4. kapitulua
SUFRIMENDU BERRIAK

Schröder koronelak atseginez begiratu zuen Lukax tenientearen aurpegi zurbila. Honek, betazpi handiak zituela, ez zion koronelari behatzen: zerbait ikasiko balu bezala, soslaiz egiten zion so kanpamenduko planoari, zeina, bestalde, koronelaren bulego osoaren apaingarri bakarra baitzen.
Schröder koronelaren aurrean, mahai gainean, zenbait egunkari zeuden, lapitz urdin batekin azpimarraturiko artikuluekin. Koronelak gainetik irakurri zituen berriro, eta Lukax tenienteari begira, honela esan zuen:
— Hortaz, badakizu zure sehi Xveik ziegan dagoela eta seguruenik dibisioko epaimahaira bidaliko dutela?
— Bai, koronel jauna.
— Honekin, jakina —azpimarratu zuen koronelak, Lukax tenientearen aurpegi zurbiletik atsegin handia hartuz— ez dago bukatua afera guztia. Segurua da iritzi publikoa iraulita egon dela zure sehi Xveiken kasu guztiagatik. Afera zure izenarekin lotuta aipatzen da, teniente jauna. Dibisioko Agintaritzatik nahikoa material bidali digute. Hemen daukagu kasuaz jardundako zenbait aldizkari. Ozen irakur diezazkidakezu.
Artikulu azpimarratuak zituzten egunkariak luzatu zizkion Lukax tenienteari, eta berau «Non dago gure etorkizunaren berma?» tonu monotonoz irakurtzen hasi zen, haur liburu batean ondoko esaldia irakurriko balu bezala: «eztia azukrea baino askozaz ere elikagai hobea da, eta hobeto laguntzen dio digestioari».
— Artikulu hori «Pester Lloyd» egunkarian dator? —galdetu zuen koronelak.
— Bai, koronel jauna —erantzun zuen Lukax tenienteak, eta irakurtzen segitu zuen—: Gerra Zuzendaritzak monarkia austro-hungariarreko herritar guztien laguntza exijitzen du. Estatuaren segurtasuna babestu nahi badugu, nazio guztiek elkar sostengatu behar dute. Nazioek elkarri dioten errespetu berezko horretan dago gure etorkizunaren berma. Frontean aurrera eta aurrera egiten duten soldadu adoretsuen sakrifiziorik handienak ez lirateke posible izango baldin eta, gure armada loriatsuaren arteria hornitzailea den atzeguardia baturik egongo ez balitz; baldin eta, gure armadaren bizkarrean, Estatuaren batasuna puskatzen duten elementuak baleude; baldin eta elementuok, beren matxinadaz eta asmo okerraz, Estatuko aginpidea suntsitu eta gure Inperioaren nazioen arteko anaitasunean nahasmenik sortuko balute. Alu batzuek arrazoirik gabe eraso diote Inperioari, zibilizazio eta kultura ondasun guztiak kentzeko, eta Inperioaren nazio guztiek elkarlana eta borroka egin dute alu horiek zigortzeko. Bada, une historiko honetan ezin zaio isilik begiratu elkarlan eta borroka hori nazio bakoitzaren interesengatik eragozten saiatzen den jende bakanari. Ezin diegu ezikusia egin nazioen bihotzen batasuna pitzatzea beste desiorik ez duen arima gaixoti baten ateraldi nazkagarriei. Dagoeneko zenbait aukera izan dugu gure aldizkarian ohartarazteko gure erakunde militarrak beharturik daudela errejimendu txekiarren gizabanako hauekin zorrotz jokatzera. Jende horrek, tradizio militar loriatsuari muzin eginik, nazio txekiar guztiaren kontrako haserrea hedatzen du, ankerkeria zentzugabez, gure hiri hungariarretan. Nazio txekiarra, oro har, ez da ezeren erruduna, eta beti jarri da Inperio honen interesen alde, buruzagi txekiar bikain asko lekuko: haietarik, Radecky mariskalaren eta monarkia austro-hungariarraren beste defendatzaile batzuen figura ospetsuak ditugu gogoan. Aipu oneko figura hauek ez bezala, badira jendaila txekiar ustelaren lotsagaldu batzuk, armadan boluntario izena eman eta monarkiaren nazioen batasunean nahas-mahasa sortzeko gerra baliatu dutenak, inoiz ere beren instinturik baxuenak ahazteke. Behin ohartarazi genuen ... garren errejimenduak Debretsinen erakutsitako ankerkeria. Haren lardaska Pest-eko Parlamentuak eztabaidatu eta epaitu zuen. Geroago, haren bandera, frontean, —Zentsuratua— Nork darama bere kontzientzian bekatu gaizto hori? —Zentsuratua— Nork bultzatu ditu soldadu txekiarrak...? —Zentsuratua— Kiralyhidak, Litava ibaiaren ondoko gotorleku hungariar honek erakusten du hobekien zertara ausartzen diren kanpotarrak gure aberri hungariarrean. Zein nazionalitatetakoak ziren Gyula Kakonyi jaun dendaria eraso eta torturatu zuten soldaduak, Bruck an der Leithako kanpamendu militar hurbilekoak? Dudarik gabe, agintarien eginbeharra da hilketa hau ikertzea eta afera honetaz arduratutako Agintaritza Militarrari galdetzea nolako zerikusia daukan Lukasch tenienteak Erresuma Hungariarreko semeen kontrako eraso paregabe honekin. Tenientearen izena hirian barrena aipatzen da, azken egunotako gertaerekin lotuta, gure bertoko berriemaileak aditzera eman digunez. Honek material ugari bildu ditu, gaurko garai larrian mendekua eskatzen duen aferaren gainean. «Pester Lloyd»-eko irakurleak ziurrenik interesaturik jarraikiko zaizkio ikerketaren bilakaerari, eta, horregatik, egon bitez seguru laster jarriko ditugula gertaera garrantzitsu honetaz jakitun. Hala ere, albiste ofizialen zain gaude herritar hungariarren kontrako hilketa honen gainean. Nabari da Pest-eko Parlamentua honetaz arduratuko dela, azkenean zerbait erakuts dadin argi eta garbi: fronterako bidean Erresuma Hungariarra zeharkatzen duten soldadu txekiarrek ezin ditzaketela Done Ezteberen koroaren lurraldeak har errentan edukiko balituzte bezala. Baldin eta gero, monarkia honen nazio guztien anaitasuna Kiralyhidan hain ongi erakutsi duten nazio horren seme batzuek gaur ere ulertzen ez badute egoera, isilik geldi daitezela, zeren jende horri gerrako balek, urkamendiak, kartzelak eta baionetak irakatsiko baitiote entzuten eta gure aberri komunaren interes gorenen menpe jartzen.
— Nork sinatzen du artikulua, teniente jauna?
— Bela Barabas erredaktore eta diputatuak, koronel jauna.
— Basapiztia ezaguna da, teniente jauna; baina artikulua, «Pester Lloyd»-en baino lehenago, «Pest Hirlap»-en argitaratu dute. Orain irakur iezadazu «Sopronyi Napló» Xoprongo aldizkariaren artikuluaren itzulpen ofiziala.
Lukax tenienteak ozen irakurri zuen artikulua, erredaktorearen borondatez esamolde-nahasketa baten traza hartzen zitzaiona: «adimen estatalaren adibidea», «ordena estatala», «giza gaiztakeria», «giza duintasun eta sentimendu zapaldua», «ekintza kanibalak», «gizarte sarraskitua», «mameluko banda», «frisoen atzean ezagutuko dituzue». Horrelakoa zen artikulu osoa. Hungariarrak beren lurrean elementurik jazarrienak balira bezala. Soldadu txekiarrak iritsi, erredaktorea lurrera bota, botekin sabela zanpatu, eta honek oinazearen oinazez garrasi egingo balu bezala, norbait takigrafiaz idazten ari zen bitartean.
— Larritzekoa da zenbait gauza txit garrantzitsuz —negar egiten du «Sopronyi Napló», Xoprongo egunkariak— isildu eta ezer idatz ez dadila. Gutako bakoitzak badaki zer den soldadu txekiar bat bai Hungarian, bai frontean. Guk guztiok badakigu nolakoak egiten dituzten txekiarrek, zer gertatzen ari den praktikan, nola dagoen kontua Txekian, eta nor den erruduna. Erakunde ofizialak, jakina, beste arazo garrantzitsu batzuez arduratzen dira, baina ahal beste egin behar dute, egunotan Kiralyhidan gertatutakoak berriz ere gerta ez daitezen. Gure atzoko artikuluan hamabost esaldi zentsuratu ziren. Beraz, gaur ez zaigu beste erremediorik gelditzen honako hau iragartzea baino: arrazoi teknikoengatik, gaur ere ez daukagula zertan jardun zehatz-mehatz Kiralihydako gertaerez. Guk bidalitako kazetariak bertan egiaztatu zuen erakunde ofizialek benetako arreta jarri dutela aferan, eta goiak eta beheak ari direla nahasten ikerketan. Harrigarria gertatzen zaigun bakarra zera da, triskantzan parte hartutako batzuk oraingoz aske daudela. Nortaz eta jaun batez ari gara: entzundakoaren arabera, ez du gaur arte kanpamendu militarrean zigorrik jaso, eta bere errejimenduko bereizgarriak daramatza oraindik ere, bere izena herenegun argitaratu bazen ere «Pester Lloyd»- en eta «Pest Napló»-n: Lükax txekiar chauvinista ezaguna da. Haren ankerkeriaz interpelazio bat aurkeztu du Kiralyhidako eskualdea ordezkatzen duen Geza Savanyú gure diputatuak.
— Modu maitagarri berdintsuz idazten dute zuri buruz, teniente jauna —esan zuen Schrödner koronelak—, Kiralyhidako astekariak eta Presburgeko aldizkariak ere. Baina ez zaizkizu interesatuko, askazi berekoak direlako. Politikoki justifika daiteke, ze gu austriarrak, alemaniarrak zein txekiarrak izanda ere, hungariarren kontra... Ulertzen didazu, teniente jauna. Horretan badago joera jakin bat. Agian «Komarnoko arratsaldekaria» izenekoaren artikulu bat interesatuko zaizu: bertan aipatzen da Kakonyi andrea bortxatzen saiatu zinela, non eta jangelan, bazkaritan, senarraren aurrean, eta honi, sableaz mehatxatuz, emaztearen ahoa estalarazi zeniola eskuoihal batez, oihu egin ez zezan. Horixe da zuri buruzko azken albistea, teniente jauna.
Koronelak irri egin eta jarraitu zuen:
— Erakunde ofizialek ez dute beren eginbeharra bete. Hemengo kazeten aldez aurretiko zentsura hungariarren esku dago. Nahi dutena egiten dute gurekin. Gure ofizialak ez daude erredaktore hungariar zibil urde horien irainetatik salbu, eta ezinbestekoa izan da gure ekintza zorrotz bat, alegia, gure dibisioko epaitegiaren telegrama bat, Pest-eko Gobernuak urrats batzuk egin ditzan erredaktore aipatu guztiak atxilotzeko. «Komarnoko arratsaldekaria»-ren erredaktoreak sentituko du gehien: horrek ez du bere arratsaldekaria hil arte ahaztuko. Zure nagusia naizen aldetik, dibisioko epaitegiak zuri galdekatzeko ardura eman dit, eta aldi berean ikerketari buruzko idazki guztiak bidali dizkit. Dena ondo irtengo zen zure Xveik zoritxarrekoagatik izan ez balitz. Voditxka delako zulatzaile batekin dago. Voditxka horri, borrokaren ostean kuartelera eraman zutenean, zure gutuna aurkitu zioten. Itaunketan Xveikek esan zuen idazkia ez zela zeurea, berak idatzi zuela, eta edukia deskribatzea eta idazkera-froga egitea proposatu ziotenean, jan egin zuen zure idazkia. Gero, errejimenduko bulegotik dibisioko epaitegira bidali zituzten zure txostenak Xveiken idazkerarekin konparatzeko, eta hemen dituzu emaitzak.
Koronelak idazki guztiak gainetik irakurri eta pasarte hau erakutsi zion Lukax tenienteari: «Xveik auzipetuak esaldi diktatuak idazteari uko egin dio, gauez idazten ahaztu zitzaiola eta».
— Nik, teniente jauna, ez diot garrantzirik ematen zure Xveik horrek edo zulatzaile horrek dibisioko epaitegian esandakoari. Xveikek eta zulatzaileak esaten dute txantxa txiki bat izan dela, ez dela ulertua izan, zibilek eraso zietela, eta ohore militarra salbatzearren defendatu zituztela beren buruak. Ikerketan frogatu da zure Xveik hori birigarro ederra dela. Esaterako, zergatik ez ote zuen aitortzen galdetu ziotenean, hauxe erantzun zuen, protokoloak dioenez: «nire egoera berean egon zen behin, Ama Birjinaren koadro batzuk zirela eta, Panuxka pintore akademikoaren otseina ere. Honek ere, koadro faltsutu batzuk zirela-kausa, erantzun bakarra eman zezakeen: Odola bota behar al dut oka eginez?». Neuk hartu dut, jakina, errejimenduko Agintaritzaren izenean, hemengo egunkarien artikulu ergelen zuzenketa egunkari guztietara helarazteko ardura. Gaur bidaliko da, eta espero dut behar beste egin dudala Hungariako kazetari zibil basapiztia horien jokaera lotsagalduagatik gertatutakoa konpontzeko.
Uste dut ondo erredaktatu dudala:
Dibisioko N zenbakiko epaitegiak eta N zenbakiko errejimenduko Agintaritzak honako hau jakinarazten dute: N zenbakiko errejimenduko troparen ustezko iskanbilez bertoko aldizkari batean argitaratutako artikulua ez dela batere egian oinarritzen, lehenengo lerrotik azkenera asmakizun hutsa dela eta aldizkari honen kontra hasitako ikerketak zigor zorrotza ekarriko duela errudunentzat.
Dibisioko epaitegia, gure errejimenduko Agintaritzarentzako txostenean, ondoko iritzira heltzen da, alegia, guztiaren funtsa, Cislajtanietik Translajtaniera iristen ari ziren unitate militarren kontrako difamazio sistematikoa dela. Konpara ezazu frontera joandako soldaduetatik zenbat ziren gutarrak eta zenbat hungariarrak. Esango dizut soldadu txekiar bat neuretzat maitagarriagoa dela halako aldra hungariarra baino. Hungariarrek, Belgrad aldean, gure bigarren batailoiari sua hautsi ziotenekoa gogoratzen dut askotan: batailoiak ez zekien hungariarrak zirela sua hautsitakoak, eta eskuineko hegalekoei hasi zitzaien tiroka, eta hauek ere, oker, sua hautsi zioten aldameneko errejimendu bosniarrari! Hura zen hura egoera! Ni Brigada Agintaritzan nengoen, bazkaritan. Bezperan urdaiazpiko egosiarekin eta kontserba zoparekin konformatu behar izan genuen, baina egun hartan oilo zopa gozoa eman ziguten, xerra arrozarekin, eta ur-azukretan bustitako opilak. Aurreko arratsean ardo-saltzaile serbiar bat urkatua genuen hiritxoan, eta gure sukaldariek hogeita hamar urteko ardo zaharra aurkitu zuten haren etxeko sotoan. Imajina dezakezu nola irrikatu genuen guztiok bazkaria. Zopa janda, oiloarekin hasterakoan, bat-batean tiroak entzun ziren, eta gure artilleria, susmatu ere egin gabe gure tropak elkarri tiroka ari zirela, gure lerroetarantz sua hausten hasi zen, eta granada bat gure Brigada Agintaritzaren ondo-ondoan erori zen. Serbiarrak agian pentsatuko zutenez matxinada bat sortua zela gure artean, bada, alde guztietatik tiroka hasi ziren gure kontra, eta ibaitik gaindi guganantz hurreratzen. Brigadako jeneralari telefonoz hots egin zioten, eta dibisioko jeneralak txakurrarenak bota zizkion, ze arraio ari zen gertatzen Brigada Sailean, armadaren Agintaritzatik agindu bat jaso berria zuela posizio serbiarrei erasotzeko, gaueko ordu biak eta hogeita hamahiruan, ezkerreko hegalean. Gu erreserba ginela, eta berehala eten behar zela sua. Baina halako egoeran «Feuer einstellen» Su etena nahi izan? Baita zera ere! Brigadako telefonoguneak iragarri zuen ezin zela inorekin komunikatu, 75. errejimenduko Agintaritzak ez bestek erantzuten zuela, aldameneko dibisiotik «ausharren» Eutsi! agindua jaso berria zutela, ezin zela ados jarri gure dibisioarekin, serbiarrek 212., 226., eta 327. kotak bereganatuak zituztela, eta batailoi bat bidal zedila eskatzen zuen, gure dibisioarekiko lotura telefoniko gisa. Dibisioarekiko linea jaurti genuen, baina lotura etenik zegoen, ze serbiarrak bi hegaletatik ailegatu ziren gure atzeguardiara, eta gure erdigunea triangelu bat osatuz erdibitu zuten, triangeluan den-dena geldituz: errejimenduak, artilleria, trena, kamioi-zutabea, biltegia, eta landa-ospitalea. Bi egun eman nituen zaldi gainean, eta dibisioko jenerala preso hartu zuten, gure brigada jeneralarekin batera. Eta hau guztia hungariarrek eragin zuten, gure bigarren batailoiari tiroka hasiz. Jakina da gure errejimenduari egotzi ziotela errua.
Koronelak tu egin zuen:
— Zuk zeuk egiaztatu ahal izan duzu, teniente jauna, zein ederki erabili dituzten zure abenturak Kiralyhida-n.
Lukax tenienteak, nahasirik, eztul egin zuen:
— Esadazu, teniente jauna —zuhurtziaz zuzendu zitzaion koronela—, eskua bihotzean jarrita: zenbatetan oheratu zara Kakonyi andrearekin?
Schröder koronela oso umore onean zegoen gaur.
— Ez esan, teniente jauna, elkarrekin postatrukez baino ez zinetela ari. Ni, zure adina nuenean, Jager hirian egon nintzen hiru aste, geometria ikastaro batean. Eta ikusi beharko zenuen: hiru aste horietan emakume hungariarrekin lo egin besterik ez nuen egin. Egunero beste batekin. Gazteak, ezkongabeak, zaharrak, ezkonduak, egokitzen zitzaizkidanak. Eta hainbesteko arta erakutsi nuen, ze errejimendura itzultzean ia ezin nintzen zutik egon. Abokatu baten andreak suntsitu ninduen gehien. Berak erakutsi zidan zertarako kapaz diren emakume hungariarrak. Sudurrean kosk egin, eta gau osoan ez zidan begia batzen utzi. Harekin postatrukez hasi... —koronelak txapaka egin zion tenienteari besaburuan—, ezagutzen dugu hori. Ez esan ezer, badaukat-eta neure iritzia kontuaz. Harekin nahasi zinen, senarra konturatu, zure Xveik ergel hori... Baina, badakizu, teniente jauna?, zure Xveik hori xelebrea da gero. Zure gutunarekin egin zuena... Halako jendea penagarria da. Beti esaten dut heziketa kontua dela. Nik oso gustukoa dut morroi horrek egindakoa. Dudarik gabe, bertan behera utzi behar da ikerketa. Egunkariek, teniente jauna, zure izen ona zikindu dute. Guztiz alferrikakoa da zu hemen egotea. Astean zehar batailoi bat bidaliko dugu Errusiako frontera. 11. konpainiako ofizialik zaharrena zarenez, harekin joango zara, kompainiekomandant gisa. Dena konponduta dago brigadan. Esaiozu sarjentu kontulariari beste sehi bat aurki diezazula Xveik horren ordez.
Lukax tenienteak eskerturik begiratu zion koronelari, eta honek honela jarraitu zuen:
— Aurrerantzean, Xveik zure mandataria izango da.
Koronela jaiki zen eta, teniente zurbilari eskua luzatuz, honela esan zuen:
— Honekin dena konponduta dago, beraz. Suerte handia opa dizut, ekialdeko frontean gailen zaitezen. Eta beste inoiz elkar ikusiz gero, etorri gure artera, eta ez guri itzuri gero, Budeiovitsen bezala...
Lukax tenienteak etxerako bide osoan barrena, bere artean errepikatu zuen:
— Kompaniekomandant, kompanieordonanc.
Eta haren aurrean Xveiken irudia agertu zen, argitasun osoz.
Lukax tenienteak beste sehi bat Xveiken ordez bilatzeko agindu zionean Vanek sarjentu kontulariari, honek honela esan zuen:
— Nik uste nuen, teniente jauna, pozik zeundela Xveik horrekin.
Eta entzundakoan koronelak 11. konpainiako mandatari izendatu zuela Xveik, oihu egin zuen:
— Jainkoak lagun diezagula.
Dibisioko epaitegian, burdin-barraz hornituriko barrakoian, goizeko zazpietan jaikitzen ziren, aginduen arabera, eta lurreko hautsaz betetako koltxoiak txukuntzen zituzten. Etzalekurik ez zegoen. Gela handi hartako holtz batean pilatzen ziren, aginduen arabera, lastairarako burusiak, eta lana bukatuta zeudenak hormaren ondoko eserlekuetan jesartzen ziren, eta orduan edo arkakusoak bilatzen zituzten (frontetik etorritakoek) edo hainbat pasadizoren kontaketan dibertitzen ziren.
Xveik eta Voditxka zulatzaile zaharra ate ondoko eserlekuan zeuden, hainbat errejimendu eta formaziotako zenbait soldadurekin batera.
— Begira iezaiozue, mutikook —bota zuen Voditxkak—, leiho ondoko morroi hungariar horri, onik ateratzeko errezatzen. Muturra hautsi behar al diogu?
— Baina zintzoa duk morroia —esan zuen Xveikek—. Soldadu sartu nahi ez zuelako zagok hemen. Gerraren kontra zagok, sekta batekoa duk, eta inor hil nahi ez duelako zagok preso. Jainkoaren aginduari eusten ziok, baina hemen larrutik ordaintzen duk Jainkoaren aginduarena. Gerra baino lehen Nemrava delako jaun bat bizi zuan Moravian, besaburuan fusila hartu ere egin nahi ez zuena, eta soldadu eraman zutenian, esan zian bere printzipioei aurka egiten ziela fusila eramatiak. Horrexegatik, oilo zuriak arrautza beltza egin artean kartzelaratu zitean, eta berriro zin eragin ziotean. Eta berak, ez zuela zinik egingo, bere printzipioei aurka egiten ziela, eta iraun egin zian.
— Gizon tentela zuan —esan zuen Voditxka zulatzaile zaharrak—: zin egin zezakean, eta gero zina hautsi eta dena pikutara bidali.
— Nik hiru aldiz egin dut zin —adierazi zuen infanteriako soldadu batek—, eta hiru aldiz izan naiz hemen desertatzeagatik, eta orain dela hamabost urte, eroaldi batian, neure izeba hil nuela ziurtatzen duen mediku-agiririk ez banu, hirugarren aldiz hilko ninduten akaso frontian. Baina nire izeba zenak beti laguntzen dit estutasunian, eta baliteke azkenian gerra honetatik onik ateratzia.
— Eta, lagun —galdetu zuen Xveikek—, zergatik hil huen heure izebatxoa?
— Jendiak elkar hiltzen duen arrazoiagatik —erantzun zuen gizon atseginak—. Argi eta argi zagok diruagatik hil nuela. Atsoak bost aurrezki-libreta zeuzkaan, eta juxtu mozkinak bidali zizkiotean harenera joan nintzenian, apurtuta eta zarpailduta, bisitan. Izebaz aparte ez neukaan beste inor munduan. Beraz, babesa eskatzera joan nintzaioan, eta berak, puta zaharra halakoa, bada, gaztia nintzela, sendoa eta osasuntsua. Hitz baten ondotik beste hitz bat eta, hainbat aldiz jo nioan burua bertzunarekin ze zati-zati eginda utzi nioan burua eta ez nekian hura izebatxoa zen ala ez. Orduan, neure artian esan nian, haren ondoan, lurrian eserita: «izebatxoa da, ala ez da izebatxoa?». Eta honela topatu ninditean biharamunian, haren ondoan eserita, auzokoek. Gero Slupyko eroetxian izan ninduan, eta gerra baino lehen Bohnitse auzoko zoroetxeko batzorde baten aurrian jarri nindutenian, sendatutzat hartu ninditean, eta berehala sartu behar izan nian soldadu, soldadutzari ihes egindako urte guztiak pasatzera.
Ingurutik soldadu argal luze bat igaro zen, itxura atsekabetua zuena, isatsa eskuan.
— Gure azken batailoiko maisu bat duk —aurkeztu zuen Xveiken ondoan eseritako basozainak—. Orain ekortzera zoak. Gizon zintzoa duk oso. Idatzi zuen poema bategatik zagok hemen. Hator, maisu —oihu egin zion erratza zeraman gizonari, eta berau, serio-serio, eserlekura gerturatu zen—. Errezita iezaguk poema hori.
Erratza zeraman soldadua, urruma eginik, hasi egin zen:
Dena zorriz beteta, fronte osoa hazkaka,
zorri handi bat igotzen zaigu arin.
Jeneral jauna ohean bueltaka,
denok arropaz aldatzen garelarik.
Zorria gustura ari da armadan,
ofizialetara ere da ohitu,
azkar estaltzen du zorri eme prusiarra
Austriako zorri ar zaharrak.
Maisu soldadu sufritua eserlekuan eseri zen eta hasperen egin zuen:
— Hori da dena, eta horrexegatik laugarrenez egin dit itaunketa auditore jaunak.
— Horrek ez du merezi, benetan —esan zuen Xveik zentzudunak—. Kontua izango da jakitia zer pentsatuko duten epaimahaikoek Austriako zorri ar zahar horretaz. Eskerrak estaldurarena ere aipatu zenuen: horrek zoratu arte nahasiko ditu. Zuk azal iezaiezu gauza bat dela zorri arra eta beste bat zorri emea, eta zorri emea zorri arrak ez bestek estal dezakeela. Bestela, ez zara estutasunetik irtengo. Seguru hori ez zenuela inor mintzeko idatzi. Hori argi eta garbi dago. Esaiozu auditore jaunari zeure bozkariorako idatzi zenuela, eta urdearen arrari «ordotza» esaten zaion bezala, zorri emearen arrari «zorri arra» esaten zaiola leku guztietan.
Maisuak hasperen egin zuen:
— Baina auditore jaun horrek ez daki ondo txekieraz. Nik ere antzeko moduan azaldu nion, baina berak esan zidan zorri emearen arrak «zorrarra» duela izena txekieraz. «Sorriarra, ez», esan zuen auditore jaunak, «sorrarra. Femininum, Sie gebildeter Kerl, ist ten sorrieme, also masculinum ist ta sorrarra. Wir kennen unsre Pappenheimer Femeninoa, sasi-zientzialari hori, «sorremea». Orduan maskulinoa «sorrarra» da. Guk ere pixka bat ulertzen dugu!.
— Labur eta ongi esanda —esan zuen Xveikek—, ez duzu lantegi erraza, baina ez duzu esperantza galdu behar. Hala esaten zuen Plzengo Janetxek ijitoak, hobera egin zitekeela alegia, 1879. urtean soka lepoan jarri ziotenian, lapurreta eta bi hilketarengatik. Eta asmatu egin zuen, ze azken momentuan urkamenditik eraman zuten, ezin zutelako urkatu enperadore jaunaren urtebetetzia izatiagatik. Orduan, biharamunian urkatu zuten, urtebetetzia pasata, eta morroiak suertia izan zuen, ze hiru egunen buruan barkamena eman zioten, eta berritu zen ikerketa, ze denak erakusten zuen beste Janetxek bat izan zela erruduna. Orduan zigor-hilerritik atera eta Plzengo hilerri katolikoan lurperatu zuten, baina gero ebanjelikoa zela konturatu, eta hilerri ebanjelikora aldatu zuten, eta gero...
— ... gero belarrondoko parea emango diat —esan zuen Voditxka zulatzaile zaharrak—. Zer ez dik morroi honek asmatuko. Dibisioko epaitegiarekin problemak eduki, eta mixerable horrek atzo, itaunketara eramaten gintuztenian, azaldu zidaan zer den Jerikoren arrosa.
— Baina ez zituan neure hitzak. Hori Panuxka pintorearen sehiak, Mateok, azaldu zioan atso zahar bati, honek galdetu zionian ze itxura zuen Jerikoren arrosak. Orduan Mateok kontatu zian: «Har ezazu behi-gorotz lehor bat, jarri platerean, ura bota, ederki berdetuko zaizu, eta horixe da Jerikoren arrosa» —defendatu zuen Xveikek bere burua—. Nik ez diat tontakeria hori asmatu, baina zer edo zertaz hitz egin behar itaunketarakoan. Nik, Voditxka, pixka bat poztu nahi hindudan, besterik ez...
— Hik ez duk inor ere pozten —tu egin zuen mespretxuz Voditxkak—. Nik kezkaz gainezka zaukat kaskoa sasiarte honetatik irteteko, morroi hungariar horiek kontuak zuritu ditzaten, eta honek behi gorotz batekin poztu nahi naik. Nola eman diezaieket morroi hungariar horiei beren betea, preso banago eta gainera itxurak egin eta auditoreari azaldu behar badiot ez diedala hungariarrei batere herrarik? Txakur-bizitza duk hau. Baina egun batian haietako bati atzaparra egotzi, eta txakur txiki bati bezala egingo zioat zintzur. Emango zieat, bai, «Isten áld meg a Magyart» Jainkoa, bedeinka ezazu hungariarra! (Hungariako ereserkia), larrutik ordainduko ditek, nitaz hitz egingo dik jendeak oraino.
— Ez gaitezen ezertaz kezka —esan zuen Xveikek—, dena argituko duk eta. Printzipalena duk beti epaimahaiaren aurrian egia ez esatia. Etsi eta aitortzen duena betiko galdua duk. Horrela ez duk ezer taxuzkorik lortzen. Behin Moravian lanian ari nintzela, antzeko kasu bat gertatu zuan: meatzari batek hautsak atera zizkioan ingeniari bati, bakarka, inork ez ikusteko moduan. Eta abokatu defendatzaileak jo eta fuego esaten zioan dena ukatzeko, ezin zitzaiola ezer gertatu, baina epaimahaiburuak aitortzia gomendatu zioan, aringarri bat izango zela eta, baina bera bere hartan zegoan, ezin zuela aitortu, eta askatu egin zitean, koartada bazeukaan eta. Egun bertsuan, Brnon...
— Jesus, Maria eta Jose —sumindu zen Voditxka—, ezin diat jasan. Ez diat ulertzen nola ari den hitz eta pitz. Atzoko itaunketan antzeko gizon bat zegoan gurekin. Auditoriak galdetzen zionian zer zen bizitza zibilian, honela esaten zian: «Kriz errementariaren ke-egilea naiz». Eta ordu erdi igaro zuan harik eta auditoreari esplikatu zion arte hauspoarekin lan egiten zuela Krizen errementerian, eta gero galdetu ziotenian «orduan zu langile laguntzailea zara bizitza zibilean, ezta?», berak erantzun ziean: «gaztagile?, bai zera!, hori Franta Hybex da!».
Korridorean pausoak eta guardiaren «Zuwachs» Beste bat! garrasia entzun ziren.
— Gehiago izango gaituk berriro —esan zuen poz batean Xveikek—, tabakorria ezkutatu ditek, antza.
Ireki zen atea, eta barrura sartu zuten, bultzaka, Budeiovitsen Xveikekin atxilotu eta konpainia baten sukaldera bidalitako urtebeteko boluntarioa.
— Ene Jesus bedeinkatua! —esan zuen sartzeaz batera, eta jarraian Xveikek denen izenean erantzun zuen:
— Orain, sekula eta betiko, amen.
Urtebeteko boluntarioak Xveiki alai begiratu, aldean ekarritako burusia lurrean ezarri, kolonia txekiarraren ondoko eserlekuan jesarri, azpantarrak askatu, eta eskuz bildutako zigarretak atera eta banatu egin zituen. Gero pospolo-kutxatilako lizpapertxoa eta burutxo erditik artistikoki ebakitako zenbait pospolo atera zituen.
Igurtzi, zigarreta arretaz piztu, guztiei sua eman, eta soraio esan zuen:
— Men ez egiteaz akusatzen naitek.
— Hori ez duk ezer —esan zuen Xveikek lasaitzeko—, irrigarria duk.
— Txiste bat, jakina —esan zuen urtebeteko boluntarioak—, honelaxe irabazi nahi badugu gerra, hainbat epaitegiren laguntzaz. Kosta ahala kosta epaitu nahi banaute, epai nazatela. Azken finean, epaiketa batek ez dik egoera aldatzen.
— Eta nolatan, bada, managaiztu hintzen? —galdetu zuen Voditxka zulatzaile zaharrak, urtebeteko boluntarioari begikotasunez beha.
— Ez nituenez Kuartel Nagusiko komunak garbitu nahi —erantzun zuen urtebeteko boluntarioak—, bada, koronelarengana eraman ninditean. Urde ederra. Oihuka hasi zitzaidaan, regimentsraport-agatik nengoela preso; preso arrunt bat nintzela; guztiz harritzen zela nola eusten didan lurrak eta nola ez dion nire lotsagabekeriagatik jiratzeari uzten; harritzen zela, baita ere, nola egon daitekeen armadan ofizial izatera hel daitekeen boluntario bat, bere jokaerarekin buruzagien nazka eta mespretxua sor dezakeena. Erantzun nioan lurbiraren errotatzea ezin zuela ni bezalako boluntario baten agerpenak eten; natura legeak boluntarioen zigor-zutabeak baino indartsuagoak zirela, eta jakin nahi nuela nork behartu nintzakeen nik kakaztu gabeko komuna garbitzera, horretarako eskubidea baneukan ere errejimenduko sukalde higuingarri hartan egon ondoren, aza ustel eta pixez gainezkako ahari-haragiz inguratuta. Gero koronelari esan nioan, gainera, lurrak zergatik eusten zidan galdera hori bitxi samarra zela, nire erruagatik ez zuan-eta lurrikararik sortuko. Nire berbaldi guztiaren ostean, hortzak karraskatu zitzaizkioan koronel jaunari, erremolatxa izoztuak mingaina hozten dion behor bati legez, eta gero deiadar egin zidaan: «Hortaz, komuna garbituko duzu, bai ala ez?». «Apal-apalik jakinarazten dizut ez dudala komun bat bera ere garbituko». «Garbitu egingo duzu, Sie Einjähriger Boluntario». «Apal-apalik jakinarazten dizut ezetz». «Kaxuen zotz, ez bat, baizik eta ehun komun garbituko dituzu!». «Apal-apalik jakinarazten dizut ez ditudala ez ehun ez bat garbituko!». Eta horrela etengabe: «Garbituko duzu?». «Ez dut garbituko». Komunak hara eta hona hegaka, Pavla Moudra idazlearen haur esaera bat balitz bezala. Koronela bulegotik korrika zebilean, eroturik bezala, harik eta eseri eta esan zuen arte: «Pentsa ezazu ondo, nik dibisioko epaitegira bidaliko zaitut men ez egiteagatik. Ez pentsa zeu izango zarenik gerra honetan fusilatua den estreinako boluntarioa. Serbian 10. konpainiako bi boluntario urkatu genituen, eta 9.eko bat arkume bat bezala fusilatu. Eta zergatik? Haien setagatik: bi urkatuek uko egin zioten Xabats ondoan gerrillari serbiar baten andrea eta semea sastatzeari, eta 9. konpainiako boluntarioa aurrera ez joatiagatik fusilatu zuten, hankak puztuta eta oin zapalak zeuzkala esaten bazuen ere, aitzakia moduan. Orduan komuna garbituko duzu, bai ala ez?». «Apal-apalik jakinarazten dizut ezetz». Koronelak, niri so, esan zidaan: «Aizu, eslaviarzalea ote zara?». «Apal-apalik jakinarazten dizut ezetz». Gero handik atera ninditean eta aditzera eman zidatean mendekotasuna ukatzeaz akusatzen nindutela.
— Hobe duk —esan zuen Xveikek— tontoarena egitea. Presondegi militarrian nengoenian, bazegoan han gurekin tipo azkar bat, hezia, Merkataritza Eskolako irakaslea zena. Frontetik desertatu eta kristoren epaiketa egin ziotean, eskarmentu gisa epaitu eta urkatzeko. Baina aise irten zuan korapilotik: herentziazko gaixotasuna zeukalako itxurak egiten hasi zuan, eta Goi Agintaritzako sendagileak aztertu zuenian, iragarri zian berak ez zuela desertatu, gaztetatik gogoko zuela bidaiatzia, betidanik desagertu eta urrutira joan nahi zuela. Egun batean Hanburgon itzarri zela, eta beste egun batean Londresen, eta ez zekiela nola heldu zen hara. Aita alkoholikoa zela, eta bere burua hil zuela hura jaio aurretik. Ama prostituta zela, mozkortia, eta eldarnio batek jota hil zela. Arreba gaztia ito egin zela, eta arreba zaharrak tren azpira bota zuela bere burua. Anaiak Vyxehradeko treneko zubitik egin zuela salto. Aitonak bere emaztia hil zuela eta, petroliotan blai, su eman ziola bere buruari. Beste amona ijitoekin zebilela arlote, eta kartzelan pospoloekin pozoitu zela. Lehengusu bat batzuetan epaitu zutela suteak egiteagatik eta kartzelan lepoko zainak ebaki zituela kristal puska batekin. Aitaren parteko lehengusinak seigarren solairutik bere burua bota zuela Vienan. Berari ez ziotela heziketa artatsurik eman eta hamar urte bete arte ez zuela hizketan ikasi, ze sei hilabeterekin mahaiari lotu eta kalera irten ziren batian, katuak lurrera bota zian eta erortzean buruan hartu kolpia. Noizbehinka buruko min handia izan ohi zuela, eta halakoetan ez zekiela zertan ari zen ere. Halako egoeran ere, hain zuzen, Praga aldera alde egin zuela frontetik, eta U Fleku tabernan polizia militarrak atxilotu zuenian bere onera etorri zela. Ikusi beharko zenuten zein gustura askatu zuten soldadutzatik, eta ziegan berarekin zeuden bost soldaduek, badaezpada ere, hau idatzi zitean papertxo batean:
Aita alkoholikoa. Ama prostituta.
I. arreba (itota)
II. arreba (trena)
Anaia (zubitik)
Aitonak emaztea Ý, petrolioa, su eman.
II. amona (ijitoak, pospoloak) Ý, etab.
Eta bat Goi Agintaritzako sendagileari berbaldi bera botatzen hasi zitzaionean, ez zuan lehengusuaren pasadizora ere heldu, eta sendagileak, hura hirugarren kasu berdina zenez, honela esan zioan: «Bai, mutiko, eta hire aitaren parteko lehengusinak seigarren solairutik bota zian bere burua Vienan. Hiri ez diate batere heziketa artatsurik eman, eta orduan presoentzako zentzategian zuzenduko haiz». Orduan zentzategira eraman eta eskuak bizkarretik lotu zizkiotean, eta berehala kendu zitzaizkioan burutik heziketa artagabea, aita alkoholikoa eta ama prostituta, eta frontera borondatez joateko izena eman zian gogotsu.
— Gaur —esan zuen urtebeteko boluntarioak— armadan inork ez dik sinesten herentziazko gaixotasunetan, ze gerta litekek goi buruzagi guztiak eroetxe batian giltzapetu beharra.
Burdinazko atean giltzak kirrinkatu eta kartzelaria sartu zen:
— Xveik infanteriako soldadua eta Voditxka zulatzailea, auditore jaunarengana.
Altxatu ziren, eta Voditxkak Xveiki esan zion:
— Ze zirtzilak, ikusten?: egunero itaunketa, eta emaitzarik ez. Arraio, nahiago nikek, biderik bidarte ibili beharrian, epaituko bagintuzte. Gu egun osoan hemen sartuta, eta hungariar horiek hortik, harat-honat paseoan...
Dibisioko epaitegiaren bulegora abiatu ziren (zeina beste aldeko beste barrakoi batean baitzegoen kokaturik), eta bidean Voditxkak eta Xveikek hausnar egin zuten noiz eramango zituzten behar bezalako epaitegi batera.
— Beti itaunketak eta itaunketak —sutu zen Voditxka—. Hortik etekinik aterako balitz sikiera. Paper pilo bat gastatzen ditek, eta epaiketa inoiz ez, auzipetua burdin-barren atzean usteltzeraino. Esan ezak benetan: jatekoa da zopa hau? Eta aza hau patata izoztuekin? Kaka zaharra, ez diat sekula ere ikusi honelako Mundu Gerra ergelik. Nik beste era batera imajinatzen nian.
— Ni, ordea, nahiko pozik nagok —esan zuen Xveikek—: orain dela urte asko, zerbitzu aktiboan nengoenian, Solpera sarjentuak esaten zian gerran denok egon behar dugula jakinaren gainean geure eginbeharraz, eta aldi berian muturreko bat ematen zian, ez ahazteko modukoa. Edo Kvajser kapitaina zenak, fusilak arakatzera etortzen zenian, beti erabiltzen zian lelo bera: «soldadu guztiek arima gogorra eduki behar dute, ze soldaduak ganadu besterik ez dira. Estatuak elikatzen ditu, jatekoa, kafea eta piparako tabakorria ematen dizkie, eta ordainetan buruaz gainetik lan egin behar dute».
Voditxka zulatzaileak hausnartu eta, handik une batera, esan zuen:
— Xveik, auditorearenian hagoenian, ez hadi okertu, eta errepika ezak lehen eguneko itaunketan esandakoa, sasi-artean sar ez nadin. Funtsezkoa duk esatia hungariar horiek ikusi hituela niri erasotzen. Izan ere, dena ados jarrita egin genian.
— Ez beldurrik izan, Voditxka —lasaitu zuen Xveikek—, lasai, amorraziorik ez, zer da, bada, dibisioko epaitegi baten aurrian egotia? Ikusi beharko huen zein azkar ateratzen zen orain dela urte batzuk epaitegi militarretik. Heral izeneko maisu bat zegoan, gurekin zerbitzu aktiboan zegoena, eta behin etzalekuan esplikatu ziguan, ziegako guztiok zigortu gintuztenian, Pragako museoan bazela Maria Teresa erreginaren garaiko epaitegi militar baten akta-liburua. Errejimendu bakoitzak bazian bere borreroa, bere errejimenduko soldaduak exekutatzen zituena, zilarrezko txanpon bat kobratuz bakoitzeko. Eta, akten arabera, bazituan egunak borrero horrek bost zilarrezko txanpon ere kobratutakoak. Ulertzekoa duk —gaineratu zuen Xveikek serio-serio—, garai hartan errejimenduak indartsuak zituan, herriko jendeaz osatuak.
— Serbian izan nintzenian —esan zuen Voditxkak—, baserritarrak urkatzeko prest zeudenei zigarretak ematen zitzaizkiean. Gizonezko bat urkatzen zuen soldaduak «Kirol» markako hamar zigarreta jasotzen zitian: emakumezko edo haur bat urkatuz gero, bost. Gero intendentzia aurrezten hasi zen, eta multzoka fusilatzen zituan. Nirekin bazegoan ijito bat, eta luzaro ez genian haren berri jakin. Deigarria gertatzen zitzaigun bakarra zera zuan, gauero deitzen ziotela bulegora joateko. Drina ibaiaren ondoan geundean. Eta gau batian, hura kanpoan eta, norbaiti bururatu zitzaioan haren gauzak miatzia, eta putakumiak ehuna zigarretako hiru kutxatila zeuzkaan zorroan. Gero goizean itzuli zuan barrakoira, eta guk epaiketa laburra egin genioan. Lurrera bota, eta Beloun delako batek gerrikoaz ito zian. Putakume hark katu zaharrak baino bizi luzeagoa zian.
Voditxka zulatzaile zaharrak tu egin zuen:
— Ezin irato eta ezin irato, praketan kaka eginda zegoan, zur eta lur begira, eta bizirik zirauan zintzurra gaizki moztutako oilar baten modura. Orduan katu bati bezala tiraka hasi zitzaizkioan: burutik bi, hanketatik bi, eta garondoa bihurritu ziotean. Gero, haren zorroa zigarreta eta guzti atxikita, Drinara bota genian. Nork erreko zituen, bada, halako zigarretak? Goizean haren bila ibili zituan.
— Desertatu zuela iragarri beharko zenuten —adierazi zuen Xveik zentzudunak—, horrexetarako prestatua zela, eta egunero esaten zuela galduko zela.
— Baina nork pentsatuko luke holakorik? —erantzun zuen Voditxkak—, guk geuria egin genian, eta gainontzeko gauzez ez gintuan arduratu. Han oso erraza zuan kontua. Egunero bat edo beste desagertzen zuan, eta Drinatik atera ere ez zitean egiten. Gerrillari serbiar puztu batek igeri egiten zian han, gure erreserbista urratu batekin batera, Drinatik barrena Danubiorantz. Eskarmenturik gabeko batzuek, hau estreinako aldiz ikusi zutenian, sukar txiki bat harrapatu zitean.
— Kinina eman beharko zitzaiean —esan zuen Xveikek—.
Une hartan, dibisioko epaitegiaren bulegoak kokatutako barrakoira sartzen ari ziren, eta patruilak berehala eraman zituen 8 zenbakiko bulegora, non, mahai luze baten atzean, agiri pilo baten artean, Ruller auditorea baitzegoen eserita. Lege-liburu bat zeukan aurrean, eta liburuaren gainean te edalontzi bukatu gabe bat. Mahaiaren eskuineko aldean, sasimarfilezko gurutzefika bat zegoen, Kristo hautseztatu batekin. Kristok etsita begiratzen zion bere gurutzearen oinarriari, zeinaren gainean errautsa eta zigarrokinak baitzeuden.
Ruller auditorea zertan ari eta zigarreta berri baten errautsa ari zen gurutzefikaren oinarrian astintzen —atsekabe berri bat Jainko gurutzefikatuarentzat—, eta beste eskuaz, lege-liburuari atxikitako te edalontzia jaso zuen.
Edalontzia lege-liburuaren besarkadatik askatzen zuen bitartean, ofizialen kasinotik mailegatutako liburu bat gainetik irakurtzeari ekin zion. Fr. S. Krauseren liburu bat zen, «Forschungen zur Entwicklungsgeschichte der geschechtlichen Moral» Sexuen arteko moralaren bilakaeraren historiaz egindako ikerketak zeritzona.
Ez zien sartu berriei batere erreparatu, zeren marrazki tolesgabe batzuen erreprodukzioei adi-adi begira baitzegoen. Gizonezko eta emakumezkoen ugaltze-aparatuak ziren. Marrazkiok, bertso batzuk atxikirik, Fr. S. Krause zientzialariak aurkitu zituen Berlingo Mendebaldeko tren-geltokiko komunetan.
Ez zien erreprodukzioei begirik kendu harik eta Voditxkak eztul egin zuen arte.
— Was geht los? Zer gertatzen da? —galdetu zuen, orriak pasatuz eta marrazki eta zirriborro tolesgabeen jarraipena bilatuz.

— Apal-apalik jakinarazten dizut, auditore jauna —erantzun zuen Xveikek— Voditxka kamaradak marranta harrapatu duela eta orain eztulka ari dela.
Lehenengo aldia zen Ruller auditoreak Xveiki eta Voditxkari begiratzen ziena.
Bere aurpegiari adierazpen zorrotza ematen saiatu zen.
— Azkenik zaudete hemen, mutikook —esan zuen, mahai gaineko agiri pila iraultzeaz batera—. Bederatzietarako deitu zaituztet, eta ia-ia hamaikak dira.
— Hori al da zutik egoteko modua, astakirten hori? —galdetu zion Voditxkari, zeinak atsedenezko jarrera hartua baitzuen—. «Ilara desegin» esaten diadanean, nahi duana egin dezakek hankekin.
— Apal-apalik jakinarazten dizut, auditore jauna —bota zuen Xveikek—, erreuma daukala.
— Lotu itzak ezpainak —esan zuen Ruller auditoreak—. Ez duk nik galdetu arte erantzungo. Nirekin hiru aldiz izan haiz itaunketan, eta ia ez duk txintik ere atera. Aurkituko diat agiri hori, bai ala ez? Lana eman didazue gero, purtzilak halakoak. Baina ez duzue atarramentu onik aterako epaitegia alferrik nekaraziz. Begira ezazue beraz, zitalok —esan zuen, agiri pilatik idazki mardul bat atera zuenean, «Schwejk & Woditschka» izenburua zuena—. Ez pentsa dibisioko epaitegitik gora eta behera ibiliko zaretenik borroka tentel bat dela-kausa, eta bolada batez frontera joatetik libratuko zaretela. Zuen erruagatik armadaren epaitegira deitu behar izan dut, astakaikuak.
Hasperen egin zuen.
— Ez jarri halako aurpegi seriorik, Xveik, frontean kenduko zaik soldadu hungariarrekin borrokatzeko gogoa —jarraitu zuen—. Zuei buruzko ikerketa eten egingo da, eta zuetako bakoitza bere unitatera joango da. Han nork bere zigorra jaso, eta gero frontera, batailoiarekin. Berriz ere nire eskutan erortzen bazarete, ergelak, txikitu egingo zaituztet. Hemen daukazue askapen-papera, eta zintzo ibili. Eraman itzazue 2 zenbakiko bulegora.
— Apal-apalik jakinarazten dizut, auditore jauna —esan zuen Xveikek— aintzat hartuko ditugula zure esanak, eta benetan eskertzen dizugula zure ontasuna. Bizitza zibilean bageunde, urrezko bihotza daukazula esatera ausartuko nintzateke. Aldi berian, guk biok barkamena eskatu behar dizugu alferrikaldu dizugun denboragatik. Benetan, guk ez dugu horrenbeste merezi.
— Joan zaitezte antzarak ferratzera! —oihuka hasi zitzaion auditorea Xveiki—. Koronel jauna zuen bitarteko izan ez balitz, ez dakit non bukatuko zenuten.
Voditxka ez zen berriz ere Voditxka zahar sentitu korridorera iritsi arte, patruilarekin 2 zenbakiko bulegora zihoazenean.
Zeramatzan soldadua beldur zen ez ote zen bazkaritara berandu iritsiko, eta horregatik adierazi zuen:
— Azkar, mutilok, tximista bezain azkar.
Halatan, Voditxkak iragarri zuen mingaina behekoz goiti itzultzeko, eta zorionekoa zela txekiarra izateagatik: hungariarra izanez gero, txiki-txiki egingo zuela.
Bulegoko eskribau militarrak arrantxo bila joanak zirenez, zeramatzan soldaduak berriro eraman behar izan zituen bueltan epaitegiko ziegara: bere aldetik ez zen, harakoan, madarikazio faltarik izan eskribau militar gorrotatuen arrazaren kontra.
— Zopako haragi guztia eramango dute berriz ere —kexatu zen tragikoki—, eta haragiaren ordez bilgorra utziko didate. Atzo ere bi eskoltatu nituen kanpamendura, eta bitartean norbaitek ogi baten erdia jan zidan.
— Zuek, dibisioko epaitegikook, ez duzue janarian baino pentsatzen —esan zuen Voditxkak, zeharo bizkorturik.
Urtebeteko boluntarioari nola atera zen kontua aditzera eman ziotenean, honek deiadar egin zuen:
— Orduan batailoia, lagunok! Turista txekiarren aldizkarian esaten den bezala, «Haize ona!» Bidaia prestatzeko lanak gertu daude: administrazio militar loriatsuak den-dena konpondu du. Eta zuek aukeratuak izan zarete Galitziarako txangoan parte hartzeko. Lotu bideari gogoa alai eta bihotza arin eta pozik. Erakutsi maitasun handia lubakiak dauden eskualdearekiko. Ederra da, eta batez ere interesgarria. Etxean bezala, jaioterrian bezala, ia supazter txokoan bezala sentituko zarete atzerri urrunean. Sentimendu gorenekin sartuko zarete, bai, Humboldt zaharrak hitzokin aipatu zuen eskualdera: «Mundu osoan ez dut Galitzia ergel hori baino ederragorik ikusi». Gure armada loriatsuak lehendabiziko bidaian Galitziatik erretiratzean bizi izandako esperientzia ugari eta bakanak, seguru asko, eredu gertatuko dira bigarren bidaiaren programa osatzerakoan. Zoazte zuzen Errusia aldera, eta pozaren pozez dispara itzazue airera kartutxo guztiak.
Xveik eta Voditxka bazkalondoan bulegotik irten aurretik, zorrien poema osatu zuen zoritxarreko maisua lotu zitzaien: ezkutuan, biak bazter batera eramanez, honela esan zien:
— Errusia aldean zaudetenean, ez ahaztu errusiarrei berehala esatea: «Zdrávstvuitte, ruskie brattia, my brattia txeji, my ñet avstriitsi» Agur t'erdi zuei, anaia errusiarrok, gu anaia txekiarrak gara, ez gara errusiarrak (errusieraz).
Barrakoitik irteten ari zirela, halako batean Voditxkak, hungariarrenganako ezinikusia eta kartzelak menperatu ez zuelako konbentzimendua nabarmen adierazi nahian, oina zapaldu zion soldadu egon nahi ez zuen hungariarrari, hau oihukatzearekin batera:
— Jantzi zapatak, inozo horrek!
— Zerbait esan beharko zidaan —desplazerrez iragarri zion geroxeago Voditxka zulatzaileak Xveiki—, nik muturra hausteko moduko zertxobait. Eta morroi tentel horrek, ordea, isilik, amore eman zioan nik oina zapaltzeari. Arraio, Xveik, ze amorratuta nagoen epaitu ez nautelako! Izan ere, ematen dik adarra jotzen ari zaizkigula, hungariar horrekikoa huskeria bat izan dela. Eta, hala ere, ausart borrokatu gintuan. Hire erruagatik kondenatu ez eta barkatu gintiztean, behar den moduan borrokatzen ez bageneki bezala. Zer uste ote dute gutaz? Izan ere, liskar ederra izan duk gero.
— Lagun maitea —esan zuen Xveik onberak—, nik ez diat ondo ulertzen nola ez hauen pozten dibisioko epaitegiak gu, ofizialki, ezer leporatu ezin zaion jende zintzotzat jotzeak. Egia duk itaunketan denetariko aitzakiak erabili nituela, hori egin egin behar duk, derrigorrezkoa duk gezurra esatia, Bass abokatuak bere bezeroei esaten dien bezala. Auditore jaunak galdetu zidanian zergatik sartu ginen Kakonyi jaun horren etxebizitzan, nik, besterik gabe, esan nioan: «Nik uste nuen bisita eginez gero hobeto egingo genuela ezaupidea Kanonyi jaunarekin». Gero auditore jaunak ez zidaan besterik galdetu, aski zian eta. Eta gogora ezak —jarraitu zuen Xveikek hausnarka— epaimahai militar baten aurrian ez dela ezer aitortu behar. Presondegian nengoela, aurreko ziegan bazegoan soldadu bat aitortu zuena, eta bestiak enteratu zirenian, azala zurratu eta bere aitorpena ukatzeko agindu ziotean.
— Ezer laidogarririk egin banu, ez nian aitortuko —esan zuen Voditxka zulatzaileak—, baina auditore horrek zuzen-zuzen «borrokatu zinen?» galdetu zidanian, nik esan nian: «Bai horixe». «Inor xehatu zenuen?». «Noski, auditore jauna». «Inor zauritu zenuen?» «Jakina, auditore jauna». Norekin ari zen jakin zezan. Eta askatu gaituztelakoa duk nire lotsaren gakoa. Ematen dik ez zuela sinetsi nahi hungariar horiek hedeaz jo nituela, zati-zati egin nituela. Hik heuk ikusi huen nola momentu batian hiru hungariar neuzkan gainian, eta nola jarraian denak lurrera bota eta zanpatu nituen. Eta horrez geroztik auditore mukizu horrek ikerketa eteten dik. Bazirudik esan nahi didala: «borroka asko egingo duzu, bai, hemendik aurrera». Gerra ostean, bizitza zibilera bueltatuta, non edo han topatu eta erakutsiko zioat borrokatzen ote dakidan. Gero hona etorri, Kiralyhidara, eta munduak ikusi gabeko matraka sortuko diat: jendea, Kiralyhidako zital horiek, putakume horiek ikustera etorri naizela enteratzen denian, sotoetan ezkutatuko duk.
Bulegoan dena oso azkar konpondu zen. Bazkaritik artean muturra koipeztatua zeukan baserritar batek, Xveik eta Voditxkari paperak aurpegi txit serioaz luzatzearekin batera, ez zuen aukera galdu biekin hitz aspertu bat egin eta izpiritu militarra hizpidera ekartzeko. Moraviako poloniarra zenez, bere mintzairaren esaera eder ezberdinak tartekatzen zituen: marekvium, glupi rolmopsie, kraitsová sedmina, sviña porypaná, eta dum vám bañe na miesinutskovy vaxi gzichty.
Xveik eta Voditxka elkarri agurka ari zirenean (izan ere, nor bere unitatera eraman behar zituzten), honela esan zuen Xveikek:
— Gerra ostean etor hadi bisitan. Arratsero topatuko nauk, seietatik aurrera, Bojixtte auzoko Kaliza tabernan.
— Jakina joango naizela —erantzun zuen Voditxkak—. Dibertigarririk egongo da?
— Egunero zerbait gertatzen duk han —agindu zuen Xveikek—, eta giroa oso isila badago, zerbait prestatuko diagu.
Banandu ziren, eta elkarrengandik pauso askotara zeudenean, Voditxka zulatzaile zaharrak hots egin zion Xveiki:
— Presta ezak parrandaren bat ziur, ni noanerako.
Eta Xveikek oihuka arrapostu:
— Eta hi etor ziur, gerra hau bukatzen denian.
Gero elkarrengandik urrundu eta denbora dexente igarota entzun zen, beste barrakoi-ilararen izkinatik, Voditxkaren ahotsa:
— Xveik, Xveik, zein garagardo daukate Kalizan?
Eta oihartzun baten gisa, Xveiken erantzuna hedatu zen:
— «Velké Popovitseko antxumea» markakoa.
— Nik uste nian Smichovekoa zela —deiadar egin zuen urrutitik Voditxka zulatzaileak.
— Neskak ere bazauzkatek han —garrasi egin zuen Xveikek.
— Hortan beraz, gerra ostean, arratseko seietan —oihu egin zuen behetik Voditxkak.
— Hobe duk sei eta erdietan etortzia, balitekek-eta ni berandu heltzea —erantzun zuen Xveikek.
Gero, are urrutiagotik, Voditxkaren ahotsa entzun zen:
— Seietan ezin haiz ailegatu?
— Tira, seietan helduko nauk —entzun zuen Voditxkak adiskide urrunaren erantzuna.
Eta honela banandu ziren Xveik soldadu ona eta Voditxka zulatzaile zaharra. «Wenn die Leute auseinander gehen, da sagen sie Auf Wiedersehen» Jendeak, elkarrengandik banantzen denean, «ikusi arte» esaten du.

© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo