Hirugarren atala

 

 

1

 

        Castle esnatu zen eta erlojuari begiratu zion, ziur bazegoen ere denbora buruz kalkulatzeko gauza zela. Bazekien minutu gutxi falta zirela zortziak izateko; horrela denbora izango zuen langelara joan eta albisteak entzuteko, Sarah iratzarri gabe. Harrituta geratu zen bere erlojuan zortziak eta bost zirela ikusita. Haren barne-erlojuak ez zion ordura arte sekula hutsik egin, eta eskumuturreko makina hartaz duda egin zuen... Langelara iristerako, albisterik garrantzitsuenak emanak zituzten; munta txikikoak baino ez ziren geratzen, irratsaioa osatzeko erabiltzen zirenak. Istripu larri bat M4-an, Mrs. Whitehouseri egindako elkarrizketa labur bat, non liburu pornografikoen aurkako kanpaina goraipatzen baitzuen, eta agian dama haren hizketaldiaren ilustrazio modura, garrantzirik gabeko albiste bat: Holliday —«ez, barkatu, Halliday»— izeneko liburu-saltzaile ilun bat epailearen aurrera agertua zen Newington Butts-en, hamalau urteko mutiko bati filme pornografiko bat saltzeagatik. Haren kasua Londresko Auzitegi Nagusira bidali zuten, epaitua izan zedin; gerora, berriz, berrehun librako fidantza ezarri zioten.

        Hortaz, libre dago —pentsatu zuen Castlek—, eta hor ibiliko da, Mullerren oharren kopia poltsikoan daukala, eta poliziak zelataturik, seguru asko. Beharbada beldur izango dio haiek adierazitako mezutegian oharrak uzteari, eta agian baita oharrak deuseztatzeari ere. Poliziarekin negoziatzeko erabiliko ditu seguruenik. «Uste duzuen baino gizon garrantzitsuagoa naiz: gauza batzuk erakutsiko dizkizuet auzi hau konpontze aldera... Utz iezadazue Sail Bereziko norbaitekin hitz egiten». Castlek imajinatzen zuen zer-nolako elkarrizketa gertatzen ari bide zen une hartantxe: bertako polizia sinesgaitz, bitartean Hallidayk Mullerren oharren lehen orria erakutsiko zien, pizgarri gisa.

        Castlek logelako atea ireki zuen; Sarah artean lo zegoen. Pentsatu zuen betidanik itxaron zuen unea iritsia zela, eta une horretan buru argiz pentsatu behar zuela eta ausarki jokatu. Ez zegoen lekurik itxaropenerako, ezta etsipenerako ere. Halatan, emozio horiek burua nahastuko zioten beharbada. Onartu behar zuen, gainera, Borisek alde egin zuela, linea etenda zegoela eta bere kabuz jokatu behar zuela.

        Egongelara jaitsi zen, han Sarahk ez baitzion entzungo, premia larrian erabiltzeko emana zioten telefono-zenbakia bigarren aldiz markatzerakoan. Ideiarik batere ez zuen non joko ote zuen telefonoak; Kensington-go lekuren batean, seguru asko. Hiru aldiz markatu zuen, deitik deira hamar segundoko tartea utziz, eta iruditu zitzaion bere SOS hura gela huts batean galtzen zela, baina batek zekien. Ez zuen beste biderik laguntza eskatzeko. Egiteko guztiak eginak zituen: ospa egitea besterik ez zitzaion geratzen. Telefonoaren ondoan eseri zen, eta segidan handik aurrerakoa pentsatu zuen, edo hobeto esanda, birpasatu eta baietsi zuen, aspaldidanik taxutua zuen eta. Jadanik deuseztua zuen garrantzizko guztia, horretaz ziur zegoen; kodeak zifratzeko erabilitako liburu guztiak deuseztuak zituen. Ziur zegoen, gainera, ez zegoela erre beharreko paper bakar bat ere. Etxetik lasai asko alde egin zezakeen, eta atea giltzapean itxi, atzean ezertxo ere utzi gabe. Ene, txakurra! Ezin da txakurra erre, jakina. Zer egingo zuen Bullerrekin? Une hartan ez zuen zentzurik txakur batez kezkatzeak; Castlek, gainera, ez zuen sekula gogoko izan txakur hura, eta hori gutxi bailitzan, amak ez zion Sarahri inola ere utziko Buller Sussex-eko etxera bolada luze baterako eramaten. Bururatu zitzaion txakurtegiren batean utzi ahal izango zuela, baina ez zuen ideiarik batere non egongo ote zen baten bat. Hari-mutur guztiak lotuta zeuzkan, baina arazo hura ez zitzaion ordura arte burura etorri. Sarah iratzartzera igotzen ari zelarik, berekiko esaten zuen kontu hura ez zela garrantzi handikoa.

        Zergatik egiten zuen lo Sarahk hain sakonki goiz hartan? Hari begiratuta, lo dagoen etsaiaren aurrean ere senti daitekeen samurtasunez gogora ekarri zuen hilabete luzeotan ez bezalako ezerezean pulunpatua zela, amodioa egin ondoan. Hori gertatu zen, hain zuzen ere, elkarri argi eta garbi hitz egin ziotelako eta jadanik ez zegoelako sekreturik haien artean; ez zegoen beste arrazoirik. Musu eman zion, eta Sarahk begiak zabaldu zituen. Castle konturatu zen Sarahk berehala igarri ziola ezin zutela denborarik galdu, eta ezin zela, bere ohiturei jarraiki, poliki-poliki esnatu, nagiak atera eta honela mintzatu: «Zerarekin ametsetan nenbilen...».

        — Orain nire amari deitu behar diozu —esan zion Castlek—. Haserretu egin garela sinestarazi behar zaionez, normalagoa dirudi zuk deitzeak. Galdetu ea bere etxera joan zaitezkeen Samekin egun batzuetarako. Gezur txikiren bat bota dezakezu. Hobe da, gainera, zu gezurretan ari zarela uste badu. Horrela, han zaudela, errazagoa izango da istorioa poliki-poliki kontatzea. Zerbait barkaezina egin dizudala esan diezaiokezu. Bart hitz egin genuen horretaz.

        — Zuk esan zenuen bageneukala denborarik...

        — Oker nengoen.

        — Zerbait gertatu al da?

        — Bai. Samekin alde egin behar duzu oraintxe bertan.

        — Zu hemen geratuko al zara?

        — Haiek lagunduko didate hemendik irteten edo polizia etorriko da nire bila. Hori gertatuz gero, ez duzu hemen egon behar.

        — Beraz, hau al da gure artekoaren amaiera?

        — Ezta pentsatu ere! Bizirik gauden bitartean, berriro elkartu ahal izango gara. Nolabait. Nonbait.

        Azkar janzten ari ziren bitartean, ezer gutxi esan zioten elkarri. Elkar ezagutu gabe, treneko litera-konpartimentu berean bidaiatzera behartuta zeuden bi pertsona ematen zuten. Sarah Sam esnatzera joan zen eta haren logelako atean zegoela, Castleri galdetu zion:

        — Eta eskolan? Uste dut inork ez duela gaizki hartuko...

        — Ez, orain ez ezazu horretaz pentsa. Astelehenean telefonoz deitu hara, eta esan Sam gaixo dagoela. Hobe duzue etxetik lehenbailehen alde egitea, polizia dela eta.

        Sarah bost minutu geroago itzuli zen, eta hau esan zuen:

        — Zure amarekin hitz egin dut. Ez da oso abegitsua izan, ez horixe... Gonbidatu bat dauka bazkaltzeko. Zer egingo dugu Bullerrekin?

        — Zerbait pentsatuko dut.

        Bederatziak hamar gutxitan Sarah Samekin alde egiteko prest zegoen. Taxi bat atean zegoen. Castlek hango guztia irreala zelako sentsazio izugarria izan zuen.

        — Ezer gertatzen ez bada, itzul gaitezke. Ordurako berradiskidetuta egongo gara.

        Sam, behintzat, pozik zegoen. Castlek ikusi zuen barrezka ari zela txoferrarekin.

        — Eta...?

        — Polana hotelera etorri zinen, ezta?

        — Bai, baina behin esan zenidan gauzak ez direla bi aldiz berdin gertatzen.

        Taxi ondoan zeudela, azkenean musu hotz bat eman zioten elkarri, hasiera batean hori ere ahaztu bazuten ere. Musu hark ez zuen ezer adierazten, erabateko ezereza baino ez; gainera, iruditu zitzaien ezerez hura ezin zela benetakoa izan, amets egiten ari ziren zerbait baizik. Betidanik ametsak elkarri kontatzen zizkioten, Enigma Handia baino ulergaitzagoak ziren kode pribatu haiek.

        — Ba al daukat zuri telefonoz deitzerik?

        — Hobe duzu ez deitzea. Dena ondo badoa, neuk hots egingo dizut kabina batetik.

        Taxia abiatu zenean, Castlek ezin izan zuen Sarah azken aldiz ikusi, atzeko leihatilako kristal ketuak eragotzi egin ziolako. Etxera sartu eta bidai poltsa bat prestatzeari ekin zion, kartzela edo ihesaldi batean behar-beharrezko zukeena eramateko. Pijama, garbiketarako gauzak, toaila txiki bat... Zalantza txikiren bat egin ondoan, pasaportea ere hartu zuen. Gerora, eseri eta zain geratu zen. Auzokide bat entzun zuen bere kotxean urruntzen, eta larunbateko isiltasuna nagusitu zen Castleren baitan. Kale-kantoiko poliziak alde batera utzita, King's Road-en bizirik zegoen pertsona bakarra balitz bezala sentitu zen. Atea erabat ireki zen eta Buller barrura sartu zen, bizkarra batera eta bestera zerabilela. Bere hanken gainean eseri zen, eta bere begi hipnotiko eta irtenak Castlerengan finkatu zituen.

        — Buller —xuxurlatu zuen Castlek—, Buller, beti traba besterik ez duk egin, txakur alu horrek!

        Bullerrek adi-adi jarraitu zuen, Castleri so. Halaxe jokatzen zuen kalera atera zezaten lortu nahi zuenean.

        Ordu laurden bat geroago telefonoak jo zuen, eta artean ere Bullerrek ez zion begirik kendu gainetik. Luzaz jo zuen: negarrez ari zen ume bat zirudien. Hura ezin zitekeen izan itxaron zuen seinalea; kontrol-dei batek ez zuen linea hain denbora luzean hartuta edukiko. Sarahren lagunen bat, seguru asko, pentsatu zuen Castlek. Nolanahi ere, ez zen berarentzat izango. Berak ez zeukan lagunik.

 

 

2

 

        Percival doktorea zain zegoen Reform-eko atondoko aulki batean eserita, eskalinata zabala hurbil zeukala, zeinak lehengo estatista liberalen pisu handia jasateko egina baitzirudien. Gizon bizardun eta patiladun haiek zintzo jokatzen zuten betiere. Hargreaves hara sartu zenean beste bazkide bat besterik ez zegoen agerian: gizon txiki bat, ezdeusa eta miopea (arazoak zituen burtsako kotizazioak irakurtzeko).

        — Badakit gaur niri tokatzen zaidala, Emmanuel —esan zuen Hargreavesek—, baina Travellers-a itxita dago. Daintryri deitu diot hona etor dadin gurekin biltzera. Horrek ez dizu ardura, ezta?

        — Beno, argi dago ez dela munduko pertsonarik alaiena —esan zuen Percivalek—. Arazorik segurtasunarekin ala?

        — Bai.

        — Eta nik espero nuen zuk lasaitasun apur bat izango zenuela, Washingtondik etorrita.

        — Lanbide honetan ez da bakealdi luzerik. Bestalde, halakorik ere ez nuke nik gogoko. Jadanik erretiratuta egongo nintzen bestela.

        — Ez ezazu erretiroa aipatu ere egin, John. Jainkoak bakarrik daki Foreign Officeko zein txoriburu jarriko liguketen zure lekuan. Zerk kezkatzen zaitu?

        — Lehenbizi utzidazu kopa bat hartzen.

        Eskalinatan gora egin zuten eta eskailburuko mahai baten aurrean eseri ziren, jatetxetik kanpo. Hargreavesek bere Cutty Sark lehorra edanda, esan zuen:

        — Egizu kontu hil behar ez zen gizona hil duzula, Emmanuel.

        Percival doktorearen begietan ez zen inolako harridurarik isladatu. Bere martini lehorraren kolorea arretaz aztertu zuen, hari usaina hartu, eta limoi-azala azkazal batez kendu zuen, bere errezeta prestatzen ariko balitz bezala.

        — Ziur nago asmatu nuela —esan zuen.

        — Muller ez dago horren ziur.

        — O Muller! Zer daki Mullerrek horretaz?

        — Ezer ez. Baina susmoren bat du.

        — Hori besterik ez bada...

        — Zu ez zara Afrikan sekula egon, Emmanuel. Han azkenean senaz fidatzen zara.

        — Daintryk sena baino askoz ere fidagarriagoa den zerbait bakarrik hartuko du kontuan. Davisen inguruko gertakariak ere ez zitzaizkion nahikoa iruditu.

        — Zein gertakari?

        — Zoologiko eta haginlariari buruzko kontu hori... adibide bat besterik ez jartzeagatik. Eta Porton. Porton erabakigarria izan zen. Zer esango diozu Daintryri?

        — Goizeko lehenengo orduan, nire idazkaria saiatu da Castlerekin telefonoz hitz egiten, baina inork ez du telefonoa hartu.

        — Beharbada kanpora joan da asteburua bere familiarekin pasatzera.

        — Bai. Hala ere, bere kutxa gotorra irekitzeko agindua eman dut eta han ez zeuden Mullerren oharrak. Badakit zer esango didazun. Zabarkeriaz jokatu du, eta nork ez du inoiz okerrik egin? Bururatu zait Daintry Berkhamsted-era hurbilduko balitz... beno, eta han inor aurkituko ez balu, Castleren etxean zuhurki begiratu bat emateko aukera bikaina izango litzateke; eta Castle etxean egonez gero, Daintry ikusterakoan harritu egingo da; eta erruduna bada... pitin bat urduri jarriko da.

        — 5-ari eman al diozu horren berri?

        — Bai, Philipsekin hitz egin dut. Castleri berriro telefonoa zulatuko dio. Benetan espero dut Philipsek ezer berririk ez aurkitzea kontu horren inguruan. Davis errugabea zela esan nahiko luke bestela.

        — Ez zenuke Davisez hainbeste kezkatu behar. Ez da inolako galera izan enpresarentzat, John. Ez dakit zergatik hartu zuten Etxerako. Ez zen eraginkorra, eta bai, ordea, arduragabea, eta gehiegi edaten zuen. Lehenago edo geroago, arazoak ekarriko zizkigun. Baina Muller zuzen badago, Castle egundoko buruhaustea izango da. Horrekin ezin izango da aflatoxinarik erabili. Mundu guztiak badaki ez dela mozkortia. Epaimahai batek hartu beharko luke gai horren ardura, John, baldin eta beste biderik aurkitzen ez badugu. Abokatu defendatzaile bat. Testigantzak ateak itxita. Kazetariek ez liokete horrelako berri bati muzinik egingo, ez horixe! Titulu sentsazionalistak komunikabideetan. Oker ez banago, Daintry bakarrik legoke pozik. Zorrotz-zorrotza da den-dena legezko prozedurak erabiliz egin behar ote den kontuari dagokionez.

        — Hortik dator azkenean—esan zuen sir John Hargreavesek.

        Daintry poliki-poliki zihoan haiengana, eskalinata zabalean gora. Agian urrats guztiak banan-banan aztertu nahi zituen, haiek froga zirkunstantzialak bailiran.

        — Ez dakit nola hasi.

        — Zergatik ez zara hasten nirekin hasi zinen bezala? Gordintasun apur batez...

        — A, baina horrek ez dauka zure larru gogorrik, Emmanuel!

 

 

3

 

        Orduak luzatzen ari zirela ematen zuen. Castle saiatu zen irakurtzen, baina liburu batek ere ez zuen lortu bera lasaitzerik. Paragrafo batetik bestera igarotzen zelarik, burutik ezin kendurik zebilen bera salatzeko moduko zerbait utzia zuela etxeko tokiren batean. Apal guztietako liburu guztiak aztertuak zituen; sekula ez zuen haietakorik erabili mezurik kodetzeko. Gerra eta Bakea behar bezala deuseztuta zegoen ordurako. Bere langelatik kalko-paper guztiak hartuak zituen eta, errugabeak izan arren, su eman zien. Bere idazmahaiko telefono-zerrendan zeuden telefono-zenbakirik arriskutsuenak harakinarena eta haginlariarena ziren. Ziur zegoen, hala ere, nonbait aztarnaren bat utzia zuela. Gogora etorri zitzaizkion Davisen pisua arakatzera joan ziren Sail Bereziko bi gizonak; gogora etorri zitzaizkion Davisek Browningen liburuan «c» batez markatutako lerroak. Etxe hartan, berriz, ez zuten maitasun-aztarnarik aurkituko. Castlek eta Sarahk ez zioten inoiz gutunik idatzi elkarri; hori delitu baten froga izango zen Hegoafrikan.

        Hura izan zen bere bizitzako egunik luzeena eta bakartiena. Ez zen gose, egun hartan Samek beste inork gosaldu ez bazuen ere, baina pentsatu zuen ez zekiela zer gertatuko zen ilundu baino lehen, ezta non egingo zuen hurrengo otordua ere. Sukaldean eseri zen zenbait urdaiazpiko-puska zituen plater baten aurrean, baina lehenengo puska jatearekin batera, ohartu zen ordu bateko albisteak entzuteko ordua zela. Bukaeraraino entzun zituen, futbolari buruzko azken berrira arte, ez baitzegoen jakiterik azken orduko albisterik emango ote zuten.

        Espero izatekoa zenez, orduko hartan eman zituzten albisteek ez zuten inolako zerikusirik Castleren gora-beherekin. Hallidayren semeari buruz ere ez zuten ezer aipatu. Ia ziur zegoen ez zutela ezer esango; handik aurrera ateak erabat itxita biziko zen. Urte askotan isilpeko informazioaren ardura izan bazuen ere, inoiz baino isolatuago sentitzen zen. SOS urgentea berriro egiteko tentazioa etorri zitzaion, baina ausarkeria izango zen bi aldiz bere etxetik deitzea. Ez zekien nora bidaltzen zuen seinalea, baina telefonoa zulatu ziotenek erraz asko jarrai ziezaioketen deiaren arrastoari. Aurreko gauean susmatu zuena orduz ordu areagotuz joan zen, hots, behin komunikazioa guztiz etenda, bera abandonaturik zegoela.

        Gelditzen ziren urdaiazpiko-puskak Bullerri eman zizkion, eta txakurrak ordainetan listu-hari bat utzi zion praketan. Askoz ere lehenago atera beharko zuen txakurra kalera, baina ez zuen etxetik alde egin nahi, ezta lorategira joateko ere. Polizia hara azalduz gero, bere etxean bertan atxilotu zezaten nahi zuen, eta ez kanpoan, auzokoak leihoetatik zelatan zeudela. Goialdean, ohearen ondoko kaxoian, erabat legala zen errebolber bat zeukan, Hegoafrikatik ekarri zuena, betidanik Davisi esan bazion ere armarik ez zeukala. Han ia zuri guztiek arma bana zeukaten. Erosterakoan, errekamara soilik kargatu zuen, nahi gabe tirorik egin ez zezan, eta balak zazpi urte zeramatzan leku berean. Pentsatu zuen: «Polizia bat-batean etortzen bada, neure buruaren kontra erabil dezaket». Ondotxo zekien, hargatik ere, bere buruaz beste egitea baztertuta zeukala. Sarahri agindua zion egunen batean bilduko zirela.

        Zerbait irakurri zuen, telebista piztu eta irakurtzeari ekin zion berriro. Ideia zoro bat bururatu zitzaion bat-batean: Londreserako trena hartzea, Hallidayrekin egoteko eta informazioa eskatzeko. Baina, ordurako beharbada geltokia eta bere etxea zainduta egongo ziren. Lau eta erdietan, arrats grisak aurrera egiten zuen bitartean, telefonoak bigarren aldiz jo zuen, eta inolako logikarik gabe, Castlek hartu zuen. Kasik espero zuen Borisen ahotsa entzutea, ondotxo bazekien ere Borisek ez zuela hartuko haren etxera deitzeko arriskurik.

        Castleri bere ama logela hartan bertan balego bezala iritsi zitzaion haren ahots zorrotza:

        — Maurice?

        — Bai.

        — Pozten naiz zu oraindik hor egoteaz. Sarahk uste zuen beharbada honezkero etxetik joanda izango zinela.

        — Ez, oraindik hemen nago.

        — Zer da ergelkeria hau? Zer gertatzen da zuen artean?

        — Hau ez da inolako ergelkeria, ama.

        — Sarahri esan diot Sam hemen utzi eta oraintxe bertan etxera itzultzeko.

        — Ez du horrelakorik egingo, ezta? —galdetu zuen izututa: jasanezina iruditu zitzaion elkarrengandik berriro banandu beharra.

        — Ez du joan nahi. Berak dioenez, zuk ez diozu etxean sartzen utziko. Horrek ez du zentzurik.

        — Badu zentzurik, bai. Sarah hona etorriko balitz, ni joan egingo nintzateke.

        — Zer arraio gertatu da zuen artean?

        — Egunen batean jakingo duzu.

        — Dibortziatzeko asmotan? Hori oso txarra izango litzateke Samentzat.

        — Oraingoz elkarrengandik banandu besterik ez gara egin. Utzi gauzak dauden bezala, ama.

        — Ez dut ezer ulertzen. Eta gorroto dut ulertzen ez dudana. Samek jakin nahi du ea jaten eman ote diozun Bullerri.

        — Esaiozu baietz.

        Mrs. Castlek eseki egin zuen telefonoa. Castlek bere artean galdetu zuen inon grabatu ote zuten solasaldi hura. Whisky bat behar zuen, baina botila hutsik zegoen. Ardoa eta likoreak gordetzeko erabiltzen zuten gelara jaitsi zen; garai batean leku hura ikaztegi bat izan zen. Ikatza botatzeko arrapala halako leiho okertu bat bihurtuta zegoen. Gorantz begiratu eta espaloi gainean farol argiaren islada ikusi zuen Castlek, baita farolaren ondoan zegoen pertsona baten hankak ere.

        Hanka haiek ez zeuden uniformez jantzita, nahiz eta, jakina, kaleko jantzia zeraman Sail Bereziko agente batenak izan zitezkeen. Nolanahi ere, oso nabarmenki zegoen kokatuta ate aurrean, nahiz eta, jakina, zaindari haren helburua Castle beldurtzea izan zitekeen, zuhurtziarik gabe joka zezan. Buller atzetik joana zitzaion eskaileretan behera. Hark ere hankei erreparatu zien eta zaunka hasi zen. Bere hanken gainean eserita eta muturra gorantz zeukala arriskutsua zirudien, baina hanka haiek behar bezain hurbil egonez gero, kosk egin beharrean, lerde-pilo bat botako zien. Biak hara begira zeudela, hanka haiek bistatik desagertu ziren, eta Bullerrek marmar egin zuen dezepzionaturik: lagun bat egiteko aukera galdu zuen. Castlek J&B botila bat aurkitu zuen (pentsatu zuen whiskyaren koloreak jadanik ez zuela inolako garrantzirik) eta eskaileretan gora eraman, bere artean hau zioela: «Gerra eta Bakea deuseztu izan ez banu, atal batzuk irakurtzeko aukera izango nuen, irakurtzeko plazer hutsagatik».

        Egonezina berriro nagusitu zen Castleren baitan; hori zela eta, logelara joan zen Sarahren gauzak gainetik berrikustera, gutun zaharrik ez zegoela ziur egoteko. Haatik, ezin zuen imajinatu ere egin berak inoiz idatzi zuela Sarah salatzeko moduko gutunik. Horrelako gutunik Sail Berezikoek eskuratuz gero, berriz, gauzarik ñimiñoena manipulatzeko kapaz ziren, Sarah konplizea zela frogatzeko. Castlek ez zuen besterik espero haiengandik. Horrelakoetan, mendekua hartzeko gogo izugarria sortzen da. Ez zuen ezertxo ere aurkitu. Elkar maite duten bi pertsona elkarrekin daudenean, gutun zaharrek euren balioa galdu ohi dute. Norbaitek ateko txirrina jo zuen. Zutitu zen eta belarriak zolitu zituen. Txirrinak bigarren aldiz jo zuen, baita hirugarrenez ere. Pentsatu zuen tontokeria zela atea ez irekitzea, bisitariak ez baitzuen amore emango barrutiko erantzun bakarra isiltasuna izanagatik ere. Mezu bat izan zitekeen, edo argibide batzuk, ordurako komunikazioa etenda ez bazeukaten, behintzat. Zergatik jakin gabe, kaxoitik errebolberra atera zuen, errekamaran bala bat zeukalarik, eta txaketako poltsiko batean gorde.

        Atondoan berriro zalantza egin zuen. Atearen goialdeko koloretako beirateek erronbo horiak, berdeak eta urdinak igortzen zituzten lurrera. Bururatu zitzaion atea irekitzerakoan errebolberra eskuan bazeukan, poliziak bidezko defentsan hari tiro egiteko eskubidea izango zuela: konponbide erraza izango zen hura. Ezin izango zuten hildako baten kontrako frogarik zabaldu. Gero, bere buruari errieta egin zion, bere artean zioela ez zuela ezertxo ere egin behar ez etsipenak ez itxaropenak aginduta. Errebolberra poltsikoan utzi zuen, eta atea ireki.

        — Daintry! —oihu egin zuen; ez zuen espero aurpegi ezagunik ikusterik.

        — Badago sartzerik? —galdetu zuen Daintryk, ahots pitin bat herabez.

        — Bai, noski.

        Buller bat-batean irten zen bere ezkutalekutik.

        — Ez da arriskutsua —esan zuen Castlek, Daintryk atzera egiten zuela ikusita. Lepokotik atxiki zuen, eta txakurrari adurra bien artera erori zitzaion, ezkontza-eraztuna lurrera erortzen zaion senargai baldarra bailitzan.— Nolatan hemendik, Daintry?

        — Hemendik hurbil nenbilen eta bururatu zait zuri bisita egitea.

        Hain argi zegoen aitzakia hutsa zela, pena eman baitzion Daintryk. Koronelak ez zuen MI5-ean hezitako inkisidore gozo, adiskidetsu eta errukigabe haien inolako antzik. Segurtasuneko funtzionario soila zen, funtzionario fidagarria, bai legeak zorrotz betetzeko, bai karterak miatzeko.

        — Trago bat?

        — Bai, ondo legoke —Daintryren ahotsa zakarra zen. Gauza guztietarako zuribideren bat erabili behar izango bailuen, erantsi zuen—: Gaurko gaua oso hezea eta hotza da.

        — Ez naiz etxetik irten egun osoan.

        — Ez?

        Castlek pentsatu zuen: «Hanka sartu dut, baldin eta gaur goizeko deia bulegotik egin badute...». Berehala esan zuen:

        — Txakurra lorategira ateratzeko ez bada.

        Daintryk whisky edalontzia hartu zuen, eta hari beha luzaz geratu zen. Gero, begiak batera eta bestera zuzendu zituen egongelan zehar, bat-bateko argazkiak azkar egiten ari zen prentsako argazkilariaren modura. Kasik haren betazalak entzun zitezkeen, itxi-irekika.

        — Espero dut zuri enbarazurik ez egitea. Zure emaztea...

        — Ez dago hemen. Bakar-bakarrik nago. Buller kontuan hartu gabe, noski.

        — Buller?

        — Txakurra.

        Bi ahotsek bakarrik urratzen zuten hango isiltasun handia, txandaka, garrantzirik gabeko esaldiak xuxurlatuz.

        — Ez nizun whiskyan ur gehiegi botako, ezta? —esan zuen Castlek, Daintryk artean edan ez bazuen ere—. Beste zerbait neukan buruan.

        — Ez, ez. Horrelaxe gustatzen zait.

        Isiltasuna berriro haien gainera erori zen, antzoki bateko oihal astunaren modura. Castlek lehenengo tiroa egin zuen, konfidentzia bat esanez:

        — Izan ere, arazo txiki bat daukat —une hura egokia iruditu zitzaion Sarahren errugabetasuna argi uzteko.

        — Arazo bat?

        — Emazteak utzi egin nau. Semearekin. Nire amaren etxera joan dira.

        — Sesioan ibili zarete ala?

        — Bai.

        — Sentitzen dut benetan —esan zuen atsekabeturik Daintryk—. Izugarria da horrelako gauzak gertatzen direnean. —Bazirudien heriotza bezain saihestezina zen zerbait deskribatzen ari zela.— Gogoan al daukazu elkar ikusi genuen azken aldia... nire alabaren ezkontzan? Benetan eskertzen dizut gero nire emaztearen etxera lagundu izana. Pozik ibili nintzen zu nire ondoan egonda. Eta haren hontzetako bat hautsi nuen!

        — Bai. Gogoan daukat.

        — Uste dut eskerrik ere ez nizula eman hara joateagatik. Larunbata zen. Gaur bezala. Bera oso haserre zegoen. Nire emaztea, esan nahi dut. Hontzaren kontu hura zela eta.

        — Tupustean alde egin behar izan genuen Davisen kontuagatik.

        — Bai, gizajoa.

        Oihala berriro erori zen, horretarako beren beregi erabiltzen zen kontrazeinu zahar baten ondoren bezala. Azken ekitaldia berehala hasiko zen. Zerbait edateko ordua zen. Biek batera edan zuten.

        — Zer deritzozu haren heriotzari? —galdetu zuen Castlek.

        — Ez dakit zer pentsatu. Egia esan, saiatzen naiz horretaz ez pentsatzen.

        — Uste dute filtrazio bat egin zuela nire sailean, ez da hala?

        — Haiek ez diote Segurtasuneko funtzionario bati konfidentzia askorik egiten. Zertan oinarritzen zara hori esateko?

        — Ez da batere arrunta gutako bat hiltzen denean Sail Berezikoek miaketa egitea.

        — Ez, ez da arrunta.

        — Zuri ere arraroa iruditu zitzaizun haren heriotza?

        — Zergatik galdetzen didazu hori?

        «Paperak elkarri aldatu al dizkiogu? —pentsatu zuen Castlek—. Ni al naiz galdeketa egiten ari dena?».

        — Oraintxe bertan esan didazu saiatzen ari zarela haren heriotzaz ez pentsatzen.

        — Benetan? Ez dakit zer esan nahi nuen. Beharbada, whiskyaren eragina izango zen. Ez diozu ur gehiegi bota, ezta hurrik eman ere.

        — Davisek ez zion inori inoiz ezer esan —esan zuen Castlek.

        Castleri iruditu zitzaion Daintryk poltsikoari begiratzen ziola; hain zuzen ere, poltsiko hura besaulkiaren kuxinaren gainean tinko ezarrita zeukan, errebolberraren pisua zela eta.

        — Benetan hala uste al duzu?

        — Ez, ez da ustea. Ziur nago horretaz.

        Ezin izango zuen ezer argiagorik esan bere burua salatzeko. Azken buruan, beharbada Daintry ez zen hain ikertzaile txarra; berak erakutsitako herabetasuna zein aztoramena, eta Castleri egindako aitorpenak metodo berri baten osagaiak besterik ez ziren agian. Metodo berri hari esker, bere prestakuntza teknikoa MI5-arena baino maila jasoago batean egongo zen.

        — Zer diozu baina? Ziur zaudela?

        — Bai.

        Bere buruari galdetu zion zer egingo zuen Daintryk. Ez zuen inolako ahalmenik Castle atxilotzeko. Telefono bat aurkitu beharko zuen eta bulegokoei aholkua eskatu... Telefonorik hurbilena King's Road-en bukaera aldean zegoen, komisaldegian... Izan ere, dudarik gabe, azal lodia izan beharko zuen Castleri telefonoa erabiltzeko baimena eskatzeko. Jadanik igarri ote zion zer zen poltsikoan zeukan gauza hura? Beldurrak al zegoen? Joaten denean astirik izango dut ihes egiteko, pentsatu zuen Castlek. Nora joanik izango banu. Baina ihes egitea norarik gabe, eta soilik atxiloketa atzeratzeko, ikararen ondorioa besterik ez zen izango. Nahiago zuen zegoen lekuan itxaron... Horrek, behintzat, nolabaiteko duintasuna zuen.

        — Ez dut inoiz garbi izan ea egia esan behar ote nizun —adierazi zuen Daintryk.

        — Orduan, zurekin fidatu ziren?

        — Segurtasun-kontroletarako bakarrik. Neu nintzen haien ardura zeukana.

        — Zuretzat egun txarra izan zen, ezta? Lehenengo, hontza hura hautsi zenuen; eta gero, Davisen ikuskizuna, bere ohe gainean hilda zetzala.

        — Ez zitzaidan batere gustatu Percival doktoreak esan zuena.

        — Zer esan zuen ba?

        — Esan zuen: «Ez nuen uste hau gertatuko zenik».

        — Bai. Gogoratzen dut.

        — Horrek ireki zizkidan begiak —azaldu zuen Daintryk—. Ohartu nintzen zer egin zuten.

        — Konklusioak azkarregi atera zituzten. Ez zituzten sakonki aztertu gainerako aukerak.

        — Zutaz ari zara?

        «Ez diot hain erraz jarriko —hausnartu zuen Castlek—; ez diot den-dena hitzez hitz aitortuko, bere teknika berria oso eraginkorra izanik ere».

        — Edo Watsonez —berriro Castlek.

        — A bai, Watson ahaztuta neukan.

        — Gure saileko paper guztiak bere eskuetatik pasatzen dira. Jakina, 69300-a ere badago, Lourenço Marquesen. Ezin dituzte behar bezala egiaztatu haren banku-kontuak. Nork daki ez ote daukan banku-konturik Rhodesian edo Hegoafrikan?

        — Egia da —onartu zuen Daintryk.

        — Eta gure idazkariak. Ez bakarrik idazkari pertsonalak. Guztiak zerbitzu berean ari dira. Ez didazu esango idazkariak bainugelara joan aurretik deskodetzen ari diren mezua edo mekanografiatzen ari diren txostena giltzapean gordetzen dutela beti?

        — Ulertzen dizut. Niri ere bururatu zitzaidan hori. Neronek aztertu nituen idazkari guztien ibiliak. Betidanik jokatu izan da zabarkeria handiz.

        — Goragotik ere etor daiteke zabarkeria. Davisen heriotza zabarkeria kriminalaren adibide bat izan daiteke.

        — Bera erruduna izan ez bazen, asasinatze bat gertatu zen —ondorioa atera zuen Daintryk—. Ez zuen aukerarik izan bere burua defendatzeko, abokatu baten laguntza jasotzeko. Haiek beldurrak zeuden ez baitzekiten zein eragin izango zuen epaiketak estatubatuarrengan. Percival doktoreak konpartimentu batzuk aipatu zituen...

        — A bai! —esan zuen Castlek— Lelo hori ezaguna egiten zait. Askotan entzun dut. Beno, Davis da orain konpartimentu batean dagoena.

        Castle jabeturik zegoen Daintryren begiak artean haren poltsikoan finkatuta zeudela. Daintryk ados egotearen itxurak egiten al zituen bere kotxeraino arriskurik gabe iritsi ahal izateko?

        — Zu eta biok huts berbera egiten ari gara... Konklusio batzuk azkarregi ateratzen ari gara —jarraitu zuen Daintryk—. Agian Davis zen erruduna. Eta zu zergatik zaude hain ziur bera ez zela erruduna?

        — Arrazoiak bilatu besterik ez dago —esan zuen Castlek.

        Zalantza egin zuen, eta gero atzera egin, ondoko hau erantzuteko tentazio handia sortu zitzaiolako: «Filtrazioa neronek sortu nuen eta». Ordurako ziur zegoen linea etenda zegoela eta ezin zuela espero inoren laguntzarik. Haren iritziz, beraz, ez zuen zentzurik kontu hura gehiago atzeratzeak. Daintry atsegin zuen, haren alabaren ezkontza-egunetik begiko zuen. Mila puskatan hautsitako hontzaren aurrean ikusi zuen, eta bazekien mila puskatan hautsitako ezkontzaren bakardadean bizi zela; hori zela eta, Daintry tupustean gizaki bihurtu zen, Castleren begien aurrean. Haren aitortzaren saria inork merezi bazuen, inor hori Daintry izatea gustatuko zitzaion. Orduan, zergatik ez amore eman eta bere burua entregatu inguru-minguru ibili gabe, poliziak esaten duen bezala? Castlek bere buruari galdetu zion ez ote zen jokoa luzatzen arituko bere etxeko bakardadeari ihes egiteko eta ziega bateko bakardadea saihesteko.

        — Davisen arrazoia, seguru asko, dirua izango zen —esan zuen Daintryk.

        — Davisi ez zitzaion dirua axola. Zaldi-lasterketetan apustu txikiren bat egiteko eta taxuzko Porto ardoa edateko adina bazeukan. Ez, gauzak pixka bat sakonago aztertu behar dira.

        — Zer esan nahi duzu?

        — Gure saila bada susmagarria, filtrazioek Afrikari buruzkoak izan behar dute nahitaez.

        — Zer dela eta?

        — Askoz ere mezu gehiago pasatzen dira gure sailetik, eta mezu horiek guk beste nonbaitera bidaltzen ditugu. Informazio horrek interesgarriagoa izan behar du errusiarrentzat. Mezu horiek filtratu izan balira, ez al zara konturatzen gainerako sailak ere susmagarriak izango liratekeela? Filtrazioa, beraz, gure sailetik dator ezinbestez, Afrikari buruzko gaietan baitihardu.

        — Bai —adostasuna agertu zuen Daintryk—; ulertzen dut.

        — Badirudi horren atzean zera dagoela... beno, beharbada nahitaez ideologia bat ez bada (ez dugu komunistarik derrigorrez bilatu behar), bai gutxienez Afrikarekiko atxikimendu handi bat... edo afrikarrekikoa. Eta uste dut Davisek bere bizitza osoan ez zuela afrikarrik batere ezagutu. —Etenaldi bat egin zuen, eta gero poliki pentsatu ondoren, joko arriskutsurako nolabaiteko gogoa agertu zuen, ondoko hau esanez: —Nire emaztea eta semea izan ezik, jakina. —Puntuak i-en gainean ezartzen ari zen, baina ez zuen asmorik t-ei marrarik ipintzeko.— 69300-ak denbora luzea eman du Lourenço Marquesen. Batek daki zer-nolako lagunak egin dituen bertan. Bere laguntzaile afrikarren artean komunista asko daude. —Hainbeste urte plantak egiten eman ondoan, jokoaz gozatzen hasia zen.— Eta nik ere lagun komunistak neuzkan Pretorian. Dakizunez, C-k berak ere Afrika maite du nolabait —irribarre egin zuen—.

        — Zu txantxetan ari zara!

        — Bai, txantxetan ari naiz, noski. Erakutsi nahi dizut, ordea, ezer gutxi zeukatela Davisen kontra beste batzuekin alderatuz gero, esaterako, nirekin edo 69300-arekin... idazkari horiekin, horietaz ez baitakigu ezertxo ere.

        — Sakonki aztertu ditugu idazkari horiek guztiak.

        — Bai, jakina, aztertuko ez zenituzten ba. Euren maitaleen izenak euren fitxetan omen dauzkagu, ikerketa egin zen garaiko maitaleak. Zenbait neskak, berriz, maitalea askotan aldatzen dute, arropa aldatzen duten bestetan.

        — Susmagarri batzuk aipatu dituzu, baina erabat ziur zaude Davis errugabea dela. —esan zuen Daintryk eta ilun erantsi:— Zuk Segurtasuneko funtzionarioa ez izateko zoria daukazu. Ni dimisioa aurkeztekotan izan nintzen Davisen hiletaren ondoren. Zoritxarrez, ez nuen halakorik egin.

        — Zergatik ez?

        — Zer egin behar nuen denbora pasatzeko?

        — Kotxeetako matrikula-zenbakien bilduma egin zenezakeen, nik behin egin nuen bezala.

        — Zergatik liskartu zara emaztearekin? —galdetu zuen Daintryk—. Barkatu. Kontu hori ez da nire ardura.

        — Egiten dudana gaitzesten zuen.

        — Gure lanbideaz ari zara?

        — Ez, ez da hori zehazki.

        Castlek bazekien jokoa amaitzen ari zela. Daintryk zeharka begiratu zion erlojuari. Castlek bere buruari galdetu zion ea hura benetako erlojua edo mikrofono kamuflatua ote zen. Beharbada Daintryk uste zuen zinta bukaerara iritsia zela. Baimena eskatuko ote zion bainugelara joateko, bertan beste zinta bat ipintzera?

        — Hartu beste whisky bat.

        — Ez, hobe dut gehiagorik ez hartzea. Kotxea etxeraino eraman behar dut.

        Castlek atondoraino lagundu zion, eta Bullerrek ere bai. Txakurra penatuta geratu zen lagun berri bat bazihoala ikusterakoan.

        — Eskerrik asko kopagatik —esan zuen Daintryk.

        — Eskerrik asko hainbeste gauzaz hitz egiteko aukera emateagatik.

        — Ez irten kalera. Oso eguraldi txarra egiten du gaur gauean.

        Castlek, berriz, lagundu egin zion euri-langar hotzaren azpian. Handik berrogeita hamar metrora kalean behera, kotxe baten atzeko argiak ikusi zituen, komisaldegi aurrean.

        — Hori al da zure kotxea?

        — Ez. Nirea apur bat gorago dago. Oinez etorri behar izan dut, kotxetik ezin nuelako zenbakirik ikusi.

        — Gabon ba.

        — Gabon. Espero dut dena konponduko dela... Zure emaztearekin esan nahi dut.

        Euri geldo eta hotzaren azpian, Castle zain geratu zen Daintryren kotxea bere aurretik igaro arte, eskuaz agurtu nahi baitzuen. Ohartu zen kotxea ez zela komisaldegi aurrean gelditzen, baizik eta eskuinera egiten zuela eta gero Londreserako bidea hartu. Jakina, King's Arms edo Swan-en gera zitekeen telefonoa erabiltzeko, baina hala izanda ere, Castlek ez zuen uste oso txosten argirik idatz zezakeenik. Seguru asko, zinta entzun nahi izango zuten erabakirik hartu aurretik. Jadanik Castle ziur zegoen erlojuan mikrofono bat ezkutatu zutela. Geltokia jada zainduta egongo zen, noski, eta aireportuetako inmigrazio-funtzionarioek guztiaren berri izan zezaketen. Daintryren bisitaldiak gauza bat argi uzten zuen: dagoeneko Hallidayren semea hitz egiten hasita egongo zela; bestela ez zuten sekula bidaliko Daintry harekin hitz egitera.

        Kalean gora eta kalean behera begiratu zuen atetik. Ez zen sumatzen inolako zaintzarik, baina komisaldegi aurrean aparkatutako kotxearen argien distira oraindik ikusten zen euri-jasaren artetik. Ez zuen polizien kotxea ematen. Poliziak —eta Sail Berezikoak ere bai, Castleren ustez— Britainia Handiko markadun kotxeekin konformatu behar zuen, eta hark..., ez zegoen ziur, baina Toyota bat zirudien. Ashridge-rako bideko Toyota etorri zitzaion gogora. Kolorea bereizten saiatu zen, baina euriak dena ilundu egiten zuen. Ezin zitekeen gorria beltzetik bereiz euri-langarraren artetik. Zirimiri moduko hura kazkabar xehe bilakatzen hasia zen. Etxean sartu zen, eta lehenengo aldiz itxaropenen bat izaten aursartu zen.

        Edalontziak sukaldera eraman eta kontu handiz garbitu zituen. Bazirudien bere etsipenaren hatz-markak kentzen ari zela. Gero, beste bi edalontzi prestatu zituen egongelan, eta itxaropena apurka-apurka handitzen hasi zen haren baitan. Kimu samurra zen, eta arnasa behar zuen, erruz gainera; baina, bere buruari berriro esan zion kanpoko kotxea Toyota zela, ezbairik gabe. Ez zuen pentsatu ere egin nahi zenbat Toyota egongo ote ziren eskualde hartan; eta hori egin beharrean, prestatu egin zen lasai itxaroteko, txirrinak jo arte. Bere buruari galdetu zion nor azalduko zen atalasera, Daintryk utzitako lekura. Ez zen Boris izango, horretaz ziur zegoen; eta Hallidayren semea ere ez, fidantzapean baitzegoen kalean, eta seguru asko oso lanpetuta egongo zen Sail Bereziko gizonekin.

        Sukaldera itzuli zen eta gailetaz beteriko plater bat eman zion Bullerri... Beharbada denbora luzea igaroko zen txakurrak berriro zerbait jan arte. Sukaldeko erlojuaren tiki-taka zalapartatsuak pentsarazten zion denbora ohi baino geldiroago zihoala. Toyotaren barruan lagunen bat egonez gero, asko kostatzen ari zitzaion bere burua erakustea.

 

 

4

 

        Daintry koronela King's Arms-eko patioan sartu zen. Kotxe bat besterik ez zegoen bertan. Une batez egonean gelditu zen bolantearen aurrean, eta bere buruari galdetu zion ea une hartan bertan deitu behar ote zuen telefonoz, eta hala izanez gero, zer esan behar ote zuen. Amorru sekretu bat nagusitu zen haren baitan C eta Percival doktorearekin Reform-ean izandako bazkarian. Zenbaitetan, bere amuarrain ketu platera baztertu eta hau esateko gogoa etortzen zitzaion: «Dimisioa aurkezten dut. Ez dut zuen Etxe madarikatuarekin inolako zerikusirik izan nahi». Nazkatuta zegoen etengabeko misterioez eta isilpean gorde beharreko hutsegiteez. Hutsegite haiek, gainera, ez zituzten sekula onartzen. Gizon batek patioa zeharkatu zuen kanpoko komun batetik, doinu desafinatu bat txistukatzen eta bragetaren botoiak lotzen ari zelarik. Pubean sartu zen. Daintryk pentsatu zuen: «Haiek nire ezkontza zapuztu zuten euren misterioekin». Gerran parte hartzeko arrazoia argi zegoen..., Daintryk bere aitak baino askoz ere argiago izan zuen. Kaiserra ez zen Hitler bezalakoa izan. Esku artean zeukaten gerra hotz hartan, kaiserrenean bezala, eztabaidagarria zen zer zegoen ondo eta zer ez. Bilatzen zuten helburuaren barruan, ezerk ez zuen justifikatzen okerrean egindako asasinatzerik. Berriro ere bere haurtzaroko etxe ilunean ikusi zuen bere burua: ezkaratza zeharkatzen ari zen, eta gela batera sartu zen, non bere aita-amak elkarren ondoan eserita eta eskutik lotuta topatu baitzituen. «Jainkoak badaki zer egiten duen», esan zuen bere aitak, Jutlandia eta Jellicoe almirantea gogora ekarriz.

        Bere amak esan zuen: «Seme maitea, zure adinean zaila da beste lanen bat aurkitzea».

        Daintryk kotxeko argiak izeki zituen, eta tabernarantz abiatu zen euri-jasaren azpian. Pentsatu zuen: «Emazteak nahiko diru dauka, alaba ezkonduta dago; eta ni nola edo hala moldatuko nintzateke nire erretiro-pentsioarekin bizitzeko».

        Gau hotz eta heze hartan, gizon bakar bat zegoen pubean. Edalontzi bat garagardo beltz edaten ari zen.

        — Gabon, jauna —esan zuen betiko lagunak balira bezala.

        — Gabon. Whisky bikoitz bat —eskatu zuen Daintryk.

        — Hori esaterik badago —esan zuen bezeroak, zerbitzaria jiratu eta Johnnie Walker botila baten azpian edalontziari eusten zion bitartean.

        — Esan zer?

        — Gauaz ari naiz, jauna. Baina uste dut normala dela azaroan eguraldi hau egitea.

        — Telefonoa erabiltzerik bai? —galdetu zion Daintryk zerbitzariari.

        Zerbitzariak whiskya barraren gainetik bultzatu zuen gogo txarrez, eta telefonoa buruaz seinalatu zion. Argi zegoen ez zela oso gizon berritsua. Bezeroek esaten zutena entzuteko zegoen han, eta ez behar baino gehiago hitz egiteko, ondoko hau esateko unea iritsi arte: «Ixteko ordua da, jaunak». Izan ere, une hura oso desiratua eta pozgarria zuen.

        Daintryk Percival doktorearen telefono-zenbakia markatu zuen, eta linearik ez zegoela adierazten zuen seinalea entzuten zuen bitartean, esan nahi zituen hitzak prestatzen saiatu zen. «Castle ikusi dut... Bakarrik dago etxean... Eztabaida izan du emaztearekin... Ez dago berri gehiagorik...» Tupustean eta indarrez eskegiko zuen telefonoa, une hartan eskegi zuen bezala. Gero, barrara itzuli zen, bere whiskya zegoen aldera, baita zerbitzariarekin hitz egiten behin eta berriro saiatzen ari zen gizonarengana ere.

        — Ummm —zioen zerbitzariak—, ummm —eta erantsi zuen—: Bai.

        Bezeroa Daintryrengana jiratu zen, koronela solasaldiaren barruan sartzeko asmoz.

        — Orain oinarrizko aritmetika ere ez zaie irakasten. Atzo bederatzi urteko ilobari galdetu nion zenbat zen lau bider zazpi, eta zer uste duzu erantzun zidala?

        Daintryk bere whiskya edan zuen, kabinari tinko so egiten ziola, esango zituen hitzak hautatzeko ahaleginean amore eman gabe.

        — Ikusten dudanez, ados zaude nirekin —esan zion bezeroak Daintryri—. Eta zu? —galdetu zion zerbitzariari—. Zure negozioak porrot egingo luke lau bider zazpi zenbat diren jakingo ez bazenu.

        — Ummm —erantzun zuen zerbitzariak, barra gainean isuritako garagardoa kentzen ari zen bitartean.

        — Jakizu, jauna, erraz asko asma dezakedala zure lanbidea. Ez galdetu nola egiten dudan. Bihozkada da. Aurpegiak sakonki aztertzetik datorkit, uste dut. Eta giza izaera. Horrexegatik aurkitu nauzu aritmetikaz hizketan, kabinatik etorri zarenean. Gai horretan zuk oso jantzita egon behar duzu —esan zion Mr. Barkerri—. Ez da hori zehazki nik esandakoa?

        — Ummm —erantzun zuen Mr. Barkerrek.

        — Beste garagardo bat edango dut, axola ez bazaizu. —Mr. Barkerrek edalontzia bete zion—. Batzuetan nire lagunek erakustaldi bat egiteko eskatzen didate. Apostuak ere egiten dituzte noizean behin. Irakaslea da, esaten dut, metroan doan pertsona batez, edo kimikaria, eta gero adeitasunez galdetu ohi diot zer den. Ez dute inoiz gaizki hartzen, jolasa zertan datzan azaltzen diedanean, eta bakarrik hamarretik batean egiten dut kale. Mr. Barker esaten dudanaren lekukoa da, ez da horrela Mr. Barker?

        — Ummm.

        — Axola ez bazaizu, jauna, orain zurekin jolastuko naiz Mr. Barker entretenitzeko, besterik ez, gau hotz eta heze honetan... Zuk gobernurako egiten duzu lan. Arrazoia daukat, bai ala ez?

        — Bai —onartu zuen Daintryk.

        Daintryk bere whiskya amaitu zuen, eta edalontzia barra gainean utzi zuen. Berriro ere telefonoz deitzekotan zegoen.

        — Bero, bero, ezta? —bezeroak Daintry arreta handiz aztertu zuen, begi txiki, biribil eta distiratsuez—. Isilpeko postu batean. Zuk beste guztiok baino askoz gehiago dakizu gauza askori buruz.

        — Telefonoz deitu behar dut —esan zuen Daintryk.

        — Egon pixka bat, jauna. Mr. Barkerri zera bakarrik erakutsi nahi diot... —ezpainetan zeukan garagardoa pitin bat xukatu zuen musuzapi batez, eta aurpegia hurreratu zion Daintryri—. Zu zenbakien artean aritzen zara. Ogasun Sailean egiten duzu lan —Daintry kabinarantz abiatu zen—. Ikusi duzu —esan zion bezeroak zerbitzariari—, gizon mesfidatia da. Ez zaie gustatzen inork jakiterik nortzuk diren. Seguru asko, ikuskatzailea da.

        Orduko hartan, linea libre zegoen, eta Daintryk berehala entzun zuen Percival doktorearen ahots eztia eta lasaigarria, gaixoekin hitz egiteko mintzaera egokia artean ahaztu izan ez balu bezala, aspaldidanik sendagile-lanik egiten ez bazuen ere.

        — Esan? Percival doktorea naiz. Nor da?

        — Daintry.

        — Gabon. Lagun maitea. Ezer berririk bai? Non zaude?

        — Berkhamsted-en. Castlerekin egon naiz.

        — Bai. Zer uste duzu?

        Esan nahi zituen hitzak hirak berarekin eraman eta mila puskatan hautsi zituen, azkenean bidaltzen ez den gutunarekin gertatzen den bezala.

        — Uste dut behar ez zen gizona hil zenuela.

        — Ez nuen inor hil —esan zuen Percival doktoreak adeitasunez—, huts bat gertatu zen medikazioa erabakitzerakoan. Gai hura ez zen lehenago erabili gizakiekin. Baina, zergatik uste duzu Castle...?

        — Ziur dagoelako Davis errugabea zela.

        — Hori esan al dizu? Hitz horiekintxe?

        — Bai.

        — Zertan ari da orain?

        — Zain dago.

        — Zeren zain baina?

        — Zerbait gertatuko zain. Emazteak abandonatu egin du haurrarekin. Castlek dionez, sesioan aritu dira.

        — Aireportuetakoak jakinaren gainean jarri ditugu —adierazi zion Percival doktoreak—. Itsas portuetakoak ere bai, jakina. Ihes egiten saiatzen bada, prima facie frogak izango ditugu... baina oraindik zerbait zehatzagoa behar dugu.

        — Davisekin ez zenuten itxaron ezer zehatzik izan arte.

        — Oraingoan C-a horretan tematu da. Zer egingo duzu zuk orain?

        — Etxera joan.

        — Mullerren oharrez galdetu al diozu?

        — Ez.

        — Zergatik?

        — Ez da beharrezkoa izan.

        — Lan bikaina egin duzu, Daintry. Esadazu, zergatik uste duzu hitz egin dizula hain argi?

        Erantzun gabe telefonoa eskegi zuen Daintryk, eta kabinatik irten zen.

        — Asmatu dut, ezta? —esan zuen bezeroak— Zu Ogasuneko ikuskatzailea zara.

        — Bai.

        — Ikusi duzu, Mr. Barker. Berriro ere asmatu dut.

        Daintry koronela pixkanaka-pixkanaka hurbildu zen bere kotxera. Une batez geldi egon zen kotxe barruan, motorea martxan zuela, euri-tantei so, haizetakoan zehar tanta batzuk besteen atzetik zihoazen bitartean. Gero, patiotik atera zen eta Boxmoor-era, Londresera eta St. James's Street-eko apartamentura zihoan bidea hartu zuen. Izan ere, bere apartamentuan aurreko eguneko Camembert gazta zeukan zain. Astiro eraman zuen kotxea. Azaroko bisuts hura sekulako erauntsi bilakatua zen, eta kazkabarra ez zen urruti ibiliko agian. Pentsatu zuen: tira, nire «eginkizuna» deitzen dioten hori bete dut. Bere etxera zihoan, eta han mahai baten aurrean eseriko zen bere gutuna idazteko, Camembert-a ondoan zuela; ez zuen, hala ere, inolako presarik. Jadanik dimititu izan balu bezala sentitu zen. Berekiko esan zuen azkenean gizon librea zela, jadanik ez zeukala ez betebeharrik, ez eginkizunik. Ordura arte, berriz, ez zuen sekula sentitu halako bakardade gorririk.

 

 

5

 

        Txirrinak jo zuen. Castlek denbora luzea zeraman haren zain, hala ere, zalantza egin zuen atera hurbildu ala ez; iruditu zitzaion baikorra izan zela, horretarako inolako arrazoirik izan gabe. Seguru asko, dagoeneko Hallidayren semea hitz egiten hasita egongo zen; milaka Toyota zeuden eta hangoa, agian, horietako bat besterik ez zen izango; bazitekeen, gainera, Sail Berezia dagoeneko zain egotea, bera bakarrik geratu arte. Castlek bazekien, bestalde, ez zela batere zuhurra izan Daintryrekin, horrela jokatzeko arrazoirik izan ez bazuen ere. Txirrinak berriro jo zuen, baita hirugarren aldiz ere: ez zuen irekitzea besterik. Atera hurbildu zen eskua poltsikoan zeukala, errebolberraren gainean, ondotxo bazekien ere ez zitzaiola untxi-hanka baino askoz baliagarriagoa izango. Castle ezin zen tiroka irten irla batetik. Bullerrek ematen zion laguntza itxura hutsezkoa baino ez zen, basakeria handiz marmar egiten zuen arren. Castlek bazekien atea ireki bezain laster txakurra jolasean hasiko zela bisitariarekin, atalasera azalduko zena zein ere zen. Ezin izan zuen ezer ikusi koloretako beiratetik, kanpoaldea euritan blai baitzegoen. Atea irekitzerakoan ere ez zuen askoz gehiago begietsi: makurtuta zegoen giza irudi bat, besterik ez.

        — Hau da hau eguraldi txarra! —kexatu zen ahots ezagun bat ilunpetatik.

        — Mr. Halliday... Ez nuen uste zu etorriko zinenik.

        Castlek pentsatu zuen: «Laguntza eske etorri da bere semea dela eta. Zer egin dezaket nik ordea?»

        — Oso ondo, hi, oso ondo —esan zion urduri Bullerri Mr. Halliday ia ikustezin hark.

        — Aurrera, ez du ezer egiten —esan zion Castlek.

        — Ikusten da oso txakur ona dela.

        Mr. Halliday tentuz sartu zen, paretari pega-pega eginda, eta Bullerrek geratzen zitzaion buztan-puskari eragin zion, adurra zeriola.

        — Ikusten duzunez, Mr. Halliday, Buller mundu guztiaren laguna da. Kendu berokia. Eseri eta hartu whisky bat.

        — Ez dut askorik edaten, baina ez dizut ezetzik esango.

        — Irratian zure semearena entzun dut; sentitzen dut, benetan. Seguru asko, oso kezkatuta egongo zara.

        Mr. Halliday Castleren atzetik joan zen gelara.

        — Bere ordaina jaso du, jauna, eta beharbada zerbait ikasiko du horretatik. Poliziak dendako material asko errekisatu dio. Inspektoreak gauza bat edo bi erakutsi zizkidan, eta benetan nardagarriak ziren. Inspektoreari esan nionez, ordea, ez dut uste semeak horrelako gauzarik irakurriko zuenik.

        — Espero dut poliziak zu molestatu ez izana.

        — O ez! Esana dizudanez, jauna, uste dut pena ematen diedala. Badakite nire negozioa oso bestelakoa dela.

        — Nire gutuna emateko aukerarik izan al duzu?

        — Ez, ez, jauna! Zuhurrago iruditu zitzaidan ez ematea, oraingo egoera kontuan izanda. Ez kezkatu. Dagokionari bidali diot mezua.

        Hallidayk Castle irakurtzen aritu zen liburu bat hartu zuen, eta izenburuari erreparatu zion:

        — Zer arraio esan nahi duzu?

        — Beno, jauna, uste dut zu ez zarela inoiz egia osoaren jakitun egon. Nire semea ez da sekula aritu zu zabiltzan kontuetan. Haiek nahiago izan zuten zuk hala pentsatzea, arazorik sortzen bazen ere... —Makurtuta eskuak gasezko berogailuan berotu zituen, eta gorantz begiratu zuen gozamenez beterik, horrelako sentsaziorik isladatu nahi ez zuen arren.— Tira jauna, egoera ikusita, lehenbailehen atera behar zaitugu hemendik.

        Castle zeharo harrituta gelditu zen, haien konfiantza lortu ez zuela ikusita, ezta berarekin fidatzeko arrazoi gehien zutenena ere.

        — Barkatu, jauna, non daude zure emaztea eta semea? Aginduak dauzkat...

        — Gaur goizean zure semeari buruzko albisteak entzun ditudanean, leku batera bidali ditut. Nire amaren etxera. Hark uste du liskartu egin garela.

        — A, ederki! Zailtasun bat gutxiago.

        Mr. Halliday, eskuak behar bezala berotu ondoan, gelan zehar aurrera eta atzera ibiltzen hasi zen, liburuen apalak begiez aztertzen ari zela.

        — Edozein liburu-saltzailek beste emango dizut nik guztiarengatik. Hogeita bost libra... horixe baino gehiago ez dizute utziko hemendik ateratzen. Dirua aldean daukat. Zure liburuak nire liburudendaren ildo berekoak dira. Klasiko Unibertsalak eta Everyman's. Ez dituzte behar bezala berrinprimatu. Ondo berrinprimatzen dituztenean, ordea, a nolako prezioak!

        — Uste nuen presaka genbiltzala.

        — Azken berrogeita hamar urteotan ikasi dut gauzak patxadaz hartzen —esan zuen Mr.Hallidayk—. Gauzak behar baino azkarrago egiten hasiz gero, hutsak berehala sortzen dira. Ezer egiteko ordu erdia geratzen zaizunean, esaiozu zeure buruari hiru ordu geratzen zaizkizula. Lehenago whiskya aipatu al duzu, jauna?

        — Denborarik badugu... —Castlek bi edalontzi bete zituen.

        — Bai, badugu. Prest izango duzu behar duzun guztia, ezta?

        — Bai.

        — Zer egingo duzu txakurrarekin?

        — Hemen utzi, uste dut. Ez nuen horretaz pentsatu... Zuk albaitari batengana eraman zenezake beharbada.

        — Hori ez litzateke batere zuhurra izango, jauna. Ez da komenigarria zu eta bion arteko loturarik egotea. Demagun txakurraren arrastoari jarraitzen diola poliziak. Nolanahi ere, zenbait ordutan txakurrak zaratarik ez egitea lortu behar dugu. Zaunka egiten al du bakarrik geratzen denean?

        — Ez dakit. Normalean ez dugu bakarrik uzten.

        — Beharbada auzokoak kexatuko dira. Edozeinek poliziari deituko dio agian. Eta ez da ona guretzat polizia etortzea eta etxea hutsik aurkitzea.

        — Edozelan ere, laster aurkituko dute horrela.

        — Ez du inolako garrantzirik izango, ordurako zu kanpoan baldin bazaude. Penagarria da zure emazteak txakurra eraman ez izana.

        — Ezin zuen. Nire amak katu bat dauka. Bullerrek katuak ikusi bezain laster akabatu egiten ditu.

        — Bai, boxer hauek oso bihurriak dira; katuekin, esan nahi dut. Nik ere katua daukat. —Mr. Halliday Bullerren belarriekin jolasean ari zen, eta hark lerdea bota zion.— Zera esan nahi nizun: azkar ibiliz gero, xehetasunak ahaztu egiten direla. Txakurra, esaterako. Sotorik ba al daukazu?

        — Ez dago babestuta zaraten kontra, txakurra bertan giltzapean uztea pentsatu baduzu.

        — Ikusten dudanez, jauna, eskuineko poltsikoan errebolber bat daukazu. Ez al da horrela?

        — Pentsatu nuen polizia etorriz gero... Bala bat besterik ez dauka.

        — Etsipenaren eragina?

        — Oraindik ez nuen erabiltzeko asmorik.

        — Hobe duzu niri ematea, jauna. Atxilotzen bagaituzte, nik, behintzat, badaukat lizentziarik... azkenaldi honetan dendetan gertatzen ari diren lapurretengatik. Nola du izena, jauna? Txakurrak, noski.

        — Buller.

        — Etorri hona, Buller, etorri hona. Horrela; txakur ona zara. —Bullerrek muturra bermatu zuen Mr. Hallidayren belaunaren gainean.— Hori da, hori da Buller. Zuk ez diozu inolako arazorik sortarazi nahi zure jabeari, zure jabea hain jatorra izanik, ezta? —Bullerrek bere buztan motzari eragin zion.— Diotenez, animaliak ohartzen dira maitatuak ote diren. —Bullerri hatz egin zion belarrien atzean, eta txakurrak bere poza agertu zuen.— Orain, jauna, axola ez bazaizu, emadazu errebolberra... Orduan, katuak hiltzen dituzu... txakur gaizto horrek!

        — Tiroa entzungo dute —esan zuen Castlek.

        — Sotora jaitsiko gara. Inork ez du jaramonik egiten, tiro bakar bat entzunez gero. Ihes-tuturen bat izan dela uste izango dute.

        — Zurekin ez da joango.

        — Ikusiko dugu. Etorri Buller. Goazen paseo bat egitera. Paseotxo bat, Buller.

        — Ikusten?, ez du zurekin joan nahi.

        — Alde egiteko ordua dugu, jauna. Hobe da nirekin jaisten bazara. Lan hori kendu nahi nizun.

        — Ez, neronek egingo dut.

        Castlek aurrera egin zuen sotorako eskaileran behera. Haren atzean Buller zihoan, eta ondo-ondotik Mr. Halliday.

        — Nik ez nuke argia piztuko, jauna. Tiro-hots batek eta itzaltzen den argi batek norbaiten arreta erakar dezakete.

        Castlek garai batean ikatza botatzeko arrapala izan zena itxi zuen.

        — Orain, jauna, errebolberra ematen badidazu...

        — Ez, neronek egingo dut.

        Castlek errebolberra atera zuen eta Bullerri apuntatu zion. Txakurra beti jolas egiteko pronto zegoenez, hortzez atxiki zion errebolberrari eta indarrez tira egin, seguru asko uste zuelako armaren ahoa gomazko hezur bat zela. Castlek katua bi aldiz sakatu behar izan zuen, lehenengo errekamara hutsik zegoela gogoratuta. Gorroto zuen hura egin beharra.

        — Beste whisky bat hartuko dut alde egin aurretik —esan zuen.

        — Merezita daukazu, jauna. Ez da erraza ulertzea nola iristen garen animalia ergel horiek horrela maitatzera. Nire katua...

        — Nik ez nuen Buller batere atsegin. Baina... beno, orain arte nik ez nuen inoiz ezer hil.

 

 

6

 

        — Ez da erraza euri honekin kotxea eramatea —esan zuen Mr. Hallidayk, isilune luze bat hautsiz: Bullerren heriotzak mihiak estekatu zizkien.

        — Nora goaz? Heathrow-ra? Inmigrazioko funtzionarioak zelatan egongo dira honezkero.

        — Hotel batera eramango zaitut. Eskularru-kaxa irekiz gero, jauna, giltza bat aurkituko duzu. 423. gela. Ezeren zain egon gabe, igogailuan sartu eta gorantz egin behar duzu; horixe besterik ez duzu egin behar. Ez joan harrera-lekura. Itxaron zeure gelan norbait bila doakizun arte.

        — Eman dezagun zerbitzari bat...

        — «Ez sartu, mesedez» txartela zintzilikatu atean.

        — Gero...

        — Ez dakit besterik, jauna. Horiexek dira eman dizkidaten agindu guztiak.

        Castlek bere buruari galdetu zion nola hartuko ote zuen Samek Bullerren heriotza. Bazekien ez ziola inoiz barkatuko.

        — Nola nahasi zinen honetan? —galdetu zion Mr. Hallidayri.

        — Ez nintzen ezertan nahasi, jauna. Alderdiko kidea naiz, isilean, mutikoa nintzenetik. Hamazazpi urte nituela, armadan sartu nintzen, bolondres. Adina faltsifikatu nuen. Uste nuen Frantziara bidaliko nindutela, baina Arkhangelsk-era eraman ninduten. Lau urte eman nituen preso. Asko ikusi eta ikasi nuen lau urte haietan.

        — Nola tratatu zintuzten?

        — Gogorra izan zen, baina mutiko batek gauza asko jasan dezake. Eta beti baten bat atsegina izaten zen. Errusiera pixka bat ikasi nuen, interpretari-lanak egiteko adina, eta liburuak ematen zizkidaten, jatekorik eman ezin zidatenean.

        — Liburu komunistak?

        — Bai jakina, jauna. Misiolari batek Biblia emango zidan, ezta?

        — Fedea duten horietako bat zara zu beraz...

        — Nik oso bizimodu bakartia eraman dut, aitortu beharra daukat. Ulertuko duzunez, ezin naiz mitinetara joan, ezta manifestazioetan parte hartu ere. Nire semeak ere ez du honen berri. Ahal dutenean, eginkizun txikietarako erabiltzen naute, zure kasuan bezala, jauna. Behin baino gehiagotan joan izan naiz zure mezutegira gauzak jasotzera. Nire dendan aurreneko aldiz sartzen ikusi zintudanean, zoriontsu sentitu nintzen; iruditu zitzaidan ez nengoela horren bakarrik.

        — Ez duzu sekula makalaldirik, Halliday? Esan nahi dut... Stalin, Hungaria, Txekoslovakia.

        — Dezente ikusita nago ni, gaztetan Errusian... eta gero, Ingalaterran, Depresio-garaian hona itzuli nintzenean. Orduko gertakariak ikusi ondoren, inmunizatuta nago horrelako gauza txikien aurrean.

        — Txikiak?

        — Barkatu, jauna, baina zure pentsamoldea dezente selektiboa da. Nahi baduzu, Hamburg, Dresde eta Hiroshimaz hitz egin dezakegu. Gertakari horiek ez al zizuten kili-kolo utzi zuek demokrazia deitzen diozuen horretarako zenuen sinesbidea? Beharbada bai; bestela, ez zeundeke orain nirekin.

        — Hori gerra-garaian gertatu zen.

        — Nitarrak 1917tik daude gerran.

        Castlek gau hezea aztertu zuen, alde batetik bestera higitzerakoan haizetako-garbigailuek uzten zuten tartetik begiratuz.

        — Heathrow-ra naramazu ala?

        — Ez, ez da hori zehazki. —Mr. Hallidayk esku bat ezarri zion belaunean, Ashridge-ko basoko udazkeneko hosto bat bezain arina.— Lasai egon, jauna. Haiek babesten zaituzte. Bekaitz dizut. Mosku laster ikusiko duzu, dudarik gabe.

        — Ez zara inoiz Moskun izan?

        — Inoiz ez. Ez naiz sekula izan Arkhangelsk-eko kontzentrazio-esparrua baino harantzago. Hiru ahizpak ikusi al duzu? Nik behin bakarrik ikusi dut, baina beti gogoan izango dut zer zioen ahizpetako batek, eta horixe bera esaten diot nik neure buruari gauez, lorik egin ezinda nagoenean: «Etxea saldu, hemengo gauza guztiei agur egin, eta Moskurantz abiatu...».

        — Aurkituko duzun Moskuk ez du Chehoven Moskuren antz handirik izango.

        — Ahizpa horietako batek beste gauza bat esaten zuen: «Jende zoriontsua ez da ohartzen negua edo uda ote den. Ni Moskun biziko banintz, ez nintzateke eguraldiaz axolatuko». Deprimituta nagoenean, neure artean esaten dut Marxek ere ez zuela Mosku ezagutu. Old Compton Street-en beste aldera begiratu eta pentsatzen dut oraingo Londres Marxen Londres dela oraindik. Eta Soho Marxen Soho. Hantxe inprimatu zen lehenengo aldiz Alderdi Komunistaren Manifestua. —Ustekabean kamioi bat agertu zen euri artean, irrist egin zuen, eta haien kontra jotzeko zorian egon zen. Gero, ezertxo ere gertatu ez balitz bezala, bere bidetik segitu zuen.— Kamioilari zikin horiek! —oihu egin zuen Mr. Hallidayk.— Badakite ezin zaiela ezer gertatu kamioitzar horiekin. Zigor handiagoak ezarri beharko lizkiekete kotxea modu arriskutsuan eramaten dutenei. Horixe da Hungarian eta Txekoslovakian ondo ez zihoana... Gauzak modu arriskutsuan zeramatzaten. Dubcek gidari arriskutsua zen. Eta ez dago besterik.

        — Niretzat ez da hain erraza. Nik ez dut sekula Moskun amaitu nahi izan.

        — Zuri bitxi samarra irudituko zaizu, gutarra ez zarenez gero. Ez duzu inola ere zertan kezkaturik. Ez dakit zer egin duzun guretzat, baina garrantzi handikoa behar du izan. Babestu egingo zaituzte, horretaz ziur egon. Ez nintzateke harrituko Leninen Ordena emango balizute, edo seilu bat sortuko balute zure aurpegiarekin, Sorgerekin gertatu zen bezala.

        — Sorge komunista zen.

        — Ni harro nago nire tramankulu zahar honetan Moskurako bidean zoazela jakiteaz.

        — Mende bat elkarrekin emango bagenu ere, Halliday, ez nindukezu konbentzituko.

        — Ez nago hain ziur. Azken batean, zuk laguntza handia eman diguzu.

        — Afrikan besterik ez.

        — Halaxe da, jauna. Bide onean zaude. Hegelek esango luke Afrika tesia dela. Zu antitesiaren zati bat zara, zati aktiboa inondik ere, eta egunen batean sintesian hartuko duzu parte.

        — Niretzat, hori hizkera mordoiloa besterik ez da. Ni ez naiz filosofoa.

        — Militanteak ez du filosofoa izan behar. Eta zu militantea zara.

        — Ez komunismokoa baina. Oraingoz, biktima besterik ez naiz.

        — Moskun sendatuko zaituzte.

        — Ospitale psikiatriko batean?

        Ihardespen hark Mr. Halliday isilarazi zuen. Castlek zirrikituren bat aurkitu al zuen Hegelen dialektikan edo minaren eta zalantzaren ondorioz sortu zen isilune hura? Erantzuna ez zuen inoiz jakingo, haien aurrean hotela azaldu zelako. Euri artean hoteleko argi lausotuak ikusten ziren.

        — Jaitsi hemen —eskatu zion Mr. Hallidayk—. Hobe da inork ni ez ikustea.

        Kotxea gelditu eta berehala, ilara luze argitsu bat osatzen zuten kotxe batzuk haien aurretik igaro ziren; kotxe bakoitzaren faroek aurretik zihoan kotxearen atzeko argien distira areagotu egiten zuten. Boeing 707 bat Londresko aireporturantz jaisten ari zen, zarata handia eginez. Mr. Halliday zerbaiten bila ari zen kotxeko atzeko jarlekuan.

        — Zerbait ahaztuta neukan. —Egunen batean beharbada zergarik gabeko gaiak bilduko zituen plastikozko poltsa bat atera zuen.— Hustu zure maleta eta sartu gauzak hemen. Igogailura bazoaz maleta eskuan daukazula, inoren arreta erakar dezakezu harrera-lekuan.

        — Poltsan ez dago lekurik gauza guztientzat.

        — Horrela bada, utzi hemen kabitzen ez diren gauzak.

        Castlek obeditu egin zuen. Sekretupeko hainbeste urte eman ondoren ere, berehala ohartu zen larrialdietako benetako aditua Arkhangelsk-eko errekluta gaztea zela. Pijama gogo txarrez utzi zuen (kartzelan beste bat emango ziotelakoan), baita jertsea ere. «Haraino iristen banaiz, gehiago berotzen duen arroparik eman beharko didate».

        — Opari txiki bat daukat zuretzat —esan zuen Mr. Hallidayk—. Trolloperen liburu haren ale bat, zuk eskatu zenidana. Dagoeneko ez dituzu bi ale beharko. Ez da batere liburu laburra, baina luze itxaron beharko duzu. Beti halakoxea da gerra-garaian. Gaur egungo bizimodua dauka izena.

        — Zure semeak gomendatutako liburua?

        — Gezur txiki bat bota nizun. Neu naiz Trolloperen liburuak irakurtzen dituena, ez semea. Haren idazlerik gogokoena Robbins izeneko bat da. Barkatu engainu txiki hori, baina zuk hari buruzko iritzi hobea izatea nahi nuen, haren denda gora-behera. Ez da, hala ere, mutil gaiztoa.

        Castlek eskua eman zion Mr. Hallidayri.

        — Sinesten dizut. Espero dut haren arazoak laster konponduko direla.

        — Ez ahaztu: joan zuzenean 423. gelara eta itxaron bertan.

        Castle hoteleko argietarantz abiatu zen, plastikozko poltsa eskuan zeukala. Ingalaterran ezagutzen zituen gauza guztiekin harremana galdu izan balu bezala sentitzen zen: Sarah eta Sam urruti zeuden, Mrs. Castleren etxean, non Castle bera ere ez baitzen inoiz erabat gustura sentitu. Pentsatu zuen: «Pretorian gusturago egon nintzen. Han lana neukan. Orain ez daukat ezertxo ere egiteko». Ahots batek oihu egin zion euri-jasaren artetik.

        — Zorte on, jauna! Munduko zorterik onena opa dizut!

        Castlek entzun zuen kotxea pixkanaka-pixkanaka urruntzen ari zela.

 

 

7

 

        Castle sor eta lor geratu zen: hotelean sartu bezain laster, Kariben murgildu zen bete-betean. Han ez zuen euririk egiten. Palmondoz inguratutako igerileku bat zegoen, izar txikiz beteriko zeruaren pean. Hango aire bero, heze eta itogarriak gerra amaitu eta berehala hartu zituen oporrak gogorazi zizkion: ahots amerikarrez inguratuta zegoen —Kariben bezalaxe—. Harrera-lekuko inoren arreta erakartzeko arriskurik ez zegoen, oso lanpetuta baitzeuden aireporturen batetik hara eraman berriak izan ziren bidaiari amerikarren uholdea zela eta. Zein aireportutatik etorri ote ziren? Kingston-gotik? Bridgetown-gotik? Zerbitzari beltz bat Castleren aurretik igaro zen, igerileku ondoan eserita zegoen bikote gazte batentzako bi ron-pontxe zeramatzala. Hantxe zeukan igogailua, ondoan, ateak irekita, zain. Eta, hala ere, kosta egiten zitzaion barrura sartzea... Gazte bikoteak pontxeari ekin zion, edateko lastotxo batez lagundurik, izarpean. Castlek besoa luzatu zuen, ateri zegoela egiaztatu nahirik. Hurbil zegoen norbaitek deiadar egin zuen:

        — Hara nor dagoen hemen! Maurice, zer ari zara hemen?

        Castlek eskua geldiarazi zuen poltsikorako bide erdia egina zuela, eta bere inguruan begiratu zuen. Poztu egin zen errebolberra jadanik aldean ez eramateaz. Gizon hark Blit zeukan izena, eta zenbait urte lehenago Castleren kontaktua izan zen Estatu Batuetako enbaxadan, Mexikora bidali zuten arte... beharbada ez zekielako gaztelaniaz.

        — Blit! —agur egin zion benetako poztasunik gabe.

        Betidanik halakoxea zen bien arteko tratamendua. Besteak Maurice deitzen zion elkar ezagutu zuten egunetik, baina Castle ez zen inoiz «Blit» hartara baino urrunago iritsi.

        — Nora zoaz? —galdetu zuen Blitek, baina ez zen Castleren erantzunaren zain geratu: betidanik nahiago izan zuen bere buruaz hitz egin—. Ni New Yorkera noa. Nire hegaldia atzeratu egin da. Hementxe emango dut gaua. Buru argiz pentsatu zen hotel hau eraikitzea. Irla Birjinak bezalakoxea da. Bermudak ekarri izan banitu, dagoeneko jantzita izango nituen.

        — Uste nuen Mexikon zeundela.

        — Hori kontu zaharra da. Orain Europako bulegoan nago berriro: Zu oraindik Afrika ilunaz arduratzen al zara?

        — Bai.

        — Zu ere zain zaude hemen?

        — Itxaron egin behar dut —esan zuen Castlek, Blit erantzunaren anbiguotasunaz jabetuko ez zen itxaropenez.

        — Zer iruditzen zaizu Planter's Punch bat hartzen badugu? Esan didate hemen primeran prestatzen dituztela.

        — Konforme. Ordu erdi barru elkartuko gara.

        — Ederki! Igerileku ondoan.

        — Bai, igerileku ondoan.

        Castle igogailuan sartu zen eta Blit atzetik joan zitzaion:

        — Gora zoaz? Ni ere bai. Zenbatgarren pisura?

        — Laugarrenera.

        — Ni ere bai. Doan eramango zaitut.

        Iparramerikarrak ere zelatan al zeuzkan? Zein egoeratan zegoen kontuan izanda, arriskutsua iruditzen zitzaion ezer kasualitateari egoztea.

        — Hemen afalduko duzu? —jakin nahi izan zuen Blitek.

        — Ez nago ziur. Ikusi behar dut ea...

        — Zu beti sekretuetan zabiltza. Maurice, ez zara aldatu!

        Elkarrekin zihoazen korridorean zehar. Lehenik, 423. gela agertu zen, eta Castlek giltza bilatzearen plantak egin zituen, Blit 427.era iristen ari zela ikusteko... ez 429.era. Castle ziurrago sentitu zen bere gelako atea itxi zuenean, «Ez sartu, mesedez» txartela kanpoaldean zintzilikatu eta gero.

        Berokuntza zentrala erregulatzen zuen termostatoak 24 graduko tenperatura seinalatzen zuen. Tenperatura egokia Kariberako. Leihora hurbildu eta kristaletik begira geratu zen. Behean barra biribil bat ikusi zuen, eta goian zeru artifiziala. Ile urdinska zeukan emakume potolatxo bat zeharka-meharka zebilen igerilekuaren ertzetik: inondik ere ron-pontxe gehiegi edana zuen. Gela zehatz-mehatz aztertu zuen etorkizunari buruzko adierazgarriren baten bila... lehen bere etxean iraganari buruzko arrastoren baten bila ibili zen bezalaxe. Banako bi ohe, besaulki bat, armairu bat, komoda bat, idazmahai bat —gainean xukapaperezko karpeta bat besterik ez zeukana—, telebista bat, bainugelara ematen zuen ate bat. Komun-ontziari itsatsita, paper-zerrenda bat zegoen, horren asepsia bermatzen zuena. Hortzetako edalontziak plastikoan bilduta zeuden. Logelara itzuli zen, xukapaperezko karpeta ireki eta, gutunetarako paper inprimatuei erreparatuta, jakin zuen Starflight Hotelean zegoela. Txartel batean hoteleko edaritegien eta jantokien zerrenda ageri zen. Pizarro izeneko jantokian musika eta dantzaldia zeuden. Erretegiak Dickens izena zeukan, eta autozerbitzuak, berriz, Oliver Twist («Hartu gehiago beldurrik gabe»). Beste txartel batek jakinarazi zion ordu erdiero Heathrow-ko aireporturako autobusak zeudela.

        Telebista azpian hozkailu bat aurkitu zuen: bertan whiskya, ginebra, brandya, tonika eta soda ikus zitezkeen botila txikietan, baita bi garabardo-mota eta xanpaina botilatxo batzuk ere. Ohiturari jarraiki, J&B aukeratu zuen; gero, eseri egin zen itxaroteko. «Luze itxaron beharko duzu», esan zion Mr. Hallidayk, Trolloperen liburua emateaz batera. Zeregin hoberik ez zeukanez, irakurtzen hasi zen: «Lady Cardury aurkezten diogu irakurleari —lerro hauek piztu dezaketen jakinmina, neurri handi batean, emakume horren izaeraren eta zereginen araberakoa izango da—, gelako idazmahai aurrean eserita, Welbeck Street-eko bere etxean». Konturatu zen, izenburua iradokitzaile askoa izanagatik ere, liburu hark ezin ziola behin ere gogoa urrunarazi berak zeraman bizimodutik.

        Leihora hurreratu zen. Lipar batez, zerbitzari beltza ikusi zuen goialdetik, eta gero ohartu zen Blit irteten ari zela eta bere ingurura begiratzen zuela. Artean ez zen ordu erdia igaro, ezinezkoa zen. Erlojuari begiratuta lasaitu zen: hamar minutu. Blitek oraindik ez zuen Castleren mira izango. Gelako argiak itzali zituen, Blitek gorantz begiratuz gero, bera ikus ez zezan. Estatubatuarra barra biribilaren ondoan eseri eta zerbait eskatu zuen. Bai, Planter's Punch bat zen: zerbitzaria laranja-xerra bat eta geriza paratzen ari zen edalontzian. Blitek jaka kenduta zeukan eta mahuka laburreko alkandora bat zeraman, palmondoek, igerilekuak eta gau izartsuak sortarazitako efektu faltsuaren indargarri. Castlek ikusi zuen Blit telefonoa hartuta zenbaki bat markatzen ari zela. Bere irudimenaren fruitua zen edo Blitek gorantz begiratu zuen, 423. gelako leihorantz, hizketan ari zen bitartean? Zeren berri emateko? Nori?

        Bere atzean atearen hotsa entzun zuen, eta argiak gela gainezkatu zuen. Berehala jiratu zen eta irudi iheskor bat ikusi zuen armairuko ispiluan. Bazirudien ezkutuka zebilela irudi hura; gizon txiki bat zen, eta bibote beltza, jantzi iluna eta kartera beltza zeuzkan.

        — Berandu nator zirkulazioa dela eta —esan zuen gizonak hizkera zehatz baina ez guztiz zuzenez.

        — Nire bila al zatoz?

        — Denbora gutxi daukagu. Hurrengo autobusa hartu behar duzu aireportura joateko.

        Iritsi berria kartera idazmahai gainean husten hasi zen: hegazkin-txartel bat, pasaporte bat, kola edo horrelako zerbait zeukan botila bat, plastikozko poltsa mardul bat, orrazi bat, ile-eskuila bat, bizarra kentzeko labana bat.

        — Aldean daukat behar dudan guztia —esan zuen Castlek, gizon haren hizkeraren zehaztasuna imitatuz.

        Castleren hitz haiei entzungor egin eta hizketan jarraitu zuen:

        — Ikusiko duzunez, zure txartela Parisera joateko baino ez da. Oraintxe esango dizut zergatik.

        — Dudarik gabe, hegazkin guztiak zaintzen egongo dira, noranahikoak direla ere.

        — Batez ere Pragara doana zainduko dute, Moskurakoarekin batera abiatzeko dena. Moskura doana berandu aireratuko da motore batean arazoak dauzkalako. Zorioneko kasualitatea. Beharbada Aeroflot-en garrantzi handiko bidaiariren baten zain daude. Poliziak arreta handia eskainiko die Pragari eta Moskuri.

        — Zaintza askoz lehenago antolatuko dute, inmigrazioko leihatiletan. Ez dira ateetan zain egongo.

        — Bidean ez duzu oztoporik topatuko. Zuk, utzidazu zure erlojuari begiratzen, berrogeita hamar bat minutu barru leihatila horretan egon behar duzu. Autobusa hogeita hamar minutu barru abiatuko da. Hartu zeure pasaportea.

        — Zer egin behar dut nik Parisen, hara iristen banaiz behintzat?

        — Zure bila joango dira aireportuko irteerara, eta beste txartel bat emango dizute. Beste hegazkin bat hartu beharko duzu, eta ezin izango duzu minutu bat bera ere galdu.

        — Nora joateko?

        — Ez dakit ezer ere horretaz. Parisen jakingo duzu.

        — Ordurako Interpolek Frantziako poliziari abisua emana izango dio.

        — Ez. Interpol ez da sartzen kasu politikoetan. Arauen kontra doa.

        Castlek pasaportea ireki zuen.

        — Partridge. Oso deitura aproposa aukeratu duzue. Ehiza-garaia oraindik ez da amaitu —argazkiari so egin zion—. Baina argazki honek ez du balio. Ez du nire antzik.

        — Egia da. Orain saiatuko gara zuk argazkiaren antza izan dezazun.

        Gizonak bainugelara eraman zituen bere lan-tresnak. Hortzetarako edalontzien artean pasaporteko argazki handitua ezarri zuen.

        — Eseri aulki honetan, mesedez.

        Bekainak moztu zizkion Castleri, eta gero, ileari ekin zion (argazkiko gizona kaskamotza zen). Castlek artazien mugimenduari erreparatu zion, ispiluari so eginda. Harrituta geratu zen ikusi baitzuen ilea mozteak aurpegi osoa erabat alda zezakeela eta bekokia handitu; begien espresioa ere desberdina zela ematen zuen.

        — Hamar urte kendu dizkidazu —esan zuen.

        — Geldi egon, mesedez.

        Gizona bibote fin baten ileak itsasten ari zen Castleren aurpegian: bere buruarengan inolako konfiantzarik ez zuen gizon herabeti baten bibotea zen.

        — Bizar edo bibote sarria beti dira susmagarri. —Castlek ezezagun bat begira zeukan ispilutik.— Kito. Amaituta. Uste dut nahiko ondo geratu dela. —Karterara hurbildu eta barrutik arrabol zuri bat atera zuen, pixkanaka-pixkanaka makila bihurtu zuena.— Zu itsua zara, itsu errukarria, Mr. Partridge. Air France-ko azafata bati eskatu zaio hoteleko autobusari bidera irteteko; horrexek lagunduko dizu inmigrazioko bulegora eta hegazkinera. Parisen, Rissy-ko aireportutik irteten zarenean, Orly-ra eramango zaituzte. Han ere, hegazkin batek arazoak izango ditu motoreetan. Beharbada, ordurako zu ez zara Mr. Partridge izango... Beste makilaje bat kotxean, beste pasaporte bat. Giza aurpegia nahi beste eta nahi bezala molda daiteke. Hori oso argudio ona da herentziazko legeen garrantzia kolokan jartzeko. Denok oso antzeko aurpegia daukagu jaiotzean: haurtxoei begiratu besterik ez dago. Ingurunea da dena aldatzen duena.

        — Erraza dirudi —iritzi zion Castlek—. Ondo aterako al da?

        — Guk baietz uste dugu —erantzun zuen gizon txikiak, bere kartera berriro betetzen zuen bitartean—. Orain joan zaitez eta gogoan izan makila erabili behar duzula. Mesedez, ez mugitu begiak, buru osoa baizik, norbaitek zurekin hitz eginez gero. Saia zaitez begi finko eta espresio gabeez begiratzen.

        Oharkabean Castlek Gaur egungo bizimodua liburua hartu zuen.

        — Ez, ezta pentsatu ere, Mr. Partridge. Ez du zentzurik itsu batek libururik edukitzeak. Poltsa hori, gainera, hemen utzi behar duzu.

        — Oso gauza gutxi dago barruan: ordezko alkandora bat, bizarra mozteko makina bat...

        — Eta alkandorek ikuztegiko etiketa eraman ohi dute.

        — Ez al da arraroa izango nik ekipajerik ez eramatea?

        — Inmigrazioko funtzionarioa ez da horretaz jabetuko, txartela eskatzen ez badizu.

        — Seguru asko eskatuko dit.

        — Berdin dio, zu etxera zoaz. Parisen bizi zara. Helbidea pasaportean dator.

        — Zein da nire lanbidea?

        — Erretiratua.

        — Den-dena ez da gezurra, bederen —hasperen egin zuen Castlek.

        Igogailutik irten zen, eta makilaz haztamuka sarrerarantz abiatu zen, hantxe baitzegoen autobusa, zain. Edaritegirako atetik iragan bezain laster, Blit ikusi zuen. Hark erlojuari ezinegonez begiratzen zion. Adineko emakume batek Castleri besotik heldu, eta galdetu zion:

        — Autobusa hartu nahi al duzu?

        — Bai.

        — Nik ere bai. Lagunduko dizut, axola ez badizu.

        Castlek ahots bat entzun zuen berari deika.

        — Maurice! —astiro ibili behar zuen, laguntzen zion emakumea oso mantso zihoalako—. E! Maurice!

        — Uste dut norbait zuri deika ari zaizula —esan zion emakumeak.

        — Nahasi egin da.

        Oin-hotsak entzun zituen bere atzean. Emakumearen besoa askatu zuen eta esan zioten bezala jiratu zuen burua. Espresiorik gabeko begirada bat zuzendu zuen Bliten alde batera, eta hark, harrituta, esan zion:

        — Barkatu. Uste nuen...

        — Gidaria keinuka ari zaigu. Azkar ibili behar dugu —esan zuen emakumeak.

        Behin autobusean eserita, bata bestearen ondoan, emakumeak burua atera zuen leihatilatik:

        — Gizon horren lagunaren antz handia izan behar duzu zuk. Hortxe dago oraindik, aho-zabalik, zuri begira.

        — Diotenez, denok ordezko bana daukagu mundu honetan —erantzun zuen Castlek.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia