7. kapitulua

XVEIK GERRARA DOA

 


 

        Galitziako Raab ibaiaren inguruko basoek armada austriarra ihesi ikusi zuten garaian, behean, Serbian, dibisio austriarrei bata bestearen atzetik, beren betea ematen zitzaielarik, Austriako Gerra Ministerioa Xveikekin ere gogoratu zen, monarkia atakatik ateratzeko.

        Handik astebetera Pragako Ehiztari Irlan sendagile-azterketara azaldu behar zuelako mezua eraman ziotenean, Xveik ohean zegoen, erreumak jota berriz ere.

        Müller andrea kafea prestatzen ari zitzaion sukaldean.

        — Müller andria —aditu zen logelatik Xveiken ahots isila—, Müller andria, zatoz pixka batian.

        Neskamea ohe ondoan zegoela, hauxe esan zuen Xveikek, ahots isilez berriz ere:

        — Eseri zaitez, Müller andria.

        Bere ahotsean halakoxe solemnitatea ezkutatzen zen.

        Müller andrea eseritakoan, honako hau iragarri zuen Xveikek, ohean agontzen ari zela:

        — Gerrara noa!

        — Ama Birjina —oihu egin zuen Müller andreak—, zer egingo duzu han?

        — Borrokatu — hilobitik etorria zirudien ahotsaz erantzun zuen Xveikek—. Austria kinka larrian dago. Etsaia Krakoviara iritsi da iparraldetik, eta Hungariara hegoaldetik. Hautsak atera dizkigute orain arte, eta horregatik deitzen naute gerrara. Atzo bertan irakurri nuen egunkarian zenbait hodeik estali dutela aberri maitia.

        — Baina ezin zara mugitu gero.

        — Berdin dio, Müller andria: gurpil-aulkian joango naiz gerrara. Ezagutzen duzu kale-kantoiko gozogile hori? Horrek badauka holako bat. Aspaldi erabiltzen zuen, aitona elbarri gaiztoa aire garbia hartzera eramateko. Zerorrek, Müller andria, gerrara eramango nauzu aulki horretan.

        Müller andreak negarrari eman zion:

        — Ez dut, jauna, sendagilearengana joan behar?

        — Ez zara inora joango, Müller andria. Kanoi-haragi osasuntsua naiz burutik behatzetara, eta Austria larri dabilen garai honetan ezindu bakoitzak bere tokian egon behar du. Segi ezazu lasai asko kafea prestatzen.

        Eta Müller andreak, negar batean eta hunkiturik, kafea iragazten zuen bitartean, Xveik soldadu ona kantuz ari zen ohean:

 

                Windischgrätz jeneralak eta bere ofizialek

                goizaldean gerra zuten hasi,

                hop, hop, hop!

                Gerra zuten hasi, honela egin zuten garrasi:

                Egiguzue, Kristo Jauna eta Ama Birjina, zuen grazi;

                hop, hop, hop!

 

        Müller andrea, itzelezko guda-kantu haren eraginpean ikaraturik, kafeaz ahaztu zen, eta gorputz guztia ikarak astindurik, entzun zuen nola Xveik soldadu onak ohean kantatzen segitzen zuen:

 

                Zuen graziz eta lau zubiak

                eraiki, Piamonte, gotorleku sendoagoak

                hop, hop, hop!

                Borroka izan zen, Solferinon izan,

                odol franko han isuri, odola belaunpean,

                hop, hop, hop!

                Odola belaunpean eta haragi pila,

                han borrokatu zen-eta hemezortzigarren peoneria;

                hop, hop, hop!

                Hemezortzigarren peoneria, ez mixeriaren beldurrik izan,

                sosa dakarte eta gurdian;

                hop, hop, hop!

— Jauna, jainkoarren eskatzen dizut —aditu zen sukaldetik zinkurina, baina Xveik ordurako bukatzen ari zen gerra-kantua:

 

                Sosa gurdian eta karrozan jana,

                zein errejimendu ote da hain kapaza?

                Hop, hop, hop!

 

        Müller andrea etxetik atera eta sendagilearen bila abiatu zen presaka. Ordubeteren buruan itzuli zen, Xveikek biaoa zegien bitartean.

        Eta, halatan, gizon lodikote batek iratzarri zuen, une batez eskua Xveiken kopetan jarri eta esan zuelarik:

        — Ez beldurrik izan. Pavek sendagilea naiz, Vinohrady auzokoa. Erakutsi eskua, jar ezazu termometro hau besapean... holaxe, erakutsi mingaina, gehiago, segi horrela, zerk jota hil zitzaizkizun aita-amak?

        Eta hortaz, Vienak Austria-Hungariako nazio guztiek fideltasun- eta eskuzabaltasun- adibiderik bikainenak eman zitzatela nahi zuen garaian, Pavek sendagileak bromoa errezetatu zion Xveiki aberri-berotasunaren kontra; eta Xveik soldadu ausart jatorrari gerran ez pentsatzea gomendatu zion:

        — Ohetik atera barik gero, eta eduki ezazu lasaitasuna. Bihar itzuliko naiz.

        Biharamunean itzuli zenean, zer moduz zegoen eria galdetu zion sukaldean Müller andreari.

        — Gaizkiago, sendagile jauna —erantzun zuen benetako atsekabeaz—. Gauez, erreuma-krisi batian, kantatzen aritu zen, barka, Austriako ereserkia.

        Pavek sendagilea behartuta sentitu zen eriaren leialtasunezko adierazpen berri honi bromo-dosia gehituz aurka egitera.

        Hirugarren egunean, Xveik are larriago zebilela jakinarazi zion Müller andreak.

        — Arratsaldian, sendagile jauna, gerra-eremuaren mapa bat erostera bidali ninduen, eta gauez haluzinazioak izan zituen, Austriak irabaziko zuela eta.

        — Eta errezetaren arabera hartzen du botika?

        — Oraindik ez nau, sendagile jauna, erostera bidali ere egin.

        Pavek sendagileak alde egin zuen, Xveiki erantzuki franko egin ondoren, honako hau baiesteaz batera:

        — Nire laguntza eta bromoari uko egiten dien gaixoa sendatzera ez naiz inoiz gehiago itzuliko.

        Bi egun besterik ez ziren falta Xveik errekrutatze-taldearen aurrera azal zedin.

        Denbora horretan Xveikek behar bezala burutu zuen prestaketa. Lehenengo eta behin, Müller andrea txano militarra erostera bidali zuen, eta gero gurpil-aulkia mailegatzera kale-kantoiko gozogilearengandik, beronek aitona elbarri gaiztoa aire garbia hartzera eramateko erabiltzen zuen berbera. Gero gogoratu zuen makuluak behar zituela. Zorionez, gozogileak makuluak ere gordetzen zituen, aitonaren oroigarri.

        Artean errekruta-lore xorta falta zitzaion. Hau Müller andreak ere eskuratu zion, zeina egunotan nabarmenki argaldu baitzen, eta nora joan han egiten baitzuen negar.

        Eta, halatan, egun oroigarri hartan leialtasun txundigarrizko adibide bat agertu zen Pragako kaleetan: emakume zahar bat, gurpil-aulkiari bultzaka, eta aulkian gizon bat, txano militarrean enperadorearen ezaugarria zeramala, makuluei eragiten. Eta berokian distiratzen zen errekruta-lore xorta nabarra.

        Eta gizon horrek, behin eta berriz makuluei eraginez, oihu zegien Pragako kaleetatik barrena:

        — Belgradera, Belgradera!

        Jende saldoa zebilkion atzetik, Xveik kaleratzean haren etxearen aurrean bildutako tropel xumea etengabe gehitzen zuena.

        Xveikek egiaztatu ahal izan zuen zenbait bidegurutzetan jarritako aguazilek erreberentzia egiten ziotela.

        Wentzeslao plazan, Xveiken aulkiaren inguruan ehunka buru gehitu zitzaizkion segizioari, eta Krakovia kaleko izkinan ikasle alemaniar bat jipoitu zuten, bere ikasle-txanoa erantzita Xveiki oihu egin ziona:

        — Heil! Nieder mit den Serben!   Agur! Serbiarrak kanpora!

        Voditxka kaleko izkinan zaldizko polizia agertu zen eta barreaiatu egin zuen segizioa .

        Xveikek egun hartan errekrutatze-talde aurrera azaltzeko agindu idatzia erakutsi zionean auzoko inspektoreari, hau pittin bat etsi zen, eta iskanbila galarazteko bi zaldizko aguazili agindu zien Xveiki aulki eta guzti lagun ziezaiotela Ehiztarien Irlara.

        Gertaera honen guztiaren gainean artikulu hau agertu zen Pragako egunkari ofizialean:

 

        EZINDU ABERTZALEA

        Atzo goizean, Pragako etorbide nagusietako oinezkoak eszena eder baten lekuko izan ziren: ikusitakoak ondo asko erakusten du garai handi eta larri honetan gure nazioaren semeek ere erakutsi ahal dizkiotela monarka zaharraren tronuari fideltasuna eta eskuzabaltasuna. Gure iritziz, greziar eta erromatarren garaiak itzuli dira, noiz Mucius Scaevolak, bere esku erreari erreparatu gabe, gerrara joateari amore eman baitzion. Atzokoan makuluak zeramatzan ezindu batek erakutsi zituen sentimendurik zintzoenak, bere ama zaharrak gurpil-aulkian zeramalarik. Nazio txekiarraren seme hau, bere kabuz, bere gaitzei muzin eginik, gerrara joateko prest agertu da, enperadorearen alde bere bizitza eta ondasunak emateko. Pragako kaleetan «Belgradera» oihukatu izanak hainbesteko oihartzunik izan bazuen, horrek frogatzen du pragatarrek amodiozko adibide eredugarriak eskaintzen dizkietela aberriari eta errege-etxeari.

 

        Bide beretik zihoan Prager Tagblatt-en argitaratua: artikuluaren bukaeran irakur zitekeen alemaniarren segizio batek lagundu ziola ezinduari, borondatez, eta alemaniarrok beren gorputzez gorde zutela aliatuen txekiar agenteen lintxamendutik.

        Bohemie aldizkariak, albistea plazaratzeaz batera, ezindu abertzalea saritzea eskatzen zuen eta, halaber, jakinarazten zuen herritar alemaniarrengandik opariak hartzen zituela heroi ezezagunarentzat administrazio-bulegoan.

        Hiru aldizkarion arabera Txekiako lurrak ezin bazuen herritar zintzoagorik eskaini, ez ziren iritzi horretakoak errekrutatze-taldeko jaunak. Bautze sendagile militar nagusia batez ere. Gizon errukigabea zen, gerra, fronte, bala eta kanoikadetatik ihes egiteko asmo iruzurgilea edozertan ikusten zuena.

        Ezagunak dira haren esanak: «Das ganze tschechische Volk ist eine Simulantenbande»   Herri txekiar guztia itxurati banda bat da.

        Hamar astez lanean jardun ondoren, 11.000 zibiletatik 10.999 itxurati idoro zituen, eta hamaika milagarren horri ere atzaparra egotziko zion, zorioneko gizon hori, «Kehrt euch!»   Jira zaitez oihukatzen zion unean bertan, apoplexiak jo ez balu.

        — Atera ezazue hemendik itxurati hau! —esan zuen Bautzek, gizona hilik zegoela egiaztatzean.

        Eta egun oroigarri hartan Xveik aurrean zeukan, besteak bezala erabat biluzik, sostengu gisa zerabiltzan makuluez bere biluza kastu-kastu estaltzen zuela.

        — Das ist wirklich ein besonderes Feigenblatt   Hau benetan piko-hosto txit berezia da—esan zuen Bautzek—. Paradisuan ez zegoen halako piku-hostorik.

        — Ergela izateagatik, gerrara joatetik libratu da —ohartarazi zuen sarjentuak agiri ofizialei begira.

        — Eta beste gaitzik ere baduzu? —galdetu zuen Bautzek.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut erreumaduna naizela, baina hil arte zerbitzatuko dudala enperadore jauna —esan zuen apal-apal Xveikek—. Puzturik dauzkat hankak.

        Bautzek Xveik soldadu onari begirada izugarria bota eta garrasi egin zuen:

        — Sie sind ein Simulant!   Itxurati galanta zara zu! —eta sarjentuarengana bueltaturik, hauxe esan zuen lasaitasun hotzez:

        — Den Kerl sogleich einsperren!   Giltzapetu morroi hau berehalakoan!

        Baionetadun bi soldaduk kuarteleko espetxera eraman zuten Xveik.

        Xveik makuluekin zebilen, eta espantaturik ohartu zen erreuma desagertzen hasia zitzaiola.

        Müller andreak goian zegoen, zubian, aulkiarekin, Xveiken zain, eta Xveik baionetaz inguraturik ikusi zuenean, negarrez hasi eta aulki ondotik alde egin zuen haren bila sekula ez itzultzeko.

        Eta Xveik soldadu ona apal-apal zebilen Estatuaren defendatzaile armatuen laguntasunean.

        Baionetak eguzkiaren dirdiran distiratzen ziren, eta behin Mala Strana auzora helduta, Xveik, Radeckyren oroigarriaren aurrean, atzetik zebilkion segizioarenganantz bueltatu zen:

        — Belgradera! Belgradera!

        Eta Radecky mariskalak, bere oroigarritik, so ameslaria egin zion Xveiki: Xveik soldadu ona urruntzen ari zen, errekruta-lore xorta berokian, herrenka, makulu zaharrei eutsirik. Bitartean, jaun benazko batek desertore bat zeramatela ematen zion aditzera ingurukoei.

 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (I)" orrialde nagusia