Bigarren atala

 

        Urriko bigarren astean, Sam artean berrogeialdian zegoen ofizialki. Ez zen konplikaziorik sortu, beraz, Samen etorkizuna arriskutan jar zezakeen zemai bat desagertua zen, etorkizun hori Castleri betidanik ustegabeko zelata baten modura irudikatzen bazitzaion ere. Igande goiz batean, High Street-en behera zetorren bitartean, eskerrak emateko halako ekintza bat egiteko gogoa sentitu zuen ziplo -mito huts bati eskerrak ematea besterik ez bazen ere-, Sam onik zegoelako; eta bat-bateko bultzada hari ezin eutsirik, elizan sartu zen une batez. Meza amaitzekotan zegoen eta hara bildutakoak, ondo jantzitako gizon eta emakumeak, helduak eta zaharrak, zutik zeuden, tente, armadan bezala, halako erronka-aire batez abesten ari zirela, kantuen egiazkotasuna euren barnean zalantzan jarriko balute bezala: «Han, urruti, muino berde bat dago, hiriaren harresiez haraindi». Hitz soil eta zehatz haiek, kolore-ukitu bakar bat zutela, sarritan antzinako margo-lanetan agertu ohi ziren herrien ingurumariak gogora ekarri zizkioten Castleri. Harresia geltokitik harantzago zegoen dorretzarraren aurriak bezalakoa zen, eta herri-lurraren muino berdearen magaletik gora, bertan behera utzitako tiro-zelaiaren goialdean, zutoin garai bat egon zen antzina, urkatuen irudikapenen ekarle. Une batez, jende haren sineskera sinestezinarekin bat egitekotan izan zen: Sarahren semea arriskutik atera zenez, herri-lurreko eta gazteluko Jainkoari eskerrak eman nahi zizkion, eta otoitz bat haren haurtzaroko Jainkoari ahapeka egiteak ez ziokeen inori kalterik egingo. Kolpetik eztanda batek meza-kantaren hitzak sakabanatu zituen eta ekialdera begira zegoen leihoaren beirate zaharra dardarka jarri zuen, zutoin batetik zintzilik zegoen gurutzatu baten buru-babesa astindu zuelarik. Castle helduen mundura itzuli zen. Behingoan handik atera egin zen eta igandeko egunkariak erosi zituen. Sunday Express egunkariaren azalean honako titulu hau irakur zitekeen: «Haur baten gorpua aurkitu da baso batean».

        Arratsaldean Sam eta Buller paseoan eraman zituen herri-lurrean zehar, Sarahk lo egiten zuen bitartean. Castlek nahiago izango zuen Buller etxean utzi, baina haren protestek Sarah esnatuko zuten. Castle, hala ere, lasaitu egin zen Bullerrek herri-lurrean katu galdurik topatuko ez zuelakoan. Uda batean -hiru urte lehenago- bere baitan piztutako beldurra ez zitzaion artean iraungi: patuak ziplo ataka gaizto bat ekarri zion pagoen artean picniczale batzuk ezarri zituenean, garranga urdin batez lepoa inguraturik eta zetazko lokarri gorrimin bati loturik zihoan katu ponpoxo bat lagun zutela. Katuak, siamdarra izaki, ez zuen astirik izan ez suminezko ez saminezko oihurik egiteko, lehenago Bullerrek bizkarra apurtu baitzion, eta gero gorpua bere bizkar gainetik jaurti zuen, zaku bat kamioian zamatzen duen gizonaren gisara. Horren ondoren, Buller trostan hasi zen erne, zuhaitzen artean burua alde batera eta bestera eramaten zuen bitartean, eta Castlek bakar-bakarrik aurre egin behar izan zien picniczale suminduei, erabat atsekabeturik baitzeuden.

        Seguraski urrian ez zen picniczalerik ibiliko han; hala ere, eguzkia kasik sartu arte itxaron zuen Castlek, eta King's Road-en behera Buller lotuta eraman zuen, High Street-en kantoiko komisaldegitik harantzago. Behin ubidea, trenbideko zubia eta etxe berriak atzean utzi ondoren (etxe haiek mende laurden bat lehenago eraikiak izan arren, Castleri berria iruditzen zitzaion bere haurtzaroan ez zen oro), Buller askatu egin zuen eta txakurrak, ondo hezita zegoenez, bizkarra berehala okertu eta, presarik gabe, gorotza egin zuen zidorraren ertzean. Begiak aurrerantz tinkatuta zeuzkan, bere barnera begira ari bazen ere. Saio higieniko haietan soilik ematen zuen txakur argia. Castlek ez zuen Buller atsegin... Sarahri lagun egiteko erosi zuen, baina Bullerrek erakutsia zuen ez zuela balio txakur zaindaria izateko; hartara, beste ardura bat besterik ez zen Castlerentzat, nahiz eta Bullerrek Castle beste inor baino gehiago maitatu, txakur guztiek bezala, hark ere gaitzetik ona bereizteko gaitasunik ez zeukalako.

        Garoa urre ilun kolorea hartzen ari zen, udazken onen ezaugarri, eta lore bakan batzuk besterik ez ziren geratzen otaberen artean. Castle eta Sam alferrik bilatzen ari ziren garai batean han goian kokaturik zegoen tiro-zelaia. Antza denez, herri-lurraren luze-zabal amaigabearen gainean zegoen, buztin gorrizko haitz batean. Landaretza akituak tiro-zelaia itoa zuen dagoeneko.

        — Han espioirik tirokatzen al zuten?

        — Ez, ez. Nolatan bururatu zaizu horrelakorik? Lehenengo Mundu Gerran fusilekin praktikak egiteko balio zuen bakar-bakarrik.

        — Baina, espioiak egon badaude, ezta? Benetako espioiak, esan nahi dut.

        — Baietz uste dut. Zergatik galdetzen didazu hori?

        — Ziur jakin nahi nuen, besterik ez.

        Castleri burura etorri zitzaion, Samen adina zeukanean, bere aitari galdetu ziola ea benetan maitagarririk ba ote zen; bere aitaren erantzuna, berriz, ez zen berea bezain egiazkoa izan. Bere aita sentimental hutsa izan zen eta kosta ahala kosta sinestarazi nahi zion bizitzak merezi zuela. Ez zen bidezkoa izango ziria sartu izana aurpegiratzea: hala eta guztiz ere, azken batean, maitagarria, esango zuen bere aitak, kasik benetakoa zen zerbaiten ikurtzat jo zitekeen. Artean ere, baziren euren seme-alabei Jainkoa bazela esaten zieten gurasoak.

        — 007 bezalako espioiak?

        — Beno, berdin-berdinak ez —Castle saiatu zen gaiaz aldatzen—. Txikitan uste nuen hemen herensuge bat bizi zela, lur azpiko aterpe zahar batean, lubaki haien artean.

        — Non daude lubakiak?

        — Orain ezin dituzu ikusi, garoak direla eta.

        — Zer da herensugea?

        — Badakizu... izaki korazadun horietako bat, ahotik sua botatzen duena.

        — Tankeak bezala?

        — Beno, bai, tankeak bezala, gutxi gora-behera —Bien irudimenen arteko lotunerik ezak Castle adoregabetu zuen—. Baina musker izugarri baten antz handiagoa du—argitu zuen.

        Gerora, Castle ohartu zen haurrak tanke asko ikusiak zituela, baina haiek muskerren lurraldetik atereak zirela haurra jaio aurretik.

        — Inoiz ikusi al duzu herensugerik?

        — Behin kea ikusi nuen lubaki batetik gora, eta pentsatu nuen herensuge bat zela.

        — Beldurtu al zinen?

        — Ez, garai hartan bestelako gauzei nien beldur. Eskola gorrotatzen nuen eta lagun gutxi neukan.

        — Zergatik gorrotatzen zenuen eskola? Nik ere gorrotatuko al dut? Benetako eskola, esan nahi dut.

        — Guztiok ez ditugu etsai berberak izaten. Zuk agian ez duzu, nik bezala, herensuge baten premiarik izango, zuri laguntzeko. Mundu guztiari okaztagarria iruditzen zitzaion nire herensugea eta horrexegatik hil nahi zuten. Haserre zegoelarik haren ahotik irten ohi ziren keari eta garrei beldur zieten. Gauez neure logelatik hanka egiten nuen, neure hornigai-kutxatik sardina-lata batzuk hartu eta hari emateko. Sardinak lataren barruan maneatzen zituen bere arnasarekin. Bero gustatzen zitzaizkion.

        — Baina hori benetan gertatu al zen?

        — Ez, jakina; baina orain ia egiazkoa iruditzen zait. Behin logelako ohean etzanda nengoen, izaren azpian negarrez, hiruhileko hartako lehenengo astea zenez, oporretarako hamabi aste amaigabe falta zirelako. Eta nik beldur nion... inguruan nuen guztiari. Negua zen eta kolpetik nire logelako leihoa ikusi nuen lurrin beroak lausoturik. Eskuaz lurruna kendu nuen eta beherantz begiratu. Hortxe zegoen herensugea, eta kale beltz ezkoan etzanda zegoenez, erreka batean zebilen krokodiloa ematen zuen. Lehenago ez zen inoiz herri-lurretik atera, denak kontra zituelako (nik ere denak kontra nituela uste nuen bezalaxe). Hori gutxi balitz, poliziak errifleak arasa batean gordetzen zituen herensugea hiltzeko, hirira hurbilduz gero. Baina hortxe zegoen, geldi, hats-hodei beroak botatzen zituela nire aldera. Jakin bazekien eskolak hasiak zirela; era berean, jakitun zen ni zoritxarreko sentitzen nintzela eta bakarrik nengoela. Edozein txakur baino argiagoa zen, Buller baino askoz ere argiagoa.

        — Adarra jotzen didazu —esan zuen Samek.

        — Ez, garai bateko gauzak gogoratzen ari naiz, besterik ez.

        — Zer gertatu zen gero?

        — Keinu sekretu bat egin nion zera esateko: «Arriskua. Alde!». Izan ere, ni ez nengoen ziur berak ba ote zekien poliziak errifleak zeuzkala.

        — Alde egin al zuen?

        — Bai. Poliki-poliki. Atzera begiratzen zuen bere isatsaren gainetik, ni utzi nahi ez banindu bezala. Baina geroztik ez nintzen berriro beldurtu, ezta bakarrik sentitu ere. Hain maiz ez, behintzat. Banekien seinale bat aski nuela herri-lurraren azpian zeukan aterpetik atera eta niri laguntzera etortzeko. Makina bat seinale sekretu genuen, kodeak, zenbakiak...

        — Espioien moduan —azaldu zuen Samek.

        — Bai —aitortu zuen Castlek etsita—, baietz uste dut. Espioien moduan.

        Castleri burura etorri zitzaion behin herri-lurraren mapa egin zuela, bertan bai lubakiak eta bai garoek ezkutatzen zituzten bidezidor sekretuak ikusten zirela. Espioien modura hura ere.

        — Etxera itzultzeko ordua da. Zure ama urduri egongo da...

        — Ez. Lasai, zurekin nago eta. Herensugearen haitzuloa ikusi nahi dut.

        — Egia esan, ez da egundo herensugerik izan.

        — Baina ez zaude erabat ziur, ezta?

        Castlek nekez aurkitu zuen lubaki zaharra. Sasitza mardul batek estaltzen zuen herensugeak lur azpian zeukan aterpea. Inguru hartan aurrera zihoan bitartean, estropezu egin zuen kontserba-lata herdoildu batekin, eta lata jirabiraka atera zen.

        — Ikusten? Janaria ekartzen zenion —esan zuen Samek, eta herrestan aurrera egin zuen, baina ez zuen ez herensugerik ez hezurdurarik aurkitu—. Poliziak eramango zuen beharbada. —Lata jaso zuen—. Tabakoarena da, ez sardinena.

        Gau hartan, ohean zegoela, Castlek galdegin zion Sarahri:

        — Benetan ez al duzu uste beranduegi dela?

        — Zertarako?

        — Nik lanari uzteko.

        — Ez, jakina. Oraindik ez zara zaharra.

        — Beharbada beste norabait joan beharko genuke bizitzera.

        — Zergatik? Leku hau beste edozein bezain ona da.

        — Ez al zenuke nahi gu norabait joatea? Etxe hau ez da beste munduko gauza, ez al zaizu iruditzen? Beharbada, atzerrian lana aurkituko banu...

        — Samek etxe egonkorra izatea nahi nuke, hortik urruntzen denean nora bueltaturik izan dezan. Bere haurtzaroan ezagutu zuen leku batera. Zu bueltatu zinen bezala. Leku zahar batera. Leku seguru batera.

        — Trenbide ondoko antigoaleko aurri batzuetara?

        — Bai.

        Castleri burgesen ahotsak gogora etorri zitzaizkion, haien jabe dotore bezain gozoak, harrizko eliza batean kantari, astero bizi izaten zuten fede-unea erakutsiz: «Han, urruti, muino berde bat dago, hiriaren harresiez haraindi...»

        — Aurriak politak dira —azaldu zuen Sarahk.

        — Baina zu ezin izango zara inoiz zure haurtzarora bueltatu.

        — Hori desberdina da, nik ez nekien zer zen seguru sentitzea. Zu ezagutu arte. Eta ez zegoen aurririk... etxolak baizik.

        — Muller etorriko da, Sarah.

        — Cornelius Muller?

        — Bai. Orain gizon garrantzitsua da. Berarekin atsegina izan behar dut. Hala agindu didate.

        — Ez estutu. Dagoeneko ezin digu minik egin.

        — Ez, baina ez nuke zu arduratzerik nahi.

        — Zergatik arduratu behar nuen ba?

        — C-k Muller etxera gonbida dezadan nahi du.

        — Gonbida ezazu ba. Eta ikus dezala nola biok... eta Sam...

        — Ados zaude?

        — Bai, jakina. Anfitrioi beltza Cornelius Mullerrentzat. Eta haur beltz baten ama, gainera.

        Barrezka hasi ziren, beldur-zantzu bat erakutsiz, ordea.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia