Bigarren atala

 

        Sir John Hargreaves bere landetxeko langelan zegoen, Trolloperen liburu bat irakurtzen. Itxura guztien arabera, dena prest zegoen bakealdi ia akasgabe bat gertatzeko: asteburu lasaia. Bi gauzek beste ezerk ez zuen etengo bakealdi hura: batetik, goardiako funtzionario batek ekarritako mezu urgente batek, eta bestetik, te-orduak. Zorionez, mezu urgenteak oso urriak ziren zerbitzu sekretuetan. Bestalde, lady Hargreavesek ez zuen gaizki hartzen bere senarra te-ordura azaltzen ez bazen, bai baitzekien sir Johnek katilukada bat Earl Grey arratsaldean hartuz gero, seietako Cutty Sark-a hondatuko zitzaiola. Mendebaldeko Afrikan lanean aritu zen bitartean, Trolloperen liburuez gozatzera iritsi zen, eleberririk irakurtzeko zaletasunik ez bazuen ere. Ohartu zen The Warden eta Barchester Towers liburuak lasaigarri gertatzen zirela haserrealdietan. Afrikak exijitzen duen egonarria sendotu egiten zuten. Mr. Slopek barrutiko komisari gogaikarri eta santujale bat zekarkion gogora, eta Mrs. Proudiek, berriz, gobernadorearen emaztea. Asteburu hartan, berriz, fikziozko liburu batek sir John lasaitu beharrean, asaldatu egin zuen, eta Afrikan ez zitzaion halakorik gertatuko. Gaur egungo bizimodua zen eleberriaren izenburua. Norbaitek, ez zuen gogoratzen nork, aspaldi esan zion horretan oinarritutako telebista-serie bat egin zutela. Telebista ez zitzaion sekula gehiegi gustatu, baina inondik ere oso gustura ikusiko zuen Trolloperen eleberria, telebistan emanez gero.

        Arratsalde hartan, luzaz bilatu zuen Trollopek beti sortarazten zion atsegin sosegatua, mundu viktoriar bareak eragindako sentsazioa, non ona on baitzen, eta txarra txar, eta ona eta txarra argi eta garbi bereizten baitziren. Seme-alabarik izanez gero, beharbada ez zuen halakorik uste izango. Ez zeukaten seme-alabarik, ordea. Hargreavesek ez zuen inoiz seme-alabarik izateko asmorik izan, ezta bere emazteak ere. Horretan erabat ados zeuden, baina arrazoiak desberdinak ziren beharbada. Sir Johnek ez zuen erantzukizun publikoez gain erantzukizun pertsonalik ere hartu nahi (Afrikan, haurrak larritasun-sortzaile etengabeak izango ziren), eta bere emazteak —esaten zuen berekiko Hargreavesek amultsuki— bere liraintasunari eta askatasunari eutsi nahi zien. Haurrenganako bien axolagabetasunak elkarren arteko maitasuna sendotu egiten zuen. Sir John Hargreaves liburu bat irakurtzen ari zen whisky bat eskueran zuela; bitartean, bere emaztea gustura tea hartzen ari zen bere gelan. Asteburu lasaia izango zuten biek: ez ehizaldirik, ezta gonbidaturik ere, eta bai azaroko gaua, zeina parkean oso goiz nagusituko baitzen. Sir John Hargreavesek bere burua berriro Afrikan irudika zezakeen, sabanako aterpe batean, berak egin ohi zituen ibilaldi luzeetako batean, koartel nagusitik urrun. Sukaldaria oilaskoa lumatzen arituko zen etxearen atzealdean, eta txakurrak erraiak jasotzeko esperantzaz hurbilduko ziren. Bere etxetik ikusten ziren autobide aldeko argi urrun haiek Afrikako herriska batekoak izan zitezkeen, non agian neskek elkarri zorriak kentzen jardungo baitzuten.

        Zerbait irakurtzen ari zen Melmotte zaharrari buruz («iruzurgilea» deitzen zioten Parlamentuko kideek). Melmottek bere lekua zeukan Komunen Ganbarako jatetxean: «Ezinezko zen hura handik egoztea, haren ondoan esertzea bezain ezinezkoa. Zerbitzariek, gainera, ez zuten gogo handirik hari ezer zerbitzatzeko; ekinaren ekinez eta eroapenaren poderioz, hargatik, afaria lortzen zuen azkenean.

        Nahi gabe Melmotte eta haren isolamendua erakargarri gertatzen hasi zitzaizkion Hargreavesi; atsekabeturik, gogora ekarri zuen berak Percival doktoreari esan ziona, hark adierazi baitzion Davis neurri batean atsegin zuela. Hargreavesek «traidore» hitza erabili zuen, hain zuzen ere, Melmotteren kideek «iruzurgile» hitza zerabilten bezala. Irakurtzen jarraitu zuen: «Hura behatu zutenek esaten zuten zoriontsua zela bere ausardia zela eta; baina, egia esanda, une hartan Londresko gizonik zorigaiztokoena sentitzen zen». Hargreavesek ez zuen Davis ezagutu, ez zion igarriko nor zen bulegoko korridorean gurutzatuz gero. Pentsatu zuen: beharbada arinegi hitz egin nuen, beharbada ergelki erreakzionatu nuen... Baina Percival izan zen akabatu zuena... Kasua beste norbaiten eskuetan utzi behar nuen. Irakurtzen jarraitu zuen: «Aurretik ezer ez zeukala, mundutik isolaturik, salbu legeak urratu izanak eragindako suminduraren ondorioz sor daitekeen zorigaitzik handiena. Hark, hala ere, haren askatasunaren azken momentuak ausarti-fama bereganatzeko erabili ahal izan zituen, behintzat. Gizajoa, pentsatu zuen; dena den, aitortu behar da ausardia zeukala. Igarri ote zuen Davisek zein edabe bota zion whiskyan Percival doktoreak, hura lipar batez egongelatik atera zela aprobetxatuz?

        Une hartan, telefonoak jo zuen. Hargreavesek bere emazteari entzun zion telefonoa hartzen ari zela bere gelan. Hura Trollope baino hobeto ari zen senarraren bakea babestu nahian; baina, hala ere, telefonoz beste aldetik adierazitako premiaren bat zela medio, deia pasatu behar izan zion. Telefonoa gogoz bestera hartu zuen. Une hartan, ezagutzen ez zuen ahots batek esan zuen:

        — Muller naiz.

        Sir John Hargreaves artean ez zen Melmotteren mundutik irten. Galdetu zuen:

        — Muller?

        — Cornelius Muller. —Etenaldi ezeroso bat gertatu zen, eta gero ahotsak azaldu zuen:— Pretoriakoa.

        Lipar batez, sir John Hargreavesek pentsatu zuen ezezagun hura hiri urrun hartatik deitzen ari zela, baina gero oroitu egin zen.

        — Bai. Bai. Jakina. Laguntza behar al duzu? Espero dut Castle...

        — Castlez hitz egin nahi nizuke, sir John.

        — Astelehenean izango naiz bulegoan. Nire idazkariari deitu nahi badiozu... —Erlojuari begiratu zion.— Oraindik bulegoan egongo da.

        — Bihar ez zara bulegora joango?

        — Ez. Asteburu osoa etxean emango dut.

        — Zure etxera joan naiteke zurekin hitz egitera?

        — Hain premiazkoa al da?

        — Baietz uste dut. Beldur naiz ez ote dudan huts handi bat egin. Lehenbailehen hitz egin behar dut zurekin, sir John.

        «Agur Trollope! —pentsatu zuen Hargreavesek—. Eta Mary gajoa! Saiatzen naiz bulegoa gugandik urrun edukitzen hemen gauden bitartean, baina azkenean beti tartean sartzen da». Ehizaldia egin zuten eguna gogora ekarri zuen, izan ere, egun hartan zail samarra izan zen Daintry...

        — Kotxerik ba al daukazu?

        — Bai, noski.

        «Beharbada oraindik larunbata libre izango dut —pentsatu zuen sir Johnek—, gaur gauean aski abegitsua baldin banaiz behinik behin».

        — Kotxez bi ordu baino gutxiagotara zaude. Afaltzera etorri nahi baduzu...

        — Jakina. Benetan eskertzen dizut, sir John. Ez zintudan gogaituko, oso kontu garrantzitsua dela uste izan ez banu. Nik...

        — Agian tortilla bat besterik ezin izango dizugu eskaini, Muller. Dagoena, besterik ez —erantsi zuen.

        Telefonoa eseki zuen, berari eta gizajaleei buruzko istorio apokrifoa gogora etorri zitzaiola. Leihora hurbilduta, kanpoalderantz begiratu zuen. Ordurako Afrika aienatuta zegoen. Lehen ez bezala, hango argiak Londresera eta bulegora zihoan autobidekoak ziren. Melmotteren suizidioaren hurbiltasuna sentitu zuen. Ez zeukan beste irtenbiderik. Egongelara joan zen. Christie-ko enkante batean erositako teontzi bat eskuan zuela, Mary katilu bat Earl Grey zerbitzatzen ari zen.

        — Sentitzen dut, Mary. Gonbidatu bat daukagu afaltzeko.

        — Banekien ba nik. Behin eta berriro esan du zurekin hitz egin nahi zuela... Nor da?

        — BOSSek bidalitako Pretoriako gizona.

        — Ezin zuen astelehenera arte itxaron?

        — Esan du oso presakoa zela.

        — Ez ditut atsegin apartheideko putakume horiek. —Hango ingelesaren arrunkeriek kutsu arraroa zeukaten, lady Hargreavesen doinu estatubatuarrez esanda.

        — Nik ere ez, baina haiekin lan egin behar dugu. Uste dut hortik zehar zerbait aurkituko dugula afaltzeko.

        — Haragi hotz apur bat badago.

        — Hobe da hori nik agindu diodan tortilla baino.

        Afaria oso zurruna izan zen, ez baitzuten zertaz hitz egin, nahiz eta lady Hargreavesek bere esku zegoen guztia egin, Beaujolais ardoaren laguntzaz, mintzagaia aurkitzeko. Aitortu zuen ez zituela inondik inora ezagutzen afrikanerren literatura eta artea, baina antza Muller ez zegoen askoz jantziago gai hartan. Mullerrek Hertzog Saria aipatu zuen, baita zenbait olerkari eta eleberrigile bazeudela ere, haien lanik batere irakurri ez zuela aitortuz.

        — Haietakorik gehienak susmagarriak dira.

        — Susmagarriak?

        — Politikan nahasten dira. Oraintxe bertan olerkari bat kartzelan dago terroristei laguntza ematearren.

        Hargreaves gaiz aldatzen saiatu zen, baina ez zitzaion ezer bururatu Hegoafrikari buruz, urrea eta diamanteak izan ezik... eta horiek idazleak bezain nahasita zeuden politikan. «Diamante» hitzak Namibia iradoki zion, eta gogora ekarri zuen Oppenheimer aberatsak alderdi aurrerakoiaren alde egiten zuela. Hargreavesen Afrika sabanako Afrika pobretua zen, eta politika hegoaldean zehar hedatuta zegoen, meategi bateko hondakin-pilo handi baten modura. Poztu egin zen bakarrik geratu zirenean, whisky botila bat eta bi besaulki lagun zituztela. Besaulkian eserita errazagoa zen gai konprometigarriez hitz egitea. Betidanik ohartuta zegoen besaulki batean eserita zailagoa zela haserretzea.

        — Barkatu zuri Londresen harrerarik egin ezina —esan zuen Hargreavesek—. Washingtonera joan behar izan nuen. Saihestu ezin diren ohiko bisitaldi horietako bat. Espero dut nire jendeak zu behar bezala hartu izana.

        — Nik ere kanpora joan behar izan nuen. Bonnera —esan zuen Mullerrek.

        — Zurea, berriz, ez zen ohiko bisitaldia izango, ezta? Zoritxarrez, Concordeak Londres eta Washingtonen arteko distantzia gehiegi murriztu du, eta orain ia espero dute bazkalordurako gu lurrean uztea. Bonnen dena ongi aterako zen, ezta? Ahal bezain ongi, jakina. Baina uste dut dagoeneko horretaz hitz egin duzula gure lagun Castlerekin.

        — Nire iritziz, zuk lagun hobea duzu nik baino.

        — Bai, bai. Badakit arazo txiki bat izan zenutela elkarrekin duela hainbat urte. Baina hori kontu zaharra da.

        — Kontu zaharra? Ba al dago kontu zaharrik? Irlandarrek ez dute hala uste, eta boerren gerra deitzen diozuen hori gure gerra da, guk independentzi gerra deitzen badiogu ere. Castlek kezkatuta nauka. Horrexegatik tematu naiz hona etortzen. Arinkeriaz jokatu dut. Bonneko bisitaldiari buruz hartu nituen ohar batzuk utzi nizkion. Jakina, ez ziren oso-oso konfidentzialak, baina norbaitek lerro artean irakurtzen jakinez gero...

        — Adiskide maitea. Castle gizon fidagarria duzu. Ez nion hari eskatuko zuri informazioa emateko, gizonik onena izango ez balitz...

        — Bere etxera joan nintzen afaltzera. Harrituta geratu nintzen beltz batekin ezkonduta dagoela ikusita, hain zuzen ere, zure ustez arazo txiki bat besterik ez den hori eragin zuenarekin. Gainera, seme bat izan zuen harekin, antza.

        — Hemen ez daukagu arraza-hesirik, Muller. Eta emakumea sakonki aztertu zuten, benetan diotsut.

        — Dena den, komunistek antolatu zuten haren ihesaldia. Castle Carsonen lagun mina zen. Horren berri izango duzu, ezta?

        — Guztia dakigu Carsoni buruz... eta ihesaldiari buruz. Kontaktu komunistak izatea haren lanaren barruan zegoen. Carsonek arazorik sortzen al dizue oraindik?

        — Ez. Carson kartzelan hil zen... pneumoniak jota. Konturatu nintzen Castle oso hunkituta geratu zela horren berri eman nionean.

        — Eta zergatik ez? Lagunak ziren...

        Hargreavesek atsekabeturik begiratu zion Trolloperen liburuari, Cutty Sark botilaren beste aldean zegoenari. Muller bat-batean altxatu zen eta egongelan zehar ibiltzen hasi zen, alde batetik bestera. Argazki baten aurrean gelditu zen; bertan beltz bat ikus zitekeen, misiolariek erabili ohi zituzten kapela beltz eta samur horietako bat zeramala. Lupusak aurpegiaren erdia desitxuratzen zion, eta soilik ahoaren ertz batez irribarre egiten zion kamera zeukanari.

        — Gizajoa —esan zuen Hargreavesek—, hilzorian zegoen, argazkia egin nionean. Berak bazekien. Oso ausarta zen, krutar guztiak bezala. Haren oroigarriren bat izan nahi nuen.

        — Oraindik ez dizut dena aitortu, jauna —esan zuen Mullerrek—. Oharkabean Castleri eman nizkion hari ez zegozkion oharrak. Batzuk prestatuta neuzkan hari erakusteko, eta beste batzuk neure txostenetan gordetzeko. Nahasi egin zitzaizkidan. Egia esanda, ohar horietan ez zegoen ezer oso sekreturik —hemen ez nuke halakorik idatziko—, baina bai zuhurtzia handirik gabeko esaldi batzuk...

        — Muller, benetan, ez duzu kezkatu behar.

        — Ezin dut burutik kendu, jauna. Herri honetan, zuen bizi-giroa oso bestelakoa da. Zuek ia ez duzue zertaz beldurtu, gurekin alderatuz gero. Argazkiko beltz hori... gogoko zenuen?

        — Nire laguna zen, eta maite nuen.

        — Nik ezin dut gauza bera esan ezein beltzi buruz —esan zuen Mullerrek.

        Muller jiratu egin zen. Gelaren beste aldean, horman, Afrikako mozorro bat zegoen.

        — Ni ez naiz Castlerekin fidatzen —adierazi zuen—. Ezin dut ezer frogatu, baina senak esaten dit... Sentitzen dut zuk beste inor hautatu ez izana, niri informazioa emateko.

        — Bi gizon bakarrik arduratzen ziren zuen gaiez: Davis eta Castle.

        — Davis al da hil dena?

        — Bai.

        — Hemen gauzak arinegi hartzen dira. Batzuetan bekaitz dizuet. Haur beltz bat izatea ere! Gure esperientziaren arabera, ez dago inor ahulagorik Zerbitzu Sekretuko funtzionario bat baino. Duela zenbait urte filtrazio bat gertatu zen BOSSen, komunistez arduratzen den sailean. Gure gizonik argienetako bat. Berak ere lagunak egiteko erraztasuna zeukan... eta azkenean lagun horiei bere lanari baino garrantzi handiagoa eman zien. Carsonek kasu horrekin ere izan zuen zerikusirik. Eta beste kasu bat ere gertatu zen. Gure funtzionario bat xakelari bikaina zen. Haren ustez, informazio-zerbitzua xake-partida bat besterik ez zen. Primerako jokalariekin indarrak neurtu behar zituenean baino ez zen saiatzen. Azkenerako badirudi ez zela asebeterik sentitzen. Errazegia zitzaion. Hartara, bere buruaren kontra hasi zen jokoan. Uste dut oso zoriontsua izan zela jokoak iraun zuen bitartean.

        — Zer gertatu zitzaion?

        — Dagoeneko hilda dago.

        Hargreavesi Melmotte berriro etorri zitzaion burura. Jendeak zioen ausardia funtsezko bertutea zela. Ausarta al da Komunen Ganbarako jatetxean lekua hartuta daukan iruzurgile ospetsu txakur txikirik gabea? Ausardia justifikazioa al da? Ausardia beti al da bertutea, zeinen aldeko borrokan ari den kontuan hartu gabe?

        — Pozik gaude Davis zelako butxatu beharreko filtrazioa —esan zuen.

        — Heriotza egoki bat?

        — Zirrosia.

        — Lehenago esan dizudan bezala, Carson pneumoniak jota hil zen.

        — Nik badakit, ordea, Castlek ez duela xakean jokatzen.

        — Beste arrazoi batzuk ere badaude. Diru-zaletasuna, esaterako.

        — Hori ez da gertatzen Castleren kasuan, dudarik gabe.

        — Bere emaztea eta semea maite ditu.

        — Eta zer esan nahi duzu horrekin?

        — Biak beltzak dira —erantzun zuen Mullerrek lañoki. Cornelius Muller egongelaren beste aldera begira geratu zen, krutarren buruzagiaren argazkia zegoen lekurantz. «Ni neu ere susmo guztietatik kanpo ez banengo bezala», pentsatu zuen Hargreavesek. Mesfidantzak, Lurmutur Hiriko itsasargiak bezala, itsaso zakarrak ekortzen zituen, etsaien itsasontzien xerka.

        — Bene-benetan espero dut zuk arrazoia izatea, eta filtrazioaren egilea Davis izatea —esan zuen Mullerrek—. Uste dut, hala ere, oker zaudela.

        Hargreavesek ikusi zuen nola urruntzen zen Muller parkean zehar, bere Mercedes beltzean. Kotxeko argiak gero eta mantsoago zihoazen, erabat gelditu arte. Zaindariaren etxera iritsiko zen nonbait: han Sail Bereziko gizon bat zegoen beti, irlandarren atentatuak hasi zirenetik. Parkeak jadanik ez zirudien Afrikako sabanaren luzapena. Hain zuzen ere, parkea Home Counties direlakoetako lursail txiki bat zen; han, berriz, ez zen sekula oso gustura sentitu, inguru hartako izena gora-behera. Gauerdia hurbil zegoen. Bere gelaurrera igo zen, baina alkandora besterik ez zuen kendu. Toaila batez lepoa inguratu zuen eta bizarra mozteari ekin zion. Afaldu aurretik ere bizarra moztu zuenez, ez zuen horren beharrik, baina bizarra kentzerakoan buru-argitasun handia izaten zuen beti. Saiatu zen gogoratzen zein arrazoi azaldu zituen Mullerrek, Castleri buruzko susmoak izateko. Carsonekin zituen harremanak... horrek ez zuen ezer esan nahi. Beltzak zituen emaztea eta semea... Hargreavesek tristuraz eta minez gogora ekarri zuen ezkondu baino urte asko lehenago izan zuen maitale beltza. Zingiretako sukarrak jota hil zen. Eta hura hiltzean, Hargreavesi iruditu zitzaion Afrikari zion maitasunaren puska handi bat emakume harekin batera ehortzirik geratu zela haren hilobian. Mullerrek bere sena aipatu zuen. «Ezin dut ezer frogatu, baina senak esaten dit...» Hargreavesek ere ezer gutxiri eman ohi zion senari besteko garrantzia. Afrikan senari esker bizi izan zen. Laguntzaileak senez hautatu ohi zituen, eta ez haien karnet higatuengatik, erreferentzia irakurtezinez leporaino zeuden karnet haiengatik. Behin senak bizitza salbatu eta guzti egin zion.

        Aurpegia lehortu zuen, eta pentsatu: Emmanueli deituko diot. Percival doktorea zen Etxean zeukan benetako lagun bakarra. Logelako atea ireki zuen, eta burua pitin bat agertu. Gela ilunpetan zegoen eta uste izan zuen bere emaztea lotan zegoela. Hark, ordea, esan zion:

        — Zergatik ez zatoz behingoz lotara, laztana?

        — Segituan etorriko naiz. Emmanueli telefonoz deitu nahi diot, besterik ez.

        — Muller hori joan al da?

        — Bai.

        — Ez zait gustatzen.

        — Niri ere ez.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia