HIRUGARREN ZATIA

 

        Zorion eta alaitasunezko aste bete iragan zen.

        Berriro ere okerrena pasatua nuen, egunero neukan janaria, adorea berreskuratzen ari nintzen eta gauza ugari nuen esku artean. Nire garun ahula, bertatik sortzen zen distira bakoitzean, gogoeta bakoitzean, agortzen zuten hiruzpalau tratatutan ari nintzen lanean, eta lehen baino hobeto zihoakidala uste nuen. Erredakzioburuak bihurtua zidan hainbeste joan-etorri kostatua zitzaidan eta hainbeste itxaropen jarria nueneko azken artikulua eta nik, haserre eta minduta, bertan txikitua nuen berriro irakurri gabe ere. Aurrerantzean beste egunkariren batekin probatuko nuen, bide gehiago urratu nahian. Azken finean, hori ere aterako ez balitzait, untziratzeko irtenbidea geratzen zitzaidan. «Serora» itsasoratzeko prest zegoen kaian, eta agian bertan lana aurkitu ahal izango nuen Arkhangelsk-eraino, edo joan beharko lukeen lekuraino. Beraz etorkizuna leku guztietatik zabaltzen zitzaidan.

        Azken krisialdia oso latza suertatua zitzaidan; ilea multzo handitan erortzen hasi zitzaidan, burukominak ez ninduen bakean uzten, batez ere goizetan, eta urduritasuna ez zitzaidan baretzen. Egunez eskuak zapi batean bilduta idazten nuen, neure arnasa bertan sentitzea jasanezina egiten zitzaidalako. Jens Olajek beheko zalditegiko atea ozenki ixten zuenean, edo zakurren bat atzeko patiora sartu eta zaunka hasten zenean, ziztada hotzen antzeko batzuek zeharkatzen zidaten hezur-muina nonahi min emanez. Zeharo abailduta nengoen.

        Egunak joan egunak etorri jarduten nuen lanean, janaria irensteko denbora ia geratzen ez zitzaidala berriz idazteari ekin aurretik. Garai hartan nola ohea hala nire mahaitxo kulunkaria oharrez eta orrialde idatziz gainezka zeuden; haiekin txandaka egiten nuen lan, egunean zehar otu zekizkidakeen gauzak erantsiz, beste batzuk ezabatuz, puntu ilunak han eta hemen hitz koloretsuez argituz, aurrera segitzen nuen esaldiz esaldi nekerik handienaz. Arratsalde batez azkenik burutu egin nuen nire artikuluetako bat, eta pozik eta alai sakelaratu eta «Gomendari»arengana abiatu nintzen. Iritsia zen berriz diru pixka bat egiteko garaia, ez zitzaizkidan ore asko geratzen.

        «Gomendaria»k pixka bat itxaroteko esan zidan, segituan entzungo zidala... eta idazteari jarraitu zitzaion.

        Begirada bat bota nion inguruan nuen bulegotxoari: bustoak, litografiak, egunkari ebakinak, gizon oso bat irents zezakeela zirudien paperontzi erraldoia. Tristatu egiten ninduten munstro aho hark, beti irekita zeuden herensuge ahutz haiek, atzera botatako lanak, itxaropen zapaldu berriak onartzeko beti prest.

        «Zer egun dugu?», esaten du bat-batean «Gomendaria»k bere mahaitik.

        «28a», erantzun nion, pozik mesedea egin ahal izanagatik.

        «28a». Eta idazten segitzen du. Azkenean gutun batzuk kartazaletan sartu, orri batzuk paperontzira bota eta luma uzten du. Orduan aulkian jiratu eta begira geratzen zait. Oraindik ate ondoan nagoela ohartzen denean, erdi serio eta erdi txantxetakoa den keinua egiten dit eskuz aulki bat seinalatuz.

        Beste alde batera begira jartzen naiz, gerruntzerik ez daramadala ohar ez dadin jaka ireki eta eskuizkribua sakelatik ateratzen dudanean.

        «Correggio-ri buruzko lantxo bat da», esaten diot, «tamalez agian ez dago idatzita oso...

        Orriak eskutik hartzen dizkit eta hostokatzen hasten da. Aurpegia niganantz jiratzen du.

        Beraz halako tankera zuen hurbiletik gizon hark, zeinaren izena nire lehen gaztaroan entzuna nuen eta zeinaren egunkariak eraginik handiena izana zuen nigan urteetan barrena.

        Ilea kizkurra du, eta begi marroi ederrak apur bat artega; aldian behin sudurretik arnasa emateko ohitura du. Apaiz eskoziar batek ez zukeen bere hitzak erortzen ziren lekuan odolezko markak uzten zituzten idazle bikain honek baino tankera leunagoa izango. Pertsona honekiko beldur eta mirespenezko sentimendu berezi bat jabetzen da nitaz, begiak ia betetzen zaizkit malkoez, eta oharkabean urrats bat aurreratzen naiz, irakatsia zidan guztiagatik nolako estima nioen adierazteko eta gaizki trata ez nazala eskatzeko; bestela ere nahiko gorriak ikusten zituen gizajo bat besterik ez nintzen...

        Begirada altxatu eta nire eskuizkribua mantso-mantso tolestu zuen hausnartzen geratzen zen artean. Ezezko erantzuna ematea errazagoa suerta dakion, eskua pixka bat aurreratzen dut esanez:

        «Ez da erabilgarria izango noski?» Eta irribarre egiten dut, lasaitasunez hartzearen planta egiteko.

        «Guk darabilgun guztiak izaera herrikoia izan behar du», erantzuten dit. «Badakizu nolako irakurlegoa dugun. Beraz ezingo al zinateke apur bat errazten saiatu? Edo jendeak hobeto ulertuko duen beste zerbait egin?»

        Begikotasun hark txunditu egiten nau. Artikulua errefusatu didala ulertzen dut, baina ezin nuen ezezko politagorik hartu izan. Denbora gehiago gal ez dezan, erantzuten diot:

        «Bai horixe, idatz dezaket».

        Atera noa. Hm. Barka ziezadala honetaz denbora galarazia banion... Makurtu eta ate-giderrari heltzen diot.

        «Premia baldin baduzu», esaten dit, «emango dizut zerbait aurrerakin gisa. Eta horren truke idatz dezakezu.

        Ikusia zuen ez nintzela idazteko gai. Horregatik haren eskaintzak apur bat umildu ninduen, eta erantzun nion:

        «Ez, eskerrik asko, moldatuko naiz beste pixka batean. Dena den, mila esker. Agur!»

        «Agur!», erantzuten du «Gomendaria»k, berehalakoan bere mahaira itzuliz.

        Hara, bederen merezi ez nuen begikotasunez tratatua ninduen, eta eskerronekoa nintzaion horregatik. Jakingo nuen, bai, hura preziatzen. Ez nuen harengana berriro joateko asmorik zeharo laxo sentiarazten ninduen zerbait, «Gomendaria» apur bat txunditu eta une batez ere dudatu gabe hamar koroa emango zidan zerbait, idatzi arte. Eta etxera joan eta ostera ekin nion idazteari.

        Hurrengo arratsetan, zortziak inguru zirenean eta kaleko argiteria piztuta zegoenean, ondokoa gertatzen zitzaidan erregularki:

        Kaleko atetik ateratzen naizenean, eguneroko lan eta nekeen ondotik kaleetatik pasiera egitera, beltzez jantzitako dama bat dago atartearen aurreko gas-lanparen azpian; niganantz jiratzen da eta begiez jarraitzen nau bere albotik pasatzen naizenean. Ohartzen naiz beti soineko bera daramala, aurpegia ezkutatzen dion eta bularrean behera jaisten zaion estalki lodi bera, eta girtenean bolizko eraztuna daraman euritako txiki bat eskuan.

        Zegoeneko han ikusten nuen hirugarren arratsa zen, beti leku berean; albotik pasatzean, astiro jiratu eta kalean behera urruntzen zait.

        Nire garun nerbiotsuak antenak luzatu zituen, eta haren bisitak nirekin zerikusia zuelako zentzugabeko susmoa izan nuen. Azkenean hitz egiteko zorian nengoen, ea norbaiten bila ari zen galdetzeko, ea nire laguntza zerbaiterako behar zuen, agian etxera laguntzea nahi zuen, nahiz eta tamalez oso kaskar jantzita egon, kale ilunean babes nezan; baina beldur zehaztugabe bat nuen, apika zerbait kostatuko zitzaidala, baso bat ardo, bidaia zalgurdiz, eta ez zitzaidan sosik ere geratzen. Asaldagarri hutsak nituen patrikek gehiegi deprimitzen ninduten, eta haren albotik pasatzean zuzenean begiratzeko adorerik ere ez nuen izaten. Gosea nigan hondamenak egiten hasia zen berriro, bart arratsetik ezer jan gabe nengoen; ez zen oso denboraldi luzea, ez, sarri egun gehiago emanak nituen horrela. Baina kezkagarria zen nola nindoan ahultzen, orain ez nuen baraurik egotea lehen bezain ongi eramaten, egun bakar bat eta zorabioak hasten zitzaizkidan, ura edan bezain laster goragale etengabeak jasaten nituen. Horri gauez hotzak amorratzen egoten nintzela gaineratu behar zitzaion. Egunean soinean neraman arropa guztiarekin oheratzen nintzen, eta hozminduta eta hotzikaren menpean ematen nituen arratsak, erabat zurrunduta lokartu arte. Estalki berdeak ez ninduen aire korronteen aurka babesten, eta goizean kanpotik sartzen zitzaidan aire izoztu garratza zela eta, sudurra trabatuta esnatzen nintzen.

        Kaleetatik nabil hurrengo artikulua burutu arte bizirik mantentzeko nola moldatuko ote naizen pentsatzen. Kandelarik banu sikiera, gauean gogoz ekingo nioke lanari; ordu batzuk besterik ez nituen beharko behin izpiritua aurkitu ondoren. Horrela bihar bertan joan ahal izango nintzen berriro «Gomendaria»rengana.

        «Oplandsk»era noa besterik gabe, bankuko ezagun gaztearen bila, kandela bat erosteko hamar ore eskatzeko asmoarekin. Eragozpenik gabe utzi zidaten gela guztietan sartzen; txolartean ari ziren bezeroak jan edanean zeuden dozena bat mahaitik pasatu nintzen, eta tabernako hondoraino joan ere bai, Gela Gorriraino, nire gizona aurkitu gabe. Lotsatuta eta haserre, ostera kalera irten eta Gaztelurako bidea hartu nuen.

        Ez al zen deabru kiskalgarri, bizi eta eternalaren gauza nire atsekabeek amaierarik inoiz ez ezagutzea? Urrats luze eta suminkorrez, jakaren lepokoa gupidagabeki jasota eta eskuak galtzetako patriketan gakotuta, nire zorigaitzeko izarra etengabe madarikatuz abiatu nintzen. Zazpi edo zortzi hilabete neramatzan kezkarik gabeko unerik izan gabe, gutxienezko janaria aste oso bat segidan izan orduko berriro miserian amiltzen nintzela. Eta gainera nire zorigaiztoaren erdian zintzo jarduna nintzen, je-je, burutik behatzetara zintzo! Jainkoa, zein irrigarri jokatua nuen! Eta neure buruari kontatzen hasi nintzaion nola behin kontzientzia txarra izana nuen Hans Pauliren estalkia bahitegira eramana nuelako. Barre egin nuen isekari nire prestutasun samurraren aurrean, tu egin nuen mesprezuz kalera eta ez nituen nahiko gogorrak ziren hitzak aurkitzen hain ergel izateagatik neure buruaz irri egiteko. Gaur gertatu balitzait...! Une hartan kalean eskola-neskato baten aurrezkiak edo alarguntsa baten azken orea aurkitzen banuen, jaso eta patrikara eramango nuen, nahita lapurtuko nuen eta gero zurra-zurra lo egin gau osoa. Ez nuen alferrik pairatu hain izugarri asko, egonarria amaitua zitzaidan, edozertarako prest nengoen.

        Hiruzpalau bira egin nituen Gazteluaren inguruan, gero etxera abiatzeko erabakia hartu nuen, beste itzulitxo bat egin nuen parketik eta azkenik Karl Johandik barrena jaitsi nintzen.

        Hamaikak inguru ziren. Kalea oso ilun zegoen, eta jendea batetik bestera zebilen nonahi, bikote isilak talde zaratatsuekin tartekatuz. Amodioaren ordua, trafiko ezkutua gertatu eta abentura alaiak hasten direneko une handia iritsia zen. Nesken gona kirrikariak, algaratxo sentsual bat edo beste, bular kulunkariak, arnas bortitzak, entzungarriak; Grand Hotelaren parean ahots batek oihukatzen du: «Emma!» Kale osoa lurrun beroak zerizkion zingira bat zen.

        Patrikak haztatu nituen instintiboki bi koroen bila. Albotik pasatzen direnen mugimendu bakoitzetik dardaratzen den grina, gas-lanpen argi ilunpetsua bera, gau lasai eta betea; hasperenez, besarkadez, aitorpen dardaratiez, erdi esandako hitzez, oihutxoez beteta dagoen airea, guzti hauek erasotzen hasi zaizkit. Katu pilo bat larrua jotzen ari da garrasi bizien artean Blomgvist-en atartean. Eta nik ez neuzkan bi koroak. Tamalgarria zen, parerik gabeko miseria, hain pobretuta egotea! Hura umilazioa, hura desohorea! Eta berriro etorri zitzaidan burura lapurtuko nuen alarguntsa behartsu baten azken txanpona, inongo zeremoniarik gabe piltzarkariarengana eramango nuen eskola-mutiko baten txanoa edo mukizapia, edo eskale baten janari-poltsa, ondoren dirua parrandan gastatzeko. Neure burua kontsolatzeko eta desiraintzeko, litezkeen akats guztiak bilatzen hasi nintzaion ondotik labaintzen zitzaidan jendeari; soinak goratu eta mesprezuzko begiradak bota nien bikotez bikote nire albotik pasatu ahala. Estudiante kontenterraz eta gozoki-zurgatzaile haiek, jostun baten bularra ukitzea lortzen zutenean lizunkeria europarra burutzen ari zirela uste zutenak! Gazte, bankari, dendari, bulebar-lehoi haiek ez zieten uko egiten itsasgizonen emakumeei, garagardo pitxer baten truke atarterik hurbilenean egiteko prest zeuden azokako marigorringo potzoloei! A zer nolako ondinak! Ohea epela zuten oraindik aurreko gaueko suhiltzailearen edo zaldi-mutilaren ondoren; tronua beti zegoen eskueran, beti irekita, aurrera, igo...! Urrutira tu egin nuen, espaloitik zebilen inori ematen ote nion arduratu gabe; sutan nengoen, mesprezua besterik ez nuen sentitzen nire begien aurrean elkarren aurka igurzten eta bata bestea estaltzen ari ziren pertsona haietaz. Burua jaso eta neure baitan portaera garbia mantentzeak eragindako bozkarioa sentitu nuen.

        Parlamentuaren Enparantzan bere parera iristean oso tinko so egin zidan neska bat topatu nuen.

        «Gabon!», esan nion.

        «Gabon!» Gelditu egin zen.

        Hm. Zertan ari zen hain berandu kalean? Ez al zen arriskutsu samarra neskato batentzat Karl Johandik barrena ibiltzea eguneko ordu hartan? Ez? Ez al zuten inoiz nekarazten, argi eta garbi esango nion, ez al zioten beraiekin joateko eskatzen?

        Txundituta begiratu zidan, aurpegia arakatuz hartaz zer esan nahi ote nuen igarri nahian. Gero bat-batean besotik heldu zidan esanez: «Tira bada, goazen!»

        Segitu egin nuen. Zalgurdien ondotik urrats batzuk emanak genituenean gelditu, besoa askatu eta zera esan nion:

        «Entzun, laguna, ez dut sosik ere». Eta neure bidea jarraitzeko keinua egin nuen.

        Hasieran ez zidan sinetsi nahi; baina nire patrika guztiak miatu eta ezer aurkitu ez zuenean haserre jarri zen, burua atzera eraman eta arlote deitu zidan.

        «Agur!», esan nion.

        «Zaude pixka bat!», oihukatu zidan. «Urrezkoak al dira daramatzazun betaurrekoak?»

        «Ez».

        «Ba orduan zoaz porruak landatzera!»

        Eta joan egin nintzen.

        Geroxeago korrika etorri zitzaidan atzetik berriro ere oihuka.

        «Nirekin etor zaitezke hala ere», esan zidan.

        Umilduta sentitu nintzen kaleko neska batek egindako eskaintza harengatik, eta ezetz esan nion. Gainera gau mina zen, eta beste norabait joan behar nuen; eta bera ez zegoen horrelako sakrifizioak egiteko egoeran.

        «Bai, jauna, zurekin joan nahi dut».

        «Baina nik ez dut honela joan nahi».

        «Beraz besteren batengana zoaz», esan zidan.

        «Ez», erantzun nion.

        Baina neska xelebre haren aurrean egoera errukigarrian nengoela iruditu zitzaidan, eta itxura egitea erabaki nuen.

        «Nola duzu izena?», galdetu nion. «Marie? Hara! Entzun, Marie!» Eta neure portaera azaltzeari ekin nion. Neska gero eta harrituago zegoen. Zer uste zuen, ni ere gauez kaletik neskatoak harrapatzen aritzen ziren horietako bat nintzela? Hain gaiztotzat hartzen al ninduen benetan? Lizunkeriaren bat esana al nion menturaz? Ni bezala portatzen al zen gibel-asmoren bat zeukan norbait? Laburtuz, hitz egin banion eta berarekin urrats batzuk eman banituen noraino iritsiko ote zen jakiteko izan zen soilik. Bestela, horrelako eta halako izena nuen, horrelako eta halako erretorea nintzen. Gabon pasa! Zoaz eta ez bekatu gehiago egin!

        Eta hau esanda joan egin nintzen.

        Bozkarioz igurtzi nituen eskuak asmatutako harengatik, eta ozenki egin nion neure buruari. Bai pozgarria zela horrela ibiltzea egitate onak eginik! Agian kreatura erori hari bizitza osorako salbatuko zuen bultzada emana nion! Eta neskak estimatu egingo zidan haserrea pasatzen zitzaionean, bere heriotza-ohean zetzanean ere oroitu egingo ninduen bihotza eskerronez beteta. A, bai, merezi zuen beti zintzo izateak, zintzo eta prestu izateak!

        Benetako tenore alaian nengoen, bizirik eta adoretsu sentitzen nintzen behar zitekeen edozertarako. Kandela eduki banu agian artikulua amaitu ahal izango nukeen! Atarteko giltza berria eskuan neramala joan nintzen, kanta-marmaratuz eta txistuka, kandela lortzeko bideren bat bilatu nahian. Ez zen beste biderik geratzen, nire idazteko gauzak kalera jaitsi beharko nituen, gas-lanparen azpira. Eta atartea ireki eta nire paperen bila igo nintzen.

        Berriz jaitsi nintzenean atartea giltzez itxi eta lanparen distirapean ezarri nintzen. Dena isilik zegoen; udaltzain baten oin-hots astun eta ozenak beheko zeharkalean eta harantzago, Sankt Hans Parkerako norabidean, zakur bat zaunka, ez zen beste ezer entzuten. Ez ninduen ezerk nekarazten, jakaren lepokoa belarrietaraino igo eta indar guztiz pentsatzen hasi nintzen. Laguntza izugarria litzaidake entsegutxo hura amaitzeko zortea izango banu. Une hartantxe puntu korapilatsu samar batean nengoen, gauza berri batera pasatzeko trantsizio erabat sumaezina behar nuen, gero amaiera moteldu eta labainkorra, marmar luze bat, azkenean kanoiaren burrunba edo amiltzen den mendia bezain ozena zen itsumustuko klimax batez bukatu behar zuena. Amaia.

        Baina hitzak ez zitzaizkidan bururatzen. Zati osoa irakurri nuen hasieratik, ozenki irakurri nuen esaldi bakoitza, eta klimax nabar hartan gauzatu behar ziren ideiak biltzea erabat ezinezkoa zitzaidan. Gainera, horretan lanean ari nintzela, udaltzaina hurbildu zen, kalearen erdian gelditu nigandik urruti samar, eta inspirazioa zeharo kendu zidan. Berari zer axola zitzaion une hartan «Gomendaria»rentzat artikulu bat osatzeko klimax ezin hobean idazten banengoen? Jainkoa, bai nekeza gertatzen zitzaidala ur gainean mantentzea ahaleginetan aritu arren! Ordu bete inguru geratu nintzen han, udaltzainak bere bidea segitu zuen, eta hotza geldirik egoteko latzegi bihurtzen hasi zen. Adoregabetuta eta erreta alferrikako saio berri harengatik, azkenean atartea berriro ireki eta nire gelara igo nintzen.

        Hotza zegoen goian, eta ozta-ozta ikusten nuen leihoa ilunpe trinko hartan. Ohera abiatu nintzen haztaka, oinetakoak erantzi eta oinak eskuen artean berotzen hasi nintzen. Gero nindoan bezala etzan nintzen, aspaldiko ohitura jarraituz, guztiz jantzita.

 

 

        Biharamunean goizean, eguna argitu bezain laster, ohean agondu eta artikuluari heldu nion berriro. Jarrera hartan eguerdira arte egon ondoren hamar edo hogei lerro besterik ez nituen idatzi. Eta oraindik amaierara iritsi gabe.

        Jaiki egin nintzen, botak jantzi eta mutur batetik bestera ibiltzen hasi nintzen berotzeko asmoz. Jela zegoen leihoetan; kanpora begiratu nuen. Elurra ari zuen, atzeko patioan lauzak eta ur-punpa elurrezko geruza lodi batek estalita zeuden.

        Batetik bestera ibili nintzen nire gelan, xederik gabeko itzuliak egiten, azkazalez urratu nuen orma, kopeta atearen aurka arretaz jarri, zorua erkinez kolpatu eta adi-adi entzun, guzti hau helbururik gabe, baina lasaitasunez eta pentsakor, garrantzizko eginbeharra bailitzen. Eta bitartean behin eta behin esaten nuen ozenki, neronek ere entzuteko moduan: Baina Jainkoa, hau eromena da! Eta berdin-berdin segitzen nuen. Denbora luzea, agian ordu pare bat, iragan ondoren, indarrak bildu, ezpainetan kosk egin eta ahal nuen bezala zutitu nintzen. Amaiera eman behar nion hari! Txirbila aurkitu nuen murtxikatzeko eta erabaki handiz ekin nion berriro idazteari.

        Neke eskergaz esaldi labur batzuk burutu nituen, hogei bat hitz ziztrin, jardunez eta lan itzelaz lortuak, pixka bat aurreratzearren, bederen. Gelditu nintzenean burua hutsik neukan, ezin nuen gehiago. Eta aurrera segitu ezinik nengoenez, begiak zabal-zabalik ekin nion azken hitzoi, amaitu gabeko orrialde haiei, so egiteari, begira geratu nintzaien paperetik ateratako zomorrotxo iletsuak ziruditen letra arraro eta dardarati haiei, eta azkenean ez nuen ezer ulertzen, ez nuen ezertxotaz ere pentsatzen.

        Denbora iragan zen. Kaleko trafikoa entzuten nuen, gurdien zarata eta zaldien oin-hotsa; Jens Olajen ahotsa iritsi zitzaidan zaldiei oihuka. Erabat odolgabe nengoen, eta nire jarduera bakarra ahoaz hotsak egitea zen. Nire bularraren egoera tamalgarria zen.

        Iluntzen hasi zen, gero eta abailduago nengoen, nekatuta sentitu eta ohean etzan nintzen. Eskuak berotzeagatik hatzak iletik pasatzen nituen, atzera eta aurrera, ezkerrera eta eskuinera; xerloak eramaten nituen atzamarren artean, gero burkotik zabaltzen ziren ile solteak. Orduan ez nuen ezer pentsatzen hartaz, niri ez zihoakidan gauza bailitzen zen, izan ere, ile ugari geratzen zitzaidan oraindik. Ostera saiatu nintzen atal guztietan barrena lanbroa bezala irristatzen zitzaidan lozorro bitxi hura gainetik kentzen. Agondu egin nintzen, esku irekiaz kolpatu nituen belaunak, birikak uzten zidaten bezain bortizki eztul egin nuen... eta berriro amildu nintzen ohe gainera. Ezin nuen ezer egin; hiltzen ari nintzen ezinbestean, begiak zabalik eta sabaiari tinko so egiten. Azkenean erkina ahora eraman eta hura zurgatzeari ekin nion. Nire garunean zerbait hasi zen mugitzen, han barruan hazten zihoan gogoeta bat, ideia zentzugabea: eta kosk egingo banio? Eta une batez pentsatzera gelditu gabe begiak itxi eta hortzak estutu nituen.

        Jauzi bat eman nuen. Azkenik esnatua nintzen. Odol pixka bat zerion erkinari eta jario ahala zurgatzen nuen. Ez zidan min handirik egiten, zauria ez zen hain handia; baina itsumustuan neure onera itzulia nintzen. Burua astindu eta leihora abiatu nintzen, zapi bat hartu eta zauria bendatu nuen. Horretan ari nintzela, malkoak etorri zitzaizkidan begietara eta isilean negar egin nuen. Hozkatutako erkin argal hark hain itxura tristea zuen... Zeruko Jainkoa, noraino iritsia nintzen!

        Iluntasuna trinkoagotu egin zen. Agian gerta zitekeen arratsean amaiera burutu ahal izatea kandela lortuz gero. Burua argitua zitzaidan berriz, gogoetak joan-etorrian zebilzkidan beti bezala, eta ez nuen gehiegi pairatzen; sentitzen nuen gosea ere ez zen zuela ordu batzuetakoa bezain bizia, eutsi ahal izango nion biharamunera arte. Agian zorretan erosi ahal izango nuen kandela janari-dendan neure egoera azaltzen banuen. Ondo ezagutzen ninduten han; garai onetan, dirua neukanean, makina bat ogi opil erosia nuen denda hartan. Zalantzarik gabe kandela emango zidaten nire izen onarengatik. Eta lehenbiziko aldiz aspaldiko partez arropa pixka bat eskuilatu nuen, eta ilunpeak uzten zidan neurrian jakaren lepokotik ileak kendu: gero haztaka jaitsi nituen eskailerak.

        Kalera atera nintzenean agian ogia eskatzea hobe litzatekeela bururatu zitzaidan. Zalantzak izan nituen, gelditu egin nintzen pentsatzeko. Inola ere ez!, erantzun nion azkenik neure buruari. Tamalez ez nengoen ezein janaririk hartzeko egoeran; liluraldiak eta dartadak eta ideia xelebreak hasiko zitzaizkidan berriro, ez nuen artikulua sekula amaituko, eta «Gomendaria»rengana joan behar nuen ahaztu nintzan baino lehen. Ezta pentsatu ere! Eta kandelaren aldeko erabakia hartu nuen. Gero dendara sartu nintzen.

        Emakume bat dago salmahaiaren aurrean erosketak egiten; paper mota desberdinetako paketetxoak ditu aldamenean. Morroiak, ni ezagutuz eta normalean zer erosten dudan dakienez, emakumea utzi eta besterik gabe ogi opila egunkari batean bildu eta luzatu egiten dit.

        «Ez, gaur kandela nahi dut», esaten diot. Oso leun eta apalki esaten dut haserretu ez dadin eta kandela eskuratzeko aukera alferrik ez galtzearren.

        Nire erantzunak nahasi egiten du, espero ez zituen hitzek aztoratu egiten dute; ogia ez zen zerbait eskatzen nion lehen aldia zen.

        «A, orduan pixka bat itxaron beharko duzu», esaten dit azkenik emakumearekin jarraituz.

        Emakumeak bere gauzak hartzen ditu, bost koroako batez ordaindu, atzerako txanponak hartu eta joan egiten da.

        Orain morroia eta biok bakarrik gaude.

        Esaten dit:

        «Beraz kandela nahi duzu». Eta kandela pakete bat ireki eta bat ateratzen dit.

        Niri begira geratzen da, eta ni hari begira, eskakizuna ezpainetatik harantzago eraman ezinik.

        «A, bai, egia da, ordaindu didazu», esaten du bat-batean. Zer eta ordaindua niola esaten du; hitz guztiak entzun nituen. Eta kaxoitik zilarrezko txanponak ateratzen hasten da, koroaz koroa, txanpon distiratsuak, potzoloak... bost koroen atzerakoak ematen dizkit!

        «Hor duzu!», esaten dit.

        Diruari begira geratzen naiz une batez, zerbait oker dagoela jabetzen naiz, baina ez dut ezertaz pentsatzen, adigabetuta geratzen naiz nire begien aurrean distiratzen dagoen aberastasun honen aurrean. Eta txanponak mekanikoki hartzen ditut.

        Hantxe nago, salmahaiaren aurrean, harridurak tentelduta, garaituta, ezdeustuta; urrats bat ematen dut aterantz eta berriz gelditzen naiz. Ormako puntu zehatz batera daramat begirada; kriskitindun uztaia dago esekita, eta horren azpian soka mataza. Eta gatza hauei tinko begira geratzen naiz.

        Morroiak, horren presa gutxi erakusten dudanez berriketa gogoa izango dudala pentsatuz, hizketan hasten zait salmahaia estaltzen duten bilpaper mordo bat pilatzen duen bitartean:

        «Badirudi negua hurbil dugula».

        «Hm. Bai», erantzuten diot, «badirudi negua hurbil dugula. Halaxe dirudi». Eta geroxeago gaineratzen dut: «Tira bada, ez da goizegi. Baina hala dirudi benetan, bai. Izan ere, ez da goizegi, ez».

        Neure buruari entzuten nion hizketan, baina esaten nuen hitz bakoitza beste pertsonaren batengandik bailetorren entzuten nuen. Erabat inkontzienteki hitz egiten nuen, borondaterik gabe, neronek sentitu gabe.

        «Hori uste duzu benetan?», esaten dit morroiak.

        Dirua patrikan sartu, ate-giderrari heldu eta joan egin nintzen; neure buruari gabon esaten entzun nion, eta morroiari erantzuten.

        Urrats batzuk urrundua nintzen dendako atea ireki eta morroiaren ahotsa deika entzun nuenean. Jiratu egin nintzen, harridurarik gabe, inongo larridurarik gabe; dirua eskuan hartu eta bihurtzeko prestatu nintzen.

        «Tori, kandela ahaztuta zindoazen», esaten dit morroiak.

        «A, eskerrik asko», erantzuten diot lasaiki. «Mila esker, mila esker!»

        Eta kalean behera jarraitu nuen, eskuan kandela neramala.

        Nire lehen zentzuzko gogoeta diruari buruzkoa izan zen. Lanpa baten azpian jarri nintzen berriz zenbatzeko, eskuan pisatu eta irribarre egin nuen. Beraz laguntza bikaina iritsia zitzaidan, egundoko laguntza zoragarria, luzaro iraungo zidana! Eta dirua zeukan eskua ostera sakelaratu eta joan egin nintzen.

        Kale Handiko jatetxe baten aurrean gelditu nintzen, eta hotz eta lasai pentsatu nuen ez ote nuen segituan mokadu pare bat hartzera arriskatu behar. Plater eta labanen tintina iristen zitzaidan barrutik, eta kolpatzen ari ziren xerrarena ere; tentazioa handiegia izan zitzaidan, eta sartu egin nintzen.

        «Xerra!», eskatzen dut.

        «Xerra!», oihukatzen du neskameak leihatila batetik.

        Atearen ondoan zegoen mahai libre batean eseri eta itxaroten geratu nintzen. Ilun samar zegoen eserita nengoen lekuan; ezkutua sentitzen nintzen, eta pentsatzeari ekin nion. Neskameak lantzean behin jakin-minez begiratzen zidan.

        Burutua nuen neure lehen benetako maltzurkeria, neure lehen lapurreta, zeinaren ondoan aurreko besteak xumekeriak ziren; neure lehen erorketa larria... Ederki! Hark ez zeukan konponbiderik. Beste aldetik beti konpon nezakeen arazoa dendariarekin, geroxeago, aukera hobea neukanean. Bide beretik segitzea ez zen premiazkoa; gainera ez nuen gainerako jendeak baino era zintzoagoan bizitzea erabaki, ez zegoen inongo konpromisorik...

        «Ba al dator xerra hori?»

        «Bai, segituan». Neskameak leihatila ireki eta sukaldera begiratzen du.

        Baina dena deskubritzen bazen, zer? Morroia susmatzen hasten bazen, ogiaren kontuaz eta emakumeak atzerakoak hartuak zizkion bost koroez pentsatzen hasten bazen? Ez zen batere ezinezkoa egunen batean gertatzea, agian dendan sartzen nintzen hurrengo aldian. Beno, tira bada!... Soinak goratu nituen ezkutuan.

        «Hona hemen!», esaten du neskameak adeitsu, platera mahaian jarriz. «Baina ez al duzu nahiago beste gelaren batean eseri? Hemen izugarri ilun dago».

        «Ez, mila esker, hemen geratuko naiz», erantzuten diot. Haren adikortasunak hunkitu egiten nau, segituan ordaintzen diot xerra, patrikatik azarean atera dudana ematen diot, eta eskua ixten diot. Irribarre egiten dit, eta txantxetan esaten diot, malkoak begietara datozkidala: «Soberaz baserria erosteko adina izango duzu... On egin!»...

        Jaten hasi nintzen, gero eta sabelkoiago jaten nuen, pusketa handiak murtxikatu gabe irentsiz. Gizaragi-jalea bainintzen zarratatzen nuen haragia.

        Berriz etorri zitzaidan neskamea.

        «Ez al duzu edateko ezer nahi?», esaten dit. Eta apur bat makurtzen da niganantz.

        So egin nion; oso baxu mintzatzen zen, ia-ia herabetasunez, eta begiak jaitsiz.

        «Garagardo erdi bat, edo nahi duzuna... nire bizkar... hau da... nahi baduzu...»

        «Ez, mila esker!», erantzun nion. «Orain ez. Etorriko naiz beste noizbait».

        Atzera jo eta zerbitzu-mahaiaren atzean eseri zen; burua besterik ez nion ikusten. Bai neska xelebrea!

        Amaitu orduko atera abiatu nintzen; zegoeneko goragalea sentitzen nuen. Neskamea altxatu egin zen. Argitara joatearen beldur nintzen, ez nuen andereño haren aurrean neure burua gehiegi erakutsi nahi, nire miseria ikus ez zezan, beraz gabon azkar bat esan, burua makurtu eta atera egin nintzen.

        Janariaren eragina hasi zen, asko sufritzen nuen eta ezingo nuen barruan luzaro mantendu. Pasatzen nintzen kantoi ilun guztietan ahoa husten nindoan, areagotzen zihoakidan goragale haren aurka borrokatzen nintzen, ukabilak estutzen nituen eutsi ahal izateko, zorua kolpatzen nuen eta suminez irensten nuen irten nahi zuena... alferrik! Azkenean atarte batera salto egin nuen, makurtuta, begietara zetozkidan malkoek itsututa, eta berriro hustu nintzen.

        Etsiak jota nengoen, negarrez segitu nuen kalean gora, hala jazartzen ninduten dena delako botere krudel haien aurka biraoka, infernuko hondamendia eta oinaze eternalak agintzen nizkien beren doilorkeriengatik. Gizabide urria zegoen nire patuan, benetan gizabide urria, esan beharra zegoen!... Denda bateko leihora begira zegoen gizon batengana joan nintzen, eta presa handiz galdetu nion ea bere iritziz zer komeni zitzaion gehien jan gabe luzaro zeraman gizonari. Bizi ala hiltzeko gauza zen, esan nion, ezin zuen xerra jasan.

        «Entzuna dut esnea aparta dela, esne egosia», erantzun zidan gizonak zeharo txundituta. «Baina norentzat ari zara galdezka?»

        «Mila esker! Mila esker!», esaten diot. «Gerta liteke, bai, ona izatea, zera, esne egosia...»

        Eta joan egiten naiz.

        Aurkitu nuen lehen tabernan sartu eta esne egosia eskatu nuen. Zerbitzatu zidaten, zetorren bezain bero edan nuen, azken tantaraino antsiaz irentsiz, ordaindu eta berriz atera nintzen. Etxerantz abiatu nintzen.

        Orduan gauza xelebrea gertatu zen. Nire etxearen aurrean, gas-lanpan bermatuta eta haren argigunearen erdian, urrutitik bereizten dudan pertsona bat dago... beltzez jantzitako dama da berriz. Aurreko arratsetako beltzez jantzitako dama bera. Ezinezkoa zen huts egitea, laugarren aldiz joana zen leku berera. Geldi-geldirik dago.

        Hain bitxi iruditzen zait oharkabean mantsotu egiten dudala ibilera; une honetan gogoa argia daukat, baina oso asaldatuta nago, nire nerbioak azken otorduagatik narritatuta daude. Haren ondotik pasatzen naiz beti bezala, ia iritsi naiz atartera eta sartzeko zorian nago. Orduan gelditu egiten naiz. Itsumustuko inspirazioa dut. Zertan ari naizen ohartu gabe, bira egin eta damarengana noa, aurpegira begiratu eta agurtu egiten dut:

        «Gabon, andereño!»

        «Gabon!», erantzuten dit.

        Barkatzeko, baina norbaiten bila ari al zen? Lehenago ere ikusia nuen; lagun al niezaiokeen menturaz nola edo hala? Nolanahi ere, barkamena eskatzen nion.

        Ba, ez zegoen ziur...

        Atarte hartan ez zen inor bizi, hiruzpalau zaldi eta ni neu salbu; zalditegia eta berunkaritza tailerra besterik ez zegoen. Galduta zegoen, zoritxarrez, han norbaiten bila zebilenean.

        Orduan damak aurpegia jiratu eta esaten du:

        «Ez nabil inoren bila, hemen nago, besterik gabe».

        Hara, han zegoen, besterik gabe, han egoten zen arratsero, nahikeria batek bultzatua. Arraro samarra zen; hartaz zenbat eta gehiago pentsatu, gero eta nahasketa handiagoa eragiten zidan damak. Orduan ausarta izatea erabaki nuen. Patrikako txanponekin dilin batzuk egin eta besterik gabe gonbidatu egin nuen nonbait baso bat ardo edatera... negua iritsia zela kontutan hartuz, je-je... Ez zuen derrigorrez luzaro iraun behar... Baina ez zuen nahiko, noski...

        O, ez, eskerrik asko, ez zen komenigarria. Ez, ezin zuen hori egin. Baina estimatuko lidake pixka bat laguntzen banuen... Etxerako bidea nahiko iluna zen, eta ez zen eroso sentitzen Karl Johanen barrena hain berandu bakarrik joaten.

        Ibiltzen hasi ginen; bera nire eskuinera zihoan. Atseginezko sentipen berezi bat jabetu zen nitaz, neska gazte baten alboan egotearen kontzientzia. Bide osoan hari begira joan nintzen. Haren ileko lurrina, haren gorputzari zerion berotasuna, atzetik zeraman emakume usain hura, arnas gozo hura aurpegia niganantz jiratzen zuen bakoitzean... guzti hau barneratu egiten zitzaidan, nik kontrolatu ezinik sartzen zitzaidan zentzumen guztietan. Estalkiaren azpian aurpegi bete eta zurbil samar bat eta berokia puzten zihoan bularra bereiz nitzakeen. Berokia eta estalkiaren azpian igartzen nituen lilurez pentsatzeak asaldatu egiten ninduen, txepelki zoriontsu egiten ninduen arrazoi logikorik gabe; luzaroago eutsi ezinik, eskuaz ukitu nuen, soina haztatu nion irriño ergel batekin. Nire bihotzaren taupadak entzuten nituen.

        «Bai arraroa zarela!», esan nion.

        Hara, zergatik?

        Ba hasteko, zalditegi baten aurrean arratsero egoteko ohitura zuelako, inongo asmorik gabe, otutzen zitzaiolako bakarrik...

        Beno, izan zitzakeen horretarako arrazoiak; gainera, berandu oheratzea gogokoa zuen, betidanik atsegin izan zitzaion. Niri gauerdia baino lehen oheratzea gustatzen al zitzaidan?

        Niri? Munduan zerbait gorrotatzen banuen, gauerdia baino lehen oheratzea zen.

        Beraz zuri ere bai! Eta beste zereginik ez zeukan arratsetan itzuli hura egiten zuen; Sankt Olaf Enparantzan bizi zen...

        «Ilaiali!», oihukatu nuen.

        «Nola diozu?»

        «Ilaiali esan dut bakarrik... Ez da ezer, segi!»

        Sankt Olaf Enparantzan bizi zen, nahiko bakarti, bere amarekin batera, baina ezin zuen harekin hitz egin arras gorra zegoelako. Harritzekoa al zen etxetik pixka bat atera nahi izatea?

        Ez, ez horixe! ihardetsi nion.

        Beno, orduan...? Haren ahotsarengatik banekien irribarre egiten ari zela.

        Ez al zuen ahizpa bat?

        Bai, ahizpa zaharragoa... Nola nekien nik hori? Baina Hamburgora joana zen.

        Arestian?

        Bai, zuela bost aste. Baina nondik nora nekien ahizpa bat zeukala?

        Beno, ez nekien, galdetu besterik ez nuen egin.

        Isildu egin ginen. Gizon bat pasatzen zaigu aldamenetik, zapata pare bat besazpian, bestela kalea erabat hutsik dago ikusten duguneraino. Tivoli aldean kolorezko lanpa ilara luze bat piztuta dago. Ez zuen elurra ari, oskarbi zegoen.

        «Jainkoa, ez al zara hotz berokirik gabe?», esaten du damak bat-batean niri begiratuz.

        Esan behar al nion zergatik ez neukan berokirik? Neure egoera besterik gabe azaldu eta dama hantxe bertan aienatu, itxaron gabe? Zoragarria zen, ordea, haren ondoan ibiltzea eta beste une batez ezjakinean mantentzea; gezurra esan nion, erantzun nion:

        «Ez, ez horixe». Eta beste gai batera pasatu nahian, galdetu nion: «Ikusi al dituzu Tivoli Parkeko piztiak?»

        «Ez», erantzun zidan. «Ikusteak merezi al du?»

        Eta orain hara joatea bururatzen bazitzaion? Hainbeste argi zegoen lekura, hainbeste jenderekin nahasita! Lotsatu egingo zen nitaz, nire jantzi menstuak eta bi egun garbitu gabe neramatzan aurpegi argalak nigandik korrika aldentzea ekarriko zuten; agian gerruntzerik ere ez neramala ohartuko zen...

        «Ba ez», erantzun nion horregatik, «ez dut uste asko merezi duenik». Eta ideia zoriontsu ugari etorri zitzaidan burura, berehala erabili nituen nire garun hustuaren arrastoen arteko hitz apalak: Zer espero zitekeen horrelako pizti bilduma xume batetik? Gainera ez nuen piztia kaiolatuak ikusteko inongo interesik. Animalia horiek ondo dakite beraiei begira egoten garela; sentitu egiten dituzte ehunka begirada ikusberak, haien eragina jasaten dute. Ez, nik nahiago nituen norbait begira zutela ez zekiten animaliak, beren bizilekuetan diharduten begi berdedun izaki iheskorrak, lurrean etzanda atzaparrak zurgatzen eta pentsatzen. Ala ez?

        Bai, egia esan arrazoia nuen.

        Piztia bere lazgarritasun berezi osoan, bere egoera basati berezi horretan, horrek balio zuen. Urrats isil eta itzurkorrak gauaren babespean, oihaneko izu zehaztugabea, ondotik pasatzen den hegazti baten garrasiak, haizea, odol usaina, goiko eguratsaren burrunba... hitz gutxitan, basapiztien erresumaren arima piztiaren gainean... Inkontzientearen poesia...

        Baina honek aspertuko ote zuen beldur nintzen, eta nire pobrezia eskergaren sentipena itzuli zitzaidan, abaildu egin ninduen. Zertxobait hobeto jantzita egon banintz behintzat, Tivolira eramateko atsegina eman niezaiokeen! Ezin nuen ulertu Karl Johan osoan barrena erdi biluzik zihoan erromes baten ondoan joatea atsegin zuen emakume hura. Zer demontretan pentsatzen ote zuen? Eta zertan ari nintzen ni harrokeriatan eta haizeari irribarre egiten baboa bezala? Ba al neukan zentzuzko ziorik zetazko txori hari hain ibilaldi luze batez zirikatzen uzteko? Ez al zitzaidan bada senperren izugarriak kostatzen ari? Ez al zitzaidan herioaren hotzikara bihotzeraino iristen aurkako haizerik xumeenarekin batera? Eta garunetan ez al zitzaidan hasia eromenaren zalaparta, elkarren segidako hilabete askotako janari eza soilak eragina? Etxera itzultzea ere eragozten zidan emakumeak, etxera joan eta esne pixka bat edatea, agian barruan gorde ahal izango nuen beste esne koilarakada bat. Zergatik ez zidan gibela ematen eta infernura joaten uzten...

        Etsita nengoen; nire itxaropen ezak azken mugaraino bultzatu ninduen, eta esan nion:

        «Andereño, benetan, ez zenuke nirekin etorri behar; konprometitu besterik ez zaitut egiten jendearen begien aurrean, jantziagatik besterik ez bada ere. Bai, egia da, zinez diotsut».

        Txundituta geratzen da. Begirada laster bat bidaltzen dit isilik geratuz. Ostean esaten du:

        «Ene Jainkoa!». Ez du besterik esaten.

        «Zer esan nahi duzu horretaz?», galdetu nion.

        «Oi, ez, lotsa ematen dit... ia iritsi gara». Eta ibilera bizkortu zuen.

        Unibertsitate kaletik okertu eta Sankt Olaf Enparantzako lanpak ikusi genituen han urruti. Orduan ibilera berriro mantsotu zuen.

        Ez nuke indiskretua izan nahi», esaten diot, «baina ez al didazu zure izena esango banandu aurretik? Eta ezin al duzu une batez estalkia kendu, aurpegia ikus diezazudan? Oso estimatuko nizuke».

        Isilune bat. Ni zain nengoen.

        «Lehenago ere ikusia nauzu», erantzuten dit.

        «Ilaiali!», esaten dut berriz.

        «Egun erdi oso batez segitu ninduzun etxeraino. Mozkortuta al zeunden?» Ahotsagatik irribarre egiten zuela igarri nion berriz.

        «Bai», esan nion, «bai, tamalez mozkortuta nengoen hartan».

        «Gaiztakeria izan zen zure aldetik!»

        Eta damutasunez aitortu nuen baietz, gaiztakeria izan zela nire aldetik.

        Iturrira iritsiak ginen; gelditu eta 2 zenbakiko leiho argitu ugariei begira geratu ginen.

        «Ez nauzu gehiago lagundu behar», esaten dit. «Mila esker arrats honengatik!»

        Burua makurtu nuen, ezer esaten ausartu gabe. Kapela kendu eta burutsik geratu nintzen. Ez ote zidan eskua emango?

        «Zergatik ez didazu zertxobait gehiago laguntzeko eskatzen?», esaten du ahopeka, bere behatzei begiratuz.

        «Jainkoa», erantzuten diot, «hala nahiko bazenu!»

        «Bai, baina pixka bat bakarrik».

        Eta bira egin genuen.

        Arras nahasita nengoen, zer egin jakin gabe; emakume hark hankaz gora jartzen zizkidan gogoeta guztiak. Estasian nengoen, izugarri pozik; bozkarioagatik eztiki hiltzen nindoala iruditzen zitzaidan. Damak laguntzen jarrai nezan nahi zuen espresuki, ez zen nire ideia izan, haren desira baizik. Hari begira noa, gero eta bulartsuago sentituz, hark adore ematen dit, beregana narama hitz bakoitzaz. Une batez ahaztu egiten dut neure pobrezia, neure apaltasuna, neure egoera tamalgarri osoa, odol beroa gorputz osoan dabilkidala sentitzen dut, garai onetan bezala, nire gainbehera baino lehen, eta mainatxo batez eremua aztertzea erabaki nuen.

        «Gainera, lehengo egunean ez nindoan zure atzetik», esan nion, «zure ahizparen atzetik baizik».

        «Nire ahizpa?», esaten du erabat harrituta. Gelditu egiten da, begiratzen dit, erantzunaren zain dago. Zinez galdetzen zidan.

        «Bai», erantzun nion. «Hm. Hau da, nire aurrean zihoazen bi dametako gazteena».

        «Gazteena? A, ja, ja!» Algaraka hasi zen, ozenki eta indarrez, haur bat bezala. «Bai maltzurra zarela! Hori estalki ken dezadan bakarrik esan duzu, ezta? Bai, ulertu dut. Baina ez dut amore emango... zigor gisa».

        Barrez eta txantxetan hasi ginen, etengabe hitz egiten, denbora guztian; ez nekien zer esaten nuen, hain pozik nengoen. Esan zidan beste batean ikusia ninduela, aspaldi, antzokian. Hiru adiskideekin nengoen, eta eroa bezala portatua nintzen; tamalez, hartan ere mozkortuta egongo nintzen noski!

        Zergatik uste zuen hori?

        Bai, hainbeste barre egina nuen...

        Egia da. A, bai, garai hartan barre asko egiten nuen.

        Eta orain jadanik ez?

        A, bai, orain ere bai. Bizirik egotea zoragarria zen!

        Karl Johanera iritsi ginen. «Ez gaitezen harantzago joan», esan zidan. Eta bira egin eta berriro abiatu ginen Unibertsitate kalean gora. Bigarrengo aldiz iturrira iritsi ginenean, ibilera apur bat mantsotu nuen, banekien eta ez zidala gehiago laguntzen utziko.

        «Beno, orain bira egin behar duzu», esan eta gelditu egin zen.

        «Hala egin beharko dut», erantzun nion.

        Baina segituan atarteraino lagun nezakeela esan zidan. Ene bada, horretan ez zegoen gauza okerrik. Ezta?

        «Ez», esan nuen.

        Baina atartean geundenean malurrak inbaditu ninduen berriro. Nola manten nezakeen adorea hain apurtuta egonda? Hemen nengoen ni dama gazte baten aurrean, zikina, zartatuta, goseak desitxuratuta, garbitu gabea, ia arroparen erdia faltan... desagertzea irrikatzeko modukoa zen. Kuzkurtu egin nintzen, eta oharkabean makurtuz esan nion:

        «Ezin al zaitut beste noizbait ikusi?»

        Ez nuen berriro ikusteko ezein itxaropenik; ia-ia ezezko borobila nahi nuen, horrek neure lekuan jarriko ninduke, ezaxolati bihurtuko.

        «Bai», esan zidan ahopeka, era ia entzunezinean.

        «Noiz?»

        «Ez dakit».

        Isilunea.

        «Ezin al duzu une batez bakarrik estalkia kendu», esan nion, «norekin hitz egin dudan jakin dezadan? Une batez bakarrik. Jakin egin behar dut norekin aritu naizen hizketan».

        Isilunea.

        «Hemen kanpoan aurki nazakezu astearte arratsean», esaten dit. «Nahi al duzu?»

        «Bai, zuk uzten badidazu!»

        «Zortzietan».

        «Konforme».

        Berokitik pasatu nion eskua, gaineko elurra kenduz, ukitzeko aitzakia izatearren; zoramena zen niretzat haren presentzia.

        «Baina ez nitaz iritzi txarregia izan», esan zidan. Irribarre egin zidan berriro.

        «Ez...»

        Bat-batean, mugimendu azkar batez, kopetaren gainera altxatu zuen estalkia; segundo batez elkarri begira geratu ginen. Ilaiali!, esan nuen. Bera behatz muturretan jarri, besoak nire lepora eraman eta musua eman zidan ezpainetan. Behin bakarrik, bizkor, harrigarri bizkor, ezpainetan. Bularra bortizki mugitzen eta arnasa lasterra sumatu nizkion.

        Eta itsumustuan nire eskuetatik askatu, gabon oihukatu zidan arnaska, xuxurlari, jiratu eta eskaileretan gora joan zen, beste ezer esan gabe...

        Ezkaratzeko atea itxi zen.

 

 

        Biharamunean are elur gehiago egin zuen, elur astuna eta euriarekin nahasia, maluta heze handiak, erortzean lokatz bihurtuz. Eguraldia gordina eta jelatsua zen.

        Berandu samar esnatua nintzen, burua bitxiki nahasia bart arratseko zirrarengatik, bihotza horditua topaketa miragarriagatik. Nire estasian une batez etzanda egona nintzen Ilaiali ondoan neukala pentsatuz; besoak zabaldu, neure burua besarkatu eta aireari musu ematen nion. Gero, azkenik altxatu eta beste basokada bat esne hartua nuen eta berehala haren ondoren haragi xerra, eta gosea joana zitzaidan zegoeneko; baina nire nerbioak berriro kitzikatuta zeuden.

        Arropa azokara jaitsi nintzen. Agian gerruntze merkeren bat aurki nezakeela otu zitzaidan, jakaren azpian eramateko zerbait, edozer. Azokako harmailak igo, gerruntze bat aukeratu eta aztertzen hasi nintzen. Horretan ari nintzela ezagun bat pasatu zen; buruarekin keinu bat egin eta oihu egin zidan, gerruntzea zintzilik utzi eta harengana jaitsi nintzen. Teknikaria zen eta bulegorako bidean zihoan.

        «Zatoz nirekin garagardo bat hartzera», esan zidan. «Baina bizkor, ez dut beta askorik... Nor zen bart arratsean zurekin pasiera egiten ari zen dama?»

        «Aizu, entzun», esan nion, bestearen gogoeta soilez jeloskor, «eta nire emaztegaia balitz?»

        «Alajaina!», esan zuen.

        «Bai, atzo erabaki genuen».

        Zur eta lur utzia nuen, bete-betean sinetsi zidan. Gezur ugari kontatu nion bakean utz nintzan; garagardoa atera ziguten, edan eta joan egin ginen.

        «Ikusi arte bada!... Aizu», esan zidan bat-batean, «koroa batzuk zor dizkizut, eta lotsagarria da hain luzaro ondoren ordaindu ez izana. Baina lehenbailehen bihurtuko dizkizut».

        «Konforme», erantzun nion. Baina ondotxo nekien koroa haiek ez zizkidala inoiz bihurtuko.

        Zoritxarrez garagardoa segituan igo zitzaidan burura, oso bero nengoen. Bezperako abenturak ez ninduen bakean uzten, ia asaldatu egiten ninduen. Eta asteartean neska agertzen ez bazen? Eta pentsatzen hasi eta zerbait errezelatzen hasia bazen?... Baina zer errezelatu?... Bat-batean gogoa argitu zitzaidan eta diruaz pentsatzen hasi nintzen. Larritasuna sentitu nuen, neure buruarekiko beldurra. Lapurreta agertu zitzaidan xehetasun guztiekin; dendatxoa ikusi nuen, salmahaia, neure esku argala dirua harrapatzen, eta Poliziak ni atxilotzeko segituko zituen prozedurak irudikatu nituen. Burdinak esku eta oinetan, ez, eskuetan bakarrik, agian esku batean bakarrik; polizia-etxeko esku-banda, guardiako zainaren erregistroa, haren lumaren hotsa papera urratzen, haren begirada, haren begirada izugarria: Hara, Tangen jauna... Gela, betiere ilunpetan...

        Hm. Ukabilak indarrez estutu nituen neure buruari adore emateko, ibilera bizkortu nuen eta Enparantza Nagusira iritsi nintzen. Han eseri egin nintzen.

        Umekeriarik gabe! Nola demontre froga zezaketen lapurreta egina nuela? Gainera dendako morroia ez zen bazterrak nahasten ausartuko, noizbait dena nola gertatu zen oroitzera iritsita ere; gehiegi preziatzen zuen lanpostua. Zaratarik ez, eszenarik ez, mesedez!

        Baina diru haren pisu bekataria sentitzen nuen patrikan, ez ninduen bakean uzten. Neure burua aztertzen hasi nintzen, eta argi eta garbi ikusi nuen lehen, zintzo izanda pairatzen nuenean, zoriontsuagoa izana nintzela. Eta Ilaiali! Ez al nuen bada hondamendira eraman nire esku bekatariez? Jainkoa! Ene Jainkoa! Ilaiali!

        Zahagia bezain hordituta sentitzen nintzen; bat-batean zutitu eta bertako botika-dendaren alboan pastelak saltzen zituen emakumearengana joan nintzen. Oraindik garbi nezakeen desohorea, ez zen beranduegi, mundu osoari erakutsi behar nion horretarako gai nintzela! Bidean dirua prestatzen joan nintzen, azken oreraino bildu nuen eskuan; emakumearen mahaitxoaren aurrean makurtu nintzen, zerbait erosi nahiko banu bezala, eta txanponak eskuan jarri nizkion besterik gabe. Ez nuen txintik ere esan, eta agudo Pan nintzen.

        Hura zapore zoragarria zuen berriro pertsona prestua izateak! Nire patrika hutsek ez zuten jadanik pisatzen, plazera zen niretzat berriz ere sosik ez edukitzea. Ondo pentsatuta, diru hark atsekabe ezkutu ugari ekarria zidan, hartaz pentsatzean sarri sumatua nuen hotzikara bat; nire arima ez zen harrizkoa, nire izaera prestua matxinatua zen egintza baxu haren aurka. Nire kontzientziak altxatze bat jasana zuen. Ea beste horrenbeste egin dezakezuen!, esan nuen enparantzako jendetzari begiratuz. Saiatu beste horrenbeste egiten! Atso pastel-saltzaile behartsu bati zorion izugarria eramana nion; zer pentsatu jakiteke egongo zen. Baina gaur haren seme-alabak ez ziren gosez oheratuko... Gogoeta haiek kitzikatu egiten ninduten, eta era apartan portatua nintzela iruditzen zitzaidan. Jainkoari esker, dirua ez zegoen jada nire eskuetan.

        Hordituta eta urduri segitu nuen kalean barrena, jarduteko prest. Ilaialirengana garbi eta zintzo joan eta aurpegira zuzenean begiratu ahal izango nuelako pozez gainezka nengoen; zegoeneko ez neukan minik, burua argi eta hutsik neukan, soinen gainean argi garbizko buru distiratsua eramango banu bezala sentitzen nintzen. Jukutriak egiteko gogoa etorri zitzaidan, gauza harrigarriak egin nahi nituen, hiria hankaz gora jarri eta zarata egin. Grondsen osoan barrena ero bat bezala portatu nintzen; burrunbatxo bat sumatzen nuen belarrietan, eta buru-muinak mozkorrez gainezka neuzkan. Nire ausarkeriak berotuta, hitzik ere esana ez zidan manda-mutil bati neure adina esan, eskutik heldu, begietara zuzen-zuzen begiratu eta beste ezein azalpenik gabe uztea bururatu zitzaidan. Gurutzatzen nituenen ahots eta barreei ñabardurak antzematen nizkien, nire aurrean espaloian saltoka zihoazen txori batzuei erreparatu nien, lauzen tankerak aztertzeari ekin nion eta mota guztietako zeinu eta figura xelebreak aurkitu nituen. Honetan ari nintzela Parlamentuaren Enparantzara iritsi nintzen.

        Bat-batean geldi-geldirik geratzen naiz zalgurdiei tinko begira. Gurtzainak han-hemenka ari dira berriketan. Zaldiek burua makurtzen dute eguraldi itsusiaren aurrean. Goazemak!, esan nuen neure buruari ukalondokoa emanez. Lehen gurdirantz abiatu nintzen bizkor eta bertara igo. Ullevold kalea, 37 zenbakia!, oihukatu nuen. Eta han joan ginen.

        Bidean gurtzaina atzera begiratzen hasi zen, burua makurtzen ni nindoan barrualdera so egiten. Errezelatzen hasia ote zen? Zalantzarik ez zegoen nire jantzi pobreaz ohartua zela.

        «Gizon bat topatu behar dut!», oihukatu nion aurrea hartu nahian, eta biziki azaldu nion gizon harekin derrigorrez egon behar nuela.

        37aren aurrean gelditzen gara, kanpora jauzi egiten dut, eskaileretan gora abiatzen naiz korrika hirugarren bizitzaraino, txilinaren sokari heldu eta tira egiten diot; barruan, txilinak sei edo zazpi danda izugarri egin zituen.

        Neska bat dator irekitzera, ohartzen naiz urrezko belarritakoak daramatzala, eta oihal beltzezko botoiak atorra grisean. Begira geratzen zait, izututa.

        Kierulf-ez galdetzen dut, Joachim Kierulfez, izen osoa emanez, artile tratantea, ezinezkoa zen huts egitea...

        Neskak ezezkoa egiten dit buruaz.

        «Hemen ez da ezein Kierulf bizi», esaten dit.

        Tinko begiratzen dit, eskua krisketean jartzen du ixteko prest. Ez zuen gizona aurkitzeko inolako ahaleginik egin; alferrontzi hark pentsatzeko lana hartuz gero, nik aipatutako pertsona benetan ezagutu behar zuela iruditzen zitzaidan. Sutan jarri nintzen, gibela eman nion eta korrika jaitsi nituen eskailerak.

        «Ez zegoen hemen!», oihu egin nion gurtzainari.

        «Ez zegoen hemen?»

        «Ez. Eraman nazazu Tomte kaleko 11 zenbakira».

        Bortizki asaldatuta nengoen, eta arazoaren jakinaren gainean jatri nuen; zinez uste zuen bizi ala hiltzeko gauza zela, eta segituan abiatu zen. Ziztu bizian gindoazen.

        «Nola du izena gizonak?», galdetu zidan jarlekuan jiratuz.

        «Kierulf, Kierulf artile tratantea».

        Eta gurtzainari ere izen harekin ezin zela huts egin iruditu zitzaion. Ez al zuen soinean jaka argi bat eramaten?

        «Nola diozu?», oihukatu nion, «jaka argia? Burutik al zaude? Te gatilu baten bila ari naizela uste al duzu?» Jaka argiak nahasi egin ninduen, hankaz gora jartzen zuen gizonaz egina nuen irudia.

        «Nola esan duzu zuela izena? Kierulf?»

        «Bai, jauna», erantzun nion, «harrigarri iruditzen al zaizu? Izenak ez du inor itsusten».

        «Ez al da ilegorria?»

        Ba gerta zitekeen, bai, ilegorria izatea, eta gurtzainak aipatzen zuenez, bat-batean ziur egon nintzen ilegorria izango zela. Eskerrak eman nahi izan nizkion gidari gizajoari, eta bete-betean asmatua zuela esan nion, berak zioen bezala zen; gauza benetan harrigarria zatekeen horrelako gizona ile gorririk gabe ikustea.

        «Hainbat alditan eraman dudan bera bide da», esan zidan gurtzainak. «Makila lakaztuna eramaten al du?»

        Honek gizonaren irudia osatu zidan, eta esan nuen:

        «Je-je, orain arte ez du inork gizona ikusi eskuan makila lakaztunik gabe. Beraz ziur egon zaitezke, erabat ziur».

        Bai, argi zegoen berak eramandako gizon bera zela. Antzematen zion...

        Eta han segitu genuen, zaldien oinei txinpartak zerizkiela.

        Egoera asaldagarri hartan ez nuen une batez ere lasaitasuna galdu. Udaltzain baten ondotik pasatzen gara, eta 69 zenbakia daramala ohartzen naiz. Zenbakiak krudelki ukitzen nau, arantza bezala sartzen zait garunean. 69, 69 hain zuzen, ez nuen hura ahaztuko!

        Jarlekuan hondoratu nintzen, ateraldirik eroenen menpe, kukubildu egin nintzen estalkipean, ezpainak mugitzen inork ikus ez nintzan, eta nire buruarekin ergelki hitz egiteari ekin nion. Eromena garunean hondamenak egiten hasi zait, eta utzi egiten diot, erabat kontziente naiz kontrolatzen ez ditudan eraginen menpe nagoela. Barrez hasi nintzen, barre isil eta grinatsu batez, inolako arrazoirik gabe, oraindik alaitsu eta mozkor edandako garagardoaren ondorioz. Pixkana-pixkana kitzikadura desagertzen doa, baretasuna itzultzen hasten zait. Hotza sentitzen nuen nire hatz zaurituan, eta alkandoraren lepoan sartu nuen apur bat berotzeko. Horrela iritsi ginen Tomte kalera. Gurtzaina gelditu egiten da.

        Gurditik jaisten naiz, presarik gabe, zorabiatuta, ahul eta burua astun samarra dudala. Atartean sartzen naiz, barne-patio bat zeharkatzen dut, ate bat topatzen dut, hura ireki eta bi leiho dituen ezkaratz antzeko batean aurkitzen naiz. Bi maleta daude, bata bestearen gainean, mutur batean, eta orman luzera sofa zahar eta pintatu gabea, gainean tapaki batekin. Eskuineko gelan ahotsak eta haur baten marruak aditzen ditut, eta nire gainean, bigarren solairuan, mailukatzen ari diren burdinazko xafla baten hotsak. Sartu bezain laster konturatzen naiz guzti honetaz.

        Lasaiki zeharkatzen dut gela beste aldeko ateraino, inongo presarik gabe, ihes egiteaz pentsatu gabe, hura ere irekitzen dut eta Orgarien kalera ateratzen naiz. Zeharkatu berri dudan etxeko fatxadari so geratzen naiz: Bidaiarientzako Jatetxe eta Ostatua.

        Ez zait burutik pasatzen ihes egiten saiatzea, nire zain dagoen gurtzaina bertan behera uztea; oso lasai noa Orgarien kalean barrena, beldurrik gabe eta kontzientzia txarrik gabe. Kierulf artila tratantea, garuna hain luzaro okupatua zidan pertsona, existitzen zela uste nuen gizona, hain premia handiz topatu behar nuena, desagertua zen nire gogotik, aldizka bururatzen zitzaizkidan beste gogoeta eroekin batera banitua; gauza urruna balitz bezala sumatzen nuen, oroipen gisa.

        Hordia desagertuz zihoakidan aurrera joan ahala, astun eta nekatuta nengoen, oinak arrastaka neramatzan. Oraindik elurra egiten zuen, maluta heze eta handietan. Azkenik Grenland aldera iritsi nintzen, elizaraino, eta bertako aulki batean eseri nintzen atseden hartzeko. Ondotik pasatzen ziren guztiek harridura handiz begiratzen zidaten. Gogoetan murgildu nintzen.

        Jainkoa, zein egoera tamalgarrian nengoen! Hain biziki gogaituta eta nekatuta sentitzen nintzen nire zorigaiztoko bizitzaz, ez nuela uste harekin jarraitzeko borrokatzeak merezi zuenik. Makurraldia nagusitua zen, latza izana zen; izugarri hondatuta nengoen, garai batean izandakoaren itzala besterik ez nintzen. Soinak alde batera erorita neramatzan, eta aurrerantz makurtuta ibiltzeko ohitura hartua nuen, bularra apur bat babesteko. Neure gorputza aztertua nuen egun batzuk lehenago, eguerdi batean nire gelan, eta negar franko egina nuen harengatik. Alkandora bera aste askotan eramana nuen soinean, izerdi zaharrak nahiko gogortuta zegoen eta zilborra urratua zidan; zauriari ur odoltsu pixka bat zerion, baina ez zidan zegoeneko min handirik ematen, bakarrik aspergarria zela sabelaren erdian zauri hura izatea. Ez neukan hartarako sendabiderik, eta ez zuen berez orbandu nahi; garbitzen nuen, arreta handiz lehortu eta alkandora bera birjanzten nuen. Ez zegoen ezer egiterik...

        Aulkian eserita nago guzti honetaz pentsatzen, gero eta goibelago. Nazka nion neure buruari; nire eskuak ere nardagarriak iruditzen zaizkit. Haien itxura bigun, kasik zantarra, tormentua da niretzat, desatsegin suertatzen zait; gordinki eraginda sentitzen naiz neure atzamar meheak ikusiz, gorroto dut nire gorputz argala eta izutu egiten nau nirea izateak, nire inguruan sentitzeak. Ene Jainkoa, dena oraintxe amaituko balitz! Hiltzeko irrikatzen nengoen.

        Erabat abailduta, nire kontzientzian zikinduta eta umilduta sentituz, mekanikoki altxatu eta etxerantz abiatu nintzen. Bidetik «Andersen andereñoa, beztitzaile, atartetik eskuinera» zioen txartela ikusi nuen atarte batean... Oroitzapen zaharrak!, esan nuen, eta nire Hammersborg aldeko gela etorri zitzaidan burura, kulunkaulkitxoa, egunkariz estalitako ormak, faro administrariaren gaztigua, eta Fabian Olsen okinaren ogia, labetik atera berria. Ai, orduan orain baino askoz hobeto egona nintzen; gau batean hamar koroako artikulua idatzia nuen han, eta orain, berriz, ezin nuen gehiago idatzi, ezin nuen inondik inora ere idatzi, burua hutsik sentitzen nuen probatzen nuen bakoitzean. Bai, amaitu egin behar nuen hura! Eta ibiltzen segitu nuen.

        Janari-dendara hurbildu ahala, gero eta argiago sentitzen nuen arrisku baterantz nindoaneko dartada erdi inkontzientea; baina nire asmoari eusten nion, neure burua salatu nahi nuen. Lasaiki igo nituen harmailak, eskuan gatilua daraman neska topatzen dut atean, hari pasatzen utzi eta atea ixten dut. Morroia eta biok bigarren aldiz gaude aurrez autre, bakarrik.

        «Ene», esaten dit, «hau eguraldi izugarria».

        Zergatik ari zen itzuli-mitzulitan? Zergatik ez ninduen segituan atzematen? Haserretu nintzen, esan nion:

        «Ez naiz eguraldiaz hitz egitera etorri».

        Nire oldarraldiak zur eta lur uzten du, bere dendari burmuin apalak huts egiten dio; ez zitzaion otu ere egin bost koroako iruzurra egina nionik.

        «Ez al dakizu engainatu egin zaitudala?», esaten diot egonarria galduz, dardarka eta bortizki arnastuz, indarra erabiltzeko prest berehala gaiari heltzen ez badio.

        Baina gizajoa ez da ezertaz konturatzen.

        Ene, nolako jende ergelaren artean bizi behar zen mundu honetan! Errierta egiten diot, hitzez hitz azaltzen diot nola gertatua zen dena, bera non zegoen eta ni non nengoen gertatu zenean, dirua non utzi zuen, nola bildua nuen eskuan eta gero eskua haien inguruan itxi... eta den-dena ulertzen dit, baina hala ere ez du erreakzionatzen. Batera eta bestera jiratzen da, alboko gelako oin-hotsak entzuten geratzen da, zeinua egiten dit isilago hitz egin dezadan, eta esaten dit azkenik:

        «Alprojeria galanta izan da zure aldetik!»

        «Ez, egon pixka bat!», oihukatzen diot probokatu eta aurka egin nahian; ez zen berak bere dendari buru ziztrinez irudikatzen zuena bezain gauza baxu eta itsusia izan. Ez nuen dirua gorde, noski, hori ez zitzaidan ezein unetan bururatu; nik ez nuen inongo etekinik atera nahi, nire oinarrizko izaera zintzoaren aurka zihoan...

        «Orduan zer egin duzu diruaz?»

        Azken oreraino emakume zahar bati emana nion, jakin zezala; ni horrelakoa bainintzen, ez nituen behartsuak erabat ahazten...

        Honetaz pentsatzen geratzen da une batez, argi dago ez dagoela batere ziur gizon prestua naizen ala ez. Azkenik esaten dit:

        «Ez al zatekeen zuzenena dirua niri bihurtzea?»

        «Ez, entzun ongi», erantzuten diot, «ez zintudan arazotan sarrarazi nahi, lagundu nahi nizun. Baina horrelako eskerrona agertzen zaio bati eskuzabala denean. Hemen nago ni zuri dena azaltzen, eta ez zara bada era lotsagarrian portatzen, ez duzu arazoa nirekin batera konpontzeko asmo xumeenik ere. Hortaz, eskuak garbitzen ditut. Tira bada, zoaz infernura. Agur!»

        Irteten naiz ateari danbatekoa emanez.

        Baina nire gelara, zulo goibel hartara, iritsi nintzenean, blai eginda dur bigunarengatik, belaunak oraindik dardarka eguneko ibilaldien eraginez, bat-batean galdu nuen harrokeria eta berriro amildu nintzen. Dendari gizajoari egindako erasoaz damututa nengoen, negarrez hasi nintzen, eztarriari helduz egindako alprojakeriagatik neure burua zigortu nahian, eta egundoko iskanbila egin nuen. Bere lanpostua galtzearen beldur izugarria pasatua zuen, noski, ez zen dendak galduak zituen bost koroengatik bazterrak nahasten ausartu. Eta ni haren beldurraz aprobetxatua nintzen, aztoratua nuen nire hitz-jario ozenaz, mindua nuen oihukatutako hitz bakoitzaz. Eta agian dendako jabea bera alboko gelan zegoen eta guregana pasatzeko zorian egona zen, ea zer gertatzen zen ikustera. Ez, argi zegoen nire zitalkeriak ez zuela inongo mugarik!

        Beno, baina zergatik ez ninduten atzeman? Horrela dena amaituko zatekeen. Eskumuturrak eskainiak nizkien, nolabait esatearren. Ez nukeen inolako oztoporik jarriko, alderantziz, lagundu egingo niekeen. Zeruko eta lurreko Jauna, nire bizitzako egun bat beste segundo zoriontsu batengatik! Nire bizitza osoa dilista plater batengatik! Entzuidazu, oraingoan besterik ez bada ere!...

        Arropa bustia soinean neramala etzan nintzen; agian gau hartantxe hilko nintzeneko gogoeta zehaztugabea zebilkidan burutik, eta neure azken indarrak ohea apur bat atontzen erabili nituen, goizean itxura on samarra izan zezan. Eskuak elkartu eta ezarrera egokia aukeratu nuen.

        Orduan bat-batean Ilaializ oroitzen naiz. Nola zitekeen arrats osoan gogotik at izatea? Eta argia astiro egiten doa nire gogoan berriz, era atseginean epeltzen nauen eguzki izpitxoa. Eta eguzki gehiago dator, izugarri ondo sentiarazten nauen zetazko argia. Eta eguzkiak gero eta gehiago berotzen du, lokiak kiskaltzen dizkit, laba urtu goria bailitzen sartzen da nire garun makaleraino. Eta azkenean izpizko sure ero bat azaltzen zait begien aurrean, zerua eta lurra sutan, suzko pertsonak eta animaliak, suzko mendiak, suzko deabruak, amildegia, basamortua, mundu osoa garretan, ke arteko Azken Epaia.

        Eta ez nuen beste ezer entzun edo ikusi...

 

 

        Biharamunean izerdi patsetan esnatu nintzen, gorputz osoa blaituta; sukar handi batek abaildua ninduen. Hasieran ez nuen gertatu zitzaidanaren kontzientzia argia izan, ingurura begiratu nuen harrituta, zeharo eraldatuta nengoen, ez nion neure buruari antzematen. Besoak eta zangoak haztatu nituen, erabat txundituta geratu nintzen leihoa orma hartan eta ez beste aldekoan ikusiz, eta patiotik zetozen zaldien putinkak gainetik bailetozen entzuten nituen. Nolabaiteko goragalea nuen ere.

        Kopetaren gaineko ilea busti eta hotz zegoen; ukalondoaren gainean agondu eta burkoari begiratu nion: haren gainean ere ile bustia nekusan, xerlo ttipitan. Oinak zapaten barnean handituak zitzaizkidan gauean zehar, baina ez zidaten minik egiten, behatzak mugitzeak lanak ematen bazizkidan ere.

        Arratsaldeko partez, jada iluntzen hasia zenean, ohetik altxatu eta gelan batetik bestera hasi nintzen. Urrats labur eta arretatsuak ematen saiatu nintzen, kontu handiz oreka mantentzen eta oinak ahalik eta gutxien erabiltzen. Ez nuen min handirik eta ez nuen negar egiten; ostera, oso ongi sentitzen nintzen oro har; une hartan ez zitzaidan iruditzen gauzak ziren ez bezalakoak izan zitezkeenik.

        Gero irten egin nintzen.

        Nekarazten ninduen gauza soila, janariak eragiten zidan goragalea eta guzti, gosea zen. Berriro ere jangura lotsagarria sentitzen hasi nintzen, une batetik bestera areagotzen zihoakidan janari-guraria. Urdailak gupidagabeki marraskatzen zidan, bazirudien han barruan lan isil eta arraroren bat burutzen ari zela. Hogei bat xomorro mehe izan zitezkeen, burua alde batera eraman eta marraskatu, gero burua beste aldera eraman eta beste pixka bat marraskatu, une batez geldi-geldirik egon, berriro hasi, zaratarik gabe eta presarik gabe bidea irekiz zihoazenak, pasatzen ziren leku guztietan hutsuneak utziz...

        Ez nengoen gaixo, ahulduta baizik, eta izerditan hasi nintzen. Enparantza Nagusira nindoan atseden pixka bat hartzera; baina bidea luzea eta nekeza zen; azkenik ia iritsi nintzen, Enparantza eta Azoka kalearen izkinan nengoen. Izerdia begietan behera zihoakidan betaurrekoak lurrunduz, ni itsutuz, eta gelditua nintzen pixka bat lehortzeko. Ez nintzen jabetu non nengoen, ez nuen hartaz pentsatu ere; nire inguruko zarata izugarria zen.

        Bat-batean oihu bat entzuten da, Kontuz! hotz eta zorrotza. Oihua entzuten dut, ongi entzun ere, eta alde batera egiten dut urduri, nire zango gaixoek uzten didaten bezain urrats azkarra ematen dut. Munstro bat, okin baten gurdia besterik ez dena, ziztu bizian pasatzen zait ondotik, eta haren gurpilak arinki igurzten dit jaka; azkarxeago egin banu, erabat kaltegabe suertatuko nintzatekeen. Beharbada lasterrago mugi nintekeen, apur bat lasterrago, ahalegindu izan banintz; orain ez zegoen erremediorik, mina nuen oin batean, behatz batzuk zapalduak neuzkan; oinetako barruan kukubilduta baileuden sentitzen nituen.

        Okindegiko gurtzainak bere indar guztiz geldiarazten ditu zaldiak; jarlekuan jiratu eta ea nola nagoen galdetzen dit beldurtuta. Tira, askoz okerragoa izan zitekeen... beharbada ez zen hain lama... ez nuen uste ezer hautsia nuenik... Ez zen ezer...

        Aulki batera abiatu nintzen ahal nuen bezain bizkor; gelditu eta begira geratzen zitzaizkidan pertsona ugariek aztoratua ninduten. Ez zen kolpe hilgarria izan, zorte erlatiboa izana nuen, okerragoa izan zitekeen. Okerrena oinetakoa txikitua zitzaidala zen, zola aske zegoen behatzen muturrean. Oina altxatu eta odola ikusi nuen aho ireki hartan. Tira, ez zen nahita egina inoren aldetik, ez zen gizonaren asmoa nire egoera are gehiago okerraraztea; oso goibelduta zirudien. Apika ogi pusketa bat eskatu banio gurditik emango zidakeen. Dudarik ez atsegin handiz emango zidakeela. Jainkoa lagun dakiola, doan lekura doala!

        Gose ikaragarria nuen, eta ez nekien nire jangura lotsagarri harekin zer egin. Batera eta bestera bihurritu nintzen eta bularra belaunen aurka bermatu nuen. Ilundu zuenean, Udaletxera abiatu nintzen arrastaka —Jainkoak daki nola iritsi nintzen hara— eta eskudeleko muturrean eseri nintzen. Jakako patrika bat erauzi eta hura murtxikatzeari ekin nion, ezein helbururik gabe baina, kopetilun, begiak aurrera begira, ezer ikusi gabe. Haur mordo bat entzun nuen nire inguruan jolasetan, eta instintiboki sumatzen nuen pasealari bakarren bat ondotik pasatzen zitzaidanean; ez nintzen beste ezertaz konturatzen.

        Orduan itsumustuan azpian ditudan salmenta posturen batera joan eta haragi gordin zati bat eskuratzea bururatzen zait. Altxatzen naiz, eskudelaren gainetik pasatzen naiz, azokaren teilatuko beste muturreraino, eta handik jaitsi. Ia harakinen postuetara iritsia nintzenean, eskaileren oinerantz oihuka hasi nintzen uxatze keinuak eginez, goian utzitako zakurren batekin arituko banintz bezala, eta ikusi nuen lehen harakinari mintzatu nintzaion lotsagabeki:

        «Aizu, emadazu hezurra zakurrarentzat, mesedez!», esan nion. «Hezurra bakarrik, ez da beharrezkoa haragirik izatea; ahoan eramateko da bakarrik».

        Hezurra eman zidan, oraindik haragi pixka bat geratzen zitzaion hezurtxo bikaina, eta jaka azpian sartu nuen. Hain biziki eskertu nion gizonari begira geratu zitzaidala, harrituta.

        «Ez horregatik», esan zidan.

        «Bai, benetan diotsut», ahopetu nuen, «oso estimatzen dizut mesedea».

        Eta igo egin nintzen. Bihotzak bortizki taupatzen zidan.

        Errementarien kalean sartu nintzen, iris nintekeen bezain urruti joan eta barne-patio batera ematen zuen lur jotako atarte baten aurrean gelditu nintzen. Ez zegoen inolako argirik ezein muturretan, erabat ilun zegoen nire inguruan; hezurreko haragia marraskatzeari ekin nion.

        Ez zuen ezeren zaporerik; odol usain garratza zerion hezurrari, eta segituan botaka hasi behar izan nuen. Beste saio bat egin nuen; haragia barruan gordetzea lortuko banu, eragina egingo lidake, kontua hor barruan bare egotea zen. Baina botaka hasi nintzen berriz. Asaldatu egin nintzen, haginka egin nion indarrez haragiari, zati bat erauzi eta bortizkeriaz irentsi nuen. Eta hala ere ez zidan ezertarako balio izan; haragi zatitxoak urdailean berotu bezain laster, ahora igotzen zitzaizkidan berriro. Ukabilak estutu nituen erotuta, etsipenez negar egiten hasi nintzen eta deabruak hartua bezala marraskatu nuen; malkoak hezurra busti eta zikintzeraino negar egin nuen, okatu, biraoka hasi eta berriz kosk egin, bihotza hautsiko balitzait bezala negar egin eta ostera okatu nuen. Eta ozenki madarikatu nituen munduko botere guztiak infernuko pairamenekin.

        Isiltasuna. Ez dago inor inguruan, argirik ez, zaratarik ez. Asaldaziorik bizienaren menpe nago, arnasa astuna eta ozena dut eta negar egiten dut hortzak kirrizkatuz agian apur bat aseko ninduketen haragi zatitxoak botatzen ditudan bakoitzean. Nire ahalegin guztiak alferrikakoak direla konturatuz, hezurra atartearen aurka jaurtikitzen dut, gorrotorik etsituenaz betea, suminaren lilurapean, oihuka eta mehatxuka hasten natzaio zeruari, ahots erlats eta saminez oihukatzen dut Jainkoaren izena atzamarrak erpeak bezala gakotuz... Zin degiat, zeruko Baal saindua, ez haiz existitzen, baina existituko bahintz madarikazioa botako niake hire zerua infernuko garretan kiskal zedin. Zin degiat, neure zerbitzuak eskaini dizkiat eta hik baztertu egin dituk, errefusatu egin nauk, eta gibela emango diat betirako, hire bisitaren orduari antzeman ez dioalako. Zin degiat, bazekiat hilko naizela, eta hala ere iseka egiten diat, Apis zerutiar horri, herioa aurrez aurre izan arren. Indarra erabili duk nire aurka, eta ez dakik ni ez naizela inoiz eragozpenen aurrean makurtzen. Ez al huke jakin behar? Lo al hengoen nire bihotza sortzean? Zin degiat, bizitza osoan nire odol tanta bakoitzak poza hartuko duela hiri iseka egiten eta hire Graziari tu egiten. Une honetatik uko egiten zieat hire egintza eta jokabide guztiei, neure gogoa madarikatuko diat hitaz berriz pentsatzen badu, eta neure ezpainak erauziko dizkiat inoiz berriro hire izena aipatzen badute. Zin degiat, existitzen bahaiz, bizitza eta heriotzako azken hitza haizen horri, agur esaten diat. Eta hori esanda isildu egiten nauk, hiri gibela eman eta neure bidea hartzen diat...

        Isiltasuna.

        Kitzikaduraz eta nekaduraz dardarka nago, oraindik leku berean, betiere arnegu eta irainak marmaraka, zotinka negar bortitzaren ostean, lur jota eta ahituta sumin eztanda eroaren ondoren. Agian ordu erdi bat geratzen naiz han, zotinka eta marmaraka, atarteari indarrez eutsiz. Gero ahotsak aditzen ditut, Errementarien kaletik oinez datozen bi gizonen arteko solasaldia. Atartetik urrundu, etxeetako ormetatik arrastaka joan eta berriz ateratzen naiz kale argietara. Young kalean behera tirriki-tarraka noala, gogoak bat-batean norabide izugarri bitxia hartzen du. Pentsatzen hasten naiz enparantzako izkinako txosnatzarrak, materialen salmenta postuak eta bigarren eskuko arropa saltzen deneko etxola zaharrak lekuarekiko iraina zirela. Enparantza osoren itxura hondatzen zuten, hiria zikintzen zuten, pu, kanpora txatar guzti hura! Eta ibili ahala pentsatzen nindoan Institutu Geografikoa, haren albotik pasatzen nintzen aldi bakoitzean hain erakarria ninduen eraikin eder hura, hara aldatzeak zenbat kostatuko ote zuen. Mota horretako aldaketa agian burutu ahal izango zen hirurogeita hamar edo hirurogeita hamabi mila koroengatik; aitortu beharra zegoen kopuru polita zela, lau txanpon baino gehixeagoko gauza zen, je-je, behin horretan hasita, ez? Eta neure buru hutsa mugitu nuen aurrera eta atzera baietz, behin horretan hasita eskupekoa baino gehixeago zela aitortuz. Gorputz osoa dardarka neukan eta oraindik zotin sakon bakarren bat egiten nuen, negarraren ondorioa.

        Oraingoan ere bizitza gutxi geratzen zitzaidala iruditzen zitzaidan, funtsean neure azken kanta abesten ari nintzela. Hala ere ez zitzaidan batere axola, ez ninduen ezertxo ere nekarazten; alderantziz, hiriko behealdera abiatu nintzen, kaietarantz, nire gelatik gero eta urrunago. Berdin-berdin etzan nintekeen kalearen erdian hiltzeko. Pairamenek gero eta odolgabeago bihurtua ninduten; taupadak biziki sentitzen nituen oin zaurituan, are gehiago, oinazea zango osotik zabaltzen zitzaidan dartada neukan, eta ez zidan hainbeste minik ematen. Pairatuak nituen dartada mingarriagoak.

        Eta horrela iritsi nintzen trenbidearen kaiera. Ez zegoen ez trafikorik, ez zaratarik, bakarrik han eta hemen pertsona bat edo beste, zamakariak edo itsasgizonak, eskuak patriketan, batetik bestera ibiltzen. Elkarren ondotik pasatzean zeharkako begirada tinkoa bidali zidan herren batengan erreparatu nuen. Geldiarazi egin nuen instintiboki, eskua kapelara eraman eta galdetu nion ea «Serora» itsasoratua ote zen bazekien. Gero ezin izan nuen galarazi tipoaren sudurraren aurrean hatzekin klask egitea esanez: Zer arraio, «Serora», jakina! Erabat ahaztua neukan «Serora»! Haren gaineko gogoeta neure baitan gordea nuen inkontzienteki, nik ezer jakin gabe eramana nuen barruan.

        Jainkoa, bai, «Serora» zegoeneko itsasoratua zen.

        Ez zuen jakingo menturaz norantz abiatua zen?

        Gizona pentsakor geratzen da, hanka luzean bermatuta eta motza airean duela; motza apur bat kulunkatzen zaio.

        «Ez», esaten du. «Ba al dakizu zer zama hartu duen hemen?»

        «Ez», erantzuten diot.

        Baina zegoeneko ahaztua nuen «Serora», eta gizonari Holmestrand-eraino zenbat egon zitekeen galdetu nion, milia geografiko zaharretan neurtua, noski.

        «Holmestrandera? Ba nire ustez...»

        Edo Veblungsna s-era?

        «Esaten ari nintzaizuna: Holmestrandera, nire ustez izango dira...

        «Aizu, oraintxe gogoratu naiz», eten nuen berriro, «ezin al didazu tabako zatitxo bat eman, zati xume bat besterik ez?»

        Tabakoa eman zidan, gizonari biziki eskerrak eman eta aldendu egin nintzen. Ez nuen tabakoa erabili, patrikan sartu nuen segituan. Gizona niri so segitzen zuen, agian susmoak sorraraziak nizkion nola edo hala; gelditu nahiz ibili, atzean neukan begirada susmakor hura, eta ez nuen pertsona hura beti atzean eramateko asmoa. Bira egin eta harengana jotzen dut berriro, begira geratu eta esaten diot:

        «Larru-jostuna».

        Hitz hori soilik: larru-jostuna. Besterik ez. Oso tinko begiratzen diot hori esatean, era izugarrian begiratzen niola iruditzen zitzaidan, begi soilez baino gorputz osoaz begiratuko banio bezala. Eta une bat geratzen naiz geldi hitza esan ondoren. Gero Tren Geltokiaren Enparantzaraino noa arrastaka. Gizonak ez zuen hitzik ere esan, begiradaz segitu ninduen bakarrik.

        Larru-jostuna? Gelditu egin nintzen itsumustuan. Bai, jakina, hori zen hasieratik iruditua zitzaidana: lehenagotik ezagutzen nuen elbarritua. Grondsen aldean topatua nuen goiz argi batean; gerruntzea bahitua nuen. Geroztik eternitatea iragana zela iruditu zitzaidan.

        Honetaz pentsatzen ari naizen bitartean —Enparantza eta Kaiaren kale kantoiko etxe baten orman bermatuta—, bat-batean zirgit egin eta aldentzen saiatzen naiz. Hau lortu ezinik, aurrera begiratzen dut gogorki, lotsa guztia galduz; ez zegoen erremediorik:.. «Gomendaria»ren aurrez aurre nago.

        Ezaxolati eta lotsagabe bihurtzen naiz, beste urrats bat aldentzen naiz ormatik, nigan errepara dezan. Eta ez dut errukia probokatzeko egiten, nire buruaz trufatzeko baizik, neure burua publikoan umilaraztearren; espaloira amildu eta «Gomendaria»ri nire gainetik pasatzeko, aurpegia zapaltzeko eska izan niezaiokeen. Ez diot gabon ere esaten.

        Beharbada «Gomendaria»k errezelatzen zuen dena ongi ez zihoakidala, ibilera zertxobait mantsotu baitzuen, eta nik, geldiarazteko, esaten diot:

        «Zuregana joan behar nuen artikulu batekin, baina oraindik ez dut amaitu».

        «Bai?» galdetuz erantzuten dit. «Beraz ez duzu oraindik amaitu?» «Ez, ez dut amaitzea lortu».

        Baina begiak bat-batean malkoz betetzen zaizkit «Gomendaria»ren adikortasunaren aurrean, eta eztulka eta urrumaka hasten naiz suminduraz, itxura sendoa egiteko. «Gomendaria»k zintz egiten du; so geratzen zait.

        «Ba al duzu bitartean bizitzeko?», esaten dit.

        «Ez», erantzuten diot, «ez daukat ezer». «Gaur ez dut oraindik jan, baina...»

        «Jainkoa! Ezin zara goseak hiltzen ibili, gizon!», esaten dit. Eta eskua patrikara darama bizkor.

        Orduan lotsa sentitzen dut, berriz atzeratzen naiz ormara, eta bertan bermatu. «Gomendaria» diru-zorroan begiratzen ikusten dut, baina ez dut ezer esaten. Eta hamar koroakoa luzatzen dit. Ez du beste zeremoniarik egiten, hamar koroa ematen dizkit besterik gabe. Eta errepikatu egiten dit ezin naizela goseak hiltzen ibili.

        Baina batzuk zizakatu nituen, dirua segituan hartu gabe: hau lotsagarriegi suertatzen zitzaidan... gainera diru gehiegi zen...

        «Hartu, agudo!», esaten du erlojuari begira. «Trenaren zain nengoen; eta iritsi da, entzun dudanez».

        Dirua hartu nuen; mugitu ezinik geratua nintzen bozkarioagatik eta ez nuen beste hitzik esan, ezta eskerrak eman ere.

        «Ez duzu honengatik zertan aztoraturik», esaten dit «Gomendaria»k azkenik; «ongi dakit horren baliokidea idatz dezakezula».

        Eta joan egin zen.

        Urrats batzuk urrundua zenean bat-batean bururatu zitzaidan ez nizkiola «Gomendaria»ri eskerrak eman mesedearengatik. Haren atzetik joaten saiatu nintzen, baina ezin nintzen hain korrika joan, zangoek huts egiten zidaten eta etengabe ahozpez erortzeko zorian nengoen. Gero eta urrunago zegoen. Korrika segitzea baztertu nuen, oihuka hastea pentsatu nuen, baina ez nintzen ausartzen, eta azkenik kemena bildu eta oihu egin nionean, behin, birritan, urrunegi zegoen jadanik, ahotsa ahulduegia neukan.

        Espaloian geratu nintzen hari begira eta isil-isilik negarrez. Egundaino honelakorik!, egin nion neure buruari; ez dizkit bada hamar koroa eman! Atzera jo eta hura egondako leku berean jarri eta haren mugimendu guztiak errepikatu nituen. Eta hamar koroako txartela nire begi hezeen aurrera eraman, bi aldeetatik begiratu eta biraoka hasi nintzen gogorki baietz, egia zela, eskuan neukan hura hamar koroakoa zela.

        Une bat geroago —agian dezente geroago, zegoeneko isiltasuna baitzen nonahi—, eta harrigarri badirudi ere, Tomte kaleko 11 zenbakiaren aurrean nengoen. Han pixka bat pentsatzen eta kointzidentziaz harritzen egon ondoren, bigarren aldiz sartu nintzen atartean, Bidaiarientzako Jatetxe eta Ostatuan. Han ostatua eskatu eta berehala eman zidaten ohea.

 

 

        Asteartea.

        Eguzkitsua eta lasaia, egun argi eta zoragarria. Elurra banitua zen; bizitza, argia eta aurpegi alaiak, irribarreak eta algarak nonahi. Iturrietatik ur zurrustak arkuak eratuz altxatzen ziren, eguzkiak urreztatuak, zeru urdinak urdinduak...

        Eguerdi aldean Tomte kalean gustura bizi nintzeneko ostatutik irten eta hiri erdira jo nuen. Aldarterik onenean nengoen eta batetik bestera ibili nintzen arratsalde osoan kalerik jendetsuenetan, mundu hari begira. Arratseko zazpiak baino lehen Sankt Olaf Enparantzaraino igo eta epaixkako begirada zuzendu nuen 2 zenbakiko leihoetara. Ordu bete barru Ilaiali ikusiko nuen! Larridura xume eta atsegin baten menpe egon nintzen denbora osoan. Zer gertatuko ote zen? Zer esango nion eskaileretatik jaisten zenean? Gabon, andereño? Edo irribarre egin bakarrik? Irribarrean uztea erabaki nuen. Hori bai, burua adeitsuki makurtuko nion agurtzeko.

        Aldendu egin nintzen, apur bat lotsatuta hain goiz irteteagatik, pasiera egin nuen Karl Johan aldetik, begirada Unibertsitateko erlojutik kendu gabe. Zortziak izan zirenean, Unibertsitate kalean gora jo nuen berriro. Bidean bururatu zitzaidan agian minutu batzuk berandu iritsiko nintzela, eta ibilera ahal nuen gehiena bizkortu nuen. Oina minberatua neukan, baina horretaz aparte pozik nengoen.

        Iturriaren alboan jarri eta arnasa eman nuen; luzaro samar egon nintzen han 2 zenbakiko leihoei begira, baina ez zen agertu. Tira, itxaron egingo nuen, ez nuen inolako presarik; agian eragozpenen bat izana zuen. Eta gehiago itxaron nuen. Pasadizo guztia amestu egin ote nuen? Harekin izandako lehen topaketa sukarretan egon nintzen gau hartako irudikeria izan ote zen? Nahasita, hausnarketetan hasi nintzen, eta gero eta segurantza gutxiago nuen auzi hartan.

        «Hm!», esaten dute nire atzean.

        Urruma bat entzun nuen, eta urrats arin batzuk niregandik hurbil; baina ez nintzen jiratu, aurrean nuen eskailerari tinko begira geratu nintzen.

        «Gabon!», esaten dute orduan.

        Irribarre egitea ahazten zait, eta kapela ere ez dut bizkor erazten, nire atzetik azaltzeak eragindako harriduragatik.

        «Luzaro itxaron al duzu?», esaten dit, oraindik arnasestuka egindako ibilaldiagatik.

        «Ez, ez horixe, duela oso gutxi iritsi naiz», erantzun nion. Eta gainera zer, luzaro itxaron izan banu? Hori bai, beste alde batetik espero zintudan».

        «Ama lagun batzuen etxera lagundu dut, arratsa han pasako du eta».

        «Hara!», esan nuen.

        Ibiltzen hasiak ginen. Udaltzain bat dago kalearen kantoian, guri begira.

        «Baina nora joan behar dugu?», galdetzen dit geldituz.

        «Nahi duzun lekura, bai, nahi duzun lekura».

        «Uf, bai, baina aspergarria da norberak erabakitzea.»

        Isilunea.

        Orduan, zerbait esateagatik, esaten dut:

        «Ikusi dut zure leihoak ilunpetan daudela».

        «Hala da!», erantzuten dit biziro. «Neskameak ere arrats librea hartu du. Beraz bakar-bakarrik nago etxean».

        2 zenbakiko leihoetara begira geratzen gara biok, gutako inork inoiz ikusi ez balitu bezala.

        «Zure etxera igo gaitezke, orduan?», esaten dut. «Atearen ondoan eserita egongo naiz denbora guztian, hala nahi baduzu...».

        Baina orain dardarka nengoen, eta nire ausarkeriaz damutu nintzen. Eta neska haserretu eta niregandik aldentzen bazen? Eta inoiz gehiago ikusten ez banuen? Hura jantzi zatarra neraman! Zalantzakor geratu nintzen erantzunaren zain.

        «Ez duzu behintzat ate ondoan eserita egon beharko», esaten du.

        Igo egin ginen.

        Mailartean ilun zegoen, eta eskutik heldu zidan aurrera gidatzeko. Ez zen beharrezkoa hain isilik egotea, esan zidan, hitz egin nezakeen lasai. Eta sartu egin ginen. Kandela pizten zuen bitartean —ez zuen argia piztu, kandela baizik—, kandela hura pizten zuen bitartean, algaratxo batekin esan zidan:

        «Baina ez didazu so egin behar. Uf, lotsa ematen dit! Gainera ez dut berriz egingo».

        «Zer ez duzu berriz egingo?»

        «Ez dizut berriz... uf, ez, Jainkoak libra nazala... ez dizut berriz musu emango».

        «Ez didazu berriz emango?», esan nuen, eta biok barre egin genuen. Besoak luzatu nituen heldu nahian, eta alde batera egin zuen, ihes egin zuen mahaiaren beste aldera. Elkarri begira geratu ginen une batez, kandela bion artean genuela.

        «Ezetz harrapatu!», esan zidan.

        Eta algara handien artean harrapatzen saiatu nintzen. Batetik bestera saltoka zebilen bitartean, estalkia laxatu eta kapela erantzi zuen; haren begi biziak gainean neuzkan, nire ezein mugimendurik galdu gabe. Saio berri bat egin nuen, tapizean estropezu egin eta erori egin nintzen; nire oin zaurituak ez ninduen gehiago eutsi nahi. Altxatu egin nintzen, erabat lotsatuta.

        «Ene, nola gorritu zaren!», esan zuen. «Izugarri baldar ibili zara».

        «Bai, egia da!», erantzun nion.

        Eta berriro ekin genion batetik bestera jauzi egiteari.

        «Ez al zabiltza apur bat herrenka?»

        «Bai, beharbada apur bat, besterik ez».

        «Azkeneko aldian hatz zauritua zenuen, eta orain, berriz, oina; nekagarria izan behar du horrenbeste gaitz izateak».

        «Beno, gurdi batek harrapatu ninduen duela egun batzuk.»

        «Harrapatu? Ez zinen berriz mozkortuta egongo, ezta? Ene bada, hori bizimodua daramazun, gizon!» Erkinaz mehatxatu ninduen, serio jartzen zen artean. «Tira, eser gaitezen!», esan zidan. «Ez, ate ondoan ez; herabetiegia zara; ea, honela; zu hor eta ni hemen, hori da!... Uf, nahiko aspergarria izaten da jende herabetiarekin! Zeuk esan eta egin behar duzu dena, ez duzu ezein laguntzarik izaten. Orain, adibidez, ez litzaidake axolako eskua nire aulkiaren bizkarrean jarriko bazenu. Eta horrenbeste ezin al zaizu zuri bururatu? Hara, horrelako zerbait esaten badut begiak zabal-zabalik jartzen dituzu, esaten ari natzaizuna sinetsiko ez bazenu bezala. Bai, egia hutsa da, hainbat aldiz ikusia dizut, begira, orain ere horrela zaude. Baina ez didazu sinestaraziko beti honen lotsati zarenik, jakingo duzu ausarta izaten. Oso bihurri jardun zenuen mozkor zeunden egun hartan, etxeraino segitu ninduzunean, zure txantxez zirikatuz: Liburua erori zaizu, andereño, benetan diotsut, liburua erori zaizula, andereño! Ja, ja, ja! Ene, gaiztakeria izugarria izan zen zure aldetik!»

        Begira geratu nintzaion, txundituta. Bihotza bortizki taupadaka ari zitzaidan, odol beroa zainetan barrena korrika sentitzen nuen. Hura atsegin zoragarria!

        «Zergatik ez duzu ezer esaten?»

        «Bai atsegina zarela!», esan nion. «Bihotza biziki zoratzen didazu, une honetantxe bihotza erabat zoratua naukazu... Ez du erremediorik. Zu baino izaki miragarriagorik ez dut... Batzuetan begiak hain distiratzen zaizkizu, ez dut sekula horrelakorik ikusi, loreak ematen dutela. Ez? Beno, apika loreak ez, baina... Hain maiteminduta nago zutaz, eta zentzugabekeria da. Baina jakina, ezin dut ezer egin. Nola duzu izena? Oraingoan benetan esan behar didazu nola duzun izena...»

        «Ez, nola duzu zuk izena? Jainkoa, ia ahaztua nuen berriro! Atzo egun osoa eman nuen horretaz pentsatzen, hots, izena galdetu behar nizula. Hau da, egun osoa ez, egia esan atzo ez nuen zutaz batere pentsatu».

        «Ba al dakizu nik nola deitzen dizudan? Ilaiali izena jarri dizut. Zer irizten diozu? Horren izen irristakorra...»

        «Ilaiali?»

        «Bai».

        «Izen arrotza al da?»

        «Hm. Ez, ez da arrotza».

        «Tira, ez da itsusia...»

        Luzaro hitz egin ostean elkarri geure izenak eman genizkion. Aldamenean eseri zitzaidan sofan, aulkia oinaz baztertuz. Eta hizketan hasi ginen berriro.

        «Gaur ere bizarra moztu duzu», esan zidan. «Oro har orain hurrenean elkar topatu genuenean baino tankera hobea duzu, apur bat hobea, besterik ez, ez ezazu uste gero... Ez, aldi hartan benetan zatar zindoazen. Gainera zapi nardagarria zeneraman hatzaren inguruan. Eta egoera hartan baso bat ardo edatera gonbidatu nahi ninduzun. Ez horixe!»

        «Beraz nire itxura ziztrinarengatik ez zenuen nirekin etorri nahi izan?», esan nion.

        «Ez», erantzun zidan zorura begira. «Ez, Jainkoak daki ez zela horregatik izan! Une hartan ez nuen horretaz pentsatu ere».

        «Aizu», esan nion, «dirudienez zuk uste duzu nahi dudan bezala bizi eta jantzi naitekeela, ezta? Ba ezin dut, oso behartsua naiz eta».

        So egin zidan.

        «Egia al da?», esan zuen.

        «Bai, tamalez egia da».

        Isilunea.

        «Ai, Jainkoa, ni ere behartsua naiz», esan zuen buru mugimendu adoretsu batekin.

        Haren hitz bakoitzak horditzen ninduen, bete-betean bihotzean jotako ardo tantak bailiren. Liluratua nindukan zerbait esaten nuenean burua alde batera makurtuz entzuteko zuen ohitura hark. Eta haren arnasa sentitzen nuen aurpegian.

        «Ba al dakizu», hasi nintzen, «ba... Baina ez duzu haserretu behar... Bart arratsean oheratu nintzenean, besoa zuretzat ezarri nuen... honela... zu ere etzanda bazeunde bezala. Eta horrela lokartu nintzen...»

        «Benetan? Bai polita!» Isilunea. «Baina urrun zeundela egin behar izan zenuen horrelakorik, ze bestela...»

        «Ez duzu uste bestela egingo nuenik?»

        «Ez, ez dut uste».

        «Bai, niregandik edozer espero dezakezu», esan nion. Eta gerria inguratu nion besoaz.

        «Benetan?». Ez zuen besterik esan.

        Haserretzen ninduen, iraindua sentitzen nintzen hain zintzoegitzat hartzen ninduelako; oilartu egin nintzen, kemena bildu eta eskutik heldu nion. Baina lasaitasun handiz erretiratu zuen, eta niregandik apur bat urrundu ere bai. Hau nire kemenaren amaiera izan zen, lotsatu egin nintzen, eta begirada leihora zuzendu. Hain errukigarri sentitzen nintzen han eserita, hobe izango nuen neure burua engainatzen ez hasi. Beste gauza bat izango zatekeen oraindik pertsona tankera nuen egun haietan, nire oparotasun egunetan, bizitzeko adina nuenean, ezagutu izan banu. Eta oso deprimituta sentitu nintzen.

        «Ikusten?», esan zuen, «ikusten al duzu? Kopetako zimurtxo bat nahiko zaizu oreka galtzeko, zuregandik pixka bat urrundu eta arras aztoratzen zara...» Era bihurri eta adar-jole batez barre egin zuen, begiak zeharo itxita, begiratua izatea berari ere jasanezina bailitzaion.

        «Hori ere ba al dugu?», esan nion oldarkor, «orain ikusiko duzu!» Eta besoak soinen gainetik bota nizkion indarrez. Ia irainduta sentitzen nintzen. Neska hura burutik al zegoen? Hasberritzat hartzen ote ninduen? Je, nik erakutsiko nion hari... Ez zuen inork nitaz esango horrelako kinkan atzera jotzen nuenik. Hura neska demontrea! Harira joan nadila nahi bazuen, orduan...

        Lasai eserita zegoen, eta begiak erabat itxiak zeuzkan; biok isilik geunden. Bortizki erakarri nuen niganantz, haren gorputza nire bularraren aurka estutu nuen, eta ez zuen hitzik ere esan. Bion bihotzen taupadak entzuten nituen, nola nireak hala harenak, zaldi oin-hots motelduak bezala.

        Musu eman nion.

        Zegoeneko ez nekien zer egiten nuen, barre eragin zion tentelkeriaren bat esan nuen, amodio hitzak xuxurlatu nizkion ahora, masailak laztandu nizkion, behin eta berriz musu eman nion. Atorrako botoi bat edo bi askatu nizkion, eta bular zuri eta borobilak, aldagarriaren azpitik gailentzen ziren bi mirari gozo haiek, sumatu nizkion.

        «Ikus al dezaket?» esaten diot, eta botoi gehiago irekitzen saiatzen naiz, zuloa zabaltzen; baina zirrara handiegi baten menpe nago, ezin ditut behealdeko botoiak, atorra estutzen denekoak, askatu. «Ezin al dut pixka bat ikusi...? Pixka bat bakarrik...»

        Lepoa inguratzen dit besoaz, mantso eta samur; haren arnasa sudur-hegal gorrixka eta dardaratietatik aurpegiraino iristen zait; beste eskuaz botoiak askatzen hasten da, banan-banan. Barre egiten du aztoratuta, barre laburra egiten du niri begiratuz, ea beldur dela konturatzen naizen ikusteko. Xingolak askatzen ditu, kortsea laxatzen du, zoratuta eta larrituta. Eta nire esku trauskilez botoi eta xingola haiek haztatzen ditut...

        Gogoa egiten ari denetik besteratzeko, ezkerra soinaren gainetik pasatzen dit esanez:

        «Zenbat ile erori zaizun!»

        «Bai», erantzuten diot ezpainak bere bularrerantz hurbildu nahian. Une honetan etzanda dago, soinekoa erabat irekita. Bat-batean iritziz aldatzen du, urrutiegi joan dela usteko balu bezala; gorputza ostera estali eta pixka bat agontzen da. Eta soineko irekiak eragindako aztoramena ostendu nahian, berriro ekiten dio soinetan neukan ile erori mordoaz hitz egiteari.

        «Baina nola daiteke ilea era honetan galtzea?»

        «Ez dakit!»

        «Jakina, gehiegi edaten duzu, eta beharbada... Fu, ez dut esango! Lotsatu beharko zintuzke! Ez nukeen zuregan sinetsiko! Zu bezalako gaztea ilea galtzen aritzea ere!... Eta orain esadazu, mesedez, zer nolako bizitza daramazun. Ziur naiz izugarria dela! Baina esadazu egia, ulertzen?, itzulingururik gabe! Gainera segituan igarriko dizut zerbait ezkutatu nahi baduzu. Tira, aurrera!»

        «Baina lehenbizi utzidazu bularrean musu ematen».

        «Erotuta al zaude? Tira, hasi kontatzen!»

        «Ez, maitea, utzidazu lehenbizi bularrean musu ematen!»

        «Hm. Ez, lehenbizi ez. Gero, agian. Zer nolako pertsona zaren entzun nahi dut. O, ziur naiz izugarria dela!»

        Mingarri gertatzen zitzaidan nitaz hain iritzi txarra izan zezala, haren errefusaren beldur nintzen, eta ezin nuen nire bizitzaz zuen errezeloa jasan. Garbi azaldu nabi nuen haren begien aurrean, haren estima izan nahi nuen, ondoan zeukan pertsona ia aingerua bezain garbia zela erakutsi nahi nion. Jainkoa, hatzekin zenbatu nitzake ordura arte izandako erorialdiak.

        Kontatzen hasi nintzen, dena kontatu nuen, eta egia besterik ez nuen esan. Ez nituen pasarte ilunak azpimarratu, ez baitzen nire asmoa haren gupida esnaraztea; esan nion ere arrats batean bost koroa lapurtuak nituela.

        Aho zabalik egon zen entzuten, zurbil, beldur, haren begi distiratsuak erabat asaldatuak. Baina okerra zuzendu nahi nuen, emandako inpresio kaskarra aienatu, eta horretan ahalegindu nintzen:

        «Baina hori dena amaitu da!», esan nion; «ezin naiz horrelakoetan berriz erori; orain salbatuta nago...»

        Oso abailduta zegoen. «Jainkoarren!» esan eta isildu egin zen. Tarteka-marteka errepikatzen zuen, gero isilduz. «Jainkoarren!»

        Txantxetan hasi nintzaion, saihetsetik heldu nion, kilimatzeko, eta nire bularreraino altxatu. Soinekoa berriro itxia zuen; honek pixka bat asaldatzen ninduen, benetan mintzen ninduen. Zergatik botoindu behar zuen soinekoa? Haren begietan gutxiago balio al nuen orain ilea galtzea nire gehiegikeriei zor izan balitzaie baino? Estima gehiago izango al zidakeen gonazale porrokatua nintzela esan banio?... Ergelkeriarik ez!. Harira joan nadila nahi bazuen, ez nion nik huts egingo...

        Etzan egin nuen, sofaren gainean etzan nuen. Aurre egin zidan, askorik ez, eta harridurazko aurpegia jarri zuen.

        «Ez... zer nahi duzu?», esan zuen.

        «Ea zer nahi dudan?»

        Je, ea zer nahi nuen galdezka! Harira joango nintzen, harira bete-betean! Ez zen nire ohitura urrutitik harira joatea. Ni ez nintzen estilo edo izaera horretako pertsona. Nik banekien neure burua defendatzen, eta kopeta-zimur batek ez ninduen kikilduko. Ez, ez horixe, ni ez nintzen inoiz honelako kontu batetik atera neure helburuak bete gabe...

        Eta harira joan nintzen.

        «Ez... ez, baina...?»

        Bai, andrea, huraxe zen nire asmoa!

        «Ezetz, esan dizut!», hasi zen oihuka. Eta hitz mingarri hauek gaineratu zituen: «Ez dakit bada ez ote zauden burutik jota».

        Pixka bat isildu nintzen instintiboki, eta gero:

        «Benetan diozu?»

        «Bai, alafede, hain itxura xelebrea duzu! Eta segitu ninduzun goiz hartan... hartan ere ez zeunden mozkortuta?»

        «Ez, baina ez nintzen gose ere, jan berria nintzen...»

        «Ba are okerrago».

        «Nahiago al zenukeen mozkortuta egon banintz?»

        «Bai... Ene, ikara ematen didazu. Jainkoa, lagako al nauzu!»

        Hausnartu nuen. Ez, ezin nuen laga. Sofa baten gainean une atsegin bat pasatzeaz tratatzen zenean, komeriarik ez! Je, horiek aitzakiak ez zituen batek asmatzen une eder batean adierazteko! Dena lotsarengatik zela ez baneki bezala! Hasberria nintzela uste ote zuen? Beraz isilik orain! Duda-mudarik ez, gero! Aurrera, gora Erregea!...

        Aurre egin zidan indarrez, indar gehiegitxoz lotsa hutsaren ondorioa izateko. Lortu nuen nahigabe bezala kandela erori eta itzaltzea, aurre egiten zidan etsipenez, kexu ttipi bat egin zuen.

        «Ez, hori ez, hori ez! Nahi baduzu, bularrean musu eman diezadakezu. Mesedez, maitea...»

        Bat-batean gelditu nintzen. Haren hitzek hain doinu ikarati eta etsia zuten, arras hunkitu nindutela. Bestearen ordez bularretan musu emateko baimena ematen zidan! Bai ederra, bai ederra eta inozoa! Haren aurrean belaunika nintekeen.

        Baina lagun maitea!», esan nion zeharo nahasita, «ez dut ulertzen... ez dut ulertzen zer jolas motatan ari zaren...»

        Altxatu eta kandela piztu zuen berriro esku dardaratiez; ni sofan eserita geratu nintzen ezer egin gabe. Zer gertatuko zen orain? Funtsean oso gaizki sentitzen nintzen.

        Begirada ormara zuzendu zuen, erlojura, eta zirgit egin zuen.

        «Ene, neskamea segituan dator!», esan zuen. Esan zuen lehen gauza izan zen.

        Zipla hura ulertuz altxatu egin nintzen. Berokia hartu zuen, janztera joango balitz bezala, baina iritziz aldatu eta tximinia aldera joan zen. Zurbil zegoen, eta gero eta egonezinago. Kalean jartzen ninduela nabarmenegia izan ez zedin, galdetu nion:

        «Zure aita militarra al zen?», joateko janzten nintzen artean.

        Bai, militarra zen. Nolatan nekien hori?

        Ez nekien, bururatua zitzaidan, besterik ez.

        Bai harrigarria!

        A, bai. Hainbat lekutan horrelako bihozkadak izaten nituen. Je-je, nire eromenaren zati bat zen hura, bai...

        Begiak altxatu zituen niganantz, erantzun gabe. Nire presentzia nekagarri zitzaiola sumatzen nuen, eta harekin bizkor amaitu nahi izan nuen. Atera joan nintzen. Ez ote ninduen gehiago besarkatu nahi? Ezta eskua luzatu ere? Zain geratu nintzen.

        «Ba al zoaz?», esan zidan, tximinia aldetik mugitu gabe.

        Ez nion erantzun. Umilduta eta aztoratuta sentitzen nintzen eta begira geratu nintzaion ezer esan gabe. Zergatik ez ninduen bada bakean utzi azken finean ezer gertatuko ez zela jakinda? Zer gertatu ote zitzaion une hartan? Bazirudien ni joateko prest egoteak ez zuela harekin zerikusirik; bat-batean niretzako galdutzat hartzen nuen, eta agur gisa esateko zerbaiten bila aritu nintzen, iritsiko zitzaion eta agian pixka bat hunkituko zuen hitz astun eta sakonen baten bila. Eta hotza eta urruna izateko hartutako erabakiaren aurka, minduta, larrituta eta asaldatuta, huskeriez hitz egiteari ekin nion besterik gabe; iritsiko zitzaion hitza ez zitzaidan etorri, eta zeharo burugabeki portatu nintzen.

        Zergatik ezin zidan argi eta garbi esan joan egin behar nuela?, galdetu nuen. Ea, zergatik ez? Sumintzeak ez zuen merezi. Neskamea aurki etxeratuko zela gogoratu beharrean, ondokoa esan ziezadakeen: Orain joan egin behar duzu, amaren bila joan behar dut eta ez zaitut kalean nire atzetik nahi. Ez al zen bada hori pentsatua mena? Bai, bai, horixe pentsatua zuen, segituan ulertu nuen. Ni aztarnaren atzetik jartzeko ez zuen askorik behar izan; berokia hartu eta gero berriro uzteko modu hark konbentzitua ninduen bat-batean. Esan bezala, bihozkadak izaten nituen. Eta beharbada honetan, ondo pentsatuta, ez zegoen eromenaren eraginik...

        «Jainkoa, barkaidazu hitz horrengatik! Oharkabean atera zait!», oihukatu zidan. Baina geldi-geldirik segitzen zuen, nigana etorri gabe.

        Zurrun izan nintzen, aurrera segitu nuen. Han segitu nuen berriketan, aspertzen ote nuen, nire hitzetako bakar bat ere iristen ez ote zitzaidan dartada penagarriarekin, eta hala ere ez nintzen gelditu; izan ere, bat izan zitekeen tipo sentibera burutik jota egon gabe, nire ustez; baziren huskeriez elikatzen ziren pertsonak, hitz gogor batengatik hil zitezkeenak. Eta ni horrelako pertsona nintzela aditzera eman nion. Gauza zera zen, pobreziak hain zorroztuak zizkidala ahalmen batzuk, eragozpenak ekartzen zizkidala, bai, benetan diotsut, eragozpen larriak, tamalez. Baina bazituen ere bere abantailak, zenbait egoeratan lagundu egiten baitzidan. Adimentsu behartsua adimentsu aberatsa baino askoz sumakari zorrotzagoa zen. Behartsuak beti begiratzen du ingurura ematen duen urrats bakoitzaren aurretik, errezeloz aditzen du topatzen duen pertsonek zuzentzen dioten hitz bakoitza; ematen duen urrats bakoitzarekin eginbehar bat, Ian bat inposatzen die bere gogoetei. Adikor eta sentibera da, esperientziako gizona da, erredurak ditu ariman...

        Eta nire arimaren erredurez luzatu nintzen. Baina nik zenbat eta gehiago hitz egin, gero eta aztoratuago zegoen; azkenik hainbat alditan «Jainkoa!» esan zuen etsipenez, eskuak bihurrituz. Jabetzen nintzen nekarazten ari nintzela, eta ez nuen nekarazi nahi, baina hala ere horretan segitu nuen. Azkenean, esan behar nizkion gauza guztiak gutxi gora behera esanak nizkiola iruditu zitzaidanean, haren begirada etsiak hunkituta, oihuka hasi nintzaion:

        «Eta orain banoa! Orain banoa! Ez al duzu ikusten eskua dagoeneko ate-kisketan dudala? Agur! Agur, esaten dizut! Erantzun zeniezadakeen bi aldiz agur esan eta joateko prest nagoenean, ez? Ez dizut berriz elkartzeko eskatzen ere, horrek mindu egingo lizuke eta; baina esadazu: zergatik ez nauzu bakean utzi? Zer egin dizut nik? Ni ez naiz zure bidean jarri, ezta? Zergatik urruntzen zara niregandik bat-batean, jadanik ezagutuko ez baninduzu bezala? Ezer gabe utzi nauzu orain, lehen nintzena baino are ziztrinago bihurtu. Baina Jainkoa!, ez nago erotuta. Ondotxo dakizu, pentsatzen hasten bazara, nire gogoa ez dagoela ezein gaitzek jota. Tira, luzaidazu eskua! Edo utzidazu zuregana hurbiltzen! Utziko didazu? Ez dizut minik emango, nahi dudan gauza bakarra zure aurrean belaunikatzea da, zoruan belaunikatzea une batez; ezin al dut? Konforme, konforme, ez dut egingo, ikusten dut ikaratzen ari zarela, ez dut egingo, ezin dut egin, ulertzen? Baina Jainkoa, zergatik zaude horren ikaratuta? Geldi nago, ez naiz mugitzen. Minutu batez tapizaren gainean belaunikatu nahi nuen soilik, zure oinen ondoko gorritasun horretan. Baina izutu egin zara, begietan sumatu dizut izutu zarela, eta horregatik geratu naiz geldi. Ez dut urrats bakar bat ere eman hurbiltzeko eskatu dizudanean, ez? Non belaunikatu nahiko nukeen adierazteko, hots, tapizeko arrosa gorri horren parean, geldi-geldirik egon naiz. Ez dut hatzaz seinalatzen ere, ez dut seinalatzen ere, ez dut egiten ikara ez zaitezen, burua mugitu eta hara zuzentzen dut, besterik ez, horrela! Eta oso ongi dakizu zein arrosaz ari naizen, baina ez didazu hor belaunikatzen utzi nahi; beldur eragiten dizut eta ez zara niregana hurbiltzen ausartzen. Ezin dut ulertu nola deitu ahal izan didazun ero. Zeuk ere ez baituzu jadanik hori sinesten, ezta? Izan nuen bolada bat udako partez, duela aspaldi, zeinean erotuta egon nintzen; gogorregi lan egiten nuen eta ahaztu egiten zitzaidan otorduak beren garaian egitea buruan gauza gehiegi neuzkanean. Egunero-egunero gertatzen zitzaidan; gogoratu beharko nukeen, baina aldi bakoitzean ahazten nuen. Alajainkoa, egia da! Jainkoak ez diezadala leku honetatik bizirik irteten utzi gezurretan ari banaiz! Eta hara, ez zara justua nirekiko. Ez nuen premiarengatik egiten; kreditua dut, kreditu zabala «Ingebret» eta «Gravesen»en jatetxeetan; makina bat aldiz ibiltzen nintzen patrika diruz beteta eta hala ere ez nuen janaririk erosten ahaztu egiten zitzaidalako. Entzuten al duzu? Ez duzu ezer esaten, ez didazu erantzuten, ez zara inondik inora ere tximiniatik aldentzen, hor zaude, ni joatearen zain bakarrik...»

        Bizkor abiatu zen niganantz eskua luzatuz. Mesfidantzaz begiratu nion. Hori ere bihotzez egiten ote zuen? Edo nigandik libratzearren besterik ez? Besoa lepora bota zidan, begiak malkoz beteak zeuzkan. Begira geratu nintzaion. Ezpainak eskaini zizkidan; ezin nuen sinetsi, argi zegoen sakrifizio bat zela, harekin bizkor amaitzeko bide bat.

        Zerbait esan zuen; nik «Hala ere maite zaitut» ulertu nion. Oso baxu eta era ulergaitzean esan zuen, apika ez nion ongi ulertu, beharbada ez zituen zehatz-mehatz hitz horiek esan; baina indarrez bota zitzaidan lepora, bi besoez heldu zidan lepotik unetxo batez, behatzen gainean jarri zen behar bezala iristeko, eta horrela egon zen agian minutu oso batez.

        Beldur nintzen samurtasun hau erakusten bere burua behartzen ari ote zen, eta bakarrik esan nion:

        «Bai polita zaudela orain!»

        Ez nuen besterik esan. Bortizki besarkatu nuen, atzera urrats batzuk eman, atea zabaldu eta atzerantz ibiliz irten nintzen. Bera barruan geratu zen.

 

 

 

© Knut Hamsun

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"Knut Hamsun / Gosea" orrialde nagusia