BIGARREN ZATIA

 

        Aste batzuk beranduago, kalean aurkitzen nintzen arrats batean.

        Berriro ere hilerrietako batean egona nintzen egunkari batentzako artikulua idazten. Han lanean niharduela hamarrak eman zizkidaten, ilundu egin zuen eta ateak itxi behar zituzten. Gose nintzen, oso gose. Hamar koroek zoritxarrez ez zuten luzaro iraun. Harrez gero bi egun joanak ziren, ia hiru, zerbait jana nuenetik, eta apur bat ahulduta sentitzen nintzen, lapitza gidatzeagatik indarge. Ganibet erdi bat eta giltza sorta neuzkan patrikan, baina sosik ez.

        Hilerriko ateak itxi zirenean etxera zuzenean joan behar nukeen, baina nire gelak, azkenik denboraldi baterako utzia zidaten berunkaritza tailer abandonatu hark, beti ilun eta hutsik, eragiten zidan ikara instintiboak bultzatuta, aurrera segitu nuen axolagabeki, noraezean iragan Udaletxe aldetik, itsasaldera jaitsi eta trenbidearen kairaino iritsi, bertako aulki batetan esertzeko.

        Une hartan ez zitzaidan ideia tristerik bururatzen, neure miseria ahaztu eta lasaiago sentitu nintzen ilunpetan baketsu eta ederra zegoen portuaren ikuskizunaren aurrean. Ohitura zahar bati jarraituz idatzi berria nuen zatia, zeina nire garun minduari inoiz idatzia nuen onena iruditu zitzaion, berriz irakurtzeko atsegina eman nahi izan nion neure buruari. Eskuizkribua patrikatik atera eta begietara hurbildu nuen ondo ikusteko, eta orriz orri aztertu nuen. Azkenean nekatuta nengoen eta paper orriak patrikaratu nituen. Dena lasai zegoen; itsasoa nakar urdinxka bailitzen hedatzen zen, eta txoritxoak albotik pasatzen zitzaizkidan beren batetik besterako hegaldi isilean. Harantzago udaltzain bat erronda egiten ari da, ez da beste inor ikusten eta portu osoa isilpean dago.

        Berriro zenbatzen ditut neure ondasunak: ganibet erdi bat, giltza sorta bat. Baina sosik ez. Bat-batean patrikan bilatzen dut eta berriro ateratzen ditut orriak. Egintza mekanikoa zen, mugimendu inkontzientea. Orri zuri eta idatzi gabe bat aukeratzen dut, eta Jainkoak daki nondik etorri zitzaidan ideia— kukurutxoa egin nuen, arretaz itxi, beteta zegoela iruditzeko, eta lauzen aurka bidali nuen indar guztiekin. Haizeak pixka bat harantzago eraman zuen, azkenik gelditu zen arte.

        Gosearen erasoa sentitzen hasia nintzen. Han geratu nintzen zilarrezko txanponez beteta zirudien kukurutxoari begira, barnean benetan zerbait zeukala neure burua engainatzeraino. Eta orduan zenbatekoa asmatzeari ekin nion: kopuru zehatza asmatuz gero, niretzat izango zen! Azpian hamar oreko txanpontxo politak eta haien gainean koroa bateko astun eta ildaskatuak zeudela irudikatzen hasi nintzen... kukurutxo oso bat, diruz betea! Begiak zabal-zabalik begiratzen nion eta neure buruari joan eta lapurtzeko adore ematen hasi nintzaion.

        Orduan udaltzaina eztulka entzuten dut, eta ez zait bada gauza bera egitea bururatzen? Aulkitik altxatu eta hiru aldiz eztul egiten dut, ondo entzun diezadan. Nola botako zen kukurutxoaren gainera hurbiltzen zenean! Pozaren pozaz nengoen txantxa hartaz pentsatuz, eskuak bozkarioz igurtziz eta hutsari imintzioak eginik biraoka. Ahoa bete hortzekin geratu behar zuen alprojak! Infernuko zulorik kiskalgarrienean erori behar zuen zitalkeria hura nozitzera! Gosez hordituta nengoen, goseak mozkortua ninduen.

        Minutu batzuk geroago udaltzaina dator, burdinazko orpoez lauzak kolpatuz eta alde guztietara begiratuz. Astiro dabil, gau osoa du beretzat. Ez du kukurutxoa ikusten harik eta oso hurbil dagoen arte. Orduan gelditu eta so geratzen zaio. Hain itxura zuri eta baliotsua du hor etzanda...! Baliteke dirua izatea, ez?, zilarrezko txanpontxo batzuk?... Eta jaso egiten du. Hm! Arina da, oso arina. Agian luma garestiren bat, kapela apainen bat... Eta arretaz irekitzen du bere esku handiz, barrura begiratuz. Nik barre eta barre egin nuen belauna kolpatuz, erotuta bainengoen egin nuen barre. Baina ez zitzaidan eztarritik hotsik irten; nire barrea isila eta artega zen, negarraren intentsitatea zeukan...

        Berriro entzuten dira lauzen gaineko kolpeak, eta udaltzainak itzuli bat egiten du kaitik. Ni begiak malkotsu eta arnasestuka geratu nintzen, bozkario sukartsu hark neure onetik erabat irtena. Ozenki hitz egiten hasi nintzen kukurutxoaren pasadizoa neure buruari kontatuz, udaltzain gizajoaren mugimenduak errepikatu nituen, neure ahur hutsari begiratuz eta neure artean errepikatuz: Eztul egin dik jaurtiki duenean! Eztul egin dik jaurtiki duenean! Hitzoi beste batzuk gaineratu nizkien, kutsu zirikatzailea emanez, esaldi osoa eraldatu eta zorroztu egin nuen: Behin eztul egin dik, jo, jo!

        Hitzon bariazioetan galdu nintzen, eta gau beltza zen alaitasuna baretu ordurako. Gero logalezko lasaitasun bat, aurre egin ez nion makaldura atsegin bat etorri zitzaidan gainera. Iluntasuna apur bat trinkotua zen eta haizetxo batek zimurtzen zuen nakarezko itsasoa. Ontziak, zeinen mastak ortziaren aurka ikusten nituen, beren krosko ilunekin ilea laztutako munstro isilak ematen zuten, zelatan nire zain. Ez nuen minik, goseak apaldua zidan. Haren partez atseginki hutsik sentitzen nintzen, inguruan nuen guztiak ukituko ez baininduen eta pozik inork ikusten ez ninduelako. Zangoak aulkiaren gainean jarri eta burua atzera bota nuen; horrela bete-betean dastatzen nuen isolamenduaren ongizatea. Nire ariman ez zegoen ezein hodeirik, ezein ongi-ezezko zarrastarik, eta nire pentsamendua iristen zeneraino ez nuen bete gabeko nahi edo irrikarik sumatzen. Begiak zabalik nentzan niregandik at bainengoen, eta zoragarriro urrun sentitzen nintzen.

        Gainera ez ninduen hots xumeenik ere nekarazten. Gau baketsuak unibertsoa ezkutatzen zien nire begiei, baretasun osoan murgilduta nengoen... Isiltasunaren hots soil eta moteldua iristen zait bakarrik monotonoki belarrietara. Eta hango munstro goibelek zurrupatu egingo ninduten gaua heltzean, eta itsasoen gainetik, inor bizi ez den herrialde arrotzak zeharkatuz, eraman. Ilaiali printzesaren gaztelura eramango ninduten, zeinean bikaintasun aparte bat, edozein gizakirena baino handiosagoa, zain izango nuen. Eta printzesa bera egongo zen osorik amatistazkoa den areto distiragarri batean arrosa horizko tronuan eserita, eskua niganantz luzatu ni sartzean, eta hurbildu ondoren belaunikatzen nintzenean oihuka emango zidan ongietorria: Ongi etorri, zalduna, nire etxera eta nire herrialdera! Hogei udatan egon naiz zure zain, hots egin dizut gau argi orotan, goibel zeundenean negar egin dut areto honetan, eta lo zeundenean amets zoragarriak inspiratu dizkizut!... Eta neska ederrak eskutik heldu eta aurrerantz narama jendetza itzelek gora! oihukatzen diguten pasabide luzeetan barrena, hirurehun neskato jolas eta barre egiten duten lorategi argietan barrena, den-dena esmeralda distiratsuzkoa den beste areto bateraino. Eguzkiak dirdiratzen du hemen, galeria eta pasabideetan zehar musika koru liluragarriak dabiltza, eta lurrin boladak iristen zaizkit aurpegira. Haren eskua nirean daramat, eta aztikeriaren atsegin basatiak odolean sumatzen ditut. Beso batez inguratzen dudanean hark Hemen ez, zatoz harantzago!, xuxurlatzen dit. Eta dena errubizkoa den areto gorrira sartzen gara, eta aparrezko distira hartan amiltzen naiz. Orduan haren besoa sumatzen dut ni inguratzen, aurpegiaren gainean arnasa egiten, xuxurlari: Ongi etorria, maitea! Emadazu musu! Beste bat... beste bat...

        Nire aulkitik izarrak ikusten ditut begien aurrean, eta nire gogoa argizko zirimola baterantz abiatzen da...

        Lokartua nintzen aulkiaren gainean etzanda, eta udaltzainak esnarazi ninduen. Bizitzara eta miseriara bihurtua ninduten gupidagabeki. Nire lehen pentsamendua harridura inozoa izan zen neure burua izarpean aurkitzeagatik, baina aurki jarraitu zion abaildura mingots batek; ia negarrez hasi nintzen oraindik bizirik egoteagatik. Euria egin zuen lo nengoen artean, arropa nahiko bustia neukan, eta hotz gordina sentitzen nuen ataletan. Iluntasuna are trinkoago bihurtua zen, ozta-ozta bereiz nezakeen udaltzainaren aurpegiera nire aurrean.

        «Tira», esan zidan, «altxa zaitez!»

        Agudo altxatu nintzen. Ostera etzateko agindu izan balit era berean obedituko niokeen. Oso deprimituta nengoen, eta erabat indargetuta, eta horn ia segituan gose izaten hastea gaineratu behar zaio.

        «Egon pixka bat!», oihukatu zidan udaltzainak atzetik, «kapela uzten duzu, kaiku horrek! Tira, orain segi!»

        «Bai, niri ere iruditu zait zer-zerbait ahazten nuela», zizakatu nuen oharkabean. «Eskerrik asko. Gabon.»

        Eta zanbuluka urrundu nintzen.

        Ahora eramateko ogi pixka bat baneuka sikiera! Zekalezko ogitxo goxoa, kaletik zenbiltzan bitartean hozka zenezakeen horietako bat! Eta zehatz-mehatz irudikatzen nuen jan nahiko nukeen zekalezko ogi beltz berezia. Goseak amorratzen nengoen, hilda eta urruti egotea irrikatzen nuen, sentimental jarri eta negar egiteari ekin nion. Nire miseriak ez zuen amairik! Eta bat-batean gelditu nintzen kalearen erdian, lauzen aurka ostikoka hasi nintzen biraoak ozenki botaka. Zer zen deitua zidana? Kaikua? Nik erakutsiko diot udaltzain horri niri kaiku deitzea zer den! Bira erdia egin eta korrika itzuli nintzen. Erabat gorrituta nengoen suminaren poderioz. Pixka bat harantzago irrist egin eta erori egin nintzen, baina ez nintzen ezta konturatu ere, agudo zutitu eta lasterka segitu nuen. Tren Geltokiko Enparantzara heldu ordurako hain nengoen nekatuta ez nintzela kairaino jarraitzeko gai sentitu; gainera haserrea baretua zitzaidan lasterketan. Azkenean gelditu eta arnasa hartu nuen. Gainera, niri zer demontre axola zitzaidan horrelako udaltzain batek esana zidana? A, baina nik ez nuen edozer pairatuko. Halaxe da!, eten nion neure buruari. Baina ziur aski gizajoa ez zen ohartuko! Eta aitzakia hura nahiko iruditu zitzaidan. Neure artean errepikatu nuen gizajoak ez zuela gauza hoberik jakingo. Eta berriro jiratu nintzen.

        Jainkoa, nolakoak bururatzen zaizkian!, pentsatu nuen haserre; korrika eroa bezala halako kale bustietan gauaren minean! Gosearen hozkadak jasanezinak ziren eta ez zidaten atseden hartzen uzten. Behin eta berriz irensten nuen txistua, era horretaz ase nahian, eta laguntzen zidala iruditzen zitzaidan. Aste asko neramatzan janari gutxiegi hartzen oraingo egoerara iritsi aurretik, eta indarrak nabarmenki gutxiagotu zitzaizkidan azken boladan. Zorte ona izan eta maniobraren bat edo bestez bost koroakoa lortua nuenean ez zidan hurrengo gosealdian aurkitu arte behar bezala sendotzeko adina irauten. Bizkarrak eta soinek sufritzen zuten gehienbat; bularraldeko hozkadatxoak ere geldiaraz nitzakeen une batez eztula bortizki eginez, edo trebezia handiz aurrerantz makurtuta nenbilenean, baina bizkarra eta soinentzat ez neukan konponbiderik. Nola gerta zitekeen, ordea, nire egoera inoiz ez hobetzea? Ez al nuen apika bizitzeko beste edonork, Pascha antigoaleko liburu-saltzaileak eta Hennechen itsasontzi agenteak bezainbeste eskubiderik? Ez al nituen agian erraldoi baten sorbaldak eta bi beso mardul lan egiteko, ez al nuen bada aizkolari postua eskatu Moller kalean neure eguneroko ogia irabaztearren? Nagia al nintzen? Ez al nituen lanak bilatu, ikastaroak segitu, egunkarietan artikuluak idatzi, ez al nuen gau eta egun ikasi eta lan egin eroa bezala? Eta ez al nintzen zikoitza bezala bizi, ogi eta esnez elikatuz asko neukanean, ogiz soilik gutxi neukanean eta gosea pasatuz deusik ez neukanean? Hotelean bizi al nintzen, suite gela al nuen lehen bizitzan? Ganbara batean bizi nintzen, joan zen neguan, elurra barruraino sartzen zela eta, mundu guztiak utzia zuen berunkaritza tailer batean. Beraz ez nuen ezertxo ere ulertzen!

        Guzti honetaz pentsatuz nenbilen, eta nire gogoan ez zegoen gaiztakeria, inbidia edo mingostasun izpirik ere.

        Pintura-denda baten aurrean gelditu eta erakusleihora begiratu nuen; latontzi batzuen etiketak irakurtzen saiatu nintzen, baina ilunegi zegoen. Nire buruarekin haserre kasketaldi honengatik, ia suminduta latontzi haien edukia igarri ezin nuelako, kristalean kolpe bat jo eta aurrera segitu nuen. Kalearen goialdean udaltzain bat ikusi nuen; ibilera arindu nuen, beregana hurbildu eta zera bota nion, inolako ziorik gabe:

        «Hamarrak dira».

        «Ez, ordu biak», erantzun zidan harrituta.

        «Ez, hamarrak», esan nuen nik, «hamarrak dira». Eta suminez antsika beste urrats pare bat aurreratu nintzen, ukabila itxi eta «Aizu, badakizu zer? Hamarrak dira», esan nuen.

        Hausnartzen egon zen une batez, begira geratu zitzaidan, zur eta lur so egin zidan. Azkenik, zera esan zidan, emeki-emeki:

        «Dena dela, baduzu etxera joateko garaia. Laguntzea nahi al duzu?»

        Begikotasun hark desarmatu egin ninduen. Malkoak begietara zetozkidala sentitu nuen, eta erantzutera presakatu nintzen:

        «Ez, mila esker! Apur bat berandutu zait egon naizen tabernan. Hala ere estimatzen dizut».

        Eskua kaskora eraman zuen joan nintzenean. Bere begikotasunak erabat abaildua ninduen, eta negar egin nuen han emateko bost koroa ez neuzkalako. Pausatu eta begira geratu nintzaion bere bidea astiro jarraitzen zuen artean; kopeta kolpatu eta indar handiagoz negar egin nuen hura urruntzen zen artean. Neure buruari errierta eman nion behartsu izateagatik, izen-gaitzak erabiliz, etsipenezko deiturak asmatu nituen, nire buruaren aurka erabiltzen nituen nekez aurkitutako laido bitxiak. Horretan segitu nuen ia etxeraino iritsi nintzen arte. Atartera iritsi nintzenean giltzak galduak nituela jabetu nintzen.

        Bai horixe!, esan nuen saminez neure artean, zergatik ez nituen giltzak galdu behar? Bizi naizen patio honetan zalditegia dago behean, eta goian berunkaritza tailerra. Atartea giltzez itxita egoten da gauez eta ezin du inork, inortxok ere ireki... Beraz zergatik ez nituen giltzak galdu behar? Blai-blai eginda nago, pixka bat goseak, pittin-pittin bat goseak, eta belaunak bitxiki nekatuak dauzkat... Hortaz, zergatik ez giltzak galdu? Izan ere, zergatik ez zuten etxea Aker aldera lekuz aldatu sartu nahi nuenean aurki ez nezan?... Eta neure buruaz barre egin nuen, goseak eta nekadurak gogortua.

        Zaldiak lurraren aurka putinka entzun nituen zalditegian, eta goian neure leihoa ikus nezakeen. Baina ezin nuen atartea ireki, eta ezin nintzen sartu. Nekatuta, eta ariman saminduta, kaialdera giltzen bila itzultzea erabaki nuen.

        Euria egiten hasia zen berriro, eta ura soinetaraino filtratzen sumatzen nuen zegoeneko. Udaletxearen parean ideia argia bururatu zitzaidan bat-batean: Udaltzaingoari eskatuko nion atea irekitzeko. Berehalakoan udaltzain batengana zuzendu nintzen, eta biziki eskatu nion ahal bazuen etxeraino laguntzeko eta atea irekitzeko.

        A, ahal balu bai! Baina ezin zuen, ez baitzituen giltzak. Udaltzaingoaren giltzak ez zeuden han, polizia-etxean baizik.

        Zer egin behar nuen orduan?

        Beno, hotelera joan besterik ez nuen.

        Baina ezin nintzen hotelera joan gaua pasatzera, ez neukan dirurik. Kanpoan egona nintzen, taberna batean, ulertuko zuen noski...

        Han egon ginen une labur batez Udaletxeko harmailetan. Pentsatzen zegoen, hausnartzen, aldi berean niri begira. Gure inguruan, euria goian behean ari zuen.

        «Orduan guardian dagoenarengana joan beharko duzu etxegabe gisa aurkeztera», esan zidan.

        Etxegabe gisa? Hori ez zitzaidan bururatu. Ze arraio, ideia ona zen! Eta eskerrak eman nizkion udaltzainari aurkikuntza bikain harengatik. Eta sar nintekeen besterik gabe etxegabea nintzela esanez?

        Besterik gabe!...

        «Izena?», galdetu zidan guardian zegoenak.

        «Tangen, Andreas Tangen».

        Ez dakit zergatik esan nuen gezurra. Ideiak hegan zebilzkidan, han-hemenka, eta komeni zen baino bultzada gehiago ematen zizkidaten. Nirearekin zerikusirik ez zuen izena itsumustuan asmatu eta berehala esan nuen, ezertaz pentsatu gabe. Premiarik gabe esan nuen gezurra.

        «Lanbidea?»

        Estualdi larrian nengoen. Hm. Hasieran berunkari nintzela esatea pentsatu nuen, baina ez nintzen ausartu; berunkariek ez dituzte nik emandakoa bezalako izenak izaten, eta gainera betaurrekoak neramatzan sudurraren gainean. Orduan ausarkeria egitea bururatu zitzaidan, urrats bat aurreratu nintzen eta tinko eta solemneki esan nuen:

        «Kazetaria».

        Guardiazainak sorpresazko mugimendua egin zuen idatzi aurretik, eta etxegabeko ministroa bezain itzel geratu nintzen zutik mahaiaren aurrean. Ez nuen susmorik sortarazi. Zainak ongi ulertzen zuen erantzuterakoan izan nituen zalantzak. Egundaino horrelakorik, kazetaria udaletxean bizitzeko lekurik gabe!

        «Zein egunkaritan... Tangen jauna?»

        «"Morgenbladet"en», erantzun nion. «Zoritxarrez apur bat berandutu zait gaur...»

        «Beno, ez dezagun horretaz hitz egin!», eten zidan, gero irribarre batez gaineratuz: «Gazteak kalera irteten direnean... ulertzen dugu». Gero altxatu eta begirunez burua makurtzen zidan artean beste udaltzain bati esan zion: «Eramazu jaun hau sail erreserbatura. Gabon pasa.»

        Hotzikara sentitu nuen bizkarrean behera nire ausarkeriaren aurrean, eta ukabilak estutu nituen adorea mantentzearren.

        «Gasak hamar minutu irauten ditu», esan zuen zainak oraindik atean.

        «Eta gero itzali egiten da?»

        «Gero itzali egiten da».

        Ohean eseri nintzen eta giltza sarrailan jiratzen entzun nuen. Gelatxo argiak tankera atsegina zuen. Ondo sentitu nintzen aterpean eta atseginez entzun nuen kanpoko euria. Ezin nuen gelatxo epel eta intimo hura baino hoberik desiratu! Nire bozkarioa areagotuz zihoan; ohean eserita, kapela eskuan eta begiak ormako gas-lanparen garretan tinko nituela, Poliziarekin izandako lehen kontaktuak oroitzeari ekin nion. Hau izan zen lehen aldia, eta a zer nolako ziria sartua nien! Tangen kazetaria, zer diozu? Eta gero «Morgenbladet», to! Gizonaren bihotzeraino iritsi nintzen «Morgenbladet»ekin! Ez dezagun horretaz hitz egin, e? Ministro Kontseiluaren galazko errezepzioan egon ordu biak arte, eta etxean utzi giltza eta diru-zorroa milaka koroa batzuekin! Eramazu jaun hau sail erreserbatura...

        Eta bat-batean gas-lanpa itzaltzen da, erabat itsumustuan, gutxitzen joan gabe, xumetu gabe. Iluntasun trinkoan nago, ez dut neure eskua ere ikusten, ezta nire inguruko orma zuriak ere, ezer ez. Oheratzea besterik ez zitzaidan geratzen. Eta erantzi egin nintzen.

        Baina ez nuen logalerik eta ezin nintzen lokartu. Une batez etzanda egon nintzen ilunari, bururatu ezin nuen hondorik gabeko ilunpe trinkoari begira. Ene gogoak ezin zuen hura irudikatu. Dena ilun-ilun zegoen, eta ilunpeak zapaltzen ninduela sumatu nuen. Begiak itxi eta isilean kantatzeari ekin nion; ohexkaren alde batetik bestera bota nintzen gogoa besteratu nahian, baina dena alferrik. Iluntasuna nire gogoaz nagusitua zen eta ez ninduen une batez ere bakean uzten. Eta ni neu ere ilunpe bihurtua banintzen, harekin bat egina banuen? Agondu egiten naiz ohean eta besoak zabaltzen ditut.

        Urduritasunak gailendua ninduen, eta haren aurka egiten nituen saioak, gogorrak izanda ere, alferrikakoak ziren. Han nengoen ni, fantasiarik bitxienen menpe, neure burua ziizka isilarazten, sehaska kantak marmaratzen, lasaitzeko egindako ahaleginen poderioz izerditan. Begiak ilunean tinko neuzkan, eta ez nuen nire bizitza osoan halako iluntasuna ikusi. Zalantzarik ez zegoen iluntasun mota berezi baten aurrean nengoela, ordura arte inork sumatua ez zuen elementu absurdo baten aurrean. Gogoetarik irrigarrienak zetozkidan burura, eta gauza orok ikaratzen ninduen. Ohearen alboko orman dagoen zulotxoak oso kezkatuta nauka, iltze zuloa, pentsatzen dut, ormako marka. Haztatzen dut, barrura puzten dut haren sakontasuna igarri nahian. Ez zen edozein zulo errugabea, ezta gutxiago ere; zulo benetan bihurria zen hura, erne ibili behar nuen sekretuz betetako zulo harekin. Eta zuloaz pentsatzeak bultzatuta, jakin-minak eta beldurrak zeharo asaldatuta, azkenean ohetik altxatu eta ganibet erdia bilatu nuen haren sakona neurtzeko eta alboko gelaraino iristen ez zela neure buruari frogatzeko.

        Ostera etzan nintzen lokartzen saiatzeko, baina errealitatean ilunarekin borrokatzeko. Euria gelditua zen kanpoan, eta ez nuen hotsik entzuten. Une batez kaleko oin-hotsak entzuten segitu nuen, eta ez nuen bakea lortu harik eta oinezko bat pasatzen aditu nuen arte, udaltzain bat zirudienez. Bat-batean hatzekin hainbat aldiz klask egin eta barrez hasten naiz. Baina ze mila deabru! Ja!... Hitz berria asmatu nuelako irudikeria izan nuen. Ohean agontzen naiz eta esaten dut: Ez da hizkuntzan existitzen, asmatu egin dut, Kuboaha. Letrak ditu, hitz batek bezala, ene bada, motel, hitza asmatu duk... Kuboaha... gramatikazko esanahi handikoa.

        Hitza nire aurrean ikusten nuen ilunpetan.

        Eserita nago begiak zabalik, nire aurkikuntzaz harrituta, eta barre egiten dut pozez. Gero xuxurlatzen hasten naiz; agian norbait zelatan neukan, eta aurkikuntza ezkutuan gordetzeko asmoa nuen. Gosearen eromen alaian sartua nintzen; hutsik sentitzen nintzen, oinazerik gabe, eta nire gogoa kontroletik at zegoen. Hausnarka nago nire buruarekin, isilean. Gogo-jauzirik txundigarrienez nire hitz berri honen esanahia aztertu nahian nabil. Ez zen beharrezkoa «Jainkoa» edo «Tivoli» esan nahi izatea, eta nork zioen «abere azoka» esan behar zuenik? Ukabila estutu nuen indarrez, eta berriro esaten dut: Nork esan du «abere azoka» esan behar duenik? Ondo pentsatuta, ez zen beharrezkoa «giltzarrapo» edo «egunsenti» esan nahi izatea ere. Hura bezalako hitz batentzat esanahia aurkitzea ez zen gauza zaila. Itxarongo nuen, egonarria izango nuen. Eta bitartean lo egin nezakeen.

        Han nago ohexkan etzanda neure artean barrez, baina ez dut ezer esaten, ez dut aldeko edo kontrako iritzia ematen. Minutu batzuk joaten dira, eta urduri jartzen naiz, hitz berriak etenik gabe torturatzen nau, beti itzultzen zait, nire gogo osoaz jabetzen da azkenik eta serio jartzen nau. Banuen ideiaren bat esan nahi behar ez zuenaz, baina oraindik erabakitzeke neukan zer esan behar zuen. Bigarren mailako arazoa duk!, esan nion ozenki neure buruari, eta besoari helduz errepikatu egiten dut bigarren mailako arazoa zela. Hitza aurkitua nuen, Jainkoari esker, eta hori zen garrantzitsuena. Baina pentsamenduak etengabe zirikatzen nau eta ez dit lokartzen uzten. Hitz bitxi harentzat dena gutxiegi zen. Azkenik berriz agontzen naiz ohean, buruari bi eskuez heldu eta esaten dut: Ez, horixe da eta ezinezkoa dena, «emigrazioa» edo «tabako fabrika» adierazi araztea! Horrelako zerbait esan nahi ahal balu, luzaro hartua izango nukeen erabakia eta haren ondorioak onartu. Ez, hitzak zerbait psikiko esan nahi behar zuen, sentimendu bat, gogo egoera bat... ezin al nuen ulertu? Eta pentsatzen hasten naiz, psikikoa den zerbaiten bila. Orduan norbait hizketan dabilela iruditzen zait, neure buruarekiko elkarrizketan nahasten dela, eta haserre erantzuten diot: Nola diok? Ezetz bada, ez diat hi bezalako tentelik ezagutu! Galtzerditarako artilea? Hoa pikutara! Zergatik egon beharko nuke esanahi hori ematera behartuta galtzerditarako artilea esan nahi izatearen aurka bereziki nengoenean? Nik aurkitua nuen hitza, eta nahi nuen esanahia emateko eskubide osoa nuen, hala nahi izanez gero. Nik nekienez, oraindik ez nuen neure iritzia eman...

        Baina garunak gero eta nahasiagoak nituen. Azkenean ohetik jauzi nintzen ur txorrotaren bila. Ez nengoen egarriak, baina burua sukarretan neukan eta ur premia instintiboa sentitzen nuen. Edan izan ondoren berriro oheratu nintzen eta kosta hala kosta lo hartzea erabaki nuen. Begiak itxi eta lasai egotera behartu nuen neure burua. Horrela egon nintzen etzanda minutu batzuk, mugimendu bakar bat egin gabe, izerditan hasi nintzen eta odola zainetan barrena bortizki kolpatzen sumatu nuen. Ez, barregarriegia zen kukurutxo hartan inoiz diru bila hasi ahal izatea! Eta gainera behin bakarrik eztul egin zuen. Handik ote dabil oraindik? Nire aulkian eserita?... Nakar urdina... ontziak...

        Begiak zabaldu nituen. Zertarako itxi behar nituen lokartu ezinik nengoenean! Eta ilunpe bera neukan inguruan zelatan, eternitate ikergaitz eta beltz bera, zeinaren aurka nire gogoa errebelatzen zen ulertu ezinean. Zerekin aldera nezakeen? Etsipenezko senperrenak egin nituen ilun hura adierazteko nahiko beltza zen hitzen baten bila, ahoskatzean ahoa belztuko zidan hitz baten bila. Jainkoa, hura iluntasuna! Eta berriz aurkitzen naiz kaiaz pentsatzen, ontziez, nire zain zelatan zeuden munstroez. Berengana zurrupatuko ninduten, gero ondo lotu eta lur eta itsasoen gainetik eramango ninduten, ezein gizakirik ikusi ez dituen erresuma ilunak zeharkatuz. Ontzian sentitzen naiz, uretara eramana, hodeien artean hegan, erortzen, erortzen... Larridurazko oihu erlatsa egiten dut oheari indarrez helduz. Nolako bidaia arriskutsua egin berria nuen, airean zehar eramana fardela bezala. Zein salbu sentitu nintzen eskuaz ohexka gogorra kolpatu nuenean! Horrelakoa duk hiltzea, esan nion neure buruari, orain hil egingo haiz! Eta une batez etzanda egon nintzen horretaz pentsatzen, hots, hil egingo nintzela. Gero ohean agondu eta zorrozki galdetu nuen: Nork esan du hilko naizela? Hitza nik asmatu dut, beraz zer esan nahi duen erabakitzeko eskubide osoa dut... Burutik egiten ari nintzela konturatzen nintzen, baita hitz egiten nuen artean ere. Nire eromena ahultasun eta nekadurazko eldarnioa zen, baina ez nuen kontzientzia galdu. Eta itsumustuan erotu nintzeneko gogoetak zeharkatzen dit garuna. Izuak eramana salto egiten dut ohetik. Ateraino noa haztaka, irekitzen saiatzen naiz, pare bat aldiz jaurtikitzen naiz haren aurka bortxaz irekitzeko, buruarekin ormaren aurka jotzen dut, ozenki kexatzen naiz, hatzetan kosk egiten dut, negarrez eta biraoka hasten naiz...

        Dena bare zegoen. Nire ahotsa zen ormatik itzultzen zen gauza bakarra. Zorura eroria nintzen, gelan zilipurdika segitzeko gauza ez nintzela. Orduan goi-goian, nire aurrean bertan, laukitxo grisa bereizten dut orman, zerbait zurixka, intuizio gisakoa... egunaren argia zen. Ene, hura atseginezko hasperena egin nuen! Zorura bota nintzen, eta argi izpi bedeinkatu harengatiko pozaren pozaz negar egin nuen, eskerronez negar-zotinka, musuak bidali nituen leihorantz eta eroa bezala jardun nintzen. Eta une hartan ere egiten nuenaz zeharo kontziente nintzen. Bat-batean nire abaildura guztia desagertua zen, zalantza eta oinaze guztiak amaituak, eta une hartan ez zegoen bete gabeko nahi bakar bat ere, nire gogoa iristen zeneraino. Zoruan eseri, eskuak elkartu eta pazienteki itxaron nuen egunsentia.

        Hura gaua pasatua nuena! Harrituta nengoen nire zarata inork entzun ez izanaz. Baina izan ere, sail erreserbatuan nengoen ni, atxilotuen gainean. Etxe gabeko ministroa nintzen, nolabait esatearren. Tenorerik onenean oraindik, begirada gero eta argiago ikusten zen leihora zuzenduta, ministroarena egiten dibertitzen nintzen, neure buruari von Tangen deitzen nion eta goi mailako funtzionario estiloan mintzatzen nintzen. Nire fantasiak ez ziren amaitu, baina urduritasuna oso baretua zitzaidan. Diru-zorroa etxean ahazteko txoriburukeria egitea ere! Izan al nezakeen ministro jauna ohera eramateko ohorea? Eta serio-serio, zeremonia ugariz, ohexkara hurbildu eta etzan egin nintzen.

        Zegoeneko hain argi zegoen gelaren inguruneak ia bereizten nituela, eta handik gutxira ateko krisket mardula ikusi ahal izan nuen. Honek gogoa besteratu egiten zidan. Iluntasun uniformea, neure burua ikustea eragozten zidan ilunpe asaldagarri eta trinko hura, apurtua zen. Odola baretu egin zitzaidan, eta aurki begiak ixten zitzaizkidala sumatu nuen.

        Ateko kolpe batzuek esnarazi ninduten. Ohetik ziplo jauzi eta arrapatan jantzi nintzen. Nire jantziak oraindik blaituta zeuden bart gauetik.

        «Eguneko ofizialarengana aurkeztera joan», esan zidan udaltzainak.

        Orain ere formalitateak bete behar!, pentsatu nuen ikaratuta.

        Beheko gela zabal batera sartu nintzen; bertan zeuden hogeita hamar edo berrogei gizon, denak etxegabeak. Eta banan bana deitzen zituzten, erregistroaren ordenan, eta janari-txartel bana ematen zieten. Eguneko ofizialak etengabe galdetzen zion alboan zuen zainari:

        «Eman al diozue txartela? Ez ahaztu gero txartela ematea. Otordu baten premia izateko itxura dute.»

        Nik txarteloi begiratzen nien eta bat irrikatzen nengoen.

        «Andreas Tangen, kazetaria!»

        Aurreratu eta burua makurtu nuen.

        «Baina gizon, nola egon zaitezke zu hemen?»

        Gertatutako guztia azaldu nuen, bart gaueko istorio bera kontatu nuen, begiak zabalik eta kliskatu gabe gezur esan nion, zintzotasunez gezur esan nion: Apur bat berandutu zitzaidala, tamalez, taberna batean, atarteko giltza galdu zitzaidala...

        «Bai,» esan zuen irribarre eginez, «hala gertatzen da! Behintzat ondo egin al duzu lo?»

        «Ministroak bezala!», erantzun nion. «Ministroak bezala!»

        «Pozten naiz!», esan zidan zutituz. «ur.»

        Eta joan egin nintzen.

        Txartela, txartela niretzat ere! Hiru gau eta egun luze paseak daramatzat jan gabe. Ogi bat! Baina ez zidan inork txartelik eskaini, eta ez nintzen bat eskatzen ausartu. Segituan sortaraziko nituzkeen susmoak. Nire arazo pribatuetan arakatzen hasiko ziratekeen, eta benetan nor nintzen aurkituko zuketen; atxilotu egingo ninduketen iruzurti gisa. Udaletxetik irteten naiz burua jasota, milioidun baten portaeraz eta eskuak atzealdean elkartuta.

        Eguzkiak berotzen zuen zegoeneko, hamarrak ziren, eta Young Enparantzako trafikoa trinkoa zen. Nora joan behar nuen? Patrika haztatzen dut eskuizkribua bilatuz. Hamaikak zirenean erredakzioburua ikusten saiatuko nintzen. Une bat gelditzen naiz eskudelean bermatuta, nire azpiko bizitzari behatuz. Bitartean, nire jantziari lurruna zerion. Gosea agertu zitzaidan berriz, kosk egiten zidan bularraldean, tenk egiten zidan, sufriarazten ninduten hozkadak ematen zizkidan. Ez al nuen laguntza eska niezaiokeen adiskiderik edo ezagunik? Nire oroimenean bilatzen dut hamar ore emango dizkidan gizonaren bila eta ez dut aurkitzen. Hala ere, egun zoragarria zen, eguzki asko eta argi asko nuen inguruan, eta zerua itsasoa bailitzen higitzen zen atzeko Lier mendietan...

        Oharkabean etxerako bidea hartua nuen.

        Gose izugarria neukan, eta espaloian txirbil bat jaso nuen murtxikatzeko. Lagundu zidan. Baina nola ez nuen lehenago pentsatu!

        Atartea irekita zegoen, eta zaldi-mutilak egunon esan zidan beti bezala.

        «Giro aparta!», esan zidan.

        «Bai», erantzun nion. Ez nuen beste esatekorik aurkitu. Eskatuko al nion koroa bat mailegatzeko? Ahal bazuen, ziur aski atseginez egingo zuen. Gainera gutun bat idatzia nion behin.

        Bertan geratu zitzaidan begira, zerbait esan nahian bezala.

        «Giro ederra, bai. Hm. Etxeko andreari gaur ordaindu behar diot alokairua. Ezingo zenidake menturaz bost koroa mailegatu, ezta? Egun batzuetarako bakarrik. Beste batean egin zenidan mesedea ere, aizu.»

        «Ez, benetan ezin dudala, Jens Olaj», erantzun nion. «Orain ez. Beranduago agian bai, arratsaldean apika». Eta zanbuluka igo nituen nire gelarako eskailerak.

        Han ohe gainean etzan eta algaraka hasi nintzen. Hura zortea, ezta?, eskatzen aurrea hartua zidala! Nire ohorea salbatua zen. Bost koroa... Bejondeiala, gizon! Berdin-berdin eska hiezazkidakeen «Jatetxe Herrikoi»aren bost akzio edo jauregia Aker-en.

        Eta bost koroa haietaz pentsatuz algarak areagotzen zihoazkidan. A zer nolako tipoa eginda nengoen, e? Bost koroa? Gizon zuzenarengana joa zuen, bai horixe! Amore eman nion nire bozkario hazkorrari: Puaj, hau janari usaina! Bazkaritarako almandrongilen usain bortitza, pu! Eta leihoa zabaltzen dut usain ikaragarri hura joanarazteko. Xerra bat, zerbitzaria! Mahaiari mintzatu nintzaion, idazten nuenean belaunez eutsi behar ohi nuen mahai hauskorrari burua makurtu eta galdetu nion: Barkaidazu, baina nahi al duzu baso bat ardo? Ez? Tangen naiz, Tangen ministroa. Tamalez berandutu egin zait... atarteko giltza...

        Eta gogoa berriro joan zitzaidan, arrapaladan, miatu gabeko bideetatik. Oraindik kontziente nintzen nahas-mahasean hitz egiten nuela, eta ez nuen hitz bakar bat esaten aldez aurretik entzun eta ulertu arte. Neure buruari esan nion: Berriro ari haiz nahas-mahasean hitz egiten! Eta hala ere ezin nuen ekidin. Esna egon eta ametsetan hitz egitea bezala zen. Burua arina nuen, ez nuen ez minik ez presiorik sentitzen, eta nire ariman ez zegoen hodeirik. Urak eramanka nindoan hari jarki gabe.

        Aurrera! Bai, sar zaitez! Ikus dezakezun bezala, dena errubizkoa da. Ilaiali, Ilaiali! Dibana zeta gorri eta leunezkoa da! Zein bortizki arnasa egiten duen Printzesak! Musu emadazu, maitea! Beste bat! Beste bat! Zure besoak anbar zurizkoak dira, ezpainak garrak... Zerbitzaria, xerra eskatu dut...

        Eguzkia leihotik sartzen zitzaidan, eta behean zaldiak sentitzen nituen oloa jaten. Nik txirbila murtxikatzen segitzen nuen, alai, ariman haurra bezain pozik sentituz. Etengabe eskuizkribuaren bila haztatua nuen jaka behin eta berriro; ez nintzen hartaz pentsatzen aritu, baina han zegoela esaten zidan senak, odolak gogora ekartzen zidan. Eta atera egin nuen.

        Bustita zegoen, eta destolestu eta eguzkitan zabaldu nuen. Gero gelan batetik bestera ibiltzen hasi nintzen. Hura gela goibela! Zoruan sakabanatuak latorri pusketatxo zapalduak; baina esertzeko aulkirik ez, ezta orma biluzietan iltze bakar bat ere. Dena bahitegira eramana nuen janaria erosteko; mahai gainean hautsez estalitako paper orrialde batzuk ziren nire jabetza guztia; ohe gaineko estalki berde zaharra Hans Paulik mailegatua zidan hilabete batzuk lehenago... Hans Pauli! Klask egiten dut hatzekin. Hans Pauli Pettersen-ek lagundu egin behar dit! Eta haren helbidea oroitzen saiatzen naiz. Nola ahaztu nezakeen bada Hans Pauli! Ziur aski oso haserretuko zen lehen unetik beregana jo ez izanagatik. Bizkor janzten dut kapela, eskuizkribua bildu, patrikan sartu eta korrika noa eskaileretan behera.

        «Aizu, Jens Olaj!», oihukatu nuen zalditegian, «ia ziur naiz arratsaldean lagundu ahal izango dizudala!»

        Udaletxera iritsi ordurako hamaikak paseak direla ikusi, eta erredakziora zuzenean joatea erabakitzen dut. Bulegoko atearen aurrean gelditu nintzen orrialdeak ordenan zeudela ziurtatzeko. Arretaz lautu nituen, berriro sakelaratu eta atea jo nuen. Bihotzaren taupadak entzuten nituen barrura sartu nintzenean.

        «Guraizeak» han dago, beti bezala. Beldurrez galdetzen dut erredakzioburuaz. Erantzunik ez. Gizona probintzi egunkarietako albiste xumeen bila dabil.

        Ostera galdetzen diot apur bat aurreratuz.

        Erredakzioburua ez zen oraindik etorri, erantzun zidan «Guraizeak» azkenik, begiak altxatu gabe.

        Ba al zekien noiz etorriko zen?

        Ez zekien, ez zuen ideiarik ere, aizu.

        Bulegoa noiz arte zegoen irekita?

        Honi ez zion erantzun, eta joan behar izan nuen. Denbora guzti honetan «Guraizeak» ez zidan begiratu ere. Ahotsa entzuna zidan eta horregatik zekien nor nintzen. Hain gaizki ikusia haiz hemen, pentsatu nuen, ez direla hiri erantzuten arduratzen ere. Erredakzioburuaren aginduak ote dira? Egia zen, bai, nire hamar koroako artikulu famatu hura onartu zidanetik idatziz abaildu egin nuela, ia egunero jo nuela bere atea niri bihurtu aurretik hasieratik amaiera irakurri behar izaten zituen baliorik gabeko gauzekin. Beharbada amaiera jarri nahi zion horri, neurri bereziak hartu... Homansbyen auzorantz abiatzen naiz.

        Hans Pauli Pettersen landetako estudiantea zen, eta bost bizitzetako etxe bateko ganbaran bizi zen. Izan ere, Hans Pauli Pettersen gizon behartsua zen. Baina koroa bat bazeukan ez zidan ukatuko. Ia eskuan baneuka bezain seguru nengoen. Eta bide osoa pozik egin nuen koroa hartaz pentsatuz, hain ziur bainengoen lortuko nuela. Kaleko atera iritsi nintzenean langa botata zegoen, eta txirrina jo behar izan nuen.

        «Pettersen estudiantearekin hitz egin nahi nuke», esan nuen sartu nahian. «Badakit non duen gela».

        «Pettersen estudiantea?», errepikatzen du neskak. Ganbaran bizi zena al zen? Alda egina zen. Bai, ez zekien nora; baina eskatua zuen beretzako gutunak Aduana kaleko Hermansen-i bidaltzeko, eta neskak zenbakia eman zidan.

        Hor noa ni fede eta itxaropenez beteta Aduana kaleraino Hans Pauliren helbidea eskatzera. Hauxe nuen azken irtenbidea eta aprobetxatu egin behar nuen. Bidean eme eraiki berri baten albotik pasa nintzen, kanpoan bi zurgin marrusketa lanetan ari zirenean. Zorutik bi txirbil distiratsu hartu nituen, bata ahora eraman eta bestea patrikan sartu nuen gerorako. Eta neure bidea jarraitu nuen. Goseak antsika nengoen. Okindegi bateko leihoan hamar oreko ogi handi zoragarri bat ikusia nuen, prezio horretan lor zitekeen ogirik handiena...

        «Pettersen estudiantearen helbidearen bila nator».

        «Bernt Anker kalea, 10 zenbakia, ganbara»... Hara al nindoan menturaz? A, orduan ezin al nizkion eraman etorri berriak ziren gutun batzuk?

        Berriz abiatzen naiz hiri erdirantz, etorria nintzen bide beretik, orain latorrizko ontzia belaunen artean dutela «Jatetxe Herrikoi»ko janari on eta beroa jaten ari diren zurginen albotik pasatzen naiz ostera, okindegitik igarotzen naiz, ogia oraindik bere lekuan dago, eta iristen naiz azkenean Bernt Anker kalera, nekaduraz erdi ahituta. Atea zabalik zegoen, eta ganbarara abiatzen naiz eskailera astun anitzetan barrena. Gutunak patrikatik ateratzen ditut, sartu bezain laster Hans Pauli aldarte onean jartzeko asmoz. Ez zidan laguntza hura ukatuko noski zirkunstantzien berri ematen nionean, ziur nintzen. Hans Pauli bihotz handiko gizona zen, beti esana nuen hori...

        Atean bere txartela aurkitu nuen: «H.P Pettersen, Teologia estudiantea. Familiaren etxera joana.»

        Bertan eseri nintzen, zoru gordinaren gainean, lur jota, ahidurak garaitua. Zenbait aldiz errepikatzen dut mekanikoki: Familiaren etxera joana! Familiaren etxera joana! Eta isil-isilik geratzen naiz. Nire begietan ez zegoen malkorik, ez nuen ezertaz pentsatzen, ezer sentitzen. Begiak zabal-zabalik geratu nintzen eserita gutunei tinko begira, beste ezer egin gabe. Hamar minutu iragan ziren, agian hogei, edo gehiago, eta oraindik leku berean nengoen, hatz bat ere mugitu gabe. Sortasun isil hura ia kuluxka bezalakoa zen. Orduan eskaileretan gora norbait datorrela entzuten dut, altxatu eta esaten dut:

        «Pettersen estudiantea ikustera nentorren... bi gutun dauzkat harentzat.»

        «Familiaren etxera joan da», erantzuten dit emakumeak. «Baina oporren ondoren itzultzekoa da. Hartuko dizkizut gutunak nahi baduzu.»

        «Bai, oso ondo, eskerrik asko», esan nion, «horrela datorrenean hartuko ditu. Gauza garrantzitsuak egon litezke hor. Agur!»

        Kanpoan egon nintzenean, kalearen erdian gelditu eta ozenki esan nuen ukabilak estutzen nituen artean: Gauza bat esango diat, Jainko Jaun maitea: galtzaundi bat haiz! Eta burua zerura zuzentzen dut, hortzak suminaren suminaz estutuz: Galtzaundi madarikatu bat haiz!

        Urrats gutxi batzuk eman eta berriro gelditu nintzen. Bat-batean jarreraz aldatzen dut, eskuak elkartu, burua alde batera bota eta ahots leun eta azaluts batez galdetzen dut: Baina hitz egin al diok berari, ene haurra?

        Baina ez zen doinu egokia.

        B maiuskulaz, esaten dut, katedrala bezain handia den B batez! Berriro: Baina oies egin al diok Berari, ene haurra? Eta burua makurtuz ahots nahigabetuz erantzuten dut: Ez!

        Hau ere ez zen doinu egokia.

        Ez dakik planta egiten, alu horrek! Bai, esan behar duk, bai, oies egin diot neure Jainko Aitari!, eta hitzoi inoiz aditu duan doinurik errukigarriena erantsiko diek. Tira, berriz. Bai, hobeto zegoan. Baina intzirika esan behar duk, zurrunaldiak dituen zaldiak bezala. Ea!

        Hor noa ni neure buruari zurikeria irakasten, zorua ezinegonez zapaltzen lortzen ez dudanean, eta artaburu deitzen diot neure buruari, albotik pasatzen zaizkidan oinezko harrituak jiratu eta begira geratzen zaizkidan artean.

        Etengabe murtxikatzen nuen txirbila eta ahal bezain bizkor nindoan zanbuluka kalean behera. Konturatu orduko Tren Geltokiko Enparantzan nengoen. Gure Salbatzailearenean erlojuak ordu bata t'erdi markatzen zuen. Une batez gelditu nintzen hausnartzen. Nire aurpegiari begietaraino iristen zitzaidan izerdi nekatua zerion. Orain kaialdetik pasiera egin genezakek!, esan nion neure buruari. Hau duk, astirik baldin baduk. Eta nire buruaren aurrean makurtu eta trenbidearen kaiera jaitsi nintzen.

        Han zeuden ontziak, itsasoa kulunkari eguzkitan. Mugimendu eta jarduera ugari zegoen nonahi, lurrun-sirenen marruak, zamaketariak fardelak sorbaldan eramaten, langileen kanta alaiak gabarretatik. Gozoki saltzaile bat dut hurbil, emakumeak sudur beltzarana salgaietan makurtua dauka. Aurrean duen mahaia pastel zoragarriez gainezka dago, eta urrundu egiten naiz nazkatuta. Kai osoa betetzen du janari usainak. Puaj, altxatu leihoak! Nire alboan eserita dagoen jaun bati mintzatzen natzaio, biziki adierazten diot gehiegikeria hura: gozoki saltzaileak han, gozoki saltzaileak hemen... Ez? Bai, beraz nirekin bat etorriko zen... Baina gizonak zerbait susmatu eta esaldia burutzeke nengoela altxatu eta joan egin zen. Ni ere altxatu eta atzetik joan nintzaion, gizona bere hutsegitetik ateratzera irmoki erabakita.

        «Higienearen aldetik ikusita ere», esan nion eskua soinean ezartzen nion artean...

        «Barkatu, arrotza naiz eta higienezko arauei buruz ez dakit ezer», esan zidan izututa so eginez.

        A, kanpokoa bazen gauza aldatu egiten zen... Ezin al nion zerbitzuren bat egin? Hiria erakutsi agian? Ez? Ze niretzat oso atsegingarria izango zen, eta ez zitzaion ezertxo ere kostatuko...

        Baina gizonak nitaz libratu nahi zuen kosta hala kosta, eta kalea bizkor zeharkatu eta beste espaloira pasatu zen.

        Berriro itzuli nintzen nire aulkira, eta bertan eseri. Oso artega nengoen, eta pixka bat harantzago jotzen hasia zen organiloak areagotu egin zuen nire urduritasuna. Musika trinko eta metalikoa da, Weberen zati bat, zeinari neskatxa batek kanta malenkoniatsua gaineratu dion. Txirula antzeko pairamenezko doinuak odolean zehar xuxurlatzen dit, kirioak dardarka hasten zaizkit, durundi egingo balute bezala, eta une bat beranduago aulkiaren gainean etzaten naiz, negar-zotinka eta doinua kanta-marmaratuz. Gogoak zer ez du asmatzen goseak zaudenean! Absorbatuta sentitzen naiz tonu horietan, disolbatuta eta musika bihurtuta; hegan noa, izugarri biziki sumatzen dut nola noan hegan, mendien gainetik, argiguneen gainean dantza egiten...

        «Ore bat!», esaten du organiloaren neskatxak latorrizko platera luzatuz, «ore bat bakarrik!»

        «Bai», erantzuten diot inkontzienteki, eta zutitu eta patriketan bila hasi nintzen. Baina neskak adarra jo nahi diodala uste du eta agudo urruntzen da hitzik esan gabe. Etsipen mutu hura gehiegizkoa zitzaidan; irain egin izan balit ez zitzaidakeen hain gaizki irudituko. Min egiten zidan, eta oihuka deitu nion. Ez daukat ore bat, esan nion, baina oroituko naiz zutaz aurki, agian bihar bertan. Nola duzu izena? Bai, izen polita zen, ez nuen ahaztuko. Bihar arte bada...

        Baina ulertzen nuen ez zidala sinesten, nahiz eta hitzik esan ez, eta negar egin nuen kaleko neskato hark sinetsi nahi ez zidalako etsiak jota. Berriro ere oihu egin nion, jaka ireki nuen bizkor eta gerruntzea eman nahi izan nion. Kalte-ordaina emango dizut, esan nion, zaude pixka bat...

        Baina ez neukan gerruntzerik.

        Nola ari nintekeen, ordea, haren bila! Asteak ziren nirea ez zela. Baina zer nuen? Neska txundituak ez zuen luzaroago itxaron eta lasterka urrundu zen. Eta joaten utzi behar izan nion. Jendea nire inguruan pilatzen ari zen, ozenki barreka, udaltzain bat niganaino dator jendea baztertuz, zer gertatu den jakin nahian.

        «Ezer ez», erantzuten diot, «ezertxo ere ez! Neskatoari gerruntzea eman nahi nion bakarrik... bere aitarentzat... Horregatik ez duzue barre egin behar. Etxera joan eta beste bat jantzi besterik ez nuen.»

        «Ez dut kalean istilurik nahi!», esaten du zainak. «Tira, martxa!» Eta bultza egiten dit. «Zureak al dira paper hauek?», galdetzen dit atzetik.

        Bai, arranopola, egunkarirako artikulua da, oso idatzi garrantzitsuak! Nola izan naiteke horren txoriburu...

        Eskuizkribua hartzen dut, orrialdeak ordenan daudela ziurtatu eta joan egiten naiz, gelditu edo ingurura begiratu gabe, erredakzio bulegoraino. Laurak ziren orain Gure Salbatzailearen erlojuan.

        Bulegoa itxita dago. Isilean labaintzen naiz eskaileretan behera, lapurra bezain beldur, eta atartearen kanpoan gelditzen naiz, nahasita. Zer egin behar nuen orain? Ormaren aurka bermatzen naiz, begirada lauzetan tinko, horretaz pentsatzen. Orratz distiratsu bat ikusten dut oinen ondoan, eta makurtu eta bildu egiten dut. Eta jakaren botoiak kenduko banitu, zer emango ote lidakete haiengatik? Agian ez nuen haien premia izango, azken finean botoiak besterik ez ziren. Baina hartu eta alde guztietatik begiratu nituen eta berriak bezala zeudela ondorioztatu nuen. Ideia ona iruditu zitzaidan, ganibetaren laguntzaz aska nitzakeen eta gero bahitetxera eraman. Bost botoi haiek saldu ahal izango nituelako itxaropenak berpiztu egin ninduen supituki, eta neure buruari esan nion: Ikusten, ikusten? Gauzak hobera zoazak! Bozkarioaren menpe nengoen, eta berehalakoan botoiak elkarren segidan askatzen hasi nintzen. Bitartean ondoko bakarrizketa isilari ekin nion:

        Ba ikusten duzu, pixka bat pobretu naiz, une bateko larrialdian nago... Gastatuta daudela, diozu? Beldur naiz erratuta zabiltzala. Ikusi nahi nuke botoiak nik baino gutxiago gastatzen dituen pertsona. Hara, beti ibiltzen naiz jaka irekiarekin; ohitura bihurtu da nigan, berezitasuna... Ez, ez, ez baduzu nahi, ez! Baina hamar ore eman behar dizkidate gutxienez... Ez, Jainkoarren, nork esan du zuk egin behar duzunik? Ba zaude isilik eta utz nazazu bakean. Bai, bai horixe, zoaz bada Poliziaren bila. Hemen itxarongo dut udaltzain baten bila zoazen bitartean. Eta ez dizut ezer lapurtuko... Hara, egun on, egun on! Tangen dut izena, apur bat berandutu zait...

        Norbait dator eskaileretan behera. Itsumustuan itzultzen naiz errealitatera, «Guraizeak» dela ikusi eta korrika sartzen ditut botoiak patrikan. Aurrera jo nahi du nire agurrari erantzun gabe ere, kontzentrazio handiz bere giltzei begiratuz. Geldiarazi egiten dut erredakzioburuaz galdetzeko.

        «Ez dago, aizu».

        «Gezurretan ari zara!», esan nion. Eta nire burua harrituta utzi zuen lotsagabekeriaz jarraitu: «Harekin hitz egin behar dut; premiazko eginbeharra da, Udal Batzordearen jakinarazpena da.»

        «Beno, eta ezin al didazu niri esan?»

        «Zuri?», esan nion «Guraizeak»i begiez neurtu nahian.

        Ongi atera zen. Gora lagundu eta atea ireki zidan. Bihotza ukabil batean sartua neukan. Hortzak indarrez estutu nituen neure buruari adore ematearren, atea jo eta erredakzioburuaren bulego pribatura sartu nintzen.

        «Egun on! Zu al zara?», esan zidan adiskidetsu. «Eser zaitez».

        Atea seinalatu balit atseginago gertatuko zitzaidakeen. Erdi negarrez esan nion:

        «Barkamen eskatzen dizut, baina...»

        «Eseri zaitez», errepikatu zuen.

        Eta eseri eta beste artikulu bat neukala adierazi nion, eta niretzat garrantzi handikoa zela egunkarian sartzea. Arreta handiz idatzia nuen, lan izugarriz burututa zegoen.

        «Irakurriko dut», esan eta hartu egin zuen. «Dirudienez idazten duzun guztiak lan izugarria ematen dizu; baina oldartsuegia zara. Ezin al zinateke sotilagoa izan? Grina gehiegi dago beti. Hala ere irakurriko dut». Eta berriz mahaira jiratu zen.

        Han nengoen ni. Koroa bat eskatzen ausartuko ote nintzen? Beti grina zergatik zegoen azaldu? Orduan zalantzarik gabe lagunduko zidan. Ez zen lehen aldia izango.

        Altxatu egin nintzen. Hm! Baina orain hurrenean harekin egon nintzenean diru ezaz kexatu zen, eta manda-mutila bidali behar izan zuen niretzako zerbaiten bila. Beharbada egoera berberean zegoen orain. Ez, ez nion eskatuko! Ez al nekusan bada lanean ari zela?

        «Ba al zenuen besterik?», galdetu zidan.

        «Ez!», esan nion ahotsari irmotasuna gaineratzen saiatuz. «Noiz etor naiteke erantzun bila?»

        «A, gertutik pasatzen zaren edonoiz», erantzun zidan, «egun pare bat hartu, edo».

        Ez nintzen ezpainetan neukan eskakizuna egiteko gai izan. Gizon haren begikotasuna mugagabea iruditzen zitzaidan, eta preziatzen nuela erakutsi behar nion. Nahiago nuen gosez hil. Eta joan egin nintzen.

        Kanpoan nengoela gosearen erasoaldiak berriro sentitu nituenean ere ez nintzen damutu bulegotik koroa hura eskatu gabe irteteagatik. Sakelatik beste txirbila atera eta ahoan sartu nuen. Berriro lasaitu ninduen. Zergatik ez nuen lehenago egin? Lotsatu beharko huke, esan nuen ozenki; nola bururatu zaik gizon horri koroa bat eskatzea berriro egoera larrian jarriz? Eta haserre baino haserreago jarri nintzen nire buruarekin asmatua nuen lotsagabekeria harengatik. Egundaino honelako arrunkeriarik!, esan nuen; gizonarengana joan eta ia begiak erauzi dizkiok koroa zikin baten premia dualako, ziztrin madarikatu horrek? Tira, segi! Bizkorrago! Bizkorrago, gizatxarra! Nik irakatsiko diat!

        Korrika hasi nintzen neure burua zigortzearren, kaleak bata bestearen atzean utzi nituen arrapatan, neure burua oihu amorratuez zirikatuz eta sumindurazko garrasi isilak zuzenduz gelditu nahi nuenean. Bitartean Sahatsaren karrikaren goialdera iritsia nintzen. Azkenik gelditu nintzenean, harantzago lastertzeko gauza ez nintzelako haserreagatik ia negarrez, gorputz osoa dardarka neukan, eta harmaila baten gainean amildu nintzen. Ez, geldi!, esan nuen. Eta neure burua bete-betean zirikatu nahian, berriro zutitu nintzen eta zutik segitzera behartu, eta irri egin nion neure buruari, neure ahuleziaren aurrean isekari. Azkenik, minutu batzuk pasata, keinu batez esertzeko baimena eman nion neure buruari; hala eta guztiz ere, harmailako lekurik ezerosoena aukeratu nuen.

        Jainkoa, miragarria zen atsedena! Aurpegiko izerdia lehortu eta aire ahokada handiak hartu nituen. Hura lasterketa! Baina ez nintzen damu, ondo merezia neukan. Zergatik pentsatua nuen koroa hura eskatzea? Hortxe nituen ondorioak. Eta neure buruari leunki hitz egiten hasi nintzaion, aholkuak emanez ama batek egin zezakeen eran. Gero eta hunkituago jarri nintzen, eta nekatuta eta indarge nengoen bezala, negarrez hasi nintzen. Negar isil eta sakona zen, malkorik gabeko barne negar-zotina.

        Ordu laurden bat gutxi gora behera eman nuen leku berean. Jendea batetik bestera zihoan eta ez ninduen inork nekarazten. Haur batzuk jolasetan zebiltzan inguruan, txoritxo bat moka zegoen kalearen beste aldeko zuhaitz batean.

        Udaltzain bat niregana dator.

        «Zergatik zaude hor eserita?», esan zidan.

        «Ea zergatik nagoen hemen eserita?», galdetu nuen. «Atsegin zaidalako».

        «Zuri begira daramat azken ordu erdi hau», esan zuen. «Hemen ordu erdi batez eserita egon zara?».

        «Gutxi gora behera», ihardetsi nion. «Beste ezer nahi al zenuen?». Zutitu egin nintzen haserre eta handik joan.

        Enparantzara iristean gelditu eta zoruari begiratu nion. Atsegin zaidalako! Hori al zen bada erantzuna? Nekatuta nagoelako! esan beharko hiokeen, eta ahots kexatiz gainera. Pailazoa besterik ez haiz, ez duk itxura egiten sekula ikasiko! Lur jota nagoelako!, eta zaldiak bezala arnaska egin beharko hukeen.

        Suhiltzaile Parkera iritsi nintzenean berriro gelditu nintzen, ideia berri batek bultzatua. Hatzekin klask egin nuen, albokoak txunditu zituen algara bota, eta esan nuen: Ez, oraingoan egin egin behar duk. Bai, proba egiteko besterik ez. Ba al duk ezer galtzekorik? Gainera, egun aparta zegok.

        Pascharen liburu-dendara sartu, helbide aurkibidean Levion pastorearen helbidea aurkitu eta kanpora abiatu nintzen. Orain hire txanda duk!, esan nuen, eta komeriarik ez! Kontzientzia txarra, diok? Ez ergelkeriak esan; behartsuegia haiz kontzientzia izateko. Goseak hago, txo, arazo garrantzitsu batengatik etorri haiz, premia nagusi bat betetzeagatik. Burua makurtu behar duk eta hire hitzei doinu egokia eman. Ez duk nahi, e? Ba orduan ez diat aurrera segituko, jakinaren gainean hago. Hortaz: egoera kezkagarrian hago, gauez ilunpetako botereen eta munstro handi eta isilen aurka borrokan aritzen haiz era izugarrian, eta ardoa eta esnearen egarriak egon arren ez duk ezertxo ere lortzen. Hona noraino iritsi haizen. Hemen hago, eta ez zaik lanpan oliorik geratzen. Baina ontasunean sinesten duk, Jainkoari esker, oraindik ez duk sinesmena galdu! Eta horretarako eskuak elkartu eta ontasunean sinesteko benetan gai denaren tankera hartuko duk. Diru jainkoari dagokionez, gorroto diok bere forma guztietan. Beste gauza bat duk otoitz-liburuarena, pare bat koroako oroitzapena duk... Apaizaren atean gelditu eta irakurri nuen: «Bulego orduak 12etatik 4etara.»

        Aurrerantzean ergelkeriarik ez!, esan nuen; orain serio ari gara! Tira, makurtu burua, apur bat gehiago... Eta ateko txirrina jo nuen.

        «Erretorearekin egon nahi nuen», esan nion neskameari; baina ezin izan nuen Jainkoaren izena inon tartekatu.

        «Joana da», erantzun zidan.

        Joana da! Joana da! Hark nire plan osoa hondatzen zuen, erabat nahasten zuen esatea erabakia nuen guztia. Zertarako balio izan zidan harainoko ibilaldiak? Ezertarako ez.

        «Gauza bereziren bat al zenuen?», galdetu zidan neskameak.

        «Ez horixe!», erantzun nion, «ezertxo ere ez! Zera, Jainkoak hain egun ederra eman digu hona agurtzera etorri nahi izan dudala».

        Elkarren aurrean geunden biak. Nik bularra propio aurreratua neukan, neskak jaka ixten zidan orratza ikus zezan; begiez erregutzen nion zergatik etorria nintzen ikusteko. Baina gajoak ez zuen deus ere ulertzen.

        Egun benetan ederra emana zigun Jainkoak. Eta emaztea ez zen menturaz etxean egongo?

        Bai, baina hezueria zuen eta sofan etzanda zegoen, mugitu ezinik... Mezuren bat edo beste ezer utzi nahi al nuen?

        Ez, ez horixe. Aldian behin honelako ibilaldiak egiten nituen gorputza mugitzearren. Oso osasungarria zen bazkalostean.

        Itzulbidea hartu nuen. Zertarako jarraitu elkarrizketa harekin? Gainera zorabioak sentitzen hasia nintzen; argi zegoen, betirako hondoratzeko zorian nengoen. Bulego orduak 12etatik 4etara; ordu bete beranduegi joa nuen atea, pasea zen Graziaren ordua!

        Enparantza Nagusian eseri egin nintzen elizaren alboko aulkietako batean. Jainkoa, bai etorkizun iluna neukala aurrean! Ez nuen negar egin, nekatuegi nengoen. Erabat lur jota nengoen, ezer egin ezinik, isilik eta goseak. Bularra sutan neukan, erresumin xelebre bat neukan han barruan. Txirbilak murtxikatzeak ez zidan aurrerantzean lagunduko. Masailezurrak nekatuak neuzkan fruiturik gabeko lanarengatik, eta atseden hartzen utzi nien. Amore eman nuen. Gainera kalean aurkitua nuen eta segituan hozkatutako laranja-azal marroixka batek goragalea eragina zidan. Gaixorik nengoen. Eskumuturreko zainak urdinduak eta handituak neuzkan.

        Zer duda-mudatan ibilia nintzen? Egun osoa emana nuen ordu batzuk gehiago bizitzen lagunduko zidan koroa baten atzetik. Azken finean ekidinezina egun batean edo hurrengoan gertatzea ez al zen berdintsu? Zentzuzko pertsona gisa izan banintz aspaldi etxera joana nintzen, zegoeneko ohean nengokeen, amore emanda. Une hartan nire gogoa argia zegoen. Hil egingo nintzen; uzta garaia zen, eta gauza guztiak negu-loan zeuden. Bide guztiak saiatuak nituen, ezagutzen nituen baliabide guztiez baliatua nintzen. Sentimentalki ferekatzen nuen gogoeta hura, eta salbabide litekeen baten batez pentsatzen nuen aldi bakoitzean ezezkor xuxurlatzen nuen: Pailazo hori, hiltzen hasia haiz! Gutun batzuk idatzi beharko nituen, dena prestatu, neure burua ere prestatu. Arreta handiz garbitu eta ohea atondu egingo nuen. Burua idazpaper orri zuri batzuen gainean etzango nuen, neukan gauzarik garbiena zirenez, eta estalki berdeari zegokionez...

        Estalki berdea! Itsumustuan errealitatera itzuli nintzen, odola burura igo zitzaidan eta bihotzaren taupadak bizkortu egin zitzaizkidan. Aulkitik jaiki eta ibiltzen hasten naiz. Bizitza sentitzen dut berriz nire zuntz guztiak ukitzen, eta behin eta berriz errepikatzen ditut «Estalki berdea! Estalki berdea!» hitz solteak. Gero eta lasterrago nabil, zerbaitetara iritsi nahian bezala, eta luze gabe etxean nago berriro.

        Une batez erabakia zalantzan jartzera gelditu gabe, ohera joan eta Hans Pauliren estalkia biltzen dut. Nire ideia on hark bizitza ez salbatzea benetan arraroa litzateke! Halako marka ezabaezin bati buruzko eskrupulu txatxuen gainetik pasatu nintzen, nire zintzotasuneko lehen orin beltza aipatzen zidan ahotsa isilarazi nuen. Pikutara bidali nituen. Ni ez nintzen ezein santu, ezein ergel bertutedun, adimena salbu geratzen zitzaidan oraindik...

        Eta estalkia besazpian hartu eta Stener kaleko 5 zenbakira abiatu nintzen.

        Atea jo eta sartu egin nintzen lehenbiziko aldiz areto handi ezezagunean. Ateko txirrinaren hots histerikoa entzun nuen nire buruaren gainean. Gizon bat sartzen da alboko gelatik murtxikatzen, ahoa janariz beteta, eta erakusmahaiaren atzean jartzen da.

        «Aizu, emadazu koroa erdi bat nire betaurrekoen truke!», esan nion. Ziur aski egun batzuk barru berreskuratuko ditut.»

        «Zer? Altzairuzkoak dira, ezta?»

        «Bai.»

        «Ez, ezin ditut hartu.»

        «A, ezin dituzu hartu. Tira, txantxetan besterik ez nintzen ari. Ez, baina estalki bat ekarri dut, ezertarako behar ez dudana, eta agian zuri interesatuko zaizula otu zait.»

        «Zoritxarrez ohe-estalki pilo bat daukat», erantzun zidan, eta fardela zabaldu nionean begirada bakar bat bota eta oihukatu zidan: «Ez, barkaidazu, baina ez dit balio!»

        «Alde kaskarra erakutsi nahi izan dizut hasteko», esan nion; «askoz hobeto dago beste aldetik».

        «Hala ere ez dit balioko, ez dut nahi, eta ez dizute horrengatik hamar ore inon emango.»

        «Ez, argi dago ez duela ezer balio», esan nuen; «baina pentsatzen nengoen agian beste estalki zahar batekin batera joan litekeela enkantera».

        «Ez, alferrik ari zara».

        «Hogeita bost ore?», esan nion.

        «Ez, ez dut nahi, gizon, ez dut inondik inora nahi».

        Beraz estalkia berriz besazpian jarri eta etxera joan nintzen.

        Ezer gertatu ez balitz bezala egin nuen; estalkia ohe gainean zabaldu nuen berriro, gero ondo leundu, ohi nuen bezala, eta nire azken negozioaren aztarnak ezabatzen saiatu nintzen. Burutik egon behar nuen horrelako alprojakeria burutzea erabaki nuenean; horretaz zenbat eta gehiago pentsatu, gero eta zentzugabeagoa iruditzen zitzaidan. Ahulezia aldi bat izan behar izan zuen, ezustean harrapatu ninduen barne-erlaxapen bat. Baina ez nintzen iruzur hartan erori, zerbait gaizki ote zihoan susmoak izan nituen, eta propio saiatua nintzen lehenik betaurrekoekin. Eta oso pozik nengoen nire bizitzako azken ordura arte markatuko nindukeen oker hura kontsumatzeko aukera ez izanagatik.

        Eta kalera irten nintzen ostera.

        Gure Salbatzailearen elizaren inguruko aulki batean eseri nintzen berriz abailduta, burua bularraren aurka, azken asaldurengatik indarge, goseak gaixotuta eta nekatuta. Eta denbora iragan zen.

        Beste ordu bete eman beharko nuke kanpoan eserita, argiago baitzegoen kalean etxean baino. Gainera, kanpoan nengoenean bularraldeko hozkadak gutxiagotu egiten zirela iruditzen zitzaidan. Nolanahi ere, garaiz etxeratuko nintzen.

        Eta erdi lo geratu nintzen, gogor hausnartzen eta sufritzen. Aurkitu berria nuen harri koxkor bat jakaren mahukaz garbitu eta ahoan sartu nuen, zurgatzeko zerbait edukitzeko. Horretaz aparte ez nintzen mugitzen, begiak ere geldi-geldirik neuzkan. Jendea batetik bestera zihoan, gurdien binbilikak, zaldi-apoen hotsek eta elkarrizketek eguratsa betetzen zuten.

        Baina botoiekin proba egin nezakeen. Ez zidan ezertarako balioko, noski, eta gainera oso gaixo sentitzen nintzen. Baina ondo pentsatuta, bahitetxetik, neure bahitetxe propiotik igaro beharko nuen etxerako bidean.

        Azkenean altxatu eta astiro eta urrats txikiz joan nintzen kaleetan barrena. Bekainak erretzen hasi zitzaizkidan, sukar arriskuan nengoen eta ahalik eta lasterren segitu nuen. Berriz pasatu nintzen nire ogia leihoan zeukan okindegitik. Tira, oraingoan ez gaituk geldituko!, esan nuen erabaki sendoz. Baina sartu eta ogi zatitxo bat eskatu egingo banu? Gogoeta iheskorra izan zen, tximista bezalakoa, bururatu zitzaidana. Puaj!, esan nuen burua astinduz. Eta aurrera segitu nuen.

        Sokagileen Zeharbidean bikote baten txutxu-mutxuak entzun nituen atarte baten atzean; apur bat harantzago, neska batek burua atera zuen leihotik. Hain mantso eta pentsakor nenbilen bazirudiela buruan asmoren bat neramala... eta neska kalera atera zen.

        «Zer moduz, pottoko? Baina zer duk, gaixo al habil? Ene bada, hori aurpegia daramaan!». Eta neskatoa bizkor atzeratu zen.

        Bat-batean gelditu nintzen. Zer gertatzen ote zitzaion nire aurpegiari? Hiltzen hasia ote nintzen benetan? Masailak ukitu nituen eskuez: argala nengoen, jakina argala nengoela. Masailak bi gatilu bailiren nituen. Jainkoa! Eta neure bidea jarraitu nuen astiro.

        Baina berriz gelditu nintzen. Hezurretan egon behar nuen. Eta begiak burua zeharkatzeko zorian izango nituen. Zer itxura ote nuen? Deabrukeria zen ere gosearen eraginez nola itxuralda zintezkeen! Sumina sentitu nuen ostera, azkeneko sugarra, zurrunaldiaren gisakoa. A zer nolako piura, e? Han nindoan ni Norvegian parekorik ez zeukan buruarekin, manda-mutil bat irin bihurtzeko moduko ukabilekin, alafede, eta itxura galtzerainoko gosea pasatzen nengoen Kristiania hiriaren erdian! Ez al zen zentzu eta neurriz kanpokoa? Senperrenak eginak nituen, gau eta egun ibilia nintzen ahaleginetan apaiza erakarri nahi duen emagaldua bainintzen; begiak begi-zuloetatik irteteraino ikasia nintzen eta goseak jana zidan garuneko adimena... Eta zer arraio lortua nuen ordainetan? Kaleko putek ere Jainkoari ni beren bistatik urruntzeko eskatzea. Baina hori amaitua zen... ulertzen al duk? Zer mila deabru, amaituta zegoen!... Haserrea etengabe hazten, hortzak kirrizkatzen nire ahuleziarengatik, negar eta birao artean, deiadarka segitu nuen gurutzatzen zitzaidan jendeari jaramonik egin gabe. Neure burua torturatzen hasi nintzen berriz, kopeta farolen aurka kolpatzen, azkazalak ahurretan iltzatzen, mihia eroa bezala hozkatzen nahiko argi mintzatzen ez zenean, eta suminez barre egiten min handia nuenean.

        Bai, baina zer egin dezaket?, esan nion azkenik neure buruari. Eta kalea hainbat aldiz zapaldu eta berriro esaten dut: Zer egin dezaket? Gizon bat albotik pasatu eta irribarrez esaten dit:

        «Zeure burua atxilotarazi beharko zenuke».

        Begira geratu nintzaion. Gure emakume-doktore ezagunetako bat zen, «Dukea» zeritzona. Hark ere ez zuen nire egoera ulertzen; hark, ezagutzen nuen eta eskua estutua nion gizonak. Baretu egin nintzen. Atxilotarazi? Bai, burutik jota nengoen; arrazoia zuen. Odolean sentitzen nuen eromena, haren oinazea garuna zeharkatzen sumatzen nuen. Beraz horrela amaitu behar nuen! Bai, bai! Nire ibilera goibel eta mantsoaz jarraitu nuen. Han amaitu behar nuen!

        Itsumustuan gelditzen naiz. Baina ez atxilotua!, esaten dut; hori ez! Larridurak ia erlastuta nengoen. Erreguka hasi nintzen, atxilotu ez nintzaten lau haizetara eskatuz. Ze bestela Udaletxera eramango ninduten berriro, argi izpirik ere ikusten ez zen gela ilun batetan hertsiko ninduten. Hori ez! Bazeuden oraindik beste bide irekiak, saiatu gabeak. Eta saiatu egingo nituen; arduratu egingo nintzen, nekaezinik ibiliko nintzen etxez etxe. Bazegoen adibidez Cisler musika-dendakoa, haren etxean ez nintzen egon. Irtenbideren bat egongo zen... Honela nenbilen hizketan, hunkiduraz negar egiteraino iristen nintzela. Baina ez nazatela atxilotu!

        Cisler? Goitikako seinalea ote zen? Haren izena arrazoirik gabe bururatua zitzaidan, eta oso urruti bizi zen; baina bisita egingo nion, astiro ibiliko nintzen, noizean behin atseden hartuz. Ezagutzen nuen tokia, sarritan egona nintzen han partituraren bat erosten, garai on hartan. Eskatuko al nion koroa erdi bat? Agian aztoratu egingo zen. Hobe nuen koroa osoa eskatu.

        Dendan sartu eta nagusiaz galdetu nuen. Haren bulegora eraman ninduten. Hantxe zegoen gizona, lerdena, modaren arabera jantzita, kontu batzuei begiratzen.

        Barkamen eske toteldu nuen zerbait, eta nire zeregina azaldu nion. Premiak bultzatua nindoakion... Denbora asko gabe itzuliko nion guztia... Egunkarirako artikulua ordaintzen zidatenean... Egundoko mesedea egingo zidan...

        Oraindik hizketan ari nintzela mahaira jiratu zen bere lanarekin segitzeko. Amaitu nuenean saiheska begiratu zidan, buru polit hura astindu eta «Ez!» esan zidan. Ezetz soilik. Azalpenik ez. Hitzik ez.

        Belaunak bortizki dardarka hasi zitzaizkidan, eta barandatxo leunduan bermatu behar izan nuen. Berriro saiatu beharko nuen. Zergatik bururatu ote zitzaidan haren izena Vaterland auzo urrunean nengoenean? Ziztada batzuk sentitu nituen ezkerreko aldean, eta izerditan hasi nintzen. Hm! Ahituta nengoen benetan, esan nuen, oso gaixo tamalez; baina ez ziren egun batzuk besterik igaroko berriz itzuli ahal izan arte. Hain atsegina balitz...

        «Baina gizona, zergatik zatoz niregana?», esan zidan. «Niretzat erabat arrotza zara, kaletik sartu den norbait. Zoaz egunkarira, ezagutzen zaituzten lekura.»

        «Arratserako bakarrik!», esan nion. «Erredakzioa itxita dago jadanik, eta sekulako gosea dut orain.»

        Etengabe astindu zuen burua, eta oraindik horretan ziharduen eskua ate-krisketean jarri nuenean.

        «Agur!», esan nion.

        Ez zen goitikako seinalea, pentsatu nuen saminez irribarre eginez; nik ere eman nitzakeen horrelako aholkuak beharrezkoa izanez gero. Zingili-zangulu ibili nintzen nekez eta astiro, tarteka harmailen batean atseden hartuz. Behintzat ez nintzatela atxilotu! Gelan hertsia izateko beldurrak etengabe jarraitzen ninduen, bakean utzi gabe. Nire aurrean udaltzainen bat ikusten nuen bakoitzean alboko kaleren bat hartzen nuen harekin topo ez egitearren. Orain ehun urrats egingo ditugu, esaten nuen, eta berriz zortea probatu! Irtenbideren bat aurkituko dut noizbait...

        Mihise denda txiki bat zen, oina inoiz sartua ez nuen lekua. Gizon bakarra zegoen erakusmahaiaren atzean, bulegoa atzean, portzelanazko txartela atean, apalak eta mahaiak lepazurreraino beteta. Azken bezeroa,andereño irribarretsu bat, dendatik irten zen arte itxaron nuen. Bai zoriontsu zirudiela! Ez nuen jakako orratzarekin hunkitzen saiatzeko adorerik izan; jiratu egin nintzen, eta bularra negar-zotinka hasi zitzaidan.

        «Ezer nahi al duzu?», galdetu zidan enplegatuak.

        «Nagusia bertan al dago?», esan nuen.

        «Jotunheimen aldera joan da eguna pasatzera», erantzun zidan. «Gauza bereziren bat al zenuen?»

        «Ore batzuk eskatu nahi nizkion», esan nion irribarre egiten saiatuz. «Goseak nago eta ez dut sosik ere».

        «Orduan ni bezain aberatsa zara», esan zidan artile matazak ordenatzen segitzen zuen artean.

        «Ez nazazu kalera bidali... oraindik ez!», esan nion, gorputz osotik hotza hedatzen zitzaidala. «Benetan, goseak amorratzen nago, egunak dira ez dudala ezer jan».

        Serio-serio, hitzik esan gabe, patrikak bata bestearen atzean ateratzeari ekin zion. Zer uste ote zuen, ez niola sinesten, ala?

        «Bost ore bakarrik», esan nion. «(Eta egun batzuk barru hamar bihurtuko dizkizut».

        «Adiskidea, kaxatik lapurtzea nahi al duzu?», galdetu zidan egonarria galduz.

        «Bai», esan nion, «bai, hartu bost ore kaxatik».

        «Ez naiz ni izango horrelakorik egingo duena», amaitu zuen, gero gaineratuz: «Eta gauza bat esango dizut, ez dut arazo honetaz gehiago hitz egin nahi».

        Goseak gaixotuta eta lotsak gorrituta irten nintzen. Hezurrik kaskarrenaren atzetik dabilen zakur bihurtua nintzen, eta hura ere lortu ez. Ez, amaiera jarri behar nion hari! Urrutiegi joana nintzen, benetan. Hainbeste urtez goian egona nintzen, bide zuzenetik ibilia nintzen larrialdietan ere, eta orain bat-batean erarik bortitzenean eskaletua nintzen. Egun bakar hark gogoa erabat aberetua zidan, arima lotsagabekeriaz zipriztindu. Dendaririk xumeenaren aurrean burugabekeria eta sentimentalkerietan hasteraino iritsia nintzen. Eta ezertarako balio izan al zidan? Ez al nengoen berriro ere ahora eramateko ogi pusketarik gabe? Nire buruaz nazka sentitzea zen lortua nuen bakarra. Bai, bai, horrekin amaitu behar nuen! Etxeko atartea aurki itxiko zuten, eta bizkor ibili beharko nuen gaur ere gaua udaltzaingoan iragan nahi ez banuen...

        Hark indarrak eman zizkidan; ez nuen udaltzainen polizia-etxean lo egingo, ez horixe. Gorputza zeharo makurtuta eta eskua ezkerreko bularraldera eramanda ziztadak apur bat baretzeko, aurrera segitu nuen ahal bezala, begiak espaloiari begira, balizko ezagunak diosal egitera ez behartzeko, eta Suhiltzaile Parkera abiatu nintzen urrats bizkorrez. Eskerrak Jainkoari, zazpiak besterik ez ziren Gure Salbatzailean, oraindik hiru ordu geratzen zitzaizkidan atartea itxi aurretik. Hura beldurra pasea nuena!

        Beraz ez zitzaidan probatzeko ezer falta, ahal nuen guztia egina nuen. Egun oso batean ezer ez lortzea ere!, pentsatu nuen. Norbaiti esaten banion ez zidan sinetsiko, eta idatzi egiten banu dena asmatua zela esango zen. Inontxo ere ez! Ez, han ez zegoen irtenbiderik; baina gertatua gerta ez berriro errukia sortu. Puaj, nardagarria zen; ez dakik ondo nolako nazka ematen didaan! Itxaropenak galdu direnean, galdu egin dira eta kitto. Gainera, ezin al nuen zalditegitik ale eskukada bat hartu? Argi izpi bat, distira bat... banekien, ordea, zalfitegia itxita zegoela.

        Artea hartu nuen eta mantso-mantso abiatu nintzen etxerantz. Egarri nintzen, zorionez lehenbiziko aldiz egun osoan, eta zerbait edateko leku baten bila hasi nintzen. Azokatik gehiegi urrundua nintzen, eta ez nuen etxe pribaturen batera jo nahi; agian etxera iritsi arte itxaron ahal izango nuen, ordu laurden bat besterik ez zen izango. Gainera ez nekien ur tragoxka barruan gordetzeko gauza izango ote nintzen; nire urdailak ez baitzuen ezer ametitzen, eta lanak ematen zizkidan irensten nuen txistuak eragindako goragalea menperatzea.

        Eta botoiak? Oraindik ez nuen botoiekin ezer saiatu! Gelditu egin nintzen irribarre batekin. Baliteke irtenbidea hori izatea! Ez nengoen erabat kondenatuta! Ziur nintzen hamar ore emango zizkidatela haiengatik, bihar beste hamar aterako nituen handik edo hemendik, eta ostegunean artikulua ordainduko zidaten. Ikusiko nuen nola dena konpontzen zen! Nola ahaztu nitzakeen botoiak! Patrikatik atera eta so egin nien berriz, ibiltzen segitzen nuen artean. Bozkarioak hain arretu zizkidan begiak ozta-ozta bereiz nezakeela nenbileneko kalea.

        Zein ongi ezagutzen nuen soto zabala, arrats goibeletako nire aterpea, nire adiskide odolzalea! Nire ondasunak, bata bestearen segidan, etxeko oroimenak, nire azken liburua, denak desagertuak ziren han. Enkantearen egunean ikustera joatea atsegin nuen, eta oso pozten nintzen nire liburuak esku onetan amaitzen zutela zirudienean. Magelsen antzezleak zeukan nire erlojua, eta ia harro nengoen horregatik; nire lehen saiotxo poetikoak zeramatzan egutegia ezagun batek erosia zuen, eta nire berokiak argazkilari-estudio batean amaitu zuen. Beraz ez zegoen kexatzeko arrazoirik.

        Botoiak eskuan hartu eta sartu egin nintzen. Mailegaria bere mahaian eserita dago, idazten.

        «Ez dut presarik», esaten dut, nire eskaerak adigabetu eta asalda zezakeen beldur. Nire ahotsak neuk ezagutzen ez nion doinu huts arraro bat zeukan, eta bihotzak mailuak bezala kolpatzen ninduen.

        Irribarrez hurbildu zitzaidan, ohitura zuen bezala, bi eskuak erakusmahaiaren gainean jarri zituen eta aurpegira begiratu zidan ezer esan gabe.

        Bai, zerbait neraman gainean, agian probetxuzkoa izango zitzaiona... etxean enbarazu besterik egiten ez zidana, benetan nioen, aurretik kendu nahi nituen... zera, botoi batzuk.

        Beno, baina zer botoi, zer nolako botoiak ziren? Eta nire eskuetara daramatza begiak.

        Ezingo ote zizkidan ore batzuk eman haien trukean?... Berak ikusiko zuen zenbat... Zeritzonaren arabera...

        Botoiengatik? Eta txundituta behatzen geratu zitzaidan. Botoi hauengatik?

        Purua erosteko, edo nahi zuenerako. Hemendik pasatzen nintzen eta jakiteagatik sartu naiz.

        Hau entzutean mailegari zaharra bere mahaira itzuli zen barre eginez, hitzik esan gabe. Hantxe geratu nintzen. Egia esan ez nuen gehiegi espero izan, baina hala ere laguntza pixka bat lortuko nuela uste nuen. Barre hura nire heriotza-epaia zen. Agian betaurrekoak gaineratuko banitu...

        Multzo berean betaurrekoak ere sartuko nituzke noski, esan beharrik ez zegoen, esan nuen betaurrekoak erantziz. Hamar ore besterik ez, edo nahi zuena, agian bost ore?

        «Ondo dakizu ezin ditudala zure betaurrekoak hartu», esan zidan. «Esana dizut lehenago ere.»

        «Baina seilu bat behar dut», esan nion ahots marketsez. Idatzi behar nituen gutunak igorri ezinik aurkitzen nintzen. «Hamar edo bost oreko seilua, nahi duzuna.»

        «Zoaz Jainkoarekin eta utz nazazu bakean!» esan zidan eskuarekin keinu bat eginez.

        Tira bada, ez zegok ezer egiterik!, esan nion neure buruari. Betaurrekoak mekanikoki hartu eta berriz jantzi, botoiak eskuan hartu eta joan egin nintzen. Gabon esan ondoren atea itxi nuen beti bezala. Argi zegoen irtenbiderik ez zegoela! Kanpoko mailburuan gelditu nintzen, botoiei ostera begiratuz. Nola zitekeen nahi ez izatea?, esan nuen. Ia-ia berriak daude eta; ez dut ulertzen!

        Hausnarketa hauetan murgilduta nengoela, gizon bat pasatu zitzaidan albotik sotorantz. Kolpetxo bat emana zidan ustekabean, barka eskatu genion elkarri, eta jiratu egin nintzen hari begiratzeko.

        «Baina hi al haiz?», galdetu zidan bat-batean eskaileretatik. Nigana igo zenean ezagutu nuen. «Jainkoa, hori itxura duan!», esan zidan. «Zertan aritu haiz behean?»

        «A, negozioak nizkian. Hi ere behera hoa, ez?»

        «Bai. Zer ekarri diok hik?»

        Belaunak dardarka nituen, ormaren aurka bermatu nintzen eta botoiak erakutsi nizkion.

        «Baina zer arraio!», oihukatu zidan. «Aizak, nahiko duk!»

        «Gabon», esan nion alde egin nahian. Negarra sentitzen nuen bularrean.

        «Ez, hago pixka bat!», esan zidan.

        Zeren zain egon behar nuen? Bera ere bahitetxera zihoan, beharbada bere eztei eraztunarekin, hainbat egun jan gabe eman ondoren, agian dirua zor zion etxeko andreari.

        «Konforme», erantzun nion, «bizkor bahabil...»

        «Horixe!», esan zidan besotik helduz. «Baina gauza bat esango diat, ez diat sinesten, kaikua haiz; hobe duk nirekin jaitsi.»

        Zer nahi zuen ulertu nuen; berriro sentitu nuen harrotasun izpi bat eta erantzun nion:

        «Ezin diat! Bernt Anker kalean geratu nauk zazpi t'erditan, eta...»

        «Zazpi t'erditan, oso ondo! Baina orain zortziak dituk. Erlojua zeramaat eskuan, horixe bahitu behar nian. Beraz hator, bekatari goseti hori! Gutxienez bost koroa lortuko dizkiat!»

        Eta barrura bultzatu ninduen.

 

 

 

© Knut Hamsun

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"Knut Hamsun / Gosea" orrialde nagusia