Bosgarren atala

 

 

1

 

        Castle bizikleta Berkhamsted-eko geltokiko enplegatuaren eskuetan utzita, Londreserako nasara igo zen. Eguneroko bidaiari ia guztiak bistaz ezagutzen zituen, eta batzuk agurtu eta guzti egiten zituen, buruari eraginez. Urriko lanbro hotzak gazteluaren inguruan flotatzen zuen, belarrak ia jandako putzuaren gainean, eta zume negartietatik euri-tantak limurtzen ziren trenbidearen bestaldeko ubidera. Nasaren alde batetik bestera ibili zen. Aurpegi guztiak ezagunak zituela iruditu zitzaion, untxi-larru higatuzko beroki batean bilduta zegoen emakume batena izan ezik. Arraroa zen emakumeak tren hartan joatea. Konpartimentu batean sartzen ikusi zuen eta horixe aukeratu zuen berak, emakume hari arreta handiagoz so egin ahal izateko. Gizonek egunkariak ireki zituzten, eta emakumea Danise Robinsen eleberri bat irakurtzen hasi zen, buru-belarri hasi ere. Castlek Gerra eta Bakea-ren bigarren liburukia irakurtzeari ekin zion. Jendearen aurrean liburu hura bere gozamenerako irakurtzea zuhurtasunari buruzko arauak hausteko modu bat zen, baita desafio txiki bat ere. «Mugaz beste aldera, hurbil-hurbil, zalantza, sufrimendua eta heriotza daude. Bizidunen eta hildakoen arteko marra dakarkigu gogora muga horrek. Eta zer dago han? Nor dago han? Zelai hartatik harantzago, zuhaitz hartatik harantzago...» Leihotik behatuta, Castlek pentsatu zuen Boxmoor-erako ubideak osatzen zuen marra guztiz laua Tolstoiren soldaduaren begiez ikusten ari zela. »... eguzkiak argiztatutako teilatu horretatik harantzago? Inork ez daki, baina zuk benetan jakin nahi zenuke. Beldur zara, eta, horratik, marra hori urratzeko irrikan zaude...».

        Trena Watford-en gelditu zenean, Castle bakarrik jaitsi zen trenetik. Trenen ordutegi-taularen ondoan geratu zen eta bidaiari guztiei so egin, ate automatikotik igarotzen ari ziren bitartean. Emakumea ez zegoen haien artean. Behin geltokitik aterata, autobusa hartzeko ilaran zalantzan egon zen, aurpegi guztiei arreta handiz begiratzeari utzi gabe. Gero, erlojuari begiratu zion eta alde egin, ezinegona isladatzen zuen keinu ikasi bat eginda, bera han zegoela susma zezakeen behatzailerik bazegoen ere. Ziur zegoen ez zeukala inor atzetik. Baina, aldi berean, urduri sentitzen zen neurri batean, treneko emakumea eta arauei egin berria zien desafioa burura zetozkionean. Zuhur-zuhur jokatu behar zen. Aurkitu zuen lehenengo postetxetik telefonoz hots egin zuen bulegora, eta Cynthiaz galdetu, hura beti gutxienez ordu erdi lehenago iristen baitzen Watson, Davis eta Castle bera baino.

        — Mesedez, esaiozu Watsoni apur bat berandu iritsiko naizela. Watford-era etorri behar izan dut albaitariarengana joateko. Bullerrek erupzio arraro bat dauka. Esaiozu Davisi ere.

        Une batez bururatu zitzaion ez ote zen hobe izango albaitariaren kontsultategira benetan joatea, bere alibia sendotze aldera. Orobat, oldoztu zuen batzuetan norbere burua babesteko neurri gehiegi hartzea neurri gutxiegi hartzea bezain arriskutsua izan daitekeela... Errazena beti da onena; beraz, ahal zen guztietan egia esatea zen onena, gezurra gogoratzea zailagoa izaten delako. Buruan zeukan zerrendako hirugarren kafetegian sartu eta zain geratu zen bertan. Ez zuen ezagutu bere ondoren sartu zen gizon tantaia eta argala, zeinak garai hobeak ezagutuak zituen beroki bat jantzita baitzeraman. Castle zegoen mahaiaren aurrean gelditu eta esan zuen:

        — Barkatu, zu ez al zara William Hatchard?

        — Ez. Castle dut izena.

        — Barkatu. Elkarren antz izugarria duzue.

        Castlek bi kikara bete kafe edan zituen eta The Times irakurri. Berak egiatzat zeukan egunkari hark bere irakurleei halako errespetagarritasun-aire bat ematen ziela. Lehengo gizona zapaten sokak lotzen ari zen, handik berrogei metrora, kalean behera. Hori ikusita, Castlek halako segurtasun bat sentitu zuen, hain zuzen ere, behinola ospitaleko gelatik kirofanora ebakuntza arriskutsu bat egitera eraman zutenean sentitu zuena bezalakoa... Aurretik ezarritako jomuga batera zinta garraiatzaile batean zihoan objetuaren modura sentitzen zen berriro; ez zuen inolako erantzukizunik: ez zen ez ezeren, ez inoren erantzule, ezta bere gorputzarena ere. Onerako edo txarrerako, gertatu behar zuena beste baten eskutik etorriko zen, goreneko lan-gaitasuna zuen baten eskutik. Halaxe omen dator heriotza, azkenaren azkenean, pentsatu zuen, ezezagunaren urratsen atzetik astiro eta konfiantzaz jarraitzen zuen bitartean. Berak espero zuen hil aurreko uneek lasaitasuna emango ziotela, barruan zuen estuasunetik berehala eta betiko aske egongo baitzen.

        Kale hark Elm View izena zuela ohartu zen, ez zumarrik, ez bestelako zuhaitzik agerian ez bazegoen ere. Eta etxe batera gidatua izan zen; etxe hura ez zen batere nabarmena; bere etxea bezalakoa zen. Are gehiago: ate nagusian koloretako beirateak zeuden, bere etxekoen antzekoak. Bazitekeen han ere, garai batean, haginlari batek lan egina izatea. Castleren aurretik zihoan gizon argala lipar batez gelditu zen gutxi gora-behera bilar-mahai baten neurria zuen lorategi batera ematen zuen burdinazko ate baten ondoan, eta gero, aurrera egin zuen. Hiru txirrin zeuden atean, baina batek bakarrik zeukan txartel identifikatzailea; eguraldiaren eraginez, erabat higatuta zegoen, eta «-ition Limited» amaiera zuen idazki ulergaitz bat ikus zitekeen bertan. Castlek txirrina jo zuen; horrekin batera, ikusi zuen bere gidariak Elm View zeharkatua zuela eta pareko espaloitik zihoala, kontrako norabidean. Etxearen ingurura heltzerakoan, zapi bat mahukatik atera eta zintz egin zuen. Menturaz, horixe zen aldez aurretik hitzartutako seinalea, dena ondo zihoala adierazteko. Berehala entzun zuen urrats batzuek barruko eskaileretatik behera egiterakoan sortzen zuten karraska. Castlek bere buruari galdetu zion «haiek» neurririk hartu ote zuten bera babesteko (beharbada norbait atzetik ibiliko zitzaion eta), edota Castlek berak egin zezakeen traizio batetik euren burua babesteko... edo bietarako, jakina. Ez zion axola: zinta garraiatzailean zegoen.

        Atea ireki zen eta ikustea espero ez zuen aurpegi ezagun bat agertu zitzaion: begi urdin distiratsuak, ongi etorria adierazten zuen irribarre zabal baten gainean, orbain txiki bat ezkerreko masailaren gainean. Castlek bazekien orbain hura txikitan Varsovian jasotako zauri baten aztarna zela, hiri hura Hitlerren eskuetan erori zenekoa.

        — Boris! —deiadar egin zuen Castlek—. Uste nian ez hindudala berriro ikusiko.

        — Pozten nauk hi ikusteaz, Maurice.

        «Arraroa da», pentsatu zuen. Sarah eta Boris beste inor ez zegoen munduan Maurice deitzen zionik. Bere ama amultsu zegoenean, «maitea» zen berarentzat, ez gehiago. Bulegoan abizenen eta inizialen artean bizi zen. Segituan eroso sentitu zen etxe hartan, hara estreinakoz azaltzen bazen ere: etxe zahar hura oso hondatuta zegoen, eta alfonbra higatu bat ikus zitekeen eskaileran. Arrazoi arraroren bat zela eta, bere aita etorri zitzaion burura. Ausaz, txikitan bere aitari lagunduko zion horrelako etxeren batera, pazienteren bat ikustera.

        Lehenengo eskailburura iritsita, Borisi jarraitu zion karratu-itxurako gela txiki bateraino; idazmahai bat, bi aulki eta zilindro batzuen gainean ezarrita zegoen lamina handi bat ikus zitezkeen bertan. Laminan, familia handi bat ageri zen lorategi batean jaten, denetariko janari gozoez mukuru beteta zegoen mahai baten aurrean. Bazirudien plater guztiak batera mahaira eramanak izan zirela: sagar-tarta, txahalaren hanka erre bat, izokin bat eta sagarrez beteriko plater bat, zopontzi baten alboan. Ur-txarro bat zegoen, botila bat ardo eta kafeontzi bat. Apal batean hiztegi batzuk ezarrita zeuden, eta puntero bat arbelean bermatuta, non ere artean irakur baitzitekeen Castlek identifikatu ezin izan zuen hizkuntza bateko hitz bat, erdi ezabatua.

        — Hire azken informazioaren ondoren erabaki zitean ni hona bidaltzea —esan zuen Borisek—. Mullerri buruzko informearen ondoren. Asko pozten nauk horretaz. Ingalaterra askoz ere gehiago gustatzen zaidak Frantzia baino. Nola moldatu hintzen Ivanekin?

        — Oso ondo, baina ez zuan gauza bera —Castlek zigarro-pakete bat bilatu zuen bere poltsikoetan, baina ez zuen aurkitu —. Badakik nolakoak diren errusiarrak. Iruditzen zitzaidaan Ivan ez zela nitaz fidatzen. Gainera, berak beti eskatzen zian nik agindua nizuena baino gehiago. Are gehiago, ni beste sail batera alda nendin nahi zian.

        — Marlboro erretzen duk, ezta? —Borisek pakete bat eskaini zion. Castlek zigarro bat hartu zuen eta hau esan:

        — Boris, hemen hengoen bitartean, ba al hekien Carson hilda zegoela?

        — Ez. Ez nekian. Duela aste batzuk jakin nian. Xehetasun guztiak ere ez zakizkiat oraindik.

        — Kartzelan hil zuan. Pneumoniak jota. Hala ziotek behintzat. Ivan, seguru asko, jakinaren gainean egongo zuan; baina itxaron zitean Cornelius Mullerren ahotik jakin nuen arte.

        — Horrenbeste harritu hinduen ala? Egoera kontuan izanda, esan nahi diat. Behin atxilotuz gero... sekula ere ez zagok itxaropen handirik.

        — Bazakiat, eta hala ere, beti uste izan dut egunen batean berriro ikusiko nuela... Leku segururen batean, Hegoafrikatik urrun... nire etxean beharbada, eta orduan eskerrak emango nizkioan Sarah salbatu zuelako. Hil egin duk ordea, eta nik ez diat aukerarik izan neure esker ona adierazteko.

        — Gugatik egin duan guztia eskerrak emateko modu bat duk, nolabait. Carsonek ulertuko zian. Ez duk nahigabetu behar.

        — Hala uste duk benetan? Arrazoiak ez ditik atsekabeak arintzen. Atsekabetuta egotea maiteminduta egotea bezalatsu duk: bietan ere arrazoia sobera zagok.

        Halako higuin-sentsazio bat zuela, hau etorri zitzaion burura: «Egoera honek ez dik zentzurik. Ez diat inor munduan ezertaz hitz egiteko, Boris hau izan ezik, neronek ere haren benetako izena ez dakidan arren...» Ezin zuen Davisekin hitzik egin, bere bizitzaren erdia ezkutatzen zuelako, ezta Sarahrekin ere, hark ez zekielako Boris bazenik ere. Egun batean, Polana hotelean eman zuen gauaz ere hitz egin zion Borisi, Sami buruzko egia jakin zuenean. Apaiz batek katolikoekin egiten duen lana bezalakoa da «lokarri» batena, gutxi gora-behera: edozeinen aitorpena entzutea, inola ere hunkitu gabe.

        — «Lokarria» aldatu zidatean, Ivanek hire lekua bete zian; bakar-bakarrik sentitu ninduan orduan. Harekin ezin izan nian behin ere ezertaz hitzik egin, lanaz ez bazen.

        — Benetan sentitzen diat nik alde egin behar izana. Horretaz luze eztabaidatu nian haiekin. Nire esku zegoen guztia egin nian hemen geratzeko. Hala ere, hik ondotxo dakik gauzak nola egiten diren hire Etxean. Gurean beste hainbeste gertatzen duk. Gu denok korpartimentu isolatuetan bizi gaituk, eta guk ez diagu erabakirik hartzen.

        Zenbat aldiz entzuna zuen Castlek konparazio bera bere bulegoan! Bi aldeetan klitxe berberak erabiltzen ziren.

        — Liburua aldatzeko tenorea iritsi duk —esan zuen Castlek.

        — Bai. Hori al da dena? Larrialdi-seinalea bidali higun telefonoz. Berritasun gehiagorik Porton-i buruz?

        — Ez. Ez diat gehiegi sinesten kontu horretan.

        Aulki ezeroso banatan zeuden eserita, idazmahaiaren inguruan, irakaslea eta ikaslea bailiran. Kasu honetan, ordea, ikaslea irakaslea baino askoz zaharragoa zen. Beno, pentsatu zuen Castlek, batzuetan konfesalekuan gizon zahar batek bere bekatuak esaten dizkio adinez bere semea izan daitekeen apaiz bati. Ivanekin izan zituen elkarrizketa bakanetan solasa beti laburra izaten zen: informazioa beti elkarren artean trukatzen zuten, baita galderak egin ere; dena, horratik, erabat objetiboa zen. Borisekin lasaiago egon zitekeen.

        — Frantziako egonaldiak lagundu al dik lanean gora egiten? —beste zigarro bat hartu zuen.

        — Ez zakiat. Auskalo. Balitekek hona bueltatu izana bultzada bat izatea. Beharbada, oso aintzat hartuko zitean hire azken informea, eta haien ustez, ni Ivan baino egokiagoa nauk gai hau aurrera eramateko. Edo beste konpromisoren bat ote zuen Ivanek? Hik ez duk Porton-go kontu horretan sinesten, baina ba al daukak benetako frogarik hire jendeak filtrazio baten susmoa duela esateko?

        — Ez. Baina gurea bezalako joko batean, denok hasten gaituk geure senaz fidatzen, eta begi-bistakoa duk ohiko inspekzio bat egin dutela sail osoan.

        — Oraintxe esan duk, ohikoa.

        — Bai. Balitekek ohikoa izatea. Neurri handi batean, ezer ezkutatu gabe egiten ditek; nik uste diat, ordea, hori baino zerbait gehiago dagoela atzean. Nire iritzirako, Davisen telefonoa hartuta zagok, eta balitekek nirea ere hartuta egotea, baina ez diat uste. Dena den, hobe diagu nire etxera bidalitako dei-seinale horiek bertan behera uztea. Irakurrita daukak Mullerren bisitaldiari eta Osaba Remus operazioari buruz egin nuen txostena. Espero diat hire aldean gertatzen diren filtrazioak beste modu batez bideratzea. Susmatzen diat beharbada une honetantxe pasatu nahi didatela bilete markatu bat.

        — Ez duk beldurtu behar. Oso zuhurrak izan gaituk txosten horrekin, baina, nire aburuz, Mullerren misioa ez duk hik bilete markatua deitzen duan hori. Balitekek Porton-ena hala izatea, baina ez Mullerrena. Washingtondik baieztatu zigutek kontu hori. Oso serio hartu diagu Osaba Remus, eta horretan buru-belarri sartuta behar haugu. Eraginik egin ziezaigukek Mediterraneoan, Pertsiako Golkoan, Indiako Ozeanoan. Baita Ozeano Barean ere. Epe luzean...

        — Niretzat ez zagok epe luzerik, Boris. Dagoeneko, jubilazio-adina gainditua diat.

        — Bazakiat.

        — Oraintxe erretiratu nahi diat.

        — Hori ez litzaigukek batere gustatuko. Datozen bi urteak garrantzi handikoak izan daitezkek guretzat.

        — Niretzat ere bai. Neure modura bizi nahi nizkikek.

        — Zertan baina?

        — Sarah eta Sam zaintzen. Zinera joaten. Bakean zahartzen. Zuentzat seguruago izango lukek beste bat bilatzea, Boris.

        — Zergatik?

        — Muller etorri zuan, eta nire mahaira eseri; gure janaritik jan eta Sarahrekin atsegina izan zuan. Jarrera zabala erakutsi zian denbora osoan. Sinestarazi nahi ziguan uste zuela kolore-hesirik ez zegoela. Gizon horrek nazka ematen zidak! BOSSek edo dena delako enpresa madarikatu horrek egiten duen guztia arbuigarria iruditzen zaidak. Carson hil zuten gizonak gorrotatzen ditiat; gainera, hilketa horri pneumonia deitu ziotean. Sarah atxilotzen saiatu zirelako gorrotatzen ditiat, eta Sam kartzelan jaio zitekeelako. Hobe zenukete gorrotorik ez duen norbait hartzea, Boris. Gorrotoak akatsak sortarazten ditik. Gorrotoa maitasuna bezain arriskutsua duk. Eta ni bi aldiz arriskutsua nauk, Boris, nik maitatu ere egiten dudalako. Maitasuna akatsa duk gure lanbidean.

        Borisek ulertu egiten zion, Castleren iritziz. Horrelako norbaitekin hitz egiteak eman ohi duen lasaitasuna sentitu zuen Castlek, hitzak neurtu gabe mintzatzeko aukera izan zuelako. Bazirudien begi urdin haiek mugarik gabeko laguntasuna eskaintzen ziotela. Irribarre hark atsedena hartzen laguntzen zion, sekretuaren zama une batez bazterrean utzita. Castlek esan zuen:

        — Osaba Remus azken tanta duk... Ezkutuan eta isilka Estatu Batuekin elkartu behar izatea ere, aparheideko kabroi horiei laguntzeko! Zuen krimenik okerrenak, Boris, iraganean kokatzen dituk beti, eta etorkizuna oraindik ez duk etorri. Ezin diat, papagai baten modura, hau errepikatzen jarraitu: «Ez ahaztu Praga! Ez ahaztu Budapest!...» Urteak dituk hori gertatu zela. Orainaz arduratu beharra zagok, eta oraina Osaba Remus duk. Belzkide egin ninduan Sarahz maitemindu nintzenean.

        — Orduan, zergatik uste duk arriskutsua haizela?

        — Zazpi urtez erakutsi dudan zuhurtasuna orain Mullerrengatik galtzen ari naizelako. Beharbada, C-k horrexegatik bidali zidaan Muller. Agian suntsitu egin nahi naik.

        — Pixka bat gehiago eusteko besterik ez diagu eskatzen. Noski, joko honen lehenengo urteak beti izaten dituk errazenak. Kontraesanak ez dituk hain begi-bistakoak izaten, eta artean sekretua gorde beharrak ez dik astirik izan pilatzeko, histeria edo emakumeen menopausia bihurtzeraino. Saia hadi gehiegi ez kezkatzen. Hartu Valium bat eta somnifero bat gauero. Gogoz makal bahago eta inorekin hitz egiteko gogoa badaukak, etorri ni ikustera, horrela arriskua txikiagoa izango duk eta.

        — Carsonekin nuen zorra kitatzeko behar adina egin diat jadanik, ezta?

        — Bai, jakina. Baina, oraindik ezin haugu galdu... Osaba Remus dela eta. Hik esan duanez, orain belzkidetu egin haiz.

        Anestesiaren ondoren bere senera itzultzen ariko balitz bezala sentitu zen Castle, ebakuntza ondo amaitu balitz bezala.

        — Sentitzen diat. Tontoarena egin diat —ez zuen zehatz-mehatz gogoratzen esan berri zuena—. Ateraidak whisky bat, Boris.

        Borisek idazmahaiko kaxoi bat ireki zuen, eta botila bat eta edalontzi bat atera.

        — Bazakiat J&B-a gustatzen zaiala —whisky askotxo zerbitzatu zion, eta Castlek zein azkar edan zuen begira geratu—. Ez al duk behar baino apur bat gehiago edaten azkenaldi honetan?

        — Bai, inork ez zekik, ordea. Nire etxean, besterik ez. Sarah ohartzen ari duk.

        — Zer moduz etxean?

        — Sarah telefono-deiekin kezkatuta zagok. Lapur mozorrodunak etortzen zaizkiok beti burura. Eta Samek amesgaiztoak ditik, laster batean eskolaurrean hasiko delako... haur zurientzako eskolaurre batean. Kezkatuta nagok ez baitakit zer izango litzatekeen haietaz, niri ezer gertatuz gero. Azkenean beti zerbait gertatzen duk, ezta?

        — Hori gure kontu. Agintzen diat. Hire ihesa kontu handiz pentsatuta zagok. Larrialdiren bat gertatuz gero...

        — Nire ihesa? Eta Sarah? Eta Sam?

        — Geroago alde egingo ditek. Gutaz fida haiteke, Maurice. Zaindu egingo ditiagu. Guk ere bazakiagu geure esker ona agertzen. Ez ahaztu Blakeren kasua. Guk geureak babesten ditiagu —Boris leihora gerturatu zen—. Bidea libre zagok. Heure bulegora joan beharko huke. Nire lehenengo ikaslea ordu laurden barru etorriko duk.

        — Zein hizkuntza irakasten diok?

        — Ingelesa. Ez ezak nitaz barrerik egin.

        — Hire ingelesak ia ez dik akatsik batere.

        — Gaurko nire lehen ikaslea poloniarra duk, neu bezala. Horrek gugandik ihes egin zian, ez alemaniarrengandik. Gustatzen zaidak. Marxen etsai amorratua duk. A, irribarrez ari haiz! Horrela hobeto. Berriro ez zaizkik hainbeste kezka pilatu behar heure baitan.

        — Bulegoko inspekzio hori duk. Hori dela eta, Davis ere kikiltzen ari duk. Eta bera errugabea duk.

        — Ez hadi estutu. Sua desbideratzeko modua aurkitu diat, nik uste.

        — Saiatuko nauk ez estutzen.

        — Hemendik aurrera hirugarren mezutegira pasatuko gaituk, eta gauzak korapilatuz gero, egiguk lehenbailehen seinalea. Hiri laguntzeko besterik ez nagok hemen. Nitaz fidatzen al haiz?

        — Bai noski, hitaz fidatzen nauk. Nahi nikek, ordea, hire jendea ere nitaz fidatuko balitz. Komunikaziobide izugarri geldoa eta zaharra duk liburu bidezko kodea. Eta badakik zeinen arriskutsua den.

        — Kontua ez duk ez garela hitaz fidatzen; hire segurtasunagatik egiten diagu, besterik ez. Edozein momentutan araka zezaketek hire etxea ohiko inspekzio batean. Hasiera batean, mikropuntu-ekipo bat eman nahi ziaten... baina nik ez nian onartu. Ez al du horrek hire jakinmina asetzen?

        — Oraindik zerbait gehiago zagok.

        — Zer duk?

        — Ezinezkoa den zerbait nahi nikek: gezurrak beharrezkoak ez izatea. Baita biok alde berean elkarrekin lanean aritzea ere.

        — Biok?

        — Hi eta biok.

        — Nola? Elkarrekin ari gaituk eta!

        — Bai, kasu honetan... Eta oraingoz. Ba al hekien Ivan behin saiatu zela ni erosten?

        — A, ze babalorea! Oker ez banago, horrexegatik berriro bidali ninditean hona ni.

        — Hi eta bion artean dena argi egon duk beti. Nik eman diat behar duan informazio guztia nire sailari buruz. Ez diat inoiz esan hire ideologiarekin bat natorrenik... ni ez nauk sekula komunista izango.

        — Jakina, beti ulertu diagu hire ikuspegia. Afrikarako behar haugu soilik.

        — Baina, neronek izan behar diat informatzen dudanaren epaile bakarra. Hirekin borrokatuko nauk Afrikan, ez Europan.

        — Osaba Remusi buruz lor ditzakean argibide guztiak nahi ditiagu; horixe duk eskatzen dugun guztia.

        — Ivanek gehiegi nahi zian. Mehatxatu egin nindian.

        — Dagoeneko Ivan ez zagok hemen. Ahaztu ezak.

        — Ni gabe hobeto moldatuko zarete.

        — Ez, Muller eta bere lagunak hobeto moldatuko lituzkek —ondorioztatu zuen Borisek.

        Maniako depresibo baten modura, Castlek beste krisi bat pairatu zuen; gero, amorru amaigabea baretu egin zen, eta inoiz baino lasaiago sentitu zen.

 

 

2

 

        Traveller's-en txanda zen. Sir John Hargreaves, batzordeko partaidea baitzen, bere etxean bezala sentitzen zen han, Reform-en gertatu ohi zitzaionaren kontrara. Elkarrekin bazkaldu zuten azken egunean baino askoz hotz handiagoa egiten zuen eta ez zuen arrazoirik batere ikusten parkera solas egitera joateko.

        — A! Badakit zer darabilzun buruan, Emmanuel; baina, hemen denek ondoegi ezagutzen zaituzte —esan zion Percival doktoreari. Kafearekin batera, bakean utziko gaituzte. Badakite zure hizketagai bakarra arrantza dela. A, horretaz ari garela, zer iruditu zaizu amuarrain ketua?

        — Aukeran lehorra —kexatu zen Percival—, Reform-ekoekin alderatuz gero.

        — Eta roastbeef-a?

        — Ez al zaizu iruditu gehitxo erreta zegoela?

        — Zu ez zara sekula gustura geratzen, Emmanuel. Pururik?

        — Benetako habanoa bada...

        — Jakina.

        — Ez dakit Washingtonen lortuko ote dituzun.

        — Ez dut uste distentsioa puruetaraino iritsia denik. Nolanahi ere, laser izpiei buruzko kontuak lehentasuna du. Hau da hau jokoa, Emmanuel! Batzuetan, Afrikara itzuli nahi nuke.

        — Ai ene! Non ote dago gure Afrika zaharra?

        — Arrazoia duzu. Gure Afrika zaharra.

        — Betiko hil zen.

        — Ez nago horren ziur. Beharbada Afrika ez beste guztia suntsituko bagenu, bideak desagertuko lirateke landaretzaren azpian eta luxuzko hotel handi guztiak bertan behera eroriko lirateke eta basoak itzuliko, baita tribuetako buruzagiak, intxixuak... Oraindik ere euri-eragile bat dago Transvaal-en iparrekialdean.

        — Hori ere esango al duzu Washingtonen?

        — Ez. Baina, gogorik gabe hitz egingo dut Osaba Remusi buruz.

        — Haren kontra al zaude?

        — Estatu Batuak, Hegoafrika eta geu... aliatu bateraezinak gara. Baina planak aurrera egingo du, Pentagonoak gerra-jokoekin aritu nahi duelako, orain esku artean benetako gerrarik ez duenez gero. Castleri Mr. Mullerrekin jokatzeko ardura emango diot. A, horretaz ari garela, Muller Bonnera joan da. Espero dut Mendebaldeko Alemaniak jokoan parte ez hartzea.

        — Zenbat denbora emango duzu kanpoan?

        — Ez dut uste hamar egun baino gehiago izango direnik. Ez dut atsegin Washintongo giroa... hitzaren adierarik zabalenean —atsegina isladatzen zuen irribarre bat eginda, errauts-puska polit bat erortzen utzi zuen bere purutik—. Castro jaunaren habanoak ez dira ez Batista sarjentuarenak baino txarragoak.

        — Nahi nuke, bai, zuk orain joan beharrik ez izatea, John; gainera, noiz eta arrain bat amuan atzeman dugunean.

        — Erabat sinetsita nago ibai-ertzera eramateko gauza izango zarela, nire laguntzarik gabe. Eta agian, bota zahar bat besterik ez da.

        — Ez dut uste. Erraz igartzen da noiz den bota zaharra eta noiz arraina.

        — Zure eskuetan uzten dut konfiantza osoz, Emmanuel. Eta Daintryrenetan ere bai, noski.

        — Eta bat etorriko ez bagina?

        — Horrela bada, zerorrek hartu beharko duzu erabakia. Nire ordezkaria izango zara gai honetan. Baina, Jainkoaren izenean, Emmanuel, ez ibili lasterregi.

        — Nire Jaguarrean baino ez naiz laster ibiltzen, John. Arrantzan ari naizenean, ordea, egonarri amaigabea izan ohi dut.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia