3. kapitulua

XVEIK AUZITEGIKO
SENDAGILEEN AURREAN

 


 

        Lurraldeko zigor-auzitegiko gelatxo txukun eta erosoei tankera on-ona hartu zien Xveikek. Horma zurituak, beltzez margotutako burdin sareak eta Demartini gizon lodia, behin-behineko atxiloketetarako inspektore nagusia, txanoan intsignia moreak eta orla bat zeramatzala. More kolorea derrigorrezkoa da hemen ez ezik Hausterre-egun eta Ostiral santuko zeremonia erlijiozkoetan ere.

        Jerusalem Erromaren menpe zegoeneko historia ospetsua errepikatzen ari zen. Presoak atera eta beheko solairura, 1914. urteko Pilatosen aurrera agerrarazten zituzten. Eta instrukzioko epaileek, garai berriko Pilatosek, eskuak zintzo garbitu beharrean, Teissig tabernatik gulaxa eta Plzen-go garagardoa ekartzeko agintzen zuten eta fiskalari salaketak eta salaketak helarazten. Gehienetan, logika guztia desagertzen zen hemen, eta §-ak irabazten zuen, §-ak iratotzen, §-ak tentelkeriak esaten, §-ak bafatzen, §-ak irri egiten, §-ak mehatxatzen, §-ak hiltzen zuen eta ez zuen barkatzen. Legeen koblakariak ziren, lege-liburuen letren irensleak, preso-jaleak, Austriako oihaneko tigreak, auzipetuarenganako saltoa paragrafoen zenbakiaren arabera neurtzen zutenak.

        Polizia-zuzendaritzan bezalaxe, zenbait jaun ziren horren salbuespen: legea hain kontuan hartzen ez zutenak, zeren eta edonon bada hari onekoa ez denik.

        Horrelako jaun batengana eraman zuten Xveik itaunketara. Asmo onekoa zirudien gizon zahar hark. Noizbait, Valex hiltzaile ezagunari itaunketa egiten zionean, ez zitzaion inoiz honako hau esatea ahazten: «Eseri zaitez, Valex jauna, hemen aulki bat duzu».

        Xveik eraman ziotenean, jaiotzetik zeukan xalotasunaz esertzeko eskatu eta esan zion:

        — Beraz, zu zara Xveik jauna?

        — Uste dut baietz —erantzun zuen Xveikek—, ze aita nuena Xveik zen eta ama nuena Xveik andria. Ezin ditut lotsarazi nire izena ukatuz.

        Irri atsegin bat agertu zen instrukzioko epailearen aurpegian.

        — Ederra egin duzu gero. Kontzientzia ahaltzen zaizu kontu askorengatik, ezta?

        — Niri beti ahaltzen zait kontzientzia kontu askorengatik —esan zuen Xveikek, epaileak baino are irri atseginagoa eginez—; baliteke niri zuri baino kontu gehiagorengatik kontzientzia ahaltzea, jauna.

        — Hala ikusten da sinatu duzun idazkian —esan zuen epaileak Xveikena bezain tonu atseginaz—. Hertsatu al zaituzte komisarian?

        — Baita zera ere, bere gorentasuna. Nik neuk galdetu nien ea sinatu behar nuen, eta sinatzeko esan zutenian, orduan obeditu nien. Izan ere, ez naiz haiekin liskarretan hasiko neure sinadura dela eta ez dela. Horretaz ez nintzen baliatuko. Ganora behar da.

        — Guztiz osasuntsu sentitzen zara, Xveik jauna?

        — Guztiz-guztiz ez, epaile jauna. Erreuma daukat, ukendu batez igurzten ditut hankak.

        Jaun zaharrak irribarre atsegina egin zuen berriz ere:

        — Zer esango zenuke auzitegiko sendagileek aztertuko bazintuzte?

        — Uste dut ez nagoela honen larri jaun horiek nirekin denbora alferrik galtzeko. Jaun batek aztertu ninduen polizia-zuzendaritzan ea gonokozia neukan.

        — Badakizu zer, Xveik jauna? Dena dela, auzitegiko sendagileengana joko dugu. Batzorde bat osatuko dugu, behin-behinean atxiloturik egongo zara, eta tartean atseden ederra hartuko duzu. Baina beste galdera bat: sumarioaren arabera, aditzera eman duzu, zabaldu duzu laster piztuko dela gerra, ezta?

        — Bai horixe, bere gorentasuna: lehenbailehen piztuko da.

        — Eta ez al duzu askotan krisirik izaten?

        — Ez horixe. Behin, ordea, ia-ia harrapatu ninduen zalgurdi batek Karlos plazan, baina oso aspaldi.

        Honelaxe bukatu zen itaunketa. Xveikek bostekoa jo zion epaile nagusiari eta, bere gelatxora itzulirik, hauxe esan zien gelakideei:

        — Pernando artxidukiaren hilketagatik aztertuko naute auzitegiko sendagileek.

        — Neu ere behin aztertu ninduten —esan zuen gizon gazte batek—, alfonbren kontu bategatik epaimahairatu nindutenean hain zuzen. Ergeltzat hartu ninduten. Oraingoan, lurrun-eultzigailu bat ostu dut, eta ezin didate ezer egin. Nire abokatuak atzo esan zidan behin ergeltzat hartuz gero, hortik atarramentua aterako dudala bizitza osorako.

        — Nik ez diet ezer sinesten auzitegiko sendagile horiei —ohartarazi zuen argia zirudien gizonak—. Behin kanbio-letrak faltsutu nituenean, badaezpada ere, Heveroch psikiatra entzutetsuaren klaseetara joaten hasi nintzen, eta harrapatu nindutenean, elbarriarena egin nuen Heveroch jaunak esan bezalaxe. Batzordeko sendagile bati kosk egin nion hankan, tintontziko tinta guztia edan eta, barka ezazue esatera noana, jaunok, izkina batian kaka egin nuen batzordekoen aurrian. Baina bati zangoan kosk egitegatik guztiz osasuntsutzat jo ninduten: neureak egina zuen.

        — Ni ez naiz jaun horien azterketaren beldur batere —iragarri zuen Xveikek—; soldadutzan nengoela, albaitari batek aztertu ninduen eta oso ondo bukatu zen kontua.

        — Auzitegiko sendagileak ziztrinak dira —tartekatu zen gizon txiki uzkurtua—. Arestian, kasualitatez edo, hezurdura bat atera zuten nire larrepetik, eta auzitegiko sendagileek esan zuten hezurdura hori berrogei urte lehenago hil zuela objektu mingarri batek. Hogeita hemezortzi urte ditut eta kartzelan nago, bataio-agiria, jaiotze-agiria eta errolda-agiria eduki arren.

        — Nik uste dut —esan zuen Xveikek— hobe genukeela dena ikuspuntu zintzoago batetik ikustea. Edonork huts egin dezake, eta zenbat eta zerbaitetaz gehiago pentsatu, gehiago huts egin behar du. Auzitegiko sendagiliak gizakiak dira, eta gizakiok baditugu geure akatsak, behin Nusle auzoan gertatu zitzaidanak frogatzen duenez: gau batez, Botitx errekaren gaineko zubiaren ondoan, gizon bat hurbildu zitzaidan Banzet tabernatik bueltan nintzelarik. Akuilu batekin jo ninduen buruan, eta lurrian netzala argiarekin fokatu eta hara non diostan: «Hau akatsa, ez da bera». Eta akatsaren akatsez hain sumindu zen, ze berriz ere jo ninduen, oraingoan bizkarrean. Izan ere, gizakiari berezkoa zaio hil arte huts egitia. Hona hemen adibide bat: gizon batek gau batez hotzez kikildutako txakur amorratu bat aurkitu zuen. Etxera eraman eta ohian jarri zion andriari. Txakurrak, berotu orduko, familia guztiari kosk egin eta sehaskako umia txikitu eta jan egin zuen. Eta beste adibide bat kontatuko dizuet nire auzoko tornulari batek egin zuen hutsari buruz. Giltzez Podoli auzoko elizatxoa ireki zuen etxian zelakoan, sakristian zapatak erantzi bere sukaldian zegoelakoan, eta aldarian etzan, bere ohian zegoelakoan. Inskripzio santuz apaindutako zamau batzuk jantzi zituen, eta burupian ebanjelioa eta beste zenbait liburu santu ere, burua altxatuxe edukitzeko. Goizean sakristauak aurkitu zuen, eta tornulariak, bere onera etorrita, horra non diotson, ontasun osoz esan ere, huts egin zuela. «Huts ederra» —esan zuen sakristauak—, ze horrelako hutsagatik berriro sagaratu beharko dugu eliza». Gero, auzitegiko sendagileen aurrera azaldu zen tornularia, eta hauek frogatu zuten bere onian zegoela, ez zegoela edanda, ze total eginda egon balitz, ez zuen elizako ateko sarrailan giltza sartzerik izango. Gero tornulari hori kartzelan hil zen. Beste adibide bat emango dizuet, Kladnoko polizia-txakur batek, Rotter kapitain ezagunaren artzain-txakurrak, egindako hutsari buruz. Rotter kapitainak txakurrak hezten zituen arloteekin esperimentatuz, harik eta arlote guztiak Kladnoko eskualdea saihesten hasi ziren arte. Hortaz, aguazilei agindu zien gizon susmagarriren bat ekartzeko, kosta ahala kosta. Orduan, dotore baino dotoreago jantzitako gizon bat Lany-ko basoetan enbor baten gainian aurkitu eta kapitainari eraman zioten. Gizonari bere berokiaren muturra ebakiarazi eta aguazilen polizia-txakurrei usnatzeko eman zien kapitainak. Ondoren, gizon hori hiritik kanpora eraman zuten, adreilu-fabrika batera. Txakur entrenatuok askatu egin zituzten gizonaren oinatzei jarraikitzeko. Aurkitu egin zuten, eta bueltan ekarri. Gero, gizon honek zurubi batetik ganbarara igo behar izan zuen, horma gainetik saltoka aritu, urmaelera salto egin, eta txakurrak haren atzetik. Azkenian jakin zen gizon hori Txekiako diputatu erradikal bat zela eta Lany-ko basoetara abiatu zela txangoan, parlamentuaz aspertuta. Horregatik diot jendiak duda egiten duela, huts egiten duela, ikasia izan zein lerdoa izan, hezi gabeko ergela. Ministroek ere egiten dute huts.

 

 

        Xveiki leporatzen zitzaizkion delitu guztien erantzulea haren muga psikikoa ote zen erabaki behar zuen auzitegiko sendagileen batzordea hiru jaun txit serioz osatua zen. Haietako bakoitzaren iritzia ederki bereizten zen beste bien edozein iritzitatik.

        Hiru zientzia-eskola eta psikiatren hainbat iritzi zeuden hor ordezkaturik.

        Zientzia-alderdi kontrajarriok erabateko adostasunera iritsi baldin baziren Xveiken kasuan, Xveikek batzorde osoari eragindako aztoramenak ez bestek azal dezake hori: bere egoera psikikoa aztertu behar zuten gelara sartu zen eta, Austriako monarkaren irudi bat zintzilik zegoen hormari so, hauxe oihukatu zuen: «Jaunok, gora Prantzisko Joxe I enperadoria!»

        Dena argi eta garbi zegoen: Xveiken bat-bateko adierazpenak baliogabetu egin zuen prest zeukaten galdera sorta. Galdera interesgarrienak baino ez ziren egin, erantzunetatik aurre-diagnostiko bat antzeman zedin Xveiki buruz, Kallerson psikiatraren, Heveroch sendagilearen eta Weiking ingelesaren sistemaren oinarrian.

        — Astunagoa da radioa beruna baino?

        — Neronek ez dut pisatu —erantzun zuen Xveikek bere irribarre maitagarriaz.

        — Sinesten duzu munduaren akabuan?

        — Aurrena, munduaren akabu hori ikusi beharko nuke —Xveikek hitzetik hortzera arrapostu—, baina seguru bihar ez datorrela oraindik.

        — Lortuko zenuke Lurraren diametroa kalkulatzea?

        — Ez —erantzun zuen Xveikek—, baina, nahi baduzue, igarkizun bat esango dizuet: etxe batek hiru solairu ditu, eta solairu bakoitzak zortzi leiho. Teilatuan bi sabaileiho daude eta bi tximinia. Solairu bakoitzean, bi bizilagun. Eta orain esadazue, jaunok: zein urtean hil zitzaion amona atezainari?

        Auzitegiko sendagileek modu adierazgarrian begiratu zioten elkarri. Alabaina, haietako batek beste galdera bat egin zuen:

        — Badakizu zein den sakontasunik handiena Ozeano Barean?

        — Ez, jauna —erantzun zuen Xveikek— baina uste dut altuagoa dela, dudarik gabe, Moldava ibaiarena baino Vyxehrad-eko harkaitzaren parian.

        Batzorde-buruak «aski?» galdetu zuen labur, baina beste sendagile batek honako galdera hau egin zuen:

        — Zenbat da 12.897 bider 13.863?

        — 729 —erantzun zuen Xveikek behingoan.

        — Aski dela uste dut —esan zuen batzorde-buruak—, zegoen lekura eraman dezakezue atzera auzipetu hau.

        — Eskerrik asko, jaunok —Xveikek adeitsu—- Neuri ere aski zait.

        Xveik irtendakoan, hirukoteak aho batez erabaki zuen Xveik ergel eta txoriburu nabarmena zela zientzia-psikiatrek asmatutako natura-legeen arabera.

        Instrukzioko epaileari luzatutako txostenean hauxe irakur zitekeen, besteak beste:

        «Guk, beherago sinatu dugun auzitegiko sendagileok azpimarratu nahi dugu gorago aipatutako batzordearen aurrera azaldu den Josef Xveik psikikoki kamutsa dela eta jaiotzetik inozoa. «Gora Prantzisko Joxe I enperadorea» eta antzekoak esate soila aski da Josef Xveiken ergelkeria nabarmena agerian uzteko. Hori dela eta, beherago sinatu duen batzordeak honako hauek proposatzen ditu: 1. Josef Xveiki buruzko ikerketa bertan behera uztea. 2. Josef Xveik erditik kentzea klinika psikiatrikora eramanez, bere egoera psikikoa zein neurritan zaion bere inguruari kaltegarri frogatzeko.

        Txosten hau prestatzen zen bitartean, Xveikek gertatuaren berri ematen zien presokideei:

        — Pernandoz trufatu egin dira, eta baita nirekin solastatu ere are tontakeria handiagoez. Azkenian esan genuen asko zela hitzik, eta nor bere aldetik joan ginen.

        — Nik ez diot inori ere sinesten —ohartarazi zuen gizon txiki kikilduak, zeinaren larrepetik, kasualitatez, hezurdura bat atera baitzuten—. Den-dena lapurreta hutsa da.

        — Lapurreta ere behar da —esan zuen Xveikek lastairan ezarriz—. Denok besteri buruz ongi pentsatuko bagenu, lehenbailehen hasiko litzateke jende guztia elkar joka.

 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (I)" orrialde nagusia