«ATZEGUARDIAN»
LEHEN ZATIAREN
GIBEL-SOLASA
Bukatu da Xveik soldadu onaren abenturen lehen zatia, «Atzeguardian» alegia. Eta aditzera eman nahi dut beste bi zati argitaratuko direla berehala: «Frontean» eta «Gatibu». Zatiotan ere soldaduek eta gainerako herritarrek eguneroko bizitzan bezala hitz egin eta jokatuko dute.
Bizitza ez da jokabide fina ikasteko eskola. Bakoitza gai den bezala hitz egiten du. Guth doktore zeremoniatsuak ez du Kaliza tabernako Palivets tabernariak bezala hitz egiten, eta nobela hau ez da nobleziaren saloietan sartu ahal izateko tresna eta jendartean erabil daitezkeen esamoldeei buruzko irakats-liburua. Garai jakin baten irudi historikoa da.
Baldin eta harira datorren esamolde gogorren bat erabiltzea beharrezko bada, erabili egingo dut, dudarik gabe. Perifrasiak edo eten-puntuak zurikeria ergeltzat dauzkat. Halako hitz gogorrak parlamentuan ere erabiltzen dira.
Behin norbaitek esan zuen, zuzen esan ere, gizon ongi heziak dena irakur dezakeela. Naturala den zerbaitengatik urderik handienak eta trauskil finak bakarrik eskandalizatzen dira. Beraiek, beren moralkeriaren mixerableenean, edukiari begiratu ez eta, ernegaturik, banakako hitzen kontra oldartzen dira.
Duela urte asko eleberri baten kritika irakurri nuen. Kritikaria ernegaturik zegoen idazleak hauxe idatzi zuelako: «Zintz egin eta sudurra garbitu zuen». Literaturak nazioari eman behar dion estetika eta gorentasunari aurka egiten omen zion.
Munduan jaiotzen den ganaduaren erakusgarri txiki bat besterik ez da honako hau.
Esamolde gogor batengatik eskandalizatzen direnak koldarrak dira, zeren benetako bizitzak harritu egiten baititu, eta halako jende ahula da, hain zuzen, kultura eta moralerako kaltegarriena. Nola heziko luke jende horrek nazioa? Nazioa jende sentiberaz osatutako taldea balitz bezala, San Luis bezalako sasi-kultura baten masturbatzaileen taldea balitz bezala. Eustakio fraidearen liburuan kontatzen denez, San Luisek, gizon baten puzker ozena entzutean, negarrari eman zion, otoitz egitea zeukalarik lasaibide bakartzat.
Halako lagunak jendaurrean sumintzen dira, baina ezohiko zaletasuna izaten dute komun publikoetara joan eta hormetako iragarki lizunak irakurtzeko.
Neure liburuan zenbait esamolde gogor erabiliz, benetan nola hitz egiten den islatu dut bidenabar.
Palivets tabernariari ezin diogu eskatu Loud andreak, Guth sendagileak eta Olga Fastr andreak bezala hitz egin dezala. Edo Txekoslovakia osoa areto parketdun handi bihurtu nahi luketen beste askok bezala. Areto hartan frak eta eskularruz jantzita gindoazke, dotore mintzatuz eta «aretoko» moral sentibera mamituz, moral horren belopean aretoko lehoiek ekiten badiote ere grinarik txarrenari eta nabarmenkeriari.
Esan dezadan, bidenabar, Palivets tabernaria bizirik dagoela. Gerra kartzelan eman, eta Frantzisko Jose enperadorearen irudiaren afera izan zuenean bezalakoxea izaten segitu zuen.
Liburuan ageri zela irakurrita, bisitan etorri zitzaidan, eta erosi ere, lehenengo zenbakiaren hogei faszikulu baino gehixeago erosi zituen bere ezagunen artean banatzeko, horrela liburuaren zabalkundeari lagunduz.
Benetako poza sentitu zuen nik berari buruz idatzi eta zarpail ezaguntzat deskribatu nuelako.
— Inork ez nau erreformatuko —esan zidan—, bizitza guztian zatar hitz egin dut, pentsatzen dudan bezalaxe, eta hala hitz egiten segituko dut. Ez dut ezpain-zapirik erabiliko, emakume alu batek agindurik ere. Gaur egun ospetsua naiz.
Bere buruarenganako konfiantza handitu egin da, benetan. Haren ospea zenbait esamolde gogorretan sustraiturik dago. Horrekin aski dauka bere buruari gustu egiteko, eta haren hizkera hitzez hitz imitatu nuenean ohartarazi banu ez zuela hala mintzatu behar (ez dut halako asmorik izan baina), gizon on hori dudarik gabe laidotu egingo nukeen.
Txekiarrek bizantinismoari dioten nazka adierazi du, berezko esamoldeekin, arrunt eta zintzo, konturatu gabe, Palivets tabernariak. Enperadore eta esamolde zintzoenganako mespretxu hori odolean zegoen.
Otto Katz ere bizirik dago. Kanpaina-kapilau hori benetako pertsonaia da. Gerra galduta, dena bertan behera utzi, Elizatik atera, eta egun prokuradore dago Ipar Bohemiako brontze eta pintura fabrika batean.
Gutun luze bat idatzi zidan, larrutik ordainduko nuela-eta mehatxuka. Izan ere, Alemaniako egunkari batek kapitulu baten itzulpena plazaratu zuen, non kapilaua zen bezalaxe deskribatzen baitut. Orduan bisita egin nion, eta oso ondo bukatu zen afera. Gaueko ordu bietan ezin zuen zutik jarraitu, baina han ziharduen, sermolari, «Ni Otto Katz naiz, kanpaina-kapilaua, txoriburuok» esanez.
Bretschneider, Austria zaharreko detektibe funtzionarioaren tankerako jendea, gaur egun ere, Errepublika garaion, alde batetik bestera ibiltzen da, noraezean. Izugarri interesatzen dira nork zer esaten duen.
Ez dakit liburu honekin nahi nuena adieraztea lortu dudan, baina gizon bati «Xveik bezain ergela haiz» irain gisa esaten entzun nionean, ezezko susmoa hartu nuen. Dena dela, Xveik hitza laido-zerrendaren irain berri bihurtzen bada, txekieraren aberaste honekin konformatu beharko dut.
Jaroslav Hašek
© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo