HITZAURREA

 


 

        Asko dira Xveik soldadu onaren abenturak irakurri dituztenak. Askoz gehiago, ordea, irakurri ez arren, haien berri entzun dutenak. Zer dela eta halako arrakasta? Hurrengo lerroetan galdera horri erantzuten saiatuko naiz.

 

        EGILEA

        Jaroslav Hašek idazle txekiarra Pragan sortu zen, 1883ko apirilaren 30ean. Aita ikastetxe bateko matematika-irakasle zuen, eta hil zitzaionean, Hašek gazteak bere kasa atera behar izan zuen bizimodua, botikako apopilo-lanetan aurrena, merkataritza akademiako ikasle geroago, eta banketxe bateko bulegari azkenik. Lan honetaz txit gogaiturik, bere izpiritu abenturazaleari amore eman zion, Mazedoniako matxinatuei lagunduz zein hainbat lekutara (hala nola Eslovakia, Hungaria eta Bavierara) bidaia eginez. Pragara itzulita, bertako taberna-giroan biziki murgildu zen. Han, inspirazioa ez ezik, kartzelarako bidea ere aurkitu omen zuen behin baino gehiagotan.

        Mundu-Gerra hasi eta berehala, Errusiako frontera abiatu zen, armada austro-hungariarraren soldadu gisa. Kontzentrazio-esparru batean preso egon ondoren, Errusian Austriaren kontra borrokatzen zen Legio Txekoslovakiarrean sartu zen, eta 1917az geroztik, Armada Gorrian.

        Etxeratu orduko, Xveiken abenturak idazteari eman zion, eta lan hori burutu aurretik hil zen, 1923ko urtarrilaren 3an hain zuzen, bat-batean hil ere, artean berrogei urte ere ez zituela. Karel Vaček izeneko idazleak, Xveik soldadu onaren abenturen arrakastaz oharturik, atal gehiago idazteari ekin zion, baina ez zen Hašeken mailara iritsi, ezta hurrik eman ere.

 

        IRUDIGILEA

        1922an, Hašek-ek Josef Lada marrazkigilearengana jo zuen, koadernotxotan osatutako edizioaren azala egin ziezaion. Ladak horren berri ematen digu, laugarren zatiaren bukaerari erantsi zion gibel solasean:

        Adostutako egunean azala eraman nuen U Mohelských izeneko ardandegira. Hašek eta F. Sauer-i oso gustatu zitzaien. Hašek-ek, luze pentsatu ondoren, berrehun koroako ordaina agindu zidan. F. Sauer-i gutxi iruditu zitzaion, eta bostehunera igo. Hašek-ek, isilune luze batez geroztik, mahaian ukabilkada bat joz eman zuen bukatutzat soldatari buruzko eztabaida, mila koroa jasoko nituela esanez. Diruaren ordez, berriz, bien edana ordaindu behar izan nuen. Azala inprimatua izan zen eta sosik inon ere ez.

        Liburu osoa ilustratzeko agindua, Hašek hil ondoren iritsi zitzaion Ladari, zeina, pertsonaia bakoitza marrazteko orduan, zehatz-mehatz oinarritu baitzen idazlearen deskribaketetan. Gaur egun, eta Hašek-ek ardandegi hartako mahaian jotako ukabilkada gorabehera, elkar-lantzat har daiteke idazle eta irudigilearen lana: Hašek-en testuak Ladaren marrazkirik gabe, Ladaren marrazkiak Hašek-en testurik gabe bezain imajinaezinak dira. Literatura eta ilustrazioa eskutik hartuta ageri dira, beraz, liburu honetan.

 

        LIBURUA

        Xveik idatzi zenetik honantz hainbat urte igaro dira, eta hamaika hizkuntzatara itzuli izan den liburu honen ospea ez da itzali, ez Txekian, ezta atzerrian ere. Zail da honetarako azalpen egokia aurkitzen, baina luza gabe eman dezagun bat, sukaldaritzaren terminologia erabiliz: Xveik, batik bat, osagai ugariz osaturiko errezeta da, eta nork bere gustuko osagaia bila dezake bertan, gainontzekoak plater bazterrean utziz. Umorea, Historia, psikiatria, kinologia, soldadutzatik libratu edota txakurrak lapurtzeko metodoak interesatzen zaizkionak aurkituko du liburu honetan zertaz ase. Alferrik da osagaien kantitateez eztabaidatzea. Alferrik da osagai nagusia zein den erabakitzea, zeren, gehienetan, erabaki hori hartzean nor bere aurreiritzien menpe aurkitzen baita. Interesatzen zaigun osagaira zuzentzen dugu geure arreta, eta gero, lotsarik batere gabe osagai hori nagusi dela aldarrikatzen ausartu ohi gara.

        Umorea ardatz da eta krudeltasunik latzenak ere barre edo irribarrearen iragazkitik iristen zaizkigu, gehien bat Xveikek txitean-pitean eta solaskideen etsipenerako tartekatzen dituen pasadizoen bidez. Istorio tragikomikook tartekatzeko joera beste idazle txekiar batengan ere aurkitzen dugu: Bohumil Hrabalengan, zeinak sekula ez baitzuen Hašek-ekiko zorra ukatu. Areago, esan genezake Hrabalen pertsonaia ugari zeharo «hašektarrak» direla, eta haren zenbait ipuinek («Aitabitxia», kasu) Xveikek kontatutako pasadizoak diruditela, bai kontatzen denarengatik, bai kontatzeko moduagatik.

        Historia, umorea ez bezala, abiapuntu soila da: fikziozko gertaerak lehenengo Mundu-Gerrako benetako jazoerekin nahasiak dira: Sarajevoko hilketa; gerra-aldarrikapena; soldadu txekiarrek, gogoz kontra baina, inperio austro-hungariarraren armadan parte hartzea; etab.

        Testuinguru historiko hori aitzakia da garai zaharraren ustelkeria eta hondamendia islatzeko. Inperioa azkenetan dago, burokrazia eta zapalkuntzaren esku. Xveik soldadu ona, atalez atal, ibilbide etengabe bati lotzen zaio, hainbat erakunde gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen digularik: polizia (2. eta 5. kapituluetan), sendagileak (3., 4., eta 8.etan), armada (9.etik 15.era), auzi-erakundeak (9.ean), eta Eliza (9.etik 13.era).

        Ezin esan, ordea, Hašek-ek kritika sozial edo politiko zuzena egiten duenik: nahiago du parodiaren eremura jo. Izan ere, zentzugabekeriaren muturrera eraman baino ez du egiten errealitatean bertan zentzugabea dena. Halako munduan onik ateratzeko modu bakar bat bide dago: ergelarena egitea, alegia. Eta hortik datorkio Xveiki hain propio duen izaera. Alferrik baita zentzuduna izatea zentzurik ezak jotako mundu batean. Xveik, aurpegi ergela eta begi onberak jarri eta, salbu dago edozein arriskutatik, edozer esan dezake edonoren aurrean, zeren azkenean dena barkatuko baitzaio bere balizko ergeltasunari esker. Heroiak antiheroiari utzi dio leku, eta adoreari geldotasun ongi neurtua nagusitu zaio. Lexikoak ere hortik atera du etekinik: Txekiar Hizkuntzaren Eskuko Hiztegian «xveikatu» hitza aurki dezakegu, «zabar ibili», «pasiboki jarkitzeko ergel bihurtu» esangurarekin. Munduaren balio-eskala eta mundua bera hankaz gora daudenean, libre sentitzeko modu bakanetako bi zoroarena egitea da (On Kixotek egiten duen bezala) edo ergelarena egitea (Xveikek egiten duen bezala), baina itxurak hain trebeki egiten direnean baliteke duda egitea zoramen edo ergeltasun hori berariazkoa ote den. Eta, literaturaren onerako, duda hori ez zaigu inoiz argituko.

        Dakusagunez, ez dago aise jakiterik zein izan zen Hašek-en xedea liburu hau idazterakoan, eta bidezkoena dirudi xede-aniztasunean pentsatzeak. Badira, ordea, aniztasunik inon ere ikusten ez dutenak, Ivan Olbracht kasu, zeinak 1933ean adierazi baitzuen Xveik literatura proletario txekiarraren gorengo lana izan zela. Proletario asko ez da, egia esan, liburuan ikusten, baina egia da, guztiarekin ere, dela autorearen bizitzagatik, dela kritika marxistaren aldeko iritziagatik, ez zela liburuaren argitalpena behin ere debekatu 1948 eta 1989 arteko urteetan. Ezin gauza bera esan, ordea, bigarren Mundu-Gerrako urteez, zeren Bohemia inbaditu zuen armada naziak ez baitzituen, dirudienez, Xveiken ateraldiak oso gogokoak izan.

        Dena dela, Hašek-ek argi eta garbi azaltzen dizkigu lehen zati honen gibel solasean liburuaren xedeetako bi: garai baten irudi historikoa izatea eta herri hizkera literaturara ekartzea. Hizkuntza-aurreiritziek jotako jende tolesduna kritikatzera zuzendua dago bi helburuotako bigarrena. Idazle bat, baldin eta herri xumearen gorabeherak ekartzen baditu literaturaren eremura, behartuta dago, belarri fin batzuentzat «mingarri» gertatu arren, herri horren hizkera islatzera. Zeren ez baita bidezkoa tabernari baten ahoan goren mailako esaldi eta adierazpenak jartzea, esaterako, kontua ordaindu nahi ez duen mozkortiren bat kaleratu behar duenean. Hizkuntza-koherentzia honen mesedean, alboan utzi du autoreak literatura urrezko hitzez hornitzeko guraria.

 

        LAU ZATIAK

        Xveik soldadu onaren abenturak lau zati edo liburukitan banaturik daude: «Atzeguardian»; «Frontean»; «Jipoi sonatua»; «Jipoi sonatuaren jarraipena». Ikus dezakezunez, esku artean daukazun zatia lehendabizikoa da: «Atzeguardian».

        Zation izenburuei dagokienez, nahiko saltsa antzematen da, ez baitagozkie, ezta gutxiago ere, istorioen nondik norakoei. Egokitzat jo daitekeen bakarra lehendabizikoa da, Xveik ez baita atzeguardiatik ateratzen. «Frontean» deritzon bigarrenean, ordea, Xveiken errejimendua frontera abiatu ere ez da egiten. Hirugarrenaren izenburuarekin bi bitxitasun ageri dira: alde batetik, Hašek-ek, lehendabiziko zatiaren gibel solasean hurrengo zatien izenburuak aurreratzen dizkigunean, hirugarrena «Gatibu» deituko dela agintzen digu, eta, hortaz, ezustean harrapatuko gaitu zati horren benetako izenburua «Jipoi sonatua» izango dela jakiteak; bestetik, azken batean aukeratutako hau ere ez da batere egokia. Izan ere, errejimendua apenas iristen den Poloniara, oraino frontetik urruti. Kanoikadak ez ditugu entzungo harik eta Hašek-ek bukatzeke utzitako laugarren zatiaren bukaerara iristen garen arte.

        Izenburuen desegokitze honek badu, itxuraz, justifikagarririk: Hašek-ek izkiriatu ahala plazaratzen zituen Xveiken gorabeherak, koadernotxotan alegia, eta ez zitzaion erraz gertatu hasieratik bertatik izenburu bat jarri eta segidako koadernotxoetako pasadizoek izenburu horrekin bat egitea. Liburua izkiriatzen hasi aurretik egitasmo edo antzekoren bat izango zuen, bai, baina gero, istorioak bere bidea hartuko zuen nonbait, Hašek-ek amestu ere egingo ez zituen estratetatik barrena. Idazlea ez zen, beraz, egitasmo hori betetzeko gauza izan, eta eskertzekoa da, literatura batzuetan idazlearengandik aparte samar ere bizi daitekeela erakusten baitigu. Hainbat eta hainbat idazlek lelo bera ekartzen dute hizpidera: «Liburua idatzi aurretik asmo bat nerabilen, idaztean asmo hori pixkanaka-pixkanaka aldatu, eta idatzitakoan ohartu naiz hasieran uste ez bezalako liburu bat atera zaidala».

 

        AHOLKU BAT

        Eta bukatzeko, aholku txiki bat, liburua ulertzen lagun dezakeena: Praga aldera joanez gero, ez ahaztu «U kalicha» («Kaliza») tabernan sartu eta bertan erdi litroko nahi beste garagardo hartzea, Xveiki topa eginez. Zaude seguru Xveik soldadu onaren eta Palivets tabernariaren izpirituak hortik dabiltzala hegaka, nornahiri abegi eginez.

 

Karlos Cid Abasolo

 

 

 

© Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (I)" orrialde nagusia