Hirugarren atala

 

 

1

 

        Castlek beste whisky bat prestatu zuen beretzat. Sarahk denbora luzea zeraman goian Samekin; bitartean Castle bakarrik zegoen, txirrinak noiz joko zain, zain... Burua noraezean zebilkion, eta gogoa Cornelius Mullerren bulegoan gutxienez hiru ordu laurden itxaron zuen aldi hartara aldatu zitzaion. Rand Daily Mail-en ale bat utzi zioten irakurtzeko. Arraroa zen egunkari hura han erostea, kontra egiten baitzien BOSSek, Mullerrek lan egiten zuen erakundeak, irmo defendatzen zituen gauzarik gehienei. Egun hartako alea irakurri zuen gosaldu bitartean, baina berriro irakurri zuen, orrialdez orrialde, denbora pasan egotea beste asmorik ez zuela. Erlojuari begiratzeko, burua altxatzen zuen bakoitzean topo egiten zuen bera zaintzeko txandakatzen ari bide ziren menpeko funtzionario bietarik baten begiradarekin. Bitartean, gizon haiek zurrun eserita zeuden euren idazmahaiaren atzealdean. Labana bat atera eta zainak ebakiko zituela igurikitzen al zuten? Tortura, ordea, esan zuen bere artean, Segurtasun Zerbitzuen esku gelditzen zen beti... edo berak hala uste zuen behintzat. Eta bere kasuan, azken batean, ez zien inongo zerbitzu baten torturei zertan beldur izanik: inmunitate diplomatikoak babestu egiten zuen; «torturaezinetako» bat zen. Inmunitate diplomatikoak, hargatik ere, ezin zuen Sarah babestu. Hegoafrikan emandako azken urtean behialako ikasgai bat jaso zuen: beldurra eta maitasuna bereiziezinak dira.

        Castlek whiskya amaitu zuen eta beste bat gertatu zuen beretzat, oraingoan txikiagoa. Kontuz ibili behar zuen. Sarahk eskaileraren goialdetik hitz egin zion:

        — Zertan ari zara, laztana?

        — Mr. Mullerren zain nago eta beste whisky bat edaten ari naiz —erantzun zuen.

        — Ez edan gehiegi, laztana.

        Erabakia zuten lehenengo Castlek Muller bakarka hartuko zuela. Inondik ere, Muller enbaxadaren kotxe batean helduko zen Londrestik. Akaso Mercedes beltz batean, Hegoafrikako garrantzi handiko funtzionarioek erabili ohi zituztenen moduko batean? «Gainditu lehenengo oztopoak —esan zion C-k— eta utzi gai serioak bulegorako. Errazagoa da zure etxean zuk informazio baliagarriren bati antzematea..., guk daukagunaz eta haiek ez daukatenaz ari naiz. Baina, Jainkoaren izenean, Castle, lasai ibili». Eta orduan, bere hirugarren whiskyak lagunduta, ahaleginak egiten zituen lasaitasunari eusteko, eta uneoro erne zegoen kotxe-hotsik txikiena ere ea noiz entzungo, edozein kotxerena izanda ere. Ordu hartan, ordea, kotxe gutxi zebilen King's Road-en: iritsi zaharrak ziren egunero trenez etxetik lanera eta lanetik etxera ibili ohi ziren auzokide guztiak.

        Beldurra eta maitasuna bereiziezinak badira, halakoxeak dira beldurra eta gorrotoa ere. Gorrotoa beldurraren erantzun automatikoa da, beldurrak umildu egiten du eta. Azkenean, Rand Daily Mail egunkaria bertan behera utzita, editorialaren laugarren irakurraldia eten ahal izan zuen (apartheidaren zekenkeriaren kontrako ohiko protesta alferreko bat); ordurako, erabat jabetuta zegoen bere txepelkeriaz. Hegoafrikan bizi izandako hiru urteek eta Sarah maitatzen eman zituen sei hilabeteek txepel bihurtua zuten, eta berak ondotxo zekien hori.

        Barruko bulegoan bi gizon zeuzkan zain: Mr. Muller Hegoafrikako basoetako zurik ederrenaz egindako idazmahai handi baten atzean eserita zegoen, eta mahai horren gainean xukapaper zuri bat, luma-euskarri oso distiratsu bat eta espediente bat besterik ez zegoen. Espedientea irekita zegoen inori gogoeta eragiteko moduan. Mullerrek berrogeita hamar urte inguru izanik, Castle baino apur bat gazteagoa zen, eta Castlek egoera normal batean erraz ahaztuko zuen haren aurpegia: eguzkitan lan egiten ez zuen gizon baten aurpegia zen, eta bankako enplegatu batena edo funtzionario gazte batena bezain laua eta zurbila; aurpegi hura inongo giza sineskerak edo erlijio-sineskerak torturatu gabea zen, aginduak jasotzeko eta azkar nahiz oztoporik jarri gabe betetzeko gertu zegoen aurpegia; hitz batean esanda, aurpegi konformista. Dudarik gabe, ez zen sadiko-aurpegia. Hitz horrek, ordea, bete-betean deskribatzen zituen beste gizonaren ezaugarriak: uniformea soinean, hankak ozarki ezarrita zeuzkan jarlekuaren beso baten gainean, bera beste edonoren mailakoa zela agertu nahi izango balu bezala. Bere aurpegiari dagokionez, ezin da esan eguzkia ezezaguna zuela: halako gorritasun izugarri bat zuen, gizaki arruntek jasan dezaketena baino askoz bero handiagoan luzeegi egon izan balitz bezala. Mullerren betaurrekoek urrezko armazoia zeukaten: urrezko armazoidun herrialdea zen hura.

        — Eser zaitez —esan zion Mullerrek Castleri.

        Zakarra ez emateko behar besteko adeitasunez ahoskatu zituen hitz haiek. Baina Castle eser zitekeen jarleku bakarra aulki gogor eta estu bat zen, eliza bateko aulkia bezain deserosoa; belaunikatzeko eskatu izan baliote, belaunak ezartzeko kuxinik ez zuen aurkituko zoru gogorraren gainean. Isilik eseri zen eta bi gizonak, aurpegi zurbila batetik eta gorria bestetik, Castleri beha geratu zitzaizkion ezer esan gabe. Castlek berekiko galdetu zuen zenbat iraungo ote zuen isilune hark. Espedientetik hartutako orri bat zeukan Cornelius Mullerrek bere aurrean. Geroxeago, zarata egiten hasi zen, orriaren gainean bere urrezko boligrafoaren puntaz joz, beti leku berean jo ere, iskilinba bat mailuz idazmahaian sartzen arituko balitz bezala. Takadaka aritze hark isiltasuna neurtzen zuen, erlojuaren tiki-takak bezala. Beste gizonak hankan hatz egiten zuen, galtzerdiaren gainetik. Eta horrenbestez, hauxe zen guztia: taka-taka-taka eta hatz-hatz-hatz.

        Azkenean, Mullerrek hitz egiteari ekin zion:

        — Pozten naiz zu etorri ahal izan zarelako, Mr. Castle.

        — Bai, ez da oso erraza izan; baina, nolanahi ere, hemen nago.

        — Zure enbaxadoreari idazteak sor zezakeen eskandalu premiagabea saihestu nahi genuen.

        Une hartan Castleri isilik egotea tokatu zitzaion, «eskandalu» hitzarekin zer esan nahi zuten ulertzen saiatzen ari zen bitartean.

        — Hau Van Donck kapitaina da. Bera izan da kontu honen berri eman diguna. Egokiago iruditu zitzaion geu arduratzea horretaz eta ez Segurtasun Zerbitzuak... Britainia Handiko enbaxadan betetzen duzun lekuagatik. Zure ibiliak luzaz zaindu dituzte, Mr. Castle; baina uste dut zu atxilotzeak ez lukeela inolako interes praktikorik: zure enbaxada inmunitate diplomatikoaz baliatuko litzateke. Noski, beti egongo ginateke hori epaile baten aurrean eztabaidatzeko moduan, eta horrela balitz, zeure herrialdera bidali beharko zintuzkete. Seguru asko, horrela amaituko litzateke zure karrera, ez al da egia?

        Castlek ez zuen erantzunik eman.

        — Zu ez zara batere zuhurra izan eta bai ordea ergel samarra —jarraitu zuen Cornelius Mullerrek—. Nik uste dut, hala ere, ergelkeria ez dela zigortu behar delitua balitz bezala. Van Donck kapitainak eta Segurtasun Zerbitzuek, ordea, beste ikuspuntu bat dute, perspektiba legalista bat. Eta beharbada zuzen daude. Berak nahiago izango luke zu atxilotu eta auzitegian salatu. Bere ustez, inmunitate diplomatikoa ez da behar bezala zabaltzen enbaxadako menpeko enplegatuen artean. Epaitegira jo nahi luke bere printzipioak direla eta.

        Jarleku gogorra mingarri egiten ari zen eta Castlek beste modu batez eseri nahi zuen, baina pentsatu zuen mugimendu hura ahulezia-seinaletzat jo zitekeela. Nola edo hala jakin nahi zuen zer zekiten benetan. Bere artean galdetzen zuen: «Nire agenteetariko zenbati egozten zitzaion deliturik?» Castle lotsatu egin zen berak nolabaiteko segurtasuna zuelako. Benetako gerra batean, ofizialak beti du bere gizonekin bizitza galtzeko aukera, bere buruarekiko begiruneari eusteko.

        — Hasi hitz egiten, Mr. Castle —agindu zion Van Donck kapitainak.

        Hankak aulkiaren besotik kendu zituen kulunkada bat eginez, eta Van Donck kapitainak altxatzeko keinua egin zuen, edo saiatu egin zen itxura hori ematen: seguru asko hantustekeria zen. Eskua ireki eta itxi egin zuen eta zigilu-eraztunean finkatu zuen begirada. Horren ondoren, hatz batez urrezko eraztunari distira ateratzen hasi zitzaion, ondo gantzututa izan behar zuen arma balitz bezala. Herrialde hartan ezin zen urrea saihestu. Hirien hautsean zegoen, artistek pintura bezala erabiltzen zuten; horrenbestez, ez litzateke harritzekoa izango poliziak urrea erabiliko balu inori kaskarreko bat emateko...

        — Zertaz hitz egin behar dut ba? —galdetu zuen Castlek.

        — Zu errepublika honetara datozen ingeles gehienen modukoa zara —esan zuen Mullerrek—. Afrikako beltzenganako halako begikotasun bat sentitzen duzu bat-batean. Guk ondo asko ulertzen ditugu zure sentimenduak, batez ere gu ere afrikarrak garela kontuan izanda. Hementxe bizi gara duela hirurehun urtetik hona. Bantuak etorri berriak dira, zuek bezala. Ez zait beharrezko iruditzen historiari buruzko ikasgairik zuri ematea. Lehenago esan dizudan bezala, zure ikuspuntua ulertzen dugu, ezjakintasun handia erakusten badu ere. Hunkiberatasunerantz badarama, hala ere, arriskutsu bilakatzen da, eta legea haustera iritsiz gero...

        — Zein lege?

        — Uste dut ondotxo dakizula zein legez ari naizen.

        — Egia da buruan dudala apartheidari buruzko azterlan bat egitea. Enbaxadak ez dit oztoporik ipini. Baina zentzuzko azterlan soziologikoa izango litzateke, erabat objetiboa... eta oraingoz nire buruan baino ez dago. Beraz, azterlan hori zentsuratzeko eskubidea urrun samar duzue oraindik. Dena den, nire iritzirako, ez da herrialde honetan argitaratuko.

        — Puta beltz batekin txortan egin nahi baduzu —eten zion ezinegonak jota Van Donck kapitainak—, zergatik ez zoaz Lesothoko edo Swazilandiako burdel batera? Oraindik zuen Commonwealth horren barruan daude.

        Castle lehenengo aldiz ohartu zen Sarah zela, eta ez bera, arriskuan zegoena.

        — Zaharregia naiz prostitutez arduratzeko —erantzun zuen.

        — Non egon zinen otsailaren lautik zazpira arteko gauetan? Eta otsailaren hogeita bateko arratsaldean?

        — Ondotxo dakizu zuk hori... edo hala uste duzu behintzat —esan zuen Castlek—. Nire zita-agenda bulegoan egongo da.

        Berrogeita zortzi ordu zeramatzan Sarah ikusi gabe. Van Donck kapitainaren moduko gizonen eskuetan egongo ote zen une hartan? Beldurra eta gorrotoa areagotu egin zitzaizkion bere baitan. Ahaztu zuen, teorian behintzat, diplomazialaria zela, menpeko enplegatua bazen ere.

        — Zer arraio esan nahi duzu? Eta zuk? —Cornelius Mullerri hitz egin zion—. Bai, zuk zergatik esan didazu etortzeko?

        Van Donck kapitaina gizon zakarra eta tolesgabea zen, eta zerbaitetan sinesten bazuen, zerbait hori erabat higuingarria zen. Barkatu ahal diren gizon horietako bat zen. Baina Castlek BOSSeko funtzionario adeitsu eta heziketa oneko hari ezin izango zion inoiz ezer barkatu. Haren modukoek, hau da, zertan ari ziren jakiteko behar besteko prestakuntza zuten gizonek, zeru-lurrak nahasi ahal zituzten. Burura etorri zitzaion bere lagun komunistak, Carsonek, sarritan esaten ziona: «Gure etsairik okerrenak ez dira ez ezjakinak ez tolesgabeak, horiek anker-ankerrak izanik ere, gizon argiak eta ustelak baizik».

        — Zuk ondotxo dakizu Arrazen arteko Harremanei buruzko Legea urratu duzula zure neska-laguntxo bantuarekin —esan zuen Mullerrek zentzuzko errieta egingo balio bezala mintzatzen zitzaiola, bankako enplegatu batek garrantzi gutxiko bezero bati ezin onartuzko saldo zordun bat erakusten dionean legez—. Ondotxo dakizu inmunitate diplomatikoagatik izango ez balitz, dagoeneko kartzelan zeundekeela.

        — Non ezkutatu zenuen? —presionatu zuen Van Donck kapitainak, eta Castlek sekulako lasaitasuna sentitu zuen.

        — Ezkutatu?

        Van Donck kapitaina zutik zegoen, eta urrezko eraztuna igurtzitzen ari zela, haren gainean listua bota eta guzti egin zuen.

        — Ongi dago, kapitain —esan zuen Mullerrek—. Neu arduratuko naiz Mr. Castlez. Ez dizut denbora gehiagorik lapurtuko. Eskerrik asko gure sailari emandako laguntzagatik. Bakarka hitz egin nahi dut Mr. Castlerekin.

        Atea itxi zenean Castle benetako etsaiarekin aurkitu zen aurrez aurre, Carsonek esango zuen bezala. Mullerrek berriro ekin zion:

        — Ez egin kasurik Van Donck kapitainari. Bera bezalakoek ez dute sudurretik aurrerago ikusten. Badira beste modu batzuk epaiketa baino arrazoizkoagoak kontu hau konpontzeko. Izan ere, epaiketak zu deuseztuko zintuzke eta guri ere ezer gutxi lagunduko liguke.

        — Kotxe baten motorea entzuten dut! —emakume-ahots batek errealitatera ekarri zuen.

        Sarah zen, eskaileraren goialdetik berriro hitz egiten zuela. Castle leihora hurreratu zen. Mercedes beltz bat King's Road-eko etxe banandugabe eta bereiziezinen artetik zihoan. Bistakoa zen kotxe horren gidaria zenbaki baten xerka zebilela; baina, ohi denez, farol batzuk hondatuta zeuden.

        — Mr. Muller da —erantzun zuen Castlek, eta bere whiskya pausatzerakoan ohartu zen eskua dardar batean zeukala, edalontziari indar gehiegiz oratu izanaren ondorioz.

        Txirrina entzuterakoan Buller zaunka hasi zen. Baina, atea ireki bezain laster, Bullerrek bere losintxa guztiak eskaini zizkion ezezagunari, zein ere zen, xerazko adurren aztarnak Cornelius Mullerren praketan utzi zituela.

        — Txakur ederra, bai, txakur ederra —azaldu zuen Mullerrek tentuz.

        Urteek aldaketa nabarmena eragin zioten Mullerri: orain ilea ia zuria zeukan eta bere aurpegia ez zen lehen bezain leuna. Dagoeneko ez zirudien galdera guztien erantzun egokiak beti jakiten dituen lehengo funtzionarioa. Zerbait gertatua zitzaion azken elkarrizketa izan zutenetik; gizakorragoa ematen zuen. Menturaz, bere lanean gora egitearekin batera, eta erantzukizun handiagoak zituenez, zalantzak eta erantzunik gabeko galderak sortu zitzaizkion.

        — Gabon, Mr. Castle, sentitzen dut hain berandu etorri izana. Trafiko handia zebilen Watford-en... Uste dut leku horrek Watford zuela izena.

        Orain, okerrean, gizon herabetitzat har zitekeen, edo agian bere bulegoaren eremu ezagunetik kanpo galduta sentitzen zen: izan ere, bai zur ederrez egindako idazmahaia bai kategoria beheragoko bi lankideak -aldameneko bulegoan lan egiten zuten- oso urrun zeuden handik. Mercedes beltza urrundu egin zen, txoferrak ere afaria zuen buruan. Muller bakarrik zegoen herri ezezagun batean, lur ezezagun batean, non gutunontzietan erreginaren inizialak (E II) ageri baitziren eta Krugerren estatuarik ez baitzegoen azoketan. Castlek bi whisky prestatu zituen.

        — Urteak joan dira azkenekoz elkar ikusi genuenetik —esan zuen Mullerrek elkarrizketari hasiera emanez.

        — Zazpi edo?

        — Benetan eskertzen dizut ni zure etxera afaltzera gonbidatu izana.

        — C-k uste izan zuen horixe zela onena izotza apurtzeko. Badirudi lan-harreman estu-estua izango dugula Osaba Remusen. Mullerren begiak telefonotik mahaiko lanparara joan ziren eta mahaiko lanparatik lorontzira.

        — Ez zaitez arduratu. Ez dago mikrofonorik. Hemen norbaitek entzungo baligu, nire jendea izango litzateke —argitu zuen Castlek—, eta ia-ia ziur nago ez direla horrelakorik egiten ari —edalontzia altxatu zuen—. Topa dagigun elkarrekin izan ginen azken aldiaren alde. Gogoratzen al zara orduan iradoki zenuela nik zuentzat lan egin nezakeela? Beno, hementxe naukazu. Elkarrekin ari gara lanean. Historiaren ironia ala predestinazioa? Holandako Elizak, zu jarraitzaile zaituenak, horretan sinesten du.

        — Begi-bistakoa da garai haietan nik ez nuela ideiarik batere zure benetako egoeraz —azaldu zuen Mullerrek—. Jakin izan banu, ez zintuzkedan mehatxatuko zoritxarreko neska bantu harengatik. Orain konturatzen naiz zure agenteetariko bat besterik ez zela, eta biok ere erabil genezakeen. Baina, zuk dakizunez, apartheidaren kontrako gizon altruista eta sentimental horietako bat zinela uste izan nuen. Zure nagusiak izugarrizko ezustekoa eman zidan zuregana jo behar nuela esan zidanean, Osaba Remusen inguruko kontuaz aritzekotan. Espero dut zuk ni begitan hartuta ez izatea. Azken batean, zu eta biok profesionalak gara eta orain elkarrekin ari gara lanean.

        — Bai, hala ematen du.

        — Eskertuko nizuke, hala ere, kontatuko bazenit... azken finean, orain ez du garrantzirik... nola lagundu zenion neska bantu hari ihes egiten. Swazilandiatik izan al zen?

        — Bai.

        — Nik uste nuen muga hura ondo kontrolatuta geneukala... gerrilletan benetako adituak ez direnentzat izan ezik... Sekula ez zitzaidan burura etorri zu aditua izango zinenik. Ohartu nintzen kontaktu komunista batzuk zeneuzkala, baina pentsatu nuen apartheidari buruz inoiz argitaratu ez zen libururako beharko zenituela. Ni erabat engainatu ninduzun eta Van Donck ere bai, noski. Gogoratzen al zara Van Donck kapitainaz?

        — Bai, oso ondo gogoratzen naiz.

        — Segurtasun Zerbitzuei eskatu behar izan nien Van Donck lan-kategoriaz jaisteko, zurekin izandako gora-beheraren ondoren. Oso baldarra izan zen. Ziur nago neska kartzelan sartu bagenu zuk onartuko zenuela guretzat lan egitea, baina Van Donckek bere eskuetatik ihes egiten utzi zion. Ez egin barrerik... Ni erabat sinetsita nengoen amodiozko istorio bat zela. Ingeles asko ezagutu ditut, hasieran apartheidaren aurka erasotzeko asmoa izan arren, neska bantu baten ohean amaitu dutenak. Bidezkoa iruditzen ez zaien legea urratzeko ideia erromantikoa izter beltz pare bat bezain erakargarri egiten zaie. Ez nuen inola ere imajinatu neska hura, Sarah Mankosi izena zuela uste dut, MI6-ko agentea izango zenik.

        — Berak ere ez zekien. Nire liburuan beste ezertan ez zuen sinesten. Beste whisky bat?

        — Bai, eskerrik asko —Castlek bi baso goraino bete zituen, alkoholaren eragina Mullerrek baino hobeto eramango zuelakoan—. Informazio guztien arabera, oso neska argia zen. Haren aurrekariak sakonki aztertu genituen. Transvaal-go Afrikar Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han Osaba Tomen irakasleek beti ikasle arriskutsuak sortzen dituzte. Ni ohartu naiz, hala ere, afrikarrak zenbat eta argiagoak izan, orduan eta menperagarriagoak direla... zentzu batean edo bestean. Neska hori hilabete bat kartzelan eduki bagenu, erabat ziur nago menpean hartuko genuela. Beno, orain beharbada bioi erabilgarria izango zitzaigun Osaba Remus operazio honetan. Edo beharbada ez. Bati beti denbora ahaztu egiten zaio, deabru zahar hori. Nire iritziz, dagoeneko helduegia izango da. Emakume bantuak azkar zahartzen dira. Eskuarki ez dira inor, zurien gusturako behintzat, hogeita hamar urte bete baino askoz lehenago. Castle, oso pozik nago elkarrekin lan egiteaz eta zu ez izateaz BOSSekook uste genuena: gizakion izaera aldatu nahi duten idealista horietako bat. Zurekin harremanetan zeudenak ezagutu ere ezagutzen genituen, edo haietako gehienak, eta jakin bagenekien zer-nolako tontakeriak esango zizkizuten. Baina zu azkarragoa izan zinen gu baino. Eta, horrenbestez, bantu eta komunistekin azkarragoa izan zinen. Nire ustez, haiek ere sinetsi egin zuten euren borrokarako baliagarria izango zen liburu bat idazten ari zinela. Kontuz, ni ez nago afrikarren kontra, Van Donck kapitaina bezala. Nik, afrikar petotzat daukat neure burua.

        Dudarik gabe, mintzatzen ari zena ez zen Pretoriako bulegoko Cornelius Muller. Bere lan konformista egiten zuen funtzionario zurbilak ez zuen inoiz hitz egingo hainbesteko jariotasunez eta bere buruarekiko hainbesteko konfiantzaz. Minutu batzuk lehenago izandako zalantza eta herabetasuna aienatuta zeuden ordurako. Whiskyari esker. Orain Muller BOSSeko goi funtzionarioa zen, atzerriko misio bateko arduraduna, eta ez zuen onartzen jenerala baino graduazio beheragoko inoren agindurik. Lasai egon zitekeen, eroso sentitu. Bera zen bezalaxe joka zezakeen (pentsu asaldagarria zen hura), eta Castleri iruditu zitzaion hainbeste arbuiatzen zuen gizon haren gero eta antz handiagoa hartzen hasia zela Muller, hau da, Van Donck kapitainarengandik gero eta hurbilago zegoela, bere diskurtsoaren arrunkeria eta zakarkeria zirela eta.

        — Asteburu atsegin samarrak pasatu ditut Lesothon —esan zuen berriro Mullerrek—. Harreman onak izan nituen nire anaia beltzekin Holliday Inn izenekoaren kasinoan. Eta zergatik ez aitortu? Behin zera txiki bat izan nuen... amodiozko istorio txiki bat esan dezagun. Nolabait, han dena desberdina zela ematen zuen. Eta ez zen legez kanpokoa. Ni ez nengoen Errepublikan.

        — Sarah —deitu zuen Castlek egongelatik—, ekar ezazu Sam, Mr. Mullerri agur egiteko!

        — Ezkonduta al zaude? —galdegin zuen Mullerrek.

        — Bai.

        — Horrela bada, are gehiago eskertzen dut ni zuen etxera gonbidatu izana. Hegoafrikako oroigarri txiki batzuk ekarri ditut, eta zure emazteari, agian, zerbait gustatuko zaio. Baina ez didazu galdera erantzun. Orain elkarrekin lan egiten dugunez (nik garai batean nahi nuen bezalaxe, ez zara oroitzen?), ez al didazu esango nola moldatu zinen neska harekin handik irteteko? Dagoeneko ezin diezu zure agenteei kalterik eragin, eta horrek nolabaiteko pisua dauka Osaba Remus operazioan eta biok elkarrekin aurre egin beharreko arazoetan. Zure herriak eta nireak, eta noski Estatu Batuek, orain muga komuna daukate.

        — Beharbada, Sarahk berak kontatuko dizu. Oraintxe aurkeztuko dizkizut bai Sarah bera bai Sam, nire semea —biak elkarrekin eskailera jaisten ari zirela Cornelius Mullerrek atzerantz begiratu zuen—. Sarah, Mr. Muller galdezka ari zitzaidan nola lortu nuen zu Swazilandian sartzea.

 

        Castlek Muller gutxietsia zuen. Prestatu zuen ezusteak erabat huts egin zuen.

        — Pozten naiz zu ezagutzeaz, Mrs. Castle —Mullerrek eskua hartu zion.

        — Duela zazpi urte ez genuen elkar ezagutzeko aukerarik izan —esan zuen Sarahk.

        — Bai. Zazpi urte galduta. Oso emazte ederra daukazu, Castle.

        — Eskerrik asko —erantzun zuen Sarahk—. Sam, emaiozu eskua Mr. Mullerri.

        — Hau nire semea da, Mr. Muller —Castlek bazekien Mullerrek epaile ona izan behar zuela kolore-ñabardurei antzematen, eta Sam oso beltza zen.

        — Zer moduz, Sam? Eskolan hasi al zara?

        — Datorren astean edo hemendik bi astera hasiko da. Orain ohera, Sam.

        — Badakizu ezkutaketan jolasten? —jakin nahi izan zuen Samek.

        — Garai batean jolasten nintzen, baina beti prest nago arau berriak ikasteko.

        — Zu espioia zara, Mr. Davis bezala?

        — Esan dizut ohera joateko, Sam.

        — Luma pozoitsurik baduzu?

        — Sam! Gora!

        — Eta orain, Mr. Mullerri erantzuteko, nondik eta nola sartu zinen Swazilandian?

        — Nire iritziz, ez nioke ezertxo ere esan beharko. Zuk zer uste duzu?

        Cornelius Mullerrek:

        — Ahaz dezagun Swazilandia. Horiek denak kontu zaharrak dira, eta beste herri batean gertatu ziren.

        Castle ohartu zen Muller kamaleoiaren naturaltasunez moldatzen zela oin azpian zeukan lurrera. Halaxe moldatu beharko zuen Lesothon eman zuen asteburuan. Ausaz, Castleri Muller gehiago gustatuko zitzaion egoera berrietara moldatzeko hain ahalmen handia izan ez balu. Afari osoan zehar Mullerrek gizabidez hitz egin zuen. «Bai», pentsatu zuen Castlek, «Van Donck kapitaina nahiago nuen zinez». Hura etxetik ziztu bizian irtengo zen Sarah ikusi bezain laster. Aurreiritziak zerbait du idealetik. Cornelius Mullerrek ez zuen ez aurreiritzirik, ez idealik.

        — Zer iruditzen zaizu hemengo klima, Mrs. Castle, Hegoafrikakoaren aldean?

        — Eguraldia esan nahi duzu?

        — Bai, eguraldia.

        — Ez da horren ertz-ertzekoa —iritzi zion Sarahk.

        — Ez al duzu behin ere Afrikaren mirarik izan? Hona etorri aurretik, Madrilen eta Atenasen ibili naiz; beraz, zenbait aste dira handik irten nintzela, eta ba al dakizu zein den nire mirarik handiena? Johannesburg inguratzen duten meatzeetako hondakindegiak eta haien kolorea, eguzkia ezkutatzen ari dela. Zeren mira duzu zuk?

        Castlek ez zuen susmatzen Mullerrek sentimendu estetikorik zuenik. Hori izango al zen lan-kategoriaz gora egitearekin batera sortutako interesik handienetako bat? Edo sentimendu estetiko hori orduko egoerara eta herrialdera moldatu al zen, gizalegezko adierazgarri gisa?

        — Nire oroitzapenak bestelakoak dira —azaldu zuen Sarahk—. Nire Afrika ez da zurea bezalakoa.

        — Tira ba, biok afrikarrak gara eta. A bai, hemengo nire lagunentzako zenbait opari ekarri ditut. Nik ez nekien zu gutarra zinenik, eta horregatik xal bat ekarri dizut. Zuk badakizu Lesothon ehule bikainak daudela..., Gorteko Ehuleak. Onartuko al duzu nik, zure... zure etsai zahar honek egiten dizun opari hau?

        — Bai, jakina. Estimatuta dago.

        — Uste al duzu lady Hargreavesi gustatuko zaiola ostruka-larruz egindako poltsa?

        — Ez dut lady Hargreaves ezagutzen. Galdetu nire senarrari.

        «Ez du ondo emango dama horren ohiko krokodilo-larrukiekin», pentsatu zuen Castlek; esan, hargatik ere, hau esan zuen:

        — Ziur nago. Zugandik etorrita...

        — Familiatik datorkidan halako interesa dut ostrukenganako —aitortu zuen Mullerrek—. Gaur egun «ostruken milioidunak» izenez ezagunak diren horietakoa nuen aitona. Haren negozioek hondoa jo zuten 1914ko gerratean. Jauretxe bat zeukan Caboko probintzian. Garai batean bikaina izan zen, baina gaur egun aurri-pilo bat besterik ez da. Izan ere, ostruka-lumak ez ziren berriro Europan sartu eta nire aitak porrot egin zuen. Nire anaiek, hala ere, oraindik ostruka batzuk hazten dituzte.

        Castlek gogora ekarri zuen museoa bailitzan zaindutako etxe handi horietako batean egindako bisitaldia; ostruken hazkuntzaren azken hondar horien zuzendaria lagun izan zuen uneoro, etxe hartan. Zuzendariak kasik barkamena eskatzen zuen leku haren aberastasun eta gustu txarragatik. Bainugelak urrezko akabantza ematen zion ibilaldiari (bisitariak beti hara eramaten zituzten ikustaldiaren azken txanpan). Bainuontziak aparteko aipamena merezi zuen: senar-emazteentzako ohe handi bat ematen zuen eta urreztatutako txorrotez apaindurik zegoen. Hormatik zintzilik, Errenazimentuaren aurreko margo-lan italiar baten imitazio txar bat ikus zitekeen: haloetatik egiazko urrezko orriak jaulkitzen hasiak ziren.

        Afaldutakoan Sarahk biak bakarrik utzi zituen eta Mullerrek baso bat Porto ardo onartu zuen. Botila —Davisen oparia— ukitu gabe zegoen aurreko Gabonetatik.

        — Orain serio hitz egin dezagun —esan zuen Mullerrek—. Eskertuko nizuke xehetasunen batzuk emango bazenizkit zure emazteak Swazilandiara joateko egin zuen bideari buruz. Ez duzu izenik aipatu beharrik. Badakit zuk zenbait lagun komunista zeneuzkala, eta orain ulertzen dut hori zure lanaren barruan zegoela. Haiek uste zuten zu bidaide sentimentala zinela... Eta guk ere hala uste genuen. Esaterako, Carsonek pentsatuko zuen zu horietako bat zinela. Carson gizajoa!

        — Zergatik «Carson gizajoa»?

        — Urrunegi joan zen. Kontaktuak zeuzkan gerrillekin. Bere modura, pertsona ona zen eta oso abokatu ona. Segurtasun Zerbitzuei arazo asko sortarazi zizkien zirkulazio libreari buruzko legeekin.

        — Orain ez al du arazorik sortzen?

        — A ez! Kartzelan hil zen. Duela urtebete.

        — Ez nekien.

        Castle alasarantz abiatu zen eta beste whisky bikoitz bat prestatu zuen beretzat. Soda asko botata, J&B bikoitzak ez zuen bakunak baino gogorragoa ematen.

        — Ez al zaizu Porto ardoa gustatzen? —galdetu zuen Mullerrek— Garai batean Porto ardo miresgarria jasotzen genuen Lourenço Marquesetik. Ene, aspaldiko kontuak dira horiek!

        — Nola hil zen Carson?

        — Pneumoniak jota —adierazi zuen Mullerrek eta erantsi—: Beno, horri esker prozesu luze batetik libratu zen.

        — Carson atsegin nuen —aitortu zuen Castlek.

        — Bai. Damurik, Carsonek afrikarrak beti kolore batekin identifikatzen zituen. Bigarren belaunaldikoek egin ohi duten hutsa da hori. Ez dute ontzat hartzen zuriak beltzak bezain afrikarrak direnik. Nire familia, esaterako, 1700ean iritsi zen hara. Untzitik ateratzen lehenengoetarikoak izan ginen —erlojuari behatu zion—. Hara! Eta badirudi nik gaur ez dudala presarik hemendik alde egiteko. Ordubete baino gehiago izango da txoferra zain dudala. Sentitzen dut, baina alde egin beharra daukat.

        — Agian, Osaba Remusi buruz apur bat hitz egin beharko genuke zuk alde egin aurretik. —proposatu zuen Castlek.

        — Hori bulegorako utz daiteke —iritzi zion Mullerrek. Atera iritsi eta atzerantz begiratu zuen—. Benetan sentitzen dut Carsonena. Jakin izan banu zu jakinaren gainean ez zeundela, kontu handiagoz esango nizukeen —Bullerrek amultsuki milikatu zuen bisitariaren praken beheko ertza, bisitaria zein ere zen.

        — Txakur ona, bai, txakur ona —berriro Mullerrek—. Ez dago txakurraren leialtasuna bezalakorik.

 

 

2

 

        Goizaldeko ordu batean Sarahk isilune luzea urratu zuen:

        — Oraindik esna zaude. Ez egin itxurarik. Hain mingarria egin al zaizu Muller berriro ikustea? Oso atsegina izan da.

        — A bai, oso. Hemen bertakoen modura jokatzen du. Edozein egoeratara erraz moldatzen da.

        — Somniferoak ekarriko dizkizut?

        — Ez. Berehala geratuko naiz lo. Baina... zerbait esan behar dizut. Carson hil da. Kartzelan.

        — Hil egin dute?

        — Mullerrek dio pneumoniak jota hil zela.

        Sarahk burua Castleren besoaren azpian bermatu zuen eta aurpegia burukoan pulunpatu. Castle konturatu zen negarrez ari zela.

        — Gau osoan dabilkit buruan berak bidalitako azken mezua —esan zuen Castlek—. Enbaxadan aurkitu nuen, Muller eta Van Donckekin hitz egitetik nentorrela: «Ez zaitez Sarahz arduratu. Har ezazu Lourenço Marqueserako lehenengo hegazkina eta egon zaitez Sarahren zain Polana-n. Esku onetan dago».

        — Bai. Nik ere gogoan dut mezu hura. Carsonekin nengoen berak idatzi zuenean.

        — Ezin izan nion sekula behar bezala eskertu... ez bada zazpi urteko isiltasunarekin eta...

        — Eta zer?

        — Ez dakit zer esan nahi nuen —Castlek Mullerri esandakoa errepikatu zuen—. Carson atsegin nuen.

        — Bai. Ni gizon hartaz fidatzen nintzen. Haren lagunez baino askoz gehiago. Aste hartan, zu Lourenço Marquesen nire zain zeunden bitartean, harekin eztabaidatzeko astia izan nuen. Nik esaten nion bera ez zela benetako komunista.

        — Zergatik ez? Alderdiko kidea zen, Transvaal-en geratzen zen alderdikiderik zaharrenetako bat.

        — Egia da. Badakit. Baina alderdiko guztiak ez dira berdinak, ez duzu uste? Zuri baino lehenago ere, harixe azaldu nion Samena.

        — Jendea erakartzeko modu berezi bat zuen...

        — Ezagutu nituen komunista gehienek nornahi uxatu egiten zuten, erakartzeko partez.

        — Nolanahi ere, Sarah, benetako komunista garbia zen. Komunismoan zuen fede hura bizirik atera zen Stalinen sistematik, erromatar katolikoen fedea Borgiatarren agintalditik bizirik atera zen bezala. Carsoni esker, alderdiari buruz nuen iritzia hobetu egin zen.

        — Baina ez zintuen behin ere urrunegi eraman, ezta?

        — Beno, beti izaten zen eztarrian korapilatzen zitzaidan zerbait. Carsonen esanetan, batzuetan eltxo bat ikusita izutu egiten nintzen, eta beste batzuetan, gamelu bat irensteko gauza izaten nintzen. Zuk badakizu ni ez naizela inoiz fededuna izan. Eskolako kaperan abandonatu nuen Jainkoa. Baina, Afrikan ezagutu nituen apaiz batzuei esker fedea berreskuratu nuen... lipar batez eta kopa batek lagunduta, besterik ez bazen ere. Apaiz guztiak horrelakoak izan balira eta ni sarriago berekin izan banintz, beharbada Berpizkundea, Sorkunde Garbia, Lazaro eta gainerako guztia irentsiko nuen. Apaiz horietako bat dut gogoan; bi aldiz ikusi nuen. Agente gisa erabili nahi nuen, zu erabili zintudan bezala. Baina ez zen aprobetxagarria. Connolly zuen izena... edo agian O'Connell. Sowetoko barraketan lan egiten zuen. Carsonek esandako gauza berbera esan zidan hark ere: «Eltxo bat ikusita izutu egiten zara eta zera irensten duzu...» Bolada batean, haren Jainkoarengan kasik sinetsi nuen, Carsonenarengan kasik sinetsi nuen bezalaxe. Beharbada, erdi fededuna izateko jaio nintzen. Jendeak Pragaz edo Budapestez hitz egiten duenean edo komunismoari giza alderdirik aurkitzeko modurik ez dagoela aipatzen duenean, nik ez dut zipitzik ere esaten. Alderdi hori behin ikusi dudalako. Batzuetan nirekiko esaten dut Carsonengatik izan ez balitz, beharbada Sam kartzelan jaioko zela eta zu ere hantxe hilko. Komunismo- edo komunista-mota batek zu eta Sam salbatu zintuzten. Ez dut fede handiagorik Marxengan edo Leninengan, San Pablorengan baino; dena den, ez dut esker onekoa izateko eskubiderik ala?

        — Zergatik kezkatzen zaitu horrek hainbeste? Inork ez dizu gaitzesten esker onekoa izatea. Ni ere esker onekoa naiz. Esker ona izatea oso ondo dago baldin eta...

        — Baldin eta zer?

        — Uste dut zera esan nahi nuela: baldin eta horrek urrunegi eramaten ez bazaitu.

        Castlek denbora luzea eman zuen itzarrik, Carson, Cornelius Muller, Osaba Remus eta Praga buruan bueltaka zerabiltzala. Ez zuen lo geratu nahi Sarah loak hartua zuela seguru jakin arte, haren arnasketa entzunda. Orduantxe Castle amets batean murgildu zen: Allan Quatermain bere haurtzaroko heroia bezala, lurpeko korronte luze eta geldo baten altzoan zihoan, kontinente ilunaren sakongunetarantz, non akaso bizileku iraunkor bat aurkituko baitzuen hiri batean; han, hiritar gisa onartua izango zen, hiritar fedegabea izanagatik ere. Hiri hura ez zen Jainkoaren edo Marxen hiria izango, Barne Bakearena baizik.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia