Zazpigarren atala

 

 

1

 

        Castle eta Daintry azkenak izan ziren erregistro zibilera iristen eta sala arre eta hotz bateko azken ilarako jarlekuetan eseri ziren. Hutsik zeuden lau aulki-ilarek bereizten zituzten gainerako gonbidatuengandik. Dozena bat pasatxo baino ez ziren hara bilduak, eta elkarren lehian ari ziren bi klanetan banatuta zeuden, ezkontza erlijioso bat bezala, klan batek besteari interes kritikoaz eta nolabaiteko destainaz begiratzen ziola. Ausaz, xanpaina bide bakarra izango zen, geroago, euren arteko su-etena lortzeko.

        — Oker ez banago, hori Colin da —idazkariaren mahaiaren aurrean bere alabarekin elkartu berri zen gazte bat seinalatu zuen Daintry koronelak. Eta gaineratu zuen—: Ez dakit zein abizen duen ere.

        — Nor da zapia duen emakumea? Badirudi oso hunkituta dagoela.

        — Nire emaztea da —azaldu zuen Daintry koronelak—. Espero dut hanka egin ahal izango dugula gu ikusi aurretik.

        — Zuk ezin duzu hori egin. Zure alabak ez du jakingo ezkontzara etorri zarela.

        Idazkaria hitz egiten hasi zen. Norbaitek «sssss» egin zuen, antzoki batean oihala altxatzeko ordua iritsi balitz bezala.

        — Clutters da zure suhiaren abizena —xuxurlatu zuen Castlek.

        — Ziur zaude?

        — Ez, baina uste dut horixe entzun dudala.

        Labur-labur idazkariak zoriontasuna opatu zien, ezkontza zibiletan egin ohi den bezala. Batzuetan, epailearen mintzaldi horiek prediku laikotzat jotzen ziren. Baten batzuek alde egin zuten, erlojuari begira zeudela, aitzakia gisa.

        — Ez al zaizu iruditzen guk ere joateko ordua dugula? —galdetu zuen Daintryk.

        — Ez.

        Victoria Street-en zeuden bitartean, hala ere, bazirudien inor ez zela kargutu haiek ezkontzara joanak zirela. Taxiak hegaz agertzen ziren, harrapakariak bezala, eta Daintry berriro saiatu zen ihesari ematen.

        — Ez zinateke zuzena izango zeure alabarekin —adierazi zuen Castlek.

        — Ez dakit nora doazen ere —esan zuen Daintryk—. Hotel batera, seguru asko.

        — Jarraituko diegu, nahi izanez gero.

        Eta jarraitu ere, jarraitu zieten... Harrods saltoki handietaraino, baita harantzago ere, udazkeneko behelaino finaren erdian.

        — Ez zait bururatzen zein hoteletara... —esan zuen Daintryk—. Uste dut arrastoa galdu dugula —makurtu zen eta aurretik zuten kotxearen barrualdera behatu—. Gaur ez dugu zorterik. Nire emaztearen garondoa begiztatzen dut hemendik.

        — Hori ezer gutxi da nora doazen jakiteko.

        — Erabat ziur nago, ordea. Hamabost urte eman genituen ezkonduta. Eta dagoeneko zazpi dira elkarrekin hitzik egiten ez dugula —esan zuen azkenean goibel.

        — Xanpainak lagunduko du —iritzi zion Castlek.

        — Baina niri ez zait xanpaina gustatzen. Castle, benetan eskertzen dizut nirekin hona etorri izana. Nik bakarrik ezin izango nuen hau guztia jasan.

        — Kopa bat hartu eta alde egingo dugu.

        — Ez zait bururatzen nora doazen. Urteak ziren bide honetatik ez nenbilela. Badirudi hotel berri asko daudela inguru honetan.

        Noraezean zihoazen Brompton Road-en behera, autoa bat-batean gelditu eta segituan martxan jarriz, behin eta berriro.

        — Eskuarki, hotel batean ez bada, emaztegaiaren etxean bildu ohi dira gonbidatuak —esan zuen Castlek.

        — Elizabethek ez dauka etxerik. Aspaldidanik bizi da Clutters horrekin, eta ez neska batekin, ofizialki hala bada ere. Clutters! Hori da abizena, hori!

        — Baliteke abizen hori ez izatea. Erregistro zibileko idazkariak ez du argi esan.

        Pixkanaka-pixkanaka taxiek ilargi erdi itxurako kale batean eraikitako etxetxo politegi baten aurrean utzi zituzten gonbidatu guztiak, oparitzeko bildutako paketeak bailiran. Zorionez, gonbidatuak ez ziren asko: hango etxeak ez ziren batere egokiak bertan jai handiak antolatzeko. Bi dozena lagun aski ziren hormak amiltzen ari zirela emateko, edo zoruak beherantz egiten zuela.

        — Uste dut badakidala non gauden... Nire emaztearen etxean —esan zuen Daintryk—. Esan zidatenez, zerbait erosia zuen Kensington-en.

        Jendez mukuru beteta egon arren, eskaileretan gora egin zuten gela handi bateraino. Portzelanazko hontzak gonbidatuei begira zeuden mahai guztietatik, apaletatik, pianotik eta tximiniatik, harraparien begi zoliez, euren mokoen kurba ankerren gainetik.

        — Bai —esan zuen Daintryk—, andrearen etxean gaude, dudarik gabe. Betidanik oso maite izan ditu hontzak... eta elkarrengandik bereizi ginenetik, are gehiago.

        Ezin zuten Elizabeth ikusi buffeten aurrean pilaturik zegoen jendetzaren artean. Xanpaina botilen tapoiek eztanda egiten zuten aldizka. Eztei-tarta bat zegoen, eta, azukrezko aldamio arrosa batzuen gainean, eskaiolazko hontza bat, orekari eutsi nahirik ari zela. Daintryk bezalaxe bibotea moztuta zeukan gizon tantai bat gerturatu zitzaien, honela zioela:

        — Ez zaituztet ezagutzen, baina edan ezazue txanpa —argoteko hitz hura adituta, pentsa zitekeen Lehen Mundu-Gerrakoa edo izango zela gizon hura. Behialako anfitrioiek izan ohi zuten despistatu-aire hura agertzen zuen hark ere—. Zerbitzarietan dirua aurreztu dugu —azaldu zuen.

        — Ni Daintry naiz.

        — Daintry?

        — Nire alabaren ezkontza da hau —argitu zuen Daintryk ahots lehorrez, ahoa gailetaz beteta baleuka bezala.

        — A, orduan zu Sylviaren senarra zara!

        — Bai. Ez dut zure izena ondo aditu.

        Gizona oihuka urrundu zen handik.

        — Sylvia! Sylvia!

        — Goazen —erregutu zuen Daintryk etsita.

        — Alaba agurtu behar duzu.

        Emakume batek aurrerantz egin zuen, hara bildutako gonbidatuen artetik azkar igaroz. Castleri ezaguna egin zitzaion haren aurpegia: erregistro zibilean negarrez zegoen emakumea zen. Ordurako, ordea, ez zirudien batere atsekabeturik zegoenik.

        — Maitea! Edwardek esan dit hemen zeundela. Benetan eskertzen dizugu hona etorri izana. Badakit zein lanpetuta egoten zaren beti.

        — Bai; egia esanda, oraintxe alde egin beharrean gaude. Hau Mr. Castle da, bulegoko lankide bat.

        — Zorioneko bulegoa! Zer moduz, Mr. Castle? Segituan nator Elizabethekin... eta Colinekin.

        — Ez ezazu lan hori har. Benetan... joan beharra daukagu.

        — Ni gaur soilik egongo naiz hemen. Brightondik etorri naiz. Edwardek ekarri nau.

        — Nor da Edward?

        — Oso laguntza handia eman digu. Xanpaina eta gainerako guztia berak eskatu zituen. Emakumeek gizon bat behar izaten dute honelakoetan. Ez zara ezertan aldatu, maitea. Noiz ikusi genuen elkar azken aldiz?

        — Duela sei, zazpi urte?

        — Zein azkar pasatzen den denbora!

        — Askoz ere hontza gehiago lortu dituzu zeure bildumarako.

        — Hontzak? —urrundu zen deiadarka—. Colin, Elizabeth, etorri!

        Eskutik helduta etorri ziren. Daintryk ez zuen bere alaba lotzen haurtzaroko samurtasunarekin; baina seguruenik Elizabethek pentsatuko zuen bere ezkontza-egunean derrigorrezkoa zela eskutik oratuta ibiltzea.

        — Asko pozten naiz zu etorri izanaz, aita —esan zuen Elizabethek—. Badakit nola gorrotatzen dituzun honelako gauzak.

        — Honelako egoera batean nagoen lehenengo aldia da.

        Daintryk Elizabethen lagunari behatu zion. Lagun hark botoi-zuloan krabelin bat zeukan, eta soinean marradun jantzi berri-berri bat. Ilea beltza zuen, atxabitxia bezalakoa, eta ondo orraztuta belarrien atzealdean.

        — Zer moduz, jauna? Elizabethek asko hitz egin dit zutaz.

        — Nik ezin dut gauza bera esan —erantzun zuen Daintryk—. Orduan, zu zara Colin Clutters?

        — Ez da Clutters, aita. Nondik atera duzu izen hori? Clough abizena du berak. Alegia, Cluogh abizena dugu biok...

        Erregistro zibilera azaldu ez ziren gonbidatu berri batzuk Castle eta Daintry koronelaren artean kokatu ziren. Txaleko gurutzatu bat zeukan gizon bat mintzatu zitzaion Castleri:

        — Ez dut inortxo ere ezagutzen. Colin izan ezik, noski.

        Portzelana mila pusketatan hausten deneko hotsa entzun zen. Mrs. Daintryren ahotsa gailendu zitzaion hango ardailari:

        — Ene Jainkoa, Edward! Nire hontzaren bat izan al da?

        — Ez, ez. Ez estutu, maitea. Hautsontzi bat besterik ez da izan.

        — Inortxo ere ez —errepikatu zuen txalekodun gizonak—. Horretaz ari garela, Joiner dut izena.

        — Ni Castle naiz.

        — Colin ezagutzen al duzu?

        — Ez, Daintry koronelarekin etorri naiz.

        — Nor da hori?

        — Ezkondu den neskaren aita.

        Telefonoa nonbait jotzen hasi zen. Inork ez zion inolako jaramonik egin.

        — Colin ezagutu beharko zenuke. Aparteko mutila da.

        — Abizen arraro samarra du, ezta?

        — Arraroa?

        — Beno... Clutters...

        — Clough du abizena.

        — A, orduan ez dut ondo aditu nonbait.

        Berriro zerbait hautsi zen. Ardailaren erditik Edwarden ahotsa entzun zen, edonoren lasaigarri.

        — Ez estutu, Sylvia. Ez da ezer larririk gertatu. Hontza guztiak bizirik eta onik daude.

        — Ia erabat irauli du gure publizitatea.

        — Elkarrekin lan egiten al duzue?

        — Ni haurrentzako Jameson talkoa naizela esan daiteke.

        Edwardek besotik oratu zion Castleri.

        — Zu Castle al zara?

        — Bai.

        — Norbaitek deitzen dizu telefonoz.

        — Inork ez daki, ordea, ni hemen nagoela...

        — Emakume baten ahotsa da. Apur bat asaldatuta dagoela ematen du. Presakoa dela dio.

        Castleren gogoetak Sarahrengana bildu ziren. Sarahk bazekien ezkontza hartara joango zela, baina inortxok ere —Daintryk berak ere ez— ez zekien non amaituko zuten. Sam berriro gaixotu al zen?

        — Non dago telefonoa?

        — Etorri nirekin.

        Hontza zuri batek ohe handi zuri baten ondoko telefono zuria zaintzen zuen. Hara iritsi eta... ohartu zen telefonoa eskegita zegoela.

        — Sentitzen dut —esan zuen Edwardek—. Espero dut berriro deitzea.

        — Ez dizu esan nor zen?

        — Zarata dela-eta ez diot izena aditu. Uste dut negarrez ari zela. Etorri nirekin eta edan ezazu xanpaina apur bat gehiago.

        — Axola ez bazaizu, nahiago dut telefonotik hurbil egon.

        — Bai, noski. Barkatuko didazu, zurekin geratzen ez banaiz. Hontza hauek zaindu behar ditut, ulertzen didazu, ezta? Sylvia penaz hilko litzateke bakar bat hautsiko balitz. Hontzak paretik kentzeko iradokizuna egin nion, ehundik gora dauzka ordea. Haiek gabe etxea biluzik dagoela emango luke. Daintry koronelaren laguna zara zu?

        — Bulego berean ari gara lanean.

        — Isilpeko postu horietako bat da, ezta? Niretzat ez da oso erosoa izan honelako egoera batean Daintry koronela ezagutzea. Sylviak uste zuen ez zela etorriko. Beharbada hobe izango nuen hona azaldu izan ez banintz. Komenigarria baita beti tentuz ibiltzea. Baina orduan, nork zainduko zituen hontzak?

        Castle ohe handi zuriaren ertzean eseri zen, eta hontza zuriak begirada zorrotzez so egiten zion telefono zuriaren ondotik, elurrezko kontinente zuri arraro hartako muga zapaldu berri duen etorkin ilegal batekin lotuko balu bezala; hormak ere zuriak ziren, eta alfonbra zuri bat zegoen oin azpian. Castle beldur zen. Beldur Samengatik, beldur Sarahrengatik, beldur bere buruarengatik... Telefono isilaren bitartez hedatzen zen beldur hura, gas ikustezinaren gisara... Castlek maitatzen zuen guztia eta Castle bera arriskuan zeuden, dei misteriotsu hura zela eta. Elurrezko basamortutik beste aldean zeuden tribu batzuen aldarria ematen zuen egongelako ahotsek sortarazitako kalapitak. Telefonoak jo zuen. Hontza zuria baztertu zuen, eta aparatua jaso.

        Egundoko lasaitua hartu zuen Cynthiaren ahotsa entzun zuenean:

        — M.C. zara?

        — Nola jakin duzu hemen nengoela?

        — Erregistro Zibilera deitu dut, baina ordurako alde eginda zeundeten. Gero, Mrs. Daintry baten zenbakia bilatu dut telefono-aurkibidean.

        — Cynthia, zer duzu? Ahots arraroa duzu.

        — M.C., zerbait gertatu da, zerbait izugarria. Arthur hil egin da.

        Castlek lipar batez berriro galdetu zion bere buruari nor ote zen Arthur.

        — Davis? Hilda? Datorren astean bulegora itzultzeko asmoa zuen baina!

        — Badakit. Neskameak hilda topatu du ohea egitera joan denean —ahotsa kraskatu egin zitzaion.

        — Berehalaxe izango naiz bulegoan, Cynthia. Percival doktorea ikusi al duzu?

        — Berak deitu dit berria emateko.

        — Daintry koronelari jakinarazi behar diot.

        — Ai ene, M.C., harekin atseginago izan banintz sikiera! Ohea... horixe besterik ez diot egin bizitza osoan —Castlek somatu zuen Cynthia negarrari eusteko ahaleginak egiten ari zela.

        — Lehenbailehen joango naiz —eskegi zuen.

        Lehen bezala, egongela jendez gainezka zegoen, eta lehen bezainbesteko zarata entzun zitekeen bertan. Pastela zatikatua zuten, eta denak leku lasaiagoak bilatzen ari ziren euren pusketak irensteko. Daintry bakarrik zegoen, pusketa bat eskuan zuela, hontzez lepo zegoen mahai baten atzean. Castle ikusi bezain laster, honela esan zion:

        — Jainkoarren, Castle, goazen hemendik! Nik ez dut lekurik honelako gauzetan.

        — Daintry, bulegotik deitu didate. Davis hil egin da.

        — Davis?

        — Hil egin da. Percival doktoreak...

        — Percival! —deiadar egin zuen Daintryk—. Ene Jainkoa, gizon hori... —bere pastel-puska hontzen artean ezkutatu zuen, eta gris koloreko hontza eskerga batek oreka galdu zuen, eta, zorura erorita, milaka puskatan hautsi zen.

        — Edward! —emakume-ahotsa zeukan norbaitek garrasi egin zuen—. Johnek hontza grisa puskatu du!

        Edward agudo gerturatu zen hara.

        — Ezin naiz leku guztietan egon, Sylvia.

        Mrs. Daintry haren atzean agertu zen, bere onetik aterata:

        — John, agure zahar inozo hori! Hau ez dizut sekula barkatuko... Sekula ez! Gainera, zer arraio egiten duzu zuk hemen nire etxean?

        — Goazen, Castle —esan zuen Daintryk—. Beste hontza bat erosiko dizut, Sylvia.

        — Hau ordezkaezina zen.

        — Begira, gizon bat hil da. Hura ere ordezkaezina zen.

 

 

2

 

        — Ez nuen uste hau gertatuko zenik —esan zien Percival doktoreak.

        Axolagabe samarra (eta horrexegatik arraroa) iruditu zitzaion esaldi hura, baita hotza ere, ohe gainean pijama zimurtu bat soinean zeukala, luze-luze zetzan gorpuaren modukoa. Erabat irekita zeukan alkandora, paparra agerian uzten zuelarik; askoz ere lehenago taupada-aztarnen baten bila ibiliko ziren hantxe, ezbairik gabe. Ordura arte, Percival doktorearen begikotasunak liluraturik zeukan Castle; begikotasun hura, ordea, erabat izozturik geratu zen heriotzaren aurrean. Halako barkamen asaldatu baten kutsu ulergaitza zegoen ahoskatu berri zituen hitz arraro haietan.

        Bat-bateko aldaketa harekin kolpe latz bat hartu zuen Castlek, talka moduko bat, gela nahaspilatu hartan zut bere burua topatu zuenean, Mrs. Daintryren etxeko gonbidatu ezezagunen ahotsen ardaila, portzelanazko hontza-saldoak eta xanpaina botilen kortxoen eztanda atzean utzita. Percival doktorea isilik geratu zen, zorigaiztoko bere esaldi haren ostean, eta hango inork ere ez zuen ahoa ireki. Ohe ondoan zegoen, eta bazirudien margo-lan bat kritiko zorrotz pare baten aurrean erakusgai zeukala eta urduri zegoela haien iritziaren zain. Daintryk ere ez zuen isiltasuna urratu. Bazirudien aski zuela Percival doktoreari begira egotearekin; izan ere, itxura guztien arabera, Percivalek azaldu behar omen zuen margo-lanean aurkitu beharreko begi-bistako akatsen bat.

        Isilune luze hura eten beharra sentitu zuen Castlek:

        — Nortzuk dira egongelan dauden gizon horiek? Zertan ari dira hor?

        Percival doktorea gogo txarrez urrundu zen ohetik.

        — Zein gizon? A, horiek! Sail Bereziari eskatu nion begiratu bat emateko.

        — Zer ba? Hil egin dutela uste duzu?

        — Ez, ez. Ez, jakina. Inola ere ez. Gibela egoera penagarrian zeukan. Duela zenbait egun erradiografia bat egin genion.

        — Orduan, zergatik esan duzu ez zenuela espero...?

        — Ez nuen espero gauzak hain azkar gertatuko zirenik.

        — Autopsia egingo diote, ezta?

        — Jakina, jakina.

        «Jakina» horiek ugaldu egin ziren, gorpu baten inguruan hegan egiten duten eulien modura.

        Castle egongelara itzuli zen. Mahai txiki baten gainean whisky botila bat zegoen ia hutsik, eta edalontzi zikin bat, Play Boy-ren ale bat ondoan zutela.

        — Esan nion alkoholari utzi behar ziola —azaldu zion Percivalek— Hark, ordea, ez zidan jaramonik egin.

        Bi gizon zeuden egongelan. Batak Play Boy-a hartu zuen, eta orrialdeak astindu. Bestea idazmahaiko kaxoiak miatzen ari zen. Hark bere lagunari esan zion:

        — Hementxe dago bere helbide-libreta. Egiazta itzazu izenak. Begiratu telefono-zenbaki hauek, ea izenekin bat ez ote datozen.

        — Oraindik ez dakit zeren bila dabiltzan —berriro Castlek.

        — Segurtasun-kontrol bat besterik ez da —adierazi zuen Percival doktoreak—. Zurekin harremanetan jartzen saiatu nintzen, Daintry, hau zure eginkizuna delako, izan ere. Itxura denez, ezkontzaren batean zeunden.

        — Bai.

        — Agidanez, azken aldi honetan arduragabekeriaren bat gertatu da bulegoan. C ez dago hemen, baina seguru asko berak nahi izango zuen guk geure begiez egiaztatzea mutil gizajo horrek ez duela ezer zintzilik utzi.

        — Esaterako, telefono-zenbakiak, berekin doazen izenekin bat ez datozenean —esan zuen Castlek—. Nik horri ez nioke ardugabekeria deituko.

        — Mutil hauek beti prozedura berberak erabiltzen dituzte, ez da horrela, Daintry?

        Daintryk, ordea, ez zuen erantzunik eman. Logelako atetik ez zen mugitu, gorpuari beha. Gizonetako batek esan zuen:

        — Aizu, Taylor, eman begiratu bat honi —paper bat erakutsi zion.

        Besteak goraki irakurri zuen.

        — «Bonne chance, Kalamazoo, Widow Twanky».

        — Arraro samarra, ezta?

        — «Bonne chance» frantsesa da, Piper —adierazi zuen Taylorrek—. «Kalamazoo» entzunda, badirudi Afrikako hiri bat dela.

        — Afrika, e? Garrantzitsua izan liteke.

        — Hobe zenukete Evening News egunkarian bilatuko bazenute —esan zuen Castlek—. Baliteke hiru zaldi izatea. Asteburuero apostuak egiten zituen lasterketetan.

        — A! —apur bat etsia hartuta ematen zuen Piperrek.

        — Uste dut Sail Bereziko gure lagunei utzi beharko geniekeela euren lana lasai egiten —iradoki zuen Percival doktoreak.

        — Eta Davisen familia zer? —jakinminez Castlek.

        — Dagoeneko bulegoan arduratu dira horretaz. Itxura denez, Droitwich-en lehengusu bat zeukan, eta horixe zen bere senide hurbil bakarra. Haginlaria.

        — Hemengo zerbait lekuz kanpo dagoela iruditzen zait, jauna —Piperrek liburu bat eskaini zion Percival doktoreari, baina Castlek aurrea hartu zion, eta liburuari heldu.

        Robert Browningen olerki-bilduma txiki bat zen. Ex libris bat zeukan barruan, zeinak Droitwich Royal Grammar School eskolaren armarria eta izena agerian baitzeuzkan. Antza denez, saria 1910ean eman zitzaion William Davis izeneko ikasle bati, idazkuntzarako zuen gaitasunagatik, eta William Davisek, tinta beltzez eta kaligrafia samurrez, ondoko hau idatzia zuen: «Nire seme Arthurrentzat, bere aitak emana, fisika notarik onenaz gainditu duelako, 1953ko ekainak 29». Bistan zen Browningek, fisikak eta hemeretzi urteko nerabe batek oso nahasketa arraroa osatzen zutela, baina, inondik ere, Piperrek besterik adierazi nahi zuen «lekuz kanpo» esaterakoan.

        — Zer da hori? —galdetu zuen Percival doktoreak.

        — Browningen olerki batzuk. Ez zait iruditzen horretan ezer lekuz kanpo dagoenik.

        Aitortu behar zuen, hala ere, antologia hura ez zetorrela bat Aldermaston-ekin, lasterketekin eta Play Boy-rekin, eta are gutxiago burokraziaren ohikeria aspergarriarekin eta Zaireko balixarekin. Beti aurkitzen dira konplexutasun-aztarnak bizimodurik lañoenean ere, hil ondoan behar beste miatuz gero. Jakina, liburua Davisek aitarenganako maitasunagatik gorde zezakeen; begi-bistakoa zen, ordea, irakurria zuela. Davisek ez al zuen Browningen hitzez hitzeko aipamenik egin, Castlek bizirik ikusi zuen azken aldian?

        — Ondo begiratuz gero, ohartuko zara zenbait lerroalde markatuta daudela —Piperrek azaldu zion Percival doktoreari—. Zuk nik baino gehiago dakizu liburuetako kodeez. Horri erreparatu behar zeniokeela iruditu zait.

        — Zer uste duzu zuk, Castle?

        — Bai, markak egon badaude. —Liburua gainetik irakurri zuen.— Liburu hau bere aitarena izan zen, eta beharbada hark egin zituen markak... Tintak freskoegia ematen du baina: dena den, beti ere «c» bat ikus daiteke marjinean.

        — Adierazgarria da?

        Castlek ez zuen sekula Davis aintzat hartu, ez haren edateko modua, ez haren zori-jokoak, ezta Cynthiarenganako zuen maitasun itxaropenik gabea ere, baina ez da hain erraza gizon baten hilotzari ezikusiarena egitea. Estreinako aldiz, Davisenganako benetako jakinmina sentitu zuen Castlek. Heriotzari esker, Davis pertsona garrantzitsu bihurtu zen, ospetsu egin zen nolabait. Agian hildakoak gu baino zoliagoak dira. Liburuaren orriak atzera-aurrera ibili zituen, Browning Society elkarteko kide batek paper bat antzezten hasi aurretik egingo zukeen modura.

        Daintry aldendu egin zen logelako atetik.

        — Ez dago ezer marka hauetan... ezta? —galdetu zuen.

        — Zer esan nahi duzu «ezer» horrekin?

        — Ezer adierazgarririk —azaldu zuen Daintryk Percivalen esamoldea erabiliz.

        — Adierazgarria? Nik baietz esango nuke. Aldarte baten adierazgarria.

        — Zer esan nahi duzu? —estutu zuen Percivalek—. Benetan uste duzu...?

        Percivalen ahotsak itxaropentsu zirudien, ondoko gelan hilda zetzan gizonak segurtasuna arriskuan jar zezakeela entzun nahi izango balu bezala (eta, neurri batean, hala zen, pentsatu zuen Castlek). Nola maitasuna hala gorrotoa arriskutsuak dira, Borisi esana zion bezala. Irudi bat nagusitu zitzaion buruan: logela bat Lourenço Marquesen, aire-egokigailu baten burrunba eta Sarahren ahotsa telefonoan: «Hemen nago». Gero, halako batean egundoko bozkarioa sentitu zuen. Sarahrenganako maitasunak Carsonengana eraman zuen; Carsonek, aldiz, Borisengana. Maiteminduta dagoen gizon bat noraezean dabil munduan zehar, erloju-lehergailu bat eskuan daraman anarkistaren modura.

        — Benetan uste al duzu badagoela frogarik...? —berriro Percival doktoreak—. Zuk badaukazu esperientziarik kodeetan. Nik ez.

        — Entzun pasarte hau. Goitik beherako marra batez dago markaturik, eta «c» bat du ondoan:

 

        Lagunek diotena baizik ez dizut esango ordea,

        edo gogoeta gartsu bat soilik:

        eskutik helduko dizut baldin eta denok ahal badugu...

        — Ba al dakizu zer esan nahi duen «c» horrek? —galdetu zuen Percivalek, eta berriro ahotsean halako itxaropen-kutsu bat antzeman zitekeen, Castleren sumingarri—. Ez ote da «code» edo «kodea» izango, hots, baliabide bat pasarte jakin hori dagoeneko erabilia duela gogoratzeko? Nire iritziz, liburu bidezko kode bat erabiliz gero, kontu handiz ibili behar da, lerroalde bat bi aldiz ez errepikatzeko.

        — Egia da. Hona hemen markatutako beste pasarte bat:

        Ohar zaitez begi gris horiek eta ile ilun

        eta maitagarri horrek agerian uzten dutela

        gizonak borrokatu behar duela eta hil-hurren izan,

        eta infernuan bezalaxe bizi lurrean...

        — Nik esango nuke olerki bat dela, jauna —esan zuen Piperrek.

        — Goitik beherako beste marra bat eta beste «c» bat, doktore.

        — Orduan, zuk benetan uste duzu...?

        — Behinola Davisek zera esan zidan: «Serio ari naizenean, ezin dut serio jokatu». Horrenbestez, oker ez banago, Browningengana jo behar zuen hitzen bila.

        — Eta «c»a?

        — Emakume baten izena esan nahi du, besterik ez. Cynthiarena. Bere idazkaria. Emakume hartaz maiteminduta zegoen. Gutako bat. Sail Bereziak ez du zereginik honetan.

        Daintry hantxe zegoen, pentsakor, artega, bere gogoetan pulunpaturik. Gero zorrotz mintzatu zen, bere hitzei salaketa-kutsu nabaria zeriela:

        — Autopsia egingo diote, ezta?

        — Jakina —bat etorri zen Percival doktorea—, baldin eta bere medikuak hala eskatzen badu. Ni ez naiz bere medikua, bere lankidea baizik, nahiz eta hark niri aholkua eskatu, eta X izpien saio bat egin banion ere.

        — Davisen medikuak honezkero hemen behar luke.

        — Hona etortzeko agindua emango dut, gizon hauek euren lana amaitu bezain laster. Zu zeu, Daintry koronela, ohartuko zara lan honek daukan garrantziaz. Segurtasuna gauza guztien gainetik dago.

        — Jakin nahi nuke autopsiak ezer argituko ote lukeen.

        — Aurrerapen bat egingo dizut: gibela guztiz suntsituta zeukan.

        — Suntsituta?

        — Edanarengatik, noski. Zergatik bestela? Horixe esan diot ba lehenago Castleri. Ez duzu entzun ala?

        Castlek hantxe utzi zituen Percival eta Daintry, ezkutuko sesioan. Iritsia zen Davisi azken aldiz so egiteko unea, patologoa gorpuarekin lanean hasi baino lehen. Haren aurpegiak ez zuen inolako sufrimendu-aztarnarik isladatzen; horrek poza eman zion. Pijama lotu zion papar zanpatuaren gainean. Botoi bat falta zitzaion. Botoiak jostea ez zen neskamearen eginkizuna. Ohe ondoko telefonoak irri moduko hots bat isuri zuen hasieran, laster ezerezean aienatu bazen ere. Beharbada, urrutiko lekuren batean mikrofono bat eta grabagailu bat deskonektatzen ari ziren lineatik. Aurrerantzean ez zuten Davis zainduko. Ihesari emana zion.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia