SARRERA
Garai handiak jende handia eskatzen du. Badira han-hemenka heroi ezezagunak, umilak, Napoleonen gloria eta historia gabekoak. Beraien izaeren azterketak Mazedoniako Alexandroren ospeari ere egingo lioke itzal. Gaur egun, Pragako kaleetatik barrena zoaztela, gizon zarpailtsu bat aurki dezakezue, garai handi berriaren historian daukan garrantziaz jakitun ez dagoena. Umil-umil doa bere bidetik, inor zirikatu gabe, eta elkarrizketa eskatuko zioten kazetariek ere ez dute zirikatzen. Nola duen izena galdetuko bazeniote, umil eta apal erantzungo lizueke: «Xveik naiz...»
Eta gizon isil, apal, zarpailtsu hauxe da, bene-benetan, Xveik soldadu on zaharra, heroikoa, ausarta, garai batean, Austriako inperioan, txekiar erresumako biztanle guztien ahotan egondakoa, Errepublika garaian ere ospea itzaliko ez zaiona.
Oso maitagarri zait Xveik soldadu ona, eta ziur nago Mundu-Gerran izan zituen abenturak eskaintzen badizkizuet begiko izango duzuela zuek guztiok heroi umil eta ezezagun hau. Berak ez zion su eman Efesoko jainkosaren tenpluari, Herostrates tentelak, egunkarietan eta eskolako irakurgaietan agertzeagatik, egin zuen bezala.
Eta aski da.
Egilea
© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo