Hirugarren atala

 

 

1

 

        — Ehiza ona gaur goizekoa —esan zion gogo handirik gabe Daintry koronelak lady Hargreavesi, lurra indarrez jotzen zuelarik, botei lokatza kentzearren—. Hegaztiak erruz erori dira.

        Gainerako gonbidatuak Daintryren ondoren atera ziren kotxeetatik, futbol talde bateko jokalarien bozkario behartua agerian zutela, kirolarien artean bakarrik sor daitekeen lagunarte atsegina agertu nahirik bezala, lokatzaz eta hotzaz nazka-nazka eginda daudela aitortu gabe.

        — Edariak zain dituzue; hartu nahi duzuena —gonbidapena egin zuen lady Hargreavesek—. Hamar minutu barru bazkaria.

        Beste kotxe bat parkean zehar zihoan, muinoan gora, handik oso urruti. Norbaitek jaulki zuen zantzo bat aire hotz eta hezera, eta beste ahots batek esan zuen deiadarka:

        — Hara nor datorren! Buffy, noski, bazkaltzeko orduan, beti bezala.

        — Eta zure haragi- eta giltzurrun-pastel famatua zer? —galdegin zuen Daintryk—. Handik eta hemendik entzun dut horren berri.

        — Nire pastelaz ari zarela uste dut. Ondo pasatu al duzu gaur goizean, koronel? —haren ahotsak azentu estatubatuar arina zuen. Doinu hura, berez, atsegina bazen, arintasun hark are atseginago egiten zuen. Lurrin garestiaren usainaren modukoa zen.

        — Ez zegoen faisai askorik —azaldu zuen Daintryk—, baina tira, hala ere, oso ondo.

        — Harry —esan zuen lady Hargreavesek bere sorbaldaren gainetik—, Dicky. Non dago Dodo? Galdu da ala?

        Inork ez zion Daintryri bere bataio-izenez deitzen, inork ez baitzekien bere deitura besterik. Halako bakardade-sentsazio bat aldean zuela, asteburu haren antolatzailearen soslai luzeska biziari erreparatu zion: hura, herrenka, harrizko mailetan behera zihoan «Harry»ri ongi etorria egiteko asmoz; horren ondoren, musu bana eman zion masailetan. Daintry bakarrik sartu zen jangelan. Hortxe zeuden edariak, mahai baten gainean, zain.

        Aurpegi gorriskako gizon txiki sendo bat, artilezko soineko nabar bat jantzirik zuena, martini lehor bat prestatzen ari zen beretzat. Betaurreko euskarri zilarreztatudunak zeuzkan, eguzkiaren argitan diz-diz egiten zutenak. Daintryren irudiko, gizon hura nonbait ikusita zeukan lehenago.

        — Ipini beste bat niretzat —eskatu zuen Daintryk—, lehor-lehorrak prestatzen badituzu behintzat.

        — Hamar bati; horixe da nire proportzioa —esan zuen gizon txikiak—. Martini ttantta batez, ezta? Nik neuk usain on apur bat eman besterik ez diot egiten eta, horretarako, birringailua erabiltzen dut. Zu Daintry zara, ezta? Ez zara nitaz oroitzen. Percival nauzu. Behinola odol-presioa hartu nizun.

        — A bai, Percival doktorea. Gutxi gora-behera etxe berean ari gara lanean, ezta?

        — Hala da. Guk zuhurtasunez elkar ikustea nahi zuen C-k... Baina ez ziren hainbeste tontakeria eta arma behar. Nik neurea erabiltzen ere ez dakit. Eta zuk? Ez zait ehizan ibiltzea gustatzen; horixe da arazoa. Ez dakit arrantzan besterik. Gaur etorri al zara aurreneko aldiz hona?

        — Bai, eta zu zer ordutan etorri zara?

        — Goiz samar: eguerdi aldera. Nire Jaguarrak txoro-txoro eginda nauka. Ezin dut gidatu 150 km orduko abiaduran baino mantsoago.

        Daintryk mahairantz begiratu zuen. Mahaikide guztiek euren jateko tresnen aldamenean botila bana garagardo zeukaten. Daintryk garagardoa atsegin ez bazuen ere, horixe zen, hain justu ere, ehizaldietarako neurri-neurrikotzat jotzen zen edaria. Beharbada bat zetorren une hartako berezko mutikotasunarekin. Beste hainbeste gertatzen zen jengibre-garagardoarekin, Lord's-eko cricket partiduetan. Daintry, ordea, ez zen inola ere mutikoa. Bere aburuz, ehizaldia lehiakortasunean oinarritutako neurketa zen huts-hutsean. Behiala bera txapeldunorde geratu zen King's Cup-ean. Bere Malteserrak mahai erdian zeudela ohartu zen, gozokietarako zilarrezko ontzi txiki batzuetan ezarrita. Aurreko gauean txokolatinez ia gainezka zegoen kaxoi bat lady Hargreavesi eskaini ziola eta, pitin bat lotsatu zen Daintry. Lady Hargreavesek, noski, ez zekien zer ziren, ezta zer egin ere txokolatina haiekin. Daintryk pentsatu zuen Castlek adarra jo ziola. Orobat, oso poztu zen txokolatinak zilarrezko ontzietan ikusterakoan. Izan ere, itxurosoagoak ematen zuten plastikozko poltsatxoetan bilduta baino.

        — Garagardoa gustatzen al zaizu? —galdegin zion Percivali.

        — Alkohola duen edozer gustatzen zait —erantzun zuen Percivalek—, Fernet-Branca izan ezik.

        Une hartantxe itsumustuan eta zalapartaka sartu ziren gainerakoak: Buffy eta Dodo, Harry eta Dicky, eta gainerako guztiak. Zilarreriak eta beirateak tin-tin egin zuten bozkarioz beterik. Daintryri pozgarri zitzaion Percival han egotea. Izan ere, bere bataio-izena ezezik, Percivalena ere ez zekien hango inork.

        Zoritxarrez, mahaian Percivalengandik banandu zuten. Percivalek laster garbitu zuen lehenengo garagardo botila; jarraian, bigarrenari ekin zion. Daintry salduta sentitu zen: Percival oso ondo moldatzen zen, antza, bere aldamenekoekin, haiek ere Etxeko kideak bailiran. Kontatzen hasita zeukan arrantza-pasadizo batek barrea eragin zion Dicky izeneko bati. Alde batean, Buffy zegoen (edo hura zela ematen zuen behintzat) eta bestean, urteetan sartutako gizon zimel bat; bien artean Daintry. Abokatu aurpegia zuen gizon zaharragoak eta bere burua aurkezterakoan eman zuen deitura ezaguna egin zitzaion Daintryri. Prokuradorea, Koroako lege-aholkularia edo Koroako fiskalordea zen. Daintryk, hala ere, ez zuen gogoratzen zehatz-mehatz hiruretako zein zen gizon haren kargua. Zalantza hark solasa eragozten zuen.

        Halako batean, Buffyk deiadar egin zuen:

        — Jainko maitea, Malteser txokolatinak dira eta!

        — Ezagutzen dituzu ala?

        — Ene, urteak eta urteak dira Malteser bakar bat ere jan ez dudala! Txikitan zinean erosten nituen. Goxo-goxoak ziren. Ba al dago zinerik inguruan?

        — Ez, neuk ekarri ditut Londrestik.

        — Sarri joaten al zara zinera? Duela hamar urte joan nintzen ni azken aldiz. Beraz, oraindik saltzen al dute Malteserrik?

        — Dendetan ere salgai dituzte.

        — Ez nekien hori. Eta zuk non aurkitu zenituen ba?

        — ABC batean.

        — ABC?

        Daintryk ziurtasunik gabe errepikatu zuen Castlek esandakoa:

        — Aerated Bread Company. Aireztatutako Ogiaren Elkartea.

        — Harrigarria benetan! Zer da aireztatutako ogia?

        — Ez dakit —aitortu zuen Daintryk.

        — Ene, zer ez dute asmatuko gaur egun! Ez nintzateke harrituko opil biribilak ordenadorez egingo balituzte —aurrerantz makurtu zen Malterser bat hartzeko eta karrask-marrask erabili zuen belarriaren ondoan, puru bat balitz bezala.

        — Buffy! —deitu zion lady Hargreavesek mahaiaren beste aldetik—. Haragi- eta giltzurrun-pastela jan aurretik, ez!

        — Sentitzen dut, laztana. Ezin izan diot tentazioari eutsi. Txikitatik ez dut halakorik jan —berriro mintzatu zitzaion Daintryri—. Apartekoa da ordenadoreen kontu hori. Behin bost libra ordaindu nituen emaztea aurki ziezadaten.

        — Ez zaude ezkonduta? —galdegin zion Daintryk, begiak Buffyren urrezko eraztunari itsatsita zituela.

        — Ez. Hau beti eramaten dut atzamarrean, txantxetan baina, neure burua babesteko, ohartu bide zarenez. Oso atsegin ditut, hala ere, tramankulu berri guztiak. Nire besoaren neurriko galdetegi bat bete behar izan nuen. Ikasketa-agiriak, zaletasunak, lanbidea, guztia, daukazun guztia —beste Malteser bat hartu zuen—. Betidanik gozozalea izan naiz eta halakoxea naiz gaur egun ere.

        — Eta izan al zenuen hautagairik?

        — Bai, neskatxa bat bidali zidaten... Neskatxa bat! Hogeita hamabost urte zeuzkan, ez gutxiago ez gehiago. Tea hartzera gonbidatu behar izan nuen. Ez nuen terik hartzen ama hil zenez geroztik. Hau proposatu nion: «Lagun maitea, nahiago al duzu whiskya? Zerbitzaria ezagutzen dut. Inor konturatu gabe, whisky bat ekarriko digu». Eta berak erantzun zuen: «Ez dut edaten». Ez zuen edaten ba!

        — Ordenadorea nahasi zen ala?

        — Neska hura ekonomian graduatu zen Londresko unibertsitatean. Betaurreko izugarriak zeuzkan eta bularralde laua. Sukaldari ona zela esan zidan. Beti White's-en jaten nuela esan nion.

        — Harrezkero ikusi al duzu?

        — Berarekin hitzik egin ez banuen ere, behin eskuaz diosal egin zidan autobusean zihoala. Une hartantxe, ni klubeko eskaileretan jaisten ari nintzen. A ze estualdia! Izan ere, Dickyrekin nengoen egun hartan. Horixe gertatzen zen autobusei St. James kaletik gora joaten uzten zitzaien garaian. Inor ez zegoen seguru.

        Haragi- eta giltzurrun-pastelaren ondoren, azukre-lapazko tarta bat heldu zen, eta Stilton-eko gazta bikain bat. Sir John Hargreavesek abian jarri zuen Porto ardoa. Nolabaiteko ezinegona sumatzen zen mahaian, asteburua luzeegi jotzen hasiko balitz bezala. Denek ekin zioten leihoetatik zeru grisera begiratzeari: argia ordu gutxiren buruan desagertu egingo zen. Azkar edaten zuten Porto ardoa, halako erruduntasun-sentsazio bat balute bezala —egia esanda, ez zeuden han atseden hartzeko soilik—. Percivalek, ordea, bere hartan zirauen, lasai-lasai. Beste arrantza-pasadizo bat kontatzen hasi zen eta lau garagardo botila zeuden hutsik, bere ondoan.

        Koroako fiskalordeak —edo Koroako fiskalak berak akaso?— esan zuen ahots gozoaz:

        — Gauzak zehazten hasi beharko genuke. Eguzkia sartzekotan da.

        Dudarik gabe, Daintry ez zegoen han plazer hutsagatik, zerbait egiteagatik baizik, eta hori zela-eta atseginez hartu zuen gizon haren ezinegona. Hargreavesek lehenengo urratsa egin beharko zuen, baina Hargreaves erdi lotan zegoen. Kolonietako Zerbitzuan hainbat urte egin eta gero —garai bateko Urrezko Kosta lurraldeko administrari izan zen gaztetan—, estualdirik larrienetan ere biaoa egiteko trebetasuna bereganatu zuen. Esaterako, behin, hainbat tributako buruzagi borrokazale batzuek erabat inguraturik bazeukaten ere, lo-kuluska bat egin zuen. Bidenabar esanda, buruzagi haiek Buffy baino zaratatsuagoak ziren.

        — John, esnatu —esan zuen lady Hargreavesek mahaiaren beste aldetik.

        Sir John Hargreavesek bere begi urdin lasaiak eta asaldaezinak ireki zituen. Gero, honela erantzun zuen kolpetik:

        — Lo-kuluska txiki bat besterik ez zen.

        Agidanez, gaztetan, Ashanti-ko lekuren batean, giza haragia jan omen zuen oharkabean. Liseriketa, haatik, inolako arazorik gabe egin zuen. Itxura denez, hau esan omen zion gobernadoreari: «Ez nuen kexuka ibiltzeko arrazoirik, jauna. Ohore handia egin zidaten zegoenetik jatera gonbidatu nindutelako».

 

        — Beno, Daintry —di-da esan zuen etxeko jaunak—, uste dut sarraskiari berriro ekiteko unea iritsia dela. —Mahaia atzean utzita, aharrausi egin zuen—. Zure haragi- eta giltzurrun-pastela goxoegi dago, laztana.

        Daintryk bekaizti so egin zion sir John Hargreavesi. Lehenengo eta behin, haren posizioa zen bekaitz-iturri. C izendatu zuten, Zerbitzukoa ez izan arren. Bera zen, hain zuzen ere, hori lortua zuten bakanetakoa. Etxeko inork ez zekien zergatik hautatu zuten. Denetariko eragin ilunak susmatzen ziren, informazio-lanetan izandako esperientzia bakarra Afrikan izan zenekoa zelako, gerra garaian. John Hargreavesen emaztea ere bekaizgarri zitzaion Daintryri: hain zen aberatsa, ederzalea, benetako estatubatuarra... Antza denez, estatubatuar batekin ezkonduta egotea ez zen inola ere atzerritar batekin ezkonduta egotea. Atzerritar bat ezkontide izateko, baimen berezi bat behar zen, eta hori eskuraezina izaten zen sarritan. Baina, estatubatuar batekin ezkontzea bi herrialdeen arteko harreman ezin hobeak sendotzeko bide bat zen, beharbada. Nolanahi ere, Daintryk berekiko galdetzen zuen ea MI5-ak sakonki aztertua ote zuen lady Hargreaves, baita FBIren oniritzia jasoa ote zuen ere.

 

        — Gaur gauean —erantsi zuen Hargreavesek— hitz egingo dugu apur bat, konforme Daintry? Zu, Percival eta hirurok. Jendetza honek alde egin bezain laster.

 

 

2

 

        Sir John Hargreaves bilin-balan zebilen, herrenka, batetik bestera: puruak eta whiskyak banatzen ari zen eta, tarteka, sua suspertzen ere bai.

        — Niri ez zait ehiza gehiegi gustatzen —eman zuen aditzera—. Afrikan ez nuen behin ere ez inor ez ezer miran izan, argazkiak ateratzeko ez bazen behintzat. Nire emazteak, ordea, Ingalaterrako ohitura zaharrak oso gogoko ditu. Berak dioenez, lur-sailik badaukazu, hegaztiak izan behar dituzu bertan. Eta benetan uste dut gaur ez zebilela faisairik aski, Daintry.

        — Oro har esanda, primeran pasatu dut gaur —erantzun zuen koronelak.

        — Nahiago nuke zure ibaian amuarrainik balego.

        — A bai, zuk arrantzarako zaletasuna duzu, ezta? Beno ba, orain esan dezakegu arraintxoren bat badaukagula eskuen artean —egur puska bat erdibitu zuen su-makilaz joz—. Alferrikako lana da baina liluraturik geratzen naiz txingarrek nola egiten duten hegan ikusterakoan... Badirudi filtrazio bat gertatu dela 6. Saileko lekuren batean.

        — Hementxe, Ingalaterran bertan alegia, ala hemendik kanpo? —galdetu zuen jakinminez Percivalek.

        — Ez nago seguru, baina hementxe bertan izan delako susmo ezatsegina dut. Sail afrikarretako batean... 6.A-n.

        — Hortxe, 6. Sailean, izan berria naiz —esan zuen Daintryk—. Ohiko inspekzio bat besterik ez zen izan. Jendea ezagutzeko, badakizue.

        — Bai, jakinaren gainean nago. Horrexegatik eskatu nizun etortzeko. Eta, gainera, noski, ehizaldian gurekin egoteko atsegina eman diguzu. Ezer susmagarririk aurkitu al duzu?

        — Segurtasuna pixka bat utzia dago. Baina hori bera gertatzen da gainerako sailetan. Esaterako, azaleko inspekzio bat egin nuen ikusteko jendeak zer daraman karteretan bazkaltzera doanean... Ezer larririk ez, baina harritu nintzen zenbat kartera... Abisu bat besterik ez da, jakina. Abisu batek, hala ere, gizon urduriren bat beldurtu dezake, norbait hori lehendik urduri egonez gero. Ezin diegu eskatu erabat biluzteko.

        — Horixe da, hain zuzen ere, diamante-meatzeetan egiten dutena. Egia da, bestalde, West End-en strip-tease saio bat pitin bat bitxia izango litzatekeela.

        — Norbaitek arreta erakarri al zizun edo? —galdetu zion Percivalek.

        — Ezer seriorik ez. Davisek, 6.A-koak, txosten bat kanpora zeraman... bazkaldu bitartean irakurri nahi omen zuen. Abisu bat eman nion, jakina, eta txostena Tomlinson brigadierraren eskuetan uzteko agindu. Bestalde, aztarna guztien atzetik ibili naiz. Oso garbiketa eraginkorra egin da Blake auzia gertatu zenez geroztik; oraindik badauzkagu zoritxarreko garai hura baino lehenagoko pertsona batzuk. Haietako batzuk Etxean ari dira Burgess eta Macleanen sasoitik. Haien arrastoen atzetik has gintezke berriro, baina nekeza da arrasto hotz horiei jarraitzea.

        — Litekeena da, jakina, litekeena soilik —iritzi zion C-k— filtrazioa kanpotik etortzea, frogak hementxe aurkitu badira ere. Gure artean liskarrak sortzeko, gure kemena iraungitzeko, estatubatuarrekin ditugun harremanak okertzeko. Filtrazioaren gai hau denon ahotan ibiltzea kaltegarriagoa litzateke filtrazioa bera baino.

        — Ni iritzi berekoa naiz —esan zuen Percivalek—. Galdera-saioak Parlamentuan eta berriro ere garai bateko izenak bolo-bolo: Vassall, Portland auzia, Philby. Publizitatea nahi badute, ezer gutxi egin dezakegu guk.

        — Uste dut ikerketa-batzorde bat eratuko luketela ikuiluko atea ixteko —goganbehartu zen Hargreaves—. Baina, une batez eman dezagun informazioa baino ez dutela nahi, eta ez iskanbila. Horrela izanez gero, 6. Saila ez da inola ere aproposena horretarako. Afrikan ez dago sekretu atomikorik. Gerrillak, tribuen arteko borrokak, mertzenarioak, diktadore txikiak, uzta eskasak, etxebizitzen inguruko eskandaluak, urre trinkozko ohantzeak; ezer sekretuegirik ez, ordea. Horregatik, nik ez dakit eskandalua besterik ez ote duten nahi, Britainia Handiko zerbitzu sekretuan berriro sartzea lortu dutela erakusteko.

        — Filtrazioa oso garrantzitsua al da, C? —galdegin zuen Percivalek.

        — Esan dezagun tantakada nimiño bat dela, ekonomikoa batez ere. Ekonomia alde batera utzita, gai hau interesgarria da txinatarrei ere badagokielako. Errusiarrak hain dira neofitoak Afrikan, ezen bai bailiteke haiek gure zerbitzua erabili nahi izatea txinatarrei buruzko argibideak eskuratzeko.

        — Ezer gutxi jakin dezakete guri esker —ebaki zuen Percivalek.

        — Baina badakizu zer gertatzen den zentral guztietan: inortxok ere ez du fitxa zuri-zuririk jasaten.

        — Eta estatubatuarrei igortzen dizkiegun agiri guztien kopiak bidaliko bagenizkie, gure agurrak eta guzti, zer? Distentsio-garaian gaude, ezta? Makina bat arazo gutxiago izango genuke —Percivalek hoditxo bat poltsikotik atera eta betaurrekoak ezkotu zituen. Zapi zuri garbi batez lehortu zituen gero.

        — Zeuek hartu nahi adina whisky —iradoki zuen C-k—. Gaurko ehizaldi madarikatua dela eta, gorputza minduegi daukat ibiltzeko. Daintry, ezer bururatzen al zaizu?

        — Nik dakidala, 6. Saileko gehienak Blake auziaren ondorengoak dira. Haien joan-etorriak zalantzagarriak izanez gero, denok ere susmagarri izango gara.

        — Dena den, filtrazioaren jatorria 6. Sailean dagoela ematen du... eta, zehatzago esanda, 6.A-n. Hementxe bertan edo kanpoan.

        — Watson, 6. Saileko burua, ia hasi berria da Etxean —azaldu zuen Daintryk—. Kontu handiz iragazi zuten galbahetik. Sail berean dago Castle ere. Urte asko dira gurekin hasi zela. Duela zazpi urte ekarri genuen Pretoriatik, 6.A-n behar zutelako. Gainera, tartean arrazoi pertsonalak ere bazeuden... berarekin ezkontzea nahi zuen neskarekin lotutako arazoak ziren. Ikerketak arinkeriaz egiten ziren garaiko semea da, baina nik esango nuke garbi dagoela. Gizon ilun samarra da, agiriak erabiltzeko gaitasun handia daukan arren. Jende arriskutsuak gailentasuna eta handikeria handiagoak izaten ditu eskuarki. Castle ezkonduta dago, bigarren aldiz. Bere lehenengo emaztea hil zen. Seme bat dauka, baita kreditu bati esker Metroland-en erositako etxe bat ere. Bizitza-asegurua ere bai (ordainketak, egunean). Bizitza-maila alturik ez. Kotxerik ere ez dauka. Uste dut egunero bizikletaz joaten dela geltokira. Unibertsitatean graduatu zen, Historian; oso ikasle hala-holakoa. Doia, zehatza. Roger Castle haren lehengusua da, Altxor Publikoaren Sailekoa.

        — Orduan, uste al duzu Castle garbi dagoela?

        — Baditu bere xelebrekeriak, baina nik esango nuke ez direla arriskutsuak. Adibidez, berak aholkatu zidan Malteser hauek lady Hargreavesi ekartzea.

        — Malteserrak?

        — Kontu luzea da eta ez zaituztet aspertu nahi horrekin. Beste bat ere badago sail berean: Davis. Uste dut ez dudala hain gogoko, inspekzioak ezer txarrik azaleratu ez duen arren.

        — Ipini beste whisky bat niretzat, Percival. Zintzoa izan. Urtero esaten dut ez dudala ehizaldi gehiagotan parte hartu behar.

        — Baina zure emaztearen haragi- eta giltzurrun-pastelak zoragarriak dira. Ez nituzke behin ere galdu nahi —esan zion Percivalek.

        — Lasai, bestelako aitzakiaren bat bilatuko dugu pastel horiek berriro ere jan ahal izateko.

        — Zergatik ez dituzu erreka horretara amuarrain batzuk botatzen?

        Daintryk berriro izan zuen bekaitz amiñi bat: berriro auzi hartatik at sentitu zen, erabat kanpo. Lotura bakarra zuen bere lankideekin: lana, besterik ez, denak ere segurtasunaren arloan ari baitziren. Horregatik, ehizaldietan ere lanean balego bezala sentitzen zen. Percivalek margo-lanak biltzen omen zituen. Eta C? Haren emazte estatubatuarrak gizarte-bizitzaren ateak ireki zizkion. Haragi- eta giltzurrun-pastela zen Daintryri haiekin lehenengo eta, ausaz, azken aldiz partekatzen utzi zioten gauza bakarra, lan-orduetatik kanpo.

        — Hitz egin ezazu gehiago Davisi buruz —eskatu zion C-k.

        — Reading-eko unibertsitatea. Matematika eta fisika. Aldermaston-en egin zuen soldadutzaren zati bat. Ez zen behin ere protesta-ekintzen alde agertu, jendaurrean ez behintzat. Alderdi Laboristakoa da, jakina.

        — Populazioaren ehuneko berrogeita bosta bezala —adierazi zuen C-k.

        — Bai, bai, jakina; eta hala ere... ezkongabea da. Bakarrik bizi da. Esku-beteka gastatzen du. Oso gustukoa du Porto ardo urtetsua. Zaldi-lasterketetan apustuak egiten ditu. Eta horixe da modurik klasikoenetariko bat berak dituen zera horiek nola ordaintzen dituen zuritzeko.

        — Zeintzuk dira «zera horiek», Porto ardoa alde batera utzita?

        — Beno, Jaguar bat dauka.

        — Nik ere bai. Oso oker ez banago, alferrik izango da galdetzea nola jakin zenuten infiltrazioaren berri, ezta? —galdetu zuen Percivalek.

        — Hori esan ezinik banengo, ez nizuen esango hona etortzeko. Watsonek badaki baina ez beste inork 6. Sailean. Informazio-emailea ez da batere ohikoa: isilmandatari sobietar bat da, oraindik bere postuan jarraitzen duena.

        — Ezinezkoa al da filtrazioa kanpoko 6. sailetariko batetik etortzea? —galdetu zuen Daintryk.

        — Bai, litekeena da, baina ez dut uste. Egia da, haatik, guk atzeman ditugun txostenetako batek Lourenço Marques-etik zuzen-zuzenean bidalitakoa ematen zuela, hitzez hitz, 69300-ak idatzi zuen bezalaxe. Benetako txostenaren fotokopia bezalakotsua zen. Beraz, bidezkoa litzateke pentsatzea hantxe gertatu zela filtrazioa, baldin eta txostenean zenbait puntu agertu izan ez balira. Puntu haiei hemen bakarrik antzeman zekiekeen, txostena hemengo gure agiriekin alderatuz, hain zuzen ere.

        — Eta idazkariren bat? —iradoki zuen Percivalek.

        — Haietxek izan ziren Daintryk ikertu zituen aurrenekoak, ezta? Idazkarien nondik-norakoak beste inorenak baino sakonago aztertu ohi dira. Horrek Watson, Castle eta Davisengana garamatza zuzen-zuzenean.

        — Kezkatuta nauka —adierazi zuen Daintryk— Davisek bulegotik txosten bat atera nahi izateak. Pretoriako bat. Itxuraz, garrantzirik gabea zen, baina txinatarren ikuspegia azaldu ere azaltzen zen bertan. Davisek esan zuen berriro irakurri nahi zuela bazkaldu bitartean, Castlek eta biok Watsonekin horretaz eztabaidatu ahal izateko. Watsonekin hitz egin nuen Davisek esandakoa egiaztatzearren.

        — Eta zure ustez zer egin dezakegu?

        — Segurtasun handiko kontrol bat ezar dezakegu M5-aren eta sail berezien laguntzaz. 6. Saileko langile guztientzat. Gutunak, telefono-deiak, mikrofono ezkutuak euren etxeetan, euren joan-etorri guztien segimendua.

        — Gauzak hain errazak balira, Daintry, ez zintudan gogaituko honaino etorraraziz. Gaurko ehizaldia bigarren mailakoa besterik ez da izan eta nik banekien, ondotxo jakin ere, faisaiek ez zintuzketela asebeteko. —Hargreavesek bi eskuez altxatu zuen hanka eria, eta sutondo aurrean ezarri zuen, erosoago egon nahirik—. Eman dezagun begi bistan geratzen dela Davis dela erruduna. Edo Castle, edo Watson... Zer egingo genuke orduan?

        — Hori epaimahaiaren esku geratuko litzateke —esan zion Daintryk.

        — Egunkarietako tituluak. Ateak itxitako beste epaiketa bat. Gu izan ezik, inor ere ez litzateke ohartuko filtrazioak ez zeukala garrantzirik batere. Zein ere den, ez liokete berrogei urteko kartzela-zigorra ezarriko, Blakeri bezala. Beharbada, hamar urte egingo lituzke barruan, eta hori kartzelara joango balitz, noski.

        — Hori ez da gure ardura.

        — Ez jakina, Daintry. Baina epaiketaren kontu hori ez zait batere gustatzen. Eta zer-nolako laguntza emango ligukete gero estatubatuarrek? Gure informazio-emailea, gainera, ez da bere postutik mugitu oraindik. Ezin dugu laguntzaile hori erre, baliagarri zaigun bitartean.

        — Neurri batean —esku hartu zuen Percivalek—, hobe litzateke begiak ixtea, bere emaztearen fideltasunik eza onartzen duen senarraren gisara. Alegia, filtrazioa egin duen pertsona, edozein delarik ere, arriskurik gabeko sail batera bidal dezakegu. Hitz batean esanda, auzia ahaztu.

        — Eta delitua ezkutatu? —protesta egin zuen Daintryk.

        — A, delitua! —Percivalek irri egin zion C-ri, konspiraziokideak bailiran—. Denok inoiz egin izan dugu delituren bat edo beste, ez da horrela? Halakoxea da gure lanbidea.

        — Arazoa da —berriro ekin zion C-k— egoera hori koloka dagoen ezkontzaren modukoa dela: amorantea gogaitzen hasten bada senarrak behin eta berriro itsuarena egiten duelako, eskandalu bat eragin lezake beti. Berak ditu irabazteko guztiak. Bere esku dago une egokia aukeratzea. Nik, ordea, ez dut inolako eskandalurik nahi.

        Daintryk arinkeria gorrotatzen zuen. Arinkeria halako kode sekretu bat zen berarentzat; haren giltzarria, haatik, ez zegoen bere jabetzen artean. Mezu eta txosten «ultrasekretuak» irakurtzeko eskubidea zuen. Hala ere, gisa hartako arinkeriak hain arrotz egiten zitzaizkion, ezen ez baitzuen halakorik ulertzeko inolako modurik.

        — Nik neuk —esan zuen— nahiago dut neure kargua bertan behera utzi horrelako auziren bat ezkutatu baino —hainbesteko indarrez ezarri zuen whisky edalontzia mahaian, ezen pitzatu baitzuen. Berriro lady Hargraves, pentsatu zuen. Seguru asko, bera setatu da kristalezko edalontziekin—. Sentitzen dut —xuxurlatu zuen.

        — Bai jakina, arrazoia duzu, Daintry —onartu zuen Hargreavesek—. Ez estutu edalontziagatik. Ez ezazu pentsa, mesedez, honaino ekarri zaitudanik auzia lurperatzea onena dela zuri sinestarazteko. Hala ere, aski froga daukagu... Baina epaiketak ez du zertan konponbiderik egokiena izan. Eskuarki, errusiarrek ez dute beretarrik epaitzen. Penkovskyren kasuak morala sendotu zigun. Haiek Penkovskyren kasuari garrantzi gehiegi eman zioten, CIAk bezala. Oraindik ere neure buruari galdetzen diot zergatik egin ote zuten epaiketa. Xake-jokalaria izan nahi nuke. Zuk ba al dakizu xakean, Daintry?

        — Ez, bridgea nahiago dut.

        — Errusiarrek ez dute bridgean jokatzen, nik dakidala behintzat.

        — Eta hori garrantzitsua al da?

        — Guztiok ere jokoan dihardugu, jokoan, Daintry, guzti-guztiok. Jokoa ez dugu serioegi hartu behar, galtzeko arriskua areagotzen baita bestela. Malgutasunez jardun behar dugu; garrantzitsua da, gainera, denok joko berean aritzea, noski.

        — Sentitzen dut, jauna, —esan zuen Daintryk—, baina ez dakit zertaz ari zaren.

        Daintryk bazekien whisky gehiegi edana zuela, baita C-k eta Percivalek ez ziotela nahita elkarri begiratzen, ez baitzuten Daintry lotsagarri utzi nahi. Enigmatikoak dira, pentsatu zuen, oso enigmatikoak.

        — Edan dezagun beste whisky bat —esan zuen C-k—. Edo agian ez. Oso egun luzea eta bustia izan da gaurkoa. Percival?

        — Nik beste bat hartuko nuke gustura —aitortu zuen Daintryk. Percivalek edalontziak bete zituen—. Barkatu neureari eusten badiot, baina gauzak argiago izan nahi nituzke oheratu aurretik. Ezingo dut lorik egin bestela.

        — Egia esanda, oso erraza da funtsean —laburbildu zuen C-k—. Eman dezagun zuk ezartzen duzula segurtasun handiko kontrol bat. Baliteke txoria hegan hastea besterik gabe. Berehala ohartuko da zer gertatzen den... erruduna baldin bada, esan nahi dut. Trikimailuren bat erabili behar duzu: bilete markatuaren prozedura zaharrak oso gutxitan egiten du kale. Gure gizona zein den erabat argi dagoela uste dugunean, hura garbitu besterik ez dugu, publizitaterik eta epaiketarik gabe. Eta hori gertatu aurretik argibiderik lortzen baldin badugu bere kontaktuei buruz, hobe. Baina ez dugu arriskurik hartu behar: ezin du bat-batean ihesik egin, geroago Moskun prentsaurreko bat emateko. Atxilotu ere ezin dugu egin. 6. Sailean dagoela ziurtzat jotzen badugu, besteei helaraz diezaiekeen informazioak kalte gutxiago eragingo du epaiketak berak piztuko duen eskandaluak baino.

        — Garbitu? Zera esan nahi duzu...?

        — Badakit inor garbitzea aski berria dela guretzat. KGBren edo CIAren jardunbidetik hurbilago dago. Horrexegatik nahi nuen Percival hemen egotea zu ezagut zintzan. Bere zientzia-mutilen laguntza behar izango dugu agian. Ez litzateke beste munduko gauza izango. Sendagilearen egiaztagiri bat. Eta, ahal dela, inolako ikerketa judizialik gabe. Suizidioa oso erraza da, baina beti sumario bat irekitzea ekarriko luke. Era berean, baliteke hori dela eta ez dela Parlamentuko galdera-saio bat egitea. Gaur egun, jende guztiak badaki zer den «Foreign Office»ko sail bat. «Tartean ba al zegoen segurtasunarekin lotutako gairik?» Badakizu zer-nolako galderak egiten dituzten zenbait diputatuk. Eta inork ez du bertsio ofiziala inoiz sinesten. Eta are gutxiago estatubatuarrek.

        — Bai —esan zuen Percivalek—, primeran ulertzen dut. Indarkeriarik erabili gabe hil behar du gizajoak, inolako oinaze barik. Batzuetan mina begitartean isladaturik agertzen da eta bere senideak kontuan hartu behar ditugu. Berez gertatutako heriotza bat...

        — Badakit ez dela erraza merkatuan antibiotiko asko eta asko daudelako —iritzi zion C-k—. Une batez eman dezagun Davis dela gure gizona. Aspaldi ez da berrogei urte bete dituela. Bizitzaren lore-lorean dago.

        — Bat nator zurekin. Beharbada bihotzeko bat molda dezakegu. Zera ez badu... Inork ba al daki asko edaten duen?

        — Zuk, Daintry, Porto ardoa aipatu duzu lehenago, ezta?

        — Baina ez dut esan erruduna denik —kontra egin zuen Daintryk.

        — Inork ez du horrelakorik esan —erantzun zuen C-k—. Davis adibidetzat baino ez dugu hartu, arazoa aztertzeko lagungarri izango zitzaigulakoan.

        — Haren historia klinikoa ikusi nahi nuke —adierazi zuen Percivalek—. Eta ezagutu ere ezagutu nahi nuke, edozein aitzakia erabiliz. Nolabait haren medikua izango naiz, ezta? Alegia, baldin eta...

        — Daintry eta zure artean konponduko duzue kontu hori. Ez du presa handirik. Lehenbizi erabat ziur egon behar dugu hura dela gure gizona. Eta orain... Eguna luzea izan da... Erbi gehiegi eta faisai gutxiegi. Ondo lo egin. Gosaria ohera eramango zaizue. Arrautzak hirugiharrarekin? Saltxitxak? Tea ala kafea?

        — Egunkariak, kafea, hirugiharra, arrautzak eta saltxitxak, ahal bada —onartu zuen Percivalek.

        — Bederatzietan?

        — Bederatzietan.

        — Eta zuk, Daintry?

        — Kafea eta ogi xigorra, besterik ez. Zortzietan puntu-puntuan, axola ez bazaizue. Ez dut oso berandura arte lo egiteko ohiturarik. Bihar, gainera, lan handia izango dut zain.

        — Lasaiago hartu beharko zenuke —aholkatu zion C-k.

 

 

3

 

        Daintry koronela bizarra mozteaz neurriz gain arduratzen zen. Afaldu baino lehen bizarra moztu bazuen ere, bere Remington-a berriro hartu eta aldenik alde ibili zuen kokotsean gaindi. Bizar-hauts apur bat konketara botata, hatz-puntaz ukitu zuen; horrela, arrazoizkoa iruditu zitzaion bere bizarraz sentitzen zuen kezka. Gero, hortz-eskuila elektrikoa entxufatu zuen. Horrek eragiten zuen burrunba txikia aski izan zen atean entzun zen ukaldi xumea itotzeko. Hori zela eta, erabat harrituta geratu zen atea ireki eta Percival doktorea zalantzakor gelara sartzen zela ispiluan ikusi zuenean.

        — Ez nizuke enbarazurik egin nahi.

        — Sartu barrura. Zerbait maletan sartzea ahaztu al zaizu? Nik uzteko moduko zerbait?

        — Ez, ez. Zurekin unetxo batez hitz egin nahi nuen oheratu aurretik. Dibertigarria da zure tramankulu hori. Oso modernoa ere bada, gainera. Egia al da hortz-eskuila arrunta baino hobea dela?

        — Ura hortzen artetik igarotzen da —azaldu zuen Daintryk—. Haginlari batek aholkaturik erosi nuen.

        — Horretarako, nik zotz bat eramaten dut beti aldean —Percivalek Cartierren sinadura zeraman kutxatila gorri bat atera zuen poltsikotik—. Polita, ezta? Hamazortzi kilate. Aitak erabili zuen nik baino lehenago.

        — Uste dut tresna hau higienikoagoa dela —esan zuen Daintryk.

        — Ni ez nago horren ziur. Hau erraz garbitzen da. Gure negozio honetan hasi aurretik, Harley kalean eta horrelako lekuetan medikuntza orrokorrean jardun nuen, bazenekien? Ez dakit zer nahi zuten nigandik hemen... Beharbada, heriotza-egiaztagiriak izenpetzea —gelan zehar zebilen, gauza guztiek arreta erakartzen ziotela—. Espero dut zu erori ez izana fluoroaren moda ergel horretan —argazki baten aurrean gelditu zen, zeina komodaren gainean eta marko tolesgarri baten barruan kokatuta baitzegoen—. Zure emaztea?

        — Ez. Alaba.

        — Polita da.

        — Nire emaztea eta biok bananduta gaude.

        — Ni ez naiz behin ere ezkondu —adierazi zuen Percivalek—. Egia esan behar badizut, inoiz ez zaizkit emakumeak gehiegi interesatu. Ez gaizki ulertu... Gizonak ere ez. Aldiz, amuarrainez betetako ibai bat... Aube erreka ezagutzen al duzu?

        — Ez.

        — Oso arrain handiak dituen erreka txiki bat da.

        — Egia esanda, arrantza ez zait sekula gehiegi interesatu —Daintry bere tresna elektrikoa garbitzen hasi zen.

        — Itzulika-mitzulika nabil, ezta? —esan zuen Percivalek—. Ezin naiz inoiz zuzenean harira joan. Hau ere arrantza bezalakoa da: batzuetan beharrezkoa izaten da haria hamaika aldiz gaizki jaurtitzea, eulia ondo kokatu aurretik.

        — Ni ez naiz arraina eta gauerdia atzean utzi dugu dagoeneko —eten zion Daintryk.

        — Aizu lagun, benetan sentitzen dut. Agintzen dizut ez dizudala minutu bat baizik kenduko. Izan ere, ez nuen nahi zu kezkatuta oheratzerik.

        — Ni kezkatuta nengoen ala?

        — C-ren jarrerak apur bat asaldatu zaituela iruditu zait. Orokorrean ari naiz.

        — Bai, baliteke hala izatea.

        — Denbora gutxi daramazu gurekin, bestela jakingo zenuke zein neurritaraino bizi garen bakoitza bere konpartimentuan isolaturik, bai, isolaturik.

        — Oraindik ez dizut ulertzen.

        — Bai, hori lehenago ere esan duzu, ezta? Den-dena ez da zertan ulerturik gure lanbide honetan. Ikusten dudanez, Ben Nicholsonen logela eman dizute.

        — Nik ez...

        — Ni Mirorenean nago. Litografia onak, ezta? Egia esateko, ideia nirea izan zen... Dekorazio honetaz ari naiz. Lady Hargreavesek kirol-grabatuak nahi zituen, faisaiekin ongi emango zutelakoan.

        — Nik ez dakit gehiegi pintura modernoaz —esan zuen Daintryk.

        — Begiratu bat egin Nicholsonen horri. Hau da buru-argiz egindako oreka! Laukiak ondo nabarrak dira baina, hala ere, elkarrekin bizi dira eta pozik, gainera. Ez diote elkarri estropezurik egiten. Gizon horrek sen miragarria du. Kolore bakar bat aldatuz gero, edo areago, lauki bakar baten neurria, eta den-dena alferrekoa izango litzateke... (Lauki hori bat eskuaz seinalatu zuen Percivalek). Hauxe da zure saila, 6.A. Hauxe izango da zure laukia hemendik aurrera. Ez duzu zertan kezkaturik ez urdinaz ez gorriaz. Gure gizona atzeman besterik ez duzu, eta gero niri esan. Zuk ez duzu inolako erantzukizunik lauki gorrian edo urdinean gertatzen denari buruz. Izatez, horian gertatzen dena ere ez da zure ardura. Informazioa eman behar duzu, besterik ez. Bihotz-zimikorik gabe. Barreneko kezkarik gabe.

        — Ekintza batek ez du inolako zerikusirik eragiten dituen ondorioekin... Horixe da esan nahi didazuna, ezta?

        — Ondorioak beste nonbait erabakitzen dira, Daintry. Ez duzu gaur gaueko solasaldia oso aintzat hartu behar. C-k atsegin du ideiak gora botatzea, gero nola erortzen diren ikusteko. Gogoko du jendea asaldatzea. Ezagutzen duzu gizajaleen pasadizoa. Nik dakidala, erruduna, errudunik bada, poliziaren eskuetan jarriko dute, ohikoa denez. Lasai lo egin dezakezu, beraz. Baina saia zaitez litografia hau ulertzen. Lauki horia, batez ere. Kontu hau nire begiez ikusteko gauza bazina, gaur primeran lo egingo zenuke.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia