Lehenengo atala

 

 

1

 

        Gaua zen Castle telefono-kabinatik atera zenerako. Azaroko behe-lainoa eta zirimiria zirela eta, oso goiz ilundu zuen egun hartan. Castleren seinaleek ez zuten inolako erantzunik jaso. Old Compton Street-en, «Books» txartelaren argi gorri hitsek ohi baino lotsagabekeria gutxiagoz egiten zuten distira espaloi gainean. Txartel hark adierazten zuen non zeuzkan negozio ilunak Hallidayren semeak. Errepidearen beste aldean, Halliday makurtuta zegoen, beti bezala, bonbila bakar baten azpian, energia aurrezten ari zelarik. Castle dendan sartzeaz batera, gizon zaharrak etengailuari eragin zion, burua altxatu gabe, apalen bi aldeetan zeuden modaz pasatutako liburu klasikoak argitzeko.

        — Zuk ez duzu, ez, argindarra alferrik erabiltzen —esan zuen Castlek.

        — A, zu zara, Mr. Castle! Bai, neure ekarpentxoa egiten dut gobernuari laguntzeko. Dena den, hona ez da benetako bezero askorik sartzen bostetatik aurrera. Saltzaile herabeti batzuk besterik ez dira etortzen, baina euren liburuak gehienetan ez daude egoera onean, eta desilusionaturik joaten dira. Uste dute ehun urteko edozein liburuk balio handia duela. Sentitzen dut Trolloperen liburuaren atzerapena, horren bila etorri bazara. Bigarren alea lortzeko zailtasunak daude. Behin telebistan atera zen, horixe da arazoa. Penguin argitaletxekoak ere agortuta daude.

        — Dagoeneko ez dago presarik. Ale bat aski izango da. Hori esatera etorri naiz. Nire laguna atzerrira joan da, bertan bizitzera.

        — Izango duzu ba zure literatur gauen mira. Lehengo egunean esan nion semeari...

        — Bitxia da, Mr. Halliday, baina oraindik ez dut zure semea ezagutzen. Dendan al dago? Pentsatu dut harekin hitz egitea gainetik kendu ezin ditudan liburu batzuei buruz. Liburu bitxietarako gogoa galdu dut. Adina izango da. Dendan al dago?

        — Orain ez. Egia esanda, istiluetan sartuta dago. Ondoegi zihoakion... Joan den hilean beste denda bat ireki zuen Newington Butts-en, eta hango poliziak ez du hemengoak bezalako borondate onik. Edo garestiagoa da, apur bat zinikoa izaten uzten badidazu. Gaur arratsaldean epailearen aurrean aurkeztu behar izan du bere aldizkari ergeletakoren batengatik, eta oraindik ez da itzuli.

        — Espero dut auzi horrek zuri arazorik ez ekartzea, Mr. Halliday.

        — O, ez! Polizia oso adeitsua izan da nirekin. Benetan uste dut damu ematen diela nik seme bat horrelako negozioetan sartuta daukadala ikusteak. Nik esaten diet gaztea banintz, gauza bera egingo nukeela, eta barre egiten dute.

        Castleri betidanik arraroa iruditu zitzaion «haiek» bitartekari-lanetarako Hallidayren semea hautatu izana, oso gazte fidagarria ez zela kontuan izanda; gainera, poliziak edozein egunetan arakatuko bide zion denda. «Beharbada, halako engainu bikoitz bat izango da», pentsatu zuen. «Izan ere, Bizioaren kontrako Brigadakoei ez zitzaien irakatsi zerbitzu sekretuetakoei bezainbesteko leuntasunez jokatzen. Areago, bazitekeen Hallidayk bezala, Hallidayren semeak ere ez jakitea zertan ari zen, zein zen bere lanaren benetako helburua. Horixe zen Castlek jakin behar zuena, bere bizitza haren eskuetan uztea pentsatuta baitzeukan.

        Errepidearen beste aldeko dendari, txartel gorri biziari eta erakusleihoko aldizkari pornografikoei begira jarri zen, eta nahasita zegoen zirrara arraro batek arrisku handi hura hartzera bultzatzen zuelako. Borisek ez zuen halakorik onetsiko, baina behin azken txostena eta dimisioa bidaliz gero, zuzenean eta ahoz mezuak zabaltzeko gogo eutsiezina piztu zitzaion, mezutegi ezkutuak, liburu bidezko kodeak eta telefono publikoetatiko seinale landuak alde batera utzita.

        — Ez dakizu noiz itzuliko den? —galdetu zion Mr. Hallidayri.

        — Ez daukat ideiarik, jauna. Laguntzarik behar al duzu?

        — Ez, ez, ez dizut enbarazurik sortu nahi.

        Ez zeukan telefono-seinale bidezko koderik Hallidayren semearekin harremanetan jartzeko. Hainbesteko zorroztasunez eduki zituzten Castle eta Hallidayren semea elkarrengandik bananduta, ezen batzuetan Castlek galdetzen baitzion bere buruari euren elkartze bakarra azken larrialdirako antolatuta ote zeukaten.

        — Zure semeak ez du deskuiduan izango Toyota gorri bat?

        — Ez, baina batzuetan nirea erabiltzen du aldirietan... Banaketak egiteko. Noizean behin lagundu egiten dit ni ezin naizelako lehen bezala mugitu. Zer dela eta galdera hori?

        — Uste dut behin denda aurrean ikusi nuela.

        — Ezin da gure kotxea izan. Ezinezkoa da hirian. Egungo trafikoarekin ez litzateke merkea izango. Ahal dugun guztia egin behar dugu aurrezteko, gobernuak hala eskatzen duenean.

        — Tira, espero dut epailea oso zorrotza ez izatea harekin.

        — Eskerrik asko, jauna. Esango diot hemen izan zarela.

        — Ohar bat ekarri dizut hari emateko. Konfidentziala da. Ez dut nahi inork jakiterik zer motatako liburuak irakurtzen nituen gaztea nintzela.

        — Nirekin fida zaitezke, jauna. Ez dizut inoiz hutsik egin. Eta Trolloperen liburua?

        — Ahaztu hori.

        Euston-en Castlek Watford-erako txartel bat erosi zuen. Ez zuen erakutsi nahi izan Berkhamsted-era joan eta handik etortzeko abonua. Trenetako txartel-zulatzaileek oso oroimen ona izaten dute abonuetarako. Behin trenean sarturik, norbaitek aldameneko eserlekuan utzitako egunkari bat irakurtzen hasi zen, burua hutsean ez edukitzeko. Zine-aktore bati egindako elkarrizketa zekarren. Castlek ez zuen sekula haren pelikularik ikusi, izan ere, Berkhamsted-eko zinearen lekuan bingo bat ireki zuten. Itxuraz, aktorea bigarren aldiz ezkondu berria zen. Edo hirugarren aldiz? Zenbait urte lehenago, elkarrizketa batean kazetari berberari esan zion ez zuela ezkontzaz ezertxo ere gehiago jakin nahi. «Hortaz, iritzia aldatu duzu?», galdetu zion erreportariak ozarkeriaz.

        Castlek hitzez hitz irakurri zuen elkarrizketa, bukaeraraino. Kazetari batekin haren bizitzako arlorik barnekoenez hitz egiteko askatasuna duten gizonetako bat zen hura: «Oso pobrea nintzen lehen aldiz ezkondu nintzenean. Nire emazteak ez zuen ulertzen... Gure sexu-harremanak ez ziren sekula ondo joan. Naomirekin desberdina da. Berak ondotxo daki estudiotik ahituta natorrenean... Ahal dugun guztietan, astebeteko oporraldia hartzen dugu, biok bakarrik leku baketsu batean egoteko, Saint-Tropezen esaterako, eta hango lasaitasuna oso garrantzitsua da guretzat». «Elezuri hutsa naiz hari errua botatzeagatik», esan zuen berekiko Castlek. «Ahal izanez gero, oraintxe bertan hitz egingo dut Borisekin: lehenago edo beranduago iritsi ohi da hitz egiteko ordua».

        Watford-en kontu handiz errepikatu zuen aurrekoan erabilitako prozedura: autobus-geralekuaren inguruan aiko-maikotan ibili zen, gero oinez aurrera jarraitu zuen, eta hurrengo izkinan zain geratu zen inor atzetik ote zebilkion ikusteko. Kafetegira iritsi zen, baina ez zen barrura sartu, aurrera egin baitzuen. Zapatetako lokarriak askatuta zeramatzan gizon batek gidatu zuen aurrekoan, baina egun hartan gidaririk gabe egiten zuen aurrera. Aurrekoan ezkerrera hartu zuen ala eskuinera? Watford-eko alde hartako kale guztiek berdinak ziruditen: etxe guztiak ilaretan antolatuta zeuden, bi isurialdeko teilatuak zeuzkaten eta lorategi txikiak ikus zitezkeen aurrealdean; hezetasuna isurtzen zuten arrosak zeuden lorategi guztietan; etxe batetik bestera, bien arteko lokarri modura, kotxe bakar batentzako garajea zegoen.

        Ostera bat egin zuen ausaz, eta gero beste bat, baina beti etxe berberak aurkitu zituen, batzuetan kale zuzenak osatzen zituztenak, eta beste batzuetan zirkuluerdiak. Nahasita zegoen kale-izenen arteko parekidetasuna zela eta, guztiak ere florarekin lotuta baitzeuden: Laurel Drive, Oaklands, The Shrubbery; horrelatsukoa zen bera bila zebilen kalearen izena: Elm View. Polizia batek galduta ikusi eta laguntzarik behar ote zuen galdetu zion. Mullerrek hartutako oharrek errebolber batek beste pisatzen zuten Castleren poltsikoan. Ezetz erantzun zuen, soilik ikusi nahi zuela etxerik alokatzeko txartelik ote zegoen alde hartan. Poliziak esan zion bi txartel zeudela hiru edo lau kale ezkerretara, eta, kointzidentzia hutsez, hirugarrena Elm View zen. Ez zuen zenbakia gogoratzen, baina kaleko farol batek ateko beirate koloreztatua distirarazi zuenez, Castlek igarri zion huraxe zela bila zebilen lekua. Leihoetatik argirik ikusten ez zenez, hurbil-hurbiletik begiratu zuen beiraterantz, itxaropen handirik gabe. Horrekin batera, «ition Limited» txartel mutilatuari antzeman zion, eta txirrina jo zuen. Ez zirudien Boris ordu hartan han egongo zenik. Egia esan, beharbada, Ingalaterran ere ez zen egongo. Haiekiko harremana Castlek eten zuenez, ez zuen inolako zentzurik bide arriskutsu bat irekita uzteak. Txirrina bigarren aldiz jo zuen, baina ez zuen erantzunik jaso. Une hartan, poztu eta guzti egingo zen, Ivanek, berari txantajea egiten saiatu zenak, atea ireki izan balio. Ez zegoen inortxo ere Castlerekin hitz egiteko.

        Haranzkoan atzean utzitako kabina telefoniko batean sartu zen. Etxe batean, beste espaloian, gortinarik gabeko leiho baten beste aldean familia bat ikusi zuen, beranduko te baterako edo afari aurreratu baterako prestatuta zegoen mahai baten aurrean: aita bat eta bi gazte nerabe, bata mutila eta bestea neska, euren lekuetan eseri ziren. Ama sartu zen plater bat eskuetan zuela, eta aitak mahaia bedeinkatu bide zuen, seme-alabek burua makurtu baitzuten. Castlek gogoan zeukan bere haurtzaroko ohitura hura, baina uste zuen desagertua zela aspaldidanik... Ausaz familia hura katolikoa izango zen, ohiturek jende mota horretakoen artean askoz ere gehiago irauten omen dutelako. Telefono-zenbaki bat markatzen hasi zen, hain zuzen ere, geratzen zitzaion bakarra, larrialdirik gorrienean baino erabili behar ez zuena. Telefonoa hartu-eskegika jardun zuen, deitik deira erlojuz kronometratutako tarteak utziz. Bost aldiz deitu zuen, baina ez zuen erantzunik jaso. Hori ikusita, kabinatik irten zen. Hutsik zegoen kale batean oihuka laguntza bost aldiz eskatzea bezalaxe zen; ez zekien inork entzun ote zion. Agian, azken txostenaren ondoren, komunikazio-bide guztiak betiko etengo zituzten.

        Berriro begiratu zuen aurrean zeukan leihorantz. Aitak zerbait esan zuen txantxetan, amak irribarre egin zuen onespen modura, eta neskak begiaz keinu egin zion mutilari, eta bazirudien alabak hau esan nahi zuela: «Aita beti berdin». Castlek bere bidetik jarraitu zuen geltokirantz... Inor ez zeukan segika, inor ez zen hari beha geratu ezein leihotatik, inor ez zen harekin gurutzatu bidean. Ikustezina sentitzen zen, mundu arrotz batean abandonatua, non Castle kidetzat hartuko zuen gizakirik ez baitzegoen.

        The Shrubbery kalearen amaieran gelditu zen, eliza ezin itsusiago baten ondoan. Hain berria zen eliza hura ezen «Egizu zerorrek» ekipo bateko adreilu distiratsuez gau batean eraikia izan baitzitekeen. Barruan argia zegoen, eta Castle Hallidayren dendarako bidean jarri zuen sentimendu berberak bultzatu zuen elizan sartzera. Aldareko gehiegizko edergarriak eta estatua sentimentalak ikusita, ohartu zen eliza katoliko erromatarra zela. Ez zegoen burges fededunek osatutako abesbatza nekaezinik, non, zutik eta elkarren ondo-ondoan, urruneko muino berde bati abestuko baitzioten. Aldaretik ez urrun, gizon zahar bat lotan zegoen bere aterki-kirtenak eusten ziola, eta bi emakume zain zeuden konfesaleku ondoan, huraxe baitzen konfesalekua, Castleren iritziz. Bi emakume haiek ahizpak izan zitezkeen, biek ere antzeko arropa ilunak zeuzkatelako. Gortina baten atzetik, kapusaia jantzita zuen emakume bat atera zen, eta kapusairik gabeko emakume bat sartu. Euria iragartzen duten etxetxo-barometro horietako bat zirudien konfesalekuak. Castle ez zen oso urrun eseri. Bere J&B hirukoitza hartzeko ordua aspaldi utzia zuen atzean. Sarah gero eta urduriago egongo zen. Konfesalekuko solasaldiaren marmar arina entzuten ari zelarik, argi eta garbi eta erreparorik gabe hitz egiteko gogoa handituz zihoan haren baitan, zazpi urteko isilaldiaren ondoren. Boris zirkulaziotik kendu dute, pentsatu zuen; ezin izango dut berriro hitz egin... Erruztatuen aulkian amaitzen ez badut, jakina. Hantxe bai egin nezakeela «ateak itxitako aitortza bat», jakina (epaiketa ateak itxitakoa izango litzatekeelako).

        Bigarren emakumea irten eta hirugarrena sartu zen. Beste biak azkar asko libratu ziren euren sekretuetatik... ateak itxita. Aldare banaren aurrean belauniko zeuden, eginkizuna beteta ikusteak ematen duen harrotasunezko poza begietan isladatzen zitzaielarik. Hirugarren emakumea irten zenean, ez zegoen inor zain. Castle bakarrik. Gizon zaharra ordurako esna zegoen, eta emakumeetako batekin alde egin zuen. Konfesalekuko gortinaren zirrikitu batetik aurpegi luzanga eta zurbil bat ikusi zuen; eztul bat entzun zuen, azaroko ezkotasunaren salatzaile. Castlek pentsatu zuen: hitz egin nahi dut, zergatik ez dut hitzik egiten? Horrelako apaiz batek gordeko du nire sekretua. Borisek esan zion: «Inorekin hitz egiteko gogoa badaukak, etorri ni ikustera, horrela arriskua txikiagoa izango baita». Baina Castle ziur zegoen Boris betiko alde egina zela. Hitz egitea ekintza terapeutikoa zen... Astiro-astiro aurrera egin zuen konfesalekurantz, psikiatrarengana lehen aldiz doan paziente asaldatuaren modura. Izan ere, halakoetan zer egin ez zekien pazientea ematen zuen. Bere atzealdean gortina itxi zuen eta dudatsu egon zen hango leku txiki hartan. Nola hasi? Castlek nabaritu zuen emakumeetako batek utzi bide zuen kolonia-usain arina. Leihatila bat ireki zen zarata handia eginez. Soslai hezurtsu bat ikusi zuen, filmeetako detektibe batena bezalakoa. Soslaiak eztul egin zuen eta zerbait xuxurlatu. Castlek esan zuen:

        — Zurekin hitz egin nahi dut.

        — Zer egiten duzu zuk hor zutik? —galdetu zuen soslaiak—. Belaunak tolesteko gaitasuna galdu duzu ala?

        — Zurekin hitz egin nahi dut, besterik ez —berriro Castlek.

        — Hemen ez zaude nirekin hitz egiteko —erantzun zuen soslaiak. Txilin-hots bat entzun zen. Apaizak arrosario bat zeukan magalean eta bazirudien torturatzeko katea bat bailitzan zerabilela—. Hemen Jainkoarekin hitz egiteko zaude.

        — Ez, ez naiz horretara etorri. Hemen hitz egiteko baino ez nago.

        Apaiza jiratu egin zen, uzkur. Haserre eta harriduraren ondorioz, begiak gorri-gorri zeuzkan. Castleri iruditu zitzaion bakardade eta isiltasunaren beste biktima batekin topo egina zuela, zoritxarreko kasualitate bat zela medio.

        — Belauniko jarri, gizona. Zer katoliko-klase zara zu baina?

        — Ni ez naiz katolikoa.

        — Orduan, zertan zaude hemen?

        — Hitz egin nahi dut, besterik ez.

        — Prestakuntzarik jaso nahi baduzu, presbiterioan utzi zure izena eta helbidea.

        — Ez dut prestakuntzarik jaso nahi.

        — Zurekin denbora galtzen ari naiz —esan zuen apaizak.

        — Katolikoak ez direnak ezin dira konfesatu?

        — Zure Elizako apaiz batekin hitz egin behar duzu.

        — Ez daukat Elizarik.

        — Orduan, nik uste dut zuk sendagile bat behar duzula —ondorioztatu zuen apaizak.

        Danbateko bat emanez itxi zuen leihatila. Castlek alde egin zuen konfesalekutik. Zentzugabeko ekintza baten amaiera zentzugabea zen, pentsatu zuen. Nolatan espero zuen gizon hark ulertuko ziola, hitz egiten utzi izan balio? Kontatzeko zeukan istorioa luzeegia zen, eta urte askotxo ziren Afrikako herri urrun batean abian jarri zela.

 

 

2

 

        Sarah Castleri diosal egitera irten zitzaion, berokia atondoan eskegiten ari zela.

        — Zerbait gertatu al zaizu?

        — Ez.

        — Hain berandu iristekotan, telefonoz deitzen duzu beti.

        — Batetik bestera ibili naiz jendea ikusteko asmoz. Ez dut inor aurkitu. Guztiek zubia hartu dute, antza.

        — Zure whiskya hartuko duzu edo nahiago duzu berehala afaldu?

        — Whiskya. Presta iezadazu whisky luze bat.

        — Ohi baino luzeagoa?

        — Bai, eta sodarik gabe.

        — Zerbait gertatu zaizu.

        — Ezer garrantzitsurik ez. Neguan bezainbesteko hotza eta hezetasuna dago baina. Sam lo al dago?

        — Bai.

        — Non dago Buller?

        — Katutan lorategian.

        Ohiko besaulkian eseri zen, eta ohiko isiltasuna nagusitu zen bien artean. Castleren irudiko, isiltasuna sorbalda-estalgarri goxo baten modukoa zen. Isiltasunak lasaitasuna adierazten zuen. Isiltasunak bien artean hitz egin beharrik ez zegoela adierazten zuen. Haien arteko maitasuna egonkorregia zen asegururik behar izateko: haien arteko maitasunaren bidez, bizitza-poliza bat eskuratua zuten. Gau hartan Mullerren oharren originala poltsikoan zeukan, eta haren kopia dagoeneko Hallidayren semearen eskuetan egongo zen. Horrexegatik, gau hartan isiltasuna hutsa bezalakoa zen, eta huts hartan ezin zuen arnasarik hartu: isiltasunaren baitan ez zegoen ezertxo ere, ezta konfiantzarik ere; hilobiaren aurrerapena zen.

        — Beste whisky bat, Sarah.

        — Gehiegi edaten ari zara. Gogoratu zer gertatu zitzaion Davis gizajoari.

        — Davis ez zen edariagatik hil.

        — Nik uste nuen...

        — Bai, zuk uste zenuen denek uste zutena. Oker zaude, ordea. Beste whisky bat ipini nahi ez badidazu, esan, neronek prestatuko dut eta.

        — Davisena gogoratzeko esan dizut, ez besterik.

        — Ez dut nahi zuk ni hainbeste zaintzerik, Sarah. Zu Samen ama zara, ez nirea.

        — Bai, noski, ni Samen ama naiz, eta zu bere aita ere ez zara.

        Harrituta begiratu zioten elkarri, atsekabetuta.

        — Ez nuen nahi... —erantsi zuen berehala Sarahk.

        — Zuk ez duzu errurik.

        — Horrelakoxea izango da gure geroa, elkarrekin hitz egiterik ez badugu. Lehenago galdetu didazu zertan ibili naizen. Arratsalde osoa eman dut nirekin hitz egiteko pertsona baten bila, baina ez dut inortxo ere aurkitu.

        — Zertaz hitz egin baina? —galdera hark Castle isilarazi egin zuen—. Zergatik ezin duzu nirekin hitz egin? Haiek debekatzen dizutelako, oker ez banago. Estatuaren sekretuen legea eta ergelkeria horiek guztiak.

        — Horrek ez du inolako zerikusirik honekin.

        — Zer da ba?

        — Ingalaterrara etorri ginenean, Carsonek norbait bidali zuen nirekin hitz egitera. Carsoni esker, Sam eta zu bizirik atera zineten. Laguntza apur bat besterik ez zidan eskatu ordainez. Nik eskerrak eman nahi nizkion, eta onartu egin nuen.

        — Eta hori txarra al da?

        — Amak txikitan esaten zidan beti gehiegi ematen nuela trukean. Ezer ez zen gehiegi, ordea, BOSSen atzaparretatik libratu zintuen gizonarentzat. Gauzak horrela... agente bikoitza deritzana egin nintzen, Sarah. Horrek esan nahi du harrapatzen banaute, bizitza osoa kartzelan emango dudala.

        Castlek betidanik zekien egunen batean eszena hori bizi beharko zutela, baina ezin zuen imajinatu ze hitz esango zizkioten elkarri.

        — Emadazu zure whiskya —eskatu zion Sarahk; Castlek edalontzia hurbildu zion, eta Sarahk hazbete bat edan zion—. Arriskuan zaude? Oraintxe bertan, esan nahi dut. Gaur gauean.

        — Beti arriskuan egon naiz, elkarrekin bizitzen hasi ginenetik.

        — Eta orain okerragoa da?

        — Bai. Nire ustez, filtrazio bat aurkitu eta Davis zela uste izan zuten. Ziur nago Davis ez zela berez hil. Percival doktoreak zerbait esan zuen...

        — Hil zutela esan nahi al duzu?

        — Bai.

        — Hortaz, Davis izan beharrean zeu izan zintezkeen...

        — Bai.

        — Eta horretan segitzen al duzu?

        — Orduan idatzi nuen nire azken mezua iruditu zitzaidana. Agur egin nion kontu guztiari. Gerora, ordea,... zerbait gertatu zen. Mullerrekin bilduta egon nintzen azken aldian. Besteei jakinarazi behar nien. Lortu dudalakoan nago. Ez dakit baina.

        — Nola jakin zuten filtrazioarena bulegoan?

        — Isilmandatari bat izango dute beste aldean... eta horrek, seguru asko, nire mezuak eskuratuko zituen, eta gero Londresera bueltatu.

        — Eta hau ere bueltatzen badu?

        — Badakit zer esan nahi duzun: Davis hil da, eta neu naiz Mullerrekin harremanik duen bulegoko bakarra.

        — Zergatik jarraitu duzu, Maurice? Suizidio garbia izan da hori.

        — Baliteke horrek jende askori bizitza salbatzea... zure herriko jende askori.

        — Ez iezadazu nire herriaz hitz egin. Nik ez daukat herririk dagoeneko. Zeu zara «nire herria».

        Castlek pentsatu zuen hitz haiek seguru asko Bibliatik ateratakoak izango zirela. Lehendik entzunda zeuzkan. Azken batean, Sarah eskola metodista batean ibilia zen. Sarahk beso batez gerritik heldu zion eta whisky edalontzia ezpainetara hurbildu.

        — Nahiago nuke lehenago esan bazenit, urte hauetan zain egon gabe.

        — Beldurrak nengoen, Sarah. —Itun Zaharraren izena berriro ekarri zuen burura Castlek, Sarahren izenarekin loturik. Ruth izeneko emakume batek erabili zituen Sarahk esandako hitz berberak... edo oso antzekoak.

        — Beldurra niri eta ez haiei?

        — Beldurra zugatik. Ezin duzu pentsatu ere egin zein luze egin zitzaidan Polana hotelean zure zain nengoen bitartean. Pentsatu nuen ez zinela inoiz azalduko. Egun-argia zen bitartean, kotxeetako matrikula-zenbakiak behatzen nituen. Zenbaki bikoitiek esan nahi zuten Mullerrek atzeman zintuela, eta bakoitiek, berriz, bidean zinela. Oraingoan ez da Polana hotelik izango, ezta Carson ere. Gauzak ez dira bi aldiz gertatzen.

        — Zer nahi duzu nik egitea?

        — Hobe zenuke Sam hartu eta amaren etxera joatea. Urrun zaitez nire albotik. Bion artean liskarraldi izugarri bat gertatu ondoren dibortzioa eskatu nahi izango bazenu bezala jokatu behar duzu. Ezer gertatzen ez bada, hementxe geratuko naiz, eta berriro elkartu ahal izango gara.

        — Eta nik zer egingo dut bitartean? Kotxeen matrikulei begiratu? Emadazu beste ideiaren bat.

        — Haiek oraindik babesten banaute (ez dakit hala den), arriskurik gabeko ihesaldia aginduta daukat. Bakarrik joan beharko nuke, ordea. Dena den, nire amaren etxera joan beharko zenuke Samekin. Ezberdintasun bakarra hau da: ezin izango garela harremanetan jarri, ez duzula jakingo zer gertatu den... denbora luzean, beharbada. Uste dut nahiago nukeela polizia baletor. Epaiketa-gelan elkar ikusiko genuke, behintzat.

        — Davis ez zen auzitegira heldu, ezta? Ez, zure bila badabiltza, alde egin ezazu, Maurice. Behinik behin, jakingo dut salbu zaudela.

        — Gaitzespen-hitzik batere ez didazu esan, Sarah.

        — Zein gaitzespen-hitz baina?

        — Beno, ni traidore deitu ohi zaien horietako bat naiz.

        — Eta nori axola zaio hori? —esku bat bermatu zuen Castleren esku baten gainean: ekintza hura musu bat baino kutunagoa eta sakonagoa zen; ezezagun bati ere eman dakioke musurik—. Guk geure herria daukagu. Zu, Sam eta hirurok. Zuk ez duzu herri hori inoiz traizionatu.

        — Gaur gauean ez dugu zertan gehiago kezkaturik. Oraindik badaukagu denborarik eta lo egin beharra daukagu.

        Ohera iritsi bezain laster, berriz, amodioa egin zuten pentsatu gabe eta elkarri berba egin barik, hori ordubete lehenago hitzartu izan balute bezala, eta solasaldia luzabide bat besterik izan ez bailitzan. Hilabeteak ziren hala elkarganatzen ez zirela. Sekretua argitu zenez, maitasuna askatu egiten zen. Castle lo geratu zen Sarahrengandik bereizi bezain laster. Haren azken gogoeta hau izan zen: «Denbora dago oraindik... Egunak pasatuko dira, asteak beharbada, filtrazioren baten berri eman arte. Bihar larunbata da. Asteburu osoa dugu aurretik erabaki bat hartzeko».

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia