ARRAUTZA ETA OILOA

 

        Pepponeren gizonen artean, Tximista deitzen zuten bat zegoen. Piztia erraldoi bat zen, elefante bat bezain motel eta dorpea, eta ganbaratik pittin bat jotakoa. Tximista hau Ñabarrak zuzentzen zuen «eskuadra politikoa» delakoan sartuta zegoen eta gurdi armatuaren eginkizuna zeukan: hau da, kontrakoen batzarren bat pikutara bota behar zenean, Tximista jartzen zen eskuadraren buru eta ez zegoen hura geldituko zuenik, oztopoak oztopo aurrera jarraitzen baitzuen beti; horrela, Ñabarra eta bere atzeko beste guztiak berehala iristen ziren hizlariaren mintzatoki azpiraino eta han, txistuka eta marruka, minutu gutxi behar izaten zituzten hura isilarazteko.

        Behinola, arratsalde batean, Peppone alderdiaren egoitzan zegoen, auzo herrietako handi-mandi guztiekin, Tximista sartu zenean: behin mugitzen hasiz gero, Tximista geldiarazteko Panzerfaust bat beharko zen eta horregatik denak baztertu eta pasatzen utzi zioten Tximistari, Pepponeren lanmahai aurrean gelditu zen arte.

        —Zer nahi duk? —galdetu zuen Pepponek, ernegatuta.

        —Egurra eman niola andreari atzo —azaldu zuen Tximistak, burua lotsaz makurtuz—. Baina, berak izan zuen errua.

        —Eta niri esaten didak? —oihukatu zuen Pepponek—. Joan hadi erretore jaunari kontatzera!

        —Joan eta kontatu diot, ba —Tximistak erantzun—. Baina On Camillok dio gauzak orain aldatu egin direla 7garren artikulua dela eta, ezin didala barkamena eman eta alderdiaren herriko buruak eman behar didala, zerorrek, beraz.

        Pepponek, mahaian ukabilkada bat joz, besteak isilarazi zituen, irri-mirri hasiak zeuden eta.

        —Itzul hadi On Camillogana eta esaiok infernura joan dadila —oihukatu zuen.

        —Bai, banoa, nagusi —esan zuen Tximistak—. Baina lehenago barkamena eman behar didazu.

        Peppone arrantzaka hasi zen, baina Tximistak bere burutzarrari eragin zion.

        —Ez naiz hemendik mugituko barkamena ez badidazu ematen —egin zuen intziri—. Bi ordutan ez badidazu barkamena ematen, den-dena txikitzen hasiko naiz, zerbait duzula nire kontra esan nahi duelako.

        Bi aukera zeuden: Tximista hil edo amore eman.

        —Barkatzen diat! —oihukatu zuen Pepponek.

        —Ez —bota zuen Tximistak—, latinez barkatu behar didazu, apaizak egiten duen bezala, bestela ez du balio.

        —Ego ti asolvio! —esan zuen Pepponek, amorruz lehertzeko zorian.

        —Penitentziarik ez al dago? —jakin nahi izan zuen Tximistak.

        —Ez, ez zagok.

        —Ondo —poztu zen Tximista, ibiltzen hasiz—. Orain, korrika noa On Camillogana infernura joan dadila esatera. Istiluka hasten bazait, jo egingo dut.

        —Istiluka hasten bazaik, egon isilik, bestela berak emango dik ederra —oihukatu zuen Pepponek.

        —Ongi —onartu zuen Tximistak—. Baina zuk esaten badidazu jotzeko, jo egingo dut, baita zerbait hartzen badut ere.

        On Camillok espero zuen gau hartantxe Peppone su-gorriturik agertzen ikustea. Aldiz, Peppone ez zen agertu. Ondoko gauean agertu zen, bere estatu nagusiaren ondoan, eta kontu-kontari jarri ziren denak apaizetxe aurreko eserlekuan, egunkari batek zekartzanari buruz.

        On Camillo pittin bat Tximista bezalakoa zen gauza batzuetan, eta arrainkume bat bailitzan heldu zion amuari. Apaizetxeko atarian azaldu zen, eskuak bizkarrean katigaturik eta ahoan zigarroa.

        —Gabon, apaiz jauna! —agurtu zuten denek, berotasun handiz, kapela hegala ukituz.

        —Ikusi al du hau berorrek? —esan zuen Zakarrak, eskutada bat emanez egunkariari—. Gauza apartak!

        Antza denez, Anconan, apaizak bedeinkatutako oilo batek oso arrautza arraroa errun omen zuen: ikur sakratua zeukan erliebean marraztua.

        —Jaungoikoaren eskuak egon behar du hemen! —hots egin zuen Pepponek serio—. Egiazko eta benetako miraria dugu hau!

        —Astiro ibili mirariekin, mutilok. Zerbait miraria dela ziurtatu aurretik ikertu behar da, ikusi behar da ea ez ote den fenomeno natural soila.

        Pepponek seriotasun handiz onartu zuen, bere buru handia mugituz.

        —Jakina, jakina. Baina, nire iritziz, horrelako arrautza bat hobe izango zen hauteskunde garaian errun izan balu. Oraindik asko falta da.

        Zakarrak barreari eman zion.

        —Ez izan inuxentea! Ondo antolatu besterik ez duk behar. Prentsa ondo antolatua dagoenean, honelako mirarizko hamaika arrautza atera zitezkek!

        —Gabon! —moztu zuen bertan On Camillok.

 

* * *

 

        Biharamunean, alderdiaren egoitza aurretik pasatzean, On Camillok Anconako istorioari buruzko albiste-ebakina eta arrautzaren argazkia ikusi zituen horma-egunkarira josita. Eta azpian txarteltxo bat: «Demokrazia Kristauaren prentsa-bulegoaren aginduetara, oilo katolikoek hauteskunde-propagandarako lan egiten dute. Hau bai diziplina eredu miragarria!».

        Ondoko gauean, leihotik begira zegoen, Peppone eta bere estatu nagusia apaizetxe aurrean agertu zirenean.

        —Benetan gauza mirarizkoa da! —hots egin zuen Pepponek, egunkari bat aidean astinduz—. Milanon ere beste oilo batek errun du beste arrautza bat, Anconakoaren berdin-berdina! Etorri ikustera, apaiz jauna!

        On Camillok jaitsi, arrautzaren eta oiloaren argazkia begiratu eta artikulua irakurri zuen.

        —Zer ideia bikaina utzi dugun alferrik galtzen! —esan zuen Pepponek hasperen batez—. Pentsa ezazue lehenago guk izan bagenu: «Oilo bat alderdian bazkidetu eta ondoko egunean mailuaren eta igitaiaren ikurra erliebean daukan arrautza egin du!».

        Hasperen egin zuten denek. Baina Pepponek berriro pentsatu eta buruari eragin zion.

        —Ez —esan zuen—, guk ezingo genuen egin. Beste horiek erlijioa dute, eta horrela dena ondo konponduta. Guk aldiz ezin dugu miraririk egin!

        —Batzuk fortunaz jaiotzen dira eta beste batzuk ez! —hots egin zuen Zakarrak—. Zer egingo diogu!

        On Camillo ez zen sartu eztabaidan. Agur esan eta alde egin zuen, Peppone eta alderdikideak arrautza milanotarraren berri kontatzen zuen ebakina horma-egunkarian jostera zihoazen bitartean; josi ere, honako oharrarekin josi zuten: «Beste oilo bat propagandarako!».

        Geroago, inolako atarramenturik ateratzen ez zuela eta, On Camillok aldare nagusiko Kristorengana jo zuen aholku eske.

        —Jesus —esan zuen—, zer da istorio hau?

        —Badakizu, On Camillo. Egunkarian irakurri duzu.

        —Irakurri dut, bai, egunkarian, baina ez dut piperrik ulertzen —ihardetsi zuen On Camillok—. Egunkarian edozeinek idatz dezake iruditzen zaiona. Niri ezinezkoa iruditzen zait horrelako mirari bat.

        —On Camillo: ez al duzu sinesten Zeruetako Jaunak horrelakorik egin dezakeela?

        —Ez —erantzun zuen On Camillok etsi-etsian—. Ez zait burutik pasatzen ere Jaungoikoa denbora galtzen ibil daitekeenik oiloen arrautzetan marrazkitxoak egiten!

        Kristok hasperen egin zuen.

        —Fede handirik ez duzu...

        —A, ez! —protestatu zuen On Camillok—. Ezta inondik ere!

        —Utzi bukatzen, On Camillo. Esaten ari nintzen ez duzula fede handirik oiloetan.

        On Camillo harri eta zur gelditu zen. Gero besoak zabaldu eta, aitaren eginda, alde egin zuen.

        Goizean, meza eman eta gero, oilategira sartu zen arrautza freskoa jateko gogoa sartu zitzaiolako, eta oilo beltzak bat errun berria zuen. Bero-bero hartu zuen habiatik eta sukaldera eraman zuen. Eta han begiak irteteko zorian jarri zitzaizkion.

        Egunkarietako argazkietan ikusitakoen berdin-berdina zen arrautza hura: ostia izpidun baten marrazkia erliebean egina zuen argi eta garbi.

        Orduan, zer pentsatu ez zekiela, arrautza edontzi txiki batean sartu eta ordubetez egon zen hari so. Gero, bat-batean altxatu, arrautza armairu batean ezkutatzera joan eta oihu bat egin zion sakristauaren semeari.

        —Joan hadi Pepponerengana eta esaiok berehala etor daiztezela bera eta alderdiko buru guztiak, gauza serio eta premiazko batez hitz egin behar diedala. Hil edo biziko gauza batez!

        Ordu erdi geroago iritsi zen Peppone, beste handi-mandiekin batera, eta susmo txarrez gelditu zen atarian.

        —Aurrera —esan zuen On Camillok—. Itxi atea langarekin eta eseri hor.

        Isilik eseri eta begira geratu zitzaizkion.

        On Camillok gurutze txiki bat hartu zuen paretatik eta mahaitxoaren gaineko tapete gorrian utzi zuen.

        —Jaunak —esan zuen—, gurutze honen gainean zin egiten badizuet egia esango dudala, sinesteko prest egongo al zarete?

        Zirkulu erdi bat osatuz eserita zeuden, Peppone denen erdian: denak bueltatu ziren Pepponeren aldera.

        —Bai —esan zuen Pepponek.

        —Bai —erantzun besteek.

        On Camillok arasan bilatu eta gero eskuina pausatu zuen gurutzearen gainean:

        —Zin egiten dut arrautza hau duela ordubete hartu dudala nire oilo beltzaren habiatik, eta inork ezin izan duela bertan jarri, errun berria zegoelako eta ateko kandadua neronek ireki dudalako beti patrikan eramaten dudan giltza-sortan besteekin batera beti egoten den giltza batez.

        Arrautza Pepponeri eskaini zion.

        —Eman buelta —esan zuen.

        Zutik jarri eta batak besteari pasatu zion arrautza, argiz kontra begiratu eta azkazalarekin hatz egin zioten erliebeari. Bukaeran, Pepponek, zurbilduta, kontu handiz utzi zuen arrautza mahaitxoaren gaineko tapete gorrian.

        —Zer idatziko duzue zuen horma-ergelkari horretan, arrautza mundu guztiari erakutsi eta eskuz ukitzen uzten diodanean? —galdetu zuen On Camillok—. Hiriko irakaslerik garrantzitsuenak ekartzen ditudanean, arrautza aztertu eta inolako trikimailurik ez dagoela ziurta dezaten, zigilu eta guzti? Kazetarien asmazioa dela idatziko al duzue? Hori eginez gero, udalerriko emakume guztiak gainera oldartuko zaizkizue, sakrilegotzat hartu eta begiak aterako dizkizuete.

        On Camillok luzatua zuen besoa, eta arrautza, eguzkiak jota, dizdiz ari zen haren esku handian, zilarrezkoa balitz bezala.

        Pepponek besoak zabaldu zituen.

        —Horrelako mirari baten aurrean —marmartu zuen—, zer nahi du guk esatea?

        On Camillok besoa zurrundu eta ahots solemnez hitz egin zuen:

        —Jaungoikoak, zeru-lurrak eta unibertsoa, eta unibertsoan den guztia, baita zuek, koitaduok ere, egin dituenak ez dauka oilo batekin tratu egin beharrik bere guztiahaltasuna erakusteko —esan zuen poliki On Camillok.

        Eta ukabila estutu zuen, bai eta arrautza lehertu ere.

        —Eta jendeari Jaungoikoaren handitasuna aditzera emateko, nik ez daukat oilo lelo baten beharrik —jarraitu zuen On Camillok.

        Gezi baten pare atera eta oilo beltza lepotik estututa zekarrela itzuli zen.

        —Tori! —esan zuen, lepoa bihurrituz—. Tori, oilo sakrilegoa, erlijioaren gauza santuetan nahasteagatik!

        On Camillok txoko batera bota zuen oiloa eta, artean erabat aztoratuta, ukabilak estutuz abiatu zen Pepponerengana.

        —Egon pixka bat, On Camillo! —teteldu zuen Pepponek, atzera eginez eta eskuak lepo aurrean ipiniz—. Arrautza ez nuen nik egin...

        Taldea apaizetxetik irten eta eguzkiz beteriko plaza zeharkatu zuen.

        —Ba! —esan zuen halako batean Zakarrak, bertan geldituz—. Nik ez dakit nola azaldu, eskolarik ez dudalako, baina gizon horrekin ni ez nintzateke haserretuko ezta buruan hamaika kaskarreko emango balizkit ere.

        —Umm! —marmartu zuen Pepponek, bera ere, lehenagotik buruan hamaika kaskarreko hartutakoa izanik, ez zelako haserretu.

        Bien bitartean, On Camillo aldareko Kristori gertatua kontatzera joanda zegoen.

        —Orduan —esan zuen, bukaeran—, ondo ala gaizki egin dut?

        —Ondo egin duzu —Kristok erantzun—, ondo egin duzu, On Camillo. Beharbada, pasatu egin zara, oilo gaixo eta errugabe horri egin diozunarekin.

        —Jesus —hasperen egin zuen On Camillok—, bi hilabete ziren zartaginean egiteko irrikatzen nengoela!

        Kristok irribarre egin zuen.

        —Arrazoi duzu zuk ere, On Camillo gaixoa!

 

 

 

© Giovannino Guareschi

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giovannino Guareschi / On Camilo" orrialde nagusia