Lehenengo atala

 

 

1

 

        Percival doktoreak John Hargreaves gonbidatu zuen Reform izeneko bere klubean bazkaltzera. Reform-era eta Traveller's-era aldizka bazkaltzera joan ohi ziren, hilabete batean batera eta hurrengoan bestera, larunbatetan beti, klubetako bazkiderik gehienak hiritik alde eginak zirenean. Hango leiho luzeek Pall Mall-en ikuspegi bat ematen zuten, gris altzairu kolorekoa, grabatu viktoriar baten modukoa. San Martinetako uda amaitzekotan zen. Erloju guztietan ordua aldaturik zegoen eta negua hurbil sumatzen zen, haizean ezkutaturik, brisarik ñimiñoenean ere. Amuarrain ketuarekin hasi zirenez, sir John Hargreavesek Percival doktoreari esan zion buruan benetan zerabilela arrain horren kume batzuk eramatea bere parkea eta soroak bereizten dituen errekara.

        — Zure aholkua beharko dut, Emmanuel —bakarka egonez gero, bataio-izenez deitu ohi zioten elkarri.

 

        Luzaz jardun zuten amuarrainen arrantzaren inguruan; edo, hobeto esanda, Percival doktoreak jardun zuen. Gai hori betidanik mugatu samarra iruditu zitzaion Hargreavesi, ondotxo bazekien ere Percival doktoreak luza zezakeela afaltzeko ordura arte. Percival doktoreak, hala ere, arrain-kontuak bazter utzi zituen gogoko zuen beste gai bati kasualitatez lotzearren, bere kluba, hain zuzen ere.

        — Barrenik izango banu —esan zuen Percival doktoreak—, klub honetako bazkide izateari utziko nioke. Oraindik bazkidea naiz zeren eta hemengo janariak... (eta amuarrain ketuak, barkatu, John) ez baitute parerik Londres osoan.

        — Niri Travelers-eko janaria hemengoa bezain gozoa iruditzen zait —esan zuen Hargreavesek.

        — Gure haragi- eta giltzurrun-pastela ahaztu duzu baina! Badakit ez zaizula gustatuko nik esatea, baina zure emaztearen pastela baino atseginago dut. Oreak saltsa urrun mantentzen du. Budinak saltsa zurgatzen du. Budinak, esan genezake, lagundu egiten du.

        — Baina zer dela eta asaldatu behar zitzaizun barrena, Emmanuel? Noski, barrenik badaukazula onartuz gero... eta hori uste ustela izan daiteke.

        — Jakin behar duzu klub honetako bazkidea izateko 1832ko Erreformari buruzko legearen aldeko aldarrikapen bat sinatu behar izan nuela. Egia da lege hori ez zela bere ondoren etorri zen legeren bat bezain txarra, esaterako, hamazortzi urtez gorakoei bozkatzeko eskubidea ematen zien legea. Baina lege hark «gizon bat, boto bat» doktrina galgarriari bidea prestatu zion. Gaur egun, errusiarrek ere helburu propagandistikoak direla-eta onartu dute lege hori, baina ez dira tontoak, eta bozketa-gai dituzten gauzak erabat hutsalak izateko neurriak hartzen dituzte.

        — Erreakzionario hutsa zara zu, Emmanuel. Uste dut, hala ere, arrazoi apur bat baduzula budinari eta pastelari buruz esan duzun horretan. Datorren urtean budin bat egin genezake... ehizaldi bat antolatzeko modurik badugu.

        — Modurik ez baduzu, gizon bat boto bat delako izango da. Esadazu egia, John, eta aitortu ideia ergel horrek nahas-mahas handia sortu duela Afrikan.

        — Nire ustez, benetako demokraziak denbora behar du ondo funtzionatzeko.

        — Demokrazia-mota horrek ez du egundo funtzionatuko.

        — Benetan gustatuko al litzaizuke familiaburuari bakarrik bozkatzeko eskubidea ematen zion sistemara itzultzea, Emmanuel? —Hargreavesek inoiz ez zekien Percival doktorea zein neurritaraino ari zen benetan.

        — Bai, zergatik ez? Urtero ezarri beharko litzateke zenbateko diru-sarrera beharko lukeen gizon batek bozkatu ahal izateko, inflakzio-tasa kontuan izanda, noski. Urtean lau mila libra kopuru egokia izan liteke gaur egun bozkatzeko eskubidea izateko. Tasa horrekin, meatzariek eta kaietako langileek botoa eman lezakete, eta horrek arazo asko kenduko lizkiguke.

        Kafearen ondoren erabaki zuten eskalinata gladstoniano handitik jaistea, Pall Mall-eko haize freskorantz abiatzeko. St. James jauregiaren adreiluzko fatxada zaharrak diz-diz egiten zuen, iraungitzear den suaren modura, giro ilunean zehar, eta sugarraren gora-behera gorriminak isladatzen ziren zaindariarengan; azkenetan zegoen su hura. Parkea zeharkaturik, Percival doktoreak esan zuen:

        — Amuarrainei berriro lotuz...

        Banku bat hautatu zuten eta handik ahateak ikusi ahal izan zituzten honat eta harat igerian, urmaelean zehar, inolako ahaleginik egingo ez balute bezala, jostailu magnetikoen modura. Biek artilezko beroki nabar-astun berdinak zeramatzaten; horrelakoxe berokiak darabiltza hiritik kanpoko bizitza aukeratu duen jendeak. Euren aurretik gizon bat igaro zen, onddo itxurako kapela buruan zuela; aterkia zeraman eta bere bidean aurrera egiten zuen bitartean, bekoskoa ilundu zuen, burura zerbait etorri baitzitzaion.

        — Horrek Browne du abizena, e-z bukaturik —azaldu zuen Percival doktoreak.

        — Jende asko ezagutzen duzu, Emmanuel.

        — Lehen ministroaren ekonomi aholkularietariko bat da. Nik ez nioke bozkatzeko eskubiderik emango, zenbat-nahiko soldata izanda ere.

        — Beno, zer iruditzen zaizu gureaz hitz egiten badugu? Orain bakarrik gaude. Oker ez banago, Reform-en gaudela beldur izaten zara gure solasaldia mikrofono ezkutuen bidez entzuten ote duten.

        — Eta nola ez nintzen beldur izango ba, gizon bat, boto bat aldarrikatzen duen sistemaren hamaika defendatzaile itsuz inguraturik egonda? Gizajale andana horri bozkatzeko eskubidea ematen ausartu baziren...

        — Ez duzu gizajaleak zertan gutxietsirik —protesta egin zuen Hargreavesek—, nire lagunik onenetako batzuk gizajaleak izan dira, eta orain Browne e-dun hori ezer entzuteko urrutiegi dagoenez...

        — John, dena poliki-poliki aztertu dut Daintryrekin, eta ziur nago Davis dela bila gabiltzan gizona.

        — Daintry ere ziur al dago?

        — Ez. Aztarnak besterik ez dira, ezin zitekeen besterik espero, eta Daintryren pentsaera oso legalista da. Ezin dut esan Daintry atsegin dudala. Ez da batere umorekoa. Baina, hori bai, ondo arduratsua da. Gau batean Davisekin irten nintzen, orain aste batzuk. Ez dago alkoholari erabat emana, Burgess eta Maclean bezala, baina asko edaten du... eta uste dut gehiago edaten duela gure inspekzioa hasi zenetik. Bi haiekin eta Philbyrekin gertatu zen bezala, begi-bistakoa da zerbaitegatik larri dabilela. Zerbait du maniako depresibotik, eta eskuarki maniako depresibo batek osagai eskizoide bat izan ohi du, agente bikoitz batek funtsezko duena. Atzerrian lan egiteko irrikan dago. Seguraski badakielako bera zelatatzen dutela, eta beharbada hemendik ihes egitea debekatu egin diote. Noski, Lourenço Marques-en gure zaintza-eremutik kanpo legoke eta, aldi berean, bere lagunentzako oso leku baliagarrian.

        — Frogarik bai?

        — Bai, baina oraindik ez dira oso pisu handikoak; baina zain egon al gaitezke froga garbiak izan arte? Azken batean, ez dugu asmorik epaitegietara eramateko. Castle da beste aukera. Biok uste genuen Watson bazterrean utz genezakeela, eta Castle beste hainbesteko zehaztasunez aztertu dugu. Bi aldiz ezkondua da eta orain zoriontsua da (bere lehenengo emaztea bonbardaketa batean hil zen), familia onetik dator... Bere aitak medikuntza orokorrean jardun zuen, eskola zaharreko sendagilea zen eta Alderdi Liberaleko kidea, eta ez Reform-ekoa, eta hori, mesedez, kontuan izan. Bizitza osoa eman zuen bere pazienteak zaintzen eta sarri ahaztu egiten zitzaion haiei ezer eskatzea ordainetan. Bere ama oraindik bizirik dago: herritarren laguntza-taldeko burua izan zen gerra-garaian eta domina bat irabazi zuen. Abertzale samarra da eta kontserbatzaileen bileretara joaten da. Onartu egin behar duzu Castle zur oneko ezpala dela. Gehiegi edatearen aztarrenik ez du ageri eta gainera arduratsua da diruarekin. Davisek diru piloa xahutzen du Porto ardoan, whiskyan eta bere Jaguarrean. Sarritan trabesak egiten ditu lasterketetan: diru asko irabazten duen trabes-adituaren plantak egiten ditu, horixe izaten da irabazten dena baino gehiago xahutzeko ohiko aitzakia. Daintryk esan zidan behin atzeman zuela 59800-aren txosten bat bulegotik atera nahirik. Berak esan zuenez, bazkaldu bitartean irakurri nahi zuen. Gainera, gogoan izan zuk nahi zenuela MI5-arekin izan genuen bileran Davis bertan izatea. Bere bulegoan ez zegoen, haginlariarengana joana zelako... baina ez zuen halakorik egin. Hortzeria ezin hobeto dauka. Nik neuk egiaztatu ahal izan nuen hala dela. Bi aste geroago, beste filtrazio baten frogak izan genituen.

        — Ba al dakigu nora joan zen?

        — Daintryk Sail Bereziari agindua zion Davisen ibiliak zain zitzan. Parke zoologikora joan zen. Bazkideen sarreratik sartu zen. Atzetik zebilkion gizonak ilaran ipini behar izan zuen sarrera orokorrean, eta galdu egin zuen. Trikimailu ederra, benetan.

        — Ba al dakigu norekin elkartu zen?

        — Davis argia da. Antza, bazekien zelatatu egiten zutela. Azkenean, badirudi Castleri aitortu ziola ez zela haginlariarengana joango. Bere idazkariarekin panden aldean elkartuko zela esan zion, egun hartan neskak jaia baitzuen. Baina, gogoan izan txosten baten inguruan eztabaidatu nahi zenuela Davisekin. Txosten hura ez zen behin ere kutxa gotorrean egon... Daintryk hala egiaztatu zuen.

        — Ez zen oso garrantzi handiko txostena. Aitortu behar dut dena apur bat iluna dela, Emmanuel, baina nik ez nuke esango froga garbiak ditugunik. Idazkariarekin elkartu al zen?

        — Bai, jakina. Berarekin irten zen parke zoologikotik. Baina zer gertatu zen bien bitartean?

        — Bilete markatuaren teknika erabili al duzu?

        — Porton-go ikerketei buruzko gezurrezko istorio bat kontatu nion, berak erabat isilpean gorde zezan. Baina oraindik ez da ezer gertatu.

        — Ez dakit zer egin dezakegun orain arte lortu dugunarekin.

        — Jo dezagun ikararen ikaraz ihes egiten saiatzen dela.

        — Orduan, oso azkar jokatu beharko genuke. Erabaki al duzu nola jokatu halakorik gertatuz gero?

        — Gogoeta txiki eta polit bat mamitzen ari naiz, John. Kakahueteak.

        — Kakahueteak!

        — Kokteletan jaten dituzun gauza txiki gazi horiek.

        — Ondotxo dakit zer diren kakahueteak, Emmanuel. Ez ahaztu komisarioa izan nintzela Mendebaldeko Afrikan.

        — Beno, ba horixe da erantzuna. Kakahueteak hondatzen direnean, Aspergillus flavus-ek sortutako lizun bat hazten dute..., baina ahaztu izen hori. Ez da garrantzitsua, eta jakin badakit, gainera, latinean ez zarela sekula oso iaioa izan...

        — Segi aurrera, Jainkoaren izenean.

        — Gai hau aiseago uler dezazun, lizunaz arituko naiz batik bat. Horrek aflatoxina izeneko toxikotasun handiko substantzia-multzo bat sortzen du. Aflatoxina da gure arazo txiki honen erantzuna.

        — Zer egiten du substantzia horrek?

        — Gizakiei dagokienez, ez dakigu zehatz-mehatz, baina animalia guztiei kalte egiten die, beraz, seguru asko, guri ere ez digu onik batere ekarriko. Aflatoxinak zelula hepatikoak hiltzen ditu. Materia horren eraginpean badaude zelula horiek, hiru ordu besterik ez dituzte behar hiltzeko. Animalietan, goserik eza eta egoera letargikoa dira sintomak. Hegaztiei, ordea, hegalak makaltzen zaizkie. Autopsiak odoljarioa eta gibeleko nekrosia agertzen ditu, baita giltzurrun-butxadura ere. Barkaidazu, mesedez, nire hizkera zientifikoa. Batezbeste, astebete behar izaten du aflatoxinak heriotza eragiteko.

        — Emmanuel, alu hori! Betidanik gustatu izan zaizkit kakahueteak. Orain ezin izango dut halakorik berriro jan.

        — Ez duzu estutu behar, John. Kakahuete gaziak eskuz hautatzen dira... Nire ustez, istripurik beti gerta badaiteke ere, ez litzateke batere normala izango kakahueteak hondatzea, kakahuete lata bat irensteko zenbat denbora behar duzun kontuan izanda.

        — Zure ikerketak eginez primeran pasatu duzula ematen du. Batzuetan ikaratu egiten nauzu, Emmanuel.

        — Onartu egin behar duzu oso konponbide garbia dela gure arazo txiki honetarako. Autopsian gibeleko gaitza besterik ez litzateke agertuko eta espero dut auzitegiko medikuak Porto ardo gehiegi edateak dakartzan arriskuen berri emango diola jendeari.

        — Oso oker ez banago, zera hori nola lortu ere pentsatua duzu, zera, aero...

        — Aflatoxina, John. Ez da batere zaila. Porton-en dosiren batzuk prestatzen ariko zaizkit honezkero. Oso kantitate txikia behar da. Aski da 0'0063 mg gorputzak pisatzen duen kilo bakoitzeko. Jakina, Davis pisatu egin dut. 0'5 mg-ko dosi bat aski izango da. Baina ziur egoteko 0'75-ekoa egingo dugu. Nolanahi ere, lehenago dosi txikiago batekin egin dezakegu aproba. Aflatoxinak gizakiari eragiten dion moduari buruz oso informazio baliotsua jaso genezakeela da honek guztiak dakarren beste abantaila bat.

        — Ez al duzu inoiz zeure burua ikaratzen, Emmanuel?

        — John, hau ez da inola ere ikaragarria. Pentsa ezazu nola hil litekeen Davis bestela. Benetako zirrosi bat askoz geldoagoa izango litzateke. Aflatoxina-dosi batekin ez du ia sufrituko. Egoera letargiko gero eta handiagoa, eta beharbada min pixka bat hanketan, hegalik ez duenez, eta, noski, behin edo behin goragalea izango du seguru asko. Aste bakar bateko agonia patu zoriontsua da, jende askok zenbat sufritzen duen pentsatuz gero.

        — Dagoeneko kondenaturik balego bezala ari zara.

        — Beno, John, erabat ziur nago Davis dela gure gizona. Zuk argi berdea noiz emango zain nago, besterik ez.

        — Daintryri aski irudituko balitzaio...

        — A Daintry! John, ezin gara zain egon Daintryk eskatzen dituen frogak eskuratu arte.

        — Emadazu froga garbi bat.

        — Oraindik ezin dut, baina hobe dugu luzeegi ez itxarotea. Gogoan izan zer esan zenuen gau hartan, ehizaldiaren ondoren: emaztearen fideltasunik eza onartzen duen senarra haren maitalearen menpe dago. Ezin dugu enpresan eskandalu gehiagorik onartu, John.

        Beste giza irudi bat igaro zen handik, onddo itxurako kapela jantzita eta jaka-lepoa zut, eta urriko ilunabarrean desagertuz joan zen. Argiak piztu ziren banan-banan Foreign Oficcen.

        — Hitz egin dezagun gehiago amuarrainez, Emmanuel.

        — A, amuarrainak... Utziezu beste batzuei arrandiaka egon daitezen izokina dela eta ez dela..., animalia ergel horiek, lodiak eta koipetsuak, uraren norabidearen kontra igeri egiteko premiak itsuturik ibiltzen dira. Horrexegatik, hain zuzen ere, arrantzaleek erraz asko atzematen dituzte. Bota handi batzuk, beso indartsua eta laguntzaile argi bat besterik ez duzu behar. Amuarraina, ordea, ene bada, amuarraina! Horixe da uretako erregina.

 

 

2

 

        Daintry koronela St. James kalean bizi zen, Etxeko beste kide baten bidez eskuratutako bi gelako pisu batean. Gerra-garaian, MI6-ak pisu hura erabili zuen soldadugaiak elkarrizketatzeko. Eraikin hark hiru solairu besterik ez zituen, eta atezain zahar batek zaintzen zuen; atezain hura teilatupeko gela batean bizi zen, han nonbait, ikuspegitik kanpo. Daintry lehenengo solairuan zegoen, jatetxearen gainean (beheko ardaila zela-eta esna egoten zen gaueko ordu txikiak arte, azken taxiak handik alde egiten zuen arte, alegia). Goiko pisuan merkatari erretiratu bat bizi zen, zeinak garai batean SOErekin zerikusirik izan baitzuen, gerra-garaiko beste informazio-zerbitzuarekin. Ekialdeko Basamortuan borroka egindako jeneral erretiratu bat ere bizi zen bertan. Jenerala zaharregia zen eskaileran sarriegi ibiltzeko, baina merkataria, hezueriak jota zegoena, Carlton Club-eraino iritsi ohi zen; errepidea zeharkatu baino ez zuen egiten. Daintry ez zen sukaldari ona eta, eskuarki, otorduren bat aurrezten zuen saltxitxa hotzak Fortnum's-en erosiz. Ez zuen sekula klubik atsegin izan; gose izanez gero (eta hori oso bakanka gertatzen zen), Overton's bere pisuaren azpi-azpian zegoen, ez urrunago. Logelak eta bainugelak etxarte ñimiño eta zahar batera ematen zuten, eta han eguzki-erloju bat eta zilargile baten denda zeuden. St. James kaletik behera ibiltzen zirenetatik oso lagun gutxik zekiten etxarte hura bazela. Daintryren pisua ez zen batere deigarria, eta bai, ordea, oso egokia bakarrik bizi zen gizon batentzat.

        Daintryk Remington-a hirugarren aldiz ibili zuen aurpegian zehar. Bakardadearekin batera garbitasunerako ardura hazi egiten da, hilotz bati ilea hazten zaion bezala. Alabarekin afaritara joatekotan zen, eta hori oso gutxitan gertatzen zen. Daintryk Overton's proposatu zuen, han bera ezagutzen baitzuten; baina alabak esan zion roastbeef-a nahi zuela. Ez zuen onartu, halaber, Simpson's-era joaterik, jatetxe hartara batez ere gizonak inguratzen zirela esanez, han ere Daintry ezaguna izan arren. Alaba ekin eta ekin aritu zen Pandon kaleko Stone's-era afaritara joan zitezen; hantxe itxarongo zion arratseko zortzietan. Ez zen sekula Daintryren pisuan izan... hori amarekiko jokabidea ez-leiala izango zelakoan, jakin bazekien arren aitarekin ez zela emakumerik bizi. Ausaz, Overton's bera ere kutsatuta zegoen, haren etxetik hain hurbil egotearren.

        Daintry beti sutu egiten zen Stone's-en sartzeaz bat, kapela luze barregarri bat buruan zeraman gizon batek harrera egin eta mahaia aurrez erreserbaturik ote zeukan galdegiten zionean. Gaztea zelarik ezagutu zuen garai batean leku hartantxe zegoen jatetxe zaharra, haragian ezpezializatua, bonbardaketa batek suntsitu aurretik; geroago berregin zuten, luxuzko dekorazioa erabiliz. Daintryk iraganminez oroitzapen batzuk ekarri zituen gogora: batetik, antzinako zerbitzariak, frak hautseztatua soinean zutela; bestetik, zorua, non zerrautsa bazter guztietatik sakabanatuta ikus baitzitekeen; eta azkenik, garagardo sendoa, Burton-on-Trent delakoaren aparteko prozedurak baliatuz ekoiztutakoa. Orain, eskaileretan gora egin ahala, jokorako itzelezko karta batzuk erakusten zituzten zenbait panel funtsgabe ikusten ziren. Dekorazio hura egokiagoa zen joko-etxe bat apaintzeko. Jatetxearen beste aldean, beira esmerilatuaren atzean, iturri bat zegoen, eta bertatik isurtzen zen ur jostagarriaren azpian giza irudi biluzien estatua zuri batzuk zeuden. Hori zela eta, barruan udazkenak hotzago ematen zuen kanpoan baino. Alaba zain zeukan.

        — Sentitzen dut berandu etorri izana, Elizabeth —barkamena eskatu zuen Daintryk, zortziak jotzeko hiru minutu falta baziren ere.

        — Ez dio axola. Kopa bat eskatu dut.

        — Nik ere jerez bat hartuko dut.

        — Badaukat zuri zer kontaturik. Oraingoz amak daki, ez beste inork.

        — Zer moduz zure ama? —galdetu zuen Daintryk gizalegez. Beti horixe esaten zuen ezer baino lehen, eta lasaiago geratzen zen galdera hori egiteko ardura bizkar gainetik kendutakoan.

        — Ondo, hala eta guztiz ere. Brightonera joan da bi edo hiru aste bertan egitera, egunerokotasunetik irteteko.

        Kasik ezagutzen ez zuen pertsona bati buruz hitz egitea bezala zen hura. Bitxia zen pentsatzea Daintry eta bere emaztea garai batean hain elkarrenganatuta egon zirela, ezen biek elkarrekin bizi izan zuten sexu-espasmo baten ondorioz jaio baitzen mundura Tío Pepe bat hain dotore edaten ari zen neska gazte polit hura. Ohi zenez, tristura azaldu zen: horixe zuen Daintryk lagun bereiziezina bere alabarekin elkartzen zenetan... Halako erruduntasun-sentimendu bat zen. Erruduna? Zergatik ote? Sarritan borroka egiten zuen bere buruarekin, betidanik senar leiala izan arren.

        — Espero dut egun horietan eguraldi ona egitea —iruzkindu zuen.

        Daintryk jakin bazekien berak aspertu zuela emaztea, baina horrek ez zion zertan bihotz-zimikorik sortarazi. Azken batean, bere emazteak onartu egin zuen berarekin ezkontzea, horren guztiaren jakitun zelarik ere; inork ez zuen behartu isilune luzeetako mundu hotzean barna egitera. Daintryk bekaitz zien etxera iritsi eta bulegoko egun arrunt bateko hizkimizkiak kontatzeko askatasuna zuten gizonei.

        — Ez duzu berria entzun nahi, aita?

        Elizabethen sorbaldaren gainetik begiratu eta Davis bertan zegoela ohartu zen, bakarrik, bi lagunentzat atondutako mahai baten ondoan eserita. Zain zegoen eta hatzez mahai gainean tarrapataka ari zen, begiak zamauan tinko zituela. Daintryk espero zuen Davisek gorantz ez begiratzea.

        — Berria?

        — Esan dizut, ba. Amak bakarrik daki. Eta nirekin ezkonduko denak, jakina —gaineratu zuen ahalketuta irri eginez.

        Daintryk Davisen bi aldetan zeuden bi mahaiei erreparatu zien. Kasik espero zuen bere «itzala» edozein mahaitan ikustea, baina bazkaria amaitzen ari ziren bi zahar-bikoteek ez zuten Sail Bereziko kideen inolako antzik.

        — Badirudi ez duzula inolako interesik, aita. Adia galduta zaude.

        — Sentitzen dut. Ezagun bat ikusi dut. Zein da berri sekretua?

        — Laster ezkondu behar dut.

        — Ezkondu! —deiadar egin zuen Daintryk— Amak ba al daki?

        — Esan dizut badakiela.

        — Sentitzen dut.

        — Zergatik sentitzen duzu ni ezkontzea?

        — Ez nuen hori esan nahi. Zera esan nahi nuen... Jakina, ez dut sentitzen zuk merezi duzuna baldin bada. Oso neska polita zara, Elizabeth.

        — Ez nago salgai, aita. Baliteke zure garaian hanka polit pare bat merkatuan garesti saltzea.

        — Zer egiten du?

        — Publizitate-agentzia batean ari da lanean. Umeentzako Jameson talkoaren aurrekontua kudeatzen du.

        — Eta hori ona al da?

        — Oso ona. Egundoko dirutzak xahutzen dituzte Johnson talkoak merkatuko bigarren postua lortzeko. Colinek telebistarako iragarki zoragarri batzuk sortu ditu. Hori gutxi balitz, iragarki horien kanta ere berea da.

        — Oso gogoko duzu? Erabat ziur zaude...?

        Davisek beste whisky bat eskatu zuen. Menuari begira zegoen, ordurako makina bat aldiz irakurrita izango bazuen ere.

        — Biok guztiz ziur gaude, aita. Azken batean, urtebete daramagu elkarrekin bizitzen.

        — Sentitzen dut —berriro esan zuen Daintryk: desenkusen gaua ematen zuen hark—. Ez nekien. Zure amak, ordea, dagoeneko jakingo du, ezta?

        — Igarri egin zuen, noski.

        — Bera ni baino sarriago egoten da zurekin.

        Erbestaldi luze batera abiatu berri den gizonaren modura sentitzen zen, untzi baten bizkarretik itsasertzak osatzen zuen marra lausotuari begira zegoela, marra hura zeruertzean ezari-ezarian hondoratzen ari zen bitartean.

        — Colinek proposatu zidan gaur gauean etortzea biok elkar ezagut zenezaten, baina nik esan nion oraingoan bakarka egon nahi nuela zurekin.

        «Oraingoan»: luzarorako agurra ematen zuen. Orain Daintryk zeruertz biluzia ikusten zuen; lurra desagertua zen.

        — Noiz ezkonduko zara?

        — Hilaren hogeita batean, larunbata. Ezkontza zibila izango da. Ez dugu inor gonbidatuko. Ama izan ezik, noski. Eta lagun bakan batzuk. Colinek ez dauka gurasorik.

        Colin, galdetu zuen Daintryk berekiko, nor ote da Colin? A bai, Jameson-en lan egiten duena.

        — Poztuko nintzateke hara azalduko bazina... baina betidanik iruditu zait beldur diozula amarekin topo egiteari.

        Davisek ordura arte izandako itxaropen guztiak baztertu egin zituen. Whiskyak ordaindu ondoren, kontuaren gainetik begiratu eta Daintry ikusi zuen. Zera ematen zuen: bi etorkin untziaren bizkarrera asmo berberarekin helduak zirela, hau da, euren jaioterria azken aldiz ikustea, eta elkarri antzematerakoan, euren golkorako galdetzen zuten elkarrekin hitzik egin behar ote zuten... Davis beste aldera jiratu zen eta aterantz abiatu. Daintryk begiradarekin jarraitu zion, goibel. Artean sakonago elkar ezagutu beharrik ez zuten arren, bide luze bati ekin zioten elkarrekin.

        Daintryk bere edalontzia brastakoan paratu zuen mahai gainean, jerez apur bat isuri zuela. Kolpetik sumina sentitu zuen Percivalen kontra. Gizon hark ez zuen epaitegi batean defendatzeko moduko frogarik Davisen kontra. Ez zen Percivalekin fido. Ehizaldiaren eguna ekarri zuen gogora. Percival ez zen behin ere bakarrik egon, barre egitea hitz egitea bezain erraza zitzaion, pinturari buruzko ezaupideak zituen, ezezagunekin gustura sentitzen zen. Hark ez zeukan alabarik ezezagun batekin bizitzen inoiz ikusi ez zuen pisu batean ... eta gainera, pisu hori non zegoen ere ez zekien.

        — Gero kopa bat eta mokaduren bat hartzeko asmoa dugu hotel batean edo agian amaren pisuan. Horren ondoren, ama Brightonera itzuliko da. Baina etorri nahi baduzu...

        — Ez dut uste ahal izango dudanik; asteburu horretan bidaia bat egingo dut —gezurra esan zuen.

        — Hori da hori proiektuak aldez aurretik moldatzea!

        — Ezin dut besterik egin —Daintryk pena ematen zuen gezurra berriro esan zuenean—. Konpromiso gehiegi dira. Oso lanpeturik nago, Elizabeth. Jakin izan banu...

        — Ezusteko bat eman nahi nizun.

        — Bazkaria eskatu beharko genuke, ezta? Roastbeef-a hartuko duzu, noski, eta ez bildots-hanka, ez da horrela?

        — Bai, roastbeef bat.

        — Eztei-bidaiarik egingo al duzue?

        — A, beno, asteburu hori etxean emango dugu, besterik ez. Beharbada udaberrian... Orain Colin lanpetuegi dago Jameson talkoarekin.

        — Ospatu egin beharko genuke —proposatu zuen Daintryk—. Botila bat xanpaina? —Ez zuen xanpaina atsegin, baina gizonak bere eginbeharrak bete egin behar ditu.

        — Aukeran, baso bat beltz nahiago dut.

        — Eztei-opari bat pentsatu behar da.

        — Txeke bat izango da onena... eta zuretzat errazena. Zuk ez duzu gogoko erosketak egitera joatea. Amak alfonbra zoragarri bat oparituko digu.

        — Ez dut taloitegia ekarri. Astelehenean txeke bat bidaliko dizut.

        Bazkaldu ondoan, elkarri agur esan zioten Panton kalera iristerakoan. Daintry prest agertu zen bere alabari taxiz etxeraino laguntzeko, baina hark esan zion nahiago zuela oinez ibili. Daintryk ez zekien non bizi zen bere alaba Colinekin; ideiarik ere ez zeukan, egia esanda. Elizabethen bizitza pribatua berea bezainbesteko arduraz ezkutaturik zegoen, nahiz eta, Daintryren kasuan, ezkutatzeko gehiegirik sekula ez egon. Ez zuten sarriagotan elkarrekin bazkaltzen, elkarri ia zer esatekorik ez zeukatelako; baina, orduan, bere alaba bakarka berriro ikusiko ez zuela ohartu zenean, zertxobait abandonaturik sentitu zen.

        — Baliteke asteburu horretako konpromisoa atzeratzea —esan zuen.

        — Colini gustatuko litzaioke zu ikustea, aita.

        — Ondo irudituko al litzaizuke lagunen batekin joango banintz?

        — Bai, jakina. Nahi duzunarekin joan zaitezke. Norekin joango zara?

        — Ez nago ziur. Seguru asko bulegoko norbaitekin.

        — Oso ondo deritzot. Baina badakizu... benetan diotsut ez duzula zertan beldurturik. Amak atsegin zaitu.

        Alabari so egin zion, hura Leicester Square-rantz zihoala —eta gero, nora joango ote zen? auskalo—; Daintryk kontrako norabidea hartu zuen, St. James kalerantz, alegia.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia