BELDURRA ORAINDIK
Berripapertxoa atera eta gero, On Camillok bakarrik aurkitu zuen bere burua.
—Basamortu erdian nagoela iruditzen zait —aitortu zion Kristori—. Eta berdin-berdin da ondoan ehun lagun baditut ere, hor direlako, nigandik metro erdira, baina metro erdi lodiko kristal bat dago haien eta nire artean. Entzuten ditut haien ahotsak, baina beste mundu batetik baletoz bezala da.
—Beldurra da hori —erantzun zuen Kristok—. Zure beldur dira.
—Nire beldur?
—Bai, On Camillo. Eta gorroto dizute. Bertan goxo eta lasai bizi ziren beraien doilorkeriaren oskol barruan. Bazekiten egia zein zen, baina inork ezin zituen behartu jakitera, inork ez zuelako agirian esan egia hori. Zuk egin eta esan duzunaren ondorioz, orain jakin behar dute haiek egia. Eta horregatik gorroto dizute eta zure beldur dira. Zu, ardiak bailiran, tiranoaren aginduei men egiten dieten senideak ikusi eta oihuka hasten zara: «Esna zaitezte lozorrotik, begiratu jende libreari; konpara ezazue zuen bizitza jende librearen bizitzarekin!». Eta haiek ez dizute estimatuko; aldiz, gorrotatuko zaituzte eta, ahal izanez gero, hil ere hilko zaituzte, behartzen dituzulako jabetzera jakin bai baina bizi lasaiaren truke atzendu nahi zuten horretaz. Begiak dituzte, baina ikusi nahi ez. Belarriak dituzte, baina entzun nahi ez. Doilorrak dira, baina ez dute nahi inork doilorrak direla esaterik. Zuk agirian jarri duzu bidegabekeria bat, eta dilema latz baten aurrean ipini duzu jendea: isilik bazaude onartzen duzu abusua, onartzen ez baduzu hitz egin behar duzu. Oso erosoa zen abusuari ezikusia egitea. Harritzen al zaitu horrek?
On Camillok besoak zabaldu zituen.
—Ez —esan zuen—. Harrituko nintzateke jakingo ez banu gizon-emakumeei egia esan nahi izateagatik gurutzean jarri zintuztetela. Min ematen dit, besterik ez.
Geroago, gotzainaren mezulari bat iritsi zen.
—On Camillo —azaldu zuen—, gotzain jaunak irakurri du berorren berripapera, bai eta jakin ere nolako erreakzioak piztu dituen herrian. Lehen zenbakia gustatu zaio, baina nahiagoko luke bigarrengoak berorren hil-berria ekarriko ez balu. Atera kontuak.
—Hori zuzendaritzaren nahiaren baitan ez dagoen gauza da —erantzun zuen On Camillok—. Horregatik, niri ez baina Jaungoikoari zuzendu beharko lioke bere otoia.
—Horixe ari da egiten —azaldu zuen mezulariak—. Eta berorrek jakitea nahi du.
Karabinero nagusia buru argiko gizona zen; ustekabean topo egin zuen On Camillorekin.
—Irakurri dut berorren berripapera —esan zuen—. Pizziren larraineko gurpil arrastoen kontu hori oso interesgarria da.
—Ez al zinen konturatu?
—Ez —erantzun zuen karabinero nagusiak—. Ez nintzen konturatu, hain zuzen ere, ikusi bezain laster igeltsu pixka bat botarazi nuelako han eta hemen, eta hara non aurkitu dugun, kasualitatez, gurpil-kalkoak herrian dauden kamioiekin konparatzean, arrasto horiek alkate jaunaren Dodgeak utzitakoak zirela. Bestalde, kasualitatez beti ere, ohartu nintzen Pizzik ezkerreko lokian tiro egin ziola bere buruari, baina eskuinean zuela errebolberra, eta, beheko suko errautsetan arakatuz, bala bat aurkitu nuen, Pizziren errebolberretik ateratakoa, leihotik iritsi zitzaion beste bala batek jota lurrera erori zenean.
On Camillok begi txarrez begiratu zion.
—Zergatik ez zenuen ezer esan?
—Esan behar nionari esan nion, apaiz jauna. Eta hara zer erantzun zidaten: honelako une batzuetan alkatea atxilotuz gero, arazoak berehala hartuko zuela izaera politikoa. Gauza hauek politikarekin nahasten direnean, akabo. Egokiera itxaron behar da: eta berorrek eman dit, On Camillo. Nire ardurak ez ditut besteren bizkar utzi nahi: bakar-bakarrik, ez dut nahi istorio hau aurrera atera ezinik gelditu, badagoelako politika egiteko aprobetxatuko lukeenik.
Karabinero nagusiak oso ondo jokatu zuela erantzun zuen On Camillok.
—On Camillo, nik ezin dizkiot bi karabinero ipini bizkarra zaintzen.
—Ergelkeria galanta litzateke!
—Badakit, baina ahal izango banu, batailoi oso bat ipiniko nioke —adierazi zuen karabinero nagusiak.
—Ez da beharrezkoa, ofizial jauna: nire bizkarra zaintzeaz Jaungoikoa arduratuko da.
—Pizzirekin baino erneago egongo al da! —bukatu zuen karabinero nagusiak.
Ikerketak biharamunean berrasi ziren, eta galdeketa zorrotzak egin zizkieten zenbait lurjabe eta maizterri. Eta haien artean Verola zegoenez, suminduta protestaka, karabinero nagusiak lasai-lasai erantzun zion:
—Ene jauna: kontuan hartu behar dugu Pizzi apolitikoa zela eta inork ez ziola ezer lapurtu, eta gainera datu berri batzuen arabera haren heriotza ez zela suizidioa izan, hilketa baizik; beraz, baztertu behar da krimen politikoa izan zela edo lapurtzeko asmoz egina. Ondorioz, Pizzirekin interes edo adiskidetasun harremanak izan eta berarekiko gorrotoa eduki zezaketenengana zuzendu behar ditugu gure ikerketak.
Gauzek berdin jarraitu zuten zenbait egunez eta galdeketa jasandako jendea erabat suminduta zegoen.
Zakarra amorruz beterik zegoen, baina isilik.
—Peppone —esan zuen azkenik—, madarikatu hori jolasten ari duk gurekin, umetxoak bagina bezalaxe. Ikusiko duk: mundu guztiari galdetu eta gero, baita emaginari ere, hamabost egun barru etorri hiregana eta irribarrez galdetuko dik inporta al zaian gutako bati ere galdeketa egitea. Eta ezingo diok ezetz esan. Eta horrek galdeketa egin eta dena aterako duk kanpora.
—Ez esan txorakeriarik! —oihu egin zion Pepponek—. Ezta azazkalak indarrez ateratzen badizkit ere!
—Ez dik galdeketa egingo hiri edo niri ezta pentsatzen ari garenei ere. Dena kantatuko duenari egingo ziok, hain zuzen: tiroa bota zuenari.
Pepponek irri egin zuen.
—Babokeriak! Geuk ere ez zekiagu-eta nor izan zen!
Hala zen. Inork ez zuen ikusi nork bota zuen tiroa taldeko hogeitabost gizonetatik. Pizzi lurrera erori zenean, denak kamioira igo eta hitzik atera gabe sakabanatu ziren gero, eta kontu hartaz ez zuten gehiago hitz egin.
Pepponek begietara begiratu zion Zakarrari.
—Nor izan ote zen? —esan zuen.
—Batek jakin! Heu, beharbada!
—Ni? —Pepponek oihuka—. Nola, ez banuen armarik ere?
—Bakarrik sartu hintzen Pizziren etxera. Inork ez zian ikusi zer egin huen han barruan.
—Baina, leihotik bota ziaten tiroa. Norbaitek jakingo dik nor zegoen leiho ondoan!
—Gauez katu guztiak beltz: zerbait ikusi zuenak ere ez zian ezer ikusi. Pertsona batek bakarrik ikusi zian tiroa bota zuenaren aurpegia: umetxoak. Bestela, etxekoek ez ziaten esango ohean zegoenik. Eta umeak badaki, On Camillok ere bai. Benetan jakingo ez balu, ez zian esango eta egingo esan eta egin duena.
—Madarikatua hona ekarri zuena! —oihu egin zuen Pepponek.
Bien bitartean, lakioa ixten ari zen, eta karabinero nagusia arratsaldero joaten zen alkatearengana, diziplina handiz, ikerketen berri ematera.
—Ezin dut gehiago zehaztu, alkate jauna —esan zuen, halako arratsalde batean—, baina gutxi falta zaigu: badirudi emakume bat dagoela tartean.
—Ez da izango! —erantzun zuen Pepponek, baina gustura bihurrituko zion zintzurra.
Berandu zen eta On Camillo bere zereginetan zebilen eliza hutsean. Eskaileratxo bat zeukan jarrita aldareko azken mailaren gainean. Gurutzearen besoan pitzadura luze bat zegoen, egurraren zain batetik irekia, eta On Camillo, pitzadurari igeltsua bota eta gero, pintura apur batez margotzen ari zen igeltsuaren zuria.
Halako batean, hasperen egin eta Kristok ahopean hitz egin zion.
—Zer duzu, On Camillo? Azken egunotan nekatuta dirudizu. Ez al zaude ondo? Gripe apur bat agian?
—Ez, Jesus —aitortu zuen On Camillok burua jaso gabe—. Beldurra da.
—Beldurra duzu zuk? Zerena?
—Ez dakit; zeren beldur naizen jakingo banu, beldur handiagoa izango nuke —erantzun zuen On Camillok—. Ondo ez dabilen zerbait dago airean zintzilik, babesik gabe sentiarazten nauen zerbait. Eskopetak hartuta erasotzen didaten hogei gizonek ez lidakete beldurrik emango: gogaituko naute, hogei direlako eta ni bakarrik eta eskopetarik gabe nagoelako. Itsaso erdian banengo eta igerian ez baneki, pentsatuko nuke: «minutu bat barru txitatxo bat bezala itoko naiz». Eta orduan, pena handia emango lidake, baina ez nuke beldurrik edukiko. Arrisku batez arrazoitzeko modua baldin badago, ez dago beldurrik. Sentitzen diren baina ezagutzen ez diren arriskuek ematen dute beldurra. Bide ezezagun batetik begiak estalita ditudala ibiliko banintz bezalaxe da. Gauza gaiztoa.
—Galdu al duzu zure Jaungoikoarekiko fedea, On Camillo?
—Da mihi animam, caetera tolle. Arima Jaungoikoarena da, gorputzak lurrarenak. Fedea handia da, baina hau beldur fisikoa da. Nire fedea neurtu ezinezkoa izan daiteke, baina hamar egunez edan gabe egonez gero egarri izango naiz. Fedea egarri hori jasatea da, Jaungoikoak ezarritako proba baten antzera hartuz, bihotz lasaiz. Jesus, zure amodioagatik horrelako mila beldur jasateko gertu nauzu. Baina beldurra daukat.
Kristok irribarre egin zuen.
—Mespretxatzen al nauzu?
—Ez, On Camillo; beldurra edukiko ez bazenu, zer balioko luke zure kemenak?
Ibai ondoko herrietan, isiltasunak aztoratu egiten du jendea, bere barruan mehatxua sentitzen delako. On Camillo arretaz pasatzen ari zen pintzela gurutzeko egurraren gainetik, eta Kristoren eskua ikusten zuen, iltzeak zeharkatua. Bat-batean, esku hura pizten zela iruditu zitzaion. Une hartantxe, danbateko batek durundi egin zuen elizan.
Norbaitek tiro egin zuen alboko kaperatxotik.
Zaunka egin zuen zakur batek, gero beste batek. Metraileta baten tarrateko labur bat entzun zen, urrun. Gero, isiltasuna itzuli zen.
On Camillok aztoraturik begiratu zion Kristoren aurpegiari.
—Jesus —esan zuen—. Zure eskua sentitu dut nire kopeta gainean.
—Zorabio bat izango zen, On Camillo.
On Camillok begiak jaitsi eta iltzeak zeharkaturiko eskua jo zuen begiz. Gero, hotzikara antzeko bat sentitu eta potetxoa eta pintzela erori zitzaizkion hatzen artetik.
Kristoren eskumuturra bala batek zulatuta zegoen.
—Jesus —esan zuen arnasa estuturik zuela—, nire burua baztertu eta besoan hartu duzu niretzat zen bala hori!
—On Camillo!
—Bala ez da gelditu gurutzearen egurrean! —oihu egin zuen On Camillok—. Horra non bukatu duen!
Eskuinean, goian, leihotxoaren kontrako aldean, koadrotxo bat zegoen, zilarrezko bihotz bat zuena barruan. Balak kristala zirtzilatu eta bihotzari erdian jo zion.
On Camillo sakristiara joan zen korrika eskailera luze baten bila eta soka fin bat luzatu zuen balak leihoaren kristalean egindako zulotik koadrotxoko bihotzean egin zuen zulora. Eta soka Kristoren eskuan jositako iltzetik hogeita hamar zentimetrora pasatzen zen.
—Hemen nire burua zegoen —esan zuen On Camillok—. Burua atzerantz bota didazu, horregatik jo du balak zure besoan! Hauxe da froga!
—On Camillo, lasaitu!
Baina On Camillo orduko ez zegoen lasaitzeko eta, elefante-sukar bat etorri ez balitzaio, Jainkoak bakarrik daki zer egingo zuen On Camillok. Eta Jainkoak, oso ondo zekienez, elefante-sukar bat bidali zion, trapu busti baten antzera ohean etzanarazi zuena.
© Giovannino Guareschi
© itzulpenarena: Koldo Biguri