Lehenengo atala

 

 

1

 

        Sarah jiratu zen taxiaren atzealdeko leihatilatik begiratzeko, baina ez zuen ezertxo ere ikusi kristal lausotuaren beste aldean; bazirudien Mauricek ez zuela inolako trabarik jarri laku baten ur gris eta asaldakaitzetan irentsia izateko: oihurik ere ez zuen egin. Gogoko zuen irudi eta soinu bakarra lapurtua zioten Sarahri, eta ez zuen berreskuratzeko itxaropenik. Horregatik, irudi eta soinu horien lekua betetzen zuen guztia gorrotatzen zuen. Sarahren irudiko, gauza bera gertatzen zen harakinek bezero hobe batentzat gordetako xerra onen partez haragi-puska kaskar bat eskaintzen dutenean.

        Bazkaria, ereinotzez inguratutako etxe hartan, eramanezina izan zen. Bere amaginarrebak ezin izan zuen atzeratu gonbidatu baten bisitaldia: kleriko bat zen, eta haren izena ez zen oso polita: Bottomley. Mrs. Castlek Ezra deitzen zion. Afrikan misiolari ibili ondoren itzuli zen Ingalaterrara. Klerikoak emango bide zituen diapositiba-emanaldietan erakutsitako objektuen modura sentitu zen Sarah. Mrs. Castlek ez zion erraina klerikoari aurkeztu. «Hau Sarah da», besterik ez zuen esan, umezurtz-etxe batetik baletor bezala, eta halaxe zen, gainera. Mr. Bottomleyk gehiegizko adeitasunez jokatu zuen Samekin, eta interes kalkulatuaz, berriz, Sarahrekin, bere kongregazioko kide beltz bat bailitzan. Bullerri zion beldurra zela eta, lehenago Tinker Bellek ihesari emana zion, Sarah eta Sam ikusi bezain laster. Bazkalorduan, berriz, atseginegia izan zen eta Sarahren gonan harramazkatzen aritu zen.

        — Esadazu nolakoa den zehatz-mehatz Soweto —eskatu zion Mr. Bottomleyk—. Nire lan-eremua Rhodesia zen, eta horren egoera ere askotxo puztu dute Ingalaterrako egunkariek. Ez gara, ordea, deskribatzen gaituzten bezain beltzak. —Segituan gorritu egin zen hankasartzeaz ohartuta. Mrs. Castlek beste baso bat ur atera zion.— Esan nahi dut, esaterako: ba al dago haurrak behar bezala hezterik leku horretan? Bere begirada bizia, gau-klub bateko fokoaren gisara, Samengana zuzendu zen.

        — Ezra, nola jakingo du hori Sarahk? —esan zuen Mrs. Castlek; eta gogo txarrez azaldu zuen—: Sarah nire erraina da.

        Mr. Bottomleyren gorritzea areagotu egin zen.

        — A, orduan bisita egitera etorri al zara?

        — Sarah nirekin bizi da —azaldu zion Mrs. Castlek—. Momentuz. Nire semea ez zen inoiz Soweton bizi izan. Enbaxadan zegoen.

        — Haurra pozik egongo da amonatxoari bisita egitera etorri delako —esan zuen Mrs. Bottomleyk.

        Sarahk pentsatu zuen: «Hemendik aurrera bizitza honelakoa izango ote da?».

        Mr. Bottomleyk alde egin ondoren, Mrs. Castlek Sarahri esan zion serio hitz egin behar zutela elkarrekin.

        — Mauriceri telefonoz deitu diot eta ez da batere zentzuduna izan. —Samengana jiratu zen:— Joan lorategira jolas egitera, maitea.

        — Euria ari du —esan zuen Samek.

        — Ahaztuta neukan, maitea. Igo Tinker Bellekin jolas egitera.

        — Igoko naiz, baina ez dut jolas egingo zure katuarekin —esan zuen Samek—. Buller da nire laguna. Berak badaki zer egin behar duen katuekin.

        Bakarrik geratu zirenean, Mrs. Castlek galdetu zion:

        — Mauricek esan dit zu itzuliz gero, berak alde egingo duela. Zer egin duzu, Sarah?

        — Nahiago dut horretaz hitzik ez egin. Mauricek esan zidan hona etortzeko eta etorri egin naiz.

        — Nor da, nolabait esateko, erruduna?

        — Beti egon behar al da errudunik?

        — Berriro deituko diot telefonoz.

        — Ezin dizut esan horrelakorik ez egiteko, baina alferrik izango da.

        Mrs. Castlek zenbakia markatu zuen, eta Sarahk Jainkoari erregutu zion, nahiz eta harengan ez sinetsi, gutxienez Mauriceren ahotsa entzuteko, baina Mrs. Castlek esan zuen:

        — Ez du erantzuten.

        — Bulegoan egongo da, seguru asko.

        — Larunbat arratsaldea izanda?

        — Ordutegi aldagarria du.

        — Uste nuen Foreign Office hobeto antolatuta zegoela.

        Sarah zain egon zen ilunabarrera arte, eta Sam ohean utzi ondoren, oinez joan zen herriraino. Crown-en sartuta, J&B bat eskatu zuen, bikoitza, Mauriceren gorazarretan. Ez zuen ahaztu Mauricek debekatua ziola berarekin harremanetan jartzea. Oraindik etxean bazegoen, eta telefonoa zulatuta bazeukaten, Mauricek erretxinduta egotearen plantak egin behar zituen, eta gezurrezko liskar bati berriro ekin. Horrela, behintzat, jakingo zuen oraindik hor zegoela eta ez kartzela batean edo Sarahk sekula ikusi ez zuen Europa baterako bidean. Telefonoak denbora luzean jo zuen, Sarahk ez baitzuen eskegi nahi izan. Ohartuta zegoen, hala ere, horrela lana errazten ari zitzaiela deiaren jatorria aurkitzeko lanetan ari zirenei, baina ez zion axolarik izan. Haiek bisitarik egiten bazioten, gutxienez Mauriceren berri izango zuen. Telefonoa eskegi zuen, eta bere J&B barran edanda, Mrs. Castleren etxera oinez itzuli zen.

        — Sam deika aritu zaizu —esan zion Mrs. Castlek, eta Sarah haren logelara igo zen.

        — Zer duzu, Sam?

        — Uste duzu Buller ondo dagoela?

        — Bai, noski. Zer dela-eta galdera hori?

        — Amets bat egin dut.

        — Zer amestu duzu ba?

        — Ez dut gogoratzen. Bullerrek nire hutsa nabarituko du. Hemen nirekin egotea nahi nuke.

        — Ezin dugu, badakizu. Lehenago edo geroago Tinker Bell hilko luke.

        — Eta zer?

        Sarah gogo txarrez jaitsi zen eskaileretan behera. Mrs. Castle telebista ikusten zegoen.

        — Berri interesgarririk? —galdetu zuen Sarahk.

        — Oso gutxitan entzuten ditut berriak —erantzun zuen Mrs. Castlek—. Nahiago dut The Times egunkariko berriak irakurri.

        Biharamun goizean, hargatik ere, igandeko egunkarietako berriek ez zuten Sarahren jakinmina piztu. Igandea zen. Castlek ez zuen inoiz igandeetan lanik egiten. Eguerdian, Sarah Crown-era itzuli zen, berriro telefonoz deitu zuen etxera, eta, aurrekoan bezala, denbora luzea eman zuen telefonoa eskegi arte... Lorategian ote zegoen Bullerrekin? Azkenean, itxaropen hura ere itzali egin zitzaion. Kontsolatu egin zen, ihes egitea lortu zuela pentsatuz. Gero, ordea, gogora etorri zitzaion haiek inor kargurik gabe atxilotuta edukitzeko ahalmena zeukatela —hiru egunez ote?

        Mrs. Castlek bazkaria atera zuen —roastbeef-ukondo bat— ordu batean puntuan.

        — Berriak entzun nahi al dituzu? —galdetu zuen Sarahk.

        — Sam, maitea, utzi bakean zure ezpain-zapiaren eraztuna —errieta egin zion Mrs. Castlek—. Ipini ezpain-zapia paparrean, eta utzi eraztun hori plater ondoan.

        Sarahk Radio 3 sintonizatu zuen.

        — Igandeetan ez dute ematen merezi duen berririk —esan zuen Mrs. Castlek, eta, jakina, zuzen zegoen.

        Inoizko iganderik luzeena izan zen hura. Atertu zuen eta eguzki indargea saiatu zen zirrikitu bat aurkitzen hodeien artean. Sarah ibilaldi bat egitera atera zen Samekin, «basoa» izenez ezaguna zen ingurutik. Han ez zegoen zuhaitzik... zuhaiska txiki eta sastraka batzuk besterik ez (inguru horren zati bat sasiz garbituta zegoen, golf-zelai bat egiteko). Hori zela eta, Sarahk ez zion tankerarik hartu izen haren zergatiari.

        — Ashridge gehiago gustatzen zait —kexatu zen Sam eta, pitin bat geroago, erantsi zuen—: Buller gabe ez du merezi paseatzen ibiltzea.

        Sarahk berekiko: «Noiz arte bizimodu hau?». Etxera azkarrago itzultzeko, golf-zelaiko bazter batetik sartu ziren eta bapoegi bazkalduta zegoen jokalari batek garrasika esan zien handik irteteko. Sarahk behar bezain agudo erreakzionatu ez zuenez, gizonak oihu egin zion:

        — E! Zurekin ari naiz, Topsy!

        Txikitan metodistek irakurtzeko eman zioten libururen bateko neska beltz batek izen hori zeukala gogoratu zen Sarah.

        Gauean Mrs. Castlek berriro ekin zion:

        — Serio hitz egiteko ordua da, maitea.

        — Zertaz?

        — Eta zuk galdetzen didazu zertaz, Sarah? Zutaz eta nire bilobaz, jakina... eta Mauricez. Zuek ez didazue esan nahi zergatik haserretu zareten. Biotako inork ba al dauka dibortziorako arrazoirik?

        — Beharbada. Ezkon-egoitza uztea kontuan hartzen da, ez da hala?

        — Nork utzi du nor? Zure amaginarrebaren etxera etortzea ez da inola ere ezkontza-egoitza uztea. Mauriceri dagokionez... oraindik etxean badago, ez zaitu abandonatu.

        — Ez dago etxean.

        — Non dago ba?

        — Ez dakit, ez dakit, Mrs. Castle. Ezin duzu pixka bat itxaron eta kontu hori beste momentu baterako utzi?

        — Nire etxean zaude, Sarah. Komenigarria da nik jakitea noiz arte geratuko zareten hemen. Samek eskolara joan beharko luke. Legeak daude arlo horretan.

        — Hitz ematen dizut hemen astebete geratzen uzten badiguzu...

        — Ez dizut esan hemendik alde egiteko, maitea. Helduen modura joka dezazun nahi dut, besterik ez. Uste dut abokatu batekin hitz egin beharko zenukeela, nirekin horretarako asmorik ez duzunez. Nahi izanez gero, bihar Mr. Buryri deituko diot telefonoz. Nire testamentuaz arduratzen den abokatua da.

        — Utzi astebete pasatzen, Mrs. Castle.

        Garai batean Mrs. Castlek iradoki zion «ama» dei ziezaion, baina argi eta garbi zegoen lasaitu ederra hartu zuela, Sarahk artean «Mrs. Castle» deitzen ziola ikusita.

        Astelehen goizean, Sarahk Sam herrira eraman zuen, eta Crown-era joan aurretik, haurra jostailudenda batean utzi zuen. Crown-etik bulegora deitu zuen. Burugabekeria handia zen, Mauricek berak deituko ziolako, artean Londresen aske egonez gero. Garai batean, Hegoafrikan, Sarah Castleren agindura lanean ari zenean, ez zuen halako zuhurtzigabekeriarik egingo; Ingalaterrako herri lasai hartan, hargatik ere, ez zen sekula gertatu arrazagatiko matxinadarik, eta gauerdian ez zitzaien inor etxera ate joka joaten; hori zela eta, arriskuaren irudia fantastikoegia iruditzen zitzaion benetakoa izateko. Mr. Castleren idazkariarekin jartzeko eskatu zuen. Emakume baten ahotsak erantzun zuen, eta Sarahk esan zion:

        — Cynthia?

        Cynthia izenez ezagutzen zuen, baina ez zuen inoiz ikusi, ezta harekin hitz egin ere. Etenaldi luze bat gertatu zen, inork beste linea batetik entzun zezan esateko behar bezain luzea. Hori Sarahri ezinezkoa iruditu zitzaion erretiratuz beteriko leku txiki hartan, garagardoen azken tantak edaten ari ziren bi kamioilariri so egiten zien bitartean.

        — Cynthia gaur ez dago —esan zuen ahots lehor batek.

        — Noiz izango dut harekin hitz egiteko modua?

        — Ez dakit, sentitzen dut.

        — Eta Mr. Castle?

        — Nor zara, mesedez?

        Pentsatu zuen: «Mauriceri traizio egiteko zorian egon naiz». Eta eskegi egin zuen. Bere iraganari ere traizio egin izan balio bezala sentitu zen: ezkutuko elkartzeak, mezu zifratuak, Mauricek Johannesburgen onartutako ardura, bai berari prestakuntza emateko, bai biok, bera eta Maurice, BOSSetik urrun egoteko. Eta horren guztiaren ondoren, Muller hantxe zegoen, Ingalaterran, eta euren mahaira eseria zen.

        Etxera itzuli zenean, kotxe ezezagun bat ikusi zuen ereinotzen etorbidean. Eta Mrs. Castle haren bila irten zen atondoan.

        — Norbait etorri da zurekin hitz egitera, Sarah. Bulegora eraman dut.

        — Nor da?

        Mrs. Castlek ahotsa apaldu eta nahigabetuta esan zuen:

        — Uste dut polizia dela.

        Gizon hura urduri bere bibote handi horaila apaintzen ari zen eskuez. Ez zen, ez, Sarahk gaztetan ezagututako polizien modukoa, eta harrituta geratu zen Mrs. Castlek lanbidea igarri ziola ikusita. Sarahk uste izango zuen aspaldidanik hirian ezaguna zen merkatari txikiren bat izango zela. Castle doktorearen bulegoa bezain lasaia eta atsegina zirudien. Izan ere, bulego hartan ez zen ezertxo ere mugitu Castle doktorea hil zenetik: ez mahaiko pipa-zorroa, ez hautsontzi gisa erabiltzen zen katilu txinatarra, ezta jarleku birakaria ere, non gizon ezezagun hura ez baitzen ausartu esertzen. Apalategi ondoan zegoen, zutik. Bere sorbalda zabalen atzean, Loeb Klasikoen liburuki gorri batzuk ezkutatzen ziren, baita XI. argitaldiko larru berdedun Encyclopaedia Britannica ere.

        — Mrs. Castle?

        Hain arrotza sentitzen zen Sarah etxe hartan, honakoa erantzutekotan egon baitzen: «Ez, Mrs. Castle nire amaginarreba da».

        — Bai, zer? —esan zuen azkenean.

        — Butler inspektorea naiz.

        — Zer nahi duzu?

        — Londrestik telefono-dei bat jaso dut. Zurekin solasaldi labur bat egitera etortzeko eskatu didate... jakina, zu hemen egonez gero.

        — Zergatik?

        — Uste zuten zuk beharbada esango zenigula nola jar gintezkeen harremanetan zure senarrarekin.

        Izugarrizko pisua gainetik kendu izan balu bezala sentitu zen: kartzelan ez zegoen behintzat. Baina berehala bururatu zitzaion dena tranpa bat izan zitekeela... Butler inspektoreak erakusten zituen adeitasuna, herabetasuna eta zintzotasuna gezurrezkoak izan zitezkeen. Gisa hartako tranpak BOSSek oso gogoko zeuzkan. Baina Sarah ez zegoen BOSSen herrian. Eta esan zuen:

        — Ez. Ezin dut. Ez dakit. Zergatik?

        — Ondo da, Mrs. Castle. Neurri batean, txakur batengatik etorri naiz.

        — Bullerrengatik?

        — Izen hori badauka...

        — Izen hori dauka. Esadazu, mesedez, zer gertatu den.

        — Zuek etxe bat daukazue King's Road-en, Berkhamsted-en, ezta?

        — Bai —lasaitasuna isladatzen zuen algara egin zuen—. Bullerrek berriro hil al du katuren bat? Baina ni hemen nago. Ez daukat inolako errurik. Nire senarrarekin hitz egin behar duzue, ez nirekin.

        — Saiatu gara, Mrs. Castle, baina ezin izan dugu aurkitu. Bulegoan diote ez dagoela. Itxuraz, alde egin du txakurra abandonaturik utzita, nahiz eta...

        — Katua oso garestia al zen?

        — Ez gaude kezkatuta katu batengatik, Mrs. Castle. Auzokoak zaratarengatik kexatu ziren: halako auhen bat entzun omen zuten. Eta norbaitek komisaldegira deitu zuen. Dakizunez, azken bolada honetan lapurreta batzuk gertatu dira Boxmoor-en. Hori dela eta, poliziak agente bat hara bidali zuen. Sotoko garbitokiko leihoa irekita topatu zuen; kristalik hautsi beharrik ere ez zuen izan... Eta txakurra...

        — Ez zion kosk egingo, ezta? Nik dakidala, Bullerrek ez dio inori inoiz kosk egin.

        — Txakur gaixoa ez zegoen inori kosk egiteko moduan, norbaitek tiro eman ziolako. Hori egin zuena zein ere zen, oso lan txarra egin zuen. Sentitzen dut, Mrs. Castle, baina errematatu egin behar izan zuten.

        — Ene, bada, Jainkoa! Zer esango du Samek?

        — Sam?

        — Nire semea. Izugarri maite zuen Buller.

        — Nik ere maite ditut animaliak.

        Ondorengo bi minutuko isilunea oso luzea iruditu zitzaien; Armistizio Egunean hildakoen ohoretan egiten den bi minutuko isilunearen modukoa izan zen.

        — Sentitzen dut berri txarrak ekarri badizkizut —esan zuen azkenean Butler inspektoreak, eta bizitzaren jarioa berriro abian jarri zen.

        — Ez dakit zer esango diodan Sami.

        — Esaiozu kotxe batek txakurra harrapatu zuela eta berehalaxe hil zela.

        — Uste dut horixe izango dela onena. Baina ez zait gustatzen haurrari gezurrik esatea.

        — Gezur zuriak eta gezur beltzak daude —iritzi zion Butler inspektoreak.

        Sarahk bere artean galdetu zuen berak esan behar zituen gezurrak beltzak ala zuriak izango ote ziren. Bibote sarri horailari eta begi xaloei so eginda, ezin izan zuen ulertu zerk arraio bultzatu zuen gisa hartako gizon bat polizia sartzera. Hari gezurra esatea haur bati gezurra esatea bezalakoa izango zen.

        — Ez duzu eseri nahi, inspektorea?

        — Zeu eseri, Mrs. Castle. Barkatu. Goiz osoa eman dut eserita.

        Butler inspektorea pipa-ilarei beha geratu zen, balio handiko artelana bailitzan, eta berak, aditu baten gisara, hura baloratzeko gaitasunik baileukan.

        — Eskertzen dizut honaino etorri izana, telefonoz deitu beharrean.

        — Beno, Mrs. Castle, beste kontu batzuk ere badaudelako etorri naiz. Berkhamsted-eko poliziak uste du beharbada lapurreta bat izan dela. Garbitokiko leihoa irekita zegoen, eta lapurrak agian tiro egin zion txakurrari. Badirudi gauza guztiak euren lekuan daudela, baina hori zuk eta zure senarrak bakarrik jakin dezakezue. Eta ezin dira zure senarrarekin harremanetan jarri. Etsairik ba al zeukan? Ez dago borroka-aztarnarik, baina nola egon liteke horrelakorik, bestea armaturik egonez gero?

        — Nik dakidala, ez dauka etsairik.

        — Auzoko batek zioen uste zuela Foreign Officen ari zela lanean. Gaur goizean ez zait batere erraza gertatu zure senarrak lan egiten duen saila aurkitzea, eta han diote ez dutela ostiraletik ikusi. Haiek diotenez, lanera joan beharko zuen dagoeneko. Noiz ikusi zenuen zure senarra azken aldiz, Mrs. Castle?

        — Larunbat goizean.

        — Larunbatean hona etorri zinen?

        — Bai.

        — Bera etxean geratu zen?

        — Bai. Begira, elkarrengandik banantzea erabaki genuen... Betiko banantzea.

        — Eztabaidarik izan al zenuten?

        — Erabaki bat hartu genuen, inspektorea. Zazpi urte generamatzan ezkonduta. Horrela ez da jokatu behar haserraldi batengatik, zazpi urte ezkonduta eman eta gero.

        — Zure senarrak errebolberrik ba al zeukan, Mrs. Castle?

        — Nik dakidala, ez; baina litekeena da.

        — Oso asaldatuta zegoen... erabaki horrengatik?

        — Ez geunden pozik ez bata ez bestea, hori baldin bada jakin nahi duzuna.

        — Zu prest egongo al zinateke Berkhamsted-era joateko eta etxea aztertzeko?

        — Ez nuke nahi. Baina uste dut behartu nazakezuela, ezta?

        — Kontua ez da behartuta joatea edo nahita joatea. Pentsatu behar duzu agian lapurreta bat gertatu dela. Balio handiko zerbait eraman izan balute, poliziak ez luke horren berri izango. Bitxiren bat, agian.

        — Nik ez dut inoiz bitxirik izan. Ez gara aberatsak, inspektorea.

        — Koadroren bat?

        — Ez.

        — Baliteke, beraz, Mr. Castlek zerbait zentzurik gabea edo gehiegi pentsatu gabea egitea. Zoritxarreko sentitzen bazen, eta errebolber bat bazeukan... —Inspektoreak katilu txinatarra altxatu zuen, diseinua aztertu, jiratu zen eta Sarahren aurpegierari so egin zion. Hasiera batean pentsatu ez zuen bezala, Sarah ohartu zen ontasunez beteriko begi haiek ez zirela haur batenak bezain xaloak.— Ez dirudi horrek kezkatzen zaituenik, Mrs. Castle.

        — Ez, ez nago kezkatuta. Ez luke horrela jokatuko.

        — Bai, bai, jakina. Zuk inork baino hobeto ezagutzen duzu eta ziur nago arrazoia duzula. Horrela izanik, zurekin harremanetan jartzen bada, berehala horren berri emango al diguzu?

        — Jakina.

        — Kinka larrietan, jendea kapaz da gauza arraroak egiteko. Oroimena galtzeko ere bai. —Pipa-zorroari azken begirada bota zion, begiak beste nonbaitera zuzentzea asko kostako balitzaio bezala.— Berkhamsted-era deituko dut telefonoz, Mrs. Castle. Espero dut aurreratzean zu molestatu beharrik ez izatea. Berririk izanez gero, jakinaraziko dizut.

        Ate aldera inguratu zirenean, Sarahk galdetu zuen:

        — Nola jakin duzu hemen nengoela?

        — Seme-alabak dauzkaten auzokoek zuk nahi baino gehiago dakite, Mrs. Castle.

        Inspektoreari begira jarraitu zuen harik eta kotxean sartu zela ikusi zuen arte. Berriro etxean sartu zen. Pentsatu zuen: «Oraindik ez diot Sami ezer esango. Lehenengo ea ohitzen den Buller gabe bizi izaten».

        Mrs. Castle, benetako Mrs. Castle bakarra, Sarahrekin elkartu zen egongela ondoan. Eta esan zuen:

        — Bazkaria hozten ari da. Polizia zen, ezta?

        — Bai.

        — Zer nahi zuen?

        — Maurice non dagoen jakin.

        — Zergatik?

        — Al dakit nik?

        — Esan al diozu?

        — Ez dago etxean. Nola jakingo dut nik ba non dagoen?

        — Espero dut gizon hori berriro hona ez etortzea.

        — Hala balitz ere, ez nintzateke harrituko.

 

 

2

 

        Egun batzuk igaro ziren Butler inspektorearen edo beste edozeinen berririk jaso gabe. Sarahk ez zuen berriro Londresera deitu telefonoz. Horrek jadanik ez zeukan zentzurik. Behinola, bere amaginarrebaren izenean deitu zuen harategira bildots-saiheski batzuk eskatzeko, eta orduan iruditu zitzaion linea hartuta zegoela. Bere irudimena izango zen seguru asko. Kontrol telefonikorik ote zegoen jakitea lan zailegia zen, batez ere profesionala ez zen batentzat, arte hori aurreratuegi zegoela kontuan hartuta. Mrs. Castleren presioaren aurrean amore emanda, Sarah hango eskolara joan zen, eta dena konpondu zuen Sam hara joan zedin. Dezente lur jota itzuli zen elkarrizketatik. Bazirudien bere bizitza berriari azken ukitua ematen amaitu berri zuela; dena lakrezko zigilu batez itxita zegoela ematen zuen, agiri bat bailitzan. Ez zegoen inola ere atzera egiterik. Etxerakoan, barazkidenda, liburutegi eta farmaziatik pasatu zen. Mrs. Castlek zerrenda bat emana zion: ilar-lata bat, Georgette Heyerren eleberri bat, buruko mina kentzeko aspirina-tutu bat. Sarah ziur zegoen bera eta Sam zirela buruko min horren eragileak. Zergatik jakin gabe, Johannesburg inguratzen zuten lurrezko piramide gris-berdeskak burura etorri zitzaizkion. Muller bera ere haren koloreaz mintzatu zen ilunabarrean, eta Sarah Mullerrengandik hurbilago sentitu zen (etsaia eta arrazista izan arren) Mrs. Castlerengandik baino. Gogo onez aldatuko zuen, Sowetoren truke ere, Sussex konderriko herri hura, bertako jende irekiak Sarah adeitasun handiz hartu bazuen ere. Adeitasuna kolpe fisikoa baino hesi gaindiezinagoa izan zitekeen. Sarahk ez zuen adeitasunez bizi nahi, maitasunez baizik. Maurice maite zuen, baita bere herriaren degradazioa eta hautsaren usaina ere. Une hartan, hala ere, Sarahk ez zeukan Maurice ondoan, eta oso urrun zegoen bere herritik. Beharbada, horrexegatik harrera ona egin zion etsai baten ahotsari. Izan ere, Sarah berehalaxe ohartu zen telefonoz beste aldean zegoen ahotsa etsai batena zela, bere burua «zure senarraren lagun eta lankide» gisa aurkeztu arren.

        — Espero dut une ezegokian deitu ez izana, Mrs. Castle.

        — Ez, baina ez dut zure izena ondo entzun.

        — Percival doktorea naiz.

        Izen hura ezaguna eta, aldi berean, lausoa egin zitzaion.

        — Bai, uste dut Mauricek zutaz hitz egin didala.

        — Behinola, gau gogoangarri bat eman genuen elkarrekin Londresen.

        — A bai, oraintxe gogoratzen naiz. Davisekin.

        — Bai. Davis gizajoa. —Etenaldi bat gertatu zen.— Bururatu zait pixka batean hitz egin genezakeela, Mrs. Castle.

        — Horretantxe ari gara, ezta?

        — Egia da, baina aurrez aurre hitz egin nahi dut zurekin, ez honela, telefonoz.

        — Oso urrun nago Londrestik.

        — Ondo badatorkizu, guk kotxe bat bidaliko dugu, zure bila joan dadin.

        «Guk» —pentsatu zuen Sarahk—, «guk». Huts handia zen erakunde baten izenean hitz egingo balu bezala aritzea. «Gu» eta «haiek» hitz urdurigarriak ziren. Abisuak dira, edonor ernai jartzeko modukoak. Ahotsak esan zuen:

        — Bururatu zait aste honetako egunen batean, biok elkarrekin bazkaltzeko astirik bazenu...

        — Ez dakit ahal izango dudan.

        — Zure senarraz hitz egin nahi dut zurekin.

        — Bai, imajinatzen nuen.

        — Denok pitin bat urduri gaude Mauricerengatik.

        Sarahk bozkarioa sentitu zuen bat-batean. «Gu» haiek ez zuten Maurice leku ezkuturen batean gorde, Butler inspektoreak ezagutzen ez zuen tokiren batean. Maurice urrun zegoen... Europa osoa zegoen «gu» eta Mauriceren artean. Iruditu zitzaion berak ere, Mauricek bezala, ihes egitea lortua zuela... Etxerako bidean zegoen jadanik, Maurice zegoen lekua baitzen haren etxe bakarra. Oso zuhurra izan behar zuen, hala ere, hainbat urte lehenago Johannesburgen izan zen bezala.

        — Dagoeneko ez daukat inolako loturarik Mauricerekin. Banandu egin gara.

        — Nolanahi ere, haren berri jakin nahiko duzu, ezta?

        Beraz, bazuten izan haren berri. Horrelako zerbait gertatu zen Carsonek ondokoa esan zuenean: «Castle onik dago Lourenço Marquesen, zure zain. Zu hara heltzea besterik ez dugu lortu behar orain». Maurice aske bazegoen, laster elkartuko ziren. Konturatu zen irribarre egiten ziola telefonoari. Jainkoari esker, oraindik ez dute asmatu ikus-telefonoa, baina nolanahi ere irribarrea aurpegitik kendu zuen hau zioen bitartean:

        — Berdin zait non dagoen. Ezin al didazu idatziz jakinarazi esan nahi didazun guztia? Semea zaindu beharra daukat.

        — Ez, Mrs. Castle. Zenbait gauza ezin dira idatzi. Ondo baderitzozu, bihar kotxe bat bidaliko dugu zure bila joateko...

        — Bihar ezinezkoa da.

        — Orduan ostegunean.

        Zalantzan egon zen itxura hori ematen ausartu zen bitartean:

        — Tira ba...

        — Kotxe bat bidaliko dizugu hamaiketan.

        — Ez dut kotxerik behar. Hamaikak eta laurdenean trena dago.

        — Orduan eskertuko nizuke nirekin Brummell's jatetxean elkartuko bazina, Victoria geltokitik oso hurbil.

        — Zein kaletan?

        — Hortxe harrapatu nauzu! Walton Street-en? Wilton-en? Ez arduratu, taxista guztiek Brummell's ezagutzen dute eta. Oso leku lasaia da —erantsi zuen gehiegizko gozotasunez eta medikua zela argi eta garbi utziz, atsedenerako eritetxe on bat gomendatu izan balio bezala.

        Sarahk azkar irudikatu zuen bere solaskidea: bere buruaz oso seguru zegoen gizon bat izango zen, Wimpole Street-en ibiltzen ziren gizonetako bat, eta monokuloaren lokarriarekin olgetan ibiliko zen. Errezetak idazteko besterik ez zuen erabiliko monokuloa, halaxe adieraziko baitzien pazienteei alde egiteko ordua zutela.

        — Ostegunera arte —esan zuen Percival doktoreak.

        Sarahk ez zuen erantzun ere egin. Telefonoa eskegi zuen eta Mrs. Castlerekin biltzera joan zen. Berriro berandu helduko zen bazkaltzera, baina ez zitzaion axola. Jainkoa aintzatzeko ereserkia, misiolari metodistek irakatsi ziotena, ahapeka abesten ari zen. Eta Mrs. Castlek zur eta lur begiratu zion:

        — Zer gertatzen da? Zerbait gaizki al dabil? Lehengo polizia berriro?

        — Ez, sendagile bat. Mauriceren lagun bat. Dena ondo doa. Ardura ez badizu, hiriburura joango naiz ostegunean. Sam goizean eramango dut eskolara, eta gero bera bakarrik itzuliko da hona.

        — Ez dit ardura, jakina. Pentsatuta neukan, ordea, Mr. Bottomley berriro bazkaltzera gonbidatzea.

        — Sam eta Mr. Bottomley oso ondo konpontzen dira.

        — Londresen zaudela, abokatu batekin hitz egitera joango al zara?

        — Baliteke. —Gezur erdi bat ez zen batere prezio altua haren zoriontasun berriaren truke.

        — Non bazkalduko duzu?

        — O! Uste dut otarteko bat jango dudala edozein lekutan.

        — Penagarria da ostegunean zu joatea. Roastbeef-ukondo bat eskatuta neukan egun horretarako. Baina tira... —Mrs. Castlek ez zuen amore eman nahi.— Harrods-en bazkalduko bazenu, gauza bat edo bi ekartzeko eskatuko nizuke.

        Gau hartan, Sarahk ezin izan zuen lorik egin. Bazirudien egutegi bat eskuratua zuela, eta igarotzen ari ziren egunak zirriborratzen has zitekeela. Berarekin hitz egin zuen gizona etsaia zen, ziur zegoen horretaz, baina ez Segurtasuneko polizia, ezta BOSSekoa ere; Brummell's-en ez zuen galduko ez hortzik, ez begi baten ikusmenik; ez zeukan zertan beldurrak egonik.

 

 

3

 

        Zertxobait dezepzionatuta sentitu zen, hala ere, Percival doktorea Brummell's-en ikusi zuenean, leihoz beteriko sala distiratsu eta luze baten barrenean. Ez zuen Wimpole Street-eko espezialisten itxurarik: famili sendagile antigoalekoen antz handiagoa zuen. Izan ere, zilarrezko euskarridun betaurrekoak zeuzkan, eta tripa txiki biribil bat antzematen zitzaion, zeina itxuraz bere kasa mahai ertzean bermatu baitzen, Percival doktorea Sarahri agur egiteko altxatu zenean. Errezeta baten ordez, itzelezko menu bat zeukan esku artean.

        — Pozten naiz hona etortzeko adorea izan duzulako.

        — Zergatik adorea?

        — Beno, irlandarrek lehergailuak ipintzeko aukeratzen dituzten leku horietako bat da hau. Dagoeneko lehergailu txiki batek eztanda egin du hemen. Alemaniarren bonbardaketetan gertatzen ez zen bezala, kasu honetan nahikoa erraza da bi lehergailuk leku berean eztanda egitea. —Menua eman zion irakur zezan: orrialde oso bat «hasierako platerak» izenekoei buruz. Menu osoa, «Plateren zerrenda» izenburua erretratu baten goialdean zuena, Mrs. Castleren telefono-aurkibidea bezain mardula zen. Percival doktoreak iradoki zuen, Sarahri lagundu nahirik:— Nik ez nuke amuarrain keturik eskatuko... Hemen beti apur bat idorra prestatzen dute.

        — Ez naiz oso gose.

        — Orduan gosea piztuko dugu, auzia aztertzen dugun bitartean. Kopa bat Jerez?

        — Axola ez bazaizu, whiskya nahiago dut, J&B. —Percival doktoreak menua hautatzeko esan zionean, Sarahk hauxe eskatu zion:— Zerorrek aukeratu nire ordez.

        Zenbat eta azkarrago amaitu atariko solasaldia, orduan eta azkarrago jakingo zuen Mauriceren berri; izan ere, Sarahk albiste horien gose handiagoa zeukan, janariarena berarena baino. Percival doktoreak zer bazkaldu erabakitzen zuen bitartean, Sarahk ingurura begiratu zuen. Erretratu satinatu bat zegoen pareta gainean, zeinak George Bryan Brummel izena agerian baitzeukan —menuko gizon bera—, eta altzariak hautatzerakoan erakutsitako gustu bikaina gehiegizkoa iruditu zitzaion Sarahri. Nabaria zen ez zutela dirurik aurreztu, maiseaketarik sor ez zedin. Gizonak ziren han bazkaltzen ari ziren apurrak; guztiak ere antzekoak ziren, komedia musikal batean parte hartzen duen koru bateko kideak bailiran: ile beltz ez laburregia, ezta luzeegia ere, jantzi iluna eta txalekoa. Mahaien artean dezenteko tartea zegoen, eta euren mahaitik hurbilen zeuden mahaietan ez zegoen inor... Sarahk bere buruari galdetu zion hori nahitakoa edo kasualitate hutsa izango ote zen. Konturatu zen leihoek burdinesia zeukatela.

        — Honelako leku batean —esan zuen Percival doktoreak— hobe da Ingalaterrako tradizioari jarraitzea. Lancashire-ko eltzeko beroa aholkatzen dizut.

        — Zuk hala badiozu...

        Denbora luzea eman zuen Percival doktoreak ahoa ireki gabe, zerbitzariari ardoari buruzko hitz batzuk esateko izan ezik. Azkenean, bere arreta eta zilarrezko betaurrekoak Sarahrengana zuzendu zituen.

        — Beno, gaitzena pasatu da dagoeneko. Orain haien esku dago. —Jerez pixka bat edan zuen.— Larrialdi handiak bizi behar izan dituzu, Mrs. Castle. —Eskua luzatuta besoa ukitu zion, bere benetako famili sendagilea balitz bezala.

        — Larrialdiak?

        — Ez jakitea, egunez egun...

        — Mauricez ari bazara...

        — Denok Maurice estimu handitan geneukan.

        — Hilda balego bezala hitz egiten duzu. Iraganean.

        — Ez nuen hori esan nahi. Oraindik ere estimu handitan daukagu, baina berak beste norabide bat hartu du, norabide arriskutsu bat, nire iritziz. Denok espero dugu zu ere horretan nahasita ez egotea.

        — Nola egongo naiz nahasita ba? Banandu egin gara.

        — Jakina, jakina. Horixe zen, noski, egin behar zena. Deigarria izango zen biok batera ihes egitea. Ez dut uste inmigrazioko arduradunak hain ergelak izango zirenik. Zu oso emakume erakargarria zara. Eta, gainera, zure kolorea... Badakigu, noski, berak ez dizula etxera deitu. Bide asko daude, ordea, mezuak bidaltzeko: kabina telefoniko bat, bitartekari bat... Ezingo genituzke haren lagun guztiak kontrolatu, denak ezagutuko bagenitu ere. —Percival doktoreak jereza bere ondoan ezarri zuen, eta lekua utzi zuen eltzekoa ipintzeko.

        Orduan Sarah erosoago sentitu zen, behin gaia, eltzekoa bezala, bion arteko tartean, erdi-erdian, mahairatu zutenean.

        — Uste al duzu ni ere traidorea naizela?

        — Ez, Etxean ez dugu «traidore» hitza erabiltzen. Hori egunkarietarako geratzen da. Zu afrikarra zara, zure semea bezala... kontuan izan ez dudala hegoafrikarra esan. Horrek eragin handia izango zuen Mauricerengan. Esan dezagun... leialtasun berri bat aukeratu zuela... —Ahamen bat eltzeko ahogozatu zuen.— Kontuz ibili.

        — Kontuz... zerekin baina?

        — Azenarioak oso bero daude. —Hura itaunketa bazen, metodo hark ez zuen inolako zerikusirik Johannesburg eta Pretoriako poliziak erabilitakoarekin.— Zer egingo duzu, lagun maite horrek, bera zurekin harremanetan jartzen denean?

        Sarahk zuhurtzia guztia alde batera utzi zuen. Defentsiban jarraituz gero, ez zen ezertaz jabetuko.

        — Berak esaten didana egingo dut.

        — Pozten naiz zuk hori esateaz —azaldu zuen Percival doktoreak—. Horrek esan nahi du argi hitz egin diezaiokegula elkarri. Badakigu, zuk ere jakingo duzun bezala, onik iritsi dela Moskura.

        — Eskerrak Jainkoari!

        — Beno, ez dut uste Jainkoari esker izan denik, baina ziur egon KGBri zer eskerturik baduzula. —Percivalek berekiko: «Baina ez dut dogmatikoa izan behar (beharbada biok horretan ere elkarrekin daude, jakina)».— Oker ez banago, lehenago edo geroago eskatuko dizu berarekin elkartzeko.

        — Eta horixe egingo dut.

        — Zure semearekin?

        — Jakina.

        Percival doktoreak berriro eltzekoan jarri zuen arreta. Begi-bistakoa zen janez atsegin hartzen zuela. Maurice onik zegoela jakiteak eman zion lasaitasunarekin Sarahk ausartago jokatu zuen:

        — Ezin duzu ezer egin hori eragozteko.

        — Ez egon horren ziur. Dakizunez, bulegoan espediente luze bat daukagu zuri buruz. Hegoafrikan Carson izeneko gizon baten lagun mina izan zinen. Carson hura komunista zen.

        — Bai, jakina. Nik Mauricerentzat egiten nuen lan... eta, jakin gabe, zuen zerbitzura nengoen. Mauricek esan zidan apartheidari buruz idazten ari zen liburu baterako zela.

        — Eta agian garai hartan jadanik Mauricek Carsoni laguntza ematen zion. Eta orain Maurice Moskun dago. Egia esanda, hori ez litzateke gure eginkizuna, baina MI5-ak agian erabakiko du zure kasua berriro aztertzea... sakonki. Gizon zahar baten aholkua onartzen baduzu... Mauriceren laguna zen gizon zahar baten aholkua....

        Bat-batean oroitzapen bat etorri zitzaion Sarahri burura: felpazko beroki batean bildutako giza irudi bat, neguko zuhaitzen artean isilgordean, Samekin ezkutaketan jolasten ari baitzen.

        — Eta Davisen laguna —esan zuen Sarahk—. Zu Davisen laguna ere bazinen, ezta?

        Koilarakada bat saltsa bide erdian gelditu zen, Percival doktorearen ahora zihoala.

        — Bai. Davis gizajoa. Tristea izan zen hura bezalako gizon gazte bat hiltzea.

        — Nik ez dut Porto ardorik edaten.

        — Nire lagun maitea, hori da hori gauzak desorduan esatea! Porto ardoari buruzko erabakirik hartzeko, gazta atera behar digute aurrena. Wensleydale bikaina daukate hemen. Zentzuduna izateko esan nahi nizun, besterik ez. Lasai egon orain zauden lekuan, zure amaginarreba eta semearekin...

        — Nire semea Mauricerena ere bada.

        — Beharbada.

        — Zer esan nahi duzu «beharbada» horrekin?

        — Zuk Cornelius Muller izeneko bat ezagutzen duzu, BOSSeko gizon zakar samar bat. A ze izen xelebrea! Hark uste du benetako aita... barkatuko didazu, lagun maitea, baina ez dizut itzulinguruka hitz egingo; ez dut nahi Mauricek egin duen huts berbera zuk egiterik...

        — Itzulinguruka ari zara.

        — Mullerren iritziz, aita zure arrazako gizon bat zen.

        — A, badakit zer esan nahi duzun... Hala balitz ere, gizona hilda dago.

        — Ez da hil oraindik.

        — Hilda dago, bai horixe. Matxinada batean hil zen.

        — Zuk ikusi al zenuen gorpua?

        — Ez, baina...

        — Mullerrek dioenez, behar bezala giltzaperatuta dago. Betiko kartzela-zigorra ezarri zioten, Mullerren arabera.

        — Ez dut sinesten.

        — Mullerrek dio gizon hori haurra eskatzeko prest dagoela.

        — Muller gezurretan ari da.

        — Bai, bai, hala izan daiteke. Gizon hori lastozkoa izan daiteke. Ni oraindik ez nago erabat jantzita lege-gaietan, baina ez dut uste gizon horrek ezer frogatzeko modurik daukanik gure auzitegietan. Haurra agertzen al da zure pasaportean?

        — Ez.

        — Berak ba al dauka pasaporterik?

        — Ez.

        — Orduan, haurra hemendik atera nahi izanez gero, pasaportea eskatu beharko duzu. Zuk ez dakizu zer-nolako nahaspila burokratikoa den hori. Batzuetan, pasaporteetako sailekoak geldoak izan daitezke, geldo-geldoak.

        — Zuek putakume batzuk besterik ez zarete. Carson hil zenuten. Davis hil zenuten. Eta orain...

        — Carson pneumoniak jota hil zen. Davis gizajoa... zirrosiak eraman zuen.

        — Muller da pneumonia izan zela dioena. Zeu zara zirrosia izan zela dioena. Eta orain Sam eta biok mehatxatu gaituzu.

        — Ez da mehatxua izan, nire lagun maitea, aholkua baizik.

        — Zure aholkua...

        Isildu egin zen, zerbitzaria hurbildu baitzitzaien platerak hartzeko. Percival doktorearen platera garbi samar zegoen, baina Sarahren errazioaren zatirik handiena ukitu gabe zegoen.

        — Nahi al duzu, nire lagun maitea, sagar-tarta ingeles tradizional-puska bat, iltze eta gazta-apur batekin? —galdetu zuen Percival doktoreak, limurtasunez aurrerantz makurtzen zen bitartean; ahapeka hitz egin zion, mesede jakin batzuen truke zenbat ordaintzeko prest zegoen hitzartzen arituko balitz bezala.

        — Ez. Ezer ez. Ez dut gehiagorik nahi.

        — Penagarria da, nire lagun maitea. Orduan ekarri kontua —esan zion dezepzionatuta Percival doktoreak zerbitzariari; eta hark alde egin zuenean, Sarahri aurpegiratu zion—: Mrs. Castle, ez duzu haserretu behar. Honetan ez dago ezer pertsonalik. Sumintzen bazara, erabaki okerren bat hartuko duzu seguru asko. Kontua da konpartimentuak daudela... —hasi zen esaten, baina isildu egin zen, kasu hartan, behingoz, metafora hura ezin zela erabili ohartu izan balitz bezala.

        — Sam nire semea da, eta gogoak ematen didan lekura eramango dut. Moskura, Tombuctu-ra...

        — Zuk ezin duzu Sam inora eraman pasaporterik ez daukan bitartean. Eta nik ez nuke inola ere nahi MI5-ak urrats prebentiborik ematea zure aurka. Haurrarentzako pasaportea eskatzen duzula jakiten badute... eta jakingo dute...

        Sarahk mahaia atzean utzi zuen, dena atzean utzi zuen, Percival doktorea kontuaren zain geratu zen bitartean. Minutu bat gehiago geratu izan balitz, beharbada ez zion aiztoa hartzeko tentazioari eutsiko, hantxe baitzeukan, plater ondoan, gazta ebakitzeko. Behin ikusi zuen nola sartu zioten sastagaia Percival doktorea bezain ondo elikatuta zegoen zuri bati Johhanesburgeko lorategi publiko batean. Hain lan erraza ematen zuen hark! Atera iritsita, Sarah berriro beha geratu zitzaion. Atzean zeukan leihoko burdinsarea ikusita, bazirudien Percival doktorea komisaldegi bateko mahaian eserita zegoela. Sarah kalerantz zihoala, Percival doktoreak ez zion, jakina, begirik kendu gainetik, eta hatz erakuslea altxatu zuen, astiro-astiro alde batetik bestera eraginez, Sarah zegoen lekurantz. Keinu hura errietatzat edo abisutzat har zitekeen, baina hori berdin zitzaion Sarahri.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia