Bigarren atala

 

 

1

 

        Oso jende gutxi zegoen St. George elizan, Hannover Square-n, Percival doktorea sir John Hargreavesekin hara iritsi zenean. Sir John Hargreaves aurreko gauean itzulia zen Washingtondik.

        Besoko beltz bat zeraman gizon bat bakarrik zegoen, zutik, erdiko nabetik hurbil, lehenengo lerroan; badaiteke Droitwich-eko haginlaria izatea —pentsatu zuen Percival doktoreak—. Ez zion inori uzten bere aurretik pasatzen. Seniderik hurbilena zenez gero, lehenengo lerro osorako zuen eskubidea zaintzen ari zela ematen zuen. Percival doktoreak eta C-k elizaren atzealdetik hurbileko jarlekuak hartu zituzten. Cyntia, Davisen idazkaria, haiek baino bi lerro atzerago zegoen. Daintry koronela Watsonen ondoan zegoen, nabearen beste aldean, eta han aurpegi-sail bat ere bazegoen, zeina Percival doktoreak bistaz baino ezagutzen ez baitzuen. Beharbada inoiz erdi ikusiak zituen korridoreren batean edo MI5-arekin izandako bileraren batean. Edo beharbada sudurluzeak besterik ez ziren: hiletek ezkontzek beste arrotz erakartzen dute. Azken lerroko bi gizon narratsak Davisekin bizi ziren Ingurugiro Saileko funtzionarioak izango ziren seguru asko. Norbait hasi zen organoa eztiki jotzen. Percival doktoreak Hargreavesi xuxurlatu zion:

        — Zer moduz hegaldia?

        — Hiru ordu berandu iritsi ginen Heathrow-ra —erantzun zuen Hargreavesek—. Jateko atera zigutena janezina zen. —Hasperen egin zuen: bere emaztearen haragi- eta giltzurrun-pastela edo bere klubeko amuarrain ketua gogora etorriko bide zitzaion malenkoniaz.

        Organoak azken nota eman zuen, eta gero isildu egin zen. Batzuk belaunikatu ziren, beste batzuk zutitu. Ez zegoen argi zer egin behar zen.

        Bertako inork, ezta zerraldoko hildakoak ere, ez bide zuen ezagutzen erretorea. Honela hasi zen kantuan:

        — Urrundu zure izurria nigandik; zure esku astunak ere ahitu egiten nau.

        — Zer izurrik hil zuen Davis, Emmanuel?

        — Ez zaitez arduratu, John. Autopsiak eman ditu espero ziren emaitzak.

        Percival doktoreak hainbat urte zeramatzan hileta batera joan gabe, eta hileta-elizkizun hura lekuz kanpoko aipamenez betea iruditu zitzaion. Erretorea korintoarrentzako lehenengo epistolaren zati bat irakurtzen hasi zen:

        — Haragi guztiak ez dira berdinak; gizakiena da bat, animaliena beste bat, arrainena beste bat, eta hegaztiena beste bat.

        Adierazpen hura zalantzan jarri ezinezkoa zen, Percival doktorearen iritziz. Zerraldo barruan ez zegoen arrainik; askoz gehiago interesatuko zitzaion... sekulako amuarrain bat egon izan balitz. Begiratu azkar bat egin zuen bere ingurura. Neskaren betileetatik malko bat zegoen zintzilik. Haserrea antzeman zitekeen Daintry koronelaren aurpegian, edo tristura agian: bazitekeen hura susmo txarren baten adierazgarri izatea. Bazirudien Watson ere kezkatuta zegoela: seguru asko buruan zerabilen nor igoarazi beharko zuen Davisen lekua betetzeko.

        — Hiletaren ondoren zurekin hitz egin nahi dut —esan zuen Hargreavesek.

        Hori ere gogaikarria izango litzateke, pentsatu zuen Percivalek.

        — Segidan misterio bat agertuko dizuet —irakurri zuen erretoreak.

        «Hil behar nuen gizona hil ote dudan misterioa akaso?», galdetu zuen berekiko Percival doktoreak. Misterio hura ez zen inoiz argituko; filtrazioak eteten ez baziren, berriz, argi geratuko zen zoritxarreko huts bat egin zela. C haserre bizian jarriko zen, Daintry bezala. Zoritxarrez ezin zen gizonik bota bizitzaren ibaira, arrainekin egin zitekeen bezala.

        — Non duk, Herio, heure eztena? —erretoreak ahotsa altxatu zuen Ingalaterrako literaturaren pasarte ezagun hura nabarmentzeko, aktore txar batek Hamlet antzezterakoan egingo lukeen bezala, hain zuzen ere, bakarrizketa famatua bere testuingurutik atera behar duenean; baina berriro lotu zitzaion gora-beherarik gabeko doinuari ondorio iluna eta akademikoa eskaintzeko—. Herioaren eztena bekatua da, eta bekatuaren indarra, berriz, legea —Euklidesen teoremaren itxura zeukan hark.

        — Zer esan duzu? —xuxurlatu zuen C-k.

        — Goian Bego —erantzun zuen Percival doktoreak.

 

 

2

 

        — Zer esan nahi zenuen zehazki Goian Bego esan duzunean? —jakin nahi izan zuen sir John Hargreavesek, elizatik irtetea lortu zutenean.

        — Erretoreak esandakoari erantzuteko, «amen» baino egokiagoa iruditu zait.

        Gero, kasik erabat isilik Travellers Club-erantz abiatu ziren. Nolabaiteko hitzarmen isilpekoren bat zela medio, Travellers-a Reform-a baino egokiago iruditu zitzaien, egun hartan bazkaltzeko. Davis ohorezko bidaiari bihurtua zen, esploratu gabeko lurraldeetara bidaia egin zuelako, eta bistan zen «pertsona bat, boto bat» leloa aldarrikatzeko eskubidea galdua zuela.

        — Ez dut gogoratzen noiz egon nintzen azken aldiz hileta batean —azaldu zuen Percival doktoreak—. Izeba-amona zahar bat, nik uste, duela hamabost urte baino gehiago. Hileta zurrun samarra izan da, ez zaizu hala iruditzen?

        — Niri Afrikako hiletak asko gustatzen zitzaizkidan. Musikaz beteak... lapikoak, eltzeak eta hutsik zeuden sardina-latak beste musika-tresnarik ez bazuten ere. Horrek inori pentsarazten zion heriotza, azken batean, oso dibertigarria izan zitekeela. Nor zen negarrez ari zen neska?

        — Davisen idazkaria. Cynthia du izena. Itxura denez, Davis neska hartaz maiteminduta zegoen.

        — Oker ez banago, horrelakoak sarritan gertatzen dira. Gurea bezalako enpresa batean ezin da horrelakorik saihestu. Daintryk dagoeneko zehatz-mehatz aztertua izango du neska hori, ezta?

        — O bai, bai! Izan ere, informazio erabilgarriren bat eman zigun oharkabean... Gogoan al daukazu zoologikoaren kontu hura?

        — Zoologikoa?

        — Badakizu, egun batean Davis...

        — A bai, oraintxe gogoratzen dut.

        Asteburuero gertatzen zen bezala, kluba ia hutsik zegoen. Erreflexu automatiko bat bailitzan, amuarrain ketua janez emango zioten hasiera bazkariari; egun hartan, berriz, ez zeukaten amuarrainik klubean. Haren ordezko gisa, Percival doktoreak gogo txarrez izokin ketu bat onartu zuen hau erantsi zuela:

        — Zoritxarrez ez nuen Davis ondoegi ezagutzen. Uste dut oso atsegin izango nuela beharbada.

        — Hala ere, zuk oraindik uste duzu bera izan zela filtrazioa egin zuena, ezta?

        — Oso argia izan zen gizon laño baten papera antzezteko orduan. Buru-argitasuna miresten dut... Eta ausardia ere bai. Ausardia handia behar izango zuen.

        — Okerreko bando baten aldeko lanean.

        — John, John! Ez zu ez ni ez gaude bandoez hitz egiteko moduan. Ez gara gurutzatuak. Mende arrotz batean jaio gara. Saladino aspaldi bidali zuten Jerusalemdik. Eta, egia esanda, Jerusalemek ez du gehiegi irabazi horrekin...

        — Hala ere, Emmanuel, nik ezin dut traizioa miretsi.

        — Duela hogeita hamar urte, artean ikaslea nintzela, komunistatzat edo jotzen nuen neure burua. Begira iezadazu orain. Nor da traidorea, Davis ala ni? Internazionalismoan sinesten nuen benetan, eta orain nazionalismoaren aldeko borroka ezkutu batean ari naiz.

        — Gaztaroa atzean utzi duzu, Emmanuel, horixe da dena. Zer nahi duzu edateko? Klaretea ala Borgoina?

        — Klaretea, berdin bazaizu.

        Sir John Hargreaves eroso eseri zen aulkian, eta ardoen kartaren sakonguneetan pulunpatu zen. Bazirudien ez zegoela gustura, beharbada artean ez zekielako zein ardo hautatu, Saint-Émilion ala Médoc. Azkenean hartu zuen erabakia.

        — Emmanuel, batzuetan galdetzen diot neure buruari zergatik zauden gure artean.

        — Zerorrek esan duzu; heldu egin naiz. Ez dut uste komunismoak epe luzean hobeto funtzionatuko duenik kristautasunak orain arte baino, eta ni ez naiz gurutzatu-klase horretakoa. Kapitalismoa ala komunismoa? Beharbada, Jainkoa bera kapitalista da. Bizirik nagoen bitartean nahiago dut irabazteko aukera gehien dituenaren alde egon. Ez zaitez eskandaliza, John. Ez nazazu zinikotzat har, baina zera gertatzen da, ez dudala denbora gehiegi galdu nahi. Irabazten duen aldeak eritetxe hobeak eraiki ahal izango ditu, eta diru gehiago erabili minbiziari buruzko ikerkuntzan... txorakeria nuklear horiek guztiak alde batera uzten diren egunean. Bien bitartean, ondo pasatzen dut esku tartean daukagun joko honekin. Ondo pasatzen dut, besterik ez. Ez dut Jainkoaren edo Marxen jarraitzaile sutsua izatearen plantarik egin nahi. Kontuz fededunekin! Ez dira jokalari fidagarriak. Nolanahi ere, denoi gustatzen zaigu jokalari on bat edukitzea xakeko taularen beste aldean. Horrek plazerra areagotu egiten du.

        — Traidorea bada ere?

        — Traidorea... Hori da hori hitz zaharkitua, John! Jokalaria jokoa bezain garrantzitsua da. Nik ez nuke ondo pasatuko, mahaiaren beste aldean jokalari txar bat balego.

        — Eta hala ere... zuk hil zenuen Davis? Ala ez?

        — Gibeleko minez hil zen. Irakurri autopsiaren emaitzak.

        — Zorioneko kointzidentzia bat?

        — Karta markatua, zuk iradoki zenuen sistema ondo irten zen; badakizu, denik eta amarrurik zaharrena. Berak eta biok beste inork ez zekien ipuin txiki hura, Porton-i buruz asmatu nuena.

        — Itxaron beharko zenuen ni etorri arte. Ezer esan al zenion Daintryri?

        — Kontu hori nire eskuetan utzi zenuen, John. Eta arrain batek amua jan duela sumatzen duzunean, ez zara urbazterrean gelditzen, inoren zain, haren aholkurik jasotzeko.

        — Uste al duzu Château Talbot honek merezi duela?

        — Bikaina da.

        — Susmatzen dut ahosabaia hondatu didatela hainbeste martini lehorrekin. —Ardoa berriro ahogozatu zuen.— Edo beharbada oker zaude. Ez al duzu inoiz kezkarik izaten, Emmanuel?

        — Beno, bai, apur bat arduratuta nago hileta dela eta. Ohartuko zinen organo-musika ere bazegoela... ehorzketa kontuan hartu gabe. Horrek guztiak oso garestia izan behar du, eta ez dut uste Davisek diru askorik utzi duenik. Uste al duzu haginlari gizajoak ordaindu duela dena? Edo Sortaldeko gure lagunek akaso? Hau ez zait erabat bidezkoa iruditzen.

        — Ez zaitez kezkatu horregatik, Emmanuel. Enpresak ordainduko du. Ez diogu inori diru berezien berri eman behar. —Hargreavesek bere edalontzia baztertu eta esan zuen:— Talbot hau ez zait iruditzen 71koa denik.

        — Ni neu, John, zur eta lur geratu nintzen Davisek berehala erreakzionatu zuela ikusita. Haren pisua zehatz-mehatz kalkulatu nuen, eta dosi bat eman nion, hilgarria izango ez zelakoan. Dakizunez, artean aflatoxina ez zen sekula erabili gizakiekin, eta ziur egon nahi nuen dosi zehatza emango geniola, larrialdiren bat gertatzen bazen ere. Agian gibela gaixo zeukan ordurako.

        — Nola eman zenion?

        — Haren etxera joan nintzen, eta Davisek White Walker whisky txar-txar bat edatera gonbidatu ninduen. Haren gustua aflatoxina estaltzeko adinakoa zen.

        — Benetan espero dut harrapatu duzun arrainarekin asmatu izana; horixe da nire erregu bakarra —esan zuen sir John Hargreavesek.

 

 

3

 

        Daintryk St. James Street-etik goibeldurik hartu zuen, eta White's-en paretik igarotzerakoan, etxera bidean, ahots batek garrasika deitu zion eskalinatatik. Begirada ezerezetik altxatu zuen, hantxe murgilduta baitzegoen, eta aurpegi hura ezaguna egin zitzaion, haren izena gogoratzen ez bazuen ere, ezta noiz eta nola ezagutu zuen ere. Boffin? Izen hori etorri zitzaion gogora. Edo Buffer?

        — Aizu, Malteserrik ba al daukazu?

        Orduan Daintryk gogora ekarri zuen biak elkarrekin egon ziren azken aldia, eta horrekin batera, lotsa pitin bat sentitu zuen.

        — Zer irudituko litzaizuke elkarrekin mokadu bat hartuko bagenu, koronel?

        Buffy zen haren izen aldrebesa. Begi-bistakoa zen beste izenen bat izan behar zuela, baina Daintryk ez zuen horren berri.

        — Sentitzen dut —erantzun zuen—. Bazkaria zain daukat etxean.

        Ez zen erabateko gezurra. Sardina-lata bat prestatu zuen, Hanover Square-rantz abiatu aurretik, eta ogia eta gazta sobera zeuzkan aurreko eguneko bazkaritik.

        — Orduan etorri zerbait edatera. Etxeko janarietarako ez dago sekula presarik —ekin zion berriro Buffyk, eta Daintryk ez zuen aitzakiarik aurkitu ezezkoa emateko.

        Artean goiz zenez, bi pertsona besterik ez zeuden pub hartan. Bazirudien Buffy ondotxo ezagutzen zutela, gogo handirik gabe agurtu zutelako. Hura, hargatik ere, ez zen gehiegi kezkatu horregatik, eta keinu nabarmen bat egin zuen hango jende guztia agurtzeko, zerbitzaria barne.

        — Hau koronela da. —Bi gizonek Daintryri kurrinka egin zioten aspertuaren adeitasunez.— Ehizaldi hartan ez nuen zure izena ondo aditu.

        — Nik ere ez zurea.

        — Hargreavesen etxean ezagutu genuen elkar —azaldu zien Buffyk beste biei—. Koronela zerbitzu sekretukoa da. James Bond eta horrelako gauzak.

        Bi gizonetako batek esan zuen:

        — Ez naiz inoiz gauza izan Ianen libururik irakurtzeko.

        — Nire iritziz, sexu gehiegi dago —esan zuen besteak—. Gehiegizkoa da. Nik, beste edozeinek bezala, atsegin dut txortan egitea, baina hori ere ez da hain garrantzitsua, ezta? Zuk ez duzu horrela jokatzen, esan nahi dut.

        — Zer edan nahi duzu? —galdetu zuen Buffyk.

        — Martini lehor bat —erantzun zuen Daintry koronelak; eta Percival doktorearekin izandako solasaldia gogora ekarrita, gehitu zuen—: oso lehorra.

        — Bat luzea eta oso lehorra, Joe. Eta ardo gorri bat ere bai, luzea. Luze-luzea, ulertu didazu? Ez zaitez zikoitza izan.

        Isiltasun trinko bat nagusitu zen tabernan, bakoitzak buruan gauza desberdin bat izango balu bezala: Ian Flemingen eleberri bat, ehizaldi bat, hileta bat. Gero, Buffyk hartu zuen hitza:

        — Gauza bat dago koronela eta biok atsegin duguna: Malteserrak.

        Bi gizonetako batek bere barne-pentsamenduetatik jalgita esan zuen:

        — Malteserrak? Nik Smartyak nahiago ditut.

        — Zer arraio dira Smartyak, Dicky?

        — Kolore desberdinetako txokolatezko konfite txiki batzuk. Guztiek daukate zapore berbera. Nik neuk ez dakit zergatik, baina gorriak eta horiak ditut gogokoenak. Ez zaizkit malba-kolorekoak gustatzen.

        — Kalean gora zentozela ikusi zaitut, koronel —esan zuen Buffyk—. Bazirudien zure buruarekin ari zinela hizketan, nik hori esatea axola ez bazaizu. Estatuaren sekretuak? Norantz zindoazen?

        — Etxerantz —argitu zuen Daintryk—. Hemendik hurbil bizi naiz.

        — Bazirudien nazka-nazka eginda zindoazela. Neure buruari esan diot: gure herriak arazo larriak izango ditu. Zerbitzu sekretukoek guk baino gehiago dakite.

        — Hileta batetik nator.

        — Espero dut zendua zure senide hurbila ez izatea.

        — Ez. Bulegoko bat zen.

        — Nire ustez, hiletak ezkontzak baino hobeak dira. Nik ez ditut ezkontzak jasaten. Hileta behin-betikoa da. Ezkontza... beste zerbaiterako tarte penagarri bat besterik ez da. Nahiago dut dibortzioa ospatu, baina noski, hori ere beste ezkontza baterako bitartea da. Jendea ohitu egiten da.

        — Ez esan halakorik, Buffy! —oihu egin zuen Dickyk, Smartyak gustuko zituen gizonak—. Zuk zeuk behin pentsatu zenuen ezkontzea. Denok dakigu ezkontza-agentzia batera jo zenuela. Ihes egiteko suertea izan zenuen. Joe, prestatu beste martini bat koronelarentzat.

        Daintry arrotzen artean galduta balego bezala sentitzen zen; lehenengo martinia zurrutada batez edan zuen. Gero, menperatzen ez duen hizkuntza bateko esamolde-liburu batetik esaldi bat aukeratzen aritu izan balitz bezala, honela esan zuen:

        — Ni ere ezkontza batean izan nintzen. Aspaldi gabe.

        — Sekretua hura ere? Esan nahi dut, zure taldekoren bat ezkondu al zen?

        — Ez. Nire alaba. Ezkondu egin zen.

        — Arranopola! —deiadar egin zuen Buffyk—. Ez nuen sekula pentsatuko zu horietako bat zinenik... Gizon ezkondua, esan nahi dut.

        — Bata ez da bestearen ondorioa ezinbestean —esan zuen Dickyk.

        Ordura arte ahoa ia ireki ere ez bazuen ere, hirugarren gizon bat lotu zitzaion solasaldiari:

        — Ez duzu pentsatu behar besteok baino gehiago zarenik, Buffy. Beste garai batean, ni neu horietako bat izan nintzen, gaur egun hori antzinako istorioa iruditzen bazait ere. Hain zuzen ere, nire emazteari esker hasi zen Dicky Smartyak jaten. Gogoan al daukazu arratsalde hura, Dicky? Bazkari dezente penagarri bat izan genuen, nolabait ere susmatzen genuelako geure familia hausten ari ginela. Orduan nire emazteak esan zuen: «Smarty batzuk»; halaxe, besterik ez: «Smarty batzuk». Ez dakit zergatik. Seguru asko uste zuelako zerbaitetaz hitz egin behar genuela. Aparta zen itxurak egiten.

        — Ez naiz oroitzen, Willie. Uste dut Smartyak lehendik ezagutzen nituela. Uste nuen neure kasa aurkitu nituela. Atera beste martini lehor bat koronelarentzat, Joe.

        — Ez, axola ez bazaizu... Egia esanda, etxera joan beharra daukat.

        — Nire txanda da —esan zuen Dicky zeritzonak—. Joe, bete iezaiozu edalontzia. Hileta batetik dator. Adorea berreskuratu behar du.

        — Txiki-txikitandik ohitu nintzen hiletetara —azaldu zuen Daintryk bere harridurarako, hirugarren martini lehorretik zurrutada bat edan eta gero.

        Ohartu zen arrotzekin normalean askatasun gutxiagoz hitz egiten zuela. Eta, egia esanda, jenderik gehiena arrotza zen Daintryrentzat. Errondaren bat ordaindu nahi zuen, baina Daintry ez zegoen bere klubean. Lagunen artean sentitzen zen, baina besteen begien aurrean arrotza zen oraindik, ziur zegoen. Jakinmina piztu nahi zuen besteengan, baina gai gehiegi zeuzkan debekaturik.

        — Zergatik? Jende asko hil zen zure familian? —galdetu zuen Dickyk, alkoholak piztutako jakinminez.

        — Ez, ez da hori —erantzun zuen Daintryk, bere herabetasuna hirugarren martinian itoaraziz. Arrazoi misteriotsuren bat zela medio, gogora etorri zitzaion herri bateko geltoki bat, nora duela hogeita hamar urte baino gehiago bere pelotoiarekin iritsi baitzen... Leku haren izena adierazten zuten errotuluak Dunkerketik aurrera kenduak izan ziren, alemaniarren balizko inbasioaren beldurrez. Iruditu zitzaion zama pisu bat berriro gainetik kendu eta, zalaparta handia eginez, White's-ko zoruan askatzen ari zela.— Aita klerikoa nuen, eta hori zela eta, txikitan hileta askotara joan nintzen.

        — Ez nuen sekula asmatuko —esan zuen Buffyk—. Uste nuen zu militarren familia batetik zentozela... Jeneralaren semea, lehenengo erregimentua, txorakeria horiek guztiak. Joe, nire edalontzia egarriz dago. Baina, noski, poliki pentsatuz gero, zure aita klerikoa izateak gauza asko argitzen ditu.

        — Zer argitzen du ba? —galdetu zuen Dickyk. Bazirudien arrazoiren bat zela medio haserre zegoela eta dena zalantzan jarri nahi zuela.— Malteserrak ala?

        — Ez, ez, Malteserrena beste kontu bat da. Oraindik ezin dizut kontatu. Denbora gehiegi beharko litzateke. Koronela zerbitzu sekretuan ari dela esan nahi nuen. Eta nolabait, poliki pentsatuz gero, kleriko batekin gauza bera gertatzen da... Badakizu, konfesalekuko sekretuak eta hori dena ildo berekoak dira.

        — Aita ez zen katolikoa. Eliza anglikano kontserbadorekoa ere ez zen. Itsas armadako kaperaua izan zen. Lehenengo gerran.

        — Lehenengo gerra —behin ezkonduta egon zen Willie izeneko gizon hark esan zuen umore txarrez— Kain eta Abelen artekoa izan zen —esaldi hura zorrotz-zorrotza izan zen, garrantzirik gabeko solasaldi bati amaiera jarri nahi izan balio bezala.

        — Willieren aita ere klerikoa izan zen —azaldu zuen Buffyk—. Ur handiko arrain bat. Apezpiku bat itsas armadako kaperau baten kontra. Hori da hori parea!

        — Aita Jutlandia-ko batailan izan zen —esan zuen Daintryk.

        Daintryk ez zion inori desafiorik egin nahi, ezta Jutlandia apezpikutegi baten kontra jarri ere. Hura kolpetik burura etorri zitzaion oroitzapen bat baino ez zen.

        — Baina ez soldadu gisa. Horrek, beraz, ia ez du garrantzirik, ezta? —iritzi zuen Buffyk—. Kain eta Abelekin alderatuta...

        — Zuk, hala ere, ez duzu hain zaharra ematen —esan zuen Dickyk mesfidantzaz, bere edalontzikoa zurrupadaka edaten ari zen bitartean.

        — Garai hartan, aita artean ezkondu gabe zegoen. Gerraren ondoren ezkondu zen amarekin. Hogeiko hamarkadan. —Daintry ohartu zen elkarrizketa zentzua galtzen hasia zela. Ginebra egiaren droga bailitzan jokatzen ari zen. Bazekien gehiegi hitz egiten ari zela.

        — Zure amarekin ezkondu al zen? —zorrotz ebaki zuen Dickyk, inkisidore baten modura.

        — Harexekin ezkondu zen, bai horixe. Hogeiko hamarkadan.

        — Oraindik bizirik al duzu ama?

        — Aspaldi hil ziren biak. Beno, etxera joan beharra daukat. Janaria hondatuko zait bestela —erantsi zuen Daintryk, platerean lehortzen ari ziren sardinak gogoan zituela. Ezezagun atseginen artean zegoelako usteak dagoeneko alde egina zion. Solasaldia garrazten hasteko arriskua zegoen.

        — Zein lotura du horrek hileta batekin? Eta gainera, zein hiletaz ari gara?

        — Ez egin kasurik Dickyri —aholkatu zion Buffyk—. Oso atsegin du galderak egitea. Gerra garaian MI5-ean aritu zen. Beste erronda bat, Joe. Dagoeneko esan digu, Dicky. Bere bulegoko gizajo batena.

        — Lagundu zenion lurperatu zuten arte?

        — Ez, ez. Hiletara joatea baizik ez dut egin. Hanover Square-n .

        — St. George-n izan da orduan —zehaztu zuen apezpikuaren semeak eta edalontzia altxatu zuen Joeren aurrean kaliza bailitzan.

        Daintryk denbora dezente behar izan zuen bere burua White's-ko barratik askatzeko. Gainera, Buffyk eskaileraraino lagundu zion. Taxi bat igaro zen handik.

        — Hauxe da esan nahi nuena! —esan zuen Buffyk— Autobusak St. James's-etik! Inor ez dago seguru hiri honetan.

        Daintryk ez zekien inondik inora Buffyk zer esan nahi zuen. St. James jauregirantz kalean behera zihoala, ohartu zen ordu hartan aspaldidanik ez zuela hainbeste edan. Gizon jatorrak ziren, baina ez zen inoiz sobera egoten zuhurtasunez jokatzea. Gehiegi hitz egin zuen. Bere aitaz, bere amaz. Lock's kapelutegi eta Overton's jatetxearen ondotik igaro zen. Espaloian gelditu zen, Pall Mall-eko kantoian. Bere etxe parera iristerakoan ez zen gelditu... Baina garaiz konturatu zen. Etorritako bidetik atzera egin zuen bere etxeko ateraino, han bazkaria zain baitzeukan.

        Dena zegoen han: gazta, ogia eta sardina-lata, artean ireki gabea. Ez zen oso trebea eskuekin, eta latorri mehea eten egin zen lataren hiru laurdenak zabaldu aurretik. Sardinen erdia zatika ateratzea lortu zuen, sardeska batez baliatuta. Ez zen gose... hura aski izango zen. Zalantzan egon zen ez baitzekien komeni ote zitzaion gehiago edatea martini lehorren ondoren, eta orduan Tuborg botila bat aukeratu zuen.

        Bazkariak lau minutu baino gutxiago iraun zuen, baina oso luzea iruditu zitzaion, buruan zerabilena zela eta; izan ere, gogoetak kulunkatzen ari zitzaizkion, mozkor bat bailitzan. Lehenbizi hau etorri zitzaion burura: Percival doktorea eta sir John Hargreaves kalean behera zihoazen haren aurretik, hileta amaituta, beherantz begira, azpilanetan arituko balira bezala. Gero, Davis etorri zitzaion burura. Ez zuen begi-begikoa, baina kezkatuta zegoen haren heriotza zela eta. Goraki esan zion hango lekuko bakarrari, hain zuzen ere, sardeska gainean orekari eusten ahalegintzen ari zen sardina-buztan bati:

        — Froga horiekin epaimahai batek ez zuen sekula kondenatuko.

        Kondenatu? Ezerk ez zuen frogatzen Davis ez zela berez hil, eta autopsiak hala egiaztatzen zuen. Zirrosiari heriotza naturala zeritzan. Saiatu zen gogoratzen Percival doktoreak ehizaldiko gauean esan ziona. Gau hartan ere gehiegi edan zuen, ez baitzegoen gustura ulertzen ez zuen jende harekin. Percival, gainera, haren logelan sartu zen hark gonbidatu gabe, eta Nicholson izeneko artista bat aipatu zuen.

        Daintryk ez zuen gazta probatu ere egin. Plater koipetsuarekin batera, atzera eraman zuen sukaldera —edo kitchenette-ra, orduan esaten zen bezala—; han lagun bakar batentzako lekua zegoen. Burura etorri zitzaizkion, bestalde, Suffolk-eko erretore-etxe ilun hartako sotoko sukaldeko leku zabalak, hara zokoratu baitzuten haren aita Jutlandia-ko batailaren ondoren. Gogora ekarri zituen, halaber, Buffyk konfesalekuak zirela eta ez zirela esandako hitz begirunik gabeak.

        Daintryren aitak ez zuen sekula aitortza onartu, ezta eliza anglikano kontserbadoreko artzain ezkongeak ondoko elizan ipinitako konfesalekua ere. Bere aitaren belarrietara iristen ziren aitortzak, aitortzarik iritsiz gero behintzat, bigarren eskukoak izaten ziren, jendea batzuetan Daintryren amarekin konfesatzen baitzen, herri hartan estimu handitan zeukatelako, eta bere senarrari jakinarazten zizkion aitortzak Daintryk aditzen zituen batzuetan, haien jatorrizko zabarkeriarik, maltzurkeriarik eta ankerkeriarik gabe. «Uste dut jakin behar duzula zer esan zidan Mrs. Bainesek atzo».

        Daintryk berriro goraki hitz egin zuen —itxuraz, horretara egiten hasia zen—. Orduko hartan harraskari mintzatu zitzaion:

        — Ez zegoen Davisen kontrako froga zehatzik.

        Porrot baten errudun sentitu zen... Urteetan ondo sartutako gizon baten porrota zen, erretirotik hurbil zegoen gizon batena. Erretiroa, zertarako? Bakardade bat beste batez ordezkatzeko. Suffolk-eko erretore-etxean berriro egoteko nahia piztu zitzaion. Sekula loratzen ez ziren ereinotzez inguraturiko zidor luze eta belar gaiztoz betea zeharkatu nahi izan zuen, eta ate nagusitik sartu. Soilik etxe hartako ezkaratza bere pisu osoa baino handiagoa zen. Ezkerraldean, esekitoki bat zegoen non kapela batzuk zintzilik ageri baitziren, eta eskuinaldean, obus baten kobrezko zorroa, aterkiz betea. Ezkaratza zeharkatu eta aurreko atea poliki-poliki zabaltzerakoan, bere gurasoak ustekabean harrapatzen zituen kretonazko sofan eserita eta eskutik helduta, bakarrik zeudela uste zutelako. «Dimititu behar al dut —galdetzen zien— ala zain egon erretiratu arte?». Ondotxo zekien bien erantzuna ezezkoa izango zela. Aitaren kasuan, bere gurutzuntziko kapitainari begietan nolabait isladatzen zitzaiolako erregeei jainkoengandik datorkien agintzeko eskubidea, eta uste zuelako ezinezkoa zela bere semeak haren nagusiak baino hobeto jakitea zer egin behar zen. Amari zegokionez... beno, herriko neska batek nagusiarekin arazoak zeuzkanero, hark esan ohi zuen: «Ez asaldatu! Ez da erraza beste lan bat aurkitzea». Aitak, itsas armadako kaperau ohi hark, bere kapitaina eta bere Jainkoa gogoan zituela kristautzat zeukan erantzuna emango zion, eta amak, berriz, erantzun praktikoa eta lurrekoa. Orain dimitituz gero, beste lan bat aurkitzeko aukera handiagorik al zeukan, Daintryren haurtzaroko herriska hartako neskame batek izango zituenak baino?

        Daintry koronela egongelara itzuli zen, olioz beteriko sardeska artean eskuan zeukala ohartu gabe. Egun hartan, urte askotan ez bezala, bere alabaren telefono-zenbakia zeukan. Hark bidali zion ezkontzaren ondoren, txartel batean idatzirik. Horixe zen Elizabethen eguneroko bizitzarekiko lokarri bakarra. Beharbada, pentsatu zuen Daintryk, bere burua gonbidatuko zuen afaltzera. Berak, jakina, ez zuen bere burua gonbidatuko, baina bere alabak zerbait iradokiz gero...

        Ez zuen ezagutu telefonoa hartu zuenaren ahotsa.

        — 6731075 al da? —galdetu zuen.

        — Bai. Norekin hitz egin nahi duzu? —Gizon baten ahotsa zen... ezezagun batena.

        Adorea galdu zuen, eta horrekin batera, izenak gogoratzeko ahalmena.

        — Mrs. Clutterrekin —erantzun zuen.

        — Zenbakiz nahastu zara.

        — Barkatu —eskegi egin zuen.

        Jakina, «Mrs. Cloughrekin esan nahi dut» erantsi beharko zuen, baina beranduegi zen. Ezezagun hura, pentsatu zuen, bere suhia izango zen.

 

 

4

 

        — Ez nuen joaterik izan. Ez zenuen gaizki hartuko, ezta? —galdetu zuen Sarahk.

        — Ez, noski. Neuk ere ez nuen joaterik izan... Elkarrizketa bat neukan Mullerrekin.

        — Beldur nintzen ea ez ote nintzen itzuliko Sam eskolatik etorri aurretik. Non egon nintzen galdetuko zidan.

        — Beno, egunen batean jakin beharko du.

        — Bai, baina oraindik denbora dago. Jende asko zegoen?

        — Ez gehiegi, Cynthiak esan zidanez. Watson, jakina, gure saileko nagusia denez gero. Percival doktorea. C; oso detaile polita izan zen hiletara joatea. Bazirudien Davis norbait zela enpresaren barruan. Haren lehengusua ere bertan zen... Cynthiak uste izan zuen haren lehengusua izango zela besoko beltz bat zeramalako.

        — Zer gertatu zen hiletaren ondoren?

        — Ez dakit.

        — Gorpuarekin... esan nahi dut.

        — Uste dut erraustera eraman zutela Golders Green-era. Hori familiaren eginkizuna da.

        — Lehengusuarena, beraz?

        — Bai.

        — Afrikan hileta hobeak antolatzen genituen —iritzi zion Sarahk.

        — Beno... beste herri batzuk dira, beste ohitura batzuk.

        — Oker ez banago, zure zibilizazioa zaharragoa da.

        — Bai, baina heriotzaren inguruko sentimenduen sakontasuna ez zuten beti bereizgarri izan zibilizazio zaharrek. Ez gara erromatarrak baino okerragoak. —Castlek amaitu zuen bere whiskya.— Igoko naiz Sami bost minutuz zerbait irakurtzera... zerbait gaizki dabilela pentsatuko du bestela.

        — Agindu behar didazu ez diozula ezer esango —eskatu zion Sarahk.

        — Ez zara nitaz fidatzen?

        — Bai, jakina, baina...

        «Baina» hura segika ibili zitzaion eskaileretan gora. Denbora luzea emana zuen «bainak» bizikide zituela: zutaz fidatzen gara, baina... Daintryk kartera arakatu zion... Watford-eko ezezaguna, zeinak Borisekin zeukan hitzordura bakarrik zihoala egiaztatu behar baitzuen. Eta Boris bera ere. Pentsatu zuen: ba al daiteke bizitza haurtzaroa bezain samurra inoiz izatea, «baina» gehiagorik ez egotea, nitaz besterik gabe fidatzea, Sarah nitaz fidatzen den bezala... eta Sam?

        Sam zain zeukan. Haren musutxo beltza nabarmendu egiten zen buruko zuriaren gainean. Egun hartan izarak aldatu bide zizkioten, eta horrek kontrastea areagotu egin zuen. Black and White whiskyaren iragarki bat zirudien.

        — Zer moduz? —galdetu zion, besterik ez zitzaiolako bururatzen, baina Samek ez zuen erantzun: berak ere bere sekretuak zeuzkan—. Zer moduz eskolan?

        — Ondo.

        — Zer klase izan dituzu gaur?

        — Aritmetika.

        — Zer moduz joan da?

        — Ondo.

        — Zer gehiago?

        — Idaz...

        — Idazkuntza. Zer moduz ibili zara?

        — Ondo.

        Castlek bazekien oso hurbil zegoela haurra betiko urrunduko zitzaion unea. «Ondo» bakoitzak belarriak zulatu zizkion, bien arteko zubiak triskatzen zituen eztanda urrun baten hotsa bailitzan. Sami galdetu izan balio: «Ez zara nitaz fidatzen?», agian honela erantzungo zuen berak: «Bai, baina...».

        — Nahi duzu zerbait irakurtzea?

        — Bai, mesedez.

        — Zer nahi duzu irakurtzea?

        — Lorategi bati buruzko liburu hori.

        Lipar batez, zer egin ez zekiela geratu zen. Bullerren nolabaiteko antza zeukaten portzelanazko bi txakurri esker euren lekutik mugitzen ez ziren bi liburuki zahar zeuzkan apal bat begiez arakatu zuen. Liburu batzuk bere haurtzarokoak ziren; eta ia gainerako guztiak berak aukeratu zituen, Sarahk berandu hartu zuelako irakurtzeko zaletasuna, eta helduentzako liburuak ziren gehienak. Haurtzarotik gordeta zeukan bertso-liburu bat hartu zuen. Ez zegoen odolkidetasunik Sam eta beraren artean, ezta gustu berberak izango zituzten inolako ziurtasunik ere, baina betidanik espero zuen... Liburu batek ere zubia egiteko balio dezake. Liburukia ausaz ireki zuen, edo hori uste izan zuen behintzat, baina liburua hareazko zidorra bezalakoa da, horrek ere bere baitan biltzen dituelako erabilerak utzitako aztarnak. Azken bi urteotan Sami irakurriak zizkion liburu haren zenbait pasarte, baina bere haurtzaroko aztarnak tinkoago zeuzkan gogoan, eta goraki sekula irakurri ez zuen olerki batetik zabaldu zen liburua. Bertso bat edo bi irakurri ondoren, konturatu zen ia buruz zekiela. Haurtzaroko zenbait bertsok, pentsatu zuen, bizitza gehiago moldatzen dute Eskritura Santuek baino.

 

                Mugan bekatu barkamenik gabea,

                adarrak hautsiz eta arrastaka goaz

                lorategiko hormako zuloan barrena,

                ibaiaren ertzean behera ihesi.

 

        — Zer dira mugak?

        — Herri bat amaitu eta beste bat hasten den lekua. —Hori esan orduko iruditu zitzaion definizio hura ez zela oso ulergarria; baina Samek onartu egin zuen.

        — Zer da bekatu barkamenik gabea? Espioiak al dira?

        — Ez, ez dira espioiak. Ipuineko mutikoari esan zioten ez zuela lorategira atera behar eta...

        — Nork esan zion hori?

        — Bere aitak edo amak, uste dut.

        — Eta hori bekatua al da?

        — Liburu hori aspaldu idatzi zen. Orduko jendea zorrotzagoa zen, eta gainera, ez da benetan ari.

        — Uste nuen asasinatzea bekatua zela.

        — Bai jakina, inor hiltzea ez dago ondo.

        — Lorategitik irtetea bezala al da?

        Castleri damutu zitzaion olerki hura aukeratu izana. Hain zuzen, haren lerrobideak hamaika bider urratu ondoren, olerki harekiko lokarri berezi bat sortua zen Castleren baitan.

        — Ez duzu nahi irakurtzen jarraitzea? —Azaletik aztertu zituen hurrengo bertsoak... eta ez zitzaizkion batere arriskutsuak iruditu.

        — Olerki hori ez. Ez dut ulertzen.

        — Orduan zein?

        — Bat dago gizon bati buruz...

        — Farolaria?

        — Ez, hori ez.

        — Zertan da gizon hori?

        — Ez dakit. Ilunpetan dago.

        — Ez da aski zein den jakiteko. —Castlek orri batzuk pasatu zituen, ilunpeko gizona bilatzeko.

        — Zaldiz doa.

        — Hau al da olerkia? —Castlek irakurri zuen:

 

                Ilargia eta izarrak itzaltzen direnero,

                haizeak indartsuago jotzen duenero,

                gau ilun eta hezean zehar...

 

        — Bai, bai, horixe da.

 

                ...gizon bat zaldiz doa.

                Gauminean, argi guztiak itzalita daudenean,

                zergatik doa arrapalada etengabean?

 

        — Segi. Zergatik gelditu zara?

 

                Zuhaitzak garrasi batean direnero

                eta untziak itsasoaren meneko direnero,

                arrapaladan egiten du aurrera.

                Arrapaladan doa eta arrapaladan dator,

                arrapaladan beti.

 

        — Bai. Horixe da gehien gustatzen zaidana.

        — Beldur pixka bat ematen du —esan zuen Castlek.

        — Horrexegatik gustatzen zait. Galtzerdi batez egindako mozorrorik ba al darama?

        — Ez du esaten lapurra denik, Sam.

        — Orduan, zergatik ibiltzen da bueltaka etxearen inguruan? Aurpegi zuria dauka, zuk eta Mr. Mullerrek bezala?

        — Horrelakorik ere ez da aipatzen liburuan.

        — Nik uste dut beltza dela, nire kapela bezala, nire katua bezala.

        — Zergatik?

        — Uste dut zuri guztiak haren beldur direla eta euren etxeetan ezkutatzen direla, beharbada labana eskuan duela azaldu eta zintzurra ebakiko dielako... Poliki-poliki —gaineratu zuen, atsegin hartzen ari zela.

        Ordura arte ez zitzaion Sam hain beltza iruditu. Sam babestu nahirik bezala, Castlek beso artean hartu zuen, haren bihotz txikian sortzen hasiak ziren bortizkeriatik eta mendeku-nahietatik babesterik ez bazuen ere.

        Castle bere langelara joan zen, giltzapean zegoen kaxoia ireki, eta Mullerren orriak hartu zituen; izenburu bat zeukaten: «Azken irtenbidea». Agidanez, Mullerrek ez zuen inolako zalantzarik esaldi hori alemaniar bati belarrira esateko, eta irtenbidea, begi-bistakoa zenez, ez zuten gaitzetsi: eztabaida artean ez zen amaitu. Betiko irudia etorri zitzaion burura Castleri, obsesio bat bailitzan: saia eta hil-hurren zegoen haurra.

        Eseri eta Mullerrek hartutako oharrak zehatz-mehatz kopiatu zituen. Horiek mekanografiatzeko lanik ere ez zuen hartu. Idazmakinaren anonimatoa, Hissen kasuan frogatu zenez, oso erlatiboa zen, eta nolanahi ere, Castlek ez zuen hartu nahi bere burua babesteko neurri hutsal bakar bat ere. Liburu bidezko kodea bertan behera utzia zuen, bere azken mezuarekin batera. «Adio» zen mezu haren azken hitza. «Azken Irtenbidea» idatzi eta gero, ondoren zetozen hitzak zehatz-mehatz kopiatzen ari zen bitartean, Carsonekin benetan identifikatu zen aurreneko aldiz. Horrelako egoera batean, Carsonek beste arrisku bat onartuko zuen, azkena. Sarahk egun batean esan zuen bezala, urrunegi joan zen.

 

 

5

 

        Goizaldeko ordu bietan Castle esna zegoen oraindik. Bat-batean, Sarahren garrasi bat entzun eta beldurrak airean altxatu zen.

        — Ez! Ez! —oihu egin zuen Sarahk.

        — Zer duzu?

        Ez zuen erantzunik jaso, baina argia izeki zuenean konturatu zen Sarahk begiak zabal-zabalik zeuzkala, beldurraren beldurrez.

        — Beste amesgaizto bat izan duzu. Amesgaizto bat besterik ez da izan.

        — Ikaragarria izan da.

        — Kontaidazu. Ametsa ez da errepikatuko, berehala kontatuz gero, ahaztu baino lehen. —Ohartu zen Sarah dardarka zegoela, eta bere emaztearen beldurrak Castleren baitan nagusitzen hasi ziren.— Amets bat besterik ez da, Sarah, kontaidazu. Ken ezazu gainetik.

        — Martxan zihoan tren batean nengoen ni. Zu nasan zeunden. Ni bakarrik nengoen. Zuk zeneuzkan txartelak. Sam zurekin zegoen. Bazirudien ez zitzaiola axola. Nora nindoan ere ez nekien. Treneko begiratzailea sumatu nuen ondoko konpartimentuan. Konturatu nintzen ez nengoela niri zegokidan bagoian, zurientzakoan baizik.

        — Ametsa kontatu didazu, beraz, ez da errepikatuko.

        — Banekien zer esango zidan: alde hemendik. Hemen ez daukazu joaterik. Bagoi hau zurientzakoa da.

        — Amets bat besterik ez da izan, Sarah.

        — Bai, badakit. Barkatu zu esnatzeagatik. Lo egin beharra daukazu.

        — Samek izan ohi zituen ametsen modukoa izan da. Gogoan al dauzkazu amets horiek?

        — Samek eta biok badakigu zein koloretakoak garen, ezta? Ametsetan ere burutik kendu ezinik gaude kontu hori. Batzuetan galdetzen diot neure buruari ea nire kolorearengatik bakarrik maitatzen ote nauzun. Beltza izango bazina, ez zenuke maitatuko emakume zuri bat, soilik zuria izateagatik, ezta?

        — Ez. Ni ez naiz Swazilandian asteburu bat pasatzen duen hegoafrikar bat. Ia urtebete zen ezagutzen zintudala, zutaz maitemindu baino lehen. Poliki-poliki gertatu zen. Elkarrekin ezkutuan lan egin genuen hilabete haietan. Ni diplomatikotzat hartzen ninduten, eta ondo egindako eraikin bat bezain seguru nengoen. Zeuk hartu zenituen arrisku guztiak. Nik ez nuen amesgaiztorik; ezin nuen, ordea, lorik egin, neure buruari galdezka egoten nintzaiolako ea azalduko ote zinen elkartzekoak ginen hurrengo aldian, edo desagertuko ote zinen, eta hala izanez gero, ez nuen sekula jakingo zer gertatu ote zitzaizun. Gehienez ere, beharbada, besteetako batek bidalitako mezu bat jasoko nuen, zirkuitua itxita zegoela esango zuena.

        — Beraz, zirkuitua zen garrantzitsuena zuretzat.

        — Ez. Zuri zer gertatuko zitzaizun zen garrantzitsuena niretzat. Hilabeteak ziren maite zintudala. Banekien ezingo nintzela zu gabe bizi. Orain, berriz, biok salbu gaude.

        — Ziur zaude?

        — Ziur nago, bai horixe. Ez al dizut hori erakutsi zazpi urteotan?

        — Ez nintzen zure maitasunaz ari, gure segurtasunaz baizik.

        Galdera hura ez zen erraza erantzuten. «Adio» zen azken mezu zifratuko azken hitza. Hala ere, behar baino lehenagokoa zen mezu hura, eta aukeratu zuen pasartea —«Eskua altxatu dut eta baita jaitsi ere»— ez zen askatasunaren adierazgarria Osaba Remusen munduan.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia