4. kapitulua

XVEIK ZOROETXETIK
BOTA ZUTENEKOA

 

        Geroago, Xveikek zoroetxeko bizimodua deskribatzean, honelako panegiriko ezohikoa bota zuen:

        — Benetan ez dakit zergatik haserretzen diren zoro hauek hemen egotiagatik. Bertan jendia narraz joan daiteke lurretik, otso baten antzera ulu egin, amorratu eta kosk egin. Norbaitek paseoan egingo balu holakorik, jendia harritu egingo litzateke; bertan, ordea, oso arrunta izaten da. Bertan bada holakoxe askatasuna, sozialistek ere inoiz amestu ez zutena. Bertan edonork egin dezake Jainkoarena edo Ama Birjinarena, edo Aita Santuarena, edo Ingalaterrako erreginarena, enperadore jaunarena, edo Done Wentzeslaorena, nahiz eta hau beti lotuta egon, biluzik, bakar-ziegan. Bertan bazen beste bat ere artzapezpikua zela oihukatzen zuena, baina honek jan besterik ez zuen egiten, eta baita beste zerbait ere, barka nazazue, badakizue, janarekin errimatzen duen hori, baina han inor ez da horretaz lotsatzen. Bertako batek, pentsa, Done Zirilo eta Metodiorena egiten zuen, biren anoa jasotzeko. Eta jaun bat haurdun zegoen eta jende guztia gonbidatzen zuen bataiora. Han baziren entzerraturik hainbat xakelari, politikari, arrantzale eta escaut, filatelista eta argazkilari amateur. Bat, errauts-kutxa deitzen zien katilu zahar batzuengatik zegoen han. Beste bat alkandora hertsagarriz janzten zuten beti, munduaren akabua noiz izango zen kalkulatzerik izan ez zezan. Bertan unibertsitateko zenbait irakaslerekin ere bildu nintzen. Haietako bat beti ibiltzen zitzaidan atzetik, ijitoen jatorria Krkonoxe mendietan zegoela azalduz. Eta beste batek esplikatu zidan Lurraren barruan beste Lur bat dagoela, azaleko hori baino askoz handiagoa.

        Hango guztiek zernahi esan zezaketen, gogoak ematen zien edozer, parlamentuan izango balira bezala. Inoiz elkarri ipuinak kontatzen ibiltzen ziren eta baita liskarretan hasi ere, printzesaren bati atsekaberen bat gertatzen zitzaionian. Amorratuena, Ottoren entziklopediaren 16. zatiarena egiten zuen jaun bat zen: ireki zezala eta «jostun koadernatzaile» esamoldea bila zezala eskatzen zien mundu guztiari, bestela galdua zela eta. Ez zen lasaitu alkandora hertsagarria jarri zioten arte. Zoratzen bezala zegoen koadernatzeko prentsan sartuta zegoelakoan, eta eskatu ere, koadernaketa modernoa egin ziezaiotela eskatu zuen. Paradisuan bezala egoten zen han. Bertan orro egin dezakezu, oihu, kanta, negar, marraska, txilio, salto, otoitz, itzulipurdi, lau hankatan joan, hanka batian saltatu, ingurutik korrika egin, dantzatu, saltoka ibili, egun osoa kokoriko pasa eta hormetatik igo. Inor ez zaizu etorriko esatera: «Ezin duzu hori egin, jauna. Hori gaizki dago. Lotsatu beharko zenuke. Gizon hezia zara?» Alabaina, egia da, baita ere, zoro isil-isilak ere badaudela han. Esaterako, bazen heziketa oneko asmatzaile bat atzamarra sudurretan sartzen zuena eta egun batez esan zuena: «argindarra asmatu berri dut». Esan bezala, han ederki egoten zen, eta zoroetxian emandako egun horiek nire bizitzaren unerik ederrenetakoak izan ziren.

        Eta egia da: Lurraldeko Auzitegitik zoroetxera aztertzera eraman zutenean Xveikek zoroetxean jasotako harrera soilak, espero zuen baino harantzago jo zuen. Lehenengo eta behin biluztu, txabusina eman, eta bainatzera eraman zuten, besapean konfiantzaz heldurik, erizainetako batek juduen pasadizoren bat kontatzen zion bitartean. Bainugelan, bainuontzian murgildu zuten, ur berotan, gero atera eta dutxa hotzean sartu zuten. Hiru aldiz errepikatu zuten hori, eta gero gustura ote zegoen galdetu zioten. Xveikek esan zuen hobe zela hura Karlos zubiaren ondoko bainuetxeak baino, eta bainatzea asko gustatzen zitzaiola.

        — Gainera, azkazalak eta ilea ebakitzen badizkidazue, ez da ezer faltako nire zoriontasuna erabatekoa izateko —erantsi zuen, irribarrez eta atsegindurik.

        Nahi hau ere bete egin zen, eta belakiz jo eta ke igurtzi ondoren, maindire batean bildu eta lehenengo departamentura eramanik, ohean ezarri, burusi batez estali eta lokartzeko eskatu zioten.

        Xveikek egun hartakoa gaur ere maitasunez kontatzen segitzen du:

        — Pentsa: eraman egin ninduten, benetan eraman. Une hartan guztiz zoriontsu sentitu nintzen.

        Eta ohean ere pozarren hartu zuen loak. Gero, katilukada bat esne eta ogi zati bat emateko iratzarri zuten . Ogitxoa zatitxotan txikiturik zegoen jadanik, eta erizainetako batek Xveiki eskuetatik eusten zion bitartean, beste batek esnetan ogi zatiak busti eta antzara bat ogiz bezala elikatu zuen. Elikatutakoan besapean hartu eta komuneratu egin zuten txiza eta kaka egin zezan.

        Une eder hau ere maitasunez kontatzen du Xveikek, eta ez ditut, noski, gero egin ziotenari buruzko haren hitzak errepikatu behar. Aipatu, Xveikek dioena besterik ez dut aipatuko:

        — Bitartian, bietako batek besoetan eusten zidan.

        Departamentura itzuli zutenean, ohean berriz ezarri eta ostera ere eskatu zioten lokartzeko. Lokartu ondoren iratzarri eta azter-gelara eraman zuten, non Xveikek, bi sendagileren artean zutik, zeharo biluzik, bere errekrutatzearen garai loriatsua ekarri baitzuen gogora. Honako hau itzuri zitzaion, oharkabean, ezpainetatik:

        — Tauglich   Gai.

        — Zer diozu? —esan zuen sendagileetako batek—. Egin bost pauso aurrera eta bost atzera.

        Xveikek hamar eman zituen.

        — Ez dizut esan, bada, bost egiteko? —bota zuen sendagileak.

        — Pauso bat gora, pauso bat behera, bost axola niri —esan zuen Xveikek.

        Orduan, sendagileek aulkian esertzeko eskatu zioten, eta batek belauna jo zion. Gero erreflexuak ezin hobeki zeuzkala esan zion bigarrenari, eta hau, jarraian, burua jiratu eta, hasi zen Xveiken belauna jotzen, lehenengoak betazalak irekiarazi eta betseina aztertzen zion bitartean. Gero mahaira joan eta latinezko zenbait esaldi bota zituzten.

        — Aizu, badakizu kantatzen? —galdetu zion haietako batek Xveiki—. Ez zeniguke kanturen bat abestuko?

        — Bai, noski, jaunok —erantzun zuen Xveikek—. Ez dut ez ahotsik ez musikarako belarririk, baina saiatu egingo naiz, zuengatik egingo dut, dibertitu nahi duzuenez gero.

        Eta Xveik honela hasi zen:

 

                Aulkian eseri fraide gazte horrek

                kopeta eskuinean ezarririk

                bi malko mingots, sutsu

                masaila zurbilei isuri...

 

        — Gerokoa ez dakit —jarraitu zuen Xveikek—. Nahi izatera, beste hau ere kantatuko dizuet:

 

                Atsekabean daukat bihotza,

                minberaturik bularra,

                isilik eseri eta urrutira so,

                han, han urruti ene nahia...

 

        — Eta honen jarraipena ere ez dakit —hasperen egin zuen Xveikek—. Ezagutu, «Non da nire herria» Txekiako ereserkiaren lehenengo ahapaldia ezagutzen dut, eta baita ere «Windischgrätz jeneralak eta bere ofizialek goizaldean hasi zuten borroka», eta zenbait abesti herrikoi ere, esaterako «Jainkoa, gorde gaitzak», «Jaromer-era alde egin genuenekoa», «Mila aldiz agurtzen zaitugu», etab.

        Sendagile jaun biek elkarri begiratu eta haietako batek galde egin zion Xveiki:

        — Beste inoiz aztertu dizute egoera psikikoa?

        — Soldadutzan —erantzun zuen Xveikek zeremoniatsu eta harro-harro—. Sendagile militarrek ofizialki ergel nabarmentzat jo ninduten.

        — Itxurati galanta zarela iruditzen zait niri—garrasi egin zion beste sendagileak Xveiki.

        — Ni, jaunok —defendatu zen Xveik—, ez naiz itxuratia, benetako ergela naiz, informatu zaitezkete Budeiovitseko laurogeita hamaikagarren batailoiaren bulegoan edo Karlin-go Goi Agintaritzan.

        Sendagileetan zaharrenak eskua etsipenez astindu eta, Xveik seinalatuz, hauxe esan zien erizainei:

        — Emaiozue atzera gizon honi bere arropa eta eraman ezazue lehenengo korridoreko hirugarren departamentura. Gero, zuetako bat itzul dadila eta eraman ditzala bulegora haren paper guztiak. Eta bertan esan dezala laster egin ditzatela egitekoak, gizon hori hemen luzaro jasan ez dezagun.

        Sendagileek beste begirada suntsitzaile bat jaurti zioten Xveiki, zeinak, xalo makurturik, aterantz egin baitzuen atzera, adeitsu. Erizainetako batek zergatik ari zen han halako tentelkeriak egiten galdetu zionean, Xveikek honela erantzun zuen:

        — Izan ere, ez nago jantzita, biluzik nago, eta ez diet jaun horiei pentsarazi nahi adeigabea edo zakarra naizela.

        Erizainek, Xveiki arropa atzera emateko agindua jaso zutenetik, ez zuten harenganako ardurarik erakutsi. Jantz zedila agindu zioten, eta batek hirugarren departamentura eraman zuen. Bertan, Xveikek bere ohar ederrak egiteko aukera izan zuen, bota behar zutela zioen idazkia bulegotik iritsi arteko egunetan. Sendagile etsiek eman zioten txostenean «adimendu makaleko itxuratia» zela jartzen zuen, eta bazkaldu aurretik eman ziotenez alta, iskanbila txiki bat sortu zen.

        Xveikek aditzera eman zuen inor zoroetxetik botatzekotan, ez zela bazkaldu gabe bota behar.

        Atezainak deitutako aguazil batek eman zion bukaera iskanbilari, Xveik Salmova kaleko komisariara eramanez.

 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (I)" orrialde nagusia