1. kapitulua

XVEIKEN EZBEHARRAK TRENEAN

 


 

        Hiru ziren Praga-Txeske Budeiovitse tren espresaren bigarren mailako konpartimentu batean: Lukax tenientea, sasoiko jaun burusoil bat haren aurrean eseririk, eta Xveik, korridorerako ate ondoan apal-apal zutik, Lukax tenientearen errieta uholde berria entzuteko prest. Lukax, zibil burusoilari erreparatzeke, bidaia osoan ari zen Xveiken kontra orroka, Jainkoaren abere zela eta antzekoak esanez.

        Kontua ez zen huskeria baizik: Xveikek zaintzen zituen maleten zenbatekoa, alegia.

        — Maleta bat lapurtu digute —aurpegiratu zion tenienteak Xveiki—. Halakorik ere, tentela halakoa!

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna —adierazi zuen Xveikek ahapeka— benetan lapurtu dutela. Geltokian ari dira beti, batetik bestera, halako lapur asko, eta haietako bati dudarik gabe gustatu zitzaion zure maleta, eta ni maletetatik urrundu nintzenian zerorri esateko ekipajia egoera onean zegoela, bada, gizon horrek dudarik gabe aprobetxatu zuen une hura. Gizonak abagune hartantxe lapurtu ahal izan zuen gure maleta hori. Lapurrak halako abaguneen zain egoten dira. Orain dela bi urte, Ipar-mendebaldeko Geltokian, andre bati haur-kotxea lapurtu zioten, bertan alabatxoa zegoela, ondo tapatuta. Eta lapurrak hain izan ziren zintzoak, ze haurtxoa nire kaleko komisariara eraman zuten, esanez pasabide batian aurkitu zutela, abandonatuta. Gero egunkariek ama bihozgabia balitz bezala aipatu zuten andre gaixo hura. Geltokietan —azpimarratu zuen Xveikek — lapurretak izan dira eta izango dira beti. Ezin da bestela izan.

        — Ni sinetsita nago, Xveik —hartu zuen hitza tenienteak—, egun batez etorriko zaizula zoritxarreko akabera. Oraindik ez dakit zozoarena egiten duzun ala zozotuta jaio zinen. Zer zegoen maletan, bada?

        — Ezer gutxi, teniente jauna —ihardetsi zuen Xveikek, tenientearen aurrean eseritako zibilaren burezur ilegabetik begiak apartatu gabe. Burusoilak ez zuen, antza, arazo guztiaz batere interesik erakusten eta «Neue freie Presse» irakurtzen ari zen—. Gelako ispilua eta atondotik hartutako burdinazko esekigailua baino ez zeuden maletan. Hortaz, ez dugu ezer galdu, ispilua eta esekigailua etxeko jabearenak ziren eta.

        Tenientearen keinu ikaragarria ikusirik, Xveikek jarraitu egin zuen, ahots maitagarriz:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, aurretiaz ez nekiela maleta lapurtuko zutenik, eta ispilu eta esekigailuari dagokienez, etxeko jabeari adierazi nion gerratik etxeratu orduko emango genizkiola atzera. Lur etsaietan badira hainbat ispilu eta esekigailu, eta hala izaki, ezin dugu ez etxeko jabeak ez guk, batere galerarik izan. Hiri bat konkistatu bezain laster...

        — Ixo, Xveik —ahots izugarriz hartu zuen hitza tenienteak—, egun batez epaimahai militarrera eramango zaitut eta. Gogoan erabil ezazu ea munduko morroirik inozoena zaren. Inork ez luke zuk asteotan adina tentelkeria egingo, mila urtez biziko balitz ere. Espero dut horretaz zu ere ohartu izana.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ohartua naizela. Nik badaukat, esaten den legez, gauzez ohartzeko dohain berezi bat, zerbait desatsegina gertatu eta jadanik berandu denerako. Nekazankako Nechleba delako batek bezain zoritxar handia daukat nik. «Txakur-emeen paradisua» izeneko tabernara joan ohi zen. Beti on egin nahi izaten zuen eta larunbatetik bizimodu berria eraman, eta biharamunian beti esaten zuen: «Bada, goizean ohartu nintzen, lagunok, ziegan nengoela». Eta hala gertatzen zitzaion beti: modu onean etxeratzeko asmoa hartu eta azkenean bala-bala zebilen han-hemenka ez dakit nongo hesi bat bota zuela edo zalgurdizainen bati zaldia uxatu ziola, edo pipa garbitu nahi izan zuela polizia baten kaskoaren oilar lumaz. Morroia etsita zegoen, eta zoritxar hori belaunaldi osoari jarraikitzeak sortzen zion atsekaberik handiena. Behin bere aitona bidaian joan zen...

        — Utz nazazu bakean, Xveik, zeure azalpenekin.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, hemen diodan guztia egia biribila dela. Bere aitona bidaian joan zen...

        — Xveik —amorratu zen tenientea—, berriz ere agintzen dizut ezer ere ez azaltzeko, ez dut ezer entzun nahi eta. Budeiovitsera heldu orduko konponduko naiz zurekin. Badakizu, Xveik, kartzelaratu egingo zaitudala?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ez dakidala —esan zuen Xveikek leun—. Orain arte ez didazu halakorik aipatu.

        Tenienteak, nahi izan gabe hortzak karraskatzen zitzaizkiolarik, hasperen egin, berokitik «Bohemia» egunkaria atera eta albisteak irakurri zituen garaipen handiez, E itsaspeko alemaniarrak Mediterraneo Itsasoan burututako ekintzaz, eta sorkari alemaniar berri batez, zeinak hiriak suntsitzeko balio baitzuen, hegazkinetatik jaurti eta hiru aldiz lehertutako bonba berezien laguntzaz. Azken berri honetara iritsi zenean, Xveiken ahotsak kendu zion hitza, jaun burusoilari hitz egiteko:

        — Barkatu, bere gorentasuna, Purkrabek jauna ote zara, Slavie banketxeko ordezkaria?

        Jaun burusoilak erantzuten ez zuenez, honela esan zion Xveikek tenienteari:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, behin irakurri nuela egunkarian gizaki arrunt batek, bataz beste, 60.000tik 70.000ra bitarteko ile dauzkala buruan, eta ile beltzak barbanagoak izan ohi direla, kasu askotan ikus daitekeenez.

        Eta errukirik gabe segitu zuen:

        — Behin, Xpirky tabernan, mediku batek esan zuen ilea erortziaren erruduna, sabelondoan gertatzen den zirrara psikikoa dela.

        Eta orduan zerbait ikaragarria gertatu zen: jaun burusoilak Xveiken gainera egin zuen salto, marruka:

        — Marsch heraus, Sie Schweinkerl   Alde egizu, zerri horrek! —ostikoka atera zuen korridorera, eta konpartimentura itzulirik, ustekabe txiki bat eman zion tenienteari bere burua aurkeztuz.

        Huts ñimiño bat izan zen hura: gizon burusoila ez zen Purkrabek jauna, Slavie banketxeko ordezkaria, von Schwarzburg jenerala baizik. Jeneralak, zibilez jantzia, ikuskatze lanetan ziharduen kuartelez kuartel, eta Budeiovitsekoa ezustean harrapatzera zihoan.

        Inoiz jaiotako jeneral ikuskatzailerik izugarriena zen, eta behar bezala ez zegoen zerbait aurkituz gero, honako elkarrizketa honetan jarduten zuen kuarteleko nagusiarekin:

        — Badaukazu errebolberrik?

        — Bai, badaukat.

        — Ongi! Zure lekuan banengo, seguruenik jakingo nuke zer egin harekin, ze hemen dakusadana ez da kuartela, zerritegia baizik.

        Eta, izan ere, haren ikusketaz geroztik, beti egiten zion tiro, han-hemenka, baten batek bere buruari, von Schwarzburg jeneralak atseginez egiaztatzen zuen bezala:

        — Hala izan behar! Hura soldadua!

        Bazirudien ez zuela gustukoa bere ikuskapenaz geroztik inork bizirik irautea. Ofiziala lekurik desatseginetara aldatzeko ohitura txarra zeukan. Edozein huskeria aski zen, ofizialak bere kuartelari agur egin eta Mendi Beltzeko mugara abiatzeko edo Galitziako bazter zikin bateko goarnizio mozkorti eta etsi batera.

        — Teniente jauna —esan zuen—, zein kadete eskolatara joan zinen?

        — Pragakora.

        — Kadete eskolara joan eta ofiziala bere kaboaren arduraduna denik ez jakitea ere! Ederki, bada. Bigarren: lagun minen batekin bezala ari zara zeure morroiarekin. Galdetzen ez zaionetan ere hitz egiten uzten diozu. Are ederkiago. Hirugarren: zeure nagusiak irain ditzala uzten diozu. Eta guztietan ederrena: ondorioak ateratzen ditut gauza horietatik guztietatik. Nola duzu izena, teniente jauna?

        — Lukax.

        — Zein errejimendutan zaude?

        — Bada, egon nintzen...

        — Eskerrik asko, ez dizut galdetu non egon zinen, jakin nahi dut non zauden orain.

        — 91. infanteria-errejimenduan, jeneral jauna. Aldatu ninduten...

        — Aldatu zintuztela? Ederki egin zuten. Ez dizu kalterik egingo 91. infanteria-errejimenduarekin lehenbailehen begiratu bat emateak borroka-lekuan.

        — Hori erabakita dago, jeneral jauna.

        Orduan jeneralak hitzaldi bat eman zuen azken urteetan ohartutako gauzez: ofizialak lagunkoi mintzo zirela kaboekin, eta horretantxe zekusala zenbait printzipio demokratiko hedatzeko arriskua. Soldaduari beldurra eragin behar zitzaiola, dardara egin behar zuela bere nagusiaren aurrean, haren beldur izan. Ofizialek beren buruarengandik hamar pausotara egonarazi behar zutela soldaduteria, eta ez utzi bere kasa pentsatzen, ezer pentsatzen, horixe zela azken urteetako akats tragikoa. Lehen soldadu-jendeak suari bezala ziela beldur ofizialei, baina egun...

        Jeneralak etsirik higitzen zituen eskuak:

        — Gaur egun, ofizialik gehienek mainatu egiten dituzte soldaduak. Horixe nahi nuen esan.

        Jeneralak berriz ere bere egunkaria hartu zuen eta irakurketan murgildu. Lukax tenientea, zurbil-zurbil, korridorera atera zen, Xveiki kontuak hartzera. Leiho ondoan zutik aurkitu zuen, aurpegiera zoriontsu eta lasaiaz, titia hartuta lo-lo dagoen hilabeteko haurtxo baten antzera.

        Lukax tenienteak, gelditu eta, keinuka agindu zion Xveiki konpartimentu huts batera sartzeko. Xveiken atzetik sartu eta itxi egin zuen atea.

        — Xveik —esan zuen zeremoniatsu—, azkenik heldu zaizu unea munduak ikusi gabeko belarrondoko parea hartzekoa. Zergatik sartu zara jaun burusoil horrekin? Badakizu von Schwarzburg jenerala dela?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna —bota zuen Xveikek, martiri itxurak eginez—, neure bizitzan inoiz ez dudala inor iraintzeko asmorik txikiena ere izan, eta ez nekiela von Schwarzburg jenerala zenik. Horrek benetan Purkrabek jauna dirudi, Slavie banketxeko ordezkaria. Nire auzoko tabernara joan ohi zen, eta behin, mahaian lokartu eta, ongile batek soilgunean idatzi zion tintazko lapitzez: «Hemen atxikitako IIIc tarifaren arabera, bizi-aseguru baten bidez zure seme-alabentzako ezkonsaria eta arreoa aurreztea eskaini nahi dizugu». Guztiek alde egin zuten, jakina, eta nerau han gelditu nintzen harekin, bakarrik, eta beti zoritxarrekoa naizenez, bada, bera gero, itzarri eta ispiluan bere buruari begiratu zionean, ernegatu egin zen, eta baita niri belarrondoko parea eman nahi ere, neuk egin niolakoan.

        «Baita» berbatxo hunkigarria hainbesteko leuntasunez eta destainaz isuri zen Xveiken ezpainetatik, non eskua jaitsi baitzitzaion tenienteari.

        Baina Xveikek segitu egin zuen:

        — Gizon horrek ez zuen halako akats txikiagatik ernegatu beharko. Horrek, edozein gizaki arruntek bezala, 60.000tik 70.000ra bitarteko ile izan behar ditu, artikulu horretan esaten zen legez. Niri ez zait sekula santan otu jeneral burusoilik egon zitekeenik. Hori, esaten den bezala, akats tragikoa da, edonori gertatu ahal zaiona horrek ohar bat egin eta beste batek berehala errieta egiten dionean. Orain dela urte asko kontatu zigun Hyvl jostunak behin, jostun zegoen hiritik Leoben hirian barrena Pragara zihoalarik, Maribor herrian erositako urdaiazpiko bat zeramala. Trenean zegoela, bere artean zioen bera zela biajantien arteko txekiar bakarra, eta Saint Moritz aldean urdaiazpikoa zatitzen hasi zenean, bada, aurrian eseritako jauna urdaiazpikoari begiratzen hasi zitzaion begi maiteminduekin, hortzetatik lerdea zeriola. Hori ikusirik, Hyvl jostunak zera esan zion bere buruari aho betean: «Ezpainak koipetuko hituzke, mixerable horrek». Eta jaunak txekieraz erantzun: «Koipetuko nitizkek, bai, zatiren bat emango bahit». Eta, beraz, Budeiovitsera heldu baino lehenago, urdaiazpiko osoa jan zuten elkarrekin. Gizon hark Vojtech Rous zuen izena.

        Lukax tenientea, Xveiki begiratu eta, konpartimentutik atera zen. Bere tokian berriro eseri eta handik gutxira Xveiken aurpegi zintzoa agertu zen atean:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, bost minutu barru Tabor hirian izango garela. Trena bost minutuz geldituko da. Ez al duzu bazkaltzekorik agintzen? Orain dela urte asko hemen on-ona zeukaten...

        Tenienteak, sumindurik, salto egin eta korridorean honela esan zion Xveiki:

        — Berriro ohartarazten zaitut: zenbat eta gutxiagotan azaltzen zatzaizkidan, zoriontsuagoa naiz. Zu behin ere ez ikustea izango nuke gustukoena, eta zaude seguru horretaz arduratuko naizela. Ez zaitez ager nire begien aurrean. Gal zaitez nire bistatik, astakilo hori, ergela halakoa.

        — Zure agindutara, teniente jauna.

        Xveik, erreberentzia egin eta pauso militarrez bueltaturik, korridorearen bukaerara joan zen. Bertako izkina batean, kobratzailearen jesarlekuan, eseri eta trenbideetako langile batekin mintzatzeari ekin zion:

        — Mesedez, badut zerbait galdetzerik?

        Enplegatuak, solaserako batere gogorik nabarmen azaltzeke, baiezko ahul eta geldoa egin zuen buruaz.

        — Etxera —hasi zen Xveik kalakan— gizon on bat etorri ohi zitzaidan bisitan, Hofmann delako bat, eta beti baieztatzen zuen alarma seinaleok inoiz ez dabiltzala, bestela esanda, ez dutela funtzionatzen euskarritik tiratzen denian. Ni, egia esan, ez naiz halako gauzez sekula arduratu, baina hemen premiazko tresna horretaz ohartu naizenez, jakin nahi nuke zertan den, halabeharrez inoiz beharko banu edo.

        Xveik altxatu eta trenbideetako langilearekin batera premiazko balaztara hurbildu zen, non «arriskurik izanez gero erabiltzekoa» jartzen baitzuen.

        Trenbideetako langileak bere eginbehartzat jo zuen Xveiki premiazko mekanismo hura zertan zetzan azaltzea:

        — Ongi azaldu dizute euskarri honetatik tiratzearena, baina ziria sartu dizute funtzionatzen ez duela esatean. Trena beti gelditzen da, mekanismoa bagoi guztien bidez lotuta dagoelako lokomotorarekin. Premiazko balaztak funtzionatu egin behar du.

        Tartean biek esku bana zeukaten euskarriari helduta, eta misterioa da orduan gertatutakoa, alegia, tiratu eta trena gelditu egin zela.

        Biak ezin ziren inola ere bat etorri nork egin zuen hori, nork eman zion alarma seinaleari erabakitzerakoan.

        Xveikek baieztatzen zuen ezin zitekeela bera izan, ez zuela berak egin, bera ez zela alproja bat.

        — Harritzen naiz —esan zion, onbera, kobratzaileari— zergatik gelditu den trena hain derrepentian. Joan, joan, eta tupustean gelditu. Horrek neu amorratzen nau gehiago zeu baino.

        Jaun serio bat trenbideetako langilearen alde jarri zen, baieztatuz entzun zuela nola soldadua hasi zen aurrena alarma seinaleez mintzatzen.

        Xveikek, bere aldetik, bere zintzotasuna aipatu zuen, ez zitzaiola batere interesatzen trena berandu joatea, gerrara zihoala eta.

        — Geltokiko nagusiak azalduko dizu —erabaki zuen kobratzaileak—. Hogei koroa kostako zaizu.

        Bizkitartean ikus zitekeen nola bidaiariak bagoietatik atera, treneko nagusiak txilibitua jo eta andre ikaratu batek korrika egin zuen, maletarekin batera, trenbidean barrena soroetara.

        — Honek hogei koroa balio du benetan —esan zuen Xveik zentzudunak, zeharo lasai—. Oso merkea da oraindino. Egun batian, enperadore jauna Zizkov auzoan bisitan zegoela, Prantzisko Xnor delako batek geldiarazi zion autoa, bidian enperadore jaunaren aurrian belaunikatuz. Gero bertako komisarioak, negar batian, honela esan zion Xnor horri: «ez zenidan nire barrutian holakorik egin beharko. Kale bat beherago egin beharko zenuen, Kraus poliziari baitagokio. Bertan omendu beharko zenuen enperadoria». Gero Xnor jaun hori preso hartu zuten.

        Xveikek inguruetara so egin zuen, kobratzailearekin entzule-kopurua handitu zenean hain zuzen ere.

        — Bada garaia berriz ere abiatzekoa —esan zuen Xveikek—, ez baita polita trena berandu joatia. Bake garaian balitz, bada, ongi, baina gerra izaki, edonork jakin behar du tren guztietan militarrak joaten direla, jeneralak, tenientiak, ofizialen morroiak. Halako berandutzea kontu gaitza da. Napoleon bost minutu berandutu zen Waterloon, eta pikutara joan zen bere gloria eta guzti...

        Une hartan entzule talde artera barneratu zen Lukax tenientea. Izugarri zurbil zegoen, eta hauxe besterik ezin zuen esan:

        — Xveik!

        Eta Xveikek, erreberentzia eginda:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, trena geldiaraztia egotzi didatela. Trenbideek zigilu txit harrigarriak dauzkate premiazko balaztetan. Hobe hurbildu ere ez egitia, bestela ustekaberen bat gertatu eta hogei koroako isuna jarriko lizukete-eta, neuri jarri nahi didatenaren antzekoa.

        Treneko nagusia kanpoan zen ordurako: seinalea eman eta trena berriz ere abiatua zen.

        Entzuleak konpartimentuko beren lekuetara joan ziren eta Lukax tenientea ere, hitzik ebakitzeke, esertzera joan zen.

        Xveikekin eta trenbideetako langilearekin kobratzailea baino ez zen gelditu. Kobratzaileak koadernoa atera eta gertatutakoa apuntatu zuen. Langileak herraz gainezka begiratu zion Xveiki, eta honek lasai galdetu zuen:

        — Aspalditik zaude hemen lanean?

        Trenbideetako langileak erantzuten ez zuenez, Xveikek iragarri zuen ezagutzen zuela Praga ondoko Uhrineves herriko Mlitxek Prantzisko delako bat, eta honek ere behin tiratu zuela premiazko balaztatik, eta izuaren izuaz bi astez galdu zuela mintzoa, eta ez zuela berreskuratu harik eta Hostivar auzoko lorazaina, Vatxek izenekoa, bisitatu zuen arte: Vanekenean borrokan hasi eta zartada ederrak eman zizkioten zartailua hausteraino.

        — Hori —gaineratu zuen Xveikek— 1912ko maiatzean gertatu zen.

        Langilea, komuneko atea ireki eta, bertan giltzapetu zen.

        Kobratzailea Xveikekin gelditu zen eta hogei koroa atera zizkion isuntzat, azpimarratuz ordaindu ezean Taborko geltokiko nagusiarengana eraman beharko zuela.

        — Ongi —esan zuen Xveikek—, gustatzen zait edukazio oneko jendearekin hitz egitia, eta poztu egingo nau Taborko geltokiko nagusia ikustiak.

        Xveikek berokitik pipa atera, piztu, eta tabakorri militarraren ke sarkorra atereaz, segitu egin zuen:

        — Orain dela urte asko Wagner jauna zegoen Svitava herriko geltokiko nagusi. Oso zorrotza zen bere kaboekin. Larderiaka tratatzen zituen, eta Jungwirt izeneko burdinbidezain batekin jokatzen zuen ankerkien, harik eta gizagaixo hura, etsiaren etsiaz, ibaira joan zen arte itotzera. Baina hori egin aurretik, karta egin zion geltokiko nagusiari, gauean ikaratu egingo zuela. Eta ez diotsut gezurrik. Hala egin zuen. Gauean geltokiko nagusia eseri da telegrafoaren ondoan, txirrinak jo eta nagusiak telegrama jaso du: «Zer moduz habil, lerdo hori? Jungwirt». Kontuak astebetez iraun zuen, eta nagusia linea guztietatik mamuari honelako telegramak bidaltzen hasi zen, erantzun gisa: «Barka iezadak, Jungwirt». Baina gauean honako erantzun hau eman zion aparailuak: «Urka hadi zubiaren ondoko semaforoan. Jungwirt». Eta geltokiko nagusi jaunak obeditu egin zion. Gero, hori zela eta, preso hartu zuten Svitavako geltokiko telegrafista. Ikusten duzunez, zeru eta lurraren arteko zenbait gauzaz ez daukagu ideiarik ere.

        Trena Taborko geltokira iritsi zen eta Xveikek, kobratzailearekin trenetik irten baino lehen, behar bezala eman zion aditzera Lukax tenienteari:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, geltokiko nagusi jaunarengana naramatela.

        Lukax tenienteak ez zuen erantzun. Erabateko odolgabetasuna nagusitu zitzaion. Burutara etorri zitzaion hoberena zela orori entzungor egitea, Xveiki zein aurrez aurre eseritako jeneral burusoilari. Lasai eseri, Budeiovitsen trenetik jaitsi, kuartelera azaldu eta frontera joan konpainia batekin. Frontean, hala egokituz gero, hil, eta Xveik bezalako munstroak dabiltzan mundu petral honetatik libratu.

        Trena abiatzean, Lukax tenienteak leihatilatik begiz jo eta nasan Xveik ikusi zuen, geltokiko nagusiarekin solas serioan murgilduta. Xveik jende saldoaz inguraturik zegoen, zenbait trenbide-uniforme ere ikus zitezkeelarik.

        Lukax tenienteak hasperen egin zuen. Ez zen hura gupidazko hasperena izan. Bihotza arindu zion, ordea, Xveik nasan egoteak. Jeneral burusoila ere ez zitzaion hain munstro higuingarri gertatzen.

 

 

        Aspaldi abiatua zen trena, bafa eta bafa, Txeske Budeiovitsera, baina nasan Xveiken inguruan zegoen jendea ez zen gutxitzen. Xveik bere errugabetasunaz mintzo zen, eta halako moldez konbentzitu zuen jendaldea, non andre batek adierazi baitzuen:

        — Hemen ere ari dira soldadu bati korneta dantzatzen.

        Jendaldeak bereganatu egin zuen iritzi hau eta jaun bat geltokiko nagusiari zuzendu zitzaion iragarriz hogei koroako isuna Xveiken ordez ordainduko zuela, sinetsirik zegoelako soldadu hark ez zuela halakorik egin.

        — Begira iezaiozue —amaitu zuen, Xveiken aurpegierarik errugabeena seinalatuz, eta honek, jendaldeari zuzendurik, aldarrikatu zuen:

        — Nerau, jaun-andreok, errugabia nauzue.

        Gero, jendarme nagusia azaldu eta jendaldetik hiritar bat erauzi, atxilotu eta eraman egin zuen, zioela:

        — Kontu eman beharko duzu. Nik erakutsiko dizut jendea asaldatzen. Soldaduekin halaxe jokatuz gero Austriak irabaz dezan ezin zaiela eskatu esatea ere!

        Zoritxarreko hiritarra ez zen gauza izan honako baieztapen egiazko hau egiteko baino: Stara Branako harakina zela eta ez zerabilela halako asmorik.

        Bizkitartean, Xveiken errugabetasunean sinetsitako gizon onak bulegoan isuna ordaindu eta Xveik hirugarren mailako jatetxera eraman zuen. Bertan garagardotara gonbidatu zuen, eta agiri guztiak eta tren-txartela Lukax tenienteak zeuzkala jabeturik, hamar koroakoa eman zion, eskuzabal, tren-txartel eta gainerako gastuetarako.

        Irtetean, honela esan zion, ahapeka, Xveiki:

        — Beraz, soldadutxo, esaten nizun bezala, Errusian preso hartzen bazaituzte, eman goraintziak Zdolbunov herriko Zeman garagardogileari. Izan ere, idatzita daukazu nire izena. Izan zaitez azkarra, frontean luzaro ez egoteko.

        — Horren beldur ez izan —esan zuen Xveikek—, beti interesgarria izaten da-eta atzerriko lurraldiak debalde ikustia.

        Xveik mahaian gelditu zen, bakarrik, ongile eskuzabalaren hamar koroakoa isilik edaten. Bitartean, nasako jendeak, Xveiken eta geltokiko nagusiaren arteko elkarrizketan bertan egon ez baina urrutitik jendaldea ikusi zuenak, komentatzen zuen espiaren bat harrapatua zutela geltokiari argazkiak ateratzen. Andre batek, ordea, gezurtatu egin zuen hori, esanez hori ez zela espioitza kontua, baizik eta, entzuna zuenez, dragoi   Zaldieria arineko partaidea (itzultzailearen oharra). Hemendik aurrerako ohar guztiak, besterik esaten ez bada, itzultzailearenak dira batek txiki-txiki egin zuela ofizial bat emakumezkoentzako komunean, zeren ofiziala dragoiaren maitearen atzetik sartu baitzen bertan.

        Jendarmeek eman zieten bukaera, nasa jendegabetuz, gerra garaiko urduritasunaren erakusgarri ziren susmooi. Eta Xveikek isilik edateari ekin zion, bere tenientea samur gogoratuz, alegia, zer egingo ote zuen Txeske Budeiovitsera iritsi eta trenean bere morroia ez aurkitzean.

        Trena iritsi baino lehen, hirugarren mailako jatetxea soldaduz eta zibilez bete zen. Hainbat errejimendu eta formaziotako, hainbat herritartasunetako soldaduak ziren nagusi, gerrako zirimolak Taborko erietxeetara putz eta putz eramanak, eta orain frontera berriro abiatzekoak zauritze, hanka-mozte eta oinaze berrien bila. Hara zihoazen, bai, beren hilobien gaineko zurezko gurutze bat merezi izatera. Gurutze horren gainean, urte luzez, ekialdeko Galitziako lautada tristeetan, Austriako armadako txano marguldua, «frantik»   Letoizko sagartxoa, FJI inizialak zituena, Frantzisko Jose I enperadorearenak, alegia herdoildua eta guzti, astinduko dute haizeak eta euriak. Noizean behin bele triste zahar bat pausatuko da, aspaldiko oturuntza oparoak gogoan dituela: aspaldi, bai, mahai amaigabe bat zegoen harentzat jarrita, giza gorpu goxo eta zaldi sarraskiz hornitua, eta pausatua dagoen txanoaren azpian mokadurik goxoena (giza begiak, alegia) egoten zen.

        Sufrimendurako hiru hautagaiotako bat eseri zen Xveiken ondoan. Ebakuntza batez geroztik erietxeko alta hartu eta uniforme odolez eta lokatzez zikindua zeukan jantzita. Ñarroa zen, argala, tristea. Mahaian pakete txiki bat jarri, poltsiko hautsia atera, eta dirua zenbatzen hasi zen.

        Gero Xveiki begiratu eta galdetu zuen:

        - Magyarul?   Hungariarra zara? (hungarieraz)

        — Ni, lagun, txekiarra nauk —erantzun zuen Xveikek—, zurrutadatxorik nahi?

        — Nem tudom, barátom   Ez dut ulertzen, laguna (hungarieraz).

        — Ez dik axolarik, lagun —bihotz eman zion Xveikek, bere edalontzi betea soldadu tristearen aurrean jartzeaz batera—, edan ezak nahi adina.

        Ulertu, zurrut egin eta eskerrak eman zituen:

        — Köszönöm szivesen   Eskerrik asko (hungarieraz) —eta bere diru-zorroaren edukia aztertzeari ekin ondoren, hasperen egin zuen.

        Xveikek ulertu zuen hungariar hark gogoz hartuko zuela garagardo bat, eta ez zeukala nahiko dirurik. Horregatik, harentzat bat eskatu eta hungariarraren esker ona jaso zuen berriz ere. Hau, keinuka, Xveiki zerbait azaltzen hasi zitzaion, bala batek zeharkatutako eskua erakutsiz, nazioarteko hizkuntzaz zioela:

        — Pim, pam, pum!

        Xveikek, gupidaturik, baiezko keinua egin zuen buruaz, eta eriondo ñarroak beste zera hau adierazi zion Xveiki, eskuina lurretik metro erdira makurturik eta gero hiru hatz altxatuz hiru haur txiki zituela adierazi nahian bezala.

        — Nincs ham, nincs ham   Hiru haur, hiru haur (hungarieraz) —jarraitu zuen, etxean zer jan ez zeukatela esan nahian, eta malkoak uholdeka isuritako begiak xukatu zituen, bere berokiaren mahuka zikinaz xukatu ere. Hungariako erregeagatik gorputzean hegaka sartu zitzaion balaren zuloa ikus zitekeen, nabari-nabari, mauka hartan.

        Ez zen batere harrigarria izan halako giro jostagarrian Xveiki, pixkanaka-pixkanaka, hamar koroetatik deusik ez gelditzea, eta pixkanaka-pixkanaka baina segurki, Txeske Budeiovitsetik urruntzea. Izan ere, bere buruari eta eriondo hungariarrari eskainitako garagardo-edalontzi bakoitzarekin galdu egiten baitzuen tren-txartela erosteko aukera.

        Budeiovitserako beste tren bat iragan zen geltokitik, eta Xveikek mahaira eserita zirauen, hungariarraren esanei adi-adi:

        — Pim, pam, pum! Három gyermek, nincs ham, éljen!   Hiru haur, ez dago janaririk, topa! (hungarieraz)

        Azken hitzok, topa egitearekin batera esan zituen.

        — Edan ezak, Hungariako morroi horrek —erantzun zuen Xveikek—, busti ezak muturra, zuek ez gintuzkezue horren ongi tratatuko...

        Aldameneko mahaitik soldadu batek esan zuen 28. Errejimenduarekin Szegedinera iritsi zirenean, ukabilak erakutsi zizkietela hungariarrek .

        Egia biribila zen, baina soldadu hura, antza bai, laidaturik sentitu zen, eta laidaturik sentitze hori soldadu txekiar guztiengana sakabanatu zen. Baita hungariarrei beraiei ere, Hungariako erregearen aldeko borrokari gustua galdu ziotenean.

        Gero, soldadu hura ere ondoan eseri zitzaien eta kontatu zuen nola Szegedinen hungariarrak txiki-txiki egin zituzten, eta nola ostikoka bota zituzten zenbait tabernatatik. Gero laudatu ere egin zituen, haiek ere bazekitela borrokatzen, berak labankada bat jaso zuela bizkarrean eta horregatik atzeguardiara bidali zutela sendatzera. Baina orain, itzulitakoan, bere batailoiko kapitainak preso hartuko zuela, hungariarrari labankada behar bezala itzultzeko astirik eduki ez eta errejimendu guztiaren ohorea zikintzeagatik, nonbait.

        — Ihre Dokumenten   Zure agiriak, zurre agirriak? —hizketan hasi zitzaion Xveiki kontrol militarraren nagusia, lau soldadu baionetadunek lagundutako sarjentu bat, alegia—. Nik ikusi, zuek eserita, nicht fahren   Alde egin gabe, eserita, edan, asko edan, morroia!

        — Ez dauzkat, maitia —erantzun zuen Xveikek—, 91. errejimenduko Lukax teniente jaunak eraman egin ditu eta ni hemengo geltokian gelditu naiz.

        — Was ist das Wort   Zer esan nahi du hitz horrek? «maitia»? —bueltatu zitzaion sarjentua bere soldaduetako bati: erreserbista zahar bat zen, antza zenez beti asmo gaiztoz jokatzen zuena bere sarjentuarekin, zeren lasai asko esan baitzuen:

        — «Maitie», das ist wie Herr Feldwebel   «Sarjentu jauna» esan nahi du.

        Sarjentuak Xveikekiko solasari ekin zion.

        — Soldadu guzti agirri eduki beharr, agirri gabe entzerratu auf Bahnhofsmilitärkommando, den lausigen Bursch, wie einen tollen Hund   Horrelako zorritsu bat geltokiko komandantzian, txakur amorratu bat bezala.

        Xveik geltokiko komandantziara eraman zuten. Bertan gizon batzuk zeuden zaindari, «maitia» hitza bere etsai naturalari, sarjentuari, alemanera hain ederki itzuli zion erreserbista zaharraren antzekoak.

        Litografia ugari zeuden bertako apaingarri, Gerra Ministerioak garai hartan soldaduak ibiltzen zireneko bulego guztietara zein eskola eta kuarteletara igortzen zituenen modukoak.

        Xveik soldadu onari ongi etorria eman zion irudian ondoko hauek ageri ziren, beheko iragarkiaren arabera: Frantzisko Hammel sarjentua eta Paulhart eta Bachmayer kaboak, 21. tiratzaile errejimendukoak, soldaduteriari borrokarako adorea emanez. Beste aldean irudi bat zegoen ondoko iragarkiarekin: «Jan Danko sarjentua, 5. husar errejimendukoa, bateria etsaiaren kokagunearen bila».

        Eskuinaldean, beherago, kartel bat zegoen, «Gizontasun eredu apartak» zioena.

        Halako karteletan erakutsitako adibide apartak, soldadutzara deitutako kazetari alemaniarrek asmatzen zituzten Gerra Ministerioko bulegoetan. Austria zahar ergelak kartelon bidez soldaduei bihotz eman nahi eta hauek, ordea, ez zituzten inoiz irakurtzen. Eta halako gizontasun eredu apartak frontera igortzen zitzaizkienean azal arruntezko liburutxotan, papera zigarretak egiteko erabiltzen zuten, edo beste zerbait egokiagorako, kuraia eredu aparten balio eta izpirituarekin bat zetorrena.

        Sarjentua ofizial baten bila zihoan bitartean, Xveikek kartela irakurri zuen:

 

        JOSEF BONG ORGAZAINA

        Osasun taldeko soldaduek, arroila ezkutu batean prestatutako gurdietara garraiatzen zituzten zauritu larriak. Gurdia bete orduko, sorostetxera abiatu zen. Errusiarrak, orga hauen bila zebiltzala, granadak jaurtiz erasotzen hasi zitzaizkion. Hirugarren orgazain eskoadroiko Josef Bongen zaldia granada batek hil zuen. Eta Bongek aieneka: «Nire zaldi gaixoa, hireak egin dik!». Une hartan granada zati batek harrapatu zuen. Guztiarekin ere, bere zaldia askatu eta uztarria arrastaka eraman zuen babesleku batera. Jarraian, bere zaldi hilaren edergailuen bila itzuli zen. Errusiarrek ez zioten tiro egiteari uzten. «Segi, segi tiroka, madarikatuok, nik ez dut hemen zaldi tresnarik utziko eta!», eta zaldiari uztarria kendu zion, hitzok purrustaka esanez. Azkenean, egitekoak bukaturik, berriro orgaratu zituen zaldi tresnak, arrastaka orgaratu ere. Hortxe entzun behar izan zuen osasun soldaduek kanpoan luze egoteagatik egindako erretolika. «Ez ditut han zaldi tresnak utzi nahi izan, ia berriak dira eta. Galtzea tamalgarria izango zela pentsatu nuen. Halako gauzak ez dauzkagu soberan», desenkusatu zen soldadu ausarta sorostetxera abiaturik, non zauritu gisa aurkeztu baitzen. Geroago, bere kapitainak zilarrezko ausardia-dominaz apaindu zion bularra.

 

        Xveikek irakurketa bukatu eta sarjentua artean itzulia ez zenez, hauxe esan zien zaindari zeudenei:

        — Hau gizontasun adibide txit ederra da gero. Honela gure armadan zaldi tresna berriak baino ez dira egongo, baina Pragan izan nintzenian, bada, irakurri nuen «Pragako egunkari ofizial»-ian kasu are ederrago bat, dr. Josef Vojnov urtebeteko boluntarioenarena. Galitzian zegoen, zazpigarren basozain-batailoian, eta baionetari eusteko tenorian bala bat jaso zuen buruan, eta sorostetxera eraman zutenian zera esan zien garrasika, halako zarrastatxoagatik ez zutela bendatuko. Eta berehala itzuli zen pelotoiarekin borrokatzera, baina granada batek orkatila ebaki zion. Berriz ere eraman nahi izan zuten, baina bera borroka-lerrora abiatu zen, herrenka, makila eskuan, eta etsaiengandik makilarekin defendatu zuen bere burua. Baina beste granada batek, hegaka heldu eta, makilari eutsitako eskua erauzi zion. Makilari beste eskuaz eutsi, hori barkatuko ez ziela oihukatu, eta batek jakin zer gertatuko zen handik une batera bala batek behin betiko bidali ez balu satorren tartera. Baliteke, azkenian, larrua kendu ez baliote, berak ere jaso izana zilarrezko ausardia-domina. Burua, hautsita, itzulika hasi eta oihu egin omen zuen: «Bete itzak eginbeharrak zintzoen, Herioren izpiritua ingurutik ibili arren».

        — Egunkarietan halakoak idazten dira —esan zuen gizonetako batek—, baina edozein erredaktore airean ipinita legoke, ordubetez geroztik, halako egoeran.

        Zaindariak tu egin zuen:

        — Nire herrian, Txaslaven, bazen erredaktore alemaniar bat, Vienatik etorritakoa. Alferez zegoen. Gurekin ez zuen txekieraz hitzik ere egin nahi, baina txekiar hutsez osatutako konpainia batera aldatu zutenean, berehala ikasi zuen txekieraz.

        Atean sarjentua azaldu zen, gaizto itxuraz:

        — Wenn man drei Minuten weg egon, da hört man nichts anderes als txeski, txesi   Hiru minutu urruti egon, eta txekiera besterik ez da entzuten.

        Kanpora ateratzearekin batera, jatetxera nonbait, honela esan zion kabo zaindariari Xveik seinalatuz: tenientea iritsi orduko, harengana eraman zezala zital zorritsu hura.

        — Teniente jauna berriz ere ari da geltokiko neska telegrafistarekin jostaketan —esan zuen, hura irtendakoan, sarjentuak—, bi aste baino gehiago daramatza haren atzetik, eta beti amorratuta agertzen da, telegrafotik etorri eta neskaz esaten duenian:

        — Das ist aber eine Hure, sie will nicht mit mir schlafen   Urdanga hutsa da, ez du nirekin oheratu nahi eta.

        Egun hartan ere aldarte amorratua zeukan, zeren handik gutxira itzuli zenean, entzun baitzitekeen zenbait liburu mahai gainera bota zituela.

        — Ez dago zereginik, mutiko: harengana joan behar duzu —bota zion, gupidaz, sarjentuak Xveiki—. Jende asko pasa da haren eskuetatik, soldadu zaharrak eta gazteak.

        Eta Xveik bulegora eraman zuen. Bertan, paper nahasiez betetako mahaiaren atzean, teniente gazte bat zegoen eseririk, amorru-itxura izugarriarekin.

        Xveik sarjentuarekin ikusi zuenean, «Hara!» itxaropentsu bat bota zuen, eta jarraian sarjentuak partea eman zuen:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, gizon hau geltokian aurkitu dutela agiririk gabe.

        Tenienteak baiezkoa egin zuen buruaz, adierazi nahian bezala aspaldidanik zekiela egun hartan eta ordu hartan Xveik aurkituko zutela geltokian agiririk gabe, zeren une hartan Xveiki begiratuko zionak honelako irudipena izango baitzukeen: ezinezkoa zela halako aurpegiera eta gorpuzkeradun gizon batek aldean agiririk eramatea. Eta une hartan Xveik so zegoen, zerutik, beste planeta batetik erori eta orain, harridura amarrugabeaz mundu berriari begira bailegoen, zeinetan bera bezalako ergel batentzat ezezaguna den gauza bat eskatzen baitzaio: agiriak.

        Tenienteak, Xveiki beha, une batez hausnartu zuen zer esan eta galdetu behar zion. Azkenik, galde egin zuen:

        — Zer ari zinen geltokian?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, Txeske Budeiovitserako trenaren zain nengoela, 91. errejimendura iristeko. Bertan Lukax teniente jaunaren morroi nago. Bera uztera behartuta egon naiz, ze isuna jaso eta geltokiko nagusiagana eraman naute. Izan ere, susmatu dute trena premiazko balaztarekin geldiarazi nuela.

        — Erotu egingo naiz —oihukatu zuen tenienteak—, esazkidazu esatekoak hariari lotuz, labur, eta txorakeriarik gabe.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, zoritxarra izan dugula Lukax teniente jaunak eta biok, geure 91. infanteria-errejimendura ahalik eta azkarren eraman behar gintuen trenean eseri ginen momentutik bertatik. Aurrena maleta galdu zitzaigun, gero, hori gutxi balitz bezala, jeneral jaun batek, guztiz burusoilak...

        — Himlhergot   Zeruetako Jainko Jauna —hasperen egin zuen tenienteak.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, beharrezkoa zaidala zehatz eta luze mintzatzia, gertatutako guztiari buruz ikuspegi orokorra emateko. Hala esaten zuen beti Petrlik zapatari zenak, bere aprendizari hedeaz astiala berotzen hasi aurretik prakak eranzteko agintzen zionian.

        Eta tenienteak bafatzen zuen bitartean, Xveik kontu kontari hasi zen:

        — Bada, badirudi ez nintzela jeneral jaun burusoilaren oso gogokoa izan, eta morroi natzaion Lukax teniente jaunak korridorera bidali ninduen. Korridorean, geroxeago, esana dizudana leporatu zidaten. Kontua konpondu baino lehenago, nasan nengoen, bakarrik. Trena joana zen, teniente jauna, maletak, bere eta nire agiri guztiak ere joanak, eta hona hemen ni, umezurtz baten gisa, agiririk gabe.

        Xveikek tenienteari egindako soa hain izan zen hunkigarri eta samurra, non honek egiatzat hartu baitzuen gixon hartaz entzunda zeukana, hots, jaiotzetik bertatik ergelduta zegoela.

        Tenienteak, orduan, Budeiovitsera tren espresaz geroztik abiatutako tren guztiak zerrendatu zizkion Xveiki, eta baita galdetu ere zergatik galdu zituen.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna —erantzun zuen Xveikek, asmo oneko irribarrez—, hurrengo trenaren zain nengoen bitartian garagardo bat bestearen atzetik edateko zoritxarrak jo ninduela.

        — Sekula ez diat horrelako astakirtenik ikusi —pentsatu zuen tenienteak—. Den-dena aitortzen dik. Hemen asko eta asko izan ditiat, eta denek ukatu egiten ziaten egotzitakoa, eta hara non honek lasai asko dioen: «Tren guztiak galdu ditut, ze garagardo bat bestearen atzetik edaten egon naiz».

        Hausnarketok Xveiki zuzendutako esaldi bakar batean bildu zituen:

        — Zu, morroi hori, endekatua zara. Badakizu noiz esaten den norbait endekatua dela?

        — Nire auzoan, Bojixtte eta Katerina kaleen izkinan, apal-apalik iragartzen dizut, teniente jauna, bazen beste endekatu bat. Aita Poloniako konde bat zen, eta ama emagina. Kale garbitzailia zen gizona, eta alkoholzuloetan «konde jauna» beste tratamendurik ez zuen onartzen.

        Tenienteak ontzat eman zuen honi guztiari nola edo hala bukaera ematea, eta horregatik hauxe esan zuen enfasiaz:

        — Horrenbestez, esaten diat, bai, tentel horri, pepelerdo horri, txarteldegira joan, txartela erosi eta Budeiovitsera joango zarela. Berriz ere hemen ikusten bazaitut, desertore bati bezala berotuko dizut jipoia. Abtreten!   Alde!

        Xveik, eskuaz txanoaren hegalari etengabe heldurik, higitzen ez zenez, tenienteak orro egin zuen:

        — Marsch hinaus   Irten zaitez, ez ote duzu abtreten entzun? Palanek kaboa, eraman ezazu morroi ergel hau txarteldegira eta erosiozu Txeske Budeiovitserako txartela!

        Palanek kaboa handik laster azaldu zen berriz ere bulegoan. Ate irekitik Xveiken asmo oneko aurpegia agertu zen, Palaneken atzetik, kuxkuxean begira.

        — Eta orain zer?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna —ezkutuan xuxurlatu zuen Palanek kaboak— berak ez daukala trenerako dirurik, ezta nik ere. Dohainik ez diote sartzen utzi nahi, ze ez dauka agiri militarrik errejimendura doala ziurtatzen duenik.

        Tenienteak ez zuen luzaro itxaron arazo hitsari konponbide salomonikorik emateko.

        — Bada, oinez joan dadila —erabaki zuen—, errejimenduan preso har dezatela berandu heltzeagatik; hemen ez dago bera jasaten duenik.

        — Ez zegok zereginik, lagun —esan zion Palanek kaboak Xveiki bulegotik irten zenean—, oinez joan behar duk, amigo, Budeiovitsera. Hemen, sukaldean, bazaukaagu ogia, eman egingo diat bidaiarako.

        Eta handik ordu erdira, Xveik, kafe hutsa edan eta, errejimendura biderako ogiaz gain tabako kutxatila jasotakoan, irten egin zen Tabortik gau ilunean, kanta bat ezpainetan.

        Abesti militar zahar bat zen:

 

                Jaromerera ginenian abiatu,

                inork nahi badigu sinetsi...

 

        Eta batek jakin nola, Xveik soldadu ona, hegoaldera barik, Budeiovitsera barik, zuzen-zuzen mendebaldera joan zen.

        Errepideko elur artetik zihoan, izotz beltzean, bere beroki militarraz estalirik, Moskurako espediziotik itzulitako Napoleonen guardiako azkena balitz bezala, baina ezberdintasun txiki batekin, pozik ari zela kantatzen, alegia:

 

                Egurastera atera nintzen

                oihan berdera.

 

        Eta baso elurtuetan, gaueko isilaldian, durunditu egin zen oihartzuna, herrietako txakurrei zaunka eragin ziena.

        Kantua nekagarri gertatu zitzaionean, Xveik legar pila baten gainean eseri zen: pipa piztu, eta, atseden harturik, aurrera jo zuen, Budeiovitserantz, abentura berrien bila.

 


 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (II)" orrialde nagusia