11. kapitulua
XVEIK KAPILAUAREKIN DOA
KANPAINA-MEZA EMATERA
I
Jendea exekutatzeko prestakuntzak beti Jainkoaren izenean egin dira edo gizateriak asmatu eta bere irudira sorrarazitako goi izaki balizkoren baten izenean.
Presoren bati zintzurra moztu aurretik feniziar zaharrek ospatzen zituzten bezalako zeremonia sakratuak errepikatu egin dituzte belaunaldi berriek, milaka urte geroago, gerrara joan eta etsaiak su eta ezpataz sarraskitu baino lehen.
Ginea eta Polinesia irletako kanibalek, presoak edota misiolariak, bidaiariak, hainbat merkataritza-enpresaren agenteak edo kuxkuxero soilak bezalako jende ezbeharrezkoa zeremoniatsuki jan baino lehen, beren jainkoei ofrendatzen dizkiete, denetariko erlijio-errituak eginez. Artean apaingarrien kultura iritsi ez zaienez, basoko txorien luma nabarrezko koroez apaintzen dute beren ipurmamia.
Inkisizio santuak bere biktimak erre aurretik, zeremoniarik solemneenak ospatzen zituen, meza santu handi bat kantu eta guzti.
Gaizkileen exekuzioetan beti hartzen dute parte apaizek, beren presentziarekin delitugilea nekaraziz.
Prusian abade batek laguntzen zion gaixoari aizkora azpira, Austrian apaiz katoliko batek urkamendira, Frantzian gillotinapera, Amerikan abade batek aulki elektrikora, Espainian tresna bitxi batek iratoko zueneko aulki batera, Errusian pope bizardun batek iraultzaileak, eta abar.
Gurutzefikarekin joan behar izaten zuten edonora , hauxe esan nahi balute bezala: heuri burua besterik ez diate moztuko, esekiko haute, iratoko, hamabost mila volt jarriko dizkiate, baina pentsa zenbat sufritu behar izan zuen horrek.
Mundu-Gerrako hiltegi handiak ezin zuen apaizen bedeinkapena baztertu. Armada guztien kapilauek otoitz egin eta kanpaina-mezak ematen zituzten, ogia luzatzen zien alderdiaren garaipenaren alde.
Soldadu matxinatuen exekuzioetan apaiza agertzen zen. Legionario txekiarren exekuzioetan apaiza ikus zitekeen.
Ez da deusik aldatu «santua» izengoitiz ezagututako Voittej bide-lapurraren garaitik, zeinak, ezpata esku batean eta gurutzefika bestean, Baltikoko eslaviarren hilketan eta sarraskian parte hartu baitzuen.
Europa guztiko jendea ganadua bezala joaten zen hiltegira, nora eramana baitzen enperadore-harakin, errege eta beste handi-mandi batzuen ondoan, bai eta konfesio guztietako apaizen aldean ere. Azken hauek bedeinkapena ematen zieten, honako zin faltsu hau eginaraziz: ezen lurrean, airean, eta itsasoan eta abar...
Birritan ematen ziren kanpaina-mezak: tropa frontera ateratzen zenean, eta gero frontean bertan, sarraski odoltsuen, hilketaren aurrean. Gogoratzen dut nola egun batez, halako kanpaina-meza baten erdian, aireplano etsai batek bonba jaurti zuen kanpaina-aldarera, eta trapu odoleztatu batzuk izan ziren kapilauaren arrasto bakarrak. Gero, hari buruz martiri bat balitz bezala idatzi zuten, gure aireplanoek beste alderdiaren kapilau militarrentzat antzeko loria prestatzen zuten bitartean.
Izugarri jostagarri iritzi genion horri guztiari, eta kapilauaren arrasto ehortziek gainean zeukaten behin behineko gurutzean hilartitz hauxe agertu zen gauez:
Gu harrapa gaitzakeenak hi ere harrapatu hinduan.
Hik, anaia, zerua ziurki higun agindu.
Baina hura zuan hura zerutik eroria meza santuan.
Ta leku hartan hintzen suntsitu.
II
Xveikek grog goxo-goxoa egosi zuen, marinel zaharrek egiten dutena baino hobea. Halako groga hemezortzigarren mendeko itsaslapurrek edan izan balute, laketurik gertatuko ziren.
Otto Katz kapilaua eztitan zegoen:
— Non ikasi duzu halako gauza ona egosten? —galdetu zuen.
— Aspaldi, Bremen aldean arlote nenbilela —ihardetsi zuen Xveikek—, marinel zakar batengandik. Honek esaten zuen grogak oso gogorra egon behar zuela, itsasora erortzen denak Mantxako kanala igeri zeharkatzeko modukoa. Grog indargea edanez gero, txakurkume bat bezala itoko litzateke.
— Horrelako groga edanda, Xveik, ongi emango dugu kanpaina-meza —aintzat hartu zuen kapilauak—. Uste dut agurrezko hitz batzuk esan beharko nituzkeela aurretiaz. Kanpaina-meza ez da presondegi militarrean meza eman edo zital horiei sermoia egitea bezain txantxetakoa. Honelako kasuan erne ibili behar, benetan. Badugu kanpaina-aldarea. Desmuntagarria da, poltsikoan sartzeko modukoa... Jesus, Maria eta Jose, Xveik —heldu zion buruari— astolapiko galantak gara gero. Ba al dakizu non gorde nuen aldare desmuntagarri hori? Saldu dugun sofan.
— Bai, hori zoritxarra, kapilau jauna —esan zuen Xveikek—, egia da altzari zaharren merkatari hori ezagutzen dudala, baina herenegun bere andriarekin topatu nintzen. Gizona preso dago armairu bat lapurtziagatik, eta gure sofa Vrxovitse auzoko maisu baten etxian dago. Bai nahastia izango dela kanpaina-aldare horrekin. Hoberena izango da groga edan eta sofaren bila joatia, ze uste dut aldarerik gabe ez dagoela meza ematerik.
— lzan ere, aldarea besterik ez zaigu falta —esan zuen malenkoniaz kapilauak—. Gainontzeko guztia prest dago ariketa-lekuan. Zurginek podiuma egin dute han. Ekisaindua Brevnov auzotik mailegatuko dugu. Kaliza badaukat nirea, baina non dago orain...
Hausnar egin zuen:
— Esan dezagun galdu dudala. Orduan kirol-kopa hartuko dugu 75. errejimenduko Witinger tenientearengandik. Orain dela urte asko eskuratu zuen lasterketa batean, «Sport-Favorit» saritzat. Korrikalari ona zen. Berrogei kilometro egiten zituen Vienatik Mödling-era ordu bat eta berrogeita zortzi minutuan, beti harro esaten digunez. Atzo ados jarri nintzen berarekin. Txoriburu bat naiz, dena beti azken unerako utzita. Zergatik ez nuen, kaikua naizen honek, sofan begiratu?
Marinel zakarraren errezetaren arabera prestatutako grogaren eraginpean bere buruaren kontra irainka hasi zen, eta bai berebizikoak zitzaizkion hainbat esaera botatzen ere.
— Kanpaina-aldare hori bilatzera joan beharko genuke, bada —proposatu zuen Xveikek—, goiza da eta.
— Uniformea jantzi eta beste grog bat edan behar dut oraindik.
Azkenik kaleratu ziren. Altzari zaharren merkatariaren andrearenganako bidean zera kontatu zion kapilauak Xveiki, aurreko egunean diru asko irabazi zuela kartetan, «Jainkoaren bedeinkapena» izeneko jokoan, eta dena ongi ateraz gero bahi-dendako pianoa ordainduko zuela.
Jentilek sakrifizioa prometatzen zutenean bezalako zerbait izan zen.
Merkatariaren andre lokartuaren bidez Vrxovitse auzoko maisuaren helbideaz, sofaren jabe berriaren helbideaz, alegia. Kapilauak ezohiko eskuzabaltasuna erakutsi zuen: aurpegian atximurka egin zion eta kokots azpian kili-kili.
Oinez joan ziren Vrxovitsera, zeren kapilauak adierazi baitzuen hobe zuela atari zabalean paseatzea, beste zerbaitetan pentsatzeko.
Behin Vrxovitsen, maisu jaunaren, jaun zahar jainkozalearen etxean, ustekabe desatsegin bat zeukaten zain: sofan kanpaina-aldarea aurkitu zuenean, jaun zaharrak suposatu zuen hura Jainkoaren probidentzia zela, eta Vrxovitseko elizari oparitu zion sakristian jartzeko, aldare desmuntagarriaren bestaldean honako iragarki honetarako tokia erreserbatuz: «1914. urtean Kolarik maisu jaun jubilatuak Jainkoarenganako ohore eta laudorioan oparitua». Galtzontzilotan harrapatua izanik, enbarazu handia erakutsi zuen.
Harekiko solasetik nabari zen mirakulu eta Jainkoaren seinalearen esangura ematen ziola aurkikuntzari. Sofa erosi zuenean, barneko ahots batek honela adierazi omen zion: «Begira ezak zer dagoen sofan, tiraderan». Halaber, ametsetan aingeru bat ikusi omen zuen zuzen agindu ziona: «Ireki ezak sofako tiradera». Obeditu omen zuen. Eta han miniaturazko aldare hiru zatitan desmuntagarria, tabernakulupean ganga eta guzti, ikusi zuenean, sofaren aurrean belaunikatu omen zen, eta luze eta gogotik errezatu eta Jainkoa laudatzen egon omen zen, eta hura guztia zeruaren seinaletzat jo omen zuen, aldarearekin Vrxovitseko eliza apaintzeko.
— Txantxarik ez —esan zuen kapilauak—: gauza hura ez zen zurea eta poliziari eman beharko zenion, eta ez sakristia madarikatu bati.
— Mirakulu honengatik —erantsi zuen Xveikek— eragozpenak izan ditzakezu. Sofa erosi duzu, eta ez armadari dagokion aldarerik. Halako jainko-seinalia larrutik ordainduko duzu. Ez zenien aingeruei jaramonik egin beharko. Zhor hiriko gizon batek ere, soroan goldaketan, kaliza bat aurkitu zuen. Lapurrek eliza batian ostu eta han gordea zuten, dena ahaztuko zeneko garai hobeen zain. Gizonak ere jainko-seinaletzat jo zuen hura, eta urtu beharrian, apaizari eraman zion, elizari oparitu nahi ziola eta. Eta apaizak, gizon hari kontzientzia alhatzen zitzaiolakoan, alkatia bilarazi zuen, alkatiak aguazilei deitu, eta gizon errugabia epaitu egin zuten eliz-lapurretagatik, zergatikan jo ta ke ari zen mirakuluarena aipatzen. Bere burua salbatu nahi eta, aingeru baten berri ere eman zuen, eta baita Ama Birjina tartekatu ere, eta hamar urteko kartzela-zigorra jarri zioten. Hobe duzu gurekin hemengo apaizarengana joatia, armadako ondare hori itzultzeko. Kanpaina-aldaria ez da nornahiri erregalatu ahal diozun katu edo galtzerdia.
Jaun zaharrak gorputz osoa zeukan dardaraka, eta janzten ari zela hortzak karraska egiten ari zitzaizkion:
— Benetan, nik ez dut ezer gaiztorik ez txarrik egin nahi izan. Honelako Probidentzia jainkozkoarekin gure Vrxovitseko Ama Birjinaren eliza pobrea apaintzen lagun nezakeelakoan nengoen.
— Armadaren aurrekontuaren lepotik, jakina —esan zuen gogor eta latz Xveikek—, Jainkoak gorde gaitzala halako Probidentzia jainkozkotik. Behin Chottebor hiriko Pivonka delako batek ere Probidentzia jainkozkoa antzeman zuen, kabestru bat eskuan suertatu zitzaionean, oharkabean, behi kanpotar batekin batera.
Jaun zahar gizagaixoa eleongatik zeharo nahasirik zegoen, eta erabat utzi zion bere burua defendatzeari, ahalik azkarren jantzi eta kontu hura guztia konpontzeaz arduratuz.
Vrxovitseko apaiza artean lo zegoen, eta hotsak iratzarririk, purrustaka hasi zen, erdi-loaldian inor oliatzera joan behar zuelakoan.
— Ez al didate bakerik eman behar utzi behar ditxosozko olio santuekin? —purrust egin zuen, gogorik gabe jantziz—. Jendeari beti otu zaio hiltzea lo goxo-goxoan zaudenean. Eta gero haiekin dirua dela-eta liskarretan ibili behar izatea ere!
Atondoan topatu ziren: bera, Jainko jaunaren ordezkari Vrxovitseko zibil katolikoen artean, eta bestea, Jainkoaren ordezkari lurrean armadako aurrekontuaren aurrean.
Hala ere, azken finean zibil eta soldadu baten arteko liskarra zen.
Apaizak baieztatzen baldin bazuen kanpaina-aldare batek ez zeukala zertan egon sofa batean, kapilauak aipatzen zuen horren arabera are gutxiago egon behar zuela eliza bateko sakristian, hara zibilak baino ez baitira joaten.
Bitartean, Xveikek ohar ugari egin zituen, esaterako, erraza zela eliza pobre bat aberastea armadaren kontura. «Pobre» komatxo artean esan zuen.
Azkenean elizako sakristiara joan eta apaizak honako agiri honen ordainetan eman zuen kanpaina-aldarea:
Vrxovitseko elizara halabeharrez
iritsi zen kanpaina-aldarea hartu dut.
Otto Katz kapilau militarra
Kanpaina-aldare ospetsua Vienako enpresa judu batek egina zen, Moritz Mahler izenekoak, alegia, zeinak mezatarako tresna eta objektu erlijiozko posible guztiak ekoizten baitzituen, besteak beste, arrosarioak eta santuen iruditxoak.
Aldarea, Eliza Santuaren aintza guztia bezala, gezurrezko urrez hornitutako hiru zatik osatzen zuten.
Fantasiarik gabe ez zen posible hiru zatiotan pintatutako irudiek zer adierazten zuten asmatzea. Segurua da, dena dela, Zanbezeko jentilek zein Burjiat eta Mongoliako aztiek erabil lezaketela horrako aldarea.
Kolore bizien jabe, trenbideetako langileen artean daltonikoak harrapatzeko erabiltzen den koloretako taula zirudien urrutitik.
Figura bakar bat gailentzen zen: gizon bat biluzik, aureoladuna eta usteltzen hasitako antzara kiratsu baten ipurtxuntxurra bezain gorputz berdetuarekin.
Santu horri inork ez zion kalterik egiten. Aitzitik ere, bi aldeetan bi izaki hegaldun zeuzkan, aingeru bana irudikatu behar zutenak. Baina ikusleak irudipena zuen gizon santu biluz hori alboko izaki hegaldunek beldurturik zegoela oihuka. Izan ere, aingeruek ipuinetako munstroak ziruditen, basakatu hegaldun baten eta munstro apokaliptiko baten arteko zerbait.
Santu haren aldean Hirutasun Santua irudikatu behar zuen irudia zegoen. Pintoreak ez zuen usoa gehiegi itxuragabetu. Usoa zein Rhode Island arrazako oilo zuria izan zitekeen txori bat pintatua zuen.
Aita Jainkoak, berriz, filmetan ikusten diren mendebalde urruneko bide-lapurretako bat zirudien.
Jainkoaren Semea, ordea, gizon gazte alaia zen, bainujantzi bat zirudien zerbaitez estalitako sabel ederra zuena. Oro har, kirolari traza hartzen zitzaion. Eskuan zeukan gurutzeari erraketa balitz bezain dotore heltzen zion.
Hala ere, hark guzti hark, urrutitik, irudipen batu bat ematen zuen, geltokian sartzen ari den trenarena, alegia.
Hirugarren irudiak zer irudikatzen zuen ez zegoen igartzerik. Soldaduak beti ari ziren eztabaidan hieroglifiko hura asmatu nahian. Baten bat Sazava ibaiaren ondoko paisaia bat zela pentsatzera ere iritsi zen.
Alabaina, iragarki hau zegoen azpian: Heilige Maria, Mutter Gottes, erbarme unser Santa Maria, Jainkoaren ama, erruki zaitez gutaz.
Kanpaina-aldarea zoriontsu ezarri zuen Xveikek zalgurdi batean, eta aurrealdean eseri, zalgurdizainaren ondoan. Kapilauak eroso jarri zituen hankak Hirutasun Santuaren gainean.
Xveik gerraz aritu zen zalgurdizainarekin.
Zalgurdizaina matxinoa zen. Ohar ugari egin zituen Austriako armen garaipenaz, hala nola «espantaturik egin behar izan zuten hanka Serbiatik», eta abar. Jaki-zerga ordaintzeko gunera iritsi zirenean, zer ote zeramaten galdetu zuen funtzionarioak.
Xveikek honela erantzun zuen:
— Hirutasun Santua, Ama Birjina eta kapilaua.
Bitartean ariketa-lekuan zeuden zain, ezinegonez, frontera joan beharreko batailoiak. Eta luzaro itxaron zuten. Zeren artean Witinger tenientearengana joan baitziren kirol-kalizaren bila, eta gero ekisaindu, ziborio eta mezatarako tresna gehiagoren bila, mezatarako ardo botila bat barne, Strahoveko monasteriora. Hortik ondoriozta zitekeen ez dela hain erraza kanpaina-meza ematea.
— Guk edonola egiten ditugu gauzak —esan zion Xveikek zalgurdizainari.
Eta arrazoi zuen. Izan ere, ariketa-lekura iritsi eta aldarea ezarri behar zeneko mahaiaz hornitutako podium holtzdunaren ondoan zeudela, nabarmendu zen kapilauak elizmutila ahaztua zuela.
Beti elizmutilarena egiten ziona infanteria-soldadu bat zen, baina nahiago izan zuen frontera joan.
— Ez du axolarik, kapilau jauna —esan zuen Xveikek—: neuk ordezkatuko dut.
— Eta badakizu elizmutil-lana egiten?
— Ez dut inoiz egin —erantzun zuen Xveikek—, baina saiatu dena saia daiteke. Gaur egun gerra dago, eta lehen amestu ere egingo ez zituenak egiten ditu gerran jendiak. Zure «dominus vobiscum» delakoari «et cum spiritu tuo» tentelarekin erantzungo diot. Eta, gainera, uste dut ez dela batere zaila zure ingurutik ibiltzia katua esnearen ingurutik bezala. Eta zerorri eskuak garbitu eta pitxertxoetatik ardoa botatzia...
— Ongi —esan zuen kapilauak—, baina urik ez bota. Hobe duzu beste pitxertxoan ere ardoa berehala botatzea. Bestalde, beti esango dizut eskuinera ala ezkerrera joan behar duzun. Behin txistu isila eginez gero, horrek esan nahi du eskuinera, bi aldiz eginez gero, ezkerrera. Meza liburuarekin ere ez duzu buruhauste handirik izango. Bestalde, jolas antzekoa da. Beldurtuta?
— Ni ez naiz ezeren beldur, kapilau jauna, ezta elizmutil-lana egitiarena ere.
Kapilauak arrazoi zuen «bestalde, jolas antzekoa da» adierazi zuenean.
Dena txit ongi atera zen.
Kapilauaren mintzaldia oso laburra izan zen.
— Soldaduok! Borroka-lekura abiatu aurretik, hemen bilduak gara Jainkoarengana buelta dezagun geure bihotza, garaipena eman eta osasuntsu gorde gaitzan. Ez dizuet denborarik alferrik galarazi nahi, eta zorte on opa dizuet.
— Ruht Atseden —deiadar egin zuen koronel zaharrak ezkerreko hegalean.
Kanpaina-mezari kanpainakoa deitzen bazaio, borrokarako taktika militarraren lege berberen mende dagoelako da. Hogeita hamar urteetako gerran, armaden maniobra luzeetan zehar, kanpaina-mezak ere izugarri luzeak izan ohi ziren.
Armaden mugimenduak agudo eta azkarrak izatea exijitzen duen taktika berriarekin, kanpaina-mezak ere behar du agudo eta azkarra izan.
Egun hartakoak hamar minutu iraun zuen, eta gertuago zeudenak ikaragarri harritu ziren kapilauak mezan zehar egindako txistuez.
Xveikek adimenez zaindu zituen keinuak. Aldarearen eskuinaldera joan, berriro ezkerraldera, eta «et cum spiritu tuo» besterik ez zuen esaten.
Sakrifizio-harriaren ingurutik egindako dantza indiarra zirudien, baina irudipen ona eman zuen, ariketa-leku hautseztatu tristearen aspertzearen uxatzaile, bertan zirelarik aranondo ilara bat atzealdean eta kakategi batzuk, eliza gotikoen intsentsuaren usain mistikoa ordezkatzen zuen usaina zutenak.
Guztiak oso dibertitu ziren. Koronelaren inguruko ofizialek pasadizoak kontatzen zizkioten elkarri, eta dena erabateko ordenan joan zen. Han-hemenka hauxe entzun zitekeen gizateriaren erdian:
— Emadak atxiki bat.
Eta ilaretatik zerura tabako-kezko hodeitxo urdinak irteten ziren sakrifizio-kearen antzera. Militar gradudun guztiak erretzen hasi ziren koronel jaunak zigarreta bat piztu zuela ikustean.
Azkenik «Zum Gebet» Otoitzera aditu zen, hauts zirimola bat sortu zen, eta uniformedun guztiak belaunikatu egin ziren Witinger tenienteak, Viena-Mödling lasterketan «Sport-Favorit» saritzat irabazitako kirol-kalizaren aurrean.
Kaliza beterik zegoen, eta kapilauaren manipulazioari jarraiki zitzaion iritzi orokorra ilaraz ilara entzun zitekeen:
— Muturra busti dik horrek gero.
Eginbehar hori bi aldiz izan zen errepikatua. Gero berriz ere «Otoitzera», eta jarraian koroak «Gorde gaitzak, Jauna» kantatu zuen ahalik eta hobekien, ilaran jarri, eta abian.
— Bil itzazu bitxikeriok —esan zion kapilauak Xveiki, kanpaina-aldarea seinalatuz—, dagozkion lekura eraman ahal izateko!-
Halatan, bada, zalgurdizainarekin abiatu, eta zintzo-zintzo itzuli zuten guztia, meza-ardo botila ezik.
Eta behin etxean, zoritxarreko zalgurdizaina Goi Agintaritzara bidalirik ibilbide luzea ordain ziezaioten, honela esan zion Xveikek kapilauari:
— Zilegi bekit gauza bat galdetzia, kapilau jauna: izan behar al du elizmutilak meza ematen duenaren erlijio berekoa?
— Jakina —erantzun zuen kapilauak—, bestela mezak ez luke balioko eta.
— Orduan, kapilau jauna, akats handia gertatu da —bota zuen Xveikek—, ni erlijiogabia naiz. Halakoxia da nire zoritxarra.
Kapilauak Xveiki begiratu, lipar batez isildu, gero sorbaldan jo, eta honela esan zuen:
— Buka dezakezu botilan gelditu den meza-ardo hori, eta imajina ezazu berriz ere Elizan sartu zarela.
© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo