Lehenengo atala

 

 

1

 

        Gazte zahar bat diskoteka bateko atealdea erratzaz garbitzen ari zen, Little Compton kalean, Castle handik igaro zenean. Ilea luze-luzea zeukan, sorbaldetaraino, eta XVIII. mendeko fraide baten aingeru-begirada arduratsua.

        Egun hartan Castlek trena ohi baino lehenago hartu zuenez, hiru ordu laurden zituen beretzat, bulegora joateko ordua iritsi aurretik. Ordu hartan, Soho alderdiak lañotasun eta xarma apurñoren bat erakusten zuen, Castlek bere oroimenean bizirik zuena gaztarotik. Kale-kantoi hartantxe entzun zuen estreinako aldiz atzerriko hizkuntza bat, eta ondoko jatetxe txiki merkean edan zuen bere lehenengo ardoa. Castle garai hartan hain gutxitan ateratzen zen bere ohiko bizi-ingurutik, Old Compton kalea zeharkatzea Mantxako kanala alderik alde igarotzea bezalakotsua iruditzen baitzitzaion. Goizeko bederatzietan, strip-tease ikuskizunak eskaintzen zituzten lokal guztiak itxita zeuden; gogoan zituen delicatessen-ak baino ez zeuden zabalik. Etxebizitzetako txirrinen aldameneko izenak (Lulu, Mimi eta tankera horretakoak) Old Compton kalean arratsaldean eta gauean egiten ziren jardueren adierazgarri bakarrak ziren. Isurbideek ur freskoa harat-honat zeramaten eta etxeko andre goiztiarrak haren ondotik igarotzen ziren, zeruaren hits lanbrotsuaren azpian. Poltsa handiak zekartzaten salami-z eta leberwurst-ez beterik, baita halako garaipen-aire bat ere. Polizia bat bera ere ez begien aurrean, iluntzean hortik binaka ibiltzen baziren ere. Castlek kale lasai hura zeharkatu zuen liburudenda batean sartzeko. Urte batzuk ziren hara usu joaten zela.

        Kanpoko itxura zela eta, liburudenda hark begirune handia merezi zuen, ohiz bestekoa, Sohoko alde hartan. Aurre-aurrean, berriz, beste liburudenda bat zegoen, oso bestelakoa baina. Liburudendak kartel soil bat zeukan, «Books» hitza gorri biziz idatzirik ageri zuena. Kartel haren azpian, erakusleihoan, aldizkari pornografikoak ikus zitezkeen, antza, inortxok ere erosten ez zituenak: aspaldi deszifratutako kode erraz baten ezaugarriaren modukoak ziren haiek; agerian uzten zuten zer saltzen zen bertan, baita barruan zein gai eta negozio-mota ezkutatzen ziren ere. Halliday & Son dendak Books gorri bizi koloreko gonbidapen hari aurre egiten zion Pengin eta Everyman's liburu-bildumetako aleez eta Klasiko Unibertsalak liburu-bildumako bigarren eskuko liburukiez beteriko erakusleihoaren bidez. Semea ez zen sekula hara azaltzen; Mr. Halliday, berriz, hantxe egoten zen dendan, bakarrik. Ile urdineko gizon zaharra zen, markurtuta zebilen eta halako jendatasun-aire bat zuen jantzirik, antigoaleko soineko bat bailitzan, bere ehorzketa ordurako gorde nahi bide zuena. Eskuz idazten zituen bere merkataritza-gutun guztiak, eta horretantxe ari zen une hartan.

        — Mr. Castle, udazkeneko goiz hau polita atera da, ezta? —diosal egin zion Mr. Hallidayk, «beti zure esaneko» esaera kontu handiz idazten ari zen bitartean.

        — Gaur goizean antzigar apur bat zabaldu da zelaietan zehar.

        — Laster izango da horretarako tenorea—iritzi zion Mr. Hallidayk.

        — Ba al duzu Gerra eta Bakea liburua? Oraindik ez dut irakurri eta uste dut badela, izan ere, horretarako garaia.

        — Clarissa osorik irakurri duzu?

        — Ez, baina uste dut asmatu ezinean nabilela, ez aurrera ez atzera. Oraindik zenbat liburuki irakurri gabe ditudan pentsatze hutsak... Aldaketa behar dut.

        — Macmillanen argitalpena agortuta dago, baina uste dut Klasiko Unibertsalak bildumako bigarren eskuko liburu bat daukadala. Liburuki bakarra da eta egoera onean dago. Aylmer Maudek egin zuen itzulpena. Maude bezalakorik ez dago Tolstoi itzultzen. Ez zen itzultzaile hutsa, baizik eta egilearen laguna ere bai —idazluma pausatu zuen eta atsekabeturik begiratu zion «beti zure esaneko» zioen esaerari; begi-bistakoa zen erabilitako idazkerarekin ez zela pozik geratu, ezta hurrik eman ere.

        — Itzulpen hori nahi dut. Bi ale, jakina.

        — Axola ez bazaizu, gauza bat galdetuko dizut: nola doaz zure gauzak?

        — Semea gaixo daukat. Elgorria. Ez da kezkatzekoa, ez da-eta konplikaziorik sortu.

        — Pozten naiz hori entzuteaz, Mr. Castle. Garai hauetan elgorriak buruhauste handiak eragiten ditu. Eta bulegoan dena ondo, ezta? Nazioartean krisialdirik ez?

        — Ezer ez, nik dakidala behintzat. Bare-bare dago guztia. Buruan oso serio darabilt lan hau uztea.

        — Pena ematen dit zuri hori entzuteak. Zu bezalakoak behar ditugu, munduan zehar ibilitako jendea, atzerriko gure kontuez arduratzeko. Erretiro ona emango dizutela espero dut.

        — Ez nago horren ziur horretaz. Zer moduz zure negozioak?

        — Lasai, oso lasai. Modak aldatu egiten dira. Gogoan dut 40ko hamarkadan jende-ilarak osatzen zirela Klasiko Unibertsalak bildumako liburu berri bat erosteko. Gaur egun, idazlerik handienei dagokienez ere, eskaera txikia da. Zahar jendea gero eta zaharrago, eta gazteek... beno, luzaro gazte segitzen dutela ematen du, eta euren gustuak eta gureak ez datoz bat. Semeari niri baino hobeto doakio negozioa, errepidearen beste aldeko dendan.

        — Bezero xelebre samarrak izango ditu, inondik ere.

        — Nahiago dut horretaz hitzik ez egin, Mr. Castle. Bi liburudenda hauek ezin dute inolako elkarren antzik izan... Ni, behintzat, gogotik saiatu naiz horretan. Hona ez da sekula poliziarik sartuko zera egitera... nola esango nuke? Gure artean, txantajea, nik halaxe deituko nioke, behintzat. Eta ez da mutilak saltzen dituen gauzak kaltegarriak edo arriskutsuak direlako. Konbertituei predikuan hastea bezala da. Ustelduta dagoena ezin da gehiago usteldu.

        — Egunen batean zure semea ezagutu nahi nuke.

        — Iluntzero etorri ohi da niri laguntzera diru-kontuetan. Nik baino buru hobea dauka zenbakietarako. Sarritan hitz egiten dugu zutaz. Zer erosten ote didazun jakin nahi izaten du. Nik uste dut bekaitz didala nire bezeroak direla eta, bezero asko ez badaukat ere. Haren bezeroak isilik eta ezkutuka dabiltzan horietakoak dira. Ez dira liburuez hitz egiten duten horietakoak, zuk eta biok bezala.

        — Esaiozu Monsieur Nicolas liburuaren ale bat daukadala saltzeko. Uste dut liburu hori ez dela egokia zuretzat.

        — Nire iritziz, harentzat ere ez da egokia izango. Liburu klasikoa da nolabait... Izenburua ez da behar bezain erakargarria haren eroslegaientzat, eta, gainera, garestia da. Katalogoetan liburu erotikoen artean sailkatuko lukete eta ez liburu bitxien artean. Jakina, semeak norbaiti utz diezaioke liburu hori. Libururik gehienak mailegaturik ateratzen dira haren dendatik. Egun batean liburua erosi eta hurrengoan aldatzen dute. Ez dira etxean luzaro gordetzeko liburuak, sir Walter Scotten liburu osoekin gertatzen zen bezala.

        — Ez zaizu ahaztuko hari liburuarena esatea, ezta? Monsieur Nicolas...

        — A, ez. Restif de la Bretone. Argitalpen mugatua. Rodkerrek argitaratua. Behialako liburuei gagozkiela, nire buruak entziklopedia batek beste datu biltzen du. Gerra eta Bakea eramango duzu? Horrela bada, emazkidazu bost minutu sotoan bilatzeko.

        — Berkhamsted-era bidaltzen badidazu, hobe. Gaur ez dut irakurtzeko astirik izango. Gogoan izan hori esan behar diozula zure semeari...

        — Ez dut behin ere mandaturik ahaztu, ezta?

        Castlek liburudendatik alde egin eta kalea zeharkatu zuen beste dendaren aurrealdetik begiratu azkar bat egiteko. Men Only eta Penthouse aldizkariak biltzen zituen apalaren aurrean joan-etorri hitsean zebilen gazte zaldartsu bat besterik ez zuen ikusi. Atzealdean, rep oihalezko gortina berde bat dilindan zegoen. Seguru asko, gortina hark adituentzako gai garestiagoak eta espezializatuagoak ezkutatzen zituen, baita erosle herabetiagoak eta, agian, Halliday gaztea bera ere. Castlek artean ez zuen hura ezagutzeko zoririk izan, horri zoria deitzerik bazegoen behintzat.

 

 

2

 

        Behingoz Davis Castle baino lehenago iritsi zen bulegora. Hori zela eta, honela esan zion estakuru gisa:

        — Goiz etorri naiz gaur. Neure buruari esan diot zabor biltzailea oraindik zaborra biltzen arituko dela. Hortaz, zera pentsatu dut... arduratsu-itxura ez litzaigukeela gaizki etorriko.

        — Daintry ez da sekula hona azalduko, astelehen goiza izanda. Ehizaldi batean ibili da astebukaera honetan. Oraindik ez da Zairetik ezer iritsi?

        — Ez, ezertxo ere ez. Yankeeak argibide gehiago eskatzen ari dira. Zantzibarko misio txinatarrari buruz.

        — Ez dugu ezer berririk eskaintzeko. Hori MI5-ari dagokio.

        — Egiten duten zalaparta ikusita, pentsatzekoa litzateke Zantzibar Kuba bezain hurbil dutela.

        — Eta ia-ia hala da, jet hegazkinen garaian.

        Cynthia, brigadako jeneralaren alaba, bulegoan sartu zen, bi katilu kafe eta telegrama bat ekarriz. Praka marroiak eta beltxarga-lepodun jertse bat jantzita zeuzkan. Bazuen, izan ere, Davisen nolabaiteko antzik, berak ere itxura egiten zuen eta. Davis leialak apustu-artekari bat bezain fidagarritasun gutxikoa zela ematen bazuen, Cynthiak, etxeko lanei oso emana, komando bateko soldadu gazte batek bezain sutsua zirudien. Zoritxarrez, Cynthiak oso ortografia txarra zeukan; ausaz, ortografian, haren izenean bezala, zerbait egon zitekeen estilo isabeldarretik. Seguru asko Philip Sidneyren moduko norbaiten esperoan zegoen, baina ordura arte Davis bat besterik ez zuen aurkitu.

        — Lourenço Marques-etik —esan zion Cynthiak Castleri.

        — Zuretzat, Davis.

        — Interesgarria, benetan —azaldu zuen Davisek—. «Iraileko zure 253, 10 mutilatu. Errepikatu mesedez». Hau zuretzat da, Cynthia. Zintzoa izan eta berriro deskodetu... Eta saiatu oraingoan zuzen idazten. Horrek lagundu egiten du. Badakizu, Castle, enpresa honetan hasi nintzenean erromantikoa nintzen. Sekretu atomikoak nituen buruan. Matematikari ona nintzen eta fisikan ere ez nintzen batere gaizki moldatzen; horixe da ni hemen onartu izanaren arrazoi bakarra.

        — Sekretu atomikoak 8. Sailari dagozkio.

        — Uste nuen «jostailu» dibertigarri batzuk erabiltzen ikasiko nuela, esaterako, tinta ikustezina. Ziur nago zuk dena dakizula tinta ikustezinei buruz.

        — Garai batean bai, banekien. Hegaztien gorotzak ere erabili nituen. Gerraren bukaera aldean, misio batera joan aurretik ikastaro bat izan nuen gai horri buruz. Botilez betetako egurrezko kutxa polit bat eman zidaten, haurrentzako kimika-estutxe horiek bezalakoa. Ur-irakigailu elektriko bat ere bai... eta puntua egiteko plastikozko orratz batzuk.

        — Zertarako baina?

        — Gutunak irekitzeko.

        — Eta hori egin al zenuen? Gutunik ireki ote zenuen esan nahi dut.

        — Ez, behin saiatu banintzen ere. Gutunazalak albotik zabaldu behar zirela irakatsi zidaten eta ez atzealdean irekitzeko duten mihitik. Eta gero, ixteko, argi zegoen goma berbera erabili behar nuela. Ez neukan goma egokirik; horixe izan zen zailtasunik handiena. Hartara, gutuna erre egin behar izan nuen irakurri eta gero. Nolanahi ere, ez zen batere garrantzitsua. Maitasunezko gutun bat, besterik ez.

        — Eta Luger-ik? Lugerren bat izango zenuen, ezta? Edo idazluma lehergarri bat.

        — Ez. Etxe honetan ez gara sekula James Bonden oso zaleak izan. Ez didate egundo armarik eramaten utzi eta nire kotxe bakarra bigarren eskuko Mini Morris bat izan da.

        — Sikiera Luger bat emango baligute... Terrorismoaren garaian bizi gara.

        — Emisio-nahasgailu bat badaukagu, ordea —esan zuen Castlek, Davis horrela baretuko zuelakoan.

        Castlek ondotxo zekien zer-nolako solasaldi garratza sortu ohi zen Davis gogaldi txarreko zegoenean. Behar baino kopa bat Porto ardo gehiago, Cynthiarekin izandako nahigaberen bat...

        — Mikropunturik erabili al duzu inoiz, Castle?

        — Ez, behin ere ez.

        — Zu bezalako gerra-beterano baten kasuan ere ez? Zein da jaso duzun informaziorik sekretuena?

        — Behinola jakin nuen gutxi gora-behera zein egunetan gertatuko zen inbasio bat.

        — Normandiakoa?

        — Ez, ez. Azore irletakoa soilik.

        — Azoreak inbaditu zituzten? Ahaztuta neukan... edo apika ez dut sekula horren berririk izan. Beno, aizu, uste dut hobe dugula oztopoak gainditu eta Zaireko kontu madarikatuari ekitea. Esango al didazu zergatik duten yankeeek hainbesterainoko jakinmina kobre-ekoizpenaren inguruan ditugun aurreikuspenei buruz?

        — Uste dut gai hori aurrekontuarekin lotuta dagoela, eta horrek, beharbada, eraginik izango duela laguntza-programetan. Zaireko gobernua apika tentatua sentituko da laguntza hori beste nonbaitetik bideratzeko. Hara, hona hemen... 397. txostena... Norbaitek presidentearekin bazkaldu zuen hilaren 24an: haren izenak eslaviar kutsu handia zuen.

        — Hori ere jakinarazi behar diogu CIAri?

        — Noski.

        — Eta zuk uste al duzu ordainetan misil telegidatu txiki bat gutxienez emango digutela?

        Dudarik gabe, Davisek ez zuen inolako aldarte onik egun hartan. Ukitu beilegi bat ageri zuen begietan. Jainkoak bakarrik zekien zer arraio edan zuen aurreko gauean bere ezkongabe-pisuan, Davies kalean. Honela esan zuen doinu etsiaz:

        — James Bondi ez ziokeen ihes egingo Cynthiak. Hareazko hondartza batean eta eguzki-galdatan bere egina zukeen aspalditxo. Emadazu, mesedez, Philip Dibbaren txartela.

        — Zer zenbaki du?

        — 59800/3.

        — Non sartu da azken bolada honetan?

        — Zurrumurruek diotenez, Kinshasako postako zuzendari postua derrigorturik utzi behar izan zuen. Seilu gehiegi okerrean inprimarazi zuen bere bildumarako. Zairen geneukan agenterik indartsuena eta onena zen —Davisek eskuak burura eraman zituen hura inguratuz, eta bihotz-minez beteriko ulu sakon bat egin zuen, txakur baten modura.

        — Badakit nola sentitzen zaren, Davis —azaldu zuen Castlek—. Batzuetan nik ere erretiratu nahi nuke... Edo lanez aldatu.

        — Beranduegi da horretarako.

        — Batek daki! Sarahk beti esaten dit liburu bat idatz nezakeela.

        — Sekretu ofizialak.

        — Ez guri buruz, apartheid-ari buruz baizik.

        — Hori ez da best-seller baterako gai egokia —Davisek Dibbaren txartela idazteari utzi zion—. Txantxak alde batera utzita, mesedez eskatzen dizut hori burutik kentzeko. Eramanezina litzaidake lan hau zu gabe. Eztanda egingo nuke norbait ez banu aldean zernahiz barre egiteko. Beste inoren aurrean irribarre egite hutsak beldurra ematen dit. Baita Cynthiaren aurrean ere. Maite dut, baina leialegia da, eta Daintry koronelari esan diezaioke ni, segurtasunaren ikuspegitik, arriskutsua naizela. Nik, James Bondek bezala, nirekin oheratu berri den neska hil beharko nuke. Baina Cynthia ez da nirekin oheratu ere egin.

        — Ez nintzen benetan ari —azaldu zuen Castlek—. Nolatan ba egingo nuen nik alde? Nora joateko? Erretiratzea: horixe da bide bakarra. Hirurogeita bi urte dauzkat, Davis. Adin ofiziala gainditu dut. Batzuetan burura etortzen zait ahantzirik naukatela edo, agian, nire espedientea galdu dutela.

        — Hemen argibideak eskatzen dituzte Zaire irratian lan egiten duen Agbo izeneko morroi bati buruz. Izan ere, 59800-ak proposatzen du morroi hori azpiagente izateko.

        — Zertarako?

        — Gana irratian kontaktu bat du.

        — Ez zait oso baliotsua iruditzen. Dena den, Gana ez dago gure ardurapean. Bidal iezaiozu morroi hori 6.B Sailari eta haiek beharbada erabiliko dute.

        — Polikiago ibili, Castle. Ez diogu inori horrelako altxorrik oparitu behar. Nork daki zer eman dezakeen Agbo agenteak? Ganatik ere Ginea irratian sartzeko modua izan genezake. Horrek Penkovsky itzalpetuko luke. A zer garaipena! CIA ez da inoiz hain urruti iritsi Afrikaren alderik ilunenean.

 

        Davisen egunik txarrenetako bat zen hura.

        — Beharbada, guk 6.A-ren gauzen alderdirik hutsalena besterik ez dugu ikusten —azaldu zuen Castlek.

        Cynthia berriro sartu zen, Davisentzako eskutitz-azal bat zekarrela.

        — Hemen sinatu behar duzu eta jaso duzula adierazi.

        — Zer dauka barruan?

        — Nola jakingo dut ba? Administrazioarena da —erretiluan zegoen paper bakarra hartu zuen—. Hau al da dena? —galdegin zuen Cynthiak.

        — Ez gaude, ez, erabat lanpetuta, alderantziz, Cynthia. Elkarrekin bazkalduko al dugu?

        — Ez, gauza batzuk erosi behar ditut gaur gaueko afarirako —atea di-da itxi zuen.

        — Beno, hurrengoan izango da. Beti bezala, hurrengoan —Davisek eskutitz-azala ireki eta hau esan zuen:— Zer asmatuko dute hurrengoan?

        — Zer da ba? —galdegin zuen Castlek.

        — Ez duzu zuk honelakorik jaso ala?

        — A, azterketa medikoa da. Jakina. Dagoeneko ahaztua dut zenbat aldiz aztertu ninduten neure garaian. Aseguruekin... edo erretiroarekin du zerikusia. Ni Hegoafrikara bidali aurretik, Percival doktoreak (zuk, beharbada, ez duzu ezagutzen) diabetea nuela sinestarazi nahi izan zidan. Gero, espezialista batengana eraman ninduten, eta horrek odolean azukre gehiegi barik, gutxiegi aurkitu zidan. Percival gizajoa. Uste dut baztertuxea daukala medikuntza, gurekin lanean hasi zenez geroztik. Enpresa honetan, segurtasuna garrantzitsuagoa da diagnostiko zuzena baino.

        — Ohar honek Percivalen sinadura dauka. Emmanuel Percival. A zer izena! Emmanuel ez al zen albiste onen eramaile ospetsua? Ez al zaizu iruditzen, agian, atzerrira bidaltzea pentsatu dutela?

        — Ondo hartuko zenuke hori?

        — Betidanik amestu izan dut egunen batean Lourenço Marques-era igorriko nindutela. Han daukagun gizona lekualdaketa eskatu dutenen zerrendan dago. Hango Porto ardoa ona izango da, ezta? Uste dut iraultzaileek ere Porto ardoa edaten dutela. Ahal izanez gero, Cynthia neurekin eramango nuke...

        — Hara! nik uste nuen ezkongabe-bizitzaren aldeko zinela...

        — Ez nintzen ezkontzaz ari. James Bondek ez zuen inoiz ezkondu beharrik izan. Portugalgo sukaldaritza atsegin dut.

        — Orain, hango sukaldaritza afrikarra izango da agian. Ba al dakizu ezer hango egoeraz, 69300-aren telegramez aparte?

        — Iraultza madarikatua gertatu aurretik, agiritegi bat osatu nuen jatetxeei eta gaueko tokiei buruz. Baliteke horiek guztiak dagoeneko itxita egotea. Nolanahi ere, sinetsirik nago 69300-ak ez dakiela nik dakidanaren erdia ere han gertatzen ari denari buruz. Lehenago eta behin, berak ez dauzka nire agiritegiak, eta gainera, serioegia da... Ohean ere lan egiten duelako susmoa dut. Pentsa ezazu zenbat diru aurrez genezakeen biok.

        — Biok?

        — Cynthia eta biok.

        — Ameslari gizajoa! Ez zaitu inoiz onartuko. Ez ahaztu bere aita, brigadako jenerala.

        — Eta nork ez du ametsik egiten? Zuk ala?

        — Uste dut tarteka segurtasunarekin amets egiten dudala. Ez, ordea, Daintryrena bezalako segurtasunarekin. Erretiro on bat. Behar adinako pentsio bat emaztea eta biontzat...

        — Eta sasikume txikiarentzat?

        — Eta sasikume txikiarentzat ere bai, noski.

        — Sail honetan ez dira oso eskuzabalak pentsioak emateko orduan.

        — Ez. Oker ez banago, ez zuk ez nik ez ditugu gure ametsak gauzaturik ikusiko.

        — Dena den, azterketa mediko honek nolabaiteko esanahirik izan behar du, Castle. Behinola Lisboara joan nintzen eta han daukagun gizonak Estorilgo aldirietako haitzulo antzeko batera eraman ninduen; eta han entzun zitekeen nola lehertzen ziren itsasoko uhinak mahai azpian... Ez dut sekula jan hangoak bezalako otarrainik. Zerbait irakurri dut Lourenço Marques-eko jatetxe bati buruz... Hango ardo berdea ere gustatzen zait, Castle. Nik izan beharko nuke hor, eta ez 69300-ak. Berak ez daki zer den bizitzaz gozatzea. Zuk Lourenço Marques ezagutzen duzu, ezta?

        — Bi gau eman nituen han Sarahrekin... duela zazpi urte. Polana hotelean.

        — Bi gau besterik ez?

        — Pretoriatik azkar alde egina nintzen, badakizu... BOSSari aurrea hartuz. Ez nintzen seguru sentitzen mugatik hain hurbil egonda. BOSS eta Sarahren artean itsaso puska bat ezarri nahi nuen.

        — Noski, Sarah zurekin zegoen. Hori bai suertea! Polana hotelean eta Indiar ozeanoa kanpoaldean.

        Castlek gogora ekarri zituen Davisen ezkongabe-pisua, edalontzi erabiliak, Penthouse eta Nature aldizkariak.

        — Benetan ari bazara, Davis, nik neuk hitz egin nezake Watsonekin. Zu beste lantoki batera bidaltzea proposatuko diet.

        — Bai, jakina, benetan ari naiz. Ihes egin nahi dut hemendik. Nola edo hala.

        — Hainbestarako al da?

        — Hemen gaude, eserita, zentzurik gabeko telegramak idazten. Uste dugu garrantzitsuak garela kakahueteez edo Mobutuk bazkari pribatu batean esan zuenaz gainerakoek baino zertxobait gehiago dakigulako. Ba al zenekien lan honetan sartu nintzela une zirraragarriak biziko nituelakoan? Une zirraragarriak, Castle. Ni bai babalorea! Ez dakit nola eraman ahal izan duzun hau hainbeste urtez...

        — Litekeena da ezkonduta egoteak laguntzea.

        — Inoiz ezkonduz gero, ez nuke hemen bizitza osoa eman nahi. Herri zahar eta madarikatu honetaz nazka-nazka eginda nago. Argindar-etenaldiak, grebak eta inflazioa. Ez dit axola janariaren prezioak; Porto ardo ona zenbatean dagoen ikusteak, ordea, gogogabetu egiten nau. Hemen hasi nintzen atzerrira joateko aukera izango nuelakoan. Hartara, portugesa ikasi nuen. Baina hementxe naukazu, Zaireko telegramei erantzuten, kakahueteen berri ematen.

        — Betidanik pentsatu izan dut ondo pasatzen ari zinela, Davis.

        — Ondo pasatzen dut pixka bat mozkortzen naizenean. Neska hori maite dut, Castle. Ezin dut burutik kendu. Pailazokeriak egiten ditut bere gustukoa izateko, eta zenbat eta pailazokeria gehiago egin, orduan eta gutxiago atsegin nau. Beharbada, Lourenço Marques-era bidaliko banindute... Behin esan zidan berari ere gustatuko litzaiokeela atzerrira joatea.

        Telefonoak jo zuen.

        — Zu al zara, Cynthia?

        Ez zen Cynthia, Watson baizik, 6. Saileko arduraduna.

        — Eta zu Castle al zara?

        — Davis naiz.

        — Castlerekin, mesedez.

        — Bai, esan —erantzun zuen Castlek—. Bai, neu naiz. Zer nahi duzu?

        — C-k gurekin hitz egin nahi du. Jaisterakoan, pasatuko al zara nire bulegotik elkarrekin joateko?

 

 

3

 

        Jaitsialdia luzea izan zen, C-ren bulegoa lur azpiko solairuan zegoelako, 1890eko hamarkadan gizon aberats baten upategia izandako batean, hain zuzen ere. Castle eta Watson gela batean zeuden C-ren bulegoko atearen gaineko argi berdea noiz piztuko zain; garai batean, egurra eta ikatza biltzeko soto bat izan zen gela hura. Eta C-ren bulegoan bertan Londresko ardorik onenak gordetzen ziren behiala. Dirudienez, 1946an Sailak hartu zuen etxearen ardura, eta arkitektoak hura berregiteari ekin zionean, gezurrezko horma bat aurkitu zuten upategian, eta haren atzealdean, lurrean, momia baten antzera, aberatsaren altxor ezkutua: uzta bikainetako ardo botila batzuk. Ziotenez, Herri Lanetarako Saileko funtzionario ergel batek Lurreko eta Itsasoko Armaden Biltegietan ardo arruntaren prezioan saldu zuen ardo guztia. Baliteke pasadizo hura benetakoa ez izatea, baina Christieren enkantera antigoaleko ardoa azaltzen zen bakoitzean, Davisek esaten zuen betilun: «Hori guretako bat da».

        Argi gorria artean piztuta zegoen. Trafiko-istripu baten ondoren kotxearen barruan itxarotea bezala zen, errepidea berriro ireki arte.

        — Ba al dakizu zer gertatzen den? —galdegin zuen Castlek.

        — Ez. 6. Sailean ezagutzen ez dituen gizon guztiak aurkezteko eskatu zidan, besterik ez. 6.B Sailari buruzko inspekzioa amaitu du, eta orain zuen txanda iritsi da. Aginduen arabera, C aurkeztu behar dizuet eta gero alde egin. Horrek kolonialismo-aztarnaren bat dakarkit gogora.

        — Behinola, aurreko C ezagutzeko aukera izan nuen. Ni estreinako aldiz atzerrira joan aurretik. Monokulo beltz bat zeukan. Beldurra ematen zuen «O» beltz haren beste aldetik inor so zeneukala sentitzeak. Baina niri bostekoa eman eta zorte ona opa baino ez zuen egin. Ez dute pentsatuko, deskuiduan, ni atzerrira berriro bidaltzea?

        — Ez. Zer ba?

        — Gogoratu Davisi buruz hitz egin behar dizudala. —Argi berdea piztu zen—. Ai gaur goizean bizarra hobeto moztu izan banu! —esan zuen azkenik Castlek.

        Sir John Hargreaves, aurreko C ez bezala, ez zen inor beldurtzeko modukoa, ezta hurrik eman ere. Faisai pare bat zeukan idazmahai gainean eta hizketan ari zen telefonoz.

        — Gaur goizean ekarri ditut. Maryk pentsatu zuen gustatuko litzaizkizukeela —libre zeukan eskuaz bi aulki seinalatu zizkion.

        Horretantxe eman zuen, beraz, asteburua Daintry koronelak, pentsatu zuen Castlek. Faisaiak ehizatzeko edo segurtasunari buruzko informazioa emateko? Aulkirik txikiena eta gogorrena hartu zuen, protokoloak agintzen zuen bezala.

        — Oso ondo dago. Erreumatismo pitin bat hanka erian, horixe da dena. —Hargreavesek telefonoa eskegi zuen.

        — Hau Maurice Castle da, jauna —esan zuen Watsonek—. 6.A-ko arduraduna.

        — «Arduradun» hitzak garrantzitsuegia ematen du —iritzi zion Castlek—. Bi besterik ez gara.

        — Erabateko sekretupeko iturriez arduratzen zara, ezta? Eta Davis zure agindupean dago.

        — Eta Watsonenean ere bai.

        — Bai, jakina. Baina, Watson 6. sail osoko arduraduna da. Zure lana dezente banatuta izango duzu, hala espero dut nik behintzat, ez da horrela Watson?

        — Egia esanda, 6.C da nire arreta guztia eskatzen duen zerbitzu bakarra. Wilkinsek denbora gutxi darama gurekin. Lan-erritmo berrira moldatu beharra dauka.

        — Ez dizut denbora gehiagorik kenduko, Watson. Eskerrik asko Castleri honaino lagun egiteagatik.

        Hargreavesek hildako hegazti baten lumajea laztanduta, honela esan zuen:

        — Wilkins bezala, neu ere martxa ari naiz hartzen. Ikusten dudanez, gauzak lehengo modukoak dira, gaztetan Mendebaldeko Afrikan izan nintzenean bezalakoak. Watson probintziako komisario moduko bat izango litzateke eta zu barrutiko komisarioa, hau da, zure lurraldearen jabea, gutxi gora-behera. Zuk ere Afrika ezagutzen duzu, ezta?

        — Hegoafrika bakarrik —zehaztu zuen Castlek.

        — Bai, ahaztuta nengoen. Niri Hegoafrika eta Afrikako iparraldea ez zaizkit sekula benetako Afrika iruditu. Horixe da 6.C-ren ardurapean dagoen aldea, ezta? Daintryk gauza dezente azaldu dit asteburu honetan.

        — Ehizaldi ona izan duzue, jauna? —galdegin zuen Castlek.

        — Hala-holakoa. Ez dut uste Daintry oso pozik geratu denik. Zerorrek etorri beharko zenuke gurekin ehizatzera datorren udazkenean.

        — Alferrik izango litzateke. Ez dut behin ere tirorik egin neure bizitza osoan. Ezta gizaki baten kontra ere.

        — A bai, horixe da iturik onena. Egia esanda, ni ere aspertzen naute txoriek —C-k idazmahai gaineko paper bati so egin zion.— Lan polita egin zenuen Pretorian. Primerako administraria zarela diote. Hango bulegoko gastuak dezente gutxitu zenituen.

        — Nik ordeztu nuen gizona bikaina zen agenteak erreklutatzen, baina ez zekien gehiegirik finantzei buruz. Erraza izan zen niretzat. Gerra baino lehen, banketxe batean ibili nintzen lanean bolada batez.

        — Daintryk hemen idatzi du arazo pertsonal bat izan zenuela Pretorian.

        — Nik ez nioke arazo deituko. Maitemindu egin nintzen.

        — Bai. Ulertzen dut. Neska afrikar bat maite zenuen, hango jendeak, inolako bereizketarik egin gabe, bantutzat hartu ohi duena. Arrazaren inguruan zeuzkaten legeak urratu zenituen.

        — Orain ezkonduta gaude, eta onik. Han, ordea, une latzak bizi izan genituen.

        — Bai. Eta halaxe jakinarazi zenigun orduan. Zuk bezainbesteko gizalegez jokatuko ahal du gure jende guztiak arazorik izanez gero! Zu beldur zinen Hegoafrikako poliziak harrapatu eta txikituko ote zintuen.

        — Etxeak ordezkari sendo bat izan behar zuela iruditzen zitzaidan bidezkoena.

        — Ikusten duzunez, zure espedientea sakonki aztertu dut. Esan genizun ba berehala alde egiteko, baina ez zitzaigun burutik pasatu ere egiten neska ekarriko zenuenik.

        — ENak arreta handiz aztertu zuen haren kasua. Ez zuten ezer susmagarririk aurkitu. Zure ikuspegitik, asmatu al nuen bera handik atera nuenean ere? Kontaktu gisa erabili nuen nire agente afrikarrekin. Nik esan nuen apartheid-ari buruzko azterlan kritiko zorrotz bat egiten ari nintzela tarteka-marteka. Horixe zen nire aitzakia. Baina Sarahri poliziak min handia egin ziezaiokeen. Hartara, Lourenço Marques-era ihes egiten lagundu nion, Swazilandian zehar.

        — Oso ondo egin zenuen. Eta orain ezkonduta zaude eta seme bat daukazu. Etxeko guztiak ondo, ezta?

        — Tira, semeak elgorria dauka egun hauetan.

        — Orduan kontuz begiekin, horixe da-eta haren alderik ahulena. Baina zurekin egon nahi nuen, hain zuzen ere, hemendik aste batzuetara izango dugun bisita bat dela eta. Cornelius Muller izeneko bat etorriko zaigu bisitan, BOSSeko nagusietariko bat. Uste dut ezagutzen duzula, Pretorian egon zinenetik.

        — Hala da.

        — Esku artean duzun materialaren zati bat ikusten utziko diogu. Noski, elkarlanean ari garela argi uzteko adinakoa, besterik ez. Izan ere, erakutsi egin behar diegu elkarlanean ari garela... nolabait.

        — Berak guk baino gehiago jakingo du Zairez.

        — Mozanbike da gehien interesatzen zaiona.

        — Horrela bada, Davis da zure gizona. Bera ni baino jantziago dago gai horretan.

        — A bai, noski. Davis. Oraindik ez dut ezagutzen.

        — Zerbait gehiago dago. Pretorian izan nintzenean, ez nintzen batere ondo konpontzen Mr. Mullerrekin. Nire espedientea berriro aztertzen baduzu, ohartuko zara bera izan zela txantajea egin nahi izan zidana, arrazari buruzko legeez baliatuz. Horrexegatik esan zidan zure aurrekoak herrialde hartatik lehenbailehen alde egiteko. Ez dut uste horrek gure arteko harremanak hobetzen lagunduko duenik. Hobe litzateke Davisen eskuetan utziko bagenu.

        — Baina zeu zara Davisen nagusia eta hari harrera egin behar dion funtzionarioa. Badakit ez dela erraza izango. Biok elkarri aurre emango diozue azkazalak zorrotz-zorrotz eginda, baina ezustean harrapatuko duzu. Zuk badakizu zehatz-mehatz zer ez zaion erakutsi behar. Oso garrantzitsua da gure agenteak babestea, horretarako, material garrantzitsuren bat ilunpetan utzi behar baduzu ere. Davisek ez du zuk BOSSekin izandako esperientzia... ezta Mr. Mullerrekikoa ere.

        — Zer dela eta erakutsi behar diogu ezer?

        — Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zer gertatuko litzaiokeen Mendebaldeari, Hegoafrikako urre-meatzeak itxiko balituzte arrazen arteko gerra bat dela medio? Eta aurrez agian galdutako gerra bat dela medio, Vietnamen bezala. Politikariek urrearen lekuan zer jarri erabakitzeko astirik izan aurretik. Eta Errusia izanik metal horren lehenengo hornitzailea. Petrolioaren krisialdia baino pitin bat zailagoa litzateke. Eta diamante-meatzeak...! De Beers General Motors baino garrantzitsuagoa da. Diamanteak ez dira zahartzen kotxeak bezala. Eta bada, izan ere, gai larriagorik urrearekin edo harribitxiekin lotutakoak baino. Kontu egin uranioari, esaterako. Seguru asko oraindik ez dizute ezer aipatu Etxe Zuriaren agiri sekretu bati buruz. Agiri horrek «Osaba Remus» izeneko ekintzaz dihardu.

        — Ez. Zurrumurruak ibili ziren...

        — Nahi eta nahi ez, Hegoafrika, Estatu Batuak eta gu elkarrekin gaude Osaba Remusen. Horrek esan nahi du atseginak izan behar dugula Mr. Mullerrekin, garai batean txantajea egin bazizun ere.

        — Eta zera eman beharko diot...?

        — Informazioa: gerrillez, Rhodesiako mugaren blokeoa eragiteko ekintzez, Mozanbikeko agintaritzan dagoen jende berriaz, errusiarren eta kubatarren barneratzeaz, ekonomiaz...

        — Ezer gutxi geratu da kanpoan, ezta?

        — Kontuz ibili txinatarrei buruzko gauzekin. Hegoafrikarrek gehiegizko joera dute txinatarrak errusiarrekin nahasteko. Eta egunen batean beharbada txinatarren premia izango dugu. Osaba Remusen ideia niri ez zait zuri baino gehiago gustatzen. Horri politikariek «politika errealista» deitzen diote; errealismoak, ordea, ez zuen inor urrunegi eraman nik ezagutu nuen Afrikan. Nire Afrika sentimenduei lotuta zegoen, eta benetan maite nuen. Txinatarrek ez dute maite, ezta errusiarrek edo amerikarrek ere... Baina elkar hartuta ibili behar dugu. Etxe Zuriaren, Osaba Remusen eta Mr. Mullerren ondoan... Lehen dena errazagoa zen, tribuetako buruzagiekin, intxixuekin, oihaneko iniziazio-eskolekin eta euriaren erreginekin harremanetan aritzen ginen garaian. Nire Afrika artean Rider Haggard-ena bezalakoa zen. Ez zen leku txarra. Chaka enperadoreak Amin Dada bere zelai-mariskalak baino ehun aldiz gehiago balio zuen. Tira ba, egizu ahal duzuna Mullerrekin. BOSSeko goreneko nagusiaren ordezkari pertsonala da. Lehenengo zure etxean har dezazun iradokitzen dizut. Harrera harrigarria izango da harentzat.

        — Ez dakit nire emaztea ados egongo ote den.

        — Esaiozu neronek eskatu dizudala. Berak erabaki dezala. Oso mingarria bada...

 

        Atera iritsita, atzera begiratu zuen Castlek, Davisi agindutakoa gogora etorri baitzitzaion.

        — Hitz pare bat esango dizut Davisi buruz?

        — Bai, jakina. Zer du ba?

        — Londresko bulegoan denbora gehiegi darama. Uste dut Lourenço Marques-era bidali behar dugula ahal denik azkarren. 69300-arekin trukea egin dezake, berak ere giro-aldaketa behar du eta.

        — Davisek berak iradoki al dizu hori?

        — Ez, ez da horrela izan, baina uste dut edonora ere pozik joango litzatekeela. Urduri samar dago.

        — Zer dela eta?

        — Arazo sentimentalak ditu neska batekin, uste dut. Eta gainera, burokraziaz gogaituta dago.

        — Oso ondo ulertzen dut burokraziaz gogaituta egotearen kontu hori. Ikusiko dugu zer egin dezakegun hari laguntzearren.

        — Kontu horrek pitin bat kezkatuta nauka, benetan.

        — Kontuan izango dut, Castle. Agintzen dizut. Lehengora bueltatuta: Mullerren bisitaldia guztiz isilpekoa da. Badakizu guri gustatzen zaigula gure konpartimentuak isolaturik egotea. Hemengo honexek izan behar du zure konpartimentua. Watsoni ere ez diot horren berri eman. Zuk berdin jokatu behar duzu Davisekin.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia