Zortzigarren atala

 

 

1

 

        Castle txosten bat aztertzen ari zen buru-belarri, azkena, horixe zuen asmoa, behintzat. Bistan zen, Davisen heriotzarekin batera, Afrika Sailetik irteten zen informazio-jarioa eten beharra zegoela. Filtrazioek iraunez gero, argi eta garbi geratuko zen nor zen horien egilea; filtrazioak amaituz gero, berriz, errua hildakoari egotziko zitzaion ezinbestean. Davis oinaze guztietatik haratago zegoen; haren espedientea itxiko zuten, eta gainerako agiriekin batera igorriko: han ez zuen inork espediente hura kontsultatzeko lanik hartuko. Nori axola zitzaion espediente haren barruan traizio-pasadizo bat ezkutatzen bazen? Hogeita hamar bat urtez ondo ezkutatuko zuten, Estatuaren beste edozein sekretu bezala. Heriotza hura tamalgarria bazen ere, neurri batean, oso une egokian gertatu zen Castlerentzat.

        Castlek Sarahren ahotsa entzun zuen, Sami ohean zerbait irakurtzen ziolarik, burusiak egokiro antolatu aurretik. Ohi baino ordu erdi beranduago oheratua zen Sam, baina gau hartan kontsolamendu osagarri bat behar zuen, eskolen lehenengo astea gogor samarra izan baitzen harentzat.

        A ze lan astuna eta nekeza zen txosten bat transkribatzea liburu bateko kodearen bidez! Hartara, ez zuen sekula lortuko Gerra eta Bakea osorik irakurtzerik. Biharamunean udazkeneko hosto iharrez egindako suan bere alea erreko zuen, segurtasun-arrazoiak zirela medio, Trolloperen liburua noiz iritsiko zain egon gabe. Lasaitasuna eta atsekabea sentitu zituen: lasaitasuna, Carsonekin zuen esker oneko zorra, ahal izan zuen neurrian, kitatu egin zuelako; atsekabea, berriz, Osaba Remusi buruzko espedientea ezin izango zuelako inoiz burutu, eta, horren ondorioz, ez zuelako Cornelius Mullerren kontrako mendekurik hartzerik izango.

        Txostena amaitu zuenean, beheko solairura jaitsi zen, Sarahren zain egoteko. Hurrengo eguna igandea zen. Berriro ere erabiliko ez zen hirugarren mezutegi hartan utzi beharko zuen txostena. Euston-en trena hartu baino lehen, Piccadilly Circuseko kabina batetik jakinarazi zuen mezua utziko zuela. Azken mezua bidaltzeko prozedura hura ohi baino geldoagoa zen, biderik azkarrena eta arriskutsuena presarik handieneko kasuetan baino ez baitzuen erabiliko. J&B hirukoitz bat prestatu zuen beretzat, eta goiko pisuko ahotsen marmarrak halako bake-sentsazio bat sortarazi zion une batez. Ate bat emeki-emeki itxi zen, eta oin-hotsak somatu ziren goiko pasiloan zehar. Eskailera-mailek beti karraska egiten zuten norbait jaisten zenean... Pentsatu zuen zenbait pertsonari hura ohikeria goibela, etxekoa, are onartezina irudituko litzaiokeela. Hari, berriz, segurtasuna ematen zion, eta minutuero beldur zen ea segurtasun hura galduko ote zuen. Bazekien, zehatz-mehatz jakin ere, Sarahk zer esango zuen gelan sartzerakoan, eta, era berean, bazekien zer erantzungo zuen berak. Intimitateak King's Road-eko iluntasunaz eta kale-kantoiko komisaldegiko farol argiztatuaz babestuta egoteko modua ematen zion. Betidanik gogoan irudikatua zuen uniformedun polizia bat (bistaz oso ondo ezagutzen zuen polizia, seguru asko) Sail Bereziko gizonarekin, ordua iritsita.

        — Zeure whiskya edan duzu, ezta?

        — Bat prestatuko dizut?

        — Erdi bat, laztana.

        — Zer moduz dago Sam?

        — Lo geratu da, nik estalkiaz tapatu baino lehen.

        Ez zegoen osagai bat bera ere sobera, telegrama onetan gertatu ohi denaren modura.

        Castlek edalontzia luzatu zion; artean ez zuen gertatutakoaz hitz egiterik izan.

        — Zer moduz ezkontza, maitea?

        — Oso gaizki. Erruki diot Daintry gizajoari.

        — Zergatik gizajoa?

        — Alaba bat galdu du, eta seguru asko ez dauka lagunik.

        — Bakarti asko daude zure bulegoan, antza.

        — Bai. Bikotekiderik ez daukaten guztiak. Edan, Sarah.

        — Zer dela-eta hainbesteko presa?

        — Biok beste whisky bana gehiago hartzea nahi dut.

        — Zer ba?

        — Sarah, albiste txarrak dauzkat. Ezin nizun Samen aurrean esan. Davis da. Hil egin da.

        — Hil? Davis?

        — Bai.

        — Nola?

        — Percival doktoreak dioenez, gibela izan da.

        — Baina gibelak ez du horrela jokatzen... egun batetik bestera.

        — Percival doktoreak esandakoa errepikatu besterik ez dut egin.

        — Zuk ez diozu sinesten?

        — Ez. Hitz bakar bat ere ez. Eta uste dut Daintryk ere ez diola sinesten.

        Sarahk whisky bat prestatu zuen beretzat, bi hazbeteren neurrikoa. Ordura arte Castlek ez zuen sekula Sarah ikusi horrelakorik egiten.

        — Gizajoa. Davis gizajoa.

        — Bestalde, autopsia Etxetik kanpo egitea nahi du Daintryk. Percival ados dago. Begi-bistakoa da erabat ziur dagoela bere diagonostikoa berretsi egingo dutela.

        — Hain ziur badago, egia izango da.

        — Ez dakit. Egia esanda, ez dakit. Hamaika gauza faltsutu daitezke gure enpresan. Autopsia bat ere bai, beharbada.

        — Zer esango diogu Sami?

        — Egia. Txarra da haurrei heriotza ezkutatzea. Zerbait normala da.

        — Hain maite zuen Davis! Laztana, axola ez bazaizu, datorren astean edo bi aste barru esango diogu. Eskolara ohitzen denean.

        — Egizu onena iruditzen zaizuna.

        — Ene, nahiago nuke jende horrengandik urrunduko bazina!

        — Eta hala egingo dut... zenbait urte barru.

        — Oraintxe bertan, mesedez. Oraintxe. Sam ohetik atera eta atzerrira joan beharko genuke. Edozein lekutara, aireratzen den lehenengo hegazkinean.

        — Itxaron ni erretiratu arte.

        — Nik lan egingo nuke, Maurice. Frantziara joan gintezke. Han errazago izango litzateke. Nire kolorera ohituta daude.

        — Ezin da, Sarah. Oraindik ez.

        — Zergatik? Emadazu arrazoi on bat.

        Castle saiatu zen gaiari garrantzia kentzen:

        — Beno, badakizu aldez aurretik horren berri eman behar dudala...

        — Haiek arduratzen al dira aldez aurretik ezeren berri ematea bezalako kontuez? —Castle beldurtuta geratu zen Sarahren zolitasunaren azkartasuna ikusita, bere emazteak hau erantsi zuenean:— Davisi ezeren berri eman al zioten aldez aurretik?

        — Erruduna gibela bada...

        — Zuk ez duzu horrelakorik sinesten, ezta? Gogoratu zuretzat, hau da, haientzat, aritu nintzela lanean. Zure agenteetariko bat izan nintzen. Ohartu naiz azken hilabete honetan oso kezkatuta ibili zarela..., den-denak kezkatu egiten zaitu, baita kontagailua irakurtzera etortzen den langileak ere. Filtrazio bat gertatu da, ezta? Zure sailean?

        — Uste dut hori dela haiek pentsatzen dutena.

        — Eta Davisi leporatu zioten errua. Uste al duzu bera zela erruduna?

        — Baliteke nahita egindako filtrazioa ez izatea. Davis oso arduragabea zen.

        — Uste duzu arduragabea izateagatik hil dutela?

        — Oker ez banago, gure enpresan bada arduragabekeria kriminala izenez ezaguna den hori.

        — Zu izan zintezkeen susmagarria, eta ez Davis. Orduan zeu egongo zinen hilda... J&B gehiegi edatearen ondorioz.

        — O! Ni oso zuhurra izan naiz betidanik! —erantsi zuen, txantxa goibel bat bailitzan—: Zutaz maitemindu nintzenean izan ezik.

        — Nora zoaz?

        — Aire freskoa hartzeko premia daukat. Eta Bullerrek ere bai.

 

 

2

 

        Herri-lurra zeharkatzen zuen Cold Harbour izeneko bideska luzeaz beste aldean pagadi bat hasten zen, Ashridge-rako biderantz poliki-poliki jaisten zena. Castle aldats txiki batean eseri zen, Buller aurreko urtean eroritako hostoen artean saltoka ari zen bitartean. Bazekien hor ez zuela luzaro egon behar. Jakinminak ez zuen balio aitzakia bezala. Bere mezua utzita, alde egin beharko zuen. Kotxe bat emeki-emeki igotzen ari zen Berkhamsted-eko bidean, eta Castlek erlojuari begiratu zion. Lau ordu ziren Piccadilly Circuseko kabinatik seinalea egin zuela. Kotxeko matrikula-zenbakia ikustea lortu zuen, baina berak espero zuenez, zenbaki hura kotxea bera, Toyota gorri txiki bat, bezain ezezaguna zitzaion. Kotxea basozainaren etxearen ondoan gelditu zen, Ashridge Park-en sarreran. Ez zen kotxe gehiagorik ikusten. Eta ez zen inor pasatzen ari. Gidariak argiak itzali zituen, eta gero, hobeto pentsatu izan balu bezala, berriro piztu. Castlek izugarrizko sustoa hartu zuen, bere atzean zarata entzunda, baina Buller zen, garoen artean iraulkatzen ari zena.

        Castle urrundu egin zen zuhaitz tantaien artetik gorantz eginez. Ilunsentiko azken argiekin batera, zuhaitz haien azal berde oliba-kolorekoa belzten ari zen. Berrogeita hamar urte inguru ziren zulo hura aurkitu zuela enbor haietako baten barnean... Lau, bost, sei zuhaitz, bidetik zenbatuta. Aspaldi hartan kasik oin-puntetan jarri behar zuen, zulora iristeko, baina orduan ere, egun hartan bezalaxe, haren bihotza erritmo irregularrez ari zen taupadaka. Hamar urte zituenerako, hantxe gordetzen zituen bere maitasun-mezuak: hartzaileak zazpi urte besterik ez zituen. Elkarrekin ibilaldi bat egitera joan ziren egun batean, Castlek ezkutalekua erakutsi zion; halaber, esan zion hurrengo batean zerbait garrantzitsua utziko ziola han.

        Aukera izan zuenean, mendazko karamelu erraldoi bat utzi zuen paper iragazkaitzez bildua, eta zuloa aztertzera itzuli zenerako, karamelua desagertua zen. Hartara, mezu bat utzi zion han (inprenta-letrez idatzia, neskatxa irakurtzen ikasi berria zen eta), bere maitasuna agertzeko; hirugarren aldiz hara itzuli zenean, ordea, ikusi zuen papera hantxe zegoela, marrazki zakar batek desitxuratua baina. Ezezagunen batek, pentsatu zuen, leku ezkutua aurkitu du. Ez zuen onartu nahi izan neskak halakorik egin zuenik, High Street-en biak elkarren parean iragan zirenean, beste espaloitik mihia atera zion egunera arte; orduan ohartu zen neskatxa desilusionaturik zegoela mendazko beste karamelu bat ez zuelako aurkitu. Huraxe izan zen bere lehenengo maitasun-desengainua, eta ez zen berriro zuhaitzera hurbildu, harik eta, berrogeita hamar urte geroago, Regent Palace-ko egongelan gizon batek mezutegi seguruago bat bila zezan iradoki zion arte.

        Bullerri uhala ezarri zion, eta garoen arteko bere ezkutalekutik zelatatzeari ekin zion. Kotxeko gizonak linterna bat behar izan zuen zuloa aurkitzeko. Une batez, haren gorputzaren beheko erdialdearen soslaia ikusi ahal izan zuen, linternaren argiak enborrean zehar beherantz egiten zuen bitartean: sabel hanpatu bat, brageta irekia. Segurtasun-neurri oso zuhur bat hartua zuen: inondik ere, gizon hark gernu-kopuru egoki bat bildu eta guzti egina zuen. Linterna beste nonbaiterantz zuzendu eta Ashridge-rako bidea argitu zuenean, Castlek etxerako bidea hartu zuen. Pentsatu zuen: «Hauxe da azken txostena». Haren pentsamenduak zazpi urteko neskatxarekin lotu ziren berriro. Elkar ezagutu zuten ibilaldian pitin bat urruna edo iruditu zitzaion: neska lotsatia eta itsusia zen, eta beharbada horrexegatik zitzaion erakargarri.

        Zergatik gutako batzuk, pentsatu zuen berekiko, ez gara kapaz arrakastaz, botereaz edo edertasunaz maitemintzeko? Uste dugulako ez dugula horrelakorik merezi, gusturago sentitzen garelako porrotarekin? Ez zuen uste arrazoia hori izango zenik. Kristok bezala, norberak ere oreka zehatza bilatzen zuelako izango zen beharbada. Izan ere, Castlek Kristorengan sinetsi nahi izan zuen garai batean, elezaharretako pertsonaia harengan. «Etorri nigana nahigabetu eta atsekabetu guztiok.» Abuztuko neskatxa hura oso txikia izan arren, berak ere pairatzen zuen atsekaberik: herabetasuna eta lotsa. Agian, Castlek gauza bakarra nahi zuen: neskari sentiarazi norbaitek bera maite zuela. Eta halaxe sortu zen harenganako maitasuna. Ez zen errukiagatik izan; era berean, Sarahz ere ez zen errukiagatik maitemindu, beste gizon batek haurdun utzi bazuen ere. Castle balantza orekatzeko zegoen. Horixe zen guztia.

        — Denbora luzea eman duzu kanpoan —esan zuen Sarahk.

        — Ibilaldi bat egiteko premia handia neukan. Zer moduz Sam?

        — Lozorroan, jakina. Beste whisky bat nahi duzu?

        — Bai. Whisky-erdi bat.

        — Erdia? Zer dela eta?

        — Ez dakit. Beharbada, neure buruaren jabe izateko gaitasuna dudala erakusteko, besterik ez. Beharbada zoriontsuago sentitzen naizelako. Ez galdetu zergatik, Sarah. Zoriontasuna lausotu egiten da, horri buruzko aipamenik eginez gero.

        Itxura denez, aitzakia hura biei ere aski iruditu zitzaien. Hegoafrikan eman zuten azken urtean Sarahk ikasi zuen gehiegi galdetzea ez zela ona. Haatik, gau hartan, ohean, denbora luzea eman zuen esna Castlek, Gerra eta Bakea liburua erabiliz idatzi zuen azken txostenaren hondar hitzak bere baitan errepikatzen ari zela. Zenbaitetan ireki zuen liburua ausaz, sortes Virgilianae baten xerka, kodearen oinarri izango ziren esaldiak aukeratu aurretik. «Zuk diozu: ez naiz askea. Eskua altxatu dut eta baita jaitsi ere.» Bazirudien pasarte haren bidez bi zerbitzuei erronka-seinale bana bidali nahi ziela. Borisek edo beste norbaitek deskodetuko zuen mezu haren azken hitza hauxe izango zen: «Adio».

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia