Hirugarren atala

 

 

1

 

        Medikuak baieztatu egin zuen Sarahk Samen inguruan zuen susmoa. Mrs. Castlek inork baino lehenago asmatu zion zein eztul-mota zeukan. Zaharrek ez dute prestakuntza medikorik behar: badirudi sei urteko ikastaldi trinkoa egin partez bizitza osoa ematen dutela diagnostikoak biltzen. Sendagilea legeak ezarritako baldintza bat besterik ez zen, Mrs. Castlek egindako errezetan izenpea ezartzen zuena, alegia. Orduko hartan, sendagilea gaztea zen eta Mrs. Castle errespetu handiz tratatzen zuen, goi-mailako espezialista bailitzan eta harengandik zer ikasi handirik baleuka bezala. Sarahri galdetu zion:

        — Kukutxeztula oso zabalduta daukazue? Han esan nahi dut. —Zalantzarik gabe, «han» hark Afrika esan nahi zuen.

        — Ez dakit. Gaixotasun arriskutsua al da hori?

        — Ez da arriskutsua... Baina, berrogeialdi luze samarra eskatzen du —gaineratu zuen, batere lasaigarria ez zen iruzkin bat eginez.

        Maurice gabe, Sarahri nekezago gertatzen zitzaion larrialdia disimulatzea, ez zeukalako inor ondoan, sufrimendu hura hobeto eramateko. Mrs. Castle guztiz lasai zegoen, eguneroko bizimoduaren etete hura zela-eta pitin bat haserretu bazen ere. Berak argi eta garbi ikusten zuen senar-emazteen arteko sesio zentzugabe hura gertatu izan ez balitz, umea handik urrun gaixotuko zela, Berkhamsted-en, eta berak telefonoz emango zizkiela beharrezko aholkuak. Bakarrik utzi zituen, hosto ihar baten itxura zeukan esku batez musu bat igorriz Sam zegoen lekurantz, eta jaitsi egin zen telebista ikustera.

        — Ezin al naiz etxean gaixo egon? —galdetu zuen Samek.

        — Ez, hemen geratu behar duzu.

        — Buller balego sikiera harekin hitz egiteko —Bullerren hutsmina gehiago nabaritzen zuen Mauricerena baino.

        — Nahi al duzu nik zerbait irakurtzea?

        — Bai, mesedez.

        — Gero lo egin beharko duzu.

        Sarahk liburu batzuk eraman zituen hara, etxetik laster alde egin beharra zela-eta ausaz eta presaka hautatuak, eta horien artean, Samek beti «lorategiko liburua» deitzen ziona ere bazegoen. Sami bere amari baino askoz gehiago gustatzen zitzaion liburu hura: Sarahren haurtzaroko oroitzapenetan ez zegoen lorategirik, argi gordin bat soilik, indartsua eta gupidagabea, teilatuetako burdinazko xafla uhinduak jolastoki bateko buztin egosiaren gainean botatzeko kapaza zena. Eskola metodistan ere ez zegoen belarrik. Sarahk liburua ireki zuen. Egongelatik telebistaren marmarra zetorren. Urrundik ere ezin zen gizaki baten ahotsarekin lotu: sardina-lata batean sortutako ahotsa ematen zuen.

        Sarahk liburua ireki beharrik ere ez zuen izan, haurra lehenago lo geratu baitzen, eta ohi zuenez, beso bat ohetik dingilizka zeukan, Bullerrek lamika ziezaion. Pentsatu zuen: «Bai, bai, maitatuko ez dut ba! Horixe maite dudala! Baina Sam Segurtasuneko poliziaren eskuburdinak bezalakoa da, eskumuturren inguruan». Zenbait aste igaroko ziren Sarah askatu arte, eta orduan ere... Bere burua Brummell's-en irudikatu zuen, tapizaketa liluragarri eta luxuzkoari tinko so egiten ari zitzaiola; izan ere, jatetxe hartan Percival doktoreak bere hatz mehatxatzailea altxatu zuen. «Hau ere lehendik prestatuta zegoen ala?», pentsatu zuen.

        Poliki-poliki atea itxi ondoren, eskaileretan behera egin zuen. Ahots metalikoa etena zen ordurako, eta Mrs. Castle Sarahren zain zegoen eskaileraren behealdean.

        — Ezin izan dut albistegia ikusi —esan zuen Sarahk—. Samek irakurtzeko eskatu dit, baina lo geratu da.

        Mrs. Castlek Sarahrengandik harantzago zeukan begirada iltzaturik, berak bakarrik ikus zezakeen zerbait ikaragarria begien aurrean baleuka bezala.

        — Maurice Moskun dago —esan zuen.

        — Bai, badakit.

        — Telebistan agertu da, kazetari-pilo baten aurrean. Bere burua zuritzen. Lotsa eduki behar da horretarako... Horregatik haserretu al zinen harekin? Ondo egin zenuen Maurice abandonatzea.

        — Arrazoia beste bat izan zen —esan zuen Sarahk—. Sesioan aritu izanaren plantak egin genituen, besterik ez. Ez ninduen horretan nahasi nahi.

        — Eta nahasita al zeunden?

        — Ez.

        — Jainkoari eskerrak! Ez nuke zu nire etxetik bidaltzerik nahi haurra gaixo duzula.

        — Maurice bidaliko al zenuen, egia jakin izan bazenu?

        — Ez. Behar beste denbora atxekiko nuen poliziari hots egiteko.

        Jiratu egin zen eta egongelara itzuli. Osorik zeharkatu zuen telebistarekin tupust egin arte, itsua bailitzan. Halaxe zen, Sarahk berak ikusi ahal izan zuenez: Mrs. Castlek begiak hertsita zeuzkan. Esku bat emakume zaharraren besoaren gainean bermatu zuen.

        — Eseri. Zirrara handia izan da zuretzat.

        Mrs. Castlek begiak ireki zituen. Sarahk espero zuen malkoetan blai ikusiko zituela. Baina lehor zeuden; lehor eta gupidagabe.

        — Maurice traidorea da —esan zuen Mrs. Castlek.

        — Saia zaitez ulertzen, Mrs. Castle. Neu naiz erruduna, eta ez Maurice.

        — Ez al didazu lehenago esan ez zaudela nahasita?

        — Nire herriari laguntzeko ahaleginetan zebilen. Sam eta biok maitatu izan ez bagintu... Horixe da gu salbatzeagatik ordaindu behar izan duen prezioa. Zuk ezin duzu imajinatu ere egin zer-nolako torturetatik libratu gintuen hemen, Ingalaterran.

        — Traidorea besterik ez da!

        Sarah bere onetik irten zen akusazioa behin eta berriro entzunda.

        — Konforme... traidorea da. Nori egin dio traizioa? Mullerri eta horren lagunei? Segurtasuneko poliziari?

        — Ez dakit nor den Muller. Mauricek bere herriari traizioa egin dio.

        — O, bere herria! —esan zuen Sarahk etsita, topikoetatik abiatuta juzkuak zein erraz osatzen ziren ikusirik—. Berak behin esan zidan neu nintzela bere herria... eta Sam.

        — Pozten naiz Mauriceren aita hilda egoteaz.

        Beste topiko bat. Beharbada krisialdietan norberak topikoei eusten die, haurrek euren gurasoei bezala.

        — Agian bere aitak zuk baino hobeto ulertuko zuen. —Mauricerekin eman zuen azken gaueko sesioak bezala, orduko hark ere ez zuen zentzurik.— Sentitzen dut. Ez nuen hori esan nahi. —Edozertan amore emateko prest zegoen bake apur baten truke.— Alde egingo dut Sam sendatu bezain laster.

        — Nora?

        — Moskura. Uzten badidate.

        — Sam hemen geratuko da. Nire biloba da. Neu naiz bere tutorea —esan zuen Mrs. Castlek.

        — Ez Maurice eta biok bizi garen bitartean.

        — Sam Britainia Handiko hiritarra da. Garagabeen Babeserako Auzitegira eramango dut. Bihar bertan nire abokatuarengana joango naiz.

        Sarahk ez zekien inondik inora zer esan nahi zuen Garagabeen Babeserako Auzitegiak. Uste zuen hura beste oztopo bat zela, kabina batetik hitz egin zion ahotsak kontuan hartu ez zuena. Ahotsak barkamena eskatu zion; Percival doktoreak bezala, ahotsak esan zuen Mauriceren laguna zela, baina Sarah gehiago fidatu zen harekin, haren zuhurtasuna, anbiguotasuna eta doinu atzerritarra gora-behera.

        Ahotsak barkamena eskatu zuen Sarah artean ez zegoelako bere senarrarekin elkartzeko bidean. Bakarrik joanez gero, ia berehala konponduko zen guztia... Haurra zela eta, ordea, ezinezkoa zen ihesari ematea inor konturatu gabe, haiek moldatutako pasaportea ezin hobea izan arren.

        Sarahk erantzun zion etsipenaz asaldatutako ahots gora-beherarik gabeaz: «Ezin dut Sam bakarrik utzi». Eta telefonoko ahotsak iragarri zion «denborarekin» umea eramateko moduren bat aurkituko zutela. Harekin fidatuz gero... Gizona argibide zuhurrak ematen hasi zitzaion noiz eta nola elkartuko ziren adierazi nahirik: eskuzko ekipajea eta beroki lodi bat besterik ez zuen eraman beharko. Behar izango zuen guztia han eros zitekeen, baina... «Ez —esan zuen Sarahk—. Ez. Ezin naiz Sam gabe inora joan». Eta eskegi egin zuen.

        Eta une hartan, gainera, Samen gaixotasuna ere kontuan hartu behar zen, baita logelaraino jarraiki zitzaizkion hitz misteriotsuak ere: «Garagabeen Babeserako Auzitegia». Umezurtz-etxea iradokitzen zioten hitz haiek. Umerik behartu al zitekeen umezurtz-etxera joatera, eskolara joatera behartzen diren bezala?

 

 

2

 

        Ez zeukan nori galdetu. Ez zuen inor ezagutzen Ingalaterra osoan, salbu Mrs. Castle, harakina, barazki-saltzailea, bibliotekaria, eskolako zuzendaria... eta, jakina, Mr. Bottomley, bolada hartan ustekabeko bisitaldiak eta telefono-deiak sarri egiten zizkiena. Hainbeste denbora eman zuen Afrikako bere misioan, ezen zitekeena baitzen Sarahrekin beste inorekin gustura ez egotea. Oso xalo eta lagunkoi agertzen zen. Behin eta berriro errukiz beteriko topikoak errepikatzen zituen. Sarahk bere buruari galdetu zion zein izango zen Mrs. Bottomleyren erantzuna Ingalaterratik ihes egiteko laguntza eskatu izan balio.

        Goizean, prentsaurrekoaren ondoren, Percival doktoreak hara deitu zuen arraroa zirudien zio bat zela medio. Itxuraz, Mauriceri dirua zor zioten, eta haren banketxeko kontu korrontearen zenbakia nahi zuen, diru hori sartzeko: gauza txikietan zintzo-zintzoak ematen zuten, baina Sarahk bere artean galdetu zuen ez ote ziren beldur haren zailtasun ekonomikoek erabaki bat etsi-etsian hartzera behartu zezaketela. Beharbada haren ihesa saihesteko eroskeria moduko bat zen. Percival doktoreak esan zuen, famili sendagilearen hizkeraz:

        — Benetan pozten naiz zu hain zuhur ikusteaz, nire andre maitea. Ez aldatu. —«Jarraitu antibiotikoak hartzen» aholkatu izan balio bezala.

        Arratsaldeko zazpietan, Sam artean lo zegoen eta Mrs. Castle bere logelara joana zen «bere burua apaintzera» —berak zioen bezala—, afaldu aurretik. Une hartan telefonoak jo zuen. Orduari erreparatuta, pentsatzekoa zen Mr. Bottomley izango zela. Baina Maurice zen. Haren ahotsa hain argi entzuten zen, ezen ondoko logelan egon baitzitekeen. Sarahk oihu egin zuen ahoa bete haginekin:

        — Maurice! Non zaude?

        — Badakizu non nagoen. Maite zaitut, Sarah.

        — Maite zaitut, Maurice.

        — Azkar hitz egin behar dugu. Linea edozein momentutan moztu dezakete —azaldu zuen—. Zer moduz Sam?

        — Ez oso ondo. Baina ez da ezer larria.

        — Borisek esan zidan ondo zegoela.

        — Hari ez nion ezer esan. Hori beste arazo bat da. Oztopo asko daude.

        — Bai, badakit. Esaiozu Sami maite dudala.

        — Ez dugu itxura gehiagorik egin behar. Beti entzuten izango ditugu.

        Etenaldi bat gertatu zen. Sarahk uste izan zuen Castle telefonotik urrundu zela edo linea eten zela. Geroago, ordea, entzun zion:

        — Sarah, behar zaitut, laztana.

        — Nik ere bai zu. Baina ezin dut Sam abandonatu.

        — Jakina. Ulertzen dut.

        Berehalaxe damutu bazitzaion ere, hau iradoki zuen bulkada batean:

        — Sam pixka bat kozkortzen denean... —bazirudien urte asko igaroko zirela hori gertatu arte; ordurako, biak zaharrak izango ziren.— Zaude lasai.

        — Bai... Borisek gauza bera dio. Lasai egoteko. Nola dago ama?

        — Nahiago dut horretaz hitzik ez egin. Gutaz hitz egin dezagun. Eta zu zer moduz?

        — Oso atseginak dira guztiak. Halako lan bat eman didate. Eskerronez daude nirekin, inoiz egin nahi ez nituen gauza asko oharkabean egiten aritu nintzelako.

        Mauricek zerbait murmurikatu zuen, lineako zaratengatik Sarahk ulertu ezin izan zuena... Zerbait luma estilografiko bati eta txokolatez beteriko opil bati buruz. Komunikazioa bere onera itzuli zenean, esaldiaren azken zatia entzun zuen:

        — Ama ez zegoen hain oker.

        — Lagunik ba al daukazu?

        — Bai, ez nago bakarrik. Ez zaitez estutu, Sarah. Ingeles bat dago, lehen British Councilen aritu zena. Hiritik kanpo daukan datxara udaberrian joateko esan dit. Udaberrian —errepikatu zuen, Sarahk nekez ezagutzen zuen ahotsaz: udaberri gehiagorik biziko ote zuen ziur ez zekien gizon zahar baten ahotsa zen hura.

        — Maurice, Maurice, mesedez, eutsi, ez etsi.

        Horren ondoren, isilune luze bat gertatu zen, eta Sarah ohartu zen Moskurekiko linea etena zela.

 

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia