IV. atala

 

 

1

 

        Castle Davisekin arduratzen hasia zen, dezente arduratu ere. Egia da Davisek bere malenkoniari iseka egiten ziola. Malenkonia hura erabat errotuta zegoen haren baitan, eta Castleri seinale txarra iruditzen zitzaion Davisek Cynthiaren atzetik ibiltzeari utzi izana. Gainera, ozenki adierazten zituen gogoetek gero eta zerikusi gutxiago zuten esku artean zerabilten lanarekin. Behin Castlek galdetu zion:

        — 69300/4-a, nor da?

        — Polana-ko gela bikoitz bat, itsasora begira —erantzun zuen Davisek.

        Nolanahi ere, haren osasuna ezin zitekeen arriskuan egon, Percival doktoreak azterketa osoa egin berria baitzion.

        — Ohi denez, Zairetik telegrama bat noiz bidaliko zain gaude —esan zuen Davisek—. 59800-ak ez du sekula gutaz pentsatzen, egusentiaren beroan atsedena hartzen duen bitartean, bere zurrutadei lotuta, munduak axolarik batere ez diola.

        — Hobe dugu ohar bat bidaltzea —iritzi zion Castlek.

        Orri batean hau idatzi zuen: «Gure 185.ak errepikapena edo erantzuna lehenbailehen». Erretilu batean utzi zuen, Cynthiak jaso zezan.

        Egun hartan, Davis burutik behatzetara ederki jantzita azaldu zen, apain-apain eginda. Zetazko zapi gorrimin berri-berri bat, dado hori ugariz apaindurik, dilindan zeukan poltsikotik, bandera baten modura, haizerik gabeko egun batean. Gorbata berde-botila kolorekoa zen, marrazki batez apaindurik, gorrimina hura ere. Hori gutxi bailitzan, jakaren mahuka baten azpitik irteten zen esku-zapi urdin biziak berria ematen zuen. Ezbairik gabe, ezin ederkiago zegoen apainduta.

        — Zer moduz asteburua? Ondo? —galdegin zuen Castlek.

        — Bai, bai. Nolabait. Oso lasai. Kutsadurako mutilak joan egin dira. Gloucesterko lantegi bateko kea usaintzera. Goma-lantegi batera.

        Patricia izeneko neska bat (eta ez Pat, inori ez baitzion uzten horrela deitzen) sartu zen eta erretiluan zegoen kabletelegrama bakarra jaso. Cynthia bezala, bera ere armadaren alaba zen, Tomlinson brigadierra bere osaba izaki. Ondo ikusita zegoen lehendik sail hartan lanean ari zirenen ahaide handiei lana ematea, segurtasunaren ikuspegitik... eta menturaz horrek erraztu egiten zuen bertako langileak miatzeko lana, kontaktu bikoitz asko zekartzanez gero.

        — Hau al da dena? —galdetu zuen neskak, 6.A baino sail garrantzitsuagoetarako lan egiten ohituta balego bezala.

        — Ezin dugu gehiagorik egin, Pat —erantzun zuen Castlek.

        Patriciak alde egin zuen atea danbada batez itxiz.

        — Ez zenuen zertan suminduarazi —errieta egin zion Davisek—. Watsonekin hitz egiten badu, eskola-orduaren ondoren telegramak idazten zigortuko gaituzte.

        — Non dago Cynthia?

        — Gaur bere jai-eguna da.

        Davisek eztarria garbitu zuen izugarrizko burrunba eginez, arraun-probaren hasierako adar-hotsa bailitzan, eta bazirudien aurpegian merkataluntzien bandera gorria agerian zuela, hain zegoen lotsatuta.

        — Zera galdetu nahi nizun... ea axola ote dizun nik hamaiketan hanka egiten badut. Agintzen dizut ordu batean puntu-puntuan itzuliko naizela. Gainera, ez dago zereginik. Inork nitaz galdetuz gero, esaiozu haginlariarenera joan naizela.

        — Daintry konbentzitzeko, hobe beltzez jantzita etorri izan bazina —azaldu zuen Castlek—. Soinean daramatzazun zirtzil deigarriek ez dute ondo ematen odontologi kontsultategiarekin.

        — Jakina, ez naiz benetan haginlariarengana joango. Kontua da Cynthiak esan zidala parke zoologikoan nirekin elkartuko zela panda erraldoiak ikusteko. Uste al duzu amore ematen hasia dela?

        — Erabat maiteminduta zaude, ez da hala Davis?

        — Benetako abentura bat nahi dut, Castle, ez besterik, denbora-mugarik gabeko abentura bat. Hilabete bat, urte bat, hamarkada bat. Gau bateko maitaldiez nazkatuta nago. Jai baten ondoren etxera itzultzen naiz King's Road-etik, goizeko lauretan, mozkor-mozkor eginda. Hurrengo goizean nirekiko esan ohi dut: «Ez zen gaizki egon, neska zoragarria zen; baina gauzak hobeto egin nitzakeen, esaterako, edariak ez nahasi...» Eta orduantxe burura etortzen zait zer-nolako gaua izango zen hura Cynthiarekin Lourenço Marques-en. Cynthiarekin gustura hitz egin nezake. Edonori lagungarri gertatzen zaio bere lanaz pitin bat hitz egitea. Dibertimendua amaitu eta berehala hasten dira galdezka Chelseako usotxoak: zer egiten dudan, non dudan bulegoa... Lehenago nik esan ohi nuen Aldermaston-en jarraitzen nuela, baina orain mundu guztiak badaki itxi egin dutela. Zer erantzun behar ote dut?

        — Zerbait egiten duzula City-an, adibidez.

        — Horrek ez du xarmarik batere, eta, gainera, usotxo horiek informazioa elkarren artean alderatzen dute.

        Davis bere gauzak biltzen hasi zen. Giltzapean itxi zuen bere fitxategia. Bere idazmahaiaren gainean zeuden bi orri mekanografiatu poltsikoan gorde zituen.

        — Bulegotik lanen bat atera behar al duzu? —galdetu zuen Castlek—. Kontuz Daintryrekin. Behin harrapatu zintuen.

        — Gure sailaren inspekzioa amaitu du. Orain 7.ari tokatzen zaio. Dena den, ohiko tontakeria besterik ez da: «Zuk soilik jakin dezazun. Desegin ezazu irakurri ondoren». Eta ez dira ez txantxetan ari, gezurra badirudi ere. Buruz ikasiko dut Cynthiaren zain nagoen bitartean. Dudarik gabe, berandu iritsiko da.

        — Gogoan izan Dreyfusena. Ez ezazu zakarrontzian utz kale-garbitzaileak topa dezan.

        — Cynthiaren aurrean erreko dut, jainkoei eskainitako oparia bailitzan —irten zen, baina berehala berriro sartu—. Zorte ona opa diezadazula nahi dut, Castle.

        — Jakina. Bihotz-bihotzetik.

        Sarritan errepikatu ohi den esamolde hori bat-batean iritsi zen Castleren ezpainetara, baina hura esaterakoan erakutsi zuen suak harrituta utzi zuen Castle bera, kobazulo ezagun batean sartzerakoan —oporretan, itsas ertzean— haitz ezagun batean giza aurpegi baten antigoaleko pintura bat ikusi izan balu bezala, onddoek kasualitatez sortutako marrazkia betidanik iruditu zitzaiona, alegia.

        Ordu erdi geroago, telefono-hotsa entzun zen. Emakume baten ahotsak esan zuen:

        — J.W.-k A.D.-rekin hitz egin nahi du.

        — Sentitzen dut —azaldu zuen Castlek—, A.D.-k ezin du J.W.-rekin hitzik egin.

        — Nor zara ba? —galdetu zuen ahotsak goganbehartsu.

        — M.C. izeneko bat.

        — Egon apur bat, mesedez.

 

        Castlek halako zaunka zorrotz bat entzun zuen telefonoz beste aldetik. Orduan ahots bat entzun zen, Watsonena dudarik gabe, haren inguruan antzematen zen zaunka-hotsaren artetik gailen:

        — Castle al zara?

        — Bai.

        — Davisekin hitz egin behar dut.

        — Ez dago hemen.

        — Non dago ba?

        — Ordu batean itzuliko da.

        — Ordurako beranduegi izango da. Non dago orain?

        — Haginlariaren kontsultategian —esan zuen Castlek gogo txarrez; ez zuen gogoko besteen gezurretan nahastuta egoterik, gezurrek gauza guztiak zaildu egiten zituzten eta.

        — Hobe dugu telefono-linea aldatzea —esan zuen Watsonek.

        Ohiko nahas-mahasa gertatu zen: batak azkarregi sakatu zuen botoi egokia eta transmisio normalari berriro lotu zitzaion, hain zuzen ere, besteak transmisioa aldatu zuenean. Gero, euren ahotsak bat etorri zirenean, Watsonek jarraitu egin zuen.

        — Bera aurkitzeko modurik ba al duzu? Bilera batean behar dute.

        — Ezin dut haginlariaren besaulkitik aldez edo moldez erauzi. Ez dakit, gainera, zein den bere haginlaria. Hori ez da bere espedientean ageri.

        — Ez? —Watsonen galderak gaitzespena isladatzen zuen—. Orduan oharren bat utzi beharko zuen non dagoen adieraziz.

        Garai batean Watson saiatu zen abokatu gisa lan egiten eta porrot egin zuen. Ausaz, bere ageri-ageriko prestutasunak epaileak laidoztatzen zituen. Tonu morala, pentsatuko bide zuten epailerik gehienek, eurentzat gorde behar zen, abokatu gazteek erabili beharrean. Baina «Foreign Officeko sail batean» berehala egin zuen gora, abokatu gisa mesede handirik egin ez zion ezaugarri horri esker. Aise atzean utzi zituen aurreko belaunaldiko Castle bezalako gizon asko.

        — Esan egin behar zuen irteteko asmoa zuela —esan zuen Watsonek.

        — Beharbada bat-batean etorri zaio hagineko mina.

        — Batez ere Davis bertan egotea nahi zuen C-k. Txosten bat dela eta ez dela, harekin eztabaidatu nahi zuen gero. Txostena jaso zuen, ezta?

        — Egia! Txosten bat aipatu zuen, bai. Betiko tontakeriaren bat zen, haren ustez.

        — Tontakeria? Erabat isilpean gordetzeko gaia zen. Zer egin du txostenarekin?

        — Uste dut kutxa gotorrean utzi duela.

        — Axola ez bazaizu zeure begiez egiaztatuko duzu hori?

        — Bai, hala eskatuko diot bere idazkariari. A, sentitzen dut, ezin dut! Gaur jai-eguna du. Baina, hain garrantzitsua al da?

        — Hala uste du C-k. Beno, Davis ez dagoenez, uste dut hobe duzula zeu etortzea bilerara. Baina Davisen kontua zen. 121. bulegoan, hamabietan puntu-puntuan.

 

 

2

 

        Ez zirudien bilerak hainbesterainoko premiarik edo garrantzirik zuenik. MI5-eko bat bertan zen, Castlek ezagutzen ez zuena; izan ere, MI5-ak eta MI6-ak zituzten erantzukizunak elkarren artean zehatzago bereiztea zen aztergai nagusia. Azken gerraren aurretik, MI6-ak ez zuen sekula Britainia Handian jardun, eta segurtasuna MI5-aren ardurapean zegoen. Sistemak Afrikan huts egin zuen Frantziak porrot egin zuenean eta Britainia Handiko zenbait agente Vichy-ko kolonietan infiltratu beharrarekin batera. Bakea berriro ezarri bazen ere, sistema zaharra ez zen sekula suspertu. Tantzania eta Zantzibar ofizialki bat eginik zeuden, estatu bakar bat osatzen zutelarik Commonwealth elkartearen barruan, baina zaila zen Zantzibar irla britaniartzat jotzea, txinatarrek bertan zeuzkaten entrenamendu-zelaiak zirela eta. MI5-ak eta MI6-ak Dar es Salaam-en ordezkariak zeuzkatelako sortu zen nahaspila, eta euren arteko harremanak ez ziren egundo ez oso estuak, ez oso beroak izan.

        — Lehia —esan zuen C-k bilerari hasiera emanez— onuragarria da neurri bateraino. Baina batzuetan ez da konfiantzarik egon. Beti ez diogu elkarri eman gure agenteei buruzko daturik. Batzuetan gizon berbera erabili dugu espioitza- eta kontraespioitza-lanak egiteko —aulkiaren bizkarrean bermatu zen, MI5-eko ordezkariari berea esaten uzteko.

        Watson alde batera utzita, Castlek oso lagun gutxi ezagutzen zuen hara bildutakoen artean. Hango gizon ile urdin eta argal bat, zeinak zintzur-sagar nabarmena zeukan, enpresako zaharrena zela uste zen. Chilton zuen izena. Hitlerren kontra izandako gerra baino askoz lehenago hasi zen han. Bitxia zen: ez zeukan etsairik. Une hartan nagusiki Etiopiaren ardura zuen. Bestalde, bera zen XVIII. mendeko merkataritza-gaietan bizirik zegoen autoritate nagusia, eta sarritan Sotheby's-ekoek deitzen zioten iritzia edo aholkua eskatzeko. Laker guardiako ofizial ohi bat zen, ile eta bibote gorriskak zeuzkan, eta Afrikako iparraldeko errepublika arabiarrez arduratzen zen.

        MI5-eko gizonak amaitu egin zuen zerbitzuen arteko interferentziei buruz esaten ari zena.

        — Beno, horrela daude gauzak! —esan zuen C-k—. 121. bulegoko ituna. Ziur nago orain denok hobeto ulertzen dugula Etxearen egoera. Benetan eskertzen dizut, Puller, bilera honetara etorri izana.

        — Pullen.

        — Barkatu, Pullen. Orain, eta mesedez ez pentsa batere abegitsuak ez garenik, izan ere, barneko gai batzuk eztabaidatu behar ditugu... —Pullenek atea itxi ondoren, berriro ekin zion:— Ez naiz sekula erabat eroso sentitzen MI5-eko morroi horiekin. Nolanahi ere, beti halako polizia-aire bat daramate aldean. Baina jakina, normala da, kontraespioitza-lanetan aritzen direla kontuan izanda. Nire ustez, espioitza ez da arlote baten lana; baina, noski, ni eskola zaharrekoa naiz.

        Percivalek ahotsa goratu zuen txoko urrun batetik. Castle ez zen ohartu ere egin bertan zegoela.

        — Nik MI9-a nahiago izan dut betidanik.

        — Zer egiten du MI9-ak? —jakin nahi izan zuen Lakerrek, bibotea hatzamarrez apaintzen zuen bitartean, MI-ko kide guztien artean benetako militar gutxi zegoela sinetsita; eta gutxi horietako bat bera zen, bere iritzirako.

        — Ahaztuta ditut aspaldi —esan zuen Percivalek—, baina beti atseginagoak iruditu zaizkit.

        Chiltonek unetxo batez barre egin zuen, zaunka egingo balu bezala. Watsonek hitz egiteari ekin zion:

        — Ez al ziren ihes egiteko metodoez arduratzen gerra garaian? Edo hori M11-ren eginkizuna zen? Ez nekien oraindik bazirela.

        — Beno, egia esanda, aspaldian ez ditut MI9-koak ikusi —aitortu zuen Percivalek, doktore batek izan ohi duen lasaitasun atsegina agerian utziz, gripearen sintomak azaltzen arituko balitz bezala—. Beharbada, ekipajea eginda daukate dagoeneko.

        — A bai, aizue, Davis hemendik al dago? —galdetu zuen C-k—. Txosten bat daukat berarekin komentatzeko. Uste dut ez dudala berarekin topo egin 6. Sailean zehar egin dudan erromesaldian.

        — Haginlariaren kontsultategian dago —jakinarazi zuen Castlek.

        — Ez zidan aurrez horren berri eman —kexatu zen Watson.

        — Beno, ez da oso premiazkoa. Afrikan ezer ez da premiazkoa. Aldaketak oso astiro gertatzen dira eta, eskuarki, oso gutxi irauten dute. Oso pozgarria litzateke Europaz gauza bera esaterik balego.

        C-k bere paperak bildu eta isilik alde egin zuen, bera gabe jaia askoz hobeto joango zela uste duen anfitrioiaren tankeran.

        — Arraroa da oso —esan zuen Percivalek—. Lehengo egunean Davis aztertu nuen, eta primerako hortzeria zeukala iruditu zitzaidan. Esan zidan ez zuela inoiz arazorik izan hortzekin. Lertzorik ere ez zeukan. Bide batez esanda, Castle, haginlari horren izena lortuko al didazu? Nire artxibategi klinikorako. Davisek osasun-arazorik balu, Etxeko geure gizonen eskuetan utzi nahi genuke. Horrela segurtasuna hobetu egiten da.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia