Hirugarren atala

 

 

1

 

        — Nola dago sasikume txikia? —galdegin zuen Davisek, azken hiru asteetako egun guztietan bezala.

        — Dena bere onera bueltatu da. Erabat sendatuta dago. Lehengo batean jakin nahi zuen ea noiz etorriko ote zinen guri bisita egitera. Atsegin zaitu... nahiz eta nik oraindik ez ulertu zergatik. Sarri hitz egiten du joan den udan egin genuen picnic hartaz; egun hartan ezkutaketan ibili ginela ere ez du ahaztu. Itxura denez, uste du inork ez dakiela bere burua zuk bezala ezkutatzen. Espioitzat hartu zaitu. Espioiez hitz egiten du, ni haurra nintzelarik maitagarriez hitz egiten genuen bezala. Oroitzen?

        — Uste al duzu Samek bere aita utziko lidakeela gaur gauean?

        — Zer dela eta? Zer gertatzen da ba?

        — Atzo, zu kanpoan zinen bitartean, Percival doktorea azaldu zen eta hizketan aritu ginen. Ba al dakizu benetan uste dudala esku artean darabiltela ni atzerrira bidaltzea? Percivalek galdetu zidan ea ez ote zidan axola izango analisi gehiago egiteak zera aztertzeko... odola, gernua, giltzurrunen erradiografia, eta abar horiek. Berak esan zidan kontu handiz ibili behar zela tropikoarekin. Gustatu egin zitzaidan. Kirolari-airea du.

        — Lasterketak?

        — Ez, egia esanda, arrantza gustatzen zaio, besterik ez. Kirol hori bakarti samarra da. Percivalek nire antza du nolabait: ez dauka emazterik. Bioi bururatu zitzaigun gaur gauean elkarrekin atera gintezkeela hirian zehar ostera bat egitera. Aspaldian ez dut horrelakorik egin. Ingurugiro Saileko morroi horiek aspergarri samarrak dira. Zer, animatzen al zara ezkongabearena egitera gau batez?

        — Etxerako azken trena hamaika eta erdietan irteten da Euston-etik.

        — Gaur gauean eskueran izango dut nire pisua. Ingurugiroko biak alderdi kutsatu bat aztertzera joan dira. Ohe bat utziko dizut. Bikoitza ala bakuna, zuk nahi bezalakoa.

        — Bakuna, mesedez. Zahartzen ari naiz, Davis. Ez dakit zer-nolako asmoak dituzuen Percival eta zuk.

        — Café Grill-era joan gaitezke afaritara, eta gero, strip-tease batera. Raymond's Revuebar-en Tita Rolls arituko da...

        — Zuk uste al duzu Percivali horrelako gauzak gustatzen zaizkiola?

        — Mihitik tiraka ibili nintzaion. Eta zuk sinesten ez baduzu ere, ez du strip-tease saio bakar bat bera ere ikusi bere bizitza osoan. Esan zuen izugarri gustatuko litzaiokeela holako saio batera joatea begiratu bat ematera konfiantzazko lankide batzuekin. Badakizu gure lanean zer gertatzen den. Berak ere sentitzen du guk sentitzen duguna. Ezin du bileretan ahoa behin ere zabaldu, segurtasun-arrazoiak direla medio. Urliak ezin du bururik altxatu ere egin. Gizon goibela da, horixe da hitza. Baina, Urlia hiltzen bada, zu ere hil zaitezke. Jainkoak gorde zaitzala. Baina, noski, zure kasua bestelakoa da... Zu ezkonduta zaude. Beti Sarahrekin hitz egin dezakezu eta...

        — Oso oker ez banago, ezin dugu gure emazteekin ere hitzik egin.

        — Ziur nago zuk hitz egiten duzula.

        — Ez, Davis. Eta emagaldu pare bat harrapatzea bururatuko balitzaizu, hitzik ere ez nieke egingo. Emagaldu asko MI5-erako lanean ari dira. A, beti ahaztu egiten dut izenak aldatu dizkigutela! Orain denok IS-koak gara, Informazio Sailekoak. Zergatik ote? Uste dut Semantika Saila ere egongo dela.

        — Zu ere apur bat aspertuta zaudela ematen du.

        — Bai. Agian, parrandatxo bat ondo etorriko zait. Sarahri deituko diot telefonoz eta esango diot... Zer esango ote diot?

        — Egia. Afaritara joango zarela zure nagusietako batekin. Garrantzitsua da enpresan duzun etorkizunerako. Nire etxean egingo duzu lo. Sarah nitaz fidatzen da. Badaki ez zaitudala bide okerretik eramango.

        — Bai, uste dut zutaz fidatzen dela.

        — Arraioa, hori egia da, ezta?

        — Bazkaltzera irteten naizenean deituko diot.

        — Zergatik ez duzu hemendik deitzen dirua aurrezteko?

        — Nire deiak pribatuak izatea gustatzen zait.

        — Benetan uste al duzu guri entzuteko lana hartzen dutela?

        — Zuk ez zenuke gauza bera egingo euren lekuan bazeunde?

        — Baietz uste dut. Baina, a ze gauza aspergarri piloa grabatu behar duten!

 

 

2

 

        Gaua ez zen erabat arrakastatsua gertatu, aski ondo hasi bazen ere. Percival doktorea, bere modura, geldoa eta dezente motela izanik ere, kide on samarra zen. Percivalek Castleri eta Davisi ahantzarazi zien euren saileko nagusia zela. Daintry koronelaren izena atera zenean, gizalegez iseka egin zion hari... Berak esan zuenez, asteburuko ehizaldi batean ezagutu zuen.

        — Arte abstraktua ez zaio gustatzen eta ez nau atsegin. Ehizan aritzen ez naizelako izango da—azaldu zuen Percival doktoreak—. Arrantzan egiten dut soilik.

        Ordurako, Raymond's Revuebar-era iritsiak ziren: estu-estu eserita zeuden, hiru whisky nekez sartzen ziren mahai txiki baten inguruan. Bitartean, neska gazte eta polit batek mugimendu bitxiak egiten zituen hamaka baten gainean.

        — Horri bai gustura botako nioke nik amua! —deiadar egin zuen Davisek.

        Neska soka batetik esekita zegoen High and Dry botila batetik edaten ari zen. Zurrutada bakoitzaren ondoan, jantziaren atal bat eranzten zuen, ginebrak sortutako axolagabe-aire bat zeriola. Azkenean, hamakak ez zien inolako trabarik egin neskaren ipurmasail biluziak ikusteko; Sohoko etxekoandre baten sare-poltsa zirudien, zeinetatik oilo baten ipurkonkorra ateratzen baitzen. Birmingham-go negozio-gizon talde bat txaloka hasi zen nolabaiteko grinaz, eta haietariko bat Dinner Club-eko txartel bat bere buruaren gainetik erakusten ausartu zen, beharbada bere ekonomi maila agertzeko asmoz.

        — Zer arrantzatzen duzu? —galdetu zuen Castlek.

        — Batez ere, amuarrainak eta zilar-arrainak —erantzun zuen Percivalek.

        — Alde handia al dago bien artean?

        — Aizu lagun, galdetu ehiztari bati alderik ba ote dagoen lehoia eta tigrearen artean.

        — Zuk zein nahiago duzu?

        — Egia esanda, kontua ez da zer nahiago dudan eta zer ez. Arrantza maite dut... edozein euli-arrantza. Zilar-arraina ez da amuarraina bezain argia, baina horrek ez du esan nahi beti errazagoa denik. Oso prozedura desberdina eskatzen du. Eta oso animalia borrokalaria da, eta borroka egiten du erabat akituta geratu arte.

        — Eta amuarraina?

        — Uretako erregea da. Erraz izutzen da... Bota batez edo makila batez ura doi-doi ukitu edota edozein zarata ateraz gero.... ospa egiten du. Gainera, eulia zehaztasunez ezarri behar da lehenengo jaurtialdian. Bestela... —Percivalek imintzio bat egin zuen besoarekin, biluzik zegoen beste neska baten aldera kainabera botako balu bezala, zeinek txuri-beltzez marraturiko zebra bat ematen baitzuen fokuen eraginez.

        — Ene, hori ipurdi puska! —oihukatu zuen Davisek miretsita.

        Davisek baso whiskya ezpainetara eramateko bide erdian zeukan; bitartean, arretaz begiratzen ari zen ipurdiak nola egiten zuen bira eta bira, Suitzako erloju baten mekanismoaren doitasunez: egundoko mugimendua zen, liluragarria.

        — Horrek ez dio inolako onik ekarriko zure odol-presioari —esan zuen txantxetan Percivalek.

        — Odol-presioa?

        — Goregi zenuela esan nizun.

        — Gaur ez nazazu zirikatu halako gauzekin! —erantzun zuen Davisek—. Rita Rolls larru gorritan. Ez du parerik!

        — Azterketa mediko sakonagoa egin beharko zenuke, atzerrira benetan joan nahi baduzu.

        — Primeran sentitzen naiz. Ez naiz neure bizitza osoan hobeto sentitu.

        — Arriskua, hain zuzen ere, hortxe dago.

        — Beldurtu egingo nauzu azkenean. Bota batez edo makila batez doi-doi ukitzea. Orain ulertzen dut zergatik arrainak... —Davisek zurrutada bat whisky edan zuen sendagai higuingarri bat balitz bezala, eta berriro ezarri zuen edalontzia mahai gainean.

 

        Percival doktoreak besoa estutu zion hau esaten ziola:

        — Txantxetan ari nintzen, besterik ez, Davis. Zu zilar-arrainen taldekoa zara.

        — Arrain gaixo bat besterik ez naizela esan nahi al duzu?

        — Ez duzu zilar-arraina gutxietsi behar. Oso nerbio-sistema zolia du. Eta borrokalaria da.

        — Orduan, ni bakailaotik hurbilago nago —iritzi zion Davisek.

        — Niri ez aipatu bakailaorik. Ez dut horrelako arrantzarik egiten.

        Argiak piztu egin ziren. Ikuskizuna bukatuta zegoen. Beste edozein gauza, zuzendariaren ustez, klimaxaren kontrako zerbait izango zen Rita Rollsen ondoren. Davisek une batez bere zoria proban jarri zuen tabernan txanpon-makina batekin. Aldean zeuzkan txanpon guztiak xahutu zituen eta bi eskatu zizkion Castleri.

        — Hau ez da nire gaua —esan zuen Davisek aldarte malenkoniatsua berreskuratuz: begi-bistakoa zen Percival doktoreak asaldaturik utzi zuela.

        — Zer iruditzen zaizu azken kopa nire etxean hartzen badugu? —gonbidatu zuen Percivalek.

        — Nik uste nuen edariarekin kontuz ibiltzeko aholkua emana zenidala...

        — Ene lagun maitea, gauzak euren neurritik ateratzen ari nintzen. Dena den, whiskya edaririk osasungarriena da.

        — Nolanahi ere, etxera joateko gogoa dut.

        Great Windmill kaleko zenbait ataritan, markesina txiki-gorrien azpian, emagalduak zeuden honela ziotela:

        — Nahi al duzu nirekin igo, laztana?

        — Hau ere saihesteko aholkua emango didazu, ezta? —esan zuen Davisek.

        — Beno, ezkonbizitzaren erregulartasuna osasungarriagoa da. Kalte gutxiago eragiten dio odol-presioari.

        Gaueko zaindaria Albany-ko eskaileraren mailak igurtzitzen ari zen, Percival doktoreak beste biak utzi zituenean. Albany-n zeukan gelak letra bat eta zenbaki bat zituen bereizgarri, D6, enpresa zaharreko beste sail bat bailitzan. Castlek eta Davisek Percivalen ibilerari erreparatu zioten, kontu handia baitzerabilen, zapatak ez bustitzeko. Arraroa zen halako gizon batengan, erreketako ur izoztuetan belaunetaraino sartuta ibiltzen ohituta zegoela kontuan izanda.

        — Damu dut Percival doktorea gurekin etorri izana —kexatu zen Davis—. Primeran pasatuko genuen gaur gauean bera gabe.

        — Uste nuen gogoko zenuela.

        — Eta hala zen. Baina gaur gauean nerbioak airean jarri nau bere arrantza-kontu madarikatuekin eta nire odol-presioari buruzko ele-mele amaitezinarekin. Zer dela-eta zion hainbesterainoko axola nire odol-presioak? Sendagilea al da benetan?

        — Uste dut urte asko daramatzala bere lana alde batera utzita —esan zuen Castlek—. Gerra baktereologikoan diharduten lagunen eta C-ren arteko bitartekari-lana egiten du. Sinetsita nago oso praktikoa dela sendagile-agiria daukan norbait hor izatea.

        — Leku horrek, Porton-ek, hotzikarak ematen dizkit. Jendea hitz eta pitz ari da bonba atomikoa dela eta ez dela, baina Porton-go gure erakundetxo hori zeharo ahazten dute. Inor ez da inoiz arduratu protesta-ibilaldirik antolatzeaz horren kontra. Inork ez darama soinean bakterioen kontrako pegatinarik. Eta bonba debekatuko balitz, probetatxo hilgarri horiek oraindik izango genituzke...

        Claridge's-eko kantoia atzean utzi zuten. Soineko luzeko emakume tantai-argal bat Rolls Roice batean sartu zen. Eta kopeta beltzeko gizon bat ere bai, haren atzetik. Gizon hark gorbata zuria zeraman, eta ezkutuka so egiten zion erlojuari... antzezpen eduardiano batetik ateratako bi aktore ematen zuten. Goizaldeko ordu biak ziren. Davisen pisura zihoazen eskailera-maila altuen gainean zuloz beteriko linolio higatu horiska bat zegoen, zeinak gruyère-gazta bat baitzirudien. Baina gutunetan West End barrutiaren orriburua agertuz gero, inor ez zen arduratzen huskeria horietaz. Sukaldeko atea zabalik zegoen eta Castlek plater zikin pilo bat ikusi zuen harraskan. Davisek sukaldeko armairuko atea ireki zuen: apalak botila erdi hustuez mukuru beterik zeuden... Dudarik gabe, ingurugiroaren babesa ez zen ez bere etxean hasten. Bi edalontzi betetzeko adina whisky zeukan botila baten bila hasi zen.

        — Berdin dio —esan zuen—, nahasi egingo ditugu. Egia esanda, whisky guztiak nahasketak dira. —Johnny Walker botila batean zegoen apurñoa White Horse markakoarekin konbinatuz, botilaren laurden bat osatu zuen.

        — Inork ez al du harrikorik egiten etxe honetan? —galdetu zuen Castlek.

        — Emakume bat etortzen da astean bi aldiz eta berari uzten diogu guztia. —Davisek atea ireki zuen.— Hauxe da zure logela. Zoritxarrez, ohea egin gabe dago. Neskamea bihar etortzekoa da. —Zapi zikin bat jaso zuen lurretik, eta txukuntasunaren mesedetan, kaxoian edonola sartu zuen. Gero, Castleri besotik helduta, egongelara eraman zuen. Eskukada batez kendu zituen jarleku batean pilatuta zeuden aldizkariak eta lurrera bota.

        — Buruan darabilt deitura legalki aldatzea —azaldu zuen.

        — Zein deitura hartu nahi duzu ba?

        — Davis, baina «e»z. Davies, Davies kalekoa. Halako doinu berezia du —oinak sofaren gainean ezarri zituen—. Ba al zenekien egin dudan nahasketa hau ez dagoela batere gaizki? White Walker izena jarriko diot. Diru asko irabazteko moduko ideia da: publizitatea mamu eme eder baten irudiarekin egin daiteke. Zein da zure bene-benetako iritzia Percival doktoreaz?

        — Oso atsegina iruditu zitzaidan. Baina, hala ere, galdera bat nuen golkoan...

        — Zein?

        — Zergatik hartu zuen gurekin gaua pasatzeko lana? Zer nahi zuen?

        — Berak lasai asko hitz egin zezakeen jendearekin gaua pasatu. Zergatik joan urrunago? Ez al zaizu gogaikarria egiten ahoa itxita ibili beharra beste batzuekin zaudela?

        — Berak ez zuen berea gehiegi ireki. Ezta gurekin zegoela ere.

        — Zu etorri aurretik hitz egin zuen.

        — Zertaz?

        — Porton-go gure erakundeaz. Dirudienez, produktu-mota batean oso atzean utzi ditugu estatubatuarrak, eta eskatu digute zomorrotxo hilgarri baten alde gogotik lan egiteko. Izan ere, zomorro hori oso erabilgarria da altitude jakin batean eta, aldi berean, basamortuan bizirik irauteko ahalmena du. Tenperaturak eta horrelako xehetasunek Txinara begira jartzen gaituzte. Edo Afrikara, beharbada.

        — Zergatik kontatu zizun hori guztia?

        — Beno, pentsatzekoa da guk zerbait dakigula txinatarrei buruz gure kontaktu afrikarren bidez. Zantzibarko txosten haren ondoren, gure izen ona dezente zabaldu da.

        — Hori duela bi urte gertatu zen eta txostenean esaten zena oraindik ez da baieztatu.

        — Percivalek esan zidan ez genuela ageriko ekintzarik egin behar. Agenteei itaunketarik ez. Gai sekretuegia da horretarako. Begiak zabalik izan behar ditugu edozein txostenetan aztarrenen bat aurkitzeko, txinatarrek «Infernuaren Ezkaratz» horretan interesik badutela egiaztatzeko. Gero, Percivali berari eman behar zaio informazioa zuzen-zuzenean.

        — Zergatik hitz egin zuen zurekin eta ez nirekin?

        — Nire ustez, zurekin ere hitz egitekoa zen, baina berandu iritsi zinen.

        — Daintryk berantarazi ninduen. Percivalek bulegora etortzea zeukan, hitz egiteko asmorik izanez gero.

        — Zerk kezkatzen zaitu?

        — Nik ez dakit egia esan ote dizun, ez besterik.

        — Zergatik ez zuen ba...?

        — Baliteke gezurrezko zurrumurru bat hedatu nahi izatea.

        — Ez gure bidez. Gu ez gara batere hitzontziak, ez zu, ez ni, ezta Watson ere.

        — Watsonekin hitz egin zuen?

        — Ez. Egia esanda, konpartimentu isolatuen ohiko hizketaldia izan zen. Erabat isilpean gorde behar da, Top Secret, esan zidan. Baina hori ezin zaizu zuri aplikatu, ezta?

        — Badaezbada hobe dugu haiek ez jakitea esan didazula.

        — Ene lagun maitea, oker ez banago, gure lanbidearen gaixotasunak jota zaude: susmotitisak...

        — Bai. Oso infekzio larria da. Horrexegatik buruan darabilt dena bertan behera uztea.

        — Barazkiak landatzeko?

        — Sekretua ez den edozein gauza egiteko, garrantzi gutxiko zerbait, eta neurri batean kaltegabea. Behinola publizitate-agentzia batean sartzekotan izan nintzen.

        — Kontuz ibili. Horiek ere sekretuak dituzte, sekretu komertzialak. —Telefonoak jo zuen eskailburuan.— Ordu honetan! —protesta egin zuen Davisek— Antisoziala da. Nor izan daiteke? —nekez altxatu zen sofatik.

        — Rita Rolls —iradoki zuen Castlek.

        — Hartu beste White Walker bat.

        Ez zuen astirik izan whiskyrik prestatzeko, lehenago Davisek deitu baitzion:

        — Castle, Sarah da.

        Ia goizaldeko ordu bi eta erdiak ziren eta Castle beldurrak hartu zuen. Haurrak konplikazioren bat izango ote zuen, berrogeialdiaren hondarrean egonagatik?

        — Sarah? —galdegin zuen— Zer duzu? Sami zerbait gertatzen al zaio?

        — Sentitzen dut benetan, laztana. Barkatu. Oraindik ez zeunden ohean, ezta?

        — Ez. Zer gertatzen da?

        — Beldurrak nago.

        — Sam?

        — Ez, Samekin ez du zerikusirik. Baina telefonoak gau erdiaz gero bi aldiz jo du eta inork ez du erantzuten.

        — Nahasiko ziren —esan zuen lasaiago—. Gauza bera gertatzen da beti.

        — Norbaitek badaki ez zaudela etxean. Beldurrak airean nago, Maurice.

        — Baina, ezer gerta al daiteke King's Road-en? Komisaldegia berrehun metrora dago. Eta Buller? Buller zurekin dago, ezta?

        — Lozorroan dago eta zurrunga egiten du.

        — Ahal izango banu, bueltatu egingo nintzateke baina ez dago trenik, eta taxiek ez nindukete ordu honetan hara eramango.

        — Neronek eramango zaitut kotxean —eskaintza egin zuen Davisek.

        — Ez, ez, ezta pentsatu ere.

        — Zer diozu? —galdetu zuen Sarahk.

        — Davisekin ari nintzen. Kotxean eramango nauela esaten dit.

        — A ez, hori ez! Zurekin hitz egin ondoren, hobeto nago. Buller esnatuko dut.

        — Sam ondo al dago?

        — Bai, oso ondo.

        — Poliziaren telefono-zenbakia daukazu. Bi minututan horra iritsiko lirateke.

        — Ni naiz tuntuna, ni! Ez da horrela? Tuntun hutsa, bai.

        — Tuntun liluragarria zara zu.

        — Esaiozu Davisi sentitzen dudala. Tira ba, ez galdu denbora gehiago nirekin.

        — Gabon, laztana.

        — Gabon, Maurice.

        Bataio-izena erabiltzea maitasunezko erakusgarria zen... elkarrekin zeudenean maitasunerako gonbidapena zen. «Laztana» eta «maitea» bezalako xerazko hitzak jendearen aurrean erabili ohi dira; bataio-izena, ordea, barne-barnekoa eta pribatua da, eta ezin da agerian utzi tributik kanpoko inoren aurrean. Maitasunaren klimaxean, Sarahk ozenki esan ohi zuen Castleren tribu-izen sekretua, garrasika. Castlek entzun zuen nola eskegitzen zuen Sarahk telefonoa, baina berea belarri parean atxiki zuen une batez.

        — Dena ondo al doa benetan? —jakin nahi izan zuen Davisek.

        — Bai. Sarahrekin bai —egongelara itzulita beste whisky bat prestatu zuen beretzat—. Baina uste dut zure telefonoa zulatuta dagoela.

        — Nola dakizu hori?

        — Jakin ez dakit. Senak hala diosta, hori da dena. Gogoratu nahi dut zerk piztu didan ideia hori.

        — Ez gaude Harri Aroan. Gaur egun inork ez du ahalmenik bere telefonoa zulatuta dagoela ohartzeko.

        — Baldin eta ganorarik gabe ari ez badira behintzat. Edo zeuk jakitea nahi ez badute.

        — Zertarako nahi ote lukete nik jakitea?

        — Zu beldurtzeko, beharbada. Auskalo.

        — Dena den, zertarako zulatu behar zuten nire telefonoa?

        — Segurtasuna da kontua. Ez dira inorekin fidatzen. Eta are gutxiago gureak bezalako postuetan arituz gero. Geu gara arriskutsuenak. Pentsatzekoa da geuk ezagutzen ditugula erabateko isiltasuna eskatzen duten gai madarikatu guztiak.

        — Ni ez naiz arriskutsu sentitzen.

        — Piztu disko-jogailua —eskatu zuen Castlek.

        Davisek pop-musika bilduma bat zuen, etxeko beste edozer baino kontu handiagoz zaintzen zuena. Britainiar Museoko liburutegia bezainbesteko zorroztasunez katalogatuta zegoen dena, eta edozein urtetako pop kantaririk aipagarrienek Derbyko irabazleek bezain erraz betetzen zuten Davisen oroimena.

        — Oker ez banago, nahiago duzu modaz pasatutako zerbait klasikoa, ezta? —Castleri galdeginda, The Beatles taldearen A hard day's night! kanta paratu zuen.

        — Ipini ozenkiago.

        — Ez da zertan ozenkiago entzunik.

        — Berdin dio, ipini ozenkiago.

        — Hau jasanezina da, benetan.

        — Gure artera bilduago sentitzen naiz —azaldu zuen Castlek.

        — Uste al duzu entzuten ari zaizkigula?

        — Hala balitz, ez nintzateke harrituko.

        — Inondik ere, gure lanaren gaixotasunak jota zaude —adierazi zuen Davisek.

        — Percivalek zurekin izandako solasaldiak arduratuta nauka. Ez dut sinesten... Susmo txarra hartu diot. Nire ustez, filtrazio baten atzetik dabiltza; hori baieztatu nahian ari dira.

        — Nigatik primeran. Horixe da haien lana, ez al duzu uste? Baina ez zait oso arriskutsua iruditzen inor maniobraz hain erraz ohartzen bada.

        — Egia da. Baina, nolanahi ere, Percivalen istorioa egiazkoa izan daiteke. Egiazkoa eta dagoeneko inoren belarriek jasotakoa. Agente batek, inolako susmorik izanez gero, inori jakinarazi beharko lioke, bestela...

        — Eta zure aburuz, haiek uste al dute geuk sortu dugula filtrazioa?

        — Bai. Bietako batek. Edo biok beharbada.

        — Baina horrela ez denez, zer axola zaigu guri? —esan zuen Davisek—. Ohean egon beharko genuen aspaldi, Castle. Mikrofonorik badago burukoaren azpian, nire zurrungak besterik ez dituzte entzungo —disko-jogailua itzali zuen—. Zu eta biok ez ginen jaio agente bikoitzak izateko.

        Castle biluztu egin zen eta argia itzali zuen. Gela nahaspilatu txiki hura gaizki egurastuta zegoen. Gilotina-leihoa jasotzen saiatu zen, uhala hautsita zegoen baina. Kalerantz so egin zuen. Goizaldeko ordu hartan ez zebilen inor kalean, ezta polizia bakar bat ere. Taxi bakar bat zegoen geltokian, Davies kalean behera, Claridge's-erako bidean. Lapurreten kontrako alarma batek alferrik jo zuen Bond kaleko lekuren batetik. Zirimiria hasi berria zen, espaloian islada beltzak sortzen zituela, poliziaren zirak bezalakoak. Gortinak itxi ondoren oheratu egin zen, baina ezin izan zuen loak hartu. Galdera batek asaldaturik esna egon zen luzaz: betidanik al zegoen taxi-geltoki hura han, Davisen etxetik hain hurbil? Ez al zuen behin Claridge's-en beste alderaino joan behar izan, taxi bat hartzeko? Lo geratu aurretik, beste zalantza batek kezka ekarri zion. Bere buruari galdetu zion ea Davis erabiltzen ari ote ziren bera zelatatzeko. Edo Davis gizajoaz baliatzen ari ote ziren berari oharkabean bilete markatu bat emateko? Funtsean ez zuen sinesten Porton-i buruz Percivalek kontatu zuen istorioa. Eta, hala ere, Davisi esan zion bezala, egiazkoa izan zitekeen.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia