Bigarren atala

 

 

1

 

        Egundoko eraikin gris bateko hamabigarren pisuko leihotik, Castlek izar gorria ikus zezakeen unibertsitatearen goialdean. Bista hark nolabaiteko edertasuna zeukan, hain zuzen ere, edozein hiritan gauez ikus daitekeenaren modukoa. Baina egun hartako argia goibela eta grisa zen. Ivanek harrera egin zion hegazkinak Pragan lurra hartu zuenean, eta gero lagundu egin zion izen ahoskaezina zeukan leku bateraino, Irkutsk-etik hurbil. Esana zioten —batez ere, Ivanek berak— sekulako suertea zeukala apartamentu hartan bizi zelako: bi gela, sukaldea eta dutxa pribatua. Lehengo jabea, burkide bat, berriki hil zen, eta betiko joan aurretik, apartamentua altzariz ia osorik hornitzea lortu zuen. Eskuarki, apartamentu hutsetan erradiadore bana baino ez zegoen; gainerako guztia erosi beharra zegoen, komun-ontzia barne. Lan hura ez zen erraza, diru eta indar asko eskatzen baitzuen. Castlek lantzean behin bere buruari galdetzen zion ea burkidea ez ote zen horrexegatik hil, hots, han zeuden altzariak lortzeko bilaketa luzeak akituta: zumezko besaulki berdea, sofa marroia (ohol bat bezain gogorra eta kuxinik gabea), mahaia (saltsa erabiliz kolore ia uniforme batez pintatutakoa zirudiena)... Telebista, zuri-beltzeko azken modeloa, gobernuaren oparia zen. Ivanek haren funtzionamendua zehatz-mehatz azaldua zion apartamentura lehen aldiz joan zirenean. Haren portaerak aditzera ematen zuen zalantzak zeuzkala Castlek halakorik merezi ote zuen. Castleren ustez, Ivan ez zen Moskun Londresen baino atseginagoa. Agian erresuminduta zegoen bere herrira itzultzeko agindu ziotelako, eta uste zuen Castle izan zela horren erantzulea.

        Bazirudien apartamentuko gauzarik baliotsuena telefonoa zela. Hautsez beteta zegoen, eta deskonektatuta, baina balio sinboliko handia zuen. Egunen batean (laster beharbada) martxan jarriko zuten. Sarahrekin hitz egin zezakeen.... Haren ahotsa entzutea beste nahirik ez zuen Castlek, nahiz eta, horretarako, entzuleentzat komedia bat antzeztu beharko zuen, eta ondotxo zekien entzuleak izan izango zituela. Haren ahotsa entzunez gero, itxaronaldia eramangarriagoa egingo zitzaion. Behinola horretaz mintzatu zitzaion Ivani. Ohartuta zegoen Ivanek egunik hotzenetan ere nahiago zuela aire zabalean hitz egin, eta Ivanen lana hari hiria erakustea zenez, GUM erostetxe handien kanpoaldean aukera aprobetxatu zuen. Erostetxe haietan Castle ia bere herrian bezala sentitzen zen (Londresko Crystal Palaceko argazkiak gogora ekartzen zizkiolako).

        — Uste al duzu arazorik egongo dela telefonoa konektatzeko?

        Castlerentzako larruz forratutako beroki bat erostera joanak ziren GUMera. Tenperatura bost gradu zero azpikoa zen.

        — Galdetu egingo dut —erantzun zuen Ivanek—. Baina uste dut momentuz zu ezkutuan eduki nahi zaituztela.

        — Oso luzea izango al da hau?

        — Halakoxea izan zen Bellamyren kasuan, baina zure kasua ez da hain garrantzitsua. Ezin dugu publizitate askorik lortu zuri esker.

        — Nor da Bellamy?

        — Gogoan izan behar duzu. Zuen British Council-eko punta-puntako gizon bat. Mendebaldeko Berlinen. British Council-a betidanik estalgarri ona izan da, ezta? Peace Corps direlakoak bezala.

        Castlek ez zuen ezetzik esateko lanik hartu. Ez zen bere ardura.

        — Bai, oraintxe gogoratzen dut. —Garai hartan, Castlek estualdi latza bizi izan zuen, Lourenço Marquesen Sarahren zain zegoen bitartean, eta ez zuen Bellamyren desertzioari buruzko xehetasunik gogoratzen. Zergatik desertatu ote zuen British Council-eko batek, eta zer on edo zer kalte ekarriko zion inori horrela desertatzeak?

        — Bizirik al dago oraindik? —Kontu hura oso urruna iruditzen zitzaion.

        — Zergatik ez?

        — Zertan ari da?

        — Gure esker onetik bizi da... Zu bezala —erantsi zuen Ivanek—. Lan bat sortu dugu harentzat. Gure argitalpen-zerbitzuko aholkularia da. Datxa bat dauka. Bere herrian ez litzateke hobeto biziko pentsioa kobratuz. Oker ez banago, gauza bera egingo dute zugatik.

        — Liburuak eman datxa batean irakurtzeko?

        — Bai.

        — Horrelako asko al daude?... Alegia, gutako asko al dira zuen esker onetik bizi direnak?

        — Gutxienez sei ezagutzen ditut. Cruickshank eta Bates daude... Gogoan izan behar dituzu. Zure zerbitzukoak ziren. Aragvi-n aurkituko dituzu, gure jatetxe georgiarrean. Diotenez, hango ardoa ona da. Nik ez daukat dirurik horrelako gauzetan gastatzeko. Bolshoi-n ere ikusiko dituzu, jendaurrean agertzen uzten dizutenean. —Lenin liburutegi parean igarotzen zirenez, Ivanek ahots pozoitsuaz esan zuen:— Eta hemen ere bai, Ingalaterrako egunkariak irakurtzen.

        Ivanek Anna izeneko berrogeita hamar bat urteko emakume sendo bat lortua zion neskame-lanak egin zitzan eta errusiera apur bat ikasten lagundu ziezaion. Pisuan zegoen guztia errusieraz izendatzen zuen hatz erakusleaz seinalatuz, eta oso zorrotza zen ahoskerarekin. Castle zenbait urte zaharragoa izanik ere, ume baten modura tratatzen zuen. Hasierako zorroztasun agirakari hura arian-arian amaren maitasun bilakatu zen, nolabait Castle etxeari egokitzen ari zitzaion neurrian. Ivan beste zerbaitetan lanpetuta zegoenean, emakumeak bere ikasgaien eremua zabaldu egiten zuen, Castle Merkatu Nagusira erosketak egitera eramanez edo metroan ibiliz (zenbakiak paper batean idazten zituen, salgaien eta txartelen prezioak uler zitzan). Handik lasterrera, bere familiaren argazkiak erakusten hasi zitzaion Castleri: bere senarra gaztetan, uniformea jantzita. Parke publiko batean egindakoa zen argazki hura, eta bere senarraren buruaren atzean Kremlingo kartoizko marrazki bat ikus zitekeen. Uniformea baldarkeriaz zeraman (nabaria zen ez zegoela jantzi horietara ohitua), eta samurtasunez beterik irribarre egiten zion argazki-kamarari... Beharbada, bera, emaztea, zutik zegoen argazkilariaren atzean. Azkenean lortu zuen Castleri adieraztea Stalingraden hil zela, eta Castlek Sarah eta Samen argazki bat erakutsi zion, Mr. Hallidayri ezer esan gabe zapata batean ezkutatu zuena. Emakumea harrituta geratu zen Sarah eta haurra beltzak zirela ikusita. Eta gero, boladatxo batean, Castlerekin zuen jokaera zertxobait hoztu zen... eskandalizatuta barik nahasita zegoelako: berak ordenari buruz zeukan ikuskera Castlek hankaz gora jarria zion. Jokabide horrek bere ama gogorazi zion Castleri. Egun batzuen buruan dena bere onera itzuli zen; bitarte hartan, ordea, Castleri iruditu zitzaion beste erbestealdi bat bizi zuela bere erbestealdiaren barruan, eta Sarahren hutsmina areagotu egin zitzaion.

        Bi aste zeramatzan Moskun eta Ivanek emandako diruarekin pisurako gauza batzuk erosi ahal izan zituen. Shakespeareren antzerki-lanak aurkitu zituen, ingelesez eta eskoletan erabiltzeko egokituak, eta Dickensen bi eleberri —Oliver Twist eta Garai latzak—, baita Tom Jones eta Robinson Crusoe ere. Kale meharretan elurra orkatiletaraino iristen zen, eta gero eta gogo gutxiago zeukan Ivanekin paseatzeko. Annarekin bisitaldi hezigarriak egiten jarraitzeko gogoa ere dezente urrituta zeukan. Ilunabarrean, zopa apur bat berotzen zuen, eta erradiadoretik hurbil uzkurtuta esertzen zen, hautsez betetako telefono deskonektatua ukondoaren parean zeukala, eta Robinson Crusoe irakurtzen zuen. Batzuetan, Crusoeren ahotsa entzun eta guzti egiten zuen, magnetofono batetik etorria bezala: «Nire abenturaren egunez egunekoa idatziz jaso nuen, ez nire ondorengoari uzteko, seguru asko ondorengo gutxi izango ditudalako, baizik eta nire gogoa eguneroko atsekabetik eta zorigaitzetik askatzeko».

        Crusoek bere egoeraren aringarriak eta zoritxarrak Ongiaren eta Gaizkiaren artean banatzen zituen. Gaizkiaren goiburukoaren azpian idatzi zuen: «Ez daukat norekin hitz egin, ezta norekin barrua hustu ere». Ongiaren zutabean idatziak zituen hondoraketatik eskuratutako hainbeste gauza beharrezko, «ezen ez baitut inolako beharrik izango bizirik nagoen bitartean». Beno, berak zumezko besaulki berdea, saltsa koloreko mahaia eta sofa ezerosoa zeuzkan, baita une hartan beroa ematen zuen erradiadorea ere. Sarah han egon izan balitz, hori guztia aski izango zitzaion... Sarah ohituta zegoen askoz okerrago bizi izaten, eta Castleri gela ilun eta hits batzuk etorri zitzaizkion gogora, orduko egoera ikusita, halako lekuetara joan behar izaten baitzuten amodioa egitekotan: fama txarreko hotelak ziren haiek, baina kolore-hesirik gabeak, eta Johannesburgeko auzorik pobreenetan kokatuta zeuden. Bereziki altzaririk gabeko gela bat etorri zitzaion gogora, hantxe, zoru gainean, zoriontsuak izan baitziren.

        Biharamunean, Ivanek «esker ona»ri buruzko zeharkako aipamenen bat egin zuen, eta Castlek di-da esan zion haserre bizian:

        — Honi esker ona deitzea ere!

        — Hemen oso gutxi dira bakarrik bizi direnak eta sukaldea eta dutxa dauzkatenak... eta hori gutxi balitz, bi gela ere badauzkazu.

        — Ez naiz horretaz kexatzen ari. Agindu zidaten ez nintzela bakarrik egongo. Agindu zidaten nire emaztea eta semea ekarriko zenituztela.

        Haren haserrea ikusita, Ivan urduritu egin zen eta, Castle lasaitu nahirik, hau esan zion:

        — Denbora behar da.

        — Lanik ere ez daukat. Langabezian nago. Hau al da zuen sozialismo madarikatua?

        — Lasai, lasai —esan zuen Ivanek—. Itxaron pixka bat. Jendaurrera ateratzen zaituztenean...

        Castle Ivani kaskarreko bat ematekotan egon zen, eta ohartu zen Ivan horretaz jabetu zela. Ivanek zer edo zer murmurikatu zuen eta zementuzko eskaileretan behera joan zen.

 

 

2

 

        Ivan bera ala mikrofono bat izan ote zen gertaera hura maila altuagokoren bati jakinarazi ziona? Castlek ez zuen horren erantzuna sekula jakingo. Dena den, bere haserreak eragina izan zuen: horrek Castleren isolamenduari eta Ivani berari kitoa ekarri zien. Seguru asko horrexegatik agindu zioten Londrestik itzultzeko, haren izaera ez zelako aproposa Castlerekin harremanetan jarduteko. Moskuko hartan, ordea, Ivan behin bakarrik azaldu zen berriro —dezente otzan azaldu ere—, eta gero, betiko desagertu zen. Beharbada han kontrol-zerbitzu bat zeukaten, Londresko bulegoan idazkari-talde bat zegoen bezala, eta Ivan anonimatura itzuli zen. Horrelako zerbitzuetatik ez ohi zuten inor bota, hango sekretuak inori aditzera emango zizkiolakoan.

        Ivanek azken lana Lubianka kartzelatik hurbileko eraikin batean egin zuen, itzultzaile gisa egin ere. Kartzela hura harrotasunez seinalatu zion Castleri, behinola egindako ibilaldi batean. Goiz hartan, Castlek galdetua zion nora zihoazen. Ivanek iheskor erantzun zion:

        — Zerbait erabaki dute zure lanari buruz.

        Azal merke eta zatar-zatarrak zituzten liburuez estaliriko gela batean zeuden zain. Castlek Stalin, Lenin eta Marxen izenak irakurri zituen, karaktere zirilikoetan idatzita bazeuden ere, eta atsegin handiz konturatu zen idazkera hura deszifratzen hasita zegoela. Mahai handi bat zegoen, eta haren gainean larruzko karpeta bikain bat eta XIX. mendeko brontzezko estatua bat, zeinak zaldi gainean zihoan gizon bat irudikatzen baitzuen. Estatua hura handiegia eta astunegia zen papergaineko gisa erabiltzeko (apaingarri hutsa baino ez zitekeen izan). Mahai atzeko ate batetik gizon zahar sendo bat irten zen: adats grisa zeukan eta antigoaleko bibote zigarroen keak horizkatua. Haren atzean oso egokiro jantzitako gizon bat zihoan, esku batean espediente bat zeramala. Bere erlijioko apaizari laguntzen zion akolitoa ematen zuen. Bibote sarria gora-behera, zaharrak apaizetik zerbait zeukan bai bere begi adeitsuetan bai bere eskuan (behin zabalduz gero, bedeinkapen moduko bat egiten ari zela ematen zuena). Hirurek hitz-aspertu luze bat egin zuten (galderak eta erantzunak), eta gero Ivanek ekin zion esandakoa itzultzeari.

        — Burkideak esan nahi dizu benetan eskertzen dizula egindako lana. Era berean, eskatzen dizu uler dezazun zure egitekoaren garrantziak berak mailarik gorenean konpondu behar izan zituzten arazoak ekarri dizkigula. Horrexegatik eduki zaituzte isolaturik bi aste hauetan. Burkideak ez du nahi zuk pentsatzerik konfiantzarik ezagatik gertatu denik hori. Jokabide horren helburu bakarra hau zen: Mendebaldeko prentsak ez jakitea hemen zaudela, harik eta hori zabaltzeko une egokia iristen ez den arte.

        — Dagoeneko jakingo dute hemen nagoela. Non bestela? —esan zuen Castlek.

        Ivanek itzuli egin zuen, gizon zaharrak erantzun eta akolito gazteak beherantz begira irribarre egin zuen erantzuna entzuterakoan.

        — Burkideak dio: «Jakitea eta argitaratzea ez dira gauza bera». Egunkariek ezin dute hori argitaratu, zu ofizialki hemen ez zauden bitartean. Zentsurak hartuko luke horren ardura. Berehala prentsaurreko bat iragarriko dugu eta jakinaraziko dizugu kazetariei zer esan behar diezun. Agian aldez aurretik pixka bat prestatuko dugu dena.

        — Esaiozu burkideari —eskatu zuen Castlek— hemengo egonaldia nolabait ordaindu egin nahi dudala.

        — Burkideak dio dagoeneko nahikoa eta sobera ordaindu duzula.

        — Horrela izanik, espero dut Londresen egin zidaten agintza berak betetzea.

        — Zer agintza?

        — Esan zidaten emaztea eta semea nire ondoren etorriko zirela. Esaiozu, Ivan, bakar-bakarrik sentitzen naizela. Esaiozu nire telefonoa erabili nahi dudala. Nire emaztearekin beste inorekin ez dut hitz egin nahi, ez Britainia Handiko enbaxadarekin, ez kazetariekin. Dagoeneko itzalpetik atera nautenez, harekin hitz egiten utz diezadatela.

        Denbora-tarte luzea behar izan zen itzulpena egiteko. Castlek bazekien itzulpena jatorrizko testua baino luzeagoa izaten zela beti, baina orduko hartan izugarri luzea gertatu zen. Lantzean behin akolitoak ere bere harri-kozkorra jartzen zuen, esaldiren bat erantsiz. Burkide nagusiak hitz egiteko lanik ere ez zuen hartzen; artean apezpiku bat bezain bihozbera zirudien.

        Azkenean, Ivan jiratu zen Castle zegoen lekurantz, eta horrela zegoela, beste biek ezin zioten ikusi haren aurpegieran isladatzen zen garraztasuna.

        — Irrikan daude Afrikako Argitalpen Zerbitzuan zurekin kontatzeko. —Buruari eragin zion akolitoa zegoen lekurantz, eta hark lehendabiziko aldiz irribarre suspergarri bat egin zuen, bere nagusiarenaren igeltsuzko kopia zirudiena.— Burkideak dio berak nahi lukeela zuk Afrikako literaturari buruzko aholkulari nagusiaren kargua hartzea. Berak dio Afrikako idazle-piloa dagoela eta garrantzitsuenak aukeratu nahiko zituztela itzultzeko. Jakina, zuk hautatutako idazle horietako onenei Idazle Elkarteak gonbita luzatuko die hona etortzeko. Oso postu garrantzitsua da eta atsegin handiz eskaintzen dizute.

        Gizon zaharrak imintzio bat egin zuen eskuaz, apalak seinalatzeko, Stalin, Lenin eta Marxi —Engels ere han zegoen— gonbidapena egingo balie bezala Castlek hautatuko zituen idazleei ongi etorria emateko.

        — Ez dute nire galdera erantzun —berriro Castlek—. Emaztea eta semea nire ondoan nahi ditut. Agindu egin zidaten. Borisek agindu zidan.

        Ivanek esan zuen:

        — Ez dut itzuli nahi esaten ari zarena. Gai hori beste sail bati dagokio. Gauzak nahastea akats larria litzateke. Zera eskaintzen dizute...

        — Esaiozu ez dudala erabakirik hartuko emaztearekin hitz egiten ez dudan bitartean.

        Ivanek soina goratu zuen eta solasteari lotu zitzaion. Orduan itzulpena ez zen itzulgaia baino luzeagoa gertatu: sumindurazko esaldi zakar bat baino ez. Argibide gehiegi ematen duen liburu bateko oin-oharren modura, burkide zaharraren mintzoaldiak denbora-tarte osoa bete zuen. Bere erabakia irmoa zela argi uzteko, Castlek buelta eman zuen eta leihotik kale baterantz begira jarri zen: zementuzko hormen arteko hobi bat ematen zuen kale hark, eta Castlek gorantz so eginez gero ere, ezin zuen ezer ikusi, goitik lubaki gainera erortzen zen elurra zela medio. Bazirudien elur hura egundoko pertz agortezin batetik zetorrela. Hura ez zen txikitandik gogoan zeukan elur berbera, zeina elur-bolekin, maitagarrien ipuinekin eta txirrista-jolasarekin lotzen baitzuen. Elur hura errukigabea zen, amaigabea eta suntsitzailea, munduaren amaiera iragar zezakeena.

        Ivanek haserre bizian esan zuen:

        — Bagoaz oraintxe bertan.

        — Zer esan dute?

        — Ez dut ulertzen zergatik tratatzen zaituzten horrela. Ni Londresen nengoen eta badakit zer-nolako kakak bidaltzen zenizkigun. Goazen.

        Burkide zaharrak esku bat zabaldu zuen adeitasunez; gazteak apur bat nahasita ematen zuen. Kanpoan, kalea elurrez beterik zegoen, eta hango isiltasuna hain zen handia, ezen Castle duda-mudatan ibili baitzen hura urratzerakoan. Biak azkar zebiltzan, euren arteko tirabirak behin-betiko garbitzeko leku egoki baten bila ari ziren bi etsai sekretu bailiran. Azkenean, Castlek ezin izan zion zalantzari luzeago eutsi, eta esan zuen:

        — Beno, zein izan da elkarrizketa honen emaitza?

        — Esan didate ez dakidala zurekin harreman onik izaten. Horixe bera esan zidaten Londrestik itzultzeko agindu zidatenean. «Psikologia gehiago behar da, burkide hori, psikologia gehiago». Hobeto biziko nintzateke zu bezalako traidore bat banintz.

        Zoriak taxi bat igorri zien eta Ivan saminezko isiltasun batean hondoratu zen (ordurako, Castle kargututa zegoen taxietan ez zela hitzik egiten). Apartamentu-blokeko atean, Ivanek gogoz bestera eman zion eskatutako informazioa.

        — A! Lanpostua zain izango duzu. Lasai egon zaitezke. Burkidea oso onbera da. Zure telefonoaz eta zure emazteaz hitz egingo du besteekin. Arren eskatzen dizu... —arren eskatzen dizu, horiexek izan ziren burkideak erabilitako hitzak— pazientzia apur bat gehiago izan dezazun. Hemendik aurrera nobedadeak izango dituzula esan du. Zure estuasuna ulertu ere ulertzen duela, ez ahaztu hori. Nik, berriz, ez dut ezer ulertzen. Argi dago oso gaizki nabilela psikologian.

        Castle atarian utzi zuen, eta urrats luzeak eginez betiko desagertu zen Castleren begietatik, elurrean gaindi.

 

 

3

 

        Hurrengo gauean, Castlek Robinson Crusoe erradiadore ondoan irakurtzen zuen bitartean, norbaitek atea jo zuen (txirrina ez zebilen). Urte luze haietan hainbesteko errezeloa bildu zen Castleren baitan, ezen atea ireki aurretik automatikoki galdetu baitzuen:

        — Nor da?

        — Bellamy dut izena —erantzun zuen xirula-ahots batek.

        Castlek ateko sarraila zabaldu zuen. Gizon txiki eta gris bat sartu zen: larruzko berokia eta astrakanezko kapelua zeuzkan, biak ere grisak, eta herabetia eta lotsatia zirudien. Pantomima-ikuskizun batean arratoiarena egiten zuen komediantea ematen zuen, haurren txaloak jaso nahi zituena.

        — Hemendik oso hurbil bizi naizenez, pentsatu dut ez nuela kikildu behar eta zuri bisita egin behar nizula. —Castlek eskuetan zeukan liburua begiz jo zuen.— O barkatu, irakurtzen ari zinen!

        — Robinson Crusoe besterik ez da. Denbora sobera daukat irakurtzeko.

        — A, Daniel handia! Gutako bat zen.

        — Gutako bat?

        — Beharbada Defoe MI5-ekoen tankerakoa zen gehiago. —Larru grisezko eskularruak kendu zituen, erradiadore ondoan beroa bilatu eta begirada bat bota zuen bere ingurura.

        — Ikusten dudanez, zu ez zara, ez, esne-mamitan bizi. Denok dakigu zer den hori. Nik ere ez nekien ezer nire kabuz bilatzen, baina Cruickshanki esker ikasi egin nuen. Gerora, neronek irakatsi nion Batesi. Oraindik ez dituzu ezagutzen?

        — Ez.

        — Arraroa da zu oraindik haiekin bildu ez izana. Dagoeneko ilunpetatik atera zaituzte eta... entzun dudanez, laster batean prentsaurreko bat emango duzu.

        — Nola dakizu hori?

        — Lagun errusiar batek esanda —esan zuen Bellamyk, irribarre urduri txiki bat egin zuela. Erdi beterik zegoen botila bat whisky bere larruzko berokiaren sakonguneetatik atera zuen—. Opari txiki bat kide berri batentzat.

        — Eskertzen dizut, benetan. Eseri. Besaulkia sofa baino erosoagoa da.

        — Larruen arteko ilunpetatik ateratzera noa, ahal baldin badut behintzat. Ilunpetatik ateratzea, hori da hori esamolde polita!

        Larruen arteko ilunpetatik ez zen di-da atera: botoi-pila askatu beharra zegoen. Zumezko besaulki berdean eseri orduko barre egin zuen berriro:

        — Eta nolakoa da zure lagun errusiarra?

        — Ez oso laguna.

        — Orduan, ken ezazu gainetik. Ez egin dudarik horretaz. Haiek benetan nahi dute gu zoriontsuak izatea.

        — Eta zer egin dezaket gainetik kentzeko?

        — Erakuts iezaiezu gizon hori ez dela zuk espero zenuen bezalakoa. Aski da hitz ezegoki bat, baldin eta grabatzeko tresna txiki horietako batek hartzen badu. Litekeena da, gainera, oraintxe esaten ari garena nonbait grabatzen aritzea. Hona iritsi nintzenean, ezetz asmatu noren eskuetan jarri ninduten.... Idazle Elkarteko berrogeita hamar bat urteko dama baten eskuetan! British Council-etik nentorrelako seguru asko. Laster ikasi nuen egoera berriari aurre egiten. Cruickshank eta biok biltzen ginenean, erdeinuz, «nire andereñoa» deitzen nion. Eta ez zuen denbora luzerik eman nirekin. Bates iritsi aurretik alde egina zen, eta, gaizki dago nik barre egitea, Batesekin berarekin ezkondu zen.

        — Ez dakit nola gertatu zen zurea... Zergatik ekarri zintuzten hona, esan nahi dut. Ni Ingalaterratik kanpo nengoen dena gertatu zenean. Ez nuen egunkarietako berririk irakurtzerik izan.

        — Nire lagun maitea, egunkariak... zital-zitalak dira. Larrutu egin ninduten. Geroago irakurri nituen Lenin liburutegian. Egia esanda, edozeinek pentsatuko zuen ni halako Mata Hari bat nintzela.

        — Baina, zu garrantzitsua al zinen haientzat, British Councilen egonda?

        — Begira, nik Alemaniako lagun bat neukan, antza, Ekialdeko zenbait agenteren ardura zuena. Hari sekula ez zitzaion bururatu ni, neure xumean, zelatan ari nintzaiola eta oharrak hartzen nituela. Gerora, emakume ikaragarri batek seduzitu zuen, ergel alaena! Zigorra merezi zuen. Berak ez zuen zertaz beldurturik, eta nik ez nuen inoiz ezer esango bera arriskuan jartzeko; bere agenteak, ordea...! Asmatu zuen, jakina, nor izan zen salataria. Aitortu beharra daukat ez nuela horretan inolako oztoporik jarri. Baina ziztu bizian alde egin behar izan nuen, enbaxadara joan zelako nire bila. Zuk ez dakizu zer-nolako poza hartu nuen Check Point Charlie atzean utzitakoan!

        — Eta zoriontsua al zara hemen?

        — Bai. Niri betidanik iruditu zait zoriontasuna pertsonekin lotuta dagoela, eta ez lekuekin. Nik hemen lagun handi bat daukat. Badakit hori legearen kontrakoa dela, baina zerbitzu horretan —bera KGBko funtzionarioa da— salbuespenak egiten dituzte. Jakina, batzuetan gizajoa ezin da leiala izan bere betebeharrekin, baina erabat bestelakoa da nire lagun alemaniarraren aldean: ez du inolako zerikusirik maitasunarekin. Orain horretaz barre eta guzti egiten dugu noizik behin. Zu bakarrik egonez gero, berak neska-piloa ezagutzen du...

        — Ez nago bakarrik. Libururik daukadan bitartean ez, behintzat.

        — Leku bat erakutsiko dizut eta hor poltsiko-liburuak ezkutuan lortu ahal izango dituzu...

        Gauerdia zen botila whiskya hutsik geratu zenean. Bellamy alde egiteko prestatu zen. Denbora luzea behar izan zuen bere larruen artean sartzeko. Bien bitartean, hala ere, hizketan jarraitu zuen atergabe.

        — Egunen batean Cruickshank ezagutzeko aukera izango duzu (zurekin izan naizela esango diot). Eta Bates ere bai, jakina, nahiz eta, horretarako, Idazle Elkarteko Bates andre ahalguztiduna ezagutu beharko duzun.

        Eskuak gogotik berotu zituen eskularruak jantzi aurretik. Oso gustura zegoela zirudien, nahiz eta ondokoa aitortu:

        — Hasieran ez nintzen oso zoriontsua. Galduta sentitzen nintzen neure laguna aurkitu nuen arte... Swinburneren leloak dioen bezala: «Aurpegi arrotzak, hitzik gabeko bijilia eta —zer gehiago?— minaren handia». Garai batean nik hitzaldiak ematen nituen Swinburne gai hartuta, gutxietsitako olerkari bat. —Atera iristean erantsi zuen:— Udaberrian nire datxara etorri behar duzu.

 

 

4

 

        Egun batzuen buruan, Castle ohartu zen Ivanen hutsmina ere bazuela. Norbaiten hutsmina zuen, norbait hori gorrotatzeko besterik izango ez bazen ere... Ezin zuen Annaren kontra egin: bazirudien emakumea kargututa zegoela Castle inoiz baino bakarrago zegoela. Goizez, lehen baino beranduagora arte geratzen zen, eta errusierazko hitz gehiago irakasten zizkion, eriaz erakutsiz. Halaber, zorrotzago egin zen ahoskerarekin, eta Castleren hiztegiari aditzak eransten hasi zitzaizkion: «korrika egin» izan zen lehenengoa. Korrika egitearen itxurak egiten zituen, ukondoak eta belaunak altxatuz. Norbaitek emakume hari soldata ordaindu behar zion, Castlek ezertxo ere ematen ez zionez. Egia esanda, Castlek oso urrituta zeuzkan hara iristerakoan Ivanek emandako errublo apurrak.

        Dirurik batere ez irabaztea zen Castleren isolamenduaren alderik mingarrienetako bat. Lan egiteko mahai bat ere irrikatu zuen, bertan eseri ahal izateko, Afrikako idazleen zerrendak ikasteko. Beharbada horrek une batez burutik uxatuko zion Sarahrekin gertatzen zena. Zergatik ez ote zen Samekin etorri? Zeren zain zeuden besteak euren hitza betetzeko?

        Gau batean, hamarrak hogeita zortzi gutxitan Robinson Crusoeren sufrikarioaren bukaerara iritsi zen... Orduari hainbesteko zehaztasunez erreparatzerakoan, Crusoeren beraren antzera jokatu zuen: «Eta halaxe alde egin nuen uhartetik, abenduaren hemeretzian, eta untziko egunkarian irakurrita, 1686. urtea zela jakin nuen. Han hogeita zortzi urte, bi hilabete eta hemeretzi egun eman nituen...». Leihora hurbildu zen: une hartan ez zuen elurra ari, eta argi eta garbi ikusten zuen izar gorria unibertsitatearen goialdean. Ordu hartan, emakumeak artean elurra erratzaz kentzen ari ziren. Goitik ikusita, dortoka erraldoiak ematen zuten. Norbaitek ateko txirrina jo zuen... «Segi hor, ez dizut irekiko eta». Beharbada Bellamy baino ez zen, edo besteren bat are okerragoa: Cruickshank edo Bates, zein baino zein ezezagunagoa. Baina ez; orduan gogoratu zen txirrina ez zebilela. Jiratu zen eta txunditurik begiak telefonoan iltzatu zituen, horixe baitzen joka ari zena.

        Telefonoa jaso eta ahots batek errusieraz hitz egin zion. Ez zuen hitz erdirik ere ulertu. Eta ez zuen gehiagorik entzun... telefonoaren soinu zorrotza baino ez. Baina Castlek ez zuen telefonoa belarritik kendu; leloaren pare zain geratu zen. Agian operadoreak itxaroteko eskatuko zion edo agian ondoko hau esango: «Eskegi mesedez, berriro deituko dizugu». Beharbada, Ingalaterratiko dei bat zen. Gogo txarrez eskegi zuen eta telefono ondoan eseri zen, berriro noiz joko zain. «Ilunpetatik atera» zuten eta bazirudien une hartan «komunikatzeko bidea» ireki ziotela. «Harremanetan egon» zitekeen Annari esaldi aproposak ikasi izan balizkio. Telefonariari nola deitu ere ez zekien. Pisu hartan ez zegoen telefono-aurkibiderik, bi aste lehenago ohartu zenez.

        Telefonariak hargatik zerbait esana zion. Ziur zegoen edozein momentutan telefonoak berriro joko zuela. Lo geratu zen aparatu ondoan eta bere lehenengo emaztearekin amets egin zuen —azken hamabi urteotan ez bezala—. Elkarrekin bizi izan ziren bitartean ez zen behin ere piztu amets hartakoa bezalako eztabaida bortitzik.

        Goizean, Annak lo aurkitu zuen zumezko besaulki berdean eta iratzarri egin zuen. Castlek esan zuen:

        — Anna, telefonoa badabil. —Emakumeak ulertu ez zionez, telefonoa hatzez seinalatu eta esan zuen:— Riiin-riiin-riiin...!

        Biek pozik barre egin zuten erabat zentzugabea baitzen haurren hizkerako soinu hura heldu baten ezpainetan aditzea. Castlek Sarahren argazkia atera zuen eta hatzez telefonoa seinalatu; Annak buruari eragin zion baiezkoa eginez eta irribarre egin zion adore eman nahirik. Castlek pentsatu zuen Anna ondo konponduko zela Sarahrekin, erosketak non egin behar zituen esango ziola, errusiera-klaseak emango zizkiola, Sam maitatuko zuela.

 

 

5

 

        Egun hartantxe, pixka bat geroago, telefonoak jo zuen, eta Castle ziur zegoen Sarah zela. Londresen norbaitek zenbakia emango zion. Borisek agian. Telefonoa hartu zuenean, ahoa lehorra zeukan eta hauxe baino ezin izan zuen murmurikatu:

        — Nor da?

        — Boris.

        — Non hago?

        — Hemen, Moskun.

        — Sarah ikusi al duk?

        — Hitz egin diat berarekin.

        — Ondo dago?

        — Bai, bai, oso ondo zagok.

        — Eta Sam?

        — Baita.

        — Noiz etorriko dira?

        — Horrexegatik deitu diat. Ez hadi etxetik irten. Harantza noak.

        — Baina, noiz ikusiko ditut?

        — Horretaz hitz egin behar diagu. Arazoak zeudek.

        — Ze arazo?

        — Bilduko gaituk eta hitz egingo diagu.

        Ezin zen geldirik geratu: liburu bat hartu eta berriro bere lekuan utzi zuen; sukaldean sartu zen, eta han Anna zopa prestatzen ari zen.

        — Riiin-riiin-riiin! —esan zuen emakumeak, baina ordurako ateraldi hura ez zen xelebrea gertatzen.

        Leihora itzuli zen: elurra ari zuen berriro. Atea jo zuten, eta Castleri iruditu zitzaion ordu luzeak igaroak zirela telefono-deia izan zenetik. Borisek plastikozko poltsa bat eman zion, zergarik gabeko gaiak eramateko erabilia zena, eta esan zuen:

        — Sarahk eskatu zidaan hiri J&B-a ekartzeko. Botila bat bere partez eta beste bat Samen partez.

        — Zein da arazoa? —jakin nahi izan zuen Castlek.

        — Emadak denbora berokia kentzeko.

        — Benetan ikusi al duk?

        — Telefonoz hitz egin nian berarekin, kabina batetik. Hiritik kanpo zagok, hire amarekin.

        — Bazakiat.

        — Oso deigarria izango zuan haraino joan izan banintz.

        — Orduan, nola dakik ondo dagoela?

        — Berak esanda.

        — Antzematen zen ondo zegoela?

        — Bai, bai, Maurice. Ziur nagok.

        — Zein da arazoa? Ni atera egin ninduzuen...

        — Hura erraza izan zuan. Pasaporte faltsu bat, itsuaren trikimailua eta, azkenik, inmigrazioan gainditu genuen oztopo txiki hura, Air Franceko azafatak eskutik helduta pasatzen lagundu zian bitartean. Hire antz handia zeukan gizon bat, Pragara zihoana. Haren pasaportea ez zuan erabat legezkoa...

        — Oraindik ez didak esan zein den arazoa.

        — Betidanik jakin genian hi onik ateraz gero, haiek ezingo zutela ezer egin Sarah hirekin ez biltzeko.

        — Eta ezin ditek.

        — Samek ez zeukak pasaporterik. Bere amaren pasaportearen barruan sartu behar huen. Dirudienez, denborak luze jo zezakek arazo hori konpondu arte. Zerbait gehiago zagok... Hire lagunek iradoki ditek Sarah Ingalaterratik alde egiten saiatuz gero, atxilotu dezaketela konplizitateaz akusaturik. Carson ezagutzen zian, hire agentea zuan Johannesburgen. Maurice laguna, zoritxarrez gauzak ez dituk horren errazak izango...

        — Hitz eman hidan.

        — Bazakiat hitz eman geniala. Fede onez. Sarah oraindik hona ekar genezakek, haurra bertan uzteko prest balego. Baina Sarahk ziok ez duela horrelakorik nahi. Sam ez zagok pozik eskolan. Hire amarekin ere ez zagok gustura.

        Plastikozko poltsa zain zegoen mahai gainean. Eta whiskya hortxe zegoen beti... horixe zen etsipenaren kontrako erremedioa.

        — Zergatik atera ninduzuen ni? Artean ez nengoan arrisku larrian. Nik kontrakorik uste arren, zuek ondotxo jakin beharko zenuten...

        — Hik alarma-seinalea bidali huen. Eta guk erantzun egin genioan horri.

        Castlek plastikoa urratu zuen eta botila bat ireki. J&B-ko etiketak mina eragin zion, oroitzapen triste bat bailitzan. Bi edalontzi bete zituen ia goraino.

        — Ez zaukaat sodarik.

        — Berdin ziok.

        — Eseri hadi besaulkian. Sofa eskolako bankua baino gogorragoa duk.

        Castlek zurrutada bat edan zuen. J&B-ren zaporeak berak ere mina eragin zion. Borisek beste whiskyren bat ekarri izan balu sikiera —Haig, White Horse, Vat 69, Grant's—. Eta berekiko errezitatzen hasi zen burura zetozkion whisky-marka guztiak, atsegin ez bazituen ere, bere gogoa hutsik edukitzeko eta etsipena uxatzeko, harik eta J&B-a bere lana egiten hasi zen arte... Jonnie Walker, Queen Anne, Teacher's... Borisek gaizki ulertu zuen Castleren isiltasuna.

        — Ez duk mikrofonoengatik kezkatu beharrik. Hemen, Moskun, zikloiaren erdi-erdian bezain salbu gaudela esan daitekek. Guretzat oso garrantzitsua zuan hi handik ateratzea —esan zuen.

        — Zer dela eta? Hallidayk ondo gordeta zeuzkaan Mullerren oharrak.

        — Inoiz ez ziaten egia osoa esan, ezta? Hik ekonomiari buruz bidalitako informazio apurrak berez zeharo hutsalak zituan.

        — Orduan, zer dela eta?

        — Bazakiat ez naizela oso argi hitz egiten ari. Ez nagok ohituta whiskyra. Utzidak azaltzen. Hire lagunek uste ziaten agente bat zeukatela hemen, Moskun. Baina geuk sartu genian agente bat haien artean. Hark bidaltzen ziean hik ematen higuna. Hire mezuek legitimotasuna ematen ziotean hire zerbitzukoen begien aurrean, haiek egiazta zezaketean eta, aldi berean, hark beste informazio bat bidaltzen ziean, hain zuzen ere, haiek sinestea nahi genuen informazioa. Huraxe zuan hire mezuen benetako balioa. Ziri polit bat. Baina orduan Mullerren eta Osaba Remusen auzia agertu zuan. Erabaki genian publizitatea zela Osaba Remusena indarrik gabe uzteko biderik onena... Eta ezin genian halakorik egin hi Londresen utzita. Hik gure iturria izan behar huen, heu hintzelako Mullerren oharrak zekartzana.

        — Londresen ere jakingo ditek filtrazioaren berri ekarri nuela.

        — Halaxe duk. Ezin genian jolasa gehiago luzatu. Egundoko isiltasun batek irentsiko dik Moskun daukaten agentea. Beharbada, zenbait hilabeteren buruan, hire lehengo lagunek prozesu sekretu baten zurrumurruak entzungo ditiztek. Orduan are ziurrago egongo dituk hark bidalitako informazio guztia egiazkoa zela.

        — Eta ni Sarahren herriari soilik laguntzen ari nintzaiolakoan...

        — Hori baino askoz ere gehiago egiten ari hintzen. Eta bihar prentsarekin bilduko haiz.

        — Egik kontu ez dudala hitz egin nahi Sarah hona ekartzen ez duzuen bitartean...

        — Hi gabe egingo genikek prentsaurrekoa. Hala balitz, ordea, balitekek Sarahren arazoa konpondu gabe geratzea. Eskertuta gaudek hirekin, Maurice. Baina esker ona, maitasuna bezala, egunero berritu beharra zagok, desagertu egiten baita bestela.

        — Ivanen modura ari haiz hizketan.

        — Ez, Ivanen modura ez. Ni hire laguna nauk. Eta hire laguna izaten jarraitu nahi diat. Lagun bat oso-oso beharrezkoa duk bizitza berri bati ekiteko, herri berri batean.

        Adiskidetasunerako eskaintza hari halako mehatxu- edo abisu-kutsua zerion. Castleri gogora etorri zitzaion Watford-en egondako gaua: alferrik zebilen eskolak ematen ziren pisu kalamastra baten bila, non Berlitzen metodoaren kopia bat baitzegoen paretan eskegita. Castleri iruditu zitzaion bere bizitza osoan ezina gertatu zitzaiola hitz egitea, hots, hogei urte zituela zerbitzuan hasi zenetik. Trapako monjeek bezala, berak ere isiltasuna zuen lanbide. Eta une hartan konturatu zen, beranduegi, hobe zukeela beste bokazio bat aukeratu izan balu.

        — Edan ezak beste zurrutada bat, Maurice. Gauzak ez zaudek hain gaizki. Lasai hartu behar duk, besterik ez.

        Castlek beste zurrutada bat edan zuen.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia