5. kapitulua
XVEIK, SALMOVA
KALEKO KOMISARIAN

Zoroetxeko egun eder eguzkitsuen ondotik, jazarpenez betetako uneak heldu zitzaizkion Xveiki. Braun inspektoreak, Neron enperadore mazalaren garaiko lekaio erromatarren bortizkeriaz eratu zuen Xveikekiko bilera. Gogor, lekaio horiek «bota ezazue kristau zirtzil hori lehoitara» esaten zutenean bezala, hauxe esan zuen Braun inspektoreak:
— Ezar ezazue burdinetan!
Ez hitz bat gehiago, ezta bat gutxiago ere. Bitartean, ordea, Braun inspektore jaunaren begien distirari atsegin gaizto eta apartekoa zerion.
Xveikek, makurtu eta, harro-harro esan zuen:
— Prest nago, jaunok. Uste dut burdina horrenak zigor gela esan nahi duela, eta hori ez da horrenbesterako.
— Ez ibili harrokeriatan —erantzun zuen aguazilak.
— Nerau guztiz umila naiz, eta nigatik egingo duzun guztiarengatik eskerturik nago.
Bakar-ziegan gizon bat zegoen, etzalekuan pentsakor eseririk. Axolagabe eserita zegoen, eta ziegako giltzak atean karranka egin zuenean, haren itxuran ikus zitekeen ez zuela askatasunerako atea irekitzen ziotenik sinesten.
— Bere gorentasun agurgarria —esan zuen Xveikek, etzaleku haren ondoan eseri zelarik—, ze ordu izango da?
— Erlojua ez da nire jabe —gizon pentsakorrak arrapostu.
— Hemen ez da gaizki egoten —birlotu zitzaion Xveik solasari—, etzaleku hau zur leunduzkoa da.
Gizon serioak ez zuen erantzun: jaiki eta etzalekuaren eta atearen arteko tarte txikitik azkar ibiltzen hasi zen, zerbait salbatzera azkartuko balitz bezala.
Bitartean, Xveikek interesaturik so egin zien hormetatik zirriborratutako inskripzioei. Batean preso ezezagun batek poliziarekin hil edo biziko gatazkan aritzea prometatzen zion zeruari. Testuak honela zioen: «Gorriak ikusiko dituzue». Beste preso batek «Ez dit arditikan axola». Beste batek egiazko gertaera bat aipatu besterik ez zuen egiten: «1913ko ekainaren 5ean izan naiz hemen, eta ederki tratatu naute. Josef Maretxek, Vrxovitse-ko merkatari». Eta bazegoen, bestalde, inskripzio bat, sakontasun txundigarria zuena: «Erruki zaitez, Jainkoa...» eta horren pean: «Joan p. hartzera.». «P» letra, ordea, ezabaturik zegoen, eta aldamenean hauxe zegoen idatzirik letra handitan: «HAIZEA». Horren alboan, arima poetikoren batek neurtitzok idatziak zituen: «Latsaren ondoan triste nago eserita, ekia mendi atzean ezkutatzen ari, muino argituei nago begira, hantxe baita nire maitea bizi».
Ate eta etzalekuaren artetik, maratoia irabazi nahian bezala, korrika zebilen gizona gelditu egin zen, eta arnasestuka lehenagoko tokian eseri, burua ahurrean jarri eta bat-batean deiadar egin zuen: «Atera nazazue hemendik!»
— Ez, ez naitek aterako —zioen bere artean—, ez, ez. Goizeko seietatik nagok hemen.
Komunikagarritasunezko krisi bat izan zuela, burua altxa eta hauxe itaundu zion Xveiki:
— Gerrikorik al daukazu jantzita, honekin buka dezadan?
— Horretan poz-pozik egin ahal dizut mesedea —ihardetsi zuen Xveikek gerrikoa askatu bitartean—. Oraindik ez dut behin ere ikusi nola jendia gerrikotik zintzilikatzen den ziega batian. Izorratzen nauen bakarra, zera —jarraitu zuen ingurura begira—, hemen kakorik ez egotia. Leihoko kisketak ez dizu eutsiko. Baina etzalekuan belauniko jarrita, ordea, zintzilikatu zintezke, bai, Emaus-ko monasterioko fraide hura bezala: neska judu bategatik gurutzefikan urkatu zuen bere burua. Nik oso gogokoak ditut buruhiltzailiak. Beraz, izan adore!
Gizon beltzurituak Xveikek eskuan jarri zion gerrikoa begiratu, zoko batera jaurti, eta negarrari eman zion, malkoak esku beltzez igurtziz, bere barrutik oihuak eta deiadarrak botatzen zituen bitartean:
— Umeak dauzkat eta hemen nago, mozkor eta bizimodu ezmoralagatik. Jesus Maria eta Jose, nire andre gaixoa, zer esango didate bulegoan? Umeak dauzkat eta hemen nago, mozkor eta bizimodu ezmoralagatik —eta honela etengabe.
Azkenean, ordea, pittin bat lasaitu, ate ondora abiatu, eta atea ostikoka eta ukabilka jotzen hasi zen. Ate atzetik pausoak eta ahots bat aditu ziren:
— Zer nahi duzu?
— Atera nazazue hemendik! —esan zuen, zer gehiago bizi gelditzen ez zaionaren ahotsaz.
— Nora? —izan zen beste aldeko galdera.
— Bulegora —aita, senar, bulegari, edale eta ezmoral zoritxarrekoak arrapostu.
Irri bat aditu zen korridorearen isiltasunean, irri ikaragarri bat, eta pausoak berriz ere urrundu ziren.
— Nire ustez, gizon horrek hola barre egiten badizu, gorroto zaituelako da —esan zuen Xveikek, gizon etsia berriz ondoan eseri zitzaiolarik—. Holako aguazil batek, gaizto dagoenian, gauza asko egin dezake. Eta are gaiztoago dagoenian, edozer. Eseri lasai, zeure burua urkatu nahi ez baduzu, eta itxaron ea zer gertatzen den. Bulegaria bazara, ezkondurik bazaude, eta seme-alabarik baduzu, hori bai dela kezkatzekoa. Oker ez banago, sinetsita zaude bulegotik botako zaituztela.
— Holakorik ezin dizut esan —hasperen egin zuen—, ze ez dut gogoratzen zer egin dudan, dakidan bakarra zera da, nonbaitetik bota nindutela, eta bertara itzuli nahi nuela zigarreta bat piztera. Hasiera, ordea, polita izan zen: gure departamentuko nagusiak, bere santu-eguna zela eta, taberna batera gonbidatu gintuen, gero bigarrenera, hirugarrenera, laugarrenera, bosgarrenera, seigarrenera, zazpigarrenera, zortzigarrenera, bederatzigarrenera...
— Nahi duzu zenbatzen laguntzerik? —galde egin zuen Xveikek—. Horretan aparta naiz. Behin, gau bakar batian hogeita zortzi tabernatan izan nintzen. Baina, egia esan, inon ez nuen hiru garagardo baino gehiago edan.
— Labur esanda —jarraitu zuen bere eguna hain bapo ospatu zuen nagusiaren manuko zoritxarrekoak—, dozena bat alkoholzulotatik ibili ondoren konturatu ginen nagusia galdua genuela, soka bati lotuta bageneraman ere, txakur bat bezala. Orduan, hara-hona joan ginen berriz bere bila, eta azkenean elkar galdu genuen, harik eta Vinohrady auzoko gau-kafetegietako batean aurkitu nintzen arte. Izen oneko toki hartan botilatik bertatik edan nuen likoreren bat. Geroago egindakoa ez dut gogoan: dakidan bakarra zera da, hona, komisariara ekarri nindutela eta txostena egin zutela bi aguazilek: mozkortu nintzela, zatarkeriatan aritu nintzela, dama bat jo nuela, besteren kapela bat kako batetik hartu eta labanaz urratu nuela, emakumezkoen musika taldea sakabanatu nuela, zerbitzariari hogei koroaren lapurreta leporatu niola guztien aurrean, eserita nengoen mahaiaren marmolezko taula hautsi nuela, eta nahita tu egin niola aldameneko mahaiko gizon ezezagunaren kafe hutsari. Ez nuen besterik egin, behintzat ez dut gogoratzen besterik egin nuenik. Eta sinets iezadazu gizon zintzo eta azkarra naizela, eta familiarengan baino ez dudala pentsatzen. Zer diozu zuk? Ni ez naiz bazter-nahaslea gero!
— Lan handia eman zizun marmolezko taula haustiak —galdetu zion, erantzun beharrean, Xveikek interes handiz—, ala kolpe bakar batez hautsi zenuen?
— Kolpe batez —jaun argiak arrapostu.
— Orduan, zureak egin du —esan zuen Xveikek pentsakor—. Frogatuko dizute luze entrenatu ondoren prestatu zinela horretarako. Eta nola zegoen tu egin zenion alboko jaunaren kafia, ronez ala ronik gabe?
Eta erantzunari itxaron gabe, Xveikek berak argitu zuen:
— Ronik bazegoen, txarragoa izango da kontua, garestiagoa da-ta. Epaiketan kontuak egin eta kalkulatzen denaren arabera jartzen da zigorra.
— Epaiketan... —adorerik gabe xuxurlatu zuen familia-buru arduratsuak, eta buru-makur, gizakiok kontzientzian harra Zenbait idazlek «kontzientziako harrak haginka egiten du» esamoldea erabiltzen dute. Ez zait esamolde hori guztiz egokia iruditzen. Tigreak ere irentsi egiten du gizakia, eta ez du haginka egiten. (Egilearen oharra) dugun egoera desatseginera oldartu zen.
— Eta badakite etxian —galde egin zuen Xveikek— giltzapian zaudela, ala zu egunkarietan noiz azalduko zain daude?
— Uste al duzu egunkarietan azalduko naizela? —tolesgabe galdetu zuen bere nagusiaren santu-egunaren biktimak.
— Hori seguru baino seguruagoa da —erantzun zuen Xveikek itzulingururik gabe, zeren inoiz ez baitzeukan ezer beste inoren aurrean ezkutatzeko ohiturarik—. Zure istorioa izugarri gustatuko zaie irakurle guztiei. Nik ere gustura irakurtzen ditut artikuluxkak mozkortiez eta beraien iskanbilez. Arestian, Kalizan, bezero batek zer egingo eta edalontzi batez burua hautsi omen zuen. Gorantz bota eta haren azpian jarri omen zen. Eraman egin zuten, eta biharamunerako irakurri genuen. Bestalde, behin, Bendlovka auzoan, zaplastakoa eman nion ehorzle bati, eta berak atzera eman zidan. Bakeak egiteko, preso hartu behar izan gintuzten, eta albistia berihala zen arratsaldeko egunkarian. Eta, azkenik: «Gorpua» kafe-etxean juje batek bi platertxo puskatu zituenian, uste al duzu gizabidez tratatu zutela? Bera ere egunkarian zen biharamunian. Zuk gauza bakarra egin dezakezu: kartzelatik egunkarietara zuzenketa bidaltzia, alegia, zutaz plazaratutako berriak ez duela zeurekin zerikusirik, eta ez zarela halako izena duen jaunaren ez ahaidea ez laguna. Gainera, etxera idatzi beharko zenuke berri hori egunkaritik ebaki eta nonbait gorde dezaten, kondena bete ondoren irakurri ahal izan dezazun. Hotz zara? —itaundu zuen Xveikek atxikimenduz beterik, jaun argia dardaraka zegoela ikustean—. Hotz itzela egiten du gero aurtengo uda amaieran.
— Ez dut erremediorik —adia egin zuen Xveiken lagunak—: lanean maila-igoerarik ez.
— Ez horixe —onartu zuen Xveikek xalotasunez—. Kondena betetakoan bulegoan hartzen ez bazaituzte berriro, ez dut uste horren laster beste lanik aurkituko duzunik- Izan ere, jende guztiak, borreroarentzat lan egin nahi bazenu ere, jokaera oneko agiria eskatuko dizu. Bai horixe: zeure buruari eskaini zenion atseginaldia larrutik ordaintzen da. Eta badaukate zure emazte eta seme-alabek zeretik bizi preso egongo zaren denboran? Ala kalerik kale eskale ibili beharko du eta haurrei askotariko bizioak erakutsi?
Zotina entzun zen:
— Nire haur gaixoak, nire andre gaixoa!
Fede gaiztoko penitentzigileak, altxatu eta, bere seme-alabez egin zuen ele:
— Bost ditut. Zaharrenak hamabi urte ditu, scaut-talde batean dago, ura besterik ez du edaten, eta adibide izan beharko luke bere aita naizen honentzat, neure bizitzan honelakorik lehenengoz egiten dudan honentzat.
— Scaut-talde batean? —deiadar egin zuen Xveikek—. Gustatzen zait jendiak scautez hitz egitia. Behin, Zliv ondoko Mydlovary herrian, Hluboka eskualdian, Budeiovitseko kapitaintza jeneralian, laurogeita hamaikagarrenekook entrenatzen ari ginela hain zuzen, inguruetako nekazariek scaut-ehizari eman zioten, herri basoan barreiatu baitzitzaien scaut andana. Hiru harrapatu zituzten. Haietako txikienak, lotzen ari zirela, hainbeste erosta, txilio eta kexu egiten zuen ze guk, soldadu gogorrok, nahiago izan genuen aldamenetik pasatzia hori ez ikustiarren. Lotu bitartean, hiru scautek zortzi nekazariri egin zieten kosk. Gero, alkatiarenian torturaturik eta makilaturik, aitortu zuten inguruetan ez zegoela larrerik eguzkipian berotzen ari zirela zapaldu ez zutenik. Gero aitortu zuten, halaber, Radzitse ondoko zekale soro batek, ustekabian, su hartu zuela uzta baino lehenagoxe, herriko basora isil-gordean hurbildu eta labanaz ehizatutako orkatz bat erretzen ari zirenian. Scauten baso-gordelekuan hegazti eta basapiztien hezur marraskatu saldoa aurkitu zuten, kintal erdi bat baino gehiago, bai eta gerezi hezur pilo bat, sagar gordinen zuztar franko eta beste gauza on asko ere.
Scautaren aita gaixoa, ordea, ez zegoen lasaitzeko moduan.
— Baina zer egin dut nik? —esaten zuen aieneka—. Nire ohorea lohiturik dago.
— Bai horixe —esan zuen Xveikek, berezkoa zitzaion egiazaletasunaz—. Gertatua gertatuta, bizitza osorako lohitu duzu ohorea. Izan ere, jendiak zuk egindakoa egunkarietan irakurtzen duenian, zure ezagunek ere zerbait erantsiko diote egindako horri. Hala egiten da beti, baina ez kezkatu. Ohorea lohitua eta hondatua daukan jendia, ohore garbikoen hamar halako da munduan. Hau huskeria xehe eta hutsa da.
Korridoretik pauso astunak aditu ziren, giltzak sarrailan durundatu zuen, atea ireki zen, eta polizia batek Xveiken izena oihukatu zuen.
— Barkatu —esan zuen jator Xveikek—: eguerdiko hamabietatik baino ez nago hemen; jaun hau, ordea, goizeko seietatik. Nik ez dut honenbesteko presarik.
Erantzun beharrean, poliziaren esku indartsuak korridorera atera zuen Xveik, eta isilka-misilka eskaileretatik lehenengo solairura eraman.
Gelan, mahai ondoan eserita, komisarioa zegoen, onbera itxurako gizon lodia, eta honela esan zion Xveiki:
— Beraz, zu zara Xveik, ezta? Nolatan, bada, iritsi zara honaino?
— Ezin aisiago —ihardetsi zuen Xveikek—: aguazil batek lagunduta, ze ez nuen nahi zoroetxetik bazkaldu gabe botatzerik. Kaleko emakume arbuiatutzat joko banindute bezala da.
— Badakizu zer, Xveik? —esan zuen xalo komisario jaunak—: hemen, Salmovan, zertarako haserretu behar dugu zurekin? Ez da hobe izango polizia-zuzendaritzara bidaltzen bazaitugu?
— Esaten den bezala —azaldu zuen Xveikek lasaiturik—, egoeraren jabe zara. Orain, iluntzian, polizia-zuzendaritzarantz abiatzia paseo txiki oso atsegina da.
— Pozten naiz ados jartzeaz —azaldu zuen alai komisarioak— Ez da hobe ados jartzea? Ez da hala, Xveik?
— Ni ere oso gustura etortzen naiz bat inorekin —Xveikek arrapostu—. Sinets iezadazu, komisario jauna: ez dut inoiz ere zure ontasuna ahaztuko.
Adeitsu makurturik, aguazilarekin behera atera zen, aguazil-etxera, eta handik ordu laurdenera, Zekale kalearen eta Karlos plazaren arteko izkinan, Xveik ikus zitekeen, beste aguazil batek lagundurik. Honek liburu bat zeraman besapean, Arrestantenbuch Atxiloketa-liburua
izenburua zeukana.
Spalena kaleko izkinan topo egin zuten Xveikek eta bere gidariak jende banda batekin, kartel eseki baten inguruan elkarri bultzaka.
— Enperadore jaunak gerra-aldarrikapenaz idatzitako adierazpena da —esan zion aguazilak Xveiki.
— Hori neuk aurresan nuen —esan zuen Xveikek—, baina zoroetxian ez daukate oraino horren berri, iturri onetik jakin beharko balute ere.
— Zer esan nahi duzu? —galdetu zion aguazilak Xveiki.
— Bada, han ofizial asko daudela giltzapetuta —adierazi zuen Xveikek, eta adierazpenaren aurrean elkarri bultzaka ziharduen jende banda iritsi berriarengana heltzean, Xveikek oihu egin zuen:
— Prantzisko Jose enperadore, agur eta ohore! Gerra hau irabazi egingo dugu.
Jendetza berotuaren arteko norbaitek belarrietaraino jaitsi zion kapela, eta horrela, jendearen pilaketan zehar, Xveik berriro sartu zen polizia-zuzendaritzaren atarira.
— Seguru gerra hau irabaziko dugula, berriz ere errepikatzen dut, jaunok! —hitzok ezpainetan agur egin zion Xveikek bidelagun zuen jendetzari.
Eta historiaren zoko urrunetan, biharrak orainaren planak ere suntsituko zituelako egia jaisten ari zen Europara.
© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo