Lehenengo atala

 

 

1

 

        Castlerentzat, Davisen heriotzaren ondoko gauak ametsez beteak izan ziren. Iragana egusentira arte zebilkion buruan, haren zati lotugabeez osatutako ametsen bidez. Davisek ez zuen inolako paperik jokatzen amets haietan, agian harengan pentsatzeak eguneko ordu asko betetzen baitzizkion azpisail txiki eta tristatu hartan. Davisen mamua Zaireko balixaren inguruan zebilen, eta Cynthiak deskodetzen zituen telegramak inoiz baino askoz ere mutilatuago zeuden.

        Gauez, Castlek amets egiten zuen gorrotoz berreraikitako Hegoafrika batekin, nahiz eta batzuetan amets haien zatiak nahasten ziren beste garai batean oso maite izan zuen Afrika batekin. Castlek, ordea, ez zuen gogoratzen Afrika inoiz hainbeste maitatzera iritsia zenik. Amets haietako batean Sarahrekin egin zuen topo tupustean. Hain zuzen ere, Sarah Johannesburgen zegoen, zakarrez betetako parke batean, beltzentzako jarleku batean eserita; eta Castlek burua jiratu eta beste jarleku bat bilatzen zuen. Komun bateko atera iristerakoan, Carson Castlengandik bereizten zen, berak beltzentzakoa aukeratzen zuen eta. Castle kanpoan geratzen zen, lotsatuta, bere koldarkeriaz ahalketuta. Hirugarren gauean, berriz, bestelako amets bat izan zuen.

        — Arraroa da —esan zion Sarahri esnatu berritan—. Rougemontekin egin dut amets. Urteak ziren hartaz gogoratzen ez nintzela.

        — Rougemont?

        — Ahaztuta neukan zuk ez zenuela ezagutu.

        — Nor zen?

        — Estatu Libreko kolono bat. Neurri batean, Carson beste atsegin nuen.

        — Komunista al zen? Kolonoa zenez, ez zen komunista izango seguru asko.

        — Ez. Zutarrak Boterera iristen direnean hil beharko dituzten horietako bat zen.

        — Nitarrak?

        — «Gutarrak» esan nahi dut, jakina —erantsi zuen Castlek azkar eta atsekabeturik, agintza bat urratzeko zorian egon izan balitz bezala.

        Rougemont erdibasamortu baten mugan bizi zen, boerren gerrako bataila-eremu zahar batetik ez urrun. Bere arbasoek, higanotak baitziren, Frantziatik ihes egin zuten jazarpenaren garaian. Berak, aldiz, ez zekien frantsesez: afrikaan-a eta ingelesa soilik. Jaio aurretik ere, holandarren bizimodua bere egina zuen, eta ez, ordea, apartheida. Ez zen apartheidaren aldekoa: ez zien nazionalistei botorik ematen, United Party alderdi politikoa arbuiatzen zuen, eta arbasoenganako leialtasuna ulertzeko modu zehaztugabe batek eragozten zion aurrerakoien talde txikiaren aldeko botorik ematea. Ez zen oso jokabide heroikoa, baina agian haren begien aurrean, haren aitonarenen aurrean bezala, heroitasuna hasten zen politika amaitzen zen lekuan. Ona eta adeitsua zen bere peoiekin, haien nagusia zela inoiz ahaztu gabe baina. Egun batean, Castlek eztabaidan entzun zion bere langile-buru beltzarekin, uzten egoera zela eta ez zela: gizon berdinen arteko eztabaida zen. Rougemonten familia eta langile-buruaren tribua garai beretsuan iritsi ziren Hegoafrikara. Rougemonten aitona ez zen ostruken bidez aberastu Lurmutur Hirian, Cornelius Mullerren aitona bezala: hirurogei urte zituela, aitona Rougemont zaldi gainean De Weten komandoarekin borrokatu zen Ingalaterrako inbaditzaileen kontra, eta gainera, zauritua izan zen bere herriko muino txiki batean. Hain zuzen ere, muinotxo hura zut ikus zitekeen landetxearen gainean, bere negu-hodeiekin, eta hantxe, ehundaka urte lehenago, boskimanoek animalien irudiak grabatu zituzten haitzen gainean.

        — Pentsa ezazu zer izango zen hortik igotzea, tiroen artean eta motxila bizkarrean eramanda —esan zion Rougemontek Castleri.

        Britainia Handiko soldaduak miresten zituen, euren herritik hain urrun egoteagatik, eta haien ausardia eta tinkotasunagatik. Historia-liburuetako elezaharretako arrotzen antzekoak ziren, saxoniar kostaldean lehorreratu ziren bikingoen modukoak. Ez zituen gorrotatzen eskualde hartan kokatu ziren beste «bikingo» haiek, baina bai nolabait erruki zituen lur zahar, nekatu eta eder hartara aldatu ziren sustraigabe haiek, non bere familia finkatu baitzen hirurehun urte lehenago. Beste egun batean, basokada bat whiskyren aurrean zegoela, esan zion Castleri:

        — Zuk diozu apartheidari buruzko azterlan bat egiten ari zarela, baina ez dituzu inoiz ezagutuko gure korapilo guztiak. Nik ere apartheida gorrotatzen dut, zuk bezalaxe; baina zu arrotzagoa zara niretzat nire peoietako edozein baino. Gu hemengoak gara.... Egun batean etorri eta hurrengoan joaten diren turistak bezain atzerritarra zara zu.

        Castle ziur zegoen, une erabakigarria iritsiz gero, Rougemontek eskopeta egongelako hormatik hartuko zuela, basamortuaren mugan zegoen laborantza-eremu zail hura defendatzeko. Ez zen hilko ez apartheidaren ez arraza zuriaren alde borroka eginez, ezpada beretzat zituen hainbeste morgen-en alde. Ganaduaren gaixotasunen, lehorteen, uholdeen, lurrikaren eta sugeen menpeko ziren morgen horiek. Haatik, sugeen izurria garrantzi gutxikoa iruditzen zitzaion, eltxoena bezainbestekoa, gutxi gora-behera.

        — Rougemont zure agenteetariko bat al zen? —galdetu zuen Sarahk.

        — Ez, baina paradoxikoki haren bitartez ezagutu nuen Carson.

        Horren ondoren esan zezakeen: «Carsonen bitartez Rougemonten etsaiekin bat egin nuen». Rougemontek Carson kontratatu zuen bere langileetariko bat defendatzeko, hango poliziak krimen bortitz bat leporatua baitzion, errugabea izan arren.

        — Batzuetan nahi nuke zure agentea izaten jarraitu —esan zuen Sarahk—. Orain garai hartan baino askoz gauza gutxiago kontatzen dizkidazu.

        — Sekula ez dizut gehiegi kontatu... Beharbada, zuk kontrakoa uste izango zenuen, baina zure segurtasunagatik ahalik eta gutxiena kontatzen nizun. Eta sarritan gezurrak ere esaten nizkizun. Esaterako, apartheidari buruz idatzi nahi nuen liburua.

        — Eta ni sinetsita nengoen Ingalaterran gauzak aldatu egingo zirela. Uste nuen ez zela sekretu gehiago egongo —Sarahk hasperen egin zuen eta berehalaxe lokartu zen. Castle, berriz, esna egon zen denbora luzean.

        Halako momentuetan Sarahz fidatzeko tentazio gaindiezina sentitzen zuen, hari dena kontatzeko. Beste emakume batekin izandako maitasun-abentura laburra eta dagoeneko amaitua bat-batean bere emazteari jakinarazi nahi dion gizona ematen zuen... azalpenik gabeko isiluneak behingoz argitu nahi zizkion, engainu txikiak, biok elkarrekin bizi ezin izan zituzten kezkak. Eta Castle gizon haren ondorio berberera iritsi zen: «Zertarako kezkarazi behar dut orain, dena bukatu denean?». Izan ere, Castlek zinez uste zuen, lipar batez besterik ez bazen ere, dena amaitua zela.

 

 

2

 

        Castleri oso arraroa egin zitzaion, bulego hartan urte asko Davisekin bakarrik eman eta gero, Cornelius Muller izeneko gizona bere aurrean ikustea, mahaiaren beste aldean. Muller hura, hala ere, ez zen lehengo bera: aldaketa bitxia gertatua zen haren baitan. Muller hark esan zion:

        — Bonnetik bueltan berria jakin nuen, eta benetan sentitzen dut. Ez nuen, noski, zure lankidea ezagutzen... Baina ziur nago kolpe latza izan dela zuretzat.

        Muller hura gizaki-itxura hartzen hasia zen; bazirudien ez zela jada BOSSeko funtzionarioa, ezpada Euston-eko trenean deskuiduan ezagut zezakeen edozein gizon. Mullerrek bere ahotsean erakusten zuen begikotasunak txunditurik utzi zuen Castle, ohi ez bezala, benetakoa baitzirudien. Ingalaterran, pentsatu zuen Castlek, gero eta elezuriagoak gara, heriotzak zuzenean eragiten ez digunean, eta areago, horrelakoetan hezibide onekoa da axolagabetasun-mozorro bat janztea arrotz baten aurrean. Heriotza eta negozioak ez dira elkarren osagarriak. Muller Holandako Eliza Erreformatuko jarraitzailea zen, eta eliza hark emandako jarraibideen arabera, heriotza artean famili bizitzako gertakaririk garrantzitsuena zen, Castlek gogora ekarri zuenez. Behinola Transvaal-en zegoela, ehorzketa batean izan zen Castle, eta artean gogoan zuen ez gertakariaren samina, duintasuna baizik, eta are ekitaldia bera ere. Muller BOSSeko funtzionarioa izan arren, uste zuen heriotza oraindik garrantzitsua zela gizartean.

        — Bai, ustekabean gertatu da —aitortu zuen Castlek, eta gero—: Zaireko eta Mozanbikeko artxiboak ekartzeko eskatu diot neure idazkariari. Malawi-ren kasuan, MI5-aren menpean gaude, eta haien baimenik gabe, ezin dizut materiala erakutsi.

        — Zurekin amaitu ondoren, artxibo horiek ikustera joango naiz —esan zuen Mullerrek, eta gero—: Oso gustura egon nintzen lehengo gauean zure etxean. Oso atsegina izan zen niretzat zure emaztea ezagutzea... —zalantza egin zuen lipar batez, aurrera egin aurretik— eta zure semea.

        Hitz haiek prestaketa gozo bat besterik ez ziren Swazilandiara iristeko Sarahk erabilitako bideari buruzko itaunketari berriro lotzeko; horixe zen, behintzat, Castleren itxaropena. Etsaiak karikatura bat izan behar zuen aurrerantzean ere, urrun edukiko bazuen; etsaiari ez zaio suspertzen utzi behar. Jeneralek arrazoia zeukaten: elkarren etsai diren soldaduek ez diote batak besteari luebaki batetik bestera zorionik eman behar Gabonetan.

        — Sarahk eta biok atsegin handiz hartu zintugun geure etxean. —Txirrina sakatu zuen.— Barkatu. Ene! Denbora behar dute hauek gero, espedienteak ekartzeko! Neurri batean, Davisen heriotzak aldatu egin du gure eguneroko jarduera. —Ezagutzen ez zuen neska batek erantzun zuen, txirrina entzunda.— Bost minutu dira espedienteak eskatu ditudala. Eta Cynthia?

        — Ez dago.

        — Zergatik ez dago hemen?

        Neskak begi hotzez begiratu zion:

        — Opor-eguna hartu du.

        — Gaixo dago?

        — Bai, neurri batean.

        — Eta zu nor zara?

        — Penelope.

        — Tira, Penelope, esango didazu zer esan nahi duen zehatz-mehatz «neurri batean» horrek?

        — Asaldatuta dago. Normala da, ezta? Gaur da ehorzketa. Arthurren ehorzketa.

        — Gaur? Sentitzen dut. Ahaztuta neukan —berehala erantsi zuen—: Guztiarekin ere, Penelope, ekarri espediente horiek. —Penelope joan zenean, Castlek esan zion Mullerri:— Sentitzen dut anabasa hau guztia. Harrituta egongo zara gure aritzeko modua ikusita. Ahaztuta neukan, benetan... Gaur lurperatuko dute Davis. Hamaiketan izango da hileta. Autopsia dela-eta atzeratu egin da. Neska horrek gogorazi dit. Ahaztuta neukan.

        — Sentitzen dut. Jakin izan banu, beste momentu batean etorriko nintzen —Mullerrek.

        — Zuk ez duzu inolako errurik. Zera gertatzen da... bi agenda ditudala: bata ofiziala eta bestea pertsonala. Hemen dago zurekin dudan hitzordua: hamarretan, ostegunean. Agenda pertsonala etxean daukat, eta hantxe idatziko nituen ehorzketaren eguna eta ordua. Beti ahaztu egiten zait biak alderatzea.

        — Dena dela... ehorzketa ahaztea... ez al zaizu arraroa iruditzen?

        — Bai, Freudek esango luke ahaztu nahi nuela.

        — Emadazu beste ordu bat, eta alde egingo dut berehala. Ondo iruditzen zaizu bihar edo etzi?

        — Nolanahi ere, zer da garrantzitsuagoa? Osaba Remus edo Davis gizajoaren aldeko otoitzak entzutea? A, horretaz ari garela, Carson non lurperatu zuten?

        — Bere jaioterrian. Herriska batean, Kimberley-tik hurbil. Beharbada harritu egingo zara, baina ni ere bertan izan nintzen.

        — Ez. Seguru asko zelatatu egin beharko zenuen, eta hiletariak nortzuk ziren ikusi.

        — Norbaitek... Arrazoia duzu, norbaitek egin behar zuen lan hori. Baina nik neuk erabaki nuen lan hura hartzea.

        — Zergatik ez Van Donck kapitainak?

        — Ez. Hura erraz ezagutuko zuten.

        — Ez dakit zertan ariko diren espediente horiekin.

        — Gizon hori, Davis... Beharbada ez zen oso garrantzitsua zuretzat? —galdetu zuen Mullerrek.

        — Beno, ez zen Carson, zuen jendeak hil zuena, bezain garrantzitsua. Nire semeak, ordea, oso maite zuen.

        — Carson pneumoniak jota hil zen.

        — Bai, jakina. Esan zenidan. Hori ere ahaztuta neukan.

        Azkenean iritsi ziren espedienteak, eta Castlek aztertu egin zituen. Aldi berean, Mullerren galderak erantzuten saiatu zen, buru erdia soilik erabiliz, ordea.

        — Oraindik ez daukagu informazio fidagarririk horri buruz —esan zuen oharkabean hirugarren aldiz.

        Gezurra zen, jakina —informazio-iturri bat ezkutatu nahi zion Mullerri—, gai arriskutsu batera hurbiltzen ari zirelako, eta elkarrekin lanean ari zirelako ez-lankidetzako mailara iritsi arte, nahiz eta biek ere artean ez zuten zehaztu maila hura non zegoen.

        — Osaba Remus benetan bideragarria al da? —galdetu zion Mullerri—. Nik ez dut sinesten estatubatuarrek berriro soldadurik bidaltzeko konpromisorik hartuko dutenik, haientzat arrotza den kontinente batera, esan nahi dut. Ez dute Afrika inondik inora ezagutzen, lehen Asia ezagutzen ez zuten bezala... Hemingwayren eleberrien bitartez zekitena izan ezik. Ai ene, Hemingway! Bidai agentzia batek antolatutako hilabeteko safari batean parte hartu eta ehiztari zuriei eta lehoien ehizari buruzko liburu bat idatzi zuen, nahiz eta piztia haiek goseak ia akabatuta egon, eta turistentzat erreserbatuta bazeuden ere.

        — Osaba Remusen helburua soldadurik erabili beharrik ez izatea da —argitu zuen Mullerrek—. Soldadu askorik ez, bederen. Teknikari bakan batzuk bai, jakina; baina horiek gurekin daude dagoeneko. Estatu Batuek Errepublikan misil telegidatuen bilaketarako estazio bat daukate eta beste estazio bat espazio-bilaketarako; hortik aparte, estazio horien gainetik hegan egiteko eskubidea daukate haien mantenimendurako... Dudarik gabe, zuk badaukazu horren berri. Inork ez du protestarik egin, inork ez du manifestaldirik antolatu. Berkeley-n ez da ikasleen matxinadarik gertatu, eta Kongresuan ere ez da interpelaziorik aurkeztu. Orain arte argi geratu da gure barne-segurtasuna bikaina dela. Ikusten duzunez, arrazari buruz ditugun legeak nolabait justifikatuta egon dira: estalgarri bikainak dira. Guk ez dugu inor espioitzaz salatu behar; horrek arreta erakartzeko beste ezertarako ez luke balioko. Zure lagun Carson arriskutsua zen, baina are arriskutsuagoa izango zen espioitzaz salatu izan bagenu. Aspaldi honetan gauza asko ari dira gertatzen bilaketa-estazioetan: horrexegatik, hain zuzen ere, elkarlan estuan aritu nahi dugu zuen zerbitzuekin. Zuek edozein arrisku aipatu besterik ez duzue, eta gu zuhurki arduratuko gara horretaz. Neurri batean, zuek gu baino hobeto kokatuta zaudete liberalen taldeetan, baita nazionalista beltzenetan ere. Adibide bat jarriko dizut. Eskertzen dizut Mark Ngambori buruz eman zenidan informazioa, baina hura dena bagenekien, noski. Orain, ordea, pozgarria zaigu jakitea ez digula garrantzizko ezertxok ere ihes egin. Arlo horretan ez dago inolako arriskurik, momentuz ez, behintzat. Ohartuko zarenez, hurrengo bost urteak funtsezkoak dira... gure biziraupenaz ari naiz.

        — Nik, aldiz, zera galdetzen diot neure buruari, Muller... Zuek luzaro iraungo al duzue bizirik? Zuen muga irekiegia da, luzeegia da osorik minatzeko.

        — Bai, halakoa da, mina zaharrez ari bagara. Ondotxo dakigu, bestalde, hidrogeno-bonba zela-eta bonba atomikoa arma taktiko huts bilakatu zela. Hitz lasaigarria da «taktikoa». Inork ez du gerra nuklearrik hasiko ia hutsik dagoen herri urrun batean arma taktiko bat erabilia izan delako.

        — Eta zer gertatzen da erradiazioarekin?

        — Gure herria aparta da dituen basamortu eta haizeengatik. Bonba taktikoa, gainera, aski garbia da. Hiroshimakoa baino garbiagoa da, eta badakigu hark oso eragin urria zuela. Zenbait urtez erradiaktiboak izan daitezkeen tokietan oso afrikar zuri gutxi dago. Pizten den edozein inbasio bideratu nahi dugu.

        — Hasita nago ba egoeraz ohartzen.

        Sam etorri zitzaion burura Castleri. Sikatea gai hartuta egunkariak argitaratu zuen argazki hura ikusteak ere Sam ekarri zion gogora: argazki hartan, hain zuzen ere, gorputzadarrak barreiatuta zeuzkan gorpu bat ikus zitekeen, eta haren ondoan, sai bat. Baina jakina, kasu horretan, saia ere hilko litzateke erradiazioaren ondorioz...

        — Hauxe da azaldu nahi nizuna, egoera orokorra. Ez dugu zertan xehetasunetan galdu. Zuek egokiro ebaluatuko duzue zuen eskuetara heltzen den informazio guztia. Une honetan, bilaketa-estazioak dira punturik ahulenak.

        — Eta arrazari buruzko legeek bezala, horiek ere balio al dute bekatu-pilo bat estaltzeko?

        — Halaxe da. Guk ez dugu jolasean ibili beharrik. Badakit aginduak eman dizkizutela niri gauza batzuk ezkutatzeko, eta ondo baino hobeto ulertzen dut hori. Nik ere agindu berberak jaso ditut. Garrantzia duen gauza bakarra zera da... biok ere egoera berdin-berdin ikusi behar genukeela: elkarrekin egingo dugu borroka, beraz, egoera berdin-berdin ikusi behar dugu.

        — Hortaz, konpartimentu berberean gaude? —esan zuen Castlek txantxetan, bere golkorako, haien guztien kontura barre egin nahian, BOSSen kontura, bere zerbitzuaren kontura, baita Borisen kontura ere.

        — Konpartimentu? Bai, horrela ere dei dakioke. —Erlojuari begiratu zion.— Ez al didazu esan ehorzketa 11etan hasiko zela? Hamar minutu falta dira. Hobe duzu lehenbailehen abiatzea.

        — Ni gabe ere egin dezakete ehorzketa. Beste mundurik bada, Davisek ulertuko du. Ez bada...

        — Ni neu ziur nago beste mundurik badela —esan zuen Cornelius Mullerrek.

        — Benetan? Eta horrek ez al zaitu pixka bat beldurtzen?

        — Zergatik beldurtu behar nau ba? Betidanik saiatu izan naiz neure lana egiten.

        — Arma atomiko-taktiko txiki horiek, ordea... Pentsa ezazu zu baino lehen hiltzen diren beltz guztiak zain edukiko dituzula.

        — Horiek terroristak besterik ez ziren. Espero dut horiekin berriro topo ez egitea —esan zuen Mullerrek.

        — Ez nintzen gerrillariez ari. Erradiakzioak eragindako eskualdeko familia guztiez ari naiz. Haurrez, neskatxez, amonatxoez...

        — Espero dut horiek ere euren zerua izatea —erantzun zuen Mullerrek.

        — Paradisuan ere apartheida?

        — O, badakit adarra jotzen ari zarela! Ez dut uste gure paradisua gustatuko litzaiekeenik. Baina kontu hori teologoentzat utziko dut. Zuek barkatu ere ez zenieten egin Hanburgoko haurrei, ez da hala?

        — Jainkoari esker, ez nuen parte hartu orduko hartan, oraingo honetan bezala.

        — Uste dut ehorzketara joateko asmorik ez baduzu, geureari ekin beharko diogula.

        — Sentitzen dut. Konforme.

        Castlek benetan sentitzen zuen; ikaratuta zegoen, BOSSeko bulegoetan, Pretorian, goiz hartan egon zen bezalaxe. Zazpi urtez ibilia zen zuhurtasun nekaezinez zelai minatuetan zehar; eta une hartan, Cornelius Mullerrekin, urrats oker bat egin berria zuen. Castlek esan zuen berekiko: Erori al naiz nire jitea ondo ezagutzen duen batek jarritako tranpan?

        — Badakit zuek ingelesok oso gogoko duzuela eztabaidatzea eztabaidatze hutsagatik —esan zuen Mullerrek—. Are zure C-k adarra jo zidan apartheida dela eta ez dela. Osaba Remusi dagokionez..., beno, horretan zuk eta biok serioak izan behar dugu.

        — Bai, hobe dugu Osaba Remusi berriro lotzea.

        — Baimena daukat zuri informazioa emateko, orokorra noski, Bonnen egin dudan bisitaldiari buruz.

        — Arazorik izan al duzu?

        — Ezer larririk ez. Alemaniarrek, lehengo beste potentzia kolonial batzuek ez bezala, oso begiko gaituzte, isilpean bada ere. Esan genezake horren jatorria kaiserrak Kruger presidenteari bidalitako telegraman dagoela. Hegomendebaldeko Afrikaz arduratuta daude. Nahiago lukete agintea gure menpean ikusi, hutsik geratzea baino. Azken batean, guk sekula erabili duguna baino basakeria handiagoz gobernatu zuten haiek Hegomendebaldeko Afrika, eta herrialde garatuek gure uranioa behar dute.

        — Hitzarmenik lortu al zenuen?

        — Ez genioke hitzarmena deitu beharko. Isilpeko itunen garaia atzean utzi dugu. Nire homologoarekin solasaldi bat izan nuen, besterik ez, ez Kanpo Harremanetarako ministroarekin, ezta kantzelariarekin ere, C Washingtonen CIArekin elkarrizketatu zen bezala. Espero dut hirurok elkar-ulertze argiago bat lortu dugula.

        — Isilpeko elkar-ulertze bat isilpeko itun baten ordez?

        — Halaxe da.

        — Eta frantsesak?

        — Arazorik ez. Gu kalbindarrak bagara, haiek cartesiarrak. Descartesi berdin zion bere garaiko erlijio-jazarpenak. Frantsesek eragin handia dute Senegalen, Bolikostan. Are Mobuturekin harreman onak dituzte Kinshasa-n. Kubak ez du muturra gehiegi sartuko Afrikan (Estatu Batuak arduratuko dira horretaz), eta Angola ez da inola ere arriskutsua izango urte askotan. Gaur egun inor ez da apokaliptikoa. Errusiarrei ere ohean etzanda hiltzea gustatzen zaie, ez babesleku batean. Okerrenean, bonba atomiko bakan batzuk erabiliz (txikiak eta taktikoak, jakina), bost urteko bakealdia irabaziko dugu, erasorik egiten badigute.

        — Eta gero?

        — Hauxe da Alemaniarekin dugun akordiaren benetako giltza. Guk iraultza teknikoa behar dugu, eta meatze-ustiapenerako azken makinak, nahiz eta arlo horretan, geure kasa, inork uste baino urrunago iritsi garen. Bost urtetan, meatzetako eskulana erdira jaitsi ahal izango dugu, eta langile espezializatuen soldatak gutxienez bikoiztu. Horrela, dagoeneko Estatu Batuetan daukaten zerbait sortzen hasiko gara: beltzen erdi-klase bat.

        — Eta langabeak?

        — Euren herrira itzul daitezke. Horretarako dago jaioterria. Ni baikorra naiz, Castle.

        — Eta apartheidak zutik iraungo al du?

        — Beti egongo da zerbait apartheidetik. Hemen... aberats eta pobreen artean gertatzen den bezala.

        Cornelius Mullerrek betaurrekoak kendu zituen, eta haien urrezko euskarria igurtzi, harik eta distira atera zion arte.

        — Espero dut zure emazteari xala gustatu izana —jarraitu zuen etenaren ondoan—. Badakizu beti harrera ona egingo zaizula Hegoafrikara itzultzea erabakiz gero, orain zure benetako posizioa ezagutzen dugulako. Eta zure familiari ere bai, jakina: ziur egon biak ere ohorezko zuriak balira bezala hartuko dituztela.

        Castleri gogoa etorri zitzaion hau erantzuteko: «Ni ohorezko beltza naiz ordea». Hala ere, nolabaiteko zuhurtasunez jokatzea erabaki zuen.

        — Eskerrik asko.

        Mullerrek bere sakelako kartera ireki zuen, eta orri bat bertatik atera.

        — Ohar batzuk hartu ditut zuri emateko, Bonneko bilerei buruzkoak. —Boligrafo bat atera zuen... urrezkoa hura ere.— Horrela beharbada datu erabilgarriren bat emango didazu kontu horiei buruz, elkar ikusten dugun hurrengo aldian. Astelehenean ondo iruditzen zaizu? Ordu berean? —eta gehitu zuen—: Mesedez, desegin ezazu irakurri ondoren. BOSSek ez luke ondo hartuko inon gordeta balego, zuen agiritegirik ezkutukoenetan izanda ere.

        — Jakina. Zuk nahi bezala.

        Muller alde egina zela, Castlek poltsikoan gorde zuen papera.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia