Bigarren atala

 

        Normalean Castle garaiz iristen zen Euston-eko geltokira arratsaldeko zazpiak hogeita bost gutxiko trena hartzeko. Eta tren horrexek Berkhamsted-en uzten zuen arratsaldeko zazpiak eta hamabian. Geltokian bizikleta izaten zuen zain: txartelak biltzen zituen enplegatuak, haren aspaldiko ezagunak, bizikleta zaintzen zion. Gero, pedalei eraginez, biderik luzeenetik joaten zen etxera: kirola egin nahi zuen, eta, beraz, ubidearen zubitik igarotzen zen; horren ondoren, Tudor estiloko eskolaren ondotik pasatu, eta High Street-eraino heltzen zen; atzean uzten zuen harri grisezko eliz parrokia (gurutzatu baten kasketa gordetzen zuena), eta Chilterns-eko aldapa igonik, King's Road-erantz jotzen zuen, hortxe bizi baitzen etxetxo erdiadosatu batean. Londrestik deitzen ez bazuen berandu iritsiko zela esateko, normalean arratsaldeko zazpi eta erdietarako etxean izaten zen. Astia izaten zuen semeari gabon esateko eta whisky bat edo bi hartzeko, baina ez gehiagotarako, zortzietan afaltzen baitzuen.

        Ohiko gauzek garrantzi handia dute lanbide arraroetan. Beharbada, horrexegatik nahiago izan zuen jaioterrira itzuli, Hegoafrikatik etorri ondoan. Berriro ikusi nahi zituen sahats apalen azpian zihoan ubidea, eskola eta gazteluaren azken aztarnak. Behiala, gaztelu hark ospe handia bildu zuen Frantziako Luis printzearen setioari eutsi ziolako. Tradizioaren arabera, Chaucerrek zuzendu zituen gaztelua eraikitzeko lanak eta, auskalo, beharbada artisauetako bat Clastleren arbasoa izan zen. Orain ez zen besterik geratzen baizik eta zenbait mendi koxkor belartsu eta harrizko murrailaren metro batzuk, ubide eta trenbide aldera begira zeudenak. Harantzago, hiritik irteteko errepide bat zegoen, arantzez eta gaztainondo espainiarrez osaturiko hesiak zituena alboetan, eta handik aurrera herri-lurraren askatasuna nagusitzen zen. Aspaldi, hiri hartako biztanleek borroka egin zuten euren abereek auzo-lur haietan bazkatzeko eskubidearen alde; dudatzeko zen, ordea, XX. mendean animaliek -untxiek eta ahuntzek salbu-, zerjanik aurkituko zutenik iratze, otabera eta otaken artean.

        Clastle haurra zelarik, baziren oraindik herri-lurrean Lehenengo Mundu Gerrako lubaki zaharren aztarnak. Lubaki haiek buztin gorri astunean egin zituzten Abokatuen Eskolako eskualdeko zentrokoek, hau da, Belgikara edo Frantziara unitate ortodoxoagoetako partaide gisa hiltzera joan aurretik Berkhamsted-en lan egiten zuten abokatu gazteek. Ez zen oso segurua inguru haietan noraezean ibiltzea, lubaki zahar haiek egiteko lurra zenbait oinetaraino zulatu behar izan zutelako, «Old Contemptibles» zirelakoen taldeak Ypres-en inguruan egindako lubaki hasierakoen ereduari jarraiki. Inguru haiek ezagutzen ez zituenak bazuen arriskua zulo batean erori eta hanka bat hausteko. Haurtzaroa hantxe eman zutenak, ordea, askatasun osoz zebiltzan, harik eta inguru haien akordua oroimenetik ihes egiten hasi zitzaien arte. Arrazoiren bat zela medio, Castlek ez zuen inoiz ahaztu inguru hura eta, batzuetan, opor egunetan, Sam eramaten zuen eskutik helduta, ezkutaleku ahaztuak eta herri-lurraren arrisku ugariak ikus zitzan. Hamaika borroka egina zen bera hor gerrillari gisa, aurrean etsai beldurgarriak zituela! Eta hara hor berriro gerrillarien garaia heldua eta ametsak egia bihurturik. Haren bizi-ingurua hain zuen etxekoa, ezen preso batek goitik behera ezagutzen duen kartzelara itzultzerakoan antzeko segurtasuna sentituko baitzuen.

        Castlek bizikleta bultzatu zuen King's Road-eko aldapan gora. Ingalaterrara etorri ondoan, etxea erosi zuen kooperatiba inmobiliario batek eman zion laguntzari esker. Momentuan bertan ordaindu balu, dirua aurreztuko zuen, baina inguruan zituen irakasleen antzekoa zela pentsarazi nahi zuen; haiek irabazten zuten soldatarekin ez zuten ezer aurrezteko aukerarik. Horrexegatik zeukan etxean, ataburuaren gainean, kolorezko beirate handia, Zaldun Irribarretsuaren irudia zuena. Ez zitzaion gustatzen, odontologia oroitarazten ziolako: Londres ez beste hirietan, koloretako beirateak ezarri ohi dira inork kanpotik ikus ez ditzan haginlarien kontsultategietako jarlekuaren gainean gertatzen diren estualdiak. Baina, kasu hartan ere, beirateek haren auzokideei trabarik egiten ez zienez, euren horretan uztea erabaki zuen. King's Road-eko irakasleek gogotik eusten zieten North Oxford-eko irizpide estetikoei, han irakasle horietariko askok haien tutoreekin garai batean tea hartzen baitzuten. Castleren bizikletak ere ondo emango zuen giro hartan, Banbury Road-en, ezkaratzean, eskailerapean.

        Atea ireki zuen yale giltza bat erabiliz. Behin edo behin bururatu zitzaion sarraila galkatu bat edo St. James kaleko Chubb's-en erositako zerbait oso berezi ipintzea, baina azkenean bertan behera utzi zuen asmo hori: bere auzokideek nahiago zituzten yale giltzak eta, gainera, azken hiru urteotan lapurretarik hurbilena Boxmoor-en gertatu zen; horrek aitzakia guztiak kentzen zizkion. Ezkaratzean ez zegoen inortxo ere; atea irekita baitzegoen, ikusi zuen egongela ere antzera zegoela; ez zen inolako zaratarik entzuten sukaldean. Berehala ohartu zen whisky botila ez zegoela prest sifoiaren ondoan, arasaren gainean. Anitz urtetako ohitura bat hausten zen horrela, eta Castle estutu egin zen, zomorro baten eztenak xixtatua bezala. Sarahri deitu zion baina ez zuen erantzunik jaso. Zutik jarraitu zuen egongelako ate ondoan, euritakontziaren alboan; begiratu azkarrak luzatu zizkion leku ezagun hari, eta funtsezko xehetasun batez ohartu zen: whisky botila. Arnasari eutsi zion. Bertaratu zirenetik, ziur zegoen egunen batean zoritxarreko patuaren eskuetan egongo zirela, eta horrelakorik gertatuz gero, izua gainditu behar izango zuela. Lehenbailehen alde egin beharko zuen, Sarah eta bien arteko elkarbizitzaren alde bat ere berregiteko ahaleginik txikienik ere egin ezinik. «Judean direnek babeslekua bilatu behar dute mendietan...» Arrazoiren bat zela medio, Altxor Publikoaren Sailean zuen lehengusu hura etorri zitzaion burura, bera babes zezakeen kutuna edota zoriona ekarriko zion zinginarria bailitzan. Gero, goiko pisutik zetozen ahotsak eta Sarahren oin-hotsak eskaileran behera aditzean, berriro hartu ahal izan zuen arnasa lasai.

        — Ez zaitut sentitu etxean sartzen, laztana. Barker doktorearekin hizketan ari nintzen.

        Eta, haren atzetik, Barker doktorea bera azaldu zen: berrogeita hamar urte inguruko gizona, marrubi itxurako orban distiratsu bat ezkerreko masailean. Errauts koloreko jantzi bat zeukan, txaketaren goiko poltsikoan bi idazluma agerian zituena (bietako bat eztarriak aztertzeko linterna zen, beharbada).

        — Zer gertatzen da?

        — Samek elgorria du, laztana.

        — Laster sendatuko da —esan zuen Barker doktoreak—. Lasai egon dadila. Argi gehiegirik gabeko toki batean.

        — Whiskyrik bai, doktorea?

        — Ez, eskerrik asko. Bi bisita gehiago egin behar ditut oraindik eta dagoeneko berandu noa afaltzera.

        — Eta non kutsatu ote da?

        — Gaitza oso zabalduta dago. Zaude lasai, ez da batere larria.

 

        Doktorea joandakoan, Castlek musu bat eman zion bere emazteari. Sarahren ile beltz gogorra haztatu zuen eta haren masail jasoak eskuztatu. Aurpegi beltza ukitu zion haren ezaugarriei antzemanez, turista zurientzako hotel bateko eskaileren bazterretan elkar gainka zeuden eskultura zarpailen artean irudi on bat aurkitu izan balu bezala. Castlek bere buruari baieztatu nahi zion munduan gehien maite zuen hark bere hartan zirauela. Egunaren hondarrean beti iruditzen zitzaion urteak zeramatzala etxetik kanpo, Sarah babesik gabe utzita. Hala ere, hemen ez zion inori axola bere emaztearen odol afrikarrak. Era berean, ez zegoen euren artekoa arriskuan jartzeko moduko legerik. Seguru zeuden... egon zitezkeen bezainbatean.

        — Zer duzu? —galdegin zion Sarahk.

        — Kezkatuta egon naiz. Gaur gauean, hona sartu naizenean, iruditu zait ezer ez zegoela bere lekuan. Zu ez zeunden hemen, whiskya ere ez...

        — Erro sendoko ohiturak dituzu zuk gero!

Bere kartera husteari ekin zion Castlek, Sarahk whisky bat prestatzen zion bitartean.

        — Hortaz, ez dugu zertaz kezkaturik? —jakin nahi izan zuen Castlek— Ez zait sekula gustatu sendagileen hizkera, bereziki lasaitasuna zabaldu nahi dutenean.

        — Ez, ez dugu zertaz kezkaturik.

        — Igoko naiz Sam ikustera?

        — Orain lo dago. Hobe duzu ez itzartzea. Pilula bat eman diot.

Castlek apal batean ezarri zuen Clarissa Harlowe liburu-bildumaren lehenengo liburukia.

        — Amaitu duzu?

        — Ez, eta, gainera, ez dut uste inoiz amaituko dudanik. Bizitza laburregia da.

        — Ba nik betidanik pentsatu dut liburu luzeak gogoko zenituela.

        — Gerra eta Bakea liburuarekin saiatuko naiz, berandu gabe.

        — Liburu hori ez daukagu.

        — Bihar erosiko dut.

        Sarahk zehatz-mehatz neurtua zuen whisky laukoitz bat, Ingalaterrako puben irizpideei jarraiki. Castlek edalontzia oraturik zeukan bitartean, Sarahk bere gizonaren hatzak estutu zituen basoaren inguruan, beste inork deskodetu ezin zezakeen mezu bat bailitzan. Beste inork ez zekien zenbat edaten zuen Castlek. Eskuarki, lankide nahiz ezezagun batekin tabernan egoten zenean ez zuen edaten garagardoa baino edari gogorragorik. Bere lanbidean, alkoholismoaren aztarnarik txikiena ere susmagarria izan zitekeen. Bestalde, Davis zen zurrutari kezkarik gabe ematen zion bakarra, inork ikusiko ote zuen axolatu gabe; inondik ere, lañotasun akasgabe baten jabe zela uste izateak ematen zion ausardia hori. Hegoafrikan bizi zela, Castlek betiko galdu zituen ausardia eta lainotasuna, okerrena noiz gertatuko zain zegoen bitartean.

        — Berdin al zaizu zerbait hotza afaltzen badugu? Arratsaldea guztian Samek ez dit eman ixtant bateko atsedenik ere.

        — Bai, jakina.

        Castlek soina inguratu zion beso batez. Euren arteko maitasunaren sakontasuna whisky laukoitza bezain misteriotsua zen. Beste inorekin horretaz hitz egitea arriskuari dei egitea bezainbestekoa izango zen. Maitasuna guztiz arriskutsua zen. Hala aldarrikatu zuen betidanik literaturak. Tristan, Ana Karenina, are Lovelaceren sentsualitatea: Clarissa-ren azken liburukia begiz joa zuen. «Nik atsegin dut neure emaztea», hori baino gehiagorik ez zion inori sekula santan aitortu, ezta Davisi ere.

        — Ez dakit zer egingo nukeen zu gabe —esan zuen Castlek.

        — Orain egiten duzun gauza bera, ez gehiago ez gutxiago. Bi whisky bikoitz hartuko zenituzke afaldu aurretik, arratseko 8etan.

        — Iritsi naizenean ez zaitut aurkitu whiskya eskuan; horrexegatik izutu naiz.

        — Zeri zenion beldur?

        — Bakarrik egoteari. Davis gizajoak bere etxearen hutsa baino ez du zain.

        — Baliteke beste zerbaitek poza ematea.

        — Segurtasun-sentsazioa da nire poz bakarra.

        — Hain arriskutsua al da kanpoko bizitza? —Sarahk whisky zorrotada batzuk zurrupatu zituen Castleren edalontzitik eta musu bat eman zion ahoan, ezpainak J&B-ez bustita zituela.

        Castlek beti erosten zuen J&B, haren kolorea zela eta. Inork ez zuen pentsatuko marka horretako edalontzi bete whisky, soda pitin batez lagundurik, gogorragoa izan zitekeenik beste marka bateko edalontzi erdi whisky baino. Sofaren ondoko mahaiko telefonoak jo zuen. Castlek hartu zuen.

        — Esan! —erantzunik ez beste aldean—. Esan! Bat, bi, hiru, lau —zenbatu zuen bere baitan.

        Deia beste aldetik eten zutela oharturik, eskegi zuen telefonoa.

        — Inor ez ala?

        — Zenbakiz nahastuko ziren edo.

        — Dagoeneko hirugarren aldia dugu hilabete honetan. Bulegoan berandu arte geratu zarenean gertatu da beti. Ez al duzu uste lapurren bat izan daitekeela etxean inor ba ote dagoen jakin nahi duena?

        — Guk ez dugu ezer lapurtzea merezi duenik.

        — Hain dira izugarriak, laztana, han-hemen irakurtzen diren pasadizoak: galtzerdi batez aurpegia estalita daramaten gizonak... Gorroto dut ilunabarraren osteko unea, zu etorri aurrekoa.

        — Horrexegatik erosi nizun Buller. Non dago baina?

        — Lorategian, belarra jaten. Kalte egin dio zerbaitek. Gainera, badakizu nolakoa den ezezagunekin: losentxetan ibiltzen zaie.

        — Dena den, jakingo luke bidea eragozten galtzerdi batez mozorrotutako bati.

        — Pentsatuko luke berari atsegin egitearren darabilela lapurrak janzkera hori. Gogoratu Gabonetako... paperezko kapelekin.

        — Buller erosi aurretik uste nuen boxerrak txakur ikaragarriak zirela.

        — Eta badira... baina katuekin.

        Kirrinka bat entzunda, Castlek di-da begiratu zuen aterantz: handik azaldu zen Bullerren lauki itxurako mutur beltza atea aldenik alde irekitzen ari zela. Orduan, txakurrak, patata-zaku baten antzera jaurtiki zuen bere gorputza Castleren hankatartearen kontra. Castlek, ordea, saihestu egin zuen oldarra.

        — Etzan, Buller, etzan —lerde-hari luze bat irristatu zen Castleren praketako hankaldean behera—. Hau losentxetan ibiltzea bada, edozein lapurrek emango lioke lasterrari, deabrua atzetik bailuen.

        Txakurra zaunka hasi zen, gogotik hasi ere, eta aldi berean hankak astindu zituen, arkakusoak balitu bezala, atzerantz egiten zuen bitartean, ate aldera.

        — Buller, geldi.

        — Paseo bat egin nahi du, besterik ez.

        — Orain? Arestian ez didazu esan ba gaixorik zegoela?

        — Badirudi belarrik aski jan duela.

        — Geldi, Buller, alua. Gaur ez dago paseorik.

        Buller astunki etzan zen, lerde-aztarnak parketaren gainean utziz, hartutako nahigabearen aringarri, nonbait.

        — Gaur goizean, kontagailua ikustera etorri den gizonari susto ederra eman dio. Azken batean, Bullerrek atsegina izan nahi zuen, besterik ez.

        — Baina, gizon horrek ezagutzen du Buller.

        — Gaurkoa berria izan da.

        — Berria? Zer dela eta?

        — Eskuarki etorri ohi denak gripea omen du.

        — Eskatu al diozu agiririk?

        — Bai, jakina. Orain zu al zara lapurrei beldur diena? Aski da, Buller, aski. —Bullerrek gogotsu miazkatzen zituen bere alderdiak, zinegotzi batek zopa hartzerakoan erakutsi ohi duen bezainbesteko grinaz, hain zuzen ere.

        Castle, txakurraren gainetik igarota, ezkaratzera joan zen. Kontagailua arreta handiz aztertu zuen eta, ezer arrarorik antzeman ez zionez, egongelara bueltatu zen.

        — Zerbaitek kezkatzen zaitu?

        — Ez, ez da ezer. Gaur zerbait gertatu da bulegoan. Segurtasun Zerbitzuetako handi usteko morroi bat etorri da. Sutan jarri nau... Hogeita hamar urte baino gehiago daramatzat Etxean eta dagoeneko fidatu beharko lukete nitaz. Hurrengo batean, biok elkarrekin bazkaltzera joaten garenean, patrikak miatuko dizkigute. Izan ere, dagoeneko kartera ere arakatu didate.

        — Izan zaitez zuzena, laztana. Errua ez da haiena, lanbidearena baizik.

        — Beranduegi da lanbidez aldatzeko.

        — Inoiz ez da beranduegi —esan zuen Sarahk. Hala ere, Castlek biziki sentitu zuen hura sinetsi ezina.

        Okela hotzaren bila zihoala, beste musu bat eman zion Sarahk, sukaldera bidean, bere paretik igarotzerakoan.

        Biak berriro eseri zirenean, eta Castlek beste whisky bat beretzat prestatu zuelarik, Sarahk hau esan zion:

        — Txantxak alde batera utzita, gehiegi edaten ari zara.

        — Etxean bakarrik. Hemen ez nau inork ikusten, zuk izan ezik.

        — Ez nintzen zure lanaz ari, zure osasunaz baizik. Bost axola niri zure lana.

        — Ez zaizu axola, benetan?

        — Foreign Officeko sail bat! Denok dakigu zer esan nahi duen horrek. Zuk, ordea, ahoa ezin irekirik bizi behar duzu, gaizkile baten modura. Niri, zure emazteari, kontatuko bazenit gaur zer egin duzun, kalera botako zintuzkete. Hori gertatuko balitz, poztu egingo nintzateke. Gaia atera denez, zer egin duzu gaur?

        — Davisekin marmarka aritu naiz, zenbait ohar idatzi ditut txartel batzuetan, telegrama bat bidali dut... a! eta Segurtasuneko funtzionario berriarekin solasaldi bat izan dut! Lehengusua ezagutu zuen Corpus-en egon zenean.

        — Zein lehengusu?

        — Roger.

        — Altxor Publikoaren Saileko esnob hori?

        — Bai.

        Oheratzera zihoala, Castlek galdetu zuen:

        — Igoko naiz orain Sam ikustera?

        — Jakina. Baina lo-zorroan egongo da.

        Buller atzetik abiatu zitzaion bonboi tankerako lerde-tanta bat ohe-estalkiaren gainean utzita.

        — Ene, Buller!

        Txakurrak astindu zuen oraindik dilindan zuen buztan-zatia, gorespen bat jaso izan balu bezala. Boxerra izanda ere, ez zen batere argia. Oso garesti erosi zuten, eta agian pedigri onegikoa izango zen.

        Haurra lo zegoen, zeharka, teka-zurezko ohean, berunezko soldadutxo-kutxa bat buruko gisa zuelarik. Oin beltz bat irteten zen izaren azpitik; bitartean, tanke-gidarien taldeko ofizial bat orekari eutsi nahirik ari zen haurraren hatzen artean. Castle so geratu zen, Sarahk umea egokiro ezarri, ofiziala jaso eta jauskari bat Samen izter batetik erreskatatzen zuen bitartean. Aditu baten trebeziaz zerabilen bere semearen gorputza, eta umeak lo-zorroan jarraitu zuen.

        — Badirudi azala oso beroa eta lehorra duela —azaldu zuen Castlek.

        — Zu ere horrelaxe egongo zinateke 39 graduko sukarra bazenu.

        Haurrak afrikar itxura handiagoa zuen bere amak baino. Gosete bateko argazki bat etorri zitzaion burura Castleri lipar batez: gorpu txiki bat, bere gorputzadarrak basamortuko hareetan zehar barreiaturik; handik hurbil, ostera, sai bat, aiduru.

        — Ene, horiek gradu askotxo dira gero!

        — Baina ez gehiegi ume batentzat.

        Castle beti harritzen zen Sarahk bere buruan zeukan konfiantza zela eta. Plater berri bat prestatzeko, ez zuen inongo sukaldaritza-libururik behar izaten eta sekula ez zitzaion ezer hausten esku artean. Haurra mugiarazi zuen gorputzaren albo baten gainean ezartzearren. Gero, di-da mantak antolatu zituen, Sam hoztu ez zedin. Haurrak, aldiz, ez zuen zirkinik ere egin.

        — Normalean sakon-sakon egiten du lo.

        — Amesgaiztoak dituenean izan ezik.

        — Zer, amesgaizto berririk izan du ala?

        — Ez, betiko bera. Zu eta biok trenean goaz eta bera bakarrik geratzen da. Geltokiko kai batean ezagutzen ez duen norbaitek besotik heltzen dio. Baina ez dugu zertan estuturik. Amesgaiztoak izateko sasoian dago. Nonbait irakurria dut amesgaiztoak gertatzen direla ikastetxearen mehatxuaz ohartzearekin. Haurtzaindegira joan beharrik izango ez balu, hobe. Arazoak izango ditu apika. Batzuetan ia-ia nahiago nuke hemen ere apartheid sistema indarrean bazenute.

 

        — Lasterkari ona da. Ingalaterran, kirolen batean gailenduz gero, akabo arazoak.

        Gau hartan, lehenengo loaldia egin ondoan, Sarah esnatu zen eta, ametsetan mamitutako zerbait bailitzan, honela esan zuen:

        — Arraroa da zuk Sam hainbeste maitatzea, ezta?

        — Arraroa? Maite dut, bai. Zergatik ez nuen maitatuko ba? Lo zeundelakoan nengoen.

        — Nola esan dezakezu «zergatik ez»? Azken batean, sasikume txiki bat besterik ez da.

        — Horrelaxe deitzen dio Davisek.

        — Davisek? Berak ez du jakingo...? —galdegin zuen beldurrez— Ziur zaude ez dakiela...?

        — Ez, ez zaitez estutu. Hitz horrekintxe izendatzen ditu haur guztiak.

        — Pozten naiz bere aita lur azpian, sei oinetara, egoteaz —esan zuen Sarahk.

        — Ni ere bai. Gizajoa! Beharbada azkenean zurekin ezkonduko zen.

        — Ez. Ni betidanik egon naiz zutaz maiteminduta, baita Sam sabelean nuenean ere. Sam gehiago da zurea bere benetako aitarena baino. Zutaz pentsatzen saiatzen nintzen harekin maitasuna egiten nuen bitartean. Halako arrain epel bat zen. Unibertsitatean Osaba Tom deitzen zioten. Sam ez da epela izango, ezta? Hotza edo beroa izango da baina sekula ez epela.

        — Zergatik hitz egin behar dugu orain kontu zahar horretaz?

        — Sam gaixorik dagoelako eta zu arduratuta zaudelako. Seguru ez nagoenean, gogora etortzen zait zer sentitu nuen kontu zahar horren berri eman behar nizula jakin nuenean, harako lehenengo gau hartan, mugaz haraindi, Lourenço Marques hirian, Polana hotelean. Hauxe pentsatu nuen: «Berriro jantziko da eta alde egingo du betiko». Baina ez zenuen halakorik egin. Bertan geratu zinen. Eta maitasuna egin genuen, Sam sabelean banuen ere.

        Hainbat urte pasata, hantxe zeuden biak, etzanda, isil-isilik, sorbaldaz ozta-ozta elkar ukitzen zutela. Castlek berekiko galdetu zuen ea ez ote zen horrela iristen zahartzaroko zoriontasuna, ezezagunen baten begitartean inoiz isladaturik ikusia zuena, hain zuzen ere. Hala ere, Castlek ondotxo zekien Sarah zahartzarora iritsi baino askoz lehenago hilko zela bera. Zahartzaroa ez zuten inola ere elkarrekin biziko.

        — Ez al dizu penarik ematen pentsatzeak ez dugula seme-alabarik izan?

        — Samekin badugu nahikoa ardura.

        — Benetan ari naiz. Ez al zitzaizun gustatuko guk ere geure seme-alabak izan bagenitu?

        Castle ohartu zen ezin zuela gaia luzaroago saihestu.

        — Ez —ebaki zuen.

        — Zergatik ez?

        — Ezin duzu bazter bakar bat ere nahasi gabe utzi. Sam maite dut zurea delako. Nirea ez delako. Izan ere, berari begiratuz gero, ez dut ezer nirerik ikusten, eta bai, ordea, zurerik. Ez dut betiko bizi nahi; nahiago dut moldea nirekin batera hausten bada.

 

 

 

"Graham Greene - Giza faktorea" orrialde nagusia