Seigarren atala

 

 

1

 

        Castleren trena hogei minutu berandu iritsi zen Berkhamsted-era. Nonbait, Tring-etik harantzago, konponketa-lanak egiten ari ziren trenbidean, eta Castle bere bulegora iritsi zenean, hutsik zegoela iruditu zitzaion, inoiz baino hutsago. Davis ez zegoen, baina horrek nekez argitzen zuen bakardade-sentsazioaren jatorria. Castle sarritan bakarrik egoten zen bere bulegoan: Davis bazkaltzera joana zela, edo bainugelara, edo zoologikora Cynthiarekin egoteko. Ordu erdi bat igaro zen Cynthiaren oharra bere erretiluan aurkitu zuen arte: «Arthur ondoezik dago. Daintry koronelak zurekin hitz egin nahi du». Une batez, Castlek bere buruari galdetu zion nor arraio ote zen Arthur. Bere lankidea Davis izenarekin soilik lotzen zuen. Bere buruari galdetu zion azkenean Cynthia amore ematen hasita ote zegoen setio luzearen ondoren. Horregatik erabiltzen ote zuen orain Davisen bataio-izena? Cynthiari deitu zion.

        — Zer du Davisek?

        — Ez dakit. Ingurugiro Saileko batek hots egin du telefonoz. Urdail-espasmoak edo horrelako zerbait aipatu du.

        — Ajea?

        — Hori bakarrik izan balitz, berak deituko zuen. Zu ez zeunden hemen, eta ez nekien zer egin. Hori dela eta, Percival doktoreari deitu diot.

        — Zer esan du?

        — Zuk diozuna: ajea. Dirudienez, atzo elkarrekin atera ziren, eta Porto ardo eta whisky gehiegi edan zuten. Eguerdian bisita egingo dio. Ordura arte lanpetuta egongo da.

        — Uste al duzu larria dela?

        — Ez dut uste, baina ajea ere ez da, nire iritzirako. Larria balitz, Percival doktorea berehala joango zen, ez zaizu hala iruditzen?

        — C Washingtonen dagoen bitartean, nire ustez, Percivalek ez du denbora askorik medikuntzari eskaintzeko —esan zuen Castlek—. Daintry ikustera joango naiz. Zer zenbaki dauka haren bulegoak?

        Handik lasterrera, 72. bulegoko atea ireki zuen. Daintry eta Percival doktorea aurkitu zituen bertan. Eztabaida bat eten zuela iruditu zitzaion.

        — A, Castle —agur egin zuen Daintryk—. Zurekin hitz egin nahi nuen.

        — Ni banoa —esan zuen Percivalek.

        — Geroago hitz egingo dugu, Percival. Zurekin ez nago ados. Sentitzen dut, baina hala da. Ezin naiz ados egon.

        — Gogoan izan konpartimentu isolatuez esan nizuna eta... Ben Nicholsonez.

        — Ni ez naiz pintorea —zehaztu zuen Daintryk—, eta ez dut arte abstraktua ulertzen. Dena den, geroago hitz egingo dugu.

        Atea itxi ondoren ere, denbora dezente igaro zen Daintry hizketan hasi arte. Gero hau esan zuen:

        — Ez dut gogoko jendeak ondorioak azkarregi ateratzerik. Frogetan sinesten irakatsi didate... froga zehatzetan.

        — Zerbaitegatik kezkaturik?

        — Gaixotasunaren kasuan, odol-analisia egin beharko luke, X izpiak... Ez luke gutxi gora-beherako diagnostikorik egingo.

        — Percival doktoreak?

        — Ez dakit nola hasi..., ez nuke honetaz zurekin hitz egin behar.

        — Zertaz?

        Daintryren mahai gainean neska polit baten argazkia ikusten zen. Harengana zuzentzen zuen behin eta berriro begirada.

        — Ez al zara izugarri bakarrik sentitzen enpresa honetan? —leher egin zuen Daintryk.

        — Beno... —Castlek zalantza egin zuen—. Davisekin ondo konpontzen naiz. Horrela oso desberdina da.

        — Davis? A bai. Hain zuzen ere, Davisez hitz egin nahi nuen zurekin.

        Daintry altxatu zen eta leihora hurbildu. Ziega batean giltzapean itxita zegoen presoa ematen zuen. Goibel so egin zion zeru ilunari, eta ez zen lasaitu.

        — Oso egun grisa dugu —esan zuen—. Udazkena etorri da, azkenean.

        — «Nik ez dut neure inguruan aldaketa eta gainbehera besterik» —aipamena egin zuen Castlek.

        — Zer da hori?

        — Eskolan kantatu ohi nuen eresi bat.

        Daintry bere idazmahaira bueltatu zen, eta argazkiari berriro begiratu.

        — Nire alaba —esan zuen, hura aurkeztu beharra balu bezala.

        — Zorionak. Neska liluragarria da.

        — Asteburu honetan ezkonduko da. Baina uste dut ez dudala ezkontzara joaterik izango.

        — Ez al zaizu senargaia gustatzen?

        — Balekoa da mutila, nire iritziz. Ez dut ezagutzen. Baina, zertaz hitz egin dezaket berarekin? Ume jaio berrientzako Jameson talkoaz?

        — Ume jaio berrientzako Jameson talkoa?

        — Jameson saiatzen ari zaio Johnsoni lekua jaten... edo behintzat hala esan zidan alabak —eseri zen eta goibelaldi isil batean murgildu.

        — Dirudienez, Davis gaixo dago —azaldu zuen Castlek—. Gaur berandu etorri naiz bulegora. Egun txarra aukeratu du Davisek. Lana daukat Zaireko balixarekin.

        — Sentitzen dut. Orduan ez dizut denbora gehiagorik kenduko. Ez nekien Davis gaixo zegoenik. Larria al da?

        — Ez dut uste. Percival doktorea eguerdian joango zaio bisita egitera.

        — Percival? —esan zuen harrituta Daintryk— Mediku partikularrik ez du ala?

        — Percival doktoreak aztertzen badu, gure Etxeak ordainduko du bisitaldia, ezta?

        — Bai. Baina... gurekin lan egiten duenez, praktika pixka bat galduta izango du. Medikuntza-praktika esan nahi dut.

        — Seguru asko, diagnostikoa oso erraza izango da —hori esaterakoan, beste elkarrizketa baten oihartzuna entzun zuen bere barnean.

        — Castle, zuri deitzeko izan dudan arrazoi bakarra da... beno, zu erabat gustura al zaude Davisekin?

        — Zer esan nahi duzu «gustura» horrekin? Oso ondo lan egiten dugu elkarrekin.

        — Batzuetan, galdera inozo-antzak egin behar izaten ditut... lañoegiak... baina segurtasuna da nire lana. Ez dute zergatik esanahi jakinik izan, Davisek jokorako zaletasuna du, ezta?

        — Pixka bat. Zaldiez hitz egitea gustatzen zaio. Ez dut uste diru asko irabazi edo galtzen duenik.

        — Eta edan?

        — Ez dut uste nik baino gehiago edaten duenik.

        — Beraz, zu erabat fidatzen al zara Davisez?

        — Bai, noski. Denok egiten ditugu hutsak, zer esanik ez dago. Kexaren bat izan al da? Ez nuke nahi zuek Davis inora bidaltzerik, Lourenço Marquesera ez bada.

        — Ahaztu galdetu dizudana —eskatu zion Daintryk—. Gisa bereko galderak egiten ditut pertsona guztiez. Baita zutaz ere. Nicholson izeneko pintorea ezagutzen al duzu?

        — Ez. Gutarra al da?

        — Ez, ez. Batzuetan pixka bat jokoz kanpo sentitzen naiz —adierazi zuen Daintryk—. Ez dakit ba... baina, seguru asko zu beti etxera itzultzen zara gauez, zeure familiarengana.

        — Beno, bai... hala da.

        — Edozein gauzagatik gauren batean hirian geratu beharko bazenu... afaritara joan gintezke elkarrekin.

        — Hori ez da sarritan gertatzen —erantzun zuen Castlek.

        — Bai, ez naiz harritzen.

        — Nire emaztea urduritu egiten da bakarrik dagoenean.

        — Jakina. Ulertzen dut. Ideia bat besterik ez da izan —argazkiari berriro begiratu zion—. Alaba eta biok lehen noizean behin bazkaltzen genuen elkarrekin. Bihotz-bihotzetik opa diot zoriontsua izan dadin. Ezin da besterik egin, ez da horrela?

        Isiltasuna kezko hodei bat bezala ezarri zen bien artean. Ez zuten ez batak ez besteak zoladura ikusten: haztamuka ibili behar zuten bidean zehar, beso bat luze-luze eginda.

        — Nire semea oraindik ez dago ezkontzeko adinean —azaldu zuen Castlek—. Eta pozten naiz ardura hori oraindik ez izateaz.

        — Larunbatean etorriko zara bulegora, ezta? Beharbada prest egongo zinateke ordubete edo bi ordu gehiagoz Londresen geratzeko. Ezkontzan ez dut inortxo ere ezagutuko, alaba izan ezik... Eta haren ama, noski. Esan zidan... (alabak, esan nahi dut) bulegoko norbait joan zitekeela nirekin. Niri lagun egiteko.

        — Noski, atsegin handiz joango naiz. Benetan uste baduzu... —ia ezinezkoa zitzaion ezetz esatea etsipen-dei bati, hura lauso samarra bazen ere.

 

 

2

 

        Behingoz, Castlek ez zuen bazkaldu. Ez zuen goserik batere somatu, eta bai, ordea, ohiko jardunaren etena. Ezinegonak jota zegoen. Davis ikusi beharra zeukan.

        Eguerdiko ordu batean puntu-puntuan irten zen eraikin handi eta arrunt hartatik, bere paperak (Watsonen ohar umorerik gabeko bat barne) kutxa gotorrean gorde eta gero. Orduan, Cynthia atarian ikusi zuen:

        — Davis nola dagoen ikustera noa —esan zion—. Nahi al duzu nirekin etorri?

        — Ez, zergatik joan beharko nuen ba? Erosketak egitera joan behar dut. Eta zer dela eta joan behar duzu zuk? Ez da larria, ezta?

        — Ez, baina bururatu zait hari bisita egitea. Pisuan ingurugiroko morroiak besterik ez daude Davisekin, eta horiek ere ez dira gauera arte itzuliko.

        — Percival doktoreak agindu du Davisi bisita egitera joango zaiola.

        — Bai, badakit, baina dagoeneko alde eginda izango da seguru asko. Uste nuen beharbada nirekin etorri nahiko zenuela zera ikustera...

        — Ongi da, bisitaldia laburra bada. Ez dugu lorerik eraman beharko ospitalean balego bezala, ezta? —neska zakarra zen Cynthia.

        Davisek ireki zien atea, txabusina jantzita zuela. Castle ohartu zen kopeta argitu zitzaiola Cynthia ikusterakoan. Lipar batez, besterik ez; geroago konturatu zen ez zetorrela bakarrik. Gogorik gabe esan zuen:

        — A, etorri zarete.

        — Zer duzu, Davis?

        — Ez dakit. Baina ez du garrantzirik. Nire gibel zaharrak ez nau bakean uzten.

        — Zure lagunak telefonoz esan dit urdail-espasmoak zenituela —ekarri zion gogora Cynthiak.

        — Beno, gibela urdailetik hurbil dago, ezta? Edo giltzurrunak? Ez dut inondik inora ezagutzen neure geografia.

        — Hizketan ari zareten bitartean, ohea egingo dizut, Arthur —esan zuen Cynthiak.

        — Ez, ez, eskerrik asko, utzi hori. Pixka bat zimurtuta dago, ez besterik. Eser zaitez lasai. Edan ezazu zerbait.

        — Zuek biok zerbait edan dezakezue; nik bitartean ohea egingo dut.

        — Oso egoskorra da —esan zuen Davisek— Zer nahi duzu edan, Castle? Whisky bat?

        — Erdia bakarrik, eskerrik asko.

        Davisek bi edalontzi zerbitzatu zituen.

        — Gibela gaizki badaukazu hobe zenuke ez edatea. Zer esan du zehatz-mehatz Percival doktoreak?

        — Ni izutzen saiatu da. Medikuek hori egiten dute beti.

        — Berdin zait bakarrik edaten badut.

        — Pixka bat mantsoago ibili ezean, zirrosia harrapatzeko arriskua dudala esan du. Bihar erradiografia bat egitera joan behar dut. Azaldu diot ez dudala edaten jenderik gehienak baino gehiago, baina berak azpimarratu du gibel batzuk beste batzuk baino ahulagoak direla. Medikuek dute beti azken hitza.

        — Ni zure lekuan banengo, ez nuke whisky hori edango.

        — «Murriztu ezazu» esan dit berak, eta nik whisky-kopurua erdira murriztu dut. Eta agindu diot Porto ardoari utziko diodala. Hortaz, bi astez ez dut tantarik edango. Edozein gauza, hari atsegin ematearren. Pozten naiz zu etorri izanaz, Castle. Egia esanda, Percival doktoreak beldurtu egin nau apur bat. Oker ez banago, ez dit kontatu berak zekien guztia. Ez al litzaizuke izugarria irudituko ni Lourenço Marquesera bidaltzea erabakiz gero ere, berak ez balit horretarako baimenik emango? Beste zerbaitek ere beldurtzen nau... Nitaz hitz egin al dute zurekin?

        — Ez. Daintryk gaur goizean galdetu dit ea gustura nengoen zurekin, eta nik baietz esan diot... erabat.

        — Oso lagun ona zara, Castle.

        — Zentzugabeko segurtasun-kontrol hori da. Gogoan al duzu Cynthiarekin parke zoologikoan topo egin zenuen eguna? Haginlariarenera joan zinela esan nien, dena den...

        — Bai. Agerian geratzen diren gizon horietako bat naiz. Hala ere, nik ia beti betetzen ditut arauak. Leialtasuna ulertzeko dudan moduagatik izango da, nik uste. Zu bestelakoa zara. Inoiz txostenen bat ateratzen badut bazkaldu bitartean irakurtzeko, harrapatu egiten naute. Baina, zu makina bat aldiz ikusi zaitut hori bera egiten. Zu arriskatu egiten zara, apaizek egin behar omen duten bezala. Nahi gabe gertatutako filtrazio baten erruduna banintz, zugana joko nuke aitorpen eske.

        — Absoluzioaren esperantzan?

        — Ez, zuzentasun apur baten esperantzan.

        — Horrela balitz, oker zeundeke. Nik ez dakit zer esan nahi duen «zuzentasun» hitzak, ezta hurrik eman ere.

        — Hitz batean, kondenatuko nindukezu egusentian fusilatuta hiltzera...

        — Ez ba! Nik beti absolbitu egingo nuke gogoko dudan jendea.

        — Orduan, zeu zara benetako arriskua segurtasunerako —esan zuen Davisek—. Zure ustez, noiz arte iraungo du kontrol madarikatu honek?

        — Filtrazioa aurkitu arte edo filtraziorik ez dela gertatu erabakitzen duten arte, nik uste. Beharbada, MI5-eko gizon batek gaizki interpretatu zituen frogak.

        — Edo emakumeren batek, Castle. Zergatik ez emakumeren batek? Ez gu, ez Watson ez bagara, gure idazkariren bat izan liteke. Hori pentsatze hutsak hotzikarak ematen dizkit. Lehengo gau batean Cynthia nirekin geratuta zegoen, elkarrekin afaltzera joateko. Ni bere zain nengoen Stone's-en, eta aurreko mahaian oso neska polit bat zegoen, norbaiten zain hura ere. Halako irribarre behartu bat egin genion elkarri, biok alferrik zain geundelako: zoritxarkide sentitzen ginen. Zerbait esango nion... Azken batean, Cynthiak huts egin zidan. Baina, orduantxe bururatu zitzaidan beharbada neska hori han ezarria zutela ni harrapatzeko; agian entzun zidaten mahaia enkargatzen ari nintzela bulegoko telefonotik. Beharbada, Cynthiak aginduak jasoak zituen hara ez hurbiltzeko. Eta une hartan ezetz asmatu nor elkartu zen aurreko mahaiko neska politarekin! Daintry... horratx!

        — Seguraski bere alaba zen.

        — Eta gure enpresak ez du alabarik erabiltzen, ala? Ai ene, hau da lanbide ergela gurea! Ezin zaitezke inorekin fidatu. Orain Cynthiaz ere ez naiz fidatzen. Ohea egiten ari zait, eta Jainkoak daki zer espero ote duen hor aurkitzea. Bai, ogi-papur txiki batzuk besterik ez du aurkituko. Agian aztertzera eramango dituzte. Ogi-papur batean mikropuntu bat ezkuta daiteke.

        — Ezin naiz hemen luzaroago egon. Zaireko balixa zain daukat.

        Davisek edalontzia mahaian bermatu zuen:

        — Kaka zaharra, whiskyak ez du zapore bera, Percivalek burua ideia arraroez bete didanetik. Zuk benetan uste al duzu zirrosia dudala?

        — Ez, baina zeure burua gehiago zaindu beharko duzu bolada batean.

        — Esatea errazagoa da egitea baino. Aspertuta nagoenean, edan egiten dut. Zuk Sarahrekin egoteko zoria daukazu. Zer moduz Sam?

        — Beti zutaz galdetzen du. Berak dioenez, inork ez daki zuk bezain ongi jolasten ezkutaketan.

        — Oso sasikume maitagarria da. Ai nik sasikume txiki bat izango banu... baina Cynthiarekin soilik. A ze itxaropena!

        — Lourenço Marqueseko eguraldia ez da oso ona...

        — Diotenez, oso egokia da sei urterainoko haurrentzat.

        — Beno, beharbada Cynthia biguntzen ari da. Azken finean, ohea egiten ari zaizu.

        — Bai, nik esango nuke amarena egiten ari dela nirekin. Baina, miresteko norbaiten bila ari diren neska horietako bat da. Gizon serio bat gustatuko litzaioke... zu bezalako gizon bat. Serio hitz egiten dudanean, ezin dut serio jokatu: horra nire arazoa. Serio jokatzeak barrena nahastu egiten dit. Ezagutzen al duzu ni miresten nauenik?

        — Bai. Samek miresten zaitu.

        — Ez dut uste Cynthiari gustatzen zaionik ezkutaketan jolastea.

        Cynthia egongelara itzuli zen, honela zioela:

        — Izugarrizko nahas-mahasa zen zure ohea. Noiz egin dizute azkenekoz?

        — Astelehenetan eta ostiraletan etortzen da etxeko lanak egiten dituen emakumea. Gaur osteguna da.

        — Zergatik ez duzu zerorrek egiten?

        — Zera, ba, ohean sartu eta izaretatik tira egiten dut gorantz.

        — Eta ingurugiroko morroi horiek zer egiten dute?

        — Irakatsi egin zaie kutsadurari ez antzematen, ofizialki horren berri ematen ez zaien bitartean.

        Davisek ateraino lagundu zien, handik agurtzeko.

        — Bihar arte —esan zuen Cynthiak, eta eskaileretan behera abiatu zen. Erosketa asko egin behar zituela gaineratu zuen sorbaldaren gainetik.

        — «Ez zidan sekula begiratu behar, nik bera maite nezan nahi ez bazuen» —aipamena egin zuen Davisek.

        Castle harrituta geratu zen. Ez zuen sekula pentsatuko Davisek Browningek idatzitako ezer irakurrita zeukanik... eskolan ez bazen, noski.

        — Beno —esan zuen—, banoa berriro balixarena egitera.

        — Sentitzen dut, Castle. Badakit balixa horrek sutu egiten zaituela. Baina ez naiz itxurak egiten ari, gaixorik nago benetan. Ajea ere ez da. Hankak dira, besoak... Jelatinazkoak balira bezala sentitzen ditut.

        — Itzuli ohera.

        — Uste dut horixe egingo dudala. Samek pentsatuko luke ez nagoela sasoian ezkutaketan jolas egiteko —erantsi zuen Davisek, barandan bermatu eta Castleri begiez jarraitu zion bitartean. Eskaileraren behealdera iritsita, Davisek oihu egin zuen—: Castle!

        — Zer? —Castlek gorantz egin zuen so.

        — Zuk ez duzu uste honek bidea itxiko didanik, ezta?

        — Bidea itxi?

        — Gizon berri bat izango nintzateke, Lourenço Marquesera iristeko modua banu.

        — Nik ahal izan dudan guztia egin dut. C-rekin hitz egin dut.

        — Oso mutil jatorra zara, Castle. Eskerrik asko, zernahi gerta ere.

        — Itzuli ohera eta hartu atsedena.

        — Uste dut horixe egingo dudala.

        Hala ere, zutik jarraitu zuen, begiak Castlerengan iltzatuta zituela, bere lankideak buelta eman eta beherantz egin zuen arte.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia