14. kapitulua

XVEIK, LUKAX TENIENTEAREN MORROI

 

 

I

 

        Xveiken zoriontasunak ez zuen luzaro iraun. Patu gupidagabeak eten egin zuen bera eta kapilauaren arteko harreman lagunkoia. Gertaera hori arte kapilaua gizakume begikoa izan baldin bazen, oraingoan egin zuenagatik galdu egin zuen itxura begiko hura.

        Kapilauak Lukax tenienteari saldu zion Xveik, edo hobeki esanda, kartetan galdu. Lehen horrelaxe saltzen zituzten Errusian jopuak.

        Tupustean gertatu zen. Jende talde ederra zegoen Lukax tenientearenean, «hogeita bata» karta-jokoan. Kapilauak dena galdu eta, azkenean, honela esan zuen:

        — Zenbat utziko didazue nire morroiaren truke? Tentel-tentela eta interesgarria da, zerbait non plus ultra. Inoiz ez duzue izan honelako morroirik.

        — Ehun koroa utziko dizkiat —eskaini zuen Lukax tenienteak—. Etzi jasotzen ez baditut, bitxikeria hori bidaliko didak. Nire sehia gizon nazkagarria duk. Jo eta su ari duk hasperenka, etxera idazten, eta eskura daukan guztia lapurtzen. Jo izan diat, baina alferrik. Berehalakoan jotzen zioat zapla, baina horrek ez dik laguntzen. Aurreko hortz parea atera zioat, baina morroia ez duk zuzendu.

        — Ados, beraz —esan zuen kapilau txoriburuak—: edo etzi ehun koroa, edo Xveik.

        Ehun koroa horiek ere galdu eta etxera joan zen triste-triste. Ziur zekien, eta horretan ez zeukan batere zalantzarik, bi egunen buruan ez zituela ehun koroa horiek lortuko, eta Xveik sos bakan batzuen ordainez saldua zuela.

        — Berrehun eskatu beharko nitian —ernegatu zen, baina handik gutxira etxerako tranbiara igotzeaz batera, bihotz-zimikoak eta samurtasunak eraso zioten.

        — Ez diat zintzo jokatu —pentsatu zuen bere etxeko txirrina jotzean—. Nola begiratuko dut haren begi ergel onberetara?

        — Xveik maitea —esan zuen behin etxean—, gaur zerbait ezohikoa gertatu da. Zorte txarra izan dut kartetan. Hordagoa bota eta batekoa neukan eskuan, gero txanka jaso dut, eta bankuak beste bat zeukan eta jokoa egin du. Zenbait aldiz atera ditut batekoa eta txanka, baina bankuak beti zeukan beste horrenbeste. Diru guztia galdu dut.

        Isildu egin zen.

        — Eta azkenean zeu galdu zaitut. Ehun koroa mailegatu ditut zure ordainez, eta etzi itzultzen ez baditut, ez zara nirea izango, Lukax subofizialarena baizik. Sentitzen dut, benetan...

        — Ehun koroa badauzkat oraindik —esan zuen Xveikek—. Utzi ahal dizkizut.

        — Ekarri, bada —suspertu zen kapilaua—. Berehala eramango dizkiot Lukaxi. Ez zintuzket galdu nahi, benetan.

        Lukax lor eta sor gelditu zen kapilaua berriz ere ikustean.

        — Zorra kitatzera etorri nauk —esan zuen kapilauak, hara-hona garaile moduan begiratuz—. Emadazue neuri ere karta.

        — Horra —bota zuen kapilauak txanda egokitu zitzaionean—. Pixka bategatik pasatu naiz —adierazi zuen.

        — Horra orduan —esan zuen bigarren errondan—, horra. Aski dut.

        — Hogeik irabazi —iragarri zuen bankuak.

        — Nik hemeretzi dauzkat —adierazi zuen ahapeka kapilauak, Xveikek bere burua morrontza berritik erreskatatzeko utziriko ehun koroen azken berrogeiak bankuari ematearekin batera.

        Etxerakoan, kapilaua sinetsita zegoen akabera zela, ezerk ezin zezakeela Xveik salba, predestinaturik zegoela Lukax tenientea zerbitzatzea.

        Xveikek atea ireki zionean, honela esan zion kapilauak:

        — Alferrik da guztia, Xveik. Patuaren kontra ezin da ezer egin. Zu ez ezik, ehun koroa horiek ere galdu ditut. Ahal beste egin dut, baina patua ni baino indartsuagoa da. Lukax tenientearen atzaparretara jaurti zaitu, eta heldua da agur egiteko garaia.

        — Eta asko al zegoen bankuan? —galdetu zuen Xveikek lasai—, ala gutxitan izan zara eskua? Karta onik ezean, oso gaizki, baina onegia izatia ere mixeria da. Zderaz eskualdean bizi omen zen Veivoda izeneko berundatzaile bat, beti kartetan aritzen zena Mendea kafe-etxearen ondoko taberna batian. Egun batez, deabruak inspiraturik, zera esan omen zuen: «eta zer moduz hamarna xentimo jokatzen baditugu «hogeita bat»-ian?» Hamarna xentimo jokatu zituzten, beraz, hogeita batian, bera bankua zelarik. Denek galdu ahala, bankua haziz zihoan. Veivodak, besteei ere zerbait utzi nahi eta, etengabe esaten zuen: «Karta txiki eta txarra etorri orduko, ni etxera». Ezin duzu imajinatu zelako suerte txarra izan zuen. Karta txiki eta txarra heldu ez eta heldu ez, bankua hazi, eta ordurako ehun koroa zeuden bertan. Jokalarietako batek ere ez zeukan bankuari hordagoa botatzeko adina, eta Veivoda izerditan blai zegoen. Ez zen berak esandako hau besterik entzuten: «Karta txiki eta txarra etorri orduko, ni etxera». Hamarna koroa jokatu, eta beti erortzen ziren denak. Tximinia-garbitzaile bat sumindu eta etxera joan zen diru bila: mahaian ehun eta berrogeita hamar koroa baino gehiago zeudenian, hordagoa bota zuen. Veivodak bankutik libratu nahi zuen, eta geroago esan zuenez, ez irabazteko hogeita hamarreraino ailegatu nahi zuen, eta hori gabe bi bateko jaso zituen. Ezer ez zeukalakoa egin eta hara non nahita dioen: «Hamaseik irabazi». Eta tximinia-garbitzailiak hamabost zeuzkan guztira. Ez al da suerte txarra? Veivoda zaharra zurbil eta zoritxarreko zegoen, ingurukoak biraoka eta txutxu-mutxuka hasi ziren, tranpak egiten zituela, behin jipoi ederra hartu zuela tranpa egitiagatik jokalaririk zintzoena izan arren, eta koroa bat bestiaren atzetik bota zioten. Jadanik bostehun koroa zeuden han. Tabernariak ezin izan zuen jasan. Garagardo-fabrikarako dirua prest zeukanez, hartu, eseri, aurrena berrehun jarri, gero begiak erdizka itxi, suertia izateko aulkia jiratu, eta bankuan zegoen adina diru jokatuko zuela esan zuen. «Joka dezagun kartak agerian». Veivoda zaharrak ez dakit zer emango zuen oraingoan galtziarren. Denak harritu ziren karta bueltatu eta agertutako zazpikoarekin gelditu zenian. Tabernariak erdi-irri egin zuen, hogeita bat zeukan eta. Veivoda zaharrari beste zazpiko bat ailegatu, eta harekin ere gelditu zen. «Orain batekoa edo txanka dator», esan zuen tabernariak maltzur, lepo egingo nuke, Veivoda jauna, pasatuko zarela». Isiltasun izugarria zegoen, Veivodak karta jiratu eta hara non ageri den beste zazpiko bat. Tabernaria elurra bezala zurbildu zen, bere azken sosa zen hura, sukaldera joan eta handik gutxira harekin ikasten zuen mutikoa etorri zen korrika, esanez tabernari jauna sokatik libratzeko, leihoko kisketatik esekita zegoela eta. Orduan soka ebaki, gizona berpiztarazi, eta jokoan segitu zuten. Inork ez zeukan dirurik, dena bankuan zegoen, Veivodaren aurrian, honek jo eta ke esaten zuela: «Karta txiki eta txarra etorri orduko, ni etxera», eta pasatu egin nahi zuen, baina bere kartak jiratu eta mahaian ezarri behar zituenez, ez zuen tranpa egiterik izan ezta nahita pasatzerik ere. Denak toteldurik zeuden haren suerte onarekin, eta dirurik ezean ordaindukoak eman zituzten. Ordu asko iraun zuen horrek, eta Veivodaren aurrian milaka eta milaka koroa pilatzen ziren. Tximinia-garbitzailiak milioi eta erdi baino gehiago zor zion bankuari; Zderazko ikazkinak milioi bat inguru; Mendea kafe-etxeko atezainak zortziehun mila; mediku batek bi milioi baino gehiago. Erretilua hirurehun mila baino gehiago zeuden bonutan. Veivoda zaharrak denetik probatu zuen. Komunera joaten zenetan gizon ezberdin batek ordezkatzen zuen, eta itzultzian aditzera ematen zioten berak irabazia zuela, hogeita batera iritsia zela. Karta berrien bila joan ziren, baina alferrik. Veivodak hamabost eduki, «aski dut» esan, eta bestiak hamalau zeuzkan. Denek amorraturik begiratzen zioten Veivoda zaharrari, eta birao gehien egiten zuena guztira zortzi koroa jokatutako zoladura-jartzaile bat izan zen. Horrek argi eta garbi adierazi zuen Veivoda bezalako gizon batek ez zuela mundutik ibili beharko, eta ostikatu, bota eta ito beharko zela txakurkume baten modura. Ezin duzu imajinatu Veivoda zaharraren etsipena. Azkenik, ideia bat otu zitzaion. «Komunera noa», esan zion tximinia-garbitzailiari, «jokatu nire ordez, jauna». Eta hala, kapelarik gabe, azkar kaleratu eta Myslik kalera joan zen, zuzen-zuzen, aguazilen bila. Patruila bat topatu eta eman zien aditzera harako taberna hartan kartetan ari zirela. Aguazilek aurretik joatera gonbidatu zuten, haren atzetik joango zirela eta. Itzuli zen, hortaz, eta jakinarazi zioten medikuak bitartian bi milioi baino gehiago galdua zuela, eta atezainak hiru baino gehiago. Erretiluan bostehun mila koroa zeudela bonutan. Handik gutxira aguazilak oldarka sartu, eta zoladura-jartzaileak oihu egin zuen: «Ahal duena salba dadila», baina alferrik: bankua konfiskatu eta denak poliziara eraman zituzten. Zderazko ikazkinak aurka egin zuenez, gurtesi batian eraman zuten. Bankuan bostehun milioi baino gehiago zeuden ordaindukotan, eta mila eta bostehun dirutan. «Sekulan ez dut holakorik ikusi», esan zuen inspektoriak neurriz kanpoko diru hura ikustian, «hau Monte Carlo baino txarragoa da». Goizera arte hantxe gelditu ziren guztiak, Veivoda zaharra izan ezik. Veivoda, salataria zen aldetik, askatu egin zuten, eta agindu zioten banku konfiskatuaren herena jasoko zuela diru-saritzat, ehun eta hirurogei milioi baino gehiago, alegia. Bera, ordia, goiza baino lehen zoratu eta goizez Pragatik ibili zen kutxa gotorrak dozenaka erosten. Honi esaten zaio kartetan suertia izatia.

        Gero Xveik groga prestatzera joan zen, eta honela bukatu zen kontua: gauean, Xveikek kapilaua senperrenak eginez ohera eramatea lortu zuenean, kapilauak honela esan zuen, negar-zotinka:

        — Saldu haut, laguna, lotsagabe saldu. Madarika nazak, jo nazak, eutsi egingo zioat. Fera-futre utzi haut. Ezin diat begietara begiratu. Urratu nazak, ausiki, suntsitu. Ez diat hoberik merezi. Badakik zer naizen?

        Eta kapilauak, negar batean zeukan aurpegia burukoan murgilduz, ahapeka esan zuen, ahots samur bigunez:

        — Zantarra nauk, zirtzila alaena.

        Eta loak hartu zuen, zabal eta zabar.

        Biharamunean, kapilauak, Xveiken begiradari itzuriz, goizean goiz alde egin zuen eta ez zen gautu arte itzuli, infanteriako soldadu lodi batekin itzuli ere.

        — Erakuts iezaiozu, Xveik —esan zuen, Xveiken begiradari berriz ere itzuriz— non zer dagoen, eta irakats iezaiozu nola egiten den groga. Bihar goizean azaldu zaitez Lukax tenientearen aurrera.

        Xveikek eta gizon iritsi berriak gau atsegina eman zuten groga prestatzen. Goizaldean infanteriako soldadu lodiak apenas zirauen zutik, eta hainbat ereserki nazionalen nahasketa harrigarri bat kantatu besterik ez zuen egiten:

        — Chodov-etik latsa bat da igarotzen, hantxe du nire maiteak garagardo gorria zerbitzatzen. Mendia, mendia, garaia haiz, errepidetik joan dira neskatxak, Mendi Zurian nekazaria goldaketan.

        — Beldur nauk higatik —esan zuen Xveikek—. Horrelako talentuarekin kapilauarekin geldituko haiz.

        Goiz hartan lehenengo aldiz ikusi zuen Lukax tenienteak Xveik soldadu onaren aurpegi zintzo eta egiazalea, zeinak iragarri baitzion:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, Xveik naizela, kapilau jaunak kartetan galdutakoa.

 

 

II

 

        Ofizialen morroien instituzioak antzinako jatorria du. Badirudi Mazedoniako Alexandrok bazuela bere otseina. Alabaina, segurua da feudalismoaren garaian zaldunen mertzenarioek hartu zutela eginbehar hori. Zer zen On Kixoteren Santxo Panza? Harritzen nau morroi militarren historia gaur egun arte inork idatzi ez izanak. Han irakurriko genuke Almavirako dukeak gosearen gosez jan zuela bere sehi militarra, gatzik gabe jan ere, Toledoko setioan. Hala dio dukeak berak bere memorietan: bere sehiak samur, bigun, malgua zeukala haragia, eta zaporeak oilasko eta astoaren arteko zerbait zirudiela.

        Arte militarrari buruzko liburu suebo batean ere sehi militarrentzako argibideak aurkitzen ditugu. Garai zaharraren otseinak fededuna izan behar zuen, bertutetsua, egiatia, apala, ausarta, adoretsua, zintzoa eta fina. Laburbilduz, gizon-eredua izan behar zuen. Garai berriak asko aldatu du mota hori. Otsein modernoa gehienetan ez da izaten ez fededuna, ez bertutetsua, ez egiatia. Gezurra esaten du, engainatzen du bere jauna, eta sarri askotan benetako infernu bihurtzen du bere nagusiaren bizitza. Esklabo arteriotsua da, bere jaunaren bizitza zapuzteko denetariko trikimailuak asmatzen dituena. Otsein-belaunaldi berri honetan ez dago Almavirako dukearen Fernando eskuzabala bezain izaki sakrifikaturik, bere jaunak gatzik gabe jana izateari amore emateko prest dagoenik. Bestalde, ikusten dugu nagusiek, garai berriaren beren sehiekin hil edo biziko lehian, mota guztietako baliabideak erabiltzen dituztela aginpideari eusteko. Terrore mota jakin bat izan ohi da. 1912. urtean Graz hirian epaiketa bat izan zen, non bere otseina ostikoka hil zuen kapitain batek rol bikaina jokatu baitzuen. Askatu egin zuten, zeren halakorik egiten zueneko bigarren aldia besterik ez baitzen. Jaun haien iritziz, otseinaren bizitzak ez dauka batere baliorik. Objektu baino ez da, belarrondokoak sarri jasotzeko gizon, esklabo, denetarako morroi. Ez da, hortaz, harritzekoa malmutza eta arteriotsua izan beharra lanbide honetan aritzeko. Gure planetan duen funtzioa, belarrondokoz eta martirioz hezitako morroi antzinakoen sufrimenduarekin baino ezin da alderatu.

        Zenbait kasutan, ordea, otseina kuttun izatera iristen da, eta orduan troparen, batailoiaren beldurgarri bihurtzen da. Militar gradudun guztiek erosi nahi dute. Berak erabakitzen ditu baimenak, bera ararteko izan daiteke txostena onerako atera dadin.

        Gerra denboran, zilarrezko domina handi eta txikiak jaso ohi zituzten kuttunok saritzat adore eta ausardiagatik.

        91. errejimenduan haietarik zenbait ezagutu nituen. Otsein batek zilarrezko domina handia jaso zuen, lapurtzen zituen antzarak primeran erretzen baitzekien. Beste batek zilarrezko txikia jaso zuen, zeren eta, etxetik hornidura ederra bidaltzen ziotenez, bere jauna, goserik handieneko garaian larrua lasaitu eta, ezin baitzitekeen ibili ere egin.

        Eta bere jaunak honelaxe estilizatu zuen sarirako proposamena:

        «Gudetan aparteko adore eta ausardia erakutsi, bizitza mespretxatu, eta aurrera zegien etsaiaren su indartsupean bere ofizialarengandik urrats bat ere ez urruntzeagatik».

        Eta berak, bitartean, atzeguardiako oilategiak zakuratzen zituen. Gerrak otseinaren eta jaunaren arteko harremana aldatu zuen, otseina troparen izakirik gorrotagarrien bihurraraziz. Otseinak beti kontserba osoa zeukan, bakar bat bost gizonen artean banatzen zenean. Bere kanpaina-botila ron edo koñakez beteta egoten zen beti. Halako izakiak egun osoa ematen zuen txokolatea mastekatzen, eta ofizialentzako galletak jan, bere ofizialaren zigarretak erre, ordu luzetan janaria prestatu, eta brusa dotorea janzten zuen.

        Sehiak harreman ezin konfiantzazkoagoa zeukan bulego-mezulariarekin, eta bere mahaitik eta zeuzkan pribilegio guztietatik janari-hondakin ugari eskuratzen zizkion. Sarjentu kontulari bat ere erantsi zuen triunbiraturako. Ofizialarekin harreman zuzenean bizi zen hirukote honek operazio eta gerra-plan guztiak ezagutzen zituen.

        Pelotoi baten sarjentua ofizialaren sehiaren adiskidea baldin bazen, pelotoi hori izaten zen beti kontua noiz hastekoa zen hobekien zekiena.

        Sehiak «hirurak hogeita bost gutxitan ospa egingo dugu» esaten zuenean, hirurak hogeita bost gutxitan doi-doi hasten ziren Austriako soldaduak etsaiarengandik libratzen.

        Sehiak harreman ezin adiskidetsuagoa zeukan kanpaina-sukaldearekin, gustukoa zuen marmiten ingurutik ibiltzea, eta aginduak ematen zituen jatetxean egon eta aurrean karta izango balu bezala.

        — Nik saiheskiak nahi ditiat —esaten zion sukaldariari—. Atzo isatsa eman hidan. Jar iezadak gibel zati bat ere saldan. Badakik ez dudala barerik jaten.

        Eta izu-ikarazko egoeretan nabarmentzen zen sehiaren bikaintasuna. Lubakiak bonbardatzen zirenean galtzak estutzen zitzaizkion ipurdian. Horrelakoetan babeslekuren batean aurkitzen zen bere eta jaunaren ekipajearekin, granadaren batek ez harrapatzeko burua burusi baten azpian estalirik, eta desio bakar bat zuen: bere jauna zauri zezatela eta harekin atzeguardiara itzultzea.

        Izu-ikara sortu, sistematikoki eta nolabaiteko misterioz sortzen zuen.

        — Telefonoa muntatzen ari direla iruditzen zait —isilpean jakinarazten zion soldaduteriari. Eta zoriontsua zen honako hau esan zezakeenean:

        — Bukatu dute.

        Inork ez zuen berak bezain gustura ihes egiten. Halakoetan, buru gainetik granadek eta balek txistu egiten ziotela ahaztu, eta Estatu Nagusirantz abiatzen zen, ekipaje eta guzti, nekaezin, bertan baitzen tren militarra. Oso gustatzen zitzaion tren hura, eta izugarri bertan joatea ere. Okerrenean, osasun-orgatilak erabiltzen zituen. Oinez joan behar bazuen, gizon suntsitu baten plantak egiten zituen. Hala bazen, bere jaunaren ekipajea lubakietan utzi eta bere ondasunak baino ez zeramatzan narraz.

        Bera ez baina ofiziala, ihes, preso erortzetik salbatzen bazen, sehiak ez zuen inola ere ahazten presondegira bere jaunaren ekipajea ere eramatea. Ekipaje hori, erne baino erneago atxikiko zitzaion bere ondasunetako bat izatera pasatzen zen.

        Ofizial baten sehi preso bat ikusi nuen, gainerakoekin Dubno hiritik Kiev ondoko Darnitse-raino oinez joan zena. Bere bizkar-zorroa eta preso erori aurretik ihes egindako bere ofizialaren bizkar-zorroaz gain, era ezberdineko bost esku-maletatxo, bi burusi eta buruko bat ere zeuzkan aldean, bai eta buruan zeraman ekipajea ere. Kosakoek bi maleta lapurtu zizkiotela kexatzen zen.

        Ez dut inoiz ere ahaztuko horrekin guztiarekin Ukrainia osotik izerdi-patsetan ibilitako gizon hura. Mudantza-gurdi bizi bat zen, eta ez dut ulertzen nola ehunka kilometrotan hori guztia arrastaka eraman, gero Uzbekistango hiriburura, Taxkent-era iritsi, gorde, eta bere ekipajearen gainean hil zitekeen preso-zelai batean, tifusak jota.

        Gaur egun, ofizialen sehiak gure Errepublika osotik barreiatuak daude eta beren jazoera heroikoak kontatzen dizkigute. Beraiek hartu zituzten mendean Sokal, Dubno, Nix eta Piava. Haietako bakoitza Napoleon bat da:

        — Gure koronelari esan nion Estatu Nagusira deitzeko, has zitezkeela eta.

        Gehienak atzerakoiak ziren eta soldadu-jendeari gorrotagarriak gertatzen zitzaizkion. Batzuk salatariak ziren, eta txit pozgarria zitzaien baten bat estekatzen zutela ikustea.

        Kasta berezi bilakatu ziren. Beraien berekoikeriak ez zuen mugarik.

 

 

III

 

        Lukax Austriako monarkia ustelduaren ofizial-eredua zen. Kadete-eskolak anfibio bihurtu zuen. Jendartean alemanez hitz egin, alemanez idatzi, txekierazko liburuak irakurri, eta urtebeteko boluntario txekiarrei eskola ematen zienean, isilpean esaten zien:

        — Izan gaitezen txekiarrak, baina inork ez du horren berri izan behar. Ni ere txekiarra nauzue.

        Urrutitik itzuri behar zaion halako erakunde sekretutzat zeukan txekiartasuna.

        Bestela, gizon zintzoa zen, bere nagusien beldur ez eta maniobretan bere tropa zaintzen zuena, dagokion bezala. Haientzat beti aurkitzen zuen aterpe erosoa bihitegietan, eta askotan bere soldata apaletik garagardo upela aterarazten zuen bere soldaduentzat.

        Martxa bitartean, atsegin zitzaion soldaduek kantatzea. Entrenatzera eta entrenatzetik joanda ere kantatu behar izaten zuten. Eta bere troparen albotik zihoala, haiekin abesten zuen:

 

                Eta gauerdia heldurik,

                oloak jauzi zorrotik,

                dzumtaria bum!

 

        Soldaduek estimuan zeukaten, zeren zuzen-zuzena baitzen eta ez baitzuen inor tiranizatzeko ohiturarik.

        Gradudunei dardara eragiten zien, eta sarjenturik zakarrena arkume bihurtzen zuen hilabete bakar batean.

        Egia da oihu egiten bazekiela, baina inoiz ez zuen irainik egiten. Hitz eta esaldi aukeratuak erabiltzen zituen.

        — Begira —zioen—, benetan ez dut gustukoa zigortzea, mutiko, baina ezin dut besterik egin, diziplina da-eta armadaren gaitasun, kemenaren oinarria. Diziplinarik ezean, haizeak astindutako kanabera da armada. Uniformea txukun ez badaukazu eta botoiak ongi josita ez badaude edo falta badira, ikusten da armadarekiko daukazun eginbeharra ahazten duzula. Beharbada ulergaitza irudituko zaizu atzoko desfilean botoi bat falta izateagatik espetxeratzea, halako huskeria ez da-eta zibilez jantzita nabaritzen. Eta badakizu zure kanpoko itxuraren zabarkeria berehala zigortu behar dela armadan. Eta zergatik? Hemen kontua ez da botoi bat falta izatea, baizik eta txukuntasunera ohitu behar duzula. Gaur botoia josi ez eta alferkerian hasten bazara, bihar nekeza irudituko zaizu fusila desmuntatu eta garbitzea, etzi tabernaren batean ahaztuko duzu baioneta, eta azkenean zaintetxolan lokartu ere egingo zara, ze ditxosozko botoi horrekin bizimodu zabarra eramaten hasi zinen. Hala da, mutiko, eta horrexegatik zigortzen zaitut, zeure eginbeharrak astiro baina seguru ahaztuz gero hartuko zenukeen zigor are txarrago batetik libratzeko. Bost egunez sartuko zaitut preso, eta espero dut ogia eta ura hartuta pentsa dezazula zigorra ez dela mendekua, baizik eta soldadu zigortua zuzenbidean eta onbidean jartzen duen hezkuntza-bitartekoa.

        Aspalditik izan behar zuen kapitain, baina ez zion nazio-auzian zerabilen zuhurtasunak laguntzen, zeren bere nagusiekiko itzulingururik gabe jokatzen baitzuen, zerbitzu-harreman horretan batere lausengukeriarik ezagutzen ez zuela.

        Hori zen Hegoaldeko Bohemiako nekazari-izaeratik gelditzen zitzaiona, bertako herri batean jaioa baitzen baso beltz eta urmaelen artean.

        Soldaduekiko zuzena bazen ere eta ez torturatzaile, bere izaeran bazegoen ezaugarri berezi bat: gorroto zituen bere sehiak, zeren beti izaten baitzuen otseinik zakar eta zirtzilena egokitzeko suertea.

        Ahoan jotzen zituen, zapla jotzen zien, eta agiraken eta egintzen bidez hezten saiatzen zen, soldadutzat jotzen ez zituelarik. Haiekin urte anitzetan etsi-etsian lehiatu, behin eta berriz txandakatu, eta azkenean hasperen egiten zuen:

        — Berriro ere egokitu zait astakilo bat.

        Bere sehiak faunaren animaliarik zarpailentzat hartzen zituen.

        Animaliak ikaragarri gustatzen zitzaizkion. Harz-eko kanari bat, Angorako katu bat eta grifoi bat zeuzkan. Sehi guztiek ez zituzten animaliok gaizkiago tratatzen Lukax tenienteak beraiek baino, zitalkeriaren bat egiten ziotenean.

        Kanaria gosez akabatu zuten, sehi batek begia atera zion Angorako katuari, grifoia maiz astintzen zuten, eta azkenean Xveiken aitzindarietako batek txakur gaixoa Pankrats-eko kartzelako borreroari eraman eta hilarazi zion, bere poltsikotik hamar koroa emateaz batere atsekabetu gabe. Gero tenienteari aditzera eman zion txakurrak paseoan ihes egin ziola, eta biharamunean troparekin lotu zitzaion ariketa-lekurako bideari.

        Xveik Lukax tenientearen aurrean aurkeztu zenean, honek gelara eraman eta esan zion:

        — Katz kapilauaren bidez zaude hemen, eta zureganako konfiantza lotsagarri ez uztea espero dut. Dozena bat sehi izan ditut, eta haietako bat ere ez da nire etxera egokitu. Ohartarazten zaitut zorrotza naizela eta edozein zitalkeria eta gezur zigortzen dudala. Beti egia esatea eta nire agindu guztiak kexurik gabe betetzea desio dut. Esaten badut: «Salto egin sutara», orduan sutara salto egin behar duzu, nahitaez. Nora begira zaude ?

        Xveik alde baterantz arreta handiz begira zegoen, kanariaren kaiola esekitako hormarantz, eta orain, bere begi onberak tenientearengan ezarriz, doinu maitagarriz, onberaz ihardetsi zuen:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, Harz-eko kanari bat dagoela han.

        Eta honela tenientearen hitz-jarioa etenik, Xveikek jarrera militarra erakutsi, eta keinurik ere egin gabe, zuzen begietara so egin zion.

        Tenienteak zerbait zorrotza esan nahi zuen, baina Xveiken aurpegiera errugabeari behatuz, hauxe besterik ez zuen esan:

        — Kapilau jaunak ergel-ergela zarela jakinarazi dit, eta uste dut ez zebilela oker.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, kapilau jauna ez zebilela oker, benetan. Soldadutzan nengoela tenteltzat jo eta libratu egin nintzen, tentel nabarmentzat, gainera. Arrazoi horregatik errejimenduko bi bota gintuzten: ni eta Von Kaunitz kapitain jauna. Honek, barka nazazu teniente jauna, kaletik zihoanian, ezkerreko eskuaren atzamar bat sartzen zuen jo eta ke ezkerreko sudurzuloan, eta eskuineko eskuaren beste bat eskuineko sudurzuloan, eta gurekin ariketa-lekura zihoanian, desfilerako bezala ilaratan jarrarazi eta esaten zigun beti: «Soldaduok, e, gogora ezazue, e, gaur asteazkena dela, bihar osteguna da-ta, e».

        Lukax tenienteak bizkarrari eragin zion, pentsamendu zehatzak adierazteko hitzik ez dakien eta berehala aurkitzen ez duenaren antzera.

        Atetik Xveiken ingurutik igaro eta beste aldeko leihora joan zen, eta bertatik itzuli. Tartean, Xveikek, tenientea zegoen lekuaren arabera, ezkerraldera ala eskuinaldera begiratzen zuen, hainbesterainoko aurpegi ezin errugabeagoaz, non tenienteak begiak jaitsi, alfonbra begiratu, eta zerbait esan baitzuen, Xveikek kapitain ergelaz egindako oharrarekin batere zerikusirik ez zuena:

        — Bai, etxean txukuntasuna eta garbitasuna ditut lege, eta ez didazu gezurrik esan behar. Zintzotasuna gustatzen zait. Gezurra gorroto dut, eta errukirik gabe zigortzen dut, ongi ulertzen didazu?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ulertzen dudala. Ez dago gauza txarragorik gezurrak esatia baino. Gezurretan korapilatuz gero, akabo. Pelhrimov hiriaren ondoko herri batian bazen Marek izeneko maisu bat, Xpera basozainaren alabaren atzetik zebilena. Xperak mandatu bat bidali zion, neskarekin basoan bilduz gero, ikusi orduko zurda jaurtiko ziola, gatz eta guzti, fusilarekin ipurdira. Maisuak egia ez zela jakinarazi zion, baina neskarekin bildu behar zueneko batian, basozainak harrapatu eta operazio hori egin izan nahi zion, baina maisua bere burua zuritzen hasi zen, lore biltzen zebilela, zomorro batzuk harrapatzera joana zela, eta gero eta korapilagotu egin zen, harik eta, azkenian, beldurraren beldurrez, erbiei segadak jartzera joana zela agindu zuen arte. Orduan, basozain maitagarriak oratu eta jendarmeriara eraman zuen, handik auzitegiratu, eta maisua kaiolan sartziar egon zen. Egia hutsa esan balu, zurda eta gatza bakarrik jasoko zituen. Nire ustez, hobe da beti aitortzia, egiazalea izatia, eta zerbait eginez gero, etorri eta esatia: «Apal-apalik jakinarazten dizut hau eta beste egin dudala». Eta zintzotasunari dagokionez, gauza ona izaten da beti, harekin urrutien iristen da eta. Lasterketetan bezala: marro egiten duena atzian gelditzen da. Hala gertatu zitzaion nire lehengusuari. Gizon zintzoa beti izaten da estimatua, errespetatua, bere buruarekin laketua, eta jaioberri bat bezala sentitzen da oheratu eta esan dezakeenian: «Gaur ere zintzoa izan naiz».

        Berbaldi honen bitartean Lukax tenientea aulkian eseririk zegoen, Xveiken botetara begira, gogoetan:

        — Alajainkoa, izan ere, askotan halako txorakeriak botatzen ditiat nik ere, ezberdintasun bakarra esateko modua izanik.

        Alabaina, bere aginpidea galdu nahi ez eta, honela esan zuen, Xveikek bukatutakoan:

        — Etxe honetan zeure botak garbitu behar dituzu, uniformea txukundu, botoiak ongi josi, eta soldadu traza eduki, eta ez zibil zabar baten antzera ibili. Bitxia da zuetako inork ere militar baten gisa jokatzen ez jakitea. Nire sehi guztietako bakar batek bazeukan borrokari-itxura, eta azkenean desfilerako uniformea lapurtu eta judu-auzoan saldu zuen.

        Pittin bat isildu eta jarraitu egin zuen Xveiki haren eginbehar guztiak azaltzen, fidela izan behar zuela eta etxean gertatutakoa inon kontatu behar ez zuela azpimarratzea ahaztu gabe.

        — Damak etortzen zaizkit bisitan —aipatu zuen—, baten bat gaua pasatzera gelditzen da goizean zerbitzurik ez dudanean. Hala bada, kafea ekarriko diguzu ohera txirrina jotzen dudanean, ulertzen?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut ulertzen dudala, teniente jauna, baina ohera derrepentian heltzea desatsegina izan liteke akaso damaren batentzat. Behin neska bat etxeratu nuen, eta denbora pasa dibertigarrian genbiltzala, nire neskamiak kafea ekarri zigun ohera. Beldurtu eta, bizkar osoa busti zidan, eta «Jaungoikoak egun on dizuela» esan ere. Nik badakit zer den egoki dama batek inon lo egiten duenian.

        — Ongi, Xveik. Damekin aparteko arretaz jokatu behar izaten dugu beti —esan zuen tenienteak umore hobean, zeren, kuartel, ariketa-leku eta karten arteko astia betetzen zuen gaira iritsia baitzen solasa.

        Emakumeak ziren haren etxeko arima. Beraiek sortzen zioten supazter-giroa. Zenbait dozena ziren, eta haietako asko, beren egonaldian, etxea hainbat purtxileriaz apaintzen ahalegintzen ziren.

        Andre batek bi aste eman zituen etxe hartan, harik eta senarra (kafe-etxe bateko jabe zena) bila joan zitzaion arte. Bada, andre hark bi asteotan mahairako zapi maitagarri bat bordatu, galtzontzilo guztietan inizialak ezarri, eta agian hormako tapiza bukatuko zuen, senarrak idilio hura suntsitu ez balu.

        Dama batek dama-saloitxo bihurtu nahi zuen Lukaxen logela: han-hemenka huskeriak eta pitxartxoak barreiatu, eta ohe gainean Aingeru Guardakoaren iruditxo bat eseki zuen. Hiru asteren buruan, gurasoak joan zitzaizkion bila.

        Logela eta jangelako bazter guztietan nabari zen emakumezko eskua, baita sukaldean ere, non ikus baitzitezkeen denetiko tresneria eta ontziteria: opari bikain hori lantegiko jabe baten andre maiteminduarena zen, zeinak, grinaz gain, barazkiak eta aza ebakitzeko tresna, ogi-birringailua, gibela igurzteko tresna, lapikoak, zartaginak, eltzeak, egurrezko koilarak, eta batek jakin zer gehiago ekarriak baitzituen. Hala ere, handik astebetera alde egin zuen, zeren ezin baitzezakeen onartu tenienteak beste hogei bat maitale ere edukitzea. Izan ere, horrek arrasto nabariak uzten zituen ar fin uniformedunaren jardueretan.

        Halaber, Lukax tenienteak posta-truke oparoa zuen. Bere maitaleen album bat eta hainbat erlikiaren bilduma zeuzkan, azken bi urteetan fetitxismorako joera erakutsi baitzuen. Zenbait galtzari ezberdin ere bazeuzkan, lau emakumezko-pantaloi maitagarri bordatu eta guzti, hiru alkandoratxo mehe eta garden, batistazko zapitxoak, kortse bat eta zenbait galtzerdi.

        — Gaur zerbitzua daukat —esan zuen— eta ez naiz gauera arte bueltatuko. Zaindu guztia eta eduki etxea txukun-txukun. Azken sehia, bere doilorkeriagatik, gaur joan da frontera batailoiarekin.

        Kanariari eta Angorako katuari buruzko aginduak emandakoan, alde egin zuen, atetik bertatik zintzotasun eta txukuntasunari buruzko zenbait hitz esatea ahaztu gabe.

        Tenienteak alde eginda Xveikek etxe guztia txukundu zuenez, gauez itzultzean honela adierazi zion Xveikek Lukax tenienteari:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, dena txukun dagoela. Hala ere, katuak bihurrikeria egin eta zure kanaria jan du.

        — Nolatan, bada? —burrunba egin zuen tenienteak.

        — Honela, teniente jauna: nik banekien katuek ez dituztela kanariak gustukoak, eta kalte egiten dietela. Bada, orduan, elkar ezagutzia nahi izan dut, eta katuari jipoia berotu piztia horrek kanariari zerbait eginez gero. Horrela ez zuen hil arte ahaztuko nola jokatu behar zuen kanariarekin, ze asko maite ditut animaliak. Nire etxian kapela-saltzaile bat bizi da, eta horrek hainbeste hezi zuen katua, ze honek hasieran hiru kanari jan zizkion, eta orain bat ere ez, eta kanaria haren gainian eser daiteke, antza. Orduan nik ere probatu nahi izan dut, kanaria kaiolatik atera, eta usnatzen eman diot katuari, eta kaiku horrek, ni konturatu orduko, kosk egin dio buruan. Nik ez nuen harengandik halako zatarkeriarik espero, benetan. Kurloia izan balitz, teniente jauna, ez nuke ezer esango, baina halako Harz-eko kanari eder bat... eta bai antsiaz jan duela, luma eta guzti, eta alaiaren alaiaz zurrunga egin du. Katuek ez omen daukate heziketa musikalik, eta ezin dute jasan kanarien kantua, piztia horiek ez dute ulertzen eta. Ni biraoka hasi natzaio katuari, baina Jainkoak gorde nazala, ez diot ezer egin, eta zure zain gelditu naiz, zuk erabaki arte piztia ugertsu horrekin zer egin.

        Hau kontatzen ari zela, Xveikek hain zintzo so egiten zuen tenientearen begietara, non honek, aurrena Xveikengana asmo zakarrez hurbildurik, harengandik apartatu, aulkian eseri eta galde egin baitzuen:

        — Entzun, Xveik: Jainkoaren animalia zara benetan?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna —Xveikek zeremoniatsu arrapostu—, baietz! Txikitatik daukat honelako zoritxarra. Beti zerbait konpondu, ondo egin nahi dut, eta emaitza beti desatsegina izaten da niretzat eta nire ingurukoentzat. Nik bi horiek elkar ezagutzia nahi nuen, benetan, elkar uler zezaten, eta ez da nire errua katuak kanaria jan eta ezaupidea bukatu bada. Xtupart familiaren etxian, orain dela urte asko, katu batek papagai bat jan zuen, barre egin eta hark bezala marru egitiagatik. Baina katuek bizitza iraunkorra daukate. Agintzen badidazu, teniente jauna, hura hiltzeko, atia itxiz zapaldu beharko dut. Bestela ez da akabatuko.

        Eta Xveikek, bere aurpegirik errugabeenaz eta irribarre onbera eta maitagarriaz, tenienteari katuak hiltzeko modua azaldu zion. Ziurrenik, Animaliak Babesteko Elkartekoek, horren berri jakingo balute, zoroetxean bukatuko lukete.

        Tartean aditu baten ezagutzak erakusten zituenez, Lukax tenienteak, bere amorruaz ahazturik, galde egin zion:

        — Badakizu animaliak tratatzen? Animalienganako sentimendurik eta maitasunik al daukazu?

        — Txakurrak ditut maiteen —esan zuen Xveikek—. Izan ere, negozio errentagarri dira txakur saltzen dakienarentzat. Nik ez dut jakin, beti zintzoa izan naiz eta. Baina bazegoen jendia etortzen zitzaidana odol garbiko txakur osasuntsu baten ordez kaleko txakur bat saldu niela-eta kexatzera. Txakur guztiak odol garbikoak eta osasuntsuak dira, ala? Guztiek berihala pedigria nahi zutenez, pedigriak inprimatu nituen. Eta, esaterako, Koxire auzoko adreilu-fabrika batian jaiotako txakur bat Armin von Barheim-en txakurtegi bavariarraren odol garbiko txakur ezin nobleago bihurtu nuen. Eta, benetan, jendia berihala pozik zegoen dena ongi atera eta etxian odol garbiko animalia bat edukitziaz. Vrxovitse auzoko otso-txakur bat azeri-txakurtzat eskaini ahal izan nuen. Erosliak bakarrik harritu ziren ikustian halako txakur bitxia, Alemaniatik etorria, iletsua zela eta hankak makurrak ez zeuzkala. Hala egiten da txakurtegi guztietan. Txakurtegi handietan pedigriekin egiten diren iruzurrak ikusiko bazenitu, teniente jauna. Gutxi dira, benetan, beren buruaz «odol garbiko animalia naiz» esan lezaketen txakurrak. Edo ama edo amona munstroren batekin galdu zen, edo zenbait aita izan ditu eta bakoitzagandik zerbait jarauntsi du. Honengandik belarriak, horrengandik isatsa, harengandik muturreko ileak, hirugarrenarengandik muturra, laugarrenarengandik hanka herrenak, eta bosgarrenarengandik tamaina, eta halako hamabi aita izan baditu, imajina dezakezu, teniente jauna, nolako itxura izango duen halako txakurrak. Nik behin eper-txakur bat erosi nuen, eta bere aitengatik hain zen itsusia ze txakur guztiak itzurtzen zitzaizkion, eta errukiz erosi nuen, abandonatua zegoelako. Eta bera beti etxeko izkina batian esertzen zen, triste horietakoa zen, harik eta grifoia balitz bezala saldu behar izan nuen arte. Lanik gehien eman zidana tindatzia izan zen, piperrauts eta gatz kolorekoa izateko. Orduan bere jabearekin Moraviara joan eta ordutik ez dut ikusi.

        Azalpen kinologiko hau interes handia pizten hasi zen tenientearengan, eta horrela, oztoporik gabe segitu ahal izan zuen Xveikek:

        — Txakurrek ezin dute damek bezala ilea tindatu; saldu nahi dituenak arduratu behar izaten du beti horretaz. Txakurra zaharra eta ile urdinekoa denian, urtebeteko txakurtzat saldu nahi baduzu, edo, aitona gaixoa, bederatzi hilabetekotzat, zilarrezko fulminatoa erosi, disolbatu, eta beltzez pintatu behar duzu, gazte itxura emateko. Indarra hartzeko, zaldia bezala artsenikoz elikatu, eta hortzak garbi iezazkiozu ganibet herdoilduak garbitzeko erabiltzen den lizpaperaz. Eta erosleren bati saltzera eraman baino lehen, bota iezaiozu okaran-pattarra muturrian, pixka bat mozkortzeko, eta berihala bizkortuko da, alaitu egingo da, pozaren pozez zaunkari, eta guztiekin adiskidetuko da udal kontseilari mozkorti bat bezala. Baina inportanteena hauxe da: jendia, teniente jauna, konbentzitu behar da, luze konbentzitu, eroslia guztiz txunditu arte. Norbaitek sagu-txakurra erosi nahi eta zuk etxian ehiza-txakurra besterik ez badaukazu, gizon hori konbentzitzen jakin behar duzu, sagu-txakurraren ordez ehiza-txakurra eramateko, eta kasualitatez etxian sagu-txakurra besterik eduki ez eta norbait etortzen bazaizu Alemaniako doba-txakur gaizto bat erostera zaindari gisa erabiltzeko, bada, tipo hori ergeldu egin behar duzu, doba-txakurraren ordez sagu-txakur nano hori eraman dezan patrikan. Egun batez, txakur-saltzen nenbilen garaian, dama bat etorri zitzaidan, esanez papagaiak ihes egin ziola lorategira hegaka, une hartan mutiko batzuek, etxe aurrian indiotara jolasian, harrapatu, eta isatseko luma guziak atera zizkiotela, eta lumokin poliziak balira bezala apaindu zirela. Eta papagaia, isatsgabia izatiaz lotsaturik gaixotu eta albaitariak hauts batzuk emanda errematatu zuela. Hortaz, beste papagai bat erosi nahi izan zuen, behar bezalako bat, eta ez irain egiten besterik ez dakien arrunt horietakoa. Zer egin nezakeen, bada, etxian papagairik ez eta bat ere ezagutzen ez banuen? Etxian ehiza-txakur gaizto bat besterik ez neukan, guztiz itsua. Orduan, subofizial jauna, andre hori arratsaldeko lauetatik zazpietara konbentzitzen aritu nintzen, harik eta papagaiaren ordez ehiza-txakur itsua erosi zuen arte. Egoera diplomatiko bat baino txarragoa izan zen, eta joan zenian zera esan nuen: «Saia daitezela mutiko horiek honi ere isatsa ateratzen», eta ez nuen andre horrekin gehiago hitz egin, ze txakurragatik alde egin behar izan zuen Pragatik. Izan ere, kosk egin zien etxe hartako guztiei. Uste duzu, subofizial jauna, oso zaila dela behar bezalako animalia edukitzia?

        — Nik txakurrak maite ditut oso —esan zuen subofizialak—. Frontean dauden nire zenbait lagunek txakurrak daramatzate aldean, eta idatzi didate gerra, halako animalia fidel eta zintzo bat lagun izanda, oso ondo dabilela. Hortaz, zerorrek txakur mota guztiak ezagutzen dituzu, eta espero dut, txakurrik baneuka, ederki zainduko zenukeela. Zure iritziz, zein mota da onena? Esan nahi dut, txakurrak lagun egiten duen aldetik. Behin grifoi-txakur bat izan nuen, eta ez dakit...

        — Nire iritziz, teniente jauna, grifoia txakur oso maitagarria da. Egia da jende guztiari ez zaiola gustatzen, zergatikan zurdak baditu, eta muturrian hain bizar gogorra, ze askatutako presoa dirudi. Hain da itsusia, ze ederra da, eta bizkorra, gainera. Nola alderatuko zaio halako sanbernardo ergel bat? Fox-terrierra baino bizkorragoa da. Nik bat ezagutu nuen...

        Lukax tenienteak erlojuari begiratu eta Xveiken berbaldia eten zuen:

        — Berandu da. Lotara joan behar. Bihar ere zerbitzua daukat. Beraz, egun guztia eman dezakezu grifoiren baten bila.

        Lotara joan zen, eta Xveik sukaldeko sofan etzan zen, tenienteak kuarteletik ekarritako egunkaria irakurtzeko.

        — Hara! —esan zuen Xveikek bere artean, eguneko gertaeren aurkibidea arretaz segituz—, sultanak gerra-domina ezarri dio Gilen enperadoreari, eta nik oraindik ez daukat zilarrezko txikirik ere.

        Hausnar egin eta salto eman zuen:

        — Ahaztu ez zaidanean!

        Tenientea lo betean zegoela, Xveike logelara joan zitzaion eta iratzarri egin zuen:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ez dudala katuari buruzko agindurik jaso.

        Eta tenienteak, lozorroan, beste aldera jiratu eta, purrust egin zuen:

        — Hiru egun ziegan! —eta loari ekin zion.

        Xveik isilka gelatik irten zen. Zoritxarreko katua sofa azpitik atera eta honela esan zion:

        — Hi, hiru eguneko ziega hiretzat, utikan!

        Eta Angorako katua narraz sartu zen berriro sofa azpira.

 

 

IV

 

        Xveik grifoiren baten bila irteteko prestatzen ari zen, dama gazte batek txirrina jo eta Lukax tenientearekin hitz egitea eskatu zuenean. Haren ondoan bi fardel handi zeutzan, eta eskaileran behera zihoan mutilaren txanoa antzeman zuen Xveikek.

        — Ez da etxian —esan zuen Xveikek gogor, baina dama gaztea ordurako atondoan zegoen, eta irmo agindu zion Xveiki:

        — Eraman fardelak gelara!

        — Teniente jaunaren baimenik gabe, ezin liteke —esan zuen Xveikek—. Teniente jaunak agindu dit ez dudala bere baimenik gabe ezer egin behar.

        — Zoratu egin al zara? —oihu egin zuen dama gazteak—. Teniente jauna bisitatzera etorria naiz.

        — Bada, nik ez dut horren berri —erantzun zuen Xveikek—. Teniente jauna zerbitzuan dago, ez da gauera arte bueltatuko, eta nik grifoi-txakur bat aurkitzeko agindua jaso dut. Nik ez dakit ezer ezein fardelez ezta ezein damaz ere. Orain etxia itxiko dut, eta, beraz, mesedez eskatzen dizut irteteko. Niri ez didate ezer iragarri, eta ezin dut etxian utzi ezagutzen ez dudan jende arrotzik. Bestela, begira zer gertatu zen behin nire kalian: Bieltxitsky gozogilearen etxian gizon bati sartzen utzi zioten, eta honek armairu bat bortxatu eta hanka egin zuen. Nik ez dut zutaz gaizki pentsatzen —jarraitu zuen Xveikek, dama gaztea etsirik eta negarrez ikustean—, baina, dudarik gabe, ezin zara hemen gelditu, kontu egizu, ze etxiaren ardura nire esku dago eta edozein huskeriaren erantzukizuna dut. Horregatik, berriro eskatzen dizut mesedez alferrik ez saiatzeko. Subtenientiaren agindurik jaso arte, ez dut neure anaia ere ezagutzen. Benetan sentitzen dut zurekin horrela hitz egin beharra, baina armadan ganora behar da.

        Bitartean dama gaztea amiñi bat bere onera etorria zen. Poltsatik txartel bat atera, lapitzez zenbait lerro idatzi, gutun-azal txiki maitagarri batean sartu eta lur jota esan zuen:

        — Eraman teniente jaunari. Ni hemen geldituko naiz erantzunaren zain. Hemen dituzu bost koroa biderako.

        — Hortik ez da ezer onik aterako —erantzun zuen Xveikek, bat-bateko bisitariaren setak ofenditurik—. Geldi zaitez bost koroekin, hemen dituzu, aulkian, eta nahi baduzu, etorri nirekin kuartelera eta itxaron iezadazu: nik zure idazkitxoa eman eta ekarriko dut erantzuna. Baina tartian zuk hemen itxarotia ez da posible, inondik inora.

        Hitzok esandakoan, fardelak atondora atera eta gaztelu bateko giltzazainak bezala giltzei durundi eraginez, modu deigarrian esan zuen ate ondoan:

        — Itxi egin behar!

        Dama gaztea etsirik irten zen korridorera. Xveik, atea itxi eta, aurretik joan zen. Bisitaria atzetik zihoakion, xakur baten antzera tipi-tapa, eta ez zitzaion parera iritsi harik eta Xveik zigarretak erosteko estanko batean gelditu zen arte.

        Orain Xveiken ondotik zihoan, mintzagairen baten bila:

        — Benetan emango diozu?

        — Baietz esan dizut.

        — Eta aurkituko duzu teniente jauna?

        — Ez dakit.

        Berriro elkarren ondotik zebiltzan, isilka-misilka, harik eta, handik tarte batera, dama solasari birlotu zitzaion arte:

        — Horrenbestez, uste duzu ez duzula teniente jauna aurkituko?

        — Ez dut uste.

        — Eta non uste duzu egon litekeela?

        — Ez dakit.

        Hala eten zen solasa tarte batez, harik eta dama gazteak galdera batekin ekin zion arte:

        — Idazkia galdu duzu?

        — Oraingoz ez.

        — Hortaz, seguru teniente jaunari emango diozula?

        — Bai.

        — Eta aurkituko duzu?

        — Esan dizut ez dakidala —erantzun zuen Xveikek—. Harritzen naiz nola izan daitekeen jendia hain kuxkuxeroa eta nola egin dezakeen behin eta berriz galdera bera. Kalian aurkitzen dudan jende guzia geldiarazi eta zein egun den galdetuko banio bezala da hau.

        Honela, behin betiko bukatu zen Xveikekin solastatzeko saioa, eta kuartelerainoko gainerako bidea isilka eman zuten. Behin kuartel ondoan, Xveikek damari itxaroteko erregutu eta ateko soldaduekin gerraz mintzatzeari eman zion: horrek poz handia ematen zion, antza, dama gazteari, zeren espaloitik urduri baitzebilen zoritxar handiko aurpegiaz. Izan ere, ikusten zuen Xveikek bere azalpenetan ziharduela. Beronen aurpegiera, garai hartan Mundu-Gerraren Kronikan argitaratutako argazki batean ikus zitekeena bezain ergela zen. Eta argazkiaren oinean: «Austriako tronurako ondorengoa, aireplano errusiar bat botatako bi piloturekin solasean».

        Xveik ateko jesarleku batean eseri zen eta baita azaldu ere Karpatoetako frontean armadaren erasoak porrot eginak zirela, eta bestalde, Premyxl hiriko komandantea, Kusmanek jenerala, Kievera iritsia zela, Serbian hamaika operazio-puntu abandonatuak zirela, eta serbiarrek ez zutela luzaro iraungo gure soldaduak jazartzen.

        Gero borroka ezagunak banan-banan kritikatzeari eman zion, eta kea asmatu zuen alde guztietatik inguratutako tropa batek errenditu beharra zeukala esatean.

        Nahikoa hitz egin ondoren, egokitzat hartu zuen kanpora irten eta emakume etsiari esatea berehala itzuliko zela, inora joan ez zedila. Gora joan zen, bulegora, eta han Lukax tenientea aurkitu: une horretantxe lubakien eskema bat konpontzen ari zitzaion teniente bati. Bestalde, marrazten ez jakitea eta geometriaz ideiarik ere ez edukitzea aurpegiratzen ari zitzaion.

        — Honela marraztu behar da hau, ikusten? Emandako lerro zuzenaren gainean lerro bertikala trazatzekotan, harekin angelu zuzena sortzeko moduan trazatu behar dugu. Ulertzen? Hala bada, lubakia leku egokian ezarriko duzu, eta ez etsaiaren ondo-ondoan. Harengandik seiehun metrora jarri behar. Baina zeuk marraztu duzun moduan, gure posizioa etsaiaren lerroan sartuko zenuke, eta zeure lubakiekin etsaiaren gainean bertikalki egongo zinateke, eta zuk angelu konbexua behar duzu. Oso erraza da, ezta?

        Eta erreserbako tenientea, bizitza zibilean banketxe bateko kutxazaina, etsirik zegoen planookin, ez zuen ezer ulertzen eta arnasa hartu zuen, Xveik tenienteari hurbildu zitzaionean.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, dama batek idazki hau bidaltzen dizula eta erantzunaren zain dagoela —Bitartean keinu nabari eta familiarrak egin zituen.

        Irakurritakoak ez zuen tenientearengan aldeko irudipenik sortu:

 

                Lieber Heinrich! Mein Mann verfolgt mich. Ich muß bei

                Dir ein paar Tage gastieren. Dein Bursch ist ein großes

                Mistviech. Ich bin unglückich.

                        Deine Katy   Henrike maitea: Senarra atzetik zebilkidak. Nahitaez egun batzuetan gelditu behar diat hire etxean. Hire sehia astakirten hutsa duk. Zoritxarrekoa nauk. Hire Katy

 

        Lukax tenienteak hasperen egin, Xveik aldameneko bulego huts batera eraman, atea itxi, eta mahai artetik ibiltzen hasi zen. Azkenean Xveiken parean gelditu zenean, honela esan zuen:

        — Dama honek idazten du astakirten galanta zarela. Zer egin diozu, bada?

        — Ezer ez, teniente jauna. Nik oso zintzo jokatu dut, baina hark berihalakoan jarri nahi zuen etxian bizitzen. Eta zugandik agindurik jaso ez dudanez, bada, ez diot sartzen utzi. Gainera, bi fardelekin etorri da, bere etxea balitz bezala.

        Tenienteak berriro hasperen ozena egin zuen, jarraian Xveikek ere errepikatu zuena.

        — Zer? —oihu egin zuen tenienteak mehatxagarri.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, kasu zaila dela honako hau. Vojttexska kalean, orain dela bi urte, neska bat tapizatzaile baten etxera joan zen bertan bizitzen jartzeko asmoz, eta gizonak, etxetik ezin bota eta, harrikatz-gasez itoarazi behar izan zuen, horrela ere bere burua hilez, eta hantxe bukatu zen txantxa. Emakumeekin beti izaten dira arazoak. Haiekin, begiak buruan ditut beti.

        — Kasu zaila —errepikatu du tenienteak Xveiken esana, eta ordura arte ez zuen halako egia biribilik esan. Henrike maitea, dudarik gabe, egoera txarrean dago. Senarrak jazarritako emaztea haren etxera dator zenbait eguneko bisitan, hain juxtu ere Trebon hiriko Mitsek andreak etorri behar duenean, urtean lau aldiz (Pragara erosketak egitera doanetan, alegia) eskaintzen dion horixe hiru egunez errepikatzera. Gainera, etzi neska bat etortzeko da. Seduzitua izateari amore emango ziola prometatu zion, astebetez zalantzan egon ondoren: izan ere, datorren hilabetean ingeniari batekin ezkondu behar du.

        Tenientea orain mahai gainean eserita dago, burua makurtuta, isilik eta pentsaketan, baina oraingoz ez du ezer asmatu, harik eta azkenean mahaira eseri, gutun-azala eta papera hartu, eta formulario ofizial batean hauxe idatzi duen arte:

 

        Katy maitea:

        Gaueko bederatziak arte egongo naun zerbitzuan. Hamarretan helduko naun. Nire etxean heurean bezala sentitzeko eskatzen dinat. Xveiki dagokionez, aginduak eman zizkionat gauza denetan gustua egin diezanan.

Hire Henrike.

 

        — Idazki hau —esan zuen tenienteak— andre estimagarriari emango diozu. Agintzen dizut harekiko errespetuz eta arretaz jokatzeko, eta bere nahi guztiak aginduak balira bezala betetzeko. Adeitsu jokatu eta leial zerbitzatu behar duzu. Hemen dituzu ehun koroa, zerbait erostera bidaltzen zaituenerako, edo bazkaria eta afaria enkargatzen dituzunerako, etab. Gainera hiru ardo botila eta Menfis tabako kutxatila erosiko dituzu. Gero egingo ditugu kontuak. Oraingoz, besterik ez. Joan zaitezke, eta erregutzen dizut, otoi, bere desiorik ñimiñoenak ere betetzeko.

        Dama gazteak Xveik ikusteko itxaropen guztia galdua zuen, eta horregatik zurtu egin zen kuarteletik irten eta inguratzen ikustean, harentzako gutuna zeramala.

        Xveikek, erreberentzia eginda, gutuna eman eta iragarri zuen:

        — Teniente jaunaren aginduaren arabera, andre estimagarria, zurekiko errespetuz eta arretaz jokatu behar dut, leial zerbitzatu, eta zure desiorik ñimiñoenak bete. Jaten eman eta nahi duzun guztia erosiko dizut. Horretarako ehun koroa jaso ditut teniente jaunarengandik, baina diru horrekin hiru ardo botila eta Menfis kutxatila ere erosi behar.

        Gutuna irakurririk, itzuli zitzaion damari bere izaera zirt edo zartekoa, modu honetara adierazia: Xveiki kotxe bat lortzeko agindu zion, eta hori beterik, aurrealdean, zalgurdizainarekin esertzeko manatu ere bai.

        Etxera joan ziren. Behin barruan, damak modu bikainean hartu zuen etxeko andre-traza. Xveikek fardelak logelara eraman eta patioan alfonbrak astindu behar izan zituen. Ispiluaren atzeko armiarma ñimiño batek amorru handia eragin zion damari.

        Zantzu guztien arabera, bazirudien damak konkistatutako posizio hartan lubakitu eta oso luzaro gerizatu nahi zuela.

        Izerdia zerion Xveiki. Alfonbrak astindu ostean, damari begitandu zitzaion errezelak jaitsi eta garbitu behar zirela. Ondoren, logela eta sukaldeko leihoak garbitzeko agindua eman zion. Jarraian, altzariak lekuz aldatzen hasi zen, oso urduri, eta Xveikek den-dena bazter batetik bestera arrastatu ondoren, ez zitzaion damari gustatu, eta berriro asmatu zuen non-zer jarri berria.

        Damak etxeko den-dena hankaz gora jarri, eta habiaren konponketan emandako indarra agortuz zihoakion heinean, gelditu egiten zen zakurapena.

        Armairutik ohe-arropa garbia atera, burukoari eta koltxoiari estalkia jarri, eta ikusten zen ohearenganako maitasunaz ari zela. Izan ere, objektu honek dardara lizuna sortzen zion sudurzuloetan.

        Gero bazkari eta ardo bila bidali zuen Xveik. Eta berau heldu aurretik, matiné gardena jantzi zuen, itxura guztiz erakargarri eta seduzitzailea ematen ziona.

        Bazkaritan ardo botila osoa edan, menfis asko erre, eta ohean etzan zen, Xveikek sukaldean kuarteleko anoa zaporeztatzen zuen bitartean, likore gozo batez betetako edalontzian bustiz.

        — Xveik —aditu zen logelatik—, Xveik!

        Xveikek atea ireki eta dama gaztea ikusi zuen, kuxinetan xarmangarri.

        — Aurrera!

        Ohera hurbildu eta orduan damak, bere irribarre bereziaz, goitik behera begiratu zituen haren irudi gizentxoa eta izter indartsuak.

        Dena biltzen eta estaltzen zuen ehun mehea erantzirik, zorrotz esan zuen:

        — Erantzi botak eta prakak. Ea, bada...

        Eta, halatan, tenientea kuarteletik itzulitakoan, Xveik soldadu onak honakoa iragarri ahal izan zion:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, emakume estimagarriaren desio guztiak bete ditudala eta leial zerbitzatu ere bai zure aginduaren arabera.

        — Eskerrik asko, Xveik —esan zuen tenienteak—. Desio asko izan ditu?

        — Sei edo —erantzun zuen Xveikek—. Orain lo betian dago bidaiagatik. Bere guraririk ñimiñoenak ere bete izan ditut.

 

 

V

 

        Dunaiets eta Rab ibaien ondoko basoetan ezarritako tropak granada-euripean zeuden bitartean, kalibre handiko kanoiek Karpatoetako eskuadroi osoak txikitu eta lurperatzen zituzten bitartean, guda-leku guztien horizonteetan suak hartutako herri eta hiriak antzeman zitezkeen bitartean, Lukax tenienteak eta Xveikek idilio desatsegina zuten senarrari ihes egin eta orain etxeko lanetan ziharduen damarekin.

        Dama paseora joan zen batean, Lukax tenienteak gerra kontseilua egin zuen Xveikekin, damaz nola libratu eztabaidatzeko.

        — Lehen egunian ekarri nizun mezuan jartzen zuen senarra bila dabilkiola. Bada, hoberena litzateke, jaun subtenientia —esan zuen Xveikek—, senarrak jakitea non dagoen emaztia, bila etortzeko. Badugu telegrama bat bidaltzia, esanez emaztia non aurkitzen den eta eraman dezakeela. Vxenory hiriko txalet batian antzeko zerbait gertatu zen iaz. Baina orduko hartan emaztiak berak bidali zion telegrama senarrari: hau bila joan eta biei eman zizkien belarrondoko ederrak. Bi gizonak zibilak ziren, baina hemengo dama honen senarra ez da ofizial batekin ausartuko. Gainera, zuk ez duzu batere errurik, ze ez duzu inor gonbidatu, eta damak bere kasa egin du ihes. Ikusiko duzu zein zerbitzu ona egiten duen telegrama horrek. Eta belarrondoko pare bat suertatuta ere...

        — Gizon hori oso argia da —moztu zion Lukax tenienteak—. Nik ezagutzen dut, lupulu-tratularia da. Harekin hitz egin behar dut, dudarik gabe. Telegrama bidaliko diot.

        Bidalitako telegrama txit laburra izan zen, komertziala: «Zure ezkontidearen egungo helbidea...», eta jarraian, Lukax tenientearen etxeko helbidea.

        Horrenbestez, Katy andreak ustekabe desatsegina hartu zuen, lupulu-tratularia atetik sartu zenean, oldarka; biziki zentzuduna eta kezkatua zirudien, Katy andreak, une hartan burua galdu gabe, bi gizonak aurkeztu zituenean:

        — Nire gizona. Lukax tenientea.

        Ez zitzaion besterik otu.

        — Eser zaitez, Wendler jauna —gonbidatu zuen xalotasunez Lukax tenienteak, patrikatik zigarreta-kutxatila ateratzearekin batera—. Nahi?

        Lupulu-tratulari argiak zigarreta dotore hartu, eta ahotik kea atereaz, zuhur esan zuen:

        — Laster joango zara frontera, teniente jauna?

        — Budeiovitseko 91. errejimendura joatea eskatu dut. Hara joango naiz, antza, urtebeterako soldaduentzako eskolatik libratu orduko. Ofizial andana behar dugu, eta gaur egun, zoritxarrez, urtebeterako soldadu izateko eskubidea daukaten gazteek ez dute izena ematen. Nahiago dute infanteriako soldadu xeheak izan, kadeteak izatera iritsi baino.

        — Gerrak kalte handia egin dio lupulu-negozioari, eta nik uste dut ezin dezakeela luzaro iraun —ohartarazi zuen lupulu-tratariak, emazteari eta tenienteari txandaka begiratuz.

        — Gure egoera oso ona da —esan zuen Lukax tenienteak—. Gaur egun inork ez du dudarik egiten gerra botere zentralen armen garaipenarekin bukatuko dela. Frantzia, Ingalaterra eta Errusia ahulegiak dira Austria, Turkia eta Alemaniako blokearen kontra. Egia da porrot ñimiñoak jasan ditugula zenbait frontetan. Baina Karpato eta erdiko Dunaiets arteko fronte errusiarra hautsi orduko, ez dago dudarik horrek gerraren bukaera ekarriko duela. Gainera, frantziarrak hemendik gutxira mehatxaturik sentituko dira Frantziako ekialde osoa galdu eta Alemaniako armada Parisen sartzean. Seguru baino seguruagoa da. Horretaz gain, Serbiako maniobrek arrakastatsuak izaten segitzen dute. Gure armadaren alde egitea izatez lekualdaketa hutsa besterik ez bada ere, jende asko ez da konturatzen gerrak eskatutako odol hotzaren erakusgarri denik. Ahalik eta lasterren ikusiko dugu hegoaldeko guda-lekurako maniobrek etekina emango dutela. Begira, mesedez...

        Lukax tenienteak lupulu-tratularia sorbaldatik leun hartu eta horman esekitako guda-lekuko maparantz eraman zuen. Eta puntu batzuk erakutsiz, honela azaldu zion:

        — Ekialdeko Beskidak dira gure operazio-gune nagusi. Karpatoetako frontean, ikusten duzun bezala, sostengu handia daukagu. Lerro horretan kolpe indartsu bat eman, eta ez gara Moskura heldu arte geldituko. Gerra espero baino lehenago bukatuko da.

        — Eta Turkia, zer? —itaundu zuen lupulu-tratulariak, tartean, etxe hartara joanarazi zuen aferari nola lotu pentsatzen ari zelarik.

        — Turkiarrek gogor diraute —erantzun zuen tenienteak, mahaira berriz joanaraziz—. Turkiako Parlamentuko presidenteak, Hali bei eta Ali bei, Vienara joan dira. Liman von Sanders mariskala izendatu dute Turkiak Dardaneloetan daukan armadaren komandante nagusi. Goltz goi agintaria Konstantinoplatik Berlinera joan da, eta gure enperadoreak domina bana ezarri die Enver, Usedom almiranteorde eta Dzevad jeneralari. Domina asko, bai, hain denbora laburrean.

        Denak, aurrez aurre eseririk, unez batez isildu ziren, harik eta tenienteak egokitzat hartu zuen arte egoera trabagarri hura ondoko hitzokin etetea:

        — Noiz heldu zara, Wendler jauna?

        — Gaur goizean.

        — Eskerrak etxean aurkitu nauzun, ze arratsaldez kuartelera joaten naiz, eta gaueko zerbitzua izaten dut. Etxea egunez hutsik egoten denez, ostatu eskaini ahal izan diot andre estimagarriari. Pragan izan den bitartean inork ez dio nekerik eman. Adiskidantza zaharra...

        Lupulu-tratariak eztul egin zuen:

        — Katy emakume bitxia da, teniente jauna- Har ezazu nire esker onik beroena haren alde egin duzun guztiagatik. Besterik gabe Pragara etortzea bururatzen zaio, nerbioetatik sendatzera, antza, ni bidaian nago, etxera heldu, eta etxea hutsik. Katy joana.

        Ahalik eta aurpegirik atseginena jartzen ahaleginduz, atzamarraz dama mehatxatu, eta irribarre bortxatua egitearekin batera, galdetu zion:

        — Ziurrenik, uste huen bidaian nagoenetan hik ere egin dezakenala bidaia, ezta? Baina, jakina, ez dun pentsatu...

        Lukax tenienteak, solasa norabide desatsegina hartzen ari zela ikustean, lupulu-tratulari argia guda-lekuko maparantz berriro eraman eta, leku azpimarratuak seinalatuz, honela esan zuen:

        — Ahaztu zait puntu oso garrantzitsu batez ohartaraztea: hego-mendebaldera zuzendutako arku handi honetaz. Mendikate horrek zubi-burua sortzen du bertan. Harantz zuzentzen da aliatuen erasoa. Zubi-burua etsaiaren lerro defendagarri nagusiarekin lotzen duten bidea itxiz, etenda gelditu behar du eskuineko hegalaren eta Vistula ibaian dagoen iparraldeko armadaren arteko loturak. Argi eta garbi zaizu orain?

        Lupulu-tratulariak dena argi eta garbi zitzaiola erantzun zuen, eta, zuhurraren zuhurrez, esandakoa zehar-mintzotzat jo ez zezaten, hauxe aipatu zuen, bere lekura itzuliz:

        — Gure lupuluak atzerriko merkatua galdu du gerra dela kausa. Frantzia, Ingalaterra, Errusia eta Balkanak galduak dira lupulurako. Oraindik ere Italiara bidaltzen dugu, baina beldur naiz Italia ere gerran nahasiko ez ote den. Baina gero, guk irabazi ondoren, produktuen salneurriak geuk ezarriko ditugu.

        — Italiak neutraltasun zorrotzari eusten dio —kontsolatu zuen tenienteak—, hau da...

        — Orduan, zergatik ez du aitortzen Austria-Hungaria eta Alemaniaren arteko Elkartasun Hirukoitzari lotuta dagoela? —sumindu zen ziplo lupulu-tratularia, zeinari bat-batean dena etorri baitzitzaion burura: lupulua, emaztea, gerra—, nik espero nuen Italiak aurka egingo ziela Frantzia eta Serbiari. Horrela, azkenetan legoke gerra. Lupulua biltegietan usteltzen ari zait, bertoko salmentak urri, esportaziorik ez, eta Italiak neutraltasunari eustea ere! Zergatik berritu zuen Italiak 1912ean gurekin Hirukoitzaren hitzarmena? Non dago San Giuliano markesa, atzerri ministro italiarra? Zer ari da gizon hori? Lo egiten, ala? Badakizu zenbat kontratu neuzkan gerra baino lehen eta zenbat dauzkadan orain?... Ez pentsa gertaeren jakitun ez nagoenik —segitu zuen, tenienteari amorrazioz begira. Honek, lasai asko, kezko ahokadak jaurtitzen zituen, bata bestearen atzetik, Katy andrea arreta handiz ohartzen zenez—. Zergatik itzuli dira alemaniarrak mugara, Pariseko ateetan baldin bazeuden? Zergatik diraute artilleriazko borroka bortitzek Mosa eta Moselaren artean? Badakizu bostehun zakukada lupulu baino gehiago bidaltzen nituela urtero-urtero Combres-ko eta Marche ondoko Woewr-eko hiru garagardo-fabrikatara, eta orain suak hartuak direla? Eta Vosgoetan Hartmansweilerren fabrika ere suak hartu zuela, eta Mühlhausen ondoko Niederaspach-eko fabrika eskerga erraustua izan zela? Guztira, urteko mila eta berrehun zakukada lupuluko galerak nire enpresarentzat. Sei aldiz borrokatu dira alemaniarrak belgikarrekin Klosterhoek fabrikagatik, hau da, urteko hirurehun eta berrogeita hamar zakukada lupuluko galera.

        Amorruaren amorruz ez zuen hitz egiten segitzerik izan: jaiki, emaztearengana gerturatu, eta honela esan zuen:

        — Katy, hator nirekin etxera berehala. Jantzi hadi. Honelako gertaera guztiek ernegatu egiten naute —esan zuen handik pixka batera desenkusazko doinuaz—. Garai batean lasai-lasaia izan ohi nintzen.

        Eta andrea janztera joanda, ahapeka esan zion gizonak tenienteari:

        — Ez du hau lehenengo aldiz egiten. Iaz irakasle batekin alde egin zuen, eta non eta Zagreben aurkitu nuen. Bidenabar, seiehun zakukada lupuluko kontratua egin nuen bertoko udal garagardo-fabrikarekin. Bai horixe: hegoaldea urre-meategi bat zen. Gure lupulua Konstantinoplaraino iristen zen. Gaur erdi jota gaude. Gobernuak garagardo-ekoizpena mugatzen badu, azken kolpea emango digu.

        Eta eskainitako zigarreta piztuta, etsirik esan zuen:

        - Varsoviak bakarrik, bi mila hirurehun eta hirurogeita hamar zakukada lupulu erosten zituen. Hango garagardo-fabrikarik handiena agustindarrena da. Ordezkariak urtero-urtero egiten zidan bisita. Etsipengarria da kontua. Eskerrak, behintzat, seme-alabarik ez daukadan.

        Varsoviako fabrikako agustindar ordezkariaren urteroko bisitaren ondorio logiko honek irribarre eragin zion tenienteari. Horretaz konturatu eta, horregatik, bere azalpenei ekin zien lupulu-tratulariak:

        — Hungariako bi fabrikak, Xopron eta Kaniz Handia-koak, alegia, bataz beste mila zakukada lupulu erosten zizkion nire enpresari urtero, Alexandriaraino esportatzen zuten garagardoa egiteko. Gaur egun bertan behera utzi dituzte horrelako enkarguak blokeoa dela eta. Lupulua ehuneko hirurogeita hamarra merkeago eskaintzen diet, eta ez dute zakukada bakar bat ere enkargatzen. Porrota, mixeria, eta, gainera, etxeko kezkak.

        Lupulu-tratularia isildu egin zen, eta isiltasuna Katy andreak eten zuen, bidaiarako prest.

        — Nola konponduko dugu nire fardelena?

        — Haien bila etorriko ditun, Katy —esan zuen lupulu-tratulariak, poz-pozik dena azken finean eskandalu eta eszena desatseginik gabe bukatua zelako—. Oraindik erosketarik egin nahi badun, badun garaia joateko. Trena ordu biak eta hogeian irteten dun.

        Biek tenientea lagunkoi agurtu zuten, eta lupulu-tratularia hain zegoen pozik dena bukatua izanaz, non honela esan baitzion atondoan tenienteari:

        — Baldin eta, Jainkoak nahi ez dezala, gerran zauritzen bazaituzte, etorri gure etxera sendatzera. Ahalik eta arretarik handienaz zainduko zaitugu.

        Tenienteak, Katy bidaiarako jantzi zeneko logelara itzuli eta, laurehun koroa eta mezutxo hau aurkitu zituen konketaren gainean:

 

        Teniente jauna:

        Ez zara nire alde atera tximino honen, nire gizonaren, lehen mailako ergelaren aurrean. Etxean utzitako gauza bat bezala berarekin eraman nintzan utzi diozu. Gainera, ostatu eman didazula jakinarazi diozu. Espero dut mezu honekin batera doazkizun laurehun koroak baino gehiago ez dizkizudala alferrik galdu, eta zeure morroiarekin erdibana egingo dituzula.

 

        Lukax tenientea une batez mezutxoa eskuan zuela gelditu zen, eta gero, astiro, txiki-txiki egin zuen. Irribarrez, konketako diruari behatu, eta andreak amorruaren amorruz ahaztutako orrazia ikustean, bere fetitxe gisako erlikien artean ezarri zuen.

        Xveik eguerdi aldera itzuli zen. Tenientearentzako grifoiaren bila joana zen.

        — Xveik —esan zuen tenienteak—, zorte ona izan duzu. Etxean bizi izan den dama joana da. Senar jaunak eraman du. Eta egin dizkiozun zerbitzu guztiengatik, laurehun koroa utzi dizkizu konketa gainean. Eskerrak eman behar dizkiezu hala berari nola senar jaunari, damak bidaiarako hartutako diru hori senarrarena delako. Idazki bat diktatuko dizut.

        Eta diktatu egin zion:

 

        — «Jaun txit agurgarria:

        Jaso ezazu nire esker onik beroena, zure andreak, Pragan bisitan zela, nire zerbitzuengatik emandako laurehun koroengatik. Haren alde egin dudan guztia gustura burutu dut, eta horregatik ezin dut dirutza hori onartu. Hortaz, bidaltzen dizut... — Tira, segi idazten, Xveik, zergatik mugitu zara? Non gelditu naiz?

        — »Eta bidaltzen dizut...» —esan zuen Xveikek tragediaz betetako ahots dardaratiz.

        — Ongi: »bidaltzen dizut atzera, nire errespeturik handiena berretsiz. Agur errespetagarri bat eta esku-musu bat zure andre estimagarriari. Josef Xveik, Lukax tenientearen sehia. Prest?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, data falta dela.

        — »1914ko abenduak hogei. Eta orain gutun-azala idatzi, laurehun koroak hartu, postetxera eraman, eta helbide honetara bidal itzazu.

        Eta Lukax tenientea, alai asko, Emakume Dibortziatua izeneko aria txistukatzen hasi zen.

        — Beste gauza bat, Xveik —galdetu zuen tenienteak Xveik postetxera irteterakoan—: zer gertatu da bilatzera joan zaren txakur horrekin?

        — Badaukat bat begiz jota, teniente jauna, animalia oso ederra. Baina zaila izango da eskuratzia. Dena dela, espero dut bihar ekartzia. Kosk egiten du.

 

 

VI

 

        Lukax tenienteak ez zituen azken hiru hitzok entzun, oso garrantzitsuak izan arren.

        — Munstro horrek behin eta berriz egiten du kosk —errepikatu nahi zuen Xveikek ostera ere, baina azkenean pentsatu zuen:

        — Eta ze axola ziok tenienteari? Txakurra nahi duela? Bada, izango dik.

        Ez da, noski, hain erraza «ekardazu txakurra!» esatea. Txakur-jabeak beren txakurrez arduratzen dira oso, odol garbikoak ez izan arren. Atso baten hankak berotu besterik egiten ez duen txakurra ere maite du bere jabeak, eta ez du uzten kalte egin diezaioten.

        Txakurrak, batez ere odol garbikoa bada, instintua izan behar du egun eder batean lapurtua izango dela susmatzeko. Beti beldur izaten da lapurtua izango ez ote den. Adibidez, paseoetan txakurra jabearengandik urruntzen da, eta hasieran alai dago, jostalari. Beste txakurrekin jolasten da, haien gainean jartzen da moraltasunik gabe, eta haiek haren gainean, erreka usnatzen du, hankatxoa altxatzen du edozein izkinatan, baita dendarien saski patataz betean ere. Laburbilduz, bizitzeko alaitasuna dauka, eta mundua, batxilergoa emaitza onekin bukatu duen gazteari bezain ederra iruditzen zaio.

        Bat-batean, ordea, haren alaitasuna desagertzen dela ohartzen gara, txakurra galdua sentitzen dela. Eta une horretan benetako etsipena datorkio. Kaletik korrika dabil, ikaraturik, usnatzen, uluka, eta erabat etsirik isatsa hanka artean sartu, belarriak atzerantz, eta ezezagunera oldartzen da kale erdian.

        Hitz egiten baleki, oihu egingo luke:

        — Jesus, Maria eta Jose, norbaitek lapurtuko nau.

        Inoiz txakurtegian egon eta halako txakur itxurako ikaratu horiek ikusi dituzue? Guztiak lapurtuak dira. Txakur-lapurtzetik bakarrik bizi den lapur mota berezi bat hezi du hiri handiak. Badira saloi xakur arraza txikiak: nanoak, karlinak, berokiko poltsikoan edo dama baten mahukan kabitzen direnak. Handik ere aterako dute, gaixoa. Inguruko txaleta amorraturik bezala zaintzen duen doba-txakur alemaniar gaizto orbanduna gauez lapurtuko dute. Polizia-txakurra sudur aurrean lapurtuko diote detektibeari. Sokatik txakurra daramazue, lapurrek soka moztu, eta txakurrarekin alde eginak dira, eta zuek soka hutsari tentel-tentel begira. Kalean aurkitzen dituzuen txakurren ehuneko berrogeita hamar zenbait aldiz aldatu dira jabez, eta askotan, urte batzuk lehenago paseora joatean lapurtu zizueten txakurkumea bera erosiko duzue, hazita baina. Jabeek txiza eta kaka egitera kaleratzen dituztenean izaten dute txakurrek lapurtuak izateko arriskurik handiena. Horrelakoetan galtzen zaizkie gehien. Horregatik, txakur bakoitzak zuhur begiratzen du bien bitartean bere ingurura.

        Txakurrak lapurtzeko zenbait sistema daude. Edo zuzenean, patrika-lapurren modura, edo zoritxarreko izakia engainuz erakarriz. Txakurra animalia fidela da, baina irakurgaietan eta Natura Historian bakarrik. Emaiezue usnatzen zaldi-saltxitxa erre bat txakurrik fidelenari, eta galdua da. Ondotik dabilkion jabea ahaztu, jiratu, eta zuen atzetik joango da. Muturretik lerdea jarioko zaio, eta saltxitxak emandako poz handia igarriz eta aurresentituz, isatsa mazal astindu eta sudurra zabalduko du, behorrarengana daramaten zaldirik gartsuenak bezala.

 

 

        Mala Strana auzoan, Gazteluko mailadiaren ondoan, garagardotegi txiki bat dago. Egun batez, atzealdean, erdi itzalean zeuden eserita bi gizon, bata soldadua eta bestea zibila, elkarri makurtuta, isilpean xuxurlaka. Veneziako Errepublikako konspiratzaileak ziruditen.

        — Egunero zortzietan —xuxurlatu zion zibilak soldaduari—, pasatzen duk neskamia berarekin Havlitxek plazako izkinatik. Baina munstro bat duk, etengabeko zaunkaria. Ez dik laztanik onartzen.

        Eta soldaduarenganantz are makurtuago, belarrira xuxurlatu zuen:

        — Ez dik saltxitxarik ere jaten.

        — Ezta errerik ere? —galdetu zuen soldaduak.

        — Ezta errerik ere.

        Biek tu egin zuten.

        — Eta zer jaten du, hortaz, munstro horrek?

        — Auskalo. Halako txakurrak artzapezpikua bezain mainatuak eta zorrotzak dituk.

        Soldaduak eta zibilak topa egin, eta zibilak xuxurlatzen segitu zuen:

        — Behin, Klamovkako txakurtegirako behar nuen otso-txakur beltz batek ez zian saltxitxarik hartu nahi. Hiru egunez haren atzetik ibili, eta gehiago jasan ezinik, paseoan harekin joaten zen andriari zuzenian galdetu nioan zer jaten zuen txakur hark, hain ederra izateko. Andria balakaturik sentitu esan zidaan eta txuletak zituela gustukoen. Orduan xerra bat erosi nioan. Pentsatu nian: hau are hobea duk. Eta pentsa: horrako txakur kaiku hori ez zuan konturatu ere egin txahalkia zela. Txerrikira ohitua zegoan, eta orduan txuleta erosi behar izan nioan. Usnatzen utzi, eta korrika hasi ninduan, txakurra atzetik zebilkidala. Eta andriak, oihuka: «Puntik, Puntik», baina bai zera: Puntik maitia txuletaren azpitik zihoaan, izkinaraino, han lepokoa jarri, eta biharamunian Klamovkako txakurtegira eraman nian. Lepopian ile zuri pare bat zeukaan, eta beltzez pintatu zizkiotean inork ez ezagutzeko moduan. Baina gainontzeko txakurrak, eta asko zituan gainera, den-denak joan zituan zaldizko saltxitxa errea hartzera. Hobe huke neskamiari galdetzia zer gustatzen zaion gehien txakur horri jatia; hi soldadua haiz, itxura ona daukak, eta esan egingo dik. Nik galdetu egin zioat, baina berak, begiradarekin zeharkatu nahi banindu bezala, «zuri bost» esan zidaan. Bera ez duk oso polita, alua bai, ordea, baina soldaduarekin hitz egingo dik.

        — Eta benetako grifoia al da? Nire tenienteak ez dik besterik nahi eta.

        — Grifoi dotorea, alajaina. Gatz-piperra, benetako odol garbikoa, hi Xveik eta ni Blahnik garen bezala. Kontua duk zer jaten duen: eman egingo zioat eta ekarriko diat.

        Bi lagunek berriro egin zuten topa. Xveik txakur-saltzetik bizi zen garaian, Blahnikek eskuratzen zizkion. Gizon trebatua zen, hiltegiko txakur susmagarriak esku azpiz erosi, eta gero saldu egiten omen zituen. Behin, txakur-amorruak jota zegoela, Vienako Pasteur Institutuan izan zen, etxean bezala. Oraingoan bere eginbehartzat zeukan Xveik soldaduari musu-truk laguntzea. Praga osoko eta inguruetako txakur guztiak ezagutzen zituen, eta horregatik mintzatzen zen hain ahapeka, tabernariaren aurrean bere burua ez traditzeko, zeren urte erdi lehenago taberna batetik xakur bat eraman baitzuen, patxoi-txakur bat, berokian gorderik: esnea biberoitik edaten ematen zionez, xakur tentelak amatzat hartu eta ez zen berokipetik mugitu ere egin.

        Printzipioz odol garbiko txakurrak baizik ez zituen lapurtzen, eta peritu judiziala irudi zezakeen. Txakurtegi guztientzat egiten zuen lan, eta, aukerarik izanez gero, baita gizabanakoentzat ere. Kaletik joan eta, inoiz lapurtutako txakurrek marraska egiten zioten, eta askotan, erakusleiho baten ondoan gelditzen zenean, txakur mendekatiren batek, haren aldean jarri, hanka altxa, eta prakak bustitzen zizkion.

 

 

        Biharamuneko goizeko zortzietan Xveik soldadu ona ikus zitekeen, Hlavitxek plaza eta parkearen izkinatik iragaten, neskamearen eta grifoiaren zain. Azkenean azaldu, eta albotik iragan zitzaion, lasterka, txakur bizardun, ilekizkur, begi beltz eta bizkor bat. Alai zegoen, nezesidadez kunplitutako txakur guztiak bezala, kalean zaldi-gorotza gosaltzen ari ziren kurloiengana korrika.

        Ondoren, txakurraren ardura zeukana ere iragan zen Xveiken albotik. Adin ertaineko neska bat zen, ilea koroa antzeko batean txirikordaturik. Txakurrari txistu egin, eta lepokoa eta hede dotorea astindu zituen.

        Xveik amildu egin zitzaion:

        — Barkatu, andereño, nondik joaten da Zizkov auzora?

        Neskamea gelditu, eta so geratu zitzaion, benetan ari ote zen galdezka bezala, eta Xveik soldaduaren aurpegi onberak baietz esan zion, benetan Zizkovera joan nahi zuela. Neskaren aurpegiera bigundu egin zen, eta Zizkovera nola joan azaldu zion maitekor.

        — Izan ere, denbora gutxi da Pragara destinatu nautela —esan zuen Xveikek—. Ez naiz hemengoa, kanpotarra naiz. Zu ere ez zara Pragakoa?

        — Ni Vodnany hirikoa naiz.

        — Hortaz, ez gaude elkarrengandik urruti —ihardetsi zuen Xveikek—. Ni Protivingoa naiz eta.

        Hego Bohemiako geografiaren ezagutza honek, lurralde hartako maniobretan noizbait lortuak, herriminez bete zuen neskaren bihotza.

        — Beraz, Protivingo plazako Peichar harakina ezagutuko duzu.

        — Ezagutuko ez dut, bada!

        — Bada, nire neba da.

        — Oso maitagarria zaigu bertako guztioi —esan zuen Xveikek—, oso jatorra da, adeitsua, haragi ona dauka, eta benetako pisua ematen du, gainera.

        — Jarexen semea ote zara? —galdetu zuen neskak, soldadutxo ezezagunarekin kide agertzen hasirik.

        — Bai horixe.

        — Nongo Jarexena, ordea? Protivin ondoko Krtx-ekoarena, ala Razitsekoarena?

        — Razitsekoarena.

        — Oraindik egiten du lan garagardoa banatzen?

        — Bai.

        — Baina hirurogei urte baino gehiago izango ditu, bai.

        — Hirurogeita zortzi bete ditu udaberrian —Xveikek lasai arrapostu—. Berrikitan txakur bat erosi du, eta primeran dabil. Txakurra gurdian esertzen zaio beti. Kurloien atzetik dabilen hori bezalakoa da. Txakur polita, oso ederra.

        — Geurea da —azaldu zion bere ezagun berriak—. Ni hemen nago neskame, koronel jaunaren etxean. Ezagutzen duzu gure koronel jauna?

        — Bai, gizon oso argia da —esan zuen Xveikek—. Budeiovitsen ere halako koronel bat geneukan.

        — Gure jauna zorrotza da, eta arestion Serbiak egurra eman zigula esan zutenean, etxera amorraturik heldu, sukaldeko plater guztiak hautsi eta kale gorrira bota nahi izan ninduen.

        — Hortaz, hauxe da zuen xakurra —moztu zion Xveikek—. Tamala da nire subtenientiak txakurrik ez jasatea, nik oso maite ditut-eta txakurrak.

        Isildu, eta bat-batean adierazi zuen:

        — Baina txakur guztiek ez dute denetik jaten.

        — Gure fox hau mokofin galanta da. Garai batean ez zuen haragirik jan nahi izaten, eta orain hasi da berriro.

        — Eta zer gustatzen zaio gehien?

        — Gibela, gibel egosia.

        — Txahalarena ala txerriarena?

        — Berdin dio —irribarre egin zuen Xveiken «herrikideak», azken galdera porrot egindako txiste saiotzat hartuz.

        Une batez paseoan segitu, gero grifoia lotu zitzaien, eta neskameak lepokoa ezarri zion. Txakurrak oso fidakor jokatu zuen Xveikekiko, eta muturrekoarekin haren prakak urratzen saiatu, haren gainera salto egin, eta bat-batean, Xveikek buruan zerabilena susmatuko balu bezala, salto egiteari utzi eta triste eta goibel alde egin zuen, Xveiki zeharretara begira, honako hau esan nahi izango balu bezala:

        — Neuri ere etorri zait txanda.

        Gero neskak esan zion arratsaldero joaten zela hara txakurrarekin, seietan, ez zuela Pragako gizonez fio, behin egunkarian iragarki bat jarri zuela eta sarrailari bat azaldu zitzaiola ezkontzeko asmoz, sorkari baterako zortziehun koroa atera zizkiola gizonak, eta desagertu egin zela. Herriko jendea zintzoagoa zela, dudarik gabe. Ezkontzekotan, herriko gizon batekin ezkonduko zela, baina gerra ostean. Gerra denborako ezkontzak tentelkeriatzat zeuzkala, gehienetan emaztea alargundu egiten baita.

        Xveikek, seietan itzultzeko esperantza asko emanda alde egin zuen, bere lagun Blahniki jakinaraztera txakurrak edonolako gibela jaten zuela.

        — Behikia emango zioat —erabaki zuen Blahnikek—. Horrela harrapatu nuen-eta Vydra enpresariaren sanbernardoa, animalia oso fidela. Zaude lasai: bihar hirea izango duk txakur hori.

        Blahnikek hitza bete zuen. Goizean, Xveikek etxeko garbiketa bukaturik, zaunkak entzun ziren atetik etorrita, Blahnikek arrastaka sartutako txakurrarenak, jakina. Grifoia, jarkirik, naturak berak laztu zuen baino laztuagoa zegoen. Begiak basati-basati jiratu, eta hain beltzuri begiratzen zuen, non kaiolan sartutako tigre gosetu bat baitzirudien, zoologikoko bisitari tripazain bat aurrean daukana. Hortz-kirrika, marruka zegoen, «txiki-txiki egin, irentsiko diat» esan nahi balu bezala.

        Txakurra sukaldeko mahaian lotu, eta Blahnikek lapurretaren nondik norakoa deskribatu zuen.

        — Haren ingurutik nahita iragan nauk, paperian bildutako gibel egosia eskuan. Usnaka eta saltoka hasi zaidak. Ez zioat ezer eman, aurrera egin diat, eta txakurra atzetik etorri zaidak. Behin parkian, Bredovska kalera jiratu eta hantxe eman zioat lehenengo zatia. Ibili bitartian jan dik, ni bistatik ez galtzeko. Jindrich kalera jiratu, eta han beste puska bat eman zioat. Jandakoan, lepokoa ezarri, eta Wentzeslao plazatik barrena Vynohrady auzora eraman diat arrastaka, eta hortik Vrxovitse auzoraino. Bidetik kristorenak egin zizkidak. Trenbidia zeharkatzian, etzan eta ez zian mugitu nahi. Tranbiak zapaltzia nahi zian akaso. Pedigri garbia ere ekarri diat, Fuchs-en papertegian erosia. Hik badakik pedigriak faltsutzen, Xveik.

        — Heure eskuaz idatzita egon behar dik. Idatz ezak Leipzigen daukala jatorria, von Bülow-en txakurtegian. Aita, Arnheim von Kahlsberg; ama, Emma von Trautensdorf; honen aita, Siegfried von Busenthal. Aitak lehenengo saria irabazi zian Berlingo grifoi-erakusketan, 1912an. Amari urrezko domina ezarri zioan txakur nobleen hazkuntzaren aldeko elkarte nürenbergtarrak. Zenbat urte ditu hire ustez?

        — Hortzen arabera, bi.

        — Idatzi bat eta erdi dituela.

        — Gaizki ebakirik zegok, Xveik. Begira belarriak.

        — Hori konpondu daitekek. Gurekin ohitzen denian ebakiko zizkioagu. Orain gehiago ernegatuko lukek.

        Txakur lapurtuak, amorraturik, marraska egiten zuen, bafada, zirkin, eta gero etzan egin zen, mingaina aterata, unaturik, gertatuko zitzaionaren zain.

        Pixkanaka-pixkanaka lasaituz joan zen, nahiz eta noizean behin ulu egin, kexu.

        Xveikek, Blahnikek emandako gibel-hondakinak eman zizkion. Txakurrak, ordea, ez zien erreparatu ere egin: despitezko begirada bat bota baino ez. Eta bi gizonei so egin zien, hauxe adierazi nahian bezala:

        — Behin sartu didazue ziria. Orain jan itzazue zuek.

        Etsita etzan zen, lo-plantak eginez. Ondoren, bat-batean zerbait burutara etorri, jaiki, eta posturak egiten hasi zen, bai eta aurreko hankekin eskatzen ere. Errenditzen ari zen.

        Eszena txundigarri honek ez zuen Xveik inola ere hunkitu.

        — Etzan hadi! —deiadar egin zion txakur gaixoari, zeina berriro etzan baitzen, kexu eta uluka.

        — Zein izen jarri behar diot zuhaitz genealogikoan? —galdetu zuen Blahnikek—. Fox zian izena, beraz antzeko zerbait, berak berihala ulertzeko.

        — Orduan, esaterako, Max deituko zioagu. Begira, Blahnik, nola altxatzen dituen belarriak. Jaiki, Max!

        Grifoi-txakur zoritxarrekoa, bai etxea, bai izena kendua zizkiotena, jaiki eta agindu gehiagoren aiduru jarri zen.

        — Ni, askatzearen alde nagok —erabaki zuen Xveikek—, ea zer egiten duen.

        Soka askatuta, haren lehen ibilaldia ate aldera egin zuen. Han hiru zaunka egin zituen sarrailan, nonbait jende gaizto horren eskuzabaltasunaz fidaturik. Baina bere irteteko irrika ulertzen ez zutela ikusirik, potxingotxo bat egin zuen atean, horrela botako zutelakoan. Izan ere, gazte zenean hala egiten zioten, koronelak, zorrotz, militarki, geletan txukuna izaten irakatsi zion garaian.

        Hori barik, Xveikek adierazi zuen:

        — Bai bizkorra dela, txakur jesuita duk.

        Gerrikoaz jo, eta potxingoan muturra busti zion, bere burua milikatzeko astirik ere emateke.

        Txakurrak laidoagatik ulu egin eta sukaldetik korrika hasi zen, bere oinatza alferrik usnatzen. Gero arrazoirik gabe mahairantz joan, lurrean jarritako gibel hondakinak jan, berogailuaren ondoan etzan, eta loak hartu zuen abentura hura bukaturik.

        — Zenbat zor diat? —galdetu zion Xveikek Blahniki agur egiterakoan.

        — Utzi, utzi, Xveik —esan zuen samur Blahnikek—. Lagun zahar bategatik dena egingo diat, batez ere armadan badago. Agur, gizona, eta ez eraman inoiz Havlitxek plazatik, zoritxarrik ez gertatzeko. Beste txakurren bat behar bahu, badakik non bizi naizen.

        Xveikek txakurrari luzaro lo egiten utzi zion eta bitartean harategira joan zen kilo laurden bat gibel erostera: gero prestatu, eta gibel bero zati bat usnatzen utzita, zain gelditu zen Max noiz itzarriko.

        Maxek, artean lo, bere burua milikatu, gero nagiak atera, gibela usnatu, eta klaska!, irentsi egin zuen. Jarraian aterantz joan, eta sarrailarena errepikatu zuen.

        — Max! —garrasi egin zion Xveikek—, hator hona!

        Mesfidantzaz joan zen txakurra. Xveikek altzoan hartu, laztandu, eta Maxek lehenengo aldiz eragin zion lagunkoi bere isats ebakiaren hondarrari. Haginkada leun bat Xveiken eskuari eman, muturrean eutsi, eta Xveiki bizkor behatu zion, hauxe esan nahi balio bezala:

        — Hemen ez dago ezer egiterik. Badakit galdu dudala.

        Xveikek laztantzen segitu zuen eta zerbait kontatzen hasi zitzaion ahots samurrez:

        — Ba omen zuan behin xakur bat, Fox izenekoa, koronel baten etxian bizi zena. Neskamiak ateratzen zian paseatzera, eta egun batez gizon batek Fox lapurtu zian. Fox armadan sartu zuan, teniente baten etxian, eta Fox izena eman zioan... Max, eman hanka! Ikusten duk, txakurtxo? Lagun onak izango gaituk, ona eta zintzoa baldin bahaiz, bestela gerra gogorra pasako duk, gero.

        Maxek Xveiken altzotik salto egin eta ingurutik alaitasunez bueltaka hasi zitzaion. Gauean, tenientea kuarteletik itzultzerako, Xveik eta Max lagunik onenak ziren.

        Maxi so, hauxe pentsatu zuen Xveikek filosofikoki:

        — Oro har, esan daitekek soldadu guztiak ere beraien etxetik lapurtuak direla.

        Lukaxek ustekabe atsegina izan zuen Max ikustean, zeinak poz handia erakutsi baitzuen gizon sabledun bat berriro ikusteaz.

        Txakurra nongoa zen eta zenbat balio izan zuen galdetu zuen Lukaxek, eta Xveikek, lasai baino lasaiago, lagun armadara deitu berri baten oparia zela erantzun zion.

        — Ongi, Xveik —esan zuen tenienteak, Maxekin jolasean—. Datorren hilabeteko batean berrogeita hamar koroa emango dizkizut txakurraren ordainez.

        — Ezin ditut hartu, teniente jauna.

        — Xveik —esan zuen zorrotz tenienteak—, nire zerbitzuan sartzean, berehala obeditu beharra azaldu nizun. Berrogeita hamar koroa emango dizkizudala esaten badizut, hartu eta edanean xahutu behar dituzu. Zer egingo duzu, Xveik, diru horrekin?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, edanian xahutuko dudala.

        — Eta ematea ahaztuz gero, Xveik, agintzen dizut txakurraren ordainez berrogeita hamar koroa eman behar dizkizudala gogoraraztea. Ulertzen? Txakur honek arkakusorik al dauka? Hobe duzu bainatu eta orraztea. Bihar zerbitzua daukat, baina etzi paseora joango naiz berarekin.

        Xveik Max bainatzen ari zen bitartean, koronelak, bere jabe ohiak, birao izugarriak egiten zituen etxean, mehatxuka, txakurra lapurtu zuena epaimahai militarraren aurrean jarriko zuela, armaz josi, eseki, hogei urterako espetxeratu eta laurdenkatu egingo zutela.

        — Der Teufel soll den Kerl buserieren —aditu zen koronelaren etxebizitzan, leihoei dardara eragiteraino—, mit solchen Meuchelmördern werde ich bald fertig   Deabruak morroi hori eramango ahal du; laster akabatuko ditut sikario horiek.

        Hondamendia igartzen zen Xveik eta Lukax tenientearen gainetik, airean.

 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (I)" orrialde nagusia