12. kapitulua
ERLIJIOZKO EZTABAIDA
Gertatu ohi zen Xveikek egun askoan soldaduen arimen hezitzailea ez ikustea. Kapilauak bere eginbeharren eta bizimodu lizunaren artean banatzen zuen denbora, eta oso gutxitan itzultzen zen etxera, zikin, garbitu gabe, teilatuetatik bere txangoak egiten dituen katu marrukari baten antzera.
Itzultzean, berba egiteko gauza bazen, Xveikekin hitz aspertu bat egiten zuen, loak hartu baino lehen, gorengo helburuez, berotasunaz, pentsatzeak eragindako alaitasunaz.
Noizbait ere saiatzen zen neurtitzetan mintzatzen eta Heine aipatzen.
Xveikek beste kanpaina-meza bat eman zuen kapilauarekin zulatzaileen artean. Bertara, hutsegite batengatik, beste kapilau bat gonbidatu zuten, katekista ohia, gizon ikaragarri jainkozalea. Beronek zur eta lur begiratu zion bere kideari honek zurrut bat koñak eskaini zionean. Izan ere, Xveikek beti eramaten zuen aldean botila bat honelako erlijio-ekitaldietan.
— Marka onekoa da —esan zuen Otto Katz kapilauak—. Edan ezazu eta joan zaitez etxera. Moldatuko naiz, ze atari zabalean egon behar dut, gaur buruko mina dut eta.
Kapilau jainkozaleak burua mugituz alde egin zuen, eta Katzek, beti bezala, modu bikainean bete zuen bere eginbeharra.
Orduko hartan Jaunaren odol bihurtu zena ardo ureztatua izan zen, eta sermoia luzeagoa izan ere bai, hiru hitzetatik bat «eta abar» edo «jakina» izan zelarik.
— Zuek, soldaduok, gaur frontera abiatuko zarete, eta abar. Orain Jainkoarengana buelta zaitezte, eta abar, jakina. Ez dakizue zer gertatuko den zuekin, eta abar, eta jakina.
Eta aldaretik «eta abar»-ek eta «jakina»-k burrunbatzen segitu zuten, Jainko eta santu guztiekin txandakatuz.
Berotasunean eta mintzaldiaren goren puntuan, kapilauak santutzat aipatu zuen Savoyako Eugenio, «ibaien gainetik zubiak egiten dituzuenean babestuko zaituzte» esanez.
Baina kanpaina-meza batere eskandalurik gabe amaitu zen, atsegin eta jostagarri. Zulatzaileek ederki pasa zuten.
Itzulbidean ez zieten tranbian kanpaina-aldare desmuntagarriarekin sartzen utzi nahi izan.
— Baietz santu honekin buruan jo! —mehatxatu zuen Xveikek txoferra.
Azkenik etxera iritsi zirenean, tabernakulua bidetik galdua zitzaiela ohartu ziren.
— Ez du axolarik —esan zuen Xveikek—: lehenengo kristauek tabernakulurik gabe ere ematen zuten meza santua. Galera inon iragarriko bagenu, aurkitzaile zintzoak diru-saria eskatuko liguke. Galdu duguna dirua balitz, agian ez litzateke aurkitzaile zintzorik agertuko, holako jendia oraindik badago ere. Budeiovitseko errejimenduan nengoela bazegoen soldadu bat, astakilo onbera, egun batez kalian seiehun koroa aurkitu eta poliziari eraman zizkiona. Egunkarietan aurkitzaile zintzo gisa aipatu zuten, eta lotsagarri gelditu zen. Inork ez zuen harekin hitz egin nahi. Jende guztiak esaten zion: «Hi, ergela, hori tentelkeria egin duana. Izan ere, hil arte damutuko haiz, gorputzian ohore pixka bat gelditzen bazaik». Neska-laguna zeukan, eta honek ez zion gehiago hitz egin. Oporraldian jaioterrira joanda, lagunek tabernatik bota zuten. Ahultzen hasi zen, diruarena buruan bueltaka zebilkiola, eta azkenian trenbidian jarri eta trenak harrapatu zuen. Beste behin, nire kaleko jostun batek urrezko eraztun bat aurkitu zuen. Jendiak kontu egin zion poliziari ez itzultzeko, baina berak jaramonik ez. Ezohiko xalotasunez hartu eta esan zioten iragarrita zegoela urrezko eraztun bitxidun baten galera. Baina gero harriari begiratu eta zera esan zioten: «Baina gizona, hau kristala da, ez bitxia. Zenbat eman dizute bitxiagatik? Ezagunak ditugu horrelako aurkitzaile zintzoak». Azkenian argitu zen beste pertsona batek urrezko eraztun bat galdu zuela gezurrezko bitxia zeukana, familia-oroigarri bat, baina, dena dela, jostunak hiru egun eman zituen kaiolan, amorruaren amorruz poliziak iraintzearren. Legezko diru-sariaren ehuneko hamarra jaso zuen, koroa bat eta hogei zentimo, alegia, ze huskeria hark hamabi koroa balio zuen, eta legezko diru-sari hura jabiari bota zion aurpegira, eta honek auzitan jarri zuen ohoria iraintziagatik, eta jostunari hamar koroako isuna jarri zioten. Gero han-hemenka esaten hasi zen aurkitzaile zintzo guztiek hogeita bost kolpeko zigorra mereziko zutela, ubeldu arte makilatzia, jendaurrian azala zurratzia, jendiak gogoratu eta horren arabera joka dezan. Uste dut inork ez digula gure tabernakulua atzera emango, atzealdian errejimenduaren ezaugarria egon arren, ze militar gauzekin inork ez du zerikusirik izan nahi. Hobe izango dute uretara jaurtitzia, nahasterik ez izateko. Atzo Urrezko Koroa izeneko tabernan izan nintzen baserritar batekin hizketan: berrogeita hamasei urte ditu, eta Nova Paka-ko barrutiaren administraziora joan zen zergatik konfiskatu zioten autoa galdetzera. Itzulbidian, bulegotik botata, tren militar enparantzara iritsi berriari begira jarri zen. Gizon gazte batek zaldien ondoan pixka bat itxaroteko erregutu zion, armadarentzat kontserbak zeramatzatela eta, eta ez zen berriro agertu. Trena abiatuta, zaldiekin gelditu behar eta Hungariaraino heldu zen. Han beste bati erregutu zion bagoiaren ondoan itxaroteko, eta horrela salbatu zen, bestela Serbiaraino eramango zuten eta. Aho zabalik iritsi zen, eta harrezkero ez du zerikusirik izan nahi militar gauzekin.
Goizean zulatzaileei meza eman nahi izan zien kapilau jainkozalearen bisita izan zuten arratsean. Gizon fanatikoa zen, jende guztia Jainkoarengana hurbilarazi nahi zuena. Katekista zenean, belarrondoko bidez garatu zuen umeengan erlijio-sentimendua, eta askotan hari buruzko berritxoak argitaratzen ziren hainbat aldizkaritan: «Katekista basapiztia», «belarrondoak ematen dituen katekista». Sinetsirik zegoen haurrek makilaren sistemaren laguntzaz ikasten zutela hobekien katixima.
Herren pixka bat egiten zuen zango batetik ikasle baten aitaren bisitaren ondorioz: izan ere, ikasleak bere dudak erakutsi zituen Hirutasun Santuaz, eta kapilauak belarrondokoak eman zizkion. Hiru, hain zuzen ere: lehenengoa Aitagatik, bigarrena Semeagatik, eta hirugarrena Izpiritu Santuagatik.
Oraingoan Katz kidea bide onera eraman eta haren arimari hitz egitera iritsia zen, ondoko oharrarekin hasita:
— Harritzen naiz gurutzefikarik ez eramateaz. Non irakurtzen duzu otoitz-orduen liburua? Santuen iruditxo batek ere ez ditu zure gelako hormak apaintzen. Zer daukazu mahai gainean?
Katzek irri egin zuen:
— «Susana bainuetxean» da, eta azpiko emakume biluz hori nire aspaldiko ezaguna da. Eskuinean eszena japoniar bat dago, geisha eta samurai zahar baten arteko sexu-jarduna erakusten duena. Oso orijinala, ezta? Otoitz-orduen liburua sukaldean daukat. Xveik, ekarri hona eta ireki hirugarren orrialdean.
Xveik joan zen eta sukaldetik hiru aldiz aditu zen tapoia ardo botilatik ateratzeak eragindako hotsa.
Kapilau jainkozalea lur jota gelditu zen mahaian hiru botila agertu zirenean.
— Meza-ardo arina da, jaun kidea —esan zuen Katzek—, oso kalitate onekoa, ryzlink motakoa. Moselako ardoak bezalako zaporea dauka.
— Ez dut edango —bota zuen tematsu kapilau jainkozaleak—. Zure arimari hitz egitera etorria naiz.
— Lehortuko zaizu eztarria, jaun kidea —esan zuen Katzek—. Edan ezazu eta nik entzun egingo dut. Oso gizon tolerantea naiz, eta nireaz bestelako iritziak entzun ditzaket.
Kapilau jainkozaleak pittin bat edan eta betzuloetatik atera zitzaizkion begiak.
— Deabruen arima, ardo ona, jaun kidea, ezta?
Fanatikoak gogor esan zuen:
— Biraoka ari zarela gaztigatzen dizut.
— Ohitura da —erantzun zuen Katzek—. Batzuetan neure buruarekin harritzen naiz birao ere egiten dudala ikustean. Bota, Xveik, kapilau jaunari. Baietsi ahal dizut «jainkoarren», «hara gurutzea» eta «sakerre mon diu» ere esaten dudala. Uste dut armadan nik bezain luze zerbitzatu ondoren zu ere ohituko zarela. Ez da batere zaila, gaitza, guri, elizgizonoi, oso hurbila zaigu: Jainkoa, gurutzea eta Sakramentu guztiz Santua, ez al da ederra eta profesionala? Edan ezazu, jaun kidea.
Katekista ohiak mekanikoki edan zuen. Zerbait esan nahi baina ezin zuela ikus zitekeen. Pentsamenduak biltzen jardun zuen.
— Jaun kidea —jarraitu zuen Katzek—, burua gora, ez egon horren triste, bost minutu barru eseki beharko bazintuzkete bezala. Entzuna dut behin, ostiral batez, oker-edo, txerri txuleta bat jan zenuela jatetxe batean osteguna zelakoan, eta komunera joan zinela atzamarra eztarrian sartzera txuleta ateratzeko, Jainkoak suntsituko zintuelakoan. Ni ez nau beldurtzen ez baraualdian haragia jateak ezta infernuak ere. Barkatu, edan ezazu. Hortaz, hobeto zaude orain? Infernuaz iritzi aurrerakoia daukazu eta bat zatoz denboraren izpirituarekin eta erreformistekin? Toki hartan badira, bekatari gaixoentzat, sufrez betetako galdara arruntak, Papin-en eltzeak, galdarak atmosfera handiarekin, bekatariak frijitzeko margarina, eta parrilla elektrikoak. Milioika urtetatik honantz zapalgailuek bekatariak zapaltzen dituzte, hortz-kirriaz haginlariak arduratzen dira tresna bereziekin, zinkurinak gramofonoek harrapatzen dituzte eta diskoak gora bidaltzen dira, paradisura, gizaki zuzenen alaigarri. Paradisuan kolonia-lurrungailuek funtzionatzen dute eta filarmonikak hain luze jotzen du Brahms, ze nahiago duzu infernu eta purgatorioari lehentasuna ematea. Aingerutxoek aireplanoen helizeak dauzkate bizkarrean, beren hegalek hainbeste lan egin ez dezaten. Edan ezazu, jaun kidea. Xveik, bota iezaiozu koñaka, iruditzen zait ondoezik dagoela.
Kapilau jainkozaleak, bere onera etorririk, xuxurlatu zuen:
— Erlijioa hausnarketa intelektuala da. Hirutasun Santuaren existentzian sinesten ez duena...
— Xveik —moztu zion Katzek—, bota iezaiozu kapilau jaunari beste koñak bat bere onera etor dadin. Esaiozu zeozer, Xveik.
— Vlaxim hirian, kapilau jauna —esan zuen Xveikek— bazen behin apaiz bat bere giltzari zaharrak mutil batekin eta diruarekin ospa eginda, neskame bat hartu zuena. Eta apaiz hark urteetan sartuta San Agustin ikastiari eman zion, eta haren liburuetan irakurri zuen antipodetan sinesten zuena kondenatuko zela. Halatan, neskamiari deitu eta honela adierazi zion: «Entzun ezazu: zerorrek behin esan zenidan zure semia sarrailagilea dela eta Australiara joan zela. Orduan antipoden artian dagoke, eta Agustinek agintzen du antipodetan sinesten duena kondenatu dadin. «Baina jauna», erantzun zuen emakumiak, «semiak kartak eta dirua bidaltzen dizkit Australiatikan». «Deabruak sortutako ilusioa da», aurka egin zion apaiz jaunak. «San Agustinen arabera, ez dago Australiarik. Antikristo horrek ziria sartu dizu». Igandian jendeaurrian maldizioka aritu zen, Australiarik ez zegoela oihuka. Orduan zuzen-zuzen eraman zuten gizona elizatik zoroetxera. Hor gehiagok egon beharko. Ursulinen komentuan botilatxo bat daukate, Ama Birjinak Jesus haurtxoari emandako esniarekin, eta Benexov-eko umezurztegian, Lurdesko ura eraman zietenian, umezurtzek inoiz ikusi gabeko beherakoa izan zuten.
Kapilau jainkozaleari lausotu egin zitzaizkion begiak, eta burura igo zitzaion beste koñak batekin bere onera etorri zen.
Begiak erdi-itxirik, honela galdetu zion Katzi:
— Zerorrek ez ote duzu sinesten Ama Birjinaren sorkunde orbangabean? Ez duzu sinesten benetakoa dela Eskolapioetan gordetzen den San Juan Bataiatzailearen erpurua? Sinesten duzu Jainkoarengan? Eta sinesten ez baduzu, zergatik zara kanpaina-kapilaua?
— Jaun kidea —erantzun zuen Katzek, bizkarrean esku-zartada lagunkoi bat ematen ziola—, Estatuak ontzat jotzen duen bitartean gudara hiltzera doazen soldaduek Jainkoaren bedeinkapena behar dutela, kanpaina-kapilaua izatea ogibide aski ongi ordaindua izango da, denbora gehiegi kentzen ez dizuna. Niretzat hobea zen ariketa-lekutik korrika egin edo maniobretan ibiltzea baino... Garai batean nagusien aginduak jasotzen nituen, eta gaur egun nahi dudana egiten dut. Existitzen ez den norbait ordezkatzen dut, eta Jainkoaren papera jokatu ere egiten dut. Norbaiti bekaturik barkatu nahi ez badiot, ez diot barkatzen, belauniko eskatuko balit ere. Bestalde, holakoak oso gutxi izaten dira.
— Nik Jainkoa maite dut —bota zuen kapilau jainkozaleak zotinka hasirik—, maite dut oso. Emadazu ardo pixka bat... Nik Jainkoa estimatzen dut —jarraitu zuen gero—, estimatzen eta preziatzen dut oso. Inor ez dut Bera bezala estimatzen.
Mahaian ukabila jo eta botilek pittin bat saltatu zuten:
— Jainkoak izaera gorena dauka, naturaz gaindikoa. Ohoragarria da bere aferetan. Eguzki-agerpen bat da, hori ez dit inork burutik kenduko. San Jose ere estimatzen dut, santu guztiak estimatzen ditut, San Serapio ezik. Aze izen itsusia daukan.
— Aldatzia eskatu beharko luke —ohartarazi zuen Xveikek.
— Santa Ludmila maite dut, eta bai San Bernardo ere —segitu zuen katekista ohiak—. Horrek erromes asko salbatu zituen San Gotardo mendian. Eztarrian botila bat koñak darama eta elurretan desagertutakoen bila dabil.
Solasak beste norabide bat hartu zuen. Kapilau jainkozalea ez hanka eta ez buru mintzatzen hasi zen:
— Santu errugabeak estimatzen ditut. Abenduaren hogeita zortzian dute jaia. Herodes gorroto dut... Oiloak lo daudenean, ezin duzu arrautza freskorik jaso.
Barreari eman eta «Jainko santua, santua, indartsua» kantatzen hasi zen.
Hala ere, segidan eten zuen, eta Katzi bueltaturik, zorrotz galdetu zuen, jaikitzeaz batera:
— Zuk ez al duzu sinesten abuztuaren hamabostean Ama Birjinaren jasokundearen jaia dela?
Jostaketa gailurrera zen iritsia. Beste botila batzuk agertu eta noizbehinka Katzen ahotsa entzuten zen:
— Esan ezak ez duala Jainkoarengan sinesten eta ez diat gehiago botako.
Bazirudien lehenengo kristauen jazarpenen garaia itzultzen ari zela. Katekista ohiak Erromako hareako martirien kantua abestu zuen, orroka:
— Jainkoarengan sinesten diat, ez zioat uko egingo. Geldi hadi hire ardoarekin, nik neuk agin zezakeat gehiagoren bila joateko.
Azkenik ohean ezarri zuten. Loak hartu aurretik, hauxe iragarri zuen, zin egiteko eskuina jasota:
— Aita Jainko, Seme eta Izpiritu Santuarengan sinesten dut. Ekardazu otoitz-orduen liburua.
Xveikek gau-mahaiko liburu bat sartu zion eskuan, eta honela, kapilau jainkozalea loak hartu zuen, Boccaccioren Dekamerone eskuan.
© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo