9. kapitulua
XVEIK PRESONDEGI MILITARREAN

Presondegi militarra zen gerrara joan nahi ez zuen jendearen azken babeslekua. Irakasle bat nuen ezagun, matematikaria zen aldetik artillerian tiro egin nahi ez zuena, eta horrexegatik lapurtu zion erlojua kapitain bati, presondegian sartzeko. Zuhurtasun osoz jokatu zuen. Ez zegoen gerraz hunkiturik ezta sorgindurik ere. Tentelkeriatzat zeukan etsaiari sua hautsi eta bera bezalako matematika-irakasle zorigabeak kanoikadaka eta granadaka hiltzea.
— Ez diat nahi nire bortizkeriagatik gorrota nazatela —esan zuen bere artean, eta lasai asko ostu zuen erlojua. Lehenengo eta behin, haren egoera psikikoa aztertu zuten, eta aberastu nahi zuela iragarri zuenean presondegira eraman zuten. Jende gehiago zegoen han giltzapeturik, lapurreta edo iruzurra zela eta. Idealistak eta ez-idealistak. Gerra diru-sarreren iturburutzat jotzen zuen jendea, jaki eta soldatekin ahal beste iruzur egiten zuten atzeguardia eta fronteko subofizial kontulari ugari, eta, azkenik, lapur xumeak, hara bidali zituzten tipoak baino mila aldiz zintzoagoak. Gainera, baziren soldaduak presondegian delitu militarrengatik zeudenak: diziplinarik eza, matxinada saioa, desertzioa. Aparteko mota bat politikariena zen: haietarik ehuneko laurogei guztiz errugabeak ziren, baina ehuneko laurogeita hemeretzi epaiturik suertatzen ziren.
Auditoreen aparatua ikaragarri handia zen. Halako auzitegi-aparatua daukate Estatu guztiek hondamendi politiko, ekonomiko eta moralean erori baino lehen. Botere eta ospe ohiaren distirak gorde egiten ditu auzitegiak, polizia, jendarmeria, eta salatari-jendaila saldua.
Austriak armadaren sail guztietan zeuzkan espioi haiek salatu egiten zituzten etzalekuetan berekin lo egiten zuten lagunak, martxetan berekin ogia erdibanatzen zutenak.
Estatuko poliziak —Klima, Slavitxek & Co.— materiala eskuratzen zion presondegiari. Zentsura militarrak hara eramaten zituen frontearen eta etxean etsirik utzitakoen arteko posta-trukearen egileak. Jendarmeek frontera idazten zuten jubilatuak ere hartzen zituzten preso. Auzitegi militarrak, jubilatuon hitz kontsolagarriengatik eta etxekoen miseria deskribatzeagatik, hamabi urteko espetxe-zigorra jartzen zien.
Pragako gazteluko presondegi militarretik bazegoen bide bat Brevnov auzoan barrena Motol auzoko ariketa-lekura zeramana. Aurretik, baionetez lagundurik, gizon bat zihoan, eskuetan kateak zeramatzala, eta bere atzetik gurdi bat zerraldo eta guzti. Eta Motol auzoko ariketa-lekuan agindu motz bat entzuten zen: «An! Feuer!» Destatu! Sua!. Eta errejimendu eta batailoi guztietan agindu bat irakurtzen zuten, alegia: berriz ere soldadu bat tiroz josi zutela matxinatzeagatik. Izan ere, soldadu sartu zenean emazteak ez zuen harengandik banandu nahi, eta kapitainak sablez jo zuen soldaduaren emaztea.
Eta presondegian hirutasunak (Slavik kartzelaria, Linhart kapitaina eta Repa sarjentua, «borreroa» izengoitiz ezagunagoa zena) bere eginbeharra betetzen zuen. Zenbat makilatu zituzten ziegan! Baliteke Linhart kapitainak gaur egun, Errepublika garaion, kapitaina izaten segitzea. Nahi nuke presondegi militarrean lan egindako urteak kontuan hartuko balizkiote. Slavik txikiari eta Klimari bai, kontuan hartu zaizkie Estatuko polizian emandako urteak. Repa bizimodu zibilera itzuli zen, eta segitzen du igeltsero gisa lan egiten. Baliteke Errepublikako elkarte abertzaleen partaide ere izatea.
Slavik kartzelari nagusia lapur bihurtu zen Errepublikan, eta gaur egun giltzapean dago. Gaixoa ez zen Errepublikan beste ofizial batzuk bezala ainguratu.
Erabat naturala da Slavik kartzelariak, Xveiki abegi egitean, erantzuki mutuz betetako behakoa bota izana:
— Hi ere heldu haiz gure artera, hire izen ona lohituta? Guk, motel, hemengo egonaldia eztituko diagu, gure eskuetan erori diren guztiei bezala, eta gure eskuak ez dituk dama baten eskutxoak.
Gero behakoari adorea eransteko, bere ukabil gihartsu lodia Xveiken sudurpean jarri eta honela esan zuen:
— Usna ezak, zital horrek!
Xveikek usnatu eta ohartarazi zuen:
— Ez nuke nahi ukabil honek jotzerik, kanposantu-usaina du eta.
Mintzo lasai zuhur hori biziki gustatu zitzaion kartzelari nagusiari.
— Ez? —esan zuen, Xveiken urdailean ukabila joz—, jarri tente, zer daukak patriketan? Zigarretarik badaukak, utz dezakek, eta dirua ekar ezak hona, lapurtuko ez badiate. Ez daukak gehiagorik? Benetan ez daukak? Ez esan gezurrik, gezurra zigortu egiten da eta.
— Non jarri behar dugu? —galdetu zuen Repa sarjentuak.
— «Hamaseigarrenean» —erabaki zuen kartzelari nagusiak—, galtzontziloz jantzitako horiekin. Ez al duzu ikusten, bada, Linhart kapitain jaunaren idazkian «Streng behüten, beobachten!» Zorrotz zaindu, beha egon! dagoela idatzita? Bai, bai —iragarri zion zeremoniatsu Xveiki—, lotsagabeekin lotsagabe jokatu behar. Inor matxinatzen bada, narraz eramaten diagu ziegara, eta han saihets guztiak hautsi eta etzanda uzten diagu akabatzen den arte. Bazaukagu horretarako eskubidea. Harakin horrekin halaxe egin genian, gogoratzen al zara, Repa?
— Nola ez, bada? Lanak eman zizkigun horrek gero, kartzelari nagusia —erantzun zuen ameslari Repa sarjentuak—. Hura bai gorputza! Bost minutu baino gehiago ostikatu behar izan nuen harik eta saihetsak kraskatu eta muturretik odola ateratzen hasi zitzaion arte. Eta beste hamar egunez iraun zuen bizirik. Zain dobletakoa zen gero!
— Ikusten duk, zital horrek? Hemen ez duk erraza matxinatzea —bukatu zuen bere azalpen pedagogikoa Slavik kartzelariak— edo ihes egitea. Hori praktikan buru-hilketa duk, eta hori ere zigortzen duk hemen. Jainkoak gorde hazala, mixerable hori, ikuskatzailea datorrenean kexu egitetik. Ikuskatzailea etorri eta «kexarik al duzu?» galdetzen dianean, hik, kiratsu horrek, tente jarri behar duk, erreberentzia egin eta erantzun: «Apal-apalik jakinarazten dizut ez dudala kexarik, guztiz gustura nagoela». Nola esango duk, nazkagarri horrek? Errepika ezak!
— Apal-apalik jakinarazten dizut ez dudala kexarik, guztiz gustura nagoela —errepikatu zuen Xveikek hain adierazpen maitagarriaz, non kartzelariak, erraturik, ahalegin zintzo iritzi baitzion.
— Hortaz, jar hadi galtzontzilotan eta hoa «hamaseigarrenera» —esan zuen xalo, ohiko «zital hori», «nazkagarri hori» edo «kiratsu hori» eransteke.
«Hamaseigarrenean», Xveik hemeretzi gizon prakagaberekin bildu zen. Txostenetan «Streng behüten, beobachten!» oharra idatzita zeukatenak ziren. Orain arreta handiz zainduak ziren ihes egin ez zezaten.
Galtzontzilo horiek garbi egon balira eta leihoetan burdin sarerik egon ez balitz, lehen begiratuan irudiko zuen bainuetxeren bateko aldagela zela hura.
Cimrkomandant-ak Gelako komandantea, bizarra egin ez eta alkandora irekita zeraman morroiak, hartu zuen Xveik sarjentuarengandik. Horman esekitako paper pusketa batean izena apuntatu eta honela esan zion:
— Bihar parranda zaukagu hemen. Kaperara eramango gaitiztek sermoia entzutera. Gu guztiok galtzontzilotan jarriko gaituk pulpitupean. Primeran pasako diagu!
Kartzela eta zigortegi guztietan bezala, kuarteleko presondegian ere kaperazaletasun handia zegoen. Kontua ez zen espetxeko kapera derrigorrez bisitatu beharrak bisitariak Jainkoarengana hurbilaraztea, presoek moralaz gehiago jakitea. Horrelako tontakeriez ez dago hitzik ere egiterik.
Elizkizunak eta sermoiak presoak presondegiko asperkeriatik ateratzeko modu eder ziren. Kontua ez zen Jainkoarengandik hurbilago egotea, baizik eta, bidean, korridoreetan eta patiotik barrena botatako zigarreta edo zigarro puru pusketa bat aurkitzea. Listuontzian edo lurrean, hauts artean galdutako zigarrokin txiki batek zeharo bazterrarazten zuen Jainkoa. Objektu txiki kiratsu hori Jainkoari eta arimaren salbazioari garaitzen zitzaien.
Eta gero sermoia, guztien jostagarri. Izan ere, Otto Katz kapilau militarra gizon atsegina zen. Ohi ez den bezala, bere sermoiak arrobagarriak ziren, barregarriak, presondegiko asperkeriaren bizigarri. Ondo asko zekien Jainkoaren dohain mugagabeaz mintzatzen, preso zatarrak eta gizon ohoregabeak indartzen. Ondo asko zekien pulpitu eta aldaretik inoren azpiak jaten. Primeran zekien aldaretik bere «Ite, missa est» oihukatu, elizkizun osoa modu originalean eman eta meza santuaren ordena guztia nahasten, eta, oso mozkorturik zegoenean, otoitz guztiz berriak eta meza santu berria asmatzen: bere erritua, artean han egon gabeko zerbait, asmatzen.
Eta, gero, aze komeria, noizbait irristatu eta kaliza, Sakramentu guztiz Santua edo meza-liburuarekin erori eta zigor-konpainiako elizmutilari leporatzen zionean hankartea nahita egin izana, Sakramentu guztiz Santuaren beraren aurrean zigor-gelara bidaliz girgilu eta guzti!
Eta kaltetua poztu egiten da, zeren hori zigor-kaperako komeria guztiari baitagokio. Berari rol handia eman zaio antzezlanean, eta duin jokatu du.
Otto Katz kapilaua, apaiz militarrik egokiena, judua zen. Hori, bestalde, ez da harritzekoa. Kohn artzapezpikua ere judua zen, eta baita Machar idazle anarkistaren laguna ere.
Otto Katz kapilauak are iraganaldi nabarragoa zeukan Kohn artzapezpikuak baino.
Merkataritza eskolan ikasia zen, eta urtebeteko boluntario ibilia. Eta hain ongi nabarmendu zen merkataritza zuzenbidean eta truke-letretan, non urtebetean Katz & Co. merkataritza enpresa porrotera eraman baitzuen. Eta porrota hain izan zen ezaguna eta biribila, non Katz jaun zaharrak, hartzedunekin kitapena erabaki ondoren, Ipar Ameriketara egin baitzuen alde, ez berauek ezta Argentinara ihes egindako bazkideak jakinaren gainean jarri gabe.
Orduan, Otto Katz gaztea, Katz & Co. enpresa Ipar eta Hego Amerikaren artean banatu zuenean, zer jarauntsi ez daukanaren, non burua tinkatu ez dakienaren, armadan sartu behar duenaren egoeran aurkitu zen.
Aurrena, hala ere, gauza txit loriatsua bururatu zitzaion Otto Katz urtebeteko boluntarioari: bataiatzea. Kristorengana bueltatu zen, karrera egiten lagun ziezaion. Hura bere eta Jainkoaren semearen arteko merkataritza kontua zela sinetsirik bueltatu zen Otto Katz Kristorengana.
Emausko monasterioan bataiatu zuten, zeremonia handi batean. Alban paterrak berak busti zuen pontean. Ikuskizun zoragarria izan zen. Otto Katzen errejimenduaren erlijio-komandante bat egon zen, bai eta Pragako gaztelu inguruko andre aristokraten elkarteko neskazahar bat ere. Udaleko ordezkari aurpegi zabaleko bat ere izan zen bertan, aitabitxiarena egiten.
Ofiziala izateko azterketa ongi atera zitzaion, eta Otto Katz kristau berria armadan gelditu zen. Hasieran iruditu zitzaion gauzak ongi joango zitzaizkiola: Goi Agintaritzarako ikastaroak egiteari ere ekin zion.
Baina egun batez mozkortu egin zen, monasteriora joan, sablea utzi eta apaizgai sartzea erabaki. Pragako gazteluko artzapezpikuarenean izan zen eta apaiztegian sartu. Apaiztu aurretik, atun ederra harrapatu zuen izen oneko etxe batean. Damazko zerbitzua zeukan etxe hori Veivodovitse atzeko karrika batean zegoen. Bada, gozamen eta jostagarriaren zurrunbilo hartatik zuzen-zuzen apaiztera joan zen. Apaiztu ondoren bere errejimendura joan zen babesa eskatzera, eta kapilau izendatu zutenean, zaldia erosi eta Pragatik ibiltzen zen, bere errejimenduko ofizial guztiekin, alai asko, mozkorraldi guztietan parte hartuz.
Etxebizitza zeukaneko etxeko korridorean hartzedun etsien madarikazioak entzuten ziren sarri askotan. Halaber, kaleko neskak etxeratzen zituen, edo bere sehi militarra haien bila bidali. Oso gustatzen zitzaion kartetan aritzea, eta bazen tranpak egiten zituela suposatzen zuenik, baina inork ez zion frogatu sotanako mahukan batekoa ezkutatuta zeukanik. Ofizialen artean «Aita Santua» deitzen zioten.
Ez zuen behin ere sermoirik prestatzen. Horretan bereizten zen bere aitzindariarengandik —hura ere presondegira joaten zen—. Izan ere, aitzindariak ideia tinko bat zerabilen buruan: preso sartutako gizonak pulpitutik ondu zitezkeela. Kapilau errespetagarri honek begiak fedez okertu eta neska ezkongaien erreforma ezinbestekoa zela azaltzen zien presoei, bai eta ama ezkongabeekiko arduraren erreforma ere, eta sasikumeen hezkuntzaz ere mintzo zitzaien. Bere sermoiak abstraktuak ziren, eta ez zeukaten batere loturarik eguneko egoerarekin: gogait eragiten zuten.
Otto Katz kapilauak, aitzitik, denek espero zituzten sermoiak zeuzkan.
Une ospetsua izan zen hamaseigarren gelakoak galtzontzilotan kaperaratu zituztenekoa. Izan ere, galtzontziloak janztea haietako norbait galtzeko arriskuarekin loturik zegoen. Hogei galtzontzilo zuri eta aingeruok pulpitupean jarri zituzten. Haietako zenbait, zorionekoak, bidetik aurkitutako zigarrokinak mastekatzen ari ziren, zeren, naturala den bezala, poltsikorik ez eta ez baitzeukaten non ezkutatu.
Haien inguruan presondegiko beste presoak zeuden, zoraturik bezala, pulpitupeko hogei galtzontzilook ikusten. Bitartean kapilaua, ezproi-durundiz, pulpitura igotzen ari zen.
— Habacht! Adi egon! —oihukatu zuen—, otoitz egizue, errepika ezazue denok nik esango dudana! Eta atzeko horrek ez dezala zintzik egin, zitala alaena, Jaunaren tenpluan hago eta kaiolara bidaliko haut. Ez duzue, zatarrok, aita gurea oraindik ahaztu, ezta? Hortaz, saiatu egingo gara. Tira, banekien alferrik zela. Aita gurea bai zera! Zuek bi haragi-zati eta babarrun entsalada, geza eta gaziak irentsi, ahoz behera etzalekuan etzan, sudurretan atzamarra sartu, eta ez duzue Jainkoarengan pentsatzen. Oker al nabil?
Pulpitutik behera begiratu zuen, galtzontziloz jantzitako hogei aingeru zurienganantz, zeinak, guztiak bezalaxe, ederki ari baitziren dibertitzen. Atzealdean «haragi»-tara jolasten ari ziren! Jolas mota bat da: lagun bat makurtu eta beste batek jo egin behar du. Makurtutakoak igarri egin behar du zeinek
— Hau oso ongi dago —xuxurlatu zion Xveikek albokoari, zeinari buruz ondoko susmo hau baitzegoen: adiskide bat soldadutzatik libratzeko, eskuaren atzamarrak aizkoraz ebaki zizkiola hiru koroaren truke.
— Bada, are hobea izango da —izan zen erantzuna—. Gaur berriz ere aitzur ederra harrapatu du, eta bekatuaren bide arantzadunaz hitz egingo du ostera ere.
Egun hartan kapilaua umore bikainean zegoen benetan. Jakin ere ez zekien zergatik, baina pulpitutik etengabe makurtuz, oreka galdu eta erortzear egon zen.
— Abestu ezazue zerbait, mutilok —garrasi egin zuen beherantz—, ala nahiago duzue kantatxo berriak irakasterik? Hortaz, kanta ezazue nirekin:
Guztietan maiteena
nire maitea badut nik,
haren atzean ez nabil bakarrik,
haren atzean badoaz beste asko ere,
milaka ditu maitale,
eta nire maiteena
Ama Birjina da...
— Sekulan ez duzue ikasiko, axolagabeok —jarraitu zuen kapilauak—. Zuek guztiok armaz jostearen alde nago. Ongi ulertzen didazue? Leku santu honetatik baiesten dut hori, gizatxarrok, zeren eta Jainkoa ez da zuen beldur, eta zeuen betea emango dizue tenteldu arte, zeren eta zuek duda egiten duzue Kristorengana bueltatzeaz, eta bekatuaren bide arantzadunetik joan nahiago duzue.
— Ederki hordituta dago berriz ere —xuxurlatu zion poz batean Xveiki aldamenekoak.
— Bekatuaren bide arantzaduna, mutil tentelok, bizioen kontrako borrokabidea da. Aitarengana itzuli baino ziegan zabar-zabar egon nahiago duzuen seme irioleak zarete. Aurrerago eta gorago zuzen ezazue begirada zeruen goierara, eta irabaziko duzue, bakea zuen ariman pausatuko delarik, kalekumeok. Atzealdean bafatzen ari denak ez dezala berriro holakorik egin! Ez da zaldi bat, eta ez dago ukuiluan, Jaunaren tenpluan baizik. Ohartarazten zaituztet, ene maiteok. Zer ari nintzen esaten? Ja, über den Seelenfrieden, sehr gut Bai, arimen bakean, ederki. Gogora ezazue, astakirtenok, gizakumeak zaretela eta zerumuga urruneko hodei ilunean zehar ere begiratu behar duzuela, eta jakin behar duzue hemengo guztia iraunkorra dela, Jainkoa besterik ez dela betiko. Sehr gut, nicht wahr, meine Herren? Ederki, ez da hola, jaunok? Gau eta egun otoitz egin beharko nuke zuen alde, ergelok, Jainko gupidatsuak zuen bihotz hotzetan bere arima isuri dezan, eta bere dohain santuaz zuen bekatuak garbi ditzan, bereak izan zaitezten betiko eta, lotsagabeok, beti maita zaitzaten. Baina oker zabiltzate. Neronek ez zaituztet paradisu horretara eramango gero —kapilauak zotin egin zuen—. Eta ez dut —errepikatu zuen tematsu— zuen alde deusik ere egingo, ez zait holakorik burutik pasako, gizatxar zuzentezinak zarete eta. Zuen bideetan ez zaituzte Jaunaren ontasunak gidatuko, Jainkoaren maitasunaren arnasak ez dizue putz egingo, zeren eta Jainko maiteari ez zaio bururatu ere egingo horrelako petraloz arduratzea. Entzuten duzue, beheko galtzontzilodunok?
Hogei galtzontziloek gora begiratu eta aho batez esan zuten:
— Apal-apalik jakinarazten dizugu entzuten dugula.
— Ez da aski —ekin zion kapilauak sermoiari— Jainkoaren irribarreak atsekabeaz askatuko ez zaituzteneko bizitzaren hodei iluna entzutea, ergelok, zeren eta Jainkoaren ontasunak ere baditu bere mugak, eta hik, atzean hagoen astakilo horrek, ez egik eztulik edo zulora bidaliko haut hil arte. Eta zuek, behekook, ez pentsa tabernazulo batean gaudela. Jainkoa txit errukiorra da, baina jende zintzoarekin bakarrik, ez gizartearen pariekin, ez baitute ez Jainkoaren eta armadaren legerik errespetatzen. Horixe nahi nizuen esan. Ez dakizue otoitz egiten, eta uste duzue kaperara etortzea txantxetako kontua dela, hemen antzerki bat dagoela edo zine-antzerkia. Eta hori burutik kenduko dizuet, pentsa ez dezazuen hemen zuen jostagarri nagoela, bizitzeko alaitasuna emateko. Zigor-geletan banatuko zaituztet, horixe egingo dut, bai, zitalok. Denbora galtzen ari naiz zuekin, eta ikusten dut guztia erabat alferrikakoa dela. Ezetz zuek ondu eta Jainkoarengana bueltatu, hemen landa-mariskala bera edo artzapezpikua balego ere! Eta, hala eta guztiz ere, egun batez nirekin gogoratu eta konturatuko zarete asmo onez jokatu nuela zuekiko.
Hogei galtzontziloen artean hipak entzun ziren. Xveik zen, negarrari emanda.
Kapilauak behera so egin zuen. Hantxe zegoen Xveik, ukabilez begiak igurzten. Inguruan adostasun alaia ikus zitekeen.
Kapilauak segitu egin zuen, Xveik seinalatuz:
— Norberak har beza gizon honengandik adibide. Zertan ari da? Negar egiten. Ez egik negarrik, esaten diat, ez egik negarrik. Ondu nahi duk? Ez duk, mutiko, horren aise lortuko. Orain negarrez hago, eta hemendik ziegara itzultzean, lehen bezain zitala izango haiz berriz ere. Asko hausnartu behar duk Jainkoaren dohain eta bihotz-ontasun amaigabeaz. Ardura hartu behar duk hire arima bekatariak, munduan, ibili behar duen bide zuzena aurki dezan. Gaur ikusten dugu on-bidera itzuli nahi duen gizon bat hasi zaigula negarrez, eta zer egiten duzue gainontzekook? Ezer ez. Hura zerbait mastekatzen ari da, bere gurasoak hausnarkariak izango balira bezala, eta hango haiek alkandorako zorrien bila dabiltza Jaunaren tenpluan. Etxean ezin hazka egin eta elizkizunetarako utzi behar duzue? Kartzelari nagusi jauna: zu ere ez zara ezertaz ohartzen. Izan ere, guztiok soldaduak zarete, eta ez zibil tentel batzuk. Soldaduei dagokien bezala jokatu behar duzue, elizan izanik ere. Emaiozue, hara gurutzea, Jainkoa bilatzeari, eta utz itzazue zorriak etxean. Eta besterik ez, kalekumeok. Meza bitartean zintzoak izatea eskatzen dizuet, azken aldian bezala gerta ez dadin: atzealdekoek altxor publikoko arropa ogi-ordainez trukatu eta jaunartze bitartean jan zutela ogia.
Kapilaua pulpitutik jaitsi eta sakristiara abiatu zen, atzetik kartzelari nagusia zihoakiola. Handik pixka batera kartzelaria irten, zuzen-zuzen Xveiki bueltatu, hogei galtzontziloen taldetik irtenarazi, eta sakristiara eraman zuen.
Kapilaua, mahaian eroso-eroso eserita, zigarreta bat biltzen ari zen.
Xveik sartu zenean, honela esan zuen kapilauak:
— Hemen zaitut, beraz. Honetaz guztiaz pentsatzen egon naiz, eta uste dut zure azpijokoa atzeman dudala, ulertzen duk, gizontxo? Hau da lehenengo aldia elizan norbait negarrez hasi zaidana.
Mahaitik behera jauzi egin eta Xveiken sorbaldak astinduz oihu egin zuen Salesko Frantziskoren irudi handi tristepean:
— Aitor ezak, zital horrek, adarra jotze hutsagatik egin duala negar!
Eta Salesko Frantzisko, iruditik, galdezka bezala zegoen Xveiki begira. Beste aldetik, beste irudi batetik, Xveiki so zegion, aho zabalik, martiriren batek, Erromako lekaio ezezagun batzuek ipurdia zerraz ebakitzen ziotelarik. Tartean, martiriaren aurpegian ezin zen batere sufrimendurik nabaritu, ezta alaitasun eta martiri-distirarik ere. Ez zerurako ez lurrerako bezala zegoen, hauxe esan nahi balu bezala: Nolatan, bada, gertatu zait honelakorik, jaunok? Zer egiten ari zarete nirekin?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna —esan zuen zuhur Xveikek, dena karta batean jarriz— bai Jainko guztiahaldunari bai Jainkoaren lekuan zauden aita errespetagarri horri aitortzen dizuedala adar jotze soilagatik egin dudala, bene-benetan, negar. Ikusi dut zure sermoiari bekatari ondu bat falta zitzaiola, eta alferrik bilatu duzula sermoian zehar. Orduan benetako poza eman nahi izan dizut, jende zuzenik ez dagoenik pentsa ez dezazun, eta neure buruari arpa jo nahi izan diot arindura sentitzeko.
Kapilau militarrak arakatzaile begiratu zion Xveiken aurpegi tolesgabeari. Eguzki printza batek, Salesko Frantziskoren irudi ospelarekin jolasean, bestaldeko hormako martiri aho-zabalari beroa ematen zion.
— Hasia zatzaizkit gustatzen —esan zuen kapilauak, mahaian berriz eseriz—. Zein errejimendutan zaude? —Zotinka hasi zen.
— Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna, laurogeita hamaikagarren errejimenduan nagoela eta ez nagoela. Ez dakidala, jakin ere, zer gertatzen den nirekin.
— Eta zergatik sartu zaituzte preso? —galde egin zuen kapilauak, zotin egiteari uzteke.
Organoa ordezkatzen zuen harmoniumaren soinuak aditu ziren kaperatik. Musikaria desertatzeagatik espetxeratutako irakaslea zen, eta arranguratu egiten zen, harmoniumean erlijio-doinu tristeenak joz. Doinuok kapilauaren zotinarekin nahasten ziren, eskala doriko berria osatuz.
— Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna, benetan ez dakidala zergatik hartu nauten preso, eta ez naizela preso egotiaz kexatzen. Zoritxarrekoa naiz. Beti asmo onez egiten dut dena, eta azkenian beti aldrebesten zait guztia, irudiko martiri horri bezala.
Kapilauak irudira begiratu, irribarre egin, eta honela esan zuen:
— Benetan gustukoa zaitut. Zure berri galdetu behar diot epaile militarrari, eta ez naiz zurekin gehiago mintzatuko. Eta buka dezadan behingoan meza santu hau! Kehrt euch! Abtreten! Buelta erdia, abian!
Xveik pulpitupeko galtzontziloen taldera itzuli zen, eta «zer nahi zuen sakristian kapilauak zuregandik?» galdetu ziotenean, honako erantzun lehor eta labur hau eman zuen:
— Total eginda dago.
Kapilauaren ekitaldi berria, meza santua, adi-adi eta begikotasun ezkutatu gabeaz aditu zuten guztiek. Pulpitupeko bat apustu egitera iritsi zen baietz ekisaindua kapilauari eskutik erori. Berak bere ogi-anoa jarri zuen jokoan, eta besteek bi belarrondoko, eta irabazi egin zuen.
Kaperan kapilauaren zeremoniak ikustean guztien arima betetzen zuena ez zen sinesleen mistizismoa edo benetako katolikoen debozioa. Antzeko zerbait sentitzen dugu antzerkian, antzezlanaren edukia ezagutu ez, istorioa korapilatu, eta guk nola bukatuko den jakitea irrikatzen dugunean. Kapilau jaunak aldarean pairamen handiz eskaintzen zien irudian murgildurik zeuden.
Gozamen estetikoari emanak ziren, kapilauak ifrentzuz jantzitako meza-jantziaren gozamen estetikoari begira. Ulergarritasun eta asaldura biziz behatzen zuten aldarean gertatzen ari zen guztia.
Elizmutil ilegorria, eliz-zirkuluetatik desertatutakoa, hogeita zortzigarren errejimenduko lapurreta xeheetan espezialista, meza santuaren prozedura, teknika eta testu osoa buruz gogoratzen saiatu zen, prestutasunez saiatu ere. Aldi berean, elizmutila eta kapilauaren oroitarazlea zen, zeren honek perpaus osoak nahaspilatzen baitzituen guztizko arinkeriaz, eta meza liburuan ohiko mezara barik abendukora iristen zen, zeina, entzuleen pozgarri, kantatzen hasi baitzen.
Ez ahotsik ez musikarako belarririk eduki ez, eta kaperako gangaren azpian txerritegian bezalako txilioak eta deiadarrak aditu ziren.
— Gaur morroi hau total eginda dago gero —esan zuten aldarearen aurrean alaitasun eta poz betean—. Atun ederra harrapatu du. Barrendik busti da! Seguru putetxeren batean mozkortu dela.
Eta hirugarrenez kapilauaren kantua aditu zen aldaretik «Ite, missa est!», indiarren gerra oihuaren antzera, leihoak dardararazteko moduan.
Ondoren, kapilauak beste behin begiratu zion kalizari, ez ote zen han ardo-tantarik geldituko, eta haserre-keinua eginda, entzuleei bueltatu zitzaien:
— Hortaz, zitalok, etxera joan zaitezkete, meza bukatua da eta. Konturatu naiz ez duzuela, kalekumeok, eukaristian eduki behar duzuen benetako debozioa erakusten. Jainkoaren aurrez aurre zaudetela ez zarete lotsatzen ozen irri egin, eztul egin edo hankak arrastatzeaz. Ezta nire aurrean ere, hemen Ama Birjina, Kristo jauna eta Jainkoa ordezkatzen baditut ere, kaikuok. Honelakorik errepikatzen bada, hautsak aterako dizkizuet, behar bezala, jakin dezazuen azkenurren aldian aipatu nizuen infernua ez dela bakarra, baizik eta lurrean ere beste bat dagoela, eta lehenengo infernutik salbatuagatik ere, bigarrenetik ez zarete salbatuko. Abtreten!
Ohitura zahar-zahar hori, presoak bisitatzearena alegia, praktikara hain ederki zeraman kapilau hura arropaz aldatu zen, eliz-ardoa katalintzarretik pitxerrera bota, osorik edan, eta elizmutil ilegorriaren laguntzaz, patioan lotutako bere zaldi gainera igo zen, baina gero Xveikekin gogoratu, negar egin, eta Bernis auditorearen bulegora abiatu zen.
Bernis auditorea lagunkoia zen, dantzari zoragarria eta birigarro ezmorala. Han izugarri aspertzen zen, eta beti ari zen alemanezko neurtitzak han-hemenka idazten, beti erreserbaren bat oroigarri-albumetarako eskuhar edukitzeko. Epaimahai militarreko aparatu osoaren partaiderik garrantzitsuena zen, zeren eta hainbat eta hainbat izkribu eta akta zeuzkan, nahas-mahas, non Pragako gazteluko epaimahai militar osoak errespetatzen baitzuen. Akusaziozko materiala galdu ohi zuen, eta berria asmatzera beharturik zegoen. Izenak nahasi, salaketaren haria galdu eta berria harilkatzen zuen burura zetorkion bezala. Desertoreak lapurretagatik epaitzen zituen, eta lapurrak desertzioagatik. Prozesu politikoak ere bilbatzen zituen, ezerezetik sortuak. Hainbat malabarismo egiten zituen, auzipetuei berauek sekula amestu gabeko delituak egozteko. Maiestatearen kontrako irainak asmatzen zituen, eta noren ere akusazioa edo salaketa akta eta idazki ofizialen anabasa etengabe hartan galtzen baitzen, hari ere leporatzen zizkion beti irain asmatuok.
— Kaixo —esan zuen kapilauak eskua luzatuz—, zer moduz?
— Kili-kolo —erantzun zuen Bernis auditoreak—. Nahaspilatu zidatek materiala, eta orain deabruak ere ez zaukak nondik jo. Atzo gora bidali nian burututako material bat matxinatzeagatik preso hartutako morroi bati buruz, eta itzuli egin zidatek, esanez ez zela matxinatze kontua, kontserba-poteen lapurreta baizik. Eta pentsa!: beste zenbaki bat jarri nian, baina konturatu egin dituk, batek jakin nola. —Tu egin zuen auditoreak.
— Kartetan aritzen haiz oraindik? —galdetu zuen kapilauak.
— Kartetan dena galdu diat. Azkenen aldiz, koronel burusoil horrekin jokatu nuen, seiko urrean, eta burutik oinetaraino lumatu ninduen. Baina bazekiat neskatxa baten berri. Eta hik zer egiten duk, aita?
— Nik sehia behar diat —esan zuen kapilauak—. Azkenaldi honetan hezkuntza akademikorik gabeko kontulari zahar bat izan diat, baina lehen mailako astakiloa zuan. Kexa eta Jainkoak salba zezan otoitz besterik egiten ez zuenez, frontera bidali nian batailoiarekin. Batailoi hori erabat suntsitu omen ziaten. Gero, morroi bat bidali zidatean, tabernan eseri eta nire kontura edan besterik egiten ez zuena. Gizon jasangarria zuan, baina hankak izerditzen zitzaizkioan. Hortaz, hura ere batailoiarekin bidali nian. Gaurko sermoian morroi bat aurkitu diat, iseka nahian negarrez hasi zaidana. Holako gizona beharko nikek nik. Xveik dik izena, eta «hamaseigarrenean» zegok preso. Jakin nahi nikek zergatik espetxeratu duten, eta ea balitekeen handik nolabait ateratzea.
Auditoreak Xveiki buruzko agiriak bilatu zituen tiraderetan, baina ez zuen, betiko legez, ezer aurkitzerik izan.
— Linhart kapitainak zeuzkak, nonbait —esan zuen, luzaro bilatu ostean—. Batek jakin non deabru galtzen zaizkidan agiri horiek guztiak. Seguruenik, Linharti bidali zizkioat. Berehala deituko zioat... Aizu, Bernis auditore tenientea nauzu, kapitain jauna. Arren, ba al daukazu hor Xveik delako bati buruzko idazkirik?... Neuk eduki behar dudala? Harrigarria... Zugandik hartu dudala? Harrigarria benetan... «Hamaseigarrenean» dago preso... Badakit, kapitain jauna, «hamaseigarrena» neuk daukadala. Baina nik uste nuen Xveiki buruzko idazkiak zure bulegoan zeudela paper artean nahasita... Ez nadila zurekin honela mintzatzen ausart? Ez daukazula ezer paper artean nahasita? Aizu, aizu...
Bernis auditoreak, mahai ondoan eserita, ikerketen anabasa madarikatu zuen suharturik. Aspaldidanik etsaitasuna zen nagusi bere eta Linhart kapitainaren artean, horretan txit koherenteak zirelarik. Linharti zegokion idazki bat Bernisen eskuetara iristen bazen, honek paper artean galtzen zuen, inork ez aurkitzeko moduan. Linhartek beste horrenbeste egiten zuen Bernisi zegozkion idazkiekin. Agiriak nahita galtzen zizkioten elkarri Presondegi militarrean espetxeratutako jendearen ehuneko hogeita hamarrek gerra osoa eman zuten bertan, itaunketatik behin ere iragan gabe (autorearen oharra).
(Xveiki buruzko idazkiak ez ziren auzitegi militarreko agiritegian aurkitu Errepublika garaia arte, ohar honekin agertu zirelarik: «maskara hipokrita bota eta gure monarkaren eta gure Estatuaren aurka publikoki azaltzen ausartu da». Idazkiak Josef Koudela delako bati buruzko idazkien artean nahasiak ziren. Azalean gurutzetxo bat zegoen, eta azpian «tramitatua» eta data).
— Hortaz, galdu egin zaidak Xveik —esan zuen Bernis auditoreak—. Etorraraziko diat, eta ezer aitortu ezean, askatu egingo diat eta hiregana eraman dezatela agindu, eta hik dena konponduko duk errejimenduan.
Kapilaua irtendakoan, Bernis auditoreak Xveik ekarrarazi zuen, eta ate ondoan egonarazi zuen, zeren polizia-zuzendaritzatik telefonograma bat jaso berria baitzuen: Maiksner infanteriako soldaduari buruzko 7267 zenbakidun akusazioaren materiala lehenengo bulegoan onartua izan zela, Linhart kapitainaren sinadurarekin.
Denbora honetan zehar Xveikek auditorearen bulegoa miatu zuen.
Irudipen ona egin zionik, batik bat hormetako argazkiekin, ezin daiteke esan. Armadak Galitzian eta Serbian burututako hainbat exekuzioren argazkiak ziren. Argazki artistikootan baziren etxola erreak eta zuhaitzak, zuhaitz adarrak urkatuen pisupean makurtzen zirelarik. Ederretan ederrena Serbiako argazki bat zen, familia urkatu bat erakusten zuena: mutiko txiki bat, aita eta ama. Baionetadun soldadu bik exekutatutakoak dauden zuhaitza zaintzen dute, eta ofizial bat lehen planoan dago, garaile, zigarreta erretzen. Beste aldean, hondoan, kanpaina-sukaldea ikus daiteke lanean.
— Eta zer gertatzen da zurekin, Xveik? —galde egin zuen Bernis auditoreak telefonograma beste agiriekin jarri ondoren—. Zer egin duzu? Aitortu nahi zenuke, ala zure kontrako akusazioa egiteri itxarongo diozu? Ezin da honela segitu. Ez pentsa epaimahaiaren aurrean zibil tentel batzuek aztertuko zaituztenik. Hemen epaimahai militarrak ditugu, Militärgericht Epaimahai militarra alegia. Zigor zorrotz eta zuzenetik ezin zaitu aitortzeak baizik salbatu.
Bernis auditoreak aparteko metodoa zeukan auzipetuaren kontrako materiala galtzen zuenean. Ikusten duzuenez, ez zegoen horretan ezer apartekorik, eta ez duzue harritu behar halako ikerketa eta itaunketaren ondorioak alferrikakoak gertatzen baziren kasu guztietan.
Eta halakoetan Bernis auditorea beti hain sentitzen zen zolia, non, auzipetuaren kontrako materialik ez zeukalarik, zer egozten zitzaion, zergatik zegoen atxilotuta ez zekielarik, aise atzematen baitzuen, itaunketara ekarritakoaren jokaera eta itxuraren arabera, zergatik sartu zuten gizon hori presondegian.
Bere zolitasuna eta jendeari buruzko ezagutza hain zen handia, non errejimendutik presondegira iritsitako ijito bat, lapurretagatik barik, delitu politikoengatik auzipetu baitzuen: ijitoak, almazeneko morroiaren zerbitzuan zegoela, zenbait dozena arropa zuri lapurtu omen zituen, baina auditoreak bestelakorik egotzi zion: Txekiar koroarekin eta Eslovakiarekin estatu nazional burujabe bat, errege eslaviar bat buru jarrita, sortzeari buruz hitz egin omen zuela soldadu batzuekin taberna batean.
— Agiriak badauzkagu —esan zion zoritxarreko ijitoari—. Zein tabernatan zeundeten, zein errejimendutakoak ziren entzule izan zenituen soldadu horiek eta noiz gertatu zen hori aitortzea beste erremediorik ez zaizu gelditzen.
Zoritxarreko ijitoak bai data, bai taberna igarri zituen, bai balizko entzuleak zein errejimendutakoak ziren ere, eta itaunketatik joandakoan, presondegitik ihes egin zuen.
— Zerorrek ez al duzu ezer aitortu nahi? —esan zuen Bernis auditoreak, Xveik isil-isilik zegoelarik—. Ez duzu esan nahi zergatik zauden hemen, zergatik atxilotu zaituzten? Niri, behintzat, esan beharko zenidake neuk esaten dizudan baino lehen. Berriz ere gaztigatzen dizut aitortzeko. Hobe da zuretzat, ze horrek ikerketa erraztuko du eta zigorra bigundu. Gure artean zibilen artean bezalakoa da kontua.
— Apal-apalik jakinarazten dizut —aditu zen Xveiken ahots onbera— hemen, presondegian, kaxako ume gisa nagoela.
— Zer esan nahi duzu?
— Apal-apalik jakinarazten dizut modu txit errazian azal dezakedala. Nire kalian bada ikazkin bat bi urteko ume bat zeukana, erabat errugabia. Egun batez, umea oinez joan zen Vynohrady auzotik Libe? auzora, eta hango aguazil batek espaloian eserita aurkitu zuen. Orduan, umea komisariara eraman eta bertan atxilotu zuten. Umea, ikusten duzun bezala, ziharo errugabia zen, eta, hala ere, atxilotu egin zuten. Eta hizketan jakin balu eta inork zegatik zegoen preso galdetu izan balio, hori ere ez zuen jakingo. Eta niri antzeko zerbait gertatu zait. Ni ere kaxakoa naiz.
Auditorearen begirada bizkorra, Xveiken soin eta aurpegiaren gainetik hegaldatu eta, haien kontra hautsi zen. Halako axolagabekeria eta errugabetasuna hain zen distiratsua auditorearen aurrean jarritako izaki guzti harengan, non Bernis, ernegaturik, bulegotik ibiltzen hasi baitzen, eta kapilauari Xveik bidaliko ziola agindu izan ez balio, batek jakin non bukatuko zuen Xveikek.
Azkenean, ordea, berriro gelditu zen Bernis auditorea bere mahaiaren ondoan.
— Entzun —esan zion Xveiki, zeina aurre-aurrean soraio begira baitzeukan—: zurekin berriz ere topatzen banaiz, honekin akordatuko zara. — Eraman ezazue!
Xveik berriro «hamaseigarrenera» eraman zutenean, Bernis auditoreak Slavik kartzelari nagusia etorrarazi zuen.
— Besterik agindu arte —esan zuen labur—, Katz kapilau jaunaren zerbitzura bidaltzen da Xveik. Baja-paperak prestatu eta Xveik kapilau jaunarengana eraman bi gizonek lagunduta.
— Biderako katetxoa jarri behar zaio, teniente jauna?
Auditoreak mahaiaren kontra jo zuen ukabila:
— Astakiloa zara gero. Argi eta garbi esan dizut: baja-paperak prestatu.
Eta auditorearen ariman egunean zehar pilatutako guztia, Linhart kapitaina eta Xveik alegia, kartzelari nagusiaren gainean isuri zen uholdeka, eta hitzokin bukatu zen:
— Eta orain ulertzen duzu astakirten koroatua zarela?
Egia da errege eta enperadoreei soilik esan behar zaiela hala, baina kartzelari zakarra, koroatu gabeko burua ere, ez zegoen horrekin pozik. Auditorearengandik alde egitean, ostikoa jo zion korridorea garbitzen ari zen presoari.
Xveiki dagokionez, kartzelariari buruan sartu zitzaion presondegian gau bat gutxienez pasa behar zuela, artean zerbaitekin atsegin har zezan.
Presondegian emandako gaua oroitzapen maitagarriei dagokie beti.
«Hamaseigarrenaren» ondoan zigor-gela bat zegoen, zulo ospel bat, hau da, bakar-ziega bat. Handik gauez ere entzuten zen atxilotutako soldadu baten ulua: izan ere, Repa sarjentu nagusiak saihetsak hautsi baitzizkion Slavik kartzelariaren agindu bat ez betetzeagatik.
Ulua isildurik, presoen atzamarretan eroritako zorrien karraska entzun zitekeen «hamaseigarrenean».
Ate gainean, hormako zulo batean, petrolio-lanpara batek, burdin sarezko babesgarri eta guzti, argi ahula irradiatzen zuen kea zeriola. Petrolio-kiratsa giza gorputz garbitu gabeen lurrin naturalekin nahasten zen, bai eta galdara baten kiratsarekin ere. Izan ere, erabiltzen zen bakoitzean beste kirats uhin bat hedatzen zuen «hamaseigarrenean».
Elikadura txarrak zaildu egiten zuen preso guztien digestioa, eta gehienek puzkerrak botatzen zituzten gaueko isiltasunera, seinaleokin elkarri erantzuten ziotelarik, hainbat txiste egitearekin batera.
Korridoreetan zaindarien urrats geldoa entzun zitekeen; batzuetan ateko zuloa ireki eta zirrikitutik begiratu ohi zuten.
Erdiko etzalekuan kontakizun bat aditu zen, isilka:
— Ihes egin nahi izateagatik hona, zuen artera, ekarri ninduten baino lehenago, hamabigarrenian egon nintzen. Han preso «arin» delakoak daude. Behin gizon bat ekarri zuten, baserritar bat. Gizon maitagarri hura bi asterako sartu zuten soldadu batzuei bere etxian gaua ematen uztiagatik. Aurrena azpilana zela pentsatu zuten, baina gero jakin zen diru truk egiten zuela. Atxilotu arinenen artian egon behar zuen, baina han beteta zegoenez, gure artian jarri zuten. Eta den-dena etxetik ekarri zuen, eta gainerakoak bidali egin zizkioten, zergatikan baimena zeukan bere janariaz elikatzeko. Erretzia ere zitzaion zilegi. Bi urdaiazpiko zeuzkan, ogi xerra eskergak, arrautzak, gurina, zigarretak, tabakoa, bada, hitz batean esanda, gizon batek imajina zezakeen guztia zeukan bi bizkar-zorrotan. Eta morroiak uste zuen berak bakarrik jango zuela hori guztia. Eskean hasi gintzaizkion ohartu ez zenean gurekin erdi bana egin behar zuela, hau da, besteek zerbait jasotzen zutenian erdi bana egiten zutela. Baina morroi zikoitz hark ezetz, bi aste egongo zela kaiolan, eta sabela izorratuko zitzaiola jateko ematen zizkiguten Bruselako aza eta patata ustelekin; bere anoa eta ogia ez zitzaizkiola interesatzen, eman egingo zizkigula, partekatu edo txandaka jan genitzakeela. Esango dizuet hain zela fina ze ez zuen galdaran eseri ere egin nahi: biharamuneko paseora arte itxaron eta patioko komunean egiten zuen. Hain zen mainatua ze komuneko papera ere ekarri zuen. Esan genion bere partiak ez zigula arditikan axola, eta sufritzen egon ginen egun bat, bi, hiru. Morroiak urdaiazpikoa jan, gurina ogian igurtzi, arrautzak kraskatu... hitz batean esanda, esne mamitan bizi zen. Zigarretak erretzen zituen, eta inori ez zion atxiki bat ere eman nahi izaten. Erre behar ez genuela esaten zigun, zaindariak guri atxikiak ematen ikusten bazuen, entzerratu egingo zutela. Esan dudan bezala, hiru egun egon ginen sufritzen. Laugarren eguneko gauean egin genuen. Tipoa goizian goiz esnatzen zen eta, ahaztu zait zuei esatia beti goizez, eguerdian eta gauez, tripotxak bete baino lehen, errezatu egiten zuela, luzaro errezatu. Eta hara non, errezatu eta, bere bizkar-zorroak bilatzen dituen etzalekuaren azpian. Bai, bizkar-zorroak han ziren, baina hutsik, okaran lehorra bezain zimurturik. Oihuka hasi da lapurtu diotela, han ez diotela komuneko papera besterik utzi. Gero bost minutuz pentsatzen egon da adarra jo diogula, non edo non ezkutatu ditugula. Eta hara non dioskun, alai asko: «badakit: ziri sartzailiak zarete. Badakit itzuliko dizkidazuela, baina lortu duzue». Bazen han gure artian Libe? auzoko bat, honela esan zuena: «Badakizu zer?, estal zaitez burusiz eta hamar arte zenbatu. Eta gero zeure bizkar-zorroak ikusiko dituzu». Mutiko zintzo baten antzera estali eta zenbatzen hasi da: «Bat, bi, hiru...». Eta Libe?-go horrek berriz: «Horren azkar ez, poliki-poliki». Eta orduan burusipean poliki zenbatu du, isiluneak eginez: «Bat - bi - hiru...» Hamarrera iritsita, etzalekutik salto egin eta bere bizkar-zorroak arakatu ditu. «Jesus, Maria eta Jose», hasi da garrasika, «lehen bezain hutsik daude!» Eta halako aurpegi ergela jarri zuenez, denok barrez lehertu ginen. Baina Libe?-goak: «Saiatu zaitez berriro». Eta sinets iezadazue: hain zen ergela ze berriz ere saiatu zen, eta han komuneko papera besterik ez zeukala ikustian, atia jo eta oihuka hasi zen: «Lapurtu didate, lapurtu didate, lagundu, ireki, Jainkoarren, ireki». Orduan, berihala bertaratu ziren eta kartzelari nagusiari eta Repa sarjentuari deitu zieten. Guk denok txoratu egin zela esan genuen, aurreko gauean berandu arte egon zela jan eta jan eta dena bukatu zuela. Eta berak, negar eta negar, etengabe zioen: «baina hondakinak nonbait egon behar». Beraz, hondakinak bilatu zituzten baina ezin aurkitu, gu ere azkarrak izan ginen eta. Jaterik izan ez genuena postaz bidali genuen, soka batean, bigarren solairura. Ezin izan zuten ezer frogatu, nahiz eta ergel hura bere betean egon: «Baina hondakinak nonbait egon behar». Egun osoan ez zuen ezer jan, eta erne egon zen inork ezer jan edo erretzen ote zuen. Biharamuneko bazkarian ere ez zuen jakirik ere ukitu, baina gauez patata ustelak eta Bruselako aza jateko gogoa etorri zitzaion, baina ez zuen lehen bezala errezatu, ez zuen urdaiazpiko egosia eta arrautzak jaten zituenean bezala errezatu. Gero, gutako batek moduren batez zigarretak jaso zituen kanpotik, eta lehenengo aldiz hasi zitzaigun hitz egiten tipoa, atxiki bat emateko. Ez genion ezer eman.
— Ni beldur nintzen ez ote zenioten atxikirik eman —ohartarazi zuen Xveikek—. Kontakizun guztia izorratuko zenuten. Halako eskuzabaltasuna nobeletan bakarrik izaten da, baina presondegi militar batean, honelako egoera batean, tentelkeria izango zen.
— Eta ez zenioten jipoia berotu? —aditu zen inoren ahotsa.
— Ahaztu egin zitzaigun.
Eztabaida isil bat hasi zen, jipoia berotu beharko zitzaiokeen ala ez. Gehienak baiezkoaren alde zeuden.
Kontakizuna poliki-poliki motelduz zihoan. Lokartzen ari ziren, besapean, bularrean eta tripan hazka egiteaz batera. Izan ere, hantxe izaten dira, arropari eutsirik, zorriak. Lokartzen ari ziren, burusi zorritsuez buruak estaliz, petrolio-lanpararen argia ez pairatzeko...
Goizeko zortzietan Xveiki deitu zioten bulegora joan zedin.
— Bulegoko atearen ezkerraldean listuontzi bat dago. Han botatzen dituzte zigarrokinak —irakatsi zion batek Xveiki—. Lehenengo solairuan beste bat ikusiko duzu. Korridoreak ez dituzte bederatziak arte eskobatzen. Beraz, han zerbait egongo da.
Baina Xveikek haien itxaropenak zapuztu zituen. Ez zen «hamaseigarrenera» gehiago itzuli. Hemeretzi galtzontzilok era guztietako aieruak egin zituzten.
Lurraldeko guardiaren soldadu pekatsu txit fantasiatsu batek zabaldu zuen Xveikek tiro egin ziola bere kapitainari eta Motol-go ariketa-lekura eraman zutela exekutatzera.
© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo