LEHEN ZATIA
Bere marka hartua izan arte inork uzten ez duen Kristiania hiri txundigarri honetan batetik bestera ibiliz eta gosea pasatuz iragan nuen garaia zen.
Esna nago nire ganbaran etzanda, eta beheko kanpaia entzuten dut seiak jotzen; nahiko argi zegoen jadanik, eta jendea hasia zen eskaileretan gora eta behera ibiltzen. Ate aldean, gela «Morgen Bladet» egunkari orrialde zaharrez apaindua neukan lekuan, nabarmenki ikus nezakeen faro administrariaren gaztigua, eta handik pixka bat ezkerrera labetik atera berria zen ogiari buruzko Fabian Olsen okinaren iragarki oparo eta gozagarri bat.
Begiak ireki bezain laster, ohitura zaharrei jarraituz, gaurko egunak gauza pozgarririk ekarriko ote zidan pentsatzen hasi nintzen. Azken bolada nolabaiteko eskasian emana nuen; nire ondasunak, bata bestearen segidan, bahitegiko tipoari eramanak nizkion; nerbiotsu eta suminkor bihurtua nintzen, eta pare bat aldiz egona nintzen zorabioak zirela eta egun osoan oheraturik. Aldian behin, zorte ona nuenean, bost koroa irabazteraino irits nintekeen egunkariren batentzat artikulutxo bat idatziz.
Gero eta argiago zegoen, eta ate aldeko iragarkiak irakurtzeari ekin nion; oraindik bereiz nitzakeen «Andersen andereñoa, beztitzaile, atartetik eskuinera» ren letra mehe eta eskeletikoak. Denbora ugari iragan nuen horretan, eta jaiki eta jantzi ordurako beheko kanpaia zortziak jotzen entzun nuen.
Leihoa ireki eta kanpora begiratu nuen. Nengoen lekutik arropa zabaltoki bat eta zelai irekia ikusten nituen; han urruti, langile batzuk erretako burdinola batetik geratzen zen galdara txukuntzen ari ziren. Ukalondoak leihoaren gainean ezarri eta kanpora so geratu nintzen. Egun aparta zetorren dudarik gabe; iritsia zen uzta, gauza denak kolorez aldatu eta banitzen direneko urte-sasoi eder eta freskoa. Zaratak kaleak betetzen hasiak ziren, ni erakarriz; gela huts hura, zeinaren zorua gainean egiten nuen urrats bakoitzean gora eta behera zabunkatzen zen, hilkutxa goibel eta gaizki ahokaturikoa bezalakoa zen. Ateak ez zeukan behar zen bezalako sarrailarik, eta ez zegoen berogailurik ere; gauez galtzerdien gainean lo egin ohi nuen goizean pixka bat lehorrak egon zitezen. Atsegin zitzaidan gauza soila kulunkaulkitxo gorri bat zen, eta hartan eserita ematen nituen arratsak lo-kuluxkan eta gauza ugariz pentsatzen. Haize sendoak jotzen zuenean eta kaleko ateak zabaltzen zirenean, era guztietako kirrinkak entzuten ziren zoru eta ormetatik, eta ate aldeko «Morgen Bladet» orriei eskua bezain luzeak ziren arrailak sortzen zitzaizkien.
Altxatu eta ohe alboko gakotik zintzilik zegoen fardela arakatu nuen gosaltzeko zerbaiten bila, baina ezer aurkitu ez eta leiho aldera itzuli nintzen.
Jainkoak daki, pentsatu nuen, berriz lana bilatzeak merezi ote duen! Ukapen anitz haiek, erdi promesa haiek, ezezko garbiek, landuak izan ostean frustratutako itxaropenek, aldi bakoitzean deusezera zeramaten saio berriek, adorea ahitua zidaten. Azkenik faktura-kobratzaile posturako eskaria egin nuen, baina beranduegi iritsi nintzen; horretaz aparte ezin nuen berrogeita hamar koroako fidantza eman. Bed zegoen oztoporen bat. Suhiltzaile postura ere aurkeztu nintzen. Han egon ginen berrogeita hamar gizon patioan bularra kanporatuz itxura indartsu eta ausarta egin nahian. Inspektore batek izangaiak ikuskatzen zituen, haien besoak haztatuz eta galdera bat edo beste luzatuz, eta nire albotik igaro zenean burua astindu eta betaurrekoengatik ez nintzela gai esan zuen. Berriro aurkeztu nintzen, betaurrekorik gabe, bekainak zimurturik eta begirada aiztoa bezain zorrotza; gizona nire aurretik iragan zen berriz irribarre eginez. Ezagutua ninduen. Baina okerrena zera zen, nire arropa hain zegoela kaskartuta aurrerantzean ezingo nintzela pertsona agurgarria bezala beste ezein lanpostutara aurkeztu.
Nolako uniformetasunez eta zein etengabeki gainbehera ibilia nintzen! Pentsa zer nolako gabezian nenbilen azken boladan, ez zitzaidala geratzen ezta orrazia ere, ezta tristeegi jartzen nintzenerako irakurtzeko liburu bat ere. Uda osoan zehar ibilia nintzen hilerri bila edo Gaztelu Parkean. Han aldizkarietarako artikuluak idazten nituen, zutabez zutabe, gauzarik ugarienez: nire burmuin egonezinaren asmakari xelebreak, fantasiak edo ateraldiak. Nire etsipenean, gairik urrunenak aukeratuak nituen maiz, ordu luzeetako ahaleginen ondoren inoiz onartzen ez zizkidatenak. Artikulu bat amaitu bezain laster beste bati ekiten nion, eta erredaktoreen ezezkoek gutxitan deprimitzen ninduten; hala ere neure artean esaten nuen noizbait arrakasta izango nuela. Eta egia zen, noizean behin, zortea nuenean eta ongi sentitzen nintzenean bost koroa irabazteraino iristen nintzen arratsalde bateko lanarengatik.
Berriro urrundu nintzen leihotik, aulki baten gainean neukan konketara joan eta ur pixka batez busti nituen fraken belaunetako gastatuak, apur bat belztuz berriagoak eman zezaten. Hura egin ondoren, ohitura nuen bezala, papera eta lapitza patrikan sartu eta irten egin nintzen. Isil-isilik lerratu nintzen eskaileretan behera, etxeko andrea ohar ez zedin; egun batzuk iraganak ziren errenta epea bete zenetik, eta orain ez neukan zerekin ordaintzerik.
Bederatziak ziren. Gurdi zaratek eta ahotsek betetzen zuten giroa, koro goiztiar eskerga hura, oinezkoen urratsekin eta gurtzainen zigorren klaskadekin nahasirik. Trafiko zaratatsuak adorea bihurtu zidan segituan, eta gero eta gusturago sentitzen hasi nintzen. Aire fresko hartan pasiera goiztiarra egitea beste ezer baino urrutiago zegoen nire asmotik. Nire birikei zer axola zitzaien airea? Erraldoia bezain indartsua nintzen eta gurdi bat sorbaldaz geldiaraz nezakeen. Dartada atsegin eta bitxi bat jabetua zen nitaz, axolagabetasun leunaren sentipena. Niganantz zetorren eta ondotik pasatzen zitzaidan jendeari begiratzen hasi nintzen. Ormetako kartelak irakurri nituen, gertu iragan zen tranbiatik jaurtikitako begirada hartu nuen, eta huskeria guztiak, nire bidea gurutzatu eta desagertzen ziren ustekabe oro barneratzen utzi nituen.
Lastima horren egun argian janaria erosteko ezer ez edukitzea! Goiz alaiak halakoxe bat egin zidan, neurri gabeko alaitasunak hartu ninduen eta pozaren pozaz kanta-marmaratzen hasi nintzen, arrazoi zehatzik gabe. Harategi baten aurrean andre bat zegoen, besoan poltsa eta bazkaritarako saltxitxetan pentsatzen; bere aldamenetik iragan nintzenean so egin zidan. Hortz bat besterik ez zeukan goialdean. Azken aldi hartan nahiko nerbiotsu eta sentibera bihurtua nintzenez, andrearen aurpegiak nazka zirrara bat eragin zidan; hortz luze eta horiak masailezurretik irteten zen atzamar ttipi bat ematen zuen, eta andrearen begirada oraindik saltxitxez beteta zegoen niganantz zuzendu zuenean. Jateko gogoa ziplo joan zitzaidan eta goragalea sentitu nuen. Azokako saltokietara iritsi nintzenean, iturrira joan eta ur pixka bat edan nuen; gorantz begiratu nuen. Hamarrak ziren Gure Salbatzailearen kanpandorrean.
Kaleetan barrena segitu nuen, noraezean ibili nintzen ezertaz arduratu gabe, izkina batean gelditu nintzen premiarik izan gabe, handik okertu eta kale txikiago batean sartu nintzen, bertan ezer egitekorik ez neukala; ez zitzaidan ezer axola, han-hemenka ibili nintzen goiz alaian, neure burua beste jende zoriontsuaren artean joaten utzi nuen axolagabeki: eguratsa garbi zegoen, eta nire ariman ez zegoen hodeirik.
Hamar minutu zeramatzan nire aurretik ibiltzen agure hankamotz batek. Fardela zeukan esku batean, eta gorputz osoaz laguntzen zuen, eginahal guztian bizkor joatearren. Nekearen poderioz arnasestuka entzun nuen, eta haren fardela eraman nezakeela bururatu zitzaidan; hala ere, ez nintzen harengana hurbiltzen saiatu. Graendsenen goialdean Hans Pauli-rekin egin nuen topo, hark agurtu eta ziztu bizian segitu zuelarik. Zergatik ote zegoen horren presakatuta? Ez zitzaidan burutik pasatu ere koroa bat eskatzea, eta gainera berehalakoan bihurtuko nion aste batzuk lehenago mailegatua zidan ohe-estalkia. Estualditik irten bezain laster ez nion inori inongo ohe-estalkirik zor izango. Agian gaur bertan hasiko nintzen artikulu bat idazten, etorkizuneko krimenetaz, edo irizpide askatasunaz; edozer gaitaz, irakurgarria izan eta gutxienez hamar koroa emango zizkidan edozein gaitaz... Eta artikulu hartaz pentsatu eta gainezka neukan burmuina husten hasteko irrika batek zeharkatu ninduen; leku egokiren bat aurkituko nuen Gaztelu Parkean eta ez nuen atsedenik izango hura burutua izan arte.
Baina elbarritu zahar hark oraindik herrenka segitzen zuen aurretik. Azkenean aspertzen hasi nintzen pertsona gaixo hura denbora guztian aurrean izateaz. Bazirudien haren bidaiak ez zuela inoiz amaiera izango. Beharbada ni nindoan leku berberera joatea erabakia zuen eta bide osoan begien aurrean izan beharko nuen. Nire suminduran zera iruditu zitzaidan, kale gurutze bakoitzean mantsotu egiten zuela apur bat, zein norabide hartuko nuen zain bezala geratzen zela, gero fardela berriz airean kulunkatu eta indar berriak biltzen zituela abantaila galdu gabe segitzeko. Gizaki zapaldu hura ikusiz, gero eta sumin handiagoa sentitzen nuen; pixkanaka ene gogo argia galarazten zidala eta, bere itsustasunean, goiz garden eta ederra herrestan zeramala iruditu zitzaidan. Munduan leku bat indarrez aurkitu eta kalea beretzat bakarrik nahi zuen intsektu herren handi baten tankera zuen. Aldapa igo genuenean ezin izan nuen gehiago jasan; denda bateko leihora begiratzen hasi eta bertan gelditu nintzen, besteari aldentzeko parada ematearren. Minutu batzuk iragan ondoren berriz abiatu nintzenean, nire aurretik zihoan gizona berriro: bera ere gelditua zen nonbait. Birritan pentsatu gabe, hiruzpalau urrats haserre eman nituen, bere parean jarri nintzen eta soinean ukitu nuen gizona.
Bat-batean gelditu zen. Elkarri begira geratu ginen.
«Eskupekoa esnea erosteko!», esan zuen azkenik burua alde batera eramanez.
Hura bai ederra! Patriketan bilatu eta esan nion:
«Beraz esnea erosteko. Horratx! Garaiotan ez dago diru askorik, eta ez dakit norainoko premia duzun».
«Atzo Drammen-en egon nintzenetik ez dut ezer jan», esan zuen gizonak. «Ez dut sosik ere, eta oraindik ez dut lanik lortu».
«Artisaua al zara?»
«Bai, larru-jostuna naiz».
«Nola?»
«Larru-jostuna. Baina oinetakoak egiten ere badakit».
«Horrek dena aldatzen du», esan nion. «Zaude hemen minutu batzuk, eta zuretzako diru bila joango naiz, ore batzuk.»
Ziztu bizian abiatu nintzen Sahatsaren karrikarantz, banekien eta hango bigarren solairu batean bahitetxea zegoela, bertan inoiz egona ez banintz ere. Atartean sartu nintzenean gerruntzea itsumustuan erantzi, biribilkatu eta beso azpian ipini nuen; gero eskailerak igo eta bahitetxe atea jo nuen. Burua makurtu ondoren mahaiaren gainera jaurtiki nuen gerruntzea.
«Koroa t'erdi», esan zuen gizonak.
«Bai, konforme», erantzun nion. «Estu samarra geratzen zaidalako da, bestela ez nuke inondik inora utziko, ez horixe».
Dirua eta erreziboa hartu eta itzuli egin nintzen. Aurkikuntza aparta zen gerruntzearena; oraindik bazkari oparoa egiteko adina geratuko zitzaidan, eta etorkizuneko krimenei buruzko lantxoa prest egongo zen arratserako. Bat-batean bizitza pozgarriagoa aurkitzen hasi nintzen, eta bizkor itzuli nintzen gizonarengana, berataz libratzeko asmoz.
«Tori!», esan nion. «Pozten naiz nigana beste inorengana baino lehenago jo duzulako».
Gizonak dirua hartu eta ikuskatzen hasi zitzaidan. Zeri begiratzen ari ote zitzaion? Bereziki belaunetakoak aztertzen zizkidala iruditu zitzaidan, eta aspertu egin ninduen bere lotsagabekeriak. Ematen nuen bezain behartsua nintzela uste ote zuen alprojak? Ez al nintzen bada hamar koroa emango zizkidan artikulua ia-ia idazten hasi? Etorkizunak ez ninduen batere kezkatzen, gauza asko neuzkan esku artean. Zer axola zitzaion arrotz hari hain egun argi batean txanpon batzuk ematen banizkion? Haren begiradak sutan jartzen ninduen, eta gizona utzi aurretik erretolika luzatzea erabaki nuen. Soinak goratu eta zera bota nion:
«Adiskidea, koroa bat ematen dizun gizonari belaunetakoetara horrela so egitea oso ohitura itsusia da».
Burua ormaraino atzeratu eta ahoa zabalik geratu zitzaidan. Zerbait zebilen jiraka haren eskale kopetaren atzean. Nola edo hala ziria sartu nahi niola irudituko zitzaion, dirua luzatu zidan eta.
Zorua oinez kolpatuz eta biraoka, dirua gordetzeko esan nion. Zer uste zuen bada, halako nekeak hartuak nituela ezer ez lortzeko? Gainera, ongi pentsatuta, agian benetan zor nion koroa hura; zorra zaharrak oroitzeko ohitura nuen, pertsona zintzoa zuen aurrean, behatzetaraino prestua. Hitz gutxitan, dirua berea zela... Tira, ez zuen zertan eskerturik, atsegingarria zitzaidan. Agur.
Joan egin nintzen. Azkenean libratua nintzen nekarazle elbarritu hartaz, eta lasaitasuna berreskuratua nuen. Sahatsaren karrikan behera jo nuen berriz eta janari-denda baten aurrean gelditu. Erakusleihoa janariz gainezka zegoen, eta bertan sartu eta bidean jateko zerbait erostea erabaki nuen.
«Gazta pusketa eta ogi zuria!», esan nuen salmahaiaren gainean koroa erdia jaurtikiz.
«Hainbesteko gazta eta ogia?», galdetu zuen andreak ironiaz, niri begiratu gabe ere.
«Berrogeita hamar oreko, bai, andrea», erantzun nion lasai-lasai.
Eroskinak hartu, atso zahar gizen hari agurrik adeitsuena egin eta arin abiatu nintzen Gazteluko arrapalatik Parkera. Aulkia aurkitu nuen niretzat bakarrik eta hornidurak itoka marraskatzeari ekin nion. On egin zidan, bolada luzea baineraman horren otordu osoa egin gabe; eta emeki-emeki, negarraldi luze baten ondoren sentitzen den lasaitasun ase bera sentitzen hasi nintzen. Adorea hazten joan zitzaidan; zegoeneko ez zitzaidan nahiko iruditzen «etorkizuneko krimenak» bezalako gai sinple eta errazaz idaztea; gainera, edonork asma zezakeen irakurriko zuena, eta bestela Historiatik ikasi besterik ez zuen. Senpetren handiagoak egiteko gai nekusan neure burua, zailtasunak gainditzeko umorean nengoen, eta hiru ataletan joango zen «ezaguera filosofikoa»ri buruzko tratatua idaztea erabaki nuen. Kant-en hainbat sofisma apurtzeko aukera izango nuen, noski... Lanean hasteko asmoz, idazteko gauzak ateratzera nindoanean lapitza falta zitzaidala sumatu nuen. Ahaztua nuen bahitegian; gerruntzeko patrikan zegoen.
Jainkoa! Zergatik okertu behar zitzaidan dena? Birao batzuk bota nituen, aulkitik altxatu eta parkeko bidexketan gora eta behera hasi nintzen. Isiltasuna zen nagusi; han urruti, Erreginaren Pabilioian, inude batzuek beren haur-kotxeak zeramatzaten, baina haietaz aparte ez zen handik inortxo ere ikusten. Erabat sutan nengoen, eta amorratua bezala nenbilen aulkiaren aurrean gora eta behera. Nola zitekeen bada gauza guzti guztiak hala okertzea? Hiru ataletako artikulua bertan behera utzi beharko nuen, zergatik eta patrikan hamar oreko lapitza ez neukalako, alajaina! Eta Sahatsaren karrikara itzuli eta lapitza berreskuratuko banu? Geratuko zitzaidan oraindik zati koxkor bat idazteko denbora pasealariak parkea betetzen hasi aurretik. Eta hainbeste gauza zeuden «ezaguera filosofikoa»ri buruzko tratatuaren menpe... Agian hainbat jenderen zoriona, nork jakin zezakeen? Neure artean nioen apika jende gazte askorentzat laguntza handia izan zitekeela. Ongi hausnartu ondoren, ez nion Kanti erasoko; izan ere, ekidin nezakeen gauza zen, «denbora» eta «lekua» arazoak ukitzean itzulinguru sumaezin bat egin besterik ez nuen; baina Renan-ez, Renan erretore zaharraz ez nuen erantzuten... Nolanahi ere, gauza zera zen, honenbeste zutabeko artikulua idatzi behar nuela. Ordaindu gabeko errentak, etxeko andrearen goizeroko begirada luzeak eskaileretan topo egiten genuenean, egun osoan zehar torturatzen ninduten, eta beste gogo ilunen arrastorik ez nueneko aldarte alaietan ere azaleratzen zitzaizkidan. Amaiera eman behar nion egoera hari. Bizkor irten nintzen parketik, bahitegira lapitzaren bila joateko.
Gazteluko arrapalatik behera nindoala bi andereñorekin topo egin nuen, eta haien ondotik pasatu. Pasatzeko unean bataren besoa ukitu nuen arinki, eta begiak altxatzean aurpegi betea eta zurbil samarra zuela ikusi nuen. Bat-batean gorri-gorri jarri da, eta izugarri polita. Ez dakit zeri zor zaion, agian alboan iragan den norbaiti entzundako zerbaiti, edo apika otu zaion gogoetaren bati bakarrik. Edo besoa ukitua niolako ote zen? Bere bularra bortizki dardaratzen da eta itzalkiaren euskarriari indarrez heltzen dio. Zer ote zuen?
Gelditu eta berriro nire albotik pasatzen utzi nion: hain bitxia iruditzen zitzaidan guztia ezin nuela aurrera segitu. Oso suminduta nengoen, nire buruarekin haserre lapitzaren kontuagatik eta urdail hutsean sartutako janari piloak biziki berotuta. Bat-batean, nire gogoak, bulkada gurati batez, norabide harrigarria hartzen du: dama hura ikararazteko, segitzeko eta nola edo hala kexarazteko desira bitxi bat nitaz jabetzen dela sentitzen dut. Berriro aurreratzen dut, bere albotik pasatu, itsumustuan jiratu eta aurrez aurre geratzen gara, ni hari begira. Begietara so geratu natzaio eta hantxe bertan inoiz entzuna ez dudan izen bat asmatzen dut, doinu irristakor eta artegako izena: Ilaiali. Niregandik nahiko hurbil zegoenean zuzen-zuzen jarri eta hertsiki esaten diot:
«Liburua erori zaizu, andereño.»
Nire bihotzaren taupada ozenak entzuten nituen hau esatean.
«Liburua?», galdetzen dio bere lagunari, eta aurrera segitzen du.
Nire gogo gaiztoa areagotuz joan zen eta damari segitu nion. Berehala jabetu nintzen txotxolokerietan ari nintzela, baina ezin nuen saihetsi: nire egoera nahasiak gainditzen ninduen, bururapenik eroenak zetozkidan eta obeditu egiten nituen etorri ahala. Alferrik esaten nion neure buruari kaikuarena egiten ari nintzela; imintziorik ergelenak egiten nituen bere atzean eta eztul zaratatsu batzuk egin nituen aurreratzean. Horrela segitu nuen astiro ibiliz, betiere urrats batzuk aurretik, bere begiak nire bizkarrean sumatu nituen eta nahigabez makurtu nintzen andereñoa nekarazia nuelako lotsatuta. Pixkana-pixkana oso urruti nengoelako inpresio bitxia izan nuen, beste nonbaiten egotearena; espaloiko lauzetan makurtuta zihoan hura ni ez nintzelako sentimendu zehaztugabea izan nuen.
Minutu batzuk beranduago dama Pascha-ren liburu-dendara iritsi da; ni lehen leihoan gelditu naiz jadanik, eta nire albotik iragan denean aurreratzen natzaio errepikatuz:
«Liburua galdu duzu, andereño.»
«Baina zein liburu?», esan zidan larriduraz. «Ba al dakin zer liburuaz ari den?»
Eta gelditu egiten da. Gupidagabeki bozkariatzen naiz haren nahasketaren aurrean; begietan irakurtzen diodan zalantzak zoratu egiten nau. Bere gogoari ulertezin egiten zaio nire mintzalditxo etsia. Ez darama inongo libururik, ezta orri bakar bat ere, baina hala ere patriketan bila hasten da, bere eskuei begiratzen die hainbat aldiz, burua okertzen du ibilitako kalea aztertuz, bere burmuintxo makala behartzen du zer liburuaz ari ote naizen jakitearren. Aurpegiaren kolorea aldatzen zaio, espresioa ere mutatu egiten zaio, eta arnasa nabarmenki entzuten zaio; bere soinekoaren botoiak ere begi izutuak bailiren so egiten didatela ematen dute.
Ez jaramonik egin», esaten dio bere lagunak besotik tiratuz. «Mozkortuta zegon eta. Ez al dun ikusten nolako hordia daraman?»
Une hartan hain arrotza nintzen neure buruarekiko, hain eragin ikusiezin eta bitxien menpe aurkitzen nintzen, ez zegoela nire inguruan erreparatzen ez nuen ezer. Zakur marroi handi batek kalea korrika gurutzatu, eta parkeko zuhaiztian barrena Tivoli aldera jo zuen; lepokoan zilar antzeko xaflatxoa zeraman. Kalean gora bigarren bizitza bateko leihoa zabaldu zen, eta neska bat agertu zen, mahukak bilduta, eta leihoen kanpoaldea garbitzeari ekin zion. Nire ohartasunari ez zion ezerk ihes egiten; argi eta lasai nengoen, gauza guztiak argitasun distiratsu batez barneratzen nituen, bat-batean argi indartsu batek inguratu banindu bezala. Nire aurrean zihoazen bi damek kapelan txori hegal urdina eta lepo inguruan zeta eskoziarrezko xingola zeramaten. Ahizpak zirela otu zitzaidan.
Desbideratu egin ziren, Cisler-en musika-dendan hitz egiteko geldituz. Ni ere gelditu egin nintzen. Gero atzera jo zuten biek, etorriak ziren bide bera hartu, berriz nire ondotik pasatu, Unibertsitate kaleko izkinan jiratu eta Sankt Olaf Enparantzara iritsi ziren. Nik, bitartean, ausartzen nintzen hurbilenetik segitzen nituen. Behin jiratu ziren niganantz eta begirada erdi izutu erdi jakin-nahia bidali zidaten, eta ez nuen haien aurpegietan haserrerik zein bekain zimurturik ikusi. Nire zirikaldiaren aurrean erakusten zuten egonarriak lotsarazi egiten ninduen, eta begirada jaitsi nuen. Ez nituen gehiago nekaraziko; begiez segituko nituen, eskerron hutsez; ikusbidean edukiko nituen nonbait sartu eta desagertzen ziren arte.
2 zenbakia zeraman lau bizitzako etxe dotorearen aurrean berriro jiratu ziren, eta barrura sartu. Iturri alboko gas-lanpa batean bermatu nintzen haien oin-hotsak entzuteko; bigarren bizitzan isildu ziren. Faroletik aurreratu eta etxeari so geratzen naiz. Eta orduan gauza xelebrea gertatzen da. Han goian gortina batzuk mugitzen dira, une bat beranduago leiho bat zabaltzen da, buru bat atera eta tankera bereziko bi begi nigan kokatzen dira. Ilaiali!, esan nuen erdi ozenki, gorritzen nintzela sentituz. Zergatik ez zuen laguntza eskatzen? Zergatik ez zidan lorontzi bat burura jaurtikitzen? Edo norbait behera bidaltzen ni joanarazteko? Han gaude biak elkarren begietara so egiten eta mugitu gabe; minutu bat irauten du horrek. Gogoetak gurutzatzen dira leihoa eta kalearen artean, hitzik ere esan gabe. Jiratu egiten da, eta astinaldia sentitzen dut neure baitan, dartadatxo bat ariman. Soin bat ikusten dut jiratzen, bizkar bat gela barrurantz desagertzen. Leihotik urruntze mantso hura, sorbalda mugimenduak ezarritako azentua, niri bidalitako keinu bat bezalakoak ziren; nire odolak agur fin hura sumatu zuen, eta itsumustuan zoragarriki alai sentitu nintzen. Gero jiratu eta kalean behera abiatu nintzen.
Ez nintzen atzera begiratzen ausartu, eta ez nekien neska berriz leihora hurbildua ote zen. Auzi hori zenbat eta gehiago aztertu, gero eta artega eta urduriago nengoen. Ziur aski nire mugimendu guztiak segitzen ari zen une hartantxe, eta erabat jasanezina zitzaidan era hartan atzetik espiatzen nindutela jakitea. Ahal nuen bezala zutitu eta aurrera segitu nuen; zangoak dardarka hasi zitzaizkidan, eta ibilera trakestu egin zitzaidan nik propio dotorea izatea nahi nuelako. Tankera lasaia eta axolagabea emateko besoak absurdoki kulunkatuz nindoan, kalean txistu eginez eta burua altxatuz, baina alferrikakoa zen. Etengabe sentitzen nituen begi jazarle haiek bizkarrean, eta hozkirriek zeharkatzen zidaten gorputza. Azkenik babesa aurkitu nuen zeharkale batetan, eta handik Sahatsaren karrikan behera joan nintzen nire lapitzaren bila.
Ez nuen inongo eragozpenik izan berreskuratzeko. Gizonak berak ekarri zidan gerruntzea eta patrika guztietan bilatzeko eskatu zidan; pare bat bahitetxe-errezibu-agiri ere aurkitu eta neureganatu nuen, eta azkenik eskertu egin nion gizon zintzoari bere adikortasuna. Gero eta gehiago atsegin nuen pertsona hura, eta bat-batean garrantzi handikoa iruditu zitzaidan hari inpresio ona egitea. Aterantz urrats bat eman eta berriro itzuli nintzen mahaira, zerbait ahaztu banu bezala. Azalpen edo argipen bat zor niolakoan nengoen, eta kanta-marmaratzen hasi nintzen bere aditasuna erakartzearren. Orduan lapitza eskuan hartu eta altxatu egin nuen.
Ez zitzaidakeen inoiz otuko honen urrutira etortzea edozein lapitzen bila, esan nion; baina honekin beste gauza bat zen, beste arrazoi bat zegoen. Apala bazirudien ere, lapitz pusketa hura zen, argi eta garbi, orain nintzena bihurtua ninduena; nolabait esateko, bizitzan leku bat emana zidana...
Ez nuen ezer gehiago esan. Gizona mahairaino etorri zen.
«Benetan?», esan zidan jakin-minaz begiratuz.
Lapitz horrekin, jarraitu nuen odol hotzez, idatzia nuen ezaguera filosofikoari buruzko tratatua hiru aletan. Ez al zuen menturaz hartaz entzun?
Gizonak baietz uste zuen, entzuna zuela izena, izenburua.
Bai, esan nion, nirea zen hura! Beraz ez zuen zertan harriturik lapitz pusketatxo hura berreskuratu nahi banuen; egundoko balioa ematen bainion, ia-ia pertsona txiki bat bezala zen niretzat. Eta bai, bihotzez estimatzen nion mesedea, ez nuen sekula ahaztuko; bai, bai, egina zidan mesedea ez nuen ahaztuko. Promesa promesa zen, ni horrelako gizona nintzen, eta berak zinez merezi zuen. Agur.
Aterantz abiatu nintzen gizon bati lanpostu ona lot diezaiokeen norbaiten keinuak eginez. Mailegari onkotea bi aldiz makurtu zitzaidan urruntzen nintzenean, eta berriro ere jiratu nintzen agur esateko.
Eskaileran eskuan maleta bat zeraman emakume batekin topo egin nuen. Alderatu egin zen, ikaratuta, niri pasatzen uzteko, eta nahigabez patriketan hari emateko zerbaiten bila hasi nintzen; ezer ez aurkitzean lotsa sentitu nuen eta burua makurturik igaro nintzen bere albotik. Geroxeago entzun ahal izan nuen nola berak ere jotzen zuen bahitetxeko atea; bertan altzairu-harizko sarea zegoen, eta segituan antzeman nion hatz koskorrek ukitzean egiten zuen tintin-hotsa.
Eguzkia goi goian zegoen, hamabiak inguru ziren. Hiria mugitzen hasia zen, pasiera garaia hurbiltzen zihoan eta jendea barrez eta elkarri agurtuz kulunkatzen zen Karl Johan kalean barrena. Ukalondoak gorputzari atxiki, ahalik eta gehien laburtu nintzen eta aldamenetik pasatzen zirenei behatzeko Unibertsitateko izkina hartua zuten ezagun batzuen ondotik iragan nintzen era sumaezinean. Gazteluko arrapalan gora joan nintzen hausnarketetan murgildurik.
Topatzen nuen jende hura, zein arin eta alaiki kulunkatzen zituzten beren buru ilehoriak bizitza dantza-gela bailitzen zeharkatuz! Ez zegoen atsekaberik begi bakar batean ere, zamarik ez ezein soinetan, beharbada gogoeta hodeitsurik ez, damurik ttipiena ere ez haien arima zoriontsuetan. Eta han nindoan ni, jende haren alboan, gazte eta jaio berria, eta zorionak zuen itxuraz jadanik ahaztua! Gogoeta horretan murgildu nintzen, eta bidegabekeria krudela gertatua zitzaidala aurkitu nuen. Azken hilabete haiek zergatik izanak ziren hain bereziki latzak niretzat? Ez nion neure arima alaiari antzik ematen, eta atsekaberik xelebreenak zetozkidan leku guztietatik. Ezin nintzen aulki baten bakardadean eseri edo hanka inon sartu gertagarririk xume eta arruntenez abailduta sentitu gabe, huskeria tamalgarri haiek nire izpirituaren irudietan sartu eta indarrak lau haizetara sakabanatzen zizkidatelarik. Albotik pasatzen zitzaidan zakurrak, edo gizon batek jakaren botoi-zuloan zeraman arrosak gogoetak dar-dar uzten zizkidaten eta luzaro geratzen zitzaizkidan gogoan. Zer gaitzak jota nengoen? Jainkoaren hatzak seinalatu ote ninduen? Baina zergatik ni hain zuzen? Behin horretan hasita, zergatik ez Hegoamerikako gizonen bat? Arazoa zenbat eta gehiago aztertu, gero eta ulergaitzagoa egiten zitzaidan ni aukeratua izana Jainkoaren Grazia aldakorraren akuri gisa. Nahiko prozedura xelebrea zen mundu oso baten gainetik pasatzea niganaino iristeko; hor zeuden, bestela, Pascha antigoaleko liburu-saltzailea eta Hennechen itsasontzi agentea.
Auzia hausnartuz nindoan, gogotik baztertu ezinik. Protestarik bizienak egiten nituen beste guztien erruak nik ordaintzera behartzen ninduen Jaunaren nahikeria haren aurka. Aulki bat aurkitu eta bertan eseri ondoren ere, gai hark kezkatzen ninduen, beste edozertan pentsatzea ezinezko bihurtuz. Nire makurraldiak hasi zireneko Maiatzako egun hartatik, argi sumatzen nuen ahulezi hazkor bat, neure burua joan nahi nuen lekuetara zuzendu eta eramateko makalegi bihurtu banintz bezala; intsektu bizkarroi mordo bat nire barrura sartua zen eta erabat hustua ninduen. Jainkoak ni zeharo hondatzeko erabakia hartua ote zuen? Altxatu eta aulkiaren aurrean gora eta behera hasi nintzen.
Une hartan nire izate osoa pairamen izugarrian zegoen; mina nuen besoetan oraindik, eta ia jasanezina zitzaidan posizio normalean eramatea. Azken otordu astun hark goragale bizia eragina zidan, asebeteta eta berotuta nengoen eta aurrera eta atzera paseatzen nintzen begiak altxatu gabe; joan etorrian zebilen jendea txinparta bezala pasatzen zitzaidan albotik. Azkenik, gizon pare bat eseri zen nire aulkian; puruak piztu eta ozenki jardunean hasi ziren. Asaldatu egin nintzen, eta gustura esango niekeen zerbait, baina horren ordez jiratu eta parkearen beste muturrera joan nintzen, bertan beste aulki bat aurkitu nuen arte. Eseri egin nintzen.
Jainkoaz pentsatzeari ekin nion berriro. Bidegabekeria galanta iruditzen zitzaidan bere aldetik lana bilatzen nuen bakoitzean sudurra sartzea eta dena lardaskatzea; izan ere, egunerako janaria besterik ez nuen eskatzen. Argi ikusia nuen luzaro samar baraurik neramanean garunak emeki-emeki burutik irtengo balitzait bezala egiten zidala, barruan hutsik geratzen nintzelarik. Burua arin eta adigalkor bihurtzen zitzaidan, ez nuen bere pisua soinen gainean nabaritzen, eta zerbaiti so egiten nionean begiak neurritik kanpo irekitzen nituela iruditzen zitzaidan.
Han nengoen ni aulkian eserita, guzti honetaz pentsatzen, eta gero eta haserreago Jainkoarekin bere zirikaldi etengabeengatik. Era hartan kitzikatuz eta nire bidean eragozpenez eragozpen ezarriz bereganarazi eta hobetu nahi baninduen, orduan guztiz oker zegoen, hori ziurtatu egin niezaiokeen. Eta zeruari begiratu nion, ia negarrez amorruagatik, eta hori dena esan nion behingoz neure baitan.
Eskola-egunetako zatiak etorri zitzaizkidan gogora, Bibliaren doinuak kantatzen zidan belarrietan, eta ahopeka hitz egiten nion neure buruari, kaska era eztenkarian okertuz. Zergatik kezkatzen nintzen jango nuenaz, edango nuenaz, eta nire gorputz lurtarra zeritzan har-zaku ziztrin hura nola jantziko nuenaz? Ene aita zerutiarra ez al zen bada nitaz arduratu, zeruko txoriez bezalaxe, ez al zuen bada bere zerbitzari apal hau seinalatzeko grazia erakutsi? Jainkoak hatza nire nerbio-sarean sartua zuen eta poliki, emeki-emeki, hariak nahaspilatu. Eta Jainkoak hatza atzeratua zuenean, nire kirio-zuntzetiko harizpiak eta errotxo meheak zeramatzan. Eta haren hatzak, Jainko beraren hatzak, ukitu ninduen lekuan zulo irekia zegoen, eta nire garunean, haren hatzak eginiko bidean, zauria. Baina Jainkoak bere eskuaren hatzaz ukitu ondoren bakean utzi ninduen, ez ninduen berriro ukitu, ezta niri beste okerrik gertatzea baimendu ere. Bakean joaten utzi zidan, baina zulo irekia neramalarik. Eta eternitatearen Jauna den Jainkoaren borondatez ez zitzaidan inongo okerrik gertatu.
Haizeak Estudianteen Zuhaiztiko musika boladak zekarzkidan, beraz ordu biak paseak ziren. Zerbait idazteko asmoz paper orriak atera nituenean, bizartegi-txartelak erori zitzaizkidan patrikatik. Txartelak zenbatu nituen; sei geratzen zitzaizkidan. Eskerrak Jainkoari!, esan nuen ohartzeke. Oraindik beste aste batzuez bizarra moztu ahal izango nuen, ez nuen itxura ona galduko! Eta oraindik jabego xume hura geratzen zitzaidala ikusiz aldartea hobetu egin zitzaidan. Txartelen zimurrak arretaz lautu ondoren patrikan gorde nituen.
Baina ezinezkoa zitzaidan idaztea. Lerro pare baten ondoren, ez zitzaidan ezer bururatzen. Gogoa beste nonbait nuen, eta ez nintzen ahalegintzeko gai ere. Gauza orok eragina zuen nigan eta adigabetzera ninderaman; ikusten nuen guztiak inpresio berriak ematen zizkidan. Euliek eta eltxo txikiek paperari atxiki eta nekarazi egiten ninduten; putz egiten nien uxatzeko, gero eta sendoago aritu nintzen puzka, baina dena alferrik. Piztiñoak beren atzealdean bermatzen dira, astun bihurtu eta eutsi egiten diote hankatxoak tolesten dizkien haizeari. Ezin ditut lekutik aldenarazi. Heltzeko zerbait aurkitzen dute, hankak papereko koma edo malkarren batean finkatzen dira eta geldi-geldirik geratzen dira, alde egitea erabakitzen duten arte.
Munstrotxoek luzaro eduki ninduten lanpetuta; zangoak antxumatu eta intsektuei ongi behatzeko denbora hartu nuen. Bat-batean zenbait klarinete hots ozenek kirrinkatu zuten, nire gogoari bultzada berri bat emanez. Abailduta artikulua burutu ezin nuelako, paperak ostera patrikan sartu eta aulkiaren bizkarrean bermatu nintzen. Une honetan burua hain dut argia gogoetarik ederrenak datozkidala inoiz nekatu gabe. Jarrera honetan nagoenean, begiak bularrean behera eta lurreraino lerratzen uzten ditudanean, oinak pultsuak jotzen duen bakoitzean egiten dituen mugimendu espasmodikoaz ohartzen naiz. Agondu eta oinei begiratzen diet, eta une honetan inoiz sentitua ez nuen sentsazio miragarri eta arrotza jabetzen da nitaz; hotzikara atsegin eta zoragarri batek zeharkatzen dizkit nerbioak, haien barrena argi uhinak balihoaz bezala. Begiak oinetakoetara zuzentzean adiskide zaharren bat topatu edo nigandik banandutako zati bat berreskuratuko banu bezala zen; berrezagupenezko dartada baten dirdirak zentzumenak zeharkatzen dizkit, malkoak datozkit begietara, eta zapatak niganantz datorren doinu xuxurlari apal bat bezala antzematen ditut. Ahulkeria!, esan nion gogorki neure buruari. Ahulkeria, esan nuen ukabilak estutuz. Trufa egin nion neure buruari sentimendu irrigarri haiengatik, zinez ekin nion nire buruaz barre egiteari; zorrotz eta zuhurtasunez mintzatu nintzaion neure buruari, eta energiaz igurtzi nituen begiak malkoak urruntzearren. Nire zapatak inoiz ikusi ez banitu bezala, haien tankera, haien mimika oina mugitzean, haien forma eta goialde gastatuak aztertzeari ekiten diot, eta zimurrek eta koloregabeturiko josturek espresioa ematen dietela, fisionomia bat komunikatzen dietela konturatzen naiz. Nire izatetik zerbait iragana zitzaien zapata haiei, eta neure «ni»rantz zetorren arnasa bailiren sumatzen nituen, nire baitaren zati arnaskari bat bailiren...
Luzaro egon nintzen dartada haiei buruzko burutaziotan, agian ordu bete bat. Aguretxo batek hartu zuen nire aulkiaren beste muturra; esertzean pafaka hasi zen ozenki ibilaldiagatik, esanez:
«Bai, bai, bai.... ai, ene...!»
Haren ahotsa entzun bezain laster, haize batek burua garbitzen zidala iruditu zitzaidan; zapatak bakean utzi nituen, eta une batzuk lehenago aurkitu nintzeneko aldartea aspaldian gertaturiko zerbait bezala agertu zitzaidan, agian urte pare bat lehenagokoa, eta nire oroimenetik pixkana-pixkana desagertzen ari zen, ureari begiratzeari ekin nion.
Zer interes izan nezakeen gizontxo harengan? Ezein ez, ezta xumeena ere! Bakarrik egunkari bat zeramala eskuan, ale zahar bat, iragarki-orrialdeak kanpora begira, eta barruan zer edo zer bilduta zegoela zirudien. Jakin-mina suztatu zitzaidan eta ezin nituen begiak egunkari hartatik aldendu; egunkari berezia, bere heinean bakarra, izan zitekeelako ideia zentzugabea bururatu zitzaidan; areagotu egin zitzaidan jakingura, eta aulkian batera eta bestera mugitzen hasi nintzen. Dokumentuak izan zitezkeen, artxibategiren bateko akta arriskutsuak. Eta tratatu ezkutu baten gogoeta, konspirazio baten susmoa, burura etorri zitzaidan.
Gizona geldirik zegoen, pentsatzen. Zergatik ez zuen egunkaria beste guztiek bezala eramaten, lehen orrialdea erakutsiz? Zergatik hainbeste maltzurkeria? Ez zirudien fardeltxoa lagatzeko prest zegoenik, ezta inondik inora ere; agian ez zen bere patrikaz ere fidatzen. Zin egingo nukeen pakete haren inguruan zerbait ezkutua zegoela.
Hutsari begira geratu nintzen. Misterio hartan sartzeko ezintasun berak gaixotzen ninduen jakin-minez. Patrika arakatu nuen gizonari emateko zerbaiten bila, harekin solasean hasteko, eta nire bizartegi-txartelak atera nituen, baina berriro sartu nituen. Bat-batean, benetan gaizto izatea otu zitzaidan, eta bularreko patrika hutsa haztatu ondoren galdetu nion:
«Eskain al diezazuket zigarroa?»
Ez, mila esker, gizonak ez zuen erretzen, utzi behar izan zion begiengatik, ia-ia itsua zegoen eta. Baina hala ere eskerrik asko!
Aspalditik al zituen begiak gaitzak jota? Beraz agian ezin zuen ezta irakurri ere? Ezta egunkaria ere?
Ezta egunkaria ere, tamalez!
So geratu zitzaidan. Haren begi gaixoek beirazko itxura ematen zieten mintz antzeko bana zuten, begirada zuria zuen eta tankera nardagarria.
«Kanpokoa al zara?», esan zidan.
Bai. Eta ezin al zuen eskuan zeraman egunkariaren izenburua ere irakurri?
Ozta-ozta. Baina hori bai, segituan igarria zidan kanpokoa nintzela, nire ahotsari hori adierazten zion kutsua antzemana zion. Hain belarri zolia zuen ñabarduna guztiak entzuten zituela; gauez, denak lo zeudenean, alboko gelakoen arnasak entzuten zituen... Baina zera esan nahi nizun, non bizi zara?
Bat-batean gezur borobila bururatu zitzaidan. Ustekabean luzatu nion; bestelako asmo zein gibel-asmorik gabe erantzun nion:
«Sankt Olaf Enparantzan, 2. zenbakian.
Benetan? Gizonak Sankt Olaf Enparantzako lauza guztiak ezagutzen zituen nonbait. Bazegoen han iturria, gas-lanpa batzuk, zuhaitz batzuk ere bai, den dena oroitzen zuen... Zein zenbakitan bizi zara?
Hari amaiera eman nahian altxatu egin nintzen, egunkariaren tartarikak bultzatua. Misterio hura argitu beharra zegoen, zor edo lot.
«Egunkaria irakurtzeko gauza ez bazara, zergatik...»
«2 zenbakian esan duzu, ezta?», jarraitu zuen gizonak, nire asaldaketari jaramonik egin gabe. «Garai batean 2 zenbakiko bizilagun guztiak ezagutzen nituen. Nola du izena zure etxeko jaunak?»
Izen bat bilatu nuen korrika tipoaz libratzeko; bizkor asmatu nuen bat, eta are bizkorrago ahoskatu nuen agure gogaikarri hura geldiarazteko.
«Happolati», esan nion.
«Happolati, bai», astindu zuen burua, izen xelebre haren silaba bat ere galdu gabe.
Harrituta begiratu nion; oso serio zegoen, aurpegia pentsakor. Bururatu berria zitzaidan izen ergel hura apenas esana nuen, besteak hura onartu eta lehendik ezaguna balu bezala egin zuenean. Bitartean, zeraman paketea aulki gainean utzi zuen, eta jakin-minak nerbioetan dar-dar egiten zidala sumatu nuen. Egunkariak koipe zikin batzuk zituela erreparatu nuen.
«Zure etxeko jauna ez al da itsasgizona?», galdetu zidan, eta bere ahotsean ez zegoen ironia izpirik ere. «Itsasgizona zelakoan nengoen».
«Itsasgizona? Barkaidazu, ziur aski anaia ezagutuko duzu; honako hau zera da, J.A. Happolati, agentea.»
Horrekin auzia amaituko zela uste nuen, baina gizona edozer onartzeko prest zegoen.
«Gizon trebea dela entzun dut», esan zidan bide berri bat urratu nahian.
«Maltzurra ere bai», erantzun nion. «Buru argia negozioetarako, edozer salerosiko dizu; ahabia Txinarako, Errusiatik luma eta luma-bixarra, larru osoak, zur mamia, tinta...»
«Je, je, hori azeria!», eten zidan agureak biziki alaiturik.
Hura interesgarri bihurtzen hasia zen. Egoerak ninderaman, eta gezurrak elkarren segidan pilatzen zitzaizkidan buruan. Berriz eseri nintzen, egunkaria eta dokumentu arraroak ahaztu nituen, berotzen joan nintzen eta hitzaldia moztu nion besteari. Ipotx haren xalotasunak ausarkeria ematen zidan; inongo adeitasunik gabe gezur esan nahi nion, era bikainean gainditu eta zapaldu.
Eta ez al zuen entzun Happolatik asmatutako salmo-liburu elektrikoaz?
Bai zera, elek...?
Letra elektrikoekin, ilunpean ere irakurtzeko! Egundoko enpresa, milioika koroa mugimenduan, fundizio tailerrak eta inprimategiak Ian da Ian, mekanikari tropelak finko jardunean, zazpiehun langilez entzuna nuen.
Ez da egia izango...!», esan zuen agureak astiro. Ez zuen gehiago esan; esaten nion den dena sinesten zidan, eta ez zen inondik inora ere harritzen. Honek apur bat etsiarazi ninduen, nire asmaketez nahasita ikustea esperoa bainuen.
Gezur ausart pare bat gehiago asmatu nuen, zortearekin jokatuz, Happolati Persian bederatzi urtez ministroa izana zela aipatuz. Agian ez zara jabetzen Persiako ministroa izatea zer den?, galdetu nion. Ba menturaz ez bazekien ere, hemen errege izatea baino gehiago zen, sultan izateari hurbiltzen zitzaion. Baina Happolatik hori dena lortua zuen inoiz gelditu gabe. Eta haren alaba zen Ilaializ mintzatu nintzaion, hirurehun esklabo zeuzkan eta larrosa horiko ohean etzaten zen hadaz, printzesaz; inoiz ikusia nuen izakirik politena zen, Jainkoak zigor nintzala edertasun haren parekorik inoiz behatua banuen!
«Horren polita zen, beraz?», mintzatu zen agurea bertan ez balego bezala, belardietara begiratuz.
Polita? Zoragarria zen, benetan tentagarria! Begiak zeta gordina bezalakoak, anbarezko besoak! Haren begirada musua bezain liluragarria zen, eta hots egiten zidanean bere ahotsak nire arimaren fosfororaino zeharkatzen ninduen ardo zurruta ematen zuen. Zergatik ez zen bada hain miragarria izango? Zer uste zuen bada, manda-mutila edo suhiltzailea zela? Loria zerutiarra zen hura, hori aitortu behar nion, benetako hada ipuina.
«Bai, bai», esan zuen gizonak apur bat txundituta.
Haren lasaitasunak sumindu egiten ninduen; neure ahotsak susperturik, zin-zinez hitz egiten ari nintzen. Artxibategitik lapurtutako agiriak edo beste potentziaren batekiko tratatua gogotik joanak zitzaizkidan; paketetxo laua aulki gainean zetzan, bion artean, eta jadanik ez nuen barruan zer ote zeukan jakiteko asmorik xumeena ere. Erabat murgildurik nengoen nire asmakarietan, ikuspen xelebreak agertzen zitzaizkidan begien aurrean, odola burura igoa zitzaidan eta mugarik gabe ari nintzen gezurretan.
Une hartan gizonak joateko zeinua egin zuen. Pixka bat altxatu eta, bat-batean elkarrizketa ez etetearren galdetu zidan:
«Happolati hori ondasun handikoa izango da noski?»
Nola ausartzen zen agure itsu eta gorrotagarri hura asmatua nuen izen arrotzarekin jolasten, hiriko janari-dendetako karteletan agertzen diren izen arrunta balitz bezala? Ez zuen letra bakar bat ere leku okerrean jartzen, silabak doi-doi esaten zituen; izena buru-muinetan sartua zitzaion eta berehalakoan erroak egin. Nazkatuta nengoen, ezerk mesfidantza edo larridura eragiten ez zion pertsona haren aurkako mingostasun bizia sortzen joan zitzaidan.
«Horretaz ez dakit ezer», erantzun nion zakarki; «ez dut ideiarik ere. Beste aldetik, utzidazu behin betikoz esaten Johan Arendt Happolati duela izena, bere inizialei jaramon egin behar badiegu.»
«Johan Arendt Happolati», errepikatu zuen gizonak, apur bat harrituta nire oldarraren aurrean. Gero isilik geratu zen.
«Haren emaztea ikusi beharko zenukeen», esan nion amorruz, «hura bai gizena... Bai, ez duzu uste menturaz nahiko potzoloa zenik?»
Bai horixe, hori ukaezina zen ziur aski; horrelako gizon batek izan zezakeen, bai, emakume mardul samarra.
Agureak apal eta mantso erantzuten nion nire ateraldi bakoitzari, hitzak arretaz aukeratuz, haserrarazi nintzaketen hitzak saihetsi nahian bezala.
«Baina zer arraio, kaikutzar bon, ez duzu usteko gezurretan ari natzaizunik, ezta?», oihuka hasi nintzaion, neure onetik irtena. «Ez al duzu uste Happolati izeneko gizona existitzen denik ere? Ez dut sekula horren agure egosgogor eta gaiztoa ikusi! Zer demontre gertatzen zaizu? Eta gainera zeure artean gizon behartsua naizela pentsatuko duzu, nire apainik onenetan nagoela hemen, patrikan zigarroz beteriko paketea ere ez daukadala? Ez nago zurea bezalako portaeretara ohituta, har ezazu gogoan, eta deabruak eraman nazala zuregandik edo beste edonorengandik horrelakorik jasan behar badut, beraz jakinaren gainean zaude!»
Gizona zutitua zen. Aho zabalik geratu zen, isilik nire haserrealdiaren aurrean hura amaitu zen arte; gero bizkor heldu zion paketeari eta irteera alderantz abiatu zen, ia korrika bere agure ttaka-ttakarekin.
Eserita geratu nintzen, desagertuz zihoan eta gero eta makurragoa iruditzen zitzaidan bizkarrari begira. Ez dakit zerk eraginik, baina bat-batean iruditu zitzaidan ez nuela inoiz ikusi hura baino bizkar faltsu eta perbertsoagorik, eta ez nintzen batere damutu gizonari joan aurretik egina nion erriertaz...
Eguna erortzen hasi zen, eguzkia hondoratu zen, bertako zuhaitzen artean haizea hasi zen, eta kulunkailuaren inguruan zeuden inudeak haur-kotxeak etxeratzeko prestatu ziren. Lasai eta tenore apartan nengoen. Sentitu berria nuen haserrealdia baretuz joan zen pixkana-pixkana, neure onera itzuli nintzen, erlaxatu nintzen eta logura nitaz nagusitzen hasi zen; jana nuen ogi piloaren ondorio gaiztoak desagertuak zitzaizkidan zegoeneko. Umorerik onenean, aulkiaren bizkarrean bermatu, begiak itxi eta lokartzen hasi nintzen. Erabat lo geratzera nindoan zain batek, eskua soinean ezarriz, esan zidanean:
«Hemen barruan ezin duzu lo egin.»
«Ez», esan nion agudo zutituz. Eta itsumustuan, bizi-bizirik azaldu zitzaidan begi aurrean nire egoera tristea. Zerbait egin behar nuen, zer edo zer asmatu! Lanpostua bilatzea alferrikakoa gertatua zitzaidan; leku guztietan erakusten nituen gomendio-agiriak zaharkituta zeuden, eta idatzi zituztenak ez ziren eraginik sortzeko behar bezain ezagunak; gainera, udan zehar hartutako ezezko etengabe haiek adoregabetua ninduten. Tira, nolanahi ere gelaren errenta ordaintzeko epea iragana zen eta konponbideren bat aurkitu behar nion hari. Gainerako guztiak itxaron egin beharko zuen oraingoz.
Nahi gabean berriro hartuak nituen eskuetan lapitza eta paper orriak, eta 1848 urtearen zenbakia bazter guztietan idazten ari nintzen mekanikoki. Gogoeta irakikor bakar batek eramango banindu sikiera, hitzak ahora ekarriz! Gertatua zitzaidan lehenago, bai, gertatua zitzaidan benetan halako boladak izatea, zainetan zati luze bat idatz nezakeen senperrenik eta akatsik gabe.
Hor nago ni aulkian eserita, hamarka aldiz 1848 idazten, zuzenean eta alderantziz, era posible guztietan, eta ideia erabilgarri bat noiz bururatu zain. Pilo bat gogoeta solte dabilzkit burutik, eta ilunabarrak erabat malenkoniatsu eta sentimental bihurtzen nau. Uzta iritsi da eta hasia da gauza guztiak negu-loan jartzen, euliek eta bestelako animaliatxoek jasan dute dagoeneko lehen erasoa; goian, zuhaitzetan, eta behean, lurrean, entzuten da bizitzaren hotsa, urduri eta setatsu, ez hiltzeko ahaleginetan. Intsektuen munduko bizidun guztiak dabiltza azkeneko aldiz mugitzen; buruak ateratzen dituzte paduratik, hankak altxatu, antena luzeak batetik bestera astindu, eta bat-batean biribilkatu eta hankaz gora geratzen dira. Landare orok hartu du lehen hotzaren haize-boladatxoa, itxuraz aldatuz; belar kolorgetuak zuzen daude eguzkiari begira, eta orbela emeki erortzen da lurrera zetarrek narrastean egiten duten hotsaren antzeko batez. Uztaren garaia da, bizi galkorraren inauteriaren erdia; arrosek kutsadura jasan dute beren gorriduran, gar miragarri eta sukarti bat odol kolorearen gainean.
Hiltzear dagoen intsektua bezala sumatu nuen neure burua, hondamendiak jota mundu ia lokartu honetan. Zutitu egin nintzen, izu bitxi batek jota, eta urrats bortitz batzuk eman nituen parke bidexkan. Ez!, oihukatu nuen ukabilak estutuz, honek amaiera izan behar du! Eta berriro eseri nintzen, lapitza ostera eskuan hartu eta artikuluarena egia bihurtzea erabaki nuen. Amore ematea pentsaezina zen ordaindu gabeko errenta aurrez aurre zeneukanean.
Mantso, oso mantso, nire gogoetak elkarlotzen hasi ziren. Kontu handiz eta astiro ongi hausnarturiko orrialde batzuk idatzi nituen, zerbaiten sarrera gisakoak; edozeren hitzaurrea izan liteke, bidaia kontakizun batena, artikulu politiko batena, niri egokien iruditzen zitzaidanarena. Edozein gauzatarako hasiera benetan bikaina zen.
Gero trata nezakeen gai bat bilatzeari ekin nion, gainean jaurtiki nintekeeneko gizon edo gauzaren bat, eta ezin nuen ezer aurkitu. Nire ahalegin fruitugabeen eraginez, nahasketa hasi zen berriz nire gogoetez jabetzen; burmuina literalki lehertuko bailitzaidan sentitzen nintzen, burua hustuz, hustuz joan eta azkenik arin eta edukirik gabe soinen gainean geratuko bailitzaidan. Gorputz osoaz sumatu nuen hutsune so egile hura, neure burua goitik behera hustua sentitu nuen.
«Jauna, ene Jainko eta Aita!», oihukatu nuen oinazetan, eta aldi ugariz errepikatu nuen oihua, beste ezer esan gabe.
Haizeak karrask egiten zuen hostarban, ekaitza zetorren. Oraindik eserita segitu nuen une batez, nire paperei so eginik galduta; gero orriak bildu eta patrikan sartu nituen. Freskatzen ari zuen, eta ni gerruntzerik gabe nengoen; jaka leporaino itxi, eta eskuak patriketan sartu nituen. Gero altxatu eta joan egin nintzen.
Oraingoan ongi atera izan balitzait sikiera, oraingoan bakarrik! Etxeko andreak birritan erreklamatua zidan errenta begiez, eta nik agur lotsati batez burua makurtu eta bere albotik irristatu behar izana nuen. Ezin nuen berriro egin; begi haiekin topo egiten nuen hurrengoan utzi egingo nuen gela neure egoera prestuki azaldu ondoren; nolanahi ere, ezinezkoa zen modu hartan jarraitzea.
Parkeko irteerara iritsi nintzenean, berriz ikusi nuen nire suminak aienatua zuen agure kakanarrua. Egunkari paperez bildutako pakete misteriotsua irekita zetzan aulkian bere ondoan, ahora zeraman mota guztietako janariz betea. Bat-batean beregana joan nahi izan nuen desenkusatzera, nire portaeragatik barkamen eskatzera, baina bere janariak atzera joarazi ninduen; atzamar zahar haiek, hamar erpe zimurtu bailiren, era nardagarriz heltzen zieten gurineztaturiko ogi xerrei. Goragalea sentitu nuen, eta aurrera segitu nuen agureari hitzik esan gabe. Ez ninduen ezagutu, hezurra bezain gogortuak zituen begiak nigan finkatu zituen espresioz aldatu gabe.
Eta neure bidea jarraitu nuen.
Ohitura nuen bezala bidean aurkitu nituen egunkari guztien aurrean gelditu nintzen enplegu eskaintzak aztertzeko, eta egoki zekidakeen bat aurkitzeko zortea izan nuen. Grenland kaleko dendari batek gauero ordu pare batez liburuak eramango zizkion gizon baten bila ari zen; soldata hitzartu beharrekoa. Gizonaren helbidea idatzi nuen eta Jainkoari eskatu nion isilean postua; beste inork baino gutxiago eskatuko nuen, berrogeita hamar ore nahiko eta gehiegi izango zen lan harengatik, edo beharbada berrogei ore; horrekin konformatuko nintzateke.
Etxera ailegatu nintzenean etxeko andrearen mezu bat zetzan mahaiaren gainean, zeinean errenta aldez aurretik ordaintzeko edo ahal nuen bezain laster joateko eskatzen zidan. Ez nuen haserretu behar, premiak bultzatuta eskatzen baitzidan. Adeitasunez, Gundersen andrea.
Lan eskaera idatzi nion Christie dendariari, Grenland kaleko 31ra, kartazal batean sartu eta izkinako posta-kutxan sartzera jaitsi nintzen. Gero gelara berriz igo eta kulunkaulkian eseri nintzen pentsatzera, iluntasuna gero eta trinkoago bihurtzen zen artean. Nekeza gertatzen ari zen ez hondoratzea.
Goizean goiz iratzarri nintzen. Oso ilun zegoen oraindik begiak zabaldu nituenean, eta luzaro iragan ondoren entzun nuen beheko gelako erlojua bostak jotzen. Berriro lo egin nahi izan nuen, baina ezin izan nintzen lokartu, gero eta esnaago nengoen eta mila gauzatan pentsatzen geratu nintzen.
Bat-batean bizpahiru esaldi onak bururatzen zaizkit, artikulu batean erabiltzeko modukoak. Parekorik ez zuten zorioneko aurkikuntza literarioak ziren. Etzanda nago, hitzok errepikatzen ditut ahopetik eta bikainak aurkitzen ditut. Handik gutxira gehiago bururatzen zaizkit, bat-batean erabat esna nago, ohetik altxatu eta papera eta lapitza hartzen ditut ohearen atzeko mahai gainetik. Neure baitan mea aurkitu banu bezalakoa izan zen, hitzak elkarren jarraian datozkit, koherentzia hartuz doaz, egoerak bihurtzen dira; eszenak osatuz metatzen dira, ekintzak eta elkarrizketak sortzen zaizkit garunean, eta ongitasun miragarri bat jabetzen da nitaz. Eroa bezala idazten dut, orrialdeak bata bestearen segidan betetzen, une batez ere eten gabe. Gogoetak hain ziplo datozkit eta hain oparoki isurtzen zaizkit xehetasun ugari galtzen ditudala ezin dudalako behar adinako abiaduraz idatzi, nahiz eta horretan buru-belarri jardun. Guzti hau barneratzen segitzen zait, burua gainezka dut eta badirudi idazten dudan hitz bakoitza beste norbaitek jarri didala ahoan.
Denbora izugarri luzea dirau une txundigarri honek. Idatzitako hamabost, hogei orrialde ditut aurrean, nire belaunen gainean, azkenean gelditzen naizenean, lapitza alde batera utziz. Paper hauetan benetako baliorik baldin bazegoen, salbatuta nengoen! Ohetik jauzi eta jantzi egiten naiz. Gero eta argiago dago, erdi nabaritzen dut ate alboko faro administrariaren gaztigua, eta leiho aldean hain argirik dago behar izanez gero idatz nezakeela. Eta berehalakoan ekiten diot orrialdeak txukunera pasatzeari.
Argi eta kolorezko lurrun bitxi trinko bat altxatzen da fantasia hauetatik; txundituta geratzen naiz elkarren jarraian idatzitako gauza hauen aurrean eta inoiz irakurri dudan gauzarik onena dela esaten diot neure buruari. Pozak zorabiaturik nago, bozkarioak puzturik, eta ezin hobe sentitzen naiz, gauzak goitik ikusiko banitu bezala; idatzia eskuan pisatzen dut eta bost koroatan tasatzen dut gutxi gora beherako balioztapena egin ondoren. Ez litzaioke inori otuko bost koroengatik zurrutaka egitea; alderantziz, edukiaren kalitatea kontutan hartuz kauka litzateke hamar koroatan eskuratzea. Ez nuen horrelako lan berezia musu-truke egiteko inongo asmorik; nik nekienez jite horretako nobelak ez ziren edozein kantoitan aurkitzen. Eta hamar koroen alde erabaki nintzen.
Gero eta argiago zegoen gelan. Atera zuzendu nuen begirada, eta ahalegin handirik gabe irakurri ahal izan nituen «Andersen andereñoa, beztitzaile, atartetik eskuinera»ren letra mehe eta eskeletikoak. Zegoeneko denbora dezentea iragana zen erlojuak zazpiak jo zituenetik.
Altxatu eta gelaren erdian ezarri nintzen. Ondo pentsatuta, Gundersen andrearen kanporatze gaztigua nahiko garai aproposean zetorren. Izan ere, gela hura ez baitzen niri komeni zitzaidana; leihoetako oihal berdeak arruntegiak ziren, eta ormetan arropa zintzilikatzeko iltze gehiegi zeudenik ere ezin zen esan. Bazterrean zegoen kulunkaulkia azken finean kulunkaulkiaren karikatura besterik ez zen, barrez zapartatzeko modukoa. Baxuegia zen gizon heldu batentzat, eta hain estua zen bertatik altxatzeko, nolabait esatearren, botak kentzeko adarra erabili behar zela. Labur esanda, ez zegoen bertan zeregin intelektualak burutzeko prestatuta, eta ez nuen han jarraitzeko asmorik xumeena ere. Ez nuen inondik inora ere han jarraituko! Luzaroegi egona nintzen zulo hartan, ezerosotasun hura ezer esan gabe jasaten.
Itxaropen eta pozaz puzturik, une oroz patrikatik irakurtzeko ateratzen nuen nire idatzi berezia betiere gogoan neukalarik, arazoari gogoz aurre egitea eta etxe-aldaketari ekitea erabaki nuen. Nire fardela —barruan oihal garbi batzuk eta ogia biltzeko erabilia nuen egunkari orrialde zimurtu batzuk zeuzkan mukizapi gorri hura— atera nuen, gero ohe-estalkia bildu eta paper zurizko hornidurak sakelaratu nituen. Ondoren, badaezpada, gako guztiak aztertu nituen atzean ezer uzten ez nuela egiaztatzeko, eta ezer aurkitu ez nuenean leiho aldera joan eta kanpora begiratu nuen. Goiza ilun eta heze zegoen; erretako burdinolan ez zegoen inor, eta patioko zabaltokiko lokarria, hezetasunak kizkurtua, tinko zihoan orma batetik bestera. Ikuskizun ezaguna nuen, beraz leihotik urrundu, estalkia besapean ezarri, faro administrariaren gaztiguari gur egin, Andersen andereñoaren beztidurari gur egin eta atea zabaldu nuen.
Bat-batean etxeko andreaz gogoratu nintzen; nire joatearen berri eman beharko nion, pertsona zintzo batekin ari zela ohar zedin. Idatziz eskertu nahi nizkion ere bere gelan epez kanpo pasatzen utzi zizkidan egun haiek. Orain luzarorako salbatuta nengoelako segurtasuna halako neurrian jabetua zen nitaz, non edozein egunetan handik pasatu eta bost koroa ordaintzea agindu nion. Bere sabai azpian zein pertsona prestua edukia zuen erakutsi nahi nion.
Mahai gainean utzi nion mezua.
Ate parean nengoelarik berriro jiratu nintzen. Salbatuta egotearen sentsazio distiragarriak Jainkoa eta Unibertsoarekiko eskerronez gainezka utzi ninduen, eta belaunikatu egin nintzen ohe alboan Jainkoari ozenki eskerrak emanez goiz hartan nirekiko erakutsia zuen ontasunagatik. Banekien, bai, banekien lehentxeago sentitu eta paperean idatzia nuen inspirazioaldia zeruak nire ariman burututako egintza miresgarria zela, nire atzoko laguntza oihuaren erantzuna. Jainkoa da!, Jainkoa da!, oihukatzen nuen ahopean, eta negar egin nuen nire hitzen poderioz; noizean behin nire buruaz nagusitu behar izan nuen eskaileretatik inor ote zetorren entzuteko. Azkenik zutitu eta joan egin nintzen; isilik jaitsi nituen solairu guztiak eta inork ikusia izan gabe iritsi nintzen atartera.
Kaleak distiratsuak zeuden goizaldean eroritako euriarengatik, zeru latza eta hezea hiriaren gainean eskegita zegoen, eta ez zen inon eguzki izpirik ikusten. Zer ordu ote zen? Beti bezala udaletxerantz abiatu nintzen eta zortzi t'erdiak zirela ikusi nuen. Beraz, ordu batzuk nituen eskueran; alferrikakoa zen egunkarian hamarrak edo agian hamaikak baino lehen agertzea. Han-hemenka ibili beharko nuke, eta bide batez bazkaltzeko zerbait nola lortzeaz pentsatu. Gainera ez nintzen egun hartan baraurik oheratzearen beldur; Jainkoari esker, garai haiek joanak ziren! Atzean utzitako estadioa zen, amesgaiztoa; aurrerantzean gora eta gora joango nintzen!
Hala ere, ohe-estalki berdeak kezkatuta nindukan; lotsa ematen zidan horrelako paketea beso azpian eramatea jende guztiaren aurrean. Zer pentsatu behar zuten nitaz? Eta pentsatzen hasi nintzen beranduago arte non gorde ahal izango ote nuen. Gero zera bururatu zitzaidan, Semb-enera joan eta paperean bilduko lidaketela. Askoz tankera hobea izango luke, eta beso azpian eramateak ez ninduke lotsaraziko. Dendara sartu eta enplegatuetako bati azaldu nion nire nahia.
Lehenbizi estalkiari begiratu zion, eta gero niri; paketea hartzean halako mesprezuzko soin-goratze bat burutzen zuela iruditu zitzaidan. Horrek minberatu egin ninduen.
«Baina zer demontre, kontu pixka batez ibili!», oihukatu nion. «Bi edalontzi baliotsu doaz hor. Esmirnara bidali behar dut paketea.»
Hark izugarri lagundu zidan, bai horixe. Gizona barkamen eske hasi zitzaidan egiten zuen mugimendu bakoitzean, estalki barruan gauza inportanteak zeudela berehala ez konturatzeagatik. Paketatzearekin amaitu zuenean eskerrak eman nizkion Esmirnara gauza baliotsuak bidaltzeko ohitura duen gizona bainintzen, eta atea irekitzera joan zitzaidan irten nintzenean.
Azokaren Enparantzan zebilen jendetzaren artean ibiltzeari ekin nion, lorontziak saltzen zituzten emakumeengandik hurbil mantenduz. Arrosa astun eta gorriek, beren hosto odoltsu eta gordinak goizeko hezetasunean distiratzen, desira piztu zidaten, haietako bat osteko tentazio izugarria izan nuen, eta haren prezioaz galdetu nuen, ahalik eta gehien hurbiltzeko asmo soilarekin. Dirua sobera edukiko banu, huraxe erosiko nuke, kosta hala kosta; aurreratu ahal izango nuen zerbait presupostua berriro orekatzeko moduan.
Hamarrak jo zuten, eta egunkarira igo nintzen. Erredakzioburua ez da iritsi eta «Guraizeak» egunkari zahar meta bat itzuli eta irauli dago. Hark eskatu ostean eskuizkribu mardula entregatzen diot, garrantzi arrunta baino gehixeago duela jakinarazi eta biziki eskatzen diot eskuan emateko erredakzioburuari iristen zenean. Etorriko nintzen geroxeago erantzuna jasotzera.
«Konforme!», esan zuen «Guraizeak» egunkariei berriro ekinez.
Patxada dezentez hartzen zuela iruditu zitzaidan, baina ez nuen ezer esan; buruaz keinu ezaxolati bat egin eta joan egin nintzen.
Nahiko denbora nuen orain. Oskarbituko balu behintzat! Eguraldi ziztrina zegoen, haize eta freskotasunik gabekoa; andreek badaezpada zeramatzaten euritakoak, eta gizonezkoen artilezko txanoek itxura apal eta tristea zuten. Beste itzuli bat egin nuen azoka aldetik barazkiei eta arrosei begiratuz. Orduan esku bat sentitzen dut soinean, jiratzen naiz eta «Andereñoa»k egun on esaten dit.
Egun on?», galdetuz erantzuten diot, zer asmo duen lehenbailehen jakiteko. «Andereñoa» ez dut oso gogoko tipoa.
Jakinguraz begiratzen dio beso azpian daramadan pakete koskor berri-berriari, eta galdetzen dit:
«Zer daramazu hor?»
«Sembenean egon naiz jantzia egiteko oihala erosten», erantzuten diot axolagabeki; «daramadana nahiko menstua daukat, eta ez da gorputzarekin zikoitzegi izan behar».
So geratzen zait harrituta.
«Eta...? Nola doakizu?», galdetzen dit astiro.
«Ederki, espero baino hobeto.»
«Beraz lortu duzu zereginen bat?»
«Zereginen bat?», galdetzen diot txundituta, «Christie enpresa askokarian nago kontulari gisa.»
«Hara...!», esaten du apur bat atzeratuz. «Bedeinkatua bedi Jainkoa, pozten nau hori entzuteak! Orain argi ibili, irabazitakoa ez diezazutela eskaleek eraman. Egun on.»
Handik gutxira jiratu eta nigana itzultzen da. Makilaz paketea seinalatuz esaten dit:
«Nire jostuna gomendatuko dizut oihal horretarako. Ez duzu Isaksen baino jostun hoberik aurkituko. Esaiozu nire partez zoazela.»
Zer ari zen hura sudurra nire gauzetan sartzen? Zer axola zitzaion zer jostunengana joan behar nuen? Haserretu egin nintzen. Pertsona hutsal eta apaindu haren ikuskizunak neure onetik atera ninduen, eta nahiko zakarki gogorarazi nizkion niregandik mailegatutako hamar koroak. Erantzun ahal izan baino lehen, haatik, damutu egin nintzen erreklamatu izanagatik, lotsa izan nuen eta ez nion begietara begiratu; orduantxe andere bat iragan zenean atzerantz jo nuen hari pasatzen uzteko, eta aukera profitatu nuen neure bidea jarraitzeko.
Non sartuko nintzen orain, itxaroten nuen bitartean? Ezin nintzen taberna batera sartu patrikak hutsik, eta ez neukan ordu hartan bisita egin niezaiokeen ezagunik. Senak gidaturik hiri erdira itzuli nintzen, denbora pasan ibili nintzen Azokaren Enparantza eta Gransen kalearen artean, tauletan ezarri berria zegoen «Aftensposten»a irakurri nuen, itzuli bat egin Karl Johan aldetik, han bira egin eta Gure Salbatzailearen Hilerrira joan nintzen, eta han, kaperaren ondoan, txoko lasai bat aurkitu nuen.
Han egon nintzen isiltasun osoan, lo-kuluxka egurats hezean, pentsatzen, erdi lo eta hotza pasatzen. Eta denbora iragan zen. Artikulua benetan al zen inspiraziozko artelantxoa? Auskalo ez ote zuen akatsen bat edo beste! Ongi pentsatuta, agian ez zidaten onartuko, gerta zitekeen onartua ez izatea, bai horixe! Beharbada nahiko kaskarra zen, edo txarra besterik gabe; zer segurtasun izan nezakeen une hartan ez zegoela paperontzian?... Konfiantza zanbuluka ari zitzaidan, jauzi batez zutitu nintzen eta arrapatan irten nintzen kanposantutik.
Aker kaleko denda baten leihotik begiratu eta hamabiak paseak besterik ez zirela ikusi nuen. Hark are gehiago etsiarazi ninduen, eguerdia sobera pasea izatearen itxaropen handiak bainituen, eta erredakzioburuarengana laurak baino lehen joatea alferrikako lana zen. Nire artikuluaren patuak susmo ilunez betetzen ninduen; hartaz zenbat eta gehiago pentsatu, gero eta absurdoago iruditzen zitzaidan gauza baliagarri bat hain itsumustuan burutu izana, oraindik erdi lo, burmuina sukarrez eta ametsez beterik neukala. Jakina, neure burua engainatua nuen eta goiz osoan zehar pozik egona nintzen arrazoirik gabe! Jakina!... Ullevold-eko bidean gora jo nuen urrats lasterrez, Sankt Hans Parketik pasatu, zelaietara iritsi nintzen, gero Sagene aldeko kale estu eta bitxietan sartu, orubeak eta landak atzean utzi eta azkenik amaiera ikusten ez nion errepidean aurkitu nintzen.
Han gelditzea eta bira egitea erabaki nuen. Pasierak berotuta nengoen eta astiro eta adoregabe itzuli nintzen. Bi sarale gurdirekin egin nuen topo; gurtzainak zamaren gainean zeutzan kanta kantari, biak burutsik, biak aurpegi borobil eta axolagabeekin. Zerbait esango zidatela pentsatzen nindoan, eztenkada edo txantxaren bat egingo zidatela, eta nahiko hurbildu nintzaienean batek oihuka galdetu zidan ea zer neraman besoaren azpian.
«Ohe-estalkia», erantzun nion.
«Zer ordu dugu?», galdetu zidan.
«Ez dakit zehazki, baina hirurak inguru direlakoan nago.»
Biek barre egin zuten, eta nire albotik pasatu. Bat-batean zigor baten zartakoa sumatu nuen belarri batean, eta kapela airean joan zitzaidan; gaztetxoek ezin izan zidaten pasatzen utzi jukutria egin gabe. Eskua belarri ondora eraman nuen zorabiaturik, kapela bide bazterretik jaso eta neure bidea segitu nuen. Sankt Hans Parkean laurak paseak zirela esan zidan gizon batekin topo egin nuen.
Laurak paseak! Laurak paseak ziren jadanik! Urratsak arinagotu nituen, ia korrika abiatu nintzen hirirantz, gero desbideratu eta egunkarira jo nuen. Agian erredakzioburua aspaldi iritsi eta barrez gero bulegoa utzia zuen! Saltoka nenbilen jendearen artean, estropezuka, gurdien aurka jotzen nuen, ibiltari guztiak atzean uzten nituen, zaldiekin lasterketan ari nintzen, eroa bezala borrokan garaiz iristeko. Atartean sartu nintzen, eskailerak lau jauzitan igo eta atea jo nuen.
Ez dit inork erantzuten.
Joan egin da! Joan egin zait!, pentsatzen dut. Sarraila probatzen dut, irekita dago, berriro jotzen dut atea eta barrura sartzen naiz.
Erredakzioburua bere mahaian dago, aurpegia leihora begira eta luma eskuan, idazteko prest. Nire arnaska arteko agurra entzuten duenean bira erdia egiten du niganantz, une batez begiratzen dit, burua alde batetik bestera astindu eta esaten dit:
«Hara, oraindik ez dut zure lana irakurtzeko astirik izan.»
Hain pozten naiz oraindik behintzat baztertu ez duela entzunez, zera erantzuten diodala:
«Lasai, ulergarria da. Eta ez du halako presarik. Beharbada egun pare bat barru, edo...»
«Bai, ikusiko dut. Gainera, badaukat zure helbidea.»
Eta ahaztu egin zitzaidan jada helbiderik ez nuela jakinaraztea.
Audientzia amaitu da, eta makurtuz ateratzen naiz. Itxaropena berriz pizten zait barruan; dena ez zegoen galduta, alderantziz, ondo pentsatuta oraindik dena irabaz nezakeen. Eta burutik egiten hasi nintzen zeruan batzarra bildu eta erabaki zuela nik irabaztea, hamar koroako irabazi mardula artikulu batengatik.
Gaua igarotzeko aterperen bat izango banu behintzat! Non sar ote nintekeen hausnartzen dut, eta arazo honek hain hartua nauka geldi geldirik geratzen naizela kalearen erdian. Non nagoen ahazten dut, itsasoaren erdian kokaturiko buia bakartia bezalakoa naiz, olatuen korrontea eta zaratak inguratzen duen buia bezalakoa. Egunkariak saltzen dituen mutikoak «Vikingen» luzatzen dit «Bai barregarria dela!» esanez. Gora begiratzen dut eta hotzikara batek zeharkatzen nau: berriro nago Semben dendaren aurrean.
Bizkarra ematen diot agudo, paketea nire aurrean ezarriz eta arineketan abiatzen naiz Elizako kalean behera, lotsati eta larri leihoetatik ikusi ote nauten beldurrez. «Ingebret» jatetxearen eta antzokiaren aurretik igarotzen naiz, ekintza aretoan desbideratzen naiz eta beherantz jotzen dut, gotorleku aldera, itsas aldera. Beste aulki bat aurkitu eta berriro ekiten diot hausnartzeari.
Non demontre aurkitu behar nuen etxea gauerako? Ba ote zegoen epaixka sartu eta bertan goiza iritsi arte ezkutatzeko moduko zuloren bat? Nire harrotasunak galarazi egiten zidan gelara itzultzea; ez litzaidake inoiz burutik pasatuko neure hitza jatea, suminduraz baztertu nuen burutapena, eta nire artean arbuiozko irribarrea bidali nion kulunkaulkitxo gorriari. Ideia-elkarketaz behin batean Haegdehaugen aldean bizia nintzeneko bi leihoko gelan aurkitu nintzen bat-batean; mahai gainean gurineztaturiko ogi zerrada lodiz beteriko erretilua ikusi nuen, gero itxuraz aldatu zen eta haragi xerra bihurtu: xerra zoragarria, mahai-zapia elurra bezain zuria, ogi mordoa eta zilarrezko sardexka. Atea zabaltzen zen eta etxeko andrea te gehiago eskaintzera sartzen zen.
Liluraldiak eta amets zoroak! Neure buruari esaten nion orain janaria hartzen banuen burua berriro ere nahasiko zitzaidala, betiko sukarra garunean eta aurre egin beharko nien burutazio ero ugari besterik ez nuela lortuko. Janaria jasanezina zitzaidan, horrelakoa nintzen ni, nire ezaugarri bat zen, nire berezitasuna.
Agian izango nuen aterpea aurkitzeko parada ilunabarra iristen zenean. Ez zegoen presarik; azken finean bila nezake lekuren bat basoan, hiriaren inguruneak eskueran nituen, eta ez zirudien izoztuko zuenik.
Han zegoen itsasoa, baretasun astunean kulunkatzen. Ontziek eta gabarra trakets eta zapalek ildoak irekitzen zituzten haren berun antzeko azaleran, marrak zartarazten zituzten ezkerrera eta eskuinera harantzago labaindu ahala, tximinietatik kea lumakiak bezala isuri eta motoren zapozkaden hots marketsek haize hezea zeharkatzen zuten bitartean. Ez zegoen ez eguzkirik ez haizerik, atzean nituen zuhaitzak ia bustita zeuden, eta eserita nengoeneko aulkia hotza eta gordina zegoen. Denbora iragan zen; lokartzen hasi nintzen. Nekatuta nengoen, eta hotzak bizkarrean. Une bat geroxeago begiak ixten hasten zitzaizkidala sentitu nuen. Eta ixten utzi nien...
Esnatu orduko ilun zegoen nire inguruan; ziplo altxatu nintzen, zorabiatuta eta izoztuta, fardelari heldu eta ibiltzen hasi nintzen. Gero eta azkarrago nindoan, berotzearren, besoekin zaflatuz, zegoeneko ia sentitzen ez nituen zangoak igurtziz, eta Suhiltzaile Parkera iritsi nintzen. Bederatziak ziren; ordu batzuk lo egona nintzen.
Zer egingo nuen? Nonbait sartu behar nuen bada. Suhiltzaile Parkeari so geratzen naiz, pentsatuz agian barrura sartzea lot nezakeela zaina begira ez dagoen uneren batean. Eskailerak igotzen ditut gizonarekin hizketan hasteko asmoarekin. Berak aizkora aurkezten dit, esan behar diodanaren zain. Jasotako aizkorak, ahobizarra niri begira, kirioak zeharkatzen dizkit kolpe hotz metalezko batez, izuak mututurik gelditzen naiz gizon armatu haren aurrean eta atzera jotzen dut oharkabean. Ez dut ezer esaten, eta pixkana-pixkana urruntzen noa. Itxurak gordetzearren eskua kopetara daramat, zer edo zer ahaztu banu bezala, eta epaixka alde egiten dut. Berriro espaloian egon nintzenean, arrisku handi bat saihetsi berri banu bezain liberatuta sentitu nintzen. Eta handik bizkor urrundu.
Hotzak eta goseak, gero eta ezerosoago sentituz, Karl Johan kalean gora jo nuen; ozenki biraoka hasi nintzen, inork entzuten ote zidan arduratu gabe. Parlamentuan, lehen lehoiaren parean bertan, itsumustuan, beste ideia-elkarketa medio, burura datorkit ezagutu nuen pintatzaile bat, behin Tivoli-n belarrondo batetik libratu nuen gaztea, beste noizbait ere bisita egina niona. Hatzekin klask egin eta Tordenskjold kalean behera noa, C. Zacharias dioen txartela atxikia duen atea aurkitu, eta bertan jotzen dut.
Bera ateratzen da; garagardo eta tabako kirats izugarria dario.
«Gabon!», esan nion.
«Gabon! Zu al zara? Baina zer ari zara honen berandu etortzen? Ezin da lanpa argitan preziatu. Azken alditik belar meta bat erantsi diot, eta pare bat aldakuntza burutu ere bai. Baina egun argian ikusi behar duzu, orain ez du merezi».
«Utzidazu orain ikusten, hala ere», esan nion. Gainera, ez nintzen oroitzen zein marrazkiz ari zitzaidan.
«Erabat ezinezkoa!», erantzun zidan. «Dena horia ikusiko duzu! Gainera, beste gauza bat gertatzen da» —hurbildu zitzaidan ahopeka«neskato bat dut nirekin gaur, beraz alferrikakoa da.»
«A, hala izanik ez dago gehiago esatekorik.»
Atzera jo, gabon esan eta joan egin nintzen.
Beraz basora lo egitera joatea zen geratzen zitzaidan bide bakarra. Landak hain hezeak egon ez balira sikiera! Tapakia laztandu eta gero eta gehiago ohitu nintzen kanpoan lo egin beharko nukeelako ideiara. Hain luzaro ibilia nintzen hirian barrena aterpe bila erabat lur jota eta goibelduta nengoela. Atsegingarria gertatu zitzaidan lasaitzea, amore ematea eta kalean noraezean ibiltzea, buruan gogoeta bakar bat ere gabe. Unibertsitateko erlojutik iragan eta hamarrak paseak zirela ikusiz, hirirantz abiatu nintzen. Haegdehaugenen, leihoan jakiak zeuzkan janari-denda baten aurrean gelditu nintzen. Katu bat lo zegoen ogi zuri borobil baten alboan; haren atzean gantzez beteriko ontzi bat zegoen, eta hainbat kristalezko ontzi ale. Une batez geratu nintzen jaki haiei begira, baina dirudik ez neukanez, bizkor jiratu eta neure bidea jarraitu nuen. Oso mantso nenbilen, Ofizialen Egoitzatik pasatu nintzen, aurrera segitu nuen, beti aurrera, ordutan zehar, eta azkenean Bogstad basora iritsi nintzen.
Han bidea alde batera utzi eta eseri egin nintzen atseden hartzera. Gero leku egokiren baten bila hasi nintzen; txilar eta ipuru pixka bat bildu eta ohea egin nuen lehor samar zegoen aldapatxo batean, paketea ireki eta estalkia atera nuen. Nekatuta nengoen, abailduta ibilaldi luzeagatik, eta segituan oheratu nintzen. Bira ugari egin nuen azkenean gustura etzanda geratu arte. Min pixka bat nuen belarrian, handitua neukan sarale gurdiko gizonak emandako zartakoagatik, eta ezin nintzen haren gainean etzan. Zapatak erantzi eta buru azpian ezarri nituen, eta haien gainean Sembereneko papera.
Iluntasunaren giro hunkigarriak inguraturik nengoen; dena isilik zegoen, den dena. Baina han goian eguratsaren hotsa, kanta eternala, inoiz mututzen ez den zolitasun gabeko burrunba urruna entzuten zen. Hain luzaro aditu nuen kanta amaigabe eta malenkoniatsu hura nahasten hasi nintzela; dudarik gabe, goian nituen mundu higikorren sinfoniak ziren, izarrak kanta kantari...
«Zer mila deabru!», esan nuen ozenki barreari emanez beldurra gainditzearren, «Kanaan-en oihu egiten zuten hontzak dituk!»
Altxatu nintzen, berriz etzan, zapatak jantzi, ilunean urrats batzuk eman, ostera etzan nintzen, eta sumina eta beldurraren aurka borrokatu nintzen azkenik goizaldea iritsi eta lokartu nintzen arte.
Egun gorria zen begiak zabaldu nituenean, eta eguerdia hurbil zegoelako dartada izan nuen. Zapatak jantzi, estalkia berriz bildu eta hirira itzuli nintzen. Gaur ere ez zen eguzkirik ageri, eta hotzak dardaraz nengoen; zangoak txindurrituak neuzkan eta ura zerien nire begiei, egunaren argia pairaezina bailitzaien.
Hirurak ziren. Gosea gauza larria bihurtzen hasi zen, ahuldurik nengoen eta goraka hasi nintzen ezkutuan. «Jatetxe Herrikoia»ra iritsi nintzen, menua irakurri nuen eta soinak dramatikoki jaso nituen, zezindutako haragia eta urdaia niretzako jakia ez balira bezala. Handik Tren Geltokiko Enparantzara jaitsi nintzen.
Zorabio bitxi batek zeharkatu zidan burua bat-batean. Aurrera jarraitu nuen, jaramonik egin nahi izan gabe, baina gero eta okerrago nenbilen eta azkenik koska batean eseri behar izan nuen. Nire arima osoa eraldakuntza jasaten ari zen, neure baitan zerbait zabaldu edo garunetan gortina edo oihal bat zartatu balitzait bezala. Pare bat aldiz arnasa hartu eta hantxe geratu nintzen eserita, txunditurik. Ez nuen konortea galdu, aise sentitzen nuen atzokoagatik belarrian nuen mina, eta ezagun bat albotik pasatu zitzaidanean segituan ezagutu nuen, eta altxatu eta diosal egin nion.
Zer zen beste gainerakoei gehitzen zitzaien dartada berri eta mingarri hura? Izarpean lo egitearen ondorioa ote zen? Edo oraindik gosaldu gabe egoteari zor ote zitzaion? Batera zein bestera, era hartan bizitzeak ez zuen merezi. Jesukristoren oinaze sakratuengatik, ezin nuen ulertu zer zela eta merezi nuen aparteko jazarpen hura! Eta bat-batean otu zitzaidan berdin egin nezakeela estalkia bahitetxera eramateko alprojakeria. Koroa batetan bahi nezakeen eta hiru otordu egoki lortu zutik irauteko beste zerbait aurkitu arte. Ziria sartuko nion Hans Pauliri. Sotorantz nindoan jadanik, baina sarreraren aurrean gelditu nintzen, burua zalantzan astindu eta bira egin nuen.
Urrundu bezala, gero eta poza handiagoa sentitzen nuen tentazio larri hura gainditua nuelako. Zintzo izatearen kontzientzia burura igo zitzaidan, setatsua nintzeneko dartada zoragarria sentitu nuen: gizateriaren itsas uharrean dagoen naufragio hondakinez inguratutako faro zuria nintzen. Beste norbaitena zen zerbait bahitu otordu batengatik, neure hondamendia jan eta edan, arima lehen marratxoaz markatu, prestutasunean lehen seinale beltza ezarri, neure buruari alproja deitu eta begiak jaistera behartuta egon? Inoiz ez! Inoiz ez! Ez nuen zinez pentsatu, ia-ia ez zitzaidan bururatu ere. Ezin zitzaion inori halako gogoeta solte eta jazarleen erantzukizuna leporatu, batez ere burukomin izugarria zeukanean eta beste gizon batena zen ohe-estalkia arrastaka zeramanean.
Baina aurkituko nuen konponbideren bat unea iristen zenean! Han zegoen Gronland kaleko dendaria: Nekarazia al nuen eguneko ordu guztietan lan eskaera bidali nionetik? Bere atea joka ibilia al nintzen goiz eta arratsalde azkenean baztertua izateko? Oraindik ez nintzen beregana erantzuna jasotzera joan ere. Ez zuen nahitaez alferrikako saioa zertan izanik, beharbada zortea izango nuen aldi honetan. Zorteak bazekien bide makurretik ibiltzen. Eta Gronland kalerantz abiatu nintzen.
Burua zeharkatu zidan azken zirrarak apur bat ahulduta utzia ninduen, eta mantso samar nenbilen, dendariari zer esango nion pentsatuz. Agian gizon jatorra zen: aldarte onean bazegoen apika nik ezer eskatu gabe koroa bat emango zidan lanaren aurrerakin gisa; horrelako jendeak izan zitzakeen ateraldi bikainak noizean behin.
Atarte batean ezkutuka sartu eta txistuz belztu nituen fraken belaunak behar bezalako itxura izatearren, estalkia bazter ilun bateko kaxa baten atzean utzi, kalea zeharkatu eta dendatxora sartu nintzen.
Gizon bat dago zutik, egunkari zaharrak kolatuz paper-zorroak egiten.
«Christie jaunarekin egon nahi nuke», esan nion.
«Neu nauzu», erantzun zidan gizonak.
Ongi! Nire izena hau eta bestea zen, lan eskaria igortzeko libertatea hartua nuen, eta ezertarako balio izan ote zidan jakin nahi nuen.
Nire izena pare bat aldiz errepikatu eta barrez hasi zen.
«Orain ikusiko duzu», esan zidan bular patrikatik nire gutuna ateraz. «Begira, mesedez, nola moldatzen zaren zenbakiekin, ene jauna. 1848 urtez datatu duzu gutuna». Eta gizona algaraka hasi zen.
Bai, noski, oker samar zegoen, esan nion adoregabe, ustekabea izan zen, hutsegitea, aitortu beharra neukan.
«Hara, zenbakiekin hutsegiterik egiten ez duen pertsona behar dut», esan zuen. «Sentitzen dut; oso idazkera garbia duzu, eta gutuna gustatu zait, baina...»
Une bat itxaron nuen; ezinezkoa zen hura gizonaren azken hitza izatea. Berriro ekin zion zorroak kolatzeari.
Bai, tamalgarria zen, esan nion, benetan tamalgarria; baina ez zen inoiz gehiago gertatuko noski, eta idazkera akastxo hark ezin ninduen liburuak eramateko erabat ezgai bihurtu, ezta?
«Ez dut hori esaten», erantzun zidan; «baina nolanahi ere hain garrantzitsu iruditu zait beste gizon bat hartu dudala dagoeneko.»
«Beraz postua hartuta dago?», galdetu nion.
«Bai.»
«Alajainkoa! Orduan ez dago beste ezer egiterik!»
«Ez. Tamalgarria da, baina...»
«Agur!», esan nion.
Oraingoan sumina jabetu zen nitaz, gori eta oldartsu. Atarteko bazterretik paketea hartu, eta hortzak kirrikatuz abiatu nintzen espaloian barrena zebilen jende baketsuaren aurka, inoiz ere barkamenik eskatu gabe. Gizon bat gelditu eta nire portaera nahiko zorrozki aurpegiratu zidanean, jiratu eta esanahirik gabeko hitz bakar bat oihukatu nion belarrira, eskuak bere aurpegiaren aurrean elkarlotu eta aurrera jo nuen, menperatu ezin nuen haserre itsu batek hartua. Udaltzain bati hots egin zion, eta nik, eskuen artean udaltzain bat edukitzea besterik desiratzen ez nuelarik, propio mantsotu nuen ibilera, nigana hurbiltzeko parada emateagatik; baina ez zen etorri. Ba al zegoen nire saio bizien eta lehiatien guzti-guztiek porrot egin zezaten zentzu arrastorik ere? Baina zer zela eta idatzia nuen 1848? Niri zer axola zitzaidan bada urte madarikatu hura? Hemen nengoen ni goseak amorratzen, hesteak zizareak bailiren bihurritzeko moduan, eta ez zegoen inon idatzita eguna amaitu orduko ahora eramateko ezer lortuko nuenik. Eta denbora iragan ahala gero eta hustuago sentitzen nintzen gorputzean zein gogoan, egunetik egunera gero eta egintza okerragoetara makurtzen ari nintzen. Estualdietatik gezurren bidez irteten nintzen lotsatu gabe, jende zintzoari iruzur egiten nion errentarekin, besteen estalkiak bahitzeko gogoeta zikoitzenei aurre egin behar nien, eta hori dena damurik gabe, kontzientzia txarrik gabe. Ustelkeriazko pitzadurak agertzen hasi zitzaizkidan neure baitan, gero eta gehiago hedatzen zihoan lizuna. Eta han goian, zeruan, zegoen Jainkoa niri adi begiratuz, nire gainbeherak artearen arau guztiei jarraitzen ziela segurtatzeko, mantso eta erregularki, erritmo hausturarik gabekoa zela zaintzeko. Baina infernuko leizetan deabru gaiztoei ilea laztu egiten zitzaien nik bekatu larria egiteko, Jainkoak bere justutasunean hara amilaraziko ninduen bekatu barkaezinen bat egiteko, hainbeste denbora behar nuela ikusirik...
Arindu egin nuen ibilera, abiadura gero eta gehiago bizkortuz, itsumustuan ezkerrera jo eta aztoratuta eta sutan sartu nintzen piztutako atarte apain batean. Ez nintzen gelditu, ezta segundo bateko atsedena ere; baina atarteko apainketa bitxi hura berehalakoan sartu zen nire kontzientzian: ateetako zertzeladak, ormetako edergarriak, zolaztadura, neure baitan denak argiro-argiro ikusten nituen eskailerak igo bezala. Bigarren solairuko ate bat jo nuen biziki. Zergatik gelditu behar nuen hain zuzen bigarren solairuan? Eta zergatik heldu hain zuzen txirrin hari, eskaileratik urrunen zegoen txirrin hari?
Beltzez apainduriko soineko grisa zeraman andere gazte batek ireki zidan; une batez begiratu zidan, txundituta, eta gero burua astinduz esan zidan:
«Ez, gaur ez daukagu ezer». Eta atea ixteko keinada egin zuen.
Zergatik sartua nuen hanka pertsona harekin ere? Eskaletzat hartu ninduen besterik gabe, eta hark segituan lasaitu ninduen. Kapela erantzi eta begirunez gurtu nuen, eta haren hitzak entzun ez banitu bezala, aparteko adeitasunez esan nion:
Barkamen eskatu beharrean naukazu, andereñoa, horren indartsuki deitzeagatik, baina txirrina ez zitzaidan ezaguna. Bere aulki gurpilduna bultzatzeko gizon bat eskatzen zuen jaun gaixoa ez al da hemen bizi?»
Une bat eman zuen asmatutako gezur hura hausnartzen, bazirudien zalantzan geratzen zela niri buruz zer iritzi.
«Ez», esan zuen azkenik, «ez, hemen ez da gizon gaixorik bizi.»
«A, ez? Adineko jauna, bi ordutako ateraldi bat eguneko, berrogei ore orduko?»
«Ez.»
«Orduan barkamen eskatu behar dizut berriz», esan nion; «agian lehen solairuan da. Ezagutzen dudan eta interesatzen zaidan gizona gomendatu nahi nuen soilik. Wedel-Jarlsberg dut izena». Eta berriro gurtu eta atzera jo nuen. Andereñoa gorri-gorri egin zen, hain larrituta zegoen ezin izan zela higitu ere, eta begira geratu zitzaidan eskailerak jaisten nituen artean.
Lasaitasuna itzulia zitzaidan, eta burua argia nuen. Damak esandakoak, hots gaur ez zeukala niri emateko ezer, dutxa hotz baten eragina izan zuen nigan. Hain urruti iritsia nintzen non edonork bere artean atzamarrez seinalatu eta «horra hor eskalea, jendearen atarietatik luzatutakoaz bizi diren horietako bat!» esan zezakeen.
Moller kaleko taberna baten aurrean gelditu eta barruan frijitzen ari ziren haragiaren lurrin freskoa usnatu nuen. Eskua ate-krisketean neukan jada eta sartzera nindoan helburu zehatzik gabe, baina garaiz iritziz aldatu eta handik urrundu nintzen. Enparantza Nagusira iritsi eta puska batez atseden hartzeko lekutxoren baten bila hasi nintzenean, aulki guztiak hartuta zeuden, eta alferrik aritu nintzen elizan barrena instalatzeko leku lasai baten bila. Jakina!, esan nuen neure artean goibel, jakina, jakina! Eta berriz ibiltzeari ekin nion. Itzuli bat egin nuen azokako izkinan zegoen iturrira, ur tragoxka bat hartu, eta berriro abiatu nintzen. Zingili-zangulu nenbilen, denda guztietako leihoetan so egiteko beta hartuz, gelditu eta albotik pasatzen zitzaizkidan zalgurdi guztiak begiez jarraituz. Bero distiragarri bat sentitzen nuen buruan, eta taupatze arraro bat lokietan. Edandako urak kalte besterik ez zidan egin, eta kaleko leku ezkutuetan oka egin nuen, jendea ohar ez zedin. Horrela iritsi nintzen Jesukristoren hilerrira. Han eseri nintzen ukalondoak belaunen gainean eta burua eskuen artean neukala. Jarrera kukubildu hartan jarrita gustura nengoen eta ez nituen sabeleko zorriak sentitzen.
Hargin bat ahozpez etzanda zegoen nire ondoko granitozko xafla handi baten gainean. Betaurreko urdinak zeramatzan eta ia ahaztua neukan nire ezagun bat ekarri zidan gogora bat-batean, behiala «Oplandsk» tabernan topatua nuen banku-enplegatu zen gizona.
Lotsa galdu eta hitz egingo banio sikiera! Egi osoa esango nioke, alegia nahiko latza, erabat nekeza gertatzen ari zitzaidala bizirik mantentzea! Nire bizartegi-txartelak eman niezazkiokeen... Baina ze arraio, bizartegi-txartelak! Txartel haiek koroa bat inguru balio zuten eta! Eta altxor preziatuaren bila hasten naiz urduri. Segituan ez aurkitzean, ziplo zutitzen naiz, larridurazko izerdia daridala bila segituz, harik eta azkenik bular-patrikaren hondoan aurkitzen dudan arte, baliorik gabeko beste paper zuri eta idatzi batzuen artean. Anitz aldiz zenbatzen ditut sei txartel hauek, lehenetik seigarrenera eta alderantziz. Ez nuen haien premia handirik, nire kasketa edo irrikaldia izan zitekeen inoiz gehiago bizarra ez moztea erabakitzea. Laguntza galanta litzaidake koroa erdi bat, Kongsberg-eko zilarrezko erdi koroa zuri bat! Bankuak seietan ixten zuen, eta nire gizona zazpiak eta zortziak artean aurki nezakeen «Oplandsk»en aurrean.
Han geratu nintzen une batez pentsamendu honek poztuta. Denbora iragan zen, haizea gogor zebilen nire inguruko gaztainondoen artean, eta iluntzen ari zen. Ez ote zen irrigarri samarra izango bankuan lan egiten zuen gizon gazte batengana sei bizartegi txartelekin korrika joatea? Apika bi txartel liburuxka oso zeramatzan patrikan, nireak baino txartel dotore eta garbiagoz beteak, auskalo! Eta patrika guztiak miatu nituen haiei gaineratzeko zerbaiten bila, baina ez nuen fitsik aurkitu. Ezin ote nion neure gorbata eskaini? Hura gabe bizi nintekeen jaka goraino itxiz gero, zeina nolanahi ere egin egin behar nuen zegoeneko gerruntzerik ez neukanez. Gorbata laxatu nuen, bularraren erdia estaltzen zidan papar-xingola, gero eskuez arretaz astindu eta idazpaper zati batean bildu nuen bizartegi-txartelekin batera. Orduan hilerria utzi eta «Oplandsk» erantz abiatu nintzen.
Zazpiak ziren Udaletxeko erlojuan. Tabernaren inguruan itzulika hasi nintzen, gora eta behera burdin hesian luzera, sartu eta irteten ziren guztiei adi begiratuz. Azkenik, zortziak aldera, gaztea, fresko eta dotore, kalean gora etortzen eta tabernako aterantz gurutzatzen ikusi nuen. Bihotzak jauzi egin zidan bularrean txoritxoa bailitzen begiz jo nuenean, eta harengana joan nintzen korrika, agurtu ere egin gabe.
«Emadazu koroa erdia, adiskidea!», esan nuen, gero paketetxoa bere eskuan jarri eta inongo lotsarik gabe «tori, hona hemen ordaina» gaineratuz.
«Ez daukat!», esan zidan, «benetan diotsut ez daukadala!», eta diru-zorroa nire begien aurrean hustu zuen. «Bart gauean parranda egin nuen eta sosik gabe nago. Zinez diotsut, ez daukat ezer!»
«Ez, ez, gizon, egon lasai!», erantzun nion bere hitza sinetsiz. Izan ere, ez zidan gezurra zertan esanik horrelako xumekeria batengatik. Iruditu zitzaidan ere begi urdinak ia busti egiten zitzaizkiola patrikatan bila aritu eta ezer aurkitu ez zuenean. Atzera jo nuen. «Barkaidazu!», esan nion, «larrialditxoan nengoen.»
Kalean behera pusketa bat egina nuen paketetxoa zela eta oihu egin zidanean.
«Gorde ezazu, gorde ezazu!», erantzun nion, «bihotzez ematen dizut! Gauza pare bat besterik ez da, apurkeria, mundu honetan daukadan ia guztia». Eta hitzok hunkitu egin ninduten, halako etsipenezko kutsua baitzerien arratseko iluntasunean, eta negar egiteari ekin nion...
Haizea freskatzen ari zen, hodeiak abiada bizian higitzen ziren zeruan eta, ilundu ahala, gero eta hotzago zegoen. Negarrez joan nintzen kalean behera, gero eta erruki handiagoa nuen neure buruarekiko, eta behin eta berriro errepikatzen nituen hitz batzuk, malkoak geldiarazi beharrean begietara ekartzen zizkidan deiadarra: Jainkoa, zein zorigabea naizen! Jainkoa, zein zorigabea naizen!
Ordu bete iragan zen, izugarri astiro iragan ere. Hainbat denbora geratu nintzen Azoka kalean, harmailetan eserita, atarteetan sartzen norbait hurbiltzen zenean, ezertan ez pentsatu gabe argiztaturiko dendetara begira, zeinetan jendea batetik bestera zebilen salgaiak eta dirua trukatuz. Azkenik leku epela aurkitu nuen eliza eta azokaren artean zegoen mahai-xafla meta baten atzean.
Ez, gaur ez nintzen basora joango, edozer gertatuta ere, horretarako indarrik gabe nengoen, eta izugarri urrun zegoen. Han bertan geratuko nintzen, gaua nola edo hala pasatu arte; hotzak banengoen eliza aldetik itzuli bat egin ahal izango nuen, ez nuen hori konpontzeko ahalegin gehiago egiteko asmorik. Etzan egin nintzen, erdi lo.
Nire inguruko zarata moteltzen joan zen, dendak ixten ari ziren, bidaztien oin-hotsak gero eta urriagoak ziren, eta azkenik iluna egin zen leiho guztietan...
Begiak zabaldu eta silueta bat sumatu nuen nire alboan. Aurrean nituen botoi distiratsuek udaltzain bat zela ohartarazi zidaten. Ezin nion aurpegia ikusi.
«Gabon!», esan zidan.
«Gabon!», erantzun nion, beldurrez. Altxatu egin nintzen, aztoratuta. Bera mugitu gabe egon zen une bat.
«Non bizi zara?», galdetu zidan.
Ohiturak bultzatuta eta pentsatu gabe ere nire helbide zaharra eman nion, utzia nuen ganbara-gela.
Beste une batez geratu zitzaidan so.
«Okerren bat egin al dut?», galdetu nion larriduraz.
«Ez, ez horixe!», erantzun zidan. «Baina hobe duzu etxera joan, hemen hotzegi dago etzanda egoteko».
«Bai, egia da, fresko samar dago, jabetzen naiz».
Eta gabon esan ondoren, instintiboki, etxe zaharrerako bidea hartu nuen. Oso poliki banenbilen, agian lortuko nuen goraino iristea inork entzun gabe. Guztira zortzi eskailera-gune ziren, eta azkeneko biek bakarrik kirrinkatzen zuten.
Atartean zapatak erantzi eta igotzen hasi nintzen. Dena isiltasunean zegoen. Bigarren solairuan erloju baten tik-tak mantsoak eta haur baten negar apalak entzun nituen. Gero deus ez. Neure area aurkitu nuen, gero erroetatik altxatu eta giltzarik gabe ireki nuen, ohitura nuen bezala, gelara sartu eta berriro itxi nuen atea hotsik gabe.
Dena nik utzi bezala zegoen, gortinak leihoaren alde batera bilduta eta ohea hutsik. Paper orri bat begiztatu nuen mahai gainean, agian etxeko andreari utzitako mezua zen. Zirudienez ez zen gelara igo ere nik alde egin ondoren. Orin zuria haztatu ondoren, gutuna zela jabetu nintzen harrituta. Gutuna? Hura hartu eta leihora hurbiltzen naiz, gaizki idatzitako letrak iluntasunak uzten didan heinean irakurtzeko, eta zer eta nire izena daramala ikusi. Aja!, pentsatu nuen. Etxeko andrearen erantzuna izango da, oina gelan berriz sartzeko debekua, berriz aterpe bila abiatzen banintzen!
Eta astiro, oso astiro, gelatik irteten naiz, esku batean zapatak, bestean gutuna eta besapean estalkia daramadala. Oso leunki nabil eta hortzak estutzen ditut maila kirrinkarien gainetik pasatzean, eta arazorik gabe iristen naiz behealdera, berriro atartean nagoelarik.
Zapatak berriro janzten ditut, lasaiki lotzen ditut lokarriak, amaitu dudanean ere une batez geldi-geldirik geratzen naiz, aurrera begira ezertan pentsatzeke, gutuna eskuan daukadala.
Gero altxatu eta joan egiten naiz.
Gas-lanpa baten gar kulunkariak distiratzen du kalean; harantz abiatzen naiz, paketea farolaren aurka zutik utzi eta gutuna irekitzen dut, guzti hau izugarrizko patxadan.
Argi zurruta gisako zerbaitek zeharkatzen dit bularra, eta neure burua entzuten dut oihuska bat egiten, esanahirik gabeko atseginezko hotsa: gutuna erredaktorearena zen, onartua zidan artikulua eta segituan konposaketara bidali! «Aldaketatxoren bat edo beste... idazketa akats batzuk zuzendu... talentuz idatzia... bihar inprimatuko... Hamar koroa.»
Negar eta barre egin nuen, saltoka hasi nintzen kalean barrena, gelditu eta izterra kolpatu nuen eskuez, hutsari edukirik gabeko biraoka hasi nintzaion. Eta denbora joan zen.
Gau osoz, egun argia egin arte, jauzika ibili nintzen kaleetan barrena, pozaren pozaz, behin eta berriz errepikatuz: Talentuz idatzia, artelantxoa benetan, jenioaren aztarna. Eta hamar koroa!
© Knut Hamsun
© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal