1. Kapitulua

XVEIK SOLDADU ONAK
MUNDU-GERRAN ESKU SARTU ZUENEKOA

 


 

        — Pernando hil digute, beraz —esan zion neskameak Xveik jaunari, zeina, aspaldian soldadutza utzirik (armadaren mediku-taldeak behin betirako ergeltzat jo zuenetik bertatik, hain zuzen), txakurrak saltzetik bizi baitzen. Izan ere, munstro itsusi eta odolzikinekoak saltzen zituen, pedigria faltsutzen zielarik.

        Lanbide honetaz gain, erreumak jota zebilen, eta une hartan hankak ukendu batez igurzten ari zen.

        — Zein Pernando, Müller andria? —galdetu zuen Xveikek, hankei masajea emateari utzi gabe—, ze nik bi Pernando ezagutzen ditut. Bata Pruxa botikariarekin dabil lanian, eta behin, oharkabian, ilerako ukendua edan omen zion, botila oso bat, eta Pernando Kokoska ere ezagutzen dut, txakur kakak biltzen dituena. Bata izan zein bestea izan, tamalik ez.

        — Ez, bada: Pernando artxidukia, Konopixtte-koa, lodi eta elizkoia.

        — Jesus, Maria eta Jose —oihu egin zuen Xveikek—, ze berri ona. Eta noiz gertatu zaio hori artxidukiari?

        — Sarajevon danba-danba egin diote, jauna, errebolber batekin. Bertara zihoan autoz bere artxikondesarekin.

        — Hara, non eta autoan, Müller andria. Jauntxoa izatiaren abantailak. Eta bururatu ere ez zitzaion egingo nolako zoritxarrian buka zitekeen halako auto-ibilaldia. Eta hori gutxi balitz bezala, non eta Sarajevon, hau da, Bosnian, Müller andria. Turkiarrak izango ziren nonbait. Ez genizkien Bosnia eta Herzegovina hartu behar izan, alajaina. Ene bada, Müller andria. Goian bego artxidukia. Asko sufritu zuen?

        — Berihala seko gelditu zen. Badakizu errebolberrarekin ez dagoela jolasik. Arestian Nusle auzoko gizon batek, errebolberrarekin jolasten ari zela, familia guztia garbitu zuen, eta baita atezaina ere: hirugarren solairuan nor ote zebilen tiroka ikustera joan omen zen, gaixoa.

        — Badira errebolberrak, Müller andria, zoratuta ere tiratzen ez dutenak. Sistema askotakoak daude, bai. Baina seguru artxidukiarentzat zerbait hobea erosi zutela, eta apustu ere egingo nuke, Müller andria, hiltzailia dotore jantzita zebilela. Badakizu: artxidukia hiltzia lan gogorra da. Ez da isileko ehiztariak basozaina hiltzen duenian bezalakoa. Hemen kontua da nola harengana inguratu: halako jaunarengana ezin zaitezke joan trapu batzuk jantzita. Txistera eta guzti joan beharra dago, poliziak lehenago ez harrapatzeko.

        — Bat baino gehiago omen ziren, jauna.

        — Ulergarria da oso, Müller andria —esan zuen Xveikek, hanken masajea bukatuz—, artxidukia hil nahi bazenu, edo enperadoria bera, inoren aholkua beharko zenuke. Zenbat buru, hainbat aburu. Batak hau aholkatu, bestiak beste hura, eta azkenian ongi irteten da dena, gure ereserkiak dioen bezala. Garrantzitsuena da zelatan egon eta halako jauna aldamenetik pasatzen den une egokia aprobetxatzia. Gogora ezazu, bestela, nola Luccheni jaunak zartatu zuen gure Isabel zena lima batez. Paseoan zebiltzan. Eta gero fida zaitez: harrezkero, enperatriz bat bera ere ez da paseatzen. Eta jende askori gertatu behar zaio oraindik horrelakorik. Eta ikusiko duzu, Müller andria, nola iritsiko den tsar eta tsarinaren txanda. Eta baliteke, zoritxarrez, enperadoriarena ere iristia, bere osabarekin hasi direnez gero. Jaun zahar horrek etsai asko ditu. Pernando horrek baino are gehiago. Duela gutxi, gizon batek hala esan zuen tabernan, iritsiko zela garaia enperadoriak bata bestiaren atzetik zerraldo erori eta Estatuko fiskaltzak ere lagunduko ez ziena. Gero, bada, ordaintzeko dirurik ez eta, tabernariak poliziari deitu behar izan zion. Eta morroiak, orduan, zaplastakoa eman zion tabernariari, eta aguazilari bi. Gero paseo bat eman zioten polizia-gurdian sartuta, bere onera etor zedin. Bai, Müller andria: gauza ikaragarriak gertatzen dira gaur egun. Galera handia da Austriarentzat. Soldadutzan nengoenian, bada han infanteria-soldadu batek tiro egin zion kapitain bati. Fusila kargatu eta bulegora joan zen. Han esan zioten bertan ez zeukala zer eginik, baina berak lehenengo lepotik burua, kapitainarekin hitz egin eta hitz egin behar zuela. Kapitainak, irten eta berihala, baimena kendu zion. Orduan soldaduak fusila hartu eta tiroka eman zion bihotz-bihotzian. Balak hegan egin zion kapitainari bizkarretik, eta bulegoan ere egin zuen kalte: tintontzia hautsi zuen, agiri ofizialak busti zirela.

        — Eta zer gertatu ote zen soldaduarekin? —galdetu zuen handik une batera Müller andreak Xveik janzten ari zen bitartean.

        — Galtza-uhal batekin urkatu zen —esan zuen Xveikek bere onddo-kapela garbitzeaz batera—. Eta, gainera, galtza uhal hori ez zen beria. Kartzelako zaindariari mailegatu zion, prakak erortzen baitzitzaizkion. Fusilatuko zuten arte itxaron behar ote zuen? Badakizu, Müller andria: horrelakoetan jendia bere onetik aterata egoten da. Zaindaria, horren kariaz, degradatu eta sei hilabeteko espetxeratzea jarri zioten. Baina ez zuen kondena bete. Suitza aldera ihes egin eta gaur egun bertan egiten du lan, erlijioren baten predikari. Gaur egun, asmo oneko jende gutxi dago, Müller andria. Imajinatzen dut Pernando artxidukia ere konfunditu egin zela Sarajevon tiro egin zion gizonaz. Gizon bat ikusi eta pentsatuko zuen: «Gizon zintzoa izan behar dik, honela laudatzen banau». Eta orduan gizon horrek tiro egin zion. Tiro bat ala batzuk?

        — Egunkariak dioenez, jauna, zuloz josita zegoen artxidukia. Bala guztiek jo omen zuten.

        — Hori oso azkar doa, Müller andria, izugarri azkar. Nik horretarako braumin markako pistola erosiko nuke. Jostailua dirudi, bai, baina horrekin, bi minutuan, hogei artxiduke, argal zein lodi, garbitu ditzakezu. Baina, gure artian esanda, Müller andria, artxiduke lodiari tiroa betian ematia seguruagoa da argalari baino. Igual gogoratuko duzu Portugalgo erregia hil zutenekoa. Lodikotia zen. Badakizu: erregia ezin argala izan. Baina tira, ni orain banoa Kaliza tabernara eta sagu-txakur baten bila inor baletor dirua aurreratu didala esanez, bada esaiozu nire txakurtegian daukadala, mendian, duela gutxi moztu nizkiola belarriak eta orain ez dagoela lekuz aldatzerik, belarriak orbandu arte behintzat, hoztu ez daitezen. Giltza emaiozu atezainari.

        Kalizan bezero bakar bat zegoen eserita. Bretschneider polizia sekretua zen, Estatuko poliziaren agindutara zegoena. Palivets tabernariak edalontziak garbitzen ziharduen eta Bretschneider alferrik saiatzen zen harekin hizketa serioa sortzen.

        Palivets zarpail ezaguna zen: bere bi hitzetatik bata alua edo zakila zen. Ordea, era berean gizon irakurria zen, eta jende guztiari gomendatzen zion zera irakurtzeko, alegia, Victor Hugok azken gai honetaz idatzi zuena, Napoleonen guardia zaharrak Waterlooko batailan ingelesei eman zien azken erantzuna deskribatzean.

        — Uda ederra aurtengoa! —tartekatu zuen Bretschneiderrek bere hizketa serioa.

        — Kaka meta —ihardetsi zuen Palivetsek, edalontziak ontzitegian jartzearekin batera.

        — Ederra egin dute Sarajevon —bota zuen Bretschneiderrek itxaropen makalez.

        — Zein Sarajevotan? —galdetu zuen Palivetsek—, Nusleko taberna horretan? Han liskarrak izaten dira egunero, badakizu, Nusle.

        — Bosniako Sarajevon, tabernari jauna. Han akabatu dute Pernando artxidukea. Zer uste duzu horretaz?

        — Nerau ez naiz horrelako saltsetan sartzen. Bakean utz nazatela —erantzun zuen begirunez Palivets jaunak, pipa pizten zuen bitartean—. Horretan nahastea edonoren galgarri litzateke gaur egun. Ni tabernari xumea besterik ez naiz, inor etorri eta garagardoa eskatzen duenean, nik eman egiten diot. Baina Sarajevoko hori, politika edo artxidukea zena, hori guretzat ez da ezer, horrek kartzelara baino ez darama.

        Bretschneiderrek, isildu eta, desengainaturik, taberna hutsetik barrena begiratu zuen.

        — Hemen, garai batean, enperadorearen irudia zegoen —esan zuen berriro handik pixka batera—, hantxe, orain ispilua dagoen tokian, hain zuzen.

        — Bai, arrazoi duzu —erantzun zuen Palivets jaunak—, hantxe zintzilik, eta euliek gainean kaka egiten ziotenez, ganbarara igo nuen. Badakizu, inork, ausartuz gero, ez esatekoren bat esan zezakeen, eta hortik atera kontuak.

        — Sarajevoko kontu hori itsusia izango zen, tabernari jauna.

        Galdera zuzen eta gaizto hori sekulako zuhurtasunaz erantzun zion Palivets jaunak:

        — Garai honetan bero itzela egin ohi du Bosnian eta Herzegovinan. Han soldadu nengoela, gure tenienteari izotza jarri behar izaten zioten buruan.

        — Zein errejimendutan izan zinen, tabernari jauna?

        — Horrelako huskeriak ez ditut gogoratzen. Ez naiz inoiz halako txorakerien zale izan, eta inoiz ez naiz horren jakinguraz egon —erantzun zuen Palivets jaunak—. Gehiegizko jakingura kaltegarria da beti.

        Bretschneider polizia sekretua behin betiko isildu zen, eta haren keinu zimurtua ez zen hobetu Xveik azaldu zen arte. Honek, tabernara sartu eta, garagardo bat eskatu zuen ohar hau eginez:

        — Gaur triste dabiltza Viena aldean.

        Bretschneiderren begiak esperantzaz gainezka distiratu ziren. Labur esan zuen:

        — Konopixtte gazteluan hamar bandera beltz daude.

        — Hamabik egon behar —esan zuen Xveikek zurrut egin ostean.

        — Zergatik hamabik? —galdetu zuen Bretschneiderrek.

        — Biribiltzeko, dozena bat. Horrela, hobeki zenbatu daiteke, eta dozenatan beti ateratzen da merkiago —erantzun zuen Xveikek.

        Isiltasuna nagusitu zen, baina Xveikek berak eten zuen hasperen batez:

        — Beraz, egina du hemengoaz, Jainkoak eman diezaiola betiko loria. Enperadore izateraino ere ez zuen itxaron. Soldadutzan nengoela, jeneral bat zalditik erori eta lasai asko hil zen. Lagundu nahi izan zioten zaldira berriz igotzen, eta zeharo hilda zegoela ikustian, harritu egin ziren. Eta gutxi falta zitzaion landa-mariskala izateko. Desfile batian gertatu zen. Desfile hauetatik inoiz ez da atarramentu onik ateratzen. Sarajevon ere behin izan zen desfile bat. Gogoratzen dut nola desfile hartan uniformiaren hogei botoi falta zitzaizkidan, eta nola eduki ninduten horregatik bi astez zigor-gelan. Bi egun eman nituen etzanda, elbarria banintz bezala, esku-hankak lotuta. Baina soldadutzan diziplina behar da, ze, bestela, inork ez luke ezer errespetatuko. Gure teniente Makovets-ek, horrek beti esaten zigun: «Disziplina behar da, mutil tentelok. Bestela, zuhaitzetara igoko zinatekete tximinoen antzera, baina soldadutzak gizondu egingo zaituzte, tentel ergelok!» Eta ez da egia? Imajina ezazu parke bat, demagun Karlos plazakoa, eta zuhaitzetan soldadu bana diziplinarik gabe. Hori da beti gehien beldurtu nauena.

        — Sarajevokoa —hizketaratu zen Bretschneider— serbiarrek egin dute.

        — Oker zabiltza —erantzun zuen Xveikek—: turkiarrek, Bosnia eta Herzegovinagatik.

        Eta Xveikek bere iritzia azaldu zuen Austriak Balkanetan zerabilen nazioarteko politikaz. 1912an bertan garaitu zitzaizkion Turkiari Serbia, Bulgaria eta Grezia. Turkiarrek Austriaren laguntza nahi zuten, eta holakorik gertatu ez zenean, bada, hil egin zuten Fernando.

        — Gustukoak dituk turkiarrak? —zuzendu zitzaion Xveik Palivets tabernariari—, gustukoak dituk urde sinesgogor horiek? Ez, ezta?

        — Bezeroa beti bezero —esan zuen Palivetsek—, turkiarra izan arren. Negozio txiki bat dugunontzat, politikak ez dik batere zentzurik. Ordain ezak garagardoa eta esan ezak nahi duana. Horixe diat nik lege. Pernandoren hiltzailea serbiarra edo turkiarra izan, katoliko edo mahomatar, anarkista edo txekiar gaztea   XIX. mendearen bukaeran, Mladočeši («txekiar gazteak») delakoek mugimendu bat osatu zuten, «txekiar zaharrak» delakoei kontrajarria. Solasaldi ugari egiten zuten Bohemiako gaiez aritzeko, hala nola politikaz, gizarteaz edo ekonomiaz. Hemendik aurrerako ohar guztiak, besterik esaten ez bada, itzultzailearenak dira, niri bost axola.

        — Ongi, tabernari jauna —esan zuen Bretschneiderrek, zeina berriz ere hasia baitzen bi haiengandik probetxuzkorik atera zitekeelako esperantza galtzen—, baina onar ezazu galera handia dela Austriarentzat.

        Tabernariaren ordez, Xveikek erantzun zuen:

        — Galera dela ezin uka. Galera ikaragarria, gainera: Pernandoren ordez ezin daiteke edozein ergel jarri. Lodiagoa izan balitz, sikiera.

        — Zer nahi duzu esan? —suspertu zen Bretschneider.

        — Zer nahi dudan esan? —Xveikek alai arrapostu—. Xinple-xinplia da: lodiagoa izan balitz, lehenago egongo zen apoplexiak jota, hain zuzen Konopixtten atso haien atzetik ibili zenian bere barrutian sasiak eta perretxikoak biltzen ari zirelako, eta ez zuen horrelako heriotza lotsagarririk izango. Nor eta enperadoriaren osaba akabatzia ere! Holakorik! Ze lotsa: egunkarietan ez da besterik aipatzen. Hemen, Bohemian, duela urte asko, Budeiovitse hiriko azokan sastatu zuten, eztabaida txiki batian antza, ganadu-tratulari bat. Bretislav Ludvik omen zeritzon. Seme bat zuen, Bohuslav izenekoa, eta txerriak saltzen zebilen tokietan inork ez zion deusik erosten, jende guztiak esaten zuela: «hau da sastatutakoaren semea. Honek ere doilorra izan behar gero!» Behin, Krumlov hirian zegoela, zubi batetik Moldava ibaira saltatu behar izan zuen. Atera zuten, bai, suspertu, ura atera, baina azkenian hil egin zitzaien medikuaren besoetan, honek injekzio bat jarri zionian.

        — Konparazio bitxiak egiten dituzu gero —esan zuen Bretschneiderrek modu deigarrian—, aurrena Fernandoz hitz egiten duzu eta gero ganadu-tratulari batez.

        — Ez horixe —defendatu zen Xveik—. Jainkoak gorde nazala inor inorekin konparatzetik. Tabernari jaunak ezagutzen nau. Ezetz inoiz inor inorekin konparatu? Dena dela, ez nuke artxidukiaren alargunaren larruan egon nahi. Zer egingo du orain? Seme-alabak umezurtz dira, Konopixtteko jaurreria jaunik gabe. Beste artxiduke batekin ezkondu? Ze on ekarriko dio? Harekin Sarajevora joan ostera ere, eta bigarrenez alargunduko da. Bazen behin, oso aspaldi, basozain bat Hluboka ondoko Zliv-en bizi zena. Izen itsusi samarra zuen: Pindour. Isileko ehiztariek danba-danba egin zioten eta alarguna eta bi ume utzi zituen. Alarguna handik urtebetera ezkondu zen beste basozain batekin, Mydlovary-ko Pepik Xavlovitsekin alegia. Eta hura ere hil zioten tiroka. Gero hirugarrenez ezkondu, berriro basozain batekin, eta esan omen zuen bere artian: «hirugarrenian bai. Oraingoan ongi ateratzen ez bazait kontua, bada, ez zekinat zer egingo dudan». Senar hau ere tiroz hil zioten, jakina, eta ordurako bazeuzkan guztira sei ume basozain horiekin. Harik eta Hluboka-ko printze jaunaren bulegora joan zen arte, basozainekin atsekabia eduki izanaz kexatzeko. Orduan, Razitse hiriko Jarex arrantza-zaindaria gomendatu zioten. Eta hara: harekin bi ume eduki ondoren ito egin zioten erreka batian arrantzan zebiltzan batzuk. Gero Vodnany hiriko zikiratzaile batekin ezkondu zen. Honek, gau batez, aizkorakada bat jo zion emazteari, eta bere burua salatu zuen. Geroago, Pisek hiriko Eskualde Auzitegiak epaitu ondoren urkamendira kondenatu zutenian, apaizari sudurrian kosk eta ez zela batere damutzen esan zuen, eta zerbait izugarri itsusia ere esan zuen enperadore jaunari buruz.

        — Eta ez dakizu zer esan zuen? —galdetu zuen Bretschneiderrek esperantzaz betetako ahotsez.

        — Hori ezin dizut esan, inor ez zen errepikatzen ausartu eta. Eta esandakoa hain izan omen zen ikaragarri eta izugarria, ze epaimahaikideetako bat zoratu egin zen, eta gaur egun arte bakartuta daukate, jendiak horren berri izan ez dezan. Enperadore jaunaren kontra botatako irain hura ez zen mozkorraldietan bota ohi direnetakoa.

        — Eta nolako irainak botatzen dira enperadore jaunaren kontra mozkorraldietan? —galdetu zuen Bretschneiderrek.

        — Mesedez, jaunok, ekar dezagun hizpidera beste gai bat —esan zuen Palivets tabernariak—. Badakizue ez zaidala honelakorik gustatzen. Aurrena hanka sartu eta gero damutu.

        — Nolako irainak botatzen diren enperadore jaunaren kontra mozkorraldietan? —errepikatu zuen Xveikek—. Mota askotakoak. Edan ezazu, eska iezaiozu orkestrari Austriako ereserkia jotzeko, eta ikusiko duzu zer hasiko zaren esaten. Enperadore jaunaz hainbeste asmakeria egingo dituzu ze, erdiak egia balira ere, aski luke bizitza osoan lotsatzeko. Baina, benetan, jaun zahar horrek ez du holakorik merezi. Esaterako: bere seme Rodolfo galdu zuen, artian sasoiko mutila zela, indartsu eta gizontzen hasia. Isabel emaztia lima batez zartatu zioten, eta gero Johan Orth   Johan Orth (1852-1891). Austriako artxidukea eta Toscanako printzea. Austriako armadaren jenerala. Enperadorearekin tira-bira batzuk izan zituela eta, bere titulu eta eskubideei uko egin eta bidaia luze bati ekin zion. Bidaia hartantxe hil bide zen, handik urtebetera edo anaia ere galdu zuen, Mexikoko enperadoria, gotorleku bateko horma baten kontra fusilaturik. Eta oraingoan, zahar-zahar eginda, osaba ere fusilatu diote. Adorea behar da gero. Eta hara non morroi mozkor bat, harekin gogoratu eta, irainka hasten zaion. Gerrarik balego, nire kabuz joango nintzateke enperadore jauna hil arte zerbitzatzera.

        Xveikek azken zurruta jo eta jarraitu egin zuen:

        — Uste al duzue enperadore jauna besoak antxumatuta geratuko dela? Bada, orduan ez duzue ongi ezagutzen. Turkiarrekin gerra izango da. Osaba hil didazuela? Bada, orain gorriak ikusiko dituzue. Gerra prest dago. Serbiak eta Errusiak lagunduko digute. Iskanbila ederrak sortuko dira.

        Xveikek ederra zirudien une profetiko hartan. Bere aurpegi tolesgabea, ilbetea bezain irribarretsua, poz batean distiratzen zen. Dena argi zegoen berarentzat.

        — Litekeena da —ekin zion Austriako etorkizuna deskribatzeari— turkiarrekin gerran sartzen bagara, alemaniarrek guri erasotzia. Izan ere, alemaniarrak eta turkiarrak beti joaten dira bat eginik. Ez dago munduan haien pareko munstrorik. Hala ere, Frantziarekin lotu gaitezke, hirurogeita hamaikagarren urtetik Alemaniari hortzak erakusteko gogoz dabil eta. Eta hasiko da kontua. Gerra izan, izango da, ez dizut gehiagorik esango.

        Bretschneider zutitu egin zen eta baita irmo esan ere:

        — Ez duzu besterik esan behar. Zatoz nirekin korridorera, han zerbait esan behar dizut eta.

        Xveik polizia sekretuaren atzetik irten zen korridorera. Han ustekabe txiki bat zeukan zain, bere garagardokideak polizia-txartela erakutsi zionean, preso hartu eta polizia-zuzendaritzara berehala eramango zuela iragartzearekin batera. Xveik saiatu zen jauna oker zebilela azaltzen, errugabea zela eta ez zuela inor mintzeko moduko hitzik esan.

        Bretschneiderrek, ordea, delitu batzuk egotzi zizkion, goi mailako traizioa, kasu.

        Gero tabernara itzuli ziren, eta Xveikek honela esan zion Palivets jaunari:

        — Nik bost garagardo, saltxitxa bat eta ogi puska bat hartu ditiat. Orain jarri iezadak okaran-likorea, ze joan beharra zaukat, preso hartu naute eta.

        Bretschneiderrek polizia-txartela erakutsi zion Palivets jaunari, une batez so egin, eta gero galdetu zion:

        — Ezkondua zara?

        — Bai.

        — Eta zerorren andrea arduratu daiteke negozioaz, hemen ez zauden bitartean?

        — Bai.

        — Ederki, beraz, tabernari jauna —esan zuen pozarren Bretschneiderrek—, deitu zure andreari tabernaz arduratzera etortzeko, eta arratsean bueltatuko gara zure bila.

        — Ez hadi kezkatu horregatik —kontsolatu zuen Xveikek—. Ni goi mailako traizioagatik baino ez noak preso.

        — Baina ni zergatik? —arranguratu zen Palivets jauna—. Izan ere, oso zuhurra izan nauk beti.

        Bretschneiderrek irribarre egin eta honela esan zuen, garaile-itxuraz:

        — Euliek enperadore jaunaren gainean kaka egiten zutela esateagatik. Hantxe aterako dizute burutik, bai, enperadore jauna.

        Eta Xveikek polizia sekretuarekin batera utzi zuen Kaliza taberna. Xveikek, bere irribarre onberarekin poliziaren aurpegiaren atzetik ibiliz, hauxe galdetu zion, behin kalean egonda:

        — Espaloitik jaitsi behar dut?

        — Zer, ba?

        — Preso nagoenez, uste dut espaloitik ibiltzeko eskubiderik ere ez daukadala.

        Polizia-zuzendaritzako atetik sartzerakoan, Xveikek hauxe esan zuen:

        — Primeran pasa izan dugu. Askotan joaten zara Kalizara?

        Eta Xveik harrera-gelara zeramaten bitartean, Kalizan Palivets jaunak negarrez hasitako emazteari utzi zion tabernaren ardura, bere erara kontsolatuz:

        — Ez negarrik egin, ezta oihurik ere. Zer egin diezadakete, bada, enperadorearen irudi kakaztuaren erruagatik?

        Eta horrela hasi zen Xveik soldadu ona Mundu-Gerran esku hartzen bere era maitagarri xarmangarrian. Historiagileei interesatuko zaie nola hark urrutira begiratzen zuen, etorkizunerantz. Geroko egoera Xveikek Kalizan esandako moduan bilakatu ez bazen, har dezagun kontuan, zuribide gisa, ez zuela aurretiaz batere hezkuntza diplomatikorik izan.

 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (I)" orrialde nagusia