Bigarren atala

 

 

1

 

        Egun baterako itzuli zen sanmartinetako uda txikia eta Castlek ez zion muzinik egin picnic bat egiteari. Samek gero eta ezinegon handiagoa zuen berrogeialdi luzearen ondoren, eta Sarahri buruan sartu zitzaion udazkeneko haizeak pagoen hostoekin batera mikrobiorik setatiena ere eramango zuela berarekin. Tipula-zopa beroz betetako termo bat prestatu zuen, hatzez jango zuten oilasko erdi hotz bat, pasteltxo lehor batzuk, Bullerrentzako ahari-hezur bat eta beste termo bat kafez betea. Botilatxo bat whisky ere erantsi zuen Castlek. Bi burusi gertatu zituzten esertzeko eta Samek onartu egin zuen berokia eramatea haizeak jotzen bazuen ere.

        — Eroen gauza da urrian picnic bat egitea —azaldu zuen Castlek, halako ausarkeria bat egiteak zekarkion poza ezin ezkutaturik.

        Picnicak bulegoko kontuz ibiltze hartatik ihes egiteko bidea ematen zion, baita solasaldi zuhurretatik nahiz prebentzio taktikoetatik ere. Baina telefonoak jo zuen, poliziaren adar-hotsa balitz bezala, poltsak bizikletetan apailatzen ari ziren bitartean.

        — Berriro ere mozorrodunak —iruzkindu zuen Sarahk—. Arratsaldea hondatuko digute. Ezin izango dut burutik kendu zer gertatuko ote den etxean.

        Telefonoa hartuta, Castlek ahots ilunez erantzun zuen eta eskuaz estali aparatua:

        — Ez zaitez estutu, Davis da.

        — Zer nahi du?

        — Boxmoor-en dago, kotxearekin. Eguna hain ederra da, ezen gu ikustera etortzea bururatu baitzaio.

        — Doala pikutara Davis! Noiz azalduko, eta dena prestatuta dugunean. Ez dago janari gehiagorik etxean, gure afaria salbu. Eta laurentzako adina ere ez dago.

        — Nahi baduzu, joan zaitez zu bakarrik Samekin. Nik Davisekin bazkalduko dut Swan-en.

        — Zu gabe picnica ez litzateke batere dibertigarria izango —esan zuen Sarahk.

        — Mr. Davis al da? —esan zuen Samek—. Mr. Davis etortzea nahi dut ezkutaketan jostatzeko. Bera gabe ez gaude aski.

        — Gurekin etor liteke —iradoki zuen Castlek.

        — Oilasko erdi bat laurontzat?

        — Hamaika lagunentzako adina pasteltxo daukagu.

        — Ez zaio gustatuko urrian picnicik egitea. Bera ere txoratuta ez badago.

        Davisek erakutsi zien haiek bezain txoratuta zegoela. Picnicak biziki maite zituela esan zuen, are udako egunik beroenetan, liztorrak eta euliak gora-behera; hala ere, aukeran, udazkena nahiago zuen. Bere Jaguarrean denontzako lekurik ez zegoenez, herri-lurrean bildu zen haiekin, aurrez esandako leku batean. Bazkaltzen ari zirela, Davisek eskumuturra trebeziaz biratuz nahien hezurra eskuratu zuen, zeina oilasko erdiaren barruan baitzegoen. Orduan jolas berri bat irakatsi zien. Gainerakoek haren nahiari igarri behar zioten, hari galderak eginez, eta asmatzen ez bazuten, Davisen nahia menturaz beteko zen. Sarahk intuizio-bulkada batean asmatu zuen. Egunen batean pop abeslaririk famatuena izatea zen Davisen nahia.

        — Nolanahi ere, hori beteko zen itxaropen gutxi nuen. Ez dakit musika-nota bakar bat ere idazten.

        Azken pasteltxora iritsi zirenerako, eguzkia jaitsia zen otaken gainean geratu arte, eta haizea ibiltzen hasia zen. Kobre koloreko orbelak batetik bestera zebiltzan hegan eta aurreko urteko pagatxen gainean pausatu ziren.

        — Orain, ezkutalekura —iradoki zuen Davisek eta Castle ohartu zen Samek mirespenez begiratzen ziola Davisi, heroi bat bailitzan.

        Zotz egin zuten ezkutatzen lehena nor izango zen erabakitzearren, eta Davisi tokatu zitzaion. Hura ziztu bizian desagertu zen zuhaitzen artean, gamelu-ilezko berokian lepoa hondoraturik eta zoologikotik ihesean ari zen hartz baten itxura zuelarik. Hirurogeira arte zenbatu ondoan, bila hasi ziren besteak. Sam herri-lurraren mugarrirantz zuzendu zen, Sarah Ashridge-rantz eta Castle zuhaiztirantz (Davis harantz zihoala ikusita). Buller atzetik zihoakion, seguru asko katuren bat harrapatuko zuelakoan. Txistu fin batek eraman zuen Castle Davis zegoen lekura, iratze tantaiz inguratutako zulo batera, hantxe baitzeukan ezkutalekua.

        — Izugarrizko hotza egiten du, itzalean ezkutatuz gero—esan zuen Davisek.

        — Zerorrek proposatu duzu jolas hau. Denok ginen etxera bueltatzeko gertu. Buller, etzan! Etzan! Txakur madarikatua!

        — Badakit, baina ohartu naiz sasikume txikia jolas egiteko irrikaz zegoela.

        — Badirudi zuk hobeto ezagutzen dituzula umeak nik baino. Hobe dut haiei deitzea aurkitu zaitudala jakin dezaten. Hemen hotzak hilko gara...

        — Ez, oraindik ez. Zuk aurkituko ninduzun esperantza nuen. Zurekin bakarka hitz egin nahi dut. Zerbait garrantzitsua da.

        — Ezin al didazu bihar bulegoan esan?

        — Ez, ezin dut. Zeuk piztu didazu bulegoaren susmoa. Castle, benetan uste dut jarraika ari zaizkidala.

        — Esan nizun nire ustez telefonoa zulatuta zeneukala.

        — Ez nizun sinetsi. Baina gau hartatik... Ostegunean Cynthia Scott's-era eraman nuen. Jaitsi ginenean gizon bat igogailuan zegoen. Gero, gizon bera Scott's-en ikusi nuen, Black Velvet bat edaten. Eta gaur, Berkhamsted-era nindoala, konturatu naiz kotxe batek jarraitzen zidala Marble Arch-en. Kasualitate hutsa, une batez iruditu baitzitzaidan gidaria ezagutzen nuela. Ez zen horrela, baina berriz ikusi nuen nire atzean Boxmoor-en, Mercedes beltz batean.

        — Scott's-en ikusi zenuen gizon bera?

        — Ez, jakina. Ez lirateke hain ergelak izango. Halako batean, martxa aldatu eta kotxearen abiadura azkartu nuen, eta igandea zenez, trafiko handia zegoen bidean. Hori dela eta, Berkhamsted-era iritsi aurretik galdu ninduen.

        — Ez dira gurekin fido, Davis. Ezta inorekin ere. Baina, zergatik arduratu errugabeak izanda?

        — Bai, bai, hori dena badakit. Betiko leloa, ezta? Zergatik arduratu? «Errugabea naiz. Zergatik arduratu? Oharkabean harrapatzen banaute, golden sagarrak eta udareren batzuk erostera joan naizela esango dut...» Oraindik pop-abeslaririk famatuena izan naiteke.

        — Ziur al zaude Berkhamsted-era iritsi aurretik galdu zenuela?

        — Bai. Hala uste dut nik, behintzat. Zer gertatzen ari ote da, Castle? Ohiko inspekzio bat, Daintryk egin zuena bezalakoa? Zuk jakin beharko zenuke zer egin, saltsa madarikatu honetan gutako beste inork baino denbora gehiago daramazulako.

        — Esan nizun ba, Percivalekin atera ginen gau hartan. Nire ustez, nolabaiteko filtrazioren bat gertatu da eta agente bikoitz bat dagoela susmatzen dute. Hartara, segurtasun-kontrol bat antolatu dute eta ez zaie gehiegi axola horretaz ohartzen bazara. Uste dute erruduna izanez gero, urduritu zaitezkeela eta zeure buruari traizio egin.

        — Agente bikoitza ni? Castle, zuk ez duzu halakorik pentsatuko, ezta?

        — Ez, jakina. Ez duzu zertaz arduratu. Zaude lasai. Utziezu inspekzioa burutzen eta haiek ere ez dute halakorik pentsatuko. Seguruenik, ni ere kontrolatzen naute... eta Watson ere bai.

        Sarahri entzun zioten urrun oihuka.

        — Errenditu egiten gara! Errenditu egiten gara!

        — Ez, ez gara errenditzen! Ez zaitez zeure ezkutalekutik irten, Mr. Davis! Mesedez, Mr. Davis... —erregutu zuen ahots xume batek urrundik.

        Buller zaunka hasi zen eta Davisek usin egin zuen.

        — Haurrek ez dute errukirik —azaldu zuen Davisek.

        Ezkutalekua inguratzen zuten iratzeek egindako karraska entzunda, Sam azaldu zen.

        — Harrapatuta! —baina Castle ere bertan zegoela ikusi zuenean, hau ondorioztatu zuen:— Zuk tranpa egin duzu.

        — Ez —azaldu zuen Castlek—, ezin nuen oihurik egin. Ez zidan uzten, pistola batekin mehatxatzen ari zitzaidan.

        — Non dago pistola?

        — Begiratu nire berokiaren poltsikoan.

        — Hori luma estilografiko bat besterik ez da—esan zuen Samek.

        — Gas-pistola da —esan zuen—, luma estilografiko baten itxura duena. Begiratu botoi honi. Zurrusta bat botatzen du, tinta moduko zerbait, baina ez da tinta. Gas urdurigarria da. James Bondi ez zioten honelakorik eramaten utzi... sekretuegia zen. Altxa eskuak.

        Samek obeditu egin zuen.

        — Zu benetako espioia al zara? —galdetu zuen.

        — Agente bikoitza naiz eta Errusiarentzat egiten dut lan —adierazi zuen Davisek—, eta zure bizitza maite baduzu, berrogeita hamar metroko abantaila eman behar didazu —iratzeen gainera bere burua bota eta baldar lasterka egiten hasi zen bere beroki astunarekin, pagoen artetik.

        Sam atzetik joan zitzaion maldan gora eta maldan behera. Davis Ashridge-rako bidera zihoan lepo batera iritsi zen, hantxe baitzeukan bere Jaguar gorrimina. Sam luma estilografikoaz apuntatu eta mezu bat oihuztatu zuen, Cynthiaren kablegrama bat bezain mutilatua:

        — Picnica... goraintziak... Sarah —eta desagertu egin zen ihes-tututik egundoko eztanda eginez.

        — Esaiozu itzultzeko —erregu egin zuen Samek—, mesedez esaiozu itzultzeko.

        — Bai, zergatik ez? Udaberrian.

        — Asko falta da udaberrirako —kexatu zen—. Orduan eskolan izango naiz.

        — Izango dira asteburu gehiago —erantzun zuen Castlek horretan sinetsi gabe, ondotxo gogoratzen baitzen haurtzaroan zein astiro aletzen den denbora.

        Kotxe bat igaro zen euren ondotik, Londresera bidean; kotxe beltz bat... Menturaz, Mercedes bat izango zen, baina Castlek ezer gutxi zekien kotxeez.

        — Mr. Davis atsegin dut —esan zuen Samek.

        — Nik ere bai.

        — Inork ez daki berak bezala ezkutaketan jolas egiten. Ezta zuk ere.

 

 

2

 

        — Astiro noa Gerra eta Bakea liburuarekin, Mr. Halliday.

        — Ene bada, Jainkoa! Sekulako liburua da lasai hartuz gero. Moskutik atzera egiten duteneko pasartera iritsi al zara?

        — Ez, oraindik ez.

        — Istorio lazgarria da.

        — Gaur egun ez zaigu horren lazgarria iruditzen, ez al duzu uste? Azken batean, frantziarrak soldaduak ziren. Eta elurra ez da napalm-a bezain txarra. Diotenez, zu lokartu egiten zara... ez zara kiskaltzen...

        — Bai. Vietnamgo haur errukarri horiengan pentsatzen dudan bakoitzean...! Hemendik zehar egin ohi ziren protesta-martxa haietariko batean parte hartu nahi izan nuen, baina semeak ez zidan sekula utzi. Denda hori daukanez, poliziak urduritu egiten du; ez dakit, hala ere, zer kalte egin dezakeen liburu bihurri batek edo bik. Nik beti esaten dudan bezala, liburuak erosten dituzten gizonak... beno, dagoeneko haiei ezin zaie kalte handirik egin, ez da horrela?

        — Bai, egia da, horiek ez dira Estatu Batuetako gazte apainak, bihotz onekoak, napalm-ezko bonbak jaurtikiz bere lana betetzen dutenak —batzuetan, Castleri ezinezkoa zitzaion bere bizitzaren erakusgarri txiki bat agerian ez uztea, zeinak haren bizimoduak urperatutako iceberg baten lagina ematen baitzuen.

        — Eta guk ezin izan genuen ezertxo ere egin —erantsi zuen Hallidayk—. Gobernuak demokraziaz hitz egin zuen, baina ez zien inolako arretarik eskaini ez gure pankartei ez gure eskariei. Hauteskunde-garaian ez bazen. Garai hartan, horrek guztiak lagundu egin zien aukeratzen emandako zein hitz jango ote zuten. Biharamunean egunkarian irakurri ohi genuen herrixka errugabe bat hutsegitez mapatik ezabatua zutela. Laster Hegoafrikan gauza bera egingo dute. Lehenengo, haur horiak izan ziren, gu baino horiagoak ez direnak, eta gero haur beltzak izango dira...

        — Beste zerbaitetaz hitz egin dezagun —proposatu zuen Castlek—. Gomenda iezadazu zer edo zer irakurtzeko, gerrarekin zerikusirik ez duena.

        — Trollope hor dago beti —iradoki zuen Mr. Hallidayk—. Nire semeari asko gustatzen zaio, berak saltzen dituen liburuekin zerikusirik batere ez izan arren.

        — Ez dut Trolloperen ezer egundo irakurri. Ez al da apur bat eklesiastikoa? Nolanahi ere, eskatu zure semeari libururen bat niretzat aukeratu eta etxera bidaltzeko.

        — Zure lagunari ere ez zitzaion Gerra eta Bakea gustatu?

        — Ez. Izatez, bera ni baino lehenago nekatu zen. Beharbada, bere iritziz ere gerra pasarte gehiegitan azaltzen zen.

        — Ez zait ezer kostatzen kalea zeharkatzea eta semearekin hitz egitea. Badakit berak eleberri politikoak nahiago dituela... edo berak soziologikoak deitzen dienak. Gaur egungo bizimodua liburuaz hitz egiten aditu diot. Izenburu on bat. Ez da inoiz zaharkitua geratuko. Gaur gauean eraman nahi al duzu?

        — Ez, gaur ez.

        — Ohi denez, bi ale? Bekaitz dizut lagun bat daukazulako literaturaz hitz egiteko. Gaur egun, oso jende gutxik du literaturarako benetako interesa.

        Castle Mr. Hallidayren dendatik irten eta Piccadilly Circuseko geltokirantz abiatu zen telefono baten bila. Mutur bateko kabina bat aukeratu zuen eta, beira bitartean zela, bere aldameneko pertsona bakarrari so egin zion: zaldarrez betetako neska potolatxo hura ergel baten modura barre egiten ari zen eta txiklea mastekatzen, zerbait atsegina entzuten zuen bitartean.

        — Esan —erantzun zuen ahots batek.

        — Sentitzen dut —esan zuen Castlek—, berriro okerreko zenbakia markatu dut —kabinatik irten zen.

        Neska txiklea telefono-aurkibidearen kontrazalean itsasten ari zen, soina bermatzen ari zen bitartean, elkarrizketa luze eta grinatsu bati ekiteko. Castle zain geratu zen tiketak saltzeko makinaren ondoan eta lipar batez so geratu zitzaion potolatxoari, bereganako inolako interesik ez zuela ziur jakin arte.

 

 

3

 

        — Zertan ari zara? —galdegin zuen Sarahk— Ez al duzu entzun deika ari nintzaizula?

        Sarahk Castleren idazmahai gainean zegoen liburuari erreparatu zion eta esan zuen:

        — Gerra eta Bakea. Uste nuen Gerra eta Bakea-z nekatuta zeundela.

        Castlek orri bat hartu, tolestu eta poltsikoan gorde zuen.

        — Saiakera bat idazten ari naiz.

        — Erakutsidazu.

        — Ez. Bakarrik argitaratzen bada.

        — Nora bidaliko duzu?

        — New Statesman-era... Encounter-era... batek daki.

        — Aspaldiko partez zerbait idazten ari zara. Poza ematen dit zu berriro horretan hasteak.

        — Bai. Badirudi kondenatuta nagoela beti berriro hastera.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia