2. kapitulua

XVEIK SOLDADU ONA
POLIZIA-ZUZENDARITZAN

 

        Sarajevoko atentatuak biktima ugariz bete zuen polizia-zuzendaritza. Bata bestearen atzetik eraman, bai, eta harrera-bulegoko inspektore zaharrak hauxe esaten zuen bere ahots onberaz:

        — Fernandorena larrutik ordainduko duzue gero, larrutik!

        Xveikek, lehenengo solairuko ziegetako batean giltzapetu zutenean, sei lagunen konpainia aurkitu zuen bertan. Haietako bost mahai inguruan zeuden eseririk, eta ertzean, etzaleku batean, besteengandik apartatu nahian bezala, adin ertaineko gizon bat.

        Xveik banan-banan hasi zitzaien galdezka zergatik izan ziren kartzelaratuak.

        Erantzun berdintsua jaso zuen mahai inguruan eseritako bostengandik:

        — Sarajevokoa dela eta!

        — Pernando dela eta!

        — Artxiduke jaunaren hilketagatik!

        — Pernandogatik!

        — Artxidukea Sarajevon akabatu dutelako!

        Beste bostengandik apartatutako seigarrenak esan zuen haiekin ez zuela ezer ikustekorik izan nahi, inoren susmagarri ez gertatzeko, eta bertan egon, Holitse hiriko lapurreta-kide bat hiltzen saiatzegatik zegoela.

        Xveik mahaira eseri zen konspiratzaileen lagunartean: hamargarrenez ari ziren kontatzen nola bukatu zuten han.

        Bat izan ezik, denak tabernan harrapatu zituzten, edo ardandegian, edo kafe-etxean. Salbuespena gizon betaurrekodun bat zen, ikaragarri lodia, begiak negar batean zituena: etxera joan zitzaizkion atxilotzera, zeren eta Sarajevoko erasoa baino bi egun lehenago, Breixka tabernan zegoela, fakultate politeknikoko bi ikasle serbiarren kontua ordaindu baitzuen. Eta, Briks detektibea lekuko, haiekin ibili zen Montmartre-n, Katea kalean, mozkortuta, eta bertan ere ordaindu zien kontua, atxilotze-agirian bere sinadura eta guzti aitortu zuenez.

        Komisarian, aurretiazko ikerketaren galderen aurrean, arrangura estereotipatua adierazi zuen :

        — Nik paper-denda bat dut.

        Eta hara non erantzun estereotipatua ere jaso zuen:

        — Horrek ez zaitu desenkusatzen.

        Ardandegian atxilotutako gizonttoa historia-irakaslea zen, eta ardandegiko jabeari hainbat erasoren historia azaltzen ari zitzaion: atxilotu zuten unean, eraso guztien azterketa psikologikoa bukatzen ari zen honako hitz hauek erabiliz:

        — Erasoaren ideia Kolonen arrautza bezain sinplea da.

        — Kaiola zain daukazulakoa bezain sinplea —osatu zuen esaera komisarioak.

        Hirugarren konspiratzailea Hodkovitxky-ko Dobromil ongintzako elkartearen lehendakaria zen. Erasoaren egunean, Dobromilek jai bat antolatu zuen, kontzertu eta guzti. Aguazilen burua etorri zen, parte-hartzaileek alde egin behar zutela, Austriak tristezia zeukala. Eta Dobromil-go lehendakariak bihotz onez arrapostu:

        — Itxaron beza berorrek pixka batian, «Aupa eslaviarrak» jotzen duten arte.

        Orain hantxe zegoen eseririk, burumakur, kexuz:

        — Abuztuan lehendakaritzarako hauteskundeak ditugu. Ordurako etxean ez banaiz, baliteke aukeratua ez izatea. Oraingoan hamargarrenez naukate lehendakari. Ezingo dut halako lotsarik jasan.

        Ederra egina zion, modu bitxian egin ere, Fernando zenak laugarren presoari. Gizon prestua zen, eta armarri bikainekoa. Bi egunez Fernandori buruzko edozein solasi ihes egin zion, harik eta arratsean, kartetan ari eta, zazpiko urrearekin errege bastoia hil eta honako hau esan zuen arte:

        — Zazpi, Sarajevoko balak adina.

        Bosgarren gizona, berak esan bezala, «artxidukearen hilketagatik» zegoen espetxeraturik. Izuaren izuz lazturik zeuzkan buruko ilea eta bizarra, hainbesteraino, non bere buruak grifoi-txakurra gogorarazten baitzuen.

        Honek, atxilotu zuten jatetxean, ez zuen txintik ere atera, ezta egunkarietan Fernandoren hilketaren berria irakurri ere, eta mahai ondoan eserita zegoen, bakar-bakarrik, harik eta gizon bat hurbildu, aurrean eseri eta azkar esan zion arte:

        — Irakurri duzu?

        — Ez.

        — Eta ba al duzu horren berri?

        — Ez.

        — Eta badakizu zer gertatu den?

        — Ez. Ez naiz horretaz arduratzen.

        — Baina interesatu beharko litzaizuke.

        — Ez dakit zer interesatu beharko litzaidakeen. Nik, bada, purua erre, pixka bat edan, afaldu, eta ez dut egunkaririk irakurtzen. Egunkariek gezurrak esaten dituzte. Zertako ernegatu?

        — Sarajevoko hilketa ere ez zaizu interesatzen?

        — Nerau ez zait hilketa bat bera ere interesatzen, Pragan, Vienan, Sarajevon edo Londresen izanda ere. Horretarako badira bulegoak, auzitegiak eta polizia. Inoiz inon inor hiltzen badute, hor konpon, hil dezaten uzteko bezain ergel eta ganoragabea baldin bada.

        Horiek izan ziren haren azken hitzak solas hartan. Une hartatik, bost minutuko etenaldiekin, hauxe baino ez zuen errepikatzen, ozen beti ere:

        — Errugabea naiz, errugabea naiz.

        Polizia-zuzendaritzako atarian oihukatuko zituen hitzok, Pragako auzitegira bidean ere errepikatuko zituen hitzok, eta hitzok ezpainetan kartzelako ziegara ere sartuko zen.

        Xveikek, konspiratzaile-istorio izugarri guztiok entzun ondoren, egoki iritzi zion beraien egoeraren etsipengarria azaltzeari.

        — Kinka larrian gaude —hasi zituen hitz kontsolagarriak—, ez da egia esaten duzuen hori, alegia, ezin zaigula ezer gertatu. Zertarako dago polizia, gu ahohandiak izatiagatik zigortzeko ez bada? Garai hau hain bada arriskugarria ze artxidukia akabatzen dute, inork ez du zertan harritu preso badaramate. Hau guztia distira kontua da, Pernandok publizitatia eduki dezan bere hileten aurretik. Zenbat eta hemen gehiago garen, hobe guretzat, alaiago egongo gara-ta. Noizbait, soldadutzan nengoela, konpainia erdia atxilotzen gintuzten. Eta errugabienak ziren epaituak. Eta soldadutzan ez ezik, auzitegian ere. Gogoratzen naiz behin andre bat epaitu zutela bere biki jaioberriei lepoa moztiagatik. Bikiei ezin izan ziela leporik moztu zin egin bazuen ere (ze neskatxa bakar batez erditu zen, eta baita batere minik gabe lepoa moztu ere), hilketa bikoitza leporatu zioten epaiketan. Edo Zabiehlitse-ko ijito hura, eguberri gau batez, zurubitik gora denda batera igo zena. Berotzera joan zela zin egin zuen, baina horrek ez bide zion batere lagundu. Zerbait epaimahaien esku gelditzen denian, gaizki. Baina hala izan behar. Jende guztia ez da, nonbait, uste daitekeen bezain lotsagaldua. Baina nola bereizi gaur egun gizon zintzoa gizon zitalagandik, gaur batez ere, Pernando hori akabatu duten garai larri honetan? Behin Budeiovitsen soldadu nengoela, tiro-proba-lekuaren atzeko basoan, kapitainaren txakurra tirokatu zuten. Enteratu zenian, denak deitu, ilaran jarri, eta hamar gizonetatatik batek pauso bat aurrera emateko esan zuen. Ni ere izan nintzen hamargarren, jakina, eta hantxe ginen, beraz, begiak kliskatu ere egin gabe. Kapitaina gure ingurutik ibili da eta esan du: «Zirtzilak, zerriak, lotsagabeak, hiena zikinak, txakurragatik zuek guztiok nahi zintuzket zigor gelan entzerratu, txikitu, tiroka akabatu, hezurrak mami bihurtu arte jo. Baina zuekiko bihozbera izango naizela jakin dezazuen, bi astean baimenik ez». Ikusten duzue?: orduan txakurra zen koska, eta oraingoan artxidukia. Eta, horregatik, doluak merezi dezan ikara egon behar.

        — Errugabea naiz, errugabea naiz —errepikatzen zuen ile latza zuen gizonak.

        — Kristo ere errugabia zen —esan zuen Xveikek—, eta bera ere gurutziltzatu zuten. Inon ez dio inoiz inori errugabe batek axola izan. Maul halten und weiter dienen!   Lotu ezpainak eta segi zerbitatzen!, soldadutzan esaten ziguten bezala. Horixe da hoberena eta ederrena.

        Xveik etzalekuan etzan eta lasai asko hartu zuen loak.

        Bien bitartean, beste bi ekarri zituzten, haietako bat bosniarra. Gelako alde batetik bestera ibili, hortzak kirrika, eta bere bi hitzetako bat hauxe zen:

        — Jebem ti dušu   Ingelesez «fuck your soul» esamoldeaz adieraziko genituzke serbokroazierazko hitzok.

        Oinazegarri gertatzen zitzaion honako hau pentsatzea: saltzaile ibiltaria zen aldetik zerabilen otarrea polizia-zuzendaritzan galduko zitzaiola.

        Bigarren etorri berria Palivets tabernaria zen: Xveik ezaguna ikusirik, iratzarri egin zuen, ahots txit tragikoz honako hau esanez:

        — Hemen nauk ni ere!

        Xveikek, bihotzez bostekoa jo eta, honela esan zion:

        — Pozten nauk benetan. Banekian gizon horrek hitza beteko zuela bila joango zitzaiala esatian. Halako doitasuna gauza ona duk.

        Alabaina, Palivets jaunak aditzera eman zuen halako doitasunak ez zuela balio lau zorri, eta baita Xveiki ahapeka galdetu ere gainontzeko presoak ez ote ziren lapurrak izango, agian merkatari txikia zen aldetik kalte egingo ziotela eta.

        Xveikek azaldu zion guztiak, Holitseko lapurkide bat hiltzen saiatzeagatik atxilotutako bat izan ezik, artxidukeagatik zeudela preso.

        Palivets jauna ofenditu egin zen, esanez han ez zegoela ezein artxiduke tentelengatik, enperadore jaunarengatik baizik. Eta besteak interesatzen hasi zirenez, euliek enperadorea zikindu ziotenekoa kontatu zien.

        — Piztia haiek zikindu zidaten —bukatu zuen gertatutakoaren deskribapena—, eta azkenian kaiolara ekarri naute. Ez diet barkatuko euliei —gaineratu zuen mehatxuka.

        Xveik ostera ere lotara joan zen, baina luzaro lorik egin ez, bila etorri baitzitzaizkion itaunketara eramateko.

        Eta, halatan, eskaileretatik gora hirugarren departamentura igotzen ari zela, Xveikek bere gurutzea zeraman Golgotako gailurrera, bere martirioaz deusik susmatzeke.

        Korridorean tu egitea debekatzen zuen iragarkiari beha, listuontzian tu egiteko baimena eskatu zion aguazilari, eta sinpleziaz distiratuz, bulegora sartu zen hitzok ahoan:

        — Arrastion dizuela, jaunok.

        Erantzun beharrean, batek saihetsetan ukabilkada jo, eta mahai baten aurrean tente jarrarazi zuen. Mahaiaren atzean gizon bat zegoen eseririk, aurpegi hotz eta ofiziala zuena: piztia krudel baten ezaugarriak zituen, «Gaizkile moten inguruan» izeneko Lombroso-ren liburutik atera berri balitz bezala.

        Xveiki odolez egarritutako behakoa bota eta honela esan zion:

        — Ez jarri horrelako tentel-aurpegirik.

        — Ez da nire errua —erantzun zuen serio Xveikek—. Tentela izatiagatik libratu nintzen soldadutzatik, aparteko batzorde batek ofizialki ergeltzat jo ninduen-ta. Ergel ofiziala nauzu.

        Gaizkile itxurako jaunari kirri egin zioten hortzek:

        — Leporatzen zaizun horrek, egin duzun horrek zeure tentuan eta zentzuan zaudela frogatzen du.

        Eta, orduan, gaiztakeria andanaren zerrenda luze bat esan zion Xveiki, goi mailako traiziotik hasi eta Bere Gorentasunaren eta enperadorearen senitartekoen kontrako laidoroetaraino. Fernando artxidukearen hilketaren laudorioa distiratzen zen zerrenda hartan. Bertatik adar bat irteten zen gaiztakeria berriekin, zeinen artean zirikaldiarena gailentzen baitzen, hura guztia jendaurrean gertatzeagatik.

        — Ba al daukazu esatekorik? —galdetu zuen, garaile-itxuran, piztia krudel baten ezaugarriak zituen gizon hark.

        — Anitz dira, bai —erantzun zuen errugabeki Xveikek—. Aniztasunak beti kalte.

        — Aitortzen duzu, beraz.

        — Neronek dena aitortzen dut. Zorroztasunak egon behar du. Zorroztasunik gabe ez gindoazke inora. Soldadu nenbilenian bezala...

        — Lotu ezpainak! —garrasi egin zion polizia-buruak Xveiki—, eta zerbait galdetzen dizudanean baino ez hitzik egin! Ulertzen?

        — Ulertuko ez dut, bada! —esan zuen Xveikek—. Apal-apalik jakinarazten dizut ulertzen dudala eta esaten duzun guztia ulertuko dudala.

        — Norekin zaude harremanetan?

        — Nire neskamearekin, jauna.

        — Eta bertoko zirkulu politikoetan ez daukazu ezagunik?

        — Bai horixe, jaun agurgarria. «Politika Nazionala» arratsaldekaria erosten dut: autu-mautuak.

        — Kanpora! —orro egin zion Xveiki piztia-itxurako gizonak.

        Bulegotik ateratzen zuten bitartean, hauxe esan zuen Xveikek:

        — Gau on, jaun agurgarria.

        Ziegara itzulirik, txantxetakoak zirela halako itaunketak jakinarazi zien Xveikek preso guztiei.

        — Han oihu egiten dizuete pixka batean, eta azkenian handik bota. Lehen —segitu zuen Xveikek— txarragoa izan ohi zen. Noizbait irakurri nuen liburu batian kondenatuak burdina goritik ibili behar izaten zuela eta berun urtua edan, errugabia ote zen ikusteko. Edo, aitortu ezik, bortzegiak jartzen zizkioten edo tenkatu egiten zuten, edo suziri batez aldakak erretzen zizkioten, Done Jan Nepomukekoari egin zioten bezala. Honek kristoren garrasiak egin omen zituen, eta ez zion oihu egitiari utzi harik eta Isabel izeneko zubitik behera bota zuten arte, zaku iragazgaitz batian sartuta. Gehiago izan dira horrelako kasuak, eta geroago ere presoa laurdenkatu edo makila batean jartzen zuten Museo Nazionaletik gertu. Eta zigor-gelara botatzen zutenian, berri bezala geratzen zen. Gaur egun, txantxetako kontua da preso egotia! —gozatzen segitu zuen Xveikek—, ez gaituzte laurdenkatzen, bortzegirik ez, etzalekua badaukagu, mahaia badaukagu, eserlekua badaukagu, ez gaude pilatuta, salda ematen digute, eta ogia, pitxerkada bat ur ere bai, komuna ondo-ondoan daukagu. Denetan ikusten da aurrerapena. Itaunketa-gela urruti dago, egia da, hiru korridore zeharkatu eta solairu bat gorago, baina korridoreak garbiak dira, eta giro ederra dute. Urlia ekarri, Berendia eraman, gaztiak, zaharrak, gizonak eta emakumiak. Behintzat, aringarria zaizu hemen bakarrik ez egotiaz. Nor bere bidetik pozik gabiltza, eta ez dugu beldurrik izan behar hauxe esango ote diguten bulegoan: «luze eztabaidatzen egon gara eta bihar laurdenkatu edo sutan erreko zaituzte, zeuk aukeratu». Hausnarketa zaila izaten zen, bai, eta uste dut, jaunok, halako unean gutako asko biziki asaldatuko zirela. Bai, gaur egun hobera egin du egoerak gure onerako.

        Hiritarren espetxeratze modernoaren defentsa bukatu berria zuen, zaindariak atea ireki eta deitu zionerako:

        — Xveik, jantzi eta etorri itaunketara.

        — Oraintxe bertan, —erantzun zuen Xveikek—. Ez daukat ezer horren kontra, baina beldur naiz ez ote den okerren bat izango, jadanik behin bota bainaute itaunketa-gelatik. Eta beldur naiz, baita ere, ez ote zaizkidan suminduko hemen nirekin dauden gainontzeko gizonak itaunketara birritan joatiagatik, haiek gaur arratsian behin ere joan ez baitira. Jelostu egingo zaizkit akaso.

        — Irten behingoan eta hitzik egin gabe gero —izan zen Xveiken adierazpen gizabidetsuak jasotako erantzuna.

        Xveik berriz ere aurkitu zen gaizkile itxura zuen gizonaren aurrean. Honek, hitzaurrerik gabe, gogor eta ihesbiderik uzteke galdetu zion:

        — Aitortzen duzu dena?

        Xveikek gizon zurrunarengan bere begi on urdinak jarri eta goxo-goxo esan zion:

        — Aitortzia nahi baduzu, bere gorentasuna, bada, aitortu egingo dut. Ezin dit horrek kalterik egin. Baina esaten baduzu: «Xveik, ez ezazu ezer aitortu», bada, itzulinguruka ibiliko naiz indarrak ahitu arte.

        Jaun zorrotzak zerbait idatzi zuen aktetan, eta Xveiki luma luzaturik, idatzitakoa sinarazi zion.

        Eta Bretschneiderren salaketa eta honako eranskin hau sinatu zituen:

 

                Gorago egozten zaizkidan erruak

                egian oinarriturik daude

                        Josef Xveik

 

        Sinatu ondoren, jaun zorrotzari bueltatu zitzaion:

        — Besterik sinatu behar dut oraindik? Ala bihar goizian itzuli behar dut?

        — Bihar goizean zigor-epaimahaira eramango zaituzte —jaso zuen erantzuntzat.

        — Ze ordutan, bere gorentasuna? Ez nuke lokartuta gelditu nahi.

        — Kanpora! —oihukatu zitzaion Xveiki egun hartan bigarrenez, aurrean zeukan mahaiaren bestaldetik.

        Bere etxe berri burdin saredunera itzultzean, Xveikek hauxe esan zion laguntzen zion aguazilari:

        — Hemen haize alde.

        Haren atzean atea itxi zuten bezain laster, presokideak galdezka oldartu zitzaizkion, eta Xveikek argi eta garbi arrapostu:

        —Pernando artxidukia hil bide dudala aitortu dut.

        Sei gizon ikaraturik metatu ziren burusi zorritsuen azpian. Bosniarrak, berriz, honela esan zuen:

        — Dobro došli.   Ongi etorri (serbokroazieraz)

        Etzalekuan zetzala, hauxe esan zuen Xveikek:

        — Arraio, hemen iratzargailurik ez edukitzia ere!

        Goizean, ordea, iratzargailurik gabe ere iratzarri zuten, eta sei-seietan eraman polizia-zalgurdian lurraldeko zigor-auzitegira.

        — Goiz jagia, egunsentia —esan zien Xveikek bidelagunei, zalgurdia polizia-zuzendaritzako atari aurretik irtetean.

 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (I)" orrialde nagusia