Laugarren atala

 

 

1

 

        Hilean behin, bere jai-egunean, Sarah eta Sam ibilaldi bat egitera eramateko ohitura zuen Castlek, East Sussex-eko zelai hareatsuetako pinuen artetik, bere ama ikustearren. Inork ez zion sekula bainarik ipini bisitaldi hari, baina Castlek zalantzan zuen bere amak benetan gogoko ote zuen ikustaldi hura, nahiz eta aitortzekoa izan emakume gajoak ahal zuen guztia egiten zuela haiei atsegin egiteko —oso berea zuen ikuspegitik adeitsua izatekotan—. Beti bezala, Samek bainilazko ohiko izozkia zain zeukan hozkailuan —berak txokolatezkoa nahiago bazuen ere—, eta Castleren amak taxia eskatu ohi zuen haien bila joan zedin, etxetik geltokira zortziehun metro besterik ez egon arren. Ingalaterrara itzuli zenetik, Castlek ez zuen behin ere kotxerik izan; iruditzen zitzaion bere amak uste zuela bera, bere semea, porrot eginda zegoela, dirurik gabe. Sarahri zegokionez, behinola esan zion nola sentitzen zen horrelako bisitaldietan: apartheidaren kontrako aire libreko ekitaldi batean parte hartzen duen gonbidatu beltz baten modura, eta ez zen oso gustura sentitzen, arreta gehiegi eskaintzen ziotelako.

        Buller zen urduritasuna pizten zuen beste eragile bat. Castlek jada amore emana zuen: ez zuen gehiagotan esango Buller etxean utzi behar zenik. Sarah ziur zegoen mozorrodun batzuek Buller berehala hilko luketela, euren babesik izango ez balu, nahiz eta Castlek gogoratzen zion Buller erosi zutela haiek babesteko eta ez babestua izateko. Azkenean, errazago izaten zen amore ematea, bere amak txakurrak biziki arbuiatzen zituelako, eta batez ere, birmaniar katu bat zeukalako. Izan ere, Bullerrek ezin zuen burutik kendu katu hura akatzea. Txakurra iritsi aurretik, katua giltzapean itxi behar izaten zuten Mrs. Castleren logelan. Eta katuaren jabeak gizakirik gabeko erbestealdi hits hari buruzko aipamenik noizik behin egiten zuen, egunean zehar. Behinola Buller erne aurkitu zuen, hankak zabal-zabalik logelako atearen aurrean, bere aukeraren zain eta arnasestuka, Shakespeareren tragedia bateko hiltzailearen gisara. Gerora, Mrs. Castlek gaitzespen-hitzez beteriko gutun bat idatzi zion Sarahri, gora-behera haien kariaz. Agidanez, katua astebete baino gehiago ibili zen guztiz urduri. Ez zuen bere Friskies errazioa onartzen, eta esnea zen bere elikagai bakarra: halako gose-greba bat zen.

        Gogo-erorialdi beltz bat ia beti nagusitzen zen familiakideen guztien baitan, etxe eduardinora zihoan ereinotzez itzaleztatutako etorbidean kotxea sartu bezain laster; bi isurialdeko teilatudun etxe hura haren aitak erosi zuen bere jubilazio-garaiaz gozatzearren, golf-zelai batetik hurbil zegoelako (handik lasterrera, bihotzekoak eman zion, eta ezin izan zen klubera oinez hurbildu ere egin).

        Mrs. Castle ia beti eskalinataren goialdean egoten zen itxaroten. Gona zahar bat eta lepo altuko jantzi bat zeramatzan soinean, orkatila fin eta polit batzuk agerian zituela. Alejandra erreginarena zirudien jantzi-lepo hark, urteek ekarritako zimurren estaltzaile. Bere gogo eroria agerian ez uzteko, Castle alai agertzen zen, eta inolako naturaltasunik gabe agur egiten zion bere amari besarkada grinatsu bat emanez, hark gogo handirik gabe onartzen zuen besarkada: erabat sinetsita zegoen oso nabarmenki erakutsitako sentimendu guztiek faltsuak izan behar zutela. Enbaxadore edo kolonietako gobernadore batekin ezkondu beharko zuen, eta ez herri bateko sendagile batekin.

        — Itxura ezin hobea duzu, ama —esan zuen Castlek.

        — Nire adinerako, ondo sentitzen naiz —laurogeita bost urte zituen. Bere aurpegi zuri-zuria eta izpiliku fin-usainekoa eskaini zion Sarahri, musu bat eman ziezaion—. Espero dut Sam erabat sendatuta egotea.

        — Bai, sekula ez da egon orain bezain ondo.

        — Berrogeialditik atera al da?

        — Bai, noski.

        Lasaiago, Mrs. Castlek haurrari eskaini zion berari musu arin bat emateko probilegioa.

        — Oker ez banago, laster hasiko zara eskolaurrean, ezta? —Samek baietz— Gustatuko zaizu beste mutil batzuekin jolas egitea. Buller non dago?

        — Goian. Tinker Bellen bila joan da —erantzun zuen Samek, bere poza ezkutatu gabe.

        Bazkaldu eta gero, Sarahk Sam eta Buller lorategira eraman zituen, Castle bere amarekin une batez bakarrik uzteko. Horixe zen hilabetero errepikatzen zen ohitura zaharra. Sarahk asmo onez egiten zuen hura, baina Castleri iruditzen zitzaion bere ama poztu egiten zela bakarka egiten zuten solasaldi hura amaitzen zenean. Isilune luze bat beti gertatzen zen haien artean, Mrs. Castlek berriro kafe kikarak betetzen zituen bitartean. Jakin bazekiten, ordea, bi kafe haiek ez zituztela ahogozatuko. Berehala ekiten zioten Mrs. Castlek aurrez prestaturiko gairen bati, bere semeak ondotxo zekienez, tarte ezeroso hura hobeto eramatearren.

        — Aurreko astean hegazkin-istripu ikaragarri bat gertatu zen —Mrs. Castlek azukrea kikaratxoetan paratu zuen: azukre-kozkor bat beretzat eta bi Castlerentzat.

        — Bai. Izugarria izan zen. Izugarria —saiatu zen gogoratzen zein konpainiatakoa zen hegazkina eta non...TWAkoa? Kalkutan?

        — Ezin izan nuen burutik kendu zer gertatuko zitzaion Sami, Sarah eta zu bertan egokitu izan bazinate.

        Castlek dena gogora ekarri zuen, honela erantzuteko tenorean:

        — Bai, ama, hori Bangladesh-en gertatu zen. Zertarako demontre hartu behar genuen guk...?

        — Zu Foreign Officen zaude. Noranahi bidal zaitzakete.

        — Ez, ezin dute horrelakorik egin. Londresko nire idazmahaiari kateatuta nago, ama. Nolanahi ere, zuk ondotxo dakizu zu izendatu zaitugula Samen tutore, guri ezer gertatzekotan.

        — Laurogeita hamar urtetik hurbil dagoen amona bat naiz.

        — Laurogeita bost, ama.

        — Astero egunkarietan irakurtzen dut andre zahar asko hiltzen direla autobus-istripuetan...

        — Zuk ez duzu behin ere bidaiarik egiten autobusez.

        — Autobusik ez hartzea ez da zergatik lege bihurtu.

        — Erabat ziur egon zaitez zuri inoiz ezer gertatuz gero, konfiantzazko beste pertsona bat izendatuko dugula.

        — Baliteke beranduegi izatea. Prest egon behar dugu istripuak batera gertatzen badira ere. Eta Samen kasuan... Beno, arazo bereziak daude.

        — Oker ez banago, bere koloreaz ari zara.

        — Ezin duzu Garagabeen Babeserako Auzitegira eraman. Hango epaile asko, zure aitak beti esaten zuenez, arrazistak dira. Gainera, inoiz pentsatu al duzu, maitea, denok hilko bagina, agian... kanpokoren batek... haurra eska lezakeela?

        — Sarahk ez dauka gurasorik.

        — Zuk uzten duzuna, gutxi izanda ere, okerrean aberastasuntzat jo dezake... kanpokoren batek, esan nahi dut. Batera hilez gero, uste da zaharrena lehenago hiltzen dela, hori esan didate behintzat. Orduan, nire dirua zurearekin batuko litzateke. Sarahk senideren bat izan behar du zera eska lezakeena...

        — Ama, zure hitzetan ere ez al dago halako arrazakeria-puntturen bat?

        — Ez, maitea. Ni ez naiz batere arrazista, baina bai, beharbada, pentsaera zaharrekoa naiz, eta gure herria oso maite dut. Sam ingelesa da jaiotzez, inork ezin dio hori ukatu.

        — Pentsatuko dut, ama — adierazpen horrek amaiera jarri ohi zien kasik eztabaida guztiei; baina ez zen behin ere sobera egoten gaia desbideratzen saiatzea—. Nirekiko pentsatu dut ea erretiratu behar ote dudan.

        — Zuk lan egiten duzun lekuan ez dute pentsio onik ematen, ezta?

        — Zerbait aurreztu dugu. Oso bizimodu apala daramagu.

        — Zenbat eta gehiago aurreztu duzun, orduan eta arrazoi gehiago daude zuk ordezko tutore bat bilatzeko... badaezpada, besterik ez bada ere. Uste dut zure aita zena bezain liberala naizela ni, baina Sam Hegoafrikara indarrez eramango balute, ezin izango nuke berriro ikusi.

        — Era berean, hilda bazeunde, ez zenuke ikusiko, ama.

        — Ez nago hain ziur horretaz, maitea. Ni fededuna naiz.

        Orduko hura inoizko bisitaldirik neketsuenetariko bat gertatzen ari zen, eta Castle, azkenean, Bullerri esker salbatu zen: txakurrak helburu argi bat buruan zuela etorri zen lorategitik, eta eskaileretatik gora egin Tinker Bellen bila, zeina logelan ezkutaturik baitzegoen.

        — Behintzat, espero dut nik Bullerren tutorea izan behar ez izatea —esan zuen Mrs. Castlek.

        — Hori bai agintzen dizudala, ama. Eman dezagun bi istripu batera gertatzen direla: bata Bangladeshen, eta bestea Sussex-en. Bigarrenean, Amonen Sindikatuaren autobusa kaltetuta gertatzen da. Kasu horretarako, agindu zehatzak utzi ditut Buller sakrifikatzeko... oinazerik eragin gabe, ahal den neurrian.

        — Nik ez nuen horrelako txakurrik aukeratuko nire bilobarentzat. Buller bezalako txakur zaindariek beti berealdiko ahalmena izaten dute koloreei antzemateko. Eta Sam mutiko urduria da. Zu bere modukoa zinen... kolorean izan ezik, jakina.

        — Ni haur urduria al nintzen?

        — Betidanik izan duzu eskerrak emateko gehiegizko isuria, xerarik ñimiñoena egiten dizutenean. Halako ziurtasunik eza isladatzen zuen sentimendu bat zen; baina ez dakit zergatik ez zinen ziur sentitzen zure aita eta biokin. Behinola eskolako norbaiti luma estilografiko eder bat oparitu zenion, txokolatez beteriko opil bat eman zizulako.

        — Beno ama, orain beti gogotik saiatzen naiz niri dagokidana jasotzen.

        — Ez dakit ba.

        — Eta dezente uko egin diot esker ona erakusteari —baina hori esaten ari zela Carson etorri zitzaion burura, kartzelan hila, eta baita Sarahk esan ziona ere; gero hau erantsi zuen:— Behintzat ez diot uzten esker onari ni urrunegi eramaten. Orain penny bateko opil bat baino gehiago eskatzen dut.

        — Zerbait dago zugan beti arraroa egiten zaidana. Sarah ezagutu zenuenetik, Mary ez duzu behin ere aipatu. Nik oso maite nuen. Poz handia hartuko nuen, berarekin seme edo alabaren bat izan bazenu.

        — Hildakoak ahazten saiatzen naiz—esan zuen; gezurra zen, ordea.

        Bere aurreko ezkonaldiaren hasierako denboretan Castlek jakin zuen bera antzua zela. Horrexegatik, ez zuten seme-alabarik izan. Baina oso zoriontsuak izan ziren. Bazirudien semea eta emaztea batera galdu zituela, lehergailu batek Maryren gorputza Oxford Street-en birrindu zuenean, Castle Lisboan bizirik eta onik kontaktu bat egiten ari zen bitartean. Ez zuen bere emaztea babesterik lortu, eta ez zen harekin batera hil. Horrexegatik, ez zuen sekula santan Maryz hitzik egiten. Ezta Sarahrekin ere.

 

 

2

 

        — Zure amak beti harrituta uzten nau —esan zuen Sarahk ohean, hiritik kanpo emana zuten eguna gogora ekartzen ari zirela—, Sam zure semea dela hain erraz onartzen duelako. Ez al du inoiz pentsatu haurra beltzegia dela bere aita zuria izateko?

        — Badirudi ez diela ñabardurei erreparatzen.

        — Mr. Mullerrek, ordea, bai. Lepoa egingo nuke baietz.

        Behean telefonoak jo zuen. Kasik gauerdia zen.

        — Arraioa! —oihu egin zuen Castlek—. Nor ote da ordu honetan? Berriro ere zure mozorrodunak?

        — Ez al duzu erantzun nahi?

        Telefono-hotsa eten egin zen.

        — Zure mozorrodunak badira, harrapatu ahal izango ditugu.

        Telefonoak bigarren aldiz jo zuen. Castlek erlojuari begiratu zion.

        — Erantzun, Jainkoaren izenean.

        — Seguru asko, okerreko zenbakia markatu dute.

        — Zuk hartzen ez baduzu, neronek hartuko dut.

        — Jantzi txabusina, hoztu egingo zara bestela.

        Sarah altxatu bezain laster, telefonoa isildu egin zen.

        — Seguru asko berriro joko du —esan zuen Sarahk—. Gogoan al duzu joan den hilean hiru aldiz jarraian deitu zutela goizeko ordu batean?

        Une hartan, ordea, telefonoak ez zuen berriro jo. Oihu bat entzun zen pasiloaren beste aldetik. Sarahk esan zuen:

        — Madarikatu alaenak!, Sam esnatu dute.

        — Neu joango naiz zer gertatzen den ikustera. Dardarka zaude. Itzuli ohera.

        — Lapurrak al ziren? —galdetu zuen Samek— Zergatik ez du Bullerrek zaunkarik egin?

        — Bullerrek bazekien zer egiten zuen. Ez ziren lapurrak, Sam. Lagun batek berandu deitu dit, besterik ez.

        — Mr. Muller al zen?

        — Ez. Hori ez da nire laguna. Telefonoak ez du berriro joko.

        — Nola dakizu baina?

        — Badakit, eta kitto.

        — Behin baino gehiagotan jo du.

        — Bai.

        — Baina ez duzu hartu. Nola dakizu ba, lagun bat zela?

        — Galdera gehiegi egiten duzu, Sam.

        — Seinale sekreturen bat al zen?

        — Sam, zuk sekreturik ba al daukazu?

        — Bai, pilo bat.

        — Kontaidazu baten bat.

        — Ez. Kontatuko banizu, ez litzateke sekretua izango.

        — Beno ba, nik ere neure sekretuak dauzkat.

        Sarah artean esna zegoen.

        — Dagoeneko lasai dago —esan zion Castlek—. Deitzen zutenak lapurrak zirela uste zuen.

        — Beharbada, hala ziren. Zer esan diozu?

        — Seinale sekretuak zirela.

        — Beti aurkitzen duzu moduren bat bera lasaitzeko. Maite duzu, ezta?

        — Bai.

        — Arraroa da. Ez dut ulertzen. Zure semea izatea nahi nuke benetan.

        — Ni ez naiz iritzi berekoa, badakizu.

        — Ez dut inoiz ulertu zergatik.

        — Askotan esan dizut. Aski dut goizero bizarra kentzerakoan ikusten dudanarekin.

        — Ikusten duzuna gizon on bat besterik ez da, laztana.

        — Nik ez nuke neure burua horrela deskribatuko.

        — Zure seme bat bizi-pizgarri bat izango litzateke niretzat, zu ez zaudenerako. Ez zara beti biziko.

        — Ez, Jainkoari eskerrak.

        Oharkabean sortu ziren hitz haiek Castleren ezpainetatik, eta deitoratu egin zuen halakorik esan izana. Sarahk erakusten zuen bihotz zabalak Castle urrunegi eramaten zuen. Ahaleginak ahalegin, Sarahri dena behingoz kontatzeko tentazioari nekez eusten zion. Batzuetan, Castlek Sarah zinikoki parekatzen zuen adeitsu jokatu eta zigarroa une egokian eskaintzen zuen trebetasun handiko galdekatzaile batekin.

        — Badakit kezkatuta zaudela —esan zuen Sarahk—. Jakin nahi nuke zergatik... baina ezin didazu esan, hori ere badakit. Beharbada, egunen batean..., askea zarenean... Hori inoiz gertatzen bada, Maurice —erantsi zuen goibel.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia