LAUGARREN ZATIA

 

        Negua iritsia zen, negu gordin eta hezea, ia elurrik gabekoa; gau amaigabea, ilun eta lanbrotsua, haize fresko bolada xumeenik ere gabe aste osoan zehar. Kaleko lanpak ia egun osoan piztuta zeuden, eta hala ere jendeak elkarren aurka topatzen zuen lainoan. Hots guztiek, elizetako kanpai-hotsek, gurdi-zaldien kriskitinek, jendearen ahotsek, zaldien oin-hotsek, soinu guztiak moteltzen ziren dena estaltzen eta makaltzen zuen aire trinkoan. Asteak joan, asteak etorri, eta eguraldia ez zen batere aldatzen.

        Eta nik Vaterland aldean bizitzen segitzen nuen.

        Gero eta estuago lotuta nengoen ostatu hartara, nire pobrezia eta guzti ere hartu ninduen bidaiarientzako bizileku hartara. Dirua aspaldi agortua zitzaidan, baina ni etxe hartara joaten jarraitu nuen, horretarako eskubidea bainuen, hangoa bainintzen. Etxeko andreak oraindik ez zidan ezer esan; baina hala eta guztiz ere mindu egiten ninduen hari ordaindu ezinak. Horrela joan ziren hiru aste.

        Egun batzuk ziren idazten berrasia nintzela, baina ezinezkoa gertatzen zitzaidan atsegin nuen ezer idaztera iristea; zorteak baztertua ninduen, berdin zion ardura handiz gau eta egun saiatzea; hasten nuen dena alferrikakoa izaten zen, zortea joana zitzaidan, eta nire senperren guztiek ez zuten ezertarako balio izaten.

        Bigarren solairuko gela batean, ostatuko gelarik onenean, egiten nituen saio haiek. Hantxe segitzen nuen lehen egunean, gela ordaintzeko dirua neukanean, iritsi nintzenetik. Denbora guztian izan nuen gai bateaz edo besteaz artikulu bat prestatu ahal izango nuelako itxaropena, horrela gela eta neuzkan bestelako zorrak ordainduz; horregatik egiten nuen lan hain gogorki. Hasia neukan zati bat, itxaropen handiak nitueneko alegoria bat, liburu-denda baten suteaz, arreta handiz landu ondoren «Gomendaria»ri konturako ordainketa gisa eramango nion gogoeta sakona. «Gomendaria»k argi ikusi behar zuen oraingoan benetako talentudun bati lagundu ziola; ez nuen ezein zalantzarik hala gertatuko zela; inspirazioa etortzearen zain egon behar nuen soilik. Eta zergatik ez zitzaidan inspirazioa etorriko? Ezin al zitzaidan bada etorri edozein unetan, orduantxe bertan? Orain ez nituen arazoak; etxeko andreak janari pixka bat ematen zidan egunero, ogia gurinarekin goizean eta arratsean, eta nire urduritasuna ia desagertua zen. Jadanik ez nituen eskuak zapiez estaltzen idatzi behar nuenean, eta nire bigarren bizitzako leihoetatik kalera begira nezakeen zorabiatu gabe. Askoz hobeto sentitzen nintzen alderdi guztietan, eta harritzen hasi nintzen nire alegoria oraindik amaitu gabe izateaz. Ezin nuen haren arrazoia ulertu.

        Egun batean zein ahul bihurtua nintzen, nire buru-muinak zein baldar eta ezgai bilakatuak ziren ikusteko parada izan nuen. Egun hartan etxeko andrea etorri zitzaidan mesedez begirada bat botatzeko eskatu zidan faktura batekin; hutsegiteren bat egon behar zuen, esan zidan, ez baitzetorren bat bere liburuarekin; baina berak ezin zuen akatsa non zegoen antzeman.

        Kalkuluak egiteari ekin nion; etxeko andrea aurrean eserita zegoen, niri begira. Hogei partida haiek gehitu nituen, lehenbizi goitik behera, gehitzea ondo aurkituz, gero behetik gora emaitza berera iritsiz. Andreari begiratu nion, hura ere niri begira zegoen, nire hitzen zain; segituan jabetu nintzen haurdun zegoela, nire oharmenak ezin izan zuen hura ekidin, nahiz eta nire begirada batere arakatzailea ez izan.

        «Gehitzea ondo dago», esan nion.

        «Ez, egiazta itzazu zifra guztiak», erantzun zidan. «Ezin da honenbeste izan; ziur naiz horretaz».

        Eta partida bakoitza berrikusten hasi nintzen: 2 ogi 25eko, lanpa-kristala 18, xaboia 20, gurina 32... Ez zen beharrezkoa oso buruargi izan zenbaki zutabe haiek, ezein konplexutasunik gabeko dendari kontu txiki hura, aztertzeko, eta prestuki ahalegindu nintzen andreak aipatzen zuen akats hura bilatzen, baina ez nuen aurkitu. Zenbaki haiekin gora eta behera minutu batzuk neramatzanean, zoritxarrez buruan dena dantzan hasten zitzaidala sumatu nuen; ez nuen jada zorraren eta hartzekoaren artean bereizten, dena nahasten nuen. Azkenik ondoko partidan gelditu nintzen bat-batean: «31 gazta 16ko». Burmuina ziplo hustu zitzaidan, gaztari begira geratu nintzen, begirada tentela aldendu ezinik.

        «Hori zenbakiak idazteko era madarikatua!», esan nuen etsita. «Ez dute bada bost hamaseiren gazta idatzi. Je-je, egundoko horrelakorik! Begira, zeuk ikus dezakezu!»

        «Bai», erantzun zidan etxeko andreak, «horrela idazten dute». Bola-gazta da eta. Bai, ondo dago! Bost hamaseiren bi ontza t'erdi dira...

        «Bai, hori ulertzen dut!», eten nion, errealitatean tutik ere ez ulertu arren.

        Hilabete bat lehenago minutu eskas batean burutuko nukeen kalkulu xume hura egiten saiatu nintzen berriz; izerdi patsetan nengoen, zenbaki misteriotsu haietaz nire indar guztiez pentsatzen, eta pentsakor kliskatzen nituen begiak, arazoa zorrozki arakatzen arituko banintz bezala; baina amore eman behar izan nuen. Bi ontza t'erdi gazta haiek zeharo lur jota utzia ninduten; buruan zerbait hautsi balitzait bezala zen.

        Oraindik gehiketa aztertzen ari nintzela itxura ematearren, ezpainak mugitzen nituen, eta aldian behin zenbakiren bat esaten nuen ozenki, fakturari goitik behera begiratzen nion artean, oraindik aurrera segitzen eta ia amaitzeko bainengoen. Etxeko andrea eserita zegoen zain. Azkenean esan nion:

        «Hara, goitik behera begiratu dut eta nik ikusten dudanez ez dago inongo hutsik».

        «Ez?», erantzun zidan, «ez dago hutsik?» Baina argi nekusan ez zidala sinesten. Eta itsumustuan bere hitzei halako mesprezuzko doinua gaineratzen ziela iruditu zitzaidan, inoiz entzuna ez nion kutsu ezaxolati batez mintzatzen zela. Esan zidan agian ez nengoela hamaseirenekin kalkuluak egitera ohituta; esan zidan ere horretaz zekien norbaitengana jo beharko zuela faktura behar bezala aztertua izateko. Ez zidan guzti hau modu samingarrian esan, ni lotsarazteko, ondo pentsatuz eta zinez baizik. Atera joan eta irteteko zegoenean zera esan zidan, begiratu gabe:

        «Ba barkatu eragozpena!»

        Joan egin zen.

        Geroxeago atea ostera ireki eta etxeko andrea berriro sartu zen; ezin izan zen pasabidetik harantzago joan bira egin aurretik.

        «Egia da!», esan zidan. «Ez zaitez haserretu, baina ez al didazu zerbait zor? Atzo ez al ziren hiru aste bete etorri zinenetik? Bai, hori da. Honen familia handia duzunean ezin diozu inori zorretan bizitzen utzi, tamalez...»

        Geldiarazi egin nuen.

        «Lehenago ere aipatu dizudan artikulu bat idazten ari naiz», esan nion, «eta burutzen dudan bezain laster izango duzu zeure dirua. Lasai egon zaitezke».

        «Bai, baina badirudi ez duzula artikulua inoiz burutuko, ez?»

        «Hori uste al duzu? Inspirazioa ziur aski bihar etorriko zait, edo beharbada gauean bertan; ez litzateke batere harritzekoa izango gaur gauean etortzea, eta orduan artikulua gehienera jota ere ordu laurden batean bukatua izango dut. Aizu, nire lana ez da beste jendearena bezalakoa; ni ezin naiz eseri eta egunean kopuru finko bat egin, une egokiaren esperoan egon behar izaten dut. Eta ezin du inork esan inspirazioa noiz etorriko zaidan; bere kasa etorri behar du».

        Etxeko andrea irten egin zen. Baina niregan zuen konfiantza oso kili-kolo zegoela zirudien.

        Bakarrik geratu nintzenean jauzi batez zutitu eta etsiak jota ileak erauzteari ekin nion. Ez, ez zegoen niretzat salbabiderik, ezein salbabiderik ez! Buru-muinek porrot egina zidaten! Zer gertatzen zitzaidan, bola-gazta zatitxo baten balioa kalkulatzeko gai ez izateraino tenteldua al nintzen? Edota sena galdua ote nuen neure buruari horrelako galderak egiten aritzeko? Ez al nintzen bada argiro ohartu, fakturarekin ahaleginetan ari nintzen bitartean, etxeko andrea haurdun zegoela? Hura jakiteko arrazoirik ez nuen, ez zidan hartaz inork ezer esan, eta ez zitzaidan besterik gabe otu; neure begiez ikusi nuen, eta berehalakoan ulertu, gainera etsipenezko une batean, zeinean hamaseirenekin kontuak egiten ari nintzen. Nola azal nezakeen hura?

        Leihora joan eta kanpora begiratu nuen; Orgarien kalera ematen zuen. Lauzen gainean haur batzuk jolasetan ari ziren, txiro jantzitako haurrak kale txiroan; botila huts bat botatzen zioten batak besteari garrasien artean. Etxaldaketa-gurdi bat pasatu zitzaien astiro ondotik; etxea utzarazitako familia izango zen, alda-garaiaz kanpo etxebizitzaz aldatzen. Hori pentsatu nuen une hartan. Gurdian zeutzan ohe-jantziak eta mobleak, pipiek jandako ohe eta komodak, gorriz pintatutako aulkiak hiru hankekin, oin-tapizak, burdin eta latorrizko sukalde trasteak. Neskato bat, ia haur bat, oso itsusia eta sudurretik mukiak zerizkiola, zihoan zamaren gainean, moretutako eskutxo haiekin edozeri helduz ez erortzeko. Haurrek lo egindako koltxoi izugarri eta heze batzuen gainean zihoan eserita, eta beren artean botila hutsa botatzen ari ziren haurrei begiratu zien...

        Hau dena ikusten egon nintzen, eta ez nuen ezein zailtasunik izan gertatzen zena ulertzeko. Leiho ondoan guzti honi behatuz nengoen bitartean etxeko andrearen neskamearen ahotsa aditu nuen nire gelako alboan zegoen sukaldean kanta-kantari; ezagutzen nuen abesten ari zen kanta, eta adi entzun nuen ea gozakaizten zuen igartzeko. Eta neure buruari esaten nion guzti hori ezin zuela tentel batek egin; Jainkoari esker, beste edonor bezain zentzuduna nintzen.

        Bat-batean kalean zeuden haurretako bi haserretzen hasten zirela ikusi nuen; ezagutzen nuen bata, nire etxeko andrearena zen. Leihoa irekitzen dut, elkarri zer esaten dioten entzuteko, eta segituan haur mordo bat pilatzen da leiho azpian, gorantz irrikaz begira. Zer espero ote zuten? Norbaitek zerbait jaurtikitzea? Lore lehorrak, hezurrak, zigarrokinak, murtxika zezaketen edo jolasteko erabil zezaketen beste edozer? Hotzak moretutako aurpegi haiek nire leihorantz altxatzen zituzten, begiak zabal-zabalik. Bitartean bi arerioek elkarri erriertan segitzen dute. Haur aho haiei munstro eskerga hezeak bezalako hitzak darizkie, izen-gaitz izugarriak, agian kaialdean ikasitako urdangen hitzak eta itsasgizonen biraoak. Eta hain buru-belarri ari dira horretan ez direla konturatzen etxeko andrea korrika doakiela sesioaren arrazoia jakitera.

        «Bai», ari zaio azaltzen semea, «eztarritik heldu dit; luzaro egon naiz arnasa hartu eginik!» Eta maltzurkeriaz irribarre egiten ari zaion mukitsuarengana jiratuz, arras suminduta oihukatzen dio: «Hoa infernuko garretara, astazakil halakoa! Jendeari eztarritik heltzen iaioa haiz, putakume hori! Harrapatzen bahaut jo eta...!»

        Eta amak, kale mehar osoa bere sabelaz betetzen duen emakume haurdun hark, hamar urteko haurrari erantzuten dio, besotik heldu eta etxera arrastaka eramaten saiatzen den artean:

        «Iso! Hago isilik! Hara bestea, hi ere biraoka! Putetxean urteak eramango bahitu bezala hitz egiten duk! Tira, segi barrura!»

        «Ez, ez dut nahi!»

        «Horixe bada sartuko haizela!»

        «Ez, ez dut gogorik!»

        Nire leihotik amaren sumina areagotzen doala ikusten ari naiz; eszena desatsegin hark neure onetik ateratzen nau, ezin dut gehiago jasan, eta mutikoari oihukatzen diot une batez niregana igotzeko. Birritan oihukatzen dut, batez ere haiek eteteko, eszena hura eteteko; bigarren aldian oso ozenki oihukatzen dut, eta ama harriduraz jiratu eta gora begiratzen du. Eta une berean lasaitu, begirada gaiztoa bidaltzen dit, benetan harrokeriazko begirada, eta bere semeari azken errierta eginik sartzen da barrura. Ozenki hitz egiten du, nik entzuteko moduan, eta esaten dio:

        «Fu, lotsa eman beharko liake jendeak nolakoa haizen jakiteak!»

        Ikusten ari nintzen guzti honetatik ez nuen ezertxo ere galtzen, ezta zertzeladarik xumeena ere. Oharmena erabat esna neukan, gauzatxo guztiak zurrupatzen zituen, eta gauzak gertatu ahala haien gaineko iritzia eratuz nindoan. Beraz ezinezkoa zen sena aztoratua edukitzea. Eta zergatik eduki behar nuen aztoratua?

        Adiak, badakik zer?, esan nuen bat-batean, luzaro ibili haiz heure senaz arduratuta, horri buruz kezkatuta; amaitu egin behar duk tentelkeria horiekin! Eromenezko zeinua al da gauzak hik bezain zehatz-mehatz ikustea eta heureganatzea? Ia barregura ematen didak, benetan diosat, nire ustez barrez lehertzekoa duk. Hitz gutxitan, mundu guztiari gertatzen zaiok arazo batekin trabatuta geratzea noiz edo noiz, eta hori gauza sinpleenekin. Horrek ez dik ezer esan nahi, kasualitate hutsa duk. Esan bezala, hitaz egundoko algarak egiteko zorian nagok. Eta dendariaren fakturari dagokionez, behartsuen gazta horri —nola esan behar zaio bestela barruan iltze-belarra eta piperrautsa daraman gaztari, je, je—, bost hamaseiren ziztrin horiei dagokienez, trebeenari ere gerta zekiokeen horretan nahasia suertatzea; gaita horren usain hutsak gizon bat suntsi dezake... Eta iseka galanta egin nion bola-gaztari... Ez, niri jangarria den zerbait eman!, esaten nuen, eman hala nahi baduk bost hamaseiren gurin fresko! Hori beste zerbait duk!

        Barre egin nuen nerbiotsuki neure ateraldiez, erabat barregarriak aurkituz. Ez zidan ezertxok ere huts egiten, nire buruari ez zitzaion ezer gertatzen.

        Bozkarioa areagotzen joan zitzaidan, gelan barrena ibiltzen eta neure buruarekin solasean hasten nintzen artean; ozenki barre egiten nuen eta izugarri alai sentitzen nintzen. Bazirudien ere une alai haren premia neukala, inolako kezkarik gabeko memento argi eta pozgarri bat behar nuela neure burua lan egiteko egoeran jartzeko. Mahaira eseri eta neure alegoriari ekin nion. Eta oso ongi joan zitzaidan, aspaldiko partez baino hobeto. Ez nindoan oso bizkor, baina ateratzen nuen gutxi hura oso ona iruditzen zitzaidan. Ordu bete inguru arituko nintzen lanean, inoiz nekatu gabe.

        Orduan liburu-denda baten suteari buruzko alegoria horren oso puntu garrantzitsu batean nago; hain iruditu zitzaidan garrantzitsu ordura arte idatzia neukana, gainerakoak haren ondoan ez zuela ezertarako balio. Gogoeta benetan sakona eratu nahi nuen, hots ez zirela liburuak su hartzen zutenak, garunak baizik, giza garunak, eta benetako San Bartolomeren gaua egin nahi nuen erretzen ziren garun haietaz. Orduan bat-batean atea arrapataka ireki eta etxeko andrea sartu zen. Gelaren erdiraino sartu zen, ez zen atarian gelditu ere.

        Oihutxo erlats bat egin nuen; kolpe bat eman balidate bezala izan zen.

        «Zer?», esan zidan. «Zerbait esaten zenuela iruditu zait. Bidaiari bat etorri zaigu eta gela hau behar dugu harentzat. Gaur gauean lo egingo duzu; bai, han ere izango duzu ohea». Eta nire erantzunari itxaron gabe, mahaiaren gainean nituen paperak biltzen hasi zen, edozein modutan eta denak nahasiz.

        Nire aldarte ona banitua zen, haserre eta etsita nengoen eta zutitu egin nintzen. Mahaia biltzen utzi nion ezer esan gabe; ez nion txintik ere esan. Eta eskuan jarri zizkidan paper guztiak.

        Niretzat ez zegoen beste ezer egiterik, gela utzi beharko nuen. Orain ere hondatua zitzaidan nire une baliotsu hura! Eskaileretan topatu nuen bidaiari berria, eskuetan aingura gurutzatu urdin handiak zeramatzan gazte bat; haren atzetik zamakaria zetorren, sorbaldan kutxa eskerga zeramala. Arrotza itsasgizona bide zen, ziur aski gau bakarrerako geratuko zena; ez nuen uste gela denbora gehiagoz hartuko zidanik. Agian zortea izango nuen biharamunean, gizona joana zenean, eta lanerako giro ona berreskuratuko nuen; orain bost minutu soileko inspirazioa besterik ez nuen behar, eta suteari buruzko lana bukatuta egongo zen. Tira bada, patuaren aurrean makurtu beharko nuen...

        Ez nintzen inoiz familiaren egongelan —denok, senarra, emaztea, emaztearen aita eta lau haur gauez eta egunez bizi ziren gela handi hartan— egon. Neskamea sukaldean bizi zen, eta bertan egiten zuen lo gauez. Atera hurbildu nintzen gogo handirik gabe, eta jo egin nuen; ez zuen inork erantzun, barruan ahotsak entzun banituen ere.

        Gizonak ez zuen hitzik ere esan ni sartzean, ezta nire agurrari erantzun ere; ezaxolazko begirada bidali zidan besterik gabe, berarentzat garrantzirik ez banu bezala. Kartetan ari zen kaialdean ikusia nuen pertsona batekin, «Leihatila» esaten zioten zamakari batekin. Haurtxo bat bere buruarekin hizketan ari zen ohean, eta agurea, etxeko andrearen aita, kukubilduta zegoen diban batean, burua eskuen gainean makurtuta, bularrak edo urdailak min egingo balio bezala. Ilea ia zuria zuen eta jarrera kukubildu hartan harrapakinaren zain dagoen narrasti konkortu bat zirudien.

        «Gauerako ohea eskatzera natorkizu zoritxarrez», esan nion gizonari.

        «Emazteak esan al dizu?», galdetu zidan.

        «Bai. Gizon berri bat etorri da nire gelara».

        Honen aurrean gizonak ez zuen ezer erantzun; kartetan segitzeari ekin zion.

        Horrela egoten zen gizon hura egunak joan, egunak etorri, beregana zihoan edonorekin kartetan, baina ezer jokatu gabe, denbora igarotzen laguntzeko eta bide batez eskuen artean zerbait edukitzeko. Horretaz aparte ez zuen ezer egiten, ez zen bere atal nagiek nahi zuten baino gehiago mugitzen, emaztea eskaileretan gora eta behera jardun, guztiaren ardura hartu eta bezeroak erakartzen zituen bitartean. Kaietako alproja eta zamakariekin ere harremanak zituen etxeko andreak; sari bat ematen zien ekartzen zioten maizter bakoitzarengatik, eta askotan baita gauerako aterpea eskaini ere. Oraingoan «Leihatila»k ekarria zuen bidaiari berria.

        Haurretako bi sartu ziren, bi neskatila aurpegi mehe eta pekatsuekin; benetan zarpailki jantzita zeuden. Haien atzetik etxeko andrea sartu zen. Galdetu nion ea non igaro behar nuen gaua, eta lazki esan zidan han barruan etzan nintekeela besteekin batera, edo kanpoan, ezkaratzeko sofaren gainean, egokien irizten nion lekuan. Hau erantzuten zidan bitartean gelan batetik bestera zebilen gauza desberdinak beren lekuetan jartzen, niri behin ere begiratu gabe.

        Haren erantzunak lur jota utzi ninduen, ate ondoan geratu nintzen kuzkurtuta, eta gau batez gela beste bati uzteak axola ez zidalako itxura ere egin nuen; aurpegi lagunkoia jarri nion, asaldatu eta etxetik erabat bidal ez nintzan. «Tira, moldatuko naiz!» esan nion, eta gero isildu egin nintzen.

        Andreak oraindik ziharduen gelako gauzak atontzen.

        «Esan behar dizut, gainera, ezin naizela jendeari mantenua eta ohea zorretan ematen ibili», esan zidan. «Gainera lehenago ere esana dizut».

        «Bai, noski, baina artikulua bukatzeko behar dudan egun parea igaro arte da bakarrik», erantzun nion, «eta orduan gustura emango dizut bost koroako estra, atseginez».

        Baina argi zegoen ez zuela inolako federik nire artikulu hartan, begi-bistakoa zen. Eta ezin nion neure buruari utzi harrotasuna zela eta etxe hartatik joaten irain xume batengatik; ondotxo nekien zerk espero zidan handik alde egiten banuen.

 

 

        Egun batzuk iragan ziren.

        Handik aurrera familiarekin bizi izan nintzen ezkaratzean berogailurik ez eta hotzegi zegoelako; gauez ere haien egongelan egiten nuen lo, zoruaren gainean. Itsasgizon arrotzak nire gelan segitzen zuen eta ez zirudien handik aurki alde egiteko asmoa zuenik. Eguerdian etxeko andrea sartu zen hilabete oso bat aldez aurretik ordaindua ziola esaten. Izan ere, pilotu azterketa gainditu behar zuen itsasoratu aurretik; horregatik segitzen zuen hirian. Hau entzun nuenean gela betirako galdua nuela ulertu nuen.

        Ezkaratzera irten eta eseri egin nintzen; ezer idazteko zortea banuen han gertatu beharko zuen, isiltasunean. Zegoeneko alegoriak ez ninduen kezkatzen; ideia berria bururatua zitzaidan, plan benetan bikaina: ekitaldi bakarreko drama idatziko nuen, «Gurutzearen Zeinua», Erdi Aroan kokatuta. Pertsonaia nagusiari zegokion guztia pentsatua neukan, emagaldu fanatiko eta zoragarria zen, tenpluan bekatu egina zuena, ez ahulkeria edo desiragatik, zeruaren aurkako gorrotoak bultzatua baizik; aldarearen oinean bekatu egina zuen, aldare-zapiaren gainean, zeruarekiko mesprezu eder batek bultzatua.

        Orduak iragan bezala, pertsonaiak gero eta harrapatuagoa nindukan. Azkenean argiro ikusten nuen, nire begien aurrean haragitu bailitzen, neronek eman nahi nion tankera hartuz. Gorputz akastuna eta higuingarria izan behar zuen: garaia, oso argala eta beltzaran samarra, eta ibiltzean soineko gardenak haren zango luzeak agerian utzi behar zituen ematen zuen urrats bakoitzean. Belarri handi eta gailenak izan behar zituen ere. Labur esanda, ez zen bistarako atsegingarria izango, hari begiratzea ia pairaezina bihurtuko zen. Harengan interesatzen zitzaidana lizunkeria miresgarri hura zen, propio burutua zuen bekatu haren etsipenezko kalitatea. Egia esan gehiegi kezkatua nindukan; itxuragabeko pertsona bitxi hark buru-muinak gainezka uzten zizkidan. Eta bi ordu oso segidan aritu nintzen nire drama idazten.

        Zailtasun handiz eta tarteka-marteka alferrikako saio askoren ostean txikitu behar izaten nituen orrialde ugari bete ondoren hamar edo agian hamabi bat orrialde prest izan nituenean nahiko nekatuta nengoen, hotzak eta nekeak gogortuta, eta altxatu eta kalera irten nintzen. Azken ordu erdi hartan familiaren gelatik zetozen haur garrasiek ere dezente aztoratua ninduten, beraz nolanahi ere ez nintzatekeen gehiago idaztera iritsiko. Hortaz pasiera luzea egin nuen Drammenvej-eraino eta kanpoan egon nintzen arratsera arte, betiere nire dramari nolako jarraiera emango nion pentsatuz. Egun hartan etxera heldu baino lehen ondokoa jazo zitzaidan:

        Karl Johango behealdean, ia Tren Geltokiaren Enparantzan, oinetako denda baten aurrean nengoen. Jainkoak daki zergatik gelditu nintzen oinetako denda haren aurrean! Erakusleihoetara begiratu nuen, baina une hartantxe zapatak behar nituela pentsatu ere gabe; gogoa oso urruti nuen, beste mundu batean. Nire atzetik jende mordo bat pasatzen zen elkarrizketan, eta ez nuen esaten zuten ezer entzuten. Orduan ahots batek agurtzen nau ozenki:

        «Gabon!»

        «Andereñoa» zen diosaltzen zidana.

        «Gabon!», erantzun nion adigabe. Une batez begiratu behar izan nion «Andereñoa»ri antzeman arte.

        «Zer...? Nola doakizu?, galdetu zidan.

        «Primeran... beti bezala!»

        «Aizu», esan zidan, «oraindik Christierekin ari zara lanean, ezta?»

        «Christierekin?»

        «Ez al zenidan behin esan Christie enpresa askokarian zeundela kontulari gisa?»

        «Aa...! Ez, ez, hura amaitu zen. Gizon harekin lan egitea ezinezkoa zen; elkarlana oso laster utzi behar izan nuen.

        «Baina zergatik?»

        «Zera, egun batean zerbait gaizki idatzi nuen eta...»

        «Faltsutu?»

        Faltsutu? «Andereñoa»k argi eta garbi galdetzen zidan ea iruzurra egina nuen. Presaka galdetzen zidan, interes handiarekin. So egin nion, saminduta, eta ez nion erantzun.

        «O, tira, Jainkoa, hori hoberenari ere gerta dakioke!», esan zidan kontsolatu nahian. Oraindik uste zuen zerbait faltsutua nuela.

        «Zer da "O, tira, Jainkoa, hori hoberenari ere gerta dakioke"en hori?», galdetu nion. «Iruzur egitea? Entzun, adiskide, benetan uste duzu horrelako zitalkeria egin nezakeela? Nik?»

        «Baina aizu, iruditu zait argi entzuten nizula esaten...»

        «Ez, esan dizut behin zerbait gaizki idatzi nuela, zenbaki bat, xumekeria bat; jakin nahi baduzu, gutun baten data oker idatzi nuen, horra: lumakada oker bat, hura izan zen nire delitu bakarra. Ez, Jainkoarren, oraindik badakit zuzena okerretik bereizten! Zer egin behar nuen neure prestutasuna zikintzen banenbilen? Oraindik hondoratu ez banaiz nire prestutasunari esker izan baita. Eta nahiko sendoa izatea espero dut; egundaino behintzat ondo babestu nau».

        Burua atzeratu nuen, «Andereñoa»rengandik aldendu eta kalean behera begiratu nuen. Begia hurbiltzen ari zitzaigun soineko gorri batean ipini nuen, gizon baten alboan zihoan emakume batengan. «Andereñoa»rekin elkarrizketa hura izan ez banu, haren errezelo lotsagabeak samindu ez banindu, eta burua atzera eraman ez banu, irainduta sentituz aldendu ez banintz, apika oharkabean pasatuko zitzaidakeen soineko gorri hura. Baina niri zer axola zitzaidan funtsean? Zer axola zitzaidan erreginaren dama zen Nalsen andereñoarena bazen ere?

        «Andereñoa» hizketan jarraitzen zuen, bere hanka-sartzea emendatu nahian; nik ez nion entzuten ere, denbora guztian kalean gora zetorren soineko gorri hari begira egon nintzen. Eta mugimendu batek zeharkatu zidan bularraldea, ziztada irristakor eta fin batek; neure baitan xuxurlatu nuen, ezpainak mugitu gabe:

        «Ilaiali!»

        Orain «Andereñoa» ere jiratu zen, andrea eta gizona ikusi zituen, agur esan eta begiez segitu zituen. Nik ez nuen agur esan, edo beharbada ustekabean agurtu nuen. Soineko gorria Karl Johanen gora labaindu zen, eta gero desagertu.

        «Nor zihoan neskarekin?», galdetu zuen «Andereñoa»k.

        «Dukea, ez al duzu ikusi? «Dukea» esaten diote. Dama ezagutzen al zenuen?»

        «Bai, pixka bat. Zuk ez al zenuen ezagutzen?»

        «Ez», erantzun nion.

        «Oso adeitsuki agurtzen zenuela iruditu zait». «Bai?»

        «Je, ez al duzu adeitsuki agurtu?», esan zuen «Andereñoa»k. «Bai gauza xelebrea! Gainera zuri begira egon da denbora osoan».

        «Nondik ezagutzen duzu?», galdetu nion.

        Egia esan, ez zuen ezagutzen. Dena udazkeneko gau batetik zetorren. Berandu zen, hiru lagun alai ziren, Grand Hoteletik atera berriak; Cammermeyer-enetik bakarrik ibiltzen ikusi zuten eta hitz egin zioten. Hasieran ez zien jaramonik egin; baina gazte alaietako batek, ezeri beldur ez zion gizonak, galdetua zion aurrez aurre ea zibilizazio-atsegintzat hartzen zuen etxeraino laguntzea permetatua izango zitzaion. Ez zion buruko ile bakar bat zimurtuko alajainkoa, eta etxeraino salbu iristen zela segurtatzea besterik ez zen bere asmoa, bestela ezingo baitzen gau osoan lokartu. Gelditu gabe hitz egin zion ibili ahala, gauzak elkarren segidan asmatzen zihoan, izena Waldemar Atterdag zuela esan zion, eta argazkilari gisa aurkeztu zuen bere burua. Azkenean damak amore eman behar izan zuen bere hoztasunaren gainetik pasatzen jakin zuen gazte alai haren aurrean, eta etxeraino laguntzen utzi.

        «Hara, eta zer gertatu zen gero?», galdetu nion, arnasa luzaro eutsiz.

        «Gertatu? A, ez gaizki pentsatu! Dama bat da».

        «Andereñoa» eta biok isilik geratu ginen une batez.

        «Hara, «Dukea» alajaina! Itxura hori al du?», esan zuen pentsakor. «Ba gizon horrekin baldin badabil ez dut damai erantzuten».

        Isilik segitu nuen. Jakina, «Dukea»k eraman egingo zuen! Zalantzarik gabe! Eta niri zer axola zitzaidan? Pikutara bidalia nuen, hura eta haren xarmak, bai horixe pikutara bidalia nuela! Eta neure burua kontsolatzen saiatu nintzen hari buruz gauza okerrenak pentsatuz, benetako atsegina hartzen nuen hura lokatzean arrastaka eramaten. Gauza batek haserretzen ninduen baina, bikotearen aurrean kapela erantzi izana, hau da, benetan erantzia banuen. Zergatik erantzi behar nuen kapela horrelako jendearen aurrean? Ez zitzaidan axola, zera hura ez zitzaidan batere axola; orain ez zen batere polita, argaldua zen, uf, zein higatuta zegoen! Baliteke, bai, niri begiratzea, ez ninduke harrituko; beharbada damu izaten hasia zen. Baina hori ez zen haren oinetara amildu eta pailazoa bezala agurtzeko nahiko arrazoia, batik bat azkeneko alditik hona hain larriki higatu izan ondoren. «Dukea»k eraman zezala, eta on egin ziezaiola! Irits zitekeen eguna non haren ondotik harrokiro pasatuko nintzen begiratu ere egin gabe. Gerta zitekeen portaera hori azaltzea, nahiz eta hark niri tinko so egin eta gainera odola bezain gorria zen soinekoa eraman. Aise gerta zitekeen! Je-je, a zer nolako garaipena izango zen! Neure burua ongi ezagutzen banuen, drama gau hartan amaitzeko gai izango nintzen, eta zortzi egun barru andereñoa umilarazia izango nuen. Bere xarmekin batera, je-je, bere xarmekin batera...

        «Agur!», esan nuen laburki.

        Baina «Andereñoa»k geldiarazi egin ninduen. Galdetu zidan:

        «Eta zertan ari zara une honetan?»

        «Zertan? Idazten, noski. Zertan arituko naiz bada? Ni horretaz bizi naiz. Une honetan drama handi baten gainean ari naiz lanean, «Gurutzearen Zeinua», Erdi Aroan kokatuta».

        «Ez da egia izango...!», esan zuen «Andereñoa»k zintzoki. «Beraz amaitzen duzunean...»

        «Horrek ez nau gehiegi kezkatzen!», erantzun nion. «Zortzi bat egun barru mundu guztiari nitaz entzungo diozu». Eta hau esanda joan egin nintzen.

        Etxera heldu nintzenean zuzenean joan nintzaion etxeko andreari lanpa bat eske. Niretzat garrantzi handikoa zen lanpa hura lortzea; gaur ez nintzen oheratuko, drama burutik zebilkidan eta goizera arte zati handi bat idatzi ahal izatea espero nuen. Apal-apal aurkeztu nion eskaera andreari, ostera gelara nentorrela ikusiz muzin egin zidanean. Ia burutua nuen drama berezi bat, esan nion; eszena pare bat besterik ez zitzaidan geratzen, eta antzokiren batean nik neuk jakin baino lehen antzeztuko zutela adierazi nion. Mesedea egingo balit...

        Baina etxeko andreak ez zeukan lanparik. Pentsatzen egon zen, baina ezin zuen oroitu inon ezein lanpa zeukanik. Hamabiak arte itxaron nahi banuen, agian sukaldeko lanpa eraman ahal izango nuen. Zergatik ez nuen kandela erosten?

        Isildu egin nintzen. Ez neuzkan kandela erosteko hamar ore, ondotxo zekien berak. Jakina, oraingoan ere porrot egingo nuen! Neskamea gurekin zegoen, gure gela berean zegoen eta ez sukaldean; beraz sukaldeko lanpa ez zegoen piztuta ere. Eta honen gainean hausnartu nuen, baina ez nuen ezer gehiago esan.

        Bat-batean neskameak esaten dit:

        «Gaztelutik zentozela iruditu zait. Han afaltzen egon al zara?» Eta ozenki barre egin zuen txantxaren kontura.

        Eseri nintzen, paperak atera eta bitartean hantxe bertan zerbait idaztea erabaki nuen. Orrialdeak belaunen gainean nituen eta zoruari begira jarri nintzen ezerk adigabetu ez nintzan; baina alferrikakoa izan zen, dena alferrikakoa zen, ezin nuen aurrera segitu. Etxeko andrearen bi neskatilak sartu ziren eta iskanbila galanta egin zuten katu batekin, handik zebilen ia ilerik gabeko katu xelebre batekin; begietan putz egiten ziotenean ura sortzen zitzaien, gero sudurrean behera jaitsiz. Nagusia beste batzuekin kartetan ari zen mahai gainean. Emaztea zen, beti bezala, zerbait egiten zuen bakarra, eta josten ari zen. Ondo ikusten zuen zarata harekin ezinezkoa zitzaidala ezer idaztea, baina ez bide zitzaion gehiegi axola; are gehiago, irribarre egina zuen neskameak kanpoan afaltzen egona al nintzen galdetu zidanean. Etxe osoa arerio bihurtua zitzaidan; bazirudien beste bati gela utzi behar izateak suposatzen zuen laidoa arrotza bainintzen tratatzeko eskubidea ematen ziela. Neskameak ere, kaleko neskato begi marroidun hark, kopeta-ilea eta bular zeharo laua zuen hark ere irri egiten zidan arratsetan ogia gurinarekin ematen zidanean. Etengabe galdetzen zidan ea non afaltzeko ohitura nuen, ez baininduen inoiz ikusi ahoan txotxa neramala Grand Hoteletik irteten. Argi zegoen nire egoera penagarriaren berri zuela eta hura gogorarazteak atsegin egiten ziola.

        Guzti honetaz pentsatzen hasten naiz eta bat-batean ez naiz nire dramaren lerro bat ere idazteko gauza. Behin eta berriz saiatzen naiz alferrik; burrunba bitxi bat hasten zait buruan eta azkenean amore ematen dut. Paperak patrikan sartu eta begirada jasotzen dut. Neskamea nire aurrean dago eserita, eta begira geratzen natzaio, bizkar mehe eta oraindik hazi gabeko soin erori haiei begira. Zergatik sartzen zen nirekin? Gaztelutik atera nintzela? Eta zer? Kalte egiten al zion? Azken egun haietan irri egina zidan zoritxarrez eskaileretan estropezu egin nuenean edo iltze handi batekin krokatu eta jakan dzarrast egin nuenean. Atzo bertan gertatua zitzaidan ezkaratzean utzitako zirriborroak, nire dramaren zati baztertu haiek, bildu eta egongelan denon aurrean irakurriak zituela, nitaz iseka egitearren. Nik ez nuen inoiz iraindu, eta ezin nuen oroitu sekula mesederen bat eskatu izana. Alderantziz, gauero ohea atontzen nuen egongelako zoruan hari lana kentzearren. Irri egiten zidan ere ilea galtzen ari nintzelako. Goizetan azpileko urean ileak egoten ziren eta adarra jotzen zidan harengatik. Zapatak ere hondatu samarrak nituen, batez ere okindegiko gurdiak zapaldua zidana, eta haietaz ere barre egin behar zuen. Jainkoak bedeinka zaitzala, zu eta zure zapatak!, esaten zidan; begiraiezu, erabat handituak dauzkazu! Eta egia zen, zapatak gastatuak neuzkan, baina une hartan ezin nituen berriak erosi.

        Guzti honetaz pentsatzen nagoen bitartean, neskamearen gaiztakeriaz txundituta, bi neskatilak ohean etzanda zegoen agurea zirikatzen hasiak ziren; haren inguruan saltoka zebiltzan, beren zereginean buru-belarri. Lasto bana zeukaten, eta belarrian sartzen zioten. Puska batean egon nintzen begira, hartan nahasi gabe. Agureak ez zuen hatz bat ere mugitzen bere burua defendatzeko; haserre begiratzen zien bere torturatzaileei zirikatzen zuten bakoitzean, eta burua astintzen zuen askatzeko lastoak belarrietan zituenean.

        Gero eta asaldatuago nengoen ikuskizun haren aurrean, begiak handik aldendu ezinik. Aitak begirada kartetatik altxatu eta barre egin zien haurren bihurrikeriei; bere jolaskideei ohartarazi zien gertatzen ari zenaz. Eta agurea zergatik ez zen mugitzen? Zergatik ez zituen besoez aldenarazten? Urrats bat aurreratu nintzen oherantz.

        «Utz itzazu! Utz itzazu bakean! Elbarria da», oihukatu zuen nagusiak.

        Eta gauean kale gorrian jarria izatearen beldurrez, eszenan parte hartzeak gizonaren erresumina suzta ote zezakeen beldur hutsez, nire lekura isil-isilik itzuli eta bare geratu nintzen. Zergatik arriskatu behar nituen ohea eta gurineztaturiko ogia familia baten arazoetan sudurra sartuz? Ergelkeriarik ez agure zahar batengatik! Eta izugarri ongi sentitu nintzen arroka bezain gogor jarduten.

        Bi neskatilek etengabe segitzen zuten beren zirikaldian. Harrotuta zeuden agureak burua geldi uzten ez zuelako, eta begiak eta sudurra ere ziztatzen zizkioten. Hark begi gogorrez so egiten zien ezer esan gabe eta besoak mugitu ezinik. Itsumustuan gorputzaren goialdez agondu eta neskatiletako bati aurpegian tu egin zion; berriro agondu eta bigarrenari tu egin zion, baina huts egin zuen. Nagusiak kartak mahai gainera jaurtiki eta oherantz abiatzen zela ikusi nuen. Aurpegia gorritua zeukan eta oihuka hasi zen:

        «Zertan ari zara jendeari begietara tu egiten, agure lotsagabe hori?»

        «Baina Jainkoarren, ez zuten bakean uzten eta!», oihukatu nuen neure onetik irtenda. Kalean jarria izateko beldur nintzen, ordea, eta ez nuen ozenegi oihukatu; hala ere gorputz osoa dardarka nuen asalduragatik.

        Nagusia niganantz jiratu zen.

        «Hara bestea! Zuri zer arraio axola zaizu? Muturra itxia eduki, egin nik esandakoa; hori baita gehien komeni zaizuna».

        Baina orduan etxeko andrearen ahotsa ere entzun zen, eta egundoko iskanbila hasi zen.

        «Burutik jota zaudete denak, alajainkoa!», oihu egin zuen. «Hemen barruan egon nahi baduzue zaudete isilik biak! Hara, ez omen da nahiko gizajoei etxea eta mantenua ematea, etxean istiluak pairatu behar ere! Baina ez dut horrelako gehiagorik jasango! Iso! Itxi ahoa, neskak, eta kendu mukiak neronek egitea nahi ez baduzue. Ez dut sekula honelako jenderik ikusi! Kaletik datoz sosik gabe, ezta zorri-ukendua erosteko ere, eta egundoko saltsa muntatzen hasten dira gauaren erdian etxeko jendea balira bezala. Ez dut horrelakorik nahi, ulertzen?, eta etxekoak ez direnak joan besterik ez dute. Nahiko da, lasaitasuna nahi dut neure etxean!»

        Ez nuen ezer esan, ez nuen ahoa ireki ere, ate ondora itzuli eta iskanbila entzuten geratu nintzen. Denak deiadarka zeuden, baita haurrak eta sesioa nola hasi zen azaldu nahi zuen neskamea ere. Isilik segitzen banuen aurki pasatuko zen dena; ez zen gauza larririk gertatuko hitzik esaten ez nuen artean. Eta zer esan nezakeen bada? Ez al geunden negu gorrian, eta gainera gauean? Mahaia kolpatu eta neure burua defendatzen hasteko garaia al zen? Batez ere ergelkeriarik ez! Eta geldi geratu nintzen etxetik joan gabe, ez nintzen lotsatu eserita segitzeagatik, ez nuen lotsa izpirik sentitzen nahiz eta ia-ia kalean jarria izan. Orman zintzilikatuta zegoen Kristoren oliografia bati begiratu nion ezaxolati, etxeko andrearen irainei entzungor eginez.

        «Ni joatea nahi baduzu, andrea, nire aldetik ez dago eragozpenik», esan zuen kartetan ari zirenetako batek.

        Altxatu egin zen. Beste jokalaria ere altxatu zen.

        «Ez, ez nintzen zutaz ari. Ezta zutaz ere», erantzun zien etxeko andreak. «Beharrezkoa bada, erakutsiko dizuet nortaz ari naizen. Beharrezkoa bada, esan bezala, argituko da nor den...»

        Esaldi etenez hitz egiten zuen, tarte labur bakoitzaren ondoan erasoak berrituz, eta gauza luzatzen ari zen, nitaz ari zela gero eta nabarmenago ager zedin. Isilik!, esan nion neure buruari. Hago isilik! Ez zidan joateko eskatu, ez espresuki behintzat, ez hitzez hitz. Harrotasunik ez nire aldetik, garaiz kanpoko harrokeriarik ez! Hago adi!... Oliografiako Kristoak ile berdexka bitxi samarra zeukan. Belar berdea zirudien, edo doitasun bereziz esanda: larre-belar sarria. Je, hura ohar zuzena, larre-belar sarri ederra... Une hartan ideia-elkarketa iheskor sorta batek zeharkatu zidan burua: belar berdetik Bibliako pasarte batera, zeinean bizitza bakoitza erretzen zen belarra bezalakoa zela esaten zen, une hartatik denak erre behar zuen Azken Epaira arte, gero pixka batez Lisboan izandako lurrikarara, nondik Ilaialiren etxean ikusitako latoizko tu-ontzi baten eta bolizko lumakidar baten oroipen zehaztugabea iritsi zitzaidan. A, bai, dena iragankorra zen! Erretzen zen belarra bezalaxe! Dena lau ohol eta beztiduraz amaitzen zen... Andersen andereñoa, beztitzaile, atartetik eskuinera...

        Eta guzti hau metatzen zitzaidan buruan etxeko andrea kale gorrian jarri nahi ninduen une etsi hartan.

        «Ez du entzuten!», oihu egin zuen. «Etxetik alde egin behar duzula diot, orain badakizu! Jainkoak kondena nazala gizon hau erotuta ez badago! Zoaz hemendik Jainkoarren, eta ez dezagun gai horretaz gehiago hitz egin».

        Atera begiratu nuen, ez alde egiteko, ez horixe; lotsagabekeria bururatu zitzaidan: atean giltza egon balitz, hura jiratu eta besteekin hertsituta geratuko nintzatekeen, alde egin beharra saihesteko. Izu histerikoa nion berriz kalean egoteari. Baina sarrailan ez zegoen giltzarik, eta zutitu egin nintzen; itxaropen guztia desagertua zen.

        Bat-batean nagusiaren ahotsa bere emaztearenarekin nahasten da. Arestian mehatxatua ninduen gizon bera, nahiko harrigarriro, nire alde jartzen da. Esaten du:

        «Ez, onartezina da jendea gauaren minean kalean jartzea, ongi dakizu. Isuna arriskatzen ari gara».

        Nik ez nekien horregatik isunak jartzen zirenik, ez nuen uste; baina agian egia zen, eta andreak agudo aldatu zuen iritzia, baretu egin zen eta ez zidan gehiago hitz egin. Bi ogi xerra gurinarekin ere eman zizkidan afari gisa, baina ez nituen onartu, ez nituen onartu gizonarekiko eskerronez, hirian mokadu bat hartua nuelako aitzakiarekin.

        Azkenean ezkaratzera abiatu nintzenean oheratzera, andrea atzetik etorri zitzaidan, atarian gelditu eta ozenki esan zidan, bere sabel haurdun eskerga hurbilduz:

        «Baina hemen lo egiten duzun azken gaua da, beraz badakizu».

        «Bai, bai!», erantzun nion.

        Agian aterpea lortu ahal izango nuen bihar, baldin eta gogor ekiten banion. Gordeleku bat edo bat aurkitu behar nuen. Bitartean pozten nintzen gau hura kanpoan igaro behar ez izanaz.

 

 

        Goizeko bostak edo seiak arte lo egin nuen. Oraindik ez zuen argitu esnatu nintzenean, baina hala ere segituan altxatu nintzen; erabat jantzita lo egina nuen hotzarengatik eta ez nuen gainean jartzeko beste ezer. Ur pixka bat edan ondoren atea isilean ireki eta berehalakoan irten nintzen kalera, etxeko andrea berriro topatzeko beldur.

        Kalean ikusi nuen bizitza bakarra gauez guardia egina zuten bi udaltzain izan ziren; handik pixka batera gizon pare batek bertako gas-lanpak itzaltzeari ekin zion. Noraezean ibili nintzen, Eliza kalean gora joan eta handik beheko gotorlekurantz abiatu nintzen. Hotz eta oraindik logale, zangoak eta bizkarra ahulak ibilaldiaren ondoren eta oso gose, aulki batean eseri eta luzaro egin nuen lo. Hiru aste neramatzan etxeko andreak goizean eta arratsean ematen zizkidan gurineztaturiko ogi xerrez soilik elikatzen; orain egun osoa neraman azken otordua izan nuenetik, berriro ere hasiak zitzaizkidan hozkada latzak, eta aurki kausitu behar nuen irtenbideren bat. Ostera lokartu nintzen aulkian horretaz pentsatuz...

        Inguruan jendearen ahotsak entzunez esnatu nintzen, eta nagiak atera nituenean eguna zela eta mundu guztia altxatuta zegoela ikusi nuen. Zutitu eta handik aldendu nintzen. Eguzkia muinoen gainetik agertu zen, oskarbi zegoen eta, aste ilun ugari haien ondoren halako goiz aparta ikusteak eragindako pozean murgilduta, nire atsekabe guztiak ahaztu eta askotan egoera okerragoan egona nintzela pentsatu nuen. Bularrean zapladatxo batzuk eman eta zatitxo bat kantatu nuen ahopeka. Nire ahotsak hain doinu kaskarra zuen, hain hondatua iruditu zitzaidan hunkitu eta malkoak isurtzen hasi nintzela. Egun zoragarri hartan, zeru garbi eta argiak eragin indartsuegia zuen nigan, eta ozenki negarrez hasi nintzen.

        «Zer gertatzen zaizu?», galdetu zidan gizon batek.

        Ez nion erantzun, eta aurpegia jendearengandik ezkutatuz urrundu nintzen bizkor.

        Kaietara iritsi nintzen. Hiru mastadun handi bat, bandera errusiarrekoa, ikatza deskargatzen ari zen; «Copégoro» izena irakurri nion alboan. Puska batez adigabetu nintzen ontzi arrotz hartan gertatzen zenari begira. Ia deskargatuta egon behar zuen, ur gainetik bederatzi oinen marka agertzen baitzen, nahiz eta zegoeneko lastra kargatuta egon, eta zamakariek ontzi-bizkarra beren bota astunez kolpatzen zutenean, hots sakona hedatzen zen ontzi osotik.

        Eguzkiak, argiak, itsasoko haize gesaltsuak, bizitza lanpetu eta alai hark adore eman zidan eta odola zainetan taupadaka sentitu nuen. Bat-batean bururatu zitzaidan han nengoen bitartean agian nire dramaren eszena batzuk idatzi ahal izango nituela. Eta orrialdeak patrikatik atera nituen.

        Fraide baten esaldia eratzen saiatu nintzen, esaldiak indarrez eta intolerantziaz gainezka egon behar zuen; baina ez nuen lortu. Orduan fraidearena pasatu eta hitzaldi bati ekin nion, epaileak tenplu profanatzaileari luzatutako hitzaldia, eta hitzaldi hartaz orrialde erdi bat idatzi eta gelditu egin nintzen. Ez nuen nire hitzen inguruan giro egokia lortzen. Alboko jarduera, langileen kantak, garabien zarata eta burdinazko kateen klanka etengabeak ez zetozen bat nire drama osoan lanbroa bezala egon behar zuen Erdi Aroko aire trinko eta lizunduarekin. Orriak bildu eta altxatu egin nintzen.

        Oraingoan zorionez nolabaiteko abiadura lortua nuen nire lanean, eta gauzak ondo joanez gero argi nekusan buru nezakeela. Aterperen bat izango banu bederen! Horretaz pentsatu nuen, kalearen erdian gelditu nintzen hausnartzen, baina ezin izan nuen hiri osoan denbora batez etzan ahal izango nukeen lekurik aurkitu. Ez zegoen beste irtenbiderik, Vaterlandeko ostatura itzuli beharko nuen. Ideiak hotzikarak ematen zizkidan, eta neure buruari etengabe esaten nion ezin nuela horrelakorik egin, baina hala ere aurrera jarraitu nuen, leku debekatutik gero eta hurbilago. Neure buruari aitortzen nion hura tamalgarria zela, bai, benetan laidagarria zela; baina ez zidan laguntzen. Ni ez nintzen batere harroa, eta munduko gizakirik apalenetako bat nintzela esatea ez zen inolako gehiegikeria. Eta aurrera jo nuen.

        Atartean gelditu nintzen, berriro ere hausnartzen. Bai, ausartu egin behar nuen, gertatua gerta! Azken finean ez al zen huskeria bat? Hasteko, ordu batzuetako kontua zen bakarrik, eta gainera Jainkoak ez zuen etxe hartara aterpe bila berriz joan nendin permetatuko. Patiora sartu nintzen. Bertako harri irregularrak zapaltzen nindoala oraindik seguru sentitu ez eta ia jiratua nintzen atera iristean. Hortzak estutu nituen. Ez, ezein garaiz kanpoko harrotasunik! Okerrenera jota ere beti esan nezakeen agurtzera nentorrela, behar bezala agur esatera eta etxeari zor niona nola ordaindu hitzartzera. Ezkaratzerako atea zabaldu nuen.

        Behin barruan geldi-geldirik geratu nintzen. Nire aurreantxe, pare bat urratsetara, nagusia bera zegoen, kapela zein jakarik gabe, giltza-zulotik familiaren egongelara begira. Keinua egin zidan eskuaz isilik egon nendin, eta ostera begiratu zuen giltza-zulotik. Barre egin zuen.

        «Zatoz hona!», esan zidan txutxu-mutxuka.

        Behatz muturretan hurbildu nintzaion.

        «Begira!», esan zidan barre isil eta asaldatu batekin. «Begira barrura! Ji-ji! Ohean daude! Eta begira aitona! Ikusten al duzu aitona?»

        Ohean sartuta, Kristoren oliografiaren azpi-azpian eta neure aurrean, bi geriza ikusten nituen, etxeko andrea eta kanpoko itsasgizona; andrearen zangoek distira zuria eratzen zuten lumaki ilunaren aurka. Eta beste ormako ohean haren aita zegoen, elbarri zahar hura, eskuen gainean agonduta begira, kukubilduta ohi zuen bezala, mugitu ezinik...

        Etxeko nagusiarenganantz jiratu nintzen. Egundoko senperrenak egiten zituen algaraka ez hasteko.

        «Ikusi al duzu aitona?», txutxu-mutxukatu zidan. «Ene Jainkoa, ikusi al duzu aitona? Dena ikusten ari da!» Eta berriro joan zen giltza-zulora.

        Leiho aldera joan eta eseri egin nintzen. Ikuskizun hark nahasketa ekarria zion nire gogoari, ona gupidagabeki hankaz gora jarriz. Baina zer axola zitzaidan niri? Senarrak berak onartzen bazuen, are gehiago, egoera gozatzen bazuen, nik ez nuen hartan zertan sarturik. Eta agureari zegokionez, agurea-agurea zen. Agian ez zuen ikusi ere; beharbada lo zegoen. Jainkoak daki ez ote zegoen hilik; ni behintzat ez ninduke harrituko hura hilik egoteak. Eta auzi hartaz burua hausteari utzi nion.

        Berriro ere paperak atera eta inpresio arrotz guztiak baztertzen saiatu nintzen. Epailearen hitzaldiko perpaus baten erdian gelditua nintzen: «Horrela agintzen didate Jainkoak eta Legeak, horrela agintzen didate jakintsuen aholkuek, horrela agintzen dit neure kontzientziak ere...» Leihotik kanpora begiratu nuen, haren kontzientziak zer agin ote ziezaiokeen pentsatzeko. Egongelaren barrutik hots xume bat iritsi zitzaidan. Ez, hura ez zen nire kontua, inola ere ez; gainera agurea hilik zegoen, agian goizeko lauretan hil zen. Hots hark ez zidan batere axola; zer arraiotan ari nintzen gogoa hartan okupatzen? Lasai orain!

        «Horrela agintzen dit neure kontzientziak ere...»

        Baina dena nire aurka elkartua zen. Giltza-zulotik begira zegoen senarra ez zegoen batere isilik, noizean behin entzuten nuen haren barre itoa, eta zirgit egiten zuela ikusi nuen; kalean ere adigabetzen ninduen zerbait gertatzen ari zen. Aurreko espaloian mutiko bat zegoen eserita eguzkitan jolasean; lasai zegoen, ezein arriskurik susmatu gabe, paper zerrendak elkarlotzen eta inor nekarazi gabe. Itsumustuan jauzi batez zutitu eta biraoka hasten da; atzerantz doa kalearen erdiraino eta gizon bat ikusten du, gizon heldu bizargorria, bigarren bizitzako leiho batetik agertuta eta buruaren gainera ttu egina ziona. Txikia negarrez zegoen suminduraz eta ahalgabe biraoka hasten zen leihoari begira, eta gizonak aurpegira barre egiten zion; agian bost minutu igaro ziren era hartan. Leihotik aldendu nintzen mutikoaren negarra ez ikustearren.

        «Horrela agintzen dit neure kontzientziak ere, hots...»

        Ezinezkoa zitzaidan aurrera segitzea. Azkenean dena nahasi zitzaidan buruan; orain aurretik idatzia nuena ere baliogabea iruditzen zitzaidan, bai, ideia osoa zentzugabekeria paregabea zela. Erdi Aroan ezin zen kontzientziaz mintzatu, kontzientzia Shakespeare izeneko dantza irakasle hark asmatutako gauza zen, hortaz nire hitzaldi osoa faltsua zen. Ez ote zegoen gauza onik orrialde haietan? Ostera irakurritakoan neure zalantzak agudo askatu nituen; pasarte handiosak aurkitu nituen, orijinaltasun handiko zati luzeak. Eta nire dramari indar berriz ekin eta amaitzeko premia hordagarri haren ziztadak bularra zeharkatu zidan.

        Altxatu eta aterantz abiatu nintzen, etxeko nagusiak zaratarik ez egiteko egiten zizkidan keinuei jaramonik egin gabe. Erabakita eta izukaitz irten nintzen ezkaratzetik, gero eskaileretan gora bigarren bizitzara eta nire gela zaharrean sartu nintzen. Izan ere, pilotua ez zegoen han orduan, ezin al nintzen pixka batez eseri? Ez nituen haren gauzak ukituko, ez nuen haren mahaiaz ere baliatu behar, ate ondoko aulki batean eseri eta pozik nengoke horrela. Paperak belaunen gainean zabaltzen ditut oldarrez.

        Minutu batzuetan dena primeran joan zitzaidan. Perpausak elkarren segidan sortzen zitzaizkidan buruan, eta etengabe idazten nituen. Orriak bata bestearen atzetik betetzen noa, ziztu bizian abiatzen naiz, nire aldarte onaren pozaren pozaz antsika eta neure buruaz ahaztuta. Une honetan entzuten dudan hots bakarra neure antsi alaia da. Bururatzen zait ere benetan zorioneko ideia, eliza-kanpai bati buruzkoa, bai, nire dramaren puntu zehatz batean entzun behar zen eliza-kanpaia. Dena aukeran zihoakidan.

        Orduan oin-hotsak entzuten ditut eskaileretan. Dardarka hasten naiz, burua galtzeko zorian, salto egiteko prest, izututa, ezbaikor, gauza guztiek larritua eta goseak asaldatua; adi entzuten dut urduri, lapitza eskuan helduz entzuten dut, ezin dut hitz bakar bat gehiago ere idatzi. Atea zabaltzen da; egongelako bikotea sartzen da.

        Egin nuenagatik barkamen eskatzeko beta izan baino lehen ere, etxeko andrea garrasika hasten zait, arras txundituta:

        «Jainkoa lagun dakidala, orain ere hemen dugu!»

        «Barkatu», esan nion, eta gehiago esango niokeen, baina ezin izan nuen jarraitu.

        Etxeko andreak alboko ormaraino ireki zuen atea oihuka:

        «Ez bazara oraintxe bertan irteten, Jainkoak zigor nazala ez badiot Poliziari deitzen!»

        Zutitu egin nintzen.

        «Agur esan nahi nizun bakarrik», zizakatu nuen, «eta zain geratu behar izan dut. Ez dut ezertxo ere ukitu, aulkian eserita nengoen...»

        «Lasai, ez da ezer», esan zuen pilotuak. «Zer arraio axola dio? Uztazu gizona bakean!»

        Eskailera jaitsi ondoren sutan jarri nintzen lehenbailehen ni aldenarazteko orpoz orpo jarraitzen ninduen emakume lodi eta puztu harekin, eta gelditu egin nintzen une batez, ahoa jaurtiki behar nizkion irainik okerrenez beteta. Baina iritziz aldatu nuen garaiz eta isildu egin nintzen, eskerronak bultzatua, haren atzean zetorren gizon arrotz harekiko eskerronez, entzun egingo zituzkeen eta. Etxeko andrea betiere atzean neukan etengabe irainak botaka, eta ematen nuen urrats bakoitzarekin haserrea areagotzen zihoakidan.

        Patiora iritsi ginen, ni mantso-mantso, oraindik zalantzan etxeko andreari merezi zuena esan behar nion ez nion. Une hartan suminak erabat asaldatuta nengoen, odol isurketarik izugarrienez pentsatzen, bertan zerraldo utz zezakeen bultzadaz, edo sabelean emandako ostikoaz. Manda-mutil batekin gurutzatzen naiz atartean, diosal egiten dit eta ez diot erantzuten; nire atzetik doan andrearengana zuzentzen da, eta nitaz galdetzen duela entzuten dut; baina ez dut bira egiten.

        Atartetik urrats batzuetara manda-mutila datorkit, berriro diosal egin eta geldiarazi egiten nau. Gutun bat ematen dit. Bortizki eta gogorik gabe irekitzen dut, eta hamar koroako bat erortzen da kartazaletik, baina mezurik ez, hitzik ere ez.

        Manda-mutilari begiratu eta galdetzen diot:

        «Baina zer ergelkeria da hau? Norena da gutun hau?»

        «Ba ez dakit», erantzuten dit, «baina dama batek emana da.»

        Hantxe geratu nintzen. Manda-mutila joan egin zen. Orduan diru-txartela kartazalean ostera sartu, guztiarekin pilota bat egin, bira egin eta oraindik atartetik niri begira dagoen etxeko andrearenganantz abiatzen naiz, eta aurpegira jaurtikitzen diot diru-txartela. Ez nuen ezer esan, ezta silaba bat ere ahoskatu; hori bai, alde egin aurretik zimurtutako papera miatzen zuela ikusi nuen...

        Je, hori zen, hori, bizitzan duintasunaz portatzea! Ezer esan gabe, jendailari hitzik zuzendu gabe, baina baretasun handiz diru-txartel handi batez pilota egin eta jazarleen aurpegietara bota. Hari bai esan zekiokeela bikaintasunaz agertzea! Pizti haiek horrela tratatuak izatea besterik ez zuten merezi!...

        Tomte kalearen eta Tren Geltokiaren Enparantzaren izkinara iritsia nintzenean bat-batean kalea jiraka hasi zitzaidan begien aurrean, burrunba sentitu nuen buru hutsean, eta etxe baten ormaren aurka erori nintzen. Arras ezinezkoa zitzaidan beste urrats bat ematea, ezin nuen ezta nire jarrera oker hartatik zuzendu ere; ormaren kontra jotako jarrera berean segitu nuen, eta konortea galtzen hasten nintzela sumatu nuen. Ahulduraren erasoaldi hark nire sumindura areagotu besterik ez zuen egin, eta oina altxatu eta espaloia kolpatzen hasi nintzen. Beste gauza ugari ere egin nuen indarra berreskuratzeko, hortzak estutu nituen, kopeta zimurtu, begiak etsi-etsian jiratzen hasi nintzen, eta laguntzen hasi zitzaidan. Gogoa erabat argitu zitzaidan eta hilzorian nengoela ulertu nuen. Eskuak aurrera eraman eta ormatik urrundu nintzen; kalea oraindik dantzan neukan nire aurrean. Suminaren suminaz zotinka hasi nintzen, eta gogo guztiaz borrokatu nintzen nire miseriaren aurka, bulartsuki ahalegindu nintzen ez erortzen; ez nuen amiltzeko asmorik, zutik hil nahi nuen. Orga bat pasatzen zait astiro albotik, eta patatak daramatzala ikusten dut, baina suminak bultzatuta, egoskorkeria hutsagatik zera esatea otutzen zait, ez zirela inola ere patatak, azaburuak baizik, eta basaki zin egin nuen azaburuak zirela. Argi entzuten nion neure buruari hizketan, eta kontzienteki zin egin nuen gezur hura, behin eta berriro, zinaustea nahita egiten aritzeak emandako atsegin etsi soilagatik. Neure burua horditzen nindoan parerik gabeko bekatu hartan, hiru atzamar luzatzen nituen airean Aitaren, Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean azaburuak zirela zin egiten nuen artean.

        Denbora iragan zen. Alboan neukan koska baten gainean amildu nintzen, kopeta eta lepoko izerdia lehortu nuen, arnasa hartu eta neure burua lasai egotera behartu nuen. Eguzkia beherantz zihoan, arratsa hurbiltzen ari zen. Neure egoera berriro hausnartzeari ekin nion. Gosea pairaezina egin zitzaidan, eta ordu gutxi barru gaua izango zen berriz; irtenbideren bat aurkitu behar nuen oraindik denbora nuen bitartean. Gogoetak bidalia izan nintzen ostatuaren inguruan jiraka hasi zitzaizkidan; ez nuen hara inondik inora ere itzuli nahi, baina hala ere ezin nuen hartaz pentsatzea ekidin. Izan ere, etxeko andreak ni kalean jartzeko eskubide osoa zuen. Nola espero nezakeen inork aterpe ematea zerekin ordaindu ez neukanean? Gainera noizean behin jateko zerbait eman ohi zidan; bart bertan, asaldarazia banuen ere, bi ogi zerrada gurinarekin eskainiak zizkidan, eta ontasunak bultzatua eskainiak ere, bazekielako haien premia nuela. Beraz ezin nintzen ezertaz kexatu eta, oraindik koskan eserita, andreari nire portaera barka zezala erregutzen hasi nintzaion ahopeka. Azkenean aurpegira hamar koroakoa jaurtikitzean erakutsia nion eskergaiztoak samintzen ninduen gehienbat mingostasunez...

        Hamar koroa! Txistu egin nuen. Manda-mutilak ekarritako gutuna nondik ote zetorren? Une hartan pentsatu nuen hartaz lehenbiziko aldiz, eta itsumustuan argiro ikusi nuen dena nola elkarlotzen zen. Oinaze eta lotsaz hiltzear egon nintzen; Ilaiali, xuxurlatu nuen ahots erlatsez hainbat aldiz eta burua astinduz. Ez al nintzen ni neu, atzo bertan, ikusten nuenean albotik harrokiro pasatu eta axolagaberik handiena erakustea erabakia nuena? Eta horren partez haren errukia esnarazia nuen, karitatezko eskupekoa erauzia nion. Ez, ez, ez, nire zitalkeriak ez zuen amaierarik! Ez nintzen ezta haren aurrean jarrera prestua mantentzeko gai izan ere; saiatzen nuen gauza bakoitzean hondoratzen nintzen, belaunika erortzen nintzen, gerriraino hondoratzen nintzen, burua desohorean murgiltzen nuen eta ez nuen inoiz berriro azaleratzen, inoiz ez! Gehiegizkoa zen! Hamar koroako eskupekoa hartzea emaile ezkutuari inoiz errefusatu ahal izan gabe, txanponak bi eskuez haztatzea eskaini zitzaizkidan lekuan eta gero gordetzea, ostatua ordaintzeko erabiltzea, neure barne-higuindura gaindituz...

        Ezingo al nituen hamar koroa haiek nola edo hala lortu? Etxeko andrearengana joan eta diru-txartela eskatzeak ez zuen ezertarako balioko; beste irtenbideren bat egon behar zuen, ondo hausnartzen banuen, gogor ahaleginduz hausnartzen banuen. Hemen ez zen nahiko ohiko moduan pentsatzea, egin nuen, su eta gar jardun beharko nuen hamar koroa haiek eskuratzeko. Eta gogor ekin nion pentsatzeari.

        Laurak inguru izango ziren, ordu pare bat hartu agian antzokiko zuzendaria aurki nezakeen drama burutua eduki izan banu. Eskuizkribua ateratzen dut, eta azken hiruzpalau eszenak kosta hala kosta amaitzen saiatzen naiz; burua hausten dut, izerdien artean, hasieratik irakurtzen dut, baina ez dut ezer lortzen. Ergelkeriarik ez! esaten dut, egoskorkeriarik ez! Eta jo eta ke idazten dut neure drama, bururatzen zaidan guztia idazten dut, lehenbailehen bukatu eta abiatu ahal izatearren soilik. Neure burua konbentzitu nahi nuen beste sorkuntzazko une batean nengoela, gezurrez gezur ari nintzaion neure buruari, nabarmenki ziria sartzen eta eginahal guztian idazten, hitzak bilatu behar izango ez banitu bezala. Ona duk! Hau bai aurkikuntza!, marmaratzen nuen lantzean behin; tira, idatz ezak!

        Azkenik nire atzen lerroak susmagarriak iruditzen hasten zaizkit; lehen eszenetakoen aldean kontraste handikoak ziren, eta gainera fraidearen hitzetan ez zegoen Erdi Aroko ezein kutsurik. Lapitza hausten dut hortzekin, salto batez zutitzen naiz, eskuizkribua mila zatitan txikitzen dut, orri bakoitza txikitzen dut, kapela lurrera bota eta zapaldu egiten dut. Galduta nago!, marmaratzen diot neure buruari; jaun-andreok, galduta nago! Eta horiek dira esaten ditudan hitz bakarrak han kapela zapaltzen ari naizen bitartean.

        Udaltzain bat urrats batzuk harantzago dago niri begira; espaloiaren erdian dago eta ni naiz haren oharmenak sumatzen duen gauza bakarra. Burua jasotzen dudanean gure begiradek topo egiten dute; agian luzaro zeraman han niri behatuz. Kapela bildu, buruan ezarri eta gizonarengana abiatzen naiz.

        «Ba al dakizu zer ordu den?», galdetzen diot.

        Puska bat itxaroten du erlojua atera aurretik, bitartean begirada nigandik urrundu gabe.

        «Laurak inguru», erantzuten dit.

        «Hain zuzen!», esaten dut; «laurak inguru, erabat zuzen! Badakusat zeure lanbidea ezagutzen duzula, eta ez naiz zutaz ahaztuko».

        Eta hau esanda utzi egin nuen. Arras txundituta geratu zen nirekin, aho zabalik niri begira eta erlojua oraindik eskuan zeukala. Royal Hotelaren parera iritsi nintzenean bira egin eta atzera begiratu nuen: han zegoen oraindik, jarrera berean eta ni begiez jarraituz.

        Je-je, horrelaxe tratatu behar zituen batek animaliak! Ozartasunik aukeratuenaz! Horrek hunkitu egiten zituen animaliak, ikaratu egiten zituen... Oso pozik nengoen neure buruarekin eta zati bat kantatzen hasi nintzen. Kitzikaduraren tentsiopean nengoen, zegoeneko inolako minik sentitzeke, ezein motatako ondoezik sumatzeke; luma bezain arin gurutzatu nuen Enparantza, azokan jiratu eta Gure Salbatzailearen ondoko aulki batean eseri nintzen.

        Baina ez al zen berdintsu nik hamar koroako hura bihurtzea edo ez bihurtzea? Hartua nuenez, nirea zen, eta zetorreneko etxean ez zeuden ezein premia egoeratan alafede. Onartu behar izan nuen, beraz, niri espresuki zuzendua zenez; manda-mutilak ez zuen zertan gorderik. Era berean ezinezkoa zen bidalia zitzaidana ez zen beste hamar koroako bat bihurtzea. Beraz gauzak ez zeukan erremediorik.

        Enparantzako trafikoari begiratzen eta gogoa garrantzirik gabeko gauzetan finkatzen saiatu nintzen; baina ezin nuen lortu, hamar koroak behin eta berriz zetozkidan burura. Azkenean eskuak estutu eta haserretu egin nintzen. Saminarazi egingo nuen, esan nuen, bihurtzen banizkion; beraz zergatik bihurtu? Etengabe ari nintzen eskaintzen zitzaidan laguntzari uko egiten, burua harrokeriaz astindu eta ez, eskerrik asko esaten. Orain argi nekusan zertara zeraman hark; berriz ere kale gorrian nengoen. Aukerarik onena izan arren, zegoeneko ez neukan neure gela bero eta atsegina; harrokeriak galtzen ninduen, lehen hitzaren aurrean salto egin eta defentsan jartzen nintzen, hamar koroakoak eskuinera eta ezkerrera eman eta neure bidea jarraitzen nuen... Zorrozki aurpegiratu nion neure buruari ostatua utzi izanagatik eta hura zela eta egoera penagarri hartan aurkitzeagatik.

        Gainera deabruak eraman zezakeen guzti-guztia! Nik ez nuen hamar koroako hura eskatu, eta ia-ia ez nuen atzamarren artean eduki, segituan eman baizik, inoiz berriro ikusiko ez nuen jende erabat arrotzari eman ere. Horrelako gizona nintzen ni, azken sosaraino ordaintzen nuen kasua iristen zenean. Ilaiali ongi ezagutzen banuen, hura ere ez zen damutuko dirua bidali izanaz, beraz zertan ari nintzen ni hartaz burua hausten? Egin zezakeen gutxienekoa zen, aldian behin hamar koroakoa bidaltzea. Neska gajoa nitaz maiteminduta zegoen, je, are gehiago, apika hiltzeraino maiteminduta... Eta gogoeta honekin neure buruaz zinez harrotzen nintzen. Ez zegoen inongo zalantzarik, neska gajoa nitaz maiteminduta zegoen!...

        Bostak eman zuten. Berriro makurtu nintzen kitzikadura nerbiotsu luzearen ostean, eta buruan burrunba huts hura sentitzen hasi nintzen berriz. Aurrera begiratu nuen, begiak tinko, bertako botika-dendarantz. Orduan goseak gogor eraso zidan, eta izugarri sufritu nuen. Han nagoela, hutsari begira, nire begirada tinkoaren aurrean figura bat nabarmenduz doa pixkana-pixkana, azkenik erabat argi ikusi eta antzematen diodan arte: botika-dendaren alboko emakume pastel-saltzailea da.

        Aulkian agondu eta pentsatzen hasten naiz. Bai, ez zegoen dudarik, saltzaile bera zen, mahai beraren atzean, leku berean! Hainbat aldiz txistu egin eta hatzekin klask egiten dut, aulkitik altxatu eta botika-dendarantz abiatzen naiz. Akabo komeriak! Bost axola zitzaidan bekatuaren dirua izatea edo dendariaren Kongsbergeko zilarrezko txanpon prestuak izatea! Ez nintzen irrigarria izango, gehiegizko harrokeriaz ere hil daiteke...

        Kantoirantz aurreratzen naiz, emakumearenganantz destatzen dut eta haren aurrean jartzen naiz. Irribarre egiten diot, burua gora eta behera astindu eta hitzak arretaz ipintzen ditut, noizbait itzuliko nintzela hitzartua izango bagenu bezala.

        «Kaixo!», esaten diot. «Ez al didazu antzematen?»

        «Ez», erantzuten du mantso niri begiratuz.

        Berriro irribarre egiten diot, niri antzik ez ematea haren txantxa izango balitz bezala, eta esaten dut:

        «Ez al zara oroitzen behin batean koroa mordo bat eman nizula? Hartan ez nizun ezer esan, oroitzen naizenez, hitzik ere ez; ez dut ohitura hori. Jende prestuarekin tratatzen denean, ez da beharrezkoa izaten hitzarmenak egitea, nolabait esatearren kontratuak egitea edozein xumekeriagatik. Je-je! Bai, ni izan nintzen diru hura eman zizuna».

        «Hara, zu al zinen? Bai, orain pentsatzen dudala antzematen dizut, bai...»

        Diruarengatik eskerrak ematen has zedila saihetsi nahi nuen, beraz bizkor esaten diot, begiradaz mahai gaineko jangaien artean aukeratzen hasten naizen artean:

        «Bai, eta pastelak eramatera nator orain».

        Ez du hura ulertzen.

        «Pastelak», errepikatzen dut, «pastelak eramatera natorrela. Gutxi batzuk, bederen, lehen entrega gisa. Gaur ez ditut denak behar».

        «Pastelak eramatera zatozela?», galdetzen du.

        «Bai horixe eramatera natorrela!», erantzuten diot ozenki barre eginez, haien bila nentorrela ziplo jakin behar izan balu bezala. Mahaitik pastel bat hartzen dut, opil antzeko bat, eta jaten hasten naiz.

        Emakumeak hau ikusten duenean zutitu egiten da, itsumustuko mugimendua egiten du bere gaiak babesteko bezala, eta ni haiek kentzera itzultzea ez zuela espero jakinarazten dit.

        A, ez?, esaten diot. Benetan ezetz? Bai emakume barregarria! Inoiz gertatua al zitzaion bada norbaitek koroa mordo bat gordetzeko ematea eta gero erreklamatzera ez etortzea? Ez, ikusten? Diru lapurtua zela uste al zuen era hartan jaurtikia niolako? Ez, ez zuen bon uste; ongi zegoen, benetan ongi! Oso atsegingarria zen, nolabait esateko, gizon prestutzat hartzen ninduela ikustea. Ja-ja! Bai, benetan barregarria zen!

        Baina orduan zergatik emana nion dirua? Saltzailea asaldatuta zegoen eta oihuka hasi zen.

        Dirua zergatik emana nion azaldu nion, ahopeka eta adorez azaldu nion: Horrela jarduteko ohitura nuen, jende guztia ontzat hartzen nuelako. Norbaitek kontratu edo agiriren bat eskaintzen zidan bakoitzean burua astindu eta ezetz esaten nien. Jainkoak ondo zekien hala zela!

        Baina emakumeak ulertu gabe segitzen zuen.

        Taktikaz aldatu nuen, zorrozki esan nion tentelkeriekin ez etortzeko. Ez al zitzaion sekula gertatu norbaitek era berdintsuan aldez aurretik ordaintzea?, galdetu nion. Jende dirudunaz ari nintzaion noski, Kontsuletakoren batek, kasu? Sekula ez? Beno, ez zen nire errua halako prozedura arrotza egiten bazitzaion. Atzerriko usadio eta ohiturak ziren. Beharbada ez zen inoiz gure mugetatik kanpo egon? Ez, hara! Orduan auzi hartan ez zeukan ezer esatekorik... Eta pastel batzuetarantz luzatu nuen eskua.

        Purrust egin zuen haserre, mahai gainean zeukan ezer eraman nezala setatsuki errefusatuz, eta eskuan neukan pastel bat hartu eta berriz mahaian jartzeraino iritsi zen. Sutan jarri nintzen, mahaia kolpatu eta Poliziarekin mehatxatu nuen. Bihozbera izango nintzen, esan nion; nirea zen guztia hartzen banuen postu osoa eraman beharko nuen, diru piloa baitzen bere garaian emana niona. Baina ez nuen hainbeste hartuko, egia esan diruaren erdia baizik ez nuen nahi. Eta gainera ez nintzen inoiz itzuliko. Jainkoak libra nintzala, zurri horretako pertsona zela ikusiz...

        Azkenik pastel batzuk ezarri zituen albora, asmatu ahal izan zuen preziorik sinestezinenean tasatutako lauzpabost ale, eta haiek hartu eta alde egiteko erregutu zidan. Eztabaidatzen segitu nuen saltzailearekin, gutxienez koroa bateko iruzurra egina zidala baieztatu nion, eta gainera odolustu egiten ninduela neurriz kanpoko prezio haiekin. Ba al dakizu horrelako alprojakeriak zigortuta daudela? Jainkoak libra zaitzala, baina bizitza osorako esklabutza irabaz zenezake, astakilo horrek! Beste pastel bat luzatu eta handik joateko eskatu zidan erdi purrustaka.

        Eta joan egin nintzen.

        Ene, egundaino halako pastel-saltzaile arduragaberik! Enparantzara abiatu nintzen gelditu gabe ozenki hizketan emakumeaz eta haren lotsagabekeriaz; elkarri esanak genizkionak errepikatu nituen eta hura baino askoz maila hobean egona nintzela iruditu zitzaidan. Jende guztiaren aurrean jan nituen pastelak gertatutakoa komentatzen nuen artean.

        Eta pastelak bata bestearen atzean desagertu ziren; baina ez ninduten batere asebete, ze nahiz eta gogotik irentsi lehen bezain gose jarraitzen nuen. Jainkoa, ez al nintzen inoiz aseko? Hain bete ezin nengoen azkeneko pastela irensteko zorian egon nintzela, nahiz eta hasieratik hura Orgarien kaleko mutikoarentzat, paper zerrendekin jolasten aritua zen mukitsuarentzat gordetzea erabakia eduki. Gogoan neukan oraindik, ezin nuen salto egin eta biraoka hasi zenean jarri zuen aurpegia ahaztu. Gizonak burura tu egin zionean nire leihorantz jiratua zen, ea nik ere barre egiten nuen ikusteko. Jainkoak daki topatuko ote nuen hara iristen nintzenean! Senperrenak egin nituen Orgarien kalera laster iristeko, nire drama txikitua nuen eta oraindik paper zati ugari geratzen zen lekua atzean utzi nuen, nire portaeraz hain txunditua zen udaltzaina saihetsi nuen, eta azkenik mutikoa eseria zeneko koskan aurkitu nintzen.

        Ez zegoen han. Kalea ia hutsik zegoen. Iluntzen hasia zen eta ezin nuen mutikoa ikusi; apika etxeratua zen. Pastela kontu handiz zoruan utzi nuen, gero atearen aurka ezarri, atea indarrez jo eta ziztu bizian abiatu nintzen berehalakoan. Aurkituko du!, esan nion neure buruari; atea irekitzean ikusiko duen lehen gauza pastela izango da! Eta begiak hezetu egin zitzaizkidan txikiak pastela aurkituko zuela pentsatzeak eragindako pozaz.

        Trenbidearen kaiera jaitsi nintzen berriz.

        Zegoeneko ez nintzen gose, baina jan berria nuen janari gozoa min ematen hasia zitzaidan. Buruan ideiarik eroenak pilatzen zitzaizkidan berriro: Eta ontzi haien amarrak ezkutuan ebakiko banitu? Eta bat-batean sutea dagoela oihukatzen hasiko banintz? Kaian barrena noa, esertzeko kaxa bat aurkitzen dut, eskuak elkartzen ditut eta burua gero eta zorabiatuago bihurtzen zaidala sumatzen dut. Eta ez naiz mugitzen, ez dut ezertxo ere egiten hari aurre egiteko.

        Han nago eserita «Copégoro»ri, bandera errusiarra daraman hiru mastadunari, begira. Gizon bat bereizten dut barandan; ababorreko linterna gorriak burua argiztatzen dio, eta ni altxatu eta mintzatu egiten natzaio. Hitz egitean ez nuen helburu zehatzik, eta ez nuen erantzunik izatea espero ere. Esan nion:

        «Gaur itsasoratzen al zara, kapitaina?»

        «Bai, oso aurki», erantzuten dit gizonak. Suedieraz mintzatzen da.

        «Hm. Ez duzu menturaz gizon baten premia izango?» Une hartan bost axola zitzaidan ezezkoa entzutea edo ez, berdintsu zitzaidan gizonak eman ziezadakeen erantzuna. Eta haren zain geratu nintzen.

        «Ba ez», erantzun zidan. «Ontzi-mutila besterik ez dugu behar».

        Ontzi-mutila! Zirgit egin nuen, betaurrekoak epaixka kendu eta patrikan sartu nituen, zubixkara igo eta karela gainditu ondoren untziratu egin nintzen.

        «Ez dut eskarmenturik», esan nion, «baina esaten didazun guztia egin dezaket. Nora zoaz?»

        «Leeds-eraino lastraz, eta han ikatza hartu ondoren Cádiz aldera».

        «Ederki!», esan nuen gizonaren aurrean inposatuz. «Berdin zait nora doan. Neure lana egingo dut».

        Puska batez niri begira geratu zen, hausnartzen.

        «Ez al haiz inoiz itsasoan ibili?», galdetu zidan.

        «Ez, baina esan dizudan bezala, esadazu zer egin behar dudan eta egin egingo dut. Denetatik egitera ohituta nago».

        Pentsakor geratu zen ostera. Untziratzea erabakia nuen zegoeneko, eta agian lehorrera itzuli beharrak larritu egiten ninduen.

        «Zer diozu orduan, kapitaina?», galdetu nion azkenik. «Benetan

        diotsut edozer egin dezakedala. Zer diot? Ez nintzen gizon osoa izango esandakoa besterik egingo ez banu. Bi guardia segidan egin ditzaket beharrezkoa izanez gero. Ondo etorriko zait eta eraman ahal izango dut».

        «Bai, bai, egin genezakek proba», esan zuen. «Gauza ondo ez badoa, Ingalaterran banandu aski diagu».

        «Jakina!», erantzun nion pozaren pozaz. Eta berriz errepikatu nuen Ingalaterran banan gintezkeela gauza ondo ez bazihoan.

        Eta lana eman zidan...

        Fiordoan barrena gindoazela agondu egin nintzen une bat, sukarrez eta nekaduraz blaituta, lehorrari begiratu nion eta agur esan nion aldi hartatik hiriari, etxe guztietako leihoek argiro distiratzen zuten Kristianiari.

 

 

 

© Knut Hamsun

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"Knut Hamsun / Gosea" orrialde nagusia