoan.
— Gutarrak ere esku-hutsik etorri dituk.
— Ikara hau alferrikakoa duk. Nora uste duk joango garela?
— Errusiara.
— Nire ustez, Serbiara. Pesten gaudenian ikusiko diagu. Eskuin aldera bagaramatzate, seinale Serbiara goazela: ezker aldera eramanez gero, Errusiara. Morralerik ba al daukazue? Igoko da soldata orain? Ezagutzen duk frische viere izeneko karta-jokoa? Bai? Orduan, etorri bihar. Gu arratsero aritzen gaituk. Zenbat zaudete telefonoaz arduratuta? Bakarrik hago? Orduan, ez arduratu eta hoa lotara. Anabasa ederra daukazue hor gero. Tira, azkenean etorri zaizkidak ordezkatzera. Lo egik zabal eta zabar.
Eta Xveik telefono ondoan lokartu zen, goxo-goxo, entzungailua esekitzea ahaztuz, haren loa inork ez galarazteko moduan. Koronelaren bulegoko telefonaria, ordea, bereak eta bi esaten ari zen, ezin ziezaiokeelako 11. konpainiari telefonograma bat helaraz, esanez tifusaren kontra txertatu gabekoen kopurua jakinarazi behar zela biharamuneko hamabietan errejimenduko bulegoan.

Lukax tenienteak, bien bitartean, ofizialen kasinoan eserita segitzen zuen, Xantsler sendagile militarrarekin batera. Honek honelako esaldiak ahoskatzen zituen, aulkian hankalatraba eseririk, tarteka-marteka billarraren takoaz zorua jotzeaz batera:
— Saladino sultan sarrazenoa izan zen osasun-taldearen neutraltasuna ezagutu zuen lehendabizikoa. Bi aldeetako zaurituak zaindu behar dira. Botikak eta sendabidea ordaindu behar zaizkie, beste aldearen gastuen ordainetan. Zilegi izan behar da haiei sendagileak eta laguntzaileak bidaltzea, ibiltze-baimen eta guzti. Bestalde, preso zaurituak atzera eman behar dira, jeneralen babes eta bermepean edo elkartrukearen bidez. Baina soldadu gisa jarrai dezakete gerora ere. Bi aldeetako gaixoak ez dira preso hartu edo hil behar: ospitaleetara eraman behar dira, eta jagoleren bat utzi behar zaie, jeneralek emandako ibiltze-baimenarekin gaixoek legez itzuli behar duena. Hori ondokoentzat ere indarrean dago: kapilau militar, sendagile, zirujau, botikari, erizain, laguntzaile, eta gaixoei laguntzera bidalitako guztientzat. Hauetako inor ez da preso hartu behar, baizik eta, gaixoak bezalaxe, berriro eman behar dira atzera.
Bizkitartean, Xantsler sendagileak bi tako hautsi zituen, eta gerran zaurituen ardurari buruzko azalpena artean bukatu gabe zeukan, behin eta berriz ibiltze-baimenena bilbatuz azalpenean.
Lukax tenienteak kafe hutsa bukatu eta etxerakoa hartu zuen. Han Baloun digante bizarduna aurkitu zuen, txorizo batzuk frijitzen.
— Atrebentzia ez bada —toteldu zuen Balounek— zure baimenarekin...
Lukax beha gelditu zitzaion. Une hartan haur handi, izaki tolesgabe baten traza hartu zion, eta bat-batean Lukax tenienteari errukia eman zion haren gose handia zela eta lotazi izanak.
— Segi frijitzen —esan zuen, sablea kentzeaz batera—. Bihar beste ogi zati bat emango diate.
Lukax tenientea mahaira eserita zegoen, eta zeukan umoreagatik, bere izebatxoari gutun hunkibera bat idazten hasi zitzaion.
Izebatxo maitea:
Jaso berri dudan aginduaren arabera, prest egon behar dut nire konpainiarekin frontera abiatzeko. Litekeena da gutun hau nigandik jasotzen duzun azkena izatea, zeren han-hemenka borroka latzak baitira eta galera ugari izan baititugu. Horregatik zaila zait gutun hau «ikusi arte» hitzekin bukatzea. Beharbada, egokiagoa da «agur betiko» bat bidaltzea.
— Gainontzekoa bihar goizean idatziko diat —pentsatu zuen Lukax tenienteak, eta lotara joan zen.
Tenientea oso eta santu lo zegoela ikusi zuenean, Baloun harat-honat hasi zen, etxebizitzatik kuxkuxean, gaueko labezomorroen antzera. Tenientearen maleta ireki eta kosk egin zion txokolate-tableta bati: baina tenienteak loaldian zirkin egitean, izutu egin zen. Haginka egindako txokolatea azkar asko maletan sartu eta lasaitu egin zen.
Gero, isilka-misilka joan zen tenienteak idatzitakoa ikustera. Irakurri eta hunkitu egin zen, batez ere «agur betiko» horrekin. Ate ondoko lastairan etzan eta bere etxea eta txerri-bodak gogoratu zituen.
Bere burua imajinatu zuen, orduan, buskantza sastatzen, txerri barrenetik airea atera zedin, bestela leher daitekeelako egostean. Eta nola egun batean auzokoei odolkiak egosterakoan lehertu zitzaizkien gogoratuz, loaldi artega batean murgildu zen. Amestu zuen harakin trakets bat gonbidatu eta lukainken hesteak lehertu zitzaizkiola lukainkak galkatzerakoan. Gero, harakinari odolkiak egitea ahaztu zitzaiola, galdu zela txerri-buru egosia, eta ez zegoela nahiko zotzik lukainketarako. Gero epaimahai militarrarekin amestu zuen: landa-sukaldetik haragi puska bat zeramanean atxilotu zutela. Gero, Bruck an der Leithako kanpamenduko ezkietako baten gainean ikusi zuen bere burua.
Tropen sukalde guztietatik zetorren kafe-usainean heldutako goiz hasberrian itzarri zenean, Xveikek, mekanikoki, telefono-elkarrizketa bukatu berri balu bezala, entzungailua eseki eta goizeko paseo txiki bat eman zuen bulegotik gaindi, kanta-kantari.
Erditik kantatzen hasi zen abestian, soldadu bat neskaz jantzi eta errotara doa maitea ikustera. Errotariak alabaren ondoan eserarazten du, baina aurrena emazteari diotso:
Andrea, atera afaria,
gose baita neskia.
Emazteak mutil doilorrari jaten ematen dio. Eta gero, familia-tragedia:
Errotariak goizean goiz jaikirik,
atean zeukaten idatzirik:
Zuen alaba Anna Lua
ez da neska kastua.
Xveikek abestiaren bukaera hainbesteraino azpimarratu zuen, non bulegoa berpiztu egin baitzen. Izan ere, Vanek sarjentu kontulariak, itzarturik, zer ordu zen galdetu zuen.
— Oraintxe jo du iratzargailuak.
— Kafearen ostean jaikiko naiz —erabaki zuen Vanekek, zeinak beti denetarako nahikoa denbora baitzeukan—. Dena dela, gaur ere presarekin gogait eragingo digute, eta batetik bestera joanaraziko gaituzte alferrik, atzo kontserba horiekin bezala... —Vanekek aharrausi egin eta galdetu zuen luze hitz egin ote zuen etxera heldu zenean.
— Pixka bat bakarrik —esan zuen Xveikek—. Behin eta berriz ari zinen formazio militarrei buruz, formazio militarra ez dela formazio militarra, eta formazio militarra ez dena formazio militarra dela, eta formazio militar hori, ordea, ez dela formazio militarra. Baina laster pasatu zitzaizun, eta zurrunga egiten hasi zinen.
Xveik isildu egin zen. Aterantz joan, gero berriro sarjentu kontulariaren etzalekurantz, eta haren aurrean geldituta, bota zuen:
— Niri dagokidanez, rechnungsfeldvébl jauna, formazio militarrez zenioena entzun dudanian, Zatek delako batekin gogoratu naiz: Letna auzoko gas-fabrikan egiten zuen lan, eta farolak piztu eta itzali egiten zituen. Kultura handiko gizona zen, eta Letnako alkoholzulo guztietatik ibiltzen zen, ze farolak pizten direnetik itzaltzen diren arte tarte luzea gelditzen da. Eta gero, goizian, gas-fabrikan, zuk bezalakoxe berriketak erabiltzen zituen, baina berak esaten zuen: «godaletak ertzak ditu: horregatik, karratua da». Hori nik neuk entzun nuen, polizia mozkortu batek, kalia zikintzeagatik atxilotu eta, komisariara gabe, oker, gas-fabrikara eraman ninduenian. Eta gero —esan zuen Xveikek isilka—, denborarekin, oso gaizki bukatu zuen Zatek horrek. Mariaren kongregazioan sartu, atso argizari-jaleekin Karlos plazako San Ignazio elizara Jemelka paterraren sermoietara joan, eta behin ahaztu zitzaion, Karlos plazako San Ignazion misiolariak zeudenian, bere esparruko gas-argiak itzaltzia, eta gasa hiru egun eta hiru gau egon zen kaleetan etengabe piztuta. Oso txarra da —jarraitu zuen Xveikek— bat-batian filosofia batekin korapilatzia: horri «delirium tremens»-en kiratsa dario beti. Orain dela urte asko, Blüher delako maior bat bidali ziguten hirurogeita hamabosgarren errejimendutik. Blüher horrek beti hilean behin deitu eta ilaran jarrarazten gintuen, gurekin nagusitasun militarraz hausnartzeko. Ez zuen okaran-pattarra besterik edaten. «Ofizial bakoitza, soldaduok —azaltzen zigun kuarteleko patioan—, izatez izaki perfektua da, eta zuek batera baino ehun aldiz adimen gehiago dauka. Ezin duzue ezer imajinatu, soldaduok, ofizial bat baino perfektuagorik, bizi osoa emango bazenute ere horretan pentsatzen. Ofizial bakoitza izaki beharrezkoa da: zuek, soldaduok, ordea, halabeharrezko izakiak besterik ez zarete, existi zaitezkete, baina ez daukazue horren beharrik. Soldaduok, gerra etorri eta zuen enperadore jaunagatik hilko bazinete, ondo, honela ez litzateke asko aldatuko. Baina aurrena zuen ofiziala hilez gero, ikusiko zenukete zein mendekoak zareten harekiko, eta nolako galera den. Ofizialak existitu behar du, eta zuek, izatez, ofizial jaunei esker daukazue zeuon existentzia, beraiek dauzkazue iturburu, ezin zarete ofizialik gabe egon, nagusitasun militarrik gabe ez duzue puzkerrik ere egiten. Zuentzat, soldaduontzat, ofiziala lege moral bat da, ulertu ala ez ulertuta ere, eta lege bakoitzak bere lege-ezarlea izan behar duenez, soldaduok, horixe da ofiziala. Eta behartuta sentitu behar duzue zeuen burua, salbuespenik gabe, haren agindu guztiak betetzera, nahitaez». Gero, egun batian, bukatu zuenian, ilararen ingurutik ibili eta banan-banan galdetu zigun: «Zer sentitzen duk kuartelera berandu itzultzean?». Batzuek erantzun nahasiak ematen zituzten: oraindik ez zirela behin ere berandutu, edo berandu heltzeagatik sabeleko minez zeudela, batek ateratzeko baimena galtzia sentitzen zuela, eta abar. Hauek guztiak berehala bereizi zituen Blüher maiorrak, eguerdian kokoriko geldituko zirelako, patioan, zigor gisa, zer sentitzen zuten adierazten ez jakiteagatik. Nire txanda etorri aurretik, gurekin zer hausnartu zuen azkenengo aldian gogoratu eta, heldu zitzaidanian, guztiz lasai esan nion: «Apal-apalik jakinarazten dizut, maior jauna, berandu natorrenetan halakoxe artegatasuna, beldurra eta bihotz-zimikoa sentitzen ditudala. Garaiz helduz gero, ordea, lasaitasun zoriontsu bat nagusitzen zait eta baita barneko poza ere». Inguruko guztiek barre egin eta Blüher maiorra oihuka hasi zitzaidan: «Hiri, gizontxo, zorriak nagusitzen zaizkik, etzalekuan zurrunga egiten ari haizenean. Mixerable horrek arpa jo nahi dit». Eta girgiluak jarri zizkidaten zigortzat. Ze zoriontasuna!
— Soldadutzan bestela ezin —esan zuen sarjentu kontulariak, bere ohean zabar-zabar nagiak ateratzeaz batera—. Orokorki onartua da: zernahi erantzunda ere, egiten duana egiten duala, beti izango duk heure gainean esekita hodeitzar bat, eta tximistak jotzen hasiko dituk. Hori gabe, ezinezkoa da diziplina.
— Oso ondo esanda —esan zuen Xveikek—. Ez zait sekula ahaztuko Pech errekruta preso hartu zuten eguna. Konpainiako tenientea Moc delako bat zen, eta, errekrutak bilduta, banan-banan galdetu zien nongoak ziren. «Zuek, errekruta madarikatuok», esaten zien, «zuek argi eta garbi, zehatz, zigor batek zart egiten duen bezala erantzuten ikasi behar duzue. Has gaitezen, beraz. Nongoa zara, Pech?». Pech gizon azkarra zen, eta erantzun zuen: «Dolni Bousovekoa, 267 etxe, 1936 biztanle txekiar, Jitxin kapitaintza jenerala, Sobotka eskualdea, Kost jaurerri ohia, Santa Katalinako eliza 14. mendekoa, Vaclav Bratislav Netolicky kondeak berriztatua, eskola, postetxea, telegrafoa, tren-geltokia, azukre-fabrika, errota zerrategi eta guzti, Valcha baserria, sei azoka urtero». Eta besterik gabe Moc tenienteak harengana salto egin eta muturreko franko eman zion, oihuka: «Hemen daukak lehendabiziko azoka, hemen daukak bigarrena, hirugarrena, laugarrena, bosgarrena, seigarrena». Eta Pech, errekruta izan arren, batailoiko epaitegiaren aurrera azaldu zen. Garai hartan aldra alai batek egiten zuen lan bulegoan: hortaz, bulegokoek idatzi zuten errekruta Dolni Bousoveko urteroko azokengatik epaitegiratu zela. Batailoiko komandantia Rohell maiorra zen. «Also, was gibt's? Hortaz, zer berri?», galdetu zion Pechi, eta honek erantzun: «Apal-apalik jakinarazten dizut, maior jauna, Dolni Bousoven sei azoka daudela urtero». Rohell maiorra garrasika hasi zen, lurrari ostikoka aritzen, eta ospitale militarreko ero-sailera bidali zuen berihala. Harrezkero, Pech soldadurik txarrena izan zen. Zigorrak eta zigorrak.
— Zail da soldaduak hezten —esan zuen Vanek sarjentu kontulariak aharrausika—. Soldadutzan zigortu gabeko soldadua ez da soldadu. Beharbada bake garaian balio zezakeen soldadutza zigorrik gabe bukatutako soldaduak bizitza zibilean lehentasuna edukitzeak. Gaur, ordea, soldadurik txarrenak, bake garaian ziegatik irten ez zirenak, soldadurik hoberenak dira gerra garaian. Gogoan dut 8. konpainian Sylvanus infanteriako soldadua zegoela. Lehen, zigor bat bestearen atzetik jasotzen zituen, eta nolako zigorrak! Ez zion lotsarik ematen lagunari azken zilar-dukata lapurtzeak, eta erasora heldu zenean, bera izan zen lehendabizikoa alanbradak ebakitzen, hiru gizon atxilotu zituen, eta bat bidetik hil zuen tiroka, ez omen zelako hartaz fido. Zilarrezko domina handia jaso zuen, gero bi izar, eta geroago Dukla aldean urkatu ez balute, sarjentu izango zen aspaldi. Baina urkatu egin behar izan zuten, ze erasoaldi baten ondotik patruila ikuskatzaile baterako eskaini zuen bere burua, eta beste patruila batek harrapatu zuen gorpuen poltsikoetan eskua sartzen. Zortzi erloju eta eraztun asko aurkitu zizkioten. Hortaz, Brigada Agintaritzan urkatu zuten.
— Hor ikusten da —adierazi zuen Xveik azkarrak— soldadu bakoitzak bere maila eskuratu behar duela.
Telefonoak Jo zuen. Sarjentu kontularia hara joan zen, eta Lukax tenientearen ahotsa antzeman zitekeen, kontserbez galdezka. Gero erantzuki batzuk entzun ziren.
— Benetan ez daude, teniente jauna —deiadar egin zuen telefonotik Vanekek—, nolatan, bada, egongo dira? Intendentziaren fantasia hutsak dira. Guztiz alferrikakoa izan zen hara jendea bidaltzea. Nik telefonoz deitu nahi nizun... Kantinan nengoela? Nork esan du?... Ofizialen jangelako sukaldari okultista horrek?... Handik pasatzea otu zitzaidan. Badakizu, teniente jauna, nola deitzen zion okultista horrek kontserben korapiloari?: «Jaio gabearen lazturak»... Inondik ere ez, teniente jauna, guztiz abstemioa naiz. Zer egiten duen Xveikek? Hemen da. Deitu behar diot?... Xveik, telefonora —esan zuen sarjentu kontulariak, eta baita ahopean erantsi ere—: Eta galdetzen badizu nola heldu naizen, esaiozu: «modu onean».
Xveikek, telefonora:
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, Xveik nauzula.
— Aizu, Xveik, zer gertatu da kontserba horiekin? Ondo daude?
— Ez dago, teniente jauna, haien arrastorik ere.
— Xveik, kanpamenduan gauden bitartean goizero dei diezadazula nahi dut. Bestela, nire aldamenean izango zinateke beti, abiatu arte. Zer egin duzu bart?
— Gau osoan telefono ondoan egon.
— Berririk bai?
— Bai, teniente jauna.
— Xveik, ez hasi berriro ere ergelarena egiten. Inork mezu garrantzitsurik utzi bai?
— Bai, teniente jauna, baina ez gaueko bederatziak baino lehen. Ez zintudan urduritu nahi, teniente jauna, ezta hurrik eman ere.
— Hortaz, esadazu behingoan zein mezu garrantzitsu den hori.
— Telefonograma bat, teniente jauna.
— Ez dizut ulertzen, Xveik.
— Idatzita daukat, teniente jauna: «Jaso ezak telefonograma bat. Nor dago telefonora? Badaukak? Irakur ezak», edo antzeko zerbait.
— Hara gurutzea, Xveik! Gurutze bat daukat zurekin. Esadazu edukia, edo zuregana joan eta ederra emango dizut. Zer, orduan?
— Beste bilera bat, teniente jauna, gaur goizean, bederatzietan, koronel jaunaren bulegoan. Gauez iratzarri nahi zintudan, baina gero hobeto pentsatu nuen.
— Zu edozein txorakeriarengatik ausartuko zinateke ni iratzartzera, biharamuneko goizean ere horretarako nahikoa denbora dagoenean. Wieder eine Besprechung, der Teufel soll das alles buserieren! Beste bilera bat. Deabruak denak eraman ditzala! Utzi entzungailua eta jar dadila Vanek.
Vanek sarjentu kontulariak, telefonora:
— Vanek rechnungsfeldvébl-a nauzu, Herr Oberleutnant.
— Vanek, aurki iezadazu berehala beste sehi bat. Baloun inozo horrek txokolate osoa jan dit gauean. Lotu? Ez, erizainekin jarriko dugu. Oso sendoa denez, zauritutakoak borroka-lekutik atera ditzake arrastaka. Berehala bidaliko dizut. Konpon ezazu hori errejimenduko bulegoan, eta itzuli berehala konpainiara. Uste duzu laster abiatuko garela?
— Ez dago batere presarik, teniente jauna. Bederatzigarren konpainiarekin abiatu behar genuenean, lau egun luzez agindu eta jan zuten hitza. Zortzigarrenarekin, beste horrenbeste. Hamargarrenarekin, ordea, hobea izan zen kontua: eguerdian agindua jaso eta arratsean abiatu ginen, baina gero, horren trukean, Hungaria osotik segika ibili zitzaizkigun, gure gorpuez zein borroka-lekutako zein zulo estaliko zuten ez zekitela.
Lukax tenientea 11. konpainiako buruzagi egon zen denbora osoan, «sinkretismoa» delako egoeran aurkitu zen: horrek, filosofian, esan nahi du kontraesan kontzeptualak berdintzen ahalegindu zela, amore-emateen bidez, iritzi-nahasketara heltzeko.
Horregatik, honela erantzun zuen:
— Bai, baliteke. Orduan, ez duzu uste gaur abiatuko garenik? Bederatzietan bilera daukagu koronel jaunarekin. Eta bidenabar: badakizu dienstführender Zainaldian zaudela? Gogorarazi baino ez nizun egin nahi. Eskura iezadazu... Itxaron, zer eskuratu behar zenidan?... Ofizialen zerrenda bat, noiztik dauden armadan seinalatuz... Gero konpainiako hornidurak... Nazionalitatea? Bai, bai, baita ere... Baina, batez ere, bidal iezadazu sehi berri hori... Zer egin behar du gaur Pleschner alferezak? Vorbereitung zum Abmarsch Abiatzeko prestakuntza... Kontuak? Bazkalostean joango naiz sinatzera. Ez utzi inori hirira joaten. Kanpamenduko kantinara? Bazkalostean, ordubetez... Jar dadila Xveik!... Xveik, bitartean zu telefono ondoan geldituko zara.
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, oraindik ez dudala kafea edan.
— Orduan, ekar ezazu kafea, eta gelditu hor, bulegoan, telefono ondoan, nik deitu arte. Badakizu zer den mandatari bat?
— Batetik bestera korrika dabilen bat, teniente jauna.
— Orduan, geldi zaitez zauden lekuan, nik deitu arte. Esaiozu beste behin Vaneki niretzako sehia bilatzeko. Xveik, aizu, non zaude?
— Hemen, teniente jauna, oraintxe ekarri dute kafia.
— Xveik, aizu!
— Entzuten ari naiz, teniente jauna. Kafea zeharo hotz dago.
— Zuk ederki dakizu zer den sehi bat, Xveik. Azter ezazu, eta gero emadazu aditzera nolakoa den. Eseki entzungailua.
Vanekek, «Tindua» (zuhurraren zuhurraz) jartzen zuen botila batetik rona kafe hutsera isuri eta, zurrupatzen ari zela, Xveiki begiratu eta esan zuen:
— Gure tenientea oihuka ari da telefonotik. Hitz guztiak ulertu dizkiot. Zuk, Xveik, teniente jaunaren lagun ona izan behar duzu.
— Zain eta gihar gara —erantzun zuen Xveikek—. Asko bizi izan dugu elkarrekin. Hainbatetan banandu nahi izan gaituzte, baina berriro bildu gara. Hura beti fidatu da nitaz: harrigarria benetan. Seguru orain zuk ere entzun duzula berriro gogorarazi behar dizudala sehi berri bat topatu behar diozula, eta nik aztertu eta oniritzia eman behar diodala. Teniente jaunari ez zaio edozein sehi berebizikoa.

Schöder koronelak infanteriako estandartearen ofizial guztiak maitasun handiz deitu zituen, desenkusatu ahal izateko. Gainera, beharrezkoa zen erabakiren bat hartzea Marek urtebeteko boluntarioaren aferan: izan ere, ez zuen komunik garbitu nahi izan, eta Schröder koronelak, men ez egiteagatik, dibisioko epaitegira bidali zuen.
Dibisioko epaitegitik, hain zuzen, heldua zen aurreko gauean, eta ziega batean zegoen zaindariek jagonda. Aldi berean, errejimenduko bulegora dibisioko epaitegiaren idazki bat bidali zuten, izugarri nahasia, adieraziz kasu horretan ez zegoela managaiztasunik, zeren urtebeteko boluntarioek ez baitzuten komunik garbitu behar izaten, baina bai, ordea, supperordinationsverletzung Mendekotasunarekiko errespeturik eza zela; delitu hori borroka-lekuan behar bezala jokatuz gero barka zitekeela; arrazoi horiengatik, auzipetua, Marek urtebeteko boluntarioa, berriro bidalia zela bere errejimendura; diziplina-hausteari buruzko ikerketa gerra bukatu arte bertan behera uzten zela , baina Marek urtebeteko boluntarioak beste delitu bat eginez gero berrituko zela.
Beste kasu bat ere bazegoen: Marek boluntarioarekin batera Treveles ustezko sarjentua ere igorri zuten dibisioko epaitegiaren ziegara. Arestian agertua zen errejimenduan, Zagrebeko erietxetik bidalita. Zilarrezko domina handia, boluntario-intsigniak eta hiru izar zeuzkan. Kontatzen zuen 6. infanteria-konpainiak Serbian egindako ekintza heroikoetan bera bakarrik salbatu zela. Ikerketan frogatu zen gerra hasieran Treveles delako bat abiatu zela 6. konpainiarekin, baina ez zeukala boluntarioa izateko eskubiderik. 1914ko abenduaren 2an Zagrebetik ihes 6. konpainia lotu zitzaion brigadatik informazioa eskatu zuten. Eta baita egiaztatu ere zilarrezko domina jasotzeko hautagaien edota jasota zeukatenen zerrendan ez zegoela Trevelesik. Ezin zen inondik ere ziurtatu, ordea, Treveles infanteriako soldadua sarjentu izendatu ote zuten Belgradeko kanpainan: izan ere, 6. konpainia osoa galdu egin zen, bere ofizialak eta guzti, Belgradeko San Savaren eliza ondoan. Dibisioko epaitegian bere burua defendatu zuen Trevelesek, esanez bene-benetan agindu ziotela zilarrezko domina handia, eta horrexegatik erosi ziola erietxean bosniar bati; boluntario-galoiei zegokienez, mozkorraldi batean josi zituela, eta beti eramaten bazituen, beti mozkortuta egoten zelako zela, gorputza, beherakoak jota, ahul-ahul zeukalako.
Bilera hasi zenean, bi kasuok eztabaidatu aurretik, Schröder koronelak aditzera eman zuen beharrezkoa zela abiatu baino lehen gehiagotan biltzea, denbora gutxi falta zelako; brigadatik zekiela dibisioaren aginduen zain zeudela; tropa gertu egon zedila, eta konpainien komandanteak artaz ardura zitezela inor ez faltatzeaz. Gero berriro errepikatu zuen bezperako berbaldia. Gertaera militarrei buruzko ikuspegi bat eskaini zuen berriz ere, azpimarratuz ezerk ez zuela troparen izaera gerrazalea eta izpiritu militarra zanpatu behar.
Mahai gainean tinkatuta zegoen borroka-lekuko mapa bat, buruorratzetan jarritako banderatxoekin. Baina banderatxo batzuk nahasirik zeuden, eta fronteak mugiturik. Zenbait buruorratz, banderatxo eta guzti, mahaipetik barreiaturik zeuden.
Borroka-leku osoa izugarri nahaspilatu zuen gauez katu batek: errejimenduko bulegoko eskribatzaileek hezitakoa zen, eta gauean borroka-leku austro-hungariarrean kaka egin zuenean, kaka lurperatu nahi eta, banderatxoak atera, kaka posizio guztietatik zabaldu, eta fronteak eta armadak zikindu zituen.
Schröder koronela ikusmen txarrekoa zen.
Infanteriako estandartearen ofizialek interesaturik begiratzen zuten nola Schröder koronelaren atzamarra meta haietara hurbiltzen ari zen.
— Handik, jaunok, Sokalerantz —esan zuen Schröder koronelak profeta balitz bezala, eta hatz erakuslea Karpatoetarantz mugitu zuen, aldi berean meta horietako batean hondoraino sartuz. Katuak erliebedun bihurtua zuen borroka-lekuko mapa.
— Was ist das, meine Herren? Zer da hau, jaunok? —galdetu zuen harriduraz, zerbait atzamarrean atxiki zitzaionean.
— Wahrscheinlich Katzendreck, Herr Oberst Dirudienez, katu-kaka, koronel jauna —erantzun zuen denen izenean, salo-salo, Sagner kapitainak.
Schröder koronela alboko bulegora joan zen ziztu bizian, eta handik trumoi ikaragarriak eta biraoak entzun ziren, mehatxu ikaragarri batekin batera: katuak utzitakoa miazkatu beharko zutela.
Ikerketa laburra izan zen. Jakin zen katua, bi aste lehenago, Zwiebelfischek, eskribatzailerik gazteenak, bulegoratu zuela. Segidan, Zwiebelfischek bere trasteak hartu eta eskribatzailerik zaharrenak ziegara eraman zuen, denbora luzerako, koronel jaunak bestela agindu arte.
Honelaxe bukatu zen berbaldia. Schröder koronelak, aurpegia gorri-gorri, ofizial taldearekin berriro bildu zenean, ahaztuta zeukan Marek boluntario eta Teveles sasi-sarjentuaren patua eztabaidatu behar zuela. Labur-labur esan zuen:
— Mesedez, ofizial jaunok, egon zaitezte prest, nire agindu eta instrukzioen zain.
Eta, halatan, ziegan segitu zuten urtebeteko boluntarioak eta Trevelesek, eta geroago Zwiebelfisch lotu zitzaienean, kartetan ari zitezkeen, eta karten ondoren, zaindariak nekaraz, lastairako arkakusoak harrapa zitzatela eskatuz. Gero 13. konpainiako Peroutka kaboa ere jarri zieten: hau, aurreko gauean kanpamendutik bala-bala zebilenean frontera abiatzekoak zirela, galdu egin zen, eta goizean patruila batek aurkitu zuen Bruckeko «Arrosa zuria» tabernan. Bere burua zuritu zuen, esanez abiatu aurretik Bruckeko Harrach kondearen negutegi ezaguna ezagutu nahi zuela, itzulbidean galdu zela, eta biharamun goizean, neka-neka eginda, «Arrosa Zuria»-ra heldu zela. (Bitartean, «Arrosa Zuria»-ko Ruzenkarekin lo egin zuen).
Egoerak argitu gabe zirauen. Abiatuko ala ez abiatuko. Xveikek, 11. konpainiako telefonoaren ondoan, denetiko iritziak entzuten zituen, ezkorrak eta baikorrak. 12. konpainiatik deitu zuten, bulegoko norbaitek aditua zuela irudi mugikorren kontrako tiro-probak egin arte itxarongo zela, eta ez zirela abiatuko feldmäßigschießübungách Maniobra militarrak bukatu arte. Iritzi baikor honen berri ez zuen 13. konpainiak eman, zeinak telefonoz iragarri baitzuen Havlik kaboa hiritik heldu berria zela eta trenbideko langile bati entzun ziola bagoiak geltokian zeudela.
Vanekek Xveiki entzungailua eskutik erauzi eta amorraturik garrasi egin zuen trenbidekoek metxik ere ez zekitela, eta errejimenduko bulegoan izan berria zela.
Xveikek telefono ondoan zirauen benetako maitasunez, eta «zer berri» galderari beti erantzuten zion ez zela artean ezer segururik jakiten. Honela erantzun zion Lukax tenientearen galderari:
— Zer berri dago hor?
— Oraindik ez da ezer segururik jakiten, teniente jauna —ihardetsi zuen Xveikek mekanikoki.
— Eseki entzungailua, astakirten horrek!
Gero beste telefonograma sorta bat heldu zen, Xveikek ez-ulertu luzeez geroztik jaso zuena. Estreinakoa aurreko gauekoa izan zen, txertatutakoei eta txertatu gabeei buruzkoa, telefonoa eseki gabe utzi eta lotan egoteagatik diktatu ezin izan ziotena.
Gero kontserbei buruzko telefonograma atzeratua, aurreko gauean jadanik argi eta garbi gelditu zena.
Ondoren, errejimenduko batailoi, konpainia eta unitate guztientzako telefonograma bat:
75692 zenbakiko brigadaren telefonogramaren kopia.
Brigadarentzako agindua, 172 zenbakikoa.
Sukaldeen antolakuntzari buruzko txostenen arabera, hauek dira, sailkaturik, jaki agortuak:
1. haragia, 2. kontserbak, 3. barazki freskoak, 4. barazki lehorrak, 5. arroza, 6. makarroiak, 7. garagarra eta semola, 8. patatak. Aurreko sailkapenaren zuzenketa: 4. barazki lehorrak, 5. barazki freskoak.
Xveikek sarjentu kontulariari irakurri zionean, Vanekek zeremonia handiz iragarri zuen halako telefonogramak komuneko zulotik behera bota behar zirela:
— Hori Goi Agintaritzaren ergelen baten asmakizuna da, dibisio, brigada eta errejimendu guztiei bidaltzeko.
Geroago, Xveikek beste telefonograma bat jaso zuen, hain azkar diktatua, non Xveikek, zifraturik zirudiena besterik ezin izan baitzuen koadernoan apuntatu:
In der Folge genauer erlaubt gewesen oder das selbst einen hingegen immerhin eingeholet werden Beraz, zehatzago esateko, baimendu egin zuten, edo berbera, alderantziz, beti ekarri izan zuten.
— Hori guztia alferrikakoa da —esan zuen Vanekek, Xveikek, idatzitakoaz arras zurturik, hiru aldiz ozen irakurtzen zuen bitartean—, tentelkeria hutsak. Baina auskalo: mezu zifratua izan liteke, baina konpainian ez gaude horretarako prestatuta. Hori ere bota daiteke.
— Hala uste dut nik ere —esan zuen Xveikek—. Teniente jaunari adieraziko banio behar duela «In der Folge genauer erlaubt gewesen oder das selbst einen hingegen immerhineingeholet werden», mindu egingo litzateke. Bada jendea ikaragarri minbera —jarraitu zuen Xveikek, oroitzapenetan berriro murgilduz—. Behin tranbian nenbilen, Vysotxanytik Praga erdira, eta Liben auzoan Novotny delako jaun bat igo zen. Ezagutu eta berihala hurreratu nintzaion, plataformara, eta esan nion biok Drazov herrikoak ginela. Baina hura oihuka hasi zitzaidan, bakea emateko, ez ninduela ezagutzen eta. Ni azaltzen hasi nintzaion, berak gogoratzeko, mutiko koxkorra nintzenian haren etxera joaten nintzela amarekin, Antonie izena zuela, nire aitak Prokop izena zuela, eta morroi nagusi zegoela. Gero ere ez zuen jakin ere egin nahi elkar ezagutzen genuenik. Orduan, detaile hurbilagoak esan nizkion, Drazoven bi Novotny zeudela, Tonda eta Josef. Bera Josef zela, eta emaztia tiroka hil zuela edateagatik errieta egin ziolako, Drazovetik bidali zidaten gutun baten arabera. Eta halako batian hark eskua altxatu, ni apartatu, eta aurrealdeko plataformaren panela hautsi zuen, txoferraren aurrean dagoen handi hori. Orduan tranbiatik atera gintuzten komisariara eramateko, eta han argitu zen horrexegatik zela hain minbera, ez zuelako Josef Novotny izena, Eduard Doubrava baizik. Amerikarra zen, Montgomerykoa, eta ahaide batzuk bisitatzen ari zen, bere familiak hemen zeukalako jatorria.
Telefonoak kontakizuna eten zuen, eta fusil saileko ahots erlats batek berriro galdetu zuen abiatzeko ote ziren. Eta goizean bilera izango zela koronel jaunarekin.
Atean Biegler kadetea agertu zen, zurbil-zurbil. Konpainiako ergelik handiena zen, zeren urtebeteko boluntarioen eskolan bere jakituria nabarmendu nahi baitzuen. Vaneki keinu egin zion, haren atzetik korridorera irten zedin, eta solas luzea izan zuten bertan.
Itzulitakoan, Vanekek irribarre egin zuen, erdeinuz.
— Astolapiko galanta da gero —esan zion Xveiki—. Hemen, gure konpainian, bai birigarro ederrak dauzkagula! Hau ere bileran izan zen, eta bukaeran koronel jaunak agindu zion bere troparekin fusil- ikuskatzea egiteko eta zorrotza izateko. Eta hara non datorkidan orain, ea Zlabek sokaz lotu behar ote zuen galdetzera, horrek petrolioz garbitu zuelako fusila. —Vanek ernegatu egin zen—. Frontera laster goazela dakienean holako tontakeria galdetzea ere! Teniente jaunak ere ondo pentsatu beharko zuen atzo bere sehia lotu baino lehen. Hortaz, gaxte horri esan nion hobeto pentsatzeko tropa piztia bihurtu baino lehen.
— Sehi horretaz ari zarenez —esan zuen Xveikek—, aurkitu duzu bat edo beste teniente jaunarentzat?
— Pazientzia galdu gabe gero —erantzun zuen Vanekek—, denetarako dago-eta nahikoa denbora. Gainera, uste dut teniente jauna Balounekin ohitu egingo dela, han-hemenka jatekoa jango dio, eta gero barkatu egingo dio frontian gaudenian. Han askotan ez batak ez bestiak ez dute jatekorik izango. Esaten badut Baloun gelditu izango dela, ez dago zereginik. Hori neure ardura da, eta teniente jaunak ezin du ezer esan. Presarik ez.
Vanekek, berriro bere ohean etzanik, honela esan zuen:
— Xveik, konta iezadazu bizitza militarreko pasadizoren bat.
— Ondo legoke —erantzun zuen Xveikek—, baina beldur naiz ez ote duen telefonoak berriro joko.
— Orduan deskonekta ezazu, Xveik, eten ezazu linea edo eseki gabe utzi entzungailua.
— Ondo —esan zuen Xveikek, entzungailua eseki gabe uztearekin batera—, kontatuko dizut egoera honi egokitzen zaion zerbait. Baina garai hartan, benetako gerraren ordez, maniobrak besterik ez ziren. Eta hemen besteko izua zegoen, ez zelako jakiten noiz irtengo ginen kuarteletik. Nirekin Xits delako bat zegoen soldadu, gizon zintzoa, baina fededuna eta koldarra. Horrek imajinatzen zuen maniobrak zerbait ikaragarria zirela, jendea egarriz hiltzen zela, eta erizainek fruitu erorien gisa biltzen zutela. Horregatik bere erreserba edan, eta maniobretara kuarteletik irten eta Mnixekera heldu ginenian, esan zuen: «Nik, mutilok, ezin dut honelakorik pairatu. Jainkoa da salba nazakeen bakarra». Gero Horovitsera heldu, eta han bi egun eman genituen atsedenian, ze oker bategatik hain azkar egin genuen aurrera ze, nahi izanez gero, gure ondotik zihoazen gainontzeko errejimenduekin batera, Goi Agintaritza etsaia preso hartuko genuen. Hori lotsa handikoa izango zen, ze guk galdu egin behar genuen eta etsaiak irabazi. Izan ere, etsaiekin artxiduketxo mukizu bat zegoen. Bada, orduan Xits horrek zera egin zuen: kanpatu ginenean, zerbait erostera joan zen Horovitse ondoko herri batera, eta eguerdi aldera kanpamendura bueltatu. Bero handia zegoen, gainera, total eginda zegoen, eta halako batian habe bat ikusi du bidian, habean kutxa bat, eta barruan, kistal batekin, Done Jan Nepomukekoaren irudi txiki-txiki bat. Done Janen aurrean errezatu eta esan dio: «Bero haiz, ezta? Zurrutatxo bat emango bahu, sikiera. Hemen hago eguzkipean, izerdi patsetan». Orduan botila atera, edan, eta esan du: «Tragoxka bat utzi diat hemen, Done Jan Nepomukekoa». Baina egarriak amorraturik, dena edan eta Done Janentzat ez da ezer gelditu. «Jesus, Maria eta Jose», esan du, «Done Jan Nepomukekoa, barkatu egin behar didak. Saritu egingo haut. Kanpamendura eraman eta hainbeste emango diat edaten, ze ezingo haiz zutik ere egon». Eta Xits maitagarriak, Done Jan Nepomukekoaz errukituta, kristala hautsi, santuaren iruditxoa atera, brusapean jarri, eta kanpamendura eraman zuen. Gero Done Jan Nepomukekoak harekin lo egin zuen lastoan. Martxetara txahalaren gainean eraman, eta zorte ona izaten zuen kartetan. Non kanpatu han irabazten zuen, Prachenskora heldu ginen arte: Drahenitse herrian geundela, den-dena galdu zuen. Goizian abiatzerakoan, Done Jan Nepomukekoa madariondo batetik zintzilik zegoen, bide ondoan, urkatuta. Hura zen pasadizoa, eta orain esekiko dut entzungailua.
Eta telefonoak bizitza urduri berriaren dardarak ekarri zituen berriz ere, kanpamenduko lasaitasunaren armonia zaharra eten zenean.
Une haietan, Lukax tenientea bere salan zegoen, errejimenduko Goi Agintaritzatik bidalitako kodeak, azalpen eta guzti, ikasten. Baita agindu zifratu bat ere, batailoiak, Galitziako mugara (lehendabiziko etapara) joateko hartuko zuen norabideaz.
7217 - 1238 - 457 - 2121 - 35 = Moxon
8922 - 375 - 7282 = Raab
4432 - 1238 - 7217 - 35 - 8922 - 35 = Komarno
7282 - 9299 - 310 - 375 - 7881 - 298 - 475 - 7979 = Budapest.
Kodeok deszifraturik, Lukax tenienteak hasperen egin zuen:
— Der Teufel soll das buserieren Beste bilera bat. Deabruak denak eraman ditzala!.
© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo