HITZAURREA
GIZONA
Knut Hamsun munduko literaturako izen handienetako bat dugu, zalantzarik gabe, Ibsen eta Strindberg-ekin batera Eskandinaviako ezagunena.
Hammaroy-en koskortu zen, Norvegiako Iparraldeko lurralde zoragarri eta latz —ez klimaren ikuspegitik soilik— hartan. Hamsunen eta bere haurtzaroko bizilekuko naturaren arteko lotura estuak oso aztarna garbiak utzi zituen haren obra literarioan.
15 urte zituenetik batetik bestera ibiliz irabazi zuen ogia, munduan zehar, lanbidez lanbide, lekuz leku, Norvegian eta Estatu Batuetan. Eta denbora guztian olerkiak, artikuluak, ipuinak idatziz. Zerbait argitaratu zioten, baina ez zuen nobelista gisa arrakastarik izan 1890ean Gosea plazaratu zen arte.
Mende honen lehen hamarkadetan literatura egiten jarraitu zuen (Misterioak, 1892, Pan, 1898 eta Victoria, 1898, besteak beste), eta 1920ean Literatur Nobel Saria eman zioten Lurraren Bedeinkapenarengatik. Arloteen Trilogiak, bere azken maisulanetakoak, 20en hamarkadan ikusi zuen argia, eta 30etan Hamsunekiko entusiasmoak sendo zirauen, nola Norvegian hala gainerako Europan.
Hala ere, gero eta jende gehiago jarri zen Norvegia eta Alemaniako korronte faxistekiko azaldu zuen sinpatien aurka. II Mundu Gerlan alemaniarren Norvegiako okupazioari emandako laguntzak «traidorea» deitu izana ekarri zion, eta bai hura bai haren emaztea kondenatuak izan ziren etsaiari lagundu izanagatik, honek haren azken urteei mingostasun krudel bat gehitu zielarik.
Hamsunen heriotzaren ondoren literatur eztabaida bizia gertatu da, batez ere Hamsun «idazlea» eta Hamsun «politikoa»ren artean bereizketarik egin ahal ote den ez den. Mundu osoko literatur ikerleak arduratu dira Hamsunen obraz, eta orain arte haren obrari buruz, ehunka artikulu eta saiakeraz gain, 80 bat monografia argitaratu da.
OBRA
Goseak ekarri zion Hamsuni ospea Eskandinavian zehar, eta liburua literatura europarraren oinarrizkoetako bat bezala aipatzen da.
Nobelak Oslon —garai hartan Kristiania zeritzon— kazetari «freelance» gisa bizitza irabazi nahian ari den artean gosez hiltzen dabilen idazle gazte baten istorioa kontatzen du. Nobelari sukarra eta eromena darizkio, baina baita etsipenezko umorea ere. Arimaren berezko erreakzioak deskribatzen ditu, honela 90etako arimaren berraurkikuntza berria adierazten duelarik. Hamsun Dostoievski eta Strindbergen psikologia berritik hurbil sentitzen zen, pentsamendua bazterrik intimoetara, misteriora eta eromenera jarraitu nahi hartan. Ibsen erkidearen pertsonaiak eraikuntza hutsa direla esanez arbuiatzen ditu, eta uko egiten die naturalistek nortasuna gizartearen produktu hutsak bezala azaltzeko egindako saioei.
Hamsunek nortasun bakan eta sendoan duen interesean Nietscheren eragina sumatzen da. Goseako gaztea ez da edozein pertsona; filosofiazko artikuluak idazten ditu eta poeta izatea du xede. «Itsasoaren erdian kokaturiko buia bakartia bezala, olatuen korrontea eta zaratak inguratzen duen buia bezala» sentitzen da. Bere bizitza sentimental samurrak eta sentiberatasunak «gizon moderno»aren —Hamsunek ulertzen zuen bezala— prototipo bihurtzen du, hautatuetako bat, dartada anitz eta aldakorrekiko biziki sentibera dena.
Honela Gosea gainbizitzeaz eta autodefentsaz diharduen nobela bezala ikus daiteke; azalean gainbizitze fisiko eta morala lortzeko borroka etsia agertzen da, noski, baina barne-mailan bere nortasun/integritatea mantentzeko ahalegin biziaz hitz egin daiteke indar berarekin. Gosea fisikoa da, baina baita arimarena ere, psikikoa, gizabanakoak gizarte modernoan nozitzen duen hustasunaren, uniformetasunaren eta independentzia ezaren metafora. Alienazioari buruzko azterketa distiratsu baten aurrean gaude, non fantasia eta itxura egitea borrokatzeko bitartekorik garrantzitsuenak bilakatzen diren, baina baita heriotzarekiko larridura, heriotza-bulkada eta Jainkoari aurre egiteari buruzko deskribapen baten aurrean ere. Hitz gutxitan esanda, alderdi guztietan tradizio modernistaren lehen eta handienetakoa den nobelaren aurrean.
© Juan Mari Mendizabal